Hitanoa literaturan
Artikulu honetan, gainbegirada bat ematen zaie hitanoak literaturaren historian zehar izan duen erabilerari eta gaur egungo egoerari. Alokutiboari buruz Euskaltzaindiak emandako araua eta erabilerari buruzko jarraibideen auzia zertan den ere azaltzen da, idazle eta itzultzaileen praktikari erreparatuz bereziki. Horrez gain, Euskaltzaindiaren Gramatikan eta Euskara Batuaren Eskuliburuan (EBE) alokutiboari buruz dauden hainbat azalpen jakingarri ere jasotzen dira. Eta azkenik aipatzen dira soziologia aurka izan arren han-hemenka hitanoaren alde egiten ari diren ahaleginak.
Aspaldidanik kezkatuta ibili naiz hitanoak literaturan behar lukeen lekuaz. Izan ere, 2022. eta 2023. urteetan argitaratutako hainbat nobela eta ipuin-bilduma irakurri beharra egokitu zitzaidan, eta irakurketa horietan bereziki erreparatu nion hitanoaren erabilerari. Gerora ere jarraitu dut hori aztertzen, eta aurkitu dudana saiatuko naiz ekartzen orri hauetara.
Idazleak, eta narratzaileak bereziki, maiz sartu behar izaten ditu elkarrizketak bere idazlanetan, eta, beraz, euskaraz ari delarik, erabaki beharko du nola eman hizketa horiek: hitanoz ala tratamendu neutroan (zuka), bi horiek baitira gaur egun erabiltzen diren tratamendu nagusiak. Baina ez da hori eremu bakarra. Adibidez, edonor bere buruarekin hizketan ari dela, modu batean edo bestean egingo du. Eta poetak ere, norbaiti edo zerbaiti zuzenean mintzo bazaio, erabaki beharko du zuka, toka ala noka ari (edo alokutiboaren beste moduetan: xuka, zuka, berorika). Eta berdin itzultzaileak, esate baterako «Poesía eres tú» itzuli behar badu. Beraz, gainbegirada bat emango diet kontu horiei artikulu honetan.
Filologiaren argira1
Leizarragaren Aitagurea
Nor ez da txundituta gelditu, lehenbiziko aldiz irakurtzean Leizarragaren Testamentu Berria, eta bertan ageri den Aitagurean Jainkoari (letra larriz adierazten den Aitari, alegia) hika egiten zaiola?
Hau dugu Mateoren Ebanjelioan (6: 9 eta hur.):
9 Hunela beraz çuec othoitz eguiçue, Gure Aita ceruëtâ haicena, sanctifica bedi hire icena:
10 Ethor bedi hire resumá. Eguin bedi hire vorondatea ceruán beçala lurrean-ere.
Gure eguneco oguia iguc egun.
Eta quitta ietzaguc gure çorrac, nola guc ere gure çordunéy quittatzen baitrauegu.
13 Eta ez gaitzála sar erazi tentationetan, baina deliura gaitzac gaichtotik. Ecen hirea duc resumá, eta puissancá, eta gloriá seculacotz. Amen.
Eta hau Lukasen Ebanjelioan (11: 2 eta hur.):
2 Eta erran ciecén, Othoitz eguiten duçuenean erran eçaçue, *Gure Aita ceruëtân aicena, ∫anctifica bedi hire icena, Ethor bedi hire resumá, Eguin bedi hire vorondatea ceruän beçala lurrean-ere.
3 Gure eguneco oguia iguc egunecotzat.
4 Eta barka ietzaguc gure bekatuac: ecen guc-ere barkatzen dirauëagu çor draucutê guciey. Eta ez gaitzála ∫ar eraci tentationetan, baina deliura gaitzac gaichtotic.
Zer pentsatzen ote zuen, esate baterako, Hiriart-Urruti apaiz kristau eta idazleak (1884-1951), honako hau idatzi baitzuen handik hiru mendera «Dugun atxik eskuara» izenburua zuen artikulu batean (1971)?:
Okaztagarri dena eskuaraz, haurrek aitari erraitea to, amari no; joitea bezalatsu.
Burrasoek haur handituei to eta no; ttipiño direlarik, ez; orduan zu edo xu.
Leizarragaren Ebanjelioan, simetrikotasuna aurkitzen dugu (orain esango genukeen moduan): Aitak semeari hika, baina baita semeak aitari ere. Ez da harritzekoa, hori baitzen normala, antza, pertsonen arteko harremanean, ez gerora nagusituko zen bereizketa-sistema, non zukak bere lekua hartuko baitzuen pixkanaka, eta are ordezkatuko zuen leku batzuetan hitanoa, eta erabat desagerrarazi.
Simetrikotasun hori erabatekoa da Leizarragaren Testamentu Berrian: hala dihardute elkarrekin Jesus Nazaretekoak eta Joanes Bataiatzaileak (elkarren ezezagunak), hala dihardute Jesus Nazaretekoak eta Deabruak (elkarren etsaiak), hala dihardute Seme hondatzailearen parabolako aita-semeek (familia berekoak), eta are Jesusek honela diotsa bere amari Kanako ezteietan: «Cer dut nic hirequin, emaztea? oraino eztun ethorri ene orena».
Eta, horrez gain, alokutiboaren nahi adina adibide aurkituko ditugu Ebanjelio horietan. Beraz, Leizarragaren Aitagurea hika izatearen arrazoiak honako hauek dira, nire ustez:
- Leizarragak eredutzat hartu zuen hizkera-moldean horixe zen aita-semeen arteko hizketa-modu naturala.
- Leizarragaren testua itzulpena da, eta bere itzulpenerako berak erabili z(it)uen jatorrizko(et)an ez da errespetuzko formarik (zu-ren parekorik) erabiltzen, ez latinez, ez grezieraz, ez frantsesez:
Pater noster qui es in coelis, sanctificetur nomen tuum
Πάτερ ἡμῶν ὁ ἐν τοῖς οὐρανοῖς, ἁγιασθήτω τὸ ὄνομά σου·
Notre Père, qui es aux cieux, que ton nom soit sanctifié,
Berdin gertatzen da gure inguruko beste hizkuntzetan:
Padre nuestro que estás en los cielos, santificado sea tu nombre
Padre nostro, che sei nei cieli, sia santificato il tuo nome
Diotenez, Leizarragak katixima kalbinista erabili zuen «jatorrizkotzat», baina pentsa dezakegu haren iturri ziren grezierazko eta latinezko ereduak kontuan hartu zituela.
Hi, 2. pertsonako izenordain bakarra
Antzina, 2. pertsonako izenordain bakarra hi zen, singularrean. Zu ere 2. pertsonako izenordaina zen, baina pluralekoa.
Euskal filologoek eta euskararen historian adituak direnek ondorio hori atera dute XVI. mendeko testuak aztertuta: hori aurkitzen dugu Refranes y Sentencias liburuan eta baita Lazarragaren eskuizkribuan ere.
Refranes y Sentencias (1596; Lakarra, 1997)
Eta hona Lakarraren ondorioak:
Dakigunez, euskara zaharraren aditz sistimaren bigarren pertsonan oraingo oposizio hirukoitza (hi «singular familiarra» / zu «sing. errespetozkoa » / zuek «plurala») lehen bikoitza genuen (hi singularra / zu plurala). Eta hau da aurkitzen duguna aditz paradigman: hi sing. / zu pl., oraindik zuek izenordainari dagokion forma pleonastikorik gabe.
Inguruko hizkuntzen eraginez tratamenduekin batera aditza ere zaildu egin zen eta lehen plurala zena singular bilakatu, haren ordezko berria sortuaz. Azken hau historikoki pleonasmoduna dugu, bigarren pluralgile bat ezarri baitzitzaion.
Lazarragaren eskuizkribua
Joseba Lakarrak Refranes y Sentencias (1596) bildumaren edizioa eta azterketa egin zuenean, Lazarragaren eskuizkribua agertu gabea zen oraindik. Dena dela, badirudi haren ikerketetan adierazitakoa berretsi egiten duela, hemen eskuartean dugun gaiari dagokionez, Lazarragaren eskuizkribuan aurkitzen dugunak.
Eskuineko zutabean, eskuizkribuaren aztertzaileek hitzez hitzeko azterketari dagozkion oharretan eman dituzten argibideen arabera osatu dut euskara baturako moldaketa.
Honela diote eskuizkribua aztertu duten adituek Lazarraga eskuizkribua: edizioa eta azterketaren ohar batean (2010):
“jaquingo doçu”: ‘jakingo duzue’; eskuizkribuan askotan agertzen da zu-ri dagokion aditz-morfema bere jatorrizko plural balioarekin.
Bestalde, bi tratamenduak aurkituko ditugu maitaleen arteko elkarrizketetan: hika eta zuka.
Eta beste aipamen batzuk ere aurki litezke hemen darabilgun gaiarekin zerikusi zuzena dutenak:
Dena dela, Etxepareren eta Leizarragaren testuak aztertuta, aise ohartuko gara zu (errespetuzko tratamendu gisa) eta zuek (2. pertsonari dagokion izenordain plurala) sortuak zirela edo sortzen ari zirela garai horretarako, eta singularreko bi erabilerak (hurbiltasunekoa eta begirunezkoa) arruntak zirela. Gauza bera aurkituko dugu bizkaierazko testu zaharretan ere, bai Refranes y Sentencias (1596) bilduman, bai Lazarragaren eskuizkribuan eta baita 1596an argia ikusi zuen Betolazaren dotrinan ere.
Soziolinguistikaren argira
Lakarraren ondorioetako 2.aren arabera, badirudi aldaketa hori inguruko hizkuntzen eraginez gertatu zela, hizkuntza horietan lehenago (edo aldi bertsuan) gertatutako aldaketen ondorioz:
HI ZU
TU VOS/USTED
TU VOUS
THOU YOU
DU SIE
Badirudi euskaraz ezagutu ditugun tratamenduen bereizketa (hurbiltasuna, begirunea eta begirune areagotua) ez dela hain aspaldikoa. Europako gure inguruko hizkuntzetan, Erdi Aroan klaseen arteko bereizketa finkatzearekin batera gertatu zela esan daiteke: ezin nonbait berdin hitz egin menpekoak Erregeri, jopuak nagusiari, kristauak erretoreari edo apezpikuari, senar-emazteek elkarri, gurasoek seme-alabei eta seme-alabek gurasoei. Hori guztia arau zorrotzen arabera bereizi zen pixkanaka, eta hala finkatu zen eta erabili hurrengo mendeetan.
Hori guztia euskararen kasuan nola gertatu zen sakonki aztertu du Xabier Alberdi irakasleak, eta aldaketa horren alde diakronikoari begiratu nahi dionak nahi adina informazio aurkituko du Sareko Euskal Gramatikan atal horri eskainitako artikulu luze eta jakingarrian (ikus Bibliografia). Dena dela, inguruko hizkuntzen eragina baztertu gabe, euskararen barneko arrazoiak ere ikusten ditu bilakaera horretan.
Gerora, euskarazko tratamenduetan hiru maila aurkituko ditugu XIX. eta XX. mendeetan: hitanoa, zuka eta berorika. Kontua da zu berritzaile eta inbaditzaileak (ia) hiruren esparru osoa hartu duela XXI. menderako, eta hainbat artikulutan berriki ikusi ahal izan dugunez hika «arnasestuka» dabilela. Horrekin batera, hikaren susperraldia bilatzen dutenen/dugunon ahalegina ere badago. Eta esperantza apur bat gelditzen zaigula esango nuke.
Dena dela, atzerakadaren arrazoien artean maiz aipatzen da XX. mendean hitanoak izan duen «fama txarra», jende basati/baserritar/baserrizaleen hizkera balitz bezala-edo. Hori ez da izango arrazoi nagusia, segur aski, baina izan du nire ustez bere eragina. Hala ere, Alberdik dioenez, hika tratamendu «markatua» zen Larramendiren garairako, eta zuka, berriz, eztabadakoa edo «neutroa». Joera hori areagotu besterik ez da egin geroztik XXI. mendera arte.
Bestalde, alderantzizko jarrera ere izan da, hikaren alde nabarmen egitearena alegia. Esate baterako, esango nuke olerkariak joera horretakoak zirela. Aise aurki daitezke jokabide horren testigantzak Orixe, Lizardi eta Lauaxetaren idazkietan. Eta gure egunotan ere bada jarrera hori, bai eguneroko hizketan eta bai literaturaren arloan, eta ez dira falta hitanoari eutsi nahi dioten edo galdua edo galtzear den lekuetan berreskuratze-lanean diharduten irakasleak eta literaturazaleak.
Esate baterako, aurtengo Euskaraldian, hitanoaren erabilera ere sustatu nahi izan dute, Zirhika egitasmoaren bidez (Urdalleta, 2025). Horren harira, errezeloak eta ika-mikak ere sortu dira, gainera, Iñaki Galdosen artikulu batean irakurri dugunez (2025). Horrez gain, ez dugu ahaztu behar nokaren erabilera sustatzea ahalduntze feministarako tresnatzat ere hartzen ari dela gero eta gehiago gure egunotan.
Alokutiboa gure garaian: Euskaltzaindiaren 14. araua
Hala, XX. mendearen bukaera aldera, Euskaltzaindiak, euskara batuaren gramatika, aditz, hiztegi eta abarrak bateratzeko ahaleginean, ikusi zuen premiazkoa zela alokutiboaren adizkiak bateratzea. Eta hori egin zuen 1995ean emandako 14. arauan.
Honako hau dio Euskaltzaindiaren 14. arauak sarrera-oharretan (cf. Euskararen Gramatika):
- Lehen-lehenik erran beharra da aditz alokutiboen parte bat baizik ez duela finkatu Euskaltzaindiak, hikako moldeari doakiona, hain zuzen ere. Zukako adizkera alokutiboek, ekialdeko euskalkietan bereziki erabiltzen direnek, batu gabe segitzen dute, beraz, oraino.
- 2. Euskaltzaindiaren lana adizkeren formaren finkatzea izan da, eta ez da sartu erabilera arazoetan. Jakina denez, korapilo asko ditu erabilerak, bai morfosintaxiaren aldetik, bai eta, are gehiago, gizarteko baliagarritasunaren aldetik ere.
Beraz, hitanoaren adizkiak finkatu besterik ez zuen egin Euskaltzaindiak arau horretan, eta ez da gutxi. Izan ere, geroztik, esan dezakegu funtsean argitu zela ordu arteko anabasa eta gehienok arau horretan dagoenera egokitu garela. Baina ezer ez zuen esan hor erabilerari buruz.
Hitanoa Euskara Batuaren Eskuliburuan
Erabilerarako jarraibide nagusiak
Euskara Batuaren Eskuliburuan ematen da, «Alokutiboa» sarreran, «gaur egungo alokutiboko jarduera molde hedatuenaren berri». Honako hauek dira hor ageri diren nolabaiteko jarraibideak:
- Hika mintzatzean, bigarren pertsona ez da ZU, HI baizik: zu etorri zara > hi etorri haiz.
- Behin hika egitea erabaki bada, ezinbestekoa da hikako alokutiboan aritzea: *Hire laguna etorri da (> Hire laguna etorri dun/duk). Mintzakidearen erreferentziak ageri behar du aditzean: dun (emakumezkoa) / duk (gizonezkoa). Ez da hala gertatzen erregistro neutroan aritzean: *Zure etxera joango gaitun/gaituk (> Zure etxera joango gara).
- Hika mintzatzean, hi tratamenduari dagokion adizkia erabiltzeaz gain (etorri haiz), 1. eta 3. pertsonetako adizkiak ere aldatu egin behar dira: Hi etorri haiz, baina besteak ere etorri (*dira) ditun/dituk; Hik egin didan/didak, baina haiek ere egin (*didate) zidaten/zidatek. Hik egin dun/duk, baina nik ere egin (*dut) dinat/diat.
- Menderagailua daramaten aditzek, orain arteko erabileran eta tradizioan, ez dute alokutiborik eramaten:
?Andoni etorri dunala entzun dinat (> Andoni etorri dela entzun dinat (Baina bai: Hik egin dunala entzun dinat [hor ez dago alokutiborik])).
?Elkartzen gaitukenean, gogotik egiten diagu barre (> Elkartzen garenean, gogotik egiten diagu barre).
?Esan dik ez duala etorriko (> Esan dik ez dela etorriko).
Oharra: Halere, mendebaldeko zenbait erabileratan, agertzen dira adizkera alokutiboak baldintza-perpausetan: Gure galdezka inor etortzen baldin badek, esaiok elkar hilda errekan gaudela.
- Galderetan ere ez da ohikoa izan alokutiboa: ?Egingo al zionagu elkarrizketa bat? (> Egingo al diogu elkarrizketa bat?).
Xabier Alberdi irakaslearen hitzekin esateko (1994: 990):
Aditz alokutiboak badu sintaxizko urrezko arau bat, soilik menpekoak ez diren perpaus adierazgarrietan (enuntziatiboetan) erabiltzen da literatur tradizio landuan. Orokorrean gaurko euskara mintzatuan ere halaxe gertatzen da; salbuespen batez, hala ere. Galderazko perpausetan alokutiboa erabiltzeko joera dago euskalki gehienetan, eguzki aldekoetan izan ezik (behenafarreran eta zubereran). Gainerakoan, salbuespenak salbuespen, bete egiten da sintaxizko arau edo debekua, menpeko perpausetan ez baita adizkera alokutiborik sartzen. Baldintzazkoetan, hala ere, sarritan urratzen da aipatu legea, gazteen artean batik-bat (45 urtez beherakoetan).
EBEko a) eta b) puntuetan esaten denak Pernandoren egien tankera dauka, baina ez dago alferrik esana. Zorrotz begiratuta, aurkituko ditugu gaur egungo liburuetan hitanotik neutrora jauzi mortala aise aski egiten duten testuak. Are gehiago, esango nuke belarria hitanora ohitua ez duenak inolako arazorik gabe jarraituko duela irakurtzen holako jauziak egiten dituen testu bat (agian pentsatuz zilegi dela, eta idazlearen esku dagoela alokutiboa ala neutroa aukeratzea nahi duenean eta nahi duen bezala). Denoi gertatu zaigu, segur aski, testu bat zuka idaztea eta momenturen batean hika hastea erabaki, eta adizki edo izenordain edo bestelako sarkinen bat edo batzuk bertan gelditzea. Baina garbi dago, EBEren arabera, behin hika egitea erabakiz gero ezinbestekoa dela hikako alokutiboan aritzea.
Beste pauso bat emanez, EBEk argitzen digu hika aritzean 2. pertsonako adizkia erabiltzeaz gain 1. eta 3. pertsonakoak ere aldatu egiten direla, alegia hori ere ez dela aukerakoa, baizik ezinbestekoa.
Hurrengo bi puntuak, d) eta e), muga morfosintaktikoei buruzkoak dira. Ez da oso belarri-zorrotza izan behar konturatzeko gaurko erabilera (batez ere Gipuzkoan, esango nuke) kaotiko samarra dela. Hala ere, uste dut gehienok —mintzatuan hala ez egin arren— saihesten dugula menderagailua duten perpausetan hitanoa erabiltzea. Besterik gertatzen da galderazko perpausetan (zehar-galderak, menpekoak direnez, kanpo utziko ditugu, aurreko atalean esandakoak balio baitu haientzat).
Alberdik aipatzen duen salbuespena (galderazkoetan ez erabiltzea) ez errespetatzea aspaldi samarrekoa da. Hala ere, J.B. Elizanburu (1828-1891) saratarraren Piarres Adame irakurtzen badugu, ohartuko gara ia inoiz ez duela erabiltzen galderetan (ezta menpekoetan ere, noski). Hona adibide batzuk, lehenbiziko kapitulutik hartuak:
—Beha nezak ongi, eta orhoit hadi!… zer! Ez duk ezagutzen Piarres Adame?… Eta Saratarra haizela diok? Nork ez du ezagutzen Piarres Adame, Saran eta bertzetan, famaz bedere?… Behin ikhusi nauenak ez naik ahanzten!…
Bainan, nola haur on bat baitzen, eta uste izan baitzuen, nik erran nion bezala, axaleko xoriaren ikhusteko galdetzen niola bere liburua, Mattinek onhexi zian beraz, lagun on gisa, axegin horren egitea.
Jean Etxepare Landerretxe (1937-1961) jatsuarraren Mendekoste gereziak (1962) hartzen badugu, honako hau aurkituko dugu ipuin-bildumako «Kurutze gorriak» narrazioan:
—Zer tenore da? Hamarrak abantxu. Ez gintuztela sarraraziko? Hozten ari nuk.
—Menturaz eguerditan hemen izanen gituk. Hago gustuan; ez dik balio kexatzea;
Beraz, bistan da zorrotz gordetzen duela lege «zaharra».
«Argi zirrinta» izenburua duen narrazioan, berriz, honako hau dakar Etxeparek:
Frangotan buruan ibiltzen diat nola gure haurreko adixkidetasun goxo hura amodio baten hastapen eta erroa gertatu den. Ez nian holakorik uste. Alta haurdanik gure artean zerbait izan duk. Eskolarako bidean zonbat aldiz ez gira elgarrekin gertatu? Zonbat aldiz ez gira bidean gelditurik egon xori txar bati beha, ezdeus bati beha? Egia duk. Betidanik ukan diat hiretako, ez dakiat nola erran, halako goxotasun bat. Elgarrekin ginelarik, beti hiri zerbitzu egiterat ekarria nintian, ez hintudan kolpatu nahi, azkar nintian hirekin.
«Otto Pettanen astoa» izenburukoan, berriz, hau:
—Ba araiz, zertako nahi duk preso egon dadin?
—Edo bere kafira hemen dik? (du + hika)
—Ez die urtxoek kafirarik egiten hemen. Galdua duk. Eta joan den eguneko elur hura!
Hor ikusten dugu galdera batean hitanoa erabilia.
Gauza bera aurkitzen dugu, baina askoz ugariago, Nikolas Ormaetxea «Orixe» (1888-1961) orexarraren Quito’n arrebarekin (1950) liburuan, irakurtzeko pazientzia hartzen badugu (adizkiak, besteak beste, Areso-Uitzi aldekoak-edo dira, eta horrek ez ditu gauzak errazten). Arrebarekin elkarrizketan aurkitzen dugu Orixe liburu osoan zehar, eta aukera bikaina da hitanoaren erabilera aztertzeko:
D.— Arkitu ote litezke une berean guregan Aingeru ona ta gaiztoa?
N.— Ez uke arrigarri; baña naiago diñat txandaka iduritaratzea, batak edo besteak eragiten gaitunean. Alaxe Yesus Bera ere txandaka artu ziñatenan: aingeru gaiztoak zirika, ta, arek aldegin zunean, Aingeru askok agurka. Egon ere batean zeuden guregan, anima ta Yainkoa nastu gabe. Zergatik ez litezken egon bi aingeru oiek ere?
Adibideak nahi adina aurki daitezke, baina bistan da joera hori aski nabarmena dela Orixeren idazkietan. Tormesko itsu-mutila itzulpenean ere (bizkaieraz) joera horri atxikitzen zaio. Gauza bera aurkituko dugu Mireio irakurtzen badugu.
Beraz, nahiko nabarmena da XIX. mendetik aurrera maiz erabiltzen dela hitanoa galderazkoetan, neutroa erabili beharrean. Lizardi, Lauaxeta eta Orixeren testuei begirada bat emanez gero, horixe aurkituko dugu. Eta gauza bera aurkitu dut azkena berrirakurri dudan Neronek tirako nizkin (1964) Sebastian Salaberria oiartzuarraren gerraondoko kronika-liburuan.
Euskaltzaindiaren araua aplikatuz: Hitanoa mintza hadi, lagun, R. Lizartza
Ritxi Lizartza kazetariak ETBren jardunerako jarraibideak eman zituen, Euskaltzaindiaren 14. araua aplikatuz, Hitanoa mintza hadi, lagun eskuliburu erabilgarri eta argigarrian. Eskuliburu eta metodo den aldetik, hainbat debeku aipatzen ditu hitanoaren «Muga morfosintaktikoak» atalean, aipatu arauaren ildotik, 84. orrialdean eta hurrengoetan. Horrez gain, erabilerari buruzko jarraibide orokorrak ere ematen ditu.
Jarraibide horiek oso zentzuzkoak dira, baina bada «mandamentu» bat, agian pixka bat leundu beharko litzatekeena.
Honela dio «Muga morfosintaktikoak» atalean (2009: 85):
Itauna ez da sekula izan hitanoaren esparrua. Bide horretatik, badirudi ipar-ekialdeko euskalkietan sekula ez dela galderetan hitanoa erabili.
Eta, gero, hainbat adibide ematen ditu erabilera «okerraren» lekuko.
Eta, harridurazko perpausetan erabili ezinari buruz, honela dio eskuliburuak (2009: 86):
Harridurazkoetan ere ez dago alokutiboa erabiltzerik. Harridura perpausa galdetzaileren baten bidez osatuta agertzen denean (zer dakit nik!) edota harridurazkoen berezko egitura fosilizatuetan (izango ahal gara zoriontsuak!) eutsi egingo diogu debeku horri. Gainera, askotan mendeko perpausen egiturapean daude osaturik.
Eta adibide hauek ematen ditu gero:
Dabilena badabil! (Ba- hori aditzaren baiezkotasuna adierazteko da)
Eskerrak garaiz samar iritsi nintzen bart!
Hau da hau zoriona, egokitu zaiguna!
Nik ahal dakit ba!
Horixe behar genuen!
Zer izango da luzea, gizona!
Ezagutuko ez dut ba!
Ez dut dudarik egiten harridurazko perpausetan alokutiboa erabiltzea debeku dela perpausa galdetzaileren baten bidez osatuta agertzen denean.
Zer ederra den!
Zeinen ederra den!
Zenbat denbora alferrik galtzen dugun!
Baina ez nuke esango gaitzestekoa denik harridurazko berezko esaldi fosilizatuak deitzen dituen batzuetan alokutiboa erabiltzea. Esate baterako, har dezagun hor goiko adibideetatik honako hau:
Hau da hau zoriona, egokitu zaiguna!
Horren parean, niri, eta uste dut ez naizela bakarra, erabat onartzekoak iruditzen zaizkit, esate baterako, beste hauek:
Hau dek, hau dek, hau dek umoria!
Hau dek sasoia, hau!
Hau den mauka, hau!
Hau dun astapotroa, hau!
Marka duk gero!
Hala ere, eskuliburu benetan gomendagarri horren egileak berak, trapuan pupua jarriz edo, honela dio, hasierako zorroztasuna leunduta:
Hala eta guztiz ere, oso eremu zehatzetan erabiltzearen alde egin dugu, ez baita erraza jakitea adierazpen-perpaus arruntaren —baiezkoa/ezezkoa/zalantzazkoa— eta harridurazkoaren arteko aldea, hizketan ari garenean, intonazioaz eta beste ahozko hizkeraren ezaugarri batzuetaz aparte.
Nire ustez, hor egon daiteke gakoa, hain zuzen ere harridurazko perpausak ez direla denak berdinak, eta haietako batzuk «adierazpen perpaus arruntak» direla, enfasi pixka bat edo asko gehituta: «Ederra zegok! Benetan ederra zegon! Mundiala zegoan/zegonan!». Eta, kasu horietan, nire ustez, hitanoa erabiltzea (oso arrunta izateaz aparte) zilegi da.
Horregatik adierazi izan dut agian badela garaia Euskaltzaindiak alokutiboa galderetan erabiltzea zuzentzat ematekoa. Izan ere, nahiz eta ez izan lau katu oro har «bide klasikoari» eusten diogunak, badira beste hainbeste edo gehiago galderetan hitanoari lasai asko bide ematen diotenak («Beti hala egin diagu-eta» argudioarekin).
Esan daiteke jokalekua eta jokoaren arauak emanak direla. Baina hori gramatika besterik ez da. Eta horrek ez du dena konpontzen. Noiz, non eta nola edo norekin erabili ez dago arautua.
Hitanoa barne-bakarrizketan: nor bere buruarekin edo nor bere buruari
Gai honi buruzko nire gogoeta Ibon Sarasolak Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza (1975) liburuxkako ohar batean idatzi zuenaren ildotik hasi zen, alegia barne-bakarrizketan jardutean euskaldunok hika/noka egiten dugula. 1975eko kontuez ari naiz, beraz.
Aurrerago, Koldo Mitxelena irakasleari irakurri nion handik urte batzuetara nor bere buruarekin —barne-bakarrizketan— mintzatzean toka egiten genuela euskaldunok, gizonezko nahiz emakume izan. Beste modu batera esanda, toka zela termino markatu gabea eta noka markatua, eta emakumeari zuzenean mintzatzean bakarrik erabiltzen zela noka. Hori guztia (eta askoz gehiago) modu sistematikoan emana ikusi nahi duenak jo beza Ritxi Lizartzaren Hika egiten ikasteko gidara.
Orain dela urte batzuk, F. Rey adiskideak haizatu zuen gaia, 31 eskutik blogean idatzitako «Emakumeak bere buruari nola?» artikuluan, eta eztabaida mamitsua izan zen haren ondoren Iñaki Segurolaren —gutxi bezain aditua, besteak beste, gai honetan— eta Ana Moralesen eta beste zenbaiten artean.
Bistan da joera hori —nork bere buruari hika egitea— izan dela eta badela, baina hitanogabeek zuka egingo diote bere buruari, noski. Hitanogabeek eredu neutroan ematen dituzte barne-bakarrizketak. Horrela egin zuen, esate baterako, José Ramón Vázquezek Melvilleren Benito Cereno nobelan. Eta Delano kapitainaren barne-bakarrizketa mordoxka aurkituko du nahi duenak bertan.
Dena dela, hori guztia nor bere buruarekin ari deneko bakarrizketari dagokio, ez nor bere buruari zuzenean ari zaionekoa.
Lehenago aipatu dudan polemika horretan (Iñaki Segurola vs Ana Morales et aliae), argi bereizten dira hasieratik bi jardun mota: emakumezkoa bere buruari zuzenean mintzo denekoa eta bere buruarekin (bere baitan, bere artean) diharduenekoa. Segurolak dio lehenbiziko kasuan emakumea aktantea dela eta bigarrenean ez.
Lehenbiziko kasu horretan (emakumea bere buruari zuzenean mintzo zaiola, ispilu aurrean ikusiko balu bezala bere burua, esate baterako), garbi dago emakumeak noka egiten diola bere buruari: «Ederra egin dun! Orain dena izugarri zailduko zain!».
Eztabaida bestelako kasuetako erabileraren deskribapen eta azalpenean dago; alegia, nolakoa izan den eta nolakoa den molde hori emakume hitanodunen artean, zein diren erabilera «harrigarri» horren sustraiak (emakumeak bere buruarekin toka egitea) eta molde hori alda daitekeen edo aldatu beharko litzatekeen ala ez. Gaur bertan, 2025eko apirilean, entzun diot holako bat 60 urte inguruko emakume nafar bati: «Ez diat ba utziko ziza-larre hori begiratu gabe!». Zeri ari zitzaion? Bere buruari? Mendian urrutixeago erdi ezkutuan ziza bila zebilen gizonezkoari? Ez dakigu. Nire susmoa da bere buruari ari zitzaiola, modu «klasikoan».
Literaturaren historiako barne-bakarrizketarik ospetsuenaren itzulpenari ekin nionean, ez zen egun bateko lana izan Mollyk bere buruarekin nola jardun behar zuen erabakitzea, eta nolabaiteko azalpenak eman nituen Ulises liburuaren hitzaurrean nire erabakiaz (2022 [1922]: 9):
Azkenik, beste bi hitz Molly Bloomen bakarrizketari buruz. Hor ere, bakarrizketa denez, alokutiboa erabili dut, baina, kasu horretan, Mollyk noka egiten dio bere buruari, nik hala erabakita.
Hitzaurrean azaltzen nuenez, egoera horretan toka jardun balu Molly Bloomek, senarrari ari zitzaiola emango zuen, eta lo zegoen senarrarekiko jarduna bihurtuko zen Mollyren barne-bakarrizketa. Eta hori ez zitzaidan egokia iruditu. Kinka horretan, erabaki nuen Mollyri noka mintzaraztea zela hoberena. Usadioaren transgresio txiki bat, Segurolak seguru asko onartuko ez zidana. Baina honela argitaratu zen (2022 [1922]: 735; ia 50 orrialdeko monologoaren hasiera):
Bai izan ere honek ez zinan egin halakorik lehenago City Arms hoteleko garaietatik gosaria ohera ekarrarazi arrautza pare bat bestek zerbitzatzeko erregea balitz bezala gaixo-ahotsarekin dena itxura hutsa txoratua zeukala uste zuen Riordan atso haren aurrean interesantearena egiteko (…) neri bere ajeak kontatzean kontua eta xaborra franko politika eta lurrikarak eta munduaren azkena utzigun aurrena pixka batean dibertitzen emakumea.
Dena dela, Ulises itzuli nuenean ez banekien ere, bada erabilera «ez-arauzko» horren aitzindaririk. Honako hau dugu Elizen Arteko Biblian, Hasiera, 21: 14 bertsetean:
14 Abrahamek, goizean goiz jaiki, ogia eta zahato bat ur hartu eta Agarri ezarri zizkion bizkarrean. Hala, haurrarekin batera igorri egin zuen etxetik. Abiatu zen, bada, Agar, eta Beer-Xeb eremuan noragabe ibili zen. 15 Zahatoko ura ahitu zitzaionean, zuhaitz baten azpian utzi zuen haurra 16 eta, urrutiraturik, aurrez aurre eseri zitzaion ehunen bat metrora. Honela zioen berekiko: «Ez dinat neure semea hiltzen ikusi nahi». Ama eseria zegoelarik, negarrez hasi zen haurra ozenki.
Mikel Taberna adiskideak ere eman dit Salbador Zapirain «Ataño»ren Txantxangorri kantaria kronika-liburuan jasota dagoen antzeko erabilera baten berri (118. or.).
—Inaxi!!! —sukaldetik ojuka ama—. Nun sartu ote zait ume ori? Dagon lekuan dagola, ez den bakarrik egongo, ez! Edukiko din beste oietakoren hat aldamenean! Iñoren aurrera azaltzeko gauza ez dan kaskarren bat noski! —berekiko sukaldean amak.
Adibide horietan ikusten dugu hizkuntzak ez direla egoten beti beren legeei zorrozki atxikiak, baizik eta bilakaerak gertatzen direla mendeetan zehar, eta arlo honetan ere (emakumeak bere buruari noka egitea bere buruarekin ari dela) izan direla aldaketak, eta gaur egun ere gertatzen ari direla. Esate baterako, hori bera aurkituko dugu Bea Salaberriren Mesfida zaitez nobelan (2024).
Hitanoa eta testuingurua
Sareko Euskal Gramatikan, honako hau diosku Xabier Alberdi adituak:
Bestalde, hizkuntzaren erregistroaren arabera, eta solaskideen arteko harremanean pisuzkoak diren gizarte-aldagai batzuen arabera (adina, sexua, hierarkia…) hautatzen da tratamendua: hitanoa, adibidez, lagunarteko erregistroari dagokio bete-betean (…).
Alberdik dioenez, gizarte-aldagai batzuen arabera (adina, sexua, hierarkia…) hautatzen da tratamendua. Gizarte-aldagai horiek, noski, historikoak dira, eta historian zehar aldatuz joan dira. Esate baterako, ikusi dugu Leizarragaren Testamentu Berrian ageri den Aitagurean hika egiten zaiola (kristauen) Jainkoari. Nekez aurkituko dugu halakorik XVI. mendetik aurrera.
XX. mendean, adibidez, zenbait tokitan «normala» zen apaizari berorika hitz egitea. Horrela adierazten zen kristau soila baino gorago zegoela apaiza hierarkia horretan, Espainiako soldaduskan (XX. mendean) koronelari «Usía» eta jeneralari «Vuecencia» (vuestra excelencia) esanez adierazi behar zen bezala. Euskaraz, berorika egin beharko geniekeen, baldin Espainiako Armadan euskarak inolako lekurik izan balu.
Baina gatozen harira. Xabier Alberdi irakaslearen «Hitanoa non eta nork erabiltzen duen» artikuluan, irakurleak nahi adina informazio aurkituko du hitanoaren gaur egungo erabileraz. Sareko Euskal Gramatikan berak dioenez, «lagunarteko erregistroari dagokio bete-betean». Baina bistan da hori baino gehiago ere badela. Artikulu horretan zehatz aztertzen da familia barruko erabilera, gurasoek beren artean, seme-alabek beren artean zer tratamendu erabiltzen duten, simetria-asimetria kontuak eta abar. Garbi dago badirela lege batzuk garaian garaiko ohiturak ezarriak, baina, oro har, hitanoa erabiltzeak nolabaiteko hurbiltasuna dagoela adierazten du, edo justu kontrakoa: gaitzespena, arbuioa, iraina. Batzuei nekeza egiten zaie norbait iraintzean erregistro neutroa erabiltzea, baina ezin esan hori bitxia denik (are gehiago hitanoa galdua den lekuetan): «Hi nazkante alu bat haiz! / Zu nazkagarri bat zara».
Hitanoa eta literatura: adibide esanguratsu batzuk
Sarreran esan bezala, idazleak edo itzultzaileak erabaki behar izaten du bere idazlanean hitanoa ala erregistro neutroa erabili. Horrela, XX. mendearen hasieran Txomin Agirrek Kresala idatzi zuenean, arrazoi soziolinguistikoak aipatuz, zuka egitea erabaki zuen. Aldiz, Garoa idatzi zuenean, antzeko arrazoiengatik, eta kontuan hartuz Garoa Oñatiko baserri-giroko nobela dela, hitanoa ere erabiltzea erabaki zuen.
Ramon Saizarbitoriak XX. mendearen azken laurdenean 100 metro idatzi zuenean, «bigarren pertsonako nobela» denez, aipatutako bi aukeren artean hautatu beharra zeukan, eta hitanoaren alde egitea erabaki zuen.
Berriki irakurri ditudan XXI. mende hasiera honetako bi nobelatan, Miren Amurizaren Pleibak eta Beñat Sarasolaren Coca-cola bat zurekin, arrazoi literarioak tarteko, jarrera kontrajarria aurkituko dugu. Miren Amurizak hitanoaren erabilera «kirurgikoa» egitea erabaki du Berrizko institutu-giroko Pleibak nobela idaztean, hori iruditu baitzaio egokiena, giro hori —institutuko bi neskaren arteko gorabeherak— islatu nahi duen nobela errealista baita. Beñat Sarasolak, berriz, Frank O’Hararen eta Vincent Warrenen arteko elkarrizketak (XX. mendeko Estatu Batuetako bi maitale, poeta bata eta dantzaria bestea) hika irudikatu ditu.
Amorosen arteko solasaldiei gagozkiela, M. Prousten Denbora galduaren bila nobelako lehen liburua itzultzean, noka eman zituen J.A. Arrietak Vinteuil andereñoaren eta haren «lagun(ts)aren» arteko solas morbosoak. Eta, harrigarri egiten bazaigu ere, hitanoz eman zituen Verdurin senar-emazteen arteko solasaldiak.
Gauza bera erabaki behar izan zuen James M. Cainen bi nobelatxo ospetsuenak —Postariak beti bi aldiz deitzen du eta Galbidea— euskarara ekarri zituen itzultzaileak. Bi maitaleren arteko elkarrizketak agertzen zaizkigu hor ere. Lehenbiziko kasuan, hitanoa erabiltzea erabaki zuen, eta bigarrenean, berriz, zuka. Bigarren kasuan, nik uste, irakurleari erraztasunak ematearren edo irakurle gehiagorengana iristeko asmoz hartu zuen erabaki hori, kontuan hartuz, besteak beste, nobelaren giroa aurrekoan baino askoz hiritarragoa dela eta pertsonaiak ere aurreko nobelakoak baino goragokoak direla gizarte-mailari dagokionez.
Itzultzaile berak Jim Thompsonen 1280 arima nobela itzuli zuenean, hitanoarena beste koxka bat estutuz, elkarri hika jarri zituen senar-emazteak, Euskal Herri osoan XX. mendean lege denaren kontra. Erabaki horren zurigarri aipa daiteke nobelaren giro basatia, senar-emazteek elkarrekiko duten jarrera ez oso adeitsua, eta oro har Estatu batuetako herri txiki eta baserri-giroan kokatua izatea, eta hizkuntza-transposizioa egitean nolabait irensgarri gertatzen zaigula erregistro hori.
Ondorioak
- Hizkuntzak beren bilakaeran aldatu egiten dira, eta berdin hizkuntzaren erregistroak, tratamenduak eta abar. Hasieran, izenordain bakarra zegoen bigarren pertsonarako (hi), baina, XVI. menderako, zu sortu zen begirunezko tratamendu gisa, eta, geroago, begirunezkoa arrunta bihurtu zenean eta nolabaiteko begirune areagotua adierazi nahi zenean, berori sortu zen.
Hizkuntza bakoitzak ditu bere erregistroak, eta horiek guztiak modu egokian erabiltzea aberasgarria da bai hizkuntzarentzat, bai sortzailearentzat eta bai hartzailearentzat (are erregistro horiek galduan edo galzorian badira).
Esate baterako, Altxor uhartea (R.L. Stevenson / itz.: M. Garikano) edo Hamlet (Shakespeare / itz.: Juan Garzia Garmendia) hartzen baditugu, ikusiko dugu modu egokian daudela erabiliak hika, zuka eta berorika (azken hori gaur eguneroko hizkuntzan inork erabiltzen ez duen arren).
- Tratamenduei dagokienez, hizkuntzen arteko korrespondentzia ez da erabatekoa. Esate baterako, ez dago korrespondentziarik euskararen eta gaztelania edo frantsesaren artean: gurasoen eta seme-alaben arteko elkarrizketetan «tú><tú» erabiltzea normala da erdara horietan, baina euskaraz (niretzat behintzat) ez da normala gaur egun seme-alabak gurasoekin hitanoz aritzea; gurasoek seme-alabei bai, baina ez alderantziz. Beraz, itzultzaileok xede-hizkuntzan normala denera egokitu ohi gara. Hala ere, ikusi dugu kasu batzuetan jatorrizkoan dagoen moldearen alde egitea ere badagoela, Denbora galduaren bila nobelan Arrietak egin zuen bezala.
- Tratamenduen kontu honetan, itzultzailea analogiaren «legeari» makurtzen zaio. Alegia, itzulgaian aurkitzen dituen egoerak bere hizkuntzan irudikatzean beretzat eta hartzailearentzat egokiena iruditzen zaiona ematen saiatu ohi da itzultzailea.
Dena dela, koherentzia eskatu behar zaio itzultzaileari. Pertsonaien arteko elkarrizketetan (arrazoi sendoren bat tartean ez bada, eta izan daiteke) ezin daiteke saltoka ibili, orain hika, orain zuka, pasarte honetan hika eta hurrena zuka. Edo nobela bateko pertsonaiak erabat hitanoan eta pertsonaia horien barne-bakarrizketak neutroan (hori ere zilegi den arren).
- Sortu da azken urte hauetan literaturatik hika baztertu behar dela dioen joera (niretzat behintzat) harrigarria. Argudio nagusia zera da, belaunaldi berrientzat eta euskaldunberrientzat arrotza dela. Xabier Alberdik bere tesian eta gaiari buruzko artikuluetan esana du hitanoa euskalki guztietan aspaldidanik erabili izan den tratamendu-modua dela. Ez dirudi oso zentzuzkoa arnasestuka ari den «gaixoari» lepoa estutu eta itotzea.
Nahi adina luza gaitezke hitanoa modu egokian erabiltzeko aholkuak ematen, baina utz dezadan hemen gehiegi luzatu den artikulu hau. Badirudi Euskaltzaindia hemen agertu ditudan kontuei buruzko arauren bat emateko asmotan dela. Morfosintaxiaren Estandarizazioko batzorde ahaldunduak bi arlotako zalantzak omen ditu hitanoari gagozkiola: erabilera sintaktikoari buruzkoak, alde batetik, eta erabilera sozialari edo jardun-ingurumariari buruzkoak, bestetik. Beraz, ea argi pixka bat egiten digun idazle eta itzultzaileoi, denon mesederako.
BIBLIOGRAFIA
Agirre, Txomin (1901-1904 [1966]). Kresala. Arantzazuko Frantziskotar Argitaldaria.
——— (1907-1912 [1966]). Garoa. Arantzazuko Frantziskotar Argitaldaria.
Alberdi, Xabier (1994). Hitanoa non eta nork erabiltzen duen. In Euskera XXXIX, Euskaltzaindia.
———. Tratamenduen bilakaera (diakronia). Sareko Euskal Gramatika. 2025eko maiatzaren 1ean kontsultatua.
Amuriza, Miren (2024). Pleibak. Susa.
Askoren Artean (1994). Elizen Arteko Biblia. Donostiako Elizbarrutiko Argitaldaria.
Cain, James (1934 [2003]). Postariak bi aldiz deitzen du beti. Igela. [Itz.: X. Olarra]
——— (1943 [1991]). Galbidea. Igela. [Itz.: X. Olarra]
Elizanburu, Joan Batista (1889 [1986]). Piarres Adame. Klasikoak, EEE.
Etxepare, Jean (1963 [1991]). Mendekoste gereziak. Erein.
Euskaltzaindia (2018). Euskara Batuaren Eskuliburua. A-tik Z-ra, zalantzak eta argibideak. «Alokutiboa». 2025eko maiatzaren 1ean kontsultatua.
——— (2021). Euskararen Gramatika. «27. Aditza (V): adizki alokutiboak». 2025eko maiatzaren 1ean kontsultatua.
Galdos, Iñaki (2025eko maiatzaren 20a). Hitanoa. Berria.
Hiriart-Urruti, Jean (1971). «Dugun atxik Euskara», in Mintzaira, aurpegia: Gizon!, Jakin.
Joyce, James (2022 [1922]). Ulises, Igela [Itz.: X. Olarra].
Lakarra Andrinua, Joseba (1997). Refranes y Sentencias (1596). Ikerketak eta edizioa. Euskaltzaindia.
Lazarraga, Juan Perez (2010 [c. 1602]). Istoria de la quema de Salvatierra. In G. Bilbao et al. (arg.), Lazarraga eskuizkribua: edizioa eta azterketa (1.0), UPV/EHU. 2025eko maiatzaren 1ean kontsultatua.
Leizarraga, Joan (1571). Testamentu Berria. 2025eko maiatzaren 1ean kontsultatua.
Lizartza, Ritxi (2009). Hika egiten ikasteko gida. Baigorri argitaletxea.
——— (2009). Hitanoa mintza hadi, lagun! Hika egiten ikasteko eskuliburua. Mara Mara Taldearen Hizkuntza Zerbitzuak SL. Donostia.
Melville, Herman (1855 [2012]). Benito Cereno. Literatura Unibertsala, Alberdania. [Itz.: J.R. Vázquez]
Mitxelena, Koldo (1955). La doctrina cristiana de Betolaza. 2025eko maiatzaren 1ean kontsultatua.
Olarra, Xabier (2023ko azaroaren 20a). Hitanoa galderetan?. 31 eskutik bloga.
——— (2024ko otsailaren 14a). Hitanoa harridurazkoetan?. 31 eskutik bloga.
——— (2024ko maiatzaren 8a). Hika nork bere buruari / nork bere buruarekin. 31 eskutik bloga.
——— (2024ko irailaren 9a). Hitanoak literaturan lekurik ba ote?. 31 eskutik bloga.
——— (2024ko abenduaren 27a). Hitanoak literaturan lekurik ba ote? (eta 2). 31 eskutik bloga.
——— (2025eko maiatzaren 30a). Iya guriak egin du: hitanoa arnasestuka. 31 eskutik bloga.
Ormaetxea, Nikolas, «Orixe» (1950-1954 [1987]). Quito’n arrebarekin. Klasikoa, EEE.
Proust, Marcel (1913 [2010]). Denbora galduaren bila. Literatura Unibertsala, Alberdania eta Elkar. [Itz.: J.A. Arrieta]
Rey, Fernando (2013ko abenduaren 16a). Emakumeak bere buruari nola?. 31 eskutik bloga.
Saizarbitoria, Ramon (1976). 100 metro. Kriselu.
Salaberri, Bea (2024). Mesfida zaitez, Txalaparta.
Salaberria, Sebastian (1964 [2024]). Neronek tirako nizkin. TZ Laburki.
Sarasola, Beñat (2024). Coca-cola bat zurekin. Susa.
Sarasola, Ibon (1975). Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza, Kriselu. 2025eko maiatzaren 1ean kontsultatua.
Sareko Euskal Gramatika. Tratamenduen bilakaera (diakronia). 2025eko maiatzaren 1ean kontsultatua.
Shakespeare, William (1599 [2012]). Hamlet. Urrezko Biblioteka, Elkar. [Itz.: J. Garzia]
Stevenson, Robert Louis (1883 [2008]). Altxor uhartea. Elkar. [Itz.: A. Garikano]
Thompson, Jim (1964 [1986]). 1280 arima. Igela. [Itz.: X. Olarra]
Urdalleta, Irati (2025eko otsailaren 22a). Hitanoa biziberritzeko egitasmo bat aurkeztu dute: Zirhika. Berria.
Zapirain, Salbador, «Ataño». Txantxangorri kantaria. Auspoa.
Oharrak
1. 31 eskutik blogean esandakoak (Olarra, 2023, 2024 eta 2025) laburbildu ditut artikulu honetan, eta baita EIZIEk hitanoari buruz antolatutako ikastaroan axaletik aipatutako beste hainbat kontu ere. Esan liteke ekarpen horien ondorio dela artikulua.
2. J. Lakarrak hainbat adibide ematen ditu, edizio horretan, bai hikaren erabilerarenak, bai alokutiboarenak. Eta hau dio dagoc adizkiari buruz: «egon-en hikako forma palatalizaziorik gabe, mendebaleko hizkeretan bezala» (1997: 228).