Benedetti euskaraz
Aiora Jaka

Artikulu honen egileak euskarara itzuli berri du Mario Benedetti idazle uruguaitarraren 'Primavera con una esquina rota' eleberria, eta itzulpena egitean sortu zaizkion zailtasun eta buruhausteen inguruko hausnarketa ekarri digu orriotara. Zehazki, hitz-jokoen erabileraz eta erreferentzia linguistiko-kulturalen itzulpenaz edo egokitzapenaz dihardu.

Bukatu berria dut Mario Benedetti idazle uruguaitarraren Primavera con una esquina rota eleberriaren itzulpena, eta, Senezetik egin didaten eskaerari erantzunez, berehala ekin diot itzulpenean izan ditudan zailtasun eta buruhausteen inguruko hausnarketa egiteari.

Eskainiko dudan gogoeta guztiz enpirikoa izango da, guztiz a posteriori eginikoa, itzultzean ez baitiot ezein teoria, eskola nahiz itzulmolde jakini jarraitu. Uste dut itzulpengintzan dihardugun gehienoi antzeko zerbait gertatzen zaigula. Alde batetik, teoriak ikertzen ditugu, itzulpenak nolakoa behar lukeen hausnartzen, jokabide zehatz batzuk lehenesten, eta besteren itzulpenak ikuspuntu batetik nahiz bestetik aztertzen eta kritikatzen. Beste alde batetik, itzulpenaren irakaskuntzan gabiltzanok, behintzat, praktikoak izaten irakasten diegu ikasleei, ahalik eta itzulpen «egokienak» eta «funtzionalenak» egiten, jatorrizkoa errespetatzen, etorkizunean merkatuaren eskaerei behar bezala erantzuten jakin dezaten; arau zehatzak ematen dizkiegu, soluzio praktikoak proposatzen, irakurgarritasuna lehenesten, euskara batu eta idazkera estandar bat exigitzen. Azkenik, berriz, literatura itzultzen dugu, eta ohartzen gara teorian ikasitakoek eta praktikan irakatsitakoek ez digutela maiz askorako balio, arazo jakinen aurrean ahal duguna egiten baitugu eta senari jarraitzen baitiogu beste ezein teoria edo arauri baino gehiago. Tira, itzulpenaren ikerketan eta irakaskuntzan emandako denbora eta ahalegin guztiak justifikatzeko, dena den, esango nuke itzultzailearen sen hori, inkontzienteki bada ere, aldez aurretik egindako gogoeta eta ikasketek moldatua izan ohi dela, eta, beraz, nola edo hala islatzen dela aurretiazko buru-lanketa hori norberaren itzulpen errealetan. Baina, lehengora itzuliz, azpimarratu nahi dut oso ohikoa izan ohi dela kontraesan nabarmenak aurkitzea batek teorian defendatzen duenaren eta praktikan egiten duenaren artean.

Esate baterako, nire ikasleak behin eta berriz ohartarazi izan ditut puntuazioa egoki erabiltzearen beharraz, puntuazio-arauak errespetatzearen nahitaezkotasunaz, Juan Garziak esandakoei hitzez hitz jarraitzearen ezinbestekotasunaz. Komak ez dira nahi direnean jartzen, jarri behar direnean baizik. Eleberri honen itzulpenean, baina, zenbat aldiz ez ote ditut hautsi nik neuk sutsuki defendatu eta exigitutako arauak, Benedettiren estiloa erreproduzitzeko beharrak hartaratuta.

Artikulu honetan, ordea, ez dut puntuazioaz jardungo. Aitzitik, obra honen elementu funtsezkoenetako batez arituko naiz: bereziki, hitz-jokoen erabileraz eta, bigarren plano batean baina neurri batean horrekin lotuta, erreferentzia linguistiko-kulturalen itzulpenaz edo egokitzapenaz. Gaiari bete-betean heldu aurretik, ordea, azal dezadan gain-gainetik zein den eleberriaren hari nagusia, baita Benedettik darabilen estiloa ere.

Udaberri kantoi-hautsia

Eleberri honetan, Mario Benedettik (1920-2009) Uruguaiko historiaren aro zehatz batean kokatutako fikziozko istorio bat kontatzen du, elementu autobiografikoz tartekatua: militarrek 1973ko estatu-kolpearen ondoren ezarritako diktaduraren ondorio latzak bere larruan sufritzen dituen familia bateko kideak dira pertsonaia nagusiak. Santiago kartzelan dago, Montevideon, eta haren familia, berriz (Graciela emaztea, Beatriz alaba, don Rafael aita eta Rolando laguna), Mexikon erbesteratuta. Pertsonaien ahotsak tartekatuta ageri dira nobela osoan, kapitulu bakoitza pertsonaia baten ikuspuntutik kontatzen baita: Santiagok emazteari edo aitari idazten dizkion eskutitzen bidez adierazten ditu bere sufrimendu, gogoeta, itxaropen eta ametsak; Graciela, berriz, elkarrizketa bidez nahiz hirugarren pertsonan kontatutako narrazioen bidez deskribatzen zaigu; Beatriz, bederatzi bat urteko neskatila, helduen munduko kontzeptuak bere haur-ikuspegitik ulertzen saiatzen da barne-gogoeta samur bezain barregarrien bidez; don Rafaelek eguneroko moduko batean kontatzen ditu bere kezka eta arrangurak; eta Rolando, azkenik, lehenengo nahiz hirugarren pertsonan idatzitako kapituluen bidez ezagutzen dugu.

Egoera ez da erraza ezein pertsonaiarentzat, bizitza gogorra baita oso, bai kartzelan, bai erbestean. Hala eta guztiz ere, umorea eta ironia oso presente daude nobela osoan, barrea sufrimenduari aurre egiteko erabiltzen baitute Benedettiren pertsonaiek. Eta umore hori hizkuntzaren erabilera berezi batean islatzen da askotan: hitz-jokoen, esamolde desitxuratuen, zentzu anitzeko hitzen edota lerroarteetan ezkutatzen diren esanahien bidez, botereak manipulaturik duen hizkuntza berreskuratu nahi da, botereak zentsuratutako hitzei haize berria eman nahi zaie. Horrela, pertsonaia guztiek hizkuntzarekin jolastuz eta testua umorez zipriztinduz kontatzen dute beren istorio tristea, nork bere erara: Santiagok tonu serioan baina zentsurari eta etsipenari aurre egiteko hizkuntzarekin jolastuz; Beatrizek bederatzi urteko neskatila baten haur-hizkera eta haur-arrazoinamendua erabiliz eta hitzak ulertzeko ahaleginean hainbat kontzeptu nahastuz; don Rafaelek adinak ematen duen jakinduriaz baliatuz eta ingurukoez eta bere buruaz trufatuz; Rolandok egundoko sarkasmoa erabiliz, eta abar. Hori guztia kontuan hartuta, ezinbestekoa iritzi diot hizkuntzaren erabilera jolasti hori itzulpenean ere agerian geratzeari.

Itzulpena

Jatorrizko hizkuntzarekin eta kulturarekin estuki loturiko zenbait erreferentzia itzultzeko zail samarrak izan arren, argi nuen hasieratik itzulpenean ez nuela halako hitz-joko edo txisteak azaltzeko oin-oharrik jarriko, beste hizkuntza batzuetako itzultzaileek egin duten bezala, eta euskaraz nola hala erreproduzituko nuela jatorrizkoan ageri ziren pasarte berezi horiek eragindako efektua. Datozen ataletan, hainbat adibide emango ditut, arazo motaren eta aurkitutako irtenbidearen arabera sailkatuta.

1) Hitz-jokoak

Eleberria hitz-jokoz josirik dago, eta ez da beti samurra izan itzulpenean indar edo efektu bertsuko baliokidea aurkitzea. Batzuetan, erraz konpondu ahal izan dut arazoa, euskaraz forma edo etimologia bereko hitzak erabilita. Gehienetan, ordea, soluzioa ez zen hain erraza, eta beste irtenbide batzuk bilatu behar izan ditut.

1.1) Gaztelaniaz eta euskaraz forma eta esanahi bera duten hitzekin egindako jokoak
Euskarak eta gaztelania, oso hizkuntza desberdinak izan arren, hiztegi mailan jatorri bereko hitz asko dituzte, eta, halakoetan, oso erraza izan da itzulpenean sorburu-testuko hitz-joko bera mantentzea. Adibide batzuk baino ez ditut aipatuko, azalpenetan luzatu gabe:

pacientes subversivos – subversivos impacientes paziente subertsibo – subertsibo inpaziente
Incluso el pobre analista las pasó mal. Allá se negó a proporcionar las fichas de sus pacientes subversivos y menos aún las de los subversivos impacientes. Y claro, las pasó mal. (30. or.) Analista gizajoak ere gaizki pasatu zuen. Han ez zituen inolaz ere entregatu bere paziente subertsiboen fitxak, are gutxiago subertsibo inpazienteenak. Eta noski, gaizki pasatu zuen. (52. or.)
polución: efusión del semen poluzio: semena isurtzea
Dijo el tío Rolando que esta ciudad se está poniendo imbancable de tanta polución que tiene. […] fui al diccionario y busqué la palabra IMBANCABLE y no está. […] La otra palabra, polución, es bastante más difícil. Ésa sí está en el diccionario. Dice, POLUCIÓN: efusión del semen. Qué será efusión y qué será semen. (118. or.) Osaba Rolandok esan zuen hiri hau antojagarri bihurtzen ari dela hainbeste poluzioren ondorioz. […] hiztegira jo eta ANTOJAGARRI hitza bilatu nuen eta ez dago. […] Beste hitza, poluzioa, dezente zailagoa da. Hori bai, agertzen da hiztegian. Hauxe dio, POLUZIO: semena isurtzea. Zer ote da semena eta zer ote da isurtzea. (167. or.)
amnistía - amnesia amnistia - amnesia
Cuando venga la amnistía se acabará la amnesia. (149. or.) Amnistia datorrenean amnesia bukatuko da. (208. or.)
primaria y primaveralmente primario eta primaderatsu
Eso sí, es probable que estés más seria, que no te rías tan estruendosamente, tan primaria y primaveralmente como antes. (124. or.) Hori bai, segur aski itxura serioagoa izango duzu, ez duzu lehen bezain zaratatsu barre egingo, lehen bezain modu primario eta primaderatsuan. (175. or.)


1.2) Gaztelaniaz eta euskaraz forma eta/edo esanahi bera ez duten hitzekin egindako jokoak

Kasu gehienetan, ordea, ez dut zorte bera izan, eta behartuta egon naiz euskaraz bestelako hitz-joko batzuk bilatzera.

1.2.1) Jatorrizko hitz-jokoa beste hitz-joko batez ordezkatu

Halakoetan, hitz-jokoa osatzen duten hitzetako batetik abiatu izan naiz: haren esanahia itzuli, eta, ondoren, ordain horren antzeko hitzen bat bilatu dut, aurrekoaren ondoan jarrita eta testuinguru jakin horretan jatorrizko hitz-jokoaren pareko efektua eragiten duena, irudia desberdina izanda ere. Aurkitu ditudan irtenbide batzuekin oso gustura geratu naiz; beste batzuek, ordea, ez naute guztiz ase. Hona hemen adibide batzuk:

derrota y derrotero noraeza eta norabidea

Jatorrizkoko edozein hitz-joko euskarazko hitz-joko batez itzultzea garrantzitsua iruditu bazait ere, honako hau mantentzea bereziki izan da inportantea, testu barruko gogoeta bateko gakoa ez ezik kapitulu baten izenburua ere bai baita. Don Rafael ari da hizketan, eta esaten du Montevideon bizi zenean beti hartzen zuela bide bera etxera itzultzeko, eta orain, erbestean, faltan botatzen duela etxerako bide ezagun eta betiberdin hori. Baina erbesteratuari ez omen zaio herri berrira ohitu beste erremediorik geratzen, eta hala ohitu omen da bera ere a nuevos derroteros. Hitz hori derrota hitzetik datorrela esaten du ondoren, eta bera bezalako uruguaitarren porrotaz hausnartzera pasatzen da. Derrotero hitzak, gaztelaniaz, ‘camino, rumbo, medio tomado para llegar al fin propuesto’ esan nahi du, DRAEren arabera. Euskaraz, bide, ibilbide, norabide edo antzeko hitzen batekin izendatuko genuke ideia hori. Derrota hitzaren ordain moduan, berriz, porrot, galera edo antzekoren bat erabiliko genuke, baina bistan da hitz horiek ez dutela zerikusirik, forma edo etimologia aldetik, hitz-jokoaren lehen zatiaren euskal ordainekin. Beste hitz bat bilatu beharra zegoen, beraz, eta azkenean, norabide eta noraez hitzekin jokatzea erabaki nuen. Noraezek porrotek bezain esanahi negatiboa ez badu ere, iruditzen zait egoki deskribatzen duela erbestearen testuingurua:

En la nueva ciudad había nuevos derroteros.
Derrotero viene de derrota, ya lo sé. Nuestra
derrota no será total, pero es derrota. (18. or.)

Hiri berrian norabide berriak.
Ala noraez berriak? Gure noraeza ez da
erabatekoa izango, baina noraeza da. (36. or.)

Euskaraz, jakina, ezin nuen esan norabide hitza noraezetik datorrela, eta pertsonaiak bere buruari egiten dion galdera labur batez ordezkatu nuen pasarte hori.

aprender – aprehender antzeman – atzeman

Beatrizen ikuspuntutik kontatzen den lehenengo kapituluan, aprender eta aprehender hitzen arteko jolasa egiten da. Bederatzi urteko neskatilak adin horretako haur baten hizkera erabiltzen du oro har, baina, noizean behin, helduei entzundako hitz edo kontzepturen bat sartzen du, eta horren inguruko gogoeta egiten. Horixe gertatzen da pasarte honetan, neskatilak bere aitaren atxiloketa kontatzen duenean:

A mi mamá no le gusta la primavera porque
fue en esa estación que aprehendieron a mi
papá. Aprendieron sin hache es como ir a
escuela. Pero con hache es como ir a la policía.
A mi papá lo aprehendieron con hache y como
era primavera estaba con un pulóver verde.
(23. or.)

Nire amari ez zaio udaberria gustatzen
urtaro horretan atzeman zutelako nire
aitatxo. Antzeman enerekin edonork egin
dezake. Baina ene gabe poliziak bakarrik.
Nire aitatxo ene gabe atzeman zuten eta
nola udaberria zen jertse berde bat zeraman.
(42.-43. or.)

Neskatilak ikasi berria du aprehender hitzaren esanahia, eta pasarte honetan oso barregarri gertatzen den modu batean azaltzen du, aprender ia homonimoarekin alderatuz. Euskaraz, argi zegoen beste bi hitz bilatu behar zirela, elkarren arteko antza izanik erregistro aldetik maila berean egongo ez zirenak. Aprehender hitzaren esanahitik abiatuz, atzeman aditza hautatu nuen, hitz hori ere, gaztelaniazkoa bezala, erregistro jaso bati zegokiola iritzita (baliteke Iparraldeko haurrentzat oso hitz ezaguna izatea, baina Hegoaldean, oro har, ez da oso maiz erabili ohi den hitz bat, ez behintzat haurren artean), eta antzeman aditzarekin duen hoskidetasunarekin jokatu nuen. Horrek, noski, esaldi pare bat aldatzera behartu ninduen, baina emaitza nahiko txukun geratu zela iruditu zitzaidan.

rascacielos – escarbadientes etxe orratz – eguzki-lore

Pasarte hau ere Beatrizi dagokio. Berez, ez da hitz-joko bat, gogoeta metalinguistiko bat baizik. Baina, sail honetako hitz-jokoak itzultzeko erabili dudan metodoaren antzekoaz baliatu naizenez, hemen aipatzeko modukoa iruditu zait. «Los rascacielos» izeneko kapituluan, Beatrizek bera orain bizi den herriko etxe orratzak deskribatzen ditu, eta lehen esaldian bertan gaztelaniazko hitz horren idazkerari buruz hausnartzen du: rascacielos hitza, gaztelaniaz, berdin idazten omen da singularrean eta pluralean, eta gauza bera gertatzen omen da escarbadientes hitzarekin. Euskaraz, argi nuen etxe orratz hitza erabili behar nuela, kapitulu osoa eraikin mota horren inguruko narrazio bat baita. Gogoeta metalinguistikoa, ordea, ezin nuen arau linguistiko berberaren inguruan eraiki. Beste zerbait pentsatu beharra zegoen etxe orratz hitzetik abiatuta, eta, azkenean, marratxoaren erabilera aipatzea bururatu zitzaidan, ohartu bainintzen joera handia dagoela euskaraz etxe-orratz idazteko, bi izenez osatutako hitz konposatuak idatzi ohi diren bezala: janari-denda, etxe-atari, auto-saltzaile, ahuntz-gazta… Kasu horietan, ordea, elementu nagusia bigarren izena da (denda, atari, saltzaile, gazta), eta etxe orratzen kasuan, berriz, lehenengoa (etxe); bigarren izenak adjektibo kalifikatzaile moduan jokatzen du hemen, eta etxea nolakoa den zehazten: orratz formakoa. Euskaraz antzeko izen konposaturen bat ba ote genuen pentsatzen jarri nintzen orduan: galtza pirata, mutil katxarro eta emakume jirafa bururatu zitzaizkidan, baina, Inazio Mujika Iraola editoreak testua irakurtzean ohartarazi zidan bezala, hiru aukera horiek nahiko modernoak dira euskaraz, modernoegiak istorioa kokatzen den garairako. Marratxodun hitz elkartu bat erabiltzea proposatu zidan, beraz, eta honela geratu zen azkenean itzulpena:

El singular se escribe rascacielos y
el plural también se escribe rascacielos.
Pasa lo mismo que con escarbadientes.
(47. or.)

Etxe orratza marratxorik gabe idazten da,
lehenengo hitza delako inportanteena.
Kontrakoa gertatzen da eguzki-lorearekin:
hor bigarrena da inportanteena eta
marratxoa jar daiteke. (73. or.)

Jatorrizkoan ez da arau linguistikoa aipatzen, baina euskaraz beharrezkoa iritzi nion marratxoaren erabilerari buruzko azalpen labur bat emateari (lehenengo hitza delako inportanteena), iruditu baitzitzaidan, gainera, azalpen hori bat zetorrela Beatrizek helduen hizkera hartzen saiatzen denean erabili ohi duen tonu pedantearekin.

un pasado pesado y pisado iragan astun estu eta ostu bat

Rolando ari da hausnarrean pasarte honetan, eta borroka politikoari, norberaren herriaren historiari eta batez ere burkideei zor zaien leialtasuna aipatzen du. Iragana aipatzean, oso efektu fonetiko polita eragiten duen jolasa egiten du pasado izenaren eta pesado eta pisado partizipioen artean. Euskaraz ez dut lortu iragan izenarekin edo haren sinonimoren batekin antzeko jolasik aurkitzea, baina astun izenondotik abiatuta estu eta ostu bururatu zaizkit, eta, jatorrizkoan bi izenondo baizik agertzen ez diren arren, itzulpenean hiru sartzea erabaki dut, orotara antzeko luzerako sintagmak lortzen baitira silaba aldetik:

lealtad a un pasado pesado y pisado y
a una moral no articulada pero vigente y
a larguísimas discusiones hasta el alba (115. or.)

leialtasuna, iragan astun estu eta ostu bati,
eta isilpean baina indarrean zegoen moral bati,
eta goizaldera arteko eztabaida ezin luzeagoei (163. or.)

Esanahia zertxobait aldatzen da hemen ere, baina iruditzen zait estuk eta ostuk nahiko ondo deskribatzen dutela iragan zapalduaren irudia.

molares – morales haginetan – agintean

Santiagok, bere emazteari kartzelatik idazten dion gutun batean, bost urteko espetxealdiak eragin dizkion aldaketa fisikoak kontatzen dizkio. Galdu dituen hortz-haginak aipatzean, molar eta moral hitzen arteko joko polit bat egiten du. Euskaraz, hasieran, moraletik abiatzea pentsatu nuen, euskaraz ere existitzen delako hitz hori (molar ere ulertuko litzateke ziurrenik hortz-haginen testuinguruan, baina euskal hiztegiek kimikako mol terminoarekin loturiko esanahia soilik aitortzen diote). Moraletik abiatuta, ordea, ez nuen gustuko hitz-jokorik topatu, eta beste zerbait bilatu behar izan nuen. Hasieran, txantxar eta txantxa arteko hoskidetasuna baliatzea pentsatu nuen (txantxarren bat gehiago dut - ez dut txantxaren bat esan), baina Inaziok aukera hobea proposatu zidan hagin eta aginte hitzak erabilita:

A mí por ejemplo me encontrarían
sin nada nadita de panza, y con
menos pelo […]. También hay algunas
vacantes incisivas y molares
(ojo al gol, que no dice morales ¿eh?).
(124. or.)

Ni, esaterako, batere baina batere triparik
gabe aurkituko nauzue, eta ile
gutxiagorekin […]. Horretaz gain, ebakortzen bat
gutxiago eta hutsuneren bat gehiago haginetan
(erne!, ez baitut agintean esan, e?).
(174. or.)

Irudia zertxobait aldatzen den arren (moral > aginte), testuinguruan egoki txertatzeko modukoa iruditu zitzaidan.

Lydia – lydiando Katia – katiatuta

Don Rafaelek Lydia izeneko neska-lagun bat aurkitu du Mexikon, erbestean. Une batean, erbesteratuek herrialde berrian integratzeko egin behar dituzten ahaleginez ari dela, hango jendearekin harremanetan sartzearen beharraz dihardu, eta bera Lydiarekin elkartu dela aipatzen du. Lydia izenetik abiatuz, hitz-joko polita egiten du gaztelaniazko lidiar aditzarekin. Euskaraz, ez zait bururatu izen berezi beretik abiatuta egin litekeen hitz-jokorik, eta bi hauturen artean aukeratu behar izan dut: edo hitz-jokoa bertan behera utzi, edo pertsonaiari izena aldatu eta beste hitz-joko bat bilatu. Kontuan hartuz, batetik, hitz-jokoek ikaragarrizko garrantzia dutela eleberri honen estiloan, eta, bestetik, Lydia bigarren mailako pertsonaia dela, bigarren hautuaren alde egin dut, eta, Mexikon Katia izeneko emakumeak badirela ziurtatu ondoren, halaxe izendatu dut don Rafaelekin katiatuta dagoen emakumea:

Vincularse y trabajar con la gente del país,
como si fuera nuestra propia gente,
es la mejor forma de sentirnos útiles […].

Vincularse con la gente del país.
Bueno, yo me vinculé con Lydia.
Como a veces le digo: después de todo,
ya ves, estoy lydiando. Y me siento mejor.
(144. or.)

Herrialde berriko biztanleekin lotzea eta
haiekin lan egitea, herrikide bagenitu bezala,
hori da baliagarri sentitzeko modurik onena […].

Herrialde berriko biztanleekin lotzea.
Tira, ni Katiarekin lotu naiz.
Batzuetan esaten diodan bezala: azken batean,
ikusten dun, katiatuta nagon.
Eta hobeto sentitzen naiz. (200. or.)

1.2.2) Hitz-jokoa bertan behera utzi baina beste nonbait konpentsatu

Kasu batzuetan, ezinezkoa egin zait hitz-jokoa bere horretan mantentzea edota beste hitz- joko batez ordezkatzea. Halakoetan, hitz-jokoa bertan behera uztea erabaki dut, baina «galera» hori beste trikimailuren batekin beste nonbait konpentsatzea.

un hombre cualquiero edozein gizonkume

Adibiderik argienak, beharbada, Beatrizek idaztean egiten dituen hizkuntza-akatsek eskaintzen dituzte. Askatasuna zer den definitzen saiatzen denean, cualquiera adjektibo zehaztugabea femeninotzat jo eta cualquiero homologoa asmatzen du izen maskulino baten ondoan jartzeko: una mujer cualquiera o un hombre cualquiero.

Euskaraz, genero-bereizketarik ez dugunez, ezin zen antzeko ezer egin edozein ordainarekin, eta, beraz, determinatzailearen ondoko hitzekin jolastu behar izan dut. Emakume hitza oinarri hartuta, gizonkume hitza asmatu dut, bederatzi urteko neskatila baten logika linguistikoa halako zerbait sortzeko gai izango litzatekeela iritzita:

Se dice que un país es libre
cuando una mujer cualquiera
o un hombre cualquiero
hace lo que se le antoja. (91. or.)

Herri bat askea da
edozein emakumek edo
edozein gizonkumek gogoak ematen
diona egiten duenean. (130. or.)

Hurrengo bi adibideetan ez dago halako «akats»ik, baina konpentsazioaren sailean aipatzekoak iruditu zaizkit, jatorrizkoan hitz-jokorik gabeko hizkera estandar samarra egonik ere itzulpeneko hizkera nolabait behartzea erabaki baitut, Beatrizek liburu osoan darabilen tonuarekin bat zetorrela iritzita.

a lágrima cada vez más viva negar batean eta bitan eta hirutan

Lehen adibidean, Beatrizek dio bere lagun Teresita negarrez hasi zela, a lágrima cada vez más viva. Euskaraz, jar nezakeen, besterik gabe, gero eta ozenago egin zuela negar, edo antzeko zerbait. Gaztelaniazko a lágrima viva esamoldea euskaraz negar batean itzuliko genukeela ikusita, baina, esaera horretatik abiatu eta haur baten logikaren arabera osatutako hitz-joko bat sartzera ausartu naiz:

se puso a llorar a lágrima cada vez más viva
hasta que no tuve más remedio que
decirle Teresita no seas burra (147. or.)

eta negar batean eta bitan eta hirutan hasi zen
eta azkenean esan behar izan nion
Teresita ez izan tuntuna (206. or.)

hablando y hablando y hablando hitz eta pitz eta mitz

Antzeko zerbait egin dut Beatrizek hablando y hablando y hablando dioenean, euskarazko hitz eta pitz esamoldea moldatuz, luzatuz edo behartuz:

y seguirán hablando y hablando y hablando
porque hasta el aeropuerto son una
cantidad bárbara de kilómetros (148. or.)

eta hitz eta pitz eta mitz
jarraituko dute zeren aireporturaino
kristoren kilometro pila dago (207. or.)

gruñidos o bufidos o estridores karranka, kirrinka eta kurrinka

Sail honetan aipatuko dudan azken adibidea don Rafaeli dagokio. Oso umoretsua gertatzen den pasarte batean, erbestean guztiz integratzea lortu ote duen galdetzen dio bere buruari: herrialde berrian atzerritar ala bertako ote den, alegia. Gai horren harira, autore aleman baten aipua txertatzen du, non esaten baita irainak, esamolde itsusiak, interjekzioak eta halakoak direla atzerritarrek herrialde berriko hizkuntzan ikasten dituzten lehenengo gauzak. Definizio horren arabera, bera ez omen da atzerritarra, besteak beste min hartzen duenean ez duelako interjekziorik botatzen, baizik eta gruñidos o bufidos o estridores guturales. Berez, hiru elementu horiek ez dute inolako hitz-jokorik osatzen, eta, beraz, euskarazko itzulpenean ere ez nuen, hasiera batean behintzat, hitz-jokorik sartzeko asmorik. Izen bakoitzaren euskal ordainak bilatzean, ordea, ikusi nuen askotan errepikatzen zirela fonetikoki antzekoak ziren hiru hitz: karranka, kirrinka eta kurrinka. Eta hain zuzen ere hoskidetasun horrekin jolastea erabaki nuen, jatorrizkoan egon ez arren pasarte osoaren tonu umoretsuarekin bat zetorren efektu fonetiko bat sortzeko. Euskal hiztegietan askotan aurkitu izan dudan murriztasun lexikoak sarri amorrarazi izan banau ere (zenbat erdal hitz itzuli ohi diren beldurgarri, izugarri, ikaragarri, sekulako, egundoko edo itzelezko ordainekin!), oraingo honetan bestelako etekin bat atera ahal izan diot murriztasun horri.

Según esa definición yo no sería extranjero
porque sigo puteando tal y como lo hacía
en mi tierra purpúrea y cuando tengo
un dolor intenso no pronuncio ninguna 
interjección, ni de las importadas ni de las
domésticas, sencillamente porque emito
un extraño sonido que podría ser más bien
definido como onomatopéyico, aunque el
diccionario aporta tres ejemplos de
onomatopeyas (miau, gluglú, cataplún) 
que por supuesto y por suerte no tienen 
nada que ver con los gruñidos o bufidos 
o estridores guturales que suelo producir
en tales lancinantes ocasiones. (141. or.)

Definizio horren arabera, ni ez nintzateke
atzerritarra, nire lurralde purpuratsuko 
juramentu berberak botatzen jarraitzen baitut,
eta min bizi bat sentitzen dudanean ez dut
inolako interjekziorik ahoskatzen,
ez inportaturik ez etxekorik; besterik gabe,
onomatopeikotzat jo genezakeen soinu arraro
bat jaulkitzen dut, nahiz eta hiztegiak
onomatopeia definitzeko eskaintzen dituen
hiru adibideek (miau, zanga-zanga, brau)
ez duten zerikusirik, zorionez eta normala
denez, nik halako abagune oinazegarrietan
ekoitzi ohi ditudan eztarriko
karranka, kirrinka eta kurrinkekin. (196. or.)


2) Herrialde jakin bateko espainierari egiten zaizkion erreferentziak

Eleberria Latinoamerikan kokatuta dago, batez ere Uruguain eta Mexikon, bi herrialde horietan bizi baitira pertsonaia nagusiak. Leku horiez gain, ordea, espainiera nagusi den beste hainbat herrialde ere ageri dira liburuan, autoreak tartekatzen dituen pasadizo autobiografikoen edo bigarren mailako pertsonaien esperientzien bidez. Ondorioz, ugariak dira pertsonaiek leku bateko edo besteko espainierari buruz egiten dituzten gogoetak: hitz bat desberdin ahoskatzen dela han eta hemen, kontzeptu bat izendatzeko hitz desberdinak erabiltzen direla herri batean eta bestean, sintaxia ez dela beti bera espainiera mota guztietan, eta abar.

Nola itzuli halakoak euskarara? Hitzak itzuli gabe utzi eta oin-oharretan azaldu? Erdal hitzentzat euskal ordainak topatu? Espainieraz utzi baina euskal ordaina gehitu testuan bertan? Oin-oharren aukera hasiera-hasieratik baztertu nuen, gorago aipatutako arrazoiengatik. Oin- oharrik ezean, ordea, nola itzuli halakoak? Itzulpenari ekin aurretik, erabaki orokor bat hartu nahi izan nuen, kasu guztietarako balioko zidan irtenbide egoki bat aurkitu, baina ohartu nintzen zaila zela beti berdin jokatzea, eta, azkenean, kasu bakoitza aztertu eta unean uneko hautuak egitea erabaki nuen. Orain, itzulpena bukatu eta atzera begira jarri naizenean, ohartu naiz bi sail handitan bana ditzakedala alor honetako adibideak, itzultzeko erabili dudan metodoaren arabera:

2.1) Pertsonaia nagusiek aberrian eta erbestean desberdin erabiltzen dituzten hitz-bikoteak (Uruguai vs Mexiko)

Maiz egiten dituzte pertsonaia nagusiek beren hizkeraren inguruko gogoetak, ohartzen baitira aberrian (Uruguain) eta erbestean (Mexikon) ez dela edo ez dutela berdin hitz egiten. Halakoak, zalantza asko egin ondoren, euskarara itzultzea erabaki dut, Uruguai/Mexiko dikotomia baino garrantzitsuagoa iruditu baitzait han/hemen edo etxean/atzerrian bereizketa.

coño – carajo alu – zakil

Lehen adibidea birao moduan erabiltzen diren bi hitzek osatzen dute. Don Rafael, bere hausnarketetako batean, konturatzen da erbestean coño esatera ohitu dela, bere herrian carajo esaten bazuen ere, eta horren inguruko gogoetatxo linguistikoa egiten du ondoren. Euskal hiztegiek arraioa, arranopola, arraiopola, kontxo, joño eta antzekoak proposatzen dituzte interjekzio horien ordain moduan, baina hitz horiek, euskaraz, ez dute gaztelaniazkoek duten lehen esanahia, alegia sexu-organoei lotutakoa. Don Rafaelek egiten duen gogoetan (del carajo al coño, patria grande esta América), esplizituki esaten ez badu ere, badirudi hitz horien lehen esanahiari egiten diola erreferentzia, eta, hori dela-eta, beharrezkoa iritzi diot euskaraz alu eta zakil erabiltzeari. Bi hitz horiek interjekzio moduan erabiltzen ez badira ere, irain edo birao gisa balio dute, aurretik daramaten izenaren kalifikatzaile gutxiesgarri moduan askotan (zakil beharbada ez da alu bezain ezagun edo hedatua erabilera honetan, baina Egungo Euskararen Hiztegiak adibide politak damaizkigu: Ardiak, beldurrak bakarrik mugiarazten dituen abere zakilak, pentsatu zenuen. / Zakila esaten digu, pertsona zakila edo astazakila, astapotroa, astopitoa, kirtena, eta kirtenkeria, pitokeria eta abar. / Ikas ezak, ikas ezak, tedesko urde-lerde zakil horrek, dena badakizuela uste duzue-eta! ). Jatorrizkoko interjekzioak, beraz, izenondo moduan eman ditut euskaraz, eta horrek aurretik izen bana gehitzera eraman nau. Emaitza, luzexeago bada ere, txukun samar geratu delakoan nago:

Último engorde, dicen los cretinos.
Y yo estoy flaco, coño.
En mi tierra decía carajo,
pero también estaba flaco.
Del carajo al coño,
patria grande esta América. (58. or.)

Azkena potolo, diote ergelek.
Eta ni, xahar alu hau, beti bezain argal.
Nire herrian “xahar zakil hau” esango nukeen,
baina berdin-berdin nengoen argal.
Zakiletik alura,
bai aberri handia gure Amerika hau. (87. or.)

escaparate – vidriera erakusleiho – bitrina

Hemen ere don Rafael ari da hizketan, eta parentesi batzuen artean gogorarazten du galdua duela escaparate esan beharrean vidriera esateko ohitura. Parentesiko adierazpen horretaz gain ez duenez beste inolako gogoeta metalinguistikorik egiten, itzulpenean euskarazko bi ordain sinonimo jartzea nahikoa zela iruditu zait, eta hala hautatu ditut erakusleiho estandarra eta Euskaltzaindiaren Hiztegian ageri ez den arren euskal hiztegi nagusiek onartzen duten eta frantsesdun nahiz espainieradun euskaldunek arazorik gabe ulertzen duten bitrina.

Como si me viera desde lejos en un
escaparate (ya casi perdí el hábito de decir
vidriera) y mi propia imagen fuera
la de un maniquí al que, para hacerlo
más ridículo, sólo le hubieran
dejado puesta una corbata. (104. or.)

Erakusleiho batean (honezkero galdua
dut bitrina esateko ohitura) neure burua
urrutitik ikusiko banu bezala eta nire irudia
maniki bat balitz bezala, zeinari, are
barregarriago ager dadin, gorbata bat 
besterik ez baitiote utzi soinean. (148. or.)

cabayo – cabaio zaldiya – zaldixa

Adibide hau katramilatsuagoa zen. Kasu honetan, Beatriz ari da hausnarrean, bere haur- ikuspegi eta haur-hizkeratik ari ere, eta halako batean grafikoki adierazten ahalegintzen da bere herrian egiten zen espainieraren eta herrialde berrian egiten den espainieraren arteko ahoskera- desberdintasun bat: Uruguain, cabayo ahoskatzen omen da, eta Mexikon, berriz, cabaio. Bi idazkera horiekin, ziurrenik, [ ʃ ] eta [ ʝ] hotsak transkribatu nahi izan ditu 9 urteko neskatilak; izan ere, Río de la Platako espainieran (eta, beraz, Uruguaikoan) [ ʃ ] hotsaz (euskarazko x letraren hotsaz) ahoskatzen dira gaztelaniaz y eta ll letrez idazten diren hitzak. Mexikon, berriz, yeismoa egin ohi da, eta, beraz, [ ʝ] hotsaz (euskarazko j edo i letren hotsaz) ahoskatzen dira halakoak. Zalantza handiak izan ditut transkripzio fonetiko hori euskaraz nola eman erabakitzean. Bi soluzio bururatu zaizkit: a) euskarazko zaldi hitzetik abiatuta zaldixa eta zaldiya idaztea, eta b) euskarazko oilar hitzetik abiatuta oxarra eta oiarra hitzekin jokatzea. Lehenengoa, jakina, hurbilago dago jatorrizkoaren esanahitik (caballo > zaldi); bigarrena, aldiz, fidelagoa da fonetikoki (ll > il ). Duda-muda askoren ondoren, lehenengoaren alde egin dut, pentsatuz irakurleari errazagoa egingo zitzaiola bi hitz horien jatorrian dagoen zaldi hitza identifikatzea beste bi aukeren atzean oilar zegoela ulertzea baino. Halere, hainbat euskalkitan zaldixa eta zaldiya oso ahoskera ohikoak direla kontuan hartuta, ez dakit emaitza ez ote den Euskal Herrian sustraituegi geratu:

Este país no es el mío pero me gusta
bastante. No sé si me gusta más o
menos que mi país. Vine muy chiquita y
no me acuerdo de cómo era. Una de las
diferencias es que en mi país hay cabayos
y aquí en cambio hay cabaios. Pero todos
relinchan. Las vacas mugen y 
las ranas croan. (71. or.)

Herri hau ez da nirea baina dezente
gustatzen zait. Nire herria baino
gehiago ala gutxiago, ez dakit. Etorri
nintzenean txiki-txikia nintzen eta ez naiz
gogoratzen nire herria nolakoa zen.
Desberdintasunetako bat da nire herrian
zaldixak daudela eta hemen aldiz zaldiyak.
Baina denek egiten dute irrintzi.
Eta behiek marru eta igelek korroka. (103. or.)

2.2) Herrialde jakin batean sustraitutako hitzak (Kuba, Espainia…)

Beste hitz-sail batekin, ordea, guztiz bestela jokatu dut, jatorrizkoan bezala utzi baititut (gaztelaniaz, alegia) herrialde jakin bateko espainierako lexikoarekin, sintaxiarekin edo esamoldeekin lotutako adierazpenak. Aurreko saileko adibideetan ez bezala (non, gehienez ere, han vs hemen edo nire herrian vs herri honetan bereizketa lausoa aipatzen zen), sail honetakoetan berariaz aipatzen da erabilera jakin bakoitzaren herrialdea, eta ziurrenik horrek eraman nau hitz edo esaldi horiek gaztelaniaz uztera. Oin-oharrik inon sartu ez badut ere, kasu batzuetan euskarazko parafrasi moduko bat txertatu dut itzulpenean, gaztelaniazko hitzen esanahia argitzeko.

fiñes – botijas fiñe kubatarrak – botija uruguaitarrak

Honako honetan, Mario Benedetti bera ari da hizketan. Kubako Alamar herrian bizi diren erbesteratu latinoamerikarrez ari da –zehazkiago, erbesteratuen seme-alabez–, eta aipatzen du nolako erraztasuna duten haur horiek kalean Kubako hizkera egiteko eta etxean, berriz, Uruguaiko hizkera erabiltzen jarraitzeko. Adibide moduan, fiñe eta botija hitzak jartzen ditu. Irakurle uruguaitarrek ez dute inolako arazorik hitz horien esanahia ulertzeko, Uruguain botija erabiltzen baitute «ume» esateko, eta hortik erraz ondoriozta dezakete fiñe hitzak gauza bera esan nahi duela Kuban. Euskaraz, inolako azalpenik ezean esanahia ilun samar geratuko zelakoan, ume izena gehitu dut, baita kubatar eta uruguaitar izenondoak ere espainierazko bi hitz horien ondoren.

Los niños y adolescentes uruguayos
suelen ser allí, si no bilingües, por lo
menos bitonales. Cuando juegan y
corretean en las calles con sus compinches
locales, hablan con un crudo acento cubano.
Pero cuando entran en sus hogares,
donde los padres siguen hablando tozuda
y conscientemente de vos y che,
entonces los fiñes pasan a ser
nuevamente botijas. (158.-159. or.)

Hango haur eta nerabe uruguaitarrak,
elebidunak beharbada ez, baina
gutxienez tonobidunak dira. Beren
laguntxo kubatarrekin jolasean eta
lasterka dabiltzanean, kubatar doinu
gordinez aritzen dira. Baina etxera sartzen
direnean, non haien gurasoek erabakitasunez
eta egoskorkeriaz jarraitzen baitute vos gora
eta che behera, orduan umeek fiñe kubatar
izateari uzten diote berriro
botija uruguaitar bihurtzeko. (219. or.)

Bigarren adibidea ere Kubako hizkerari dagokio. Oraingo honetan, ordea, ez dut inolako azalpen edo parafrasirik txertatu beharrik izan, testuak berak argi uzten duelako kubatar esamoldearen esanahia. Benedettik berak herrikide bat topatzen du Kuban, han bizitzen geratzeko izapideak egin nahi dituen uruguaitar bat. Immigrazio-bulegoko langile batekin izandako elkarrizketa ari zaio kontatzen, eta, bukaeran, zer iruditzen zaion galdetzen dio Benedettiri, lehenik Uruguaiko gaztelaniaz eta, ondoren, kubatarrak imitatuz. Euskaraz, pasatu zitzaidan burutik lehenik euskara batua erabiltzea (zer iruditzen? ) eta gero, kubatarren hizkera irudikatzeko, euskalkiren batera jotzea edo ahozko hizkeratik gertuago dagoen zerbait erabiltzea (ze iruitzen?, adibidez), baina irtenbide horrek oso efektu bitxia sortuko zukeen, eta, beraz, gaztelaniaz bezala uztea erabaki nuen.

¿qué tú opinas? ¿qué tú opinas?

“[…] Después tomó una libreta, le arrancó 
una hoja, escribió un nombre y me lo dio.
‘Mira, chico, ven mañana, pero que sea bien
temprano, y pregunta por este compañero. 
Él te va a atender. Y buena suerte.’ 
Así que mañana voy. ¿Qué te parece?
O como dicen aquí: ¿qué tú opinas?”.
(53. or.)

“[…] Gero ohar-liburuxka bat hartu,
orri bat erauzi, izen bat idatzi eta eman 
egin zidak. ‘Hara, motel, etorri bihar, baina 
goizean goiz, eta galdetu adiskide honetaz.
Berak erantzungo dizu. Eta zorte on.’
Beraz bihar joango nauk. Zer iruditzen?
Edo hemen dioten bezala: qué tú opinas?”.
(80. or.)

carrozas – rodar karrozak – kirrinkarik gabe mugitu

Beste adibide honetan ere bere horretan utzi dut gaztelaniazko hitza, baina euskal grafiara moldatu dut, hitz hau, erabilera honetan, Espainiako gaztelanian baliatzen delako eta, ondorioz, euskaldun gehienok ezagutzen eta are erabiltzen dugulako euskaraz ari garenean ere: carroza hitzak, DRAEren arabera, “Coche de caballos grande, ricamente adornado” esan nahi du lehen adieran. Baina Espainiako gaztelanian badu beste adiera bat ere: “Persona vieja o anticuada”. Don Rafaelek, hain zuzen ere, bi esanahi horien arteko hitz-jokoa egiten du Uruguaiko gazte erbesteratuei buruz diharduen pasarte batean.

No sé cómo ni cuándo, pero esos botijas
de hoy serán la vanguardia de una patriada
realista. ¿Y nosotros los veteranos?
¿Nosotros las carrozas, como dicen los gaitas?
Bueno, los que para entonces todavía
estemos lúcidos, nosotros las carrozas que
todavía rodemos, nosotros les ayudaremos a
recordar lo que vieron. Y también lo que
no vieron. (83. or.)

Ez dakit ez nola ez noiz, baina gaurko
ume koskor horiek aberriaren aldeko
borroka errealista baten abangoardia
izango dira. Eta gu, beteranook? Gu,
karrozok, espainiarrek dioten moduan?
Tira, orduan oraindik ere burua argi dugunok,
oraindik ere kirrinkarik gabe mugitzen garen
karrozok, guk lagundu egingo diegu ikusi
zutena oroitzen. Baita ikusi ez zutena ere.
(118.-119. or.)

Gaztelaniazko rodar aditzaren euskal baliokideak ez zaizkidanez egokiak iruditu pasarte honetarako, egokitzapenera jo behar izan dut, eta, karroza edo gurdi zahar baten iruditik abiatuz, «kirrinkarik gabe mugitu» esapidea erabili dut oraindik bizirik dauden edota oraindik pentsatzeko eta aholkuak emateko gai diren zaharrak deskribatzeko.

Libertad Libertad – askatasuna

Sail honetako azken adibidea desberdina da, aurrekoetan ez bezala ez baita Uruguaitik kanpoko espainiera jakin bateko hitza, espainiera estandarreko izen aski arrunt bat baizik. Gertatzen dena da izen arrunt hori izen berezia ere badela kasu honetan, Libertad baitu izena Santiago preso dagoen Montevideoko kartzelak. Beatriz txikiak kapitulu oso bat eskaintzen dio hitz horri, paradoxa horren inguruko hausnarketa polita eginez.

Euskaraz, bi aukera posible erabili ditut buruan: 1) Gaztelaniazko hitza euskarara itzuli eta hitz-joko guztia euskaraz egin, eta 2) izen berezia gaztelaniaz utzi baina esanahiari buruzko gogoeta euskaraz egin. Lehen aukera nahiko azkar baztertu dut, batez ere ez zaidalako egokia iruditzen errealitatean existitzen den zerbaiten izen berezia aldatzea, baina baita beste arrazoi azalekoago baina garrantzitsu batengatik ere: euskararen izaera postposizionala dela-eta, askatasun hitza bi modu desberdinetan deklinatu beharko nuke testu osoan zehar, batzuetan izen berezi moduan (nire aitatxo Askatasunan dago) eta beste batzuetan izen arrunt moduan (ateratzen denean askatasunean bizitzeko). Horrek guztiz hondatuko luke gaztelaniaz hain ondo funtzionatzen duen hitz-jokoa. Bi arrazoi horiengatik, beraz, lehen aukera baztertu eta bigarrenaren alde egin dut, hitz berezia gaztelaniaz utziz baina euskal ordaina erabiliz izen arrunt moduan aipatzen denean. Han-hemenka parafrasi txiki batzuk sartu behar izan ditut euskaraz, bi izenen arteko lotura argiago gera zedin. Emaitza ez da beharbada guztiz biribila, baina paradoxa nahiko ongi islatuta geratzen da behintzat.

Libertad quiere decir muchas cosas.
Por ejemplo, si una no está presa,
se dice que está en libertad. Pero mi 
papá está preso y sin embargo está
en Libertad, porque así se llama la cárcel
donde está hace ya muchos años. […]
(91. or.)

Yo creo que ahora mi papá seguirá teniendo
ideas, tremendas ideas, pero es casi seguro
que no se las dice a nadie, porque si las dice,
cuando salga de Libertad para vivir en libertad,
lo pueden meter otra vez en Libertad. (92. or.)

Askatasunak gauza asko esan nahi 
ditu. Adibidez, bat ez badago preso, 
aske dagoela esaten da. Baina nire 
aitatxok preso daramatza jada urte
asko eta halere askatasuna izeneko
leku batean dago, Libertad deitzen
baita bera  dagoen kartzela. […] (130. or.)

Nik uste dut orain nire aitak ideiak izaten
jarraitzen duela, ideia ikaragarriak, baina
ia ziurra da ez dizkiola inori esaten, zeren,
esaten baditu, Libertadetik ateratzen denean
askatasunean bizitzeko, berriro sar dezakete
askatasuna izeneko leku horretan. (132. or.)

3) Erreferentzia kultural, historiko eta geografikoak

Azkenik, beste sail bat merezi dute Uruguaiko edo Latinoamerikako beste herrialde batzuetako kultura, gizarte, historia nahiz geografiarekin lotutako erreferentziek. Herrialde haietako historia eta errealitatea gertutik ezagutzen ez dituzten irakurleentzat arrotz samarrak gerta litezke halako erreferentziak, eta, ondorioz, azalpen gehigarriak beharko lituzkete denentzat ulergarriak izan daitezen. Azalpen horiek oin-oharretan ematea litzateke beharbada aukerarik errazena, baina, oin-oharrek eleberriaren erritmoa eta estiloa nolabait hautsiko lituzketela iruditzen zaidalako, batetik, eta erreferentzia horiek osoki ez ulertuta ere istorioaren hariari erraz jarrai dakiokeela uste dudalako, bestetik, oin-oharrak guztiz baztertzea erabaki dut, eta behar-beharrezkoa iruditu zaidanean soilik txertatzea modu bateko nahiz besteko parafrasi edo azalpenen bat.

Hirugarren atal honetan ere, beraz, bi sail nagusitan bereizi ditut adibideak: lehenengoan, inolako azalpenik gabe utzi ditudan erreferentziak; bigarrenean, parafrasiren baten bidez argitu ditudan kontzeptuak.

3.1) Azalpenik gabe utzitako erreferentziak

AAA AAA

Kapitulu autobiografiko batean, Perutik egotzi zuten unea kontatzen du Benedettik. Poliziak galdetzen dionean nora joan nahi lukeen, Benedettik berehala baztertzen du Argentinara joateko aukera, AAAkoen heriotza-mehatxuak jasoak baitzituen. Zalantza egin nuen AAA siglek Alianza Anticomunista Argentina esan nahi zutela argitu ala ez erabakitzean, baina azkenean bere horretan utzi nuen, pentsatuz irakurlea gai izango zela ondorioztatzeko Benedettiren ideologia politikoarekin bat ez zetorren talderen bat izango zela.

“Como en Argentina he sido amenazado 
de muerte por las AAA, y como en Cuba
trabajé en otra época durante dos años y
medio y tengo allí posibilidad de trabajo, 
quiero saber si se me permite ir a Cuba”.
(33. or.)

“Argentinan AAAkoek heriotza-mehatxuak
eginak dizkidatenez, eta Kuban beste garai
batean bi urte eta erdi eman nituenez
lanean eta beraz lan aukerak baditudanez,
jakin nahi nuke ea Kubara joaten utziko zaidan”.
(55.-56. or.)

Antzeko arrazoiengatik ez ditut azaldu jarraian datozen terminoak ere. Azalpenetan luzatu beharrean, adibideak soilik emango ditut, bakoitzaren esanahia labur-labur adieraziz:

Fort Gulick: Estatu Batuek Panamako ubidealdean zeukaten base militar bat. Uruguaiko militarrak hara bidali ohi zituzten entrenamendua jasotzera. Han kokatzen zen Escuela de las Américas delakoa, batzuetan «hiltzaileen eskola» ere deitua, ezkertiarrak torturatzeko eta hiltzeko metodo eta teknikak irakasten baitzituen.

es en ellos, los sabuesos, donde hay algo
demencial. Son ellos los que aprovecharon
el tiempo para enloquecerse. Pero no son
locos lindos; son locos disformes,
esperpénticos. Locos por vocación y libre
elección, que es la forma más innoble
de locura. Fueron becados a Fort Gulick
para recibirse de dementes. (79. or.)

erotasuna haiengan dago, txakurrengan.
Haiek dira denbora baliatu eta guztiz erotu 
direnak. Baina ez dira ero ederrak; ero
gorrotagarriak dira, ero eragabeak. Eroak
bokazioz eta aukera askez, eta horixe da
erotasunaren formarik bilauena.
Fort Gulickera bidali zituzten ero-trebakuntza
jasotzera. (113. or.)

Mitrione: Daniel Anthony Mitrione FBIko agente bat izan zen, Estatu Batuen segurtasun-aholkulari jardun zuena Latinoamerikan. 1969an Uruguaira bidali zuten, hango poliziarekin batera Uruguaiko ezkerraren balizko garaipen bat geldiaraztera. Tortura Uruguain lehenagotik praktikatzen bazen ere, esaten da Mitrionek sistematizatu zuela.

yo quiero recuperar mi primavera / ellos
la taparon con hojas secas con nieve
televisada con santa claus sudando con
alumnos de mitrione con mundialito ganado
y mundialote perdido con asesores
subdesarrollantes (170. or.)

nik nire udaberria berreskuratu nahi dut
/ haiek estali egin baitzuten hosto lehorrez
telebistako elurrez bizarzuri izerditsuz
mitrioneren ikaslez futbol-garaipen txikiz
eta futbol-porrot handiz aholkulari
azpigaratzailez (233. or.)

Claudia: «Emakume moderno»ei zuzendutako aldizkaria, Argentinan 1957 eta 1973 artean argitaratua. Garai hartan, oso argitalpen aurrerakoitzat jotzen zen.

el vecino despierta azorado y se endereza
murmurando sorry / se le cae el time hacia
mi lado y yo se lo alcanzo /en la cana
podíamos leer claudia qué amplitud no
sé de qué se queja la cruz roja (170. or.)

bizilaguna larrituta esnatu eta tentetu
egin da sorry murmurikatuz / timea nire
alderantz erori zaio eta jaso egin diot / 
kaiolan claudia irakur genezakeen hori
da hori eskuzabaltasuna ez dakit zeren
kexu den gurutze gorria (234. or.)

3.2) Parafrasi bidez azaldutako erreferentziak

Beste zenbait kasutan, ordea, egokiago iritzi diot erreferentzia batzuk argitzeko azalpen labur-labur bat tartekatzeari. Honako bi adibide hauetan, jatorrizkoan sigla bidez soilik ematen ziren terminoen izen osoa eman dut, euskarara itzulita:

PIP Peruko polizia sekretua
Bajé, y un tipo de civil me mostró
su carnet de la PIP, y dijo que 
quería hacerme algunas preguntas
sobre mis papeles. (32. or.)

Jaitsi nintzen, eta zibilez jantzitako
tipo batek Peruko polizia sekretuaren
txartela erakutsi eta esan zidan
galdera batzuk egin nahi zizkidala
nire paperei buruz. (54. or.)

FEUU Uruguaiko unibertsitate-ikasleen federazioa
Y así resuelvo recordar, por ejemplo,
una lejana jornada de escuela primaria,
o una noche de farra con amigos,
o alguna de las interminables discusiones
en el ámbito de la FEUU (44. or.)

Eta hala ebazten dut gogoratzea,
esate baterako, umetan eskolan
bizitako egun bat, edo lagunekin 
egindako parranda bat, edo Uruguaiko
unibertsitate-ikasleen federazioan izandako
eztabaida amaiezinetako bat (69.-70. or.)

Sail honetako beste erreferentzia batzuk, baina, konplexuagoak ziren, esaldi osoa hartzen baitzuten. Adibiderik argiena Rolando pertsonaiak behin eta berriro aipatzen dituen tango zatiek osatzen dute. Kontatzen ari den zerbaitek tangoren baten letrako pasarteren bat gogorarazten badio, testuan bertan tartekatzen du tango horren esaldi hori. Uruguaiko eta Argentinako kultura, musika eta tangoak ezagutzen dituzten irakurleek ez dute arazorik izango esaldi horiek irakurrita tango osoa eta haren egilea gogoratzeko, baina kultura hura hurbiletik ezagutzen ez dugunok arazoak izango ditugu ez soilik tangoa identifikatzeko, baita, kasu batzuetan, esaldi horrek dioena ulertzeko ere, askotan lunfardoa baita tango horietan erabiltzen den hizkera, hots, XIX. mendearen bigarren erdian Buenos Airesko kaleetan immigranteen etorreraren ondorioz sortu eta garatu zen hizkera berezi bat. Argi neukan, beraz, ezin nituela tango zati horiek bere horretan utzi, inolako azalpen edo itzulpenik gabe. Tangoaren erreferentzia oin-oharrean ematea zen beste aukera bat; horixe egin zuen, esaterako, portugesezko itzultzaileak: testuan tango zatia portugesera itzulita eman, eta oin-oharrean jatorrizkoa idatzi, tangoaren egilea eta kantaria zein diren zehaztuz. Ez zen aukera txarra, baina, hasieratik baztertu nuenez inolako oin-oharrik txertatzearen ideia, itzultzaile alemanak egindakoaren bidetik jotzea erabaki nuen; alegia, tangoa bere horretan uztea testu barruan, baina euskarazko gutxi gorabeherako itzulpen bat txertatzea ondoan. Irtenbide horrek, jakina, ez du laguntzen ez tangoa ez haren autorea identifikatzen, baina, jatorrizkoak halako informaziorik ematen ez duenez gero, eta gaur egun Interneti esker oso erraza denez gero edozein abestiren letrak eta autoreei buruzko informazioa osorik aurkitzea, hala uztea erabaki dut, itzulpen osoan hartu ditudan erabakiekiko koherentzian. Lau pasarte baino ez ditut transkribatuko jarraian, «Se llamaba Serafín», «Cafetín de Buenos Aires», «Y a mí qué» eta «Pan» tangoetako lerro batzuen esanahia, hurrenez hurren, nola parafraseatu dudan erakusteko:

Manolo era cáustico, incisivo y mordaz,
tres palabras contiguas que en él no
eran precisamente sinónimos. Más bien
trincheras de su timidez. La prueba era 
que con ellos nunca se excedía, siempre
acababa siendo suave y comprensivo.
Funyi, lengue y alpargatas / y una mirada
sin fin. Con excepción del funyi,
aquel tango podía ser su estampa. (29. or.)

Manolo, berriz, zirikatzailea, eztenkaria
eta mihi-zorrotza zen, eta hiru hitz
horiek, ondoan joanagatik, Manolorengan
 ez ziren preseski sinonimoak, haren
herabetasunaren lubakiak baizik. Eta
hauxe horren froga: lagunekin ez zen inoiz
urrunegi joaten; beti bukatzen zuen atsegina 
eta ulerkorra izaten. Funyi, lengue y alpargatas
 / y una mirada sin fin. Kapela alde batera utzita, 
tango hura Manoloren irudia izan zitekeen, 
hark ere askotan izaten baitzituen zapia,  
espartinak eta begirada mugagabea. (50. or.)

Y ahora puta qué ojeras, dice y se dice
Rolando Asuero ante el espejo de tres
herrumbres, me hice a las penas, bebí
mis años. La verdad es que se hizo a las
penas, pero bebió otra cosa. (29. or.)

Eta orain ostia, a ze begi-zuloak,
pentsatzen eta esaten du Rolando Asuerok
hiru herdoil- guneko ispiluaren aurrean,
me hice a las penas, bebí mis años, alegia
nahigabeetara moldatu nintzen, nire urteak
edan nituen. Egia da nahigabeetara ohitu zela,
baina beste zerbait edan zuen. (51. or.)

Y Manolo dale que dale que dale,
metiendo a todos en la misma bolsa
(tango habemus: si igual es una mosca
que un ciprés) porque lo que él quería
apasionadamente era el cambio […].
Y no le importaban demasiado los medios
(si Jesús no ayuda que ayude Satán),
lo esencial eran los fines. (55. or.)

Eta Manolo jo eta ke bere teman,
denak zaku berean sartzen
(tango habemus: si igual es una mosca
que un ciprés, gauza bera badira eulia
eta altzifrea) zeren berak sutsuki nahi
zuena aldaketa zen […]. Eta ez zitzaizkion
askorik axola bitartekoak (si Jesús no ayuda
que ayude Satán, alegia Jesusek laguntzen
ez badu lagundu dezala Satanek),
garrantzitsuena helburua zen. (83. or.)

Ondorioak

Horra, bada, itzulpen honetan egin ditudan hainbat hauturen justifikazioa. Hasieran aurreratu dudan bezala, ez diot ezein teoria edo arauri jarraitu hitz-jokoak eta antzeko korapiloak itzultzeko. Azalpenok, beraz, ez dira ezeren froga, ezta ezeren aplikazio ere. Besterik gabe, nik hartutako erabakien atzean egon den buru-lanketaren erakusgarri izan nahi zuten. Poztuko nintzateke antzeko itzulpen-buruhausteak konpondu nahian dabilen inori ezertarako balio baliote, baita, jakina, inori nireak baino irtenbide asebetegarriagoak bururatuko balitzaizkio ere!


Aipatutako liburuak

Benedetti, Mario (1980). Primavera con una esquina rota. Buenos Aires: Editorial Sudamericana.
Benedetti, Mario (1986). Frühling im Schatten [Lutz Kliche itz.]. Wuppertal: Peter Hammer Verlag.
Benedetti, Mario (2009). Primavera num espelho partido [Eliana Aguiar itz.]. Brasil: Alfaguara.
Benedetti, Mario (2018). Udaberri kantoi-hautsia [Aiora Jaka itz.]. Donostia: Erein & Iruñea: Igela.