Sexu- eta genero-disidentzia eta itzulpena: 'Mari-mutil handi baten bluesa'ri buruzko azterketa baten laburpena
Artikulu honek itzulpenaren eta genero-identitate disidenteen arteko loturak mahaigaineratzea du helburu, master amaierako lan baten kronikaren bidez. Itzulpenaren teoria feministen bidetik kuir itzulpen-ikasketetara hurbildu, eta, Touryren itzulpen-arauen bidez, corpusaren zenbait elementu aztertu dira, makro-mailatik hasi eta mikro-mailara, pertsonaia nagusiaren autopertzepzioa, desira eta sexu-praktikak nola irudikatu eta itzuli diren erreparatzeko. Hizkuntza identitateak eraikitzeko eta errealitate berriei tokia egiteko ezinbesteko tresna da, eta itzulpenak asko du esateko.
Hasierakoak
Itzulpena, bitartekoa izatetik harago, tresna ere bada. Aurreko ikasturtean, gaian sakontzeko aukera eduki nuen, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, Itzulpena eta Kulturarteko Ikasketen Unibertsitate Masterrean. Honako hau MALaren kronika izango da: zehatzago, Leslie Feinberg autorearen Stone Butch Blues (1993) nobelaren euskarazko itzulpenaren azterketa deskriptibotik ateratako uzta. Corpusari eta itzulpena inguratzen duten elementuei erreparatuz, itzulpenen eta sexu- eta genero-identitate disidenteen arteko lotura marraztea izan da helburu nagusia, eta, xeheago, bollera identitatearen ingurukoak nola itzuli diren aztertzea. Esan bezala, ikerketa-lan luze baten laburpena da honako hau; ziurrenik, gauza asko bidean geratuko zaizkit kontatu gabe, eta gainetik aipatuko ditut beste hainbat.
Jakina da itzulpenak botere izugarria duela errealitatea ordezkatzerakoan, baita, neurri berean, bigarren plano batean geratzen den hori mahaigaineratzerakoan ere. Izan ere, generoarekin eta norberaren identitatearekin gertatzen den moduan, inguruko errealitateak baldintzatzen eta zeharkatzen du itzulpena, eta bada lotura hizkuntzaren, itzulpenaren eta identitatearen eraikuntzaren artean: hizkuntza boterearen tresna da, ez da ez neutroa ezta inozentea ere, eta haren bidez errealitatea adierazi eta munduak eraikitzen ditugu (Vidal Claromonte, 2008: 85).
Hitzen erabilera ez da neutroa izanen: identitate disidenteak aipatzen ditudanean, arau heterosexualetik kanpo dauden identitateez ari naiz. Beste era batera: arau hori bera ezbaian jartzen duten subjektuez. Hau da, gure hizkuntzak ematen dizkigun izendapenak baliatuz, subjektu hauetaz: bollerak, ez-binarioak, transak, marikak, kuirrak, mari-mutilak, soropilak, emazte-gizonak, mariokerrak, et al.
Corpusa
Azterketaren corpusak bi osagai nagusi ditu: Leslie Feinbergen Stone Butch Blues (1993) lanaren jatorrizko bertsioa, eta Fermintxo Zabaltzak egindako itzulpena, Mari-mutil handi baten bluesa (2018). Halaber, MALaren kontu teknikoengatik gehienbat, Stone Butch Blues (2021) lanaren gaztelaniazko itzulpena ere erabili nuen, corpus paralelo konparatibo gisa —hau da, konparatu bai, baina ondoriorik jaso gabe—.
Eleberriak Jess Goldbergen istorioa kontatzen digu, haren bizitzaren berrogei bat urte. Langile klaseko stone butch edo mari-mutil handi judua da Jess. Hala ere, genero-sistema binarioan sartzen ez diren pertsonaiak dira eleberriaren protagonistak: hain zuzen, genero-identitatea da istorioa eta pertsonaien bizitzak zeharkatzen dituen ardatza. Izan ere, Feinbergen eleberriak eragin handia izan zuen XX. mendeko Estatu Batuetako literaturan, eta sexu-genero arloan disidenteak garenon komunitateari eleberri kanoniko bat opari egin zigun.
Azterketaren metodologia, labur-labur
Azterketari heltzeko, itzulpen-ikasketa deskriptiboetako metodologia baliatu nuen. Lehenengo atala, marko teorikoa, hiru ardatzek osatu zuten: lehenik, itzulpen-ikasketa deskriptiboen kokapena; haien barruan, hiru azpiatal garatu nituen, hots, (1.1) Touryren itzulpen-arauak, (1.2) Genero- eta itzulpen-ikasketak, eta (1.3) Performatibitatea, identitate disidenteak eta itzulpena. Bigarrenik, bollera identitatearen errepresentazioari heldu nion: (2.1) Jatorrizkoaren testuingurua, (2.2) Bollera identitatea eta horrek dakarren maskulinitate-eredua, eta (2.3) Mari-mutil, femme eta stone butch identitateak. Hirugarrenik, itzulpena jaso zuen kultura-sisteman jarri nuen arreta, hau da, (3.1) Itzulpenaren testuingurua, (3.2) Identitateak xede-kulturan duen testuingurua, eta (3.3) Euskal literaturan egindako errepresentazioak.
Behin marko teorikoa osatuta, bigarren atal nagusiari ekin nion, hau da, azterketa deskriptiboari berari, Touryk ezarritako itzulpen-arauak ardatz. Lau azpiatal izan zituen: (1) Feinbergen eta Stone Butch Blues jatorrizkoaren ezaugarrien kokapena, (2) Gaztelaniazko itzulpenaren kokapena, (3) Euskarazko itzulpenaren hasierako araua eta aldez aurreko arauak —hots, itzultzailea, argitaletxea, itzulpenaren helburua, hartzaileak eta harrera aztertzeko atala—, eta (4) Corpusaren azterketa xehea, jarduerazko arauei erreparatuz. Halaber, corpusaren azterketa hori egiteko, arau matrizialei eta linguistiko-testualei erreparatu nien —batetik, azala, egitura eta atzeko azala; bestetik, itzultzailearen oharrak eta pertsonaien autopertzepzio- eta desira-adierazpen eta sexu-praktikak—.
Azterketaren hezurdura: itzulpen-arauak
Hainbat kultura-sistematan, itzulpenek posizio periferikoa dute, eta gauza bera gertatzen da sexu- eta genero-identitate disidenteekin: genero-arau hegemonikoek gobernatutako gizarte-sistema batean, periferian kokatzera behartuta gaude. Bertan kokatzeak diskriminazioa eta onarpen eza dakartza, baita arau horietara nahitaez egokitzea ere, norberaren gorputza eta desirak onartuak izateko. Kasu bietan, beraz, kultura-arau nagusiekiko harremanak eragin zuzena dauka itzulpenek zein identitate disidenteek duten tokian.
Gideon Touryk (1995) txertatu zuen arauen kontzeptua itzulpengintzaren diziplinan, ikusteko nola arau horiek itzulpena gobernatzen duten. Hala, Touryren arauek balio dute itzulpenaren inguruko faktoreak deskribatzeko, itzulpena dagokion testuinguruan kokatzeko eta itzultzaileak hartutako erabakiei erreparatzeko. Egindako azterketan, gainera, balio izan dute hautatutako corpusean bollera identitatearen errepresentazioari eta haren itzulpenaren azterketari heltzeko.
Lehenik, hasierako arauari erreparatu nion, hau da, itzulpenak hartutako norabideari, egokitzapenerantz eta onargarritasunerantz. Aurretiazko arauei heltzeko, hau da, itzulpenean eragina duten faktoreei, ezinbestekoa izan zen itzultzaileari, argitaletxeari, helburuari, hartzaileei eta harrerari erreparatzea. Azkenik, jarduerazko arauen txanda heldu zen: arau matrizialei heltzeko, azala, egitura eta atzeko azalak izan nituen ardatz, eta, arau linguistiko-testualak aztertzeko, oin-oharrak eta bollera identitatearen errepresentazioak biltzen zituzten testu-zatiak.
Abiapuntua: itzulpenari buruzko teoria feministak
Itzulpenaren inguruan egindako hausnarketa feministei esker, badakigu itzulpena badela zenbait arau iraultzeko tresna: laurogeiko hamarkadaren inguruan, mugimendu feministaren eragina zela eta, genero-ikasketen eta itzulpen-ikasketen arteko loturak ezartzen hasi zen korrontea abiatu zen Quebecen, eta gaur egun arte iritsi dira garai hartan argitutakoak.
Zenbait egilek itzulpena zeharkatzen duten mekanismo patriarkalak eta diskurtso androzentrikoak agerian jarri zituzten hausnarketa teorikoen eta ikerketa-lanen bidez; une horretatik aurrera, itzulpena, bi kulturen arteko botere-dinamikak iraultzeko tresna izateaz gain, patriarkatua kolokan jartzeko tresna gisa aurkeztu zuten. Beste batzuen artean, Louise Von Flotow, Suzanne Lotbinière-Harwood (ikus Lotbinière, 1991; ezinbesteko irakurketa), Barbara Godard eta Sherry Simon izan ziren feminismoaren eta itzulpenaren arteko harremana ezarri zutenak.
Parez pare jarri zituzten itzulpenak jatorrizkoarekiko duen mendeko estatusa —baita itzultzaileak egilearekiko duen posizio hori bera ere— eta emakumeek historikoki gizonekiko izan duten mendeko egoera. Diziplinaren ingurukoak azaltzeko erabiltzen zen terminologia sexista —belles infidèles metafora da ezagunena— zein emakumeak irudikatzeko orduan erabiltzen den hizkera sexista bera ere salatu zuten, baita emakume egileek egindako lanen hutsunea ere. Arrakalak irekitzeaz gain, egoera iraultzeko eta itzulpenean jarduteko hainbat estrategia proposatu zituzten; tartean, neutralizazioa, feminizazioa, konpentsazioa, bahiketa, testuaz bestelako elementuen erabilera eta egiletasun-paktua.
Kuir itzulpen-ikasketak: hurbilketa bat
Itzultzaile feministek irekitako bideetatik heldu dira identitate disidenteekin lotutako itzulpen-ikasketak. Alde horretatik, baliagarria da Butlerren (1990) performatibitatearen eta genero-identitatearen inguruko teoria itzulpen-ikasketetara ekartzea: autoreak azaltzen du hainbat patroi behin eta berriro errepikatuz lortzen dela naturalizazioa; gainera, ohartarazi zuen subjektua eta identitatea hizkuntzarik gabe ez direla existitzen, hau da, aurretik ezarritako diskurtsoek ematen diotela izaera norberaren identitateari. Kontua da, gainera, errealitatean zentzua ahalbidetzen duten ekintza, arau eta konbentzio sozialak biltzen dituztela hitzek eta perpausek —imajina, esaterako, «gerra deklaratu da» edo ezkontza batean «bai, nahi dut» esateak zer dakarren!—. Esan gabe doa diskurtso horiek hizkuntzaren bidez zabaldu egiten direla eta itzulpenak ezinbesteko papera jokatzen duela.
Beraz, genero-identitateen inguruan hausnartzeaz gain, arreta jarri behar da testuinguru kultural eta linguistiko batzuetan eta beste batzuetan, generoa nola itzultzen eta interpretatzen den jakiteko. Hau da, itzulpenak sexu-genero disidenteon errepresentazioan eta eraikuntzan duen esku-hartzeari erreparatu behar zaio, itzulpenaren bidez hizkuntza- eta kultura-arau hegemonikoak betikotzen edo zalantzan jartzen diren aztertuz. Ildo horretatik, hainbat ikertzailek aztertu dituzte itzulpenaren eta sexu- eta genero-identitate disidenteen arteko loturak, eta ondorioztatu dute itzulpenak identitatea, sexualitatea eta desiraren errepresentazioak baldintzatzen dituela.
Jarraian aipatuko ditudan lanak esparru akademikoan eta gizartean posizio periferikoa duten subjektuei buruzko informazioa biltzeko —baita sortzeko ere— egin zituzten autoreek; izan ere, posizio periferiko hori ez da halabeharrezkoa, eta azterlanok frogatzen dute identitate disidenteen errealitate materialak aztertzeko ezinbestekoa dela itzulpenetatik datorren informazioa, baita askotan erabakigarria ere. Balio dezatela erreferentzia eta adibide gisa edo gaian sakontzeko, nahi duenarentzat.
Zenbait autore eta lan
Queering Translation, Translating the Queer (2018) lanean, itzulpenaren, sexuaren, generoaren eta identitatearen arteko loturak aztertu zituzten hamalau autorek. Haien artean, Santaemiliak sexualitateari heldu zion, Sexuality and Translation as Intimate Partners? Toward a Queer Turn in Rewriting Identities and Desires kapituluan. Haren esanetan, sexuaren eta plazeraren hizkuntza itzultzea ez da inondik inora ekintza neutroa, ekintza politikoa baizik, eta inplikazio handia dakar maila erretorikoan zein ideologikoan, itzulpenak sexualitatearen inguruko diskurtso horiek zabaldu, isilarazi, egiaztatu edo perberti baititzake. Traducción e identidad sexual (2018) lanean, itzulpena identitate disidenteak sortzeko tresna gisa hartzea proposatzen du Martínez Pleguezuelosek, identitate horiek estereotipoen bidez gorde baitira itzulpenetan hainbatetan. Butlerren performatibitatearen teoriaz baliatuta, itzulpen-ikasketen garapena eta kuir identitateen azterlanen garapena alderatzen ditu.
Ikus-entzunezkoen arloan ere hainbat lan egin dira: Villanuevak eta Chaumek (2021) ikus-entzunezkoen itzulpenaren eta LGTBIQ+-ikasketen inguruko bibliografiaren berrikuspena egin eta 2000-2020 urteetan argitaratutako hogeita zortzi ikerketa enpiriko bildu zituzten. Villanuevak (2019) identitate disidenteen eta itzulpenaren arteko loturari gay maskulinitateetatik heldu zion, haren ustez maskulinitate-eredu horrek tokia behar baitu itzulpen-ikasketen barruan: gizonezkoen botere-posizioari dagozkion produktu kulturalen (hala nola telesailak, filmak edo literatura) ekoizpena, zabalpena eta kontsumoa itzulpenaren bidez ere gauzatzen da; gainera, aztergaia bera handitzeko, maskulinitatea genero-posizio gisa ulertzea proposatzen du.
Identitate zehatzei dagokienez, Ártemis Lópezek (2019) pertsona trans eta ez-binarioen gaztelaniazko eta ingelesezko hizkera landu zuen, baita haren itzulpena ere. Bi estrategia proposatu zituen hizkera ez-binarioaren itzulpenerako: batetik, zeharkako hizkera ez-binarioa, genero-marka duten hitzen erabilera saihesteko —markarik ez duten hitzak erabiliz edo aldaketa gramatikalak eginez—, eta, bestetik, hizkera ez-binario zuzena, pertsona ez-binarioen presentzia esplizitua egiteko —genero-marka -e edo -x morfemen bidez ordeztuz—. Gainera, 2020an argitaratutako beste azterlan batean, hizkera horri dagokionez problematikoak edo okerrak diren lau itzulpenen kasua aztertu zuen, komunikazio eta itzulpen mailan dauden erronkak irudikatzeko.
Ildo berean, Iturregui-Gallardok (2022) errepresentazio lesbikoak aztertu zituen Permagel eleberriaren itzulpenean: identitate lesbikoa aztertu zuen jatorrizko nobelan, errepresentazioaren inguruko erreferentzia-marko bat ezartzeko eta errepresentazio horiek nola itzuli ziren ikusteko. Horretarako, desiraren inguruko adierazpenei eta sexu-praktikak biltzen zituzten zatiei erreparatu zien; gainera, Iturregi-Gallardok itzulpen-estrategien garrantzia azpimarratu zuen, ez bakarrik identitateen inguruko elementuak emateko tresna gisa, baita analisirako tresna gisa ere, elementu patriarkalak iraultzeko eta sexu- eta genero-elementu disidenteak erdigunean jartzeko (2022: 175).
Aipatu berri ditudan lan guztiak esparru akademikoan eta gizartean posizio periferikoa duten subjektuei buruzko informazioa biltzeko eta sortzeko egin zituzten autoreek; izan ere, posizio periferiko hori ez da halabeharrezkoa, eta azterlanok frogatzen dute itzulpenetatik datorren informazioa ezinbestekoa dela identitate disidenteen errealitate materialak aztertzeko, baita askotan erabakigarria ere.
Argi dago, beraz, itzulpen-ikasketen arloak identitate ez-normatiboen azterketari heldu diola. Nolanahi ere, bada bidea egiteke: identitate horien azterketa ezin da mugatu soilik sexu-orientazioaren planora, ezta identitate horien normalizaziora ere; izan ere, norberaren hautu sexual indibiduala izatetik harago, kolektibotasuna ordezkatzen dute.
Beste disidentziek zer leku?
Aurretik labur-labur aipatu ditudan lanak informazio-iturri nagusietako bat izan ziren MALerako. Lupaz begiratu ondoren, badira lan horietan antzeman nituen ondorio eta joera batzuk: lehenik eta behin, ikuspegiaren erdigunean, maiz, gizonen errealitateak eta gizonek egindako azterketak daude —sorpresa txikia—: ez dut uste garrantzitsuak ez direnik, baina badakigu subjektu bakar baten esperientziak ezin duela kolektibo oso baten errealitatea ordezkatu, eta badela garaia gizontasunaren mende ez dauden erreferentziak eta esperientziak erdigunera ekartzeko.
Bestalde, lesbiana/bollera identitatea aztertu izan denean, hura deskribatzeko orduan, esan ohi da historikoki heterosexualitatearekin edo gizonezkoen figurarekin lotutako metaforez «jabetzen» direla edo halakoak «erreproduzitzen» dituztela, eta horrek azterketa sakonago eta kritikoago baten beharra ematen du aditzera. Are gehiago, oso interes txikia dago gizonak erdigunean ez dituen maskulinitate-ereduetan, eta horrek, nahitaez, generoa ulertzeko, bizitzeko eta irudikatzeko ditugun moduak mugatzen ditu.
Euskaraz, zer? Mari-mutilak eta emazte-gizonak
Kontzeptu batzuk itzultzean, askotan, zaila da hitzok jatorrizko testuinguruan duten dimentsio bera mantentzea xede-hizkuntzan. Mariokerrak (2023) liburuan, Alvarezek eta Fernandezek zenbait bollera euskaldun elkarrizketatu zituzten, hizkuntzaren eta identitatearen ingurukoak jasotzeko. Zenbait joera esanguratsu identifikatu zituzten. Batetik, euskaraz gaiaren inguruan hitz egiteko erabiltzen dugun hiztegia, neurri handi batean, erdaretatik datozen maileguek osatzen dute —gehienetan, ingelesetik eta gaztelaniatik—. Bestetik, euskarazko hitzak bilatu edo sortu baino gehiago, erdaretako hitzak gure hizkuntzaren kodeetara egokitzea da joera —adibiderik garbiena: queer > kuir—. Nolanahi ere, bada kolektiboan identifikatutako behar bat: kode propio bat sortzeko beharra, hizkuntza eta kultura hegemonikoetatik datozen hitzak gure hizkuntzara egokitzeaz harago.
Estrategia horretan, itzulpenak eta itzultzaileok badugu zer eskaini, eta Mari-mutil handi baten bluesa hortxe kokatu behar da: Zabaltzak «butch» terminoaren baliokidetzat «mari-mutil» erabili zuen, bai izenburuan, baita nobelan zehar ere. Neurri batean, zaharkitutako terminoa da «mari-mutil», baina jatorrizkoaren eta itzulpenaren artean dagoen denbora-jauzian oreka bilatzeko beharra zegoen. Iraganari lotutako terminoa izan arren, hitza ez da ezezaguna; izan ere, erabaki horrek bat egiten du mugimendu transbibollomarika ezaugarritzen duen beste joera batekin: historikoki irain gisa erabili izan diren hitzak gureganatu eta izendatzaile gisa erabiltzea, hots, beste zentzu —eta toki— bat ematea. Bestalde, erabaki horren atzean, terminoaren erabilera suspertzeko ahalegina ere badago.
Hitzei zentzu berri bat emateaz gain eta erabilera bera suspertzeaz gain, itzulpenak beste izendapen batzuk sortzeko atea irekitzen digu batzuetan. Ildo horretatik, aztergai dugun nobelan, itzultzaileak he-she izenarekin topo egin zuen jatorrizkoan; euskaldunok badugu genero-marka bat edo beste erabiltzea saihesteko ihesbidea, baina he-she izenaren atzean dauden errealitateak biltzeari ezin zaio ihes egin. Horregatik, Mari-mutil handi baten bluesan, «he-she»-ak «emazte-gizonak» dira.
Arauen azterketaren garapena
Arauen azterketari heltzerakoan, kontuan hartu beharreko lehen gauza zera zen: Feinbergek Stone Butch Bluesen itzulpenak egiteko ezinbesteko baldintzak argi eta garbi utzi, eta hala jaso zituen 2014an egindako edizioan, hau da, jatorrizkoaren XX. urteurrenaren harira egindako edizio berezian.
Lehenik, beraz, jatorrizko testua azken edizio hori baino ezin daiteke izan; bigarrenik, itzulpena publikatzen duen argitaletxeak argi eta garbi utzi behar du itzulpen bat dela eta Feinberg dela autorea; hirugarrenik, irabazi-asmorik gabe egin behar da itzulpena, eta paperezko edizioaren prezioa ekoizpen-gastuen arabera eta gastu horiek estaltzeko ezarri behar da; laugarrenik, ezin zaie hitzaurrerik egin beste hizkuntzetako edizioei —itzultzaileei soilik ematen die baimena, hizkuntzarekin lotutako erabakiak azal ditzaten—; azkenik, itzulpenaren doako bertsio digital bat bere webgunean publikatzeko eskubidea gordetzen du.
Feinbergen arauak, itzulpen-prozesuan erabakigarriak izateaz gain, egilearen ideologiaren isla dira. Jarraian, arau horiek nola islatzen diren ikusiko dugu, Touryren bitartez.
Hasierako araua
Touryk «hasierako araua» izendatu zuen itzulpen baten egokitasuna eta onargarritasuna determinatzen duen araua, ikusteko ea itzulpenak jatorrizko hizkuntzaren eta kulturaren arauei eusten dien ala xede-hizkuntzaren eta kulturaren arauei. Joera orokor bat detektatzeko balio du, baita mikro-mailako erabakiei erreparatzeko ere; joera edozein dela ere, egokitasunak eta onargarritasunak ez dute paper bera jokatzen hizkuntza eta literatura txiki bat helmuga duten itzulpenetan. Izan ere, euskarara egindako itzulpenek ezinbesteko papera dute euskal literatura-sisteman: Mari-mutil handi baten bluesaren asmoa xede-hizkuntzari, literatura-sistemari eta kulturari ekarpena egitea da, itzultzaileak berak adierazi duenez.
Aldez aurreko arauak
Aurretiazko arauei erreparatzeko —hau da, itzulpena gauzatu aurretik hartu diren erabakiak aztertzeko—, itzultzailea, argitaletxea, enkargua, helburua, hartzaileak eta itzulpenaren harrera aztertu nituen. Hona hemen alor horietako bakoitzeko ideia nagusiak:
Fermintxo Zabaltzak, euskarazko bertsioaren itzultzaileak, Feinbergek irudikatzen zituen errealitateekiko konpromiso sendoa agertu zuen, baita euskal hizkuntza eta kulturarekiko konpromisoa ere; izan ere, nobelaren itzulpena borondatezko lana izan zen hasiera batean, aisialdian egindakoa, ez baitzekien behin bukatuta inork publikatuko zion. Hala ere, hainbat elkarrizketatan adierazi zuenez, euskal kulturan sumatzen zuen horrelako edukien gabeziak bultzatuta, lanari ekin zion, euskal hiztunei eta kuir komunitatearen memoriari ekarpena egiteko helburuz.
Azkenean, Iruñean egoitza duen Katakrak argitaletxeak argitaratu zuen itzulpena, 2018an; Katakraken euskarazko argitalpenei erreparatuz gero, berehala ikus daiteke gehien-gehienak itzulpenak direla eta, ondorioz, ezinbesteko papera jokatzen dutela argitaletxea zein literatura-sistema edukiz hornitzeari dagokionez.
Aipatutako elkarrizketatik tiraka, itzulpenak hiru helburu nagusiri jarraitzen ziela identifikatu nuen: memoria historikoarekin lotutako kontakizun bat gurera ekartzea, ekarpen ideologiko zein linguistikoa egitea, eta xede-kulturako literatura-sistema aberastea. Are gehiago, Zabaltzak adierazi zuen nobela gehienen protagonistak Mendebaldeko klase ertaineko gizonak direla egun, eta gutxik irudikatzen dituztela kanon horretatik urrun dauden errealitateak. Berak egindako itzulpenaren protagonistak, berriz, mari-mutilak, femmeak, drag queenak eta sexu-langileak dira.
Beraz, nobelaz gain, itzulpena ere bada memoria historikoari dagokion ariketa, eta baztertutako identitateak erdigunean jartzekoa. Horregatik, hartzaileei dagokienez, ez da soilik kuir komunitatearentzako egindako itzulpena: adorea emateko kontakizuna da euskal kuir komunitateko kideontzat, baina, irakurlea edozein dela ere, bada historia ikasteko eta bestelako bizi-eredu zein identitateak ezagutzeko bidea.
Itzulpenak izandako harrerari erreparatzeko, komunikabideetan izandako aipamenetan jarri nuen arreta. Oro har, Feinbergen eta itzultzailearen asmoen arabera jaso zen lana: generoaren muga binarioak problematizatzeko kontakizun gisa, nobela historiko gisa eta zapalkuntzen kontakizun gordin gisa —hainbatetan, gordinkeria horretaz irakurlea ohartarazi ere egiten dute—. Hamaika dira aipamenotan itzultzailearentzat agertzen diren esker oneko hitzak, egindako ekarpen eta lanagatik.
Jarduerazko arauak
Hautatutako corpusean arreta xeheago jartzeko txanda heldu zen gero, hots, arau matrizialei eta linguistiko-testualei erreparatzekoa. Nire azterketaren zati bat baino ez dut garatuko (zehazki, hiru testu-zatiren adibideak emanen ditut), luzeegi joko bailuke bestela.
Batetik, arau matrizialek testuaren antolaketari eragiten diote; hortaz, jatorrizko testuak itzulpenean izango duen forma baldintzatzen dute. Nire azterketaren arabera, azalaren, liburuaren egituraren eta atzeko azalaren alderaketa oso mamitsua da, baina bada egitura aldetik bereziki deigarria den ezaugarri bat. Jatorrizkoan, nobelaren kapituluez gain, beste hamaika paratestu daude: autoreak jatorrizkoaren edizioaren harira egindako oharrak, itzulpenei egindako hitzaurreak, kideei egindako eskaintzak, egile-eskubideen inguruko oharrak… Hots, autorearen eta lanaren ideologia biltzen duten atalak dira. Euskarazko edizioan, «No “introductions”» oharraren itzulpena eman zuten, baina beste atalak ez dira gorde.
Bestetik, fokua gehiago hurbildu eta arau linguistiko-testualei erreparatzea izan zen azken urratsa. Bi alderdiri erreparatu nien: itzultzaileak egindako oin-oharrei, eta mari-mutil identitatea gordetzen duten hiru kategoriari: autopertzepzioa, desira eta sexu-praktikak.
Lehenari dagokionez, nobelan zehar, Feinbergek ez zuen oin-oharrik erabili. Pertsonaiak eta haiek irudikatzen dituzten errealitateak kontakizunaren bidez ezagutuko ditu irakurleak, baita erreferentzia kultural guztiak ere. Euskarazko itzulpenean, Zabaltzak 11 oin-ohar erabili zituen, hiru helbururekin: jatorrizko hizkuntzan eta letra etzanez eman zituen hitzak azaltzeko, euskaraz mantendu ezin ziren hitz-jokoak azaltzeko, eta erreferentzia kultural batzuk argitzeko. Ildo horretatik, aipagarria da gaztelaniazko itzultzaileek hartutako erabakia: nobelaren kapituluen zatian, 47 oin-ohar gehitu zituzten, identitateari lotutako zenbait erreferentzia azaltzeko, eta, hainbatetan, ekintzaileen definizioak ere txertatu zituzten.
Bigarrenari dagokionez, nolabaiteko inbutu-lana egin behar izan nuen. Feinbergek identitate konplexu eta intersekzionalak eraikitzen ditu, generoa, desira eta gorputzaren esperientziak estu lotuz. Identitate horiek nola eraiki eta itzuli ziren aztertzeko, pertsonaiaren ahots narratibotik abiatuta, aipatutako hiru dimentsioak izan ziren bidea: autopertzepzioa, desira eta sexu-praktikak. Hiru ardatz horiek, pertsonaia nagusiaren subjektibotasunari forma emateaz gain, liburu osoaren iruditegia ere egituratzen dute. Beraz, adierazpen horiek gordetzen zituzten testu-unitateak hiru kategoria horietan multzokatu, taulatan ipini —euskarazko eta gaztelaniazko itzulpenen parean, eta testuingurua labur azalduta—, eta errepresentazio horiek mantentzen, indartzen, indargabetzen edo ezabatzen ote ziren aztertu nuen. Hona hemen ardatz horien azterketari dagokion adibide bana (artikulu honetarako egokituak):
Autopertzepzioaren aldetik, besteen begiradari erreparatzea baino esanguratsuagoa da pertsonaiek berek beren identitateari buruz zer eta nola esaten duten aztertzea, agentzia baitute: oso nabarmena da nola Jessek ez duen emakume kategoriarekin bat egiten, eta hor sartu behar duen bakoitzean zeinen kontraesan gogorrak dituen. Gaztaroan hasten da sentimendu hori adierazten, eta bizitza osoan zehar izango du lagun (edo etsai):
Desiraren ildotik, hura definitzeak beste azterketa bat behar luke: nola irudikatu eta itzuli den erreparatzea izan zen helburua. Nobela osoan zehar, problematikoa bezain indartsua da desira: hainbatetan, ezkutatu beharreko zerbait da; beste batzuetan, komunitate barruko butch-femme harremanak egituratzen ditu. Beraz, desirak ere genero-kategoriei ihes egiten die:
Azkenik, sexu-praktiken aldetik, aipatu beharra dago hura metaforen bidez adierazteko bideak oparoak direla literaturan; batzuetan, izan ere, hura ez adierazteko bidea dira: Ibon Egañak koordinatutako Desira desordenatuak: Queer irakurketak (euskal) literaturaz (2010) lanean, euskal literaturan egindako errepresentazio lesbikoen inguruko azterketa jaso zuten Sareinak taldeko kideek, «Mila balitz lamia… lesbianismoa eta euskal literatura» kapituluan. Bertan, joera nagusiak eman zituzten argitara: harreman lesbikoak inozenteak, errugabeak eta heldugabeak balira bezala irudikatzen dira (2010: 141). Sexu-praktikak eta desira esplizituki adieraztea baino ohikoagoa da jolasarekin, laguntasun estu-estuarekin edo elkarri txirikorda-kilima-laztanak egitearekin lotutako metaforen bidez irudikatzea identitatea.
Eleberrian, aitzitik, Feinbergek luze eta zabal kontatzen ditu sexu-praktikak, modu esplizituan, infantilizatzen edo lausotzen dituzten metaforarik gabe. Izan ere, sexu-praktikei erreferentziak egiteko orduan, oso bestelako metaforak baliatzen ditu:
Horrela, hamar testu-zatiren adibideak bildu nituen azterketan, hiru ardatzen inguruan, joera orokorretara heltzeko. Testu-zatiak ez nituen ausaz hautatu, noski, eta mikro-mailako azterketa da, baina zatiok adierazgarriak dira identitatea irudikatzeko eta itzultzeko moduari dagokionez; azterketaren mugak ere aitortu behar ditut: corpusa handitu behar litzateke identifikatutako joerak berresteko. Zenbait irudikapen arindu edo indartu egiten dira itzulpenean, baina emaitzek argi uzten dute irudikapen horiek gordetzea dela helburua eta horren garrantziaz jabetuta egindako itzulpen-lana dela.
Ondorio batzuk
Sexu- eta genero-identitate disidenteez egun dugun kontzepzioaz jabetzeko, ezinbestekoa da itzulpen-prozesuetan zer gertatzen den aztertzea eta diziplinak duen ardurarekin tentuz jokatzea. Kasu honetan, azterketa konparatiboaren emaitzak pozgarriak dira, oro har Feinbergen ideologiari eta identitate disidenteen errepresentazioari eusten diolako itzulpenak. Pozgarria diot, zeren, itzulpen guztiak hala behar luketen arren, estereotipoek eta homofobiak itzulpen asko hondatu dituzte, gizartea hondatzen duten modu berean.
Nolanahi ere, nahiago dut oraingoan tarterik ez eskaini horri, eta itzulpenaren boterea berriz azpimarratu: gure diziplinak ezinbesteko papera jokatzen du sexu- eta genero-identitate disidenteak eraikitzeko orduan, eta funtsezkoa da gaiari heltzea itzulpen-ikasketetan. Azterketa gehiago behar dira beste arlo batzuk jorratzeko; adibidez, kultura eta hizkuntza hegemonikoetatik ez datozen errepresentazioekin zer gertatzen den ikusteko, hizkuntza-norabideak aldatzeak informazio oso baliotsua eskain baitezake. Betiere, «orientazio sexual» edo «homosexualitate» kategorietatik askoz harago, subjektuen identitatea ezin baita hautu sexual indibidual batean bildu, ezta mugatu ere.
Bibliografia
Alvarez, Amaia & Fernandez, June (2023). Mariokerrak. Nola esan/izan bollera euskaraz. Txalaparta.
Baer, Brian James & Kaindl, Klaus (2018). Queering Translation, Translating the Queer. Theory, Practice, Activism. Routledge.
Butler, Judith (1990). Gender Trouble. Feminism and the Subversion of Identity. Routledge.
Castro, Olga (2008). Género y traducción: elementos discursivos para una reescritura feminista. Lectora, 14, 285–301.
Feinberg, Leslie (1993). Stone Butch Blues. Estatu Batuak: Firebrand Books.
——— (2018). Mari-mutil handi baten bluesa. Katakrak.
——— (2021). Stone Butch Blues. Levanta Fuego.
Iturregui-Gallardo, Gonzalo (2023). Permagel/Permafrost: Lesbian Desire and its Translation. Mutatis Mutandis. Revista Latinoamericana de Traducción, 16 (1), 166-181.
Lobtinière-Harwood, Susanne (1991). Re-Belle et Infidèle. La traduction comme pratique de réécriture au féminin. The Bilingual Body. Translation as a rewriting in the feminine. Women’s Press. Les éditions de remue-ménage.
López, Ártemis (2019). Tú, yo, elle y el lenguaje no binario. La Linterna del Traductor, 19, 142-149.
——— (2020). Cuando el lenguaje excluye: consideraciones sobre el lenguaje no binario indirecto. Cuarenta Naipes. Revista de Cultura y Literatura, 3, 295-312.
Martínez Pleguezuelos, Antonio J. (2018). Traducción e identidad sexual: Reescrituras audiovisuales desde la Teoría Queer. Editorial Comares.
Santaemilia, José (2018). Sexuality and Translation as Intimate Partners? Toward a Queer Turn in Rewriting Identities and Desires. Baer, Brian James & Kaindl, Klaus; Queering Translation, Translating the Queer. Theory, Practice, Activism (11-26). Routledge.
Sareinak (2010). Mila balitz lamia… lesbianismoa eta euskal literatura. Egaña, Ibon (koord.), Desira desordentauak: queer irakurkeak (euskal) literaturaz. (87-154). Utriusque Vasconiae.
Toury, Gideon (1995). The nature and role of norms in translation. Descriptive Translation Studies — and beyond. John Benjamins Publishing Company.
Vidal Claromonte, África (2008). Que no nos arranquen la lengua. Calefato, Patricia & Godayol, Pilar. Traducción. Género. Poscolonialismo. La Cirujía Ediciones, 85-92.
Villanueva, Iván (2019). Abrir paso a las masculinidades gais en la Traductología / Opening the Way to Gay Masculinities in Translation Studies. Asparkía. Investigación Feminista, 35, 129-150.
Villanueva, Iván & Chaume, Frederic (2021). Revisión sistemática de bibliografía sobre traducción audiovisual y estudios lgbtq+ (2000-2020): dimensiones epistemológica y metodológica. Hikma, 20(2), 95-126.
Zabaltza, Fermintxo (2018/6/1). «Mari-mutil handi baten bluesa» Euskalerria Irratian. Euskalerria Irratia.
——— (2019/7/14). «Mari-mutil handi baten bluesa» Info Zazpi Irratian. Info Zazpi Irratia.
——— (2019/4/19). Fermin Zabaltza «Mari-mutil handi baten bluesa»ri buruz bizkaia irratian. Bizkaia Irratia.