Bartzelonako Euskal Etxeak 2018ko Literaldirako antolaturiko «Traduint Lauaxeta al català» lantegiaren nondik norakoak
2018ko Literaldia jaialdian, Lauaxetaren poema batzuk katalanera itzultzeko lantegi bat antolatu genuen, gerora, ahal badugu, antologia txikitxo bat argitaratzeko asmoz. Lehen urrats gisa, bi saio egin ditugu, non hamabost lagun elkarlanean aritu baikara euskarazko testuak zuzenean katalanera itzultzen. Hasieratik, nabarmen gelditu da lanaren konplexutasuna, bereziki egilearen «ahotsa» (estiloa, erregistroa, doinua) egoki itzultzea oso zaila delako.
Urteetan zehar, Bartzelonako Euskal Etxea hainbat ekimen zehaztuz eta gorpuztuz joan da, hala nola memoria historikoa eta euskal literatura berreskuratu eta Katalunian hedatzea eta euskal kulturaren eta katalanaren arteko zubiak eraikitzea. Horren adierazle da Literaldiaren 14 urteko ibilbidea: euskal literaturari eskainiriko jaialdia, zeina urtero Sant Jordi egunaren ingurumarian antolatzen baita eta hainbat aste irauten baititu.
Gerra Zibilak egitasmo kultural eta intelektual asko zapuztu zituen, bai haien antolatzaileen heriotza ekarri zuelako, bai haien erbesteratzea eta sustengatzen zituzten erakunde eta elkarteak erortzea ere. Euskal kulturan izan duen eragin latza dela eta, Gerra Zibilaren memoria historikoa berreskuratzearen testuinguruan egiten ari garen ekintzen artean, gerrak nabarmen kalteturiko euskal idazleetako bat gogora ekartzea erabaki dugu.
Oinarri horiek kontuan hartuta, abiapuntu ezin hobea iruditu zaigu Estepan Urkiaga Basaraz Lauaxeta (1905-1937), armada frankistak 1937an Gernikan fusilatu zuen poeta eta kazetaria. Haren heriotzak ahots oparo eta berritzaile baten galera izugarria ekarri zien bai euskal literaturari, baita beste hainbat kulturarekin (katalana barne) eraikitzen ari ziren zubiei ere; izan ere, Lauaxetak Europako zenbait idazle gailen ekarri zituen euskarara: Baudelaire, Federico García Lorca (hura ere frankistek fusilatua). Beste idazle batzuen artean, Jacint Verdaguer, Joan Maragall eta Miquel Costa i Llobera poeta katalanak ere euskaratu zituen; euskal kulturatik katalanerako itzuliko bidea, ordea, ez zen gertatu.
XX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeratik aurrera, euskal kultura-munduan Lauaxeta ahanzturaren zulotik ateratzea lortu zen, bereziki Jon Kortazarren ikerketa-lanei eta kantari batzuen hedakuntza-lanari esker, nabarmenki Antton Valverderen kantei esker. Baina, euskal kulturak Lauaxeta berreskuratu badu ere, katalanez oraindik zeharo ezezaguna da: oraintxe-oraintxe arte ez da egon Lauaxetaren itzulpen bakar bat ere (ez euskaratik zuzenean egindakorik, ez Lauaxetak berak gaztelaniaz egindako aldaeratik), ezta gaztelaniaren edota frantsesaren bidez iritsi denik ere (ez bakarrik liburu-denda nagusietara, ezpada Europako literaturan aditua den irakurle eta ikertzaileengana ere); baina arazo horrek euskal idazle ia guztiei eragiten die.
Euskal literatura katalanera ez iristeak nabarmen eragiten dio euskal literaturari, neurri batean isiltasun isolatzaile eta pobregarrian gelditzen baita, baina baita katalanari ere, zeinek galtzen baitu ahots berriak ezagutuz aberasteko aukera eta berezko duen zati baten ezagutza bera ere. Izan ere, Lauaxeta ez ezagutzeak Jacint Verdaguer, Joan Maragall eta Miquel Costa i Llobera euskaratu direla ez ezagutzea dakar. Egia da idazle horiek euskaratu izanaren eragina aski murritza dela, itzuliriko obra kopurua txikia delako, eta iritsi zaion euskal irakurle kopurua ere bai. Baina aipaturiko egileei (eta, ondorioz, dagokien kulturari) buruzko ezagutza izateak garbi uzten du aipaturiko horiek beste tradizio batzuetako idazleengan ere eragina izan duten autoreak izan direla. Badakigu Lauaxetak, itzuli zituen poemez gain, egileon beste batzuk ere ezagutzen zituela; esate baterako, argi eta garbi aipatzen dituenen artean daude Maragallen «Pirinenques± eta «Visions». Beraz, Lauaxetaren olerkiak katalanez izatea onuragarri gerta dakieke bai irakurzale katalanei, bai eta literatura katalaneko ikertzaileei ere, bereziki Renaixença, modernismoa edota aipaturiko idazleak aztergai dituztenei.
Arrazoi horiengatik, aukera egokia iruditu zaigu katalan hiztunei ezagutzera emateko lehen idazlea Lauaxeta izatea. Gure helburu nagusiak hauek izan dira: egilearen lanaren zati bat itzultzea eta irakurleria katalan ez-espezializatuari ezagutaraztea. Bi helburuok bateratu ahal izateko, abiapuntu legez, bi saiotan banaturiko elkarlaneko itzulpengintza-lantegi bat antolatu dugu, zeinean interesa izan duen edonork parte hartu baitu, izan ala ez ezagutza poesiaz edo euskaraz.
Hizkuntza batetik bestera egiten den itzulpena bi taldetan bana liteke: zuzenekoa, iturburu-hizkuntzan nahiz xede- hizkuntzan gai den itzultzaileak egiten duena, eta zeharkakoa, tarteko hizkuntza baten (edo gehiagoren) bidez egiten dena. Zuzenean euskaratik katalanera itzultzeko gaitasuna dutenak gutxi direnez, eta, gainera, katalana gaztelaniaren eta frantsesaren hizkuntza- familiakoa eta sozialki haien mendekoa izanik, gaztelaniazko itzulpena duten euskal idazlanak gehienetan ez dira itzuli, edo sarritan gaztelaniazkoan oinarrituriko zeharkako itzulpen bidez iritsi dira katalanera. Jakina, zeharkako itzulpenek, elkarlanean ari diren itzultzaileek lana txukun egin arren, urrundu egiten dute emaitza jatorrizkotik. Literatura-itzulpen bat egitean, nahitaez, jatorrizko testua interpretatu egin behar da, eta, ondoren, hitz eta esamolde batzuk aukeratu behar dira (eta, ondorioz, aldi berean, balizko beste aukera asko eta asko baztertu), eta horrek edukia eta ñabardurak gehitzen edota kentzen dizkio idazlanari. Neurri batean, beste lan bat dela esan liteke, jatorrizkoaren aldean apur bat –edo asko– aldaturikoa. Zeharkako itzulpenean, eraldatze- eta sortze-bilakaera hori bikoiztu egiten da, iturburu-hizkuntzatik tarteko hizkuntzara igaro behar baita eta, ondoren, tarteko horretatik xede-hizkuntzara.
Sortzaileek beren lanaren itzulpenaren xede-hizkuntza ondo menderatzen dutenean, sarritan jatorrizko testuaren literaltasunetik urrundu eta aldaera aski desberdinak hobesten dituzte, hau da, aukera moldatu horiek egokiagoak iruditzen zaizkie xede-hizkuntzan, arrazoi subjektiboengatik. Esaten ari garena argi eta garbi ikusten da Lauaxetarengan; izan ere, euskarazko olerkien ordain, gaztelaniazkoak ere berak egin eta argitaratu zituen, eta, erkatzen baditugu, laster konturatuko gara gaztelaniazko aldaerak euskarazkoetatik aldentzen direla; batzuetan, nabarmen, gainera, egileari egokiagoak iruditu zaizkiolako, edukiagatik, doinuagatik edo ñabardurengatik. Diogunaren adibide gisa «Itauna» olerkiaren lehenengo ahapaldia har dezakegu:
«Maitatzen bazaitut, itaundu dautsozu
leyuan klisk-dagin illargi-izpijari.
Larrosa zuriko txindor kantubari
itza artu eziñik gaba igaro dozu.»
«Al rayo de la luna que resbala en los cristales
de tu ventana, has preguntado si te amaba.
Has pasado la noche anhelando interpretar
la canción del ruiseñor que cantaba sobre
un blanco rosal.»
Esate baterako, Lauaxetak klisk egin aditzaren gaztelaniazko ordaintzat aukeraturikoa resbalar da, eta ez parpadear edo pestañear. Era berean, txindor hitzaren ordaina ruiseñor da, eta ez petirrojo; hegazti horien denotazioak ez ezik, konnotazioak ere desberdinak dira, urretxindor edo erresiñolak poesian, bereziki modernistan, leku berezia baitu. Halaber, aditz-denbora ere ez dator beti bat, euskarazko maitatzen bazaitut orainaldia baita, baina gaztelaniazko si te amaba, ez. Adibideon zerrenda ixteko, garbi dago kantuari hitza hartu ezinik eta anhelando interpretar la canción ez direla esanahi berekoak. Ondorioz, itzulpen hori, ederra izanagatik, beste urrats bat gehiago egiteko tarteko hizkuntzatzat hartuko bagenu, jatorrizkotik ezinbestean aldenduriko oinarrian arituko ginateke, eta xede-hizkuntzako irakurlea ez litzateke jabetuko Lauaxetak euskarazko olerkian zehazki esandakoaz.
Orain arte katalanez irakurgai izan diren bi olerkiekin, horixe gertatzen da. Beatriz Fernándezek idatzi eta Anna Pinedak katalanera ekarririko Basc per a catalanoparlants (o de com dues llengües tan diferents s’assemblen tant) liburuan ager daitezen, «Itauna» («La pregunta») eta «Mendigoxaliarena» («Del muntanyenc») itzuli ditu Maria Cabrera poetak. Bien oinarri gisa Lauaxetak eginiko gaztelaniako itzulpena hartu du (arestian aipatua), eta, gainera, alexandrino erako neurtitz-egitura eman dio katalanezko itzulpenari; jakina, horrek guztiak euskarazkotik aski urrundu du emaitza:
«Has demanat si t’amo a aquest raig de lluna
que s’ha escolat pels vidres de la teva finestra.
I escoltes, sense oir-la, la sonata nocturna
que dalt la rosa blanca el rossinyol et mostra.»
Lauaxetaren gaztelaniazko aldaera literaletik aldenduz, Cabrerak aditz-denbora batzuk aldatu ditu, hiztegia moldatu, eta azken bi bertso-lerroak erabat birmoldatu ditu: «I escoltes, sense oir-la, la sonata nocturna / que dalt la rosa blanca el rossinyol et mostra.» (‘Eta arrosa zuriaren gainean urretxindorrak erakusten dizun gau-sonata, entzun gabe, aditzen duzu’). Hala, itzultzaileak berak egileak idatzi ez dituen beste eduki batzuk gehitu ditu (gau-sonata, entzun gabe aditzea eta sonata erakustea). Ondorioz, katalanezko emaitza beharbada gehiago da interpretazioa zehazki itzulpena baino.
Zuzeneko itzulpenaren eta zeharkakoaren ondoan, elkarlanean egindako zuzeneko itzulpena ere badago, non iturburu-hizkuntza ondo menderatzen duen itzultzaile batek eginiko lana xede- hizkuntza ondo menderatzen duen hiztun batek (edo gehiagok) egokitzen baitu. Bide hori oso aukera ona iruditu zitzaigun, eta hauxe erabaki genuen: jatorrizko euskarazko olerkien itzulpen katalan literala (edo aski literala, behintzat), Lauaxetaren gaztelaniazko aldaera eta Cabreraren bi olerki katalanak aurkeztea itzulpen-lantegiko partaideei, haiek ere egilea eta haren lana hobeto ezagut zitzaten eta elkarlanean alternatibak eta hobekuntzak aurkez zitzaten.
Lauaxetaren olerkiak itzultzea oso lan konplexua da. Ez hainbeste adierazirikoaren edukia dela eta, ezpada egileak adierazteko erabiltzen duen «ahotsa» dela eta. Bere garaian, artean, euskara baturik ez izateak poesia moderno eta jasoa idazteko hizkuntza literario eta linguistiko berezi bat sortzera eraman zuen Lauaxeta, eta ez Lauaxeta bakarrik, Lizardi, Orixe eta beste guztiak ere bai. Arrazoiak arrazoi, Lauaxetaren euskal «ahots» hori hain da berezia, ezen euskaldunontzat ere ulergaitza baita; hala ere, ez da hori gertatzen gaztelaniazko itzulpenarekin. Gaztelaniazkoa, jasoa izan arren, estandarra eta ulergarria da; euskarazkoa, ordea, eredu bateratu eta zabal batetik urruntzen duten hainbat ezaugarriz osaturikoa: alde batetik, fonetika eta morfologiari dagokienez, Lekeitio eta Markina inguruko hizkera du oinarri (bereziki, bustidurak, bokalen elkarketak eta adizkiak); bestetik, erabilera urriko hitzak barra-barra erabiltzen ditu; esate baterako, neologismo garbizaleak, onomatopeia lexikalizatu eta erdi-lexikalizatuak, lokalismoak, arkaismoak, Lauaxetak berak baino erabiltzen ez dituen hitz eta adierak; azkenik, sintaxia eta morfologia laburtzera eta sintetizatzera jotzen du (hitz-elkarketen eta morfologiako hainbat elementuren elipsia eginez).
Lauaxetaren berezitasun linguistiko eta literarioak kontuan hartuta, lantegia bi orduko bi saiotan banatzea erabaki genuen: azalpen- edo sarrera-saioa eta itzulpen-saio praktikoa. Sarrera-saioaren xedea Lauaxetaren eta haren lanaren testuingurua lantegiko partaideei azaltzea zen, bai historiaren eta euskal literaturaren esparruan, bai eta Europako literaturarekiko (bereziki katalana eta okzitaniera) harremanean ere. Garrantzitsua iruditu zitzaigun esku artean genuen itzulpen-lanaren funtsezko zailtasunak zein diren ahalik eta argien azaltzea; izan ere, kontuan hartu behar da, batetik, Lauaxetak oso hizkera bitxia aukeratu zuela (baita euskaldunontzat ere); bigarrenik, gutxienez ere modernismoaren, sinbolismoaren, parnasianismoaren eta ahozko literaturaren ildoan kokatu zuela bere jarduera poetikoa, eta, azkenik, euskal herritarrak ez direnentzat ezezagunak direla zenbait aipu kultural, historiko, geografiko eta sozial. Beraz, parte- hartzaileek itzulpena gutxieneko baldintzetan egin ahal izan zezaten zegoen pentsatua sarrera-saioa, oinarrizko baliabideak eskaintzeko.
Kontuan izanda gure lanaren emaitza irakurleria orokorrarentzat izatea nahi genuela, itzuli nahi genituen olerkiak aukeratzea ere garrantzitsua zen. Hasteko, zazpi olerki aukeratu genituen: «Itauna» eta «Mendigoxaliarena» (katalanezko aldaera duten bakarrak direlako eta aztertze-lanerako bide zabalagoa eskaintzen dutelako); «Langille eraildu bati» eta «Espetxekuena» (besteak beste, Kataluniako oraingo egoerarekin loturak dituztelako), eta, azkenik, «Amayur gaztelu baltza», «Burtzaña» eta «Txo moskortuba». Helburua ez zen guztiak zehatz-mehatz lantzea, bi orduko saio praktikoak ez baitu horretarako ematen, ezpada egilearen aberastasun tematiko eta formalaren erakuskari bat eskaintzea eta itzulpen-ariketaren lehen urratsa ezartzea, aurrerantzean, parte hartzaileek nahi izanez gero, jarrai dezaten.
Saioak apirilaren 10ean (asteartean) eta 12an (ostegunean) egin genituen, Bartzelonako Nafarren Etxean. Azken orduko kontu batzuengatik, aurreikusitakoa aldatuz, Jon Elordik gidaturiko azalpen-saioa asteartean egin beharrean ostegunean egin behar izan genuen, eta itzulpen-saio praktikoari eskaini genion lehen eguna. Hasiera batean arazo handia iruditu zitzaiguna, azkenean, neurri batean aukera bihurtu zitzaigun, parte-hartzaileek, beren kabuz eta inolako baldintzapenik gabe, gogotsu ekin baitzieten itzulpen- eta egokitze-lanei.
Partaideek berek erabaki zuten «Itauna» olerkiarekin lanean hastea, zeina batzuek ezagutzen baitzuten zenbait kantarik argitara emana delako (Antton Valverdek, Hibai Rekondok eta Josu Bergarak). Gainera, esan bezala, olerki hori aldaera gehien dituenetako bat zen: lantegirako Jon Elordik euskaratik zuzenean eginiko itzulpen literala, Lauaxetaren gaztelaniazko aldaera eta azken horretan oinarrituriko Maria Cabreraren itzulpena. Hona Cabreraren aldaera:
«Has demanat si t’amo a aquest raig de lluna
que s’ha escolat pels vidres de la teva finestra.
I escoltes, sense oir-la, la sonata nocturna
que dalt la rosa blanca el rossinyol et mostra.
Suaument ho demanes a l’aura, però és que el vent
sols juga i fa volar els teus cabells tan rossos.
Què en saben les estrelles que hi ha en el firmament?
Tots els astres reunits et besen, lluminosos.
Ho has demanat al cel i a les ones del mar,
fins has interrogat el volt celestial.
Però, ai las, estimada!, que d’aquest teu amar
no en parles amb ton cor ni en fas cap cabal.»
Lantegirako berariaz eginiko itzulpen literala:
«Li has demanat si t’estimo
al raig de lluna que fa clisc a la finestra.
Has passat la nit sense poder prendre paraula
al cant de pit-roig de la rosa blanca.
Li ho has demanat suaument al vent:
ell però juga al teu cabell.
I saben quelcom a l’espai de les estrelles?
Et fan petons totes tendrament…
Li ho has demanat al cel net,
a les ones del mar i a tots els éssers.
Però sobre aquest amor, estimada,
no li has demanat al teu cor!»
Debatea sortu zen hainbat gairen inguruan: hitzen aukeraketa, erregistro literarioa, eta itzulpen, moldaketa eta aldaera kontzeptuen arteko aldea.
«Itauna» olerkiaren ondoren, eta sakonago, «Espetxekuena» aztertu genuen; oraingoan, gogoetaren gai nagusiak neurtizkera (azentua eta errima), musikaltasuna eta gaiaren gaurkotasuna izan ziren. Azken arlo hori bigarren saioan ere deigarri gertatu zen, bereziki «Txo moskortuba» azaldu genuenean, eta positiboki harrigarria iruditu zitzaien parte-hartzaileei.
Emaitza oso ona izan dela iruditzen zaigu; batetik, saioak edukiz eta prozeduraz oso ondo gauzatu direlako, eta, bestetik, bi egunetan hamabost lagunek parte hartu dutelako, hamar inguruk bi saioetan. Gainera, kopuruari dagokionez, kontuan izan behar da lantegi-jarduera aurtengo berrikuntza izan dela eta saioak Bartzelonako erdigunetik apur bat urruti antolatu ditugula. Parte-hartzaileen ezaugarriak hauek izan dira: euskara ikasten ari diren katalanak, filologoak, beste hizkuntza batzuetan ari diren itzultzaileak, eta literaturazaleak, horietako batzuk Bartzelonako Agustí Centelles liburutegi publikoan antolatzen dugun irakurle-klubeko parte-hartzaileak.
Bi saiootan egin diren iradokizun eta ekarpenekin inola ere ez dugu lana burututzat eman, zeren eta esku artean dugun zereginaren konplexutasunak ordu gehiagoko lan arduratsua eskatzen baitu. Ondorioz, hasieran aurreikusi bezala, saiook ondorengoko lankidetza baten abiapuntu izango dira, eta hauxe izango da xedea: Lauaxetaren olerki batzuen itzulpenen antologia bat egin eta katalanez mintzo den irakurleria orokorraren esku ipini. Izango ahal da ibilbide luze baten lehenengo mugarria, zeini, datozen urteetan, jarraituko baitzaizkio beste euskal idazle garrantzitsu batzuk; esate baterako, Lizardi.