Neutralak ez garela ikasi genuenekoa
Gotzone Agirre Begoña, Itziar Belaunde Palenzuela, Patricia Jorge Kuartango eta Ane López Díez

Neutraltasuna ez da existitzen: ameskeria hutsa da. Hala baieztatu zuten artikulu honen egileek EIZIEk antolatutako «Itzulpena ez da neutrala, itzultzailea ere ez. Ikuspegi transfeministak itzulpengintzan txertatzeaz» ikastaro-tailer ezin interesgarriagoan, Danele Sarriugarte Mochales eta Aiora Jaka Irizarren gidaritzapean. Ikastaroaren izenburua abiapuntutzat hartuta, ondorioa izan zen badaudela itzulpengintzaren eta interpretazioaren bestelako kontzepzio batzuk, apurka-apurka bidea egiten doazenak eta erakusten dutenak badela garaia lanbide honetan ere hausnarketa egin eta molde batzuk birpentsatzeko.

EIZIEk «Itzulpena ez da neutrala, itzultzailea ere ez. Ikuspegi transfeministak itzulpengintzan txertatzeaz» ikastaroa antolatu zuela jakitean, berehala piztu zitzaigun jakin-mina itzultzaile batzuei, eta, interes horrek bultzatuta, gaiaren inguruan zenbait lagun batu ziren Donostian, 2024ko urriaren 8an eta 9an, eta, gure kasuan, Bilbon, urriaren 22an eta 23an, Danele Sarriugarte Mochales eta Aiora Jaka Irizar irakasleen itzulpen-lanetako esperientziak, analisiak, zalantzak, gogoetak eta abar entzuteko prest.

Bilboko saioak Euskararen Etxean egin genituen. Hasieratik sortu zen giro lasaiak ahalbidetu zuen denok parte hartu eta ekarpenak egitea, eta, hala, ikastaroak, egitura zurruna baino gehiago, lanbide berekoon arteko tailerraren itxura hartu zuen.

Batek baino gehiagok galdetuko dio bere buruari ea zer den ikuspegi transfeministak itzulpengintzan txertatzea, eta, horrekin lotuta, beste hainbat gauza: nola uztartzen dira feminismoa eta itzulpengintza?, zer da itzultzaile edo interprete transfeminista izatea?, badago itzultzaile neutralik?, nola eragiten du itzulpenean itzultzailearen mundu-ikuskerak? Galdera horiei eta beste batzuei erantzuna aurkitu nahian eman genion hasiera ikastaro-tailerrari, bakoitzak labur-labur azalduz zer leku hartzen duen eta zer garrantzi daukan ikuspegi transfeministak eguneroko gure jardunean, zer traba edo gogoeta sortzen zaizkigun, eta zer estrategia erabiltzen ditugun arazoei aurre egiteko.

Askotan esaten da euskarak ez duela genero-bereizketarik egiten, eta, horregatik, beste hizkuntza batzuen arteko itzulpen-eta interpretazio-lanetan dauden arazoak euskaraz ez direla gertatzen. Aldiz, eguneroko praktikak argi erakusten digu itzultzaileok hamaika erronkari aurre egin behar izaten diogula —erronka horiek, lehen (ez oso aspaldi), burutik pasatu ere ez zitzaizkigun egingo, beharbada—, eta profesionalok horrelakoetan hartzen ditugun erabakiak garrantzi handikoak direla; hil ala bizikoak, nolabait esatearren. Adibidez, beste hizkuntza batean generoa zehaztua duen hitz bat edo maskulino generikoa nola ekarri behar dugun euskarara erabakitzea ez da lan makala, eta ez bakarrik erabakiak berak testuari ematen (edo kentzen) dion mundu-ikuskeragatik: jakin genuenez, emakume itzultzaile batek argitaletxe batekin zeukan kontratua bertan behera geratu zen, liburu bat ingelesetik galizierara itzultzean itzulpen feministako estrategiak erabiltzeagatik.

Nola heldu gara honaino?

Interesgarria iruditzen zaigu azaltzea zelan eta zergatik heldu garen egoera honetara; hau da, zerk egiten duen beharrezko horrelako ikastaro bat antolatzea eta halako gogoetak egitea.

Bestalde, aurrera egin baino lehen, gauza bat argitu behar dugu: testua idazterakoan eskema ez-binarioaren ikuspegitik aritu bagara ere, artikuluan aipatutako kopuru eta ehuneko askok emakume/gizon eskema binarioari jarraitzen diote, gaur egun ez baitago, oraindik, trans errealitatean oinarritutako azterlanik (espero dezagun hurrengo belaunaldikoek halakorik egitea).

Gaiari helduz, eta emakumeok itzulpengintzarekin dugun harremanari dagokionez, Bakartxo Arrizabalagak «Itzulpena eta feminismoa» artikuluan planteatutako tesiaren arabera (2007), lanbidearen ezaugarriak direla eta (beste norbaiten kontura lan egitea, etxeko esparruan aritzea, zaintza-lanekin bateragarria den lanbidea izatea…), historian zehar emakume askok erabaki dute itzultzaile jardutea; eta, beste lanbide askotan gertatu den bezala, emakumeak itzultzaile-lanetan ibili izan direnean, bigarren maila batean aritu dira eta ia-ia ikusezinak izan dira. Artikulugilearen esanetan, «badirudi [...] emakumeok gehiengoa osatzen dugula, oraindik ere, batez ere langintzaren alor desegituratuenetan, ezkutuenetan. [...] ausart naiteke ere esatera itzultzaile gehienak emazteak izanagatik ere itzultzailearen irudia gizonezkoa dela, oro har, eta are eta nabarmenago itzultzaile sonatu edo ereduzko direnen artean» (2007: 82).

Hari horri tiraka, eta gure txokora etorrita, interesgarria da, besteak beste, Itziar Murgiondo Agirrek, gradu-amaierako bere lanean oinarrituta, 2019an idatzitako artikulua: «1990 eta 2017 bitarteko narratiba-lanen itzultzaileen azterketa genero-ikuspegitik». Testu horretan jasotako 2000tik aurrerako datuei begiratuz gero, ikusiko dugu gaur egun —iraganean ez bezala— EIZIEko bazkideen erdiak baino zerbait gehiago direla emakumezkoak, eta badirudiela UPV/EHUn itzulpengintzako ikasketak ezarri izanak eragina izan duela bilakaera horretan. Izan ere, 2005ekoa da lehenengo promozioa, eta, urtetik urtera, emakumezkoen kopurua gizonezkoena baino handiagoa da (datu aipagarri moduan, 2016-2017an graduatuen % 86,79 emakumezkoak izan ziren). 

Bestalde, Isabel Etxeberria Ramírezek «Zergatik dira direnak emakume itzultzaileak?» artikuluan dioenez (2020), EIZIEren Nor da Nor datu-basearen datuei begiratuta, 2005etik 2020ra arte, itzulpenen % 55 gizonezkoek eginak izan ziren; emakumezkoenak, ordea, % 45. Gauzak bestelakoak ziren Literatura Unibertsala bilduman (aurrerantzean, LU): liburuen % 25 inguru emakumeek itzuliak izan ziren. Euskadi Itzulpen Sariaren saridunen artean ere, gizonen kopurua nabarmen handiagoa izan da beti emakumeena baino (baita finalisten artean ere), eta gauza bera gertatzen da jatorrizko obren idazleei begiratzen badiegu. Badirudi, gainera, Europako mendebaldean hori izan dela joera orokorra. «Laburbilduz: emakumeak % 80 dira itzulpengintza ikasketetan, % 54 EIZIEn, eta % 25 narratiba itzultzen. Zer dela eta galtzen dira horrenbeste emakume bidean?», dio Etxeberriak (2020: 74).

Desoreka horren arrazoi bila, ikastarokideren batek aipatu zuen emakumeok, beharbada, ez garela oraindik ere hain ausartak administrazio-arloko itzulpenetatik literatura-itzulpenetara igarotzeko, jauzi hori egiteko uzkur-edo (iruzurgilearen sindromea ote?). Egia da, ordea, joera hori nabarmen aldatzen ari dela: feminismoak ateak eta begiak zabaldu dizkigu, eta belaunaldi gazteenak ahaldunduago datoz.

Horren guztiaren harira, bat etorri ginen denok: zorionez, feminismoak XX. mendean izandako garapenari eta egindako teorizazio-lanari esker, kontzientzia zabaldu eta aldaketak gertatu dira arlo askotan, baita emakume itzultzaileei, emakume idazleei eta obren gaiei dagokienez ere.

Izan ere, feminismoak lotura handia du hizkuntzarekin, eta hizkuntzak mundua azaldu eta ulertzen laguntzen du. Eta, kontuan hartuta gure zibilizazioaren eta, beraz, hizkuntzaren beraren oinarria maskulinoa izan dela eta emakumeon ahotsa isilarazi duela, ondorioztatu genuen itzulpengintza eta interpretazioa zapalkuntzarako tresna ere izan direla historian zehar: itzulpen- eta interpretazio-lanaren bitartez, emakumeak ordezkatzen ez dituen eta, are gehiago, isilarazten dituen ideologia betikotu dela hamaika baliabideren bitartez —hizkera sexista, maskulino generikoa, emakumeen ikuspegi estereotipatua ematen duten esamolde edo atsotitzak, emakumeen lorpenak leuntzea…—. Eta, ildo horretatik, argi eta garbi ikusi genuen badela garaia mundua beste hitz batzuekin deskribatzeko eta ulertzeko, halako moldez non pertsona guztiek beren lekua eta ahotsa izango duten.

Ikastaroak aurrera egin ahala, ohartuz joan ginen, apurka-apurka, itzulpen-lan batek asko adierazten duela bere itzultzaileari buruz, eta, era berean, itzulpenak kultura hegemonikoa ezarri eta betikotzeko bai, baina hura kolokan jarri eta eraldatzeko ere balio dezakeela. Hain zuzen ere, XX. mendearen amaieran indarra hartu zuen itzulpengintzaren kontzepzio-aldaketa batek, zeinari esker ikuspegi linguistiko hutsetik ikuspegi kultural, historiko eta ideologikoetan oinarritutako ikuspegira igaro baita gure lanbidea.

Era berean, feminismoa eta itzulpengintza uztartzearen emaitza da gero eta garrantzi handiagoa ematen diogula hizkuntza inklusiboa erabiltzeari —hizkuntza inklusiboa, zentzu zabalean, hau da, hizkuntza ez-sexistaz harago—, emakumezko idazleen obretan, emakumezkoen itzulpen-lanetan eta genero-gaietan. Itzulpen feministak (betaurreko moreak jantzita itzultzeak, alegia) testuak dioena (baita esaten ez duena ere) entzun eta patriarkatuak isilarazitakoa azaleratzea bilatzen du, diskurtso menperatzailea hautsiz, itzulpenak errealitatea eraldatzen lagunduko duelako itxaropenarekin.

Baina ez al ginen itzultzaileok fidel, neutral eta ikusezinak?

Saioetara itzulpen-estrategiak gureganatzeko gogotsu joan ginen arren, praktikan murgildu aurretik teoria apur bat landu genuen —izan ere, Danelek esan bezala, «teoria kritikoak lagundu egiten digu konturatzen zenbat kode ditugun barneratuak»—. Eta, urrutira jo gabe, ikastaroaren izenburua bera izan genuen hausnarketa teorikorako abiapuntu:

«Itzulpena ez da neutrala, 
itzultzailea ere ez»

Premisa hori aztertzeko, María Reimóndezen «Itsasargiak iluntasunean. Ideologia eta itzulpengintza: ikuspegi feministak eta postkolonialak» artikulua hartu genuen hizpide (2013). Zehazki, artikuluan aipu moduan jasotako pasarte honen gainean aritu ginen: «Nolanahi ere, garrantzizkoena da itzulpena gardena izatea. Irakurleak ez du inolako interferentziarik igarri behar testura hurbiltzerakoan, eta, horretarako, mintzagai dugun Paul Auster-en nobelaren izenburua bezain ikusezina izan behar du itzultzaileak bere lanean» (2013: 208).

Reimóndezek itzulpen-jardunaren inguruan zabalduta dauden ideia ustelen adibide gisa erabiltzen du testu-zati hori (Freirek O Faro de Vigo egunkarian 2010ean argitaratutako artikulu baten zati bat da, eta letra lodiak itzultzaile galiziarrarenak dira). Eta, hain zuzen, kritika horren harira, eta ikastaroaren izenburuaren osagarri modura-edo, beste baieztapen bat ekarri zigun Danelek:

«Itzulpena ez da neutrala,
 itzultzailea ere ez, 
eta itzulpengintza neutroa, gardena, 
ikusezina izan beharraren ideia ere ez»

Esaldi horrexekin hasi ginen, preseski, orain arte ikasitakoa desikasten. Izan ere, gutako askok barneratu dugu itzulpenak neutroa, fidela, gardena eta zuzena izan behar duelako teoria, analisi kritikorik egin gabe. Horren adierazgarri da, esaterako, garai bateko (atzo goizeko) unibertsitate-ikasketetan, eztabaida teorikoetan eta lanpostu publikoak lortzeko oraintsuko prozesuetako gai-zerrendetan XX. mendearen hasierako teoriak —Eugene Nidarenak eta kidekoenak— direla nagusi (eta, askotan, aintzat hartutako bakarrak). Arean ere, gutako baten bulegoan, koadro apain batean, hantxe diharduten itzultzaileen jardun profesionalaren gidari, zintzilik daude Valentín García Yebraren 1997ko hitz batzuk, zer pentsatu ematen dutenak: «La regla de oro para toda traducción es, a mi juicio, decir todo lo que dice el original, no decir nada que el original no diga, y decirlo todo con la corrección y la naturalidad que permita la lengua hacia la que se traduce».

Bada, ikasitakoa deseraikitzeko bidean aztertu genituen, batetik, mendebaldeko itzultzaile gizonezko zuriek sortu eta haien parekoek baliozkotu —eta betikotu— dituzten eta gaur egun oraindik ere nagusi diren itzulpen-teoria horien jatorria, eta, bestetik, neutraltasunaren, zuzentasunaren, gardentasunaren eta ikusezintasunaren kontzeptuak. Horretarako, galdera batzuk mahaigaineratu zizkiguten Danelek eta Aiorak:

«Zer da neutrala izatea?»

Itzulpen-teoria tradizionalen arabera, neutraltasunak esan nahi du itzultzaileok ez dugula eskua sartu behar testuan; ezin dugula testuaren errealitatea desitxuratu, nolabaiteko irizpideren bat txertatuta. Horrek, baina, zenbait zalantza dakar berekin: zein da errealitatea?, zer irizpide?, nork ezarriak?, nork erabakitzen du zer den neutroa?

Bada, alde batetik, esan dezakegu ezen, itzulpengintzaz besteko arloetan, neutraltasuna ez dagoela lotuta irizpiderik ezarekin: egiten dena da kontzienteki balio batzuk hautatu edo onartu eta beste batzuk baztertu. Beste alde batetik, ikuspegi konstruktibistak dio ez dagoela errealitate objektiborik, baizik eta nork bere bizipen esklusibo eta besterenezinen arabera ulertzen duela errealitatea, eta horrek esan nahi du ezen, itzultzen dugunean ere, garen guztiarekin itzultzen dugula, eta, beraz, ez garela inpartzialak.

Gainera, kasuan-kasuan aztertu beharko genuke neutraltasunak zeri erantzuten dion, zeren eta, askotan, ustezko neutraltasuna gehiengo hegemonikoaren adierazpena baino ez baita, eta neutraltasun eza, hortaz, bide hegemoniko horretatik desbideratzea.

Hala, ideia horiek euskaratik gaztelaniarako itzulpen-praktikara ekarrita, adibidez, neutraltasunak esan nahiko luke euskarazko izenordain pluralak, genero-markarik gabeak, gaztelaniaz, dudarik egin gabe, maskulino generikoan ulertzea —eta ematea—, horixe baita generikoa, neutroa, hegemonikoa hizkuntza horretan; eta horrek, noski, errealitate bakar hori onartzea ere badakar.

«Zer da zuzena izatea?»

Oro har, zuzentasunaren kontzeptua gramatika- eta ortografia-arauei lotuta egoten da hizkuntzetan: testua zuzena da, baldin eta gramatikalki eta ortografikoki akasgabea bada.

Alabaina, itzulpengintzaren eta interpretazioaren arloan, gure emaitza zuzena eta egokia izango bada, jatorrizko testuaren komunikazio-helburuari ere erreparatu behar diogu. Izan ere, garrantzitsuagoa da mezua behar bezala komunikatzea, hartzailea nor den aintzat hartuta. Eta, horretarako, batzuetan, ezinbestean hautsi behar dira hizkuntzaren zurruntasunak, eta arautik desbideratu.

Horren adibide da, esaterako, gaztelaniazko maskulino generikoa, lehen aipatu duguna. Gramatikalki zuzena bada ere, gerta daiteke egokia ez izatea, testuingurua eta hartzaileak zeintzuk diren. Eta, desegokitasun horrek bultzatuta, hain zuzen ere, bidea egiten ari dira beste formula batzuk: elle es traductore, somos amigxs, l@s trabajador@s, los/as espectadores/as... (Acosta, 2024).

«Zer da gardena eta ikusezina izatea?»

Kritikagai izan genituen teoria tradizionaletatik abiatuta, ideia bat aipatu genuen, Ane Garciak «Ariketa bat: June Jordanen itzultzaile zuria» artikuluan argi jasoa: «Itzultzaile bati erreparatzen zaionean, ez bada sariren bat jaso duelako, malo» (2021: 98). Izan ere, horrek aditzera emango luke itzultzailearen eskua nabaritzen eta ikusten dela, interferentziaren bat dagoela, itzultzaileak irizpide edo erabaki kontziente bat hartu duela (bestela ere halakorik hartuko ez bagenu bezala!).

Hain okerra izango litzateke, adibidez, irakurleari testuko keinu estetikoei buruzko argibideak ematea oin-oharren bidez-edo, azalduz zergatik hartu dugun itzulpen-erabaki bat ala beste (itzulpena oharrez josi gabe, jakina)? Esate baterako, zergatik erabaki dugun lagunak > lxs amigxs itzultzea, testu jakin batean.

Horren harira, EIZIEk antolatutako «Testu feministen itzulpengintza: borrokarako beste tresna bat?» mahai-inguruan atera zen adibide bat ekarri zigun Danelek (Astobiza, 2024): demagun gaztelaniazko testu batean hombre erabiltzen dela gizakiari erreferentzia egiteko. Horra hor ataka, itzultzailearentzat: gizaki erabili, hizkuntza ez-sexistaren mesedetan (eta interferentzia sortu, ez-fidela izan), edo gizon utzi, norberaren sen eta irizpide feministaren kontra eta politikoki onargarritzat jotzen denaren aurka. Bada, testuingurua zein den, erabaki liteke gizon hobestea, jatorrizko idazlearen garai historikoa edota ikuspegi matxista agerian uzteko, edo erabaki liteke gizaki lehenestea, testuari darion sexismoa ezabatzen saiatzeko. Erabakia edozein dela ere, zergatik ez jarri ohar bat? Irakurleak badu eskubidea jakiteko gizonen alde egin dugula testuinguru historikoagatik, ondo dakigun arren erabilera hori sexista dela, edo gizakiren alde egin dugula baina jatorrian hombre jartzen zuela, matxismoa agerian gera dadin.

Zer pentsa eman ziguten galdera horiek guztiek, eta zera ondorioztatu genuen, argi eta garbi eta aho batez: itzultzailea itzulpen-prozesuaren subjektu (aktibo) gisa ulertu behar dugula. Itzultzaileok testua —errealitatea— interpretatzen dugu (ez gara neutralak), komunikazioa hobetsi behar dugu (batzuetan ez gara gramatikalki/ortografikoki zuzenak izango), eta ez dugu zertan mutu egon (oharrak erabili ahal ditugu, gure erabakiak azaltzeko; ez gara gardenak, ikusezinak). Izan ere, itzulpen-emaitza gure ardura eta erantzukizuna da, eta prozesuan erabaki hausnartuak hartu behar ditugu.

Ildo horretatik, mahaiaren bueltan ikaskideren batek aipatu zuen feminismoari esker amaitu egin dela inozentziaren aroa —isilik egoteko sasoia, alegia—, eta horrek, halabeharrez, behartu egiten gaituela gure bizitzako esparru guztietan posizionatzera, baita testuen aurrean ere.

Eta, ideia horiek guztiak borobiltzeko, Reimóndezen artikuluaren beste zati bat eman zigun Danelek: «[…] itzultzaile eta interpreteok bete behar dugun eta eskatu behar zaigun profesionaltasun-irizpide nagusiena honakoa da: itzultzen ditugun testuen edo interpretatzen ditugun komunikazio jardunen aurrean dugun jarrera esplizitatzea» (2013: 221).

Alde horretatik, beraz, argi geratu zitzaigun itzulpengintza borrokarako tresna gisa ere uler dezakegula, gure itzulpen-erabakiek xede-hizkuntzan jasotzen den mezuan eragina izan ahalko —eta beharko— luketelako. Eta gu, artean, ideia batetik bestera saltoka: «Eta bulegoko koadroa kentzen badugu?».

Oinarrizko nozio horiek ulertuta, beste kontzeptu batzuk ere atera ziren mahai gainera, ikastaroaren izenburuaren bigarren zatiari lotuta:

«Ikuspegi transfeministak
itzulpengintzan txertatzeaz»

Esan bezala, XX. mendearen amaieran, lehen aipatutako iritzi-ildo tradizionalei aurre egiteko proposamen indartsu bat sortu zen: itzulpen-teoria feminista. Korronte horrek babesten du, besteak beste, itzultzaile-interpreteok jarrera kritiko eta ez-neutroa hartu behar dugula, batetik, gure ekoizpenetan ez islatzeko jatorrizko testuaren androzentrismo linguistikoa, eta, bestetik, gizon eta emakumeen arteko botere-harremanak, zapalkuntza eta parekotasunik eza salatzeko, dela horiek agerian utziz (lehen proposatutako oharren sistemaren bidez, adibidez), dela berridazketa feministaren bidez.

Ikuspegi horri, ordea, trans errealitatea erantsi nahi izan zioten irakasle biek. Eta, kontzeptuak paperean laburtzeko ahaleginean, esan dezakegu itzulpengintzan ikuspegi transfeministak aplikatzeak berekin dakarrela generoa eraikuntza sozial gisa ulertzea, gizon/emakume sistema binario zurruna arbuiatzea, eta queer eta trans pertsonek bizi duten zapalkuntza ez errepikatzea, horretarako daukagun tresna hizkuntza izanik.

Gurean oraindik nahiko berriak edo ezohikoak badira ere, beste hizkuntza batzuetan nolabait zabalduta daude ez-binariotasuna markatzeko baliabide linguistikoak: ingeleserako, they proposatzen dute genero bako izenordain gisa; gaztelaniaz, gero eta gehiago zabaltzen ari dira genero maskulinoa eta femeninoa islatzen ez dituzten esaldi-birformulazioak (¡estoy cansado/a! > ¡qué cansancio!) eta «e» genero-markaren erabilera (¡estoy cansade!); frantsesez, puntuaren bidea erabiltzen dute (bienvenu.e.s)...

Eta, euskaraz, orduan? Bada, Danelek ekarritako adibide sortari esker, ikusi ahal izan genuen binarismoa errotuta dagoela, oraindik ere, gure hizkuntzan: jaun-andreak, seme-alabak eta pareko binomioak, alokutiboak gizon eta emakumeentzat… Halakoei buelta emateko, han eta hemen sortu diren zenbait proposamen ere aipatu zizkigun, artikulu honen hurrengo atalean sakonago aztertuko ditugunak.

Saioaren bi herenak igarota, eta aintzat hartuta transfeminismoak intersekzionalitatea duela ezaugarri, ezin izan genituen aipatu gabe utzi gizarte matxista, kapitalista, kolonialista, arrazista, edadista, kapazitista (eta beste «-ista» guztiak) honek hizkuntzaren erabileran eta, hortaz, gure itzultzaile-interprete jardunean dituen bestelako eraginak.

Hala, bada, itzulpen-teoria postkolonialistetara iritsi ginen, zeinek, labur eta sinple(egi) azalduta, herri eta kulturen arteko botere-harreman ez-parekideek harreman interlinguistikoetan duten inpaktua eta hari aurre egiteko moduak aztertzen baitituzte. Eta gogoetarako zenbait kontu sortu zitzaizkigun: herri zapalduen zer topiko eta iruditeria desitxuratu sortu dute inperialismoak eta kolonialismoak?, zein kulturaren eta hizkuntzaren ikuspegitik sortu dira orain arte gailendu diren itzulpen-teoriak?, zer eragin du ikuspegi mendebaldar inperialista maskulino zuriak?, zer ardura daukagu euskarak eta euskaldunok zapaldutako hizkuntza eta kultura horiek ikusarazten? (EIZIEk, esaterako, LUra begira, unibertsaltasuna zer den hausnartu eta kontzeptua birplanteatu zuen…), zelan saihestu dezakegu itzultzaileok hizkuntza kolonialista eta arrazista?

Gaian sakondu barik, Aiorak azaldu zigun LU bildumarako jasotako azken enkargua ikuspegi postkolonialistatik itzuli zuela, eta prozesuan sortu zitzaizkion gogoeten eta hartutako erabakien berri eman zigun (Jaka, 2024).

Arrazan, klasean, adinean eta gaitasunetan oinarritutako bestelako zapalkuntzak eta haien inplikazio linguistikoa ere aipatu genituen. Azken horren inguruan, zehazki, ikastaroaren aurreko astean Pikara Magazine aldizkarian argitaratutako titular baten inguruan jardun genuen: «[...] ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago» (Pikara Magazine, 2024). Hain natural eta berezko egiten zaigun esapide horrek berekin dakar ikusmen-gaitasunari buruzko ideia zapaltzaile bat, zeren eta esango al genioke itsu dagoen pertsona bati ez duela ikusten ikusi nahi ez duelako? Duda barik, asko daukagu oraindik (des)ikasteko.

Eta, hala, egoerak nolabait identifikatuta, gure itzulpen-jardunean horrelakorik ez errepikatu eta betikotzeko estrategien zain amaitu genuen lehenengo saioa.

Behin itzultzen jarrita, zer?

Gogotsu eta burua bor-bor ekin genion ikastaroaren bigarren egunari.

Lehenago aipatu bezala, ikastaroa, berez, elkarlanerako eta hausnarrerako foro moduan planteatu ziguten Danelek eta Aiorak; alegia, ikuspegi transfeministak itzulpengintzan txertatzeak eguneroko gure jardunean eragiten dizkigun zalantza, zailtasun, traba eta arazoei buruz elkarrekin hausnartzeko eta estrategiak partekatzeko topagune bezala.

Eta, lanera jarrita, argi izan genuen denok, hasiera-hasieratik, ez dagoela halako errezeta magikorik, ez zerrendarik, ez dekalogorik, testu bakoitzean nola jokatu esango digunik; ekinez emango diogula segida gure aurretik beste batzuek urratutako bideari, eta horrek, apurka-apurka, gogoetarako eremuak sortzen lagunduko duela, egoera iraultzen joateko.

Zalantza piztu zitzaigun ea pedagogia egin behar ote dugun bide eta estrategia berriak erabiltzean; alegia, ea itzultzaile-komunitatea sentsibilizatu behar ote dugun. Eta ondorioztatu genuen egoki dela gure erabakien berri ematea, azaltzea zergatik egin dugun aukera baten ala bestearen alde —horrela jokatuz gero, gainera, estrategia komunak sortu ahal dira—, baina horrek ez duela ez eragotzi ez baldintzatu behar bidea egiten jarraitzea; ez dugula zertan inoren baimenaren edo bedeinkazioaren zain egon; garrantzitsuena dela erabakia hartzea, estrategia bat lantzea, horren ardura eta erantzukizuna geure gain hartzea, eta erabakitakoarekin aurrera egitea.

Lehen aipatu dugunez, badaude zenbait estrategia/baliabide martxan, eta aletu egin genituen horietako batzuk (dagoeneko aipatu dugu baten bat). Hausnartu ere egin genuen ea beharrezkoa ote den identitateak markatzeko estrategia, arau, jarraibide edo dena delako horiek nolabait bateratzea, zerrendatzea, adostea... Eta ondorioztatu genuen ezetz: zabala dela kasuistika, eta, akaso, egokiagoa dela estrategiak ad hoc definitzea, testua, testuingurua eta hartzaileak zeintzuk diren.

Gogoeta horiek guztiak egin eta gero, Aiorak han eta hemen arrantzatutako esaldi batzuk itzultzen hasi ginen, elkarrekin, ikuspegi transfeministak aintzat hartuta eta zalantza-dantzaren erritmoan.

Berehala, klasiko bat agertu zitzaigun: dagoeneko aipatutako gaztelaniazko maskulino generikoa. Oso identifikatuta daukagu eta, normalean, arazorik gabe saihesten dugu. Tankera bereko beste kasu batzuk, baina, ez ditugu hain erraz kudeatzen: zelan jokatu, adibidez, gaztelaniaz femenino generikoan dagoen testu bat euskaratzerakoan?, esplizitatu behar al dugu eta emakume hitza txertatu, ala maskulino generikoarekin bezala jokatu behar dugu?, beharrezkoa al da generoa markatzea?, zelan euskaratu gaztelaniaz sortu diren les persones edo lxs personxs moduko formulak?, ze, horrelakoetan, argi baitago intentzionalitate bat badagoela: ez-binariotasuna markatzea, hain zuzen ere...

Ikusi genuen euskarak badituela berezko baliabide batzuk hizkera sexista ekiditeko. Esaterako, el/la señor/a director/aren ordez, euskaraz aski dugu zuzendaria erabiltzea. Euskarak abantaila du, era berean, convocatoria para oposiciones de bombero edo contratación de personal enfermero modukoetan, guk nahikoa baitugu suhiltzaile edo erizain erabiltzea. Eta erretzaileak besterik ez dugu behar, población fumadoraren ordainetan. Baina zuri guztiak ez dira irin, eta, Danelerekin aurreko egunean aipatutakoaren haritik, ikusi genuen errege-erreginak, seme-alabak eta aitita-amama bezalakoak, ustez ez-sexistak eta oso baliagarriak, ikuspegi binariotik eraikiak daudela, eta horien ordezko proposamenak sortzen ari direla han eta hemen: semalabak, aitita-amamaren ordez arbaso erabiltzea…

Agertu zitzaizkigun letragizon (emakumezkoa bada, zelan eman?), alu hori! eta zalantzarik gabe saihesteko modukoak iruditu zitzaizkigun beste formula sexista batzuk. Era berean, aztertu genuen ea zama bera ote duten agure eta atso hitzek, adibidez; alegia, bigarren horrek halako kutsu peioratiboa ez ote duen, lehenengoaren aldean (adibide ugari hemen: Barquín, 2008)… Eta ikusi genuen zelan, akaso, guapo eta polit ez ditugun berdin erabiltzen neska eta mutilentzat: askoz ohikoagoa dela mutilei guapo eta neskei polit esatea, alderantziz baino. Adibide horiei guztiei esker, ondorioztatu genuen hitzei jartzen diegun zama emozionala lotuta dagoela norberaren kontzientziarekin, heziketarekin, ingurunearekin eta abarrekin; eta, beraz, balitekeela batarentzat atso peioratibo izatea eta bestearentzat ez (hala gertatu zen gure taldean), edo mutil polit / neska guapo guztiz ohiko eta natural begitantzea.

Bestelako afera batzuk ere landu genituen. Kasurako, notizietan-eta sarri agertzen den asimetria bat: «primer cara a cara entre Trump y Kamala» moduko titularrak. Bada, horrelakoetan, biak izenarekin edo biak abizenarekin, ezta? Zer dela-eta Trump (abizena) eta Kamala (izena)?

Eta, transfeminismoaren filosofiari lotuta baina generoaren aferatik harago, hizkuntza inklusiboaren beste alor interesgarri bat izan genuen hizpide, aspaldikoa hori ere: zelan itzuli minusválido/a? Eta persona con diversidad funcional? Lehenengoaren kasuan, badirudi desgaitasunak dituen pertsona gailendu zaigula azkenaldian (horren gainean ere, badago zer hausnartu, baina, tira, hori beste artikulu baterako gaia da); eta, bigarrenari dagokionez, dibertsitate funtzionala / bestelakotasun funtzionala / arauz kanpoko funtzionaltasuna / bestelako gaitasunak d(it)uen pertsona moduan agertzen da gero eta sarriago (Fernández, 2018)… Hizkuntzek, astiro-astiro, munduaren —errealitatearen— ikuskera inklusiboagoa islatzeko gai direla adierazten dute horrelakoek, ezta?

Iraganeko kanta eta ereserkiez ere mintzatu ginen: Aupa gizona, jaiki mutil..., Hator, hator mutil etxera..., Gizonen lana jakintza dugu ezagutuz aldatzea..., Agur jaunak, jaunak agur, agur t’erdi... —bide batez, azken horrek badu bertsio eguneratua: Agur jaunak eta andreak, agur t’erdi... (eskerrik asko, Ana!)— eta abar. Garai baten isla dira denak, bai, baina ondo dago halakoen kutsu sexistaz jabetzea, inertziak betikotu ez daitezen.

Euskararen ondarea den hitanoaz ere aritu ginen, luze aritu ere. Aurreko eguneko saioan Danelerekin aletzen hasitakoaren harira, ikusi genuen azkenaldian sortu direla, batetik, hitanoaren gaineko korronte kritikoak (Peñagarikano, 2024), eta, bestetik, berau berreskuratzeko taldeak. Hitanoa salbatzearen alde agertu baginen ere, ondorioztatu genuen kritikotasunez jokatu eta gogoeta sakona egin beharra daukagula. Izan ere, egia da itzultzen ari garenean hitanoak erraztu egiten digula, askotan, emakumeak eta gizonak bereiztearen kontua, baina nola itzuli identitate ez-binarioak? Badira genero-markarik gabeko hitanoa lantzen dabiltzanak, eta xoka da horren adibide bat: hitano ez-binarioa sortzeko proposamena. Horren helburua da tokaren «k» eta nokaren «n»-a erabili beharrean «x» erabiltzea, eta gaituk/gaitun eta diat/dinat formen ordez gaitux, dixat eta halakoak erabiltzea. Euskararen genero-binarismoari ihes egiteko tresna izan daiteke xoka, eta beste testuinguru batzuetan aspaldi erabiltzen diren dunk, gaitunk, goazemank eta parekoak ere bai (Baskaran, 2021). Noski, horiek guztiak proposamenak baino ez dira, mantso-mantso bidea egiten ari direnak.

Ekinaren ekinez, beraz, barneratuz joan ginen ikuspegi transfeministekin itzultzea hizkera sexista eta ez-binarioa saihestea baino askoz gehiago dela: eskatzen du itzulgaiaren muinari berari erreparatzea, mundu-ikuskera zabala edukitzea —ikuskera ez-zapaltzailea, alegia—, zapalkuntzak ez betikotzen saiatzea… eta, nola ez, jasotzaileak aintzat hartzea. Hori guztia horrela, zelan itzuli, adibidez, que se vayan a tomar por culo todos esos empresarios que piden que se retrase la jubilación esaldia? Maskulino generikoarena aparte utzita, ez al litzateke egokiagoa izango a tomar por culo hori antzarak ferratzera ematea, gure artean aski errotua dagoen popatik hartzera baino, jatorrizkoaren kutsu homofobiko, peioratibo, baztertzailea ekiditeko? Horrekin ere, bueltaka ibili ginen: ea popatik hartzera eta a tomar por culo, berez, txartzat hartu behar ditugun, ala ulertu behar dugun hiztunek halako berrapropiazio bat egin dutela —izan ere, komunitate batzuetan, esamolde horrek ez dauka zama peioratiborik (gaztelaniaz, esaterako, gazteek, gaur egun, PEC edo por el culo erabiltzen dute, gauza onak izendatzeko)—.

Hala, bada, konturatu ginen bide luzea dugula oraindik aurretik. Hizkera ez-sexista lehen urratsa da (urrats sendo eta handia, inondik ere; landuen eta, agian, barneratuen daukaguna), baina zer gertatzen da ikuspegi ez-binarioarekin?, eta itzulpen-teoria berriek agerian utzitako bestelako zapalkuntzekin?

Ildo horretatik, oso argigarria da Ane Garcia Lopezek dioena (2021: 102):

Aipatzekoa iruditzen zait azken urteetako bilakaera euskarazko itzulpengintzan. [...] asko dira hautu pertsonalez periferietako autoreak itzuli dituztenak (ez-mendebaldarrak, arrazializatuak, LGTBIQ+ komunitatekoak…), eta, hala, interes eta lan hori goraipatzekoa iruditzen zait. Euskaraz halako corpus bat eratzen joatea ezinbestekoa da, gure hizkuntzan ere zapalkuntza horiez aritzeko. Era berean, azpimarratzekoa da euskarazko itzulpengintzaren arloan generoaren gaia landuago dugula arrazarena baino. Senezen, aurkitu ditut feminismoari buruzko artikuluak; Bakartxo Arrizabalagarena, esaterako. Postkolonialitateari dagokionez, ordea, ia-ia barneratzeke gaude oraindik.

Aurrera begira, zer?

Formula magikorik gabe, baina poz-pozik, erabat asebeteta eta ezin gusturago amaitu genuen ikastaroa; gehiago ikasteko eta partekatzeko gogoz, egia esan.

Gela bat gu denona eraiki genuen, egun pare batez, transfeminismoan murgiltzeko eta elkarrekin, lasaitasunean, modu eraikitzailean eta presiorik gabe, gure kezkak, ezjakintasunak, beldurrak, bizipenak, estrategiak eta abar partekatzeko. Zoragarria izan zen.

Horixe zen helburua, eta lortu egin genuen: bidegabekeria sozialek gure gizartean, gure errealitatean, gure hizkuntzan, gure ez-neutraltasunean duten eraginaz are kontzientziatuago atera ginen, eta berretsi genuen erne ibili behar dugula, eta, ahal dugun neurrian, nork bere esparruan, erabaki kontzienteak hartu behar ditugula, hizkuntza —errealitatea— gero eta inklusiboagoa izan dadin.

Era berean, argi izan genuen denok jarraitu egin behar dugula (eta jarraituko dugula) hausnartzen, (des)ikasten, (des)eraikitzen, bidea egiten, topaguneak sortzen. Jarraituko dugula neutraltasunik eza aldarrikatzen, (trans)feminismoen eta postkolonialismoaren irakaspenei zukua ateratzen.

Bestalde, ondorioztatu genuen itzulpengintza lanbide feminizatua izan arren literatura-lanen itzulpengintzan gizonak gehiengo izateak kezkatu egin behar gaituela, baina, aitzitik, desoreka horren arrazoietako bat, hau da, prestigioa duen arloan gizonak nabarmentzeko joera (beste lanbide askotan bezala) pixkanaka desagertzen joateak poztu egin behar gaituela.

Hausnarketa hori lotuta egon daiteke, akaso, Itziar Diez de Ultzurrun Sagalàk esandakoarekin (Etxeberria, 2020: 78):

[...] segurtasun falta horren atzean nire adineko emakume batzuengan (eta neure buruarengan) sumatzen dudan koxka hau: egiten dugun oro bikain egin nahi izatea; ausartuko bagara, zernahi «garrantzitsu»ri helduko badiogu, jakin nahi dugu gure ekarpena urrezkoa izanen dela; bikaintasun orbangabe bat ziurtatzen ez badugu, akabo. Eta itzulpengintzan, gainerako arlo gehienetan bezala, zenbat eta gehiago jakin, handiagoak zalantzak; beraz, hor ere gurpil zoro bat sor daiteke...

Artikulu horretan bertan, zera zioen Bego Montorio Uribarrenek, literatura itzultzen duten emakumeek mundu horretan duten presentziari buruz (2020: 76):

Feminismoaren kontzientzia zabaltzeak eta kontzientzia horretatik jokatzeak ateak zabaldu dizkie emakume itzultzaileei. Zuek denok ezagutzen dituzuen proiektuak daude hor: Xerezade, Eskafandra, Lisipe… Inguru maskulinizatuetan ere, nahitaez ikusi behar izan gaituzte, eta nola edo hala zabalduz doaz estu-estuak ziren sarbide horiek. Bide luzea geratzen da oraindik, baina emaitzak ikusten ari dira. Belaunaldi gazteenak ahaldunduago dauden neurrian, gehiago ausartzen dira espazio ordura arte ukatuak hartzera. Oraindik ere asko egongo dira itzaletan, baina gero eta gehiago dira ikusten direnak.

Izan ere, emakumeok ahaldundu eta geure artean sareak eratuz goaz (Internetek, sare sozialek eta horrelako tresna indartsuek asko lagundu dute), eta, hala, gero eta emakume itzultzaile erreferente gehiago sortzen ari dira, baita itzulpengintza literarioan ere (helduen literaturaren itzulpengintzaz ari gara, haur- eta gazte-literaturan emakume gehiago baitaude). Espero dezagun gero eta gehiagok burua altxatzea eta plaza publikoan gure tokia hartzen jarraitzea.

Ikastaroa amaitu eta bi hilera, kronika hau idazten ari ginela, ikastarokide izan genuen Lamia Filali-Mouncef Lazkanok oso post interesgarria argitaratu zuen 31 eskutik blogean: «Ezagutzen ez nuen feminismo bat deskubritu nuenekoa». LU bildumarako Fatema Mernissiren Dreams of trespass. Tales of a Harem Girlhood lana euskaratuko dutela-eta, Lamiak kontatzen digu gaztetan liluratuta geratu zela liburu hori irakurtzean eta Fatemaren beste lan batzuk irentsi zituela jarraian; besteak beste, Scheherezade Goes West (2001), gaztelaniazko itzulpenean (El harén en Occidente):

Liburuaren abiapuntua Europan Dreams of Trespass atera zueneko promozio-bira da. Mernissik elkarrizketa horietan zelan sentitu zen kontatu zuen, zelan (gizonezko) elkarrizketatzaileen aurpegietan irribarre edo begirada bitxiak —lizunak— agertzen ziren. Galdera-sortei deserosotasunez erantzuten bukatzen omen zuen. Deserosotasuna, Europako iruditerian harem hitzak duen esanahiagatik: emakumeak biluzik gela batean, gizon bati plazera emateko prest, hainbat eta hainbat margolan erromantikotan irudikatu zen bezala.

[...] Izan ere, autoreak kontatu zuenez, Xerezadek zenbait muga gurutzatu ahala ahotsa galdu zuen pixkanaka. Ahozko tradiziotik idatzizkora igarotzean lehenik, eta Ekialdea deitzen den horretatik Europako margolan eta kontakizunetara pasatzean, ondoren. Izenburuaren gaztelaniazko eta frantsesezko itzulpenetan ondo asko ikus daiteke: Mernissik Xerezaderi emandako zentraltasuna kendu eta harem exotikoari eman zitzaion.

Hortik aurrerakoa Europak mundu arabiar-musulmanarekiko duen orientalismo likatsua ikuspegi feminista batetik deseraikitzeko lan miresgarria da.

[...] euskarazko LU bilduman Marokoko ahotsen aniztasuna eta ñabardurak islatzen saiatzen zen norbait egongo da, bertako sustrai erlijioso eta historiko-kulturalen ezagutza sakonetik hitz egiten zuen norbait.

Transfeminismoaren eta postkolonialismoaren ikuspuntutik, oso garrantzitsua eta esanguratsua da LUrako lan hori hautatu izana: bai emakume arabiar batek idatzia delako, baita lantzen duen gaiagatik ere. Ea ba, ikuspegi transfeminista eta postkolonialista lagun, euskarazko itzulpen-lanak lortzen duen «Europak mundu arabiar-musulmanarekiko duen orientalismo likatsua ikuspegi feminista batetik» deseraikitzea. Seguru hala izango dena.

Haize berriak datoz! Ongi etorriak izan daitezela!

 

Bibliografia

Arrizabalaga Labrousse, Bakartxo (2007). «Itzulpengintza eta feminismoa». Senez 32.

Astobiza Uriarte, Amaia (2024). «Testu feministen itzulpengintza: borrokarako beste tresna bat?». Senez 55.

Barquín López, Amelia (2008). «Euskararen erabilera ez sexista».

Baskaran Caro, Lucía (2021). «Jolas bat baino ez dunk» (itz.: Danele Sarriugarte Mochales). In Zirriborroak eta gero, Consonni.

Etxeberria Ramírez, Isabel (2020). «Zergatik dira direnak emakume itzultzaileak?». Senez 51.

Fernández Casete, June (2018). «Euskararen erabilera inklusiboa». UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritza eta Pikara Magazine.

Filali-Mouncef Lazkano, Lamia (2024). «Ezagutzen ez nuen feminismo bat deskubritu nuenekoa». 31 eskutik bloga, 2024-12-02.

García López, Ane (2021). «Ariketa bat: June Jordanen itzultzaile zuria». Senez 52.

Jaka Irizar, Aiora (2024). «Nola euskaratu malinkeraz pentsatu eta frantsesez idatzitako testu bat: Ahmadou Kouroumaren Independentzien eguzkiak». Senez 55.

Murgiondo Agirre, Itziar (2019). «1990 eta 2017 bitarteko narratiba-lanen itzultzaileen azterketa genero-ikuspegitik». Senez 50.

Peñagarikano Goikoetxea, Gorka (2024). «Hitanoak generoan eragiten dituen zapalkuntzak, gogoetagai». Argia, 2024.02.20.

Pikara Magazine (2024). «Alex Sardui, ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago».

Reimóndez Meilán, María (2013). «Itsasargiak iluntasunean. Ideologia eta itzulpengintza: ikuspegi feministak eta postkolonialak» (itz.: Bego Montorio). Senez 44.