Whatever works. 'Genero nahasmendua' itzultzearen harira sortutako gogoetak
Ana Morales

Artikulu honetan, egileak (literatur) «itzulpen egoki»rako osatu duen «arau» edo autogomendioen bilduma pertsonala aurkezten du. «Itzulpen egoki»aren definizio bat proposatzen du, Kate Briggs itzultzaileari hartua, zeina oinarritzen den David Pye diseinu adituak artisautza onaz emandako definizioan. Haren giltzarrizko kontzeptuak dira sendotasuna (funtzionaltasuna) eta liraintasuna (kidetasun eta proportzionaltasun formala). Helburu bi horiek xede izanik, egileak bat egiten du Michelle Woods itzulpenaren arloko ikertzaileak aldezten duen ikuspegi holistikoarekin, eta aldarrikatzen du obra osoa batasun organikotzat hartzea eta bere zirkunstantzia eta motibazioen testuinguru zabalagoan aintzat hartzea. Ildo horretatik, bere arau pertsonalen bildumari gehitutako azkena aurkezten du, whatever works deritzona: itzulpena egokia izan dadin, zilegi da pasarte bakoitza itzultzea sendotasunaren eta liraintasunaren ikuspegitik testuan ondoen txertatzen den baliabidea erabilita —arazo berari irtenbide desberdinak eman arren—, koherentziarako euskarriak jarriz itzulpenean, jatorrizko testutik bertatik hartuak eta berrerabiliak, eta obra bere osoan gogoan harturik. Egileak arauaren aplikazio praktikoa erakusten du Judith Butlerren Gender Trouble lanaren bere euskarazko itzulpenetik hartutako adibide batekin.

Lanbidean emandako hogeita bost urte pasatxo honetan ahalegindu naiz literatur itzulpenerako jardunbide egokien bilduma pertsonal bat osatzen, halako gidalerro batzuk, nolabait ere mapa gisa lagun diezadaketenak denboran zehar itzulpen egokiaz eratu dudan ideiaren ildotik ibiltzen. «Arau» guztiok ez dira nireak (egia esan, bat ere ez, segurutik, baina «nire» deitzen diet nork irakatsi zizkidan edo non irakurri nituen gogoratzen ez dudan arauei); inori ikasitakoak diren horiek irakaslearen izenarekin dauzkat bataiatuta, esker onez. Gehienak negatiboan definituak ditut, «saihestu beharreko tentazio» gisa, alegia. …Kristau hezkuntzaren ajeak, nonbait. Batzuek edozein motatako itzulpenerako balio dutela uste dut (1, 2), eta beste batzuk, aldiz, gehiago lotzen zaizkiola literatur itzulpenari (3tik 6ra bitartekoak). Hona hemen, bada, saihestu beharreko nire tentazioen bildumaren azken aurreko bertsioa: 1

  1. Constantine Danilevskyren araua: ez betikotu, ez hedatu begi bistakoak diren erroreak (horrek zerikusia du batez ere beste itzulpen batzuetatik hitzez hitz kopiatu beharreko aipamenekin, eta errore argiak zuzentzea proposatzen du).
  2. María Nóbregaren araua: ez idatzi zentzurik ikusten ez diozun esaldirik.
  3. Manuel de los Reyesen araua: a) Jatorrizkoan bereizi zer dagokion idazlearen estiloari eta zer jatorrizko hizkuntzaren estiloari. b) Idazlearen estiloa ispilatu, ez hizkuntzarena.
  4. Ez sinplifikatzearen araua: idazlearen estiloa islatu behar dudala kontuan izanda, ez sinplifikatu jatorrizko testua, ez hiztegian, ez sintaxian, ez erregistroan.
  5. Ez edertzearen araua: idazlearen estiloa islatu behar dudala kontuan izanda, ez apaindu jatorrizko testua, ez hiztegian, ez sintaxian, ez erregistroan. Batez ere, ez aprobetxatu itzulpena jatortasun erakustaldi bat egiteko justifikaziorik gabe.
  6. Ez gainazaltzearen araua: ez gehiegi esplikatu edo interpretatu jatorrizko testua. Ez liluratu jatorrizko berben etimologiekin edo osagai gardenak dituzten hitz elkartuekin gaur egun berbok lexikalizatuta badaude jatorrizko hizkuntzan, edo testuak justifikatzen ez badu.

* Arauok ez dira nahitaez bete behar jatorrizko testuan kasuan kasuko ezaugarri linguistikoa agertzen den toki berean; konpentsazioaren teknika aplikatuta, testuko beste leku batzuetan berreskura daitezke, toki berean ezinezkoa bada.

Jakina, «arau» deitzen badiet ere, neure buruarentzako «gomendioak» baino ez dira, eta betiere cum mica salis eta malgutasunez aplikatzekoak, doitasunaren artisautza den gure lanbide honetan ia guztia den bezala. Gorago esan dudanez, haien helburua da niri laguntzea buruan daukadan adarbakar urdin horren atzetik joaten, hau da, itzulpen egokitzat dudan horren arrastoari segika. Hala ere, ez dut oraindik esan zein den niretzat horren definizioa. Zorionez, orain gutxi ederto formulatuta aurkitu dut, Kate Briggs itzultzailearen «How do we judge translations?» artikuluan.2

Helen Lowe-Porterren esaldi batetik abiaturik –«Look to the whole, the translator asked» [Begiratu osotasunari, eskatu zuen itzultzaileak]–, Briggsek itzulpenak epaitzean ohikoa izaten den jokabide bat gaitzesten du; alegia, lupaz bilatzen ibiltzea ustezko hutsegitea, distrakzio unea, akats konkretua edo irtenbide ez hain biribil hori (zeina beti izan daitekeen itzultzailearen erabaki kontziente bat), eta horren arabera ebaluatzea itzulpen osoaren kalitatea. Michelle Woods irakasle, itzultzaile eta itzulpenaren ikertzaileak «harrapatu zaitut» deitzen dio era horretako kritikagintzari –dio Briggsek–, eta gehitzen du sarritan kritikariak halako «errore»etan laketzen direla beren preferentzia pertsonalak justifikatzeko eta beren burua adituen posizioan legitimatzeko. Ebaluazio modu horren ordez, Woodsek proposatzen du osotasunari begiratzea, ikustea nola funtzionatzen duten itzulpenaren pieza guztiek elkarrekin eta ikuspegi zabalago batez kontsideratzea nola erlazionatzen den itzulpena bere zirkunstantzia eta motibazioekin.

Ildo beretik, Briggsek alternatiba posible gisa proposatzen ditu David Pyeren arabera3 artisau lan onaren ezaugarri diren bi irizpideak: «sendotasuna» (soundness) eta «liraintasuna» (comeliness). «Sendotasuna» izango litzateke artisauak inoren diseinuaren arabera egindako objektuak «indarrak transmititzeko eta erresistitzeko duen gaitasuna», hau da, itzulpena irakurri, erabili, iruzkindu, aipatu, aplikatu eta aktibatu ahal izatea –dio Briggsek (hots, «funtzionatzea», esango nuke nik)–. «Liraintasuna», berriz, izango litzateke diseinatzaileak (hau da, idazleak) bilatzen zuen forma estetikoa haren ezaugarri eta proportzioekin objektuan (itzulpenean) islatzeko gaitasuna.

Uste dut Woodsek proposatzen duen ikuspegi holistiko hori eta Briggsek Pye diseinu irakaslearengandik hartutako bi ezaugarri horiek asko hurbiltzen zaizkiola nire «arauak» biltzean modu gutxi gorabehera inkontzientean urtez urte gogoan marraztuz joan zaidan itzulpen egokiaren ideiari. Eta uste dut horixe baieztatzera datorrela Genero nahasmendua itzultzeko prozesuaren ondorioz nire arau bildumari gehitu diodan azken araua, zazpigarrena. Honela dio:

7. araua: Whatever works

Jabetzen naiz formulazioak ez duela oso itxura, esan dezagun, akademikoa, eta gainera azkenaldion gauza inportante guztiak izendatzeko gure artean zabaldu den joera anglofonoaren beste aje bat dirudiela, baina berba horiekin bururatu zitzaidan araua, eta uste dut laburbide erosoa dela proposatu gura dudana adierazteko.

Sinpleki esanda, arau horrek esan nahi du itzulpena egokia izan dadin –sendoa eta liraina, Pyeren terminoak erabiliz, hau da, funtziona dezan eta jatorrizkoaren ezaugarri formalak eta proportzioak gorde ditzan– zilegitzat jotzen dudala obraren pasarte bakoitza itzultzeko itzultzailearen ustez toki konkretu horretan ondoen txertatzen den baliabidea erabiltzea, behar izanez gero itzulpenean zehar irtenbide bat baino gehiago emanez jatorrizko termino edo formulazio berari, baina ordain horien arteko koherentziarako euskarriak jarriz itzulpenean, eta euskarri horiek jatorrizko testutik bertatik hartuz (originaletik bertatik birziklatutako materiala erabiliz, alegia), testua edo obra bere osotasunean kontuan hartuta.

Aldizkari honetan bertan inoiz beste lankide batzuekin argudiatu dudanez,4 itzulpen memoriekin eta glosario automatikoekin lan egiteak onura ikaragarriak ekarri dizkigu itzultzaileoi produktibitatean eta koherentzian, baina beharbada haren albo kalte nagusia izan da batzuetan testu osoaren batasun organiko hori bistatik galtzea, eta, esaldi edo paragrafo mailaren markoan giltzapeturik, geure burua mugatzea esaldi edo paragrafo berberak beti berdin ematera, testuinguru zabalagoa (dena delako dokumentuarena nahiz dokumentua edo obra txertatuta dagoen diskurtso zabalagoarena) ahaztuta, eta itzulpen egokiagoetarako bidea ekar lezakeen malgutasuna baztertuta.

Bestalde, ez dator txarto gogoratzea terminologiaren unibokotasuna aspalditik kolokan jarritako ideia bat dela, Wüsterrengandik berarengandik hasita: ez da egia, ezta zientzia «gogor»retan ere, kontzeptu bat termino bakar batez adierazten denik, ez eta termino bakoitzak adiera bakar bat duenik ere.5

Esan dut whatever works («funtzionatzen duena, horixe erabili») araua aplikatzea «zilegi» iruditzen zaidala, baina esan beharko nuke aplikatu «beharrekoa» iruditzen zaidala bestela jokatzeak testuaren irakurgarritasuna (aulkiaren sendotasuna, aulkiaren gainean eroso jesarri ahal izatea) oztopatzen duenean, batez ere Genero nahasmendua bezalako liburuetan. Irakurgarritasunak eta koherentziak talka egin dutenean, whatever works izan da nire aukera, hau da, irakurgarritasuna lehenestea, fideltasunaren izenean.

Fideltasunaz eta irakurgarritasunaz idazten jarraitu aurretik, parentesi bat egin nahi dut hitz pare bat esateko Genero nahasmenduaz. Judith Butlerren obra hori saiakera filosofiko bat da, 1990ean lehenengoz argitaratua, pentsamendu feministari norabide berria eman eta queer teoriari bidea ireki zion lan giltzarria. Gainbegiratu kritikoa egiten die aurreko hainbat filosoforen pentsamenduari, haien terminologia espezifikoa baliatuz, eta proposamen berri bat aurkezten du, hizkera eta terminologia berri bat erabiliz. Butlerren prosa oso trinkoa da, kontzeptu konplexuz betea, abstrakzio handikoa eta oso ñabartua: filosofiako termino teknikoez gain, hiztegi arrunteko hitz ezohikoak baliatzen ditu, edo hitz arruntak ezohiko adieretan; sintaxiari dagokionez, ñabardurak eta zehaztasunak gehitzeko joera horren ildotik, oso periodo luzeak idazten ditu, mendeko esaldi askorekin, eta beste obra batzuen aipamen eta erreferentzia ugari txertatuz.

Irakurgarritasunaren gaira itzulita, argudia liteke (eta ni, oro har, bat nator) jatorrizkoa konplexua baldin bada hala behar duela itzulpenak, baina uste dut proportzionaltasunaren ideia giltzarria dela hemen, eta oso aintzat hartzekoa dela gorago aipatutako Woodsen oharra; alegia, itzulpena ebaluatzean kontsideratu beharko litzatekeela nola erlazionatzen den testua bere zirkunstantzia eta motibazioekin. Genero nahasmenduaren kasura bueltatuz, liburua mendebaldeko tradizio filosofikoan txertatzen da, baina, ingeleseko irakurleak aspaldidanik eduki baditu ere bere esku –duela hamarkadak edo are mendeak ere, eta unibertsitateetako liburutegi guztietan–, bere hizkuntzara itzulita Hegel, Nietztsche, Freud, Lévi-Strauss, Kristeva, Irigaray, Foucault, Sartre, Beauvoir, Derrida, Lacan eta abar (Butlerrek aztertzen dituen pentsalarietako batzuk besterik ez aipatzearren), euskal irakurleak, tamalez, salbuespenak salbuespen, ez du halako zorterik izan, eta gehienbat obra honetan bilduta jaso beharko ditu euskaraz, lehen aldiz, pentsalari horien erreferentzia guztiak batera, gehi Butlerren ekarpen berriak. Hortaz, sendotasun eta liraintasun irizpideak erabiliz, uste dut euskal irakurleari zor zaiola ingeles irakurleak aurkitutako jatorrizkoa bezain konplexua den bertsio bat, bai, baina ez, ordea, hura baino zailagoa edo ilunagoa.

Hori guztia esanda, whatever works arauaren aplikazio praktiko bat erakutsi gura dut. Esan dut batzuetan Butlerrek ezohiko adieretan erabiltzen dituela lexiko arrunteko hitzak. Horietako bat discontinuity da (eta, gutxiagotan agertzen badira ere, haren antonimoa, continuity, eta biei dagozkien izenondoak: discontinuous eta continuous, hurrenez hurren). Butlerrek maiz erabiltzen du discontinuity terminoa, nahiko modu karakteristikoan.

Hona liburuko lehen adibidea:

a.  Taken to its logical limit, the sex/gender distinction suggests a radical discontinuity between sexed bodies and culturally constructed genders.
(Gender Trouble, 9. or. Adibide guztietako azpimarrak nireak dira.).

Beste adibide batzuk:

      b.  The very notion of «the person» is called into question by the cultural emergence of those «incoherent» or «discontinuous» gendered beings. (22. or)

      c.  The spectres of discontinuity and incoherence, themselves thinkable only in relation to existing norms of continuity and coherence. (22. or)

      d.  the disconcerting convergence of heterosexuality and homosexuality in her/his person are only occasioned, but never caused, by his/her anatomical discontinuity. (32. or).

      Liburua itzuli ahala osatuz joan nintzen glosarioan, behin-behineko ordain posible hauek bildu nituen, besteak beste:

      EN Discontinuity
      EU  jarraitutasun eza
             haustura
             etena
             gorabehera
             ez-bateratasuna
             komunztadura eza
             desadostasuna

      EN  Discontinuous (adib.,: «discontinuous being»)
      EU  (izaki) ez-jarraitua
              jarraitutasun gabea
              hautsia
              etena
              gorabeheratsua
              hautsia
              akastuna?
              ez-lerrokatua
              ez-zuzena?
              ados ez dagoena?
              adostasun gabea?

      Adibideon testuinguruetatik erraz igar daiteke jatorrizko terminoak adierazten duen ideia: elementu batzuen arteko desadostasuna edo bat ez etortzea. Nire balizko ordainen ugaritasun eta trakestasunak, bestalde, aditzera ematen du batek ere ez ninduela guztiz asetzen: izenerako, desadostasuna batzuetan ondo egokitzen zen testuan (gorputz sexudunen eta kulturalki eraikitako generoen arteko desadostasuna), baina beste batzuetan lausoegi edo ulergaitz geratzen zen (desadostasunaren espektroa?).

      Izenondoa, zorionez, gutxitan azaltzen zen, baina berak ematen zidan buruhauste gehien: konbinazio zentzugabeak ateratzen zitzaizkidan (izaki ez-lerrokatuak?, ados ez dauden izakiak?), edo kontzeptua desitxuratzen zutenak (izaki etenak edo izaki hautsiak esatea ez zen egokia, ideia ez baita izaki batzuk etenda edo zatituta daudela, ezpada zerbaitekin bat ez datozela; (izaki etentzaileak?, etendunak?, etendura(zko) izakiak?).

      Bi kezka nituen: batetik, ezina zirudien izena eta izenondoa sustrai berarekin emateak, ez testuinguru guztietan bederen; bestetik, uste nuen garrantzitsua zela jatorrizko terminoak atzean zuen metafora itzulpenean jasotzea, Butlerrek maiz darabilelako terminoa liburuan. Beraz, metafora bisualizatzen saiatu nintzen. Hilabeteak eman nituen bueltaka, eta, ezustean, pasarte honek, liburuaren azken partean agertzen denak (eta zorigogorreko discontinuity hitza ez dakarrenak, bide batez esanda) arrasto bat eman zidan:

      e.   Gender does not necessarily follow from sex, and desire, or sexuality generally, does not seem to follow from gender. (172. or.)
      e’.   Generoak ez dio nahitaez jarraitzen sexuari, eta ez dirudi desirak, edo sexualitateak oro har, generoari jarraitzen dionik. (Genero nahasmendua,7 221. or.)

      Irudi sinplea da, nahi bada, baina ordura arte nik neuk ez nuen ikusi: lerro jarraitu bat, bat-batean eten edo hautsi egiten dena. Azalpen hori birziklatzea erabaki nuen, eta honela moldatu nuen liburuaren hasierako esaldi hau:

      f.   Within a language of presumptive heterosexuality, what sorts of continuities are assumed to exist among sex, gender, and desire? (xxx. or.)
      f ’.  Heterosexualitatea aurresuposatzen duen hizkuntzan, zer-nolako lerro jarraitua suposatzen da dagoela sexuaren, generoaren eta desiraren artean? (6. or.)

      Eta goiko a) adibidea, berriz, honela eman nuen:

      a’.   Bere mutur logikora eramanda, sexu/genero bereizketak aditzera ematen du ez dagoela inolako lerro jarraiturik gorputz sexudunen eta kulturalki eraikitako generoen artean. (56. or.).

      Eta b), berriz, honela:

      b.   ustezko lerro jarraitu hori «eteten» duten izaki generodun «inkoherente» horiek (73. or.)

      Nahigabetzen ninduen arazoetako bat konpondua nuen, beraz: liburuan jasota geratuko zen pertsegitzen ibilia nintzen metafora. Hala ere, argi zegoen testuinguru guztietan ezinezkoa izango zitzaidala horrela ematea, gehienbat batzuetan formula laburragoren bat beharko nuelako. Bestalde, goiko zerrendetako aukera bakar batek ere ez zidan balio kasu guztietarako, tarteka emaitza ulergaitz, astun edo ortopedikoak sortu barik.

      Zalantzen itsaso hondargabe honetan itolarrian nenbilelarik, bat-batean, nire bildumarako zazpigarren araua errebelatu zitzaidan, distira itsugarriaz. Zer egin nezake arazoa konpontzeko? Whatever works! Nork behartzen ninduen soluzio bakarra ematera, horren prezioa baldin bazen pasarte irakurgaitzak sortzea? Whatever works, beraz. Kasu bakoitzean ondoen funtzionatzen zuen formula erabiliko nuen nire helburuak betetzeko. Zeintzuk ziren nire helburuak? Autoreak zerabilen metafora liburuan jasota uztea eta ideia hori testuinguru desberdinetan ahalik eta modurik txukun eta erosoenean formulatzea. «Lerro jarraitua / lerro etena» metafora liburuaren hasieran behin ezarrita, horixe baliatuko nuen aurrerantzean, irudia laburki eta txukun erabiltzeko aukera neukanean. Hori ezinezkoa edo astunegia zenean, berriz, ideia ondo adierazten zuen soluziorik funtzionalenera joko nuen kasu bakoitzean, nahiz eta irtenbideak desberdinak izan edo metafora horren eremu semantikokoak ez izan.

      Horretarako, bi bide hartu nituen nagusiki: bata, dagoeneko erabilia nuen metaforaren bertsio laburrago bat erabiltzea, hitz bakarrekoa. Irakurleak dagoeneko ezagutzen zuenez irudia, jatorrizko terminoaren itzulpena literala izan zitekeen:

      g.   «Intelligible» genders are those which in some sense institute and maintain relations of coherence and continuity among sex, gender, sexual practice, and desire. (23. or.)
      g’.   Genero «ulergarriak» dira nolabait koherentzia eta jarraitutasuna eratzen eta gordetzen dituztenak sexuaren, generoaren, jardun sexualaren eta desiraren artean. (74. or.)

      h.   In other words, the spectres of discontinuity and incoherence, themselves thinkable only in relation to existing norms of continuity and coherence, are constantly prohibited and produced by the very laws (…). (23. or.)
      h’.   Bestela esanda, (…) lege horiexek dira etengabe debekatzen eta aldi berean ekoizten dituztenak jarraitutasun ezaren eta inkoherentziaren mamuak, pentsaezinak liratekeenak, ezpada jarraitutasun eta koherentzia arauekiko erreferentzian. (74. or)

      Beste bidea autoreak kontzeptu bera adierazteko liburuan zehar zerabiltzan sinonimo edo kuasi-sinonimoak birziklatzea izan zen (adibidez, dissonance eta felûre, discontinuity-rako), baliokideok autorearen bedeinkapena zutelakoan. Horren arabera, nire hasierako zerrenda horietako proposamen traketsak ezabatu, eta diskordantzia, eta arrakala aukeratu nituen discontinuity-ren hitz bakarreko ordainak behar nituenerako.

      h.  Politics of sexual discontinuity. (119. or.)
      h’.  Diskordantzia sexualaren politika. (198. or.)

      i.    as felûre, discontinuity, metonymic slipage. (71. or.)
      i’.   felûre gisa, arrakala gisa, lerratze metonimiko gisa. (137. or.)

      Azkenik, hirugarren bide bat ere hartu nuen noizbait: autoreak termino baterako han eta hemen erabilitako sinonimo eta kuasi-sinonimoak abiapuntu hartuta, horiexen antonimoak edo kuasi-antonimoak baliatzea kontrako kontzeptua adierazteko. Esaterako, continuity-rako liburuan zehar autoreak darabiltzan formula alternatiboetako batzuk dira lines of connection (adibidez, «lines of connection among biological sex, culturally constituted genders and the “expression” or “effect” of both in the manifestations of sexual desire», 23 or.) eta unity (adibidez, «we see sex and gender denaturalized by means of a performance which avows their distinctness and dramatizes the cultural mechanism of their fabricated unity», 188 or.). Bada, discontinuous edo discontinuity emateko, bi formula horiexen (unity-ren eta lines of connection-en) antonimo edo kuasi-antonimoetara jo nuen batzuetan:

      j.   «Sex» imposes an artificial unity on an otherwise discontinuous set of attributes. (146. or.)
      j’.   «Sexuak» batasuna ezartzen dio ezaugarri solteen multzo bati. (146. or.)

      k.   Transsexuals often claim a radical discontinuity between sexual pleasures and bodily parts. (90. or.)
      k’.  Transexualek sarritan esaten dute ez dagoela inongo lotura beharrezkorik plazer sexualaren eta gorputz atalen artean. (161. or.)

      Honaino, labur azalduta, whatever works arauaren aplikazio praktikoa termino arazotsu bat(zu)en itzulpenean. Baliteke araua hau ez izatea konpentsazio teknikaren eta terminologiaren ez-unibokotasunaren beste izen bat baino. Hala ere, iruditzen zait zerbait gehiago ere badela: zuhaitzek basoa ezkutatu behar ez dutela gogoratzeko balio dit, hau da, garrantzitsuagoa dela testua sendoa eta liraina izan dadin saiatzea, batasun terminologiko edo fraseologikoari kosta ahala kosta eustea baino. Eta, horretaz gain, badagoela modurik, modu suprasegmentalik, koherentziari beste estrategia batzuen bidez eusteko, materiala jatorrizko testutik bertatik hartuz eta berrerabiliz. Izan ere, whatever works ez da anything works, baizik eta itzulpen unitatea testu osoa delako ideia berreskuratzea, eta xede testua ere pieza lotuen batasun organiko bat dela aldarrikatzea. Pieza horiek oihartzunak sortzen dituzte testu osoan, itzultzaileok geure alde erabil ditzakegunak.

      Bitxia da nola arau hau positiboan eta baimen gisara formulatuta atera zaidan, ez besteak legez, debeku edo agindu bibliko mehatxagarrien forman, adierazmoldean berean ispilatuz bezala haren existentziak nire traditora gogo torturatuari ekartzen dion arindua. Batek daki, beharbada neure burua askatu dut inork ezarria ez zidan uztarri batetik, baina, edozelan ere, uste dut itzulpen egokiaren bilaketan on egingo didala whatever works araua nire bilduman idatzita ikusteak.

      Orain dela gutxi nonbait irakurri diot Ara Malikian biolin jotzaileari gaur egun ez zaiola hainbeste axola nota guzti-guztiak partituran dauden legetxe jotzea, obra osoa interpretatzean transmititzen duen emozioa baizik. Gustatzen zait ideia. Hara, artisautza aipatu dut artikulu honen hasiera aldean, eta musikari baten gogoetarekin amaitu dut. Ez zaizkit, bada, iruditzen artisauak eta musikariak batere konpainia txarra itzultzaileentzat.


      Oharrak:

      1. Inoiz bertsio laburrago bat argitaratu dut: Morales, Ana. «Liburuaren 200. urteurrenean egindako hitzaurrea», in Austen, Jane. Harrotasuna eta aurrejuzguak, Donostia: Elkar, 2013, 39.-41. or.

      2. Briggs, Kate. «How do we judge translations?», in Literary Hub, 2018ko apirilaren 19a. Azken kontsultaren data: 2018ko maiatzaren 28a. Hemen ere argitaratua: Briggs, Kate. This Little Art, Fitzcarraldo Editions, 2018.

      3. David Pye Londresko Royal College of Art-eko altzarien diseinuko irakaslea zen. Haren bi obra nagusiak The Nature of Design eta The Nature and Art of Workmanship dira.

      4. Bernaola, I. Morales, A. I. eta Payros, I. «Ordenagailuz lagundutako itzulpena eta itzulpenaren kalitatea», in Senez, EIZIE, 2003ko abendua, 26. zk., 1.-28. or. Azken kontsulta: 2018/06/01.

      5. Gauza bera azpimarratzen du Igone Zabalak: «Terminologia in vivo aztertzeko modu horrek berehala utzi du agerian terminoen unibokotasuna eta monosemia idealizazio bat baino ez direla». Ikus Zabala Unzalu, Igone, «Terminologia akademikoa», in 31 eskutik, EIZIE, 2013ko otsailaren 1a. Azken kontsulta: 2018/05/29.

      6. Butler, Judith. Gender trouble, 2. edizioa. New York: Rutledge, 1999. Ingelesezko adibide guztiak hortik hartuak dira, eta testuan txertatuko ditut dagozkien orrialde zenbakiak.

      7. Butler, Judith. Genero nahasmendua, Donostia eta Andoain: Elkar eta Jakin, 2018. Euskarazko adibide guztiak hortik hartuak dira eta testuan txertatuko ditut dagozkien orrialde zenbakiak. Azpimarra guztiak nireak dira.