Euskarara itzulitako bestsellerrak:
 'The New York Times Best Seller List' zerrendan
 oinarritutako katalogoa eta azterketa (1990-2020)
Amaia Izkue

Lan honen helburua euskarara itzulitako bestsellerren egoera aztertzea da. Lehenik eta behin, azken urteetan euskarara itzuli diren bestsellerren inguruko katalogoa sortu behar izan dugu, eta, hura osatzeko, 1990-2020 urte bitartean 'The New York Times' AEBko egunkarian astero argitaratzen den bestsellerren zerrenda izan dugu oinarri. Datuak bildu ondoren, zerrenda horretatik ateratako emaitzak interpretatu ditugu; itzulitako bestsellerren bilakaera kronologian, haien literatur generoa, jatorrizkoen idazleak, itzultzaileak, eta itzulpenak argitaratu dituzten argitaletxeak, hain zuzen ere. Horrez gain, lortutako emaitzetatik abiatuta, saiatu gara euskarara itzulitako bestsellerrek euskal literatur sisteman duten presentziari buruzko zenbait ohar egiten.

Sarrera

Bestseller fenomenoa Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen arren, mundu osoan hedatu da jada gaur egun. Fenomeno nahiko berria dela kontuan izanik, informazio gutxi daukagu euskarara itzulitako bestsellerren inguruan, eta, horregatik, aztertu nahi izan dugu ea bestsellerra euskal itzulpengintzaren sistemara ailegatu den, eta, hala bada, zer neurritan. Azterketa deskribatzaile honek Euskal Herriko Unibertsitatean 2021ean aurkeztu eta Naroa Zubillagak zuzendutako Gradu Amaierako Lana du oinarri. Lanaren funtsa guk sortutako katalogo bat da, horrek justifikatzen baititu, hain zuzen ere, lanetik ateratako ondorioak (ikus eranskina). Nolanahi ere, lanari heldu aurretik, buruan izan dugu euskaratutako bestsellerren egoera berezia dela, eta, besteak beste, hiru erronka nagusiri egin behar diela aurre: euskararen beraren egoerari, itzulpengintzaren prestigio faltari eta bestsellerren kalitatearen auziari.

Dena den, katalogoarekin hasi aurretik, ezinbestekoa iruditu zaigu euskal itzulpengintzari dagozkion datu orokorrak ezagutzea, eta, horregatik, Manu Lopez Gaseniren Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008) (2009) eta Iñigo Satrustegiren Euskal itzulpenen azterketa kuantitatiboa eta inbentarioa (2008-2018) (2020) baliatu ditugu. Bi lan horiek gure katalogoa mugatzen lagundu digute, eta ondorioztatu dugu 1990eko hamarkadatik 2020. urtera bitarteko datuak aztertzea dela aproposena. Horrez gain, bigarren muga bat jarri dugu, literatur generoari dagokionez, eta, sailkapena arazotsua izan daitekeela kontuan hartuta, erabaki dugu saiakera, helduen narratiba eta haur eta gazte literatura aztertzea. Muga horiek zehaztu ondoren, gure katalogoa mundu mailako zerrenda batean oinarritzea iruditu zaigu aproposena; kasu honetan, The New York Timesen zerrenda aukeratu dugu, aurrerago azalduko ditugun arrazoiengatik.

Lanaren metodologia azaldu aurretik, egokia iruditzen zaigu bestsellerrari buruzko ideia pare bat argitzea. Termino horrek ez du definizio biribil eta unibertsalik, baina, oro har, esan dezakegu bestsellerra salmenta handiko nobela hibrido eta irakurterraza izan ohi dela, salmenta estrategiak alde dituena. Bestsellerraren kalitateari buruzko auzia interesgarria izan daitekeen arren, lan honetan ez dagokigu gai horretan sakontzea.

Metodologia

The New York Timesek bere webgunean ematen dituen azalpenei esker, jakin dugu AEBko milaka dendak ematen dituzten datu objektiboetan oinarritzen direla zerrenda osatzeko. Horrez gain, zerrenda astero argitaratzen dute, eta generoaren araberako sailkapena egiten dute; beraz, datuen lagina oso handia dela ondoriozta dezakegu. Halere, zerrenda AEBkoa dela kontuan izanik, badakigu agertzen diren datuak mugatuak direla, AEBko merkatua nahiko hermetikoa baita. Nolanahi ere, zerrenda AEBkoa izateak ez du esan nahi beste herrialde eta hizkuntza batzuetako libururik agertzen ez denik.

Katalogoa osatzeko, 1990etik 2020ra bitartean argitaratutako zerrendak eskuratu ditugu. The New York Timesek generoaren araberako sailkapena egiten du, eta guk fiction eta non-fiction zerrendak hautatu ditugu. 2000. urtean, HGLari zegokion zerrenda sortu zuten, eta, geroago, beste azpizerrenda batzuk gehitu zituzten; esaterako, Picture books, Children’s series eta Young adult. Zerrenda horiek guztiak jaso, eta banaka-banaka aztertu dugu zer liburu dagoen euskarara itzulita. Horretarako, Nor da Nor datu-basea eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea baliatu ditugu.

Katalogoa osatzea lan nekeza izan da: 30 urtetako datuak jaso ditugu; urtean 52 zerrenda argitaratu dira, eta zerrenda bakoitzeko 15 bestseller agertzen dira. Horrez gain, datuen bilketan izan ditugun arazoek ere eragina izan dute gure katalogoan. Izan ere, The New York Timeseko zerrenda Interneten aurkitzen dugun arren, hutsuneak egon dira zenbait kasutan. Horrek eragin zuzena izan du gure katalogoan; izan ere, hainbat urtetan ez dugu HGLko daturik. Hurrengo atalean aztertuko dugu hutsune horren eragina.

Gure katalogoari dagokionez, honako parametro hauek zehaztu ditugu: bestsellerraren jatorrizko izenburua, itzulpenaren izenburua, idazlea, itzultzailea, itzulpenaren argitaletxea, generoa, bestseller izan zen data (hau da, noiz agertu zen lehenbizikoz zerrendan), jatorrizkoaren argitaratze data eta itzulpenaren argitaratze data. HGLko bildumen kasuan, jarraipeneko edo jarraipenik gabeko bilduma den ere zehaztu dugu.1

Emaitzak

Katalogoa osatu ondoren, lortutako datuak interpretatu ditugu. Guztira, euskarara ekarritako 139 bestseller identifikatu ditugu, eta jarraian azalduko ditugu ateratako daturik esanguratsuenak.

Itzulpen kopuruaren bilakaera kronologian

Izkue_1_grafikoa.png
1. grafikoa. Euskarara itzulitako bestsellerren kopuruaren bilakaera kronologian.

1. grafikoan, euskal itzulpenen kopuruak 1970etik 2020ra bitartean zer bilakaera izan duen ikus dezakegu. Hasiera batean, adierazi dugu 1990-2020 bitarteko datuak jaso ditugula, hau da, The New York Timeseko zerrenda 1990etik aurrera hasi ginen aztertzen. Hala egin dugun arren, 1. grafikoa osatzeko, itzulpenaren argitalpen urtea izan dugu abiapuntutzat. Kasu batzuetan, liburu bat 1990etik aurrera bestsellerren zerrendan agertzen den arren, gerta daiteke liburua urte hori baino lehenago argitaratzea. Esaterako, Printze txikia 1970ean itzuli zen arren, bestsellerren zerrendan 2000. urtean sartu zen, eta, ondorioz, gure katalogoaren barnean dago. Halako kasuak oso bakanak dira, bestsellerren zerrendan berriki argitaratutako liburuak agertu ohi baitira.

1. grafikoa aztertu aurretik, kontuan izan behar dugu The New York Timeseko zerrendan egon diren gorabeherak. Esaterako, haurren zerrenda bitan desagertu zen Internetetik: 2007ko urtarriletik 2008ko ekainera bitartean eta 2012ko abendutik 2015eko abuztura bitartean. Ezin izan ditugu datu horiek berreskuratu, eta horrek eragin zuzena dauka 1. grafikoan, HGLa baita gehien itzultzen den generoa. Zerrenda hori gabe, nabarmen jaisten da euskaratutako bestsellerren kopurua.

2000. urtetik aurrera, ikus dezakegu grafikoak goranzko joera hartzen duela. Horren arrazoia zera da, 2000. urteko uztailean Children’s best seller zerrenda sortu zuela The New York Timesek. Horrek, grafikoan ikus dezakegunez, zuzenean eragin zuen euskarara itzulitako bestsellerren kopuruan. Horren aurretik HGLa zerrenda orokorraren barnean zegoen arren, ez zen ohikoa liburu salduenen artean agertzea.

Nolanahi ere, goranzko joera hori oso gorabeheratsua da, eta, gorakada nabarmen baten ondoren, jaitsiera argi bat gertatu ohi da, 2002an eta 2005ean ikus dezakegun bezala. 2007tik aurrera, gutxieneko bestseller kopuru handi samar bat itzuli da urtero-urtero (2018ko jaitsiera salbu). Hala, 2012a izan zen bestsellerren itzulpen gehien argitaratu zen urtea; 14 itzulpen, hain zuzen ere. Azken urteetan argitaratutako itzulpenen guztizko kopuruarekin alderatuz gero, ikusiko dugu kopuru hori ere batez bestekotik gora egon zela 2012an (Satrustegi, 2020: 158).

Aurretik azaldu bezala, kontuz aztertu behar dugu 1. grafikoa, 2007-2008 eta 2013-2015 tarteetan HGLko zerrendak huts egin baitzuen. Hori izan liteke 2012tik aurrerako jaitsiera azaltzeko arrazoi bat. Dena den, Satrustegiren lanean ere ikusten dugu 2013an jaitsiera egon zela itzulpenen kopuruan, eta, haren iritziz, «krisiaren eraginez, beharbada, 2013an beherakada nabaria izan zen» (ibid.). Beraz, zerrendaren hutsuneak ez ezik, izan liteke krisi ekonomikoak ere eragina izatea 2013ko beherakadan. 2018an beste jaitsiera bat egon zen arren, badirudi bestsellerren itzulpenen produkzioa XX. mendearen amaieran baino nabarmen altuagoa dela azken hamarkadan, oro har. Atal hau amaitzeko, ikus dezakegu 2006tik aurrera egonkortzen dela grafikoa; urte horrez geroztik urtero argitaratu den bestsellerren batez besteko kopurua 7,8 da.

Literatur generoa

Metodologiaren atalean jada azaldu dugu generoaren sailkapena nahiko konplexua izan daitekeela. Sailkapen klasikoaren arabera, literaturaren barnean narratiba, poesia eta antzerki generoak sartzen diren arren, hartzailearen araberako sailkapena egitea erabaki dugu, hau da, helduentzat idatzitako literatura eta haurrentzat idatzitakoa.2 Bestalde, nahiz eta badakigun saiakera oro har helduentzat idazten dela, genero horren berezitasunagatik, aparte aztertzea erabaki dugu. 2. grafikoan ikus daiteke euskarara itzulitako bestsellerren ehunekoa generoka.

Beheko grafikoan, argi ikus dezakegu HGLa dela gailentzen den generoa: % 79. Hau da, HLa halako bost eta saiakera halako hamasei inguru da HGLa. Are gehiago, kontuan hartu behar dugu 2000. urtera arte ez zela Children’s best sellers zerrenda sortu, eta hurrengo urteetan datu-hutsuneak ere egon zirela. Urte horietako informazioa izango bagenu, litekeena da HGLaren ehunekoa are altuagoa izatea. Horrez gain, itzulitako bestsellerren % 16 helduen literatura da, eta % 5, saiakera. Argitaratutako itzulpenen datu orokorrekin alderatzen badugu, kasu horretan ere, helduen literatura saiakera baino gehiago itzultzen da (Satrustegi, 2020: 152).

Izkue_2_grafikoa.png
2. grafikoa. Euskarara itzulitako bestsellerren literatur generoa.

Gure datuek, beraz, HGLaren nagusitasuna berresten dute. Horren arrazoia zuzenki dago lotuta HGLaren generoaren ezaugarriekin. Izan ere, haur eta gazteei bideratutako generoa izanik, bi sistemarekin du lotura HGLak: literatur sistemarekin eta hezkuntza sistemarekin, hain zuzen ere. HGLak zuzeneko lotura du haur eta gazteen alfabetatzearekin, eta, beraz, hezkuntza sistemak berariaz bultzatzen duen generoa denez, salmentak gora egiten du. Jatorriz euskaraz idatzitako HGLak ez ezik, genero horren itzulpenak ere gora egiten du, bestsellerren itzulpena barne. Horrek ez du esan nahi haur eta gazteek nahitaez helduek baino gehiago irakurtzen dutenik, baina, hezkuntza sistemaren laguntzari esker, HGLko liburu gehiago saltzen dira. Interesgarria litzateke jakitea ea gazteek, hezkuntza sistemaren bultzadarik gabe, helduaroan irakurtzen jarraitzen ote duten, baina hori lan honen mugetatik kanpo dago. Kontua da, hemen, bestsellerraren itzulpenaren generoari erreparatzen ari garen honetan, generoaren beraren kokapenak eta ezaugarriek azaltzen dutela HGLa izatea generoetan nagusi.

Idazleak

Aztertu ditugun datuen arabera, 61 idazleri itzuli zaie gutxienez liburu bat euskarara. 1. taulan ikusten denez, soilik bi liburu edo gehiago itzuli zaien autoreen izenak jaso ditugu, beren herrialdeekin batera (21 idazle guztira).

izkue_1_taula.png
1. taula. Euskarara itzulitako bestsellerren jatorrizko idazleak.

Aurretik azaldu dugun bezala, The New York Timesekoa AEBko zerrenda bat da, eta AEBko liburu-denden salmentako datuen arabera osatzen da. AEBko literatur sistema hegemonikoa dela kontuan izanik, badakigu hainbat eta hainbat kultur sistematako lanak kanpoan geratzen direla. Goiko zerrendako 21 idazleetatik, 11 dira estatubatuarrak, hau da, erdiak baino gehiago. Horrez gain, Erresuma Batuko 4 idazle ditugu, Frantziako 2, Alemaniako 1, Italiako 1, Afganistango 1 eta Australiako 1. Zerrenda honetan guztiak jaso ez ditugun arren, baditugu beste herrialde batzuetako idazleak ere, hala nola Anne Frank nederlandarra, Paulo Coelho brasildarra, Chimamanda Ngozi Adichie nigeriarra, Carlos Ruiz Zafón espainola… Beraz, jatorri anglosaxoieko autoreak gailentzen diren arren, jatorri askotako bestsellerrak dauzkagu euskaraz. Hizkuntzari dagokionez, gehien itzuli diren 21 idazle horietatik, 17k idazten dute ingelesez, hau da, % 80,9k.

Taulan agertzen diren idazlerik oparoenak bildumak idazten dituzten autoreak dira. Barbara Parkek, Jeff Kinneyk eta Megan McDonaldek jarraipenik gabeko liburu bildumak idatzi dituzte; J.K. Rowlingek eta Rick Riordanek, aldiz, jarraipenekoak (azken horren bi bilduma itzuli dira euskarara).

Bestalde, Antoine de Saint-Exupéry-ren Le Petit Prince lau aldiz itzuli da; beraz, haren lau euskal itzulpen dauzkagun arren, guztiak liburu berberarenak dira. Gauza bera gertatzen da Eric Carlen The very hungry Caterpillar (liburu beraren 3 itzulpen) eta Lewis Carrollen Alice’s adventures in Wonderland (liburu beraren 3 itzulpen) lanekin.

Zerrenda honetan, orokorrean, HGLa idazten duten autoreak dauzkagu, genero hori baita gehien itzultzen dena. Lau liburutik gora itzuli zaizkien autore guztiek HGLa idazten dute. Aurretik azaldu dugun bezala, literatur eta hezkuntza sistemek irakurketa sustatu eta salmentek gora egitea eragiten dute, eta horrek justifikatzen du, neurri handi batean, HGLaren eta genero hori idazten duten autoreen nagusitasuna.

Gure datuak Satrustegik emandako datu orokorrekin alderatzen baditugu, ikus dezakegu oso autore gutxi daudela bi zerrendetan, hau da, euskarara gehien ekartzen diren egileetatik soilik Ferrante eta Némirovsky aurkitzen ditugu gure katalogoan (Satrustegi, 2020: 157). Alde horretatik, esan dezakegu gure datuak ez datozela datu orokorrekin bat eta bestsellerraren itzulpenak merezi duela berariaz aztertzea.

Euskal itzultzaileak

Hurrengo taulan, bestseller gehien itzuli dituzten euskal itzultzaileen zerrenda ikus daiteke. 2. taulan, soilik 2 bestseller baino gehiago euskaratu dituzten itzultzaileak jaso ditugu, nahiz eta guztira 69 itzultzaile agertzen diren gure katalogoan.

izkue_2_taula.png
2. taula. Bestsellerren itzultzaileak.

Noizbehinka, liburuak bi pertsonaren edo gehiagoren artean itzuli dira. Kasu horietan, erabaki dugu banaka aztertzea itzultzaile bakoitzak zenbat itzuli duen (nahiz eta beste lankideren batekin itzuli). Esaterako, Rick Riordan idazlearen Labirintoko borroka Mari Eli Ituartek eta Itziar Zabalak batera itzuli zuten arren, banaka aztertu ditugu itzultzaileak. Elkarlanean itzultzearen fenomenoa interesgarria izan daitekeen arren, gure zerrendan jaso ditugun 139 liburuetatik soilik 4 idatzi dira itzultzaile baten baino gehiagoren artean, eta, beraz, ez dugu gai horretan sakonduko.

Bi bestseller baino gehiago itzuli dituzten itzultzaileak 19 dira guztira, eta horietatik oparoenek bildumak itzuli dituzte. Esaterako, Amets Santxezek Junie B. Jones bilduma euskaratu du, Miren Arratibelek Gizajo baten egunkaria, Koldo Bigurik Judy Moody eta Hegoak bildumak, Koro Navarrok Percy Jackson, Kanetarren kronikak eta Gose jokoak bildumak, eta Iñaki Mendigurenek Harry Potter, guztiak ere HGLko bildumak.

Gure katalogoko datuetatik ere ondoriozta dezakegu, oro har, bilduma bat itzultzen denean itzultzaile bera arduratzen dela bilduma horretako liburuen itzulpenaz, izan jarraipenekoa, izan jarraipenik gabekoa. Salbuespenak ere badaude; esaterako, Gizajo baten egunkaria bildumatik 12 liburu ekarri dira euskarara: Miren Arratibelek 9 ekarri ditu; Aritz Branton de Langloisek, 2; eta Antton Olanok, bakarra. Beraz, salbuespen horiek kenduta, ondoriozta dezakegu bilduma baten itzulpena itzultzaile bakar bati esleitu ohi zaiola.

Idazle batzuek bildumarik ez idatzi arren, beren hainbat liburu bestseller izan dira. Aztertu nahi izan dugu idazle horiek itzultzaile bat «esleitua» ote duten. Azterketa honetako datuen arabera, denetik ikusi dugu. Esaterako, Cornelia Funke idazlearen 3 bestseller itzuli dira, eta bakoitza itzultzaile batek euskaratu du. J.K. Rowlingen kasuan, Harry Potter bilduma Xabier Mendigurenek ekarri zuen arren, Estibaliz Lizaso arduratu zen Eserleku hutsaren itzulpenaz. Bestalde, Oliver Jeffersen bi bestsellerrak Garazi Arrulak itzuli zituen, John Greenen beste biak Usoa Wyssenbachek eta Khaled Hosseinirenak Josune Zuzuarregik. Beraz, kasu batzuetan, idazle baten itzulpenak egiteko itzultzaile bera aukeratzea erabakitzen dute argitaletxeek, nahiz eta idazle horren liburu horiek bilduma batekoak ez izan.

Literatur generoari dagokionez, badirudi itzultzaile batzuek badutela genero bereko itzulpenak egiteko joera nabarmenagoa beste batzuek baino, eta hori bereziki HGLan nabari da. Horren adibide gisa, liburu bat baino gehiago itzuli duten itzultzaileen artean, Amets Santxez Munainek, Ane Errotetak, Garazi Arrulak, Itziar Zabalak, Koldo Bigurik, Koro Navarrok eta Manu López Gasenik HGLa itzuli dute soilik, gure katalogoko datuen arabera. Dena den, badakigu idazle horiek gure katalogoan agertzen ez diren beste genero batzuetako liburuak ere idatzi eta itzuli dituztela, baina, kasu honetan, gure datuetara mugatuko gara. Horrez gain, eta bildumak itzuli dituzten itzultzaileak kontuan hartu gabe, Irene Aldasorok eta Xabier Olarrak liburu bat baino gehiago itzuli dute, eta biek itzuli dute narratiba zein saiakera.

Nabarmentzekoa da ez dela kasu guztietan itzultzailearen izena ematen. Esaterako, Aztiri itzulpen zerbitzuak Hervé Tulleten 3 liburu itzuli ditu, eta AEK-ko Kulturgintzak, berriz, Chimamanda Ngozi Adichieren Guztiok izan beharko genuke feminista. Kasu horietan, ez dakigu nork egin duen itzulpena.

Azken urteetan lan gehien euskaratu dituzten itzultzaileen zerrenda hartzen badugu (Satrustegi, 2020: 159), eta gure emaitzekin alderatzen badugu, hainbat itzultzaile aurkitzen ditugu bi zerrendetan; besteak beste, Josu Zabaleta, Koro Navarro eta Xabier Olarra. Beraz, itzultzaileen kasuan, bai, badago antzekotasunik gure katalogoaren eta datu orokorren artean.

Euskal argitaletxeak

Hurrengo taulan, bestseller bat baino gehiago argitaratu duten argitaletxeen grafikoa jaso dugu. Guztira 39 argitaletxe-konbinazio dauden arren, 3. grafikoan, soilik 21 jaso ditugu; bestseller bat baino gehiago argitaratu dituztenak, hain zuzen ere. Argitaletxeak, berez, gutxiago dira, baina, kasu askotan, argitaletxeek elkarrekin argitaratzen dituzte liburuak. Kasu horretan, itzultzaileenean ez bezala, interesgarria iruditu zaigu argitaletxe horiek elkarrekin aztertzea, nahiko fenomeno ohikoa baita.

izkue_3_grafikoa.jpg
3. grafikoa. Bestsellerrak argitaratu dituzten argitaletxeak.

Bestseller gehien argitaratu dituzten argitaletxeak Alberdania (21), Gero-Mensajero (20) eta Bruño (19) dira. Haien atzetik, Elkar; Salamandra (7) eta Elkar (7) dauzkagu. Bost argitaletxe eta argitaletxe-konbinazio horietatik, lauk bildumak argitaratu dituzte, eta horregatik kokatzen dira zerrendako buruan. Elkar da argitaletxe oparoenen artean bildumarik argitaratu ez duen bakarra. Dena den, Alberdaniak Gizajo baten egunkaria bilduma argitaratu duen arren, bilduma horretakoak ez diren beste 8 bestseller argitaratu ditu, Elkarrekin eta Ereinekin batera argitaratu dituen liburuak kontuan hartu gabe.

Aurretik azaldu bezala, noizbehinka, argitaletxeek batera argitaratzen dituzte liburuak. Horren adibide dira Alberdania eta Erein, 4 itzulpen argitaratu baitituzte batera, «Batera Saila» izeneko bildumaren barnean (guztira elkarrekin 9 liburu argitaratu dituzten arren, gure katalogoan 4 agertzen dira soilik). Elkarlanean argitaratzeko arrazoiak askotarikoak izan daitezke; esaterako, ekonomikoak, era horretan produkzioaren kostua murrizten baita bi argitaletxeren artean. Bestalde, «Literatura Unibertsala» bilduman, argitaletxe bikoteak ezarri dira itzulpenak argitaratzeko; esaterako, Toni Morrisonen Maitea Alberdaniak eta Elkarrek argitaratu zuten batera.

Bestsellerren euskarazko itzulpenak argitaratzen dituzten argitaletxe guztiak ez dira Euskal Herrikoak. Horren adibide ditugu Vicens Vives argitaletxea, Bruño, El Andén, Salamandra, Kókinos… Gasenik fenomeno horren berri ematen du bere lanean: «Espainiako enpresen ordezkaritzek beren esku dituzten obrak euskaratu dituzte, arrazoi ekonomikoengatik (eskubideak berriro ez ordaintzea, eta arrakasta frogatu duten obrak izaten dira)» (Gaseni, 2001: 36). Beraz, badirudi errentagarritasun ekonomikoa dela Espainiako argitaletxeek bestsellerrak euskarara itzultzeko arrazoia, bereziki HGLaren kasuan. Horren adibide izan daiteke Harry Potter bildumaren euskarazko itzulpena, Salamandrak eta Elkarrek batera argitaratu baitzuten.

Argitaletxe batek bilduma bateko liburu bat itzultzeko hautua egiten duenean, oro har, bilduma osorik itzultzen saiatzen da jarraipena duten liburuen kasuan. Jarraipenik gabeko bildumetan ere, liburu bat baino gehiago itzuli ohi da. Dena den, kasuren batean, jarraipeneko bildumak erdizka geratu dira; esaterako, Cornelia Funkeren Tintenherz bilduma, Christopher Paoliniren Eragon eta Aprilynne Piken Wings. Hipotesiak baino ez diren arren, izan liteke liburua ez dela espero bezainbeste saldu, edota baita argitaletxeen diru falta ere.

Atal honi «Argitaletxeak» deitu diogun arren, aztertu ditugun bestsellerrak argitaratzeaz arduratu direnak ez dira beti argitaletxe pribatuak izan. Kasu batzuetan, erakunde publiko zein pribatuek ere finantzatzen dituzte itzulpenak (noizbehinka, baita lehiaketa bidez ere). Esaterako, EHUk bi itzulpen argitaratu ditu ZIO bildumaren barnean; Elhuyarrek, Errekaldeko Lagun Arte Kultur Taldeak, Ikasek eta Hik Hasik, bana.

Ondorioak

Lan honen sarreran adierazi dugu bestsellerren euskarazko itzulpenak hainbat erronkari egin behar diela aurre, eta, zehazki, euskararen egoera, itzulpengintzaren prestigioa eta bestsellerraren kalitatearen auzia nabarmendu ditugu. Jarraian, saiatuko gara erronka horien inguruko ohar batzuk egiten.

Lehenik eta behin, hizkuntzaren beraren auziari lotuta, eta euskara hizkuntza gutxitua dela kontuan izanda, ohikoa da beste hizkuntza gutxitu batzuetako literatura ekarri nahi izatea. Torrealdaik (1997) horren inguruan galdetu zien euskal argitaletxeei, eta honako hau erantzun zuten Ibaizabal eta Pamiela argitaletxeek:

Ibaizabal: «Interesgarria litzateke, bestalde, beste hizkuntza gutxituetako lanak gureganatzen joatea, esaterako katalanetik nahiz galizieratik» (Torrealdai, 1997: 209).

Pamiela: «Lehentasunezkoa irizten diogu hizkuntza ez hain ezagunetako beste literaturetako testuak euskaratzeari; beraien kultura hurbiltzeko aukera emango digu, gainera. Egiteko dagoen guztiarekin, ez dirudi Benet, Garcia Marquez edo Quevedo, eta are gutxiago Cela eta horrelako salmenta handikoak, itzultzeko premia dagoenik» (ibid.).

Kontuan izan behar dugu aipu horiek 1997koak direla eta geroztik nabarmen aldatu dela euskarazko argitalpenen egoera. Argitaletxeen aipu horiekin bat, eta gure datuei erreparatzen badiegu, 2000. urtera bitartean ez dugu inolako joerarik ikusten bestsellerren itzulpenean, eta, askoz jota, bi bestseller itzultzen ziren urteko. Horregatik, pentsa dezakegu argitaletxe gehienek antzeko iritzia zutela salmenta handiko liburuez. Hala ere, bestsellerrak itzultzeko joera pixkanaka aldatuz joan da, eta badirudi 2006. urtean egoera egonkortu zela, ordutik 7,8 bestseller itzultzen baitira urtean batez beste.

Bigarrenik, adierazi dugu itzulpenaren aurkako aurreiritziak eta prestigioa erronka bat direla. Aurreiritzi horien ondorioz, itzultzailearen figura ezkutuan geratzen da askotan, eta pentsa genezake bestsellerrak idazten dituzten idazle ezagunek are gehiago itzaliko zutela itzultzailearen marka. Gose jokoak, Harry Potter, Jende normala edo Auschwitzeko tatuatzailea liburuen azalak bilatuta, ez dugu itzultzaileen izenik ikusi. Aitzitik, komunikabideetan euskaratutako bestsellerren kritikak argitaratzen direnean, itzultzaileen izena aitortzen da maiz.

Itzultzaileen izenaz gain, ohikoa da kritikariek itzulpenaren aldeko oniritzia ere adieraztea. Kritikariek, itzultzailearen presentzia nabarmentzeaz gain, itzulpena normalizatzen ere laguntzen dute. Normalizazio prozesuaren barnean ere garrantzitsua da jakitea nolakoa den liburu horien harrera, hau da, ea bestsellerren itzulpenak saltzen ote diren, irakurtzen ote diren, eta zein den irakurleen iritzia liburu horiez. Gai horretan sakondu ez dugun arren, interesgarria litzateke euskarara ekarritako bestsellerren harrera sakonago aztertzea etorkizunean.

Amaitzeko, euskaratutako bestsellerren auziari helduko diogu, hori baita lan honen aztergai nagusia. Azaldu dugu egon daitezkeela bestsellerrak euskarara ekartzearen aurkako arrazoiak. Lehenik eta behin, aurreiritziak oraindik ez dira desagertu, eta irakurle askok erabakitzen dute liburuak gaztelaniaz irakurtzea, euskarazko itzulpenak ulertzen zailak omen direlako. Horrez gain, irakurle askok bestsellerren aurkako iritziak dituzte, eta ez dute salmenta handiko liburuekiko inolako interesik. Arrazoi ekonomikoa ere izan daiteke oztopo bat bestsellerrak euskarara ekartzeko; izan ere, pentsa liteke J.K. Rowlingen liburuen egile-eskubideak hizkuntza gutxitu batean idatzitako liburu baten eskubideak baino askoz garestiagoak izango direla. Arazoak arazo, argitaletxeek estrategiak bilatzen dituzte, eta hortik sortu da, esaterako, Batera Saila bilduma.

Edonola ere, argi ikusi dugu euskaratutako bestsellerren artean HGLa dela genero nagusia, eta, ondorioz, pentsa genezake literatur sistema hezkuntza sistemaren menpeko izan daitekeela neurri batean. HGLaren eta HLaren arteko aldea oso nabarmena da, eta horrek esan nahi lezake helduentzako bestsellerra euskaratzea ez dela horren errentagarria, hau da, ez duela guztiz funtzionatzen.

Laburbilduz, eta oztopoak oztopo, badirudi bestseller fenomenoa iritsi dela euskal literatur sistemara ere, eta badirudi argitaletxeek mundu mailan entzute handia duten liburuak euskaratzeko apustua egin dutela. Orain arte, klasikoen eta bestelako literatura kanonikoaren itzulpenak garrantzi handia izan du, eta, adibidez, Literatura Unibertsala bilduma arduratu da jardun horretaz. Hutsune horiek bete ondoren, badirudi argitaletxeak nazioartean arrakasta handia duten liburuak euskarara ekartzen ari direla gaur egun. Ondorio hauetan aipatu dugun bezala, interesgarria izango litzateke etorkizunean aztertzea nolakoa den euskaratutako bestsellerren harrera eta, zehazki, zenbat irakurle dituzten liburu horiek.

Bibliografia

Lopez Gaseni, M. (2009). «Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008)», Senez: itzulpen aldizkaria, 37, 299-311.

Nor da Nor. <http://nordanor.eus> [Azken kontsulta: martxoaren 9an].

Satrustegi Andrés, I. (2020). «Euskal itzulpenen azterketa kuantitatiboa eta inbentarioa (2008-2018)», Senez: itzulpen aldizkaria, 51, 149-173.

The New York Times. Best sellers. [azken kontsulta: martxoaren 9an].

The New York Times. About the Best Sellers. [azken kontsulta: maiatzaren 12an].

Torrealdai, J.M. (1997): Euskal Kultura Gaur. Liburuaren Mundua. Donostia: Jakin.


1. Harry Potter jarraipeneko bilduma bat izango litzateke, istorioak hari bati jarraitzen baitio; Gizajo baten egunkaria, aldiz, jarraipenik gabekoa izango litzateke, pertsonaiak berberak izan arren liburu bakoitza istorio itxi bat baita.

2. Bestsellerren kasuan, HLa beti izango da narratiba.

3. 1. taulan, gainerako lanean bezala, The New York Timeseko zerrendan agertutako bestsellerrak soilik hartu ditugu kontuan. Halere, izan liteke taulan agertzen diren idazleen beste liburu batzuk ere euskaraz aurkitzea.

4. Khaled Hosseini sortzez afganiarra den arren, ingelesez idazten du; beraz, jatorri hizkuntza ingelesa duten liburuen artean kokatzen dira haren lanak.