Berrikusketa-eredu baten bila
Inaxio Lopez de Arana Arrieta

Aldian behin, Eusko Jaurlaritzako Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak (IZO) berrikuspen-eskariak jasotzen ditu itzultzaile pribatuek eta Administraziotik kanpoko itzulpen-enpresek egindako itzulpenen kalitatea ebaluatzeko. Oraintsu arte, IZOk, eginkizun horietarako, zehaztasun falta nabarmena zeukan eskema bat erabiltzen zuen; eskema hark, inondik ere, tarte handiegia uzten zuen zuzentzaileen eta ebaluatzaileen interpretaziorako. Ondorioz, ez zen batasunik izaten testuak berrikusteko irizpideetan. IZOko zuzentzaile bakoitzak bere zuzentzeko modua izaten zuen, eta, neurri handi batean, bere intuizioari jarraikiz egiten zuen lan. Itzulpen-berrikuspenaren arloko irizpideak bateratzeko premiaz jabeturik, IZOk halako eredu edo txantiloi bat sortu du itzulitako testuak irizpide jakin batzuen arabera berrikusi eta ebaluatzeko, zuzentzaileen edo ebaluatzaileen lana errazte aldera. Asmo horrekintxe munduratu da artikulu honen muina den eredua, eguneroko itzulpenak eta azterketetara edo lehiaketa publikoetara aurkezten diren itzulpenak ahalik eta objektibotasunik handienaz ebaluatzen lagundu nahi duen tresna. IZOren ekarpen hau etorkizunean osatu eta hobetu egin beharko da, euskarazko itzulpengintzaren beraren hobe beharrez.

Atarikoa

Aldian-aldian IZOn suertatzen zaigu besteren itzulpenen kalitatea epaitu beharra. Izan ere, itzulpen-hornitzaileak kontratatzeko lehiaketetan, IVAPen argitaratzeko diren testuetan, kanpoko hornitzaileek egindako itzulpenetan, eta gisa horretako lantegietan eskatzen digute epaile-lana egitea, geuk ebatzi behar dugu-eta dena delako testuak behar besteko kalitaterik ba ote duen ala ez. Oraintsu arte, horrelakoetan, hainbat zalantza sortu zaizkigu, ez baita egon batasunik gure berrikusketa-irizpideetan, bakoitzak bere erara eta senak agintzen zionari jarraikiz egiten zuelako zuzenketa-lana. 2016. urtera bitartean ebaluazio-lanetarako erabiltzen genuen eskema ez zen batere zehatza, eta tarte handiegia uzten zuen norberak interpretatzeko: baliokidetasuna, hizkuntza-egokitasuna, zuzentasuna eta diseinu-egokitasuna zituen ardatz nagusi, eta haien inguruan egiten zen itzulpenen kalitatearen ebaluazioa; gero, pertsona batek bateratu behar izaten zituen itzulpenak ebaluatzen ibilitako zuzentzaileen irizpideak; besteak beste, akatsengatiko penalizazioetan denok bat etortzeko; itzulpenaren ulergarritasuna, koherentzia, kohesioa, erregistroa, adierazgarritasuna eta estiloa berdin baloratzeko; jatorrizko testuarekiko fideltasunarengatik (edo fideltasunik ezarengatik) puntu kopuru bera emateko…

Irizpide-batasun horren premia ikusirik, 2016ko irailean, itzulpenen berrikusketa-eredu berri bat sortzeko lanean hasi ginen IZOko kide batzuk, tresna berri hura ordura arte erabilitakoa baino zehatzagoa eta zuzenagoa izango zelakoan itzulpenen kalitatea epaitzeko. Tresna hura ahalik eta objektiboena izatea da helburua, itzulpenen kalitatea ahalik eta objektibotasunik handienaz ebaluatzeko, itzulpenek berek ahalik eta kalitaterik onena izan dezaten.

Argi geneukan guk proposatuko genuen eredua ezin izango zela oso zehatza izan, unean uneko egoerara eta baldintzetara egokitu behar izango lukeelako. Ez luke zehaztuko zenbat akats diren onargarri itzulpen bat balekotzat jotzeko. Zehatza ez, baina koherentea bai, eta talde-lanean eta irizpide-batasunean oinarritua.

Itzulpen-akatsa

Lehenengo eta behin, argitu dezagun zer den itzulpen-akatsa. Bote lasterrean, esan dezagun itzulpen-akatsa edo -errakuntza edukiontzi moduko bat dela, halako saski-naski bat non definizio guztiak onartzen baitira. Itzulpen-akatsa itzulpena egitean hautatu den baliokide ezegoki batek eragiten du. Sorburu-hizkuntzako mezua xede-hizkuntzara aldatzean egiten den edozein huts edo akats da itzulpen-akatsa. Itzulpen-akatsak sorburu-hizkuntzako testua gaizki, behar beste edo batere ez ulertzearen ondorioz gertatzen dira, edo xede-hizkuntzakoa gaizki, behar beste edo batere ez berradierazteagatik gertatzen dira.

Itzulpengintzaren munduan, itzulpenak ahalik eta azkarren egitea da garrantzitsuena; ez da munta handikoa testu polit bat sortzea, baizik eta sortutako testuak funtzionatzea sortu zen helbururako.

Eredua(k)

Itzulpenen berrikuspengintzan erreferente diren zenbait aurrekari bibliografiko irakurri eta aztertuta, ohartu ginen ezen, orain arte itzulpengintza orokorrean hainbat eredu proposatu diren arren, euskararen munduan gutxitxo landu izan dela gaia. Horrek sendotu egin zuen gure hizkuntzarako baliagarria izan litekeen ebaluazio-eredu edo -txantiloi bat sortzeko genuen asmoa. Euskararako baliagarria eta euskararen ezaugarriei atxikirik; horra gure abiapuntuaren zimentarriak.

Ereduak eguneroko itzulpenak eta azterketetako itzulpenak ebaluatzeko baliagarria izan behar zuenez, bi eredu mota sortzea iruditu zitzaigun egokiena; bi, baina pare-parekoak biak ere. Segidan duzue eguneroko itzulpenak ebaluatzeko sortu genuena:

Eguneroko itzulpenetarako ebaluazio-eredua

1. ULERMEN-ARAZOAK: jatorrizkoak esaten duen gauza bera esan behar du itzulpenak

  • 1.1. Jatorrizkoa gaizki ulertu da
  • 1.2. Zerbait falta da
  • 1.3. Zerbait erantsi da

2. XEDE-TESTUaren zuzentasuna, arauei eta gomendioei dagokienez

  • 2.1. Ortografia
  •  2.2. Puntuazioa
  • 2.3. Gramatika

3. XEDE-TESTUaren zuzentasuna, esanahiari dagokionez

  • 3.1. Terminologia/Lexikoa
  • 3.2. Koherentzia

4. XEDE-TESTUAren zuzentasuna, estiloari dagokionez

5. BEREZIKI NABARMENTZEKOA: hautu txar-txarrak zigortzeko (itzulpena atzera botaz)

6. ARRETA-AKATSAK

 Itzulpenari eta zuzenketari buruzko datuak
 Espediente-zenbakia:
 Itzultzailea:
 Zuzentzailea:
 Hitz-kopurua (sorburu-testua):
 Azaleko zuzenketa edo zuzenketa sakona:
 Oharrak:

EREDUARI BURUZKO ARGIBIDEAK

   1. ULERMEN-ARAZOAK: jatorrizkoak esaten duen gauza bera esan behar du itzulpenak

      1.1. Jatorrizkoa gaizki ulertu da

            Sorburu-testua: «… donde se ha observado la eficacia de este tipo de medidas
            en relación con la finalidad perseguida…»

            Xede-testua: «… ez da ikusi mota horretako neurriak eraginkorrak direnik, bete nahi
            duten helburua kontuan hartuta…»

            Sorburu-testua: «… la fractura y la erosión a lo largo de periodos muy dilatados
            de tiempo, por mucho que el ojo humano avizore siluetas conocidas

            Xede-testua: «… hausturaren eta higaduraren ondorio dira, nahiz eta pertsona
            batzuek urrunean silueta ezezagunak ikusi.»

      1.2. Zerbait falta da

            Sorburu-testua: «… udaletxean, banketxeetan eta osasun-zerbitzuetan»

            Xede-testua: «… en bancos y servicios sanitarios»

      1.3. Zerbait erantsi da

            Sorburu-testua: «Ordezkari legez etorri zen bilerara»

            Xede-testua: «Acudió a la reunión en calidad de representante legal»

   2. XEDE-TESTUaren zuzentasuna, arauei eta gomendioei dagokienez

      2.1. Ortografia (letra larria/xehea, etzana, kakotxak, siglak, ortotipografia-kontuak…).
            Atal honetan, IZOren irizpide-bildumako ortotipografia arloko itzulpen-irizpideak
            ez betetzea ere sartuko dugu.

            «EAE-ko erakundetze prozesua aspaldian hasi zen» (siglen deklinazio-marka zuzenean
             lotzen da, marrarik gabe)

            «Espainiako Gobernuak bat-batean erabaki zuen B.E.Z.a igotzea» (sigletan ez da punturik
            erabiltzen)

            «KUDEAKETA SISTEMA DEFINITZEN DUTEN ELEMENTUAK» (IZOren itzulpen-irizpide baten
            arabera, maiuskulaz idatzitako testuetan minuskulaz idatzita baleude bezala jokatu behar
            da, marratxoari dagokionez; beraz, marra jarri beharra dago KUDEAKETA eta
            SISTEMAren artean).

      2.2. Puntuazioa

             «Egun on zuzendari jauna:» (deikiaren koma falta da).

      2.3. Gramatika (atal honetan, IZOren irizpide-bildumako morfosintaxia arloko itzulpen-irizpideak
             ez betetzea ere sartuko dugu).

             «Publizitate aktiboa atzitzeko zenbait tresnak eskura izatera, zenbait modutan, haien
             jatorriko iturrien arabera.»

             «Osasun sailburua» (IZOren morfosintaxia arloko itzulpen-irizpide baten arabera, Osasuneko
             sailburua behar du).

   3. XEDE-TESTUaren zuzentasuna, esanahiari dagokionez

       3.1. Terminologia/Lexikoa

             Sorburu-testua: «Archivo» (informatika arloa)

             Xede-testua: «Artxibo» (Fitxategi jarri beharrean)

             Gainera, atal honetan, IZOren irizpide-bildumako terminologia arloko itzulpen- irizpideak
             ez betetzea ere sartuko dugu; esaterako: «2016ko apirilaren 1eko EAO, 210. zk.» (IZOren
             terminologia itzulpen- irizpide baten arabera, «2016ko apirilaren 1eko BOE,
             210. zk.» behar du).

      3.2. Koherentzia

             Sorburu-testua: «Pliego de condiciones».

             Xede-testua: «Baldintza-agiria» eta «baldintza-plegua» nahas-mahas testu berean.

   4. XEDE-TESTUaren zuzentasuna, estiloari dagokionez

             Atal honek esaldi barruko ordenari eta erredakzio pobreari dagozkion akatsak biltzen ditu.
             Esaldi barruko ordena gaizki ematearen adibibide bat:

             «Demanda betearazlea aurkeztu ondoren, Auzitegiak, horretarako prozesu-baldintzak eta
             betekizunak gertatzen badira, titulu betearazleak forma-irregulartasunik ez badu, eta
             eskatu jardun betearazlea tituluaren izaera eta edukiarekin bat badator, exekuzio-agindu
             orokorra barne hartuko duen autoa gaindituko du».

             Erredakzio pobreak hainbat agerpen-molde ditu: errepikak, okerreko kalkoak,
             anafora-/katafora-joko okerrak, gaizki erabilitako nominalizazioa… Huts horien ondorioz,
             esaldi ilunak, astunak, traketsak, narrasak, nahasiak, ulergaitzak eta halakoak sortzen dira.
             Hona adibide batzuk:

             «… babestuta dagoela publizitate prozesalaren printzipioagatik»

             «Hari dagokio enkantea abiaraztea, beharrezko datuak gaineratu eta publizitatea agintzea,
             eta hura eten edo abiaraztea, amaierara arte etengabeko kontrola mantenduz, eta
             horretarako, Enkanteen Atariarekin harreman pribilegiatua mantenduz»

             «Enkantearen iragarkiari eta publizitateari dagokien edukia»

             Gainera, atal honetan, IZOren irizpide-bildumako testugintza arloko itzulpen-irizpideak
             ez betetzea ere sartuko dugu; esaterako:

             «Europar Batasunaren araudietan xedatutakoa kaltetan gabe…» (IZOren testugintza arloko
             itzulpen-irizpide baten arabera, Europar Batasunaren araudietan xedatutakoa ezertan
             eragotzi gabe… edo halakoren bat behar du).

   5. BEREZIKI NABARMENTZEKOA: hautu txar-txarrak zigortzeko (itzulpena atzera botaz)

       Atentzioa ematen duen zerbait, txarrerako. Alderdi negatiboengatik nabarmentzea.
       Hautu txar-txarren arloan, terminologian, estiloan edo dena delakoan batere ez asmatzea da
       akatsetako bat, esaterako.

   6. ARRETA-AKATSAK

       Atal honek akats faktualak eta akats metodologikoak biltzen ditu.

       Akats faktualak: izenak, urteak, zenbatekoak… gaizki ematea. Esaterako:

             Sorburu-testua: «Vitoria-Gasteiz, a 30 de noviembre de 2016»

             Xede-testua: «Donostia, 2016ko azaroaren 30a»

       Akats metodologikoak: erratak, despisteak, eta berrikusketa ezak edo ganora faltak
       eragindako akatsak. Esaterako:

             «Ongiaterik eza.»

             «Halaber, nabarmendu…» (behar baino zuriune gehiago edo gutxiago jartzea)

             «la razón de ser de un una lengua» (beharrik gabeko errepikapenak egitea)

Azterketetako itzulpenetarako ebaluazio-eredua

Lehenago aipatu bezala, azterketetako edo esleipenetako itzulpenak ebaluatzeko eredua eta eguneroko itzulpenak ebaluatzekoa berdintsuak dira. Hain zuzen ere, eguneroko testuenari puntu eta erdi bat erantsi genion azterketena sortzeko, gainerako guztiak balio duelakoan. Honela geratu da:

 5. BEREZIKI NABARMENTZEKOA: hautu txar-txarrak zigortzeko (itzulpena atzera botaz) eta on-onak saritzeko atala

 6. DISEINUA eta FORMATUA

Eredu honetan, 5. puntuak hautu txar-txarrak ez ezik on-onak ere biltzen ditu. Honela geratzen da, beraz:

   5. BEREZIKI NABARMENTZEKOA: hautu txar-txarrak zigortzeko (itzulpena atzera botaz) eta on-onak saritzeko atala

Atentzioa ematen duen zerbait, onerako edo txarrerako. Alderdi positiboengatik edo negatiboengatik nabarmentzea.

Hautu on-onen arloan, «baliokidetasun onak / oso onak», hau da, gaztelaniaz «hallazgos» deitu izan direnak egitea. Edo beste eremuren batean lan aparta egitea. Esaterako, erdaraz guztiz korapilatuta dagoen esaldi bat euskaraz zuzenduta idaztea saritzekoa litzateke, bai eta jatorrizkoan dauden akatsak, inkoherentziak eta halakoak argitzea helburu duten albo-oharrak eranstea ere.

Hautu txar-txarren arloan, ordea, terminologian, estiloan edo dena delakoan batere ez asmatzea, esaterako.

   Hau da puntu berria:

   6. Diseinua eta formatua

   «IZOren erabiltzaileentzako jarraibideak» agirian aipatzen diren itzultzeko/berrikusteko testuak

   lantzean bete beharreko arauak (III. kapitulua) ez betetzea; esaterako, testua gaizki editatzea.

   Paragrafoen jatorrizko testuaren antolamendua ez errespetatzea.
   Letra biribila, azpimarrak-eta ez errespetatzea.
   Beste formatu batean bidaltzea dokumentua.
   Formatu ez-editagarri batean bidaltzea dokumentua.
   Etiketak gaizki kokatzea testuan.
   (…)

Nola puntuatu

Eguneroko itzulpenak ebaluatzeko ereduan, puntu bidezko sistema bat erabiltzea proposatzen dugu itzulpen horietan aurkitzen ditugun akatsak islatzeko. Puntuak gorriak eta handiak izango dira. Puntu batek «gaizki» esan nahiko du; alegia, txantiloiaren atal batek behar besteko kalitaterik ez duela. Bi puntuk, «oso gaizki» esan nahiko du, eta hiru puntuk, «oso-oso gaizki». Puntu gorri horren letra-mota eta neurria: Calibri 28, gorria; non aurkitu: «Txertatu», «Ikurra», «Ikur gehiago» (Bullet, 2022 karaktere-kodea). Badakigu proposatzen dugun puntuatze-modua ez dela oso zehatza, baina uste dugu balekoa dela gure eguneroko zereginetarako. Adibidez:

 1. ULERMEN-ARAZOAK: jatorrizkoak esaten duen gauza bera esan behar du itzulpenak

  • 1.1. Jatorrizkoa gaizki ulertu da.

 .

  • 1.2. Zerbait falta da,

 . .

  • 1.3. Zerbait erantsi da.

 . . .


Kasu honetan, bistan denez, ulermen-arazo nabariak izan ditu itzultzaileak itzulpena egiteko orduan. Balorazio hau egin du zuzentzaileak: jatorrizko testuaren ulermena txartzat jo du; jatorrizko testuaren zati bat edo batzuk itzuli gabe utzi ditu (arlo hori oso gaizki dago, zuzentzailearen iritziz); baina are okerrago dago 3. atala, itzulpenari zerbait erantsi ote zaion esaten diguna.

Zenbaki zehatzik ez digu ematen, baina zer hobetu behar den eta zer ez argitzen digu, eta, horrelako itzulpenen kasuan, nahikoa dela uste dugu.

Azterketetako itzulpenak ebaluatzeko eredurako, ordea, ez dugu puntuatze-irizpiderik emango, gai hori unean-unean ebatzi behar delakoan. Izan ere, errakuntzak zigortzeari dagokionez, ez dago formula magikorik, kasu guztietarako baliagarria izan daitekeen miragarrizko irizpide-sortarik. Errakuntzen larritasuna neurtzeko, errakuntzek berek eragiten dituzten ondorioak neurtu behar dira. Izan ere, testu batetik bestera aldatzen da larritasun hori, besteak beste aldagai hauen araberakoa baita:

   1.   Errakuntza horrek nolako eragina duen sorburuko testuan.
         Alegia, ideia nagusiari eragiten ote dion, ala bigarren mailako ideia bati.

   2.   Errakuntza horrek xede-testuaren koherentzian eta kohesioan nolako eragina duen.

   3.   Xede-testuak nolako komunikagarritasun-maila duen.

   4.   Itzulpenak izan behar duen helburuari nolako kaltea eragin dion.

   5.   Zer itzulpen mota den.

   6.   Zuzeneko ala alderantzizko itzulpena den.

   7.   Itzulpenak zer helburu duen.

   8.   Itzulpena egiteko zer metodo erabili den.

   9.   Itzulpena zer testuinguru soziohistorikotan egin den.

Irizpide horiek guztiak edo beste batzuk kontuan hartuta, dagokionak (erakunde, elkarte nahiz eskatzaile partikular izan) erabaki beharko du zer lehenesten eta zer gutxiesten duen itzulpen bakoitzean, horren araberakoa izango da-eta puntuatze-sistema. Gu besteren praketan ez gara sartuko.


Bibliografia

Boyd, Martin (2014). Un curso acelerado en la corrección de traducciones.
            Bertsio elektronikoa. 
Colina, Sonia (1997). «Teaching Translation to Undergraduates: What Errors Reveal».
            Translatio, 16/3, 245.-285. or. Bertsio elektronikorik ez dago.
Dimitriu, Rodica (2004). «Omission in Translation». Perspectives: Studies in Translatology,
            12/3, Kopenhageko Unibertsitatea, 163.-175. or. Bertsio elektronikoa.
Espainiako Kanpo Gaietako Ministerioa. Hizkuntzen Interpretaziorako Bulegoa, OIL (2016).
            «Criterios para la corrección de los exámenes de traducción».
            Bertsio elektronikoa.
Firmenich Montserrat, Silvia (2014ko urria). Evaluación de traducciones con fines pedagógicos.
            Jaume I Unibertsitatea. Ikerketa, Itzulpen eta Interpretazioko unibertsitate-mastera.
            Bertsio elektronikoa.
Larose, Robert (1989). «L’erreur en traduction: par delà le bien et le mal», TTR, 2/2,
            Association canadienne de traductologie/Université Concordia/Université du Québec
            à Trois- Rivières, 7.-10. or. Bertsio elektronikoa.
López Ciruelos, Andres (2004). «Calidad y traducción (primera parte)». Punto y coma.
            Boletín de las unidades españolas de traducción de la Comisión Europea, 85, 9.-15. or.
            Bertsio elektronikoa.
López Ciruelos, Andres (2004). «Calidad y traducción (segunda parte)». Punto y coma.
            Boletín de las unidades españolas de traducción de la Comisión Europea, 86, 6.-9. or.
            Bertsio elektronikoa.
OCW - UMA (Málagako Unibertsitatea) (2017). «Baremo de corrección de traducciones directas».
            Bertsio elektronikoa.
Parra Galiano, Silvia (2005). «La revisión de traducciones en la traductologia: aproximación a la
            práctica de la revisión en el ámbito profesional mediante el estudio de casos y propuestas
            de investigación». Doktorego-tesia. Granadako Unibertsitatea.
            Bertsio elektronikoa.
Pym, Anthony eta Caminade, Monique (1995). «L’analyse des erreurs traductionnelles et
            l’espace-temps de l’enseignementn Les langues étrangères». Roser Gauchola,
            Claude Mestreit eta Manuel Tost Planet (argitaratzaileak). Les langues étrangères
            dans l’Europe de l’Acte unique, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ICE institutua.
            Bertsio elektronikoa.
Romana García, María Luisa (2005). «Corregir más deprisa: herramientas de ayuda a la corrección
            de traducciones». Actas del II Congreso Internacional de la Asociación Ibérica de Estudios de
            Traducción e Interpretación. Madrid, 9-11 de febrero de 2005. Madril: 363.-381. or.
            Bertsio elektronikoa.
Santoyo, Julio Cesar (1994). «Por qué yerra el traductor: análisis de textos y errores».
            Purificación Fernández Nistal (argitaratzailea). Aspectos de la traducción inglés-español:
            segundo curso superior de traducción. Valladolid, Valladolideko Unibertsitatea.
            Bertsio elektronikoa.
Tolosa Igualada, Miguel (2013). Don de errar. Tras los pasos del traductor errante.
            Jaume I Unibertsitatea. Bertsio elektronikorik ez dago.