Beruna eta hegoak: 'Walden'en itzulpenetik sigi-sagan
abiatutako gogoeta pertsonala
'Walden'en itzulpenetik abiatuta, hamar urteko itzultzaile-ibilbidean ikasitakoak laburbildu ditu Danele Sarriugartek artikulu honetan, alderdi profesionaletik bezainbat pertsonaletik joz. Bide horretan, hiru ikaskizun edo gogoeta aipatzen ditu: baietz esatearen garrantzia eta horrek genero-arauekin duen lotura, lana zorrotz egin arren norbere burua ez zigortzearen aldeko apustua, eta zuzenketaren eta kolektibotasunaren garrantzia.
Miren Iriarte gogoan
Zuk nahi ez arren, laino beltzek hitz egiten jarraituko dute.
Eta zer? Ekaitzaren barruan beraiek daude.
Merina Gris
Henry David Thoreauren Walden euskaratu dudala-eta, Senez aldizkarirako artikulu bat idatziko al nuen galdetu didate. Baietz esan dut, eta hementxe gaude. Ez da gauza harrigarria, kontuan hartuta liburu hori itzuli dudala benetan eta Senez aldizkaria itzulpengintzari buruzkoa dela, baina egia esan behar dizuet: nire baitan gordetzen den geruza bati ez litzaizkioke sinesteko modukoak irudituko ez bata ez bestea. Garbi esanda: aho bete hortz dago nire iraganeko nia, Letren Fakultateko atariaren parean tente hogeita bat urterekin.
Hogeita hamabi ditut orain. Urteari urte, geruzari geruza, liburuei liburu. (Hala jarrai dezadala luzaro!) Hala eta guztiz ere, oraindik ez zait gorputz-atalik sortu itzulpen bati buruzko xehetasun hertsiki linguistiko-literarioak aletuz artikulu jakingarri bat idatz dezakeenik. Sinets dezaket Walden euskaratu dudala, baina, gaiaz idatz dezadan eskatu didatenean, beste errota batzuetara jotzeko premia sentitu dut, esateko dauzkadanak ez baitaude langintza xehearekin lotuta.
Esan nahi dizuedan hori esatera iritsiko naiz halako batean, nirekin tartetxo batez itzulinguruka aritzeko denborarik eta gogorik baldin badaukazue. Bestela, segi lasai beste artikuluren bat leitzera.
Honaino nola iritsi naizen
2011 da, eta Itzulpengintzako ikasketak amaitu ditugu pare bat dozena ikaslek euskarazko gelan. Nirekin batera amaitu duen bat da Garazi Arrula Ruiz. Ni baino espabilatuagoa dela ez dago ukatzerik, eta elkarrekin itzulpenari buruzko webgune bat martxan jartzea proposatu dit. Baietz, nik.
Ohartu zaitezte bigarren aldia dela ausarkeria-puntu batekin baietz esaten dudana –hirugarrena, baldin eta kontuan hartzen badugu Walden itzultzeko enkarguari ere antzera erantzun niola–. Esango nuke horixe dela honaino iritsi izanaren motibo nagusietako bat: gauzak eskaintzen dizkidatenean, baietz esateko joera dut, burua askorik nekatu gabe (buruhausteak eta komeriak, gero).
Ez omen da hain gauza ohikoa emakume izendatzen ditugun pertsonen artean: bikain egingo dutela (dugula) segurtasunez jakin ezean, nekez animatzen omen dira (gara) enkarguak onartzera. (Baina zer da bikain egitea? Saiatzea eta hutsegiteetatik ikastea ez al da bikaintzen joateko bideetako bat? Beste okasio baterako galderak.) Edonola ere, emakume gisa irakurriak diren subjektuek zenbait arlotan –batez ere arlo publikoetan– maila ematen dutela kontsideratuko bada, gizon gisa irakurritakoei baino gehiago exijitzen zaie, eta, beraz, bikain egingo dutela jakin ezean enkarguak ez onartze horrek badu funtsik; badu, egia esan, sistema oso bat oinarrian. Zorionez, badago halako kontuei buruzko kontzientzia kritikorik; mugimendu feministaren etengabeko soka luzean askok eta askok egindako lanari esker, besteak beste.
Zenbait gauza patxada eta askatasun handiagoarekin egin ahal izateko borroka kolektiboaren alde aritu nahi nuke nik ere. Faktore mordo batek osatutako amaraun konplexu, alderdi askotako eta trinko horretan (heteropatriarkatu kapitalista kolonialean) harrapatuta gaude denok; ni ere bai. Balirudike, ikusten dudanaren arabera behintzat, nik baietz errazago esatea beste batzuek baino; dena den, aitortu behar dizuet halako onespen edo baimen baten premia izaten dudala. Bea Egizabal clown eta ipuin-kontalariari entzun izan diot norabait lanera joateko eskatzen badiote baietz esaten duela, zeren pentsatzen du ezen, haiei iruditzen baldin bazaie bera egokia dela lan hori egiteko, halaxe izango dela. Bada, kofradia horretako kidea nauzue ni ere, eta uste dut ez dela kofradia denetan txarrena.
Garazi Arrulak pentsatu zuela bidaide egokia nintzela Elearaziko abentura hartarako –nahiz eta bera askoz espabilatuago zegoen euskal kultura-literaturaren errealitate errealari zegokionez–? Nik sinetsi. Katakrak argitaletxekoek uste izan zutela Walden ganoraz itzul nezakeela? Nik sinetsi. Senez editatzeaz arduratzen direnei iruditzen zitzaiela zeozer interesgarria esan nezakeela zerbaiti buruz? Nik sinetsi. Tartean, izan dira beste hainbeste baiezko, ezezko batzuk ere bai, eta, arian-arian, laburtu da, azken hamar urteotan, liburu-azaletako izen-abizenetatik banatzen nauen distantzia.
Proiektu batzuk ondo atera dira, beste batzuk okerrago, orain egingo ez nituzkeen akatsak irristatu zaizkit hatzen artetik orrialdera: ez didate lorik kentzen, momentuz. Asko irakurtzen dut, saiatzen naiz serio eta zorrotz lan egiten, epeak betetzen, mezuei adeitsu eta argi erantzuten, ni baino gehiago dakitenei entzuten, ni baino gehiago dakitenengana arrimatzen, egunetik egunera hobeto jarduten eta neure onena ematen, erotu gabe. Eta listo.
Beruna eta hegoak
Baina bide bat da. Eta, bidean, mugarriak. Nire ibilbidearen hasiera samarreko hau, esaterako.
Orduko hartan, konbentzimenduz esan nuen baietz, autorea ezagutzen nuelako eta ilusioa egiten zidalako, gainera. Egin nuen, zuzendu zuen nik baino eskarmentu handiagoko batek, eta atera zen liburua. Denboraz estu ibili nintzen, eta zuzentzaileak proposatutako zenbait gauza ez nituen sartu, nonbait. Ez dakit zein ziren akatsak zehazki, ez dakit oharkabean pasatu zitzaizkidan ala nahita erabaki nuen zuzentzaileak iradokitako zenbait kontu ez onartzea. Baliteke gauza batzuetan zabar aritu izana, baliteke neure burua apur bat gehiago estutu ahal izana; kontuak kontu, hala gertatu zen.
Twitter bidez jakin nuen zuzentzailea haserre zegoela. Ez zuen nire izenik aipatu, eta ez daukat txioa gordeta, baina horrelako zerbait zioen: amorragarria zela itzultzaile baten testua zuzentzeko lana hartzea eta hark, gero, kasu arraiorik ez egitea.
Irakurri nuenean, sekulako tripako mina egin zitzaidan. Mezu pribatu bat bidali nion gizonari, nitaz ari ote zen galdetuz, eta nitaz ari zen, nitaz ari zenez. Neure burua justifikatzen saiatu nintzen, eta barkamena eskatu nion, modu nahiko infantilean: ez nuen nahita egin, ez nintzen konturatu. Esango nuke hark ez zuela espero ni enteratzerik, amorrazioa deskargatu besterik ez zuela nahi izan ziur aski, eta txioko ozpinik gabe erantzun zidan. Dena den, erantsi zuen itzultzailea zuela bikotekidea ere –emakumea, bide batez– eta eskandalizatuta geratu zela hura ere nire trakeskeriarekin.
Ufa.
Halako gertakari bat beruna izan daiteke, non eta nola harrapatzen zaituen. Itzulpen literarioak egiteko edo beste edozein zeregin publikotan jarduteko gogoa eten diezazuke bolada baterako edo behin betiko. Nik aurrera jarraitu nuen; besteak beste, autonomo gisa hasi berritan lana behar nuelako, eta eskaintzen zidatena hartzea beste erremediorik ez neukalako maiz, eta feedback positiboaren hegoek orekatu zutelako feedback negatiboaren beruna: asko miretsitako itzultzaile batek eta pare bat adiskide irakurzalek gozatu egin omen zuten nire itzulpen harekin.
Anekdota horren haritik, bi gauza esan nahi nituzke –artikulu honetan esan nahi nizuenaren lehen partea, alegia–:
Batetik: zuzenketa-lana eta zuzentzaileak guztiz beharrezkoak iruditzen zaizkit, eta nire akatsak onartzea eta haietatik ikastea izan da zertxobait hobetzen lagundu didan modu eraginkorretako bat. Bihotzez eskerrak eman nahi dizkiet nire testuak irakurri eta zuzendu dituzten guztiei: itzultzaile hobea naiz zuei esker. Nolanahi ere, akatsak edo laprastadak jakinarazteko orduan, uste dut modua apur bat zaindu behar dela, helburua testuak hobetzea baldin bada behintzat. Nor bere estiloan, baina errespetuz jardun behar lukete bi aldeek. Twitterren halako komentario bat irakurtzea niri behintzat ez zitzaidan lagungarria suertatu, kontrakoa baizik.
Bestetik: halako kontuak berunezkoak gerta badakizkiguke ere, eta jabetzen naiz nirea txikikeria bat dela beste batzuei gertatuko zitzaizkienen aldean, pozten naiz ez zituelako osorik eraitsi gustuko zeregin batean aritzeko ditudan gogoa eta indarra, pozten naiz ez zidalako kendu ikasten eta akatsak egiten segitzeko kemena. Era horretako gorabeherei aurre egiteko, ezinbestekoa da konplizeak izatea ondoan, baina norberak ere landu behar du halako gaitasun bat (autoestimua?, erresilientzia?, heldutasuna?). Batzuetan, iruzkin desafortunatuak izango dira –nik ere egingo nituen mordoxka bat–; beste batzuetan, intentzio osoarekin jaurtitako dardo pozoituak, baina funtsezko lantegia iruditzen zait besteren iritziei ni hondorarazteko adinako botererik edo ahalmenik ez ematea.
Horrela iritsi nintzen Walden itzultzera, eta itzulpenari eranstera hemen azpian irakurriko duzuen testuaren bertsio bat –artikulu honetan esan nahi nizuenaren bigarren partea, alegia–.
Oda bat itzulpen-jardun kolektiboari
Walden euskaratzea eskaini zidatenean, alaiki onartu nuen enkargua: itzulpen luze eta lehor samar bat bukatu berritan iritsi zen deia, perfect timing. Ez nekien non ari nintzen sartzen.
Handik gutxira Antonio Casado da Rocharekin izandako elkarrizketak eman zidan egoeraren benetako neurriaren arrasto bat. Pozarren zegoen, jakina, liburua euskaraz aterako zelako, baietz esan nuelako, baina kuraia opa zidan, beste ezeren gainetik. Kuraia, Massachusettseko basoan barneratu ostean onik atera nendin handik, eta onik atera nitzan hango izaki guztiak ere. Onik, eta euskal hiztun bihurturik.
Izutu nintzen, ez dizuet ukatuko. Gehiegi ote zen niretzat? Ausarkeriaz jokatu ote nuen beste behin ere? Walden gutxi gorabehera zer zen banekiela uste nuen, banekielako «zeri buruzkoa zen», eta nork idatzi zuen, eta zer garaitan, eta noiz edo noiz ulertu izan nuelako liburuari buruzko txantxaren bat edo beste. Klasikoei pairarazten diegun gaitz klasikoa. Uztazue pellokeria bat esaten: bada alderik liburu bat «zeri buruzkoa den» jakitearen eta liburua egiaz irakurtzearen artean.
Edonola ere, zuek, irakurleek, honezkero ondorioztatuko zenuten onik atera nintzela basotik eta onik atera nituela besteak ere estualditik: argitaratu da, behinik behin. Alabaina, hori hala izan zedin, Koro Navarro eta Antonio bera zenbateraino izan diren funtsezkoak ezin duzue irudikatu.
Korok eskuzabaltasun handiz zuzendu eta orraztu du lana, eta nabarmen hobetu testua, bere begi eta esku trebeekin. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez. Antoniok, bestalde, anakronismoak eta txorien izendapen okerrak saihesteaz gainera –gauza benetan garrantzitsua–, Waldeni eta Thoreauri buruz dakien guztia –pila bat– jarri dit eskura. Mila esker. Biak alboan izan zaituztedalako nago lasai.
Maiz kexatzen gara, liburu hau edo bestea, modernoa zein klasikoa, ezin dugulako gure hizkuntzan irakurri, baina ari gara, alez ale, apalak betetzen, jende mordo baten ahalegin eta lan itzelari esker. Eskerrik asko denei. Berri ona da; izan ere, «zeri buruzkoak diren» jakitea baino askoz interesgarriagoa da liburuak irakurtzea.
Azken oharra
Artikulua idazten ari nintzela, gogoan izan ditut testu hauek:
Alberdi, Uxue. Kontrako eztarritik. Susa, 2019.
Davis, Lydia. Essays Two. Hamish Hamilton, 2021.
Etxeberria, Isabel. «Zergatik dira direnak emakume itzultzaileak?». Senez 51, 2020.
Lertxundi, Anjel. Desertuan behatxuloa. Alberdania, 2022.
Thoreau, Henry David. Walden. Katakrak, 2021.