Testu feministen itzulpengintza: borrokarako beste tresna bat?
Amaia Astobiza Uriarte

2023ko irailean, EIZIEko lagunek antolatuta, testu feministen itzulpenari buruzko solasaldi bat egin genuen. Ana Morales, Danele Sarriugarte eta Amaia Astobiza bildu ginen mahaiaren inguruan, aztertzeko, besteak beste, ea langintza hori ere borrokarako tresna bat izan daitekeen. Oro har, lau alderdiri begiratu genien: nola eragiten diote elkarri gogoeta/praktika feministak eta testu feministen itzulpengintzak?; nola islatzen da gure ikuspegi feminista testuetan?; lortzen al dugu mugimendu feministaren hizkuntza-ohiturak jasotzea eta haren gabeziak betetzea?; itzultzaile gisa, zer baliabide ditugu eta zer tresna falta zaizkigu testu idatzietako terminologia bateratzeko? Solasaldi hartan aleturiko ideia nagusiak laburbilduta dakartzagu artikulu honetan.