Edorta Matauko: 
autoak eta bizikletak
Hedoi Etxarte Moreno

Hil baino hogei urte lehenago ezagutu zuen Edorta Matauko artikulu honen egileak. Sarritan elkartu ziren Euskalemaren bileretan, baina inoiz ez zuen haren bizitza pertsonalaren inguruko ezer jakin. 2022ko otsailean, Stefan Zweigen Gizadiaren oren gorenak itzultzeko proposatu zion eta berriro elkartu ziren, baina 2026an hil eta haren lagun onenarekin kafe bat hartu arte ez zen jabetu ez zuela egiaz ezagutu.

2026ko otsailaren 22an hil zen Edorta Matauko, Stefan Zweig hil eta 84 urtera, nahiz eta, bizitza asko izandako pertsona guztiak bezala, beste izen batekin jaio zen, 1950ean, Gasteizen. Susako Gorka Arresek bidali zidan notizia. Gogora ekarri zizkidan Harry Crewsen Autoa (1993) eta Joseph Rothen Leviatana (1998), Susan argitaratuak. Biak neuzkan aspaldi irakurriak, baina aurrenekoak utzia zidan bereziki arrastoa, irakurle-taldean irakurri genuelako Iruñean. Taldeko gainontzekoek esan zutenaz oroitzen naiz bereziki; azpimarraz eta tolestutako izkinaz betea daukat liburua, eta, noizbehinka, beste irakurleen izenak dauzkat idatzita.

Euskalemako bileretan ezagutu nuen nik Edorta, 2006tik aurrera. Talde heterodoxo bat izan zen Euskalema, aurretik eta gerora itzulpen lanetan eta irakaskuntzan eta kultur militantzian ibilitako aleman eta euskaldunek osatua. Ostiral arratsetan elkartzen ginen, hilean behin: Gasteizko Letren Fakultatean, Bilboko Plaza Berrian, Getariako Azkizuko baserri batean1.

Hil zela jakin bezain laster, Euskarari Ekarriak webgunean begiratu nuen. Euskarara itzultzen dutenek ondorengoei oinordetzan utzitakoaren katalogoan. Han ikusi nuen, adibidez, Susa aldizkariaren 21. zenbakian (1987) John Updikeren «Emaztea ematuz» ipuina itzuli zuela Juan Mari Mendizabalekin eta 25.ean Samuel Becketten «Azkenburuko bulkadak» Kristin Addisekin. Gogoan dut ere nola etorri zen Raul Zelik idazlea, Mataukok Lagun armatua itzuli berritan, gure bileretako batzuetara.

Edorta hil eta hilabetera, Isabel Etxeberriak txinpartaz betetako pieza bat egin zuen 31 eskutik blogean, frogaz betea, Mataukok argitaratu zuen azken itzulpeneko —Gizadiaren oren gorenak, Stefan Zweigena— hautuen inguruan. Mataukoren estiloa azaldu zuen Etxeberriak testu hartan.

Stefan Zweigen Emakume ezezagun baten gutuna berrirakurri nahi izan nuen, erosi nahi izan nuen, baina katalogoz kanpo dago, Igelarako itzuli zuen beste lana bezalaxe, eta, azkenean, hiru astez sikiera etxean izateko hartu nuen Iruñeko San Frantziskoko liburutegitik. Zweigen liburutxo hartan Edortaren ahotsa zegoen; itzultzaileak egin behar duen ariketa zailenean, gainera: estilo propioa izan, baina egileari gailendu gabe. Stefan Zweigen gaztelaniazko beste liburu batzuen hasierak irakurtzeari ekin nion gero.

Edorta hil eta aste berean, Iruñeko Joaquín Maya musika eskolako pasilloan alaba zaharraren tronboi irakaslearekin topo egin nuen eta galdetu zidan: «Irakurri duzu hau?». Zweigen Fouché zekarren, gaztelaniaz. Beste irakasle bati utzia ziola eta ea irakurria ote nuen, eta nik ezetz, eta, gainera, ez nuela ezagutzen zeri buruzkoa zen ere. Balzacek narratiboki estimatu zuen politikari bat izan zen Fouché, lubakiz lubaki ibili zena: monarkiko izatetik iraultzaile izatera eta, garbiketaz garbiketa, batzuen lagun izatetik etsai izatera, baina beti bizirik, Frantziako XVIII. mendearen amaierako politika iraultzaile eta fratrizida hartan. Pentsatu nuen pentsatu behar ez den baina bizidunoi eusten digun molde horretan: Edorta bizirik balego, osasuntsu, beste Zweig bat egin nahiko balu, Fouchék zentzua luke segida gisa. Solasaldi ederrak sortuko lituzke.

Gorka Arresek El Paísen 1977ko martxoaren 2an agertutako albisteak ere bidali zizkidan, Guadalupe Etxeberria eta Edorta Matauko LKIko kide izateagatik atxilotu zituztenekoak. Gerora izandako solasaldietan jabetu nintzen El Paíseko hura, gutxienez, Edortaren hirugarren atxiloketa izango zela. Aurrekoa, bi esaldiko albisteko bigarren esaldian aipatzen zen bezala, Arantzazuko LKIren fundazio asanbladakoa izan zen, 1976ko azaroko asteburu batean 154 lagun atxilotu zituztenean. Baina, haren aurretik, lagun artean —eta literaturan— ezagunena izan zen ihesaldia gertatu zen, 1974ko udaberriaren eta 1976ko uztailean Pertur desagertu arteko uneren batean.

Beraz, bereziki, Edortari buruzko galderak neuzkan. Dramatikoena zen izan nuela horretarako aukerarik, lagun artean afaltzen genuenean Euskalemako bileren ostean, edo kafe bat hartu izan genuenean Gizadiaren oren gorenakeko pasarteren bati buruz aritzeko. Izan nuen aukera jakiteko nor zen parean nuena. Baina halakorik ez zen gertatu, eta egin nezakeen bakarra Edortak bizirik zuen lagunen batekin hitz egitea zen.

Arresek Xabier Montoiaren telefonoa eman zidan. Esan zidan Montoiaren lagun onena zela Edorta. Azkenerako, lortu nuen Montoiarekin hitz egitea. «Atzo litzateke Eduren urtebetetzea», esan zidan. Bezpera Maiatzaren Lehena zen. Ni segidan oroitu nintzen Gabriel Arestiren «Lehen maiatza» poemarekin: «Maiatzeko lehen oilariteaz / erran behar nuke mila tristura; / garrasia (deiadar) egiteaz / jaiera hartu nuen haztura. / “Ez naiz isilduko” ditxo fiteaz / aurkitzen naiz beti neure gustura. / Gure bihotzean malenkonia! / Zer agonia» esanez hasi eta «Maitatu behar dut lehen Maiatza, / hura baita gizonen anaiatza» amaitzen dena.

Gabriel Aresti eta langile mugimendua Edortarekin lotzea ez zen sinapsien kapritxo bat. Getariako baserri hartan aipatu zuen Edortak FUT, 2006an: Frente por la Unidad de los Trabajadores. LCR-ren eta OICren koalizioa, Zaramagan ere porrot nabarmena izan zuena. Eta Euskaleman argitaratu genuen liburu bakarraz ere gogoratu nintzen, Brecht euskaraz eta Aresti alemanez eman genuena, edizio elebidun batean. Edortak «Amodio eskola» ekarri zuen euskarara: «Atsegin dinat bertuteak ipurdi bat izatea / Eta ipurdi batek hainbat bertute». Eta alemanez Arestiren «Untergang» eman behar zela insistitu zuen.

Montoiari esan nion galdera asko neuzkala eta telefonoz egingo nizkiola. Lerro hauek idatzi partez, buruan nuen Fouchéren inguruan Zweigek zeuzkan esaldi apart batzuk ekartzea ohar honetara, saiatzea Matauko emulatzen, eta Mataukok Alex La Gumaren Bake zibila (1989) libururako itzuli zuen «Kafea biderako»tik beste batzuk hartzea. Baina Montoiak esan zidan, astia banuen, Mataukok merezi zuela guk biok Orion kafe bat hartzea.

Horregatik, euriarengatik alerta horia Berastegi inguruan zela, bezperako tomaterik gabeko ajoarriero tuperra maletategian eta bikotekidea lagun, Oriora joan nintzen biharamunean. Dozena erdi bat aquaplaning eginda, Usurbildik Oriaren bazterretan barna Kutixi kafetegian bukatu nuen astelehen batean kafesnea eta txokolatezko opil bat jaten, hil berria zuen lagunaz Xabier Montoiak esango zituenak entzuteko asmoz: 

—Hamalau bat urte izango nituen nik. Bistaz ezagutzen nuen. Edorta zen tipo bat oso ikusgarria orduko Gasteizen. Orduantxe ari zen hiria aldatzen, apaizen eta militarren hiri izateari uzten. Hasia zen industrializazioa; Leintzetik eta Arrasateko bailaratik zetorren jendez betetzen hasi zen. Bera zen tipo bat bizarra zeukana, ile kixkur-kixkurra, horrela, pixka bat Angela Davis. Bizikleta batekin ibiltzen zen beti. Orduan, Gasteizen, langile-langile zirenek bakarrik eramaten zuten bizikleta, Ajuria lantegikoek; La Meta deitzen zion jendeak. Urte luzez egon zen industria bakarra zen hura; nekazaritzarako makinak egiten zituzten, lurra lantzekoak.

Edortak beti zeraman liburu bat besapean, bizikletan zihoanean ere bai. Edonon topatzen zenuen eta beti ari zen irakurtzen. Aurrena ikusi nion liburua euskaraz zegoen. Nik orduan ez nekien euskaraz oraindik. Gogoratzen dut ze liburu zen gainera: Karl Marxen Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia. Mario Onaindiaren itzulpen kaxkar horretan. Kalean ikusten nuen; gizon deigarri bat zen.

Baina ezagutu, ezagutu, Parisen bizi izan nintzen garaiaren ostean ezagutu nuen. Frantziako LCR-rekin ibili nintzen han eta baneukan Laugarren Internazionalarekin kontaktu hori. 1973ko Gabonetan itzuli nintzen. Gasteizen, ETA VI.a zegoen, oraindik ez zegoen LKIrik. Eta Gasteizen hasi nintzen alderdia muntatzen, 1974an, eta, halako batean, bidali zidaten Matauko. Valentziatik zetorren militante bat; han ari zen ikasten Historia. EUTGn hasi zen aldi batez, eta, Donostian ezin izan zuenez bukatu, Valentziara joan zen eta han egin zen bera Ligakoa. LCR-ETA VI.a muntatzen laguntzera etorri zen, mayoekin-eta batu zirenean.

Bera gasteiztarra zen, eta Donostian euskaldunduko zen segur aski. EUTGko lagunak euskaldunak zituen; Perturren laguna zen bereziki, baina baita, nolabait, Gorka Knörrena ere. Patri Urkizurekin, Mikel Arregirekin eta Joxe Austin Arrietarekin kointziditu zuen han. Gainera, 1968. urtean, Urretxuko barnetegian egon zen.

Valentziatik pasatu ostean, Gasteizen, Arreguin hasi zen lanean, eta ni Mevosan nenbilen orduan. Behin baino gehiagotan atxilotu zuten. Horietako batean, elkarrekin atxilotu zituzten haren orduko emaztea, Guada, eta bera, LKIko militanteak zirelako. Gasteizko komisariara eraman zituzten, Gobernu Zibilera, aldapa horretan dagoen sotora. Iluntzean, komisaldegian batetik bestera ari zirela, Edortak eskaileretatik ihes egitea lortu zuen. Poliziak tiro egin zion baina ez zuen jo, beste polizia bati eman zion, zangoan. Tiroa jaso zuen poliziaren bikotekidea nire auzokidea zen; herrena geratu zen. Edortak komisariatik ospa egin zuen. Korrika alde egin zuen, atzera begiratu gabe. Orain Corte Inglesa dagoen toki hartan, aire zabaleko aparkaleku erraldoi bat zegoen. Edorta auto baten azpian sartu zen. Gau erdia han egin zuen, auto baten azpian.

Guadalupe, etxeberriatarra zenez, familiak berak atera zuen, biharamunean.

Edorta autoaren azpian zegoen; gauaren muturrean, haren bila irtendako patruilen sirenak isildu zirenean, Vasco-Navarrora joan zen. Ordurako, trena ez zebilen, baina bidea egina zegoen, eta Estibalitzera joan zen, oinez, gau beltzean. Seietan iritsi zen Estibalitzera, basoan geratu zen zain eta, zazpietan, ateak ireki zituztenean, elizara sartu zen. Gregorianoa ari ziren kantatzen. Edortarentzat epifania moduko bat izan zen hura entzutea.

Fraide euskaldunetako bat ezagutzen zuen, eta kontaktu bat eman zion eta esan zion: «Zoaz Caja de Ahorros Municipal de Alavara eta emaiozu ez-dakit-nori paper hau». LKIko tipo bat zen Kutxakoa. Orduan, LKIk Donostiara bidali zuen Edorta, eta Perturren senide baten etxean gordeta egon zen, Mariasun Bergaretxerenean, Bartzelonara bidali zuten arte. Han, besteak beste, Saizarbitoriarekin topo egin zuen. Saizarbitoriak erloju bat oparitu zion. Hori da Hamaika pauson agertzen den istorioa. Nobela horretako gaiztoa, nolabait, beste izen batekin-eta, Saizarbitoriak erabili zuen istorioa, benetako istorio bat da, fikzionatua. Edortari gertatutakoak dira denak.

Bartzelonatik Parisera bidali zuen LCRk, eta han egon zen, Guadarekin. Frantziako LCRn sartu ziren, eta errefuxiatuekin, mundu osoko militanteekin batera Cité Universitairen bizi ziren. Hara joan nintzen behin bisitan, abuztuan, opor batzuetan. Gela txiki-txiki bat zeukaten, ia ez zen ohea sartzen ere. Egun batean, La Mutualitéra joan ginen, mitin batera, herri zapalduen ingurukoa, eta Pertur mahaian ari zen hizketan, korsikarrekin, aljeriarrekin, palestinarrekin-eta. Pertur aurkeztu zidan. Eta ni Gasteiza itzuli nintzen, oporretara joan nintzelako.

Eta, gero, Laugarren Internazionalak Portugalera bidali zuen, alderdia antolatzeko koadroak behar zirelako. Guada eta bera bidali zituzten. Krabelinen Iraultzaren ostean alderdia osatzeko. Gasteiza itzuli ziren Guada eta biak. Azkenean, Donostian lagunak zeuzkanez, Donostiara itzuli zen; han, sentitzen zen etxean bezala, Gasteizen baino gehiago. Irungo Palmeran lan egiten zuen, fabrika batean; giltza ingelesak egiten zituzten.

LKI desagertzear zegoen. Gauzak aldatu ziren.

Edorta eskoletan ibiltzen zen lanean, publikoetan. Seme bat izan zuen Guadarekin, gero beste bi Maiterekin. Euskara-irakasle ibili zen beti, nolabait, eta militantea zenean, lantegietan, guztiok bezala. Langileriarekin egon behar zen. Haren bizitza, klandestinitatearengatik, oso konpartimentatua zegoen, ezin zenuen zehazki jakin nondik nora zebilen. Zer zeukan buruan. Ze arazo zeuzkan. Ze kezka.

Ni gero Estatu Batuetara joan nintzen, eta han ezagutu nuen Harry Crewsen literatura. Baina haren liburuak aurkitzeko modu bakarra liburutegiak ziren, katalogoz kanpo zegoen eta. Hiru-lau liburu dauzka kristorenak direnak. Ez zait Autoa iruditzen haren libururik onena. Kristinek eta Edortak nik bultzatuta itzuli zuten. Hori zen, segur aski, itzultzeko zegoen Crewsen zailena. Ez geneukalako kotxearen atalei eta mekanikari buruzko hiztegirik. Ez dakit gaur egun ere badaukagun, horrela, partekatutako lexiko bat, beste hamaika kontutan bezala. Atzerako ispilu esaten badut, ulertzen da lehenengo kolpean? Auto barnekoa eta kanpokoa nola desberdinduko ditugu? Abiadura-kaxa esaten dugu? Nola esan bujía? Eta ballesta? Gaur egun, Crewsen beste liburu bat emango nioke itzultzeko. Inkontzientziarekin itzultzen zuen Edortak. Dena zen militantzia. Bizitza osoan izan zen militante bat. Hasieran troskismoan, eta beti euskaltzalea, gauza guztien gainetik, nire ustez. Batez ere euskaltzalea zen; horrek arduratu zuen gehien.

Haren gurasoak Mendozakoak ziren biak. Mendoza Gasteiz ondoan dago, dorretxe ikusgarri bat dago eta handik Gasteizko Parte Zaharrera hamar kilometro-edo egongo dira. Nekazari familia batetik zetozen biak; aita jostuna zen. Gasteizen bizi ziren. Oso-oso katolikoak ziren, eta Edorta Seminariora joan zen. Apaiztekotan zeudela, Zuzendaritzako apaizetako batek esan zion: «Zu ez zara apaiza izango; emakumeak gehiegi atsegin dituzu». Eta hala zen, maite zituen. Edortaren anaietako bat apaiza izan zen; gero, irten zen eta ezkondu egin zen. Arreba gazteago bat ere bazuen.

Edortaren aitak San Vicente parrokian laguntzen zuen, hor, Kutxi inguruan; elizkoia zen. Portal del Rey kalean bizi ziren gurasoak. Oso Arabako familia bat zen. Edortak San Josen ikasi zuen, desagertu zen colegio batean, eta, gero, San Viator bilakatu zen. Paz kalean, kuartel militar baten parean, gaur egun Corte Inglesa dagoen tokitik gertu. Handik Seminariora joan zen, eta, gero, EUTGra, Donostiara.

Bera ni baino bost urte zaharragoa zen. Nik miresten nuen. Martziano bat zen. Nik uste Gasteizen hasiko zela euskara ikasten, familia zeharo erdalduna zen arren. Guk euskara entzuten genuen Arrasate eta Aretxabaletakoak erosketa egitera zetozenean. Bizkaiera, orduan, musika bat zen niretzat. Edorta, beharbada, Manuel Iradierren hasiko zen ikasten. Gasteizko abertzaleen, EAJren, nazionalisten tokia zen. Mendi talde bat zeukaten, dantza talde bat ere bai, oker ez banago, eta segur aski hor hasiko zen.

Edortak maite zuen abestea, denetarik. Klasikoa ere bai. Nondik zetorkion? Ideiarik ez. Segur aski, bururatzen zaidana, nire hipotesi hutsa da, baina, beharbada, Seminarioan hasiko zen, hango apaiz musikariekin-eta. Baliteke.

Itzultzeaz gain, idatzi ere egiten zuen. Nahiz eta ez zuen inoiz ezer argitaratu. Behin, poema liburu bat pasatu zidan, gaztelaniaz. Eta badakit nobela bat ere idatzi zuela. Ez dakit euskaraz ala erdaraz. Edortak bazuen Citroën bat, dos caballos bat. Behin, autotik atera zen eta nobela osoa, orri guztiak, sabaian jarri zituen, eta haizeak hegaka zabaldu zituen. Denak eraman zituen haizeak. Nobela galdu zuen betiko. Juan Mari Mendizabalek aipatu zidan behin Hernaniko erdaldun batek hiru komiki album egin omen zituela eta, haietako batean, Ehun kilo izenekoan, Edortak parte hartu zuela testu surrealista samar batekin.

Robert Walser-en Jakob von Gunten ere itzuli zuen, nik esanda, alemana bazekielako. Gero, Ereinek publikatu zuen. Gero, Igelakoek, Olarrak nik uste, Stefan Zweig itzultzeko eskatu zioten, eta pare bat ekarri zituen: Emakume ezezagun baten gutuna eta Hogeita lau ordu emakume baten bizitzan. Alemana ere Seminarioan ikasi zuen.

Ni oso ikasle txarra nintzen. Hain txarra nintzenez, gurasoek esan zidaten Letretara joateko. Baina ikasgai bat geratzen zitzaidan: grekoa. Institutuan, ikasle komiteak muntatzen ari ginen. Orduan, LKIk erabaki zuen ni institutura joan behar nintzela. LKIk erabaki zuen aprobatu behar nuela. Eta nik pentsatu nuen: «Nola ostia aprobatuko dut?».

Orduan, Matauko joan zen nire institutura nire azterketa egitera, nahiz eta ni baino askoz zaharragoa zen. Irailean. Grekoko azterketa egitera. Egin zuen de puta madre. Eta aprobatu ninduten. LKI oso pozik. Ni oso pozik eta Edorta oso pozik. Hori zen Matauko. Edozer egiten zuen. Uste dut bazekiela txistua jotzen ere. Musikaren teknikaz nik baino askoz gehiago zekien, ez bakarrik jotzen, Edortak musika ulertzen zuen, bazekien partitura bat irakurtzen, ulertzen zituen formak. Ni forofo bat nintzen. Musika programak entzuten nituen, irratiak, aldizkariak irakurri. Baina nik ez nekien ezer musikaz.

Nire lagun onena zen. Nire kidea. Trosko batzuk banituen lagunak, hiru-lau; asko zeuden, bereziki LCrekin bat egin eta gero. Baina lagun-laguna Edorta zen. Dena galdu dut hil denean. Idatzi dudan guztia irakurri zuen berak, dena zuzentzen zidan, euskara ikasi dut hari esker, baina ez euskara bakarrik. Segur aski, nire bizitzako pertsonarik inportanteena izan da. Misterio bat da zergatik izan den Matauko nire lagun handiena eta ez nire inguruan zebiltzanetako besteren bat. Haren izaerarengatik? Euskaltzalea zelako eta ni ere bai? Troskista zelako? Hizkuntzaz aparteko gauzez ez zidan ezer esaten nire testuez. Bereziki sintaxia aipatzen zidan. Sintaxia landu behar zela, hor zegoela estiloa.

Euskara maite zuen, baina Edortari, bereziki, bizikletarekin portuak igotzea gustatzen zitzaion. Bizikleta asko izan zituen, zazpi baino gehiago, eta oso ongi zaintzen zituen. Denak lapurtzen zizkioten, ordea. Oso eskuzabala zenez, ez zitzaion okurritzen norbaitek lapur zezakeenik. Bat oso garestia ere lapurtu zioten. Pote bat hartzera sartu ginen Ikatz kaleko taberna batera eta ateratzean ez zegoen bizikletarik. Haren ezaugarrietako bat zen. Bizikletak galtzeko erraztasuna. Bakarrik ibiltzen zen bizikletan. Mendira Hernaniko lagun batzuekin joaten zen, Elena Martinezekin-eta. Ni ez naiz sekula mendizalea izan. Ez naiz kirolzalea izan, baina futbolzalea naiz, eta Edortak bazuen Movistar eta Barçaren partidak ikusten genituen beraren etxean. Ni oso Barçazalea naiz, bera ez hainbeste, baina bazen. Behin, Anoetara joan ginen elkarrekin; Barça ikustera, noski. «Bi sarrera dauzkat», esan nion.

Ezagutu dudan pertsonarik eskuzabalena izan da. Emaztearekin, bi seme-alabak izan zituztenean, andre bat hartu zuten etxeko lanekin laguntzeko, mongoliarra. Eta, halako batean, familia osoa ekarri zuen Mongoliatik. Eta Edortak eta andreak familia osoa hartu zuten euren etxean. Gauza materialekiko ez zuen inolako atxikimendurik.

Haren bizitzaren bukaeran, dena elkartu zen: minbizia, bizkarreko mina… Gogoan dut itzuli zuen azken liburua: Gizadiaren oren gorenak. Orduan ere den-dena eman zuen. Ez dut halako inor ezagutu. Aldi berean, ezin zen jakin zerk egiten zion min. Zaila zen jakitea non zegoen. Zuk galdetzen zenion: «Zer moduz, Edu?». Eta esaten zizun: «Jinko lez». Berak asmatu zuen: «Jinko» xibereraz eta «lez» bizkaieraz. Niri galdetzen zidan eta nik: «Tirriki-tarraka, tira… besterik gabe». Eta zuk azken egunera arte galdetzen zenion, baita zeharo makalduta zegoenean ere, ospitaleko aulkian hondoratuta, eta erantzuten zizun: «Jinko lez». Ospitalean, erresidentzian, erizainekin-eta, irribarrez, dena ondo zegoela esaten zuen. Guztiok dauzkagu beldurrak, kezkak, maniak. Berak ez zuen inoiz halakorik adierazten. Egon zitekeen egoerarik larrienean eta esaten zizun bikain zegoela. Hori askotan ez zen erraza haren lagunentzat. Ze lagunek lagundu nahi badute jakin behar dute laguna nola dagoen. Eta, esaten badizu perfektu dagoela, ez kezkatzeko, ba ezinezkoa da.

Polizia atzetik duzula? Jinko lez! Erresidentzian ia ezin mugitu zaudela? Jinko lez! Cité Universitairen, gela hain txiki hartan ia ohea sartzen ez zela eta zer moduz? Jinko lez! Ez zeukala lanik? Jinko lez! Ez zuela dirurik? Jinko lez! Hori izan zen azken urteetako haren leloa. Baina beste aldean bazuen zerbait, hermetikoa, inork inoiz ikusi ezin zuena. Arazoak barrurantz. Kanporantz irribarrea.

Edortak bere biografia idatzi izan balu, astakeria bat izango litzateke. Hemen, gure artean, oraintxe, kafetegi honetan balego, jendeak pentsatuko luke gizon arrunt bat zela. Bada, gizon arrunt horrek komisariatik ihes eginda auto baten azpian pasatu zuen gau erdi bat, goizeko zazpietan Estibalitzeko elizan gregorianoa entzun aurretik.


Oharrak

1. Jende gehiago ere pasatu zen Euskalematik, baina aurki aipatuko dudan liburuan honako hauek parte hartu genuen itzulpen lanetan: Mikel Babiano, Petra Elser, Xabi Insausti, David Lindemann, Elizabete Manterola, Elena Martinez, Edorta Matauko, Feliciano Pelaez, Zuriñe Sanz, Gabi Schawb, Nagore Tolosa, Ibon Uribarri eta Naroa Zubillaga.