Itzulpena eta feminismoa
Bakartxo Arrizabalaga

Itzulpenaren eta feminismoaren arteko harremana aztertzen hastearekin batera harremanen aniztasuna, gaiaren zabala, aipatu beharrean naiz; bi osagaien artean harreman anitz gertatzen da eta hainbat ikuspuntutatik azter daiteke haien arteko eragina.

Horrez gain, aipatu behar dut ere bi osagaietako bakoitzaren zabala eta sakona. Horrek ere zailtzen du haien arteko harremanak aztertzerakoan hurbilpen xume eta argia egitea.

Toki eta denbora luzea eskatuko luke gaia osoki jorratzeak, baina halakoak ez ditudanez, artikulu bakar batek jarri mugetara egokitzen saiatu eta, gaia jorratzen jarraitzeko aukera gehiago sortuko zaigunaren itxaropenean, lehen hurbiltze honetan, gaiaren inguruko arazo, eztabaida eta gertakari nagusiak aipatu eta kokatzen ahaleginduko naiz, bederen.

Hirugarren zailtasuna ere agertzen zaigu gaiari heltzen saiatu orduko, zeren itzulpena eta feminismoa lotzen dituzten uztarri anitz horiek, maiz, bi ezagutza alor horien bazter alorretan aritzen baitira, alor berrien eta berritzaileenetan, lur oraindik sendotu gabe eta nahasi samarretan. Guztiarekin ere, saia nadin aztergaiaren alor desberdinak banan-banan azaltzen, nahiz eta maiz alor horien artean diren lotura estuak agertu eta korapilatuko zaizkidan.

1. Itzulpenen subjektu agentea. Emazte itzultzaileak

Alorren batekin hasi behar eta itzulpengintzaren protagonista nagusiak behar ditut hastapen honetan aipatu, itzultzaileak, alegia. Lerro hauetan ezin azterketa sakona egin baina azterketa horren beharra seinalatu nahi nuke, bederen, itzulpengintzan emazteok betetzen dugun lekua argituko badugu.

Lehenik eta behin aipatu behar dut itzulpengintzaren ezaugarriak direla medio (aritzailearen izengabetasuna edo ikusezintasuna, beste baten mesedetan lan egin eta bigarren mailan gordetzea, etxean lan egitea, apaltasuna, lanbidearen egituratze eta zedarritze maila urria, etab.) emakume anitz bideratu dela beti ogibide horretara, baina ezaugarri horiek beraiek ekarri dute ere, besteak beste, emakumea itzulpengintzaren barruan ikusezina izatea. Itzulpengintza beren kontura bizitzeko baliatu dute emakumeek historian zehar, eta bereziki heme­zortzigarren mendetik hona, baina horrek, ogibidea eman badie ere –zerbait ere bada– ez die ekarri –ez digu ekarri–, ordea, langintzan dugun eginkizunaren onarpena; esan daiteke itzulpengintzan emakumeok, beste alorretan bezala, bigarren mailan mantentzen garela, itzultzaile onaren eta emakume onaren ezaugarria omen den apaltasunari atxikirik eta haren pean gorderik.

Austriako Graz-eko Unibertsitatean lanean ari den Michaela Wolf ikerlariak 2000. urtean aleman hizkuntzaren esparrua aztertzeko abiaturiko ikerlanaren arabera<AHREF="#OH1">1, itzultzaile gehienak emazteak dira eta asko etxean aritzen dira, baina beren kasa ari direnen gaineko datu ofizialik ez dago, haien lan kontratu edo egoera fiskalak ez direlako beti berdinak.

Horrez gain, esaten du ere unibertsitateetako itzulpen eta interpretazio departamenduetan interes gutxi dutela itzulpengintza feministarekin edota genero gaiekin. Hori dela eta, aipatzen du feminismoaren inguruko ikerketa gehien-gehienak emazte feministen ekimenez eta haiek jarri adorez sortzen direla.

Dena den, datu zehatzak lortzeko egin beharreko azterketa egin arte ezer ziur esaterik ez bada ere, badirudi, hala gure euskal txokoan nola inguruko erdal munduetako itzulpengintzan ere, emakumeok gehiengoa osatzen dugula, oraindik ere, batez ere langintzaren alor desegituratuenetan, ezkutuenetan. Esaniko horren bidetik jarraituz, ausart naiteke ere esatera itzultzaile gehienak emazteak izanagatik ere itzultzailearen irudia gizonezkoa dela, oro har, eta are eta nabarmenago itzultzaile sonatu edo ereduzko direnen artean. Adibide baterako, 1997tik 2006 bitarteko Euskadi itzulpen Sariaren hamar saridunen artean bi emazte besterik ez da. 2002tik 2006 arteko finalistei begiratuta ere alde nabarmena ikus dezakegu, hots, hogeita lau obra iritsi ziren bost urte horietan finalista izatera; haien hogeita bost (lan bat gizon-emazte biren artean itzuli zuten) itzultzaile finalisten artean hogei gizonezko ziren eta bost emazte. Hemendik kanpora so eginez gero gauzek ez dirudite oso bestelakoak. Batez ere Europako itzulpen sariei diet so laburra egin, azken urteotako irabazleei begira, eta hemengoen antzeko emaitzak jaso ditut, baina datu biltze handiagoa egin beharko litzateke, herrialde guztietan egoera berdina ote den ikusteko.

Euskaraturiko obren gaineko itzulpen kritikari begiratzen badiogu, antzeko egoerarekin topatuko gara; halakoak argitaratzen dituzten Deia, Gara, Diario Vasco eta Berria egunkarien gehigarriek 2004. urtean argitaraturiko literatur-itzulpenen gaineko kritikek –bost gizonek eginak– guztira hogeita hamazazpi itzultzaileren lanak dituzte aztertu eta itzultzaile haietarik hogeita hamabi gizonezko dira eta bost soilik emakumezko.

Itzultzaileen elkarteei dagokionean, badirudi Europakoen bazkide kopuruetan emakumeak gehiengo izan ohi direla, baina gidaritza organoetan, aldiz, ez dutela horrenbeste leku.

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartean, ordea, bestelakoa da egoera, hala bazkideen kopuruetan, gizonena emazteena baino handiagoa baita, nola zuzendaritza organoetan agertzeaz, gaur egun parez pare baitira eta emazteek protagonismo handia baitute elkartearen gidaritzan.

2. Itzulpengintza politika

Itzulpengintza politikan feminismoak duen lekua aztertzerakoan, berehala agertzen zaigu itzulpengintzarako politikak argitaratze politikarekin duen lotura estua. Bi-biek dute elkarren beharra eta biek ere dute xede hizkuntzaren kanona eragiten, gai, idazle, idazmolde eta abarrekoak xede hizkuntzan hedatuz. Horregatik, politika horietan feminismoak duen lekua aztertzerakoan, berriz ere agertzen zaigun lehen kezka, emakumeoi politika horiek egiten diguten –edo ez diguten– lekua da, hala itzultzaile garen bezainbatean nola idazleei ere.

Emakumezko itzultzaileoi dagokigunean, lehen puntuan jadanik erranikoari gaineratuko nioke emakumezko itzultzaileen aldeko inolako politikarik ez dela, ezer egiten ez dela itzultzailearen gizonezko irudi nagusia ezabatzeko eta argitaletxeek, gainerako enpresek bezala, status-quo-aren mantentzaile jokatzen dutela.

Emazte idazleen itzulpenei dagokienean ere, antzeko egoera agertzen zaigu. Euskal esparruari so eginez, Euskadi Saria hartutako itzultzaileei buruz lehen aipaturiko itzulitako hamar obra horien jatorrizko idazleei begiratzen badiegu, hamarretatik bakarra da emakumea. Finalisten kasuan ere, hogeita bat obrek dute idazle gizona eta hiruk emaztea (guztira bi emazte dira, bi obren egilea emazte bera baita). Eta antzera gertatzen da Europako itzulpen sarietan ere: sarituriko itzulpenen jatorrizko idazlanen egile gehien-gehienak –ia denak– gizonezkoak dira.

Sarien garrantziaz gain, gure euskal letren alor txikian badugu literatura unibertsala euskaratzeko proiektu handia ere, euskal irakurleei munduko literaturaren funtsezko lagina eskaintzeko eta, hartara, literaturaren alorra arautzen eragin handia duena. Alabaina, hor ere, eskaintzen den literatura gizonezkoen literatura da; literatura gizonezkoen zeregin gisa agertzen zaigu; aski esanguratsua da orain arte argitaraturiko 127 obren artean, 13 baizik ez direla emakumeen lanak.

Ez da, ordea, euskal berezitasuna emakumeen literatura –emakumeek idatzirikoa– baztertzea. Europa osoan gertatzen den fenomenoa da argitaratze eta itzultze politikek gizonezkoen obrak lehenestea, edo horiek baizik apenas ez ikustea.

Literatura sarien kasuan ere, egoera berdinean gara emakumezkoen eta gizonezkoen lekuei dagokienean, edo bestela –zehatzago– esanda, emakumeen leku eskasari eta gizonezkoen nagusitzeari, dagokienean. Itzultzaile emazteen egoera emazteok literaturan dugun leku urriari da lotua, bai eta emakumeok, oro har, ospe eta izen orotik baztertuak izateari.

Kritika jasotzerakoan ere, gainerako arloetan bizi duten antzeko bazterketa bizi dute emakume idazleek, bai eta emakumezko itzultzaileek jasotzen dutenaren antzeko bazterketa ere. Adibide baterako, gatoz berriro gure euskal alorrera: lehen aipatu gehigarrietako bost kritika egile gizonezkoek azterturiko itzulpenen jatorrizko testuen idazleen artean hogeita bi gizon dira eta hamabost emazte.

Patriarkatuan horren murgildurik den egoera honetan, halere, oso da urria arazoaren kontzientzia. Hala, argitaletxe nola letren alorreko bestelako enpresa eta profesionalen artean, sexuari ez baina kalitateari besterik erreparatzen ez diotela, hau da obrak soilik literaturazko interesaren arabera dituztela bultzatzen entzun beharko da emakumeen ez agertzeaz galdetuz gero. Ez ote zaio, ordea, inori deigarri egiten emakumeek kalitatezko lanak idatzi edo itzultzeko azaltzen duten ezintasun horren nabarmena, baldin eta emakumeek idatzirikoak gizarte honek hautaturiko kalitatezko lanen artean duen leku urria kalitate hutsezko irizpideen arabera gertatzen dela sinetsi behar bada?

Zorionez, badirudi halako kezka agertzen hasia dela gure artean ere, horri aurre egin nahia badabilela gure alor txikian; euskal letretan sortu berri den proiektua aipatu nahi nuke: Lau euskal letraemazte feministek "Sareinak" izeneko egitasmo literarioa jarri dute abian, emakume idazleen lana ezagutarazteko eta beste era batean irakurri ahal izateko tresnak hurbiltzeko. Honela diote beren manifestuan: "Gure sarea, gure literatura zulatuta nabaritzen dugu eta, gehienetan, emakumeen izenak, liburuak eta lanak amiltzen dira zulo horietatik… Badugu sarea, euskal literatura; badugu haria, kritika literarioa; badugu jostorratza, teoria feminista, eta, jakina, badugu gogoa sarean sare aritzeko". Zorte on!

Itzultze eta argitaratze politikek feminismoarekin duten harremana ez da agenteei loturikoa soilik; aztertu beharreko bigarren alorra feminismoa bera dugu, hau da, zein den feminismoaren gaia jorratzen duten testuei itzulpengintzak egiten dien lekua.

Feminismoa ikergai gisa XX. mendearen azken hamarkadetan hasi zen garatzen, batez ere Ameriketako unibertsitateetan, non emakumeen ikerketarako departamenduak sortzen joan baitziren. Nahiz eta orain arteko ikerketa feminista gehiena ingelesez sortu duten eta oraindik ere ingelesez sortzen den, ikerketa mundu osoko emakumeei zuzentzen zaie, eta ez bakarrik unibertsitate inguruetako teorizatzaileei, baizik eta baita gizarte maila apaleneko ekintzaile feministei ere. Horrek itzulpenaren beharrean jartzen du feminismoa, mundu mailako eztabaida teoriko-praktikoa gauzatuko badu. Mundu osoko mugimendu feministaren alor desberdinetan –eta anitz bada– sortzen diren eskarmentuak teorizatzaileen gogoetak hornitu eta aberasten dituzte, eta haiek sortu teoriek ere badute eguneroko ekintzan eragin dezente. Hain gizarte inguru desberdinetako emakumeen arteko harreman horietarako ezinbesteko da itzulpena. Baina zeregin horretan argitaletxe arruntek oso interes eskasa erakusten dute. Gehien-gehienez, hizkuntza bakoitzaren esparru txiki edo handian, bazter alorretako argitaletxe bat edo beste izan ohi da emakumeen eskarmentuen gaineko testuren bat edo noizta-noizta argitaratuko duena –geure euskal esparru txikian ere baditugu horrelako gutxi batzuk– eta argitaletxe handiek atera ohi dituzte ere, azken urteotan gaia indartu baita, emazte ezagun edo ospetsuren baten gogoeta liburu edo antzeko produktuak, feminismo kutsu zerbaitekoak. Baina, oro har, esan daiteke testu feministen hedapena emakumeen eskuz egiten dela, argitaletxe txikien eta autoedizioaren bitartez.

Halatan, hizkuntza-alor zabaletan, kultura sendotuetan, ikus ditzakegu emakumeek sorturiko argitaletxe txikiak, kultura feministaren esparruan jaio eta bizi direnak, emakumeen lanak hedatzen. Argitaletxe horiek itzulpenaren behar handia dute, emakumeen produkzioaren mundu globalizatuan aritu eta emakumeen hitza ezagutzera emanen badute, bai unibertsitateetako emakumeen ikasketen edo genero ikasketen esparru teorikoetan, bai eta mugimendu feministaren inguruetan ere.

Euskaraz ez dugu horrelakorik, ez argitaletxerik ez eta emakumeen ikasketarik unibertsitatean ere; azken honen falta hutsune handia zaigu itzulpengintzarako ere, zeren feminismoaren testu teorikoen itzultze lan handia egiten baitute halako unibertsitate zentroek eta hizkuntza esparru desberdinetan sortzen diren teoria desberdinak elkarri ezagutzera ematen funtsezko eragina baitute. Halatan, beraz, feminismoaren –bai eta emakumezko idazleen– testu funtsezkoenak ere euskaratzeke ditugu oraindik.

Argitaletxe feminista horien zeregin lehena, maiz, emakumezko idazleen lanak zokotik atera eta ezagutzera ematea izan da, eta horretan ere itzulpenak funtsezko lana egin du. Kultura desberdinetako emakumeen testuak itzuliz, emakumeak zokotik atera nahi izan dituzte, haien gogoetak ezagutzera eman, bai eta haiek beren garai eta lekuetan bizi zuten gizartearen zapalkuntzaren aurka erakutsitako erreboltaren berri eman ere, hartara feminismoaren historia osatzen lagunduz.

Itzultze eta argitaratze lan horien zeregina ez da soilik emakume haien izenaren aldeko aldarrikapena; haien lana ere sustatu dute, emakume idazle haiek sortu hizkera eta gogoetak hedatzeko bidea ireki eta ibili dute.

Hortik etorri dira, gerora, honen ondoren azaltzen saiatuko naizen hizkera arruntaren, hizkera estandar matxistaren kritika eta haren gainditzeko proposamen feministak, hizkuntzen barneko itzulpenak, sormen eta itzulpenezko esperimentazioak eta abar.

Lehen aipaturiko Wolf andrearen ikerketaren arabera, itzulpen agentziek oso interes eskasa dute genero gaiekin. Itzultzaileen elkarteak, berriz, prest omen dira sexismo gabeko hizkeraren erabilera sustatzeko, baina betiere nabarmentzen ez bada. Azkenik, erakunde publikoek itzulpenetan sexismo gabeko hizkera erabiltzeko eskuliburu eta gidalerroak omen dituzte.

Itzulpengintza feminista batez ere lite­ratura alorrean eta bereziki emakumeen literatura feminista edota lesbianen litera­turaren alorretan omen da erabiltzen, eta gehienetan sexismo gabeko hizkera erabiltzera mugatu ohi da.

3. Feminismoa eta itzulpen irizpideak. Itzulpengintzaren azterketa feminista

Nork itzultzen duen eta zer itzultzen den aztertzeaz gain, bada feminismoari funtsezko zaion beste galdera: nola itzultzen den, alegia, hizkuntzaz hizkuntza dabilen ideologia patriarkala areagotu edo urritu baitezake galdera horri emaniko erantzunak. Galdera horri erantzuteko, baina, lehenik itzulpenaren baldintza nagusia, hots, hizkuntza, behar da ezagutu.

Hizkuntzaren kritika feminista

Lehen aipaturiko idazle feminista aitzindariek beraiek gizarte patriarkalari abiatu kritikan jadanik hizkuntzaren kritika agertzen bazen ere –Virginia Wolf-ek honela zioen: "But it is still true that before a woman can write exactly as she wishes to write, she has many dificulties to face. To begin with, there is the technical dificulty –so simple, apparently; in reality, so baffling– that the very form of the sentence does not fit her. It is a sentence made by men; it is too loose, too heavy, too pompous for a woman’s use"<AHREF="#OH1">2, hizkuntzarekiko kezka hori, hizkuntzaren aztertze hori areagotzen joan da feminismoaren garatzearekin, hizkuntza emakumeen zapalkuntzaren funtsezko bideratzaile delakoan, eta halatan, askatasunerako ere bidea izan daitekeela ustez. Bajtin hizkuntzalariak hizkuntza ideologia sortzaile eta bideratzaile nagusia zela zioen<AHREF="#OH1">3, eta feminismoa ideologia hizkuntzaren beraren barruan bilatzen aritu eta aritzen da indar betez. Enuntziatu txikienetik hasi eta diskurtso garatuetaraino, intonazioan, ahotsen tinbre eta ozen edo apaltasunean sexua islatzen dela erakutsi digute. "Le monde est sexué" dio Luce Irigaray teorizatzaile feministak<AHREF="#OH1">4. Baina areago, sexuatze hori ez dela besterik gabea, hau da, sexuatze horri balioa erantsi (gizonezko sexuatzean) edo kentzen (emakumezko sexuatzean) zaiola erakutsi digute ere, eta sexu berezitasunak sexu bereizkeria bihurtzeko modu horrek ematen diola emakumeok jasaten dugun zapalkuntzari funtsezko tokia gizartearen egituran.

Hizkuntzaren gaineko ikerketa feministetan diren tradizio desberdinak azaltzen luzatu gabe, esan behar dut denak lotzen direla interes bereziz hizkuntzak emakumeak azaldu edo ezkutatzeko duen modua aztertzeari.

Hizkuntza, berez, ez da sexista, sistema ireki eta malgua da. Sexista gizarte patriarkalak egiten duen hizkuntzaren erabilera da. Horregatik emakumeak izendatuko dituen, emakumezkoon bizipenak azalduko dituen hizkuntza osatzeko bidean jarri da feminismoa.

Alde batetik, hizkera patriarkalaren azterketa egiten du, bertan emakumeek eta gizonek dituzten leku desberdinak aztertuz. Hortik gizonezkoen eta emakumezkoen mintzamoldeen gaineko ikerketak bultzatu ditu feminismoak, emakumeen zapalkuntza hizkuntzaren bitartez nola gertatzen den ulertu eta horri aurre egiteko, bai eta emakumeen ahotsari leku egiteko ere. Itzulpenaren kasuan, sexuen araberako berezitasun horiek hizkuntza batetik bestera itzultzean gorde eta xede testuan emateko moduak aztertzen dira ere, zeren hizkuntza bakoitzak modu eta molde desberdinen bidez sexuatzen baitu diskurtsoa. Horregatik hizkuntzen arteko itzulpena hizkuntza bakoitzaren metafora sexuatuak eta neutro faltsuak antze­mateko ere baliatzen da maiz, hizkuntzaren bidez ematen diren sinbolizatze pro­zesuen azterketaren barruan, zeren, hiz­kuntzek sexuatze sistema desberdinak dituztenez, errazago ikusi ohi baitira hizkuntza bakoitzean erabiltzen diren sexismoaren adierazleak kanpotik, hizkuntzaren barnean murgilduta baino (ingeles bati nabarmen gerta dakioke jakitea frantsesez emakume bati "le professeur" deitu behar zaiola, baina aldi berean ez erreparatu ingelesez emazteak ezkondutakoan abizena galdu beharrak dakarren emazteen desagertzeari).

Beste aldetik, hizkuntzen barruko itzulpena baliatuz hizkera berria sortzen saiatzen da. Feminismoaren transgresioa hizkuntzan honela da gauzatzen: "ni emakumea naiz" esanez, halakoa aurreikusia ez den lekuetan. Horretarako hizkuntza bakoitzaren barruan, hizkera patriarkaletik hizkera feministarako itzulpena erabili ohi du feminismoak, besteak beste.

Emakumeen irudiaren kalterako estereotipoak agerrarazi eta ezabatzeko, hizkuntzaren barruan, hizkuntzen barruan, dauden mekanismo zuzentzaileak baliatuz sexismo gabeko hizkera sortzea izan da feminismoak emaniko lehen pausoa. Alabaina, hori hizkuntzak emakumeon aurka duen karga ideologikoaz ohartarazi eta arintzeko balio badu ere, matxismoaren irain eta mespretxuzko adierazpen gordinenak ezabatzeko balio badu ere, gizartean horren errotua den ideologia patriarkala ez da izendatze politikoki zuzenen zerrendak edo eskuliburuak automatikoki erabiliz gaindituko. Hizkuntzak gizartean eragiten du eta hizkuntza aldatu gabe ez liteke gizartea aldatu, baina hizkuntza aldatzeak soilik ez du gizartea aldatzen, hizkuntza gizartearen aldatzeko ezinbesteko baldintza izanik ere, gizarteak baldintzatua delako. Adibide baterako, ingelesez lehen erabiltzen zen "chairman" emakumezkoen baztertzailearen ordez "chairperson" asmatu eta orain bigarren hori erabiltzen omen dute, baina "chairman" hitzaren esanahi berarekin, gizonezkoak aipatzeko, alegia.

Adibideak balio ahal digu euskaldunoi, genero gabeko izendatze sistema dugulako sexismotik at bizi garenaren ustean ez usteltzeko.

Itzulpen irizpide berriak Feminismoak hizkuntzari eginiko kritikak ondorio zuzena du itzulpenean, batez ere bi arlo hauetan: nola itzultzen den emakumezkoen hitza, eta nola berregituratzen diren jatorrizko diskurtsoak, maiz diskurtso baztertzaile direnak, xede hizkuntzan emakumezkoei leku egiteko.

Feminismoak hizkuntza aztertzerakoan unibertsal neutroa faltsua dela eta benetan maskulinoaren adierazle dela azaltzen duen bezala, itzultzailearen ustezko neutraltasunari ere so egiten dio eta zalantzan jartzen itzulpengintza errepikatze lan bezala azaltzen duten orain arteko teoriak.

Orain arteko itzulpen teoriak jatorrizko testuarekiko leial eta baliokide izango den itzulpen biribil bakarra lortzeko ereduaren bila ibili dira. Azken teoria postkolonial eta feministek, berriz, birkodetze prozesua baino areago komunikazio prozesua dute itzulpenean ikusten, eta prozesu horretan itzultzailea ez da jadanik bitartekari neutro eta ikusezina. Ardura berria hartzen du bere gain, bi erkidegoen arteko bitartekari lanetan, non bere hautuen erantzule agertzen baita.

Lawrence Venuti-k dioenez, testua bere gizarte eta historia inguruabarretan kokatu behar da eta kontuan hartu politikoki jokatzen duen rola:

"This would involve examining the place and practice of translation in specific cultures, addressing such questions as which foreign texts are selected for translation and wich discursive strategies are used to translate them, which text strategies and translations are canonized or marginalized, and which social groups are served by them"<ahref="#oh1">5.

Azterketa horien ondorioz, eta itzulpen proiektu bakoitzak duen asmoaren arabera, itzultzeko estrategia desberdinak sor daitezke. Itzultzailea jatorrizko testuaz egiten duen interpretazioaz mintzo da, bai eta itzultzerakoan hautatu dituen estrategietaz ere.

Sistema patriarkalak antolaturiko hierarkian itzulpena eta emakumea bigarren mailan kokatu ditu eta kategoria eta metafora berdinak erabili ditu maiz, haietaz mintzatzeko. Susan Holbrook teorizatzailearen hitzetan "…translation is marked by a gendered metaphorics that presumes a male author and a female translator"<AHREF="#OH1">6.

Itzulpenaren teoria-esparru tradizionalak sorturiko metafora sexisten adierazle gisa, honako esaldi hau dugu: "La traduction est comme la femme, plus qu’elle est belle, elle n’est pas fidèle, plus qu’elle est fidèle, elle n’est pas belle"<AHREF="#OH1">7.

Halako baieztapenari Susanne de Lotbinière Harwood Kanadako itzultzaileak, bere liburu baten izenburuaren bitartez, honela erantzuten dio: "Re-belle et Infidèle: La Traduction comme Pratique de Réécriture au Féminin"<AHREF="#OH1">8.

Itzultzaile honek jatorrizko testuaren idazlearekin parez pare jartzen du itzultzailea, idazlearekin batera egile, eta honela azaltzen du itzultzailearen zeregina:

"To embody the traditionally silent and invisible figure of the translator, whom feminism has empowered to speak in her own voice. Also, to put myself as a partner in a full-fledged relationship with ‘my’ authers, for feminist writers and translators have rejected longstandig ‘master-slave’ paradigm of writing versus translation, and replaced it with the love relationship paradigm, making her and I co-authors of the translated text"<ahref="#oh1">9.

Itzultzaile honek testu feministen itzulpenetan baliatzen du halako itzultze modua, idazle feministekin elkarlanean. Patri­arkatuaren aurka jotzeko ekintza politikoa da haren itzulpengintza. Hizkuntza bietan eragin nahi du idazle-itzultzaile bikoteak, eta hartara, esanahiak ez dituzte soilik jatorrizko hizkuntzatik xede hizkuntzara ekartzen; xede testuak jatorrizko testuan ere eragiten du, eta jatorrizko hizkuntzaren nola xede hizkuntzaren ideologia patriarkalean eragiten du. Hizkuntzen ideologia patriarkalaz gogoetak egiteko aukera ematen du itzulpenak, bai eta hizkuntza bietan eragiteko, hizkera patriarkal nagusituari emakumezkoen eskarmentuz blaituriko hizkeraz erantzunez. Hizkuntzen arteko itzulpenaz gain, hizkuntza bakoitzaren barruan ere gertatzen dira esanahi ekarpen berriak, eta argira ekartzen emakumeok hizkera arrotzean moldatzera behartuak garela eta hartara, etengabeko itzulpen lanetara. "I am a translator because I am a woman" dio de Lotbinière-Harwood-ek<AHREF="#OH1">10.

Horrelako itzulpenak jatorrizko idazlearen eta itzultzailearen arteko elkarlana eskatzen du eta idazle biziekin egin badaiteke, zailagoa da jatorrizko testura hain modu dinamiko eta sortzaileaz hurbiltzea, baldin eta jatorrizko testuaren idazlea ez bada bizi edo parte hartu nahi ez, edo ezin badu; horrek testura tentu handiagoz hurbiltzera behartzen du itzultzailea.

Edozelan ere, itzultzailea itzulpenaren egile gisa agerian da; De Lotbinière-ren hitzetan esateko:

"The difference with rewriting in the feminine is that, unlike the patriarchal agenda, where the underlying order of discourse is made invisible by passing itself off as "normal" and "natural", the feminist agenda has its political cards on the table. The hand mediating is overt in its intentions"<ahref="#oh1">11.

"Normal" eta "natural" gisa patriarkatuak mahaiaren azpitik pasa ohi dituen kartetaz ere arduratzen dira itzulpen feministaren teorizatzaile eta ikerlariak, zeren itzulpena emakumeoi munduan leku egiteko erabil daitekeen bezala, ezkutatzeko ere erabil baitaiteke, eta hala erabiltzen ere du itzulpengintza patriarkalak.

Emakumeen ikusezintasuna aipatzen denean ez da horrenbeste emakumeok dugun berezitasun batetaz mintzo, nola patriarkatuak guztiongan eragiten duen itsumenaz.

Eta itsutzen gaituen egitura patriarkalaren elementuak argitara ekarri eta sistema desegiteko bidea irekitzeko, hain zuzen ere, ekin dio feminismoak ohiko itzulpen teoriek ezarri "leialtasun" eta "baliokidetza" printzipioen arabera egiten omen diren itzulpenak kritikatzeari.

Itzulpen patriarkalen kritika; zenbait adibide

Feminismotik kritikaturiko testu eza­gunena Biblia dugu. Testu horren mezuei patriarkatuaren kutsua dariela kritikatu du betidanik feminismoak. Erlijio kristauak –zeinek ez?– emakumeoi leku gutxi eta txarra ematen digula uste izan du beti feminismoak. Baina kristautasunaren barrutik ere altxatu dira emakumeen aurka doazen mezu horiei aurre egiten dieten feministen ahotsak… eta itzulpenari egotzi diote mezu horien sexismoaren erantzukizuna. Horrek orain arte egin itzulpenak berrikusi eta sexismo gabeko proposamen berriak egitera bultzatu ditu delako feministak.

Gizonen arteko solas moduan agertzen da Biblia, non Jainko aita jauna, anaiak, gizonak eta abar agertzen diren protagonista nagusi, eta haien ondasun gisara, berriz, emazte, haur eta abereak.

Mezu horiek hebraiera eta grekerazko testuekin erkatu eta haien orain arteko interpretazio patriarkalak okertzat emanez, interpretazio berriak eskaintzen dizkigute, baina ez soilik atzera begira, orain arteko itzulpenak jatorrizko testuarekin leialtasun faltaz aritu direla kritikatzeko, baizik eta aitzina begira, batez ere, hau da, xede testuak bete behar duen funtzioari garrantzi berezia eta lehentasuna emanez.

Jokamolde hori erabat kokatzen da itzulpen teoria postkolonialaren eta feministaren printzipioen barruan. Biblia berraztertzen duten feministentzat itzulpenaren funtsezko egitekoa emakumezkoei ere, gizonezkoei bezala zuzen dakizkien testuak sortzea da, eta horretarako mezuaren forman egin beharreko aldaketa guztiak egiteko prest dira. Horretan batzuk besteak baino aitzinago joaten dira. Adibiderako, batzuei "anaiak" dion lekuan "anaia-arrebak" edo "ahizpa-nebak" jartzea aski bazaie ere, beste batzuek "Jauna" eta horrelako hitzak ere kendu eta sexuz markatu gabekoak jartzen dituzte, bai eta agertzen diren pasarte sexistak, sortu nahi duten gizarte berdinzale berriaren moldeetara egokitzen saiatzen dira, garai zaharretako mezuak garai berrietara egokituz, betiere Biblia emakumezkoei zuzenduriko testua bihurtze aldera.

Testu xumeagoetara etorrita, emakumezko zenbaiten testuei eginiko hainbat itzulpen patriarkalen azterketak ere aipatu nahi ditut.

Lehenengoa Kordobako Unibertsitatean Anna Freixas eta Mª Luisa Calero ikerlariek ingelesetik gaztelaniara itzulitako testu baten azterketa dugu<AHREF="#OH1">12. Generoari buruzko testua da, itzultzaile profesional batek itzulia. Alabaina, profesionaltasun horrek ez dio kentzen itzulpena sexismoz kutsatzetik: paragrafo osoak ezabatzen ditu, hitzak ere bai, beti testuaren mezu feminista ezabatzeko bidean. Adibide baterako, aipaturiko ikerlari feministek diotenaren arabera, hona hemen egiten omen dituen bidegabekerien adibide batzuk:

Honako hau esan behar zuen lekuan:

"Esto en gran medida es debido a la influencia del feminismo y de los argumentos de la educación multicultural antirracista";

Osorik isiltzen du.

Honako honetan, berriz, kortxete arteko guztia ezkutatu omen du:

"Las chavalas estaban ligeramente escandalizadas del hecho [pero sobre todo lo desaprobaban] más que por el hecho en sí…"

Edo:

"Se sabe que los chicos reciben [mucha] más atención que las chicas"

Erantsi ere eransten omen du:

"Las chicas cuando se juntan en una clase mixta, en lugar de aprovechar su ventaja inicial [si la tienen] para mantenerse por delante de ellos…"

Bere gogara itzultzen ditu ere ingelesezko hitzak, eta modu desberdinez neskei buruz edo mutilei buruz esaten badira:

"Quietness" neskei dagokienean "docilidad" hitzaz du ordezten;

Eta "high-capacity" neskentzat bada "bastante listas" baina mutilentzat "más capacitados".

Eta halako abar luze batez, itzultzaileak mutikoen aldeko joera nabarmena hartzen du eta neskak ezkutatzekoa, jatorrizko testuaren mezua guztiz desitxuratzeraino. Itzultzaileari eraman ezina zaio, nonbait, testuak dioena, testuari kutsu feminista gehiegi igarrita edo; eta besterik gabe aldatzen du, diskurtsoa patriarkatuaren mugetara egokituz.

Nabarmena da patriarkatuan emakumeen diskurtsoari eman ohi zaion garrantzi eskasa baino eskasagoa; emakumea ez da bere hitzen jabe, horregatik emakumeen hitza ez bada gizarteak haiei emaniko lekuaren mugetan mantentzen, haiei ezarri moldeetatik ihes egiten badu, hitz desegoki eta okertzat hartu eta zuzen daiteke beti, patriarkatuaren arauetara egokitzeko.

Halako egokitzapenak, halako emakumeen hitzak androzentrismoak bultzaturik hutsaltzea, maiz gertatzen dira, ez bakarrik testu arruntetan, baina baita literaturan ere. Alor horretara joz, Mary Wollstonecraf-ek idatziriko "A vindication of the Rights of Woman" liburuaren lau aleman itzulpenei Elisabeth Gibbels, Humboldt Unibertsitateko ikerlariak egin kritika<AHREF="#OH1">13 ekarri nahi dut lerro hauetara.

Garai desberdinetan (1793/94, 1898, 1989 eta 1999. urteetan) eginiko itzulpen horien azterketak erakusten digu Wollstonecraft-en lanari ez zaiola onartzen literatura baliorik eta hartara, idazlearen erretorika, konbentzionaltasun eza, hizkera hibridoa eta testuan den hetereogeneotasuna idazleak nahita hautaturiko estilo direla onartu eta xede testura ekartzen saiatu ordez, akatstzat hartu eta lau itzulpenetan (garai berrienetako itzulpena ez da hobea, baizik eta maiz lauetan txarrena) "zuzendu" dituzte, eta hala eginez, jatorrizko estiloa erabat apurtu eta zekarren balioa ezkutatu dute.

Lau itzulpenen xehetasunetan sartu gabe, hona hemen nola adierazten duen Gibbels andreak lau itzulpenek jatorriko testutik galtzen utzi dituzten balioak eta horren ondorioak xede testuaren bizi ahalean:

"In the case of the German translations of A Vindication of the Rights of Woman, hybrid features have become homogenized, intricate and longwinded sentences have been broken up, drastic expressions have become softened and unconventional discourse positions conventionalized. The German translations fail to see the "flaws" as integral to the feminist speaking voice and have produced German texts that are less functional as discourse founders. By producing good, acceptable translations for the German target audience, the translators have delivered weakened texts that not testify to Wollstonecraft’s discursive struggles."

"The transgresion of genre boundaries made her enterprise an excursion into a no-go area. The attempt at writing in that genre is a positioning gesture in itself that has become part of the book’s impact in English. It will be argued that the indifferent reaction in the German literary world towards A Vindication of the Rights of Woman is partly due to the translator’ positioning strategies that failed to recognize and respect Wollstonecraft’s specific hiztorical discourse position and the reusulting rhetoricity in the text".

Antzeko trataera jaso ohi du Virginia Wolf-ek ere, zeinaren diskurtsoko ahotsen aniztasuna eta ikuspuntuen fokalizazio desberdinak bere estiloaren ezaugarri berezkotzat hartu ordez, maiz Wolf-en ezintasun baten ondoriozko akats gisa hartzen baitituzte itzultzaileek eta "zuzentzen", testua argiago eta irakurterrazago egite aldera.

Egile horren To the Lighthouse obraren frantsesezko bi bertsio erkatu zituzten Gora Gisbert eta José Santaemilia, Balentziako Unibertsitateko ikerlariek, eta jatorrizko testura hurbiltzeko bi modu desberdinek emaniko bi itzulpenen arteko aldeak azaltzen dizkigute bertan<AHREF="#OH1">14.

Lehenengo itzultzaileak gramatika eta sintaxiaren zuzentasunari, bai eta ohiko erretorikaren arauei begira itzuli omen du, eta Woolf-en estiloa desitxuratzen eta "normaltzen" du; bigarren itzulpenak, berriz, idazlearenganako errespetu handiagoz jokatu duela erakusten digute, eta haren estiloa, haren esan asmoak, ohiko hizkera "onaren" arauen gainetik jarriz, Woolf-en hitzetatik gertuago mantentzen omen da.

Wollstonecraft-en alemanerazko itzulpenetaz esan bezala, Woolf-en kasuan ere ikus daiteke nola irakurketa patriarkala egiten duen itzultzaileak jatorrizko testuaren egileak erakutsi indarra eta irmotasuna, bai eta gizonen gainean egin aipamen gogorrak, leundu ohi dituen ("he was a failure" > "il avait manqué sa vie") eta emakumezkoen aipamenei, berriz, kutsu gutxiesgarria eransten ("old woman" > "vieille femme").

Aipatu nahi dudan azken azterketa Valerie Henitiuk kanadar ikerlariak japonierazko emazteen antzinako testuen ingelesezko itzulpenen gainean eginikoa da<AHREF="#OH1">15. Bertan japoniar emazteen literatura tradizioa azaldu, eta erakusten du nola ingeleserako itzulpenak bitartekari androzentrikoek egin dituztelarik, emakumeen ahotsa galdu den ingelesezko bertsioetan:

"Phallocentric translators may succeed in only superficially translating the woman-as-text, unaware of other, deeper levels of significance… Reading the submerged text requires an active choice to do, as well as possession of the appropiate tools and the ability to ask the right questions that will bring it into the foreground. Translations produced by male readers may well silence parts of a woman author’s message by being simply oblivious to the significance of, for example, metaphors of sexual power relationships… They would be ‘resisting readers’… resistant to subversive meanings and characterizations in texts that may threaten the patriarchy and its view of the world. Where a muted female story wich may or may not involve subversion, is essential to the text, such selective translation would constitute gross misrepresentation."

"Male readers" aipatzen duenean ez da, bere artikuluaren beste nonbait azaldu du hori, "male" hori esentzialismoz ulertu behar, ezpada feminismoak "emakume", "identitate", "genero", "sexu" eta abarreko kategoria unibertsalei ezarri erlatibismoaz.

Horren harira, Pilar Godayol, Vic-eko unibertsitateko irakasleak honela azaltzen digu zer izan daitekeen emakume gisa, emakume moduan itzultzea:

"In the end, what is translating as/like a woman if not situating oneself in an indeterminate space, neither inside nor outside, questioning and problematizing one’s own identity? It is an activity that involves making use not of speciously neutral, so-called objective strategies, but rather dynamic procedures and tactics, wich negotiate and are negotiable, open and contingent, wich never assume the absolute totality of a feminine subjectivity in translation".

Hala talde menperatzaileek nola menperatuek gizartearen gaineko usteak sortzen dituzte maila inkontzientean, mundua bere bizipenen arabera birsortzen ari dira etengabe, baina talde menperatzaileek dituzte, ordea, konzientziaren antolaketarako egiturak kontrolatzen; halako kontrola hautsi nahian dabil feminismoa, emakumeen hitza entzun dadin. Horretarako, emakumezko idazlearen alde kokatzen da itzultzaile feminista, haren lana hutsaldu eta desitxuratzen duen irakurketa patriarkalaren aurka.

BIBLIOGRAFIA



Calero Fernández, Mª Ángeles: "La identidad femenina en el discurso lexicográfico" in Quaderns de Filologia. Estudis Lingüístics. VII. alea (2002), 25-46. orr.)

Cameron, Deborah (argitaratzailea): "The Feminist Critique of Language: A Reader" Routledge. 1999.

Fernández de la Torre Madueño, María Dolores, Medina Guerra, Antonia, Taillefer de Haya, Lidia (argitaratzaileak): "El sexismo en el lenguaje" CEDMA. 1984 (Bi ale).

Godayol, Pilar: "Frontera Spaces. Translating as/like a Woman" Universitat de Vic.

Gregory, Michael, Carroll, Susanne: "Language and Situation. Language Varieties and their Social Contextes" Routledge. 1978.

Henitiuk, Valerie: "Translating Woman: Reading the Female Throug the Male", in Meta, XLIV,3, 1999. (469-484 orr.)

Hidalgo Navarro, Antonio, Grupo Val.Es.Co.: "Variación prosódica y diferencias de sexo en torno a sus correlatos funcionales" in Quaderns de Filologia. Estudis Lingüístics. VII. alea (2002), 3-21. orr.)

Irigaray, Luce: "Sexes et genres à travers les langues" Grasset. 1990.

"Le sexe linguistique" Langages, nº 85, Grasset. 1989.

Martín Rojo, Luisa, Garí, Aitana: "El obstáculo de ser mujer. Prácticas comunicativas en el trabajo", in Quaderns de Filologia. Estudis Lingüístics. VII. alea (2002) 129-143. orr.)

Moi, Toril: "Teoría literaria feminista" Cátedra. 1995. (Itzultzailea: Amaia Bárcena), (Sexual/Textual politics; Feminist Literary Theory).

Mukherjee, Arun, Mukherjee, Alok, Godard, Barbara: "Translating Minoritized Cultures: Issues of Caste, Class and Gender", in Postcolonial Text, 2. alea, 3. zbk. (2006)

Niedzwiecki, Patricia: "Le langage au féminin" Castells-Labor. 2000.

Santaemilia, José (argitaratzailea): "Género, lenguaje y traducción" Universitat de València. 2003.

Santaemilia, José, Gallardo, Beatriz, Sanmartín, Julia (argitaratzaileak): "Sexe i llenguatge: La construcció lingüística de les identitats de gènere. Universitat de València. 2003.

Spencer, Luisa, eta beste: "La educación lingüística. Trayectorias y mediaciones femeninas" Antrazyt. 1997. (Italieratiko itzultzailea: Belén Garí)

Vigara Tauste, Ana Mª, Jiménez Catalán, Rosa (Argitaratzaileak): "Género", sexo, discurso"

Violi, Patrizia: "El infinito singular" Cátedra. 1991. (Itzultzaileak: José Luis Aja, Carmen Borra, Marina Caffaratto), (L’infinito singolare).

Wolf, Michaela: "The Creation of a "Romm of One’s Own" Feminist Translators as Mediators betwen Cultures and Genders" Universität Graz.

Wolf, Michaela: "The female state of the art. Women in the "translation field", in Sociocultural Aspects of Translating and Interpreting.

Yaguello, Marina: "Les mots et les femmes" Payot. 1987.


Oharrak:

  1. Wolf, Michaela: "The female state of the art", in Sociocultural Aspects of Translating and Interpreting, 129-141. or.

    2. Wolf, Virginia: Collected Essays, II. alea. Hogarth Press, 1966

    3. Bajtin, Mijail: Le marxisme et la philosophie du langage. Minuit, 31. or.

    4. Irigaray, Luce: Le sexe linguistique. Langages, 85. alea. Grasset, 1989.

    5. Venuti, Lawrence: Rethinking Translation: Discourse, Subjectivity, Ideology. Routledge 1992.

    6. Holbrook, Susan: "Mauve Arrows and Erotics of Translation" in Essays on Canadian Writing, 61, 232-241. or.

    7. Ferré, Rosario: "Ofelia a la deriva en las aguas de la memoria" in El coloquio de las perras, Rio Piedras. Editorial Cultural. 1990

    8. De Lotbinière Harwood, Susanne: "Re-belle et Infidèle: La Traduction comme Pratique de Réécriture au Feminin/The Body Bilingual: Translation as a Rewriting in the Feminine" in *Les Éditions du remue ménage & Women’s Press*. 1991.

    9. De Lotbinière Harwood, Susanne: "Acting the (Re) Writer: A Feminist Translator’s Practice of Space" in Fireweed 44/45. 1994.

    10. de Lotbinière-Harwood, Suzanne. Re-belle et infidèle: la traduction comme pratique de ré-écriture au féminin / The Body Bilingual: translation as a re-writing in the feminine. Les Éditions du Remue-ménage / Women’s Press. 1991, 95. or.

    11. Idem, 100-101. or.

    12. Freixas, Anna, Calero, Mª Luisa: "Sexismo y traducción. Reflexiones a partir de un texto" in "Género, lenguaje y traducción" Universitat de València. 2003. 399-420. orr.

    13. Gibbels, Elisabeth: "Positioning Strategies in the "Province of Men": Mary Wollstonecraft’s A Vindication of the Rights of Woman and its four German translations", in Género, lenguaje y traducción, Universitat de València. 2003. 336-347. or.

    14. Gisbert, Gora, Santaemilia, José: "Gender and Translation: Virginia Wolf’s To the Lighthouse in French" in Género, lenguaje y traducción, Universitat de València. 2003, 474-484. or.

    15. Henitiuk, Valerie: "Translating Woman: reading the Female Through the Male" in, Meta, XLIV, 3, 1999, 469-484. or.