Gaurko eta biharko itzulpengintza
Uxue Rey Gorraiz

2024ko urrian Iruñean izandako mahai inguru baten kronika da hau. Editargi Nafarroako Editore Independenteen Elkarteak antolatuta, «Datorren itzulpengintza: hiru ahots hiztegiaren beste aldetik» izeneko solasaldia egin zen Laba elkartearen aretoan, eta honako itzultzaile hauek hartu zuten parte: Eider Beobidek, Aitor Blancok eta Ainhoa Mendiluzek. Nor beretik aritu zen, baina euskarazko literatur itzulpengintzaren askotariko alderdiei erreparatu zieten hirurek, eta, adin bertsukoak direnez gero —35 urtetik beherakoak dira—, itzultzaile belaunaldi baten ikuskera bistara uzteko balio du orain haien hitzak jasotzeak.

2024ko urriaren 17ko iluntzea Iruñeko Gazteluko plazan. Nafarroako Edizioaren VIII. Azoka hasteko astebete eskas falta denean, itzulpengintza literarioari buruzko mahai ingurua antolatu du Editargi Nafarroako Editoreen Elkarteak, Laba elkartearen aretoan. Hiru itzultzaile gazte gonbidatu dituzte gaiaz mintzatu daitezen: Eider Beobide, Aitor Blanco eta Ainhoa Mendiluze. Eta ni nerau izan naiz moderatzaile eta gidari. Ordubete pasako solasaldian, gogoz solastatu dira literatura itzultzen hastekoak zirenean izandako erronkez, beren belaunaldiak dauzkan kezkez eta desirez, gaurko eta biharko itzulpengintzaz.

Hona hemen hiru hizlarien aurkezpen bana; itzulpen literarioari loturiko datuak nabarmenduta, betiere.

Eider Beobide (Donostia, 2000). Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua ikasitakoa da, eta, berriki, euskarara ekarri ditu Mohammed el-Kurd idazle eta kazetari palestinarraren Rifqa liburuko poemak. Katakrak argitaletxearekin plazaratu du bilduma, 2024an, liburu elebidun batean: jatorrizko olerkiak —ingelesezkoak— eta haietako bakoitzaren itzulpenak alboz albo daude jasota lan horretan. Aurrez, Gata Cattanaren La escala de Mohs poema liburua euskaratu zuen gradu amaierako lanerako —Mohs eskala jarri zion izena—, eta sarean irakur daiteke: armiarma.eus atarian, besteak beste.

Aitor Blanco (Iruñea, 1992). Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua eta Euskal Hizkuntzalaritzako eta Filologiako Masterra ikasi zituen, EHUn. 2021ean, Arthur Conan Doyle idazlearen Sherlock Holmesen memoriak (Igela) euskaratu zuen, eta lanak Gazte Literaturako Vitoria-Gasteiz saria irabazi zuen ondoko urtean. Gaur-gaurkoz, honako hau du azken literatur itzulpena: Detaile xume bat (Igela, 2024), Adania Shibli idazle palestinarraren nobela bat.

Ainhoa Mendiluze (Tolosa, 1997). EHUn Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua ikasitakoa da. Haur eta gazte literaturako hainbat lan ditu euskaratuak 2020az geroztik, eta, 2024an Minaberri itzulpen beka irabazi zuenez gero, Laurie Halse Anderson idazlearen Speak eleberria euskaratzen ari da orain, eta EIZIEren eta Iruñeko Udalaren beka deialdiaren eskutik, Txalaparta argitaletxeak plazaratuko du, 2025ean.

Literaturari beha

Batera edo bestera, dagoeneko hirurak dira itzulpengintza literarioaren zingiran sartuak. Hala eta guztiz, Blancok, Beobidek eta Mendiluzek, hirurek egin dituzte eta egiten dituzte oso bestelako itzulpenak, izan enkarguz edo horixe bera dutelako ogibide gaur egun ere. Eta, horregatik, hona hemen mahai ingurua zabaltzeko egin nizkien bi galderak: «Nola iritsi zarete literatur itzulpenera? Bestelako itzulpen esparruen aldean, hark zer ematen dizue diferentea?». Kurioski, galdera horiei erantzuteko azalpenetan, behin baino gehiagotan azaldu da amets hitza solasera.

«Uste dut karreran sartzen garenean guztiok dugula ametsetako bat horixe bera, literatur itzulpen bat egitea. Baina, aldi berean, errealistak izanez gero badakigu 22 urterekin ez garela hasiko liburuak itzultzen», erantzun du aurrena Blancok. Dioenez, gehienek badakite literatura itzultzeko aukera ez dela bestela bezala ailegatzen: «Badakigu propio bilatu beharreko bide bat dela, baina ez dakigu nola. Irakasleen artean ere, inork gutxik esplikatu zigun nola egin».

Hain zuzen ere, Mendiluzeren iritziz, eta unibertsitate garaiari erreparatuz, itzulpen literarioari eskaintzen zaion tartea «oso txikia» da oro har, eta, ondorioz, literatura itzultzea nolakoa den imajinatzeko ere ez da aski izaten. Dena dela, alor horri eskaini zizkioten ariketa apurretan dagoeneko hartu zien gustua halakoei Mendiluzek, buruhausteak buruhauste. «Halere, beldur pixka bat banion ariketa handiago horri; adibidez, eleberri oso bat euskaratu beharrari», aitortu du, egun eskuartean duen Speak lana hizpide. «Ni, normalean, Administrazioan aritzen naiz itzultzaile, eta ariketak antzekotasun asko ditu, baina literaturak beste jolas bat dakar. Puzzle baten aurrean egongo banintz bezala sentitzen naiz: aztertu behar dut pieza bakoitza nola sartu, nola sortu behar bezalako tamainako piezak. Eta efektu estetikoak bilatzea ere badu. Azken batean, hizkuntzarekin jolasteko aukera handia ematen dit, eta ondo pasatzeko aukera, eta, horregatik, erronka, akaso, handixeagoa zait».

Beobideren esanetan, berak ere literatura itzultzea zeukan «amets», aspaldi. Eta, batik bat, beste alor batzuetan baino «askeago» sentiarazten duelako maite du esparru hori. «Literatura itzultzean egin ahal izan ditut bestelako testuetan egin ezin nituenak. Horrez gain, deitu pasio, deitu harrotasun, baina poza ematen du imajinatzeak zeuk itzulitako zerbait liburu dendetan ikusi ahalko duzula gero. Bestelako lanetan, iruditzen zait itzultzailea halako iluntasun batean gelditzen dela».

Edonola ere, Beobidek esaldi labur batean bildu du literaturara iritsi aurrean zeukan beste sentipen bat, argigarria delakoan: «Nik esperantza gutxi neukan, baina ilusio asko». Eta hori zergatik? Dioenez, ordurako ere bazeukalako susmoa euskal itzulpengintzaren egiturazko egoera ez dela samurra. Katakrakeko editore eta idazle Hedoi Etxarteren hitz batzuk ekarri ditu gogora. «Behin, Etxarte aditu nuen esaten euskal literatura, eta bereziki itzulpengintza, simulakro bat dela». Esaldi hura garatu du Beobidek segidan, eta argitu honekin zuela zerikusia: «Sentipena da lanpostu finko batean zaudenean eta, nolabait, gutxieneko denbora eta dirua badauzkazunean itzul dezakezula literatura, edo, bestela, ekintza militantea dela guztiz». Alegia, Beobidek iradoki duenez, literatur sisteman murgildu zirenerako, bazekiten joko zelaiaren zuloak sakonak direla, nolabait.

Nola ekin

«Sarbide errazekoa da itzulpengintza literarioa?». Horra, hain justu, Iruñeko solasaldian hizpidera azaldutako beste galderetako bat. Eta hiru hizlariak ados dira erantzuteko garaian: zaila dela uste dute. «Zaila, batez ere publikatzeari begira», zehaztu du Mendiluzek, eta honela argudiatu: «Noski, egin ditzakezu itzulpenak zeure kabuz, beste era batera antolatuta eta merkatuaren logikatik kanpo, baina argitaletxe bat zure itzulpen bat argitaratzera irits dadin… Ez da erraza, eta, irakaslea banintz, nik neuk ere ez nuke jakingo ikasleak nola animatu horretan».

Izan ere, Mendiluzek aski gogoan du irakasleek zer esaten zieten berari eta ikaskideei. Dioenez, sarri aipatzen zizkieten bekak eta sariketak, eta, are, esan izan zieten, beste lanpostu batzuetarako ez bezala, nobela bat itzultzeko deus gutxirako balioko ziela «Linkedinen kontu bat sortzeak».

Mendiluzeri ez ezik, Blancori eta Beobideri ere askotan nabarmendu zieten sariketek eta bekek garrantzia dutela, haientzako baleko bideak izan zitezkeelakoan. Baina, Blancoren arabera, kezkaz ere begiratu zien halakoei inoiz. «Ikasten ari nintzela, begiratzen nuen nork irabazi ohi zituen, adibidez, literatura unibertsala itzultzeko bekak, edo nor ari zen itzulpenak argitaratzen, eta ohartzen nintzen adin batetik gorako jendea zela jaun eta jabe. Agian, etsitu ez, baina bai jartzen ninduela halako jarrera kontserbadore samar batean». Beobidek ere sentitu izan du halakorik, aitortu duenez: «Nik ere sentsazioa nuen ez genuela izango zer eginik, beti irabaziko zutela haiek».

Ikasle garaiak atzean utzita, gaur egun dagoeneko ez dira hain ezkor bekak irabazteko batzuek edo besteek dauzkaten aukerei begira. Edonola ere, aldarrikatu dute soilik halako sariketei erreparatzea ez dela aski —«eta eskerrak», iradoki dutenez—, eta, batzuetan hala irudi dezakeen arren, egiazki, sektorean muturra sartzeko bideak ez daudela bekei hain lotuta ere. «Bekak gutxi dira, eta, sektorea benetan balego haiei hain-hain lotua, oso itzultzaile gutxi egongo ginateke orain literatura itzultzen. Argi dago haietatik kanpo ere asko gabiltzala», argudiatu du Blancok.

Gainera, zer dakarte bekek? Dena dute ona? Edo badute alde ilunik ere? Haiek ekartzen dituzten onurei dagokienez, ados dira Blanco, Beobide eta Mendiluze. Beken babesean, lan baldintzak hobeak izan ohi dira. Kontua da, esplikatu dutenez, hain zuzen ere horregatik, jende askok nahi duelako baldintza ekonomiko onetan lan egin, lehiakortasuna handia dela deialdi horietan, eta, ondorioz, orduantxe bistaratu daitezkeela eskarmentua daukaten itzultzaileen eta itzultzaile hasiberrien arteko arrakalak. Eta, horri loturik, zera gertatzen dela: beste moduren batera trebatzeko aukerarik eduki ezean, zaila dela hori iraultzea.

Bestalde, aparteko arrisku bat ere ikusten die Beobidek zenbait sariketari. «Deialdi horiek egon daitezke erakunde batzuei lotuta, edo banku batzuei lotuta; eta haiek ahalegina egin dezakete balio jakin batzuk edo ideologia batzuk nabarmentzeko, eta, ondorioz, sumatu daitezke itzulpenean».

Bizibide izanen bada

Itzulpengintzaren joko zelaiak dauzkan gaitz kronikoen berri edukita ekin zioten bideari Beobidek, Blancok eta Mendiluzek; gaur egun, baina, are eta garbiago ikusten dituzte ajeok. Badakite, berdin beren esperientziek irakatsita edo inguruari so egin izanari esker, instituzioek edo erakunderen batek propio babestu ezean euskal argitaletxeek nekez eman diezaioketela itzultzaileari nahi adinako babes ekonomikoa, merkatuak estu hartuak dituen honetan. Eta, hain zuzen ere horregatik, bistaratu daitezke dudak. Hori guztia jakinda, zer? Zer sentipen gailentzen zaie horren aurrean? Nola heldu? Zeri ekin?

Haien hitzak aditu aurretik ere, aski adierazgarria suerta daiteke hiru hizlarien soslaiei erreparatzea. Blanco eta Mendiluze Administrazioan ari dira lanean gaur egun, Nafarroako Unibertsitate Publikoan itzultzaile. Beobidek literaturaz aparteko askotariko itzulpenak egiten ditu, eta, hain zuzen, testu administratiboak izaten dira enkargu horietako asko, besteak beste. Alegia: gaur-gaurkoz, literatura ez da hiruretako bakar batentzat ere ogibide. Eta hori bere horretan izan daiteke zerbaiten seinale, edo, behintzat, bada beren bizipenak biziki baldintzatzen dituen faktore bat.

Euskararen ajeak, prekaritatea eta militantzia. Hitzez esplikatu dutenaren arabera, albo batera utzi ezinezko hiru elementu dira itzultzaileentzat, halabeharrez. Blancoren kasuan, kontatu du berak hilabetero duela soldata bat unibertsitatean egiten duen lanaren ordainetan, «zorionez», eta, ondorioz, «nahi duelako» aritzen dela literatur itzulpenean. «Ordu asko sartzen ditut, eta lana eta kezkak ematen dizkit, baina ez dut zertan alderdi ekonomikoaz kezkatu». Hala eta guztiz, iradoki du, lana norentzat egiten duen —zer argitaletxek edo erakundek eskatuta—, ez ditu baldintza berak eskatzen. «Uste dut oreka bat bilatu behar dela, eta jakin behar dela norekin ari garen eta zer eska dezakegun».

Edonola ere, errentagarritasunik eza da, itxura guztien arabera, euskarazko itzulpen literarioaren gaitz handienetako bat. Baldintza ekonomikoei loturiko kezkarik ba ote duen galdetuta, horri erreparatu dio Mendiluzek. «Ikusita globalizazio garaiotan dena dela geroz eta homogeneoagoa, eta, joerak ikusita, badirudi hizkuntza gutxituak ez direla errentagarriak izango merkatuaren barruan; ez dago oso aurreikuspen onik», azaleratu du diagnostikoa. Etsita baino gehiago, ordea, alternatibak bilatu beharra nabarmentzeko grinarekin nabarmendu du ideia hori Mendiluzek; iradokitzeko, hain zuzen, «barruan» lortu ezin dena kanpoan saiatu beharko dela erdiesten. «Bidea merkatuaren logikatik aterata egin beharko da», zehaztu du.

Nola, baina? Haren ustez, itzulpen jardunak euskararen aldeko borrokarekin lotua beharko du egon, baldin eta suspertu nahiko badu, «euskararen normalizazioa bultzatu nahiarekin, kontzientziarekin». Mendiluzeren ustez, «aurreko belaunaldietan» aiseago lotu zuten jarduna euskararen aldeko borrokarekin, eta sinetsia dago ezinbestean heldu beharko zaiola horri berriz.

Belaunaldien arteko aldeak

Sektore gehien-gehienetan izaten dira aldeak belaunaldi batzuen eta besteen artean. Batzuetan, tentsiorik ere izaten da elkarren artean, eta, Beobidek, Mendiluzek eta Blancok adierazitakoaren arabera, euskarazko itzulpengintza ez da horretatik salbu. Hirurek, ordea, pozik aitortu dute ezen, «baldin eta lehiarik bada», hura «sanoa» dela guztiz. «Eta iruditzen zait adindun horiek badakitela erretiratzen, gazteei tokia egiten», esan du Blancok, aski umoretsu.

Are gehiago, Mendiluzek esan du ez duela «batere frustraziorik» sentitzen itzultzaile zaharragoekiko. «Ez dakit, igual miresmena da gehiago», zehaztu du, eta iritzi horrekin egin du bat Beobidek ere: «Miresmena sekulakoa da, eta errespetua ere bai. Asko ikasi dugu eta asko ikasi nahi dugu haiengandik». Lezioak aipatzen hasita, errematea egin du Mendiluzek orduan: «Uste dut sarean ikas dezakegula, guk haiengandik, eta, ahal bada, haiek guregandik ere bai».

Izan ere, orain dela zenbait hamarkada abiatutako itzultzaileak eta oraintsu hasitakoak halabeharrez dira diferenteak. Eta, oro har, hau da motiboetako bat: ikasketak. EHUk 2000. urtean abiarazi zuen aurrenekoz Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua. Gaur egun, itzultzaile gazte mordoa dago gradu hori ikasitakoa —halakoxeak dira Beobide, Blanco eta Mendiluze—, eta, kontrastean, joan den mendetik itzultzaile diren askok oso bestelako ibilbide akademikoak dituzte eginak. Susmoa zera da: gradu hura sortu aurreko garaian, ezinbestean, nabarmen sortu zirela ezagutza esparru batean edo bestean sakon espezializatutako itzultzaile ugari —hala nola itzultzaile biologoak, itzultzaile ingeniariak, itzultzaile historialariak—, eta, egun, hizkuntzaren barrenetan aditu diren itzultzaile asko dagoela, baina, akaso, ez daudela gai batzuetan sakon espezializatuta berez.

Hain justu, horrela iritzi dio Blancok. «Karreratik ateratzen garenak polifazetikoagoak gara, ongi barneratua dugu nola heldu itzulpen prozesu bati, zer baliabide dagoen, baina espezializatzea zailagoa da», onartu du. Dioenez, baina, orain baino gehiago, hemendik urte batzuetara sentituko dute gabezia: «Noizbait, umezurtz sentituko gara arlo batzuetan. Landuko dugu, trebatuko gara, baina ez da hain erraza, eta gai labaina izanen da askotan».

Beobide eta Mendiluze baikorrago dira afera horri dagokionez. «Gure gainean dago espezializazio hori egiteko ardura, gehiago irakurtzekoa, formatzekoa; zaila izango da, noski, baina egingo dugu», adierazi du Beobidek. Mendiluzek, bestalde, iritzi dio «planifikazioa eta sarea» izan daitezkeela giltzarri zeregin horretarako. «Itzultzailea ez da inoiz bakarrik, eta hiztegiaren atzean daude terminologoak eta hiztegigileak, eta hizkuntza planifikatu egin daiteke. Lortu beharko dugu, hori bai, komunikazioa izatea, elkarguneak sortzea, eta foroak, edo terminologia batzordeetan elkartzea; elkarrekin aritzea».

Gazteenak gazteek?

Hizkuntzaren engranajeak ongi olioztatuak izatea beste erremediorik ez omen du itzultzaile denak. Eta, hori hala izanik ere, literaturaren esparruan bereziki, makineria aise martxan jartzeak ez dio bermatuko irakurlearentzat sinesgarria izanen den emaitza bat lortzea. Ahotsak behar bezala sortzea izaten da erronkarik handienetako bat sarri. «Oso gai zaila da», onartu du Beobidek.

Hori hala izanik, jatorrizko lanaren idazlea eta itzultzailea garaikideak direnean, ba al da abantaila nabarmenik? Eta, ondorioz, lehentasuna behar luke idazle gazteen lanak itzultzaile gazteek euskaratzeak? Gazteek ekartzea gazteen hitzak euskarara?

Beobidek iritzi dio abantaila izan daitekeela, baina ez du ezinbestekotzat. Hala eta guztiz ere, adibide ona da Beobiderena: 24 urterekin eman zuen Rifqa liburuaren euskarazko itzulpena, eta kasik adin berarekin eman zuen jatorrizko obra Mohammed el-Kurd idazleak —23 urterekin—; gaur egun, bi urteko aldea baizik ez dute batak eta besteak. Dena dela, bere esperientzia azaldu du Beobidek, eta, orobat, ñabardura batzuk ere azaldu ditu: «Mohammedek ez du gazteen hizkeran idazten, inondik ere ez. Halere, nik bai sentitu dudala haren kezkak nireak ere badirela ia beti, eta hark erabiltzen duen hiztegia nire hiztegiaren oso antzekoa dela, ingelesezkoa izan arren. Eta badu halako freskotasun bat gazteok igual errazago manten dezakeguna». Eta honela egin du errematea segidan: «Gaztea zaren heinean, igual badituzu gaztetasunaren betaurrekoak jantzita».

Mendiluzeren kasua ez da Beobiderenaren gisakoa, baina gazte izateak edo ez izateak izan dezake eraginik berarenean ere. Eskuartean duen Speak eleberrian, nerabeak dira protagonistak, eta haien hizkera euskaratzea du erronka nagusi. Gazteen hizkera itzultzea, eta, gainera, gazteei zuzendutako nobela bat dela aintzat harturik. Iruñeko solasaldian, halako ahotsak erreproduzitu nahiak emandako buruhausteen zenbait adibide azaldu ditu ahots goran: hala nola esplikatu du euskal nerabeen hizkeran «eredu bateraturik» ez izateak franko zaildu diola ariketa, eta diglosiak nabarmen eragiten duela, esaterako, makuluetan.

Hona hemen duda, hortaz. «Gazte izateak eta, ondorioz, eleberriko hizlarien adinetik hurbilago izateak ez al du errazten ahotsak itzultzea?», egin dio galde moderatzaileak. Kontua sinpleagoa delakoan dago Mendiluze, ordea. «Besterik gabe, uste dut itzultzaile betaurrekoak dauzkazunean denbora guztian zabiltzala hitz berrien ehizan edo erregistro diferenteak identifikatu nahian. Zaharragoa den batek egitea ez zait iruditzen ezinezkoa», argudiatu du.

Adimen artifizialari so

«Datorren itzulpengintza» da, zehazki, Laban eginiko solasaldiaren izenburua. Baina, egiari zor, «datorren» zerbait baino gehiago, dagoeneko zirrikitu guztietan eta sakon-sakon sartuta dagoen zerbait da adimen artifiziala. Are, tresna hori beste sektore batzuetan baino are lehenago hasi zen hizkuntzekin maite-jolasean. Egun, zenbateraino da mehatxu? Nahi bada, zenbateraino etsai? Edo zenbateraino, bestela, konplize edo lagun?

Blancok, Mendiluzek eta Beobidek onartu dute sumatu dutela halako aztoramendu bat gizartean, berdin da zein esparrutan, baina, paradoxikoki, lasai antzean dira hirurak. Hori bai: nork bere arrazoiak ditu bare izateko.

Izan ere, Blancok sentipena du, aurrerapen teknologikoei dagokienez, euskarazko sektoreetan jendea «oso lasai» ibili ohi dela, oro har. Hizkuntza hegemonikoak baliatzen dituzten sektore batzuekin alderatuta ondorioztatu du hori, preseski. «Uste dut pentsatzen dugula guk senti dezakegun kezka hori lehenago sortuko zaiela beste batzuei. Eta esperantza izaten dugu besteren batek bilatuko duela soluzioa lehenago, geuregan eraginik izan aurretik ere», argudiatu du. Edonola ere, eta patxadatsu antzean izan arren, gogoratu du parez pare ikusi dituela azken urteotako jauziak. Dioenez, ez zuen uste itzultzaile automatikorik izanen zenik ere, eta, ohartzerako, iritsi zen. Itzultzaile neuronalaren sorrera ikusi zuen gero. Eta, dioenez, litekeena da «etzidamu izaterako» adimen artifizialak gaitasuna izatea bideoei euskarako ahotsak jartzeko, «intonazio onarekin, gainera». Hala eta guztiz, lasai-lasai dago. «Hori guztia ailegatuko da, baina, segur aski, soluzioa ere egonen da gu hura bilatzen hasi aurretik ere».

Adimen artifiziala zertarako erabili; hori da gakoetako bat, itzultzaileen irudiko. Eta, horregatik, nabarmendu dute ez direla haren kontra bere horretan. «Literatura itzultzeko ez nuke sekula erabiliko, ez baita gai testuingurua behar bezala interpretatzeko», ohartarazi du Mendiluzek. Baina, tinko, argitu du hori ere alda litekeela inoiz. «Ez dut posible ikusten, baina, etorkizunean hori aldatzen bada, eta adimen artifiziala gai baldin bada guztia euskaraz ondo eta behar den bezala emateko, eta makina gai baldin bada euskararen normalizazioa erabatekoa izateko, izan dadila ongi etorria, eta desagertuko gara gu», azaldu du. «Oso urrun» ikusten du, edonola ere. Eta antzera Beobidek: «Adimen artifizialak adimen gutxi du horrelakoetarako —literaturarako—, eta sentimenduak eta testuinguru asko ezin ditu itzuli. Baina ikusiko da».