Bi belaunaldiren arteko elkarrizketa: Koldo Biguri, aitzindariei omenaldi xume bat
Maitane Uriarte Atxikallende

Koldo Biguri hogeita hamar urtetik gora ibili da gure hizkuntza eta literatura janzten, kulturen arteko zubi-lana egiten eta itzultzaile- eta interprete-belaunaldi berriak prestatzen. Orain, erretiroa hartzeko unea iritsi zaio. Dena den, denok dakigu amaierarik gabeko prozesu graduala izango dela hori.

Maitane Uriarte: Erretiroa hartuko duzula esan arren, badakit zure izen-abizenak daramatzan itzulpenen bat edo beste ikusiko dugula etorkizunean. Ez da hala?

Koldo Biguri: Berez, unibertsitateko irakaskuntza utziko dut, ez itzulpengintza, eta ezta interpretazioa ere. Itzulpenari dagokionez, itzulpen-proiektu batean sartuta nago —baina ez da literatura, ikerlan bat baizik—, eta beste batean sartzeko aukera daukat, eta poz handia litzateke niretzat aurrera ateratzen bada, Francesca Albanese Nazio Batuen Erakundearen Palestinarako txostengile bereziaren bizipenak biltzen dituen liburu bat baita, Gernika-Palestina Herri Ekimenaren eskutik Txalaparta argitaletxeak aurten aterako duena.

Maitane: Beraz, itzulpengintza etenik gabeko haria da zuretzat. Zaila da itzulpen-abentura politei ezetz esatea, ezta? Zuretzat, itzulpengintza ez da lanbide soila, askoz gehiago da.

Koldo: Betidanik izan naiz liburuzalea eta literaturazalea, eta literatura-itzulpengintzan aritu ahal izatea eta, gainera, norbere gustuko liburuak euskaratu ahal izatea benetako zoriona da, bai eta horren bitartez euskarari eta euskaldungoari ekarpena egitea ere.

Maitane: Beraz, zure hitzetan, itzulpengintza pasio eta ekarpenerako bide da. Baina nola hasi zen abentura? Hitz egin dezagun zure hastapenez. Gogoan dituzu zure lehenengo itzulpen- eta interpretazio-lanak? Eta zure lehen eguna unibertsitateko irakasle modura? Kontaiguzu.

Koldo: Euskararako itzulpen-interpretazioak egiten 24 urte nituenean hasi nintzen, Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuko itzultzaile-interprete lanpostua atera nuenean. Garai hartan ez zegoen itzulpen-interpretazio ikasketarik Euskal Herrian, eta ni Euskal Filologia egina nintzen bakarrik; ez neukan inolako prestakuntzarik, are gutxiago interpretazioan, baina Udaleko osoko bilkuretara joan behar izaten nuen, batzar-areto txiki dotore baten erdi-erdian, eta, zinegotziren batek euskaraz egiten zuenean, esan osteko interpretazioa egin behar izaten nuen. Gogoan dut lehen aldia beldurgarria izan zela niretzat; eskuak dardaraka nituen, mahai azpian ezkutatuta, alkatearen aurre-aurrean, mundu guztiaren erdian: zezena sentitzen nintzen plazan! Zorionez, handik gutxira, IVAP-HAEEk interpretazio-ikastaro batzuk antolatu zituen lan horretan aritu behar genuenontzat, eta han ikasi nituenei eta izan nituen irakasleei esker (Lurdes Auzmendi eta Koldo Tapia) hasi nuen beste ibilbide bat, interprete autonomo gisa. Anekdota gazi-gozo bat badaukat garai hartakoa, udal bilkura batean egin nuen esan osteko interpretazio baten inguruan: zinegotzi batek euskaraz hitz egin eta nik itzulpena egin ondoren, beste zinegotzi batek esan zuen bi berbaldiak kronometratu zituela eta nirea euskarazkoaren erdia edo izan zela, eta beraz ezinezkoa zela nik esandakoak ondo jaso izana beste zinegotziak euskaraz esandakoa. Nire ikara, orduan! Zorionez, bai alkatea eta baita zinegotzi euskalduna ere jator-jator portatu ziren: zinegotzi euskaldunak berak bazuen esperientziarik itzulpengintzan, eta esan osteko interpretazioaren hasi-masien berri eman zion besteari, bai eta gehitu ere itzulpen ona egin niola; eta alkateak ontzat eman zuen. Baina une horietan bizi izandako larritasuna ez zait inoiz ahaztuko!

Maitane: Tamalez, horrelakoak sarri gertatzen zaizkigu interpreteoi. Nik neuk ere bizi izan dut horrelako esperientziaren bat edo beste, politika tartean zen testuinguruetan. Horrelakoetan, badirudi batzuetan interpretazioarekiko mesfidantza egon daitekeela edo behintzat ez dutela gugan konfiantza osoa izaten, ezta? Espainiako Kongresuan ere izugarrizko mesfidantza zuten hasieran…

Koldo: Baina hori euskararekin baino ez da gertatzen, ez duzu holakorik ikusiko beste hizkuntzetako interpretazioarekin. Beraz, euskararen inguruan Espainian eta Euskal Herriko erdaldun batzuen artean dauden aurreiritzi negatiboekin lotu behar dugu jarrera hori. Bestalde, gure artean ere badira topiko batzuk jende asko holako usteak izatera eramaten dutenak: euskara eta gaztelania oso desberdinak direnez, batzuei sinestezina iruditzen zaie bat-bateko interpretazio ona egin daitekeenik. Egia da batzuetan oso zaila eta are ezinezkoa izaten dela; adibidez, euskarazko testu idatziak abiada handian irakurtzen direnean interpreteari pasatu gabe; baina horrelakoetan ere protokolo egokiak erabiliz egin daitezke interpretazio onak, testuak behar bezain aurretiaz interpreteari pasatuta, azken batean testu horiek ez baitira irakurri baino bost minutu lehenago idatzi, hainbat denbora lehenago baizik, eta, beraz, asti nahikoa dago interpreteari eskuratzeko, itzulpen egokia bermatze aldera. Arazoa izaten da interpretazioarekiko sentsibilitatea edo eskarmentua duen oso jende gutxi dugula inguruan, interpretazioarekiko kultura falta zaio jende askori, gutxik dakite nola funtzionatzen duen, nola erraztu (hizlarien beren onerako), eta beldur naiz etorkizunean gauzak ez direla hobetuko, adimen artifizialaren garapenaren bitartez egiten ari den lanaren ondorioz askok jarraituko baitute interpretazioarekiko (eta interpretearekiko) sentsibilitate edo kultura hori eduki gabe, egiteko hori makina batek arazorik gabe egin dezakeelakoan.

Maitane: Horra hor etorkizunera begira dugun beldurretako bat, eta aurrerago helduko diogu kontu horri ere. Hitz egin dezagun berriro ere lanbidean eman zenituen lehen pausoez. Hasieretan beti eskertzen da erreferente edo mentoreren bat izatea, ezta? Nire kasuan, Lurdes Auzmendi eta zu zeu izan zineten nire mentore, lehenbizi unibertsitate-sasoian eta, gero, lanbidean lehen pausoak eman nituenean, eta bidean zehar aurkitu ditudan lankide zoragarri guztiek ere izugarri lagundu eta irakatsi didate. Zure kasuan, nor izan zenuen erreferente? Ba al zen erreferenterik garai hartan?

Koldo: Lehenago esan bezala, Lurdes Auzmendi eta Koldo Tapia izan ziren. Ez bakarrik interpretaziorako prestakuntza eman zidatelako, baizik eta haiekin lan egiteko aukera eman ere egin zidatelako; hainbeste ere, ezen Gasteizko Udalean funtzionario-eszedentzia eskatu eta itzultzaile-interprete autonomo bihurtzea erabaki bainuen, nire gurasoen ikararako. Ez naiz inoiz damutu: ate bat itxi nuen, baina beste asko ireki zitzaizkidan.

Maitane: Erabaki ausarta izan zen benetan, eta esango nuke antzeko erabakia hartu izan dugun beste askok ere beldurrez hartu izan dugula, baina damutu gabe. Zuk zergatik aukeratu zenuen itzultzaile- eta interprete-lanbidea? Aukeratu egin zenuen edo kasualitatea izan zen?

Koldo: Kasualitatea izan zen. Karrerako azken urtean, Ibon Sarasolarekin hasi nintzen lanean, beste ikaskide batzuekin batera, geroago Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegia izango zena testuz elikatzeko, eta seguruenik zeregin horretan jarraituko nuen, beste ikaskideetako gehienek jarraitu zuten bezala, baina, halako batean, Gasteizko Udalean euskara-irakasle izateko deitu ninduten, zinegotziekin osatutako talde baterako, eta handik segidan itzultzaile-interprete plaza atera zuten, bai eta ni aurkeztu eta lortu ere.

Maitane: Italiera ere lan-hizkuntza duzu, euskaraz eta gaztelaniaz gain. Nolatan italiera? Nola hasi zinen italierazko literatura euskaratzen? Nondik dator hautu hori?

Koldo: Hizkuntzak ikasteko erraztasuna neukan txikitandik, eta Gasteizko Udalean oraindik nenbilen garaian erabaki nuen italiera ikastea, eta ez ingelesa, garai hartan mundu guztiak gomendatzen zuen arren —edo gomendatzen zidalako, baita euskararen gainetik ere; nik frantsesa ikasi nuen eskolako urteetan—. Eta Ingalaterra baino leku sinpatikoago eta beroago batera joatea erabaki nuen: Italiara. Batez ere, beti oso gustukoak izan ditudalako historia, arkeologia, literatura eta artea; eta Italia delako jomugarik onena horrelako zaletasunak dituenarentzat. Hurrengo pausoa, handik urte batzuetara, Literatura Unibertsala itzulpen-bildumarekin etorri zen: Leonardo Sciasciaren Il giorno della civetta atera zen lehiaketara, eta nik lortu nuen itzulpen-esleipena.

Maitane: Hain zuzen ere, berrogeita hamar liburutik gora ekarri dituzu euskarara. Zuk zeuk esan bezala, itzuli zenuen lehen liburua Leonardo Sciasciaren Il giorno della civetta (Hontzaren eguna) izan zen, 1991. urtean. Euskarazko alea esku artean izan zenuenean, zer sentitu zenuen? Garai hartan zaila al zen argitaletxeen zein argitalpen-katean inplikatutako eragileen babesa eta konfiantza lortzea?

Koldo: EIZIEko kidea nintzen eta, esan bezala, Literatura Unibertsala bilduma hasi zen urte haietan. Gaur egun, ziur nago garai hartan ez neukala italierazko literatura ondo itzuli ahal izateko moduko italierarik, eta nire literatura-euskara ere oraindik osatze-bidean zegoen. Itzultzaileentzako lan-tresnak, gainera, garai hartan ez ziren gaur egungoak: hiztegiak paperean, eta italiera-gaztelania hiztegi onak lortzea ez zen batere erraza. Internet ere ez zen existitzen, noski. Baina zortea lagun eduki nuen orduan ere. Urte hartan jakin nuen Italiako hegoaldean bazegoela literatura-itzultzaileentzako etxe bat Procida izeneko uhartetxo batean, eta hara joan nintzen hiru bat astez, itzulpena zuzentzera, eta etxeko arduradunaren laguntza izan nuen zalantzak argitzeko. Geroagoko urteetan, hainbat aldiz itzuli nintzen Procidara, beste itzulpen batzuekin.

Maitane: Beraz, italieratik itzultzea bene-benetako abentura izan zen zuretzat. Eta gaur egun, nolakoa da bide hori, argitalpen-munduaren babes aldetik?

Koldo: Itzulitako liburu asko ateratzen dira, behintzat; titulu harrigarriak ere bai. Horrek esan nahi du argitaletxeen inplikazioa edo interesa badagoela; ez dakidana da ea irakurlegoak nolako erantzuna ematen dion eskaintza horri edo irakurlego euskaldunaren eskariari erantzuten ote dioten ere argitaletxeek; interesgarria litzateke bi puntu horiek aztertzea.

Maitane: Bai, zalantzarik gabe. Lan-baldintzen bilakaeraz sarri hitz egiten dugu; ez, ordea, irakurleen gustuen bilakaeraz edo profil-aldaketaz. Azken finean, merkatua baldintzatzen du horrek, eta, horrekin batera, gure lana. Interpretazioaren kasuan ere kontua dexente aldatu da. Interprete-lanetan hasi zinenean, ez zenituen gaur egungo erraztasunak izango: euskararen egoera, merkatua (eskaera), ekipamendu falta, prestakuntzarik ez...

Koldo: Inor ez geunden prestatuta, baina okerrena zen erakundeek ez zutela bereizten itzulpena eta interpretazioa oso langintza desberdinak direla, itzultzaile batek ez duela zertan interpretazioa ondo egin. Egia esanda, haientzat, euskara jakitea profil aski zen euskarazko klaseak emateko, kultura-jarduerak antolatzeko, itzulpenak edo interpretazioa egiteko, eta, gainera, erdi-mailako kategoriarekin, askotan ez baitzen lizentziaturarik ere eskatzen horrelako lanpostuetarako. Udal askotan, euskararekin erlazionatutako gauza guztiak egin behar izaten zituen langile berberak. EIZIEk lan handia egin zuen hor, lan bakoitza bereizteko eta bakoitzari egin beharreko aitortza egiteko Administrazioan.

Maitane: Esan bezala, interprete-lanetan hasi zinenean ez zegoen berariazko prestakuntza jasotzeko modurik, euskaraz ez behintzat. Gerora zu zeu unibertsitatean irakasle-lanetan hasi zinenean ere, itzulpengintza- eta interpretazio-ikasketak ez ziren existitzen euskaraz. Nola bizi izan dituzu ikasketen sorrera eta bilakaera?

Koldo: Hemen ere EIZIE aipatu behar da, besteak beste elkartearen ekimenari esker lortu baitzen EHUk itzulpen-interpretazio ikasketak eskaintzea 2000. urtetik aurrera, baina baita beste pertsona batzuen inplikazioarekin ere (ezin aipatu gabe utzi Gidor Bilbao edo Joseba Lakarra, adibidez). Hori baino lehenago, hainbat jenderekin bildu behar izan zen hori posible izateko, beste unibertsitateetako antolaketak ezagutzeko (gogoan dut ni neu eta Lurdes Auzmendi Triesteko Unibertsitatean izan ginela hango lizentziatura ezagutzeko, adibidez), Eusko Jaurlaritzako eta EHUko hainbat pertsonarekin bildu ere bai, unibertsitate-ikasketen beharra bistaratzeko. Azkenik, nahiko ikasketa-diseinu polita egin zen, baina berehala agertu ziren arazoak: hasteko, ezinezkoa izan zen itzulpen-sail propio bat sortzea, eta irakasleak Letren Fakultatean aurretik existitzen ziren sailetan banatu zituzten, nire ustez euskarazko itzulpengintza-interpretazio ikasketen kalterako: Euskal Filologia Sailaren barruan sartu zituzten irakasle gutxi batzuk, filologia-ikasketa «izar» deituko nukeenaren barruan itzalpean, eta Filologia Hispanikoa edo Frantses Filologia sailen barruan beste batzuk, euskara batere axola ez zitzaiela, edota Ingeles Filologia Sailaren barruan, bera jabetu baitzen «Itzulpen eta Interpretazio Sail» izenaz, baina batez ere ingelesa-gaztelania konbinazioaren onerako. Gainera, hasieran eskaini ziren zenbait ikasgai hautazkoren kasuan (ni, adibidez, italieraren eskutik sartu nintzen EHUra, hots, hautazko ikasgai baten eskutik, Italiera > gaztelania eta Italiera > euskara itzulpen-ikasgaia ematera), ezinezkoa zen euskarazko taldeek bost ikasletik gora izatea eta, zoritxarrez, EHUn hamar ikasle baino gutxiagoko taldeak ezabatzen hasi ziren. Horrenbestez, esaterako, hautazko Italiera > euskara itzulpen-ikasgaia ezabatu egin zuten, baina ez Italiera > gaztelania; eta gauza bera gertatu zen beste hizkuntza hautazko batzuekin, beti euskarazko taldeen kalterako. Eta ez zegoen Fakultatean talde horiek defendituko zituen sailik; Filologia Hispanikoa Sailak, adibidez, sail horretan bainengoen ni, ez zuen hatz bat bera ere mugitu ikasgai hori defenditzeko. Kontuan izan behar da urtero hirurogei ikasle inguru sartzen zirela lizentziatura (geroago gradua izango zena) ikastera, baina horietatik gehienak, hogeita hamabost edo berrogei bat, gaztelaniazko taldean sartzen zirela. Alegia, euskarazko taldekoak beti gutxiago izaten ziren, eta hautazkoetan hainbat hizkuntza zeuden (italiera, alemana, katalana, errusiera, baita japoniera eta beste batzuk ere), eta ezinezkoa zen klase horietan gutxienez hamar ikasle matrikulatzea, eta gaztelaniazko taldean, aldiz, errazagoa zen. Hasierako diseinuan zeuden hainbat ikasgai eta aukera galdu ziren horrela, ikasketa horiek euskaraz eman zitzakeen munduko unibertsitate bakarrean. Bide batez, arrisku horrek hor jarraitzen du oraindik, eta urtero egin behar izaten da borroka, adibidez, interpretazioa ikasten duten taldeekin: interpretazio alorreko lau ikasgai hautazko daude, eta urtero gertatzen da lau horietakoren batean hamar ikasle baino gutxiago matrikulatzea eta, beraz, ikasgai hori desagertzeko arriskuan gertatzea.

Maitane: Oso bitxia da zuk kontatutakoa, euskarazko itzultzaile eta interpreteak behar ditugulako. Merkatuan badago eskaera, eta, unibertsitatean itzulpengintza eta interpretazioa euskaraz ikasteko oztopoak gainditzen ez badira, baliteke etorkizun hurbilean merkatuko eskaerari erantzuteko arazoak izatea, batez ere interpretazioaren kasuan. Zu ere horren beldur al zara? Zein da euskal itzulpengintzaren eta interpretazioaren egoera, merkatuan zein akademian?

Koldo: Administrazioan, esango nuke itzulpen-interpretazioari goi-mailako langintza baten aitortza ematea lortu dela, eta lizentziatura edo gradua egindako ikasle askok lortu dute lana baldintza onetan. Literaturaren alorrera bagoaz, berriz, kontuan izan behar da literatura-itzulpena ez dagoela sartuta graduaren ikasketa-planean, eta nekez sar daiteke master batean, masterra emateko itzultzaile edo itzulpen-irakasle doktore nahikorik ez dagoelako. Beharbada, etorkizunari gehiago begiratu behar genion/genioke, prestakuntza-eskaintza hobetu ahal izateko, baina zaila da: oso ikasketa praktikotzat jotzen du jendeak, gutxi animatzen dira unibertsitate-karrera egitera.

Maitane: Gutxi animatu garen arren, ikasle izandako batzuk lankide dituzu orain, tartean ni neu. Nik ere orain lankide ditut nire interpretazio-ikasle izandako batzuk. Polita da zirkulua ixtea, ezta?

Koldo: Bai, «gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak» dio kantuak, eta hala izatea oso pozgarria da, horrek adinean gora goazela esan nahi badu ere!

Maitane: Etorkizunerako hazia ereiten ari gara etengabe. Baina zer-nolako etorkizuna ote datorkigu, Koldo?

Koldo: Ez naiz oso baikorra, egia esan. Itzulpen automatikoaren eta adimen artifizialaren garapenaren ondorioz, beldur naiz gizarteak ez diola balio handirik emango makina batek egin dezakeen lan bati, batez ere gero eta feminizatuago den lan bati (lan bat feminizatzea beti izaten baita lehen pausoa lan horren prekarizazioa eta balioespen-eza bultzatzeko). Itzulpenari gagozkiolarik, nire bizialdian ikaragarrizko aldaketak egon diren bezala, beldur naiz datozen berrogeita hamar urteetan (edo gutxiagoan) gauzek ez dutela zerikusirik izango oraingo egoerarekin, ezta euskararen kasuan ere. Hasi beharko genuke pentsatzen nolako profil profesionalak beharko diren datozen hogeita bost edo berrogeita hamar urteetan, eta segur aski profil eklektikoagoak beharko dira, hainbat alorretako gaitasunak beharko dituztenak. Beldur naiz, ordea, inor ez dela eseri honi buruz pentsatzera. Segur aski, euskararen munduan inpaktua leunagoa izango da, gure egoera soziolinguistikoaren ondorioz, baina teknologia berriek izugarri baldintzatuko dute gurean ere itzultzaile eta interpreteen etorkizuneko lana, eta horretaz pentsatzeko garaia da: agian berandu ere bagoaz.

Maitane: Euskararen kasuan, itzulpengintzan asko nabaritu dugu hori, bai. Euskal interpretazioaren kasuan, makinekin egindako saiakera pare bat ikusi ditut, eta ni neu ez naiz katastrofista oraindik, emaitza erdipurdikoa iruditu baitzait. Hala ere, kezka hori hor egongo da… Euskal interpreteok marjina dugu oraindik, baina kezkatzen hasiak gara. Bestalde, nik neuk badut beste kezka bat: belaunaldien arteko erreleboa falta zaigula iruditzen zait. Uste al duzu animatuko zaizkigula euskal itzulpengintzaren eta interpretazioaren etorkizuna bermatzeko behar beste belaunaldi berri? Azken urteotan izan dituzun ikasleak kontuan hartuta, zer iritzi duzu?

Koldo: Esan bezala, gure hizkuntzaren egoera soziolinguistikoak itzulpen/interpretazioaren beharra duen bitartean, eta, beraz, alor horretako lanpostuen beharra dagoen bitartean, ikasle berriak animatuko dira. Beste kontu bat da ea unibertsitatearen funtzioa ote den profesionalak sortzea (soilik), eta unibertsitate-eredu kapitalistak ez ote dituen baztertu ezagutzaren edo jakintzaren beste funtzio batzuk.

Maitane: Zure ibilbidean zehar, hainbat gomendio ematea tokatu izan zaizu: ikasleei, akademiari, lanbidean dihardugunoi, bezeroei… Zer gomendio utziko zeniguke etorkizunerako?

Koldo: Itzultzaile/interprete batek egunero landu eta ikasi behar du bere langaia, hau da, bere jatorrizko hizkuntza eta bere itzulpen-hizkuntzak, eta haiei guztiei dagozkien kulturaren alor ahalik eta gehienak. Dibertigarria ere bada, nire kasuan behintzat beti izan da horrela: lanaz gozatzeko modu bakarra da.

Maitane: Nik gogoan dut behin eman zenidan gomendioa: ez ahaztu lanbide honetan zer-nolako etorkizuna eta baldintzak nahi dituzun, eta hori gogoan izanda jardun. Eta halaxe da, Koldo, gure lanbidean ematen dugun pauso orok atzetik datozenen bidea baldintzatuko baitu nolabait. Eskerrik asko zentzu horretan belaunaldi berriei irakatsitako guztiagatik. Bejondeizula!