Nork itzuli zuen lehen aldiz komiki bat euskarara?
Orain, NORdaNOR datu-baseari esker, erraz jakin dezakezu: Pierre Narbaitz izan zen; hark itzulia argitaratu zen 1948an, Baionan, 'Ichtorio ederrena', lehen komiki euskaratua. Eta hori azaltzen duen orrian klik bat gehiago eginez, jakingo duzu Narbaitzek, 1980an, Blaise Pascal-en 'Gogoetak' saioa ere itzuli zuela.
Apurka-apurka osatuz goaz NORdaNOR datu-basea, eta azken ekarpena komikiena izan da. Inon bildurik ez zegoen informazioa jaso dugu, eta kontsultagai jarri euskaratik eta euskarara itzulitako komiki guztien (eta horien itzultzaileen) erreferentziak, bai haur eta gazteentzakoak (239 guztira), baita helduentzakoak ere (88 obra).
Jakin-mina duenak badu zer deskubriturik; esaterako, 20 urte baino gehiago pasatu zirela komiki euskaratu gehiago irakurri ahal izateko: Tintinen abenturak, 1972an. Edo helduentzako lehen komiki euskaratua Ameriketako Estatu Batuetan argitaratu zela, 1976an: Jesusen bizitza. Hiru urte geroago, Guido Crepax-en eta Antonio Hernandez Palacios-en lanak gozatu izan ahal genituen euskaraz. Hori eta askoz gehiago, NORdaNORen.