Bigarren mailako puntuazio-marken azterketa: Koldo Mitxelenaren liburu- eta zinema-kritiketako enuntziatu parentetikoen muga grafikoak
Artikulu honetan, Koldo Mitxelenak bere diskurtsoaren ezaugarritzaile diren enuntziatu parentetikoak diskurtsoan txertatzeko erabiltzen dituen puntuazio-markak izan ditugu azterkizun; zehatz esan, "bigarren mailako puntuazio-marketako" koma, marra eta parentesi pareak. Zinema- eta liburu-kritiketako adibideak aztertu ditugu ikusteko bigarren mailako puntuazio-ikurren artean (koma, marra eta parentesien artean) alderik ba ote dagoen. Hau da, Koldo Mitxelenak bere testu idatzietan parentesiak marretatik edo kometatik bereizteko irizpiderik ba ote zuen argitzen ahalegindu gara. Arau zehatzez ezin dezakegu hitz egin, baina bai enuntziatu parentetikoak inguratzeko edo mugatzeko nagusi den (edo diren) joerez. Hori aztertzeko enuntziatu parentetiko tipoetan eta horien osaera morfosintaktikoan oinarritu gara, eta horien ondorioa da ekarri dugun Koldo Mitxelenaren jokamoldea.
1. Gaia kokatzeko sarrera
Lan hau ikerketa zabalago batean oinarritzen da, Koldo Mitxelenaren euskal prosako diskurtso- estrategiak: enuntziatu parentetikoak (Azpeitia 2010) doktore-tesiko atal batean, hain zuzen. Artikulu honetan, Koldo Mitxelenak bere diskurtsoaren ezaugarritzaile diren enuntziatu parentetikoak diskurtsoan txertatzeko erabiltzen dituen puntuazio-markak izango ditugu azterkizun; zehatz esan, «bigarren mailako puntuazio-marketako» koma, marra eta parentesi pareak.1
Puntuazioa da, funtsean, edozein testu idatziren egituraren euskarri nagusietakoa (Perez Gaztelu, Zulaika eta Muñoa 2011) eta puntuazio-markek osatzen dute, hain zuzen ere, enuntziatu parentetikoak corpusean identifikatzeko formazko irizpide agerikoena.
Horrez gain, uste dugu «bigarren maila edo graduko» puntuazio-marken erabilerari buruzko hausnarketa (Mitxelenaren euskarazko idazkeran oinarritutako hausnarketa) euskara estandarraren idazkeraren finkatzeko bidean lagungarri gerta daitekeela, ikusirik, bereziki, hutsune handia dagoela diskurtsoaren linealtasuna hausten duten egiturak enmarkatzeko puntuazio- ikurren gaineko azterketen bibliografian.
Puntuazioa lantzeko erabilitako euskarriak, oro har, gramatika liburuak, estilo liburuak, idazkera liburuak, ortografia liburuak eta hiztegiak izan dira,2 baina ez dago euskal hiztun- idazleen bigarren graduko puntuazio-jardunaren deskripziorik. Beraz, Mitxelenaren euskarazko idazkeran oinarritutako bigarren mailako puntuazio-marken, puntuazio-joera nagusien ildo nabarmenen lan deskribatzaile honen bitartez gure aletxoa ekarri nahi diogu komunikazio idatziaren ikerketari.
Helburu horretara iristeko, Koldo Mitxelenaren liburu- eta zinema-kritiketatik ateratako adibideez3 baliatuko gara.
- Hasteko, labur-labur, «enuntziatu parentetikoa» hesitu eta definituko dugu, aztergai ditugun puntuazio-markak egitura horiek inguratzeko erabiltzen baititu Mitxelenak. Horrekin batera, puntuazioa aztertzeko hautatu dugun ikusmoldeaz hitz erdi bat esango dugu.
- Jarraian, corpuseko adibideak izango ditugu azterkizun eta saiatuko gara ikusten bigarren mailako puntuazio-ikurren artean (koma, marra eta parentesien artean) alderik ba ote dagoen. Hau da, Koldo Mitxelenak bere testu idatzietan parentesiak marretatik edo kometatik bereizteko irizpiderik ba ote zuen argitzen ahaleginduko gara. Horri erantzun nahi izateak eraman gaitu irizpide batzuk zehaztu eta irizpide horien arabera bigarren maila edo graduko puntuazio-markak aztertzera.
2. Enuntziatu parentetikoa
Enuntziatu parentetikoak –tipografikoki marren, parentesien nahiz intzisoko komen artean irudikatzen ditugun segidok– aztertzeko, bereziki, Enuntziazioaren Hizkuntzalaritzan oin hartu dugu (Azpeitia 2010, 2012). Ikuspegi hori hautatu dugu berariaz oinarritzen delako esatariak diskurtsoan uzten dituen lorratzetan. Eta enuntziatu parentetikoak ere, labur esateko, esatariak norentzakoari4 bere asmoak erdiesteko egiten dizkion keinu edo arrastoak dira, testutik bertatik mezuaren interpretazioa (nora)bideratu eta gidatzeko lagungarriak. Norentzakoarekin konplizitatezko harremana sortzeaz gain, parentetikoek bere enuntziatua modalizatu, birformulatu eta testuinguratzen dute eta balio diote saiatzeko harik eta esan duenaren eta esan nahiko zukeenaren artean zirrikiturik txikiena egon dadin eta diskurtsoaren argudio-hariak eta interpretazioak esatariak nahiko zukeen bidetik jarrai dezaten.
Beraz, enuntziatu parentetikoek testutik bertatik diskurtsoa nola interpretatu behar dugun adierazten digute eta egitura hori inguratzen duten puntuazio-markek ere helburu horretara iristeko jarraibideak ematen dizkigute.
Esan dugunaren adierazgarri, hona hemen adibide bat. Letrakera lodiz paratu dugu enuntziatu parentetikoa (E2) eta letrakera arruntaz oinarrizko enuntziatua (E1):
(1) Nik –eta barka bekit «izenordain higuingarri» honezaz hasten banaiz mintzatzen– profeta baten gisan ikusten dut aurrenik gure Oteiza, gure artean nola eta nondik ez dakigula –aldiz bizidun, aldiz okotz soil- agertu zaigun antzinako igarleen ondorengo galdu baten antzera. (LIB5 II:117).
Adibideak erakusten digu egitura hau bigarren mailako puntuazio-markez (komak, marrak eta parentesiak) demarkatuta egoteaz gain, ondorengo lau ezaugarri hauek bete beharko dituela:
A) Gutxienez bi enuntziatu izango ditugu jokoan: E1 eta E2 enuntziatuak.
B) Bi enuntziatu horiek beregainak edo independenteak dira.
C) Bi enuntziatu horiek elkarrekin gurutzatzen dira, eta oro har,
E2 enuntziatuak E1 enuntziatuaren egitura sintaktikoa hausten du.
D) E2 enuntziatuak dakarren informazioa makroegituran (edo metadiskurtsoan)
kokatzen da.
Azkenengo ezaugarri horrekin esan nahi da enuntziatu parentetikoak komunikazio-trukean hertsiki uztartuta dauden osagai oinarrizkoei zuzentzen zaizkiela: esatariari (modalizazio eta enuntziazio mailakoak nahiz argudiatzearen garapenean eragiten dutenak, esaterako), norentzakoari (esatari-norentzakoen arteko interakziozko harremana bideratzeko balio dutenak6 ) eta testuinguruari (esatari-norentzakoek batean dituzten ezaupide-sinesmenek osatzen duten informazio pragmatikoaren errota abiarazteko baliagarriak direnak). Beraz, dictumari edo proposiziozko egiturari baino gehiago eragiten diote makroegiturari.
Bigarren mailako puntuazio-markez demarkatuta egote hori bihurtzen zaigu lan honetan arretagune. Ez dugu ukatzen perpaus bazterreko7 posizioan bistan agertzen ez den digresiorik, modalizatzailerik, edo birformulazioarik ez dagoenik. Egitura hauek agertzeko modu bat baino gehiago egon daiteke, baina guk berariaz, enuntziatu parentetiko gisa agertzen direnei soilik erreparatuko diegu. Eta horretarako ezinbestekotzat jotzen dugu puntuazio-demarkazio jakinekin, esatariak intentzio osoz, perpaus bazterreko posizioan kokatuta agertzea.
3. Puntuazioa
Puntuazioa bera zer den, zein egiteko dituen, non eta nola sailkatzen den... ikertzaileak bat ez etorriagatik, inork ez du ukatzen testuaren osagai ezinbestekoa dela (Perez et al. 2012).
Puntuazioaren eginkizuna azaltzeko, tradizionalki, bi joera nagusitu izan dira (Catach 1980, Cassany 1993, 1997, Garzia 1997, Roque Eguzkitza 2008). Ahozko irakurketa bideratzeko eta gidatzeko instrukzioak edo direlakoena; hots, irakurleari arnasa noiz hartu behar duen eta geldiuneak noiz egin behar dituen adieraziko dioten demarkazio-sistematzat jotzen duena. Eta bestetik, puntuazioa testuaren unitate sintaktiko, logiko nahiz diskurtsiboak demarkatzeko zeinu-sistematzat jotzen duena.
Gure ikusmoldea puntuazioa aztertzeko honelakoxea da: puntuazioak ahozko kodearekin, prosodiarekin duen harremana ukatu gabe, testuaren egituraketarako eta antolaketarako balio duen marka-sistema da testugilearentzat, eta mezuaren ulermenerako lagungarria irakurlearentzat. Testuaren egituraren eta testuaren ulerterraztasunaren eta idazlearen kezka estilistikoen ispilu aukerakoa ere bada puntuazioa (Calsamiglia eta Tusón 1999).
3.1. Bigarren mailako puntuazio-markak
Enuntziatu parentetikoak testuetan txertatzeko, idazleek bigarren mailako puntuazio- ikurretara jotzen dute: intzisoko bi koma, marra nahiz parentesietara («marques de second régime», «enuntziazio-markak» Catach (1980: 22)).
-
Les signes d'énonciation forment également un sous-système séparateur, marquant une distanciation de plus en plus grande des divers plans du discours: la séparation se fait ici non entre les segments de la chaîne syntaxique principale (segments intrasyntaxiques), mais entre les locuteurs ou points de vue, présents dans la situation de communication (segments intersyntaxiques), ce que R. Laufer appelle la marque d´un «second régime» ou niveau de discours: incises, parenthèses, crochets, marques de régie (dans les scénarios et les pièces de théâtre par exemple), deux-points, guillemets, tirets, alinéas, usage de l'italique, etc. (Catach 1980: 22).
Guk ere ikur horiei erreparatuko diegu; zehatz esan, koma pareari, marrei eta parentesiei, hauek baitira diskurtsoaren linealtasuna hausten duten egiturak islatzeko baliabide grafiko nagusiak.
Estilo-liburu guztiek –edo ia guztiek– lantzen dituzte puntuazioaren alorrean marrak, parentesiak eta intzisoko komak, baina gehienbat erabileren inbentario txiki bat egitera lerratzen dira, eta, oro har, sail berean sartzen dituzte hirurak, euren arteko bereizketarik egin gabe (Onieva Morales 1992, Esnal eta Zubimendi 1993, De la Fuente González 2005, 2006, IVAP 2005, Roque Eguzkitza 2008, 2009).
Erantzun erabatekorik ezean, itxura batean, idazlearen esku bide dago puntuazio-ikur parearen aukera; alegia, bi koma, bi marra, bi parentesi hautatzea adierazpidearen mugarri grafikoak izan daitezen.
Gu ahaleginduko gara Koldo Mitxelena idazlearen jokamoldea –liburu- eta zinema- kritiketako testu idatzietako jokamoldea– ispilatzen.
3.2. Bigarren mailako puntuazio-markak aztertzeko irizpideak
Gisa honetako puntuazio-marken artean Mitxelenaren diskurtsogintzan alderik ba ote dagoen ikusteko, marka bat erabili edo bestea erabili zerk arautzen edo baldintzatzen ote duen aztertzeko, erreparatuko diegu irizpide diskurtsibo eta morfosintaktikoei. Zehatz esan, irizpide hauek hartuko ditugu oinarri:
-
Tipoa: Parentetiko tipoak, E1 eta E2ren arteko koherentziazko harremana formalki gauzatzeko moduak, eragiten ote du puntuazio-marka bat edo bestea hautatzea? Ba ote dago enuntziatu tipoaren eta bigarren mailako puntuazio-marken arteko erlaziorik? Azken batean, enuntziatu tipoaren atzean bi enuntziaturen arteko harremana formalki gauzatzeko modua dago. Eta tipo bakoitzaren barneko enuntziatu motak hobesten al du puntuazio demarkazioa? Esaterako, eta buruan daramatenetan antzematen ote da ikur baten aldeko joera? Estilo zuzenak zein ikur hobesten du?
-
Osaera morfosintaktikoa: Enuntziatu parentetikoaren osaera morfosintaktikoak baldintza ote dezake bera inguratuko duen puntuazio-marka? Esate baterako, aditza agerian gauzatua duten enuntziatu parentetikoak zein ikurren aldera lerratzen dira? Eta aditzik gabekoak?
Parentetiko tipoaren irizpidea izango da azterketa honetan funtsezkoa eta osaera morfosintaktikoa hor integratuko dugu. Enuntziatu parentetikoak (E2) oinarrizko enuntziatuarekin (E1ekin) betetzen duen harremanaren arabera, hiru enuntziatu parentetiko tipo bereizi ditugu (Azpeitia 2010):
A TIPOA: Oinarrizko enuntziatuaren (E1) eta enuntziatu parentetikoaren (E2) artean koherentziazko harremana inferentzia bidezkoa da; hau da, tipo honetako bi enuntziatuen artean ez dago formazko baliabiderik (kohesiozko mekanismo agerikorik).
-
(2) Eta atertu gabe aditzera ematen diguten irakaspen honetaz jabetu ez bagina ere –ez digu guzioi argitasun berbera eman Jainkoak: zinemagile izango ginateke bestela zinema-ikusle izan beharrean–, astiro azaltzen digute azkenean «De rerum natura»-tik hartua dirudien hitzalditxo baten bidez. (ZIN: 147).
B TIPOA: Bi enuntziatuen arteko koherentzia kohesio-mekanismoek adierazten dute. Horren lekuko dira talde honetako enuntziatu parentetikoan bertan agertzen diren testu-mailako kohesio-mekanismoak: erreferentziazko kohesio-mekanismoak eta konexio-mekanismoak.
(3) Illiada inork_ _itzuli nahi badu –eta izango da egun edo bihar egiteko larri horri_ ekingo dion _euskaldun ausarten bat–, aurkituko du laguntza Aita Barandiaranek egin duen lan izugarrian. (LIB I: 71).
C TIPOA: E1 oinarrizko enuntziatuaren eta E2 enuntziatu parentetikoaren artean harreman sintaktikorik egon ez arren, perpaus mailako marka sintaktikorik ager daiteke. Horrek ez du esan nahi, ordea, bi enuntziatuen artean perpausera lerratutako lotura sintaktikorik dagoenik; izan ere, marka formal horiek ez dute E2 enuntziatua E1 enuntziatuarekin josten, elipsian dagoen modalizazio- edo enuntziazio-mailako beste enuntziatu batekin baizik.
(4) Suspense gehiegirik gabeko gizon-hiltzea –lehen hitzek salatzen baitute egilea–, baina arimen barrunbean ekaitz eta zurrunbiloak sortzen dituena. (LIB II: 130).
Behin irizpideak zehaztu ditugula, aztergai izan dugun corpusean atzemandako joera nagusiak laburbilduko ditugu.
4. Corpusean atzeman ditugun joera nagusiak
Tipo bakoitzaren barneko parentetiko motak zein puntuazio-markarekin agertzen diren aztertuko dugu. Taulez baliatuko gara tipoak eta ikurrak lotzeko.
4.1. A TIPOA
Taulari erreparatuz gero, ohartuko gara E1en eta E2ren arteko harremana inolako marka formalik gabe gauzatzen denean, Mitxelenak gehiago jotzen duela parentesi eta marra bikoitzetara eta gutxiagotan koma parea erabiltzera. Bereziki parentesietara jotzeko arrazoia izan daiteke E1 eta E2 enuntziatuen arteko haustura formala8 horietan handiagoa dela; hau da, bien arteko koherentziazko harremana inolako kohesio-baliabiderik gabe gauzatzen dela.
Goiko hipotesiak badu, aldez edo moldez, Mario Linaresek (1974) zioenarekin loturarik. Honen ustez, bigarren mailako puntuazio-ikurren arteko aldea harreman semantikoan dagoen graduazioaren araberakoa da. Autore horren arabera, izan ere, badira gaiarekin «analogiazko harremana» duten ideiak; badira «hurbileko harremana» dutenak; baita «urrutiko harremana» dutenak ere, eta badira, azkenik, gai nagusiarekin –edo hari nagusiarekin, hobeto– inolako harremanik ez duten ideiak.
Ikuspegi hori ukatu gabe ere, gure ustez E1 eta E2 enuntziatuen arteko koherentziazko harremana formalki (inolako lotura formalik gabe, kohesio-mekanismoei esker edo marka (morfo)sintaktikoarekin) gauzatzeko moduan dago gakoa.
Goiko laukian ikus dezakegu tipo bakoitzaren barnean eredu ezberdinak daudela. Egokiena, apika, eredu guztiak xehe-xehe aztertzea balitz ere, luzera-mugak eraginda, puntuazio- markaren arabera bilduko ditugu corpusean atzeman ditugun joera nagusiak.
4. 1. 1. Parentesiak
Koldo Mitxelenaren liburu- eta zinema-kritiketan parentesiek erabilera espezializatua daukate. Hona hemen, Mitxelenaren luman parentesien erabileran nagusitzen diren joerak:
1. Haustura maila zenbat eta nabarmenagoa orduan eta parentesien erabilera handiagoa sumatu dugu. A tipoan aurkitu ditugu adibide gehien, bi enuntziatuen arteko koherentziazko harremana ez delako kohesio-mekanismoz gauzatzen.
2. Modalitate-aldaketa aditzera ematen duten enuntziatu parentetikoetan, oro har, parentesiak darabiltza. Horietan esatariaren eta enuntziatzailearen arteko desberdintasuna nabarmena da: esataria E2 enuntziatu parentetikoaren enuntziatzailea da eta E1 oinarrizko enuntziatuko enuntziatzailetik desberdintzen da. Beraz, bi enuntziatuen arteko haustura nabarmena da eta koma soilak eskas gertatzen bide zaizkio Mitxelenari.
(5) Baina kopet harro ez direnek (ez garenek?) ez dute damu izango ikustera joana. (ZIN: 124).
-
(6) Iñakik eta Begoñak seme bat dute: «el» Txantxo (ze izen arrano ote da hori?). (ZIN: 133).
Bada, ordea, marren arteko adibiderik ere:
-
(7) Irakurgai hori ez da sasikoa, badu bere jabea. Eta ezin alda daiteke jabearen baimenik gabe zenbait huskeriatan –grafian, huts nabarietan– izan ezik. Are gutxiago egilea –nolakoa, gero!– hilik dagoenean. (LIB I: 79)
3. Ohar bibliografikoak. Oso ohikoa da libururen baten erreferentzia bibliografikoa eman behar duenean parentesietara jotzea.
(8) Eta Islandiako bazterretan 1600 inguruan entzuten zuten euskara (ikus N. G. H. Deen, Glossaria duo Vasco-Islandica, Amsterdam, 1937), gipuzkoarrak ere han gehiegixko nabarmendu zirela dakigularik, Lapurdikoa zen, dudarik gabe. (LIB II:57).
-
(9) Honako bertso honetan (Manual Devotionezkoa, I, 30), beste askotan bezalaxe, nori berea ematen dio burjesari (sic) (ontzi-jabeari), buruzagiari (patroiari) eta pilotuari, elizaren ontziaz ari dela. (LIB II: 57).
a- Data-tarteak jasotzeko
-
-
(10) Ez da, beraz, bestek esana berresaten ari, berbera baita gai horrezaz lan sakon bat argitara zuena erdaraz: La Sierva de Dios M. Angeles Sorazu. Estudio místico de su vida (Arantzazun, 1950-1951), bi liburutan. (LIB II: 60).
(11) Ez dakit ba ote genuen beste bildumarik, Joannateguy´ren bi liburuez kanpora: Ehunbat Sainduen bicitcea (1876) eta Sainduen bicitcea (1890, Ilbeltz Apirila bakarrik). (LIB I: 123).
b- Iruzkin edo hizkuntza mailako oharren bat zein orrialderi dagokion adierazteko
-
-
(12) Honako beste ohar hau hizkuntzari dagokio. Ubillosez ari dela (151gn. orrialdean) dio A. Villasantek: (LIB II: 66).
(13) Harizmendik (91 gn. or. hemen) -ino bukaera erabiltzeak ez du gauza handirik esan nahi, beste hainbeste egiten baitu, esaterako, Axularrek. (LIB II: 67).
c- Lanen batera igortzeko, enuntziatzaileak esandakoa egiaztatzeko
-
-
(14) Eta Islandiako bazterretan 1600 inguruan entzuten zuten euskara (ikus N. G. H. Deen, Glossaria duo Vasco-Islandica, Amsterdam, 1937), gipuzkoarrak ere han gehiegixko nabarmendu zirela dakigularik, Lapurdikoa zen, dudarik gabe. (LIB II: 57).
(15) Hemen aipatu nuen Orbelak-en ondoren (ikus iazko EGAN, 99-100 orrialdeetan), laster irten da Arantzibia-ren bigarren olerki liburua. (LIB II: 143).
d- Edizio kritikoetan ohar filologikoak egiteko
-
-
(16) Xenpelarren bertsoetan zenbait huts, edo huts diruditenak behintzat –eta barka, oker banabil–, ageri dira. Hona hemen batzu: zortzi konfiteruak (25 or., zortzi konfitero ta?), Lonjinos´ek auxe zion (28 or., au zion), ez al-dakiken (31 or.) ez al-akiken-en ordez (hurrengo etzala lizentzi entzun izan dut), abillidade gutxi dedala/ ez esan iñori (32, daukanik behar luke), ezur igarrek austen zailla duk pixka bat beheraxeago (zaillak ttuk, zailla´ituk), Ni ezazu ibiltzen (35, enazu) (…) (LIB I: 107).
4. Itzulpenak. Esate baterako, erdarazko jatorrizko tituluaren ondoan zehazteko gure artean zein izenbururekin merkaturatu duten filma.
(17) Hoen artean leku berezia merezi du eskuarki THE PRODIGAL («El hijo pródigo») delakoak, onena izatea bezain berezia eta nabarmena baita txarrena izatea. (ZIN: 189).
-
(18) Beste burutik hastekotan, Elia Kazan´en EAST OF EDEN («Al este del Edén») aipa dezagun aurrenik. (ZIN: 189).
Joera horiek nabarmentzen zaizkio eta horietan guztietan ikus daiteke haustura mailaren adierazlea ere badela parentesia.
4. 1. 2. Marrak
Oro har, honako joerak atzeman daitezke Mitxelenaren luman:
Estilo zuzenaren adierazlea den enuntziazio-markoa aditzera ematen duenean, nagusiki marretara jotzen du (% 70,37).
(19) «Harrigarria da –dio, gutxi gorabehera, maiz aipatzen dudan Donostiako kritiko erne eta trebe batek– zein zuzen dabilen film hau gertatutakoen ondoan, zein zehazkiro biztu duen Douglas Sirk´ek aldi joana. (ZIN: 142).
-
(20) «Azkenean –besteren hitzak hartuko ditugu ahoan–, ikusia zegoanez, Ben Trane zintzoak hiltzen du Joseph Erin bihurria». (ZIN: 143).
Bada, hala ere, komen artean (% 18,51) nahiz parentesien artean (% 11,11) inguratzen duenik:
(21) Badugu denok, esaten digu Cayattek, bai gerok ere, zer ikusirik auzi horretan. (ZIN:138-139).
-
(22) Hauek erdaraz agertzen dira lehenbizi (erdara zuzenean, dio egileak), euskal erdaraz gero (erdal hitzak euskal ordenan antolatuak) eta euskaraz azkenik. (LIB I:98).
Beste horrenbeste esan dezakegu besteren hitzak zuzen-zuzenean edo dauden-daudenean oinarrizko enuntziatuan tartekatzen dituen enuntziatu parentetikoez ere. Guztiak marren artean edo parentesien artean tartekatzen ditu.
(23) Eta aldamenekoaren oihuak belarrian ditugula, nola amets egin, «Cinemascope» -«mundua sortu zenez gero ikusi den gauzarik miragarriena»- berriarekin ere? (ZIN: 129).
-
(24 )Eta hainbeste esaera gogoangarrik («koldarra ehun bider hiltzen da; bihoztunak ordea ez du heriotza behin baino dastatzen») gehiago merezi zuen. (ZIN:127).
Goiko adibide horiek, eta, oro har, corpuseko adibideek erakusten digutenez, bada, estilo zuzeneko diskurtsoa aditzera emateko ez du beti eta ezinbestean marretara jotzen. Ildo beretik, besteren hitzak diren-direnean bere diskurtsoan tartekatu nahi dituenean, kakotxez gain, marretara (% 63,63) nahiz parentesietara ere (% 36,36) jo ohi du.
Aditza daramaten A tipoko enuntziatu parentetiko gehienak (% 65,33) marren artean inguratzen ditu; % 22,66 koma artean eta % 12 parentesien artean. Modalitate-aldaketa alde batera utzi dugu, eredu horretan ia erabat parentesiak erabiltzen dituela ikusi baitugu.
(25) Gerok ere –zerbait jakiteko zaleturik geunden aspaldian– ez ditugu gogo gaiztoz ikusi (ZIN:160).
-
(26) Nire begiak behintzat, zorrotzagoak ez dakit, ez ziratekeen konturatuko, aldez aurretik jakin ez banu. (LIB I:84).
Aditzik gabeko enuntziatu parentetikoetan ere marrak erabiltzeko joera du, bai aposizioen araberakoetan bai halakoak ez direnetan. Komaz ere baliatzen da aposizioen araberakoak aditzera emateko (% 34,88), baina (ia) inoiz ez (% 0,97) marka morfologiko bera ez daramatenak aditzera emateko. Beraz, hor ere ikus daiteke zenbat eta E1 eta E2ren arteko haustura txikiagoa izan (koherentziazko harremana kohesio-baliabidez indartua baitago), bi komen erabilera handiagoa dela.
(27) Nerau hizkuntzak irakasten zerbait –ez gehiegi, beharbada– aritua naiz eta asko ezagutzen ditut eginkizun horretan langile trebeak direnak. (LIB II:63).
(28) Horregatik edo, antzeztokirako utzi ditu pailasokeriak –txarlotkeriak–, berebizikoak badira ere. (ZIN:136).
-
(29) Jaiotza harrigarriak izaten dira noizean behin, oso noizean behin, mundu honetan, Juan Ramón Jiménez´en ume honena bezalakoak. (LIB I: 42).
4. 1. 3. Komak
Modalizazio-aldaketa dakarren enuntziatu parentetikoa inoiz ez du koma artean inguratzen. Alegia, norentzakoari hizkuntza mailako oharren bat edo egin nahi dionean, nahiz orrialderen bat begiratzera igorri nahi duenean inoiz ez du koma pareaz egiten.
Besteren hitzak zuzenean aditzera eman behar dituenean ez du koma parea erabiltzen, haustura handia baitago; izan ere, bi enuntziatzaile ditugu, edo, hobeto esan, esatariaren eta enuntziatzailearen arteko bikoizketa gertatzen da.
Aditzik gabeko aposizioen araberako enuntziatuetan koma parearen erabilera askoz handiagoa da aposizioaren araberakoak ez direnetan baino, haietan formalki deklinabide kasu bera errepikatzen baita.
4. 2. B TIPOA
*. Adibide hauek modalitate-aldaketaz gain antolatzaileren bat daramatenez gero, dagokion antolatzailearen multzoan sartu ditugu.
E1 eta E2 enuntziatuen arteko koherentziazko harremana kohesio-baliabideez sendotuta dagoenez gero, puntuazio-marketan ere eragina duelakoan gaude: adibiderik gehienak marra artean eta koma artean agertuko baitira. Parentesiez gutxiago baliatuko da. Tipo honetan eta eta edo kohesio baliabideekin zer gertatzen den izango dugu hizpide, baina gainerako antolatzaileekin hartzen duen joera ere aipatuko dugu.
4. 2. 1. Eta buruan daramaten enuntziatu parentetiko gehienak koma artean (% 59,39) edo marra artean (% 36,84) inguratzen ditu; askoz gutxiagotan parentesien artean (% 3,75).
Datuei erreparatuz ikus dezakegu aditz jokatua duten eta bidezko enuntziatu parentetikoen erdia baino gehiago (% 63,75) koma artean tartekatu dituela, eta (% 32,5) marren artean. Parentesien artekoak oso gutxi dira (% 3,75).
Aditzik gabeko enuntziatuetan, berriz, ez dago alde nabarmenik komen (% 52,83) eta marren (% 43,39) artean; hau da, biak antzera darabiltza. Ez dirudi, bada, irizpide morfosintaktikoak erabakitzen duenik ikurren aukera. Ikusi bestela ondorengo adibideak9 :
1. Subjektuari osagai bat emendatzerakoan
(30) Soinua, eta harekin batera hitza, agertu zenean zineman, lehengo mutuan iraun zuen Charlotek. (ZIN, 136).
-
(31) Japonen eta hemen gizona –eta emakumea– izukaitz baino bildurtiago, prestu baino berekoiago, bihotz-zabal baino zitalago dela, alegia. (ZIN: 130).
2. Mintzagaiaren esparrua zabaltzeko eginkizunean
(32) Baina zineman, eta gizartean ere sarri, gehiago balio du itxurak izanak baino. (ZIN: 163).
-
(33) Gure gorputz-arimak, gorosti makilaz bezala astintzea ez da agian zinemak –eta arteak erabat– mendera lezakeen helbururik gorena. (ZIN: 174).
3. Aditz-aldaketa
Enuntziatu parentetikoko aditzek, adizkiek (E2) ez diete beti eusten oinarrizko enuntziatuko (E1) aditzen, adizkien ezaugarri morfologikoei. Aldaketa horietan oin hartuko dugu egiaztatzeko testuinguru sintaktiko bertsuan ere puntuazio-ikurrak txandakatzen dituela; hau da, zein bata zein bestea darabiltzala:
a) E1 oinarrizko enuntziatuko baldintzari indikatiboko10 adizkia gauzatua duen E2 enuntziatua tartekatzean:
-
-
(34) Erraztasunak ezer galdu badu hemen edo han, eta euskaraz tutik ez dakien ikaslea daukat gogoan, ugaritasunak eta aberastasunak irabazi dute. (LIB II: 68).
(35)Illiada inork itzuli nahi badu –eta izango da egun edo bihar egiteko larri horri ekingo dion euskaldun ausarten bat–, aurkituko du laguntza Aita Barandiaranek egin duen lan izugarrian. (LIB I: 71).
b) E1 oinarrizko enuntziatua ahalezko adizkia izanik (Ke-dun adizkia izanik), indikatiboko adizkia gauzatua duen E2 enuntziatu parentetikoa tartekatzean:
-
-
(36)Esango nuke, eta asko esatea da, hau dela higuingarriena amerikanoek Bibliarekin, gizon indartsu eta emakume erdi-biluxiekin, sortzen dituzten saltsa koipetsu horietan guztietan. (ZIN: 189).
(37) Neronek ikus dezakedanez –eta ez naiz nor horrelako auzietan mintzatzeko–, ederki tajutua du gaia, lau kapitulutan berezia, eta harira doa beti egilea, hitz alferrik gabe. (LIB II: 71).
c) E1eko aditza indikatibokoa izanik, E2 ahalezkoa (Ke-dun adizkia) denean:
-
-
(38) Esanak oroitarazten dit hor daudela, Oteizak oldar bizian eraso dien etsaien artean, «Urkixotarrak» direlakoak ere: badirudi, gainera, eta ez ninduke horrexek minduko, neure buru tristea ez dabilela horiengandik urruti. (LIB II: 118).
(39) Dakidanez –eta poztuko ninduke biziro oker nagoela jakiteak–, euskal literatura guztian behin agertzen da adizki hori, Garibayk XVI. gn. Mendean jaso zuen esaera batean (LIB I: 77).
d) Tenpus-aldaketa: E1 iraganaldian eta E2 orainaldian:
-
-
(40) Nahitaezkoa zen, eta honelaxe ikusi du begi zorrotzez egileak, euskal idazleez gainera –euskaraz mintzatu direnez gainera, alegia–, gure arteko erdal idazleez mintzatzea, gure hizkuntzari dagozkion lanak ondu dituzten neurrian behintzat, eta are erbesteko euskalariez, zahar eta oraingoez. (LIB II: 65).
(41) Gorputz geneukan Mike Todd (eta ez dakit hemengo Cervantes-zale porrokaturen arao- biraoek ez ote duten horretan parterik izan) berak eragin zuen izena bezain kostu handiko film hau aurkeztu digutenean. (ZIN: 181).
Azkenengo adibide horretan, gainerakoetan ez bezala, alternantzia ez da koma parearen eta marren artean gertatzen, marren eta parentesien artean baizik eta, beraz, puntuazio-marken arteko aldea handiagoa11 da. Baina garbi geratzen da eta buruan daramaten enuntziatu parentetikoetan joera nagusia komen artean eta (gutxiagotan) marren artean adieraztea bada ere, maiz puntuazio-marka horiek bata bestearen tokian ager daitezkeela.
4. 2. 2. Edo buruan daramatenak ere gehienak komen artean (% 50) edo marren artean (% 37,5) adierazten ditu. Gutxiagotan parentesien artean (% 12,5).
(42) Horko lagunen buru hausteek badute gerok ditugunen, edo izan genitzakeenen, eitea. (ZIN: 149).
-
(43) Eta gure arimaren eguneroko –edo asteroko– ogia hori dugunez gero, hemen ere aterpe txiki bat, narrasa bada ere, utzi nahi genioke. (ZIN: 123)
(44) Negarrez gaude beti, euskal irakurgai gutxi ditugula eta, eta ditugun ederrak ere ezin ditugu, edo ez ditugu nahi, irakurri. (LIB I:71)
Aditzean aldaketa gertatzen den adibideetan ere ez du marka tipografiko jakin baterako joera adierazten:
(45) Euskarak erdaraz esan ez diren, edo hain ongi adierazi ez diren, gogoeta eta bihotzondokoei bide emanaz bakarrik jaso dezake burua, lehen, orain eta beti. (LIB I: 58).
-
(46) Negarrez gaude beti, euskal irakurgai gutxi ditugula eta, eta ditugun ederrak ere ezin ditugu, edo ez ditugu nahi, irakurri. (LIB I: 71).
(47) Gizon izanik, kaskarin xamarra da, eta ez du beti uste dugun –edo nahi genukeen– bezala erantzuten. (LIB I: 57).
4. 2. 3. Gainerako testu-antolatzaileren bat daramanean ere, gehienetan marren (% 48,7) eta komen (% 42,73) aldeko joera antzematen da. Gutxiagotan agertzen da parentesia (% 8,54). Ekar ditzagun batzuk erakusgarri.
–– Hobeto esan antolatzailearekin aurretik esandakoa birformulatzean:
(48) Elbar batek, hobeto esan elbarritu batek, ez du leihoa beste ikuskizunik: leihotik ikusten duen etxartea, alegia. (ZIN: 144).
(49) Goikoetxea jaunak, askok dakigunez, begi zorrotzez begiratu ohi dio darabilgun –hobeto esan, darabilten– euskal neurkerari: ez zaio ez egokia iruditzen ez jatorra. (LIB II: 107).
–– Esate baterako / esaterako antolatzaileekin adibideak ematerakoan:
(50) Gogora datozkigunak ez dira liburuak edo, gutxienez (Beribilez, esaterako), Euskalerritik edo Euskalerriaren aldamenetik ez dira aldatzen. (LIB II: 102).
-
(51) Nere begi-adimenak ez dira zenbaitenak bezain zorrotzak eta ez dut esango film honetako sinbolo guztien funts izkutua -sorgin gaztearena, esaterako- ezagutu dudanik. (ZIN: 198).
(52) Hark erakutsi baitzigun –Aitorkizunetarako hamargarren jardun horretan, esaterako– gure barrengo zoko ilunak aztertzen eta ezagutzen. (LIB I: 75).
–– Batez ere antolatzailearekin zerbait nabarmendu nahi duenean:
(53) Sarreraz gainera, zati hauexek ditu: I eta II atzizkiak, III aditza (laguntzailea batez ere), IV elkarrizketak eta V erdal-euskal eta euskal-erdal hiztegia. (LIB I: 109).
(54) Trebe baino trebeagoa izan da beti hitz berriak sortzeko –hitz elkartuak batez ere– edota hitz arrunt ezagunak adiera berri batera egokitzeko. (LIB I: 76).
–– Alegia antolatzailearekin aurretik esandakoa birformulatzen denean:
(55) Adizki jator baten ordez, natzaio-ren ordez alegia, bi erabiltzen ditu, euskal literaturan sarrerarik izan ez dutenak. (LIB I: 71).
-
(56) Azkenean, etxean berriz –Londresen alegia–, zertxobait aldaturik ikusten dugu David Niven´en eskuetan dagoen Phileas Fogg-en garaita eta erorikoa. (ZIN: 182).
(57) Nor banitz ere, ez nintzateke sartuko, nere gogoz behintzat, horrelako listor-kabian, harako Paris (ez Frantziakoa, alegia) gizarajo hura bezala. (ZIN: 158).
–– Behintzat / bederen / behinik behin antolatzaileekin:
Antolatzaile hauekin ere bi puntuazio-markaren aldeko joera da nagusi: koma parearen eta marren aldekoa, hain zuzen. Bien arteko aldea, ordea, ez zaigu batere argi gelditzen. Horren adierazgarri, hona hemen adibide bera batean marren artean eta bestean koma artean:
(58) Ez dago lanaren gaitza goraipatu beharrik, ongi baitaki norainokoa den edozein hizkuntzatan, axaletik bederen, Aitorkizunak urratu dituenak. (LIB I: 75).
-
(69) Gure egunotakoa batez ere, maliziaz josia baitago hainbeste eta hainbeste irakurgai –axaletik bederen– miratu ondoren. (LIB I: 57).
Joerarik nabarmenena, ordea, komen artean kokatzea da (% 75,67). Hala ere, bada adibiderik marren artean (% 24,32). Inoiz ez du parentesien artean kokatzen.
(60) Ez da erraz, neretzat behintzat, honelako poema batez neurrizko iritzirik ematea: prosaz ondua izateak ez dit batere lana arintzen. (LIB II: 141).
(61) Espainian –zineman behintzat– «betiko triangeluak» lau alde izaten ditu: senarra, emaztea, senarra ez dena eta apaiza. (ZIN: 133).
–– Edo gutxienez, edo behintzat, edo hobeto esan, edo gutxienez behintzat, edo behinik behin antolatzaileekin joera ezberdinak antzeman ditzakegu.
Hiru marka tipografikoak darabiltza:
(62) Ez ditu, ordea, inork beharbada Orwell´ek adina ezagutu arrisku-beldur horiek, edo behintzat ez ditu inork horren argiro azaldu. (ZIN: 175).
-
(63) Bata eta bestea, gainera, ezinegonak, edo hobeto esan larriminak, darabiltza. (LIB I: 136).
(64) Hizkuntza bat ikasteko –edo ikasten hasteko behinik behin– bide erosoa eskeintzen duten libururik gehienak motz gelditu ohi dira beren egitekoan, hizkuntzak nekerik eta gogo bizirik gabe ezin ikas daitezkeelako noski. (LIB I: 109).
(65) Literatur euskararen batasunerako bide berria edo eskeintzen du aurrenik, eta gure artean maizegi ikusten ez den eleberri saioa –edo eleberri moduan antolaturikako haurtzaroko oroitzapenak behintzat– besteaz gainera. (LIB II: 93).
(66) herri literatura batetik (bertsolariak, Zuberoako pastoralak eta), hor hemenka aipatzen baditu ere, eta egungo egunean (edo behintzat liburua osatu zuenean) bizi diren euskal idazleak. (LIB II: 65).
4. 3. C TIPOA
Pentsatzekoa da, bada, goian aipatu dugun E1 eta E2 enuntziatuen arteko haustura-mailaren eta puntuazio-marken arteko harremana kontuan izanik tipo honetako enuntziatu parentetiko gehienak koma artean adieraziko dituela. Tipo honi dagozkio E1 eta E2 enuntziatuen artean harreman sintaktikorik egon ez arren, marka sintaktiko formala daramaten enuntziatu parentetikoak, eta horrek, formalki behintzat, lotura handiagoa erakusten du.
Corpuseko datuek uste hori indartu besterik ez dute egiten: koma pareari esker, % 72,47 enuntziatu parentetiko ematen ditu aditzera; marrei esker, % 23,85, eta % 3,66an bakarrik baliatzen da parentesiez.
(67) Ez dut nik esango, harrokeriaz mintzatzea litzateke eta, euskal arima zer-nolakoa den aditzera eman duenik. (LIB I: 64)
(68) Egiazko lirika, izen horren duin dena alegia –ez baita aski hitzak lerro-lerro banatzea–, da noski giza mintzoak menderatu duen gailurrik garaiena. (LIB I: 63).
-
(69) Behin edo behin, egia da, Izpiritu Santuaren prozesioaz ordu t´erdiz mintzatu beharrean aurkitu izan naiz (irakastea debekatua badaukagu ere, ikastera behartu egiten baikaiztute), baina geroztik hona jakintza hau baztertuxe eduki dut. (LIB I:96).
5. Ondorio orotarikoak
1-. Puntuazioa osoa ez da, ortografia ez bezala, guztientzako baliagarri den araudi hertsi batean biltzekoa (Cassany 1993, 1999, 2007, Arrieta 1998, Figueras 2001) eta bigarren mailako puntuazioa are gutxiago.
Puntuazio-marken, bigarren mailako puntuazio-marken hautua eta erabilera idazlearen esku, idazlearen sortzailetasunaren, komunikatzeko gogoaren, bilaketa estilistikoaren... esku bide dago. Ikusi besterik ez dago etengabe aipatzen joan garen Mitxelenaren puntuazio- marken txandakatze eta aldizkatzea.
Aukerako izate horrek, hain zuzen, zaildu egin du nolabait gure lana; alegia, komen, marren eta parentesien arteko erabilera zerk eta nola arautzen zuen aztertu eta irizpideak finkatzea.
2-. Dena dela, eta zailtasunak zailtasun, testuaren interpretazioa zaintzeko eta babesteko ezinbesteko baliabidea ere gertatzen zaio idazleari. Puntuazioa, alde horretatik, esatariak berak esan nahi duena, berak egokien iritzi dion moduan adierazi ahal izateko oinarrizko baliabidea dela esango genuke.
3-. Bigarren mailako puntuazio-markak (azterkizun izan ditugun hirurak), oro har, esatariak norentzakoari bidaltzen dizkion instrukzioak, jarraibideak edo argibideak12 dira. Norentzakoak egiten duen deskodetze-prozesua bideratzen laguntzeko, esatariak intentzio osoz ezartzen dituen marken edo ikurren kodea da. Honenbestez, komunikazio-estrategia orokor baten zerbitzura dago; mezuaren interpretazioa kontrolatzera bideratuta dagoen komunikazio-estrategia orokorrago baten zerbitzura.
Izan ere, ikur grafiko hauei esker inguratuta dagoen enuntziatu parentetikoak, oro har, diskurtsoa edo testua nola interpretatu behar dugun adierazten digu; helburu horretara bideratutako instrukzioak ematen dizkigu. Baina bigarren mailako puntuazio-ikurrek ere informazioa ematen digute. Esana baitugu enuntziatu parentetikoak ezin ditugula (testu idatzietan, bederen) euren inguratzaile edo mugatzaile diren bigarren graduko ikur hauetatik at ikusi eta aztertu. Batak bestearen zerbitzura egiten du lan.
4-. Arau zehatzez, bada, ezin dezakegu hitz egin, baina bai enuntziatu parentetikoak inguratzeko edo mugatzeko nagusi den (edo diren) joerez. Hori aztertzeko enuntziatu parentetiko tipoetan eta horien osaera morfosintaktikoan oinarritu gara, eta horien ondorioa da ekarri dugun Koldo Mitxelenaren jokamoldea.
6. Erreferentzia bibliografikoak
ALBERDI, X. (2008). Oinarrizko gramatika. Donostia: Elkar, Ikastolen Elkartea.
ALBERDI, X., Sarasola, I. (2001). Euskal estilo-libururantz. Bilbo: EHU.
ARAKAMA, J. M., Arrieta, A., Lozano, J., Robles, J., Urrutia, R.M. (2005). «Puntuazio zeinuei dagozkien tarteak», Administrazioa euskaraz 49:18 or.
ARRIETA, L. (1997). «Puntuazioa: ulergarritasunaren aldeko apustua», Administrazioa euskaraz 17:19 or.
AZPEITIA, A. (2010). Koldo Mitxelenaren euskal prosako diskurtso-estrategiak: enuntziatu parentetikoak. Doktore tesi argitaratu gabea.
AZPEITIA, A. (2012). Koldo Mitxelenaren zinema- eta liburu-kritiketako diskurtso-estrategiak: enuntziatu parentetikoak. Bilbo: Euskaltzaindia, Iker 29.
BERRIA (2006). Estilo-liburua. Donostia: Berria.
CALSAMIGLIA, B., Tusón, H. (1999). Las cosas del decir. Manual de análisis del discurso. Bartzelona: Ariel.
CASSANY, D. (1987). Descriure escriure. Com s´aprèn a escriure. Bartzelona: Empúries [1988, Describir el escribir: Cómo se aprende a escribir. Bartzelona: Paidós].
––––– (1993). La cuina de l´escriptura. Bartzelona: Empúries [(1995). La cocina de la escritura. Bartzelona: Anagrama].
––––– (1999). «Puntuación: investigaciones, concepciones y didáctica», Letras 59, 21-54. Revista CILLAB [Centro de investigaciones lingüísticas y literarias Andrés Bello de la UPEL-Caracas].
––––– (2006). Esmolar l´eina. Guia de redacció per a professionals. Bartzelona: Empúries [(2007). Afilar el lapicero. Bartzelona: Anagrama].
CATACH, N. (1980). «La ponctuation», Langue française. Paris: Larousse [ale osoa].
––––– (1994). La ponctuation (Histoire et système) . Paris: Presses Universitaires de France.
ESCANDELL, M. V. (1993). Introducción a la pragmática. Bartzelona: Anthropos.
––––– (2005). La comunicación. Madril: Gredos.
ESNAL, P., ZUBIMENDI, J. R. (1993). Idazkera-liburua. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
EUSKALDUNON EGUNKARIA (1992, 1995). Estilo liburua. Donostia: Egunkaria.
EZEIZA, J., LEKUONA, M., ALTUNA, E. (1995). Esalditik testura (euskaraz trebatzen) . Donostia: Gaiak.
FIGUERAS, C. (1999). «La semántica procedimental de la puntuación», Espéculo 12. http://www.ucm.es/info/especulo/numero12/puntuac.html
––––– (2001). Pragmática de la puntuación. Bartzelona: Ediciones Universitarias de Barcelona.
FUENTE GONZÁLEZ, M. A. de la (2004). «Problemas de puntuación en La fiesta del chivo, de Mario Vargas Llosa», Espéculo 28. http://www.ucm.es/info/especulo/numero28punctual.html.
––––– (2005). «La coordinación en inciso», Espéculo 29. http//www.ucm.es/info/especulo/numero29/adicion.html.
––––– (2006). «La adición en inciso: sus formas y puntuación», Espéculo 32. http://www.ucm.es/info/especulo/numero32punctual.html.
FUENTES RODRIGUEZ, C. (2007). Sintaxis del enunciado: los complementos periféricos. Madrid: Arco/libros.
GARZIA, J. (1996). «Puntuazioaren sintomatik sintaxiaren gaitzera», Administrazioa euskaraz 13:19.
––––– (1997). Joskera lantegi. Gasteiz: IVAP-HAEE.
––––– (2012). Puntuazioa egoki erabiltzeko gida: oinarriak, jarraibideak eta aholkuak. Ikasmaterialen Aholku Batzordea (2012-06-04) (argitaratu gabe).
HAEE-IVAP (2005). IVAPeko estilo-liburua. Gasteiz: HAEE-IVAP.
KERBRAT-ORECCHIONI, C. (1986). La Enunciación. De la subjetividad en el lenguaje. Buenos Aires: Hachette.
LINARES, M. (1974). La puntuación correcta. Avila: Talleres El diario de Avila, 1991.
MITXELENA, K. (1968). «Euskararen batasun bideak» (= Ortografia»), Euskera 13: 203-219 or.
––––– (1988). MEIG I, II, III. Donostia: Erein.
ODRIOZOLA, J. C. (2005). «Puntuazioa gramatikagai», in Etxeberria, P., Knör H. (ed.). Nerekin yaio non: Txillardegiri omenaldia. Iker 17: 354-377 or.
ONIEVA MORALES, M. J. (1992). Nuevo método de ortografía. Madril: Editorial Verbum.
PEREZ GAZTELU, E., ZULAIKA, E., MUÑOA, I. (2011). «Puntu bat, bi puntu, hiru puntu... Puntuazioa Gipuzkoako gazteen eskola testuetan», Ikastaria 17: 155-207 or.
PEREZ GAZTELU, E., ZULAIKA, E. (2012). Idatziz komunikatu. Gazteak eskolan idazten. Donostia: Deustuko Unibertsitatea.
ROQUE EGUZKITZA, I. (2008). «Puntuazioaren argi-ilunak». Ikasmaterialak eta zuzentze-lana. Udako Ikastaroa.
––––– (2009). «Tartekien antolaeraz eta puntuazioaz», Administrazioa euskaraz 64: 13-14 or.
ZUBIMENDI, J. R. (2004). Ortotipografia: estilo-liburuaren lehen atala. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea-Eusko Jaurlaritza. http:/www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net.
1. Bigarren mailako markak dira, halaber, modalitatearen adierazleak (galdera eta harridura-markak eta etenpuntuak) eta bigarren diskurtsoa txertatzekoak (hemen aztergai ditugunen ondoan, parentesi zuzenak eta aipu-markak ere bai). (Perez Gaztelu, Zulaika 2012: 140).
2. Perez Gaztelu, Zulaika eta Muñoak (2011) puntuazioari buruz euskaraz dagoen bibliografiaren berri jasotzean diotenez, Euskaltzaindiak ez du berariaz puntuazioari buruzko araurik edo lan berezirik plazaratu, nahiz eta, 0. arauan, Ortografiarenean (Mitxelena 1968: 7), badagoen puntuazioari buruzko erreferentzia bat. Euskarazko estilo liburu batzuetan –ez guztietan (Alberdi, X. eta Sarasola 2001)– arras landu dute puntuazioa modu batera edo bestera: komunikabideenetan: Euskaldunon Egunkaria (1992, 19952), Berria (2006), administrazio publikoan (HAEE-IVAP 2005).
Ildo beretik, puntuazioa lantzen duten gramatika liburuak (Alberdi 2008) eta idazkera liburuak ere aipatzen dituzte (Zubimendi eta Esnal 1993; Ezeiza, Lekuona eta Altuna 1995; Garzia 1997). Eta, eskolako testu-liburuak eta alde batera utzita, bestelako artikuluen berri ere ematen dute: Garzia (1996), Arrieta (1997), Odriozola (2005), Roque (2008, 2009)... Hala ere, kopuruari begira, ezin esan daiteke literatura oparoegia dagoenik euskaraz puntuazioari buruz. Are gutxiago euskal hiztun- idazleen puntuazio-jardunaren deskripziorik.
3. Azpeitiak (2010) tesian azterkizun izan duen corpusa Koldo Mitxelenaren kritikak izan dira, liburu- eta zinema-kritikak (edo iruzkinak), Euskal Editoreen Elkarteak kaleraturiko Klasikoen Saileko 21, 22 eta 23 zenbakiak dituzten liburuxketan jasotakoak.
Puntuazioari ere zuzen-zuzen eragiten dionez gero, edizioen arteko konparazioa egitea ezinbestekoa zuen.
«Bigarren graduko puntuazio-markak enuntziatu parentetikoak demarkatzeko bitarteko ditugunez, oso kontuan izatekoa da horiek beti ongi aldatuta ote dauden ikustea; baita diskurtso mailako (lokailuren bat edo falta den, esaterako) nahiz, oro har, gramatikazko aldaketarik (aditz morfologia gaurkotzeaz landako aldaketarik, alegia) ba ote dagoen aztertzea. Egon balego, noski, egilearen jatorrizko formari emango genioke lehentasuna». (Azpeitia 2012:12). Erkatze-lana enuntziatu parentetikoei dagokien heinean soilik egin dugu. Hauexek puntuazioari dagozkion aldaketak:
-
Parentesien ondorengo koma: jatorrizkoan egonik argitaraldi gaurkotuan falta da.
-
Marren ondorengo koma, jatorrizkoan egonik argitaraldi gaurkotuan falta da.
-
Aipu-markak: argitaraldi gaurkotuan besteren aipuak enuntziatu parentetikoak eteten dituenean parentetikoaren bi aldeak aipu-markez adierazten ditu, jatorrizkoan, aldiz ez.
-
Enuntziatu parentetikoaren demarkazio grafikoari dagokionez, adibide batean, jatorrizkoak enuntziatu parentetikoaren adierazle koma bikoitza jartzen bazuen ere, argitaraldi gaurkotuan bukaerako koma puntu bihurtu dute.
Erkaketa honetatik enuntziatu parentetikoei berariaz eragiten dieten aldaketak besterik ez ditugu aldatu. Aldaketa horiek huskeriatzat jotzen ez ditugunez gero –ez baitira grafiari eta huts-kontuei dagozkienak–, eta egileari edo testugileari zor diogun leialtasunagatik jatorrizko forma hobetsi dugu.
4. Kerbrat-Orecchioni (1986), Enuntziazioaren Hizkuntzalaritzaren barnean kokatu ohi den autorea, hartzaile-norentzakoen konplexutasunaz jabetzen da. Norentzakoa diogunean honako hau adierazi nahi dugu: esatariak mezua igortzean gogoan duen gizabanakoa; norentzat egiten duen bere mezua, alegia. Honekin txandakatzen ditu esatariak bere zereginak. Esatariak berariaz hautatzen du, buruan duen norentzako hipotetikoa da, izan ere.
Norentzako terminoa Escandellentzat (1993) ere ez da erabat hartzailearen parekoa. Norentzakoak bakar-bakarrik gizabanakoak izendatzen ditu, ez deskodetze-mekanismoak, esate baterako. Norentzakoa ez da, bestalde, entzule soila, entzulea hizkuntza-kode jakin bat aditzeko gaitasuna duen edonor baita; norentzakoa, berriz, mezua igorri zaiona (esatariak gogoan duena) eta, beraz, komunikazioa (eta esatariaren diskurtsoa) baldintzatuko duena da.
5. LIB eta ZIN laburdurak erabiliko ditugu, hurrenez hurren, liburu- eta zinema-kritikak izendatzeko.
6. Aldatu dugun adibidean, lehenengo enuntziatu parentetikoa bera izango litzateke esatariaren eta norentzakoaren arteko interakziozko harremanaren seinale.
7. «Perpaus bazterra» deizioa erabili dugu Fuertes Rodriguezek (2007) darabilen «periferia oracional» deizioa itzultzeko. Autore honek enuntziatu batean (eta, beraz, ez soilik perpaus batean) ager daitezkeen osagai guztiak sistematizatzeko ahalegina egin du lan horretan, perpaus bazterreko osagaiak perpaus barnekoekin osaturik:
«Se crean en el enunciado otras funciones, otros huecos sintácticos, que no pertenecen a la oración, sino que envuelven la predicación y dan cabida a otras informaciones, procedentes de diferentes niveles comunicativos. Surge así lo que muchos llaman la periferia oracional, los complementos externos o marginales de la oración.» (Fuentes 2007:11).
8. Ikusi besterik ez dago A tipoaren barnean ere aposizioen araberako aditzik gabeko enuntziatuak direla parentesien artean gutxien agertzen direnak, eta hori, gure ustez, enuntziatu mota horretan marka morfologiko bera agertzeak bi enuntziatuen (E1 eta E2) arteko lotura sendoagotzen dutelako gertatzen da. Aitzitik, enuntziatu parentetikoa inolako lotura morfologikorik ez duten aditzik gabeko sintagmek osatzen dutenean, parentesien artean edo marren artean demarkatzeko joera izango du. Parentesia E1 eta E2 enuntziatuen arteko haustura-graduaren adierazlea bide da.
9. Erreparatu ondorengo adibide hauei ere:
Ez, ordea, iguzki aldekoek, eta neroni horien artean, batzuetan ak eta besteetan ek-ka ari natzaizue hemen. (LIB I: 70).
Guztioi –eta neroni aurrenik– izurtzen zaizkigu zenbati huts baztertuz gero, egileek poesi-prosarako duten joeran daudela deritzat itzulpen honen alde txarrenak. (LIB I: 85).
10. Euskaltzaindiak EGLU II-n adizkien forma kontuan izanik, adizkien izendapena aldatu egin bazuen ere, azalpenak emateko erosoagoa gertatzen zaigu indikatiboaz, baldintzaz, subjuntiboaz nahiz ahalezkoaz hitz egitea. Jakin badakigu indikatibo oraina, esan ordez, izan/*edun-en orainaldia izendatu beharko genukeela.
11. Graduazioari dagokionez, puntuazio arinena koma pareari dagokio eta marra parearen eta parentesien artean Garziak (2012) esango digu ez dagoela alderik: «parentesien eta marren arteko aldea ez dago guztiz finkaturik berez. Guk hemen proposatzen dugun ereduan, oro har, marra-parea da tarteki-koma parearen hurrengo aukera, eta parentesia, berriz, marra parearen hurrengoa (edo aparteagoko zerbait adieraztekoa)» (Garzia 2012:106).
12. Ez bakarrak, hizkuntzek hainbat eta hainbat baliabide, bitarteko edo estrategia baitituzte beren mezuaren interpretazioa bideratzeko. Baliabide edo estrategia horietako bat puntuazioak berak eskaintzen du; izan ere, puntuazioa testuaren interpretazioa bideratzeko mekanismo laguntzaile eragingarria dela uste dugu.