'The Word for World is Forest'etik 'Oihan hitzean mundua'ra:
itzultzaile bat zientzia-fikzioaren oihanean
Zientzia-fikziozko literaturako idazlerik esanguratsuenetako bat izan zen Ursula K. Le Guin (1929-2018), eta 2021ean argitaratu da lehenbizikoz haren lan bat euskaraz: 'Oihan hitzean mundua'. Itzulpen horren harira, batetik, zientzia-fikzioak euskal letretan izan duen eta gaur egun duen tokia aztertu dugu artikulu honetan, euskaraz idatzi eta batez ere euskarara itzulitako lanak aintzat harturik. Bestetik, egileaz eta liburuaz zenbait gako eman eta gero, itzultze-prozesuan bidera atera zaizkigun buruhauste, kezkabide, erronka eta erabakien berri eman dugu.
Txuriri, tribua osatzen laguntzeagatik.
Sarrera: zientzia-fikzioa ote da euskaraz zientzia-fikzioa irakurtzea?
Ursula K. Le Guinek zioen bezala, zientzia-fikzioak eta fantasiak aukera ematen dute mundu alternatiboak eta egiteko eta izateko bestelako modu batzuk imajinatzeko. Entretenitze hutsaz harago, zientzia-fikzioaren helburua «(egungo) gizakiaren bizitza eta izpiritua aztertzea» da, eta, horretarako, «zientziaz baliatzen da» (Scholes eta Rabkin, 1982; Zalduak aipatua in 2003: 59), baina ez soilik zientziaz, Zalduak berak dakarrenez (2003: 61-62): «[G]eneroaren azken berrogeita hamar urtetako emaitzarik aberatsenak edo interesgarrienak zientzia gogorren eremutik kanpoko diziplinetatik garatutako estrapolazio eta analogien fruitu izan direla aldarrikatu nahiko nuke, hots, soziologiatik, antropologiatik, historiatik, ekonomiatik, psikologiatik… […] gure gizarte-errealitatea islatzen saiatzen den produktu literario berezi gisa ulertu behar dugu, batik bat; zientzia eta teknologia errealitate horren parte diren heinean, garrantzia izango dute, baina ez rol nagusia; horizonte gisa funtzionatzen dute, leit motiv nagusi bezala baino gehiago». Horrez gain, «ZFak “bestea” irudikatzen (eta onartzen) lagundu digu, eta hala egiten jarraituko du, (mendebaldeko) gizartea horren premia larrian dagoenez gero» (2003: 68).
Sarritan bigarren mailako generotzat edo azpiliteraturatzat jo izan den arren, Le Guinek beti aldarrikatzen zuen zientzia-fikzioaren balio literarioa. Horixe defendatu zuen, esate baterako, Zientzia Fikzioaren 33. Mundu Biltzarrean, 1975ean, Melbournen (Australia),1 baita ia 40 urte geroago ere, 2014an, AEBko National Book Foundation erakundearen domina jaso zuelarik iparramerikar letrei ekarpen esanguratsua egiteagatik; Le Guin kexu agertu zen zientzia-fikzioko eta fantasiako idazleen –«irudimenaren idazle» esaten zien berak– ikusezintasunaz eta bazterkeriaz, eta, are gehiago, beharrezkotzat jo zituen garai zailei aurre egiteko (kontuan hartu behar da Trump boterea eskuratzeko bezperetan zela Le Guinek hitzok esan zituenean):2
Garai latzak datozelarik, beharrezkoak izanen ditugu oraingo bizimoduaren alternatibak ikusteko gai diren idazleen ahotsak, gure gizarte izutuaz eta haren teknologia obsesiboez harago joan eta izateko beste modu batzuk ikusteko gai direnenak, eta orobat esperantzarako benetako heldulekuak irudikatuko dituztenenak. Beharrezkoak izanen ditugu askatasuna gogora ekartzeko gai diren idazleak: poetak, bisionarioak, errealitate zabalago bateko errealistak.
Gurean ere, azkenaldian, gero eta ahots gehiago altxatzen ari dira norabide horretan: esate baterako, Katixa Dolhare-Zaldunbidek esana da zientzia-fikziozko literaturak «espirituak zorroztu» eta «irudimenak zabaldu» litzakeela, gaur egungo testuinguru sozioekonomiko-politikoan bereziki (2020). Ildo beretik, Amaia Lekunberrik zientzia-fikzioaren xede espekulatiboa goraipatu du (2018): «“Zer gertatuko litzateke…?” galderatik abiatu ohi denez, zientzia fikzioak gogoeta eta irudimenari ateak zabaltzen dizkio. Ate horrek, orainaldia aztertzeko aukera ez ezik, etorkizunaren gainean espekulatzeko parada ere eskaintzen du».
Alegia, badirudi konturatzen hasiak garela zientzia-fikzioa eta orobat fantasia ez direla espazio-ontzien, urrutiko munduen, azken asmakuntza teknozientifikoen eta izaki estralurtarren abenturen kontaketa soilak eta baliabide apartak direla sakonagoko auziez gogoeta etiko, filosofiko, antropologiko eta politikoak egiteko. Egia da zientzia-fikzioak ildo horretatik jo zuela bere hastapenetan (space opera eta hard science fiction modalitateetan, esate baterako), baina, 1960ko hamarkadaren bukaeraz geroztik, ikuspegia zabaldu, eta lehendik ere existitzen ziren beste azpigenero batzuk hedatu ziren, hala nola utopia eta distopia politikoak.
Ikuspegi-aldaketa horrek, dena den, ez du isla handirik izan euskarazko literatura-ekoizpenean; segur aski, eta hein handi batean, generoaren prestigio faltagatik. Datu zehatzik ez dugun arren, garbi dago ez dagoela masa nahikorik zientzia-fikzioko idazle, irakurle eta argitaratzaileen komunitate egonkor bat ziurtatzeko.
2003an, Iban Zalduak azterketa aski xehea egin zuen gai horri buruz: literatura-generoari buruzko argibide ugari emateaz gain, euskaraz idatzitako zientzia-fikzioaren inbentario gisako bat osatu zuen, eta hona ekarriko ditut daturik esanguratsuenak, laburbilduta (cf. The Encyclopedia of Science Fiction atariko datuak). Zientzia-fikziozko lanen itzulpenari ere erreparatuko diot, noski; Zalduak berak «itzulpenen urritasuna» aipatu zuen bere artikuluan (2003: 72), eta horretan zertxobait sakontzen ahaleginduko naiz.
Euskaraz sorturiko zientzia-fikziozko lanei dagokienez, beraz, lehen lanak 1960ko hamarkadaren bukaeran eta 1970ekoaren hasieran argitaratu ziren. Xabier Kintana hartzen da generoaren aitzindaritzat, zientzia-fikziozkotzat jo daitezkeen euskarazko lehen lan esanguratsuak idatzi zituenez gero: Izaki berria nobela (1969) eta «Ukronia» ipuina (1972). Hamarkada bat geroago, Maddi Pelotek Biharko oroitzapenak ipuin futuristen bilduma (1985) eta Teleamarauna nobela (1987) argitaratu zituen, eta, Arrate Hidalgok azpimarratu izan duenez, «argi utzi zuen euskara gai zela zientziaren eta, ondorioz, zientzia fikzioaren hizkuntza izateko» (Sarriugarte, 2019; cf. Hidalgo, 2021: 16-17). 2000. urtera bitartean, izan dira zientzia-fikziozko istorioak idatzi dituzten beste egile batzuk (Txomin Peillen, Txillardegi, Jose Luis Muñoyerro, Joanes Urkixo… Informazio xeheagoa eta zabalagoa nahi izanez gero, ikus Zaldua, 2003 eta The Encyclopedia of Science Fiction atariko datuak), baina haien artean oso gutxi dira zientzia-fikzioko egile esklusiboak, hau da, gehienek ez dute zientzia-fikzioa bakarrik idazten. Gainera, Zalduak ohartarazi zigunez, zientzia-fikzioa haur- eta gazte-literaturaren eremuan zokoratua geratu da (2003: 79): «[E]uskal ZFak ez du kokaleku sendoa topatu helduen literaturaren esparruan, eta babes bila abiatu da HGLren erresumara». Hidalgok gehitu du euskaraz helduen literaturan argitaratzen den liburu kopurua halako bi argitaratzen dela haur- eta gazte-literaturan, eta merkatuaren % 70 betetzen duela; horra beste faktore bat, beraz, euskarazko zientzia-fikziozko lan gehienak haur- eta gazte-literaturaren esparrukoak izateko (2021: 18-19).
Ia bi hamarkada igaro dira Zalduak hipotesi hori plazaratu zuenetik, eta, gaur egungo ekoizpenari begira, esanen nuke lehengo lepotik dugula burua, hau da, egile eta lan gutxi ditugu oraindik ere, nahiz badiren gauza interesgarriak: gazte-literaturan, Garazi Albizuaren Izadia (2018) eta Yolanda Arrietaren Ataria (2019) aipa litezke; helduenean, Asel Luzarragaren Bioklik (2018), Maite Darcelesen Bihotzean daramagun mundua (2019), Itxaro Bordaren Kripton 85 (2019) eta Eneko Barberenaren Afrikanerrak (2019); komikigintzan, Dani Fanoren Teleatoi. Kalabaza Haluzinogenoak (2010), Iban Zalduaren Azken garaipena (2011), Gregorio Muro «Harriet»en Jon eta Mirka bildumaren berrargitalpena (2016) eta Harkaitz Canoren Museo bilduma (2016) eta Amets alokatuak (2019).
Horrez gain, azken urteetan, ekimen interesgarriak garatu dira Euskal Herrian zientzia-fikzioaren inguruan; esate baterako, AnsibleFest zientzia-fikzio feministaren jaialdia, Zirriborroak eta gero etorkizuneko alternatibak irudikatzeko proiektua, Zarauzko zientzia-fikzio feministako irakurle-taldea3, EHUko Gipuzkoako Campuseko pentsamendu kritikoko irakurle-taldea eta zientzia-fikziozko bertso-saioak (cf. Hidalgo, 2020 eta 2021).4
Euskarazko zientzia-fikzioaren ekoizpenaren analisiarekin segituz, euskarara itzulitako lanei dagokienez, lehenik eta behin azpimarratuko nuke «funtsezko» lan ugari –gehiegi– falta ditugula oraindik, bai klasikoak, bai garaikideak (hori ez da zientzia-fikzioan bakarrik gertatzen, baizik eta genero guztietan, baina bereziki nabaria da zientzia-fikzioan); horrez gain, ez dago zientzia-fikzioan espezializatua den argitaletxerik, ezta bilduma bereziturik ere, eta dauzkagun itzulpen apurrak han-hemenka eta tantaka argitaratu dira.
Segidan, zientzia-fikziozko euskarazko itzulpenen inbentario bat aurkeztuko dut, kronologikoki ordenatuta, hiru multzotan: 1) liburuak, 2) liburu-atalak edo istorio solteak, eta 3) egokitzapenak.5
Liburuak
Liburu-atalak edo istorio solteak
Egokitzapenak
Aitor dezadan aztarrika hasi eta espero nuen baino egile eta izenburu gehiago aurkitu ditudala euskaratuta. Zientzia-fikzioaren zakura bildu ditut denak, jakinik ere haien artean badirela aldeak eta garai eta ildo desberdinetako lanak direla, baina zerrenda orokor bat aurkeztea izan da nire asmo apala. Badirudi, bestalde, 2000. urtetik aurrera zertxobait emendatu dela zientzia-fikziozko lanen itzulpenen kopurua, batez ere Meettok eta Txalaparta argitaletxeei esker, eta halaber eskergarria da Xerezaderen Artxiboaren ekimena.
Ezin ukatu dugu, ordea, hutsune nabarmenak daudela oraindik ere zerrendan, eta, haien artean, bat oso nabarmena, orain artean bederen: Ursula K. Le Guin. Baina, azkenean, 2021ean iritsi da zientzia-fikzioaren eta fantasiaren maistraren lehen eleberri euskaratua, Oihan hitzean mundua, eta Igela argitaletxeari eta Lander Majuelo editoreari zor diegu albiste pozgarria. xxi. mendearen hirugarren hamarkada honetan, Antropozeno/Kapitalozeno bete-betean gaudelarik, giza jarduera Lurra berotzera ere iritsia delarik eta ondorioz glaziarrak eta poloak urtzen ari direlarik, oihanak eta basoak eta orobat bioaniztasuna inoiz baino azkarrago desagertzen ari direlarik, uholdeak eta suteak nonahi eta noiznahi suertatzen direlarik, estraktibismoan oinarrituriko garapen-eredu basatiaren eraginez hainbat eta hainbat herritar beren lurraldeetatik alde egitera behartuak direlarik, lehengai eta hornigaien krisi bete-betean garelarik, zoonosi batek munduaren ordena goitik behera irauli duelarik, eta agintari, politikari eta enpresariek horren guztiaren aurrean industria-, ekonomia-, garraio- eta energia-azpiegitura erraldoiak sustatu eta orobat hazkunde berdearen iruzurra saldu nahi digutelarik, inoiz baino premia handiagoa dugu bestelako mundu batzuk asmatzeko, imajinatzeko eta amesteko, eta horregatik behar dugu zientzia-fikzioa euskaraz, horregatik behar dugu Le Guin gure hizkuntzan (ere), egile ezin aproposagoa delako mundu horietara jauzi egiteko.
Ursula K. Le Guin: irudimena eta fantasia goi-mailako literaturara ekarri zituen idazlea
Ursula K. Le Guin 1929. urtean jaio zen, Berkeley-n (Kalifornia, AEB). Ikasketak direla eta (Frantziako eta Italiako Errenazimentuko Literatura ikasi zuen, Radcliffe College-n), Frantziara joan zen, 1953an, eta, han, Charles Le Guinekin ezkondu zen. 1959an, Portlandera aldatu ziren (Oregon, AEB), eta han bizi izan zen, harik eta 2018an hil zen arte.
Txikitatik, giro intelektual eta kultural aberats batean hazi zen: haren aita antropologo ezaguna eta Kaliforniako Unibertsitateko irakaslea zen; ama, berriz, psikologoa eta idazlea, eta sona handia lortu zuen yahi leinuko azken amerindiarraren biografia idatzi zuelarik. Hain zuzen, Le Guinen liburuetako pertsonaia asko etnologoak, antropologoak edo behatzaileak dira, hala nola Rai Liubov bera, Oihan hitzean mundua eleberriko pertsonaietako bat, eta antropologiaren arrastoa oso nabaria da haren lanetan: Le Guinek ez zituen besterik gabe mundu magikoak irudikatzen; areago, idazketa identitateekin –arraza, etnia, generoa edo klasea– jolasteko laborategi bat zen berarentzat, irakurleak pentsatzera bultzatzeko, gogoeta egin dezaten nolako eragina duten aurreiritzi kulturalek beste herri eta jende batzuen gainean dauzkagun ikuspegietan.
Le Guinek ia 60 urte eman zituen idazten. Haren lana fikzio espekulatiboaren eta fantasiaren eremuan kokatzen da batik bat, baina orotariko lanak idatzi zituen: ipuinak, saiakera, poesia, haurrentzako liburuak, argazki-liburuak, gidoiak, itzulpenak, artikuluak eta literatura-kritikak. Hasieran, 1950eko hamarkadan, editoreek lanak errefusatu zizkioten, eta, orduan, fantasiako eta zientzia-fikzioko aldizkarietan argitaratzen hasi zen (Le Guin eta Naimon, 2018: 41). Artikulu honetara dakargun liburua bera, Oihan hitzean mundua, zientzia-fikziozko istorioen antologia batean argitaratu zen lehenbizikoz, 1972an: Again, Dangerous Visions, Harlan Ellisonek koordinatua.7 Guztira, 21 eleberri, 100 ipuin baino gehiago (11 liburutan bilduak), 11 poesia-liburu, 13 haur-liburu, 5 saiakera-bilduma eta 4 itzulpen argitaratu zituen, baita hainbat sari eta izendapen jaso ere (haien artean, Nebula eta Hugo sari ospetsuak, behin baino gehiagotan).
Le Guinek gure gizarteen, gure sexualitateen eta gure erabaki moralen inguruan gogoeta egitera garamatza bere kontakizunen bidez, eta, horretarako, urrutiko mundu eta planetetara garraiatzen gaitu, fantasia eta irudimena bidelagun hartuta. Izugarrizko gaitasuna zuen beste gizarte eta bizileku batzuk asmatzeko, koherentzia eta xehetasun miragarriz, betiere egiantzekotasuna bilatuz eta horrenbestez gure izatearen ispiluak eratuz.
Bilaketa horretan, unibertso propioak asmatu zituen, eta, haien artean, Earthsea eta Hain izanen dira, segur aski, ezagunenak. Labur-labur azaltzearren, Earthsea zikloko istorioak fantastikoak dira (A Wizard of Earthsea, 1968; The Tombs of Atuan, 1971 eta The Farthest Shore, 1972, besteak beste): aztiak, paisaia liluragarriak, herensuge hegalariak eta mundu magikoak agertzen dituzte, fokua betiere pertsonaien jarrerak eta aurreiritziak aldatzeko xedean jarrita. Harold Bloom literatura-kritikari ezagunak ez zuen alferrik esan Le Guinek goi-mailako literaturara eraman zuela fantasia.
Hain zikloko liburuetan, berriz, bestelako kezka batzuk agertzen dira, giza izatearen orekari eta harmoniari buruzko galdera eta gogoeta filosofiko, etiko, soziologiko eta antropologikoak, maiz taoismoarekin eta budismoarekin bat eginez, eta multzo horretan sartu beharrak dira, besteak beste, Le Guinen lehen hiru eleberriak (Rocannon’s World, 1966; Planet of Exile, 1966 eta City of Illusions, 1967), eta baita haren lanik arrakastatsuenak ere: The Left Hand of Darkness (1969), The Dispossessed (1974) eta Oihan hitzean mundua (1976) bera.
Asko esan liteke Hain zikloko kontakizunez, baina, behar baino gehiago ez luzatzeko, azpimarratuko dut Haineko liburuak Ekumenaren edo Munduen Ligaren inguruan ardaztuta daudela, hots, laurogei planetaz osaturiko federazio intergalaktiko batean; planeta guztiek Hain munduan dute jatorria, eta giza espezieek habitatzen dituzte, baina elkarren artean desberdinak dira, bai planetak berak, bai planetetako biztanleak. Oihan hitzean munduan, adibidez, Athshe planeta da istorioaren jokaleku nagusia, eta Terrako biztanleek –terratarrak edo lurtarrak– Athshe kolonizatzearen ondorioz bi gizarte arras desberdinen artean sortzen diren harremanak –gatazkatsuak zein adiskidetsuak, argiak zein ilunak– eta harreman horien ondorioak dira liburuko gai nagusietako bat.
Bestalde, Le Guin idazten hasi zen garaian, zientzia-fikzioaren eredua guztiz maskulinoa zen: gizonak ziren idazle gehienak, eta orobat gizonak ziren haien liburuetako protagonistak, gizon zuri andana bat unibertsoaren konkistaren xerka, eta emakumeak bigarren maila batean geratzen ziren beti, rol apalagoetan. Le Guinek berak aitortu zuen berak ere molde hartan idazten zuela bere hastapenetan, harik eta mugimendu feministarekin bat egin zuen arte, 1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970ekoaren hasieran: «Barbie zaratatsuak akabatu, eta egiazko pertsonaia emakumeez idazten hasi ginen» (Zenbaiten artean, 2008).
Hala eta guztiz ere, hastapen haietako emakume protagonistak gizonek gobernaturiko munduetan bizi ziren oraindik ere: Le Guinek berak behin baino gehiagotan onartu zuen gizonek bezala pentsatzen eta idazten saiatzen zela azken batean, eta, orduan, urrats bat aurrera egin, eta hausnartzen hasi zen, beste hainbat emakume idazlerekin batera (Joanna Russ, James Tiptree Jr., Lisa Tuttle, Octavia Butler, Vonda N. McIntyre, Marion Zimmer Bradley), zergatik ematen ote zitzaien halako zentralitatea gizonei eta zergatik zeuden emakumeak beti gizonen mende (gai horri buruz, oso jakingarria da, besteak beste, Le Guinen Planet of Exile eleberriaren aitzinsolasa).
Emakume idazleen belaunaldi hark, kode eta topiko zaharrak irauli, eta ordura arte pentsaezinak ziren gaiak ekarri zituen zientzia-fikzioaren lurraldera. Ildo horretan, argigarriak dira Amaia Lekunberriren hitz hauek (2018): «1970eko emakume idazleek goitik behera aldatu zuten panorama ordea, eta erdigunera ekarri zituzten sexuen arteko erlazioak zein genero-rolak, irudimenezko jendarte konplexuetan gertatzen ziren istorioetan. Astindu ederra, espazioko abenturetara eta rol pasibodun emakumezko pertsonaietara ohitutako generoarentzat». Eta, joera berri horretan, «Ursula K. Le Guin hartzen da erreferente nagusitzat, gizonezkoen eremu batean ezustean sartu eta ordena irauli zuelako» (idem).
Le Guinen lan askotan ageri da generoaren eta sexualitatearen gaia, baina, akaso, The Left Hand of Darkness izan liteke aipagarriena (1969), zeinean lurtar batek –Genly Ai– androgino hermafroditen gizarte batekin topo egiten baitu Gethen planetan: hilean behin, kemmer garaian, izaki sexual bilakatzen dira gethendarrak, eme zein ar (bata zein bestea bihur daitezke); sexu-harremanak izaten dituzte, eta ugaldu egiten dira.
Sexualitateaz eta generoaz gain, beste hainbat gairen jokaleku dira Le Guinen kontakizunak, hala nola politika (sistema politikoak, boterearen arriskuak, indarkeria), ekologia eta natura, aurreiritziak (kulturalak eta sozialak), adiskidetasuna, traizioa eta maitasuna, betiere fantasiazko eta irudimenezko munduetatik kontatuta.
Esan dezagun orain zerbait haren idazmoldeari buruz. Le Guin kontagintzaren defendatzaile sutsua zen: «Zalantzarik gabe, ahozko zein idatzizko kontakizunak baliagarriak zaizkigu besteak hobeki ulertzeko eta munduan betetzen dugun lekuaz ohartzeko» (Le Guin, 2018: 306). Askotan goraipatu zituen Virginia Woolfen, Charles Dickensen edo J.R.R. Tolkienen lanak, bereziki haien kontakizunen erritmoarengatik (2018: 113-130). Woolf hizpidera ekarriz, garrantzi handia ematen zion prosaren erritmoari: «Baina istorioa kontatzea konpasari jarraitzea da, geure burua erritmo bilakatzea, dantzaria dantza bilakatzen den era berean. […] nobela bakoitzak bere erritmoa dauka. Eta, idazleak erritmo hori entzun gabe aurrera egiten badu, esaldiak herren geratuko zaizkio, pertsonaiak txotxongilo hutsak izanen dira, eta istorioa faltsua. Idazlea gai bada erritmo horri eusteko, liburua ederra izanen da» (2018: 238).
Erritmo hori lortzeko, prosa soila baina aldi berean oso poetikoa baliatu zuen Le Guinek bere kontakizunetan: «fantasia eta poesia senidetzeko iradokizun bihurri eta, aldi berean, sinesgarria», Hidalgok Oihan hitzen munduaren aitzinsolasean dioen bezala (Le Guin, 2021a [1976]: 10; merezi du Hidalgok Le Guinen prosa poetikoaz eginiko iruzkin osoa irakurtzea, 10.-11. orrialdeetan). Betiere, Le Guinek berak zioen bezala, irakurleak irudimenaren barne-lurraldeetan barrena garraiatzeko.
Oihan hitzean mundua: gaur egungo gatazka moralak etorkizuneko kontakizun batean bildurik
Le Guinek berak liburuaren 1976ko edizioko aitzinsolasean dioenez, Londresen zegoela idatzi zuen Oihan hitzean munduaren lehen bertsioa, «The Little Green Men» izenburupean, 1968an (ikus 7. oin-oharra 6.-7. orrialdeetan). Dioenez, 1960ko hamarkada osoan zehar aktiboki parte hartu zuen bonba atomikoaren eta Vietnamgo gerraren aurkako eta orobat bakearen aldeko manifestazioak antolatzen, eta urte hura, 1968a, bereziki lazgarria izan zen:
Gezurrak eta hipokrisia ugaritu ziren, baita hilketak ere. Horrez gain, garbi geratzen ari zen ezen oihanen eta labore-lurren defoliazioaren zein «bake»aren izenean zibil ez-soldaduak hiltzearen atzean dagoen etika natura-baliabideen espoliazioaren atzean dagoen etikaren ondorio dela argi eta garbi, betiere etekin pribatuen edo npgaren mesedetan, eta orobat etika horren ondorio dela «gizaki»aren izenean Lurreko izakiak hiltzea. Esplotazioaren etikaren garaipena saihetsezina bezain zoritxarrekoa izan zen gizarte guztietan.
Barren-barrenean neramatzan presio horietatik sortu zen istorio hau: nire erresistentzia kontzientearen aurka behartuta, nolabait esateko. Beste nonbait esana dut sekula ez dudala idatzi istorio bat halako erraztasun, jariakortasun eta segurtasun handiarekin eta halako plazer urriarekin.
Vietnamgo gerraren testuinguruan idatzi zuen, beraz, Le Guinek Oihan hitzean mundua, eta, egia esan, liburu osoan zehar identifika daitezke gerra haren erreferentziak, hala nola armen eta gerra-aparatuen aipamenak (brinkopteroak barne), drogen edo haluzinogenoen erabilera soldaduen aldetik edo natiboak gelignitaz blaitu eta ondoren kiskaltzeaz diharduten pasarte lazgarriak (Le Guin, 2021a [1976]: 115):
Egun-argitan hirian sartu, eta kanpoan atzemandako izanki guztiak gelignitatan lorrindu eta erre zituzten; gero, izanki-zuloen sabaien gainean kerosenoa bota, eta gainerako guztiak kiskali zituzten. Ihes egiten ahalegindu zirenak gelignitaz blaitu zituzten; horra ekintzaren alderdi artistikoa: arratoi-zuloetan zain geratu arratoitxoak irten arte, ihes egin zezaketela pentsa zezaten, eta, orduan, oso-osorik frijituta utzi, zuzi bihurtu arte. Haien kalpar berdeak txinpartaka hasi ziren zoroki.
Liburuak zapalkuntzaren, esplotazioaren eta kolonizazioaren gaineko gogoeta sakona iradokitzen du, eta, ildo horretan, nabarmena da liburuak dakarren mezu antibelizista eta antimilitarista.
Jakina, maiz aipatu izan den bezala, krisi ekologiko baten berri ere ematen digu Oihan hitzean munduak. Terra planetako biztanleek Athshe planeta kolonizatu dute; athshetarrak esklabo hartu, eta haien zuhaitzak mozteari ekin diote, gero egurra Terra planetara eramateko, han dagoeneko ez baita oihanik geratzen, den-dena suntsitua dutenez gero. Istorioa fikziozko etorkizun batean kontatua dagoen arren, irakurleari aski ezaguna eginen zaio besteren lurrak kolonizatu eta natura-baliabideak ustiatzearen kontu hori: alegia, gaur egungo gizakiaren gehiegikerien, akatsen eta jarrera antropozentrikoen ispilu da liburua, eta, ildo horretan, esan izan da Le Guinek krisi ekologiko eta belikoa aurreikusi zuela orain dela 50 urte.
Hala eta guztiz ere, oroz gain, bi gizartek, bi zibilizaziok edo bi «desberdin»ek topo egitean sortzen diren harremanez eta harreman horien ondorioez dihardu liburuak. Athshetarrak gizarte utopiko batean bizi dira: bakezaleak dira; ez dakite zer den indarkeria; naturarekin bat eginda bizi dira; gai dira esna amets egiteko; emakumeek gobernatzen dute, nahiz gizonek erdiesten duten jakintza gorena, Ameslari Handiak izateko entrenatzen direnez gero; hots, jarrera filosofiko eta etiko sakon bati helduz egiten dute bizitzan aurrera. Terratarrak, berriz, gaur egun logika kapitalista eta inperialista izendatuko genukeenaren eskemen barnean bizi dira: gerrazaleak dira; natura suntsitzen dute berentzako etekina lortzeko asmo bakarrez; oldarkorrak dira; eredu patriarkalean bizi dira, eta emakumeak gutxietsiak dira, sexu-objektu huts. Alegia, Oihan hitzean mundua gogoeta antropologiko baterako gonbita ere bada: zer harreman eraikitzen ditugu bestearekin? Zertan ematen dugu amore eta zertan ez? Non sortzen da talka? Posible da jokabide-kode egonkortuak aldatzea?
Gorago ere aipatu dugunez, taoismoarekin eta budismoarekin loturiko printzipio eta ideiak oso garrantzitsuak dira Le Guinen fikzioan: ekintzarik eza, nor bere buruarekin eta unibertsoarekin harmonian bizitzea, bizi-erritmo naturalak errespetatzea. Yin eta yang-aren sinboloa, aurkakoen arteko harmoniarena, orekarena, oso metafora indartsua da Hain munduetako simetria harmonikoetan (Fimi, 2018, cf. Le Guin eta Naimon, 2018: 46-47), eta, Oihan hitzean munduan, athshetarrengan gorpuzten da oreka hori.
Azkenik, egiturari dagokionez, zortzi kapitulu ditu liburuak, eta kapitulu bakoitza ikuspuntu batetik kontatua dago: nolabait esateko, hiru pertsonaiaren narratzaileak ditugu (Davidson kapitain doilorra, terratarra; Selver xaloa, athshetarra; eta Liubov kapitain onbera, terratarra), eta ikuspuntu orojakile mugatuaren edo limited omniscient point of view delakoaren bitartez ematen zaigu gertaeren berri (cf. Le Guin eta Naimon, 2018: 33-34). Hau da, hirugarren pertsonan baina pertsonaia jakin batzuen ikuspuntutik ezagutuko dugu istorioa, eta haien kontatzeko erak, doinuak eta hizkerak ere arrasto ugari emanen dizkigute haietako bakoitzaren jokabide eta ekinbideen inguruan (ikus hizkuntza-erregistroei buruzko atala, 18. orrialdean). Narratzaile mota horrek subjektibotasuna eransten dio kontakizunari, baita egiantzekotasuna ere; Idoia Santamariak dakarrenez (2020: 118), Ingeborg Bachmannek ere narratzaile mota hori baliatu zuen Aldiberekoko istorioak kontatzeko: «[…] erretratu hori ez du narratzaile “objektibo” batek egiten; aitzitik, emakume horien ikuspegitik egina dago, haien barruan sartuta idazten du Bachmannek, eta horrek sinesgarri(ago) eta aztoragarri(ago) egiten ditu istorioak».
Itzultzailea oihanean barrena: bihurguneak, bidegurutzeak eta sigi-sagak
Itzultzaile gisa, bide berri bat urratzen hasteko zortea ekarri dit Oihan hitzean mundua itzultzeak, lur berri bat zapaltzekoa. Eta, mendi-gailur batera lehen aldiz igotzen garenean bezala, liburu bat itzultzen dugunean ere orotariko harri-koskor eta oztopoak suertatzen zaizkigu bidean, etengabe, bai eta bidegurutzeak ere, alde batera edo bestera zirt edo zart egin beharra, eta ahalik eta behaztopa gutxien egiteko eta bidean aurrera segitzeko zer zeharbide eta erabaki hartu ditudan azaldu nahi nuke artikulu honetan. Ongi etorri, beraz, oihanera.
Izenburuaz: The Word for World is Forestetik Oihan hitzean munduara
Izenburua lehenbizikoz irakurri bezain laster jakin nuen makina bat buruhauste izanen nituela hura itzultzeko. Hasteko, esaldi aditzdun bat da, eta euskaraz, printzipioz, nahiago izaten ditugu aditzik gabeko izenburuak. Bestalde, ingelesezkoa izenburu iradokitzailea da oso, lirikoa, word-world paronimo bikotea ere biltzen duena. Hitzez hitz itzuliz gero (antzeko paronimo bat lortzea ezinezkotzat jota), Mundurako hitza oihana da izanen genuke, baina aukera horrek ez ninduen konbentzitzen, ingelesez hagitz ongi funtzionatzen duen elipsia hankamotz geratzen baitzitzaidan euskaraz. Izan ere, izenburu horren atzean badago liburuan garrantzi berezia duen gai bat: hizkuntza eta komunikazioa. Athshe planetako biztanle natiboek era berezi batean erabiltzen dute hizkuntza; areago, esan liteke hizkuntzak haien mundu-ikuskera islatzen duela. Athshetarrak naturarekin bat eginda bizi dira; planetaren zati handi bat oihana da, oihan trinko eta sarria, eta lotura indartsu hori hango biztanleen mintzamoldean ere nabari da, naturarekin erlazioa duten metaforak hitzetik hortzera ibiltzen dituztenez gero. Esate baterako, eta hemen dator izenburua ulertzeko gakoa, hitz bera erabiltzen dute mundua eta oihana adierazteko: oihana. Liburuko bi pasarte hauek ematen dute izenburuaren arrastoa (Le Guin, 2021a [1976]: 99-100 eta 119-120):
Oihaneko ekologia oso delikatua da. Oihana galtzen bada, oihaneko fauna ere galduko da. Oihana izendatzeko erabiltzen duten hitz berbera erabiltzen dute athshetarrek mundua izendatzeko.
Bestalde, atsegin zituen athshetarrek beren lurralde eta tokiei ematen zizkieten izenak, bi silabako hitz samur haiek: Sornol, Tuntar, Eshreth, Eshsen –Centralville, orain–, Endtor, Abtan eta, guztien gainetik, Athshe, zeinak «Oihana» esan nahi baitzuen, eta «Mundua». Alegia, Lurrak eta Terrak lurzorua zein planeta adierazten zuten: bi esanahi eta bakar bat. Athshetarrentzat, baina, lurzorua, lurgaina edo lurra ez zen hilak itzultzeko eta biziak bizitzeko toki bat: haien munduaren funtsa ez zen lurra, baizik oihana. Terratar gizonak buztina ziren, hauts gorria. Athshetarrak, berriz, adarra eta sustraia. Ez zituzten harrian zizelkatzen beren buruen irudiak, baizik egurrean, soilik egurrean.
Horra, beraz, izenburuaren azalpena eta athshetarrek errealitateaz duten pertzepzioaren erakusgarri bat.8 Alegia, mundua izendatzeko erabiltzen d(ut)en hitza ezkutatzen da ingelesezko elipsiaren atzean, eta esanahi edo zentzu hori bildu beharra nuen euskarazkoan ere, baina ez hitzez hitz, baizik eta bestelako bidezidorretatik saiatuz.
Izenburuaren korapiloa askatu nahian, beste hizkuntza batzuetan nola itzuli izan duten kontsultatu nuen:
Gaztelaniaz, katalanez eta frantsesez, bide aski literaletik jo dute, elipsiari bere horretan eutsiz eta word hitza izen gisa itzulita (ezen ez hitz). Katalaneko itzultzaile Blanca Busquetsek argitu zigunez,10 katalanez sinonimo partzialtzat har daitezke nom eta paraula hitzak, eta elipsiak ez du trabarik egiten ulergarritasunaren aldetik. Katalaneko izenburua aski musikala da, eta paranomasiari eustea eta are areagotzea ere lortu du, paronimo bikoteari hirugarren elementu bat ere gehituta: nom-món-bosc. Ez dakit gaztelaniaz eta frantsesez ere sinonimotzat har daitezkeen nombre-palabra eta nom-mot bikoteak, baina, edozein kasutan, ez zitzaidan iruditu euskaraz bide horretatik jo behar nuenik, Munduaren izena oihana da edo antzekoren bat sortuta. Nire ustez, aukera horrek ez luke bilduko jatorrizkoaren zentzua, ingelesez aise iragaz-ten den elipsia traba baita euskaraz: jauzi handiegia ikusten nuen jatorrizko zentzutik –mundua izendatzeko erabiltzen d(ut)en hitzatik– munduaren izenara. Bide hori baztertu egin nuen, beraz.
Irtenbide prosaikoagoak ere ibili nituen buruan, errusieraren, polonieraren, suedieraren edo errumanieraren ildokoak: Munduari oihan esaten diote edo Munduari oihan esaten zaio, adibidez. Argiak eta zehatzak bai, baina jatorrizkoari darion lirikotasuna falta zuten, nire iritziz.
Zerbait poetikoagoa saiatu behar nuen, beraz, aukera literaletik pixka bat aldendu eta jatorrizkoaren zentzura ahalik eta gehien hurbilduta. Irudimena dantzan jarri, inguruko lagun eta adiskideak –itzultzaile eta ez-itzultzaile– dantzaldira ekarri, eta, mahai gainera ekarritako aukera guztien artean, Oihan hitzean mundua aukeratu nuen, arras iradokitzailea nire ustez, zentzua ongi biltzeaz gain poetikotasuna ere atxikitzen duena, jakin-mina piztu eta oroz gain oihanean barneratzeko gonbit aski zintzoa egiten duena edo egin nahi lukeena.
Zenbait hautu lexiko
Itzultzaileak ahalik eta zehatzen, argien eta koherenteen eman behar du itzulgai duen testua, zalantzarako eta anbiguotasunerako tarterik utzi gabe eta jatorrizkora albait gehien hurbilduz. Ariketa horretan, funtsezko eginkizuna du lexiko egokia aukeratzea, hitzen eta esapideen esanahia edo esanahiak aintzat hartzea eta dena dagokion testuinguruan ematea. Ados nago Maria Coleraren hitz hauekin (Sarriugarte eta Arrula, 2015: 68): «(…) pentsamenduaren haria gordetzea: idazle batek bere jatorrizko hizkuntzan lau silabako adjektibo bat erabiltzen badu, edo esaldia modu horretan idazten badu zerbaitegatik da, bere pentsamenduaren funtzionamendua erakusten ari zaigu».
Oihan hitzean munduan, etorkizunean eta urrutiko munduetan kokaturiko kontakizun bat den heinean, badago lexiko espezifiko samar bat zientzia-fikzioarekin, teknologiarekin eta orobat mundu espazialarekin lotua dagoena. Kontzeptuetariko asko Le Guinen unibertsokoak dira, berak sortuak, eta beraren beste liburu batzuetan ere agertzen dira. Esate baterako, Hain zikloko liburuetan ohikoa den legez, Oihan hitzean munduan ere Munduen Liga ageri zaigu, laurogei planetako elkarte edo federazio bat jatorria Hain planetan duena eta beste liburu batzuetan Ekumen izenez aipatzen dena. Planeta-izenei dagokienez, gehienak izen berezi asmatuak dira, eta ez dute horrenbestez itzulpenik behar, baina bada salbuespenik, eta planeta batzuek izen bat baino gehiago dute, gainera. Lehenik, beraz, Oihan hitzean munduako planeta-izenak itzultzean hartu ditudan zenbait erabaki azalduko ditut:
- Athshe: Athsheko biztanleek –athshetarrek– Athshe izendatzen dute beren planeta, beren hizkuntzan, eta, ageriko esanahirik ez duenez, jatorrizkoan bezala eman dut euskaraz ere. Planeta kolonizatzera etorritakoek –terratarrek–, ordea, New Tahiti izenez bataiatzen dute Athshe planeta, eta, kasu horretan, itzulita eman dut: Tahiti Berria. Bestalde, Munduen Ligan, World 41 izendatua da, hots, 41. Mundua.
- Terra: Athshe planetaren kolonizatzaileak Terra planetatik datoz, eta bere horretan eman dut euskaraz ere, Terra, jakinik ere gure Lur planetari erreferentzia egiten diola. Hain zuzen, Earth izena ere ageri da kontakizunean, eta, kasu horretan, euskarazko forma erabiltzea hobetsi dut: Lurra. Bestalde, Mother Earth ere agertzen da kasu bakan batzuetan; alegia, Ama Lurra.
- Munduen Ligako beste planeta batzuk: Athshe eta Terra planetez gain, Hain (eta Hain-Davenant), Prestno eta Ceti aipatzen dira liburuan, eta euskaraz ere jatorrizko formak hobetsi ditut. Prestnoren kasuan, Word 88 gisa ere agertzen da, hau da, 88. Mundua.
- Rendlep: Athshe planetan dagoen uharte bat da Rendlep, athshetarren hizkuntzan emana, eta halaxe eman dut euskaraz ere, hizkuntza berezi horren arrastoa gorde nahian: Rendlep. Terratarrek, baina, Dump Island deritzote uharteari, hots, Zabor Uhartea, zuhaitz guztiak ebaki ondoren zabortegi gisa geratua den lurralde bat.
- Eshsen: Athsheko hiri nagusia Eshsen da athshetarrentzat, eta Centralville terratar kolonizatzaileentzat, eta halaxe eman ditut euskaraz: Eshsen eta Centralville.
- Kelme Deva: terratar inbaditzaile egur-goseek Athsheko Kelme Devan ezartzen dute egurketarien kanpamentu nagusia, eta Smith Camp edo Smith Land izendatu. Euskaraz, Kelme Deva, Smith Kanpamentua eta Smith lurraldea.
- Rieshwel: terratarren beste egurketari-kanpamentu bat da Rieshwelekoa, New Java berrizendatzen dutena. Euskaraz, Rieshwel eta Java Berria.
- Athsheko beste toki-izen batzuk: oro har, athshetarren hizkuntzan emanda dauden izenak bere horretan utzi ditut, hala nola Sornol, Cadast, Broter, Tuntar, Eshreth, Endtor eta Abtan. Terratarren berrizendapenak, aldiz, itzuli egin ditut: Abtam Glades > Abtameko Soilguneak; Central Island > Uharte Nagusia; (the) Cut Lands > Lurralde Oihangabetuak; Holle Hills > Holle Muinoak; Lemgan Valley > Lemgan Ibarra;11 North Isle > Ipar Uhartea; North Vales > Iparraldeko Ibarrak; Smith Straits > Smith Itsasartea.
- Munduen Ligako beste izen batzuk: (the) Forty Lands > Berrogei Lurraldeak; (the) Great Lands > Lurralde Handiak;12 (the) Hainish Group > Hain Multzoa; (the) League of Worlds > Munduen Liga.
Zientzia-fikzioko lexikoaz ari garelarik, teknologiak eta aparatuek ere badute beren tokia Oihan hitzean munduan. Haietariko batzuk ezagunak dira; beste batzuk, ordea, Le Guinek asmatuak, eta itzul-irudimenez jokatu behar izan dut halakoetan (ikus halakoei buruzko azalpenak atal honen amaieran, «Le Guinen asmakariak» zerrendan, 16. orrialdean). Hona hemen, beraz, teknologiarekin loturiko termino batzuk, adibidetako:
- air-car > auto hegalari
- flying ship > ontzi hegalari
- Great Ship > Ontzi Handia
- ICD transmitter > BKD igorgailu13
- instantaneous communicator > berehalako komunikagailu
- jet > erreakzio-hegazkin
- launch > suziri
- manned ship > ontzi gidatu
- robodeer > robot-orein
- robo-freighter > robot-kargaontzi
- robosaw > robot-zerra
- robo ship > robot-ontzi
- robot cargo ship > robot-zamaontzi
- semirobo bark-stripper > zuhaitz-azalak erauzteko erdi-robot
Aurrekoarekin loturik, aipagarria da eleberriko lexiko beliko-militar eta aski futurista. Batetik, kolonizazio eta inbasio baten eta horrek dakartzan gatazken eta matxinaden inguruko kontakizun bat denez gero, arma-, lehergai- eta lehergailu-izen ugari biltzen dira testuan, batzuk asmatuak eta beste batzuk ezagunxeagoak. Ez zait erraza egin terminoen esanahia kasu guztietan argitzea, eta, oraingoan ere, oso baliagarria izan zait katalaneko itzultzaile Blanca Busquetsen eskarmentua eta jakintza, berak dagoeneko bederatzi (hamar, laster) liburu itzuliak baitizkio Le Guini. Hona hemen eremu semantiko horretako hitzen erakusgarri bat:
- bugbomb > intsektu-bonba
- burner > errauskailu
- firebomb > su-bonba14
- firejelly > gelignita15
- fire-raid > su-eraso
- fire-setting techniques > su-teknikak
- firethrower > su-jaurtigailu
- heatbomb > bero-bonba
- jelly bomb > gelignita-bonba
- machinegun > metrailadore
- nuke > misil nuklear
- side-arms carried in self-defense > autodefentsarako esku-arma
Bestetik, badira kutsu beliko nabarmeneko kontzeptu berezi batzuk: Airlift Operation > Aire Garraiorako Operazio; Army Prophylactic Psychotherapy Sessions > Psikoterapia Profilaktiko Militarreko Saioak; (the) Arsenal > Armategia; (the) Court Martial > Epaitegi Martziala.
Beste eremu semantiko bateko kontzeptuei helduz, liburuaren izenburuaren itzulpenaren atalean aipatu dut zein garrantzitsua den hizkuntzaren erabilera batez ere Athsheko baina baita Terrako biztanleen nortasuna eta izaera definitzeko orduan ere. Athshetarren mintzoa laxoa da, soila baina aldi berean metafora eta irudi ederrez betea, naturari, ingurumenari eta orobat haien mundu-ikuskerari guztiz lotua. Eta, horren harira, termino, izendapen eta are «erakunde» ugari ere asmatzen ditu Le Guinek. Esate baterako, athshetarrak leinuka (edo) daude antolatuta, eta leinu bakoitza zuhaitz bati dagokio. Adibide gisa, ikus dezagun nola aurkezten duten beren burua Coro Mena eta Selver athshetar ameslariek beren lehen enkontruan (Le Guin, 2021a [1976]: 47):
—Cadast duzu herri hau. Coro Mena nauzu. Elorzurikoa.
—Selver dut izena. Lizarrekoa.
—Badira lizartarrak gure artean, bai gizonak, bai emakumeak. Baita zure ezkon-klanetakoak ere, Urkikoak eta Gorostikoak; ez daukagu, ordea, Sagarrondoko emakumerik. Baina zu ez zara emazte bila etorri, ezta?
Bestalde, haien mundua ametsei lotua eta oso espirituala denez, ez dira falta kutsu horretako kontzeptuak: (the) Ash Spirit > Lizarraren Espiritua; (the) Cradle of Man > Gizonaren Sorlekua; Dreamer > Ameslaria; (the) Elm Dream > Zumarraren Ametsa; (the) Freak Reaction > Erreakzio Xelebrea; Great Dreamer > Ameslari Handia; Great Dreaming > Amesgintza Handia; (the) Lord Dreamer > Jaun Ameslaria; (the) Teddybear Reaction > Peluxezko Hartzaren Erreakzioa…
Eta aire bera darie haien arteko jainko-izenei ere: (the) Aspen-leaf Woman > Emakume Lertxun Hostoa; (the) Carver > Zizelkaria; (the) Gatekeeper > Atezaina; (the) Hunter > Ehiztaria; (the) Lyre-player > Lira Jotzailea; (the) Pursuer > Pertsegitzailea…
Horrez gain, bi planetak –Athshe eta Terra– zein bere erara antolatuta daude. Oso gizarte desberdinak dira, oso bizi-filosofia eta ohitura desberdinak dituzte, eta hori hizkuntzan ere islatzen da, dagoeneko esana dugun bezala. Terratarren antolamendua kapitalista da, zurruna eta guztiz hierarkikoa, eta aire horixe darie haien erakundeen izenei: (the) Bureau of Colonial Administration > Administrazio Kolonialeko Bulegoa; (the) Committee on Rights > Eskubideen Batzordea; (the) Colonial Administration > Administrazio Koloniala; (the) New Tahiti Central Colonial Administration Command > Tahiti Berriko Administrazio Kolonialaren Agintaritza Nagusia; (the) Terran Government > Terrako Gobernua; (the) Terran Interstellar Fleet > Terrako Izar Arteko Flota; Voluntary Autochthonous Labor Corps > Langile Boluntario Autoktonoen Taldeak… Athshetarren gizartea, aldiz, utopiko-anarkikoa da, ageriko antolamendurik eta agintaritzarik gabea, Gosse terratar kapitainak pasarte honetan kezkaz agertzen duen bezala (Le Guin, 2021a [1976]: 159):
—Nola lortuko dugu inongo akordio edo itunik ez gobernurik ez autoritate zentralik ez duen herri batekin?
Egiari zor, erakundeak baino gehiago, biltokiak dituzte athshetarrek, amets egiteko, elkartzeko, solastatzeko eta erabakiak hartzeko guneak, hala nola Gizonen Aterpeak eta Emakumeen Aterpeak (Men’s Lodge & Women’s Lodge), Egongunea (the Lounge) eta Ostatu Etxea (the Hostel), eta, bestela, zuhaitz baten azpian batzartzen dira.
Hautu lexikoen atala bukatzeko, «Le Guinen asmakariak» izendatu dudan hitz sailaz arituko naiz. Izan ere, mundu eta gizarte imajinarioak sortzeaz gain, hitzak eta kontzeptuak asmatzen ere abila zen Le Guin. Dagoeneko aipatu dugu brinkopteroa, baina badira beste batzuk ere, eta esanguratsuenak aipatuko ditut:
- Creechie: Terrako Davidson kapitain zitalak creechie esaten die athshetar natiboei, mespretxuz eta destainaz. Creechie hitza creature-ren aldaera desitxuratu bat da (ahoskera oso antzekoa dute bi hitzek); alegia, gauzatzat hartzen ditu ia, ez-gizakitzat edo ez-kreaturatzat. Kontzeptua euskaratzeko, hiru bide posible ikusi nituen: lehena, bere horretan uztea, ingelesez bezala, etzanez jarrita; bigarrena, ahoskera euskarara egokituz kritxi ematea (bide horixe hobetsi dute beste itzulpen batzuetan, hala nola gaztelaniazkoan, crichi sortuta); eta hirugarrena, euskarazko ordain bat sortzea. Lehenbiziko aukerari helduz gero, beharrezkoa ikusten nuen oin-ohar bat gehitzea, hitza nondik nora sortua den azaltzeko eta haren zentzua ulertzera emateko; bestalde, irakurleari zalantza sor lekioke hitza ahoskatzeko orduan (batzuek kritxi ahoska lezakete, beste batzuek kreetxi…), eta deklinatzeko orduan ere baldar samarra suertatzen zitzaidan (creechiea, creechieak, creechieek, creechieari, creechieei…?). Bide hori bazterturik, bigarrena aztertu nuen, eta, kasu horretan ahoskerak arazorik sortzen ez zuen arren, oharra gehitu beharko nuke, eta testuak indarra galduko luke horrenbestez. Beraz, hirugarrenarekin ausartu nintzen. Jatorrizkoaren esanahi bereko hitz bat asmatu behar nuen euskarazko hitz bat desitxuratuz. Aukera bat baino gehiago ibili nituen buruan, eta, azkenean, izanki aukeratu nuen, izaki eta izan hitzekin jolastuz. Beste itzulpen batzuei erreparatuz, joera nagusia jatorrizkoari eustea izan da, baina badira gu bezala beren hizkuntzan pareko kontzeptuak sortzeko hautua egin dutenak, hala nola Busquets (katalaneko itzultzailea), criatí hitza sortu baitu criatura hitza moztu, -í atzizki txikigarria gehitu eta criat ‘morroia/neskamea’ hitzari keinu eginez.
- Yumen: athshetarrek yumen izendatzen dituzte terratar biztanleak. Human ‘gizakia’ hitza desitxuratzetik sortua da yumen, eta, kasu horretan ere, aukeratu egin behar nuen jatorrizkoa bere horretan uztearen eta euskararen logikaren arabera zerbait berria sortzearen artean. Bigarrenari heldurik, gizaki hitzetik abiatu, eta jatorrizko hitzaren hasierako y- horri keinu eginez sortu nuen euskarazko ordaina: yizaki. Beste hizkuntza batzuetan nola jokatu duten begiratuz gero, izena egokitzera jo dute gaztelaniaz (yumeno) eta katalanez (umà singularrean eta umàs pluralean).
- Hopper: lehenik eta behin, hop aditzak «salto edo jauzi (txikiak) egin» esan nahi du, eta, hopper hitzak zuzeneko itzulpenik ez duen arren,16 aditzaren izen eratorritzat jo eta ‘saltokaria, saltaria, jauzkaria’ esan nahi lezake (gogoan har grasshopper ‘matxinsaltoa’ hitz analogoa; belarretako saltokaria, hitzez hitz). Bestalde, liburuaren nondik norakoen atalean esan dudanez (ikus 9. or.), eleberria Vietnamgo gerraren erreferentziaz josia dago, eta, kasu honetan, hopper hitzak chopper dakar gogora ezinbestean, hau da, iparramerikar soldaduek Vietnamgo gerran erabili zuten helikoptero arin mota; beraz, zilegi iruditu zitzaidan erreferentzia horri keinu egitea, eta, itzul-irudimenari eraginez, ordain bat asmatzeari ekin nion, helikoptero hitza (edo haren zati bat) eta jauzi edo salto hitzak edo haien sinonimo edo antzekoren bat nahasiz. Aukera ugari ibili nituen buruan: heliko, jauzikoptero, jauziptero, saltokoptero… Azkenean, brinkoptero ematea erabaki nuen, jatorrizkoaren zentzua aski zintzoki gordetzen duelakoan.
- Ansible: Le Guinek gailu azkar bat asmatu zuen Hain Multzoko planetak elkarren artean komunikatzeko, ansible deritzona. Rocannon’s World eleberrian erabili zuen lehenbizikoz, 1966an, eta, handik aurrera, liburu batean baino gehiagotan aipatu zuen, baita Oihan hitzean munduan ere. Geroztik, gainera, beste egile batzuek ere erabili izan dute. Ingelesezko answerable hitzetik eratorria da, hau da, «erantzuna emateko gai dena»; eta zenbaitek lesbian hitza ere ikusi dute haren atzean (letra berberak dituzte bi hitzek, hurrenkera desberdinean). Aski kontzeptu zabaldua da nazioartean, eta ingelesez bezalaxe erabili izan da itzulpen askotan (gaztelaniaz, frantsesez, italieraz, portugesez, polonieraz); Euskal Herrian, bestalde, AnsibleFest du izena zientzia-fikzio feministako jaialdi ezagunak, hots, baluke zentzua euskarazko itzulpenean ansible erabiltzeak. Nolanahi ere, beste hitz batzuk asmatzera ausartu nintzen era berean, itzul-irudimenari eragin eta hitz berri bat sortzen hasi nintzen, nahiz ez zen erabaki erraza izan, arestian azaldutako arrazoiengatik. Jatorrizkoari ahalik eta leialen izan nahian (katalanez bezala, responible asmatu baitzuen Busquetsek), erantzun hitza desitxuratzeari ekin nion hasieran (erantzukari?, erantzundegi?, erantzunlari?…), baina, konforme ez, eta, mezu hitzari -kari atzizki ezohikoa gehituz, mezukari asmatu nuen, mezuak trukatzeko gailu bat baita Le Guinen asmakaria azken batean.
- Akronimoak: liburuan badira izen arrunt gisa erabiltzen diren zenbait akronimo, eta, horretan ere, itzul-irudimenez jokatu behar izan dut. Batetik, hilf dugu: «high intelligence life forms». Ahoskatzen erraza zen zerbait bilatu beharra nuen, hilfer ere ageri baita kontakizunean, hau da, delako hilf horiek aztertzen edo ikertzen dituen pertsona. Zenbait proba egin ondoren, agbi sortu nuen, «adimen goreneko bizitza», eta, hortik eratorrita, agbilari. Le Guinek inongo argibiderik eman ez zuen arren, nik oin-ohar bat gehitu nuen azkenean, akronimoa nondik zetorren azaltzeko. Bestetik, nafal abiadura-unitatea dakar Le Guinek: «nearly as fast as light». Ez nago seguru Le Guinek asmatua den, zientzia-fikzioko beste egile batzuek ere erabili izan baitute, hala nola Christopher Rowleyk eta Howard V. Hendrixek, baina pentsa liteke Le Guinek erabili zuela lehen aldiz, beste egile horiek geroztikoak baitira. Euskaraz, beraz, honela eman dut: iaba, «ia argia bezain azkarra». Jatorrizkoari men eginez, letra larriz eman dut akronimoa, hilf/agbi ez bezala, eta oin-ohar batean azaldu dut haren esanahia. Azkenik, bada hirugarren akronimo bat: N.-T.H. edo «non-terran human». Euskaraz, get «gizaki ez-terratarra» eman dut.
- Jentilizioak: Terrako Davidson kapitainak kutsu arrazista nabariko jentilizioak darabiltza Terrako zein Munduen Ligako herritarrak izendatzeko, eta ingelesez bezala eman ditut euskaraz, batzuetan fonetikoki zertxobait egokituta, aski ongi funtzionatzen dutelakoan. Hona hemen zerrenda: euro (europarra), euraf (europarraren eta afrikarraren arteko nahasketa), afro (afrikarra), hindi (indiarra), asio (asiarra), asiatiforme (asiarra), afroasiar (afrikarraren eta asiarraren arteko nahasketa).17
Hizkuntza-erregistroak Oihan hitzean munduan
Liburuari buruzko azalpenean aurreratu dudanez (ikus 9. or.), Oihan hitzean mundua narratzaile orojakile mugatuaren bitartez kontatua dago; alegia, hirugarren pertsonan, baina ikuspuntu jakinetatik, hau da, pertsonaia jakin batzuen begietatik. Zortzi kapitulu ditu liburuak, eta hiru pertsonaiaren narratzaileek txandaka kontatzen dute istorioa: Davidson, Selver eta Liubov. Izaera aldetik elkarrengandik hain desberdinak izanik, bakoitzak hizkera eta erregistro jakin bat darabil, aski markatua, eta euskaraz ere hala jasotzen ahalegindu naiz. Horixe izan da, beharbada, nire kezkarik handiena itzulpen honetan, euskaraz ere erregistro-desberdintasun hori jasotzea.
Ikus ditzagun, bada, narratzaile eta erregistro desberdinok. Davidson, terratarra, zitala eta maltzurra da, misoginoa eta arrazista, esplotatzailea eta nartzisista hutsa, eta, horrenbestez, madarikazioka mintzatzen da, oldarkor eta zakar, maiz barne-bakarrizketen bidez azaleratuz bere gorrotoa eta bestearenganako mespretxua eta herra. Hiru pasarte hauetan, adibidez, aski garbi ikusten da nolako mintzamoldea darabilen Davidsonek, irainez, mespretxuz eta larderiaz betea (Le Guin, 2021a [1976]: 23-24, 108-109 eta 186):18
Kees burutik zeharo jota zegoen. Orein madarikatu haiengatik guztiz larrituta. Animalia bikainak ziren, ados. […] Zer demontre, izanki basek ere ehizatzen zituzten eta, beren arkutxo penagarri haiekin. Oreinak ehizatu beharra zegoen, horretarako jaioak ziren eta. Baina Kees zahar gaixo milikak ez zuen hori ulertzen. Mutil argia zen; ez, ordea, zentzuduna, ezta nahikoa buru sendokoa ere. Ez zuen ulertzen irabazleen aldean jokatu ezean galtzen ateratzen dela. Eta Gizona beti dela garaile. Konkistadore zaharra.
Ez ziren, haatik, leialak. Txakur bat edo txinpantze bat hantxe geratu izanen zen. Gauzaki haiek ez ziren garapen-maila horretara ere iristen; suge edo arratoi gisakoak ziren, kaiolatik aske utzi orduko buelta eman eta edonori hozka egiteko bezain iaioak. […] Zabor Uhartean zaborra bezala bota eta hantxe goseak akabatzen uztea zatekeen konponbiderik onena.
Davidsonek supituan moztu zuen irratia, nardaturik. Denak pitzatuta zeuden: oraindik ere soldaduetara jolasten ari ziren, errealitatetik guztiz kanpo. Gauzak okertzen zirenean, oso gizon gutxi ziren egiaz errealitateari aurre egiteko gai.
Horrez gain, Davidsonek pidgin-hizkera lerdo samar bat erabiltzen du athshetarrekin hitz egiteko. Berak ergeltzat dauzka, alfertzat eta ez-gizakitzat, izankitzat, eta apika irudituko zaio «normal» hitz eginez gero ez diotela ulertuko. Horregatik, aditza isilduz edo jokatu gabe utziz mintzatzen zaie. Euskaraz ere saiatu naiz antzeko efektua lortzen, aditzak jokatu gabe utziz edo deklinabide-atzizkiak isilduz. Hona hemen zenbait adibide (Le Guin, 2021a [1976]: 19, 38):
Selverren ikuspuntua, berriz, patxadatsua da. Selver athshetarra da, eta, terratarren doilorkeria erraietaraino sufriturik, barren-barrenean daramatza mina eta oinazea; hala eta guztiz ere, haren kontakizuna guztiz xaloa da. Ameslaria izateko trebatzen ari da, eta haren diskurtsoak naturaren egoerarekin bat egiten du une oro, beraren izate sentibera berezia agerian utziz. Esan liteke Le Guinen hizkera poetikoa Selverren kontakizunean gorpuzten dela nabarmenen. Hona hemen adibide bat (Le Guin, 2021a [1976]: 45-46):
Haizearen ibilian, hosto luzangetan etengabe aldatzen ziren gorrinaren eta arrastiriaren kolore guztiak, gorri marroikarak zein berde zurbilak. Kobre-koloreko sahatsen sustrai lodi eta bihurriak goroldio-berdez janzten zituen uraren joanak, zeina haizearen gisara mantso-mantso isurtzen baitzen, ur-zurrunbilo leunak eta putzuak eratuz harkaitz, sustrai eta hosto zintzilikari eta erorien artean estropezuka. Oihanean ez zen igartzen ez biderik, ez argi izpirik ere. Haizean, urean, eguzki-argian zein izar-argian barruratzen ziren hosto eta adarrak, enbor eta sustraiak, ospela, konplexutasuna. Bidezidorrak zabaltzen ziren adarren azpian, enborren inguruan, sustraien gainean; ez zuzenki, oztopo ororen aurrean amore emanez baizik, bihurgunez bihurgune, nerbioak balira bezala. Lurzorua ez zen lehorra eta trinkoa, baizik eta umela eta bigun-antza, izaki bizidunen eta hosto-zuhaitzen heriotza luze eta geldoaren arteko elkarlanaren emaitza; eta hilerri oparo hartan hazten ziren hogeita hamar metroko zuhaitzak, baita perretxiko ñimiñoak ere zentimetro bateko zirkuluak osatuz. Aireari usain gozo, aldakor eta eztia zerion. Ez zegoen ikusmira luzatzerik, ez behinik behin adarrak begiradaz zeharkatuz izarren irudia atxiki ezean. Deus ez zen aratza, lehorra, idorra, biluzia. Ez zegoen agerkunderik. Ezinezkoa zen dena kolpe bakarrean ikustea: ez zehatz-mehatz. Gorrinaren eta arrastiriaren koloreak etengabe aldatzen ziren kobre-koloreko sahatsen hosto zintzilikarietan, eta ezin esan zitekeen sahats-hostoak gorri marroikarak, berde gorriztak ala berdeak ote ziren.
Selver urertzeko bide batetik gora zetorren, mantso, maiz sahats-sustraiekin oztopatuz. Ametsetan ari zen gizon zahar bat ikusi, eta geratu egin zen. Gizon zaharrak, sahats-hosto luzangetatik zehar begiratu, eta Selver ikusi zuen bere ametsetan.
—Joan al naiteke zure Aterpera, ene Jaun Ameslaria? Bide luzea ibilia naiz honaino.
Hirugarrena, Liubov, terratar antropologo bat da, athshetarren ohiturak eta bizimodua aztertzen aritua eta gainerako terratarrak baino onberagoa. Besteak –athshetarrak– ulertzen saiatzen da, eta zehatz eta maratz aztertzen ditu ekintza eta gertaera oro. Pertsonaia arranguratsua da, kezkatia, injustizia onartzen ez duena baina aldi berean kontraesanez betea dagoena, eta bere buruhauste eta egonezinek migraina eragiten diote askotan. Eldarnioak jota dagoenean, orotariko hitz-joko zoro errimadunak egiten ditu, eta itzultzaile hau ia eldarniora ere iritsi da batzuetan halakoak euskaratzean (!). Hona hemen adibide bat, eta, behean, itzulpenaren harira bururatu zaizkidan iruzkin argigarri batzuk (Le Guin, 2021a [1976]: 75-76):
Rai Liubov kapitaina buruko minez zegoen. Eskuin-sorbaldako giharretan min arin bat hasi, eta, gero, in crescendo hazi zitzaion oinazea, eskuin-belarrian danbor-arrada burrunbatsu bat eragiteraino. Hizkuntzaren guneak ezkerreko garun-azalean zeudek, pentsatu zuen. Bai, pentsatu egin zuen; ez, ordea, esan, ez baitzen gai ez hitz egiteko, ez irakurtzeko, ez lo egiteko, ez pentsatzeko. Garun-azala, garun-zirimola. Migrainak buruan min, margarinak ogi-min, ai, ai, ai. Bai, jakina, behin sendatua zioten migraina, unibertsitate-garaian, eta beste behin, derrigorrezko Psikoterapia Profilaktiko Militarreko Saioetan; hala eta guztiz ere, Lurretik irten zenean, ergotamina-pilula batzuk ekarri zituen berekin, badaezpada. Bi hartu zituen, eta analgesiko super-itzel bat, eta lasaigarri bat, eta pilula digestibo bat ergotaminaren aurkako kafeinaren aurkakoa, baina ziztadak barrena sastakatzen zion oraindik, eskuin-belarriaren gainean justuki, dunbal handi baten erritmoan. Ziztada, sastakada, eztenkada, aiztokada, hara, hara. Jaunak gorde gaitzala. Arrapala zigala. Nola sendatuko ote dute athshetarrek migraina? Ez ditek migrainarik izanen; esna amestuko ditiztek tentsioak, tentsiook izan baino astebete lehenago. Saia hadi, saia hadi esna amesten. Ekiok, Selverrek irakatsi zian bezala.
Lehenik eta behin, eldarnioaren kontaketaren abiadura nabarmenduko nuke. Liubovi oinazea nola, aurrera egin ahala biziagotuz doa esaten duenaren erritmoa, ezker-eskuin eta aurrera-atzera dabil jauzika, pentsamendu batetik bestera, irudiak eta soinuak eta orotariko ideiak burmuinean gurutzatzen zaizkiola. Joan-etorri zoro horretan, narratzailea hirugarren pertsonatik lehen pertsonara aldatzen da maiz; biek agertzen digute Liuboven ikuspuntua, baina, lehen pertsonan mintzatzen denean, bere buruarekin hizketan dakusagu Liubov, hots, kontakizuna are subjektiboagoa da, eta zentzuzkoa iruditu zait kasu horretan toka erabiltzea, aldaketa are nabarmenagotzeko (azpimarratuta ipini ditut toka emandako zatiak). Bestalde, hitz-joko errimadun eta itxuraz zentzugabeek tren laster batean daramate irakurlea Liuboven sukar-ametsean barrena. Itzulpena egitean, esanahi aldetik ahalik eta antz handiena duten hitzak eta esanahiak aukeratzen saiatu naiz, kontuan izanik errimari ere erreparatu behar niola:
Kasu horretan, cortex-vortex bikote errimaduna itzuli behar nuen, eta, aurretik ere cerebral cortex agertzen zenez (garun-azala), hortik abiatu behar nuen bigarren hitzaren itzulpenaren bila (vortex). Esanahia bilatuta, haize-zurrunbiloa edo traganarrua da ingelesez vortex; beraz, ongi zetorkidan euskarazko zirimola hitza, bai esanahi aldetik, bai errima aldetik (azala-zirimola), eta, horrez gain, garun- osagaia mantentzea erabaki nuen, aurreko garun-azalarekiko lotura aiseago eta argiago egiteko eta esapideari erritmoa emateko.
Esaldi horretan, bi hitz bikote errimadun itzuli behar nituen: migraine-margarine eta headache-breadache. Lehenbizikoak ez zidan lan handirik eman, euskaraz ongi funtzionatzen baitu itzulpen literalak: migraina-margarina. Bigarren atala zailagoa izan zen, breadache hitzak ez baitauka itzulpen argirik, baina, itxura guztien arabera, ogi gehiegi jateak dakarren oinazea edo buruko mina litzateke. Nekez aurkituko diogu zentzurik margarine breadache esapideari, horixe baita helburua, zerbait zentzugabea agertzea, Liuboven barne-zurrunbiloaren erakusgarri, baina hala eta guztiz ere ahalik eta gehien hurbildu nahi nuen jatorrizko esanahira, errimari eutsiz betiere, eta halaxe etorri zen bigarren errima bikotea: buruan min - ogi-min. Onomatopeiari dagokionez, ow-k ingelesez mina adierazten duenez, ai jo nuen ordain egokientzat.
Zati hori itzultzeko orduan, errimari erreparatu diot batik bat (ohar bedi irakurlea ingelesezko lehen lau hitzak monosilaboak direla eta horrek ere erritmoa ematen diola adierazpideari, eta euskaraz ere pareko monosilaboak aurkitzea zatekeen egokiena, baina ez naiz hori lortzeko gai izan). Lehen lau hitzek ‘puntzoia’, ‘zulagailua’, ‘mina, gaitza’ eta ‘pilula’ esan nahi dute berez, eta, euskarazko hitzak aukeratzean, esanahi aldetik ahalik eta gutxien urruntzen saiatu naiz, -kada atzizkiarekin jolastuz eta eremu semantiko bertsuko aleak ekarriz: ziztada, sastakada, eztenkada, aiztokada. Ondoren, hara, hara gehituz eutsi nahi izan diet errimari eta erritmoari, jatorrizkoan ez dagoen errima bat sartuz bidenabar. Eta, ondorengo hitz-jokoan, Lord deliver us - liver sausage konplexu bezain zentzugabean, esanahia alde batera utzi eta errima burugabe samar bat sortu dut, jatorrizkoa antzeratuz, -ala amaiera ardatz gisa harturik: gaitzala-arrapala-zigala.
Eleberrian zehar badira halako adibide franko, baina pasarte hori aukeratu eta iruzkindu nahi izan dut, adibide gisa balio zezakeelakoan.
Azkenik, hizkuntza-erregistroak hizpide ditugularik, bi hitz esan nahi nituzke slang hizkeraz edo lagunarteko mintzamoldeaz, etengabe ageri baita eleberri osoan zehar, batez ere pertsonaia jakin batzuen ahotan. Izan ere, Le Guin izugarri trebea zen gauzak, ideiak eta gertaerak sinpleki baina aldi berean hizkuntza eder eta liriko batean kontatzeko, eta halaber trebea zen bestelako erregistroak bereizteko, hala nola informala. Oihan hitzen mundua testu joria da alde horretatik, eta Le Guinen uztako esapideak ere badakartza, hala nola to go spla adierazpide ezohikoa, nik ganbara pitzatu, pitza-pitza eginda geratu edo pitzatuta egon itzuli dudana. Hona hemen zenbait adibide:
Tankera horretako esamolde eta adierazpideak ugariak dira liburuan, batik bat Davidson kapitaina eta orobat terratarrak athshetar natiboez mintzatzen direnean. Davidsonek, esate baterako, honelako esamoldeak darabiltza athshetarrak izendatzeko, dagoeneko aipatu dugun izanki izenaz gain: sasikume berde ihar ñarro madarikatu (< damn sulky little green bastard), laguntxo berde ñarro xarmagarri (< cute little green feller), ehiztari kalpar-berde ñarro (< little green-furred huntress), deabru berde ñarro (< little green devil), tximino-gizon ñarro iletsu likits (< filthy, hairy little monkeymen), piztia berde ñarro (< little green beast), sasikume ñarro lerdezu (< slimy little bastard).
Ildo berean, emakumeez mintzo delarik, esapide misogino eta matxistak darabiltza Davidsonek. Pasarte hau, esate baterako, antologikoa da (Le Guin, 2021a [1976]: 17):
Hona hemen Davidsonen gizonkeriaren beste adibide batzuk:
Bestalde, estatubatuar soldaduek Vietnamgo gerran nola, terratar kolonizatzaileek ere orotariko drogak hartzen dituzte Athshen daudelarik. Honela euskaratu ditut, beraz, drogaren eremu semantikoko hitzak: maria-kargamentu (< load of maryjanes), goxoki(ak) (< sweet stuff), belar (< grass), marihuana (< marijuana), haluzinogenoak (< hallies), haluzinogeno-txute (< shot of hallucinogen), meskalina (< mesc), lsd (< lice), txirri (< reefer), analgesiko super-itzel (< superhyperduper-analgesic).
Azkenik, orain arte aipaturikoaz gain, azpimarratu nahi nuke Le Guinen prosa oso jostalaria eta dibertigarria dela, ez sobera zamatua eta apaindua, baizik bere sinpletasunean ederra eta xaloa, eta gutxien espero dugunean sortzen duela joko edo errimaren bat irribarre eginarazten duena eta kontakizunari bizitasuna ematen diona:
Azken hitza
Iritsi gara amaierara. Amaitu da bidaia. Ariketa polita izan da liburua itzuli bitartean burura etorri zaizkidan duda-mudak, gogoetak eta orotariko oharrak jasotzea eta halaber ariketa polita izan da behin itzulpena bukatutakoan atzera begira jarri, oharrok berriz irakurri eta zer-nolako oihanetan ibili nintzen gogora ekartzea eta paperera ekartzea.
Itzultzaileak erabakiak hartu behar ditu etengabe, eskura dauzkan tresna eta baliabide guztiak erabiliz baina batez ere senari jaramon eginez eta irakurleengan pentsatuz, eta erabaki horien berri eman nahi izan dut artikulu honetan. Erabaki koherenteak nahi izaten ditugu itzultzaileok, arrazoituak eta argudiatuak, baina atzerabegirako honetan ohartu naiz zein irristakorra den itzultzaileon joko-eremua, zein zaila den guztia kontrolpean izatea eta aldi berean zein gauza ederra eta osasungarria den norberaren laprastadez konturatzea. Horretarako ere balio izan dit artikulu hau idazteak. Izan ere, arrazoi du Aiora Jakak (2018: 71):
Azkenik, berriz, literatura itzultzen dugu, eta ohartzen gara teorian ikasitakoek eta praktikan irakatsitakoek ez digutela maiz askorako balio, arazo jakinen aurrean ahal duguna egiten baitugu eta senari jarraitzen baitiogu beste ezein teoria edo arauri baino gehiago. Tira, itzulpenaren ikerketan eta irakaskuntzan emandako denbora eta ahalegin guztiak justifikatzeko, dena den, esango nuke itzultzailearen sen hori, inkontzienteki bada ere, aldez aurretik egindako gogoeta eta ikasketek moldatua izan ohi dela, eta, beraz, nola edo hala islatzen dela aurretiazko buru-lanketa hori norberaren itzulpen errealetan. Baina, lehengora itzuliz, azpimarratu nahi dut oso ohikoa izan ohi dela kontraesan nabarmenak aurkitzea batek teorian defendatzen duenaren eta praktikan egiten duenaren artean.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiet oihan sigi-sagatsu honetan ondoan izan ditudan lagun eta adiskide guztiei. Lehenik eta behin, Mirentxu Larrañaga Sueskunek eta Garazi Ugalde Pikabeak itzulpena eta artikulu hau zehatz-mehatz irakurri eta ohar eta zuzenketa jakingarriak egin dizkidate, baita erabakiak hartzen lagundu ere. Lander Majuelok prozesu guztian zehar adoretu nau, hasi eta buka. Blanca Busquetsekin zibersolasaldi ezin interesgarri eta aberasgarriagoak partekatu ditut itzulpenaren eta Le Guinen inguruan. Eta aldez edo moldez nire buruhauste eta kezken partaide eta gogaide izan ditut Aroa Uh arte, Arrate Hidalgo, Iban Zaldua, Xabier Olarra, Juan Garzia, Garazi Arrula, Kristin Addis, Sonia Kolaczek, Amelia Pérez eta Katakrakeko irakurle-taldeko lagunak. Mila esker denoi!
Bibliografia
Dolhare-Zaldunbide, Katixa. 2020. «Zientzia-fikzioaren beharra». Argia, 2678. zk.
Fimi, Dimitra. 2018. «Ursula K Le Guin’s strong female voice challenged the norms of the male-dominated genre». The Conversation.
Hidalgo, Arrate. 2020. «Konplize sarea eratuz, zientzia fikzioa oso une polita bizitzen ari da Euskal Herrian». Argia, 2692. zk.
———. 2021. «Etorkizuna: pasado, presente y futuro de la literatura de ciencia ficción en euskera». Supersonic, 16. zk., 16-20.
Jaka, Aiora. 2018. «Benedetti euskaraz». Senez, 49, 71-91.
Le Guin, Ursula K. Planet of Exile, 1966, Ace Books: AEB.
———. 1976. The Word for World is Forest. Tor: AEB.
———. 1979. The Language of the Night, Putnam: AEB.
———. 2008 [1976]. El nombre del mundo es bosque. Minotauro: Bartzelona. Itzultzailea: Matilde Horne.
———. 2018. Contar es escuchar: sobre la escritura, la lectura y la imaginación [The Wave in the Mind: talks and essays on the writer, the reader and the imagination]. Círculo de Tiza.
———. 2021a [1976]. Oihan hitzean mundua. Igela: Iruñea. Itzultzailea: Amaia Apalauza Ollo.
———. 2021b [1976]. El nom del món és bosc. Raig Verd. Itzultzailea: Blanca Busquets.
Le Guin, Ursula K. eta Naimon, David. 2018. Conversaciones sobre la escritura [Conversations on Writing]. Alpha Decay: Bartzelona.
Lekunberri, Amaia. 2018. «Heteropatriarkatuaren espazio eta denborez harago». Argia, 2613. zk.
Santamaria, Idoia. 2020. «Klagenfurtetik Vienara, Ingeborg Bachmann gidari: Aldiberekoren itzulpena». Senez, 51, 91-122.
Sarriugarte Mochales, Danele. 2019. «Gure zientzia fikzioaren aitzindari». Argia, 2636. zk.
Sarriugarte Mochales eta Arrula Ruiz, Garazi. 2015. Elearazi. Hiru urtetako aukeraketa bat: itzultzaileak mintzo. Elearazi.
Zenbaiten artean, 2008, «Ursula K. Le Guin: on the intersection of anarchism & fiction (an interview)». Strangers In A Tangled Wilderness, AEB.
Zaldua, Iban. 2003. «Zenbait gogoeta zientzia-fikzioaren inguruan». Hegats, 32, 47-87.
SAREAN:
Euskarazko zientzia-fikzioari buruzko sarrera The Encyclopedia of Science Fiction atarian
Le Guinen hitzaldia Zientzia Fikzioaren 33. Mundu Biltzarrean (1975), Melbournen (Australia)
Le Guinen hitzaldia AEBko National Book Foundation erakundearen domina jasotzeko ekitaldian (2014): https://www.ursulakleguin.com/nbf-medal
1. Biltzar hartan, eleberri onenaren saria jaso zuen Le Guinek, The Dispossessedekin, eta ohorezko gonbidatu gisa parte hartu zuen. Sarean ikus daiteke haren hitzaldi gogoangarria.
3. 2021ean jarri da abian, eta, hain zuzen ere, Le Guinen Oihan hitzean mundua izanen da irakurgaietako bat.
4. Azkenaldian zientzia-fikzioak gurean piztu duen interesaren erakusgarri, 2021eko irailean, Euskal Herriko zientzia-fikzioari buruzko mahai-inguru bat antolatu zen, Literaturia jaialdian, Zarautzen. Parte-hartzaileak: Danele Sarriugarte, Arrate Hidalgo, Kati Olaizola eta Amaia Apalauza.
5. Eskerrak eman nahi dizkiet Arrate Hidalgo eta Iban Zaldua adiskideei, inbentario hau osatzen laguntzeagatik eta atal honi buruz bereziki egindako ohar jakingarriengatik. Eskerrik asko, orobat, Harkaitz Canori eta Bego Montoriori, zientzia-fikziozko komikien berri emateagatik.
6. Ez dut argitalpen-urteari dagokion daturik aurkitu.
7. Argitalpen hark bultzada handia eman zion garai hartako zientzia-fikzioari; hainbat idazlek parte hartu zuten (Le Guinez gain, Ray Bradbury, Joanna Russ eta James Tiptree Jr. dira ezagunenetako batzuk), new wave bete-betean, eta, haiei esker, kode eta ikuspegi berriak txertatu ziren zientzia-fikzioan, hala nola sexualitateari eta generoari buruzkoak. Le Guinek, berez, urte batzuk lehenago idatzi zuen istorioa, «The Little Green Men» [Gizon txiki berdeak] izenburupean, baina Ellisonek berak proposatu zion izenburua aldatzeko: The Word for World is Forest.
8. Era berean, athshetarrek hitz berarekin izendatzen dituzte ametsa eta sustraia (ametsa gakoa da athshetarren izaeran, esna amets egiteko gai baitira; haien artean badira Ameslari Handiak edo ametsak irakurtzen/interpretatzen dakiten aditu trebatuak. Areago, amets-denbora eta mundu-denbora bereizten dituzte Athsheko biztanleek), baita jainkoa eta itzultzailea ere (ametsak interpretatzen/itzultzen dituena da itzultzailea, hots, jainkoa).
9. Edizio batzuetan, las («oihana») eta świat («mundua») hitzak komatxo artean emanda daude.
10. Busquetsek eta biok ia aldi berean jardun dugu liburua itzultzen, berak katalanera eta nik euskarara, eta biziki eskertua nagokio prozesuan zehar trukatu ditugun iritzi, ikuspuntu, zalantza eta galdera guztiengatik.
11. Lehen edizioan, Lemgan ibarra eman nuen, hots, aposizioko izena letra xehez idatzirik, baina, koherentziari zor, Lemgan Ibarra zuzendu genuen bigarren edizioan, aposizioa larriz emanik.
12. Jatorrizko testuan, big lands eta big Lands izendapenak ere ageri dira, eta lurralde handiak eta Lurralde handiak gisa eman ditut, nahiz itxura batean letra larri eta xeheen erabilera oso koherentea ez izan, baina jatorrizkoa errespetatzea iruditu zait zintzoena.
13. ICD: instantaneous communication over distance; BKD: berehalako komunikazioa distantzian gaindi.
14. Lehen edizioan, bonba su-eragile eman nuen firebomb, eta artikulu hau ontzen ari nintzelarik ohartu nintzen hobe nuela su-bonba itzuli, antzera itzuli bainituen fire osagaia duten beste hitz elkartu batzuk. Hortaz, su-bonba zuzendu nuen bigarren ediziorako.
15. Blasting gelatine edo jelly ere esaten zaio lehergai mota horri (bide batez, Vietnamgo gerrako napalma dakar gogora); hori dela eta, jele-su edo gelatina-su aukerak ere ibili nituen buruan, baina gelignitaren alde egin nuen azkenean, termino zehatzagoa zelakoan.
16. Salgaietarako tren-bagoi mota bat izan daiteke hopper, baina ez digu balio gure testuingururako.
17. Inkoherentzia balirudike ere, jatorrizkoari leial izan nahian itzuli ditut asio eta afroasiar formak. Izan ere, Le Guinek ere asio erabili zuen, hau da, berak asmaturiko jentilizio bat, ingelesezko ohiko asian-en ordez, baina, era berean, afrasian eman zuen guk afroasiar eman dugun forma, eta ez **afrasio.
18. Azpimarratuta eman ditut nire ustez Davidsonen hizkera oldarkorra hobekien islatzen duten elementuak, nahiz diskurtsoa bere osotasunean den kontuan hartzekoa.