'Snarka' euskaratzeko bide baten ehizan
'Snarkaren ehizan' (2024) da Lewis Carrollen 'The Hunting of the Snark' (1876) lanaren euskal itzulpenaren titulua. Manu López Gasenik, itzultzaile eta edizioaren arduradunak, 'nonsense' delakoaren gailurtzat jotzen den balada haren hainbat gako eskaintzen ditu artikulu honetan. Sortua izan zen testuinguruan kokatu eta gero, obraren forma eta edukia deskribatzen ditu zehatz-mehatz, argitaratu zenean nahiz geroko edizioetan eta gaur arte izan duen harreraren berri ematen du, eta egotzi izan zaizkion interpretazioak aletzen ditu. Hurrena, Carrollen lanaren itzulpen-prozesuaren xehetasunak ematen ditu, bereziki nolako irtenbidea eman zaien aurkezten dituen zailtasun nabarmenenei, hala nola metrika eta errima, pertsonaien izenak, eta 'portmanteau' eta Carrollek asmatutako beste hitz batzuk. Ondorioa da 'Snarkaren ehizan'ek gaur egun ere literatura-balio handiko obra izaten jarraitzen duela, etengabe irakurketa askotarikoak eragiteko gai den neurrian.
The Hunting of the Snark (1876) Lewis Carrollen obra bereziaren euskal itzulpena 2024ko udaberrian argitaratu zen, Pamiela argitaletxean, Snarkaren ehizan izenburupean. Obraren itzulpena eta edizioa artikulu hau sinatzen duenaren eskutik joan ziren, zeinak, aurretik, Carrollen beste zenbait obra euskaratu eta plazaratuak baitzituen: Alizia herrialde miresgarrian, Ispiluan barrena eta Alizia haurrentzat. Hurrengo lerroetan, liburuaren forma eta edukia, sorreraren eta harreraren historia eta euskarazko itzulpenaren xehetasun batzuk aletuko dira.
Snarkaren testuinguru pixka bat
Alice in Wonderland (1865) eta Through the Looking-Glass (1872) arrakasta handiz argitaratu ondoren, Lewis Carrollek aurrekoak baino idazlan are bitxiago bat idazteari ekin zion, gerora The Hunting of the Snark izena hartuko zuena. Carrollek berak emandako azalpenetan, «Aliziaren zikloa» esaten zaionaren itxiera gisa aurkeztu zuen, nahiz eta obra horrek desberdintasun nabarmenak zituen aurrekoekin konparatuz gero.
Hasteko, Snark delakoan ez zegoen Aliziarik, eta, gainera, bertsotan idatzita zegoen. Obraren tonua ere oso bestelakoa zen. Egia esanda, Aliziarekin lotzen zuen gauza bakarra zen neskatxak ispiluan barrena izandako abenturen lehen kapituluan agertzen den «Jabberwocky» poema. Ispiluaren beste aldera iragan eta, errege-erregina gorriekin hitz egiten ari zela, mahai baten gainean liburu bat ikusi zuen; orri-pasa hasi zela, hizkuntza ezezagun batean idatzita zegoela iruditu zitzaion, harik eta ispiluaren beste aldean zegoela ohartu zen arte. Ispilu batean islatuta irakurri zuenean, ordea, ez zuen askoz gehiago ulertu. Hauxe da «Jabberwocky» poema:
JABBERWOCKY
Erretsaldea zela, tobo likarinek
mazelan giroskopa eta ginbaleta;
borogoboak zeuden abahulduta eta
arrata etikatek marrusin zegiten.
«Begira heure burua Jabberwockygandik!
haren baraila eta atzaparretatik!
Begira heure burua Jubjub hegaztitik,
suminserre Bandersnatch saihestu, semea!».
Vorpal ezpata hartu zuen eskuetan;
manxomear etsaia luzaz bilaturik…
Gringrin arbola pean atseden harturik,
eta han geratu zen pentsakizunetan.
Zakarsutu zegoela pentsakizunetan,
Jabberwock azaldu zen, begiak garretan,
bafadaka basotzar sarrilun handian,
burbuilatuz zetorren lauhazka bizian!
Batera eta bestera, Bat, bi! Bat, bi! Bat, bi!
vorpal ezpataz ekin, zirti eta zarta!
Bertan hilda utzirik, burua moztuta
eskuan itzuli zen baldarjauzika.
«Akabatu duk guztiz Jabberwock, semea?
Hator besoetara, oi gazte zangarra!
Egun zoragarbia! Jaiaiaiai! Ja-jai!»
barre algara bota zuen bozkariotsu.
Erretsaldea zela, tobo likarinek
mazelan giroskopa eta ginbaleta;
borogoboak zeuden abahulduta eta
arrata etikatek marrusin zegiten.
Bada, Carrollek The Hunting of the Snark obraren hitzaurrean dioenez, testuan agertzen diren hitz berezi batzuk Through the Looking-Glass hartako «Jabberwocky» poematik hartuta daude, eta, haren esanetan, maleta-hitzak dira, hau da, bi hitzez osatutako neologismo modukoak.
Aliziaren ziklo deitu dugun horretan, beste bi testu aipatu behar dira, nahiz eta bigarren gradukoak eta, horrenbestez, ez-kanonikoak izan. Alde batetik, Alice in Wonderland testuak oinarri izan zuen eskuizkribua, Alice´s Adventures Under Ground, Carrollek Liddell ahizpekin 1862an egindako udako ibai-txango ezagunean umeei kontatu zien istorioa, idatziz jaso, marrazkiz hornitu eta Aliziari Gabonetako opari gisa emandakoa, gerora facsimile modura etengabe eta hizkuntza askotan argitaratu baitzen. Beste alde batetik, bertsio kanonikoak izandako arrakastaren babesean, 1889an «0 eta 5 urte bitarteko haurrentzat» argitaratutako egokitzapena, The Nursery Alice, euskaraz ere argitaratua, Alizia haurrentzat (2004) titulupean.
Snarkaren forma eta edukia
Formaren aldetik, The Hunting of the Snark. An Agony in Eight Fits, azpititulutik beretik iragartzen zaigunez, zortzi «fit» edo «eroaldiz» osatutako poema luze bat da. Testu nagusiaren aurretik, jatorrizko edizioan (eta euskarazkoan ere bai), eskaintza-poema bat dago, «Ume maite bati eskainia: udako ordu urrekaren eta udako itsas marmarren oroitzapenez» titulukoa, Gertrude Chataway neskatoari zuzendua. Poema lau laukoz osatuta dago, eta jatorrizkoan bi akrostiko irakur daitezke, bata bertikala eta bestea horizontala. Bertikalean, bertso-lerro bakoitzaren lehen letrak elkartuta, «Gertrude Chataway» izena sortzen da, halabeharrez hamasei letrako izena. Horixe bera da horizontal izena eman diogun akrostikoaren emaitza, kasu honetan ahapaldi bakoitzeko lehen hitzek moldatua.
Poema horren atzetik, hitzaurre labur bat dator, Carrollek berak idatzia. Jada lehen esalditik, ironia baliatuz, ukatu egiten du poemaren izaera nonsense edo zentzugabea. Izan ere, dioenez, iritzi horren kontra «poemaren xede moral indartsua, hartan zuhurtziaz txertatutako printzipio aritmetikoak, edo Historia Naturalari buruz dituen irakasgai jatorrak» aipa zitzakeen. Eta itxurazko zentzugabeak, beraz, pertsonaia nagusiek Itsas Kodeari dioten esanekotasunari egozten dizkio. Handik aurrera, poeman tartekatutako hitz asmatuen ahoskerari eta osaerari buruz mintzatuz ixten du hitzaurrea.
Testu nagusira bueltatuz, aipatutako zortzi eroaldi direlako atalak neurri desberdinekoak eta izaera narratibokoak dira. Bestela esanda, Snarkaren ehizaren istorioa kontatzea dute helburu. Hauek dira atalen goiburuak: I. Lehorreratzea, II. Bulunbaren mintzaldia, III. Bixkotxen istorioa, IV. Ehiza, V. Bisoiren ikasgaia, VI. Bufeteren ametsa, VII. Bankariaren halabeharra, VIII. Desagertzea.
Atalotako bertso-lerroak laukotan egituratuta daude. Guztira, poemak 141 lauko ditu, ia beti abab errimadunak. Baladaren poesia-molde tradizionalari jarraitzen diote, oro har, erritmoari dagokionez: lehen eta hirugarren bertso-lerroek launa oin dituzte, eta bigarren eta laugarren lerroek, berriz, hiruna. Ohikoena, horrelako baladetan, oinek egitura janbikoa izatea da. Carrollen kasu honetan, berriz, anapesto-egitura dute (˘ ˘ ¯), eta horrek eragina du bertso-lerroen luzeran: 12/9/12/9 (Wallenberg, 2005).
Tarteka, zenbait ahapalditan, poemak bertso-lerroen barruko errimak agertzen ditu lerro bakoitietan, eta ohiko errima, berriz, bikoitietan. Salbuespenaren barruko salbuespen, halakoetan, batzuetan, barruko errimak huts egiten du lehen edo hirugarren bertso-lerroan. Consenstein-en (2016) arabera, poemak 112 abab ditu, eta 29 ez-abab baina barne-errimadunak bakoitietan. Gure azterketaren arabera, berriz, 109 abab dira; 25 ez-abab, barne-errimadunak bakoitietan; eta 7 ez-abab, barne-errimadunak bakoiti bakar batean.
Alderdi formalekin aurrera eginez, istorioak hamar pertsonaia ditu. Haietatik bederatzi gizaki, eta animalia bat, kastorea. Esanguratsua da pertsonaia guztien izenak B letraz hastea, ingelesez (eta euskaraz): a Bellman (Bulunba), a Boots (Bota-garbitzailea), a maker of Bonnets and hoods (Bonete), a Barrister (Bufete), a Broker (Burtsa), a Billiard-marker (Billarlaria), a Banker (Bankaria), a Butcher (Buxera), a Baker (Bixkotx), a Beaver (Bisoi). Aurrerago emango ditugu B letra horren erabilerari buruzko teoriak.
Liburuak, bestalde, hamar irudi ditu testuan tartekatuta, azaleko eta kontrazaleko irudiez gainera. Guztiak, bat izan ezik, Henry Holiday (1839-1927) margolariak egindako grabatuen erreprodukzioak dira. Haietan, pertsonaia guztiak agertzen dira irudikatuta, Bota-garbitzailea izan ezik. Snarka bera legelari jantzian agertzen da bizkarrez ikusita, Bufeteren ametsaren kapituluan. Pertsonaiekin batera, poemako beste motibo asko agertzen dira Holiday-ren irudietan, hala nola sei aldiz agertzen den lelo modukoan aipatzen diren sardeak, eta aditasunaren eta itxaropenaren pertsonifikazioak, estilo prerrafaelitan eginak. Azaleko irudian, Bulunba agertzen da ontziko masta nagusira igota esku-kanpaia jotzen, gauez; haren azpian, bela nagusi zabalduaren gainean, liburuaren izenburua agertzen da. Kontrazaleko irudian, berriz, nire ustez ilustraziorik ederrenean, buia estilizatu bat agertzen da itsaso zakarraren erdian, barruan kanpaia bat duela; buiaren egituran idatzita «it was a boojum» irakurtzen da.
Irudietan aipatutako bi salbuespenak argitu behar dira orain. Holiday-rena ez den irudia ozeanoaren mapa zuri kartografiko bat da, bigarren eroaldiaren ilustrazioa. Bota-garbitzailea irudietan ez agertzearen arrazoia, berriz, ez dago garbi. Jakina da Carrollek zorrozki kontrolatzen zituela bere liburuetako irudiak, ilustratzaileak erotzeraino (John Tenniel-ek bere gaitasun ezaren aitzakia jarri zuen Snarka ilustratzeari uko egiteko). Hala ere, ez dakigu pertsonaia horren irudiaren falta noren ardura izan zen, ez eta faltaren arrazoia ere. Bestalde, Holiday-k Boojumaren irudi bat egin zuen, baina Carrollek ez zuen argitaratu nahi izan. Idazlearen jaiotzaren mendeurrenean argitaratu zen lehen aldiz, 1932an, The Listener eta The Illustrated London News aldizkarietan (eta euskarazko edizioaren 58. orrialdean erreproduzituta dago).
Snarkaren edukiari dagokionez, Sidney Williams eta Falconer Madan egileen Handbook of the Literature of the Rev. C.L. Dodgson (1931) liburukoa da Snarka dela eta gehien errepikatu den esaldia: «mugagabeko umorez, eskifaia sinesgaitz batek izaki pentsaezin baten bila egindako bidaia ezinezkoa».
Snarkaren ehizan liburuak, izan ere, horixe kontatzen du: Bulunba kapitainak eta beste bederatzi eskifaiakidek (kastorea barne) izaki alegiazko baten bila egindako espedizio bitxia. Abenturazko narrazio bat da, epika eta umorea konbinatzen dituena, izu-kontakizunetako ukitu nabarmen batez ondua. Lehen kapituluan, Snarka bizi omen den itsasoaren amaierako lurraldean lehorreratzen ikusten dugu eskifaia. Gero, atzera eginez, egindako itsasaldiaren berri ematen zaigu, eskifaiako kideen eta Snarka identifikatzeko ezaugarrien deskribapenekin batera. Eta, hurrena, aurrera jauzi eginez, ehiza bera kontatzen da. In medias res planteatutako narrazio bat da, beraz. Bilbe nagusi horretan, bigarren mailako narrazio batzuk tartekatzen dira, hala nola «Bixkotxen istorioa» edo «Bufeteren ametsa». Pairatutako nekeak kontatu eta gero, eta Jubjub eta Bandersnatch izaki izugarriekin topo egin eta gero, amaierako kapituluan Bixkotx agertzen da tontor batean, ustez Snarka aurkitu duelarik; baina une horretan handik erori eta desagertu egiten da, osabak gaztigatu eran: emeki eta bat-batez.
Snarkak bere baitan ageriago edo ezkutuago izan ditzakeen testuartekotasunak askotarikoak dira. Gorago aipatutako balada eta poema epikoen umorezko parodia; eredu homerikoa, non Bixkotx Odiseo moderno bat izan bailiteke; tonu-espektro zabala, Gulliver-en satiratik Moby Dick-en larritasunera; Carrollen garaiko itsas kontakizunen parodia… Badu, orobat, parekotasunik Carrollen aurreko lanekin: hizkuntzaren arbitrariotasuna (Herrialde miresgarrian, Ispiluan barrena), hitz-jolasen aurreko umore-senaren falta (Erregina, Dukesa), matematikarekiko zaletasuna (Kapelagilea, Humpty Dumpty), epaiketen parodiak (Erregea, aldi berean abokatu eta fiskal), pertsonaiaren baten atzera begirako kontakizuna (Sasidortoka), ametsaren baliabidea (Herrialde miresgarrian, Ispiluan barrena)…
Edukien deskribapenarekin aurrera eginez, bada, kapitulu batzuen hasieran, aldaera txiki batzuekin errepikatzen den eduki iluneko lelo moduko ahapaldi bat:
Bilatu zuten titarez, bilatu aditasunez;
jazarri zuten sardez, eta itxaropenez;
herio-mehatxu eginez trenbide-akzio batez;
xaboiz xarmatu zuten eta irribarrez.
Gardner-ek, inoiz deskodetu ez den mezu kriptiko edo pribatu bat izan litekeela onarturik, horri buruzko teoria bat proposatzen du: titareak, sardeak, trenbide-akzioa, irribarreak eta xaboia zuzenki lotuta daude Snarka atzemateko nahasezinak diren bost ezaugarriekin (bigarren kapituluan Bulunbak aipatuak: zapore kurruskaria, meriendatzeko orduan esnatzeko ohitura, txantxak harrapatzeko zailtasuna, bainu-makinen zalea izatea eta askonahia). Honela dio: «Sardeak Snark-haragi kurruskaria jateko dira. Trenbide-akzioak aberatsa izateko anbizioari egiten dio erreferentzia. Irribarreak, hitz joko bat egin dela jakinarazteko. Xaboia, noski, gustuko dituen bainu-makinetan erabiltzeko, eta titarea, izakiaren buruaren alde batean jo, eta bostetako te-ordurako esnatzeko» (Carroll, 2006: 46).
Snarkaren historia eta harrera
Bada beste ezaugarri bat, oraingoa literaturaz kanpokoa, Alizia eta Snarka lotzen dituena. Izan ere, lehena Alice Liddell neskatoari eskaini zion gisa berean, bigarrena Gertrude Chataway neskatilari eskainia da, liburua argitaratu aurreko urtean ezagutu baitzuen.
Kontu horren harira, zilegi bekit bazter-solas bat egitea, konturatu bainaiz Wikipediako Lewis Carrollen ingelesezko sarrera askotan editatu dela aspaldi honetan, oso bereziki idazlearen ustezko pedofiliaren karietara. Sobera dokumentatua dago Carrollek gustuko zuela neskatoen argazkiak hartzea, eta zenbaitetan mozorroturik edo arropa gutxirekin fotografiaturik agertzen zirela. Kontua da, diote wikilari zenbaitek, noraino den zilegi beste garai bateko arau moralak gaur eguneko irizpideekin neurtu eta gaitzestea. Carrollen alde baliatzen dituzten argudioen artean esaten da, batetik, garai hartako argazkilari ugarik hartzen zituztela halako argazkiak, eta are ez zela ezohikoa Gabonetako opari-postaletan ume biluziak agertzea. Xalotasun-adierazpentzat hartzen omen ziren halakoak. Carrollen ustezko pedofiliaren aurka aurkezten duten beste argudio bat da (bitxia, diot nik), bestetik, idazleak bazuela interesik emakume heldu ezkongabe eta ezkonduekiko, garai hartako estandarretarako desegokitzat jo baitzitekeen, baina, gauzak zer diren, hura hil ondoren, haren izen ona babesteko familiak ezabatu omen zituen kontu haiei buruzko eguneroko-sarrera gehienak, baina zeudenean utzi, berriz, neskatilekikoak.
Snarkaren jatorrira bueltaturik, argitaratu baino bi urte lehenago piztu zitzaion obraren ideia, nahiz eta orduan ez zen horretaz ohartu. Carrollek berak kontatzen duenez, udako egun batean landazabalean paseatzen ari zela, esaldi bat etorri zitzaion ustekabean: «For the Snark was a Boojum, you see», alegia, «Snarka, izan ere, Boojum betea zen». Handik egun batzuetara, bertso-lerro horrekin bukatzen zen ahapaldi bat idatzi zuen. Eta, handik abiaturik, poema osoa eraikiz joan zen, egun hartan bururatutako bertso-lerroarekin amaitu arte.
Hala, bada, 1876ko martxoaren 29an ikusi zuen argia The Hunting of the Snark. An Agony, in Eight Fits (guretzat Snarkaren ehizan. Agonia bat zortzi eroalditan). Liburua, jada esan dugun bezala, aipatu Gertrude Chataway neskatoari egindako eskaintza-poema batez irekitzen zen; haren ondoren, hitzaurre bat, Carrollek berak idatzia, eta zortzi kapitulu edo «eroaldi», luzera desberdinekoak. Horixe jatorrizko liburuaren egitura. Guztiarekin ere, Aste Santuaren atarian plazaratu zenez gero, lehen edizio hartako hainbat aletan «An Easter Greeting to Every Child Who Loves Alice» tituluko esku-paper bat erantsi zuen. Horretan, garbi uzten du Carrollek ume-irakurleak izan zituela gogoan liburua idaztean, eranskinaren tituluaz gainera, haren testuan idatzi zuelarik «Ziur nago ume askok irakurriko dutela [Snarka] atseginez eta bihotzez, eta nik idatzi dudaneko adore berberaz». Eranskin hori, Martin Gardner-en iritziz, poemako zentzugabea fedeaz orekatzeko bide bat izan zen, irakurle gazteei jakinarazteko lurretik desagertzen garenean ere ez garela desagertzen Jainkoaren graziatik (Carroll, 2006: 74).
The Hunting of the Snark obraren harrera oso ona izan zen salmenten aldetik. Garai hartako kritikariak, berriz, ez zeuden ados Carrollen obraren esanahiaz eta balioaz. Morton N. Cohen-i esker (Giuliano, 1976: 92-110) irakurri ahal izan dugu Snarka plazaratu eta berehala argitaratu zen dozena erdi bat iruzkin. Haietatik batzuk, dezente negatiboak, hainbat arrazoirengatik, baina gehienetan kritikariek Aliziaren abentura gehiago espero zutelako: nolabait Aliziaren minez irakurri zuten Snarka, eta, konparazioan, galtzaile atera zen. Adibidez, A. Lang delako iruzkingile bati desegokia iruditu zitzaion obra bertsotan ematea: «Zergatik ez zaio lotu Walt Whitmanek prosaren zeru aske deitu zionari?». Gainerako erreseinak sinadurarik gabe agertzen direlarik, The Spectator aldizkarian plazaratutako kritikan esaten denez, Carrollen obra «porrot bat da», eta, irakasle batek nola, ohar bat egiten dio, esanez ahalegin apur bat gehiago egin izan balu arrakasta erdietsiko zukeela. Beste hedabide bateko ohar labur batean esaten da Carrollek txarrera egin zuela Herrialde miresgarritik Ispilura, eta orain okerragora egin duela Ispilutik Snarkera. The Athenaeum delakoan, berriz, esaten da agian «ahalik eta irakurle eta, oso bereziki, kritikari gehien ergel bihurtzeko asmo zoroak» gidatu duela obra, zeinari buruz gaineratzen baitu «poema modernoen arteko nahasgarriena» dela. Saturday Review delako hedabidean, berriz, begirunea erakusten diote Carrolli, eta haren obra berria ontzat jotzen. The Graphic da iritzirik aldekoena azaltzen duena, dioelarik, besteak beste, mundu guztiak irakurri beharko lukeela, eta irakurtzen dutenak barrez lehertuko direla.
Snarka argitaratu zen unetik aurrera, ugariak izan dira obraren ustezko esanahi eta sinbologiei buruzko hipotesiak. Haien artean, nagusi dira larridura motaren baten isla dela diotenak. Zenbaiten iritziz, heriotzaren saihetsezintasunaren aurreko larriduraz dihardu Snarkak. Martin Gardner-ek, bere edizio ohardunean (Carroll, 2006), haietako batzuen berri ematen du eta beste batzuen ikuspuntuak topatzeko bidea eskaintzen, bere interpretazio propioa ematearekin batera. Izan ere, Gardner-en aburuz, zehaztasunez planifikatutako alegoria bat da Snarka, adierazteko arestian aipatutako heriotzaren ezinbestekotasunaren aurreko agonia existentziala.
Aipatutako edizio ohardunari egindako hitzaurre berrian, Ameriketako Estatu Batuetako carrollzaleen bi aldizkari ezagunetan xxi. mendearen hasieran argitaratutako interpretazio banaren berri ematen du Gardner-ek. Alde batetik, The Carrollian delakoan, Fernando Sotok «The Comsumption of the Snark» 2001eko artikuluan azaldutako iritziaren arabera, eskifaiako kide guztiak tuberkulosiak jota daude, eta haien patua hiltzea da Boojumarekin topo egin orduko. Sotoren esanetan, Snarka tuberkulosiaren sinbolo litzateke, eta Boojuma, berriz, heriotzarena. Pertsonaia guztien izenak B letraz hasteari buruz, existentziaren sinboloa dela dio (to be or not to be).
Interpretazio hori bermatzen duen iturria Carrollen egunerokoak dira. Haietatik ondorioztatu denez, baladaren azken bertso-lerroa bururatu zitzaion egunaren bezperan gau-pasa egina zuen tuberkulosiak jota zegoen lehengusu eta semebitxi Charles Wilcox gaztea zaintzen, Wight uhartean. Garai hartan, tuberkulosia oso zabalduta zegoen Ingalaterran, eta ez zuen sendabiderik. Lehengusua hil zenean, Carrollen kezka erabateko atsekabe bihurtu zen, eta uda hartan bertan ekin zion Snarka idazteari.
Gardner-ek hizpidera ekarritako bigarren aldizkari ezaguna The Knight Letter delakoa da. Han, E. Fuller Torrey-k eta Judy Miller-ek, «The Capture of the Snark» 2004ko artikuluan, bizitzaren amaiera zentzugabe eta irrazionalaren sinbolotzat jotzen dute Boojuma, berriz ere Carrollen biografiako beste pasadizo batean oinarriturik. Oraingo honetan, oso maite zuen R.W.S. Lutwidge osabaren heriotza zentzugabearekin egin zuen topo gure idazleak. Osaba eroetxeen ikuskaria zen, eta, Salisburyko Fisherton Lunatic Asylum delakoan bisita bat egiten ari zela, herdoildutako iltze handi batez sastakatu zuen hango gaixo batek, eta handik sei egunera hil zen. Gertakari horren harira, egileek proposatu zuten eskifaiako kide guztiak, kasu honetan, Boojumarekin noiz topo egingo zuten zain zeuden zoroak zirela. Beren hipotesiaren bermagarri, baladako III. eroaldiko 6. ahapaldiaren hasiera dakarte:
«Nire izen bera duen osaba maite kutunak,
agurtu nintzenean, azaldu zidanez…».
(Carroll, 2024: 31)
Zeina omen baita Bixkotx okina Carrollen beraren alter ego-a izanaren froga. III. eroaldi horretan berean, osabak esaten dio Boojumarekin topo eginez gero «aienatu egingo haiz emeki eta bat-batez / berriz ere ez agertzeko sekula munduan!». Boojuma, beraz, Sotorekin bat, heriotza da, edo, behintzat, kontzientzia duten izaki guztiei sufriarazten dien desagertzeko beldurra. Eta —argudio-jauzi harrigarri bat eginez— Snarka ez da zentzugabearen poema soil bat, baizik eta Joben Liburu trebeki mozorrotu bat.
Bigarren bazter-solas bat egin beharrean naiz orain. Izan ere, hau idazten ari naizela, otsailean, familiaren lagun oso gazte bat hil da denik eta modurik irrazionalenean, eta pesimismo sakonean erorita Boojum zorigaiztokoa etorri zait akordura eta Carrollen gogokide egin naiz. Bizitzak ere bai baitu ilogikotik eta zentzugabetik, gehienetan uste dugun baino gehiago.
Carrollen garaikide izan ziren gertakari historiko batzuk ere ekarri izan dira Snark obrako zenbait pasarte edo motibo azaltzeko. Haietako bi aipatuko ditut hemen, biak ere itsas ibilaldiekin zerikusia dutenak eta Carrollen atentzioa merezi izan zutenak. Lehena «Tichborne auzia» izenez ezagutzen dena da. Tichborne gazte aberatsa itsasoan zebilela desagertu zen, 1854an, eskifaia osoarekin batera, ontzia hondoratutakoan. Haren ama alarguntsak, semea itota hil zitzaiola sinetsi ezinean, lau haizeetara eskatu zuen laguntza semea aurkitzeko, harik eta 1865ean Hegoaldeko Gales Berriko harakin batek aldarrikatu zuen arte bera zela Tichborne gaztea. Haren antz gutxi zeukan arren, azkenik Parisen elkartu zirenean, amak errekonozitu egin zuen, tichbornetarren ondasunen administratzaileen iritziaren kontra. Hala, hasiera eman zitzaion Ingalaterrako justizia-kasurik luzeen eta barregarrienari. Gutxienik ehun lekukok zin egin zuten erreklamatzailea Tichborne gaztea zela. Azkenean, 1874an, Snarka argitaratu baino bi urte lehenago, zin faltsuagatik erruduntzat jo zuten, eta hamalau urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Hortik dator «Bufeteren ametsa» izeneko VI. eroaldiko epaiketa auzi haren parodia delako ustea.
Bigarren gertakari historikoa Alert eta Discovery lurrunontziek Ipar Polora iristeko Ozeano Artikora egindako itsas espedizioa izan zen. Jakin-min mediatiko handia eragin zuen, hogeita hamar urte lehenago helburu bereko Franklin espedizioko Erebus eta Terror ontziak itsasoan galdu eta ingeles espedizio-saialdirik zoritxarrekoena bihurtu zenetik ez zelako berriro halakorik egin. Portsmouth-etik abiatu ziren, 1875ean, eta hurrengo urteko udazkenean itzuli, aurreikusi baino urtebete lehenago, neke handiak pairatuta eta Ipar Polora heldu gabe. Horrek Snarka liburuan utz zezakeen arrasto bat eskifaiaren antolaera zatekeen, espedizio haietan bezala arlo eta lanbide askotako kidez osatua, baita zenbait animaliaz ere, Carrollenean Bisoi kastoreak ordezkaturik. Esan izan da, orobat, Artikorako bidaien satira moduko bat izan zitekeela, eta Snarka bera bilatzen zuten Ipar Poloaren sinbolo bat (eta hortik mapa zuri bat erakusten duen ilustrazioa):
«Mercator-en Ipar polo, lerro-marrak bolo-bolo,
Meridiano, Eremu, zein dute zentzua?»,
Bulunbak, garrasi, eta eskifaiak ihardetsi:
«Konbentzionala da guztion mezua!
Beste mapetan ikurrak, irla eta lurmuturrak!
Baina Kapitainari eskertzen diogu»
eskifaiak hala esana, «onena erosi izana:
hustasun osoari bikain deritzogu!».
(Carroll, 2024: 24)
Beste zenbaitek beren ideien aldeko edo arerio ideologikoen kontrako argudio moduan hartu dute Snarka. Haien arteko instrumentalizaziorik nabarmenena, darion tonu parodiko-umorezkoagatik, Ferdinand C.S. Schiller (1864-1937) filosofo pragmatikoak Mind aldizkarian 1901ean argitaratutakoa da. Garai hartan, Oxforden irakasle zebilela, filosofia-aldizkari hartako arduradunak konbentzitu zituen Snarkari buruzko zenbaki monografiko parodiko bat egiteko, Mind! izena hartu zuena. Artikulurik aipagarriena Schiller-en «A Commentary on the Snark» da, Snarkophilus Snobbs goitizenez sinatua. Han, besteak beste, Hegelen idealismoaren aurka egiten du, Carrollen testuaren azterketa ustez sistematiko baten bitartez. Esate baterako, honela diote hasierako pasarte batzuek: «Esan behar da Snarkaren ehizan nahasgarri gertatu dela orain arte helduen ulermenarentzat (…), hainbesteraino non Snarkaren misterioa nerbio-kolapsoen eta dementzien % 49,5en eragilea izan baita azken hamar urtean (…) Zein da, bada, Snarkaren esanahia? (…) Nik baieztatzen dut Snarka Absolutua dela. (…) Lewis Carrollek, gizon zentzuduna zen aldetik, ez zuen sinisten Absolutuan, baina onartzen zuen hari buruz mintzatzeko erarik onena parabola bidezkoa zela (…) Snarkaren ehizan, horrenbestez, horixe da: gizateria Absolutuaren bila (…) Zehaztuko dut neure interpretazioa. Ikusten dugunez, poemak 8 atal ditu. Zalantzarik gabe, horrek irudikatzen du Absolutuak errebelatzeko behar duen denbora-tartea (…) Baina zergatik 8 eta ez 7 edo 9? Bada, 90 graduko angeluan okertuz gero, Infinituaren sinbolo bihurtzen delako, sarritan Absolutuaren baliokidetzat hartua (…)». Handik aurrera, pertsonaia bakoitza zer kontzepturen ordezkari den azaltzen du, eta, gero, parodiarekin aurrera eginez, bertsoetan topatzen dituen esanahi filosofikoak aletzen ditu, eraitsi nahi duen Absolutuaren ideiarekin lotuz. Gardner-ek artikuluaren testu osoa aldatu zuen bere edizio ohardunera, «Snarkari buruzko teoria guztien arteko landuen eta gatzdunena» dela esanez. Niri, berriz, eta esan bezala, gehiago iruditzen zait pentsaera filosofiko baten kontra egiteko baliabide barregarri bikain bat.
Beste alde batetik, garai hartako kritikari eta irakurleen interpretazioei Carrollek berak emandako erantzunak sailkatu zituen Gardner-ek (Carroll, 2006: xxxii-xxxiii). Snarka alegoria bat den, ezkutuko mezu moralik ba ote duen edo satira politikoa den, galdera guztiontzat, Carrollen erantzun bakarra: ez dakit. Hemeretzi urteko neska batek 1880an bidalitako galderari erantzunez, esan zuen Snarkaren esanahia ezin dela azaldu, ulertzen ez diren gauzak azaldu ezin diren modu berean. 1896an, berriro ere gaiaz galdetuta, erantzun zuen: «Uste dut Snarkaren esanahi bakarra zentzugabea dela; hala ere, hitzek berez duten esanahitik haragoko irismena dutenez gero, halakoak pozik onartzeko prest nago». Snarkari buruz egin zuen azken adierazpenean, 1897an, hil aurreko urtean, esan zuen ezen, Snarka Boojum bat besterik ez delakoa nahikotzat onartzen ez denez gero, eman zaizkion esanahietatik gehien gustatzen zaiona zera dela: zorionaren atzetik ibiltzearen alegoria.
Gaur egun, zentzugabearen gailurra izatetik harago, Snarka maisulantzat jotzen da. Adam Gopnik-ek bere hitzaurrean dioenez (Carroll, 2006: xv-xxi), «Alizia biak baino askoz gehiago, Snarka testu irekia izatearen onurak dituen obra handi bat da. Ez du ezer esplizitatzen, eta lerro arteko irakurketa arretatsua eskatzen du (…) Snarka testu surrealista bat da (…) Zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta gehiago sentitzen dugu poema oniriko bat dela, jazoeretan zentzuzkoa eta ekintzetan izugarri ilogikoa den aldetik (…) Carroll, beste ezeren aurretik, irrazionaltasunaren poeta bat zen, baina irrazionalista izan gabe. Umorezko idazle handienetakoa izatearen arrazoia da ez ikustea kontraesanik logikoa denaren eta lehen begiratuan eroa dirudienaren artean (…) Zentzua eta zentzugabea, mundua eta harekiko dugun harridura da Snarka bezalako poema eta irakurgai zoro eta ederrak batera existitzea».
Snarka, euskaraz1
Adore berezia behar da The Hunting of the Snark den idazlan orobat berezia euskaratzeko, eta adore hori Juan Gabriel López Guix-engandik iritsi zitzaidan, Aliziaren inguruko proiektu zabal batean lankidetzan aritu eta gero, Snarka aldi berean nork bere hizkuntzara itzultzea proposatu zidalarik. Zeregin horretan, dokumentazio-lan zabalaz hornitzea izan zen lehen urratsa. Nabarmenenak aipatzearren, Aliziaren zikloko liburuen kasuan bezala, ezinbestekoa izan da Martin Gardner-ek egindako azken edizio iruzkindua (2006), erreferentzia linguistiko eta historiko ugariren iturri baita. Beste alde batetik, The Institute of Snarkology delakoak snarkology.net webgunean emandako informazioa ere garrantzitsua izan da alderdi askotatik.
Snarka hamaika hizkuntzatara itzuli da, galegoa eta katalana barne, eta beste hainbeste eratara: jatorrizkoaren errimari eutsita, beste errima-molde batzuk baliatuta, eta errimarik gabe; jatorrizko metrika eta erritmo anapestikoa imitatu nahian, beste metro eta erritmo batzuen bidez, eta metro edo/eta erritmo jakinik gabe; lau bertso-lerroko ahapalditan, bostekotan eta seikotan; hamar pertsonaiarekin eta bederatzirekin; haien izenak B-rekin hasita, beste letraren batekin, edo batasunik gabe; Carrollek asmatutako izenak eta bestelako hitzak bere horretan utziz, egokituz, edo erdi egokituz…
Eta, nork bere modura, denek izan dute egin dutena egiteko justifikazioren bat. Izan ere, eta zentzua ere itzulgaitzat hartuta, horrek beste zailtasun batera garamatza: nonsense itzultzearena. Consensteinek dioenez (2016: 933), Snark asmatutako hitz bat da, snark duena esanahi bakarra; ehiza baten objektua da, esanahia nola gertatzen den horren ehiza. Eta, aurrerago, dio poemaren irakurketak esanahi-aura bat ematen duela, halakorik ez dagoen tokian. Eta gaineratzen du: esanahiaren eta zentzugabearen arteko sokan dabilen ekilibrista da balada, eta, ahots naturalen arintasuna dela medio, zentzuaren itxura ematen du.
Beste toki batean aldeztu nuenez (López Gaseni, 2024), liburuko zentzugabea bi iturritatik sortzen da: alde batetik, egoerazkoa da, bilbea harrigarria den aldetik. Eta, bestetik, hitzezkoa da: Carrollek, beharra gidari erabiliz, errima hizkuntzaren beharretara moldatu ordez, hizkuntza moldatzen du errimaren beharretara, hitzak eta esaldiak bihurrituz eta aurrekoaren osagarri den beste zentzugabe mota bat sortuz.
Simona Mambrini-k egindako elkarrizketan Daniela Almansi-k dioenez, bestalde, Carrollen zentzugabeak «soinua zentzuaren gainetik» delako araua baliatzen du, eta askotan hoskidetasunak bideratzen du zentzua. Horrek guztiak, beste ezeren gainetik, testuaren ahozkotasuna nabarmentzen du. Bestalde, elkarrizketa horren hasieran, zentzugabea itzultzeko dilemaren inguruan Jean-Jacques Lecercle-k emandako zazpi tesiak aurkitu daitezke, hauexek:
- Zentzugabea ezin da itzuli.
- Zentzugabea itzuli egin behar da.
- Zentzugabea itzultzea ez da beharrezkoa.
- Zentzugabea ez da itzultzen, transposatu egiten da.
- Zentzugabea amaigabe itzulgarria da.
- Zentzugabea amaigabe itzultzen da.
- Zentzugabearen itzulpenak guztietan osoen, pozgarrien eta oparoenak dira.
Euskal itzulpenaren kasuan, jatorrizkoaren alderdi askori heldu diet: kapitulu-banaketari eta ahapaldien egiturari, ohiko errimari eta barruko errimari, pertsonaien izen B-dunei eta haien irudiei, zentzuari eta zentzugabeari. Neurria, berriz, ingelesezko edukia sartzeko moduko edukierako bertso-lerroak bilatu behar zirenez gero, zenbait euskal moldetara egokitu dut: bertso-lerro luzeak 8+8 egiturara, eta, laburrak, 7+6 delakora, jakin eta ahal bezainbatean. Egiturarik ohikoenetan, beraz, honelako ahapaldiak sortu dira: 16A/13B/16A/13B.
Aipatu bertsokera hori arrazoizko irtenbidea delakoan nago. Inguruko beste hizkuntza batzuekin konparatzearren, gaztelaniaz egindako hogei bertsio baino gehiagoren arteko batzuk ekarrita, La caza del Snark izenekoa (Carroll, 1982) errimarik gabekoa da, eta ez du neurri finkorik, nahiz eta, itzultzaileek hitzaurrean diotenez, «busca recrear el ritmo y la musicalidad originales»; La caza del carualo (Carroll, 2016) hendekasilabikotan emanda dago, errima kontsonantea duela bertso-lerro bikoitietan; gaztelaniaz egin den ustezko azkenari erreparatuta (Carroll, laster argitaratzekoa), 14A/12B/14A/12B egitura darabilte, alexandrinoak eta dodekasilabikoak tartekatuz, eta errima asonantez. Galegoz, Marilar Aleixandrek paratutako bertsioan (Carroll, 1996), Carrollen laukoak seikotara ekarri zituen, jatorrizkotik ahalik eta eduki gehien jasotzeko, eta honako egitura honetan emanda dago Snarka: 11A/11B/8A/11B/8C/11C, errima kontsonantez. Kalandraka argitaletxeak argitaratutakoa (Carroll, 2022a), berriz, bertso-lerro neurtugabetan eta ABAB errimaz emana dago (itzultzaile eta argitaletxe berek gaztelaniaz ere atera dute Snarka —Carroll, 2022b—, aipatu ezaugarri berberekin). Katalanez, Llauger-en bertsioan (Carroll, 2020), bertsokera hau erabiltzen da: 12A/12B/12C/12A, katalanezko araubideko alexandrinotan (hau da, zenbakiz adierazitakoa ez da neurri osoa, azentudun azken silaba artekoa baizik).
Liburuan agertzen diren izakien izenei dagokienez, egokitzearen eta ez egokitzearen arteko erdibidea hobetsi dugu: pertsonaien izenak ergonimo (jabearen lanbidea adierazten duen izena) diren neurrian, egokitu egin dira, esan bezala, ezaugarri duten hasierako B-ari eutsiz eta, hartarako, zenbaitetan baliabide metonimikoak erabiliz; osaera ilunagoko izenetan, berriz, jatorrizko forma gorde dugu (Snark, Boojum, Jubjub…), hasierako letra larria eta guzti, izen berezia izan zein izen arrunta izan.
Maleta-hitzak direla eta, zenbait iturritako (Simpson & Weiner, 1989; López Guix, 2017; Carroll, 1990, 2006, 2024) azalpenei jarraituz, honela euskaratu ditugu:
Beamish: ingelesezko hitz zaharra: ‘beaming and bright with optimism, promise, or achievement’. Euskaraz: argidaitsu (argitsu + dirdaitsu).
Uffish: ‘a state of mind when the voice is gruffish, the manner roughish, and the temper huffish’. Euskaraz: zakarsuturik (zakarki + suturik).
Galumphing: ‘moving along heavily or clumsily’ (gallop + triumphant) . Euskaraz: baldarjauzika (baldarki + jauzika).
Outgrabe: ‘outgribing is something between bellowing and whistling, with a kind of sneeze in the middle (past tense of, presumably, outgribe)’. Euskaraz: marrusin egin (marru egin + usin egin).
Frumious: ‘so angry or furious as to be fuming’ (fuming + furious). Euskaraz: suminserre (sumin + haserre).
Mimsiest: Carrollen arabera, zerikusia du aldi berean mimserable (ez da ingelesez existitzen) eta miserable hitzekin. Humpty Dumptyren arabera, berriz, miserable eta flimsy hitzez osaturiko maleta-hitz bat da. Euskaraz: abahuldu (abaildu + ahuldu).
Testuan agertzen diren testuartekotasun gutxi-asko esplizituetarako, lehendik euskaratutakoak erabili ditugu: Carrollen hitzaurrearen amaieran, Shakespeareren Henry IV antzezlaneko aipua Bedita Larrakoetxearen itzulpenetik hartu dugu; II. eroaldiko «Adiskideak, Erromatarrak, aberkideak, erne belarriak!» hitzak (Marko Antoniok Julio Zesarren hileta-zeremonian esandakoak), berriro ere Shakespearerenak dira, eta, kasu honetan, Julio Zesar antzezlanekoak (Xabier Mendiguren Bereziarturen itzulpena, neurriaren beharretara moldatua).
Azkenik, esan bezala, Snarkaren ehizan liburuaren jatorria eta are kokapena Carrollen Ispiluan barrena obrako «Jabberwocky» poeman bilatu behar omen direnez gero, orduko hura euskal ediziora ekarri dugu, eranskin moduan, aldaketa gutxi batzuk tarteko, zentzugabearen emaitza onenetarikotzat jotzen den poema horri ikusgaitasuna ere emateko.
Snarkaren ehizak amaierarik ez
Eta, hala ere, nola edo hala amaitu behar kontakizun hau. Horretarako, Gabriel López Guix-ek bere itzulpenaren atarikoan paratutako hitzak aukeratu ditut (López Guix, laster argitaratzekoa): «Garai desberdinetako irakurle desberdinek etengabe ateratzen dituzte Snarketik era guztietako esanahiak. Ulertzekoa da fikziozko lan horren maskararen azpian zer mezu ezkutatzen den argitzeko borondatea. Hala ere, maskaren azpian ezkutatzen dena gu islatzen gaituen ispilu bat da. Snarka mapa zuri bat da, zeinaren gainean “Ipar polo, lerro-marrak bolo-bolo, Meridiano, Eremuak” proiektatzen ditugun. Eklesiastiko liburuan esandakoarekin bat, exegesia amaierarik gabeko zeregina da. Eta, Snarkak interpelatzen gaituen bitartean, Italo Calvinok obra klasikoarentzat emandako seigarren definizioari atxikiko zaio: “Klasiko bat esan behar duena esateari sekula uzten ez dion liburu bat da”».
Euskal bertsioak ere amaierarik ez izatea nahi nuke: ingelesezko ikuskizun zoragarriarekin gertatu zen bezala (Batt, 1987), paperetik kanpoko bidaia egiten jarraitzea nahi nuke, Snarkaren ehizan biltzen diren bertsoei doinua jarri eta, akaso, taula gainera eramatearen bidez.
Bibliografia
Batt, Mike (1987). The hunting of the Snark — Royal Albert Hall. Youtube.
Carroll, Lewis (1982). La caza del Snark. Itz.: María Eugenia Frutos eta Javier Laborda. Bartzelona: Mascarón.
——— (1990). Ispiluan barrena. Itz.: Manu López Gaseni. Iruñea: Pamiela.
——— (1996). A caza do Carbairán. Itz.: Marilar Aleixandre. Vigo: Xerais.
——— (2006). The Annotated Hunting of the Snark. The Definitive Edition. Martin Gardner (ed.). New York / Londres: Norton & Company.
——— (2016). La caza del carualo. Itz.: Jordi Doce. Madril: Nórdica.
——— (2020). La cacera del Sauró. Itz.: Miquel Àngel Llauger. Bartzelona: Adesiara.
——— (2022a). A caza do Tiburente. Itz.: Alberto Ruiz de Samaniego eta Xabier Meilán. Pontevedra: Faktoría K.
——— (2022b). La caza del Tiburiente. Itz.: Alberto Ruiz de Samaniego eta Xabier Meilán. Pontevedra: Faktoría K.
——— (2024). Snarkaren ehizan. Agonia bat zortzi eroalditan. Itz.: Manu López Gaseni. Iruñea: Pamiela.
——— (laster argitaratzekoa). La caza del Snark. Una agonía en ocho episodios. Gabriel López Guix (ed.).
Consenstein, Peter (2016). The Transmetrical Snark. MLN 131 (4), 932-943.
Giuliano, Edward (1976). Lewis Carroll Observed. New York: Lewis Carroll Society of North America.
López Gaseni, Manu (2024). Las voces y los ecos. El Trujamán. 2024/04/03.
López Guix, Juan Gabriel (2017) Doce versiones del «Jabberwocky» de Lewis Carroll: una propuesta de valoración poética. Estudios de Traducción 7, 49-75.
Mambrini, S. (2021). Translate it, Translate it not: Translating Nonsense. An Interview with Daniela Almansi. Fairtales, 2021-05-11.
Simpson, John Andrew & Weiner, Eva (ed.) (1989). The Oxford English Dictionary. Oxford: Clarendon Press.
The Institute of Snarkology (2023).
Wallenberg, Joel C. (2005). Formal Metrics Meets the Boojum: Metrical Variation in Lewis Carroll’s Verse. In Cover, Rebecca T. & Yuni Kim (2005). Proceedings of the Thirty-First Annual Meeting of the Berkeley Liguistics Society. Berkeley (CA): Berkeley Lingustic Society. 489-500.
Oharrak
1. Testu hau Snarkaren ehizan nire euskal edizioaren gibel solasaren azken atalaren transkripzioa da, zuzendua eta emendatua (Carroll, 2024: 64-66).