Patxi Apalategi,
'Madame Bovary'ren egilea
Itzultzaile oparoa izan zen Patxi Apalategi, literatura-lan gogoangarriak euskaratu zituena, frantsesetik gehienbat, baina baita gaztelaniatik ere. 2025eko ekainaren 10ean hil zela eta, haren lanik gogoangarrienen oroigarria dakarkigu Felipe Juaristi Galdosek artikulu honetan.
Patxi Apalategi da, niretzat, Madame Bovaryren egilea. Ez dut esaten egile fisikoa (edo egile intelektuala) bera denik, denok baitakigu Flauberten lan mardula dela, hura dela Madame Bovaryren aita, eta, neurri batean, Madame Bovary bera. «Madame Bovary c’est moi» idatzi omen zuen Flaubertek, nahiz ez dagoen inon arrastorik batere, baina horrek ez du esan nahi halakorik pentsatu ez zuenik. Idazlea, normalean, erabat identifikatzen da sortutako pertsonaiarekin. Cervantesek, hil-ohean zetzalarik, On Kixote bera zela esan omen zuen. Eta sinestekoa da, nik sinesten dut behintzat, jakinik zer-nolako bizimodua eraman zuen. Honetara iritsiz gero, azter daiteke egilearen eta pertsonaiaren arteko harremana zertan den, edo zer bihur daitekeen. Badira pertsonaiak diren egileak, eta badira, pertsonaia ez ezik, xelebreak ere direnak, literaturaren zelaian; alegia, banitate-azoka honetan, non dena salgai dagoen, eta erosgai. Ez gaitezen engaina, euskal literaturaren mundu urbanoan pertsonaiak gehiago dira egileak baino, eta horrek adierazten du literatura horren norabidea: egilea goresten da obra baino lehenago. Baina hori beste kontua da, jakina, dena da beste kontua, kontua bakarra denean.
Testua eskandalu-emaile izan zen, La Revue de Paris aldizkarian lehendabizi argitaratu zenean, 1856an. Immorala zela egotzirik, epaitu zituzten egilea eta argitaratzailea. Epaiketak egun bat baino ez zuen iraun, eta astebetera absolbituak izan ziren bai Flaubert, bai aldizkariaren arduraduna. Gero, 1857an, bi liburukitan argitaratu zuten. Jatorrizko mila eta bostehun orritik bostehun soilik argitaratu zituzten, eta berehala nabarmendu zen, beste argitalpenen gainetik. Hala ere, zenbait jende asaldatu egin zen, eta zenbait jendek liburuan lezio gogor eta latz bat ikusi zuen, lezio morala. Batzuk errukitu egin ziren emakumearen amaierarekin, baina esan daiteke ez zuela indiferente utzi inor: ez garai hartako irakurleak, ezta batere irakurtzen ez zuen jendetza ere.
Baina Patxi Apalategik, Madame Bovary euskaratzean, nolabaiteko jabetza onartu zuen; sentimentala, akaso. Itzultzaileak lotura nabarmena du itzulitako lanarekin; pentsatzekoa da zerbait ekarri duela beretik lanera, jatorrizkoan ez zegoena, eta jatorrizkoa bestelakotu egin duela, zainak eta muina askorik ukitu gabe, lehenean utziz. Egileak esan dezake, zilegitasun osoz, obra berea dela, eta itzultzaileak ere bai, hala da eta. Maila ezberdineko jabetza da, ordea, egilearena, onartua eta goraipatua, sormenari zor zaiona, lanari bezainbeste.
Honenbestez, galdera hau da: norenak dira hitzak?
Itzulitako lan bat irakurtzean, zer irakurtzen dugu?
Bestelako artelanetan ez da halakorik gertatzen. Pintatzaile baten koadroaren kopia beti izango da kopia, originalarekin alderaezina, ez bada originalaren ordezko. Orduan, kopia original bihurtzen da, eta, nola kontu horietan beti dirua dagoen tarteko, kopia originala balitz bezala izan ohi da pagatua, eta erakutsia.
Patxiren Madame Bovary maisulana da. Ezin bestela esan: irakurri besterik ez dago. Gogoan dut itzulpen lan horretan ari zela, ofizioko bestelako lan asperren gainean, zer-nolako kontuz aztertzen zuen hitzez hitz testua. Flaubertek metronomo bat erabiliz idazten zuela jakin nuen Patxik esanda, eta Flauberten le mot juste-k hitz zehatza esan nahi zuela gurean, ez nolanahiko edo hurbileko hitza, ez inguruz inguruko hitza, hitz zuzena, hitz gardena, hitz propioa baizik, itzultzailearen hitzen lurraldeaz haratago finka zitekeena, literaturarenera ekarriz.
La Primitiva Casa Baroja argitaletxea sortu genuenean, Donostiako Plaza Berrian bertan, Miguel Delibesen lan bat ekarri zigun: Kastilla zaharreko kontu zaharrak. Patxik berak eman zigun itzultzailearen arrazoia: Delibesek deskribatzen duen mundua berak ezagutu zuela Ataunen, eta horregatik aise etorri zitzaizkiola hitzak. Delibesen mundua itzuliz, berera itzulia egin zuela. Delibesek ere, oker ez banago, liburu horrekin berak ezagutu izan zuen Gaztela zaharra, eta zaharkitua, ekarri nahi zuen oroimenera, jakinik iragana ez dela eskuratzen, ez berrerosten ere, hitzen bidez ez bada, eta horiek ere galdu egiten direla, inork gordetzen ez baditu.
Fermín Herrero poeta Soriako herri txiki batean jaiotakoa da, Ausejo de la Sierran hain zuzen, biztanle gutxiko parajea. Poesia emanaldi batean aitortu zigun gaztelera, ez espainiera, galzorian zegoen hizkuntza zela. Hortik haren ahalegina hitz zaharrak, txikitan bere herrian entzundakoak, gorde eta erabiltzeko, idatzita badaude galduko ez direlakoan.
Patxi Apalategiren gogoa ere antzekoa zen: Ataunen haurtzaroan ezagutu zuen mundu hartara joan eta hango gorabeherak eta aurre-atzeak gaurkora ekarri, samurtasunez noski. Ez hainbeste Delibesek idazten duena euskarara hitzez hitz ekartzea. Herri euskaldunetako giroa islarazten du Patxik, berak gogoan dituen hitzekin. Horregatik da irakurtzeko atsegina.
Charles Baudelaireren Gaitzaren loreak ere euskaratu zuen Patxi Apalategik, eta Balea Zuria argitaletxeak kaleratu. Hogei urte baino gehiago, nik dakidala, eman zituen bera itzultzen. Baudelaireren testuak bide berriak ireki zizkion poesiari (zenbat aldiz aipatu ote da gurean «bide berrien» kontu hori), modernitate ez asebete batetik abiaturik. Egia esatera, poeta modernoak Baudelaire du aita ponteko, beste batzuen artean. Erromantizismoaren gainbeheraren irudia dakarkigu, bizitza modernoaren ikuspegia, bere alde on eta txarrekin, spleenaren zabalkundea, moderno izateko modua, moderno izan nahi ez dutenen helduleku.
Baudelairerekin zuen adiskidetasuna ez zaie egotzi behar Patxik Parisen igarotako urteei soilik, hango unibertsitatean ikasi baitzuen. Baudelaire modernoa zen malgré lui, baina nola biziko litzateke Paristik urrun? Nola biziko litzateke Patxi Apalategi Parisko ataundarra, Ataungo paristarra, Ataundik urrun?
Pandemia garaian kaleratu zen, 2019an, eta, hori dela eta, ez zuen errekonozimendu handirik izan. Baina osorik irakurriz eta barneraino sartuz aitortu behar da lan handia dela, Baudelaireren izaera, mozorrotu gabe, euskaldundu egin baitu, jatorrizko egiturari, alexandrinoari, errima eta guzti eutsiz.
Baditu Patxi Apalategik bestelako lanak ere euskaraturik. Lévi Straussen Antropologia estrukturala, EHUren Klasikoak sailean. Miguel de Unamunoren Unamuno Rizal-i begira, La Primitiva Casa Barojan argitaratu genuena. Eta beste batzuk. Argitaratu ez direnen artean, nik dakidala, Rousseauren Les rêveries du promeneur solitaire dago, Paseari bakartiaren ameskeriak.
Mereziko luke lan horrek ere inprentaren argia ikustea.


