Joan-etorriko bidaia. Doktore-tesia sei galderatan: lanbidetik akademiara
Claudia María Torralba Rubinos

2024an 'Aldibereko interpretazioa eta Eusko Legebiltzarreko diskurtsoa: enuntziatu parentetikoen eta modalizazioaren azterketa corpus elebidun eta hirukoitz batean' izenburudun doktore-tesia defendatu zuen UPV/EHUn artikulu honen egileak. Bertan, doktore-tesiaren zati bat eta hortik eratorritako zenbait gogoeta aurkituko du irakurleak, era samurrean kontatuta. Testuarekiko aldibereko interpretazioa ardatz hartuta, sei galderari erantzuten die artikuluak: zer aztertu dut?, zergatik eta zertarako aztertu dut?, nola aztertu dut?, zein izan dira ondorioak?, zer inplikazio ditu lanbidearentzat?, zer geratzen da aztertzeke? Modu horretan, interpretazioaren arloan egindako ekarpenaren ideia orokorra eta aurrera begirako zenbait hausnarketa eskuratuko ditu irakurleak.

Sarrera

Joan den urteko apirilean defendatu nuen doktore-tesia, UPV/EHUn, eta hilabeteak daramatzat gure Senez kuttunean argitaratu den artikulu honi bueltak ematen: zer idatzi, nola idatzi, eta, batez ere, zertarako idatzi. Izan ere, aldizkari hau ez da mundu akademikotik igaro garenok hain ondo ezagutzen ditugun aldizkari akademiko horietako bat. Aldizkari honetan ez dira «inork irakurriko ez dituen» artikuluak argitaratzen, baizik eta alderantziz: badakit artikulu hau jende askok irakurriko duela. Hala da, munduko aldizkari prestigiotsuenen rankingetan azaltzen ez den arren, gurean top delako. Herritik eta herriarentzat sortua delako, lanbideko euskal profesionalentzat. Eta, pentsatzen jarrita, mantra hori ez zait ezezaguna, nik ere xede eta gogo horrekin egin bainuen doktore-tesia.

Ez dut ukatuko hasieratik sentitu nintzela eroso mundu akademikoan —amak esan ohi duen bezala, «paper artean»—, baina kabinetako trintxeretan ere aurkituko nauzue maiz, lokatzetan bekokiraino sartuta. Euskal interpretazioari ekarpen teorikoa eta praktikoa egitea izan zen nire asmoa hasieratik, ni neu ere halaxe sentitu izan naizelako urte luzez: akademiaren eta lanbidearen arteko zubi. Apur bat «satelite», zentzurik onenean. Ez batean, ez bestean: bietan. Eta horrek ere ekarri dizkit hainbat eta hainbat frustrazio, ez pentsa.

Zaila da alderdi teorikoan bakarrik mugitzen direnek ulertzea zer sentitzen den kabinatik ikusten duzunean hizlariak —behin eta berriz eskatu arren— bidali ez dizun testua daramala esku artean, eta irakurri egingo duela. Batez ere badakizunean streaming bidez arituko zarela, zuzenean, inolako sarerik gabe, eta politikariak eta kazetariak hor daudela, zure itzulpenaren zain. Gerra-hotsak entzuten dira urrunean.

Zaila da esplikatzea ezen, kabinan zaudenean, adrenalina zainetan bueltaka duzunean, erabakiak segundo gutxian hartu behar direla, eta sarritan ez daudela «justifikatuta». Edo, hobeto esanda, ez daukazula justifikazioan pentsatzeko denborarik ere, konturatzerako atzean geratu zarelako. Zaila da esplikatzea senak eta esperientziak paper garrantzitsua hartzen dutela erabakiak hartzen dituzunean. Teoria gauza bat dela, eta praktika, beste bat.

Eta, aldi berean, zaila da imajinatzea esperientziak hain argi erakusten duen hori guztia datu objektiboen eta metodologia konplexuen bidez azter daitekeela. Zaila da zure lana —eta, muturrera joanda, lanbidea bera— epaituko ez dutela pentsatzea zure interpretazio-jarduna aztertuko dutela esaten dizutenean.

Horregatik, oreka bila ibili naiz doktorego-tesia ontzen igaro ditudan lau urteetan, ikuspegi akademikoaren eta ikuspegi profesionalaren arteko orekaren bila. Eta, gaurkoan ere, horixe bera egiteko asmoarekin jarri naiz ordenagailu aurrean: nire doktore-tesi akademikoa lanbideko profesionalentzat ulergarria eta interesgarria izango den modu batean esplikatzeko modu bat aurkitzeko esperantzarekin. Esango didazue, egunen batean, kabinetan edo kongresuetan elkartzen garenean, helburua betetzea lortu dudan ala ez.

Zer aztertu dut?

Doktore-tesian, Eusko Legebiltzarrean euskaratik gaztelaniara testuarekin egiten den aldibereko interpretazioa izan dut aztergai —edo aldibereko interpretazioa testuarekin, nahiago duzuen bezala—. Aurretik, ikusizko itzulpena edo ikusizko interpretazioa ere deitu izan diogu zenbaitek (Pagola eta Urkia; 2008; Torralba-Rubinos, 2018) modalitate horri. Aretoan irakurria izaten ari den idatzizko testu baten aldibereko interpretazioa egitean datza, eta testurik gabeko aldibereko interpretazioa baino konplexuagoa da; izan ere, bi input kudeatu behar dira: entzunezkoa (hizlariaren ahozko diskurtsoa) eta idatzizkoa (aldez aurretik bidalitako testu idatzia).

Testu idatzia aurrean izanda ariketa errazagoa dela pentsatzen dute askok, baina, hain justu, kontrakoa gertatzen da. Izan ere, nork bermatzen du hizlariak hasi eta buka irakurriko duela aldez aurretik prestatutako testu hori? Litekeena da erreferentziazko testu horretatik aldentzea, neurri handi edo txikiagoan, momentuko beharren arabera. Eta orduan zer? Interpreteak gai izan behar du ahozkoan egindako aldaketa horiek guztiak hauteman eta itzulpenean txertatzeko, eta zaila da begien aurrean ez dauden elementu horiek entzutea, prozesatzea eta itzulpenean txertatzea (Ho, 2022). Ez da erronka makala, batez ere ahoz irakurtzen diren idatzizko testuek idatzizko testuen antz handiagoa dutelako ahozkoena baino.

Zer esan nahi dudan horrekin? Tira, ba ahozkoak direla ahoz ekoizten direlako, baina sarritan ez daudela irakurriak izango direlako kontzientziarekin idatziak, eta, ondorioz, idatzizko testuen ezaugarriak dituztela: esaldi luzeak, sintaxi konplexua, dentsitate terminologiko handia… Labur esanda, ahozko inprobisatuan nekez ekoitziko genituzkeen testuak dira. Oso aditua eta aritua izan behar da horrelako testuak ahoz eta bat-batean inprobisatzeko. Are gehiago, hain dira konplexuak, ezen testuinguru batzuetan ezinezkoa baita itzulpena egitea testu idatzirik gabe (Gile, 2018 [2009]).

Eta irakurri ere… Hizlari batzuek hala moduz irakurtzen dute. Nire susmoa da, politikarien kasuan gutxienez, hirugarrenek idatzitako testuak direla askotan, eta ez dutela denbora nahikoa izaten testua behar bezala prestatu eta norberaren estilora egokitzeko.

Gainera, oso kontuan hartu behar da interpretazio-jarduna bera ere asko aldatu dela azken urteetan, bereziki itzultzaile neuronalen agerpena dela medio (Aranberri eta Iñurrieta, 2024). Lehen, hizlariek bidalitako hitzaldiak eraman ohi zituzten interpreteek kabinara, jatorrizko hizkuntzan eta paperean. Horregatik, litekeena da interpretazioaren arloko trebakuntza jaso duten askok testuarekiko aldibereko interpretazioan testua lantzeko teknikak ikasi izana: aditza markatzea, gezien bidez ordena aldatzea… Horiek guztiak oso baliagarriak eta are ezinbestekoak ziren paper fisikoarekin lan egiten zenean.

Alta, egoera oso bestelakoa da gaur egun, bi arrazoi nagusigatik: batetik, ia testu guztiak iristen direlako formatu digitalean —baina ez beti formatu editagarrian—, eta, bestetik, hizlariek bidalitako euskarazko testuak sarritan direlako gaztelaniaz idatzitako testuen itzulpen automatikoak. Meloi handia da, zalantzarik gabe, baina azken ikerketek (Soziolinguistika Klusterra, 2024) erakutsi dute itzultzaile neuronalen erabilera oso zabalduta dagoela erakunde eta instituzioetan, eta itzultzaile neuronalari esker handitu egin dela euskarazko testuen produkzioa. Hori testuak euskaraz ekoiztea den ala ez beste batean eztabaidatuko dugu.

Izan ere, interpreteen jardunera itzulita, horrek esan nahi du ezen, irakurriak izango diren idatzizko testu horiek denbora nahikoarekin bidaltzen badituzte, interpreteek eurek ere aukera dutela itzultzaile neuronalaren bidez lehen —edo bigarren— itzulpen gordin bat egiteko.

Derrigorrezkoa da itzultzaile neuronalaren bidez itzultzea? Ez. Interprete guztiek erabiltzen dute itzultzaile neuronala? Ez. Nire ustez, baliagarria eta lagungarria izan daiteke? Bai. Beti balia daiteke? Ez. Zeren arabera erabakiko du interpreteak itzulpen automatikoa baliatzea ala ez? Faktore askoren arabera, adibidez: hizlaria, lana prestatzeko dagoen denbora, arloko ezagutza, hizlariak testua gaztelaniaz idatzi eta itzultzaile automatikoren baten bidez itzuli izanaren susmoa…

Norberaren hautu pertsonala da. Hala ere, frogatuta dago idatzizko testua edukitzea eta irakurtzea —zergatik ez, xede-hizkuntzan automatikoki itzulita— lagungarria dela, besteak beste, hitzaldiaren nondik norakoak aurreikusi, gaian sakondu eta esango direnei aurrea hartzeko gaitasuna hobetzeko.

Hala ere, ezin pentsa daiteke lehen itzulpen gordin hori bere horretan irakurtzea nahikoa denik, ezta gutxiago ere. Goitik behera berrikusi beharko litzateke, zuzena eta egokia dela bermatu ahal izateko. Ezin da ahaztu itzultzaile automatikoek eta AAk haluzinazioak dituztela —bai, horrela deitzen zaie—. Bereziki kontuan hartzekoak dira, besteak beste, izen bereziak, siglak, termino espezializatuak, hitz polisemikoak, hitz-jokoak, erreferentzia kulturalak… Izan ere, itzulpen automatikoak, azkartasuna ekarri digun arren, oraindik ez du lortu itzulpenari eta kulturartekotasunari berezkoak zaizkien erronkei erantzuteko formula magikorik.

Abiapuntuko itzulpen hori berrikusi eta landu egin behar da. Eta gero, noski, ahozko diskurtsoari jarraituz «irakurri» edo, baina alerta-modua piztua dugula. Hizlariak zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta gehiago irakurriko du interpreteak; hizlariak zenbat eta gutxiago irakurri, interpreteak ere orduan eta gutxiago irakurriko du. Horrexegatik da hain garrantzitsua hizlariak ere ondo ezagutzea, zer-nolako joerak dituzten ezagutzeak abantaila handia ematen baitu.

Dena den, ezin da aipatu gabe utzi itzultzaile neuronalaren etorrerak aldaketa oso esanguratsua ekarri duela hizpide dugun interpretazio-modalitate honetan: lehen, bi inputak —ahozkoa eta idatzizkoa— hizkuntza berean zeuden —gure kasuan, euskaraz— eta interpreteak gaztelaniara egin behar zuen itzulpena. Orain, itzulpen automatikoaren presentziarekin, bi input kudeatu behar izateaz gain, bi hizkuntza ere kudeatu behar ditu interpreteak: ahozkoa euskaraz eta idatzizkoa gaztelaniaz. Doktore-tesian ezin izan dut horretan sakondu, baina nire inpresioa da itzulpen automatikoak are gehiago konplikatu duela jarduna; izan ere, hizkuntza ezberdinak monitorizatu behar izateak interferentziarako eta omisiorako arrisku handiagoa ekarri duelakoan nago.

Zergatik eta zertarako aztertu dut?

Interpreteen diagnostikoan jaso genuen bezala (EIZIE, 2024), badirudi hizlariek gero eta maizago irakurtzen dituztela aurretiaz idatzitako testuak. Arrazoi ugari egon daitezke horren atzean. Cammounek eta bestek (2009) diote ezen, nazioarteko bilerak merkatzeko, bileren iraupena murriztu egin dela, eta, horregatik, hizlariek denbora gutxiago dutela parte hartzen duten bakoitzean. Horrek hitzaldi trinko baina laburrak egitera derrigortzen ditu, eta hori egiteko modurik errazena eta seguruena aldez aurretik idatzita eramatea da.

Setton-ek (2006) ama-hizkuntzaren auziarekin lotzen du modalitatearen gorakada, hizlariek gero eta maizago hitz egin behar dutelako beren ama-hizkuntza ez diren hirugarren hizkuntzetan. Ondorioz, baliteke horrek justifikatzea testu idatziaren beharra, nahiz eta oratoriaren lanketa falta ere aipatzen duen. Horretaz gain, beren-beregi esaten du nazioarteko konferentzia eta kongresuetan hizlariek idatziz entregatu behar izaten dutela komunikazioa, eta, horregatik, askotan aldez aurretik idatzitako hori irakurtzera mugatzen direla.

Euskal Herriko testuingurura etorrita, nik neuk hainbat euskal interpreteri galdetu nien duela zenbait urte, eta beste arrazoi hauek ere eman zituzten: hitzak neurtu beharra, hizkuntza-gaitasuna, ziurgabetasuna, denbora eta diskurtso perfektuaren ideia (Torralba-Rubinos, 2018). Tesiak ez du lagundu fenomeno horren kausak zeintzuk diren argitzen, baina, edonola ere, euskal interpreteen errealitatearen parte da. Arazoa, imajinatuko duzuen bezala, ez da, berez, hizlariek inprobisatu beharrean idatzizko testua irakurtzea; arazoa da askotan ez dietela testu hori interpreteei aurretiaz bidaltzen, eta, ondorioz, batzuetan oso zaila edo are ezinezkoa dela idatzizko testua jaso eta landu gabe itzulpena egitea.

Gainera, paradoxikoki, gutxi ikertutako interpretazio-modalitatea da, beste interpretazio-modalitate batzuen aldean, eta pentsatzekoa da luzaroan egongo dela gure artean, besteak beste AA sortzailea hartzen ari den protagonismoagatik. Lehen esan dut politikarien kasuan hirugarren batek idazten dituela askotan gero tribunan irakurriko diren testuak, baina litekeena da, halaber, hirugarren horrek ere AAren laguntza izatea askotan.

Beraz, iruditu zitzaidan beharrezkoa zela ikuspegi akademikotik modalitate horretan sakontzen hastea, egungo eta etorkizuneko interpreteen eguneroko lanaren parte baita jada. Beste hitz batzuetan, lanbidetik akademiarako bidea egitea, profesionalen eguneroko lanean ohikoa den fenomeno horri akademiaren betaurrekoetatik erreparatzeko eta bueltan zerbait ekartzeko: etorkizuneko interpreteen prestakuntza espezifikorako zenbait gako. Hala ere, oinordetzan jasotako kezka da, Koldo Biguri irakasleak proposatuta heldu bainion gaiari lehen aldiz gradu amaierako lanean. Zaharrak berri, hortaz.

Nola aztertu dut?

Eusko Legebiltzarrean euskaratik gaztelaniara testuarekin egiten den aldibereko interpretazioa aztertzeko lehen urratsa analisirako testuen corpusa osatzea izan zen, eta, horretarako, ezinbestekoa izan zitzaigun Eusko Legebiltzarreko Itzulpen Zerbitzuaren laguntza; izan ere, zerbitzuko interpreteak arduratu ziren hizlariek aurretiaz euskaraz bidalitako idatzizko testuak gordetzeaz, eskaneatzeaz eta bidaltzeaz.

2019 eta 2021 artean bildu genituen laginak, eta, garai hartan, itzultzaile automatikoaren erabilera ez zegoen gaur egun bezain zabaldua: interprete gehienek testua inprimatu eta lehen aipatutako tekniken bidez lantzen zituzten kabinara eramaten zituzten jatorrizkoak. Denbora nahikoa edukiz gero, itzuli ere egiten zuten batzuek. Ondorioz, tesian aztertutako testu gehienak ez zeuden automatikoki itzulita —zalantzarik gabe, mereziko luke itzultzaile automatikoaren erabileran sakontzea. Hortxe uzten dizuet amua, norbaitek interesa eta indarra badu, gaiari hel diezaion—.

Idatzizko testuak jasota, hizlarien ahozkoen eta interpreteen itzulpenak biltzea izan zen hurrengo urratsa, hiru ekoizpenak alderatu ahal izateko. Horretarako, Eusko Legebiltzarreko webgunetik deskargatu genituen hitzaldien bideoak, eta Elhuyarren hizketa-ezagutzailearen bidez automatikoki transkribatu. Bi soinu-kanal dituztenez, posible izan zen bideo bakarretik hizlariaren eta interpretearen ekoizpenak transkribatzea. Dena den, oro ez da beti urre. Ziur ordutik hona dezente hobetu dela, baina garai hartan xelebrekeriak egiten zituen: 

BERRIKUSI GABEA

Cuánta pensión está soportando esta trama? Esa trama oculta Zer egun eta fantoba lo cierto? Ez, Me gusta utilizar los datos, pero los datos nos dicen. No nos dicen cómo se desploman de cansancio las cuidadoras cuando lloran de impotencia, si enferman o incluso si muere. Damos por sentado que no seguirán cuidando obra. Tiz obra. Tiz o barato, como nos recordaba la consejera de Igualdad, Justicia y Políticas Sociales, la señora Artolazabal, hace poco más de una semana. No hay motivo por el que preocuparse.

BERRIKUSIA

«¿Cuánta tensión está soportando esta trama, esa trama oculta?» se preguntaba Fantova. Lo cierto es, a mí me gusta utilizar los datos, pero los datos no nos dicen, no nos dicen cómo se desploman de cansancio las cuidadoras cuándo lloran de impotencia, si enferman o incluso si mueren. Damos por sentado que nos seguirán cuidando o gratis, o gratis, o muy barato. Como nos recordaba la consejera de Igualdad, Justicia y Políticas Sociales, la señora Artolazabal, hace poco más de una semana, no hay motivo por el que preocuparse.

Hortaz, beste behin, laguntza bai, baina miraririk ez: banan-banan eta orpoz orpo berrikusi behar izan genituen ahozkoen transkripzio guztiak. Azkenean, 30 hitzaldiren 3 bertsioak bildu genituen, hau da, 90 testu. Guztira, 10 ordu, 57 minutu eta 58 segundo transkribatu eta berrikusi genituen, eta, horrela, 139.061 hitzeko corpus hirukoitz eta elebiduna eratu genuen.

Behin corpusa sortuta, azterketarako elementu bat hautatu behar izan genuen, lagin guztietan bilatu, aztertu eta konparatu ahal izateko. Buelta asko eman genizkion, baina, azkenean, enuntziatu parentetikoak aukeratu genituen.

Ez dut hemen luzatu nahi enuntziatu parentetikoen inguruko azalpenekin —oso egitura linguistiko bereziak diren arren, uste dut irakurle askoren interesetatik urrun egon daitezkeela—, baina adibide bat jarriko dut (letra lodiz markatuta dago), irakurleak zeri buruz ari naizen jakin dezan:

eta hor ikusten da / Osasun Sailean / aurpegiak aldatu direla / baina politikak ez dira aldatu / politikak ez dira aldatu zoritxarrez / eta agian Murga anderearen / a hemen zaude / Murga / barkatu / Murga anderearen e asmoa ez zen hori / baina / interpelazioa erantzuterako orduan ba agian ez zen ongi aholkatua e / izan / ez?

Ikusten denez, enuntziatu parentetikoa beste enuntziatu batean txertatzen den bigarren enuntziatu oso bat da, eta ezaugarri hauek ditu: independentea da sintaktikoki, semantikoki eta intonatiboki; etenen artean agertzen da; informazio (itxuraz) espontaneoa baina garrantzitsua ematen du, eta, haren bidez, esataria bikoiztu egiten da bere diskurtsoaren gaineko iruzkinak egiteko.

Ohikoa da horrelakoak oinarrian testu idatzia duten ahozko hitzaldietan agertzea, espontaneoki sortutako ideiak eta iruzkinak aurretik idatzitako testuaren gainean txertatzeko aukera ematen dutelako. Horrexegatik, hain zuzen, enuntziatu parentetikoaren ostean berriro ere heltzen dio hizlariak enuntziatu parentetikoaren aurretik esaten ari zenari. Kasu honetan, zehazki, hitzez hitz berreskuratzen du: «Murga anderearen…»

Hainbat arrazoigatik erabaki genuen enuntziatu parentetikoak aztertzea:

  1. Fuentes-Rodríguez (1999) ikertzaile espainiarrak aztertuak zituen Andaluziako Parlamentuko agerraldietan, eta, testu-genero bera izanik, aurrekari hori baliagarria zen konparaketarako eta kontrasterako.
  2. Idatzizko eta ahozko testuen arteko continuumean maiz agertzen diren elementuak dira. Idatzizko testuetan, ahozkotasuna simulatzeko balio dute, eta, ahoz irakurriak diren testuetan, lehenago ere esan bezala, idatzizkoaren gainean iruzkin edo ekarpen inprobisatuak txertatzeko. Hizlaria aurretik esaten ari zena eteten duten komentarioak dira, eta maiz agertzen dira oinarrian testu idatzia duten ahozko diskurtso formaletan; besteak beste, diskurtso parlamentarioetan.
  3. Ahozko diskurtsoetan espontaneoki agertuta, interpreteek ahalegin berezia egin behar dute halakoak entzun, prozesatu eta itzulpenean txertatzeko, eta, ondorioz, balizko omisiogune izan zitezkeela pentsatu genuen.
  4. Euskaraz ere bazeuden aurrekariak, baina testu idatzietan. Hain zuzen, Azpeitiak Koldo Mitxelenaren zinema eta literatur kritiketako enuntziatu parentetikoei buruz egindako tesia eta lan horretatik eratorritako beste zenbait artikulu (Azpeitia, 2010a, 2010b, 2011; Azpeitia, 2013; Azpeitia eta Pérez-Gaztelu, 2014a, 2014b). Beraz, euskararen ikuspegitik ere bagenuen aurrekari bat.

Enuntziatu parentetikoei lotuta, gainera, enuntziatu parentetiko horiek bideratzen duten modalizazioa ere aztertu genuen, eta hortik tesiaren izenburua: Aldibereko interpretazioa testuarekin Eusko Legebiltzarrean: enuntziatu parentetikoak eta modaliazioa corpus elebidun eta hirukoitz batean. Hori guztia Bronckart-en interakzionismo sozio-diskurtsiboaren (ISD) ikuspegitik (Bronckart, 1996/2022).

Zein izan dira ondorioak?

Lan akademikoak hiru ikerketa-galdera nagusi ditu, baina, artikulu honetan, interpreteekin lotura zuzena duen galdera bakarrari helduko diot; bigarrenari, hain zuzen: nola kudeatzen dituzte interpreteek enuntziatu parentetikoak? Mantendu ala ezabatu egiten dituzte?

Emaitzetan oinarrituta, esan daiteke interpreteek ezabatu egiten dituztela hizlariek ahozkoan inprobisatzen dituzten enuntziatu parentetiko gehienak. Esan nahi du horrek oharkabean pasatzen zaizkiela? Ez nahitaez. Gehien-gehienetan, interpreteak gai dira enuntziatu parentetikoen bidez egindako iruzkinak birformulatu eta edukia itzulpenean txertatzeko, beste egitura linguistiko batzuen bidez. Galerarik ba ote dakar horrek? Informazio-galerarik ez badago, galera txikia da.

Ezin uka daiteke gauzak beste modu batera esateak eta informazioa beste era batera antolatzeak beti eragiten diola modalizazioari, esandakoari ez zaiolako indar edo intentsitate bera ematen egitura batzuk edo beste batzuk erabilita. Hala ere, ezin dugu perspektiba galdu. Hau ez da hitzez hitzeko itzulpena, aldibereko interpretazioa da: Zentzuaren Teorian (Seleskovitch eta Lederer, 2002) aldarrikatzen den moduan, interpretatzea jatorrizko hizkuntzako hitzetatik esanahia erauzi eta xede-hizkuntzan modu naturalean birformulatzea da. Beraz, ikuspegi horretatik, ez dago galera esanguratsurik.

Are gehiago, testuen azterketak agerian utzi du ezen, hizlariek idatziz edo ahoz ekoizten dituzten enuntziatu parentetikoez gain, interpreteek ere beren diskurtsoan erabiltzen dituztela enuntziatu parentetikoak. Beraz, alde horretatik, ahozko jardunean erabiltzeko egitura emankorrak dira, hizlari zein interpreteen diskurtsoetan aurki daitezkeenak, idatziz eta ahoz, euskaraz eta gaztelaniaz. Horretan ez dugu alde esanguratsurik aurkitu.

Hala ere, aztergaiari buruzko atalean aurreratu dugun moduan, zaila da hizlariak ahozkoan bat-batean txertatzen dituen enuntziatu parentetikoak hautematea, eta, kasu gutxi batzuetan, egitura linguistikoaren omisioa ez ezik, interpreteek edukiaren omisioa ere egiten dute. Kasu horietan bai, xede-testuak pairatzen duen eragina handiagoa da, hizlariak transmititu nahi duen mezuari eragiten diolako bete-betean. Tesian ez genien interpreteei enuntziatu parentetikoei buruz galdetu —interpretazioaren arloko ikasketetan hain ohikoa den Think Aloud Protocol edo ahoz gora hausnartzeko metodoaren bidez egiten da hori—, baina, interpreteen ekoizpenak azterturik, askotariko egoerak gertatzen direlako seinaleak daude.

Kasu batzuetan, badirudi interpreteek ez dituztela ahozkoan txertatutako enuntziatu parentetikoak hauteman, eta, ondorioz, nahi gabe eta inkontzienteki omititu dituztela itzulpenean. Alabaina, beste kasu batzuetan, badirudi interpreteek nahita utzi dituztela beren itzulpenetatik kanpo, dela ez dutelako lortu itzulpenean txertatzea, dela egokiagoa iruditu zaielako gehikuntza hori ez egitea.

Eta azken ideia horri heldu nahi diot bereziki: egoera eta testuingurua ebaluatu eta xede-testuan eragina izango duten erabakiak hartzeko beharrari. Izan ere, interpretatzea erabakiak etengabe hartu beharra ere bada. Oreka bilatzea. Dena esateko gaitasunik ez dagoenean zerbait kanpoan uztea. Eta uste dut inportantea dela horretaz ere kontziente izatea. Batzuetan, biziraun egin behar dela, saturaziotik ihes egin. Ezin denean, ezin da. Eta ez dago aukerarik isildu eta esan gabe geratu diren horiez damutzeko. Aurrera jarraitu behar da. Gehienetan, eman ez den informazioa benetan garrantzitsua bada, hizlariak errepikatu egingo du, eta modua egongo da testuan aurrerago txertatzeko eta aurreko galera konpentsatzeko. Eta, diskurtsoak aurrera egin ahala interpretea konturatzen bada galdutako informazio hori gakoa zela mezua ulertzeko, aukera izango du gehikuntza bat egiteko. Beraz, ez dago konpondu ezineko hanka-sartzerik. Konponezina den gauza bakarra da diskurtsoaren haria galtzea eta isilik geratu behar izatea.

Interpretazioak baditu urrezko zenbait arau, eta horietako bat da, hain zuzen, ahalik eta informazio gehien berreskuratzea —ez gehiago, eta ez gutxiago; hau da, gehikuntzarik eta omisiorik ez egitea—. Hala ere, ezin da ahaztu zein den azken helburua: interpretazioa entzuten duten hartzaileek hizlariari zuzenean entzuten dioten hartzaileek jasotzen duten mezu berbera jasotzea. Horregatik, egoera ez-idealetan —ia beti—, dena esan ezin denean, helburu hori betetzeko hainbat eta hainbat teknika daude: hiperonimoak baliatzea, parafrasiak egitea, bat-batean naturalizatzea, jatorri-hizkuntzako soinuak erreproduzitzea, hitzez hitz itzultzea, hitzaldi-segmentu bat esan gabe uztea, birformulazio «paraleloa» egitea… (Gile, 2018 [2009]). Horiek guztiak irakatsi egiten dira, eta denek eragiten dute xede-testuan galeraren bat. Beraz, lasaitasunez ondoriozta daiteke enuntziatu parentetiko bat ezabatzeak ez diela interpretazioaren kalitate orokorrari eta hartzaileen pertzepzioari eragingo, betiere hitzaldiarekin aurrera jarraitu eta mezua behar bezala transmititzen bada.

Hori bai, argi dago interpreteek ezin dutela sistematikoki jo enuntziatu parentetikoak —edo ahozkoan txertatzen den beste edozein elementu— zuzenean ezabatzera. Ezin dira irakurketa hutsera mugatu, eta beren arretaren zati handi bat ahozkoan egiten diren aldaketetara bideratu behar dute, batez ere hizlarien arteko elkartrukeek dakartzaten testuinguru interaktiboetan.

Eusko Legebiltzarreko agerraldien kasuan, litekeena da hizlariek diskurtsoak aldez aurretik idatzita eramatea. Baina litekeena da, halaber, ahozkoan aldaketak egitea, aurretik parte hartu duten solaskideek esandakoari erantzuteko. Izan ere, ezin dugu ahaztu debatea egiten dela testuinguru horretan, eta solaskideek lankidetzan eraiki behar dutela eztabaida. Ez da nahikoa bakoitzak bere «txapa» ematea, nahiz eta hori ere ikusten dugun batzuetan. Gauza bera gerta daiteke, adibidez, mahai-inguruetan, tertulietan…

Berez, interpreteek ahozkoari jarraitu behar diote, eta ez idatzizkoari. Izan ere, teorian, hitzaldiaren oinarria edo laguntzarako materiala da idatzizkoa. Hizlaria da bere diskurtsoaren jabe, eta idatziz eramateak ez du esan nahi hori esatera behartuta dagoenik. Nahi duena alda dezake, nahi duenean. Horregatik da hain garrantzitsua interpreteak ez erortzea idatzizkoari itsu-itsuan jarraitzeko tranpan. Egia da, batzuetan, hizlariak oso gutxi aldentzen direla testu idatzitik, baina beste batzuetan erabat uzten dute albo batera.

Horren harira, azken ohartarazpen bat: gehitzen dutena bezain garrantzitsua da esaten ez dutena, eta biei erreparatu behar zaie. Lan honetan, hizlariak ahozkoan bat-batean txertatutako enuntziatu parentetikoetan jarri dugu arreta, baina justu kontrakoa ere gerta liteke: idatzizko testuan dagoen zerbait ez esatea. Eta, interpreteak halakorik esaten badu idatzizko testuan arreta handiegia jarri duelako, erremedio zailagoa du, esandakoa ezin delako ezabatu. Beraz, idatzizko testua aurretik jasotzeak eta lantzeak horrelakoak saihesten ere laguntzen du.

Zer inplikazio ditu horrek lanbidearentzat?

Ez dago ziurtasunik, baina badirudi datozen urteetan handitu egingo dela jendaurreko hitzaldietan aldez aurretik idatzitako testuak irakurtzeko joera. Aurretik ere aipatu izan dut, baina uste dut adimen artifizialaren eta itzultzaile automatikoaren erabilera areagotzeak lotura zuzena izango duela gorakada horrekin. Eta uste dut horrek ez diola bereziki lagunduko euskarari, kontrakoa esaten duenik ere badagoen arren. Izan ere, nire susmoa da testuak adimen artifizial sortzailearen laguntzaz idatziko direla, gaztelaniaz, eta gero itzultzaile automatikoen bidez itzuli euskarara. Sorkuntza-prozesua hori bada, denbora asko dedikatu beharko dio hizlariak testu hori memorizatu eta bere egiteari, eta, zoritxarrez, ez dirudi masa-produkzioan eta kapitalismoan oinarritutako gizarte honek denbora nahikoa emango dionik horretarako. Hori da, gaur-gaurkoz, nire inpresioa, baina —esan gabe doa— poztu egingo nintzateke bestela balitz.

Ondorioz, interpreteek orain bezainbestetan edo gehiagotan egin beharko dute testuarekiko aldibereko interpretazioa, eta makina batek sortutako eta gaizki irakurritako testuak itzultzera ohitu beharko dute. Nahiko jarrera ezkorra dudan arren, ez naiz teknofoboa, ez pentsa: testuak adimen artifizialaren bitartez sortzea askoz erosoagoa eta azkarragoa izango da, eta, ziurrenik, hizlari batzuek bikain oralizatuko dituzte. Bada, agian horretara bideratu beharko da oratoriaren irakaskuntza ere: idatziz eta (erdi-)automatikoki sortutako testu bat ahoz modu adierazkorrean esateko gaitasuna lantzera. Eta, egoera horretan, litekeena da hizlaririk onenak izatea idatzizkotik gehien urruntzeko gaitasuna dutenak, dela enuntziatu parentetikoen bidez, dela beste egitura batzuen bidez. Izan ere, irakurketara mugatzen direnak irakurle onak izatera iritsiko dira gehienez ere, baina ez dira sartuko hizlari onen ligan.

Horrek lanbideari dakarkion inplikazio nagusia zera da, interpreteak testuarekiko aldibereko interpretazioan espezifikoki trebatu beharra, itzulpen automatikoarekin eta halakorik gabe. Berriro ere, itzulpen automatikoak itzulpen-prozesua azkartzen du, baina, hizlariari testua automatikoki sortzean gertatzen zaion bezala, itzultzaileak ere ez du berdin barneratzen testua automatikoki itzultzen bada. Izan ere, hirugarren batek itzultzearen parekoa izango da. Ondorioz, interpreteek denbora dedikatu beharko diote —denbora nahikoa daukatenean— itzulpen automatikoak zuzentzeari eta arretaz irakurtzeari. Gainera, bereziki trebatuta egon beharko dute idatzizko testuen oralizazioa egitean txertatzen diren aldaketak identifikatzen eta beren itzulpenean txertatzeko modua topatzen, diskurtsoaren haria galdu gabe.

Edonola ere, beren-beregi aldarrikatu nahi dut ikasle eta hasiberriak itzulpen automatikoaren laguntzarik gabe egiten trebatzeko beharra, egoera eta testuinguru batzuetan ez baitago itzulpen automatikoa egiteko aukerarik. Hori ere bada —eta izango da— errealitatearen parte, eta, horregatik, itzulpen automatikoak errazten duen lan hori gabe ere beren lana kalitatez eta profesionaltasunez egiten jakin behar dute etorkizuneko interpreteek.

Horregatik —eta hau ideia modura botako dut, boteprontoan eta aztertu beharrekoak aztertu gabe— enkarguak prestatzeko balizko egoera edo agertoki mota ugaritan trebatu beharko lirateke ikasleak, eta denboraren faktorea gako izan beharko litzateke egoera horiek planteatzeko garaian.

Bada, Cammounek eta bestek (2009) lau egoeratan aztertu zuten testuarekiko aldibereko interpretazioa, interpreteek testua noiz jasotzen duten, eta iruditzen zait egokia izan daitekeela lau egoera horiek didaktikan edo irakaskuntzan aplikatzea: egoera «ideala», hau da, testua ordu, egun edo aste batzuk lehenago jasotzea; «ohiko» egoera, hitzaldia hasi baino 15-30 minutu lehenago; «presazko» egoera, hasteko 15 minutu edo gutxiago falta direnean, eta hitzaldia hasita dagoenean. Ziurrenik, egoera horietan jarduteko prozedura ezberdina izan beharko da, eta behar-beharrezko ikusten dut ikasleak errealitate ezberdin horien ispiluaren aurrean jartzea, lan-mundurako saltoa egin behar dutenean egoerarik okerrenari ere aurre egiteko baliabideak izan ditzaten.

Zer geratzen da aztertzeke?

Dena. Edo ia dena. Doktore-tesia egitea lan handia da tesigilearentzat, baina komunitateari egiten dion ekarpena txikia izaten da. Ekarpena da, dudarik gabe, baina erantzuten dituen baino galdera gehiago sortzen ditu askotan, eta hau ez da salbuespena izan.

Euskal interpretazioaren ikerketa-eremuan ia dena dago egiteke, lehen urratsak egiten ari baikara akademian —baina ez lanbidean—. Bada, zerbait aipatu behar izatekotan, esango nuke lehentasunezkoa dela aztertzea itzultzaile automatikoaren erabilerak zer eragin izan duen interpreteen jardunean eta interpretatzeko eragiketaren atzean dauden prozesuetan. Lehen ere esan dut ez naizela teknofoboa, eta uste dut onura asko ekarri dizkigula. Hala ere, laguntzarako tresna den neurrian, tresna hori erabiltzen ikasi behar dugu, eta, dituen arriskuez kontziente izanda, ahalik eta etekinik handiena atera.

Profesionalek itzulpen automatikoa nola erabiltzen duten aztertzea interesgarria litzateke, Administrazioan edo hirugarrenen kontura lan egiten dutenen nahiz autonomoen ikuspegitik. Izan ere, berriki egin dugun interpreteen txostenean (EIZIE, 2024) argi geratu da hirugarrenen eta norberaren konturako interpreteek errealitate eta beharrizan ezberdinak dauzkatela. Konparaketarako bidea zabalik dago, horrek dakartzan inplikazio guztiekin.

Txanpon beraren beste aurpegian, interpretazioko trebakuntzan ere jarri beharko litzateke fokoa, itzultzaile automatikoaren erabilerak hasiberrien ikasketa-prozesuari nola eragiten dion ikusteko. Eta, noski, hasiberrien eta adituen arteko konparaketa egitea ere oso emankorra izan daiteke, ahulguneak non dauden ikusi eta proposamen didaktikoak horretara egokitzeko.

Ate eta leiho guztiak zabalik daude, beraz, euskal interpretazioaren arloan ikertzen jarraitzeko.

 

Erreferentzia bibliografikoak

Aranberri, N. & Iñurrieta, U. (2024). When minoritized languages encounter MT: perceptions and expectations of the Basque Community, The Journal of Specialised Translation, 41.

Azpeitia, A. (2010a). Koldo Mitxelenaren euskal prosako diskurtso-estrategiak: enuntziatu parentetikoak. Doktore-tesia. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea.

——— (2010b). Enuntziatu parentetikoak: Koldo Mitxelenaren intentzio ironikoaren ispilu, Gogoa, 10 (1-2), 9-36.

——— (2011). Koldo Mitxelenak bere diskurtsoan estrategikoki integratzen ditu enuntziatu parentetikoak, Euskera, 53 (3), 791-832.

——— (2013). Koldo Mitxelenaren zinema- eta liburu-kritiketako diskurtso-estrategiak: enuntziatu parentetikoak. Bilbo: Euskaltzaindia.

Azpeitia, A. eta Perez Gaztelu, E. (2014a). Ahozkotasunaren printzak Koldo Mitxelenaren enuntziatu parentetikoetan. In Aduriz, I. & Urizar, R. (ed.), Euskal hizkuntzalaritzaren egungo zenbait ikerlerro: Hizkuntzalari euskaldunen I. topaketa. Bilbo: UEU.

——— (2014b). Bigarren mailako puntuazio-marken azterketa: Koldo Mitxelenaren liburu- eta zinema-kritiketako enuntziatu parentetikoen muga grafikoak, Senez, 45, 169-188.

Bronckart, J. P. (1996). Activité langagière, textes et discours. Neuchâtel: Delachaux et Niestlé. [Bigarren edizioa: Bronckart, J. P. (2022). Activité langagière, textes et discours. Limoges: Lambert-Lucas.]

Cammoun, R., Davies, C., Ivanov, K. eta Naimushin, B. (2009). Simultaneous Interpretation with Text. Is the text ‘friend’ or ‘foe’? Laying foundations for a Teaching Module. Master of Advanced Studies in Interpreter Training. Seminar paper. Geneva: Genevako Unibertsitatea.

EIZIE (2024). Euskal interpreteen diagnostikoa.

Fuentes Rodríguez, C. (1999). Lo oral en lo escrito: los enunciados parentéticos, Moenia, 5, 225-246.

Gile, D. (2018). Oinarrizko kontzeptuak eta ereduak interpreteen eta itzultzaileen trebakuntzarako. Bilbo: UPV/EHU. [Itzulpena. Jatorrizkoa: Gile, D. (2009). Basic concepts and models for interpreter and translator training]. Amsterdam/Filadelfia: John Benjamins.

Ho, C.-E. (2022). Sight interpreting/translation. In Franco Aixelà, J., Muñoz Martín, R. eta Botella Tejera, C. (ed.), Encyclopedia of Translation and Interpreting, Iberian Association of Translation and Interpreting Studies.

Pagola, J. & Urkia, J. (2008). Interpretearen eskuliburua. Zarautz: IVAP. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea.

Seleskovitch, D. & Lederer, M. (2002). Pédagogie raisonnée de l’interprétation (2e. édition corrigée et augmentée). Frantzia: Didier Érudition — Office des publications officielles des Communautés Européennes.

Setton, R. (2006). New demands on interpreting and the learning curve in the interpreter training. In Chai, M. eta Zhang, J. (ed.), Professionalization in interpreting: International experience and developments in China (Kouyi de zhuanyehua daolu: guoji jingyan he zhongguo shixian), Shangai: Shanghai Foreign Language Education Press, 36-71.

Soziolinguistika Klusterra (2024). ITZULINGURU. Itzultzaile neuronalaren eragina hizkuntza-jarduera arautuetan. Distortsioak, gatazakak, egokitzapenak eta berrikuntzak.

Torralba Rubinos, C.M. (2018). Ikusizko itzulpena euskara > gaztelania norabidean hiru arlotan: konferentzietan, erakundeetan eta justizian, Senez, 49, 239-250.