Ikono global bat, hizkuntza gutxitu batean. 'Anne Franken egunkaria'ren
euskarazko itzulpenak
Artikuluak 'Anne Franken egunkaria'ren euskarazko itzulpenak aztertzen ditu, testuak euskal kultura-sisteman izan duen zirkulazioaren ikuspegitik. Nederlanderazko literatura euskaraz oso gutxi itzuli izan denez, polisistemen teoria zein itzulpengintzaren soziologia baliatzen dira horrek Anne Franken harreran eta interpretazioan zer eragin izan duen aztertzeko. Bi itzulpen aurkitu dira: 1962koa (partziala, Mari Karmen Garmendiak eta Rudolf de Rijkek egina), eta 2004/2014ko bertsio osoa (Josu Zabaletarena). Itzulpen-prozesuaren analisian, itzultzaileen eragiletza ('agency'), paratestuak eta bitarteko hizkuntzen erabilera aztertzen dira. Amaieran, Anne euskal kulturan ikono global gisa barneratu dela ondorioztatzen da, nederlanderazko literaturaren ikur gisa baino gehiago. Aldi berean, bi itzulpenen arteko aldeak euskal literatura-esparruaren profesionalizazio eta autonomizazioaren islatzat har daitezke.
Euskarara itzulitako nederlanderazko literatura-testuen kopurua oso murritza da.1 Literatura Unibertsala bildumaren katalogoan bilaketa sinple bat eginez gero, ikus daiteke ez dela inoiz nederlanderazko libururik itzuli.2 Jakina, litekeena da bilduma horretatik kanpo zerbait itzuli izana —Anne Franken egunkaria kasu—, baina, edonola ere, esan daiteke euskarazko itzulpenen erreferentziazko bilduman nederlanderazko literaturatik hartutako testurik ez egotea joera orokorragoen erakusgarri dela. Zentzu horretan, Anne Franken egunkaria da momentuz nederlanderatik euskarara ekarritako testu bakanetarikoa —edo bakarra—. Eta datu horrek badu nahikoa pisu obra hori euskal merkatura ekartzeko arrazoien atzean zer prozesu kultural egon diren ikertzeko.
Ikerketaren aurkezpena eta marko teoriko-metodologikoa
Artikulu honek, euskal literatura-esparruaren funtzionamenduari buruzko azterlan ugaritan bezalaxe, Even-Zoharren polisistemen teoria du oinarri. Asmatzailearen beraren arabera, teoria hori, nahiz eta iraganean literatura-esparru sendotuak dituzten hizkuntza nazionalen kasuan ere aplikatu izan den, bereziki emankorra da oraindik garapen fasean dauden hizkuntza-eremuetan (Even-Zohar, 2016: 380) hots, Ibarluzearen hitzetan, profesionalizazio- eta autonomizazio-fasean daudenetan (Ibarluzea Santisteban, 2020: 25 eta 40). Aldi berean, Even-Zoharren polisistemen teoria osatzeko edo zabaltzeko saiakera batzuk ere egin dira, esaterako ikuspegi soziologiko batekin uztartuz, zeinak aukera emango bailuke testuak eta haien zirkulazioa ez ezik, prozesu horietan parte hartzen duten aktore eta erakunde guztiak ere kontuan hartzeko, bai eta literaturen eta kulturen arteko botere-dinamikak eta hierarkiak ere.
Roig-Sanz eta Moeyaertek (2018), adibidez, neurri batean Heilbron eta Shapiroren (2007) eraginpean, dei egin dute translation studies direlakoen eremuan «benetako hizkuntza txikien» («truly small languages») dinamikak sakonago aztertzeko, «centre» berritzaileen eta «periphery» imitatzaileen arteko dikotomia zorrotza berrikusiz:
«[…] research on multilingual and less studied settings to explore which flows of knowledge appear in the crossing of linguistic, social and cultural context. […] to offer a renewed understanding of the networks of cultural exchange, transfer and translation that have helped to produce and disseminate cultural products across different continents and periods.» (Roig-Sanz eta Moeyaert, 2018: 5)
Haien ikuspegitik, beraz, ikerlariek bitartekariak jarri beharko lituzkete erdigunean. Izan ere, gerta daiteke itzultzaileek itzulpenaren edizio-eta sustapen-lanak ere egitea, itzultze hutsetik haratago. Hausnarketa horiek bat datoz translator studies izenez ezagutu diren ikerketekin, zeinak 1990eko hamarkadan sortu baitziren, Hermansen postulatu honen harira: itzultzaileak ez dira liburu baten azalean edo izenburu-orrian letra txikiz agertzen den izen soil bat. Aitzitik, haien jarduera literatura-esparruaren barruan sortzen diren botere-dinamiken baitan aztertu beharko litzateke (Hermans, 1996). Zentzu horretan, traduktologiaren ardatzean itzultzaileen «eragiletza» (agency) ere txertatzeko beharra aldarrikatu da, bai profesional indibidual gisa, bai literatura-esparru osoaren agente gisa. Hori dela eta, ezinbestekoa da, azkenik, itzultzaileen (auto)irudikapena ere kontuan hartzea, haien hitzen bidez eraikitzen dutena (elkarrizketak, paratestuak, eta abar) (Kaindl, 2024):
«Translation could itself be defined as a kind of ‘imaginative engagement’ with ancient or foreign texts, and the purpose of this collection is to explore the many ways in which printed paratexts participated in such linguistic, cultural, and material encounters […]» (Belle & Hosington, 2018: 4)
Nederlanderatik egindako itzulpen literarioen urritasuna kontuan hartuta, Anne Franken kasuak balio handiko aukera dirudi; alde batetik, pasarte jakin batzuen analisi formala eta testuala egiteko, itzultzaileen eta argitaletxeen eragina azaleratzeko, eta, bestetik, itzultzaileen eta editoreen rola eta motibazioak aztertzeko. Gainera, kontuan hartuta Anne Frank euskaratu duten hiru itzultzailetatik bi (Mari Karmen Garmendia Lasa eta Josu Zabaleta) bizirik daudela, elkarrizketak eta posta elektroniko bidezko trukeak egiteko aukera izan dut, beren itzulpen-lanaz eta testuinguru sozial, kultural eta editorialaz galdetzeko. Elkarrizketa horiek egiteko, formatu erdi-egituratua hautatu dut, elkarrizketatuek xehetasunak eta informazioa nahierara gehitzeko aukera izan zezaten. Informazio osagarri horiek, azkenik, itzulpenetan bertan eta Anna Franken euskarazko edizioetako paratestuetan edo garaiko prentsan agertzen diren datuak konbinatzeko erabili ditut.3 Horrela, aukera izan dut itzulpenak zein haien testuinguruak osorik aztertzeko.
Horrek guztiak, lehenik eta behin —aurrerago aztertuko denez—, aukera emango du, alde batetik, zeharkako itzulpenen garrantzia azpimarratzeko. Izan ere, horiek trukeak ahalbidetzen dituzte, itzulpen-merkatuan posizio globalik ez dituzten edota guztiz minorizatuak diren hizkuntza-eremuen artean, hain zuzen. Bestetik, adibide zehatz bat oinarri hartuz, zeharkako itzulpenen ezaugarri aldakorren inguruan gogoeta egingo da, aintzat hartuta itzulpen mota hori orain arte gutxi ikertu dela (Assis Rosa, 2019). Gainera, artikulua abagune ere izan daiteke honako hau ulertzeko: Anna Franken inguruan denboran zehar sortu diren pertzepzioek zer eragin izan duten euskararen esparruan eta, alderantziz, esparru horrek, nazioarteko testuinguruen aldean, zer ikuspuntu garatu duen Anne Frankekiko:
«Idazle hasiberri talentudun bat, Holokaustoaren biktima izan zen neska judu arrunt bat, gida moral bat […]: nor edo zer da, benetan, Anne Frank? […] Norberaren nazionalitatearen, arrazaren, generoaren, adinaren eta beste faktore batzuen arabera interpretatuko da Anne.» (Barnouw, 2010: 160-161)4
Holokaustoari buruzko literaturaren esparru zehatzetik haratago, Egunkaria bestseller bilakatu da mundu mailan, eta munduko eskola askotan irakurgai derrigorrezkoa ere bada. Aldi berean, egilea bera benetako ikono global bihurtu da —ikono unibertsala (Gross, 2019) edo nazioartekoa (Shandler, 2025), zenbaiten arabera—, eta haren inguruan «Anne Frank-industrie» bat ere sortu dela aipatu izan da (Barnouw, 2003; Barnouw, 2010: 9).
Anne Frank global icon gisa ulertzeak zer neurritan eragin du haren Egunkaria euskaratzeko erabakian eta testuari buruzko euskarazko kritiketan jasotzen diren interpretazioetan? Eta, euskal literatura-esparruaren izaera erdi-autonomoaren eraginez, zein neurritan hartu behar dira kontuan euskarazkoarekin lehiatzen den gaztelaniazko literatura-esparruan ager daitezkeen joera orokorragoak? Eta, azkenik, zer pisu izan lezake, halakorik izatekotan, nederlanderazko jatorrizko testuaren literatura- eta historia-testuingurua euskaraz ezagutarazteko nahiak?
Lehen itzulpen-saiakera (1962)
Testuaren zenbait ezaugarri eta itzultzaileen xedea
Anne Franken egunkariaren euskarazko lehen itzulpena partziala izan zen, eta 1962an argitaratu zen Egan literatura-aldizkarian. Itzulpena Mari Karmen Garmendia Lasak eta Rudolf de Rijkek egin zuten, eta, izatez, itzultzaile-bikote erabat ezohikoa osatzen zuten. Garmendia Lasak orduan hamabost urte besterik ez zituen, eta Goierrin bizi zen: «Ormaiztegin, gure etxean, egin genuen itzulpen hori. Ni oso gaztea nintzen: hamabost urte».5 Rudolf de Rijk, berriz, Herbehereetako hizkuntzalari gaztea zen. Donostiara egindako bidaia batean euskararekin topo egin omen zuen, eta, hizkuntzarekiko lilurak bultzatuta, hura ikastea erabaki zuen (Bakker, 2018: 234). Geroago, ezagun batek gomendatuta, Ormaiztegira joan zen, udako oporrak han igarotzeko asmoz: «De Rijk jauna 1961ean ezagutu genuen eta oso sarritan etorri zen Ormaiztegira, gure etxera».6
De Rijk Leidengo unibertsitatean aritu zen geroago, eta munduko euskal filologo ezagunenetako bat bihurtu zen (Bakker, 2018: 264-267) besteak beste 2008an Bostongo MITek argitaratutako Standard Basque: A Progressive Grammar lanari esker. Garmendiaren esanetan, De Rijkek berak ekin zion itzulpenari, hasiera batean euskara hobetzeko ariketa moduan, eta Garmendiari eskatu zion testua zuzentzen laguntzeko, euskarazko idazkera landu nahian. Ez dago guztiz argi De Rijkek hasieratik itzulpena argitaratzeko asmorik zuen ala ez. Garmendia zergatik aukeratu zuen ere ez dago garbi, baina, egiazki, ez da harritzekoa. Garmendiak —gerora frantses irakasle eta EAJko politikari izan zen— ordurako urtebete igaroa zuen Tolosan (Frantzian) ikasten, eta Zeruko Argiako gazteentzako atalean artikulu laburrak idazten hasia zen. Ormaiztegin zegoela, herri txikia izanik, De Rijk ere haren talentuaz eta gaitasunaz ohartuko zen.
Itzulitako testua Anne Franken egunkariko atal bakar bat da, 1944ko apirilaren 11koa, liburuko pasarte zirraragarrienetako bat: Annek kontatzen du lapurrak sartzen direla berak eta senideek ezkutaleku zuten eraikinean, eta ezinegon handia eragiten dietela, aurkituko zituztelako beldurrez. Geroago saiatuko gara argitzen zergatik hautatu zen zehazki atal hori. Lehenik eta behin, ordea, Anne Frank’en egunkariko euskarazko pasartearen ezaugarri linguistikoak ekarri nahi ditut artikulu honetara, eta jarraian aipatuko ditudanak nabarmendu. Euskara batuaren ortografiarekin alderatuta, diakritiko ugari erabiltzen dira itzulpenean, egungo euskara-eredu estandarreko arauek ezartzen dutena baino maizago. Izen propioen kasu-markak, esaterako, apostrofe bidez bereizten dira: «Frank’en» (izenburuan) edo «Mozart’en kontzierto eder bat» (testuan). Batzuetan, baina ez beti, aurrizkiak eta atzizkiak marratxo batez bananduta ageri dira: «Or ba-zegon mozorrokeria». Bestalde, ahoskatu bezala idazten dira zenbait hitz: «nundik», «det», «dalako», «eztakit», eta abar. Azkenik, h hizkia —euskararen estandarizazioan polemika iturri nagusietakoa (Zuazo, 2019: 122-123)— ez da behin ere erabiltzen.
Hori guztia ez da harritzekoa, noski; izan ere, 1962an euskara batuaren inguruko eztabaidak hasi berriak ziren, eta, jakina denez, estandarizazioaren aldeko erabakia 1960ko hamarkadaren amaieran hartu zen. Garmendia Lasak eta De Rijkek, bada, testuinguru horretan moldatu behar izan zuten, eta beren neurriko oreka bilatu ordura arte euskara literario bat sortzeko egin ziren saio guztien artean. Garmendiaren arabera, hain zuzen ere, De Rijkek Ormaiztegiko egonaldietan entzun bezala landu nahi izan zuen euskara.7
Itzulpenak bi paratestu ditu. Alde batetik, bi argazki zuri-beltz, biak 239. orrialdean, honako oin-ohar honekin: «Begira argazkian nola zeukaten antolatua beren gorde-lekuaren sarrera». Pasartearen hautuari dagokionez, ordea, interesgarriagoa da 237. orrialdeko aitzinsolasa. De Rijkek idatzia omen da, Garmendia Lasaren parte hartzerik gabe. Sarrera horretan, arestian aipatutako galdera honi erantzun nahi zaio: «ea zergatik autatu degun zatitxo hau». Hiru arrazoi aipatzen (eta baztertzen) ditu De Rijkek: ez pasartearen tentsioagatik, ez gertaeren deskribapen errealistagatik, ez eta Anne eta Peterren arteko maitasunaren kontakizunagatik ere. Baina orduan: «Zer azaltzen digu Anne Frank’ek?»
«Jainkoagan duan fede aundia, gizonengan duan uste osoa, bizitzaren ezbear danak menderatzeko bere baitako fidantzi osoa, ara zer azaltzen digun ordu artantze Israel’go alabatxo onek. Bai egia dala San Mateo’k dakarrena: ‘Zorionekoak biotz garbiak, oietxek ikusiko dute Jainkoa ta!’»
Azpimarratzekoa da, Anne «Israel’go alabatxo» izendatua bazen ere, haren judutasuna aski urardoturik ageri dela, are gehiago Itun Berria (hau da, ez judua) aipatzen dela aintzat hartuta. Hainbat arrazoi egon daitezke irakurketa hori argitzeko. Lehenik, De Rijk bera katoliko fededuna omen zen (Bakker, 2018: 259), eta ebanjelioaren aipamena arrazoi pertsonalengatik egin zuen akaso. Halaber, 60ko hamarkadako Espainia frankistan halako interpretazio kristauak lagungarriak izan zitezkeen testua argitaratzeko orduan. Orobat, garai hartako Herbehereetan nazien kontrako gerra eta erresistentzia goraipatzen ziren nagusiki, Holokaustoa eta antisemitismoa bigarren mailan utziz: horrek ere bere eragina izango zuen De Rijken interpretazioan. Izan ere, sasoi hartako memoria historikoa «kristau-humanistatzat» jo daiteke (Van Vree, 2022: 257-258) eta oroimen zabal hori Otto Frankek berak bultzatu omen zuen, Anne Frank nolabait «desjudutzeko» asmoz (Barnouw, 2010: 43 eta 73). Ann Rigneyk, aldiz, aipatzen du Annek egunkarian erakusten duen baikortasunari balio «moralizatzaile» indartsua erantsi zitzaiola, bereziki 1950eko hamarkadan (Rigney, 2022: 331). Hala erakusten dute orduko hainbat film eta musika-antzezlanek, haietan Jainkoarenganako fedea eta gizakiarenganako konfiantza azaltzen baitu Annek (Van Gelderen & Van Vree, 2022: 285-290): «[…] idealismo handiko nerabe unibertsal bihurtu zen, diskriminazio, gorroto eta jazarpenaren biktima izan arren, gizakiaren ontasunean sinetsi baitzuen» (Barnouw, 2010: 112)8.
Egan aldizkaria
Pentsatzekoa da nahiko azkar erabakiko zela itzulpena non argitaratu, sasoi hartan euskarazko hedabideak oso urriak baitziren. 1948az geroztik Egan aldizkaria zegoen, eta Egunkariaren pasarte itzulia hor kaleratu zuen De Rijkek. Hasieran, aldizkari elebiduna zen, eta gaztelaniazko zein euskarazko testuak argitaratzen ziren, baina 1954az geroztik euskaraz soilik kaleratzen hasi zen (Aldekoa, 2008: 230). Real Sociedad Bascongada de Amigos del País elkartearen organo ofiziala zen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere jasotzen zuen (ibid.). Aldizkariaren erredakzioan Antonio Arruek izan zuen eragin handia (Sudupe, 2011: 189-190): karlista eta euskaltzalea izanik, ezaguna izan zen (eta kritikatua ere bai) nolabaiteko zubi-lana egiteagatik euskal kulturaren eta erregimenaren artean (Sudupe, 2011: 190).
Bestalde, 1950eko eta 1960ko hamarkadetatik aurrera, euskal kulturaren ohiko ikuspegi folklorikoa —neurri handi batean karlistek eta jeltzaleek partekatzen zutena (Pozuelo Yvancas, 2019: 436)— indarra galtzen hasi zen, eta intelektual-belaunaldi berri baten iritsierari zor zaio hori. Koldo Mitxelena erredakzioan sartu izana har daiteke euskarazko kultura-esparruaren modernizazio goiztiar horren islatzat. Aldizkarian itzulpenei leku gero eta handiagoa ematea, berebat, euskara kultura-hizkuntza gisa bultzatzeko saiakera bat izan zen funtsean. Hortaz, Garmendia Lasaren eta De Rijken itzulpena ere, egiaz, euskal kulturaren modernizazio prozesu horren emaitzatzat har daiteke, Eganen poetikarekin guztiz bat eginik.
De Rijken eta Koldo Mitxelenaren arteko gutun batzuetan, itzulpenari buruzko zenbait aipamen egiten dira.9 Besteak beste, Mitxelenak egindako aldaketa lexikal eta fraseologikoak aipatzen dira: «[…] vous avez respecté soigneusement notre texte en n’y apportant que des corrections absolument nécessaires» (De Rijkek Mitxelenari, 1963ko maiatzaren 3a). Eta beste gutun batean: «[…] orren astirik gutxi daukazun ezkero, zure lana pixka bat arindu nai nuke. Orregatik, paper batean oietako batzuek jarri dizkizut» (1962ko uztailaren 28a). Horretaz gain, itzulpenaren argitalpena atzeratu egin zen, Mitxelenaren eta Jon Miranderen arteko polemika ezagunaren harira —Mirandek Egango artikulu batean adierazpen antisemitak azaldu zituen—. Hori dela eta, De Rijkek ez zuen Anne Franken pasartea artikulu horrekin batera argitaratu nahi izan:
«En attendant que la position d’Egan se précise, il ne dépendra que de vous de publier dans un cadre honnête le texte d’Anne Frank, […]. Si dans le texte d’Anne Frank vous n’avait fait que corriger les fautes de quelqu’orde qu’elles soient, tout en conservant scrupuleusement le sens exact de chaque expression, vous n’avez pas de censure à craindre de ma part, […].» (De Rijkek Mitxelenari, 1963ko otsailaren 8a)10
Esan bezala, Roig-Sanz eta Meylaertsen arabera, kultura-bitartekariek rol anitz izan ohi dute, batez ere erabat autonomoak ez diren kultura-esparruetan. Aztergai dugun kasuan, hain zuzen, De Rijk itzulpenaren asmatzaile eta itzultzaile da aldi berean. Gainera, itzulpena argitaratzeko erabakiak susmoa pizten digu ea, bere hizkuntza-maila hobetzeaz gain, bere burua euskal kulturaren esparruan ezagutarazteko aprobetxatu ote zuen aukera. Eta beharbada helburu horrekin ere aukeratu zuen irakasle gisa Garmendia Lasa, haren familiak garai hartan entzute handia baitzuen euskaltzaleen eta jeltzaleen artean. Ez du ematen, aldiz, De Rijkek itzulpen-lana Herbehereei begira egin zuenik edo inongo asmorik izan zuenik egindako lana Herbehereetan ezagutarazteko.
Itzulpen osoa (2004koa eta 2014/2017koa)
Itzulpena
Anne Franken egunkaria osorik irakurtzeko, euskaldunek hamarkada batzuk itxaron behar izan zituzten, 2004an eman baitzion Erein argitaletxeak Josu Zabaletari liburua euskaratzeko enkargua. 2014an berrargitaratu zen itzulpen hori, moldaketa formal batzuekin, eta 2017 amaieran berrinprimatu. Bi edizioak Oroimenean barrena izeneko bilduman eman ziren; bilduma horretan, gatazka-testuinguruetan bizi izan diren egile edo protagonisten oroimen-literatura eta «egodokumentuak»11 biltzen dira, askotan (baina ez beti) neska edo emakume gazteenak.
Zabaletak euskara batuaz egin zuen 2004ko itzulpena, orduan bazegoelako eredu estandar arautu bat, eta, horretaz galdetu diogunean, adierazi digu 1960ko hamarkadako itzulpen partziala «[B]egiratu bai, baina gero itzulpena egiterakoan erabili ez» zuela. Horretaz gain, 2004ko eta 2014/2017ko edizioak alderatuz gero, argi ikusten da bi itzulpenek antzekotasun handia dutela: «Anne Franken egunkariaren 2004ko ediziotik hurrengora aldaketa asko egin ziren, baina denak oso txikiak». Lehenik, orrialdeen formatuari dagokionez, alde txiki batzuk badaudela ikusten da: 2004ko edizioak, adibidez, 351 orrialde zituen, eta hamar urte geroagokoak 336. Bestalde, ortografia aldetik, hitz elkartuak ez dira bigarren bertsioan bereizirik ematen, baizik eta marratxoarekin: hala, 2004ko edizioan «familia erretratuak» hitza marratxorik gabe azaltzen da, baina 2014/2017ko edizioetan marratxoa erabiltzen da (hots, «familia-erretratuak») (252. or.). Bi idazkerak zuzenak direla kontuan hartuta, aldaketa hori irakurgarritasunaren aldekoa dela pentsa dezakegu.
Azkenik, oin-oharren kopurua ere murritzagoa da: bigarren edizioan 49 ohar agertzen dira; lehenengoan, aldiz, 51. Ohar gehienek pertsonaia jakin batzuei buruzko informazio gehigarria ematen dute. 2004ko edizioan, esate baterako, Moortje katuaren izenaren esanahia azaltzen da («Morotxo edo Beltxaran», 13. or.). 2014koan, ordea, ohar hori ezabatu egin zen. Bestalde, 2014/2017ko edizioen amaierako oharretan, Miep Gies izeneko neska bati buruzko informazioa ageri da (49. oharra), Anneren familiari ezkutatzen lagundu zion neskari buruzkoa, eta, zehazki, hura 2010ean hil zela aipatzen da.
Hala eta guztiz ere, alderik handiena hauxe da: Garmendia Lasak eta De Rijkek «C bertsioa» erabili zuten oinarrizko testu gisa; hau da, Anne Frankek berak eskuz idatzitako egunkariaren A eta B bertsioetatik abiatuta, Otto Frankek gerraren ondoren moldatutako eta kaleratutako lehenengo edizioa. Ereinek eta Zabaletak, aldiz, 1990eko hamarkadan Mirjam Pressler itzultzaile alemaniarrak egindako «behin betiko» bertsioa erabili zuten, 1998an berreskuratu ziren bost pasarteak barne, eta guztiak ere letra etzanez eta «Gehitua» hitzarekin ematen dira itzulpenean.12
Bestalde, 2004ko eta 2014/2017ko paratestuak berdinak dira. Liburuaren hasieran, Anne Franki eta bere egunkariari buruzko sarrera historiko-biografikoa eskaintzen da, «Itzultzailea» sinadurapean. Amaieran, berriz, 1944ko abuztuaren 1eko azken egunkari-sarreraren ostean, «Nawoord» edo epilogoaren itzulpena jasotzen da. Epilogo hori C bertsioan jaso zen lehen aldiz (Paape, 1986: 714), Anneren bizitzaren bukaera tragikoaren berri emateko. Azkenik, aitzinsolasaren eta egunkariaren hasieraren artean, hiru plano grafiko agertzen dira, ezkutalekua eraikinean non zegoen eta nola zegoen antolatuta erakusteko.13
Zabaletaren testuak informazioa emateko funtzioa du nagusiki. Dena dela, interpretaziorako arrasto batzuk ere ematen ditu. Hain zuzen ere, 5. eta 6. orrialdeetan, neska batekin izandako elkarrizketa kontatzen du itzultzaileak. Neska hark, Anne Frankek bezala, inoiz jaio ez izana desiratzen zuen batzuetan; Zabaletak, orduan, une hartan itzultzen ari zen Anneren egunkaria irakurtzeko gomendatu zion. Gertakaria ez da luze aletzen, baina argi iradokitzen du Annek, bere testuinguru historikotik haratago, gaur egungo irakurleei ere baduela zer esan, besteak beste, bere idazkera zuzenaren bitartez. Izan ere, egunkaria in medias res idatzi zuen, eta orduan jazo ahala agertzen dira gertaerak: «sentimenduaren beroan idatzita dago hitz bakoitza». Aldi berean, badirudi Anne kontziente omen zela subjektibotasun horrek irakurlea asalda zezakeela, eta horregatik ironia ere erabili zuen: «Ironiak [testuari] urruntasun pixka bat ematen dio, han-hemenka». Iruzkin hori bereziki esanguratsua iruditzen zait, iradokitzen baitu helduen literaturan nerabeenean baino ironia gehiago erabiltzen omen dela. Horrenbestez, ondoriozta liteke Anne beste behin, egunkariaren gaineko analisietan sarri gertatu den bezala, aurpegi bikoitzeko idazle gisa agertzen dela, interpretazio baten edo bestearen alde egin gabe: alde batetik, egunkari zintzoa idatzi zuen nerabe gisa, eta, bestetik, bere gaitasunaz kontziente zen idazle heldu gisa.
Bikoiztasun hori azaleko azken orrialdean ere islatzen da. 2004ko edizioak zein 2014koak testu berdina jasotzen dute liburuaren amaieran, Mariasun Landak sinatua. Landaren testuan, hain zuzen, Anne Franken heldutze-prozesua azpimarratzen da. «Atzeko gelan» giltzapetuta, «[…] bi aukera baizik ez ditu: erotu ala idatzi». Salbamendua idazketaren bidez bilatzen duen bitartean, ordea, ez du zalantzarik erakusten helduei kritika egiteko orduan: «Askatasuna nahi du, eta askatasun fisikoa ezin bada, pentsamenduarena: pertsona nagusiek —kritikatzen du— barre egiten diote; nahasmendua sentitzen du, larritasuna, eta kexu da. Baina maitasuna ere badu». Landaren arabera, antza denez, egunkaria batez ere gazteentzat da gomendagarria, nahiz eta bukaeran ñabarduraren bat gehitzen dion argudiaketari: «Ez dago suspenserik, gazte literatura deitu ohi denean ohi den bezala». Azkenean, egunkariaren testuinguru historikoaren eta Anneren amaiera tragikoaren ondorioz, adin guztietako irakurleentzat omen da egokia liburua: «Geldiro irakurtzen dugu, beraz, xehetasun guztiak arakatuz, protagonistaren bizitza geuretuz emozioak betetzen gaituen arte». Aipatzekoa da, bestalde, Anne Franken maila literarioa zalantzan jarri izan dela noiz edo noiz: beste hizkuntza-eremu batzuetan ere, tartean nederlanderazkoan, Anneren egunkaria «nesken liburutzat» hartu da batzuetan, eta beste batzuetan «benetako literaturatzat» (Barnouw, 2010: 153-159).
Badaude bi edizioen arteko beste bi alde. Lehenengoa azalaren diseinuan dago: Anne irribarretsuaren argazki klasiko bana aukeratu da edizio bakoitzean. Bigarrena azken oharrean ageri da: autore eskubideei eta jatorrizko testuei dagokienez, ez dira aipamen berdin-berdinak egiten bi edizioetan. Nahiz eta ezin izan dugun arrazoia argitu, irudi luke datu horiek eskubide-kontuengatik aldatu zirela argitalpen batetik bestera. Garrantzitsuena, edonola ere, zera da: 2004ko itzulpenaren jatorrizko testuak ingelesezko, frantsesezko eta gaztelaniazko edizioak izan zirela aipatzea, Anchor Books, Calmann-Lévy eta Debolsillo argitaletxeenak hurrenez hurren, guztiak ere Presslerren «behin betiko» edizioan (1991koan) oinarrituak.
Hiru «jatorrizko testu» horiek bestelako xehetasunik gabe aipatzen direnez, galdera hau egiten diogu geure buruari: Zabaletak hizkuntza horien artean zein izan zuen abiapuntu nagusi. Edozein kasutan, ziur gaude nederlanderazko testuak, jatorrizkoak, pisu txikia izango zuela. Izan ere, Zabaletak frantsesetik, galizieratik, gaztelaniatik, italieratik, katalanetik, portugesetik eta errusieratik egiten ditu itzulpenak euskarara nahiz gaztelaniara.14 Bestela esanda, zubi-hizkuntzak ezinbestean erabili zituen. Eta ez bakarrik Zabaletak nederlanderaz egiten ez duelako, baizik eta euskal literatura-esparru osoan nederlandera lan-hizkuntza duten oso itzultzaile gutxi daudelako: nordanor.eus atarian nederlanderatik itzultzen duten itzultzaileak bilatuz gero, literaturan ez diharduten bi izen bakarrik agertzen dira, eta, gainera, ez da zehazten zein maiztasunez egiten duten lan hizkuntza horrekin.15
Arestian azpimarratu bezala, urritasun (edo gabezia) horrek nabarmen zaildu du nederlanderazko literatura euskarazko sisteman sartzea. Aldi berean, ukaezina da 1962ko itzulpenaren eta Zabaletaren itzulpenaren arteko denbora-tarteak euskal literatura-sistemak izandako bilakaera erakusten duela. Izan ere, Ibarluzea Santistebanek dioenez (2020: 46-47), itzulpenak euskal literaturaren garapenaren oso isla fidagarria dira.
Hala, 1962ko itzulpena Far West moduko batean sortu zen, garai hartan ez baitzegoen itzultzaile profesionalik, ez eta argitaletxe-sarerik edo literatura-zirkuitu profesionalik ere (ibid., 40. or.). Garmendia Lasaren eta De Rijken profil ezohikoa horren guztiaren erakusgarritzat jo daiteke.
Berrogeita hamar urte geroago, aldiz, egoera guztiz bestelakoa zen, eta, 1980ko hamarkadatik aurrera, euskal literatura gero eta profesionalagoa eta autonomoagoa bilakatu da, nahiz eta, aldi berean, Espainiako literatura-sisteman ere sartuta jarraitu. Honela laburbiltzen du Miren Ibarluzeak bilakaera hori: «Literaturarik ez bada, itzulpenaren bidez sortuko dugu» (ibid., 60. or.). 1980ko hamarkadan, lehen itzulpengintza-ikasketak egituratzeko saioetan parte hartu zuen Zabaletak, eta hori euskal literaturaren eremu osoan gertatu den profesionalizazio-prozesuaren adibide argitzat har daiteke. Horrenbestez, lehenik eta behin, euskara hutsezko liburuen merkatuan itzulpenak hedatzeko asmoaren lekuko da Anne Franken egunkari osoa itzultzeko erabakia. Euskaratzeko ekimena, bigarrenik, Ereinena izan omen zen, eta ordurako ospe ona zuen itzultzaile profesionala izateagatik esleitu zioten itzulpen-enkargua Zabaletari.16 Beraz, argitalpen-prozesuan, batez ere itzultzaile gisa ageri da Zabaleta, eta, neurri mugatuagoan, kultura-bitartekari gisa, hitzaurre eta oin-oharretan. 1960ko hamarkadan artean ere existitzen ez zen editore/itzultzaile banaketa azken hamarkadetan «normalizatu» da, profesionalizazioaren eta euskal literatura-sistemaren autonomizazio-prozesuaren adierazgarri gisa.
Anne Franken egunkaria itzultzeko baliatu diren jatorrizko testuei dagokienez, esan daiteke maila berdintsuan erabili direla 2004ko azken oharrean adierazitako hiru hizkuntzak. Alabaina, Zabaletak berak adierazi du jatorrizko edizio guztiak izan dituela eskura momentu orotan, nederlanderazkoa barne, nahiz eta ez duen hizkuntza hori inoiz ikasi: «[…] beti damutu izan naiz Leuvenen bi urte eginda nederlanerarik (sic) batere ez ikasi izanaz…»17. Orobat, bere lan-metodoaren berri ematean, hiru hizkuntzen aipua argitzen digu: Zabaletak berak Wordfast softwareari egindako egokitzapen bat erabiliz, iturri-hizkuntzen itzulpenak kolore banaz bistaratzen ditu esaldi bakoitzean; hala, hiru bertsio horietatik abiatuta ekin zion euskaratzeko lanari.
«Normalean […] Wordfast erabiltzen dut itzulpenak egiteko. Baina badut neuk prestatutako Wordfasten aldaera bat (informatika-kontuetan nahiko ongi moldatzen naiz…): itzuli behar dudan testu baten beste hizkuntza batzuetako testuak baldin badauzkat, itzuli behar dudan esaldia itzultzeko beste hizkuntza horietako esaldiak ekartzen dizkit, bakoitza kolore banatan. Horrela denbora guztian dauzkat begien aurrean beste itzultzaile batzuek egindako itzulpenak, esaldiz esaldi. Eta horiek irakurrita eta pixka-pixka bat aztertuta, aise ikusten da zer eratako arazoak izan dituzten, zer konponbide aurkitu dituzten… itzultzaile batek eduki dezakeen laguntzarik onena… Batzuetan itzultzailearen hutsegiteak ere bai…»18
Horrek erakusten du itzulpena nolabaiteko hibrido bat dela, hiru iturrien arteko gurutzaketa bat, baina haietako bakar batek ere garrantzi handiagorik hartu gabe. Fenomeno hori, jakina, sakontasun handiagoz aztertu beharko litzateke etorkizunean, mikrotestu-analisia baliatuz. Oraingoz zera baino ez dugu azpimarratuko: itzulpen-jardunaren ikuspegi klasikoa («the relation between an original and its translation», Heilbron & Shapiro, 2007: 95) —hau da, jatorrizko testutik itzulpenera igarotzekoa, batzuetan zubi-testu (bakar) baten bitartez— ez dela egokia aztergai dugun kasua irudikatzeko. Izan ere, Assis Rosak azpimarratu duenez, hizkuntza- eta kultura-konbinazioak linealtasunik gabe gurutza daitezke zeharkako itzulpenak sortzeko prozesuan (Assis Rosa, 2019: 1-20). Horrelakoetan, Anne Franken egunkariaren kasuan barne, zuzenagoa dirudi esateak itzulpenaren atzean ez dagoela testu-continuum bat, testu-sare bat baizik.
Paratestu kritikoak
Zer neurritan islatzen da aipatu itzulpenen interpretazio-markoa paratestu kritikoetan? 1962ko itzulpen partziala oharkabean igaro da hainbat hamarkadatan zehar; 2004koa, aldiz, berehala begiz jo zuten prentsak eta online atariek. Guztira bost erreseina aurkitu ditut, horietatik lau euskaraz eta bat gaztelaniaz. Denak 2005 hasierakoak dira, 2014ko kritika bat izan ezik.19
2005eko otsailean Nerabezaro suntsitu baten lekukotasuna izenburuko erreseina kaleratu zuen Deia egunkariak Manu López kazetariaren eskutik. Egilearen tonua zuhur-zuhurra da; irudi luke egilea beldur dela Holokaustoaren biktima izandako idazle baten itzulpena goraipatzeko:
«[…] estetikaren maitale sutsuenak izanik ere, aitor dugu nahiago genukeela liburu hau idatzi ez izana, nahiago genukeela erreseina hau egin ez izana, nahiago genukeela gaur egun Anne Frank libururik argitaratu gabeko atso ileurdin anonimo bat izan balitz.»
Bide batez, Anneren idazle-grinaren jakitun, geure buruari galdetzen diogu ea halako adierazpen batek poztuko ote zuen. Are interesgarriagoa iruditzen zaigu, aldiz, Lópezek egunerokoa esplizituki «gazte-» gisa tipifikatzea, «belaunaldi askotako gazteak» hunkitzeko gai dela argudiatuz.
Kritikaren amaiera goiko aipua bezain misteriotsua da, eta lehen aipatutako «lotsa» hori sumatzen da berriz ere:
«Eta orain euskaraz ere badugu, Josu Zabaletaren itzultzaile eskarmentu handiari esker. Euskaldunon zorionerako; euskaldunon lotsarako ere. Egia osoa esatera, nahiago nuke erreseina hau sekula egin ez izana.»
Ez da guztiz argitzen euskaldunek zertaz lotsatu beharko luketen: liburua hain berandu itzuli izanaz? Ala Anneren historia tragikoaz, berriz ere? Pentsatzekoa da erreseinaren tonu zuhurrak zerikusia izan dezakeela, neurri batean behintzat, Espainian Holokaustoaz hitz egiteko hiztegirik luzaro egon ez izanarekin. Fernández Gilek Anna Franki gaztelaniaz eta katalanez egin zaion harrera aztertu du, eta, hark azpimarratzen duenez, Espainiako iritzi publikoak ez zuen Shoah 2000ko hamarkadara arte integratu (Fernández Gil, 2013: 89-90; ead., 2017: 230). Horrek erreseinaren ezintasun deserosoa azal dezake neurri batean.
Euskarazko kritikez gain, euskalkultura.com webgune eleanitzean liburuaren erreseina anonimo bat argitaratu zen 2005eko otsailaren 15ean, gaztelaniaz.20 Azken hori aintzat hartuta, kritikaren helburua ez da guztiz argia: zergatik eztabaidatu erdaraz euskarazko itzulpen bati buruz? Eta zergatik eman itzulpenaren berri euskaldun ez diren irakurleei? Kritika gaztelaniaz egoteak euskarazko kultura-eremuaren izaera erdiautonomoa froga dezake beste behin; era berean, irakurle erdaldunei zuzentzen bazaie, baliteke aitzakia bat izatea publiko zabalago bati jakinarazteko, klasiko hau euskaratzeke bazegoen ere, hutsune hori azkenik bete egin dela.
Bestalde, webgune horretan topatuko dugu lehen aldiz Anneren eta euskal kulturaren arteko lotura bat:
«En euskera también, un verso del poeta Orixe recuerda la memoria de la joven judía en el Monumento a Ana Frank de Boise, Idaho, junto a más de 60 citas de lideres, artistas y pensadores mundiales.»
Jarrai-jarraian, Orixeren aipua dakar:
«Geroak esan beza: «Erri bat izan zan», edo-ta ats emaiogun ontan iraun dezan, [Que el futuro diga: «Hubo una vez un pueblo» o démosle aliento ahora para que permanezca] es el verso del poeta vasco Orixe grabado en el monumento a la memoria del holocausto en el parque Ana Frank de Idaho. Originalmente publicado en el libro «Euskaldunak», fue elegido entre más de 2.000 citas para recordar el sufrimiento del pueblo judío durante la Segunda Guerra Mundial.»
Beraz, Anne Franken eta euskaldunen arteko lotura ez du erreseinaren egileak berak sortu: Orixeren Euskaldunak (1950) poema epikoko pasarte batean oinarritua da, eta jatorriz Boiseko monumentuan iradokia. Ematen du aipu horren bidez iradokitzen dela juduek eta euskaldunek historian zehar bi elementu partekatu dituztela edo, bestela esanda, bi elementu hauen bidez identifika daitezkeela bigarrenak lehenengoekin: zapalkuntza eta desagertzeko arriskua. Jasandako sufrimendu horiek, hain zuzen, bereziki errazten omen dute irakurle euskaldunek Anne Franken esperientzia barneratzea eta baloratzea.
Euskal kulturarekin lotutako interpretazio espezifikotzat har daiteke hori, baina ahaztu gabe Otto Franken asmoarekin bat egiten duen irakurketa ere badela. Izan ere, Anneren aita hasiera-hasieratik ahalegindu zen Anne nazioartean ere «ikur» gisa aurkezten, ez hainbeste juduen jazarpenaren sinbolo gisa, baizik eta, batez ere, «arraza, erlijio edo sinesmenaren izenean jazarritako pertsona errugabe guztien» sinbolo gisa (Van Gelderen & Van Vree, 2022: 275; Barnouw, 2010: 112).
Azkenik, liburua «haur batek» idatzia dela esaten da, nahiz eta estiloak eta gaiak denboran zehar bilakaera argia izan zutela hautematen den:
«El Diario de Ana Frank se convirtió rápidamente en un hito de la literatura mundial, que emocionaba a los lectores gracias al valor y la entereza de una niña que mantuvo la esperanza en el ser humano en medio de su terrible experiencia. […] El original está escrito en holandés, aunque Zabaleta se ha basado en las versiones de inglés, francés y castellano para su traducción. En su opinión, durante los dos años que recoge el diario se aprecia «una evolución muy significativa en la escritura de Ana Frank», quien a medida que lo escribía había decidido que en el futuro seria periodista o escritora.»
2005eko apirilaren 16an, Aritz Galarragak kritikatu zuen liburua Gara egunkarian. Literatura-kritikariaren arabera, Anne Franken idazkia «gazteentzat zein helduentzat» da egokia. Dena dela, hain famatua den liburu horretaz gutxi berririk esan daitekeelakoan, kazetariak bere ikuspuntua zabaldu, eta erreseina aitzakia gisa hartzen du adierazteko egunkariek sarrera paregabea eskaintzen dutela idazleen mundu-ikuskerara. Horrela, Anne Franken egunkaria beste batzuk gomendatzeko abiapuntu bihurtzen da, hala nola Alejandra Pizarnik argentinar idazlearen egunkaria —2003an argitaratua Diarios izenburupean— edo gaztelaniaz idazten duen Miguel Sanchez-Ostiz nafarraren egodokumentuak. Kritika-alderaketak egiteko baliatzeaz gain, egileak ez du gehiagorik esaten, eta airean geratzen da zergatik lotzen diren idazle jakin horiek Anne Frankekin.
2005eko maiatzaren 2an, Ander Irizarrek euskarazko kritika bat idatzi zuen Diario de Noticiasen. Izenburua bereziki adierazgarria da: Gazte literatura baino haratago. Gazte literaturaz haratagoko ikuspegi hori, hain zuzen ere, Anne Frankek bizitako eta lehenago ere azpimarratutako eboluzioan datza, liburuaren amaieran idazleak lortutako «buru-argitasuna, kritikarako gaitasuna, ikasi-gosea, heldutasuna» nabarmentzen baitira.
Bestalde, horixe da egunkariaren historia konplexua laburtzen duen paratestu bakarra: 1962ko euskarazko itzulpen-saiakera aipatzen da, bai eta 1991ko (eta 1998an eguneratutako) jatorrizko edizioa ere, Zabaletak (zeharka izan arren) lana egiteko oinarri izan zuena. Kazetariak «ondo» deritzo argitaletxeak itzulpena nederlanderatik zuzenean egin ez dela aipatu izanari. Hori bai, Zabaletak «euskara egokian eta sinesgarrian» osatu du itzulpena.
Badirudi euskal erreseinagileek, gaztelaniaz ere bai, Anne Frank adin guztietarako idazletzat onartu dutela pixkanaka. Lehen kritiketan, artean ere, egunkaria gazte-literaturaren barruan sailkatu zen. Iritzi hori ez da inoiz erabat desagertu, baina gero eta gehiagotan azpimarratu da estiloak eta gaiek bilakaera bat badutela egunkariak aurrera egin ahala, bai eta Annek liburuaren akaberan tonu harrigarriki heldu bat garatzea lortzen duela ere.
Heldutasun hori bigarren edizioari buruzko erreseina bakarrean jasotzen da elementu nagusi gisa; hots, Asun Agirianok 2014ko ekainaren 15ean Gara egunkarian argitaratutako erreseinan. Edizio berri hori lehenengoa agortzearen ondorio da. Alabaina, erreseinak aipatzen du berrikuspena sakonagoa izan zitekeela: argitaletxeak zenbait argazki sartzeko hautua egin zezakeen, Anne Franken bizitzan eta haren lanaren testuinguru historikoan gehiago sakontzeko. Gainera, kritika honetan berriro ere azpimarratzen dira estiloaren eta gaien «heldutasuna» eta «sakontasuna». Horrela, egunkaria biografia, autobiografia eta gazte-literaturaren bidegurutzean dagoen obra bihurtzen da, eta, beraz, irakurle mota guztiak erakartzeko modukoa. Bestela esanda, badirudi xxi. mendeko euskal kulturan ere egunkaria gai izan dela irakurle guztientzako obra gisa hartua izateko. Ikusteke dago ea aurrerantzean Anneren egunkaria euskaraz ere moldatuko ote den haur eta gazteentzat, beste hizkuntza batzuetan gertatzen ari den bezala; izan ere, liburuaren egokitzapen ugari argitaratzen ari dira urtez urte.
Azken hitza
Harrigarria badirudi ere, ez dago Anne Franken egunkaria nederlandar literaturarako edo kulturarako sarbide gisa aurkezten duen paratesturik. Horrek, lehenik eta behin, egiturazko faktoreekin izango du zerikusia akaso; hots, Euskal Herriko unibertsitateetan nederlandera ikasteko aukerarik ez egotearekin. Bigarrenik, kontuan hartzekoa da Espainiako estatu osoko literatura-merkatuan nolako arreta eman zaion Holokaustoari. Izan ere, Espainiak Holokaustoa beste herrialde batzuek baino askoz beranduago integratu du gizartearen iruditeria historikoan, eta zilegi dirudi horrek (Hego) Euskal Herrian ere bere eragina izango zuela ondorioztatzeak. Fernández Gilek hainbatetan azpimarratu duenez, Shoahri buruzko oroimen transnazionalaren harira hedatu da gaia penintsulako gizartean; hau da, interpretazio globalizatzaile eta uniformizatzaileen eraginez. Hain zuzen, eredu amerikarrek bultzatuta gertatu da hori, eta, ondorioz, herrialde edo toki jakinetako esperientzia eta memoria historikoekiko lotura oro alboratu da, Holokaustoa gertaera global bihurtzeko, non giza izaera unibertsala muturreko egoeran azaleratzen den (Fernández Gil, 2013: 96; 2019).
Laburbilduz, euskal polisisteman ere Anne Frank sinbolo global gisa integratu da batez ere, eta ez irakurle euskaldunei nederlanderazko literatura itzulpenaren bitartez ezagutarazteko beharraren (edo nahiaren) ondorioz. Areago indartzen da hipotesi hori kontuan hartzen badugu itzultzaileak eta argitaletxeak ez dutela harremanik izan Herbehereetan bertan Holokaustoaren edo nederlanderazko literaturaren sustapenean jarduten duten erakundeekin. 1962ko bertsioaren itzultzaileek ere ez zuten inongo asmorik erakutsi Anne Herbehereetako sinbolo gisa aurkezteko. Azken buruan, ondoriozta daiteke euskal kulturgileek Anneren egunkariaren eragin globala Euskal Herrira ekartzeko asmoz jardun zutela nagusiki, nederlanderazko jatorrizko testuingurua bigarren mailan utzita; izan ere, nazioartean hain ospetsua den sinbolo bat euskaratzea batik bat lagungarria izango zen euskarazko literatura normalizatzeko bidean, itzulpengintza baita euskal literaturaren autonomizazioaren zutabe garrantzitsuenetako bat.
Bibliografia
Iturri primarioak
Frank, Anne (1962). «Anne Frank’en Egunkariko zatitxo bat», Egan 4/6, 237.-245. or.
——— (1991). Het Achterhuis: dagboekbrieven 14 juni 1942-1 augustus 1944. Frank, O. & Pressler, M. (arg.). Amsterdam: Bert Bakker.
——— (1992). Le journal d’Anne Frank [Itzul. Rosselin, I. & Noble, Ph.], Paris: Calmann-Lévy.
——— (2001 [19911]). The Diary of a Young Girl [Itzul. Massotty, S.], New York: Anchor Books.
——— (2004). Anne Franken egunkaria, Donostia: Erein.
——— (2017 [20141]). Anne Franken egunkaria, Donostia: Erein.
——— (2021 [20031]). Diario. [Itzul. Puls, D. ], Madril: Debolsillo.
Paape, Harry et al. (arg.). (1986). De dagboeken van Anne Frank, Amsterdam: Rijksinstituut voor Oorlogsdocumentatie Staatsuitgeverij/Bert Bakker.
Iturri sekundarioak
Aldekoa, Iñaki (2008). Euskal literaturaren historia, Donostia: Erein.
Assis Rosa, Alexandra (2019), «Introduction: Theoretical, methodological and terminological issues regarding indirect translation: An overview», Assis Rosa, A. et al. (arg.). Indirect Translation. Theoretical, methodological and terminological issues, Abingdon/New York: Routledge, 1.-20. or.
Bakker, Peter (2018), «1959 tot 2002: Rudolf en Virginia de Rijk in Baskenland», Bakker, P. et al. (arg.), Veldwerkers en vrouwen in en om Baskenland (229.-270. or.). Ginkgo.
Barnouw, David (1996), «De Anne Frank-industrie: een modern Lourdes», Van der Stroom, G. (arg.). De vele gezichten van Anne Frank. Visies op een fenomeen, Amsterdam: De Prom, 192.-198. or.
——— (2010). Het fenomeen Anne Frank, Amsterdam: Bert Bakker.
Belle, Marie-Alice & Hosington, Brenda M., Thresholds of Translation. Paratexts, Print, and Cultural Exchange in Early Modern Britain (1473-1660). Cham: Palgrave Macmillan, 2018.
Dagnino, Roberto (2023), «Een globaal icoon in een minderheidstaal. Anne Franks Het Achterhuis in Baskische vertaling», Internationale neerlandistiek 61 (3), 290.-320. or.
Even-Zohar, Itamar (2016), «Epílogo. El trabajo ideacional y el caso vasco: algunas notas», Kortazar, J. (arg.), Autonomía e ideología. Tensiones en el campo cultural vasco, Madrid/Frankfurt a.M.: Iberoamericana/Vervuert, 377.-380. or.
Fernández Gil, María Jesús (2013), «El discurso en torno a la memoria del Holocauso a debate: el papel de la traducción en su (ab)uso», Vidal Chiaromonte, M.C. & Martín Ruano, M.R. (arg.). Traduccion, politica(s), conflictos: legados y retos para la era del multiculturalismo, Albolote: Comares, 85.-99. or.
——— (2017), «La memoria del Holocausto en España a través de sus políticas de traducción», Hernández González, M.I. & López Fonseca, A. (arg.), Literatura mundial y traducción, Madril: Síntesis, 227.-236. or.
——— (2019). Anne Frank in the ultra-Catholic Franco period. Challenge and exploitation of the American mythification of ‘Het Achterhuis’. Target, 31 (3), 428.-432. or.
Gross, Raphael (2019), Otto Frank and Anne Frank’s Diary. The History of a Universal Icon, New York/Berlin: Leo Baeck Institute.
Heilbron, Johann & SHAPIRO, Gisèle (2007), «Outline for a sociology of translation. Current issues and future prospects», Wolf, M. & Fukari, A. (arg.), Constructing a Sociology of Translation, Amsterdam: John Benjamins, 93.-107. or.
Hermans, Theo (1996), «The Translator’s Voice in Translated Narrative», Target 8(1), 23.-48. or.
Ibarluzea Santisteban, Miren (2020), Euskal literatura itzuliaren egiturak eta islak, 1975-2015, Bilbo: Euskaltzaindia/EHU-UPV.
Kaindl, Klaus (2025), «The translator’s nested identities: translator studies and the auto/biographical turn», Perspectives. Studies in Translation Theory and Practice 33 (2), 326.–340. or.
Pozuelo Yvancos, José María et al. (arg.). (2019), Pensamiento y crítica literaria en el siglo XX (castellano, catalán, euskera, gallego), Madril: Cátedra.
Rigney, Ann (2022), «De toekomst van Anne Frank. Tussen leven en iconiciteit», Van Gelderen, M. & Van Vree, F. (arg.), Joods kind dat weet van eeuwen heeft. Anne Frank als vluchtelinge, schrijfster en icoon, Amsterdam: Prometheus, 326.-333. or.
Roig-Sanz, Diana & Meylaerts, Reine (2018), «General Introduction. Literary Translation and Cultural Mediators. Toward an Agent and Process-Oriented Approach», Roig-Sanz, D. & Meylaerts, R. (arg.), Literary Translation and Cultural Mediators in ‘Peripheral’ Cultures. Customs Officers or Smugglers?, Basingstoke: Palgrave Macmillan, 1.-37. or.
Shandler, Jeffrey (2025), «Anne, from Diarist to Icon», Anne Frank House [Kontsulta: 2025/06/22].
Sudupe, Pako (2011), 50eko hamarkadako euskal literatura. II. Kazetaritza eta saiakera, Donostia: Utriusque Vasconiae.
Van Gelderen, Martin & Van Vree, Frank (arg.) (2022), Joods kind dat weet van eeuwen heeft. Anne Frank als vluchtelinge, schrijfster en icoon, Amsterdam: Prometheus.
——— (2022), «‘In de rij voor Anne Frank’. Interpretatie, identificatie en iconisering in internationaal perspectief», id. (arg.). Joods kind dat weet van eeuwen heeft. Anne Frank als vluchtelinge, schrijfster en icoon, Amsterdam: Prometheus, 271.-302. or.
Van Vree, Frank (2022), «Van kinderstem tot wereldwijd symbool. De wording van het fenomeen Anne Frank, 1946-1959», Van Gelderen, M. & Van Vree, F. (arg.). Joods kind dat weet van eeuwen heeft. Anne Frank als vluchtelinge, schrijfster en icoon, Amsterdam: Prometheus, 246.-270. or.
Zuazo, Koldo (2019), Standard Basque and Its Dialects, Abingdon/New York: Routledge.
Oharrak
1. Esku artean duzun artikulu hau 2023an Internationale neerlandistiek aldizkarian nederlanderaz kaleratu nuen artikulu baten moldaketa eta eguneraketa da (Dagnino, 2023). Eskerrak eman nahi dizkiet, alde batetik, aldizkari horren erredakzioari testu hartan agertzen diren hainbat datu eta pasarte itzuli eta berrerabiltzeko baimena emateagatik, eta, bestetik, Senez aldizkariari ikerketari euskaraz ere ikusgaitasuna eman nahi izateagatik. Bestalde, esker bereziak eman nahi dizkiot Maddalen Subijana Puellesi berak emandako hizkuntza- eta estilo-aholkuengatik.
2. «Lanen zerrenda» [2025/06/15].
3. Mari Karmen Garmendia Lasarekin aurrez aurre egin genuen elkarrizketa 2022ko uztailaren 27an, Ormaiztegin (Gipuzkoan); Josu Zabaletarekin, berriz, Skype bidez, 2022ko irailaren 28an. Bi kasuetan, ikerketa kualitatiboa baliatu zen, alegia, formatu erdi-egituratuko bi elkarrizketa egin ziren, hiru galdera nagusi ardatz hartuta: Nola jardun du itzultzaileak?, Noren ekimena izan da itzulpena: itzultzailearena ala argitaletxearena?, Zein izan da jatorrizko testua/hizkuntza? Aldi berean, elkarrizketatuei askatasuna eman zitzaien oroitzapen pertsonaletan sakontzeko eta batzuetan ustekabeko loturak egiteko. Elkarrizketen aurretik eta ondoren posta elektroniko bidezko harremana ere izan genuen, zenbait datu baieztatzeko. Bi itzultzaileei bihotzez eskertu nahi dizkiet beren lankidetza eta partekatutako informazioa.
4. «Een begaafde beginnende schrijfster, een gewoon Joods meisje dat slachtoffer van de Holocaust werd, een morele gids [ ...]: wie of wat is Anne Frank eigenlijk? [... ] Het hangt af van je nationaliteit, je ras, je sekse, je leeftijd en nog andere factoren af hoe je Anne beschouwt»
5. M.K. Garmendia Lasaren mezu elektronikoa, 2022ko ekainaren 14koa.
6. M.K. Garmendia Lasaren mezu elektronikoa, 2022ko ekainaren 14koa.
7. Ikerketa honetatik haratago doanez gero, beste ikerketa batean egitekoa izango da horrek guztiak zein neurritan egiten duen bat Egan osoan erabiltzen den ortografiarekin.
8. «[was] [... ] een universele idealistische tiener geworden die het slachtoffer werd van discriminatie, haat en vervolging, maar die ook in het goede van de mens geloofde».
9. De Rijken gutunak eta telegramak batzuetan euskaraz eta beste batzuetan gaztelaniaz edo frantsesez idatzita daude. Mitxelenarenak, berriz, beti euskaraz. Gutun horietako batzuk Donostiako Mitxelena Liburutegian daude gordeta. Han, hemeretzi dokumentu aurki daitezke guztira, 1961. eta 1981. urteen artekoak, baina hutsune handia dago 1963. eta 1973. urteen artean (katalogo zk. 274650). Ikus Koldo Mitxelena Liburutegia [Kontsulta: 2025/06/16]. Liburutegiari eskerrak eman nahi dizkiot lankidetza adeitsuagatik.
10. 1962ko Egan aldizkariaren azken alea 1963ko hasieran argitaratu zen egiaz; ikusi Mitxelenak De Rijki 1963ko urtarrilaren 31n idatzitako gutuna.
11. Egodokumentuaren kontzeptua Bigarren Mundu Gerraren ondoko urteetan sortu zen. Gaur egun, batez ere Herbehereetako eta Alemaniako historialariek erabiltzen dute, autorearen nia, testu osoan edo pasarte batzuetan, ageri den testu eta iturri historikoak adierazteko, hala nola autobiografiak, gutunak, egunkariak eta oroitidazkiak.
12. 1962ko bertsioaren eta 2004koaren arteko aldeak bat datoz jatorrizkoaren C bertsioaren eta Presslerren bertsioaren arteko hutsuneekin.
13. Plano horiek ez dute bat egiten nederlanderaz, frantsesez, ingelesez edo gaztelaniaz kaleratutako edizioetan sartutakoekin. Hortaz, berariaz eginda daude euskarazko argitalpenerako.
14. Zabaletaren mezu elektronikoa, 2022ko abuztuaren 26koa.
15. Ikerketa sakonagoa egin beharko litzateke itzultzaile-zerrenda osatzeko. Izan ere, nordanor.eus datu-bankuan nederlanderazko testuen itzulpenak bilatuz gero, 139 titulu agertzen dira, hainbat itzultzailek eginak eta guztiak ‘haur eta gazte literatura’ kategorian sailkatuak [Kontsulta: 2023/10/01].
16. Erein argitaletxeak Zabaletari emandako informazioaren arabera, Eusko Jaurlaritzak itzulpenetarako ematen dituen dirulaguntzak nahikoa izan ziren itzultzailearen lana finantzatzeko: «Nik ezagutzen ditudan euskal argitaletxeek ez dute ohiturarik atzerriko gobernuek beren literaturen zabalkundea bultzatzeko dituzten diru-funtsetara jotzeko; Eusko Jaurlaritzak banatzen dituen dirulaguntzekin konformatzen dira gehienetan». Halaber, Zabaletak adierazi du ez zuela harreman zuzenik izan Herbehereetako NIOD (Gerra, Holokausto eta Genozidio Ikasketen Institutua) erakundearekin, eta ez ziola inolako aholkurik eskatu (Zabaletaren 2023ko irailaren 1eko mezu elektronikoa).
17. Zabaletaren mezu elektronikoa, 2022ko abuztuaren 26koa.
18. Zabaletaren mezu elektronikoa, 2020ko abuztuaren 26koa.
19. Euskarazko erreseina guztiak Nor da Nor datu-basean aurki daitezke, Anne Frank egilea bilatuz. Liburua «haur eta gazte literatura» gisa sailkatzen da [Kontsulta: 2025/06/16]. Kritika bakoitza leiho gainerakor batean bistaratzen da, Internet-helbiderik gabe. Erreseinetako batzuk Armiarma atarian ere agertzen dira, kritiken hemerotekan. Gaztelaniazko erreseina, aldiz, guk geuk aurkitu dugu, Interneten hainbat bilaketa eginda.
20. «La editorial Erein publica en euskera la versión íntegra del ‘Diario de Ana Frank’, traducida por Josu Zabaleta», euskalkultura.eus [Kontsulta: 2025/06/16].