Testu feministen itzulpengintza: borrokarako beste tresna bat?
2023ko irailean, EIZIEko lagunek antolatuta, testu feministen itzulpenari buruzko solasaldi bat egin genuen. Ana Morales, Danele Sarriugarte eta Amaia Astobiza bildu ginen mahaiaren inguruan, aztertzeko, besteak beste, ea langintza hori ere borrokarako tresna bat izan daitekeen. Oro har, lau alderdiri begiratu genien: nola eragiten diote elkarri gogoeta/praktika feministak eta testu feministen itzulpengintzak?; nola islatzen da gure ikuspegi feminista testuetan?; lortzen al dugu mugimendu feministaren hizkuntza-ohiturak jasotzea eta haren gabeziak betetzea?; itzultzaile gisa, zer baliabide ditugu eta zer tresna falta zaizkigu testu idatzietako terminologia bateratzeko? Solasaldi hartan aleturiko ideia nagusiak laburbilduta dakartzagu artikulu honetan.
Sarrera
2023ko irailean, EIZIEko lagunek antolatuta, testu feministen itzulpenari buruzko solasaldi bat egin genuen, Donostian. Ana Morales, Danele Sarriugarte eta Amaia Astobiza bildu ginen mahaiaren inguruan, aztertzeko, besteak beste, ea langintza hori ere borrokarako tresna bat izan daitekeen. Lehen-lehenik, azalduko dut zergatik elkartu ginen gu hirurok solasaldirako, eta ez han egon zitezkeen —zintezketen— beste hamaika itzultzaile.
Gidari-lana niri egokitu zitzaidan, lehenago ere gogoeta horri buruzko interesa azaldua nuelako, eta berariaz elkartu nahi izan nituen nire bi solaskideak, Danele Sarriugarte eta Ana Morales. Nire antzera, gertu samarretik bizi dituzte Danelek eta Anak mugimendu feministaren hausnarketak eta borrokak, baina, nik ez bezala, saiakeraz gain askotariko testuak itzultzen dituzte (narratiba, poesia, erakundeen testuak —txostenak, egitarauak…— eta abar); beraz, nik baino ikuspegi zabalagoa dute eta nik baino korapilo askotarikoagoak askatu behar izan dituzte. Gainera, batak eta besteak desberdin begiratzen diete terminologiari eta bestelako hizkuntza-baliabideei. Ana zuzentzaile dabil EHUn; zorroztasunez begiratzen die terminologiari, kolokazioei, esamoldeei, eta askotan agertu izan du horri buruzko kezka. Ostera, Danele solteago- edo aritzen da horretan, arretarik erneena beste kontu batzuetan jarrita. Horregatik, bi ikusmolde horiek elkartu nahi nituen, eta haien arteko zubi-lana egin, nahiz eta ni neu ez naizen batere erdibidekoa: Elhuyarren lan egiten dut, eta nire jarduna, neurri handi batean, terminologiaren bueltakoa da. Horregatik edo, feminismoaren alorreko testuak itzultzen ditudanean ere arreta handia jartzen dut lexikoan eta terminologian, eta asko begiratzen diet testuen eta diskurtsoen arteko elkarrizketa ahalbidetzen duten gainerako hizkuntza-baliabideei ere, jardun eta borroka feministari ezinbestekoa duen koherentzia eta sendotasuna ematen diotelakoan.
Galdera-erantzunak eta bestelako bideak tarteko, kontu jakingarriak atera ziren mahai gainera, eta saiatuko naiz haietako batzuk lerrootara ekartzen, aurrerantzeko gogoeta eta jardunen lagungarri izango direlakoan. Solasaldia Youtuben duzue ikusgai, eta batetik besterako joan-etorrietan ere entzun dezakezue, irudiak ikusi barik, ahotsak erraz bereizten baitira; gainera, proba egin dut, eta, patxadaz hitz egiten dugunez, 1,25eko abiaduran ere ederto ulertzen da (ordubete inguruko entzunaldia). Beraz, ez ditut han esandako denak ekarriko, eta ez dut egingo solasaldiaren kontakizun goitik beherakoa ere. Testuingurua apur bat gehiago zehaztu, eta mahai gainean jarritako kontuen bildumatxo bat egingo dut.
Hasierakoak
Geure buruak aurkezteko eta gaiari heltzen hasteko, beste ezertan hasi aurretik, galdera honi erantzun genion hiru solaskideok, aurretik prestatutako testuen bidez: «Atzera begiratuta, zerk ekarri zaitu gaur testu feministen itzulpengintzari buruzko solasaldi batean parte hartzera?».
Danelek lista bat ekarri zuen planteatutako galderari erantzuteko: «Hona ekarri nau irakurtzeak. Hona ekarri nau idazteak. Hona ekarri nau zuzentzeak (…) Hona ekarri nau injustizia-sentsazioak. Hona ekarri nau borrokarako gogoak (…) Hona ekarri nau hitzaren arrak. Hona ekarri nau bizibidea aurrera ateratzeak. Hona ekarri nau armairutik ateratzeak. Hona ekarri nau beste zerbait eraiki nahi izateak. Hona ekarri naute itxaropenak, pozak eta gogoak». Geroago solasaldian esan zuenez, beraren kasuan oso lotuta joan dira beti bizitza pertsonala eta alderdi publikoa, baita idazle- eta itzultzaile- jardunak ere, eta hori guztia transfeminismoaren barruan kokatzen du berak.1
Anak tren-bidaia baten bidez adierazi zuen feminismoaren eta itzulpengintzaren bueltan egindako ibilbidea. Trena «ustekabean, Literatura Unibertsala estazioan gelditu zen, jakin-guraz. Begiratu bat ematera jaitsi nintzen. Zorionez, Jane Austen kaleko irteera hartu nuen, eta mundu berri bat zabaldu zitzaidan. Kontratu bat eskuratu nuen Harrotasuna eta aurrejuzguak itzultzeko. Nire lehen itzulpen inportantea, eta nire lana bete-betean feminismo kontzientearekin uztartu zuena. Baten bat ohartu ez bada ere, Austenek ez baitu maitasunaz idazten, ekonomiaz idazten du».
Azkenik, nire txanda iritsi zen. Kontatu nuen nola lehenengoz haurdun geratu nintzenean hasi nintzen jabetzen nik neure buruaz nuen irudia eta beste denek nitaz zutena guztiz desberdinak zirela, eta nire inguruko emakume guztiei ere gauza bera gertatzen zitzaiela. Alegia, behin haurrak munduratzeko zereginetan hasita, guztiek, guzti-guztiek, lan erreproduktiboen esparruan kokatzen gaituztela, kontzeptu hori Feminismoa eta Berdintasuna hiztegian (Eusko Jaurlaritza, 2020) jasota dagoen moduan ulertuta, hots, seme-alaben zaintzaz harago eta sakonago. Horrek gaixotu egin ninduen, eta, osatze-prozesuan, Silvia Federici itzultzeko aukera suertatu zitzaidan; hortxe hasi nintzen, kontzeptuz kontzeptu eta terminoz termino, zuloan gora egiten. Horregatik, niretzat ezinezkoa da nire itzultzaile-jarduna eta nire kezka sozial eta politikoak bereiztea.
Aurkezpen horiek nitik abiatzen badira ere, erraz irudikatu dezakegu beste hainbat itzultzailek ere antzeko bideak egingo zenituztela testu feministen itzulpenera iristeko. Eta, zuetako asko testuz kanpoko militantzietan eta bestelako jardun feministetan ere ibiliko zaretenez, egokia iruditu zait mahai- Cap Roig ingururako gidoia prestatzen ari nintzela idatzitako gogoetaren zati batzuk hona ekartzea:
Borroka feministan, askotan, gorputzak jarri behar izaten ditugu lehen lerroan, guk orain, geure burua aurkeztean, jarri ditugun moduan. Gorputz horiek ez dira neutroak, ez dira mutuak; ibilbide bat adierazten dute, jarrera bat, intentzio bat.
Itzultzaileok, baina, ez ditugu gorputzak jendaurrean jartzen, ez behintzat itzulpen-lana egiten ari garen bitartean. Edukia ere ez da gurea. Ahotsari dagokionez, ez dakit zer esan; ez dakit zer neurritaraino identifikatzen duen irakurleak liburu bat haren itzultzailearekin.
Beraz, gorputzik ez, edukirik ez, ahotsa zalantzan... Zer baliabide geratzen zaigu itzultzaileoi borrokarako? Gure hautu lexiko, terminologiko eta sintaktikoek badute eraginik borroka horretan, eztabaida feministen bilakaeran, haien zabalkundean?
Lortzen dugu mugimendu feministaren hizkuntza-ohiturak jasotzea? Ba ote dagokigu guri haren gabeziak betetzea? Lortzen dugu diskurtso feministak sakontzen eta garatzen jarraitzeko behar dituen hizkuntza-baliabideak plazaratzea? Badago bi aldeen arteko elkarrizketarik, joan-etorriko biderik?
Saiakera vs beste generoak
Saiakeraren eta gainerako generoen itzulpenaren arteko desberdintasunei dagokienez, Danelek nahiago du saiakera itzuli narratiba baino, errazagoa begitantzen zaiolako eta bestela irakurriko ez lituzkeen testuak irakurtzeko aukera ematen diolako. Haren ustez, testuarekin dugun lotura afektiboak eragina du gero itzulpenean: «Testua zuretzat inportantea bada, edo asko errespetatzen duzun pertsona batek idatzi badu, pozarren itzultzen duzu, eta itzelezko ohorea sentitzen».
Anak, berriz, ez ditu oso desberdintzat jotzen, baina ñabardura batzuk zehazten ditu. Edukiaren eta estiloaren artean aukeratu behar duenean, lehenari bigarrenari baino garrantzi handiagoa ematen dio, hau da, kontzeptuen eta arrazoiketaren transmisioari. Haren hitzetan, «forma eta edukia islatzeko ahalegin horretan, ikusten baldin badut estiloa islatzeak testuak iluntzeko arriskua ekar dezakeela, errazago emango dut amore edukiaren alde».
Hausnarketa horiek egitean, ez zituzten berariaz aipatu feminismoaren alorreko saiakerak, baina nik behintzat halako lanak izan nituen buruan Daneleren eta Anaren berbak entzun nituenean.
Erreferentziazko testuak
Oraingoan, bai, esplizituki saiakera feministak hizpide hartuta, Anaren ustez agerikoa da erreferentziazko testuen falta. Horrelako lanetan, ohikoa da beste autore batzuen testuak aipatzea hitzez hitz, eta testu horiek ez dira euskaratuta egoten; horregatik, askotan, norberak itzuli behar izaten ditu. Erreferentzietan testu akademikoak aipatzen direnean ere, itzulpen-lana asko korapilatzen da: lehenik, jakin behar da ea euskarara ekarri ote den, eta, hala bada, ea digitalizatuta dagoen. Baina gehienetan ez da egoten digitalizatuta, eta itzultzaileak joan behar du liburutegi batera eta kalkulatu behar du autoreak jatorrizko testuan aipatu duen orri hori gutxi gorabehera non egon daitekeen euskarazko paperezkoan.
Danelek ere antzera bizi du erreferentzien falta hori, eta ikusten du igualtsu gertatzen dela «ez bakarrik borroka transfeministaren barruan, baita beste borroka batzuetan ere»; alegia, «beti hutsetik hastearen sentsazio hori». Askotan, uste izaten dugu guri bururatutako ideia bat edo guk itzuli beharreko zerbait ez duela aurretik inork gogoetatu edo itzuli, eta agian bai, lehenago ere egin izan da bide hori, baina «transmisio-kateak ahulak dira; egiten da lana hori transmititzeko, baina beste transmisio-kate batzuk indartsuagoak dira. Eta batzuetan gertatzen da testu batzuk euskarara itzulita daudela eta jendeak ez duela horren berririk».
Terminologia
Denok bat gatoz honetan: feminismoaren alorreko terminologia ez dago erabat finkatuta, eta, batzuetan, norberak sortu behar du, hutsetik abiatuta. Anak dioenez, «liburu berri bakoitzak izugarrizko pisua dauka. Edo, behintzat, sentsazioa duzu hutsune bat betetzera datorrela eta erantzukizun bat daukazula». Horregatik, itzultzaileak «arakatu behar du han eta hemen, eta begiratu behar du ez bakarrik liburuetan. Sare sozialei adi egon behar dugu, eta hitzaldietara joan, besteek nola erabiltzen duten entzun… Nik uste dut itzultzaile guztiak egoten direla adi pil-pilean dauden diskurtso eta eztabaidetara, badakitelako onuragarria dela beren lanerako».
Bestalde, termino sortu berri batek funtzionatzen duen ala ez jakiteko, erabili egin behar da. «Txanpon bat bezala ibili behar da eskuz esku, ikusteko balio duen, ikasleek eurek sortuko duten beste bat…», dio Anak. Gaur-gaurkoz, baina, terminoek ez dute probaleku egokirik, eta jarraian ateratzen dira plaza zabalera, aurrez ziurtatu barik ea egokiak eta erabilgarriak diren. «Ez dugu graduko genero-ikasketarik», kexu da Ana; baiki, espazio egoki eta emankorra izango litzateke hori kontzeptuak lantzeko eta terminoak sortu eta finkatzeko. Halere, aipatu du badirela terminologiaren dibulgazioa egiten duten irakurle aurreratuak, eta «oso inportantea da kazetariek eta podcast- egileek egiten duten lana»
Corpusak
Behin eta berriro aipatu dugu feminismoaren alorreko testuen corpus elebidun baten beharra. Anak ezinbestekotzat jotzen du, ez bakarrik terminologia kontsultatu eta bateratzeko, baizik eta baita aipu literalak begiratzeko edo kolokazioak aztertzeko ere. Daneleren ustez ere erabilgarria izango litzateke, bai itzultzaileentzat, bai bestelakoentzat ere —adibidez, mugimendu feministako kideentzat—.
Corpus hori sortzea nori dagokion galdetuta, Danelek zalantza agertu du. Borondatea eta baliabideak aipatu ditu, elementu horiek bermatuko dutelako lan hori modu duinean egitea. Haren ustez, egokiena litzateke erakunde publiko batek —Eusko Jaurlaritzak, Emakundek— hartzea zeregin hori, baina ez du uste posible denik; gertagarriagoa ikusten du guk geuk egitea, itzultzaileok, modu informalean. Anak, ostera, Euskararen Institutua aipatu du, beste hainbat corpus ere hark sortu dituelako eta askotariko hizkuntza-baliabideak biltzen dituelako, hala nola hiztegiak, bilatzaile sintaktikoak, artikuluak eta abar; gainera, Anaren esanetan, EHUk badu konpromisoa berdintasunarekin: bere plan estrategikoan sartua du, eta berdintasun-zerbitzu bat ere badu.
Entzuleen artetik, Idoia Santamaría itzultzaileak iritzia eman du horri buruz. Haren ustez, Euskara Institutuak estrategia bat zehaztu behar luke, eta Eusko Jaurlaritzak ere tarte bat izan behar luke horretan. «Benetako plan bat behar da, ez besterik gabe saltoka eta pixka bat momentuko beharrari erantzuten ibili. Benetan ondo planifikatutako zerbait».
Hiztegi jeneralistak eta hiztegi espezializatuak
Ana Moralesek zalantzan jarri du ea Euskaltzaindiaren Hiztegiak hiztegi espezializatuek baino autoritate handiagoa izan behar duen. Hori hobeto azaltzeko, adibide bat erabili du: 2020an, Berdintasuna eta Feminismoa hiztegia argitaratu zen; egileen artean bazegoen aditu-talde zabal eta diziplinarteko bat, baita Euskaltzaindiak izendatutako pertsonak ere. Orduko hartan, bitar eta bitartasun terminoak onartu ziren, eta halaxe dago jasota hiztegiaren paperezko edizioan, baita sareko PDFan ere. Anak termino horiek erabili zituen liburu bat itzultzeko. Gerora, baina, 2023an, Euskaltermek aldatu egin zuen bitar sarrera, eta generoari dagokion adiera kanpoan utzi; orain, binario sarreran dago jasota adiera hori. Hori ikusita, Anak Euskaltzaindiaren hiztegi oinarridunera jo zuen, aldaketaren nondik norakoak jakiteko, eta honela zioen, gutxi gorabehera: «Euskara batuan egin duen ibilbidea kontuan hartuta, Euskaltzaindiak erabaki du generoaren arlorako binarismo eta binario erabiltzea». Zergatik aldatu dute generorako bakarrik, eta besteetarako bere horretan utzi? Zergatik egin da bereizketa hori?
Anak dioen bezala, Euskaltzaindiaren Hiztegia hiztegi orokor bat da, ez da hiztegi espezializatu bat; autoritatea badu ere —«eta denok aitortzen diogu hori euskararen batasunean»—, hizkera espezializatuan jaramon handiagoa egin behar genieke adituei.
Ikuspegi feminista itzulpenetan
Danelek bi kontu bereizi ditu: batetik, testu feministak itzultzea; bestetik, testua edozein dela ere feministeraz itzultzea, hau da, gure ikuspegi feminista erabat eta etengabe kontuan hartuta eguneroko itzulpen-lanetan. «Itzultzen ari zarenean, zu zeu zara. Sentsibilitate handiagoa baldin baduzu segun eta zer indarkeria-kasurekin, horrek eragina edukiko du segun eta zer itzultzen ari zaren (…) Niretzat oso lotuta daude, ezin ditut separatu pertsona eta itzultzailea». Halere, Danelek dioenez, itzulgaiak kasuz kasu aztertu behar dira, eta «beti ez duzu erabaki bera hartuko».
Anak dioenez, engaiamendu feministak blaitzen ditu bere itzulpen-lan guztiak, batera edo bestera: «Zure egunerokoan horrenbesteko garrantzia daukan borroka batek alde guztietatik dauka eragina zugan». Testu feministak «zaletasunez, maitasunez eta motibazio izugarriarekin» itzultzen ditu; eta profesionaltasunez, noski. Dena den, bere eguneroko lan arruntean ere eragin handia du ikuspegi feministak, eta honela azaltzen du berak: «Eguneko 24 orduetan zara feminista, eta, Spider Woman bezala, trajearekin edo trajerik gabe, baina beti zaude hormetara igotzen».
Ikuspegi feministarekin itzultzeko estrategien artean, honako hauek aipatu dituzte:
- Hizkuntza inklusiboa eta ez-sexista erabiltzea.
- Femenino orokorra erabiltzea.
- Beste hizkuntza batzuetan ikusgaiak diren femeninoak, euskaraz ezkutuan geratzen direnak, nolabait agerraraztea.
- Beste hizkuntzetako izenorde generodunak adierazteko lexikora jotzea.
- Testu historikoetan edo aspaldikoetan, ingelesezko man eta gaztelaniazko hombre nola emango diren erabakitzea, kasuan-kasuan eta testuingurua kontuan hartuta (dela gizon uzteko, dela bestelako erabakiak hartzeko —adibidez, pertsona erabiltzea—).
Nolanahi ere, Danelek estrategia horiez hausnartzeko beharra ikusten du.
Eta hortxe utzi genuen solasaldia, norbaitek azken hari-mutur horri heldu eta tira egingo diolakoan.
Oharra
1. Bi irakurgai hauek gomendatu zituen Danelek: Bakartxo Arrizabalaga, «Itzulpena eta feminismoa», 2007, Senez, 32, 81-96); Isabel Etxeberria Ramírez, «Zergatik dira direnak emakume itzultzaileak?», 2020, Senez, 51. 73-79.