Txanponaren bi aldeak: frantsesetik euskaratutako HGLa mugaren bi aldeetan
Frantsesetik euskaratutako haur- eta gazte-literaturako itzulpena du aztergai artikulu honek, euskal eremu geografiko osoa kontuan hartuta, hau da, nola Iparraldea hala Hegoaldea. Katalogazio-lan baten emaitzak aurkezten ditu artikuluak, eta ondorio nagusiak dira, batetik, Hegoaldean askoz ugariagoak direla frantsesetik euskaratutako HGLko lanen argitalpenak, eta, bestetik, txikienei edo lehen irakurleei bideratutako lanak itzultzen direla batez ere. Katalogazioaz harago, mugaren bi aldeetan HGLaren itzulpenari ematen zaizkion laguntzei eta sariei erreparatu zaie, eta muga administratiboak nolabaiteko muga sistemikoa sortzen duela ikusi da.
Aurrekariak
Eztabaidaezina da itzulpen-ikasketa deskribatzaileek ikerketa-bide oparo eta zabala ireki dutela sortu eta finkatu zirenetik, eta Even-Zoharren (1990) eta Touryren (2012) teoriei jarraikiz edo haietan oinarrituta aztertu direla hainbat itzulpen-errealitate. Euskal itzulpen-ikasketetan ere hainbat dira itzulpen-ikasketa deskribatzaileen abaroan mamitutako azterlanak (Gaseni, 2000; Barambones, 2009; Manterola, 2012; Zubillaga, 2013; Sanz, 2015).
Nolanahi den, ikuspegi soziologikoak ikasketa deskribatzaileei egiten dien kritika da ikuspegi deskribatzaileak ez dituela itzulpengintzako errealitatean gertatzen diren ekintzak eta eragin soziologikoak behar beste kontuan hartzen. Haren arabera, Even-Zoharren teoriak ez du sistema finitu bat eskaintzen botere-faktoreen dinamikak deskribatzeko, eta, gainera, fokua xede-sisteman baino ez du jartzen (Ibarluzea, 2018: 215). Azken urte hauetan, ikerketa ugari egin dira ikuspegi soziologikoaz baliatuta (Galanes et al., 2016; Galanes et al., 2021), eta, euskal itzulpengintzaren alorrean, Ibarluzeak defendatutako doktore-tesia dugu (2017), aurreneko aldiz baliatu baitzuen Bourdieuren eskema soziologikoa euskal itzulpengintzaren errealitatea aztertzeko eta euskal itzulpenak euskal kulturgintzan izandako eragina agerrarazteko; Senezen 49. zenbakian eman zuen ikerketa horren berri (Ibarluzea, 2018).
Euskal itzulpengintza, ezaugarri soziologiko, kultural, politiko eta linguistikoengatik, errealitate biziki interesgarria da aztertzeko, eta hainbat alor azter litezke. Alemanetik euskaratutako haur- eta gazte-literaturaren ikerketak eman zion hasiera nire ibilbide akademikoari, eta, beraz, gehiegi ez desbideratzearren, literatura-genero berari heldu nahi izan diot beste azterketatxo bat egiteko: frantsesetik euskaratutako HGLa.
Euskal itzulpengintzako ikasketak Hego Euskal Herrian zentratu dira batez ere. Beharbada, euskarazko itzulpengintza UPV/EHUn ikas daitekeelako, besteak beste. Dena dela, euskal itzulpenaren historia zabala da: mugaren alde bietara eta, are, erbestera iristen da. Denetariko garaiak izan badira ere, euskal itzulpengintzaren ikerketa batik bat Hego Euskal Herrian egiten da gaur egun, euskara ofiziala da Hego Euskal Herrian, eta baliteke ikerketa horietan ez hainbeste erreparatzea Iparraldeak bizi duen errealitateari. Azterketa honetan, beraz, frantsesa hartu dut sorburu-hizkuntza gisa (hizkuntza ofiziala Ipar Euskal Herrian), eta HGLaren alorrean egiten diren euskararako itzulpenak aztertu ditut, nola Iparraldean hala Hegoaldean. Itzulpen-errealitate horri erreparatzeko, katalogo bat osatu dut, frantsesetik euskaratutako HGLko lanak biltzen dituena. Euskara xede-hizkuntza gisa aztertzera mugatu naiz, jakin arren itzulpen-jarduna norabide bakar bat baino orokorragoa dela, eta aztergaiaren azterketa osatuak noranzko bien azterketa xehea egitea eskatuko lukeela.
Azterketa honen emaitzak beste artikulu batean ere aurkeztu nituen (Zubillaga, 2021), baina, honako honetan, beste zenbait datu ere gehitu nahi izan ditut, hain zuzen ere aztergaiari ekarpen edo ikuspuntu soziologikoago bat gehitzearren: mugaren bi aldeetan HGLa euskaratzeko jasotzen diren dirulaguntzen, sarien eta elkarte edo antolakuntzen inguruko errepaso bat gehitu dut. Azken hausnarketa horietako zenbait 2021eko Besteen Ahotsa kongresuan aurkeztu nituen, eta honako artikulu honetan ekarri nahi izan ditut paperera.
Metodologia
Azterketaren emaitzak ateratzeko, EIZIEren Nor da Nor euskal itzulpengintzaren datu-basea hartu dut oinarri. Zehazki, testu-generoa (HGL), sorburu-hizkuntza (frantsesa) eta xede-hizkuntza (euskara) izan dira baliatu ditudan irizpideak, eta 326 sarrera atera zaizkit.
Hala ere, aipaturiko datu-baseak ez du sorburu-lanaren argitalpen-urterik eskaintzen, eta, era berean, datu guzti-guztiak ere ez zeuden osatuta.
Beraz, hasierako katalogo horretako datuak berrikusi eta, behar zen kasuan, osatzeari ekin nion. Horretarako, UNESCOren Index Translationum datu-basera jo nuen, baina, hori ere guztiz eguneratuta ez dagoenez, Espainiako ISBN agentziaren katalogoa eta Frantziako liburutegi nazionalak HGLrako duen katalogo berezitua kontsultatu nituen. Gainera, euskarazko itzulpenei dagozkien datuak zehazteko (itzulpena zer adin-tartetarako gomendatzen den, itzultzailearen izena), euskal liburutegien sare publikoaren katalogoan egin ditut kontsultak. Kontsulta gehigarri guztiak egin ostean, hasierako 326 sarrerei 475 gehitu ahal izan nizkien, eta Frantseuskara-HGL izeneko katalogoa sortu.
Hurrengo atalean, 2019 arteko itzulpenak kontuan hartuta osatutako katalogotik atera ditudan emaitzak aurkeztuko ditut.
Katalogoaren azterketatik ateratako emaitzak
Frantseuskara-HGL katalogoak 801 sarrera ditu osotara. Alabaina, berrargitalpenak kontuan hartzen ez baditugu, 754 dira gure katalogoaren sarrerak. Berrargitalpenen kopurua jakitea eta zehaztea konplexua da; izan ere, sareko katalogoek ez dituzte kasu guztietako berrargitalpen guztiak jasotzen, eta, datu fidagarriak nahi bagenitu, sarrera bakoitzaren berrargitalpen kopuruaz galdetu beharko genieke argitaletxeei. Hala, eta berrargitalpenak ere kontuan hartzea interesgarria litzatekeen arren, azterketa honetako ondorioak atera eta aztertzeko, alde batera utzi ditut berrargitalpenak, eta, beraz, sarrera bakoitzaren lehen argitalpenari erreparatu diot.
Katalogoak, horrenbestez, 754 sarrera ditu. Denbora-tarteari dagokionez, 1948an hasi eta 2019an amaitu zen katalogoa. Nolanahi den eta jakina denez, katalogo bat osatzeko lana ez da sekula amaitzen, eta azterketa egiten den uneak erabakitzen du non ezarri muga. Etorkizuneko azterketa eguneratu batek, beraz, eguneratu egin beharko luke katalogoa, baita egon litezkeen akatsak zuzendu ere.
Bada egin beharreko beste zehaztapen bat: datozen lerrootako azterketak xede-testuak hartu ditu ardatz. Izan ere, zenbait kasutan, sorburu-testu batetik itzulpen bat baino gehiago sortu dira, argitaletxe desberdinetan eta itzultzaile desberdinek itzulita. Horixe da Le petit prince lanaren kasua, edo Asterixen zenbait komikirena. Badira, halaber, bai euskara batura bai euskalki batera argitaletxe berak itzulitako lanak. Jatorrian sorburu-testu bera badute ere, xede-kulturan desberdinak diren testuak dira, eta horrelako 59 kasu daude gure katalogoan. Auzi horri dagokionez, beraz, gakoa helburuan datza: xede-testuari eta xede-kulturari erreparatu nahi badiegu, 754 sarrera ditugu; sorburu-kulturako sorburu-testuari heldu nahi badiogu, berriz, 695 lirateke frantsesetik euskarara itzulitako lanak.
Hurrengo lerrootako azterketak, esan bezala, euskarara egindako itzulpenei erreparatuko die, eta, beraz, 754 sarrerako kopurua hartuko dugu abiapuntu.
Beheko irudiak frantsesetik euskaratutako HGLko lanen bilakaera erakusten du denboraren ardatzean:
Katalogoko lehen sarrera, 1948koa, Gaston Courtois egileak idatzitako La Plus belle histoire lanaren itzulpenari dagokio. Erlijio-liburu bat da, bineta ilustratuen bitartez haurrei Biblia azaltzen diena. Pierre Narbaitzek ekarri zuen euskarara, Baionan, eta, EIZIEren Nor da Nor datu-basearen arabera, lehen komiki euskaratua da (EIZIE, 2014). Kontuan hartu behar dugu Hego Euskal Herria diktadura baten mendean zegoela garai hartan, eta baliteke horregatik egin izana frantsesetik euskararako itzulpena Ipar Euskal Herrian, han ere euskara ez baitzen ofiziala, baina ez zegoen, behinik behin, diktaduraren mendean.
Nolanahi den, 22 urte itxaron behar izan ziren frantsesetik euskaratutako hurrengo HGLko lan bat izateko, 1970ean argitaratu baitzen Xalbador Garmendiaren Printze txikia itzulpena. Horren ostean, eta diktadura frankistaren nolabaiteko malgutasuna probestuta, 1972an, Tintinen hiru komiki argitaratu ziren, eta, 1976an, sei itzulpen: Asterixen lau komiki, Parisen argitaratu zen lehen irakurleentzako album bat, eta HGL erlijiosoko lan bat. Benetako jarraikortasunik gabeko lehen urte horien ostean, esan daiteke frantsesetik euskaratutako HGLko lanen argitalpena egonkortu zela, zenbakiei dagokienez gutxienez. Datu hori bat dator euskal HGL sistemaren sorrerarekin (Lopez Gaseni eta Etxaniz, 2005). Hala, eta 1980tik aurrera, ia urtero argitaratu dira HGL frantsesetik euskaratutako 7 lanetik gora.
Badira 7 itzulpen baino gutxiagoko urteak, jakina. Esate baterako, 1983an, 4 itzulpen baino ez ziren argitaratu, eta, 1997-2000 bitarteko 4 urteetan, 5, 5, 4 eta 2 itzulpen argitaratu ziren, hurrenez hurren. Lau urte horiek izan ziren, hain justu, lan gutxien argitaratutako urteak. Aurrerago, 2009an, beste beheraldi bat daukagu, 2008an 51 argitalpen izatetik 2009an 28 izatera igaro baikinen, ia-ia erdia. Beherakada horren arrazoietako bat mundu osoan zabaldu zen krisi ekonomikoa izan liteke.
Beherakadei erreparatzea interesgarria bada ere, orobat da interesgarria gorakadei arreta ematea. Badira 1. grafikoan bi gorakada nabarmen: 2008koa eta 2018koa. Katalogoaren arabera, 2008an, 51 itzulpen argitaratu ziren, 2007an baino 29 gehiago. Urte hartako 51 argitalpenetatik 13 «Camille» bildumakoak dira, eta horrek azal lezake urte jakin hartako gorakada. Gainerakoan, 2018. urtean, 61 argitalpen dauzkagu, 2017an baino 21 gehiago. Kasu horretan, Ikas argitaletxeak 11 itzulpen argitaratu zituen orotara, gehienak bikoitzak, hau da, jatorrizko lan beraren bi itzulpen, bata euskara batuan eta bestea zubereraz.
Grafikoa osorik hartuz gero, urtero 10 argitalpen dauzkagu batez beste. 1980tik aurrerako urteak kontuan hartzen baditugu, ordea, esan baitugu orduan hasi zela euskal HGLaren sistema osatzen, batezbestekoa 17ra igotzen da. Horretaz gain, hamarkada bakoitzeko batez besteko itzulpen kopuruaren bilakaerak argi uzten du goranzko bilakaera izan dela: 1980ko hamarkadako batezbestekoa 9 itzulpenekoa da, 1990eko hamarkadakoa 11 itzulpenekoa, 2000koa 22 itzulpenekoa eta 2010-2019 urte bitartekoa 31 argitalpenekoa.
Euskaratu diren lanei erreparatuta, guztira 344 egile itzuli dira. Datu altua lirudike, baina kontuan izan behar dugu egile horien % 31ri baino ez zaiola lan bat baino gehiago itzuli. Hau da, egile gehienak ez dira behin baino gehiagotan aukeratzen. Lan gehien itzuli zaizkien egileak hauek dira: René Goscinny (65 lan), Nancy Delvaux (35 lan), Hergé (27 lan), Émile Jadoul (13 lan) eta Jules Verne (12 lan). Goscinny eta Hergé komiki-egileak dira, Delvaux «Camille» bildumaren egilea, Jadoul txikienei bideratutako hainbat albumen egilea, eta Verne frantses literaturako egile kanonikoetako bat.
Egile itzulienei buruzko datuek lehen zantzu bat ematen digute; alegia, komikiak baduela gure katalogoan bere pisua: katalogoko 132 sarrera dagozkio komikiaren generoari (% 18). Hurrengo grafikoak erakusten ditu katalogoan definitu ditugun liburu motak:
Hasiera batean literatura-generoen araberako sailkapena egin nahi banuen ere, sailkapena uste baino konplexuagoa gertatu zen, eta, beraz, nahiko orokorra egin nuen: antzerkia, eduki erlijiosoa dutenak, klasikoak, ezagutza-liburuak (ezagutza entziklopedikoa edo gai jakin baten ingurukoak transmititzen dituztenak) eta komikiak identifikatu ditut, eta gainerakoak, berriz, «gainerako HGLa» gisa identifikatu ditut. Azken zaku horretako liburuak sailkatzeko, edukiari erreparatu beharko genioke (abentura, errealismoa, fantasia, etab.), eta horrek liburu horietako bakoitzaren literatura-edukian sakontzea eskatuko luke. Gainera, kontuan izan behar dugu kontsultatutako datu-base eta katalogo gehienek gomendatutako adinaren arabera sailkatzen dituztela liburuak, eta, beraz, gomendatutako adinaren irizpidea baliatu dut bigarren sailkapen bat egiteko eta liburu moten aurreneko sailkapenari aplikatzeko. Guztira, 458 lan daude gainerako HGLa gisa sailkatuta, hau da, katalogo osoaren % 61. Bigarren lekuan, komikia daukagu, 132 lanekin, eta, ondoren, ezagutza-liburuak (103 lan). Liburu mota urrienak klasikoak (49 lan), eduki erlijiosoa dutenak (11 lan) eta antzerkia (1 lan) dira. Esan bezala, argitaletxeek edo euskal liburutegien sareak gomendatutako adinaren irizpidea aplikatu ostean, honako taula hau osatu dut:
Hala, 1. taulako datuen arabera, sarrera gehienak 0-4, 4-6 eta 7-9 urte bitarteei dagozkie, hau da, irakurtzen ez dakiten edo irakurtzen hasiberriak diren umeei bideratuak dira. Adin-bitarte horiek, gainera, katalogoko sarrera guztien % 71 dira. Komiki gehienak, bestalde, 9-12 urte bitartean kokatzen dira, datu-base gehienek adin-tarte horretan sailkatzen baitituzte Asterixen eta Tintinen komikiak. Argi dago, adin guztietako gazte eta helduek irakurtzen dituzte komiki horiek, eta adinaren irizpideak itzal egiten dio, nolabait esatearren, aipaturiko lan horien izaera zabalari. Nolanahi den, adinaren araberako sailkapenak halako erabakiak hartzea zekarren, eta, beraz, 9-12 adin bitartea aukeratu da, 8 urteren ostean datorrelako hain zuzen ere.
Frantsesetik euskararako itzulpena egin duten itzultzaileei erreparatuz gero, 754 sarreratatik 163tan ezin izan da zehaztu nor den itzultzailea (kasuen % 21 da hori). Hau da, katalogoek ez dute informazio hori eskaini, eta, beraz, katalogoak soilik kontsultatuta, ezin ziurta dezakegu argitaletxeek paratestuetan informazio hori eman duten ala ez. Nolanahi den, adierazgarria da hainbeste kasu egotea itzultzailearen inguruko informaziorik gabe, baina, gainera, lotura zuzena dago informazio falta horren eta liburu horien hartzailearen adin gomendatuaren artean: katalogoek itzultzailerik aipatzen ez duten kasuen % 83 lehen irakurleei bideratutako liburuak dira; alegia, 0-4 eta 5-6 urte bitarteko irakurleei bideratutakoak. Liburu mota horiek, hain zuzen ere, itzulpen-agentziek itzultzen dituzte, eta, horrenbestez, baliteke itzultzailearen izenik aipatzen ez duten eta txikienei bideratuta dauden kasu horietako askotan itzulpen-bulego batean egin izana itzulpena eta datu-baseek ez jaso izana datu hori, beharbada liburuaren kredituetan ez delako itzultzailearen izenik aipatzen, bulegoaren izena baizik. Horrek guztiak agerian uzten du literatura-sisteman badela hierarkia bat, eta HGLaren itzulpenak ez duela halako aintzatespenik itzultzailearentzat: «La littérature de jeunesse est une littérature fragile» (Nières-Chevrel 2009: 188).
Gainerakoan, eta betiere katalogoan jasotako informazioaren arabera, gaur egun 162 itzultzailek egin dute lan HGLa frantsesetik euskaratzen. Zenbaki altua baldin bada ere, itzulitako egile kopuruarekin gertatzen zena gertatzen zaigu hemen ere: itzultzaile gehienek modu esporadikoan egin dute lan. Soilik % 12k itzuli dituzte 5 lan baino gehiago; gainerakoek, beraz, 5 lan baino gutxiago itzuli dituzte.
Beste datu interesgarri bat itzultzaileen jatorria da. Daturen bat edo beste okerra izan badaiteke ere, Ipar Euskal Herriko itzultzaileak askoz gutxiago dira (% 10) Hego Euskal Herrikoak baino (% 90).
Itzulpen gehien Aztiri itzulpen‑bulegoak (Legazpi) ditu bere izenean; 100, hain zuzen ere (itzulpen guztien % 13). Gainera, azaldu dugunez, litekeena da kopuru hori handiagoa izatea berez: Aztiri bulegoak itzulitako liburu guztiak txikienei bideratutakoak dira, eta itzultzailea identifikatu ezin izan dugun kasu gehienak ere adin-tarte berberari dagozkio. Aztiri bulegoaren ondoren, Joxemari Azurmendi daukagu, 51 izenbururekin, katalogoko lanen % 7, guztiak ere komikiak. Jose Antonio Sarasolak 35 itzulpen ditu, eta Miren Agur Meabek 20.
Argitalpen-lekuari dagokionez, Hego Euskal Herriaren hegemonia da nabarmentzekoa, argitalpen guztien % 82,5 plazaratu baitira han. Elkar da itzulpen gehien plazaratu dituen argitaletxea, sarrera guztien % 51 baitaude haren izenean.
77 lan baino ez dira argitaratu Espainiako estatua ez den lekuren batean: 72 kasutan, Ipar Euskal Herrian, gehienetan Uztaritzen.
Datuek erakusten digutenez, frantsesetik euskaratutako HGLko liburu gehienak Hego Euskal Herrian argitaratzen dira. Kopuruaz haratago, ordea, itzulpen horien ezaugarriei ere erreparatu behar zaie.
Bietan –Ipar Euskal Herrian nahiz Hego Euskal Herrian– argitaratutako itzulpen gehienak txikienei bideratuta daude. Hori hertsiki lotuta dago HGLaren generoak betetzen duen funtzio didaktiko-hezitzailearekin (Shavit, 1986), HGLa bi sistemaren parte baita, literatura-sistemaren parte, eta baita hezkuntza-sistemarena ere. Kontuan hartuta HGLaren sustapena estuki lotuta dagoela eskolaren eta txiki nahiz gazteen hezkuntzarekin, eta Hego Euskal Herrian txikienen nahiz gaztetxoen euskarazko eskolatzea aski bermatua dagoela, baina ez dela hala gertatzen Ipar Euskal Herrian, horrek arrazoitzen du, neurri handi batean, Ipar Euskal Herrian argitaratutakoak askoz gutxiago izatea (katalogo osoaren % 9,5).
Ipar Euskal Herriko argitalpen gehienak Uztaritzen kokatua dagoen Ikas zentro pedagogikoak plazaratu ditu. Ikas zentroaren helburua euskarazko material pedagogikoa sortzea da. Gainera, argitalpen horietako gehienak birritan itzuli eta argitaratzen dira, behin euskara estandarrean, eta, beste behin, zubereraz. Ipar Euskal Herrian euskara ofiziala ez denez, are garrantzitsuagoa bihurtzen da gertukoa egiten den aldaera bat transmititzea. Aipagarria da, dena den, argitalpen bikoitz mota hori ere badela Hego Euskal Herrian, Ibaizabal argitaletxeak ere euskara batuan eta mendebaldeko euskaran argitaratu baititu sorburu-testu bera duten hainbat lan. Pentsa liteke, kasu horretan, hizkuntzaren biziraupena eta transmisioa bermatzea baino gehiago, aldaera zehatz baten alfabetatzea sustatzea dela helburua.
Ipar Euskal Herrian HGL frantsesa euskaratzeko langintzan beste eragile aktibo bat Matahami argitaletxea da. Bidarten du egoitza, eta haren sortzaileak euskara ikasteko zuen grinatik sortu zen argitaletxea. 2-8 urte bitarteko haurrei zuzendutako edizio elebidunak (frantsesa-euskara) eskaintzen ditu. Frantsesezkoa izan ohi da sorburu-testua, eta euskararako itzulpena gehitzen diete liburuei. Hego Euskal Herrian ez dugu halakorik, eta horrek argi uzten du, beste behin ere, Ipar Euskal Herrian, didaktikoa baino gehiago hizkuntza sustatzea dela funtzioa.
Euskal literatura-sistema, nolanahi den, sistema menderatu gisa identifika liteke, eta, beraz, nola Iparraldean hala Hegoaldean, kapital literarioa pilatzea da helburua, eta ez da gertatzen menderatzaile diren sistemetan jazotzen den funtzio kontsakratzailerik (Casanova, 2002: 9). Hala ere, gure eremuari xeheago erreparatuta, aldeak ikusten ditugu eremu geografiko batetik bestera: HGLaren itzulpenak beti betetzen badu ere funtzio bikoitza (literarioa eta didaktikoa), ikusi dugu Hego Euskal Herrian normalizatuagoa eta sistematizatuagoa dagoela frantsesetik euskaratutako HGLaren itzulpena, nahiz frantsesa Ipar Euskal Herriko hizkuntza ofiziala izan. Badirudi, beraz, HGL frantsesaren euskaratzeak funtzio didaktiko indartsuagoa duela Ipar Euskal Herrian.
Nolanahi den, mugaren bi aldeetako desberdintasunak hobeto ulertzeko, beharrezkoa da literatura-sistemaren inguruko alderdi soziologikoei xeheago begiratzea. Hala, katalogoa osatu eta emaitzak ikusi ondoren, mugaren bi aldeetan dauden dirulaguntzei erreparatu nahi izan diet, itzulpenak sortzeko erabakigarriak diren heinean.
HGLa euskaratzeko dirulaguntza eta sariak mugaren bi aldeetan
HGLko itzulpenei bideratutako dirulaguntza eta sariei dagokienez, badira desberdintasunak mugaren alde batean eta bestean, eta desberdintasun horiei xeheago erreparatuko diegu lerro hauetan. Kontuan hartu behar da, nolanahi den, ez dagoela, bere horretan, HGL itzulia argitaratzeko berariaz ematen den dirulaguntzarik (are gutxiago artikulu honetan aztertzen ari garen hizkuntza-bikote jakinari bideratutakorik).
EAEn, badago euskarazko argitalpenak diruz laguntzeko deialdi bat, Eusko Jaurlaritzak urtero argitaratzen duena. Argitaletxeen argitalpen-planari ematen zaio dirulaguntza, eta ez liburu kopuru jakin bati. Ez da bereizten, bestalde, literatura-generorik, eta, horregatik, gure aztergaiari (frantsesetik euskaratutako HGLa) zaku horretatik legokioke dirulaguntza jasotzea.
Garai batean (2012. urtera arte), bereiz argitaratzen zituen Eusko Jaurlaritzak deialdiok; euskarazko argitalpenei zegokien dirulaguntza, alde batetik, eta, beste deialdi batean, gaztelaniazko argitalpenei bideratua. Gaur egun eta 2012tik aurrera, ordea, «literatura-argitalpenak» laguntzen dira diruz, eta lege-aginduaren barnean zehazten da euskarazko argitalpenei zenbat diru bideratzen zaien (515.000 euro) eta gaztelaniazko argitalpenei zenbat (125.000 euro). 2020. urtera arte, dirulaguntza eskatu ahal izateko, EAEn edo Nafarroan eduki behar zuten egoitza argitaletxeek; alegia, Iparraldeko argitaletxeek ezin eska zezaketen Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza (non eta ez zuten egiaztatzen Hegoaldean ere bazutela egoitza; Elkar argitaletxeak, esaterako, Donostian eta Baionan du egoitza). Hala eta guztiz ere, 2020ko deialdiaz geroztik, honako hau gehitu dute lege-aginduan:
Euskarazko literatura argitalpenen modalitatean, pertsona eta entitate eskatzaileek Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatukideren batean egoitza izan beharko dute; eta eskaera aurkezten duten momentuan hitzeman beharko dute, behin dirulaguntza emanez gero, establezimendu egonkor bat dutela euskararen eremu geografikoan. Ondokoa joko da euskararen eremu geografikotzat: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea, eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa.
Hau da, Iparraldean egoitza duten argitaletxeek ere eska dezakete EAEko dirulaguntza.
Nafarroako Foru Erkidegoan, berriz, banakako argitalpenei bideratzen zaie dirulaguntza. Zehazki, urtean lau argitalpeni ematen zaie dirulaguntza, eta liburu horien argitalpen-kostuen % 70 estaltzen da.
Horretaz gain, Espainiako Ministerioak ere ematen ditu dirulaguntzak gaztelaniara edo Espainiako beste hizkuntza batzuetara itzulitako liburuentzat. Liburu zehatzek jasotzen dute finantzaketa, eta zenbatekoa deialdi bakoitzaren osteko ebazpenean zehazten da; besteak beste, liburuak sortzen duen interes kulturalaren eta egilearen ibilbidearen arabera. Gainera, hainbat erkidegotan badira tokiko hizkuntzatik (katalanetik edo galizieratik, kasurako) euskarara itzulpenak egiteko dirulaguntzak. Alabaina, aipatutako azken laguntza mota horietan ez litzateke sartuko HGL frantsesa euskaratzeko dinamikarik.
Iparraldean, berriz, euskarara itzultzeko dirulaguntzak ez dira hain ugariak. Urriak dira, hain zuzen ere: Eusko Jaurlaritzaren eta EEP Euskararen Erakunde Publikoaren arteko hitzarmenean bada argitalpenei diruz laguntzeko programa bat, 128.500 eurokoa. Gainerakoan, badago itzultzaileek jaso dezaketen dirulaguntza bat, frantsesera edo Frantziako beste edozein hizkuntzatara itzultzeko eska dezaketena. CNL – Centre National du Livre zentroak banatzen du dirulaguntza, eta, esan bezala, itzultzaileak eskatu behar du, eta ez argitaletxeak. Iparraldean bertan bizi eta lan egiten duten euskal itzultzaileek esana da nabaria dela itzulpen-politika baten falta (Alegria, 2008: 53).
Euskarara itzulitako HGLak erakartzen dituen laguntza, azpiegitura eta sari instituzionalei erreparatuta, argi dago Hego Euskal Herrian babes handiagoa dagoela. EAEn, haur- eta gazte- literaturako Vitoria-Gasteiz itzulpen-saria dugu. Sarira aurkezteko baldintzetan ez da inon ageri estatu edo erkidego jakin batekoa izan behar duenik itzultzaileak,1 eta, beraz, Iparraldekoak ere aurkez daitezke. Orain arte, behin baino ez du irabazi Vitoria-Gasteiz saria Iparraldeko itzultzaile batek: 2019an, Joana Pocheluk irabazi zuen, Aiora Jakarekin batera elkarlanean egindako itzulpen batengatik, haur-literaturako Gaiztoak lanagatik.
Gainerakoan, Eusko Jaurlaritzak urtero banatzen dituen Euskadi Sariak daude. Badago haur- eta gazte-literatura alorrari berariaz bideratutako sari bat, baina aipatu behar da sari horretan ez direla itzulpenak lehiatzen.2 HGL itzulia, beraz, itzulpenari bideratutako sarian lehiatzen da. Gaur arte, bitan baino ez da gertatu itzulpeneko saria HGLko itzulpen batek irabazi izana: 2002an, Iñaki Mendigurenek irabazi zuen, Harry Potter eta sekretuen ganbara lanagatik, eta, 2013an, Iñaki Mendigurenek eta Sarah Turtlek, Tom Sawyer-en abenturak itzulpenagatik. EIZIE euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen elkartea ere badugu Hegoaldean, berez inolako mugarik ezagutzen ez duena; alegia, euskal itzultzaile guztien elkartea da, euskal itzultzaile horrek bizitokia non duen axola izan gabe. Nolanahi den, frantsesarekin lan egiten duten itzultzaile/zuzentzaile/interpreteei begira, gutxiengoak dira Iparraldekoak (% 0,5). Iparraldeko itzulpengintzaren inguruan EIZIEk antolatutako mahai-ingurutik ateratako txostenean esaten denez, «aitortu behar izan genuen elkartea ezezaguna dela Iparraldean, eta, beraz, lana egin beharko litzatekeela gabezia hori betetzeko» (Alegria, 2008: 52).
Iparraldean, bestalde, EEP dugu, gorago aipatua. Eta, horretaz gain, aipagarria da 2021etik aurrera Saran (Lapurdi) IKUSI MIKUSI azoka antolatuko dela urtero, euskal haur- eta gazte-literaturari berariaz eskainitako liburu-azoka.
Muga politikoa, muga sistemikoa? Ondorioak
Artikulu honetan, frantsesetik euskaratutako HGLari erreparatu nahi izan diogu. Horretarako, katalogo bat osatu, eta, katalogo horretan oinarrituta, datuak atera ditugu. Esan behar da, hala ere, katalogoa aldatuko dela, eguneratu ahala, eta orobat aldatuko direla hartatik ateratako datu eta ondorioak.
Gaur egun, ugaria da frantsesetik euskaratzen den HGLa. Askoz ugariagoa, hori bai, Hegoaldean Iparraldean baino, eta, batik bat, txikienei edo lehen irakurleei bideratutako liburu motak dira.
Sorburu- eta xede-hizkuntza bera hautatu baditugu ere, mugaren alde bateko eta besteko egoerak oso bestelakoak dira, nahiz eta hautatutako sorburu-hizkuntza Iparraldeko hizkuntza ofiziala den. Gakoa xede-hizkuntzaren inguruan sortzen diren itzulpen-dinamiketan eta ekintzetan dago.
Literatura-merkatuak ez dira ausaz sortuak, eta, eraikuntza sozialak diren heinean, ez dira faktore kultural eta politikoetatik aske (Bourdieu, 2005). Horiek horrela, mugaren alde bateko eta besteko baldintza sozial jakin bati erreparatu nahi izan diogu; itzulpenari eskaintzen zaizkion dirulaguntza eta sariei, alegia. Behaketa xehe batek erakutsi digu, hain zuzen ere, itzulpen kopuruen arteko desberdintasunaren atzean zatiketa administratibo bat dagoela, eta, beraz, laguntza instituzionalen arteko aldea ere nabaria dela.
Badirudi muga administratiboa muga sistemikoa ere badela eta, zenbaitetan, beharbada, alde bien arteko lankidetza ere oztopatzen duela. Nolanahi den, Hegoaldean Eusko Jaurlaritzak argitalpenei bideratutako deialdiaren baldintzetan aldaketa sartu izana eta dirulaguntzak euskararen eremu osora zabaldu izana aurrerapauso bat da zentzu horretan.
Lerro hauetan aurkeztutakoak xeheago aztertzen jarraitzea eskatzen du, ikuspegi soziologikoaren bestelako alderdi batzuei ere erreparatzeko, hala nola mugaren alde bateko eta besteko euskal itzultzaileen formakuntzari edo lan egiteko moduari.
Bibliografia
Alegria, Edurne (2008). «Itzulpengintza Iparraldean», Senez 35. 51-58.
Barambones, Josu (2009). La traducción audiovisual en ETB-1: un estudio descriptivo de la programación infantil y juvenil. Bilbo: UPV/EHU.
Bourdieu, Pierre (2005). The Social Structures of Economy. Cambridge: Polity Press.
Casanova, Pascale (2002). «Consécration et accumulation de capital littéraire», Actes de la recherche en sciences sociales, 144. 7-20.
EIZIE (2014). «Nork itzuli zuen lehen aldiz komiki bat euskarara?».
Even-Zohar, Itamar (1990). «Polysystem Studies». Poetics Today 11:1. Durham: Duke University Press.
Galanes, Iolanda; Ana Luna; Silvia Montero; Áurea FERNÁNDEZ (arg.) (2016). La traducción literaria. Nuevas investigaciones. Granada: Comares.
Galanes, Iolanda; Ana Luna; Carmen Villarino (arg.) (2021). Promoción cultural y traducción. Ferias internacionales del libro e invitados de honor. Frankfurt a.M.: Peter Lang.
Ibarluzea, Miren (2017). Itzulpengintzaren errepresentazioak euskal literatura garaikidean: eremuaren autonomizazioa, literatur historiografiak eta itzultzaileak fikzioan. Bilbo: UPV/EHU.
——— (2018). «Itzulpengintzaren errepresentazioak euskal literatura garaikidean: eremuaren autonomizazioa, literatur historiografiak eta itzultzaileak fikzioan». Senez 49. 213-226.
Lopez Gaseni, Manu (2000). Euskarara itzulitako haur eta gazte literatura: funtzioak, eraginak eta itzulpen-estrategiak. Bilbo: UPV/EHU.
Lopez Gaseni, Manu eta Etxaniz Erle, Xabier (2005). 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura. Iruñea: Pamiela.
Manterola, Elizabete (2012). Euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzulia. Bernardo Atxagaren lanen itzulpen moten arteko alderaketa. Bilbo: UPV/EHU.
Nières-Chevrel, Isabelle (2009). Introduction à la littérature de jeunesse. Paris: Didier Jeunesse.
Sanz, Zuriñe (2015). Unitate fraseologikoen itzulpena: alemana-euskara. Bilbo: UPV/EHU.
Shavit, Zohar (1986). Poetics of Children’s Literature. California: University of Georgia Press.
Toury, Gideon (2012). Descriptive Translation Studies – and beyond. Amsterdam: John Benjamins.
Zubillaga, Naroa (2013). Alemanetik euskaratutako haur- eta gazte-literatura: zuzeneko nahiz zeharkako itzulpenen azterketa corpus baten bidez. Bilbo: UPV/EHU.
——— (2021). «Una lengua meta y dos realidades distintas: la traducción de la literatura infantil y juvenil francesa al euskera», Meta 62 (2). 239-504.
1. Salbuespena gertatu zen 2013an eta 2014an. Urte haietako deialdietan, aurrebaldintza gisa ezarri zen sarira aurkeztu ahal izateko Gasteizen erroldatuta egotea. Baldintza hori, hala ere, berriz aldatu zen.
2. Interesgarria da ikustea zenbait literatura-sistematan itzulpenak maila berean lehiatzen direla sorburu-hizkuntzan idatzitakoekin. Alemanian, esaterako, HGLko sari nazionala eskuratzeko, maila berean lehiatzen dira alemanera itzulitako HGLko lanak eta jatorriz alemanez idatzitako HGLko lanak.