Kukurruku jo aurretik (edo sareko onomatopeien biltegi baterako bidean kontuan hartzeko zenbait kontu)
'31 eskutik' blogean euskarazko onomatopeien inguruko artikulu bat idatzi eta biltegi bat egiten hasi ondotik, bigarren ekinaldi batean, sareko hiztegi baterako kontuan hartzeko zenbait ohar jaso ditu egileak artikulu honetan, hala nola: hiztegi edo biltegi baten beharra, aurrekariak, biltegia elikatuko lukeen corpusa, hiztegiaren nolakotasuna eta hori guztia egiteko mahai gainean ditugun aukeretako batzuk. Artikulu honen helburua ez da bi-de-orri bat markatzea, bide-orri bat esploratzeko proposamen bat egitea baizik.
Oilarrek «kukurruku» eta oiloek «kokoriko» edo «karaka». 31 eskutik blogerako esperimentu txiki batekin abiatu zen hau guztiau. 2024ko apirilean, «Oilarrak kukurruku?» (Satrustegi, 2024) izeneko artikulua-edo idatzi nuen. Labur azalduta: oso modu «etxekopunkean», gure auzoko liburutegian topatu nituen haurrentzako albumetako onomatopeia zenbait bildu nituen, hain justu haurrentzako albumak itzultzen gabiltzanontzat lagungarria izanen zelakoan. Euskarri bat sarean, eskuragarria izan nahian. Horiek izan ziren «Kukurruku» biltegiaren hastapenak. Baina, betiere kontuan izanik nola zegoen eginda, berriz ere diot: azkar eta «etxekopunk».
Baina gauza seriosten hasi ez ote zaidan. Arreta piztu zuen egindako lanak, antza, eta bat baino gehiago etorri zintzaizkidaten orduko hartan idatziz edo ahoz esanez halako hiztegi/biltegi baten beharra zegoela, eta ea ezagutzen nituen halakok eta bestelakok egindakoak. Are, egin genuen saiakera bat EIZIEren bazkideen artean biltegi hori elikatzeko, kideen borondate onaren konfiantza itsuarekin. Tira, inortxo ere ez zen animatu, eta, lasai, ulertzen dizuet. Hau ez da kexa-artikulu bat. Izatekotan, esperantza- pizgarri bat izan nahian dator nire ekarpena. Blogeko sarrera hura argitaratu osteko asteetan jaso nuen informazioa ordenatzeko aukera bat ere bada. Eta, inork baliabiderik jarri nahi badu, burura etorri zaizkidan bideetan arakatzeko aukerak zerrendatzeko ere bai.
Hona hemen, beraz, onomatopeien sareko hiztegi baterako bidean aintzat hartzeko zenbait kontu. Bestela esanda, «kukurruku» eginen duten oilarrak jaio aurretik errun beharko ditugun arrautzak.
Beharraz
«Hara!» eta «ene!» zenbatetan erabili ote ditudan ingelesezko «wow»-ren ordain gisa. Haurrentzako albumak itzultzen badaramatzat urte batzuk jada, eta zera esan dezaket literaturaren azpimundu horretaz: sinplea bezain konplikatua da inondik inora ere. Sinplea, elementu gutxirekin kontakizun handiak lortzen dituztelako egileek. Baina a zer nolako buruhausteak, era berean, itxuraz errazak diruditen testuei heltzerakoan. Errimak eta erritmoak, hitz-jokoak, kultura- erreferentziak… Eta, guztien artean, onomatopeiak ere bai.
Eskukada bat hizkirekin, zeinen ekarpen ederra egiten dioten onomatopeiek istorioari: «ñiiiiik» sinple bat nahikoa da tentsioa sortzeko eta adierazteko atearen beste aldetik norbait datorrela; «kirrik» batekin adierazi nahi du egile batek munstroa deseroso dagoela bere altzairuzko galtzontzillo berriekin. Izan ere, testu bidez adierazten ditugu, baina, gehienetan, testuaren gorputzetik kanpo ageri zaizkigu, informazio osagarri gisara, istorioari beste punch bat eman nahian bezala. Aspaldi da ez didala inork ipuinik irakurri, ezta nik inori irakurri ere. Ume gutxi ditut inguruan. Irudika ditzaket, hala ere, haurrak izara azpian beldurturik edo irriz, galtzetan behera pixa egitear. Baina aurreratzen dizuet ez dela ageri munstroen altzairuzko galtzontzilloen kirrinkari hotsa jartzeko baliokiderik euskarazko inongo hiztegitan. Euskararen umeek ere merezi dute halako soinurik.
Eta, euskarazko hiztegiren batean baldin badago halakorik edo antzekorik, ez naiz gauza izan aurkitzeko. Zeren hori ere bada euskarazko soinuen eta hotsen munduari falta zaion zerbait: eskura dagoen hiztegi/biltegi bat. Ez dut esanen ez dagoenik —eta aurrerago arituko naiz halakoen inguruan—, bai baitago paperezko erlikiaren bat, blogetako sarreretan zerrenda batzuk, edo, berriki jakin dudanez, Euskaltzaindiaren baliabideen artean ere bai. Ez dut uste kasualitatea denik «euskara» eta «onomatopeia» hitzak elkarrekin bilatzean nahiko hasierako emaitzetako bik adieraztea gaiaren inguruko monografiko baten falta sumatu dutela: lehena, Euskaltzaindiaren JAGONET galde-erantzunetan, eta bigarrena, EIBZren kontsulta-zerbitzuan. Bada zerbaiten seinale.
Medikuntzako edo administrazioaren alorreko hiztegi espezializatuak ditugun moduan, onomatopeien unibertsoa bere horretan jasoko duen artefaktu bat behar dugu. Handik eta hemendik edanen duena, uneoro elikatzeko aukera izanen duena eta, oraintsu aipatu moduan, eskuragarri edo, zehatzago, sarean eta dohainik egonen dena.
Aurrekariez
Egiaz, aitortuko dut ez nuela bitan pentsatu nire ikerketatxoa egin aurretik besteren bat egon zitekeenik. Sarean bai, eginak nituen ordurako «onomatopeiak euskaraz» edo «animalien hotsak» eta gisa horretako bilaketa azkarrak. Eta bai, topatu nituen, ziur asko zuetako askok aurkitu dituzuen webgune berak.
Ez legoke batere gaizki jakitea zenbat bisita izan dituen Joseba Aurkenerenak Zuzeu atarian 2018an idatzitako «Euskal onomatopeiak berreskuratzen» artikuluak. Izan ere, hori da «euskara» eta «onomatopeia» hitzak bilatzailean jarrita agertzen den lehenengo emaitza. Aurkenerenaren kezka zen ezen, euskara gero eta territorio gehiago hartzen ari zelarik, komikigintzaren alorrean euskararen zuzentasuna mantentzeko, euskarak berezkoak zituen onomatopeiak erabili behar zirela, «erdaren morrontzan erori gabe». Guztira, 60 bat hots bildu zituen artikuluan, eta, blogeko sarreraren azpiko irakurleen arteko elkarrizketari esker, zerrenda are luzeago bat osatzea lortu zuten.
Berriaren Euskara Sailarekin beti egonen gara zorretan. Ez dakit zuei, baina niri altxorra iruditzen zait Berriaren estilo-liburua. Eta altxor horretan ere onomatopeien zerrenda bat aurkituko duzue, Hotsak izenpean. Horri buruz ezer gutxi gehiago esan dezaket, ez baitakit nola osatu duten, ez noiz, ez nork. Baina ni iritsi aurretik hor zegoen, eta bere funtzioa betetzen duela uste dut. Sarean eta eskuragarri.
Euskaltzaindiaren Hiztegian ere jaso dituzte «onomatopeia» etiketarekin sarrera batzuk. Artikulu hau idazteko proposamenarekin batera ezagutu nuen, Itziar Diez de Ultzurruni esker. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren sareko bilatzailean, «Bilaketa aurreratua» atalean «Kategoria» sakatuta, etiketa- zerrendaren artean onomatopeien aukera topatuko duzue. Gaur-gaurkoz, 102 sarrera jaso dituzte multzo horretan, adibidez eta informazio esanguratsuz horniturik.
Sarean aurki daitezkeen zerrendetan azkena IVAPen argitalpen bat da: Galdezka: euskarazko zalantzei erantzunez. Euskarazko hotsen sorta majo bat bildu zuten bertan 2003an. Onomatopeiei eskainitako kapituluan (Arrieta, A. et al. 2003: 321-330), komikigile euskaldun baten eskaera jaso zuten, zeina, Aurkenerenaren ildo beretik, arduratuta baitzegoen euskarazko berezko formak jasoko zituen zerrenda baten beharra zuelako. Hala, bada, zenbait multzo egin zituzten: animalien hotsak; apurtu, ebaki, urratu; barrea; eguraldia; hitz egitea; ibilkera; jatea, edatea; kanpaiak, tiro-hotsak; kolpea; mugimendua; ura; zaratak eta bestelakoak. Esapidearekin batera, esanahia edo egoera ematen dituzte. Hauxe da akaso orain artean egon den zerrenda luzeena.
Handik eta hemendik badira euskarri batzuk, beraz. Baina, aurrekariak aipatu behar baditut, ezin ahaztu ditzaket Karlos Santisteban eta Iraide Ibarretxe. «Kukurruku» protobiltegiak argia ikusi zuen egun berean, EIZIEren intranetetik bertatik, baita posta elektroniko bidez ere, Santistebanen Onomatopeia eta adierazpen hotsen hiztegia (2007) aipatu zidaten. Ez nuen ezagutzen, akaso teknologiekin hazi den belaunaldikoa naizelako. Ez naiz ezkutatuko: artikulu hau idazteko eginbeharren zerrendan neukan ale bat eskuratzea, eta ez dut halakorik egin (nagia eta denbora falta gailendu zaizkit). Zaila zait, beraz, liburuaren gaineko komentariorik egitea. Ez dut ikusi eta ez dakit zer informazio dakarren. Nolanahi ere, etorkizuneko biltegi bat egonen bada, pilare nagusietako bat izanen dela argi daukat, hiztegian bertan adierazitako taxuzko irizpideen arabera jasotako ordainak egonen direlakoan.
Antzera gertatu zait Ibarretxeren Hizkuntzaren bihotzean: euskal onomatopeien hiztegia (2006) lanarekin. Gure hizkuntzaren onomatopeiagintzan beste habeetako bat, bai liburua, baita egilea bera ere. Ibarretxeren lana aztertzeko eta fundamentuzko argudioak mahaigaineratzeko aukerarik izan ez dudan arren, haren artikulu batekin topo egin dut (Ibarretxe Antuñana, 2012), eta esan dezaket pista batzuk ematen dituela gaiaren inguruan, orain arte ezezagunak zitzaizkidan alderdiak jorratzen baititu. Ibarretxek euskarazko onomatopeien inguruko informazio xehea dakar artikuluan, era argian: onomatopeiak kategoria gramatikalen arabera aztertuta, semantikoki sailkatuta, erabilera pragmatikoak, funtzio estilistikoa…
Honaino helduta, argi utzi nahi nuke artikulu honetan darabildan tonu informalaren arrazoia iruzurgilearen sindromearen kontrako mekanismo gisako zerbait dela. Izan ere, Ibarretxek bere hiztegia osatzeko, metodo eta denbora profesionala eskaini zizkion proiektuari. Nire eta haren lanen arteko arrakala (akademikoa, batez ere), uler bedi, hortaz, nire artikuluaren helburuarekin batera: balizko sareko biltegi baterako proposamen sorta bat egitea. Bestela esanda: zerbait idazteko eskatu didate, eta boteprontoan ideia hauek okurritu zaizkit.
Corpusaz
Aurreko ataleko hariari helduta, lerro batzuk eskainiko dizkiet balizko biltegiaren egarria aseko luketen iturriei. Esan dut lehenago ere onomatopeien mundua ez dela uste dugun bezain sinplea, eta Ibarretxe Antuñanak (2012) gaiaren inguruan zioen zera batekin geratu nintzen ni: onomatopeiak arbitrarioak direla, hotsen idatzizko imitazio saiakerak direla alegia. Hain justu, hori dela eta, komenigarria da tradizioari erreparatzea. Jakina, altzairuzko galtzontzilloen kirrinkak ez du tradizio luzerik ez gurean eta, esanen nuke, ez beste inon ere. Baina balia ditzakegu aurretik adierazitako hotsak eta, nahiko bagenu, haiek berreskuratu, egokitu edo, zergatik ez, haietan oinarritu, suerta dakizkigunei gure hitzak jartzeko.
Hasieran aipatu dut umeentzako albumetako onomatopeiekin osatu nuela nik egindako zerrenda. Esperimentu txiki bat izan zen hura, formalismo handietan sartu gabe, errazena baitzen gure auzoko liburutegian zeuden erreferentziak banan-banan hartu eta zerrenda osatzea. Izan ere, albumetan testuak laburrak izan ohi dira. Laburrak bezalaxe, urriak ere bai. Bilaketa egitea erraza izan zen; diagonalean irakurrita ere aise topatzen nituen. Eta, hala ere, gai izan nintzen sorta majo bat bildu eta talde nagusi batzuk antolatzeko: animaliak, fenomeno meteorologikoak, kolpeak, giza hotsak eta bestelako batzuk.
Onartu behar dut ordutik asko pentsatu dudala horretan, eta bueltaka izan dut honako pentsamendu hau: lagin txiki hori hartuta halako informazio saldoa jaso banuen, zenbat informazio galdu ote nuen manejatu ez nuen beste zientoka liburutan. Zenbat eta zenbat ordain egonen diren aztertu ez nituen albumetan, bai eta albumak ez direnetan ere.
Eta horra beste gakoetako bat. Haurrentzako albumak aukeratu nituelako nik, ez kasualitatez. Nik nire interesetatik abiatu nuen sasi-ikerketa hura; lehenago ere esan dut. Orduko hartan ez nuen adierazi, baina izan nuen buruko minik. Izan ere, tarteka, onomatopeia formako izenak (adib.: laprast), interjekzioak (adib.: ui!) eta aditzondoak (adib.: dardarka) ere topatu nituen. Zer egin halakoekin? Gehienak zerrendara gehitu nituela gogoan dut; beste batzuk, nahita kanpoan utzi nituen, nagia ematen baitzidan zalantzen aurrean ikerketa handiago batean sartzeak. Baina natorren harira. Haurrentzako albumetako onomatopeiez gain, komikietan, eleberri grafikoetan eta literatura serioagoetako lerroetan sartuko bagina…
Esan gabe doa argitaletxeetako katalogoak hazi eta hazi ari direla etengabe, eta, hortaz, gure aukerak ere bai. Aukerak diot album, komiki, liburu berri bakoitzaren erraietan aurretik eman gabeko ordainak topatzen ahal ditugulako.
Laburrean, beraz, euskarazko literatura guztia goitik behera berrikusita, izanen genuke erradiografia ederrago bat. Baina ufffa! Beste atal bat eskainiko diogu lan-indarrari («Aukerez» izenpean), lasai.
Tradizio idatzian zertxobait moldatzen gara itzultzaileok eta, oro har, hizkuntzarekin lan egiten dugunok: hiztegiak, corpusak eta abarrak mendean hartzen ditugu… Erraztasun handiagoarekin edo txikiagoarekin, sarri aski topatzen ditugu bilatzen ditugun horiek hitzen arteko zirrikituetan.
Zer gertatzen da, baina, ahozko tradizioarekin? Eta berriz ere iruzurgilearen kareta jantziko dut hemen. Nork ez du ezagun bat Ondarrun (Ondarroan, badaezpada)? Bai, badakit adibide hori errekurrenteegia dela euskalkien arteko ezberdintasunak aztertzerakoan, eta tar-tar-tar. Balio dit gaira ekartzeko, ordea. Urteetako entrenamenduari esker (launakaz, parrandik-eta) ñabardura batzuk identifikatzeko gai izan den iruinsemea naiz. Eta, ñabarduretan sartuta, arreta ematen du bertako berbetako zenbat eta zenbat diren onomatopeikoak: klanklana (edari alkoholdun konbinatua), txatxa eñ (galletak-edo kafetan, esnetan, kolakaoan… busti), pla-pla egindako arraina (arrautzaztatua) edo dra eñ! (bete-betean asmatu). Forma horietako batzuk Ondarru berbetan izeneko hiztegi eta atari digitalean jaso zituen 2023an Josu Arrizabalagak. Badira eskualdekako beste hiztegi batzuk jakin gabe ere hitz onomatopeikoak biltzen dituztenak. Beste asko, berriz, ez daude hiztegietan bilduta. Donamaria akaso ez da Ondarroa bezain adibide ezaguna, edo Iparraldea (Iparraldea, gisa horretan, bat balitz bezala ulertzen duelako jende askok) bezain exotikoa (baldin eta exotikoa bada). Baztanen eta Bortzirien itzalpean bizi den Malerrekako herrixka horretan, esaterako, anju egiteko esaten diete haurrei (irri egiteko), edo ttu- ttu jartzen dira (eserita). Etxarri Aranatzen, doministikuari atije esaten diote… Horrelako ehunka aurki genitzake, galdu ez badira, herriz herri. Adibideok ez dute zertan herri horietara mugatu, agian erabiliko dituzue- eta aipatu herrietatik kanpo ere.
Bada, zera nahi dut adierazi: ahozkotik ere edan dezakeela gure balizko hiztegiak. Zenbat eta iturri gehiago, orduan eta aberatsago. Ez al da? Zalantzarik gabe, beste dimentsio batera eramanen luke proposamena. Orain bai, pertsonalki, hizkuntzalaritzaren adar horrek (ere) ihes egiten dit. Nik PDF lagungarri bat egin nahi nuen, besterik ez. Eta, konturatzerako, bibliotekonomia, dialektologia, morfologia eta antropologia elkartu zaizkigu. Hau bai totum revolutuma.
Biltegiaren nolakotasunaz
Spoiler: informatikaren eta web diseinuaren alorrez ere ezer gutxi dakit. Badakit, ordea, nola nahiko nukeen izatea sareko biltegia. Eta, eskatzea debalde denez gero, hementxe botako ditut nire eskaera guztiak.
Lehenik eta behin, eta esanen dudana ebideentegia irudituko zaizuen arren, oso, baina oso-oso garrantzitsua iruditzen zait interfazea intuitiboa, argia eta dotorea izatea. Lana errazteko erraminta bat izateko asmoz egin nuen nik biltegitxoa, eta, beraz, nahiko nuke «Kukurruku» biltegiaren bertsio eboluzionatuak ere funtzionamendu sinple bat izan dezala. Sartu, bilatu eta, bilatzen dudan hori jasoa baldin badago, topatu.
Esanen dut, era berean, nahiago dudala hiztegia esatea baino biltegia esatea. Ez du esan nahi, hala ere, tarteka hiztegi hitza erabiliko ez dudanik, edo, Akademiak hala nahi badu, halaxe izendatzeko libre da. Ni ez naiz nor erabakitzeko zer-bai-zer-ez, eta arauak ezartzeko. Hori dela eta, corpusaren atalean azaldu dudanaren harira, zakuto formako zerbait proposatzen dut. Denak barrura: dagoena sartu eta antolatu. Iradoki nahian bezala: hau da guk jaso duguna, zuk erabaki zer egin informazio honekin.
Demagun itzultzaile batek ingelesetik itzuli behar duela The sleepy penguin (Pinguino lotia) izeneko album bat (nik dakidala, ez da existitzen; adibiderako asmatutakoa da). Gure webgunea zabaldu, eta, orri orokorrean, bilaketa egiteko bi funtzio-modu nagusi aurkituko ditu: bilatzailea eta taldekako zerrendak. Bertara iritsi denak izanen du, segur aski, buruan pinguinoen txioaren, edo zurrunga baten, edo bestelako onomatopeia baten beharra, eta jakin nahiko du euskaraz nola esaten edo esan izan den. Ez bereziki pinguinoen zurrungek tradizio luzea dutelako gurean, baizik eta interesgarria delako ikustea euskal literaturan pinguinoek zer soinu egiten duten, baldin eta halakorik egin badute. Zurrungekin, berdin.
Lehenengo funtzioa erabiliko badu, honako pauso hauek eginen ditu: webgunearen goiko aldean egonen den bilatzailera joko du. Handia izanen da bilatzailea, argi izan dezan bila ari denak, eta hori izanen delako webgunearen erakargarritasun nagusia. Idatziko du «zurrunga», adibidez. Sakatuko du «Bilatu», eta ttak!, han agertuko zaizkio «zurrunga» etiketa duten onomatopeia guztiak. Demagun, berriz ere, hiztegiak 16 zurrunga-ordain dakarzkiola: «zzzz», «ZzZzZz», «njjjjs», «FIUUU»… esate baterako. Aukera izanen du «z» hizkiaren bidetik jotzeko, edo, nahiago badu, beste bide batzuetatik. Demagun 16 sarrera horietatik 4 direla «z»dunak, eta batzuen eta besteen arteko alde bakarrak direla «z» kopurua bera, hizki larriak edo xeheak tartekatzen dituztela, etenpuntuak erantsiak dituztela… Tira, itzultzailearen esku egonen da erabakitzea zenbat «z» eta nola eman nahi dituen, jatorrizkoaren arabera, daukan espazioaren arabera, eman nahi dion ukituaren arabera… Nolanahi ere, adierazle bat izanen da: onomatopeien laurdena «z»rekin adierazi dute egile eta itzultzaileek. Baina demagun ezetz, ez duela «z»ren bidea esploratu nahi, beste sonoritate batzuena baizik. «Njjjjjjs» eta «FIUUU»- ren artean ere bada alderik, eta berriz ere jarri beharko ditu mahai gainean espazioa, jatorrizkoa, ukitua… Baina, gure biltegiak lagungarri izan nahi duenez, erabakia hartzeko informazio esanguratsua emanen dio. «Njjjjjjs» interesatzen bazaio, adibidez, onomatopeian sakatuta, hots horren inguruko informazioa agertuko zaio kutxatila edo leiho txiki batean (Euskaltermen antzeko zerbait?): euskarazko jatorrizkoa den edo itzulpena, iturria (ahozkoa —nondik jasoa, nori…— edo idatzizkoa —argitaletxea, liburua—), egilea edo itzultzailea, noizkoa den (idatzizkoen kasuan, argitalpenaren urtea, eta ahozkoetan, berriz, noiz jaso duten)… Ez dut goian aipatu, baina gerta daiteke «zzzz» egile batek baino gehiagok erabili izana, eta, beraz, kutxatilan informazio gehiago sartu behar izatea.
Erraza, ezta? Nik egingarria ikusten dut, baina badu lana, eta fintzeko kontu batzuk ere bai. Lehenengo funtzio hori gustatu bazaizue, eta aurrera eginen badugu, aurretik lan handia dugu: iturriz iturri, sarreraz sarrera elikatuko baitugu. Orain arte, iturriez eta nolakotasunaz aritu naiz. Biok bateratzeko, lan-indar handia behar da, ordea. Idealena zera litzateke, jasotzea argitaletxe guztietako katalogoak (albumak bakarrik ez, baita komikiak, haurrentzako ipuinak eta lan mardulagoak ere), lan aurrekariak (Santisteban, Ibarretxe, Euskaltzaindia, IVAP…), ahozko tradizioak emandakoak eta abarrak. Denak. Baina hori egitea beste kontu bat da. Eta, aisss, etiketak banan-banan egitea eta sor dakizkigukeen zalantzak… Soinu batzuk sailkagarriak direlako, baina beste batzuei zer etiketa jarri?
Buelta gaitezen gure itzultzailearekin. Demagun lehenengo funtzio-bilaketarekin ez dela ase, edo, are gehiago, jakin-mina piztu zaiola beste hegazti batzuen inguruan. Bueltatuko da orri nagusira, eta bilatzailearen azpian koadro batzuk izanen ditu aukeran: «Animaliak», «Giza hotsak», «Kolpeak», «Naturako hotsak» eta «Bestelakoak». Bigarren funtzio-modu honek aukera emanen dio taldeetan eta azpitaldeetan (nahi dugun beste azpitalde sor dezakegu, gogoan izan: eskatzea libre da, eta irudimena gurea da) arakatzeko. Animalien botoia sakatuta, honako hauek agertuko zaizkio: narrastiak, ugaztunak, hegaztiak… Ikusten duzue nondik noan. Funtzio honen arriskuetako bat da muga non jarri, eta hain argiak ez diren taldeak sortzea. Zurrungek eta animaliek gutxi gorabehera badute sailkapenen bat, baina altzairuzko galtzontzilloak non sartuko lirateke? Esan bezala, lan-indarraren beharra eta buruhausteak izanen ditugu halako zerbait egitekotan bagara.
Idatzi ahala otu zait hirugarren funtzio bat ere: onomatopeia guztiak, edo taldekakoak, ordena alfabetikoan deskargatzeko aukera. Horrela, paperzaleek inprimatu ahalko dituzte, eta ordenagailuan leiho mordoa zabalik lan egiten dakitenek (nik ez) «Ctrl + F» azkar batekin erraz topatuko dute bilaketaren emaitza.
Biltegiaren izaeraren atalari amaiera emate aldera, nik neuk esandako «denak barrura» hori berreskuratu nahi nuke. Esan dut ni ez naizela nor erabakitzeko. Baina egon liteke, nahi badugu, batzorde bat erabakitzeko eskumena izanen duena. Biltegiaren tripak kontrolatzen dituen norbait egon beharko da, ala? Hurrengo atalera salto egin aurretik, momentua probestu nahi dut zera esateko: elikatzen joanen da biltegia, baina norbaitek elikatu beharko du. Hartara, izan liteke zerbait irekia, edo, bestela esanda, denon artean egin genitzake ekarpenak. Gero, balizko batzorde horrek baloratu beharko luke ea jasotako onomatopeia horiek biltegira gehitzen dituen.
Aukerez
Orain arteko proposamen guztiak aukerak dira. Nire esperientzia laburrean oinarritu dut artikulua, eta izanen da, ziur, bestelako biderik jorratu nahiko duenik, edo uste duenik ez dela nahikoa. Eta horra beste aukera bat: zerbait egitea, eta zerbait hori elkarrekin egitea. Gauza bat argi dut: hiztegi/biltegi hau inork bakarrik egitea ez dela aukera bat.
Hasiera-hasieran aipatu dut norbaitek baliabiderik jarri nahiko balu kontuan hartu beharrekoen zerrenda bat zela hau. Baliabideez ari naizenean, nagusiki baliabide ekonomikoez ari naiz. Batetik, sareko euskarri bat sortzeak eta mantentzeak duen kostu ekonomikoagatik, eta, batez ere, jada aipatu dudan lan-indarra ere ordaindu behar delako. Ez dakit interesik ote duten erakundeek berek (hizkuntzari lotutakoek, akademiek edota erakunde publikoek), eta errentagarria izanen litzatekeen ere nire zalantzak ditut. Itzultzaileok, aitzitik, badakit etekina aterako geniokeela, eta, hori dela eta, uste dut EIZIEk hor egon behar duela. Ez diruaren aldetik, biltegiaren eraketan baizik. Hortik aurrera, Euskaltzaindiak, UZEIk, Elhuyarrek, Eusko Jaurlaritzak, Euskarabideak, EHUk eta ahaztu ditudan gainerakoek egon nahi badute, dela diruz laguntzen, dela proiektua eratzeko prozesuan, ongietorria eginen diegu.
Hiztegigintza oso hitz potoloa da, eta, hala ere, uste dut gure biltegiak lekutxo bat izanen lukeela hitz horren aterpean dauden beste artefaktuen ondoan. Baina hiztegigintzak ez luke izan beharko hizlariek —kasu honetan, etxera ekarrita, itzultzaileek— urrun sentitzen duten zera bat. Aurreko atalean proposatu dut denok egin ahalko dizkiogula proposamenak gure biltegiari. Bada, proposamen horiek sistematizatzeko, eta batzorde baten lanaz gain, unibertsitateetako ikasleak inplikatzea datorkit burura. Formulak nahi bestekoak izan daitezke: Itzulpengintzako eskoletan gaia lantzea (abusatu gabe), edo Antropologiako gradu- amaierako lanen bitartez (norbaitek herri- hizkerak bildu baditu, biltegia elikatzera gonbidatuko genuke), edo Euskal Ikasketetako Graduan (lanen bitartez edo)… Aukerez ari naizela, gogoan dut nola lagundu nuen nik EIZIEren Nor da Nor datu baseko informazioa webgune berrira bolkatzen, praktikaldi baten bitartez.
Enpresentzako lan-indar merkea izateaz gain, oso baliagarriak ere badira praktikak (ikasgaiak baliozkotzeko ere bai). Ausartuko naiz esatera Itzulpengintzako, Antropologiako, Euskal Ikasketetako baten batek izena emanen lukeela urtero. Hori bai, ordainsari baten truke. Egin dezagun gure laneko eskubideen alde hasieratik, denon hobe beharrez. Zintzoki joka dezagun, eta hez ditzagun etorkizuneko itzultzaileak balio horiekin. Kontrara, baliteke praktikaldia egiten ari diren ikasleei ordainsari hori pagatzeko nahikorik ez izatea; bada, orduan ez genuke eskaini beharko. Har dezagun kontuan 3-6 kreditu arteko praktikaldiak izaten direla normalean, eta kreditu bakoitzari 25 orduko lana egokitzen diotela. Ezin gara erori lanaren truke esperientzia eta cacheta eskaintzearen gurpil zoro eta tranpatian. Pentsa, zuetako nork eginen luke gaur egun itzulpen bat musu-truk Eusko Jaurlaritzarentzat? Interpretazio saio bat EHUn? Zer baldintza nahiko genuke guretzat? Bada, halakoetan pentsatu beharko dugu, baldin eta egokituko bazaigu.
Hondar hitzak
Ez dakit zuek edo inbertsore izanen direnak konbentzitzeko adina argumentu mahaigaineratu ditudan. Niretzat premiazkoagoa zen lerro batzuk eskaintzea hiztegi/biltegiaren beharrari, nolakotasunari eta aukerei. Eta, jakina, eman niezaiokeen garrantzi handiagoa aurrekarien edo corpusaren atalei, edo, are, kutsu akademikoagoa. Baina uste dut alderdi horiek ongi aztertzeko denbora izanen dugula aurrerago ere, proiektu honek aurrera egingo badu. Zeren, ez dugu ahaztu behar une honetan ez dagoela, asmo onez gain, beste ezer ere. Bitartean, gustura entzun eta irakurriko ditut zuen ekarpenak. Zerbait egiteko gogoa sakatu badizue, «klak» edo «klik» bat zuengan, ni pozik egonen naiz.
Txinpun!
Bibliografia
Agirre Arrieta, I. (2023). Ondarru berbetan: hiztegia (sarean).
Arrieta, A.; Eizagirre, J.; Gorostiza, A.; Lozano, J.; Robles, J.; Urrutia R. M. (2003). Galdezka: euskarazko zalantzei erantzunez, «Onomatopeiak», 321-330. Herri Ardularitzaren Euskal Erakundea (IVAP).
Aurkenerena, J. (2018). Euskal onomatopeiak berreskuratzen. In ZUZEU.
Basurto, M. (2021). Onomatopeien zerrendak. In EIBZ.
Berria (d.g.). Hotsak. In Estilo liburua.
Euskaltzaindia (d.g.). Onomatopeiak. Jagonet.
Euskaltzaindiaren Hiztegia (d.g.). Bilaketa aurreratua, onomatopeiak.
Ibarretxe Antuñana, I. (2006). Hizkuntzaren bihotzean: euskal onomatopeien hiztegia. Gaiak argitaldaria: Donostia.
——— (2012). Análisis lingüístico de las onomatopeyas vascas. Oihenart, 27, 129-177.
Santisteban, K. (2007). Onomatopeia eta adierazpen hotsen hiztegia. Mensajero Ediciones, S.A.
Satrustegi, I. (2024ko apirilaren 10a). Oilarrak kukurruku? 31 eskutik.