Loraldia kultura-jaialdia publiko ez-euskaradunari gerturatzeko proposamena interpretazioaren ikuspegitik
Artikulu honetan, Loraldia euskarazko kultura-jaialdian eta orobat antzeko jaialdietan hizkuntza-kudeaketa egokia egiteko proposamen bat bildu du egileak, interpretazioa eta bestelako itzulpen-modu batzuk ardatz hartuta. Horretarako, halako ekitaldietan lan egin izan duten sei interprete profesionalen iritzia eta esperientzia hartu ditu kontuan.
Sarrera: lanaren abiapuntua
Loraldia urtero egiten den kultura-jaialdi bat da, euskal kultura garaikidea sustatu eta euskal kulturako hainbat ekitaldi biltzen dituena. Jaialdia euskaraz egiten da osorik, eta horrek zailtasunak sor diezazkieke ez-euskaradunei. Horren ondorioz, komunitate euskaradunetik haratago iristeko nahia adierazi ziguten Loraldia jaialdiko langileek; eta, ildo horretatik, Loraldia jaialdiaren hizkuntza-kudeaketarako proposamen zehatz bat garatu dugu lan honetan, non aztertzen den interpretazioa Loraldian nola txertatu eta bestelako itzulpen-modu batzuekin nola uztar daitekeen.
Loraldia jaialdiko langile eta eragileek dituzten beharrizanei erantzuna emateko, elkarrizketak egin ditugu kultura arloan esperientzia duten interpreteekin, haien iritziak jasotzeko eta kultura-ekitaldietako hizkuntza-kudeaketaren egokitasuna aztertzeko. Modu berean, hizkuntzen sektoreko langileen esku-hartze egoki bat diseinatu dugu; alegia, euskal kultura-ekitaldien interpreteentzako plan egoki bat.1
Loraldia
Loraldiak euskal kulturaren diziplina guztiak modu espezifikoan barne hartzen ditu, eta euskal nortasunaren inguruko gogoeta sustatzen du askotariko kultura-adierazpideen bitartez. Horrez gain, euskaradunak ez direnei euskal kultura bizitzeko bidea erraztu nahi die, eta kultura-komunitate euskaradunetik haratago iristea du helburu: «Kultura permeable bat izan behar gara, euskalduna ez den komunitateak Loraldiaz eta euskal kulturaz gozatzeko aukera izan behar du» (Imanol Agirre, komunikazio pertsonala, 2023ko urtarrilaren 23a).2
Jaialdiaren inspirazio-iturria Anton Abadiak 1879an sustatutako Lore Jokoen ekitalditik dator. Abadiaren xede berberari jarraikiz, euskarari merezi duen prestigioa eta espazio soziala ematen die Loraldiak. 2015. urtean gauzatu zen Loraldia Festibala lehen aldiz, eta lehenengo edizio hark eragindako arrakastak ekarri zuen 2016. urtean irabazi-asmorik gabeko kultura-elkarte bat sortzea: Loraldia Kultur Elkartea (Loraldia, d.g.).
Loraldia elkarteko kideek folklorizaziotik haratago joan nahi dute, eta euskal kultura moderno bat ikusarazi (Imanol Agirre eta Mikeldi Uribe, komunikazio pertsonala, 2024ko urtarrilaren 23a). Kultura-jaialdi urbano eta moderno bat eskaintzea da haren funtsa, euskal kultura tradizionaletik urruntzea eta gaur egungo euskal kultura oholtzetara ekartzea: «Euskal Kultura Gaur» (Loraldiaren leloa). Euren fokua kultura hiritarra aldarrikatzea da (Mikeldi Uribe, komunikazio pertsonala, 2024ko martxoaren 19a).
Loraldia jaialdiko arduradunen helburu nagusia datozen belaunaldiei kultura-transmisioaren garrantzia helaraztea da. Loraldia etorkizunari begira dagoen kultura-proiektua baita:
Gure hizkuntza, gure kultura, belaunaldiz belaunaldi familia esparrutik transmititu izan da. Azkeneko lau belaunaldietan, transmisioa eraginkorragoa eta iraunkorragoa izatea ahalbidetu duten kanal berriak bultzatu dira. Loraldia ibilbide hau sakontzera konprometitzen da, ikuspegi globalaren arabera definitutako garai honetako gure kulturaren transmisioa eustea ahalbidetuko duten ideia berritzaileen eskaintza eginez (Loraldia, d.g.).
Loraldiaren jarduera nagusia udaberrian egiten den jaialdia da, eta, 2024ko edizioan, hainbat diziplina artistiko bildu zituen, besteak beste: dantza, musika, antzerkia, literatura, artea, poesia, bertsolaritza, berbaldia, ikus-entzunezko proiekzioak eta mendi-ibilbidea. Nolanahi ere den, diziplinen arteko uztarketak egiten dira ekitaldi gehienetan. Adibidez, literatura-irakurketako ekitaldi batean, bertsoa musikarekin uztartuta egon daiteke.3
Loraldiaren jarduera horien norantza eta ildoa zehazteko, hauek dira Loraldiaren helburu estrategikoak:
- Ikusleria berria (gazteak eta haurrak) txertatzea euskarazko kulturaren unibertsoan, eduki erakargarri, integratzaile eta ospetsu batekin identifikatuz.
- Teknologiaren bidez kanal berriak sortzea, ohiko euskal eredutik eredu irekiago eta integratzaileago batera eboluzionatuko duen kultura transmisioaren eredu berri bat diseinatuko duten gazteen eskutik.
- Gure kultura-ondarearen ezagutza sakontzea, bidea ireki duten eta euskal kulturaren historian behar adinako ospea eskuratu ez duten sortzaileak baloratuz.
- Kulturarekin lotutako sormena sustatzea, ideia erakargarrien eta berritzaileen ekarpena eginez, proiektu berritzaileetan teknologiaren erabilera eginez eta diziplina zein ardura berriak txertatuz.
- Gure kulturaren ezagutza eta transmisioa sustatuko duten beste kultura batzuekin zubiak eraikitzea.
Azken helburu horri jarraikiz, Loraldiaren erronketako bat euskaraduna ez den publikora heltzea eta lotura hori eraikitzea da. Nahiz eta Loraldia euskararen arnasgunea den eta euskara hutsez egiten den, komunitate euskaradunetik haratago iritsi nahi du. Nola gainditu publiko ez-euskaraduna integratzea zaildu lezakeen hesi linguistiko eta kulturala? Nola bermatu euskarari dagokion prestigioa mantentzea ulergarritasuna mugatu gabe?
Lan honen abiapuntua jaialdirako hizkuntza-kudeaketa plan bat diseinatzea da. Horretarako, arazo horri aurre egiteko zenbait proposamen aztertuko ditugu hurrengo ataletan.
Metodologia
Gure erronka Loraldia jaialdia euskaradunak ez diren kulturazaleengana gerturatzea delarik, Euskal Herriko zenbait interprete profesional elkarrizketatu ditugu, euskal kultura-ekitaldiak interpretatzearen auzia hobeki ezagutzeko: Lurdes Auzmendi, Jaione Arregi, Ekaitz Bergaretxe, Koldo Biguri, Claudia Torralba eta Maitane Uriarte.
Ikerketa kualitatibo honetarako, elkarrizketa erdiegituratuak egin ditugu, elkarrizketa egituratuek baino malgutasun handiagoa dutelako eta elkarrizketatuei egokitzeko aukera ematen dutelako. Horrela, elkarrizketa estandarizatu batean edo galdetegi batean baino modu irekiagoan adieraz ditzakete elkarrizketatuek beren ikuspuntuak.
Lan honetan, halaber, elkarrizketetan malgutasuna izatea bereziki interesgarria izan da. Izan ere, gai honen aurreko ezagutzaren hutsuneak betetzeko, elkarrizketatuen esperientziak behar ditugu. Hain zuzen ere, malgutasunez ahalik eta galdera irekienak egin ditugunez, elkarrizketatuek alborapenak ekiditea eta erantzunak ez mugatzea lortu dugu.
Azterlanaren helburuetan oinarrituta, 3 kategoriatan multzokatu genituen galderak:
- Kulturaren sektoreko interpretazioari buruzko galderak
- Euskal kultura-ekitaldirik interpretatu duzu inoiz? Zein izan da zure esperientzia?
- Orain arte interpretatutako kultura-ekitaldietan zer interpretazio- modalitate erabili duzu?
- Zeintzuk dira zailtasun nabarienak kultura-ekitaldiak interpretatzerakoan?
- Loraldia jaialdiko ekitaldi motak interpretatzeari buruzko galderak
- 2024ko Loraldia jaialdiko ekitaldietan, honako diziplina artistiko hauek izan ziren: musika, kantua, dantza, antzerkia, literatura-irakurraldiak, bertso-saioak, poesia-irakurraldiak, artea, arte bisualak. Diziplinaren batean ibili izan zara interpretatzen?
- Ikuskizunetarako espazioei buruzko galderak
- Ezagutzen dituzu espazio hauetako interpretazio-kabinak?: Guggenheim Bilbao Museoa (entzungela), Euskalduna Jauregia (OB gela), Bizkaia Aretoa (Mitxelan aretoa), Itsasmuseum Bilbao, Azkuna Zentroa.
- Zein izan da zure esperientzia kabina horietan? Eroso interpretatu izan duzu?
- Interpretatzeko bestelako sistemarik erabili izan duzu? Kabina eramangarriak erabili izan dituzu?
Elkarrizketa amaitu aurretik, Loraldia jaialdiaren hizkuntza-kudeaketa egiteko gomendioren bat ba ote zuten ere galdetu genien.
Elkarrizketetan galderen eskemari jarraitu bagenion ere, beharrezkoa zenean, galderen ordena eta edukia aldatu genituen, elkarrizketatuek libreki eta modu naturalean hitz egin zezaten. Elkarrizketatuen pentsamendua ez mozten saiatu ginen, eta galderei lotutako beste gai batzuk jorratzeko askatasuna hartu genuen.
Interprete bakoitzarengandik jaso dugun informazio guztia iturri beretik datorrenez, kode bat esleitu diogu interprete bakoitzari:
- INT1 Lurdes Auzmendi (komunikazio pertsonala, 2024ko maiatzaren 13an)
- INT2 Jaione Arregi (komunikazio pertsonala, 2024ko maiatzaren 10ean)
- INT3 Ekaitz Bergaretxe (komunikazio pertsonala, 2024ko maiatzaren 15ean)
- INT4 Koldo Biguri (komunikazio pertsonala, 2024ko maiatzaren 8an)
- INT5 Claudia Torralba (komunikazio pertsonala, 2024ko maiatzaren 8an)
- INT6 Maitane Uriarte (komunikazio pertsonala, 2024ko otsailaren 8an)
Kultura-ekitaldiak interpretatu dituzten profesionalen iritzia
Atal honetan, Loraldiko ekitaldietan dauden diziplina artistikoen arabera sailkatu dugu interprete profesionalen iritzia. Dena den, sailkapenari zuzenean heldu beharrean, 2016ko Smithsonian Folklife Festival aipatu nahi genuke, euskal kultura-ekitaldien hizkuntza-kudeaketa egiteko hartu zituzten erabakiak eredutzat har ditzakegulako.
Uriarte (INT6) interprete-lanetan aritu zen Smithsonian Folklife Festivalen. Jaialdi hori munduko kultura-ekitaldi handienetako bat da, eta gaur egungo kultura-tradizioak —baita tradizio horiek praktikatzen eta mantentzen dituztenak ere— omentzeko ospatzen da (Bizkaiko Foru Aldundia, 2015).
2016ko Smithsonian Folklife Festivalen, askotariko euskal kultura-ekitaldiak egin ziren, euskal kultura nazioartean ezagutzera emateko. Euskaraz egin ziren ekitaldien diziplinak bat datoz Loraldiko ekitaldien diziplina artistiko batzuekin: musika eta kantua, dantza, eta bertso-saioak. Loraldiak Smithsonian Festivalekin antzekotasunak badituenez, han egindako euskal ekitaldien hizkuntza-kudeaketa erreferentziatzat har daiteke.4
Interprete profesionalen iritziaren sailkapenari ekin baino lehen, argi utzi nahi genuke hizkuntza-kudeaketarik ez egitea ere badela aukera bat; izan ere, Uriartek (INT6) azpimarratu bezala, «entzule ez-euskaradunen azalean jarri behar gara, balitekeelako ekitaldiaren jatorrizko esperientzia bizi nahi izatea eta itzulpenik nahi ez izatea». Ildo horretan, nabarmendu nahi dugu ezen, entzule ez-euskaradunek jatorrizko esperientzia gozatzeko asmoa badute —alegia, ekitaldia jatorrizko hizkuntzan bizi nahi badute—, ez duela zentzurik ekitaldien hizkuntza-kudeaketa egiteak.
Entzuleen nahiei lotuta, esan beharra dago sortzaileen nahiak ere kontuan hartu behar direla. Uriartek (INT6) azaldu bezala, gerta daiteke sortzaileek nahi izatea entzuleek jatorrizko esperientziaz gozatzea. Horrek zera ekarriko luke, beraz: unean uneko interpretazio-sistemarik eman behar ez izatea, eta edukia transmititzeko beste bide batzuk aukeratu behar izatea.
Aztergai dugun kasuan, aurreko ideiari gehitu nahi genioke Loraldiko arduradunentzat funtsezkoa dela euskarazko ekitaldiak euskaraz emateko oztoporik ez egotea; baita publikoak euskara ekitaldiaren parte sentitzea ere euskarazko ekitaldiak ikustean (Mikeldi Uribe, komunikazio pertsonala, 2024ko apirilaren 22a).
Jarraian, Loraldiko ekitaldien diziplina artistikoen arabera sailkatu dugu interpreteei egindako elkarrizketetatik lortutako informazioa. Bi multzo nagusitan banatu dugu sailkapena, kontuan hartuz ea aldez aurretik landu eta itzul daitezkeen ekitaldiak diren ala ez.
Aldez aurretik landu daitezkeen ekitaldiak
Aurretiaz sortuak diren lanak itzulpen-prozesu batetik pasa daitezke ekitaldia baino lehen. Itzulpen hori egiteko, funtsezkoa da itzultzailea sortzailearekin harremanean egotea, sortzaileak erabili dituen hitzen ñabardurak zuzen itzultzeko. Euskal sortzaileak, halaber, «oso ohituak daude itzultzaileekin lan egitera. Badakite zeinen garrantzitsua den beraientzat itzulpena, eta badute itzulpenaren kontzientzia oso barneratua gehienek» (Auzmendi, INT1). Sortzaileen disposizioaren ildotik, Torralbak (INT5) dio bertso-saio bat Arzallusekin parez pare interpretatu zuela esan ostekoan, Edinburgon. Arzallus erreferentzia kulturalak azaltzeko beharraz konturatu zela adierazten du Torralbak, eta, esan ostekoan interpretatu zuenez, sortzailea eta interpretea aliatu izan zirela.
Dantza eta audioa duten ekitaldiak
Uriartek (INT6) azaldu bezala, Smithsonian Festivaleko ikuskizunetan entzungo ziren audio-azalpenen itzulpenak aldez aurretik grabatu zituzten. Euskal kondairen inguruko dantza-ikuskizun bat egin zuten; bertan, dantza-ikuskizuna kondairaren istorioa azaltzen zuen audioarekin uztartzen zen.
Kondaira publiko estatubatuarrarentzat ulergarri izan zedin, ingelesezko azalpena ere sartu zuten dantza-emanaldiarekin batera zihoan euskarazko audioan. Horrela egitea erabaki zuten atzerritarrek euskara nolakoa den entzuteko aukera izan zezaten (Uriarte, INT6). Hala ere, zaila da jakitea audio berean bi hizkuntza tartekatzeak euskaraz zekien publikoarengan erreakzio negatiboa ala positiboa eragin ote zuen.
Audio bat duen dantza interpretatzeko aukera horretaz gain, beste bi aukera ere badaudela aipatu zuen Uriartek (INT6):
Aukera bat euskaraduna ez den publikoari entzungailuak banatzea da, itzulitako audioa entzuteko, itzulpenaren grabazioa edo interpretazio-zerbitzua eskainiz. Aukera horrekin, audioan jatorrizko hizkuntza mantentzen da, eta ez da itzuliko den hizkuntzarekin tartekatzen. Horrela, ez da publiko euskalduna oztopatzen, eta sor daitekeen erreakzio negatiboa saihesten da.
Beste aukera bat audioa jatorrizko hizkuntzan mantentzea da, itzuli gabe. Gerta daiteke bai entzuleek eta bai sortzaileek «jatorrizko esperientzia osotasunean bizi nahi izatea» eta itzulpenik nahi ez izatea (Uriarte, INT6). Ildo horretan, Auzmendik (INT1) dio dantzaren mugimenduak berak emozioak eragiten dituela eta entzulearentzat hori nahikoa izan daitekeela; istorioa, beraz, bigarren maila batean uzten da.
Dantza eta testua duten ekitaldiak
Dantza-emanaldi batean, gerta daiteke dantzarekin batera testu bat egotea (eszenatokian edo pantaila batean). Bigurik (INT4) bi aukera proposatu zituen itzulitako testu hori publiko erdaldunari emateko:
- Pantaila bikoiztu batean jatorrizko hizkuntzaren eta itzulpenaren testua proiektatzea.
- Itzulitako testuaren esku-orriak banatzea.
Lehenengo aukeraren alde txarra zera da, publikoarentzat estimulu gehiegizkoa izan daitekeela, dantzariez eta musikaz gain pantailetako testuak gehitu behar liratekeelako.
Bi aukera horietako bat hautatzerakoan, kontuan hartu beharreko faktorea da nolako argia egongo den publikoan, auditorio batzuetan publikoaren argia guztiz itzaltzen delako eta zentzugabekeria litzatekeelako esku-orriak banatzea (INT4).
Mendi-ibilbide gidatua
Elkarrizketatutako interprete profesionalek mendi-ibilbide gidaturik interpretatu ez duten arren, Bergaretxek (INT3) proposatu digu dantza-tailerrak interpretatzeko sistema bera erabiltzea. Hain zuzen ere, gidari turistikoek erabiltzen duten materiala erabiltzen du Bergaretxek: hari gabeko transmisore bat mikrofonoarekin, eta aurikularrekin dabilen hargailu multzoa. Publikoa mugimenduan dagoenez interpretazioa jasotzen duen bitartean, sistema hori biziki egokia da. Haren hitzetan, «oso txikiak dira eta jendeak sakelan sartzen ditu. Ez diote trabarik egiten, dantzan ibiltzeko eta nahi duena egiteko aldi berean» (INT3).
Hala ere, sistema hori erabiltzeak baditu muga batzuk, material horrek formatu txikietarako balio duelako bakarrik. Jende kopuru handiago batentzat, hobe da behar bezalako materiala eta teknikariak izatea (INT3).
Antzerkia
Antzerkia ezin da aldibereko interpretazioarekin itzuli aldez aurretiko prestakuntzarik egon ez bada; gidoia aurretiaz pasatu behar zaio itzultzaile bati. Sortzailearen eta itzultzailearen artean zubi-lana egotea gomendatzen du Uriartek (INT6), bai antzerkia, bai aurretiaz landu daitekeen edozein diziplina artistiko itzultzeko. Sortzailearekin lanketa bat egitea eta itzulpena adostea ezinbestekoa da jatorrizko lanaren kalitatea mantentzeko.
Euskal antzerkien hizkuntza-kudeaketa egiteko, Iruñeko Gaiarre antzokian erabiltzen den gaintitulazio-sistema erabil daiteke, hau da, aktoreek esaten dutena aldi berean itzulita ematea antzerkia eszenatokian ematen duten bitartean.
Aldez aurretik landu ezin daitezkeen ekitaldiak
Bertso-saioak
Bertso-saioen itzulpenari dagokionez, erreferentziatzat har ditzakegu halako saioen hizkuntza-kudeaketa egiteko aurrekariak. 2019ko abenduan, Jon Maiak eta Amaia Agirrek bertso-saioa egin zuten Gasteizko Hogar Extremeñon, eta Karlos Aizpurua bertsolariak aldi berean gaztelaniaz eman zituen bertsoak (Gonzalez, 2019). Urte batzuk zeramatzaten pentsatzen nola hurbildu apur bat gehiago Gasteizen bizi arren hizkuntza-oztopoak dituen komunitate horretara, eta aldibereko itzulpenean pentsatu zuten.
Agirrezabalek (apud. Gonzalez, 2019) dioen bezala, «Intxaurrondon (Donostia) dagoen Hogar Extremeñon aldibereko itzulpena egin zuten lehen aldiz. Jon Maia eta Amaia Agirre bertan egon ziren, eta, iritzi oso positiboa jaso zutenez, errepikatzea erabaki zuten».5 2018ko urrian, antzeko saio bat egin zuten Nazioarteko Inprobisatzaileen Biraren barruan, Gasteizko Beñat Etxepare antzokian, eta aldibereko itzulpen-sistema erabili zuten (Gonzalez, 2019).
Gasteizko Hogar Extremeñon, ostera, pantaila bat jarri zuten Aizpuruak itzulitakoa ager zedin; pantaila horretan, gai-jartzailearen esanak eta bertsolarien bertsoak gaztelaniaz eman zituzten. Agirrezabalek (apud. Gonzalez, 2019) nabarmentzen du hobe dela itzulpena egingo duen profesionala ere bertsolaria izatea:
Jendeak bertsoa euskaraz entzun eta pantailan gazteleraz irakurriko du aldi berean. Horrek esan nahi du Karlos oso azkarra izan behar dela (…). Bera bertsolaria izatea ona da, baita beharrezkoa ere, bertsoaz ari garelako, poesiaz, eta itzultzen duenak hori kontuan izan behar du une oro. Itzulpen literala eginez gero, gauza asko galtzen dira, ñabardurak, birak… Eta berak hizkuntzarekin jaso behar du guztia, momentuan bertan eta pantailan. Lan nekeza eta zaila da, oso adi egotea eskatzen diona.
Agirrezabalek dioenaren arabera, Extremadurako komunitatea kontuan hartu da saio horietan (apud. Gonzalez, 2019), baina, hala ere, euskaldun bertsozale batentzat interesgarria izan daiteke: «Oso interesgarria izango zaio, beste ikuspegi batetik biziko duelako. Oso bestelako ekitaldia da eta oso aberasgarria izango da».
Bertso-saioen itzulpenen aurrekari horiek eta Uriartek (INT6) azaldutakoa kontuan hartuta, bertso-saioen hizkuntza-kudeaketa egiteko honako modu hauek daude:
- Bertsoa interpreteen bitartez interpretatzea; hala, entzuleak jatorrizko esperientzia galtzen du, baina itzulpena entzuten du. Modu hori aukeratzen bada, baliteke interpreteak bertsoa zuzen ez itzultzea; Uriarteren hitzei jarraituz (INT6), «bertsolaritzan sorkuntza-lan bat dago, eta beharbada ezin da itzuli. Interpreteok egiten dugun produktua momentuan kontsumitzekoa da».
- Bertsoa momentuan ez interpretatzea eta bertsoak dioena amaieran itzultzea. Horretarako, Uriartek (INT6) zehazten du bertsoa hasi baino lehen entzuleari abisatzen diola: «El equipo de interpretación les invita a retirarse los cascos para que vivan la experiencia del bertso. Cuando esté finalizando colóquenselos, porque les vamos a trasladar el mensaje». Horrela egiten bada, entzuleak jatorrizko esperientzia bizi dezake. Biguriren (INT4) hitzetan, modalitate hori esan ostekora hurbiltzen da, bertsoa entzun ahala mezua idazten delako eta bukatzerakoan azkar ematen delako itzulpena.
- Azpidatzien bitartez aldi berean itzultzea. Arestian azaldu bezala, bertsolaria den itzultzaile bat behar da horretarako, jatorrizko bertsoak dituen ñabardura guztiak ahalik eta hobekien itzultzeko. Publikoak euskaraz entzungo du bertsoa, eta aldi berean gaztelaniaz irakurtzeko aukera izango du.
- Bertsolariak berak interprete izatea eta bi hizkuntzetan ematea bertsoa. Smithsonian Festivalen egin ziren bertso-saioak ez ziren ez interpreteen ez itzultzaileen bidez interpretatu (INT6). Publiko estatubatuarrak bertsoak uler zitzan, Xabi Payak lehenik euskaraz eta gero ingelesez bota zuen bertsoa, inprobisatuta. Ez zen itzulpen zehatz bat izan, jatorrizko sorkuntza-lanaren moldaketa bat baizik.
Azkeneko aukera horrek hiru zailtasun planteatzen ditu: publiko euskaldunari astuna iruditu dakiokeela, bertsolaria eta itzultzailea den profesional oso trebea behar dela, eta euskarak bigarren plano batean gelditzeko arriskua duela.
Proposatutako lehenengo moduari buruz, aldi berean interpretatzea oso zaila dela esan zuen Bigurik (INT4), «bertso kantatuaren erritmoa oso motela izaten delako; asko itxaron behar izaten da batzuetan bertsoaren zentzua harrapatzeko». Balio komunikatibo bat lortzeko interpretatzen da, ezinezkoa baita euskarazko hitz-jokoak gaztelaniara aldi berean interpretatzea: «Ezin duzu transmititu bertso baten grazia, ze askotan grazia egoten da erabiltzen duen hiztegi konkretuan» (INT4).
Horregatik, Auzmendik (INT1) eta Bigurik (INT4) bigarren modua erabili zuten Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala interpretatu zutenean. Euskal Herritik kanpo etorritako koplakari eta repentista gonbidatuentzat interpretatu zituzten bertsoak, eta balio komunikatiboa bermatzean jarri zuten arreta (INT1):
Bertsoa entzuten joan ahala, oharrak hartzen genituen, eta, bertsoa bukatzen zuenean bertsolariak, orduan hasten ginen itzultzen. Denok dakigu bertsoaren estrukturan bertsoaren bukaeran ematen dela mezuaren gakoa. Orduan, itxaron behar izaten genuen, eta gero itzuli. Esan behar dut inoiz atera zitzaigula gazteleraz itzulpen errimatua. Baina kasualitate hutsa izaten zen. Hor ez genion errimari arretarik jartzen, baizik eta bertsoaren edukiari eta mezuari. Entzuleei uzten genien bertsoa entzuten, entzun zezaten doinua, errima. Eta gero guk ematen genien esandakoaren gakoa.
Proposatutako aukeren artean erabakitzeko, gogorarazi nahi dugu Uriartek (INT6) aurreko orrialdeetan azpimarratutakoa: ezinbestekoa da entzule erdaldunen lehentasunak ezagutzea eta haientzat aukera erosoena zein izango den aztertzea.
Poesia- eta literatura-irakurraldiak
Arregik (INT2) dio poesian eta bertsolaritzan jatorrizko esperientzia hondatzen duela interpretearen itzulpenak, eta, beraz, jatorrizko sonoritatearen alde egitea gomendatzen du, amaieran laburpen bat emanez. Haren hitzetan, komunikazio eta adierazpen artistiko horrek sortzen duenaren artean oreka bilatu behar da.
Zenbait ohar baliabideez eta zenbait gidalerro kultura-ekitaldiak interpretatzeko
Aurreko guztia aintzat harturik, eta jaialdia modu orokorrean hartuta, interprete bat aholkulari izatea gomendatzen dute bai Uriartek (INT6), bai Arregik (INT2). Interprete baten burua eta ikuspegia behar da interpretazioa noraino irits daitekeen adierazteko; sentsibilitatea eta enpatia duen interpretea behar da, «niri, hartzaile bezala, zer gustatuko litzaidake?» pentsatzen duena (INT6). Hartzaileen nahiari lotuta, aipatu beharra dago ekitaldi kulturaletara joango den publiko potentzial erdaldunaren nahiak eta kopurua azter daitezkeela etorkizuneko ikerketetan.
Hizkuntza-kudeaketaren alde ekonomikoari erreparatuta, nabarmendu nahi dugu ezen, euskal kultura-ekitaldietan kalitatezko interpretazioa edo itzulpena gehitu nahi bada ekitaldia irisgarria izan dadin euskaradunak ez direnentzat, beharrezkoa dela euskal kultura eta sormen-industriak hobeki finantzatzea. Bergaretxek (INT3) dioen bezala, euskal kulturari diru gehiago eman beharko litzaioke; haren hitzetan, baliabide urriekin egiten da askotan euskal kultura, eta ez da aberatsa, finantziazio urria duelako. Euskal kulturak diru gehiago jasoko balu, denentzat onuragarria izango litzateke, bai antolatzailearentzat, bai ikusleentzat, bai sektoreko langileentzat.
Antolatzaileek hizkuntza-kudeaketara dirua bideratu nahi badute, baina aurrekontua urria bada eta, ondorioz, interprete bakarra jartzen bada, iritsiko da momentu bat non interpreteak ezingo duen lana behar bezala egin. Bergaretxek (INT3) argi utzi zuen interpreteei lan-baldintza egokiak bermatu behar zaizkiela lan profesional bat egiteko eta horretarako dirua behar dela: «Sekulako kostua du antolatzailearentzat interpreteak kabinan egoteak».
Alegia, interpretazioa egokia izan dadin, interpreteei lan-baldintza eta sistema egokiak bermatu behar zaizkie. Aipamen horrek honako ondorio hau azaltzeko bidea ematen digu: kalitatezko espazioak behar dira interpretatzeko.
Interpretazio-sistemak kontuan izatea ere beharrezkoa da kalitatezko interpretazioa jaso nahi bada. Behar bezalako kabinak behar dira, interpreteak eroso egon daitezen eta haien lanaren emaitza hoberena izan dadin. 2024ko jaialdian interpretazio-kabinak zituzten espazioak erabil daitezke interpretatzeko: Guggenheim Bilbao Museoa (entzungela), Euskalduna Jauregia (OB gela), Bizkaia Aretoa (Mitxelan aretoa), Itsasmuseum Bilbao eta Azkuna Zentroa.
Espazio horiek interpretazio-kabina egokiak edukirik ere, Azkuna zentroko interpretazio-kabinek hainbat arazo dakarzkiete interpreteei: «Horietako bat da albo batean kokatuta daudela, eta, beraz, ez daukazu aurrez aurreko ikuspegirik. Edozein eratako proiekzioa egiten baldin bada, batzuetan ikusteko arazoak egoten dira» (INT4). Kabina horiek badituzte proiekzioak ikusteko monitoreak, baina ezin da monitoreetan argi ikusi, kamerak proiekzioa urrundik grabatzen duelako. Azkuna Zentroko kabinen bigarren arazoa zera da, argiarekin protokolo berezi bat dutela eta ekitaldi guztietan publikoa ilunpetan dagoela. Ondorioz, kabinek ez dute ia argirik, eta, interpreteek zerbait irakurri behar badute momenturen batean, zailtasunak izaten dituzte (INT4).
Loraldian interpretazioa txertatzeko hautua egiten bada, proposatzen dugu interpretazioaren alde teknikoa teknikari profesionalek kudeatzea eta interpreteekin harremanetan jartzea.
Loraldiko ekitaldien hizkuntza-kudeaketarako beste aukera bat da ez interpretatzea. Izan ere, hausnartu beharra dago ekitaldiak interpretatzeko erabakiak noraino egiten duen talka Loraldiaren filosofiarekin. Lanean zehar azaldu dugun bezala, Loraldia euskararen arnasgunea da, eta, euskararen normalizazioaren alde, ekitaldi guztiak euskara hutsean egiteko apustua egin dute. Lan honen abiapuntua Loraldia komunitate euskaradunetik haratago iristeko asmoa izan da. Auzmendiren (INT1) esanek erakusten dute interpretaziorik gabe ere badagoela publiko ez-euskaradunera iristeko posibilitatea:
Bertso-txapelketetara euskara ulertzen ez duten pertsona asko joaten dira, eta, hala ere, gozatzen dute. Bertso-txapelketara joaten direnetatik, portzentaje handi batek ez daki euskaraz, edo dakiten euskarak ez die ematen bertsoa ulertzeko gaitasun nahikoa. Eta, hala ere, pasatzen dituzte orduak eta orduak.
Esan daiteke ekitaldi mota batzuetan hitza osagarrietako bat dela eta ez dela horren beharrezkoa interpretazioa egitea. Audio, poema edo testu batekin uztartuta dagoen dantza-ekitaldiaren adibidea hartuta, esan daiteke dantzaren mugimenduak berak norberari emozioak eragiten dizkiola eta dantzari gehitutako osagarriak direla hitzak. Ondorioz, dantza-ekitaldi batean egon daitekeen alde komunikatiboa ez interpretatzeko hautuak ez dio galarazten publiko ez-euskaradunari dantzak sorraraziko diona. Egia da dantzarekin doan testua, audioa edo poesia ez interpretatzea erabakitzen bada publiko ez-euskaradunak mezu hori galduko duela; eta horren harira eztabaida daiteke noraino den beharrezkoa publiko ez-euskaradunari dena ulertaraztea.
Ondorioak
Aurrekoa kontuan izanik, honako hau da Loraldiko ekitaldien hizkuntza-kudeaketarako proposamena, tokiko profesionalen iritzia kontuan hartuta:
- Dantza-ekitaldiak eta kantuak ez interpretatzea.
- Antzerkia eta poesia- eta literatura-irakurraldiak aldibereko modalitatearen bidez interpretatzea.
- Bertso-ekitaldiak esan ostekoaren bidez interpretatzea.
- Mendi-ibilbideetan, itzulpena duen grabazioa eskaintzea.
- Aldez aurretik landu daitezkeen ekitaldien hizkuntza-kudeaketarik egiten ez bada, ez interpretatzea.
- Hizkuntza-kudeaketarako interprete/itzultzaile bat aholkulari izatea.
- Interpretazioa eskaintzeko espazioen azterketa egitea interpreteekin batera.
Aurreko proposamena Loraldirako zehazki proposatutako hizkuntza-kudeaketa da; baina edozein kultura-jaialdiren hizkuntza-kudeaketa egiteko proposamena ere aurkezten dugu jarraian:
- Dantza eta audioa duten ekitaldien audioen itzulpena aldez aurretik grabatzea eta emanaldiaren egunean nahi duenari eskaintzea.
- Dantza eta testua duten ekitaldien testuen itzulpena aldez aurretik egitea eta emanaldiaren egunean entzule guztientzat pantailan itzulpena proiektatzea edo nahi duenari bakarrik esku-orriak eskaintzea.
- Antzerki-emanaldien gidoien itzulpena aldez aurretik egitea eta emanaldiaren egunean entzule guztiei azpidatziak edo entzungailuak eskaintzea (talde txikietan bakarrik).
- Mendi-ibilbideen audioen itzulpena aldez aurretik egitea eta jardueraren egunean nahi duenari eskaintzea, Bergaretxek (INT3) dantza-tailerrak interpretatzeko erabiltzen duen sistemarekin.
- Bertso-saioak aldez aurretik landu ezin daitezkeenez, esan ostekoaren bidez interpretatzea, entzuleek jatorrizko bertsoa entzun dezaten.
- Poesia-irakurraldiak aldez aurretik lantzea eta emanaldiaren egunean aldibereko interpretazioa eskaintzea nahi duenarentzat.
- Kantuak ez interpretatzea. Nahi bada, esku-orriak eskaintzea, entzuleak aretotik kanpo irakur ditzan (aretoko argia egokia ez bada).
Azkenik, aipatu nahi dugu espero dugula gidalerro horiek aintzat hartzea tokiko kulturan errotuta dauden euskarazko adierazpide kulturalak eskaintzeko; lan honek aurretik identifikatutako ezagutzaren hutsuneak betetzeko ekarpena egiten du, euskal kultura-ekitaldien itzulpenari eta interpretazioari buruz ez baitago literatura askorik argitaratuta.
ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
Bizkaiko Foru Aldundia. (2015eko uztailaren 28a). Rementeriak eta Smithsonian fundazioak hitzarmena sinatu dute euskal kultura 2016an Washingtoneko munduko jaialdian izateko. Bizkaia.eus. 2024ko otsailaren 28an eskuratua.
Gonzalez, C. (2019ko abenduaren 19a). Un saio también para castellanoparlantes. Noticias de Álava. 2023ko azaroaren 19an eskuratua.
Loraldia Euskal Kultura Gaur (d.g.). Loraldia festibala zer den. Loraldia.eus. 2024ko urtarrilaren 30ean eskuratua.
Oharrak
1. Lan honek UPV/EHUko Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduko gradu amaierako lan batean du oinarria. M. Ibarluzearen zuzendaritzapean egin genuen, eta hari zor diogu lana egitean jasotako laguntza. Akatsak gureak dira, jakina.
2. Loraldia jaialdiko arduradunek eta interpreteek egindako aipamen eta oharrak testuan zehar adierazi ditugu.
3. Ikusi aurreko jaialdietako programak hemen.
5. Aipu hori guk itzulia da, jatorrizkoa gaztelaniaz eman baitzuen egileak.