Euskarara itzulitako testuetako hizkera vs euskaraz idatzitako testuetakoa:
 doktorego-tesi baten laburpena
Isabel Etxeberria Ramírez

Artikulu honetan egilearen Euskarazko literatur testu itzulietako eta ez-itzulietako lexikoen konparazio-saioak izeneko doktorego-tesiaren nondik norakoak aurkezten dira. Tesian, azken urte hauetan euskarara itzulitako narratibako lanetako hizkera eta euskaraz sortutakoena konparatzen dira lexikoaren arloan. Zehazki, lexiko-aberastasuna, ñabardurarako edo zehaztasunerako joera, eta lexiko mailako tradiziorako/berrikuntzarako joera aztertu dira. Horretarako, hiru termino multzoren erabilerak konparatu dira euskarara itzulitako testuen corpus batean eta euskaraz idatzitako testuen beste corpus batean: koloreak izendatzeko terminoak, denbora adierazteko adberbioak, eta emozio-sentimenduak kalifikatzeko kolokazioak.

Artikulu honen bitartez, Euskarazko literatur testu itzulietako eta ez-itzulietako lexikoen konparazio-saioak1 izeneko nire doktorego-tesiaren laburpen bat eskaini nahi dut.2 Aurkez dezadan, lehenik eta behin, gaia labur-labur. Tesi honetan azken urte hauetan euskarara itzulitako literatur lanetako euskara nolakoa den eta euskal idazleen literatur lanetako euskaratik zertan ezberdintzen den aztertu nahi izan dut; hau da, itzulpenetako euskara eta itzulpen ez diren obretako euskara konparatu ditut. Horretarako, bi corpus erabili ditut: euskarara itzulitako 436 narratiba-lan eta zuzenean euskaraz idatzitako 698 narratiba-lan. Testu horietan lexiko mailako zenbait parametro konparatu ditut; zehazki, koloreak izendatzeko terminoak, denbora adierazteko adberbioak, eta emozio-sentimenduak kalifikatzeko kolokazioak aztertu ditut. Hiru multzo horietako bakoitzarentzat termino zerrendak osatu, eta termino horietatik testu itzulietan eta ez-itzulietan zein eta zenbat erabili diren neurtu dut, bai eta zenbat aldiz erabili diren ere. Lortutako datuak kuantitatiboki eta kualitatiboki aztertu ditut, halako moduz non zenbait ondorio atera ahal izan ditudan testu itzulietako eta ez-itzulietako lexiko-aberastasunari, ñabardurarako edo zehaztasunerako joerari eta lexiko mailako tradiziorako/berrikuntzarako joerari dagokienez.

Azal dezadan orain patxada handiagoz dena: zergatik nahi izan dudan hau aztertu; nola lotzen den nire ikerlan hau itzulpengintza arloan nazioartean egin diren beste ikerlan batzuekin; zer testu bilduma edo corpusen gainean egin dudan azterketa eta zergatik; corpus horretan zer ezaugarri konparatu ditudan zehazki eta zergatik; zer datu lortu ditudan konparazio-lan horretan; zer adierazten diguten datu horiek itzulpenetako euskarari buruz eta zer alde topatu dudan itzulpenetako euskararen eta itzulpen ez diren testuetako euskararen artean.

Abiapuntua

Zergatik eta zertarako konparatu itzulpenetako euskara eta itzulpen ez diren testuetako euskara? Euskal letren mundutxoan bada iritzi bat azken urte hauetan nahikoa zabalduta dagoena: euskararako itzulpengintza hizkera literarioa aberasten ari dela. Izan ere, itzulpengintza berrikuntza linguistiko-estilistikoen sarbide garrantzitsua izaten da. Itzultzaile batek, testu bat itzultzen ari den bitartean, sorburu-testuak ezartzen dizkion zailtasun eta erronkei aurre egin behar izaten die; irtenbide egoki baten bila bere xede-hizkuntzan arakatze-lan bat egin behar izaten du batzuetan, edo sormenera jo bestetzuetan. Eta itzulpen-arazoei irtenbidea eman nahian egiten dituen proposamenek bere hizkuntzaren ondarea elikatzen dute. Jatorrizko testuak ezarritako zailtasunei erantzun behar izatea hizkuntza guztietan gertatzen da, noski, baina pentsatzekoa da erantzun horiek xede-hizkuntzari egiten dioten ekarpena are garrantzitsuagoa dela hizkuntza gutxituen kasuan. Direnak direlako arrazoiengatik hizkuntza batek testugintzan inguruko hizkuntza ahaltsu eta hegemonikoena baino garapen urriagoa eta berantiarragoa izan duenean, itzulpengintza luma zorrozteko tresna egokia izaten da: hizkuntzaren aukerak zukutzen eta berezko gaitasuna areagotzen laguntzen du kanpotik datozen berrikuntzei erantzun beharrak.

Anjel Lertxundi da ziurrenik arrazoibide horren bozeramaile behinena, maiz aipatu baitu bere saiakera eta artikuluetan (1993, 2019), baina azken hamarkada hauetan oso zabalduta dagoen ideia da (Atxaga 2006, Ibarluzea 2021, Zubillaga 2013). Argudio hori, ordea, iritzia edo intuizioa baino ez da izan orain arte. Nire asmoa, beraz, euskararako itzulpengintza euskarari nolabaiteko ekarpena egiten ari zaiolako ideia ebidentziaz hornitzea da.

Nire asmo hori nazioartean itzulpengintza arloan azken hamarkada hauetan jorratu den ikerlerro batekin gurutzatzen da, gainera. Esplika dezagun. 1993an, Mona Bakerrek bere itzulpen-unibertsalen proposamena plazaratu zuen. Bakerrek iradoki zuen testu itzuli orotan, edozein direlarik ere haien sorburu-hizkuntza eta xede-hizkuntza, badirela bereizgarri linguistiko komun batzuk, testuok itzulpen-prozesu baten ondorio izate hutsari zor zaizkionak. Zehazki, honela definitu zuen itzulpen-unibertsalaren kontzeptua: «(…) universal features of translation, that is features which typically occur in translated text rather than original utterances and which are not the result of interference from specific linguistic systems» (Baker 1993: 243). Bakerren ideia hark akuilatuta, ugaritu egin ziren testu itzulietako hizkeraren bereizgarriak antzematea helburu zuten ikerlanak. XXI. mendearen hasiera honetan, ondorioz, hizkuntza bateko testu itzuliak eta ez-itzuliak aztertzea eta konparatzea Itzulpen Ikasketetako ikerlerro garrantzitsua bihurtu da.

Bakerren hasierako proposamenaren erabatekotasuna ñabartuz eta doituz joan da ikerketek ebidentziak eskaini ahala eta batez ere zentzu komunak dakarren neurritasunaren ondorioz. Itzulpen-unibertsalen ideia plazaratu eta berehala, gaiaz aritu diren ikertzaile gehienek unibertsal terminoa baztertu, eta nahiago izan dute joerez, erregulartasunez edo ezaugarri linguistiko orokorrez hitz egin. Ñabardurak ñabardura, testu itzulietako hizkera itzulpen ez diren testuetako hizkeratik nola edo hala bereizten delako ideiak liluragarria izaten jarraitzen du, eta gaur egun oraindik ere asko dira irakurleei itzulpenen bitartez iristen zaien hizkera nolakoa den deskribatu nahian egiten diren ikerketak.

Hala, batzuek testu itzulietako eta ez-itzulietako aniztasun lexikoa konparatzeko saioak egin dituzte, beste batzuk konplexutasun sintaktikoaz arduratu dira, beste zenbait dialektoen eta erregistroen presentziaz… Vilma Pápaik (2004), adibidez, hungarieraz idatzitako eta hungarierara itzulitako testuen corpus baten, corpusean dauden hitz guztien (token) eta hitz ezberdin guztien (type) arteko proportzioa konparatu zuen, eta ondorioztatu zuen proportzioa txikiagoa zela itzulpenetan; hau da, testu itzulietan lexikoa errepikakorragoa zela, eta beraz aniztasun lexikala txikiagoa. Jarmo Harri Jantunenek (2001, 2004) sinonimo multzo batetik zer sinonimo eta zenbat aldiz erabiltzen ziren konparatu zuen finlandierazko testu itzulien eta ez-itzulien corpus batean; lortutako emaitzen arabera ondorioztatu zuen, batetik, sinonimo kopuru antzekoak erabiltzen zirela testu itzulietan eta ez-itzulietan, eta, bestetik, sinonimo horien artean erabilerak ere antzekoak zirela bi azpicorpusetan eta beraz itzultzaileek ez zutela modu errekurtsiboagoan sinonimo gutxi batzuen erabilerara jotzen. Maeve Olohanek (2004), bestalde, -ish atzizkiaren bidez sortutako hitzak bilatu zituen ingelesez sortutako eta ingelesera itzulitako testuen corpus batean, eta itzulpenetan halako hitz gehiago zeudela ikusirik, itzulpenetan lexiko-emankortasuna handiagoa zela ondorioztatu zuen. Hurrengo pauso batean, ordea, koloreak izendatzeko terminoen erabilerak konparatu, eta ingelesez idatzitako testuetan ingelesera itzulitakoetan baino aniztasun handiagoa topatu zuen. Eta Olohanek lexiko-emankortasunari buruz aurkitutakoarekin bat, kolokazioak aztertu dituzten lanetan —labur eta sinplifikatuta adierazteko, elkarren ondoan maiztasun handiz agertu ohi diren hitz multzoak—, itzulpenetan kolokazio edo hitz-konbinazio tipikoak (edo ohikoak edo errotuak) ugariago erabiltzeko joera antzeman zuten oro har Bernardinik (2007) eta Dayrellek (2004 eta 2007); bestela esanda, hizkuntza-berrikuntzarako joera txikiagoa hauteman zuten itzulpenetan testu ez-itzulietan baino.

Ikusten denez, asko eta askotarikoak dira itzulpenetako hizkera ezaugarritzeko eta itzulpen ez diren testuetako hizkeratik bereizteko egin diren azterketak, eta ugariak eta are kontraesankorrak ere badira lortutako emaitzak. Goiko horiek adibide bakan batzuk baino ez dira, itzulpen-unibertsalen gaiak nolako soka luzea ekarri duen erakusteko. Gorago esan dudan bezala, tesi hau egiteko nire lehen motibazioa ez da izan itzulpen-unibertsalen inguruko eztabaidan argi egitea eta ustez hizkuntza guztietan gertatzen diren joera unibertsalak identifikatzen laguntzea, ezpada euskal irakurleei azken urte hauetan itzulpenen bitartez iristen ari zaien euskara nolakoa den deskribatzen hastea eta itzulpengintza euskarari ekarpen bat egiten ari ote zaion egiaztatzeko lehen pausoak ematea. Nolanahi ere dela, adoretzen nau pentsatzeak itzulpenetako hizkera ezaugarritzeko ahalegina euskaran aplikatzeak ekarpentxoa egin diezaiokeela nazioartean garatu den itzulpen-unibertsalen eztabaida orokorrari.

Metodologia eta corpusa

Badakigu, beraz, euskarara itzulitako testuetako hizkera eta euskaraz sortutako testuetakoa konparatu nahi izan dudala nire tesian. Baina zer alderditan jarri dut arreta zehazki? Ikuspuntu askotatik heldu dakioke gaiari, hasi lexikoaren erabileratik eta konplexutasun sintaktikoraino. Dena ezin jorratu, eta tesi honetan lexikoaz arduratu naiz; zehazki, lexiko-aberastasuna, ñabardurarako joera eta lexiko-sorkuntzarako joera izan ditut aztergai. Horretarako, hiru bitartekoz baliatu naiz (oraingoz aipatu baino ez ditut egingo; aurrerago esplikatuko dut zergatik aukeratu ditudan hiru horiek):

  • Koloreen eremu semantikoa: hiztegiak eta bestelako kontsulta-materialak arakatuta, euskaraz koloreak adierazteko eskura dauden terminoen zerrenda osatu eta haien erabilera aztertu dut, baita hiztegietan agertu gabe ere gure corpuseko testuetan egiaz erabiltzen direnena ere.
  • Denbora-adberbioak: hiztegien eta gramatiken arabera euskaraz denbora adierazteko erabil daitezkeen adberbioen erabilera izan dut aztergai.
  • Kolokazioak: emozioak eta sentimenduak adierazteko izenek eta haien ondoan maiztasun gutxieneko batez ageri diren izenondoek sortutako hitz-konbinazioak aztertu ditut.

Behin terminoen zerrendak osatuta, terminook testu itzulien eta ez-itzulien gure corpusean zenbatetan erabili diren neurtu dut.

Baina aurrera jarraitu aurretik, esplika dezagun zer testutan zehazki konparatu ditudan alderdi horiek; hau da, zein izan den nire ikerlan honetarako corpusa edo probalekua. Ikerlan honetan, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuak sortutako Egungo Testuen Corpusaren (Euskara Institutua UPV/EHU 2021) parte bat erabili dut.3 Zehazki, corpusean «Literatura» atal gisa etiketatzen dena, ia bere osotasunean. Gure corpusa, beraz, 2001. eta 2019. urteen bitartean argitaratutako 1.134 narratiba-lanek (nagusiki eleberriek, saiakerek eta ipuin-liburuek) osatzen dute. 1.134 liburu horietatik 698 testu ez-itzuliak dira; euskaraz sortutako testuak, alegia. Gainontzeko 436 liburuak euskarara hainbat hizkuntzatatik egindako itzulpenak dira.

Testu ez-itzulien azpicorpusa 26,4 milioi hitzez osatuta dago, eta testu itzuliena 22,4 milioi hitzez. Guztira, beraz, 48,8 milioi hitz ditu corpusak. 48,8 milioi hitz horien artean 60.215 lema ezberdin daude. Testu ez-itzulien azpicorpusean lemak 52.423 dira, eta testu itzulienean 43.736.

Itzulpenen sorburu-testuak 26 hizkuntzatan sortuak dira. Badira, gainera, 3 liburu askotariko hizkuntzetatik itzuliak izan direnak. Testu ez-itzulien azpicorpusa osatzen duten 698 liburuetatik 688 liburu 303 euskal idazlek sortutakoak dira. Gainontzeko 10 liburuak taldean idatzitakoak dira. Itzulpenetan, 436 liburuetako 434ren atzean 186 itzultzaile izendun daude. Horrez gain, 2 liburuk izenik zehaztu gabeko itzultzaile kolektiboa dute. Itzulpenetako sorburu-hizkuntzak asko eta askotarikoak izateak bermatu egiten du hizkuntza zehatz batek sor litzakeen interferentziak neutralizatuta edo gutxienez ahulduta geratzea. Gauza bera esan liteke idazlumen aniztasuna dela-eta: corpuseko testuen egileak 303 euskal idazle eta 186 euskal itzultzaile izateak erabilera oso pertsonalen eta idiosinkratikoen pisua arintzen laguntzen du.

Literatur testuak erabiltzeko arrazoi nagusia da atal horrek eskaintzen duela corpus konparagarri orekatu bat sortzeko aukera onena. Egungo Testuen Corpuseko beste atal batzuetan, testu itzulien eta ez-itzulien bolumenak ez dira berdinak (zuzenbide arloko atalean, adibidez, testu itzulien azpicorpusa askoz handiagoa da ez-itzuliena baino), edo besterik gabe zaila da testuak itzuliak edo zuzenean euskaraz sortuak diren ebaztea (wikipediako testuetan, adibidez). Jakitun naiz literatur testuak erabiltzeak badituela bere mugak. Gure kasuan, muga nabarmenena testuen sorrera-data da. Izan ere, testu guztiak, itzulpenak zein itzulpen ez direnak, 2001. eta 2019. urteen artean argitaratuak badira ere, testu itzulien azpicorpusa mundu osoko eta historia osoko literatur lanen artean euskarara itzuliak izateko aukeratu diren testuek osatzen dute. Hain zuzen ere, itzulpenen jatorrizko testuak K.a. IV. mendean hasi eta XXI. mendera artekoak dira (sorburu-testu gehienak, dena den, XX. eta XXI. mendeetakoak dira: % 78,21, zehazki). Testu itzulien azpicorpusean, beraz, jatorrian hizkuntza, garai, kultura eta literatur korronte oso ezberdinak dituzten testuak biltzen dira, eta horrek eragina du, noski, testu horien idazmoldean. Nolanahi ere dela, emaitza da niri interesatzen zaidana, hau da, nolakoa den gaur egungo euskal irakurleek testu batzuen eta besteen bitartez eskuratzen duten euskara mota, hizkera hori motibatu duen iturburua dena dela.

Corpusa nolakoa den azalduta, buelta gaitezen metodologiara. Gorago aurreratu dudan bezala, gure hiru multzoetako (koloreak, denbora-adberbioak eta kolokazioak) terminoetako bakoitza gure corpusean zenbat aldiz erabili den neurtu dut. Horretarako, Egungo Testuen Corpusaren interfazean ohikoa den bezala, bi datu mota erauzi ditut: batetik, agerraldi kopurua edo zenbat aldiz ageri den guztira termino bakoitza testu itzulien azpicorpusean eta testu ez-itzulien azpicorpusean, eta bestetik, liburu kopurua edo zenbat liburutan ageri den termino bakoitza azpicorpus batean edo bestean. Agerraldi kopuruari buruzko informazioari liburu kopuruarena gehitu ahal izatea oso baliagarria da idazle edo itzultzaile zehatzen erabilera idiosinkratikoak hauteman ahal izateko. Hau da, termino baten agerraldi kopuru handi bat luma askoren edo luma gutxiren emaitza den aztertzeak termino horren erabileraren egiazko hedaduraren berri zehatzagoa ematen digu.

Erauzitako datuak eskuz garbitu ditut ondoren, polisemiak eta bestelako arrazoiek sorrarazitako agerraldi faltsuak ezabatzeko. Agerraldi faltsuen kasuistika zabala (eta nekagarria) izan da. Koloreen multzoan, esate baterako, Bioleta, Esmeralda eta Lila pertsona-izenen edo Txuri, Xuri eta Pintto izeneko txakurren agerraldiak eskuz erauzi behar izan ditut, besteak beste, baita kaki terminoaren agerraldiak ere kolorea izendatzeko ez baizik eta fruitua izendatzeko erabili denean edo Kakitzat musika taldeari eginiko aipamenetan. Denbora-adberbioen multzoan sintaxiak sorrarazitako agerraldi faltsuak ugari izan dira: aspaldi ez duela adberbioaren agerraldien zerrendatik «etorri zaio gogora aspaldi ez duela burua tindatu» esaldia atera behar izan dut, kasurako.

Behin datu faltsuak eskuz garbituta, honako alderdi hauek aztertu ditut oro har hiru multzoetan:

  • Multzoa edo zerrenda osatzen duten terminoetatik azpicorpus batean eta bestean zenbat eta zein ageri diren.
  • Termino horiek zenbat aldiz ageri diren guztira azpicorpus batean eta bestean.
  • Terminoetako zenbatek dituzten agerraldi gehiago azpicorpus batean eta zenbatek bestean.
  • Bi azpicorpusen artean alde nabarmenak ageri dituzten terminoen kasuan, termino horien bereizgarriei erreparatu diet (azterketa kuantitatiboari azterketa kualitatiboa gehitu diot, alegia), beren artean loturarik ba ote duten ikusteko eta alde horien arrazoia ondorioztatzen saiatzeko.

Datuen analisia

Koloreak

Jadanik aurreratu dudan bezala, lehenengo eta behin koloreak izendatzeko terminoen eremu semantikoa aztertzea aukeratu dut. Batetik, literatur testuetan aise topa ditzakedan terminoak direla aurreikusi nuen. Tamaina esanguratsuko multzoa ere bada (guztira 600 termino baino gehiagoren erabilera aztertzeko aukera eskaini dit, laster azalduko dudanez), eta horrek atera ditzakedan ondorioak sendo samarrak izango direla ziurtatzen dit. Bestalde, koloreen multzoak ñabardura semantikoak ikertzeko aukera ezin hobea eskaintzen dit, aldaera kromatikoak izendatzeko erabiltzen diren terminoak aztertuta. Azkenik, koloreen eremu semantikoa lexiko-sorkuntzari oso lotuta dago; izan ere, hiztunok gure inguruneko errealitateko terminoak baliatzen ditugu askotan koloreak izendatzeko. Horri esker, lexiko-sormenaz eta lexikoari lotutako jarrera berritzaileez eta kontserbadoreez gogoeta egin ahal izango dut.

Ohartzen naiz, noski, koloreen eremu semantikoa oso aztergai berezia dela. Koloreak hautemateko, sailkatzeko eta izendatzeko sistema asko aldatzen da hizkuntza eta kultura batetik bestera. Nolanahi ere, kontuan hartu behar dugu nire ikerlanean interesatzen zaidana ez dela ebaztea ea errealitate zehatz bat kolore batez edo beste batez izendatzen den testua itzulia izatearen edo ez izatearen ondorioz, ezpada koloreak izendatzeko euskaraz eskura dauden terminoen artetik zein eta zenbat erabiltzen diren testu itzulietan eta ez-itzulietan. Jakin nahi dut, alegia, zein kolore-adierazpen iristen diren irakurleen begietara euskal idazleen testuen bitartez eta zein itzultzaileenen bitartez.

Koloreen eremu semantikoa aztertzeko, hiru termino-zerrenda osatu ditut:

  • oinarrizko kolore-izenak
  • [izena + kolore] egiturak
  • kolore-konbinazioak

Azal ditzadan banan-banan. Lehen multzoa osatzeko, hiztegietan eta koloreei buruzko bibliografian arakatu, eta 120 terminoko zerrenda bat lortu nuen.4 Hona hemen:

Anbar, anil, arre, arrexka, arrosa txikle, arrosa/arroxa, arrosakara, arrosaxka, azul, baltx, baltz, baltzaran, beilegi, beilexka, beix, beltx, beltxexka, beltz, beltzaran, beltzaxka, beltzezka, beltzixka, beltzurdin, belxko, belzkara, belztaka, berdail, berdats, berdaxka, berde, berdekara, berdetsu, berdexka, berdotz, bermiloi, bioleta, blu, bolikara, botila berde/berde botila, briolet, eskarlata, esmeralda, fuksia, fuxia, gaztainkara, gorrail, gorrantz, gorrasta, gorrats, gorri, gorrikara, gorrimin /gorri min, gorrindol, gorriño, gorriska, gorrista, gorrixka, gorrixta, gorrizta, granate, gris, grisaxka, horail, horasta, hori, horiaire, horikara, horixka, horizta, itsas urdin, kaki, kaoba, karmin, laranja, laranjakara, laranjatu, laru, lila, magenta, malba, marroi, morantz, more, morexka, nabar, nabarkara, okre, oliba berde / berde oliba / ferde oliba, orlegi, oztin, pikart, pinto, pintto, purpura, sagar berde, sepia, turkesa, txuri, ubel, urdin, urdin elektriko, urdinantz, urdinarre, urdinkara, urdinska, urdinskara, urdinxka, urrekara, urretsu, urreztatu, xuri, zeru urdin, zian, zilarkara, zilarreztatu, zuri, zurikail, zuriska, zurixka, zurizta.

Oinarrizko kolore-izen horiez gain, eguneroko hizkeran koloreak izendatzeko beste hamaika hitz badira, jatorriz koloreak izan gabe hedaduraz koloreak adierazteko baliatzen direnak: ardo, haragi, krema, pistatxo, teila… Bereziki interesgarria iruditu zait aztertzea horietako zein eta zenbat erabiltzen diren testu itzulietan eta ez-itzulietan, informazio jakingarria eskainiko didalakoan lexiko-aniztasunaz ez ezik lexiko-sorkuntzarako joerez ere. Horretarako, gure corpusean [izen kategoria (hitz gisa) + kolore (lema gisa)] egiturarekin bat datozen hitz konbinazio guztiak erauzi eta zerrendatu ditut. Hau da, edozein izen mugagabean eta ondotik kolore lema gisa biltzen dituzten konbinazio guztiak bilatu ditut, halako moldez non gure bi azpicorpusetan erabili diren X kolore, Y koloreko, Z kolorez… guztiak aurkitu eta zerrendatu ahal izan ditudan. Bilaketa horren emaitza 184 terminoko zerrenda bat izan da:

Abrikot, adar, adreilu, agata, ahuakate, alberjinia, almendra, altzairu, aluminio, amaranto, anhilina, antrazita, aran, arbel, arbeltx, ardo/ardao/arno, argizagi, argizari, arrats, artile, arto, azafrai/azafran, azenario, bainila/banilla, banana, batata, behazun, belar, berina, berun, boli, borgoina, brontze, burdina, buztin, confetti, diamante, ebano, egur, elur, errauts, erregaliz, errubi, esne, euri, ezko, ezpain, eztainu, ezti, fluor, fruta, gar, gari, gatz, gaztain/gaztaina, gerezi, goma, goroldio, gorringo, gurin, habano, haragi, harea, harri, hausterre, hauts, herdoil, hezur, hiazinto, hilotz, hondar, hurritz, ikatz, ilar, ilargi, ilunabar, indigo, infernu, intxaur, itsaso, izokin, izotz, izpiliku, iztupa, jade, kafe, kafesne, kaka, kakalardo, kakao, kaleidoskopio, kamuflaje, kanabera, kanario, kanela, karamelu, kardantxilo, ke, kedar, kiwi, klarion, kloro, kobalto, kobre, koral, kornalina, krabelin, krema, kromo, kuia, labanda, lasto, lapis lazuli, lili, lima, limoi, lizun, lohi, lokatz, lur, mahats, marengo, marfil, marihuana, marmelada, marmol, marrubi, masusta, mate, melokotoi, menda, mertxika, metal, mineral, mingrana, mitxoleta, mostaza, mugurdi, musker, neoi, odol, olio, opalo, ortzi, oskol, ostra, oxido, pastel, perla, plastiko, platino, plomu, porlan, primula, sable, sagu, saltxitxa, su, sufre, sugus, sulfuro, tabako, teila, tinta, topazio, txatar, txilar, txingar, txokolate, udaberri, uger, ur, urre, urregorri, whisky, xanpain, zafiro, lore-zelai, zementu, zeru, ziape, zilar, zorne, zur.

Azkenik, hirugarren erauzketa bat ere egin dut, bi kolore-izenen elkarketak bilatzeko; hau da, bi koloreren konbinazioa adierazten dituzten elkarketak (zuri-beltz, gorri-urdin, berde-hori…) zein kolore baten ñabardura adierazten dutenak (urdin ubel, arre grisaxka, arrosa gorrixka, gorri laranjakara…). Horretarako, lehen zerrendako oinarrizko 120 kolore-izenetako bakoitza zerrenda horrexetako zer beste kolore-izenen ondoan ageri den bilatu dut. 10.000tik gorako konbinazio posible guztien artean, 323 terminoko zerrenda bat lortu dut. Zerrenda luzeegia da hona ekartzeko, baina eman ditzadan, adibide gisara, zerrendako lehenengoa, hamaikagarrena, hogeita batgarrena eta abar:

Anbar more, arre nabar, arrosa gris, arrosa zurixka, beltz gorri, beltz ubel, berde arrosa, berde hori, berde urdin, bioleta zuri, gorri beltz, gorri karmin, gorri orlegi, gris arrosa, gris gorrizta, gris urdin, hori beix, hori gorrizta, hori ubel, horizta gris, marroi beltz, marroi kaoba, more ubel, orlegi urdin, txuri urdin, urdin beltz, urdin gorri, urdin more, urdin zuri, xuri urdinkara, zuri gorrikara, zuri marroi, zuri zilarkara…

Aurkez ditzadan orain termino horien guztien erabileren konparaziotik lortu ditudan datu esanguratsuenak, multzoz multzo.

Lehenik eta behin, oinarrizko kolore-izenen multzoari dagokionez, honako emaitza hauek iruditzen zaizkit nabarmengarriak:

  • Idazleek eta itzultzaileek koloreak izendatzeko eskura dituzten 109 terminoetatik azpicorpus batean eta bestean zenbat erabiltzen diren aztertuta, kopuruak oso antzekoak direla ikusi dut: testu ez-itzulietan termino horietatik 91 ageri dira, eta testu itzulietan 89.
  • Termino bakoitza zenbat aldiz erabiltzen den aztertuta, ikusten da gutxien erabiltzen diren terminoak (termino ezohikoak, alegia) sistematikoki gehiagotan agertzen direla itzulpenetan, testu ez-itzulietan baino.
  • Datuei ikuspuntu kualitatibo batetik begiratuta, azkenik, bi azpicorpusen arteko konparazioan alde handiena ageri duten terminoei dagokienez, zenbait joera interesgarri antzeman ditut. Testu ez-itzulietan gailentzen diren terminoetako asko estandarretik desbideratzen diren terminoak dira: aldaera dialektalak eta arauarekin bat ez datozen idazkerak. Hau da, baltz, beilegi, beltx, blu, txuri, xuri eta antzeko terminoak nabarmen gehiagotan erabiltzen dira testu ez-itzulietan, itzulietan baino. Itzulpenetan gailentzen diren terminoak, aldiz, mailegu eta kalko modernoak dira, baita ñabardura adierazteko atzizki bidez sortutako formak ere: arrosa txikle, sagar berde, zeru urdin eta arrexka, belzkara, laranjakara terminoen estilokoak, beraz, nabarmen gehiagotan aurkitu ditut itzulpenetan.

[Izena + kolore] egituradun multzoari dagokionez, ikusi dut itzulpenetan oro har gehiago jotzen dela mota honetako egituretara testu ez-itzulietan baino:

  • Alde batetik, halako egitura gehiago aurkitu ditut testu itzulien azpicorpusean, ez-itzulienean baino. 184 kolore-izendapenen artetik, testu ez-itzulien azpicorpusean 120 topatu ditut, eta itzulpenetan 153.
  • Bestetik, egitura ugariago horiek gehiagotan erabiltzen dira oro har itzulpenetan; agerraldi gehiago dituzte, alegia. Eta agerraldi horiek liburu gehiagotan barreiatuta ikusten dira, gainera, testu itzulietan. Testu ez-itzulietan, hain zuzen ere, idazle zehatzen erabilera pertsonalen ondorio izaten dira, itzulpenetan baino maizago: marihuana kolore terminoaren agerraldi guztiak Ugaitz Agirreren Tximeletak bizkarrean (2018) nobelari dagozkio, adibidez, eta olio kolore formaren 8 agerraldietatik 7 Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea (2003) nobelari.
  • Itzulpenetan testu ez-itzulietan baino nabarmen gehiagotan erabiltzen diren terminoak askoz gehiago dira alderantziz baino. Hau da, badira 15 termino testu ez-itzulietan itzulpenetan baino nabarmen gehiago erabiltzen direnak (almendra, baini(l)la, izokin, krabelin…). Testu itzulietan ez-itzulietan baino nabarmen gehiago erabiltzen direnak, ordea, askoz gehiago dira: 38 (argizari, artile, errauts, ke…). Eta pentsa baliteke ere itzulpenetan gehiago erabiltzen diren termino horiek kanpoko hizkuntza eta kulturen exotismoaren ondorio direla, errealitatea bestelakoa da. Itzulpenetan nabarmen gehiago erabiltzen diren termino gehienak arrunt samarrak dira euskal hiztunontzat: elementu kimikoak (berun, brontze, burdina, ikatz, kobre, urre, zilar…), lore, landare eta fruituak (gaztaina, gerezi, lima, limoi, mertxika…), jakiak (esne, kafe, karamelu, krema, txokolate…), lur eta harriak (adreilu, arbel, harea, hauts…), eta harribitxiak eta bestelako apaingarriak (boli, errubi, perla…) dira nagusiki.

Kolore-konbinazioen multzoan, azkenik, aniztasun handiagoa ikusten da oro har itzulpenetan: kolore-konbinazio gehiago aurkitu ditut, konbinazio horiek gehiagotan erabili dira eta liburu gehiagotan sakabanatuta ageri dira testu itzulietan ez-itzulietan baino. Azal dezadan puntuz puntu:

  • Testu itzulietan konbinazio ezberdin gehiago aurkitu ditut testu ez-itzulietan baino: 231 testu itzulietan, eta 196 testu ez-itzulietan.
  • Agerraldi kopuruen guztizkoek eskaintzen dizkiguten datuen arabera, lehen itxura batean termino mota hauek gehiagotan erabiltzen dira oro har testu ez-itzulietan itzulpenetan baino. Baina testu ez-itzulietako agerraldien gailentasuna termino zehatz batzuei zor zaie neurri handi batean: testu ez-itzulietako agerraldi guztien % 36,98 zuri-beltz konbinazioari dagozkio, eta euskal futbolari zuzenean lotutako zenbait konbinaziok (zuri-gorri, txuri-gorri, txuri-urdin, zuri-urdin) pisu nabarmen handiagoa dute euskal idazleen testuetan euskarara egindako itzulpenetan baino. Konbinazio zehatz horiez aparteko beste berrehun inguru konbinazioen agerraldien batura handiagoa da itzulpenetan.
  • Terminook liburu kopuruan duten banaketa hedatuagoa edo orokortuagoa da, azkenik, testu itzulietan ez-itzulietan baino. Luma gehiagotan banatuta ageri dira itzulpenetan, eta ez idazle zehatz batzuen testuetan kontzentratuta.

Laburbilduz, koloreen eremu semantikoan aztertu ditudan adierazle ia guztiek testu itzulietan lexiko-aniztasun handiagoa dagoela erakutsi dute. Kolore-izendapen gehiago topatu ditut testu itzulietan ez-itzulietan baino: [izena + kolore] egituren multzoan eta kolore-konbinazioenean izendapen ezberdin gehiago topatu ditut itzulpenetan, eta termino kopuruak parekoak dira oinarrizko kolore-izenen multzoan. Termino horien guztien banaketa, bestalde, homogeneoagoa da testu itzulietan ez-itzulietan baino. Bestela esanda, testu ez-itzulietan termino gutxiago erabiltzen dira itzulpenetan baino, eta, gainera, erabiltzen diren terminoen artean agerraldiak termino gutxiago batzuetan kontzentratzen dira. Lexiko-sorkuntzari dagokionez, sormen handiagoa nabari da testu itzulietan. Hala erakusten dute inguruneko elementu baten izena baliatuz sortzen diren kolore-izendapenen datuek, ugariagoak baitira itzulpenetan. Itzulpenak, beraz, lexiko berrirako sarbide garrantzitsua dira koloreen eremu semantikoari dagokionez. Azkenik, euskalkietakotzat jotzen diren terminoak testu ez-itzulietan nabarmen ugariagoak eta erabiliagoak direla ikusi dut, baita idazkera estandarrarekin bat ez datozen aldaerak ere (hiztegietan ez erabiltzeko gomendioarekin jasotzen direnak zein hiztegietan jaso ere egiten ez direnak). Badira zantzuak pentsatzeko, beraz, euskal itzultzaileek arauari lotuago jokatzen dutela oro har euskal idazleek baino.

Denbora-adberbioak

Jadanik aipatu dudan bezala, koloreen eremu semantikoa oso berezia da, karga kultural handikoa, eta arlo horretan ondorioztatutako joerak, esanguratsuak izanik ere, tentuz orokortzekoak dira testu mota guztietara. Koloreak izendatzeko moduari dagokionez euskarara itzulitako testuen eta euskal idazleek sortutako testuen arteko aldeak aise samar esplika litezke testu batzuen eta besteen sorrerari erreparatuta. Hori dela eta, koloreena aztertu eta gero eremu semantiko neutroago edo kulturalki ez hain markatu bat aztertzea pentsatu nuen. Bigarren atal honetarako, bada, denbora adierazteko adberbioak aztertzea erabaki dut. Lehenik eta behin, osagai kopuru nahiko handia biltzeko aukera emango didan eremu bat da. Bestetik, beren eduki semantiko abstraktuarengatik eta beren funtzionalitate zirkunstantzialagatik, kultur testuingurutik askeagoak direlakoan nago. Beste modu batean esanda, testu batean bermiloi, kaki edo arrosa txikle hitzak gehiago edo gutxiago erabiltzea lotuago dago ziurrenik testu hori sortu den garai, testuinguru edo korronteari, noizean behin, luzaro gabe edo maizenik hitzak erabiltzea baino. Bestetik, salbuespenen bat gorabehera, erdara gehienetan ordain zuzenak dituzten hitz eta esamoldeak dira, eta, hortaz, itzulpenen sorburu-hizkuntzek eragindako interferentzia gutxi aurkitzea espero dut. Azkenik, euskalkietako aldaera asko testatzeko aukera emango didala aurreikusten dut.

Multzoa osatzeko, zenbait gramatika eta hiztegi arakatu ditut, eta eskuzko garbiketa egin ondoren 391 denbora-adberbioko zerrenda bat osatu dut. Oraingo honetan berriro zerrendako hamarreko bakoitzeko lehenengoa baino ez dut jasoko hemen adibide gisa:

Aida batean, aldian sarri, arestian, aurrenekoz, aurtemein, behin batean, behin eta betiko, behingotik behingora, berbertatik, beste orduz, biga bostetan, duela gutxi, egundo, etengabe, frixtan, gauero, gaurdanik, gaurretik biharrera, gerotik gerora, hemendik aitzinat, inoiz edo berriz, kuxian, lehenbizi, lehenengotik, lehentxoago, maiz, memento batez, noiz edo behin, noizetik noizera, orain, oraindanik, oraingoz, ordu txiki, ordura arte, pitean-pitean, sarritxo, sostean, tipustapastean, urtean-urtean, zankez…

Azal ditzadan orain analisian lortutako datuak:

  • Zerrendatu ditudan 391 denbora-adberbioetatik gehiago erabili dira testu ez-itzulien azpicorpusean itzulienean baino. Zehazki, testu ez-itzulien azpicorpusean 391 terminoetatik 364 erabili dira, eta testu itzulienean 333. Beste modu batean esanda: itzulpenetan soilik erabiltzen diren terminoak 12 dira; kontrara, testu ez-itzulietan soilik erabiltzen direnak 43 dira; eta 15 termino, azkenik, ez dira ez azpicorpus batean ez bestean ageri.
  • Kopuru horiei ikuspuntu kualitatibo batetik begiratuta, ikusten da testu ez-itzulietan bakarrik erabiltzen diren 43 terminoetatik 33 forma nola edo hala markatuak direla: 17 euskalki-markadunak dira hiztegietan (behingotz, etzilimo, oraindinokarren, orano…), 6 gutxi erabilia markaz seinalatuta daude (aurregun, tipustapan…) batek zaharkitua edo jasoa marka du (geurtz) eta beste batek lagunartekoa (pitean-pitean); horrez gain, 8 forma ez dira hiztegietan jasotzen, eta beste forma hedatuago baten aldaera fonetiko-ortografikoak edo idazkera okerrak dira (atzorako, berandusko, gaurgeroz, noiztik behin, orainik…). Itzulpenetan soilik aurkitu ditudan 12 terminoen artean, aldiz, ez dut patroi eta ezaugarri komun nabarmenik antzeman.
  • Agerraldien guztizkoari begiratuta (adberbio horiek denak zenbat aldiz erabili diren guztira azpicorpus batean eta bestean), kopurua zertxobait handiagoa da testu ez-itzulietan itzulietan baino, baina alde nabarmenik gabe. Agerraldi kopuru handienak dituzten adberbioak kalkulutik kendu, eta gutxien erabili diren adberbioak bakarrik aztertuz gero, ordea, bi azpicorpusen arteko aldea nabarmenagoa da; hain zuzen ere, agerraldi gutxi izateagatik salbuespenezkotzat edo ezohikotzat jo daitezkeen terminoak, gutxi erabiliagatik ere, nabarmen gehiagotan erabiltzen dira testu ez-itzulietan.
  • Agerraldi kopuruarekin jarraituz, azpicorpusetako batean bestean baino nabarmen gehiago erabiltzen diren terminoei arreta jarri, eta halakoak testu ez-itzulietan gehiago direla ikusi dut. Gainera, testu ez-itzulietan itzulpenetan baino dexente gehiagotan erabili diren termino horietako asko euskalki-markaz seinalatuta daude hiztegietan. Horietako gehienetan, espero izatekoa den bezala, dagokien euskalkidun idazleak daude erabilera gehienen atzean. Itzulitako testuetan, ordea, euskalki-markadun terminoen agerraldi kopuruak nabarmen gutxiago dira, eta erabilera, gainera, ez dago hain estuki lotua itzultzailearen euskalkiari.

Laburbilduz, koloreen eremu semantikoan ez bezala, denbora-adberbioen multzo honetan adierazle ia guztiek testu ez-itzulietan aberastasun handiagoa dagoela erakutsi dute. Batetik, aukeran diren adberbio guztien artean testu ez-itzulietan adberbio gehiago erabiltzen dira testu itzulietan baino. Agerraldi kopuru guztizkoari dagokionez, ez da alde handirik bi azpicorpusen artean: testu ez-itzulietan itzulietan baino zertxobait handiagoa da. Baina termino erabilienak bazter utzi eta termino ezohikoak soilik kontuan hartzen ditugunean, handitu egiten da bi azpicorpusen arteko aldea, testu ez-itzulienaren aldera. Hau da, badirudi termino ohikoenen artean erabilera antzekoa dela bi azpicorpusetan, eta termino ezohikoak edo salbuespenezkoak direla idazleek itzultzaileek baino gehiagotan erabiltzen dituztenak.

Hain zuzen ere, testu ez-itzulietan soilik erabiltzen diren formen artean estandarretik urruntzen diren hainbat termino aurkitu ditut: euskalkietakotzat jotzen diren terminoak, hiztegietan baztertzekotzat jotzen diren idazkerak edo zuzenean hiztegietan jasotzen ez direnak. Badirudi, beraz, forma nola edo hala markatu horiei zor zaiela neurri batean bi azpicorpusen arteko aldea. Itzultzaileek termino estandarragoak erabiltzera jotzen dute, eta idazleak gehiagotan ausartzen dira arautik desbideratzen diren formak erabiltzen.

Azkenik, badira zantzuak pentsatzeko norberaren euskalkiarekiko lotura estuagoa dela idazleengan itzultzaileengan baino. Hau da, euskalkietakotzat jotzen diren formak erabiltzen direnean, testu ez-itzulietan agerraldi gehienak euskalki horretako idazleei dagozkie. Itzulpenetan erabiltzen direnean, ordea, euskalkietako formak oro har gutxiago ageri badira ere, jatorri askotarikoagoetakoak izaten dira dena delako forma erabiltzen duten itzultzaileak.

Kolokazioak

Aurreko bi ataletan lexiko-aniztasuna eta zehaztasunerako edo ñabardurarako joera aztertu ditut nagusiki, baina lexiko-sorkuntzaren auzira ere hurbildu gara. Izan ere, [izena + kolore] egitura aztertzeak testu itzuliak ezohiko elementu lexikaletarako sarbide direla ikusteko bidea eman digu. Azken ideia horretan sakontzeko, kolokazioak aztertzea erabaki dut, hots, elkarren ondoan gutxieneko maiztasun batez erabiltzen diren unitate lexikalen multzoak. Zehazki, emozioak eta sentimenduak adierazteko izenek gure bi azpicorpusetan maiztasun gutxieneko batez ondoan zer adjektibo hartzen duten ikertu dut: izen bakoitzak zenbat adjektibo ezberdin hartzen dituen ondoan, eta zer maiztasunekin ageri den konbinazio bakoitza azpicorpus batean eta bestean. Datuok aztertuta, azpicorpus bakoitzeko testuen joera berritzaileez eta kontserbadoreez gogoeta egin ahalko dudala uste dut, eta, hala, argitu ahal izango dut, adibidez, zer neurritan jotzen duten idazleek eta itzultzaileek ohiko konbinazioak erabiltzera eta zer neurritan konbinazio ezohiko eta berritzaileak proposatzera, edo, bestela esanda, zenbateraino laguntzen duten testu mota batzuek eta besteek xede-hizkuntzako ohiturak finkatzen edo, aitzitik, ohituraz ezarritakoa hausten.

Zenbait arrazoik eraman naute aztergai gisa emozioak eta sentimenduak adierazteko izenak eta haien ondoan ageri diren adjektiboak aukeratzera. Lehenengo eta behin, hitzon gramatika-kategoriak datuen bilaketa eta erauzketa erraztuko zidala aurreikusten nuen. Beste konbinazio batzuekin konparatuta, [izena + adjektiboa] konbinazioa euskaraz finko samarra da elkarrenganako kokaguneari dagokionez, eta, beraz, datuen erauzketan elkarrengandik urrun egoteagatik edo alderantzizko hurrenkeran kokatuta egoteagatik termino gutxik ihes egingo zidatela aurreikusi nuen. Beste alde batetik, emozioena eta sentimenduena literatur testuetan maiztasun nahikotxoz agertuko den eremu semantiko bat zela aurreikusi nuen. Azkenik, aukera honen bitartez lortuko nuen multzoak bolumen egokia izango zuela kalkulatu nuen: esanguratasun nahikoa eta era berean termino kopuru maneiagarria.

Kolokazioen multzoa osatzeko, bada, lehen pauso batean bi azpicorpusetan ageri diren [izen + adjektibo] konbinazio guztiak erauzi, eta 3 agerraldi edo gehiago dituztenak aukeratu ditut. Emaitza 73.264 konbinazioko zerrenda bat izan da. Ondoren, eskuzko hautaketa bat egin dut emozio edo sentimendu bat adierazten duten izenen zerrenda osatzeko, eta izen horien artean gutxienez bi adjektibo kalifikatiboren (ez erreferentzialen) ondoan konbinaturik ageri direnak hautatu ditut. Azken emaitza, beraz, 723 kolokazioren zerrenda bat izan da, 90 izen (adore, amodio, amorrazio, amorru, atsegin, atsekabe, ausardia…) eta 139 adjektibo (ageriko, ahul, aldakor, alfer, amaiezin, amankomun, apal, aringarri…) konbinatzearen ondorio.

Aurkez ditzadan orain datuen analisitik lortutako emaitzak.

  • Identifikatu ditudan 723 kolokazioen artetik kolokazio gehiago erabiltzen dira itzulpenetan testu ez-itzulietan baino: testu ez-itzulietan 585 kolokazio jasotzen dira guztira, eta testu itzulietan 650.
  • Konbinazio horiek osatzeko, 90 izenetatik 90ak erabili dira bai testu itzulien azpicorpusean bai testu ez-itzulienean; adjektiboei dagokienez, aldiz, 139 adjektiboetatik 119 erabili dira itzulpenetan eta 124 testu ez-itzulietan. Hau da, izen kopuru berarekin eta adjektibo gutxiagorekin kolokazio gehiago sortzen eta erabiltzen dira itzulitako testuetan. Testu ez-itzulietan, aldiz, kolokazio kopurua txikiagoa da. Erabilera finkatuagoa da testu ez-itzulietan, eta barreiatuagoa edo dibertsifikatuagoa itzulpenetan. Bestela esanda, lexiko-konbinatoriari dagokionez joera ireki eta berritzaileagoak antzeman daitezke testu itzulietan, eta kontserbadoreagoak eta murritzagoak testu ez-itzulietan.
  • Konbinazio horiek guztiak zenbat aldiz erabili diren aztertuta, kopuruak handiagoak dira itzulpenen azpicorpusean. Lehen puntuan aipatu dudan bezala, konbinazio gehiago aurkitu ditut itzulpenetan testu ez-itzulietan baino, eta beraz, espero izatekoa zen bezala, agerraldi kopurua ere handiagoa da itzulpenetan. Baina kolokazio horien agerraldien banaketa aztertuta, ikusi dut, gainera, gutxi erabiliak diren kolokazioak eta beraz ezohikotzat edo ez errotutzat jo daitezkeenak dezente gehiagotan ageri direla testu itzulietan. Itzulpenen azpicorpusean jarrera berritzaileagoa ikusten da berriro ere.
  • Azkenik, beste atal batzuetan ikusi dudanarekin bat, kolokazioetan ere zantzu agerikoak aurkitu ditut esateko euskal itzultzaileen testuetan arauarekiko errespetu eta otzantasun handiagoa nabari dela, bai erabileraren zuzentasunari dagokionez (ortografia zuzena, kasu), bai aldaera geografikoen bateratzeari dagokionez (euskalkietako aldaerak ez erabiltzeko joera). Haundi (eta ez handi), konfidantza (eta ez konfiantza), sentimentu (eta ez sentimendu), iparraldeko izigarri, hegoaldeko dezepzio eta antzeko adibideak euskal idazleen testuetan aurkitu ditut gehienbat, eta ia inoiz ez itzulpenetan. Erregistro mailan ere estandarizaziorako joera antzematen da, arautik aldentzen diren muturretako zenbait erabilera gutxiagotan baliatzen baitituzte itzultzaileek, eta gehiagotan idazleek (behe mailakotzat eta herri mailakotzat jotzen diren susto eta disgustu, esate baterako).

Ondorioak

Ikerlan honen bitartez, euskarara egindako literatur itzulpenetako hizkera euskaraz sortutako literatur lanetako hizkeratik bereizten den aztertu nahi izan dut. Zehazki lexikoaren arloa jorratu dut, eta hiru alderditan jarri dut arreta: lexiko-aberastasuna, zehaztasunerako eta ñabardurarako joera, eta lexiko-ohiturei lotutako joera berritzaileak eta kontserbadoreak.

Lexiko-aniztasunari dagokionez, eta hiru multzoetako emaitzak asko sinplifikatuta, ondorio kontraesankorrak lortu ditudala irudi lezake lehen itxura batean: koloreen eremu semantikoan aniztasun handiagoa ikusten da oro har itzulpenetan; denbora-adberbioen multzoan testu ez-itzulietan nabari da aniztasun handiagoa; eta kolokazioen multzoan, itzulpenetan berriro. Emaitza itxuraz gorabeheratsu horiek, nolanahi ere, testu itzulien eta ez-itzulien joera argi samar batzuekin bat egiten dute nire iritziz.

Izan ere, testu itzuliek eta testu ez-itzuliek modu ezberdinetan egiten diote, nire irudiko, ekarpena aniztasun lexikalari. Testu itzulietan, ñabardura eta zehaztasuna gaineratzen duten terminoen bitartez egiten da nagusiki ekarpen hori; hau da, oinarrizko esanahiari xehetasunak gehituz eta horrela esanahia zabalduz. Hala, itzulpenetan ugariagoak dira kolore-izenen multzoan mailegu eta kalkoen bitartez esanahia zehazten duten terminoak (arrosa txikle, kaki, oliba berde…), [izena + kolore] egituraren bitartez inguruneko elementuen izenak erabiliz sortzen diren kolore-izendapenak (esne kolore, ikatz kolore, kakao kolore…), ñabardurak adierazten dituzten atzizkien bitartez eratutako terminoak (arrosakara, morexka, zurizta… kolore-izenetan, eta geroxe, luzarotxo… denbora-adberbioetan), eta oinarrizko bi kolore-izen elkartuz sortzen diren ñabardura kromatikoak (gris nabar, okre hori, zuri arre…). Hor, noski, zeresan handia dute sorburu-testuek, haiek eraginda gertatzen delako errealitateari ohiko ikuspuntutik begiratu beharrean begirada zabaltzea eta ingurunea izendatzeko modu berri eta zehatzagoak bilatu behar izatea.

Testu ez-itzulietan, ordea, sinonimiaren ondorioz da aberatsagoa lexikoa. Hau da, esanahi bera adierazteko aukeran diren unitate lexikalen artetik aukera gehiago erabiltzen dituzte euskal idazleek itzultzaileek baino. Horixe erakusten du, hain zuzen, denbora-adberbioen erabileraren analisiak. Idazleek kontaera denboran kokatzeko eskura dituzten esanahi bereko termino guztien artean termino gehiago baliatzen dituzte. Eta argi geratu da, bestalde, testu ez-itzulietan igarri dudan sinonimo-aberastasun hori euskalkien erabilerari zor zaiola neurri handi batean, baita erregistro mailako aldaeren eta arautik desbideratzen diren bestelako aldaeren erabilerari ere.

Testu mota bakoitzak, beraz, bere indargunea du lexiko-aberastasuna sortzeari dagokionez. Esan liteke itzulpenek semantikoki aberasten dutela euskara, esanahi mailako ñabardurez eta zehaztasunez hornitzen duten heinean. Testu ez-itzuliek ez dute esanahia zabaltzen, baina adierazleen ugaritasunaren bitartez —sinonimoen bitartez— egiten dute ekarpena.

Gaiari lexiko-sorkuntzaren ikuspuntutik begiratuta, itzulpenetan oro har jarrera ireki eta berritzaileagoak ikusi ditut. Alde batetik, esanahi berriak sortzeko prozeduretan oparotasun handiagoa aurkitu dut itzulpenetan, hala [izena + kolore] egituradun kolore-izendapenen bitartez, nola kalko eta maileguen bidez, atzizkiak erabiliz edo elkarketaren ondorioz. Bestetik, kolokazioak testu itzulien azpicorpusean ugariagoak izateak erakusten digu itzulpenak hitz konbinazio berri eta ezohikoen sarbide garrantzitsua direla. Izan ere, testu itzulietan kolokazio ezberdin gehiago aurkitu ditut, eta gainera agerraldi gutxi izateagatik ezohikotzat edo berritzailetzat jo daitezkeen kolokazioak ere ugariago erabiltzen dira itzulpenetan. Pentsatzekoa da horretan itzulpenen atzeko sorburu-testuek zeresan handia izango dutela, noski. Testu ez-itzulietan, aldiz, erabilera errotuak errepikatu eta finkatzeko joera ikusten da, eta orobat ezohiko erabilerak gutxiagotan baliatzekoa.

Idazleek eta itzultzaileek egiten duten euskalkien erabilera, bestalde, nire ikerlana alderik alde zeharkatu duen gaia da. Aztergai izan ditudan hiru multzoetan ikusi dut euskalkietakotzat jotzen diren terminoak ugariagoak direla testu ez-itzulietan itzulietan baino. Testu ez-itzulietan itzulietan baino euskalki-markadun hitz gehiago erabiltzen direla bezain ohargarria da, bestalde, halako hitzen erabilera lotuago dagoela egilearen jatorriari testu ez-itzulietan itzulietan baino. Hau da, euskal idazleek beren testuetan euskalkietako hitz gehiago erabiltzen dituzte oro har itzultzaileek baino, baina erabiltzen dituztenean nork bere euskalkikoa erabiltzen du nagusiki. Itzultzaileek, beren testuetan euskalkietako aldaera gutxiago baliatzen badituzte ere, askeago jokatzen dute berena ez den euskalki bateko hitzak erabiltzeko. Horrek adierazten du, nire irudiko, idazleen artean nor bere ahotsaz agertzeko erreparo gutxiago dagoela, eta itzultzaileen artean, berriz, norberaren idiosinkrasia ezkutatzeko ahalegin handiagoa egiten dela. Itzultzaileei historikoki esleitu izan zaien ikusezintasunaren ideiarekin bat, balirudike euskal itzultzaileek beren ahots bereizgarria agertzeari uko egiten diotela, sorburu-testuaren egilearen estiloa beren tasun pertsonalez ez zipriztintzeko. Norberaren bereizgarriak nabarmentzeko ahaleginak euskal idazleengan agerikoagoak dira euskal itzultzaileengan baino.

Erregistro-ugaritasuna ere handiagoa da testu ez-itzulietan itzulietan baino. Aztergai izan ditudan hiru multzoetan, hiztegietan erregistro-markaren batekin seinalatuta dauden terminoak ugariagoak dira eta maiztasun handiagoz erabili dira testu ez-itzulietan. Ohargarria da, bestalde, testu ez-itzulietan nabarmenagoak diren aldaera horiek behe erregistrokoak direla nagusiki.

Horri lotuta, eta amaitzeko, testu ez-itzulietan estandarrarekiko askeago jokatzen da oro har idazkera okerrei edo arauaz bestekoei dagokienez. Bai hiztegietan ez erabiltzeko gomendioarekin jasotzen diren formak, bai hiztegietan jaso ere egiten ez direnak, nabarmen ugariagoak dira testu ez-itzulietan. Euskal itzultzaileak arauari lotuago ageri zaizkigu, beraz, eta askeago idazleak.

 

Bibliografia

Atxaga, Bernardo (2006). Andimaren liburu bat eskuan. Euskera, 51, 2006 (1), 45-49.

Baker, Mona (1993). Corpus linguistics and Translation Studies. Implications and applications. In M. Baker, G. Francis and E. Tognini-Bonelli (ed.), Text and Technology. In Honour of John Sinclair (233-250). John Benjamins.

Bernardini, Silvia (2007). Collocations in Translated Language: Combining Parallel, Comparable and Reference Corpora. In M. Davies, P. Rayson, S. Hunston eta P. Danielsson (ed.), Proceedings of the Corpus Linguistics Conference (CL2007) (1-16). University of Birmingham.

Dayrell, Carmen (2004). Towards a corpus-based research methodology for investigating lexical patterning in translated texts. Language Matters, 35(1), 70-101.

——— (2007). A Quantitative Approach to Compare Collocational Patterns in Translated and Non-Translated Texts. International Journal of Corpus Linguistics, 12(3), 375-404.

Etxeberria, Isabel (2024). Euskarazko literatur testu itzulietako eta ez-itzulietako lexikoen konparazio-saioak. [Doktorego-tesia, UPV/EHU].

Euskara Institutua, UPV/EHU. (2021eko otsailaren 15a). Egungo Testuen Corpusa.

Ibarluzea, Miren (2021). Euskal literatura itzuliaren egiturak eta islak. 1975-2015. Euskaltzaindia - Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU). Iker 38.

Jantunen, Jarmo Harri (2001). Synonymity and Lexical Simplification in Translations: A Corpus-based Approach. Across Languages and Cultures, 2(1), 97-112.

——— (2004). Untypical patterns in translations: Issues on corpus methodology and synonymity. In A. Mauranen eta P. Kujamäki (ed.), Translation Universals. Do they exist? (101-126). John Benjamins.

Lertxundi, Anjel (1993). Oinarriko proposamena mileniorako. Jakin, 79, 56-60.

——— (2019). Itzuliz usu begiak. Alberdania.

Olohan, Maeve (2004). Introducing Corpora in Translation Studies. Routledge.

Pápai, Vilma (2004). Explicitation. A Universal of Translation Text? In A. Mauranen eta P. Kujamäki (ed.), Translation Universals. Do they exist? (143-164). John Benjamins.

Zubillaga, Naroa (2013). Alemanetik euskaratutako haur- eta gazte-literatura: zuzeneko nahiz zeharkako itzulpenen azterketa corpus baten bidez. [Doktorego-tesia, UPV/EHU].


Oharrak

1. Tesia Gidor Bilbao Telletxearen zuzendaritzapean egin nuen, eta 2024ko ekainaren 6an defendatu Euskal Herriko Unibertsitatean, Karlos Cid Abasolok, Irantzu Epeldek eta Naroa Zubillagak osatutako epaimahaiaren aurrean. Bihoakie hemendik hiru epaimahaikideei nire esker ona beren iruzkinekin nire lanean sakontzeko eta hobetzeko eskaini zidaten aukeragatik, eta bereziki Gidorri, bide osoan zehar agertu zidan sen on, eskuzabaltasun infinitu, jakituria eta enpatiarengatik.

2. Tesia osorik irakurgai dago helbide honetan: https://addi.ehu.eus/handle/10810/69813

3. Corpusaren osaeran eta datuen erauzketan funtsezkoak izan dira Josu Landaren laguntza, jakituria eta eskuzabaltasuna. Bihoakio hemendik nire esker on zintzo eta eternala.

4. Zerrenda 120 terminokoa bada ere, azkenean egiaz 109 terminoren erabilera aztertu dut. Izan ere, terminoetako batzuk polisemikoak izanik (hori hitza, adibidez, kolorea zein erakuslea izan daiteke, eta zuri, kolorea zein bigarren pertsonako izenordainaren datiboa), kopuruak handiegiak ziren eskuzko garbiketa egiteko. Hori dela eta, 11 termino zerrendatik ateratzea erabaki nuen.