Lanbidean adiskide:
Patxi de Vicente Arbeloaren oroimenean
2026ko udaberrian hil zen Patxi de Vicente Arbeloa itzultzaile eta EIZIEko kidea, eta bizitzan eginak eta emanak ekarri nahi izan ditu gogora artikulu honen egileak, haren lankide eta batez ere adiskide izan baitzen.
«Bizitzan zehar, jende asko eta era askotakoa ezagutzen dugu, eta oharkabean bizi izaten dugu adiskidetasuna sortzeko prozesu zoragarria: elkarrenganako hurbiltze natural hori, deus bortxatu gabe, imanak bagina bezala, solasaldi amaigabeak, eztabaidak —tarteka sutsuak, pasioak hori baitakar—, bizipen eta sekretu partekatuak, loturak. Hori dena elkarrekiko konfiantzan eta leialtasunean oinarritua; bestela, arriskua dago harremana hondoratzeko».
Patxi de Vicente Arbeloaren hitzak dira, hil hurren idatziak adiskideoi adio esateko igorri zizkigun gutunetan.
Bistan da, Patxik garrantzi handia ematen zien harremanei: familiarekin, adiskideekin, lankideekin… Ni, lankide izan ninduen hasieran, eta, urteen eta egokitu zitzaizkigun zereginen kariaz, adiskide hurbila.
Testu hau idaztean (kostata, aitortuko dut: idaztean ilundurak berriz hartu baitit bihotza), ohartu naiz zeinen bitxiak diren adiskidetasunaren bideak.
Adinkideak izan arren (bi urteko diferentzia ez da anitz), eta gure bizitzen parterik handiena hiri berean igarota ere, Patxi de Vicentek eta biok ez genuen elkar ezagutu itzultzaile-oposizio batera aurkeztu ginen arte. 1996an egin genuen topo, euskara itzultzaile bat kontratatzeko Iruñeko Udalak lehen aldiz egin zuen deialdiko azterketetan. Ezagueraz, esan nahi dut, ezen behin edo beste barre egiten baikenuen espekulatuz ez ote nintzen izan inoiz-edo haren bezero: Patxi tabernari aritua zen Malkoa taberna mitiko hartan…
Gogoan dut unea: burua jiratu nuen eta Patxiren irribarre apalarekin egin nuen topo azterketa hastear zelarik. Harrezkeroztik, zenbaitetan mintzatu ginen oposizioak iraun zuen hilabeteetan. Gero, ni lanean hasi nintzen Iruñeko Udalean, eta urtebete joan zen harremanik izan gabe. Harik eta, 1998ko urtarrilean, Patxi itzultzaile eta interprete hasi zen arte, Iruñeko Udalean.
Lan-eskarmentu luzea zekarren, baina itzultzaile eta interprete orduantxe estreinatu zen. Nik pitin bat gehiago neraman lanbidean: bi urte, bat Nafarroako Parlamentuan eta beste bat Iruñeko Udalean. Ordainetan, ezagutza sakona zeukan euskarari buruz, ordura arte euskara irakasle aritua baitzen (izan ere, hasieran ez zuen argi itzulpengintzan jarraituko zuen: benetan maite baitzuen irakaskuntza, eta tira egiten zion oraindik).
Nola hala bideari ekin genion elkarrekin: Patxik, ederki ezagutzen zituen euskararen inguruko zoko-zirrituak baliaturik, eta nik, lanbideaz nekiena emanda.
Bidea, dena den, malkartsua zen. Batetik, Udaleko langile «arraroen» saldoan ginen, Iñaki Azkona Huércanos euskara koordinatzailearekin eta administrari euskaldun gutxi batzuekin batera: gure langaia euskara zenez, «los vascos» ginen, «los del euskera» (baten batek «los euskeras» bataiatu gintuen). Eta, bestetik, ia dena zegoen egiteke lan-kudeaketari zegokionez: itzulpen-enkarguen harrera eta entrega, zereginen antolamendua (itzultzea, zuzentzea, interpretatzea…), udal-terminologia…
Gorabehera politikoek ere baldintzatzen zuten gure lana. Euskararen Ordenantza onetsi zenean, lan-zama handitu zitzaigun, eta, haizea kontra jotzen hasi zenean, lanak ez zuen behera egin. Gu beti saiatzen ginen gure onena ematen, baina lanak estutzen gintuen. Kasik hasieratik, EHUko masterreko bekadunak etortzen hasi ziren, eta Patxik «irakasle» lan ederra egin zuen haiekin. Gero, hobekuntza batzuk lortu genituen: teknologia erabiltzea (itzultzen laguntzeko softwarea, besteak beste) eta jende gehiago kontratatzea. Hasieran, kontratu laburrak ziren, eta, 2006an, hirugarren itzultzailea batu zen gurera: Miren Iriarte Oyaga.
Hainbat urtez (8-9) hirukote izan ginen, harik eta lan-kargaren etengabeko hazkundeak eta aldaketa politikoek taldea handitzera eta Euskara Zerbitzua eratzera bultzatu zuten arte.
Itzultzaileek orok ongi dakigu zenbateraino den gure lana trinkoa eta bizia. Iruñeko Udalean ere hala zen, eta horri gehitzen zitzaizkion euskararen inguruko disputa politikoek eragiten zituzten gorabeherak.
Horregatik, zailtasunek badutelako harremanak trinkotzeko gaitasuna, gure arteko lankidetasuna adiskidantza estua bilakatu zen urte haietan: batetik, lanaldi trinkoak eta beteak, hausnarketa sakonak eta eztabaida sutsuak itzulpengintzaz nahiz hizkuntzaz; eta, bestetik, bakoitzaren bizipen pertsonalak, goxoak eta saminak, konfiantzazko giroan partekatuak.
Une saminenak, zalantzarik gabe, Mirenen gaixotasuna eta heriotza izan ziren. Eta Patxi ere gaixotzea latza izan zen. Gaixotasuna zela-eta hartu zuen erretiroa, baina azken momentura aritu zen jo eta ke lanean, langile porrokatua baitzen, eta ez zuen erraz uzten bere ardurakotzat hartzen zituen zereginak. Azken urteetan, irakasle fina izan zen gurera etorri ziren itzultzaile «berriendako». Euskara Zerbitzuko burutza hartu nuenean, itzultzaile-taldearen ardura hartu zuen. Musu-truk eta erakuskeriarik gabe (pertsona umila zen, eta gauza anitz egiten zuen horrela). Inoiz ezin izan nion behar beste eskertu horretan egin zuen lana eta eman zidan laguntza.
Gutxi ziren, baina gauza batzuk ez zituen gustuko. Folklorearekin, adibidez, ez zen oso lagun, eta, Orhipean jaialdia ospatzen duen herrikoa izaki, adarra jotzen genion horren kontura. Teknologiari, berriz, zuzenean egiten zion aurre, koplarik gabe. Ahal izanez gero, ez zuen erabiltzen. Ez zitzaion gustatzen. Aplikazio informatiko bat edo termino tekniko «moderno» horietako bat aditu ahala, harridura-aurpegia paratzen zuen. «E? Zer demontre da hori?», galdetzen zuen, eta guztiok hasten ginen barrezka. Bagenekielako gero dena delako aplikazioa bikain erabiliko zuela (eta berehala ikasiko zuela edozein palabro modernoren esanahia). Teknologiarekin harreman utilitarista zuen: zerbait egiteko balio zuena besterik ez zuen erabiltzen.
Literaturarekin, berriz, kontrakoa. Benetan diot: ez dut ezagutu beste inor Patxi bezain irakurzalea. Balentria bat kontatuko dut: etxean zituen liburuen egileak Atik Zra ordenatu eta liburu guzti-guztiak irakurri zituen. Eta, amaitu ondoren, liburutegira jotzen zuen etengabe. Honela idatzi zuen lehen aipatu dudan gutunean: «Egoera latz honetan lau zutabetan bermatu naiz nagusiki: familia, adiskideak, liburuak eta paseoak (zoritxarrez, gero eta laburragoak). Berez, behin baino gehiagotan, komentatu dut txantxetan liburuei buruz nola demontre hilko naizen hainbeste liburu on irakurtzeke edukita; ea zeruko liburutegia zabalik dagoen; ongi legoke».
Idaztea, ordea, ez zitzaion interesatzen: esaten zuen aski zuela besteek idazten zutena irakurtzearekin.
Baina, bizitzaren azken txanpan, gaixotasunak utzi zion neurrian, tarteko bide bat hartu zuen: beste batzuek idatzitakoa euskaraz ematea.
2025ean argitaratu zen, Munduko Poesia Kaierak bilduman, Oscar Milosz poeta lituaniarraren antologia, Patxik frantsesetik itzulia, hizkuntza horretan idazten baitzuen Miloszek. Eta gustua hartu zion lantegiari, hil aurretik Robert Desnos poeta frantsesaren 23 poema euskaratu baitzituen, armiarma.eus webgunean («Euskarari ekarriak» sailean) irakur daitezkeenak.
Niri, eta esanen nuke harekin traturik izan duten gehienei, oroitzapen goxoak utzi dizkigu Patxi de Vicentek. Adeitsua eta malgua zen jendearekin, eta tinko eusten zien oinarrizko balio gizatiarrei. Algararik gabeko adiskidantza zen harena, gutxika-gutxika mamitu eta bizitza osorako arrastoa uzten duten horietako bat. Lankide gisa topo egin eta betiko bilakatu zen adiskide. Eider Rodriguezi elkarrizketa batean aditu berri dizkiot hitz hauek, adiskidetasunaren gaiak literaturan duen presentziaz (gaztelaniaz aditua eta artikulu honen egileak euskaratua):
Fikzioaren munduan, adiskidetasuna da gai zokoratuena harremanei dagokienez, bai zineman, bai literaturan, are musikan ere. (…) Ez dakit, badirudi adiskidetasunak beti egon behar duela hirugarren, laugarren edo bosgarren maila batean, familiaren, bikotearen edo lanaren oso azpitik. Eta hori oso gogorra da, gero, eguneroko bizitzan, ez baita horrela. Orduan, nik gogo handia nuen horri buruz hitz egiteko eta horretaz idazteko.
Ez dakit Patxi ados egongo zen (hainbeste irakurri eta gero, seguru da zerbait esaten ahalko zuela). Baina badakit harendako lehen mailan jokatzen zutela senideek, adiskideek eta literaturak. Eta itzultzaile lanetan ere burua eta bihotza paratzen zituela. Goxo bego letren paradisuan.


