Zenbait izenburu itzultzearen gainean
Artikulua PDFn.
Txikitan, frantsesez ez jakitea ia analfabetoa izatearen pare zen. Urteak joan urteak etorri, frantsesetik ingelesera igaro ginen eta ingelesetik ezjakintasunera, gaztelaniaren beraren jakineza barne dela.
J. L. Borges Sarrerak
Lerro hauek ez dituzte gaitzat, inondik inora, itzultzaileek sarritan egiten dituzten huts dibertigarriak. Hainbeste idatzi dute horrelakoen gainean, non horrexek berak erakusten duen atzera ere horretaz jarduteak ez duela ezertarako ere balio. Esperientzia ez da metagarri. Bi belaunaldirik behin plazara ekarriko eta eztabaidatuko dituzte arazo eta teoria berak, eta, halere, beti-beti egongo dira ondo itzuliko duten lerdoak eta, lantzean behin, hanka sartuko duten jakitunak.
Zer edo zer itzultzen ahalegindu nintzen lehenengo alditik bertatik guztiz jabetu nintzen norbaitekin eroan handikoak eta ulerkor izatekotan, itzultzaileekin izan beharko genuela, kopetilun eta zalantzati samarrak izan ohi diren izaki horiekin. Orri erdia, demagun, itzulita nuela, eta hiztegira, behintzat, bost biderretan jo ondoren, hainbesteko errukia sentitu nuen lantegi hori bizibidetzat duten lagun horiekiko, non zin egin bainuen sekulan ez nintzela haietako bat izango, nahiz eta, azkenean, libururen bat edo beste itzuli dudan.
Bizi gaituen itzulpen mundu honetatik, dagoeneko, ez dugu ihes egiterik. Boscan-entzat gorteko olgeta hutsa zena Unamunorentzat agindu ezinbestekoa zen. XVI. mendean Boscan nekaezin ahalegintzen zen gizabide arauek agintzen zuten jokabidea espainiarrei aditzera ematen Baltasar Castiglionek arauturikoaren arabera; Unamuno, XX. mendean, giza jokabidea arautzen dutenak, Artur Shopenhauer-en modutxora. Alegia, dantza saloian mugitzetik Unibertsoan higitzera doan aldea.
Itzulpen errore batzuek idazlan txarra aberats dezakete inoiz edo behin. Baina ia ezinezkoa da jenio batenak pobretu litzakeen hutsik topatzea: itzultzailerik baldarrenak ere ez du lortuko Cervantes, Dante edo Montaigneren orri oso bati erasaterik. Bestalde, dena delako testua gai ez bada itzul hutsik edo laprastadarik jasateko, idazkia ez da ezertarakoa izango. Bartolome Mitra argentinarrak erabilitako betegarriek ez dute Jainko Antzerkia aberasten, ezta guztiz galtzera ekartzen. Ezinezkoa da eta.
Edozelan ere, hobe txarto itzulitako egile itzaltsua irakurtzea hura batere ez leitzea baino. Zer gerta dakioke Shakespeareri itzultzailea berba gaitz baten gainetik pasatzen bada? Batzuek, ordea, ez dute harako egile hura irakurtzen baten batek esan dielako txarto itzulirik dagoela. Eta bestetzuk frantsesa ondo ikasi arte zain egoten dira Rabelais irakurri barik. Burugabekeria. Berdin dio itzulita irakurtzeak. Ezin mespreza daitezke Chaucer-en itzulpenak norbera ia gauza ez bada Arcipreste de Hita lepoan hartzeko. Hasi bidez, itzulpen oro ona da. Nolanahi ere den, haiekin emakumeekin legetxe jazotzen da: nondik edo handik, beharrezko dira, nahiz eta denak beteginak ez izan.
Izenburuak itzultzea bestelako kontua da. Berbetatik berbetara igarotzerakoan titulu batzuek jasaten dituzten aldaketak, normalean, ez dira itzultzailearen huts izan ohi. Espainolez egiten den ezein herritan inork ez lioke Odiseo jarriko izenburutzat Joyceren Ulises-i. Argitaletxean, baten batek ez lioke utziko itzultzaileari. Kritikariek esanak esan, zail da argitaratzaileak okertzea, ezari-ezarian ez bada. Egungo izenburu bat guztiz aldatzen bada, segur aski egilea eta editorea elkar hartuta egongo dira. Lana itzulita ikusteko atseginak eragin ohi dio egileari liburuak beste hizkuntzan izango duen izenburuaz axola txikia izatea.
Zerrenda luzea eman nezake itzulpen bitxia izan duten izenburuek osatua; baina denok gomutan ditugula dakidanez gero, ez dut horrelakorik eskainiko, eta batzuk besterik ez ditut berbara ekarriko:
1) Ernesto izatearen garrantzia. Orain ez dut gogoan nork itzuli zuen horrela, baina nor ere zen, traizioaren saria luke ondo merezia. The Importance of Being Earnest jatorrizkoa Fidel izan beharraz izenburuaz ordaintzea zintzo jokatzea da; baina zio bera dela-eta, gatz bako samarra, eta hori ez dator bat Oscar Wilderen gainean izan ohi dugun irudipenaz. Jakina, den-dena zegoen inplizitu, baina sen eta zipitz halako batzuk behar dira being (izatea) earnest (fidela, ondradua) «Ernesto izatea» emateko. Baliteke Wildek espainolez lortutako ospeak izenburu burugabe horri zor izatea.
2) Lehengo batean gomutara etorri zitzaidan Thornton Wilder-en Gure hortzen azala lana. Aurreneko biderrean izenburu hori ikusi nuenean, iparramerikarrak miretsi nituen beti zer edo zer asmatzeko hain bere-bere duten gaitasuna dela eta. Noiz izango genuen guk ausardia horrelako izenburua eransteko, ez antzezlan bati, hortz klinikatxo bati, bederik? Izenburu burutsua: The Skin of Our Teeth. Hitzez hitz, Gure hortzen azala, eta, izenburu hori zuela, Mexikon ehunka lagun erakarri zituen antzokietara. Ezin hiztegira jo gabe geratu. Ingelesez, pozarren topatu nuen, «to escape with the skin of our teeth» esamoldeak ozta-ozta ihes egitea, gutxiagatik salbatzea esan gura du. Baina, begi bistan dago, itzultzaileak Gutxiagatik jarri balu, berbera ere ez zatekeen joango eszenatoki gainekoa ikustera.
3) Batek halako erakarmen ezin eutsizkoa sentituko du beti Azkoina beste bira bat estutu izena daraman ezein eleberriren aurrean, halakoxe izena erantsi baitzion Jose Bianco itzultzaileak Henry James-en The Turn of the Screw eleberria oinarritzat egindako itzulpen bikainari. Espainieraz ezer esan gura ez duen Torlojuaren bira izenburuaren ordez, Biancok aldaketak egin zituen eta torlojua barik, azkoina eman zuen, eta bira hutsa zena beste bira bat bihurtu, ondorioz Azkoina beste bira bat estutu esaera lortzeko, espainolez aurrekoak baino esangura handiagorik izan ez arren, halako soinu ederra lortuta, non intelektualek esamolde bitxi hori darabilten denok (baita haiek ere) esangura menperatuko balute legez. Biancok ordain doi-doia eman nahi izan balu, zer edo zer arrunta jarriko zuen, esaterako, Hertsapena, eta horrek mamu eleberri hura halako gangster edo forense ukitu batekiko idazlan bihurtuko zuen. Ezbairik ez: itzultzaileak hiztegia izango du lagunik hurkoena irakurleak ere hiztegi hori esku artean ez badauka. Nire Oxford Advance Learner's Dictionary of Current English delakoaren arabera, «to give somebody another turn of the screw» esaerak «to force somebody to do something», hau da, baten bat behartu edo hertsatu esan gura du. Baina nor izango zen halako sotiltasun edo sen poetiko txikikoa Henry Jamesen nobela bati Hertsapena jartzeko? Gure hizkuntzan ezer esaten ez duen arren, Azkoina beste bira bat estutu eta kito! Eta eskerroneko izan behar dut Biancorekiko. Nahiz batzuek, zentzugabe, esamoldea ziplo botatzen duten harira ez datorrela ere.
4) Lagunak gogaitarazteko gurari morbotsua (horrelako pizgarririk gabe ia inork ez luke idatziko) eragile dudala, amaierarako utzi dut izenburuetan izenburu denaren itzulpena, gure poeta, nobelagile, saiogile, zale huts eta, ai ene, Jorge Luis Borgesen neurriko jenioek (eta hark erabil izanak beste guztiak errugabe egiten ditu) sutsuen hartu, onartu, beren gain hartu eta usatu duten hori; izenbururik doinutsuena eta, haserretzeko ordua heltzen denean, surik handiena erakusten duena: Hotsa eta ardaila, William Faulkner-ena, halako ondo jo ez ezik, iradokimen handi moduko bat baitu Hiztegia oso maite ez zuen batek hitzez hitz itzuli zuenetik Macbethen pasarte horrek, bizitza lerdo batek kontatutako ipuina baino ez dela dioen txataltxoak, ergel hari ez baitzitzaion inoiz ere bururatuko oinarri hartzen zituen berbak —«full of sound and fury»—, menturaz, hura bezain memo ez zen batek itzuliko zituela txantxetan ere ahalegindu barik bere buruari itauntzen zer izan ote zitekeen harako lerdo «hotsez eta ardailez» bete hura.
Idazleek plazara jalgiaraziriko esakunetatik, halako erabilera handiko esamolde gutxi ikusi dut «hotsa eta ardaila» baino hortzen azalagoa denik —estu dabiltzala— edo azkoina beste bira bat gehiago estutzen duenik —enfatiko izan gura dutela—; gutxi errepikatu izan dira Macbethen edo Shakespeareren gogoan (honek sygnifying nothing ere gehitu baitzuen), testuinguru dramatiko hartan sartu zituenean, inoiz izan ez ziren hots eta ardaila horiek beste; aldi batera gomutara dakarkigularik zeinen garrantzizko den izenburuak itzultzerakoan txukun jokatu beharra.
Wilde, James eta Wilder legez, Faulkner patuonekoa izan zen esamolde bat, ia atsotitz hutsa, liburu bateko izenburutzat erabiltzeagatik. Ez dira halakoxe dontsu izan izenburuaren hitzez hitzeko itzulpena handi-mandi darabiltenak. Baina zelan ez jokatu eskuzabal lagunekin edo gizaki hilkor hutsekin, Borgesek berak, ingelesa eta are zeltar berbeta ere berrogei urte ikasten gastatu ondoren, itsumustuko laprastadatxo bera izan bazuen Hitzaurreak liburuko sarritzetan: «Swendenborgeko zeru zehatzak, Macbethen hotsa eta ardaila, Macedonio Fernandezen musika irribarretsua» (8. or., Torres Agüero Editor, Buenos Aires, 1975), eta Antonio Machadok (Jainkoak barkatuko ahal dit!) ere tonu berean («hotsez eta ardailaz beteriko ipuina», 250. or., Juan de Mairena, Clasicos Castalia, Madril, 1971), eta Astrana Marinek, berbaz berba emateko beldurra eraginda, «hotsa eta ardaila» barik, «zalaparta handian» jarri bazuen (1.625. or., W. Shakespeare, Lan osoak, 10. argital., Aguilar, Madril, 1951) eta aspaldion baten batek sound «zurrumurru» bihurtu badu eta fury «kolera», ondorioz, halako izugarri barik, ia hutsaren hurrengo baino ez diren «zurrumurru» emea eta «kolera» otzan samarra lortzeko?
Oraingoz, ni soilik atrebitzen natzaizue gai jartzera Shakespeareren testuan «sound and fury» esaerak zer esan gura duen zuen Concise Oxford hiztegian begiratzea: «bala-bala hitz egitea, xoroaren eleak, ele hutsak» baino ez. Jakitun ote zegoen Faulkner? Jakina, liburuan ergel batek berba egiten duelako. Nolanahi ere den, pentsatzekoa da Hiztegia ez dagoela oker. Zabaldu ezazue eta 1.203. orrialdean, 2. zutabean, laugarren lerroan, sound sarrerapean topatuko duzue (batzuek halako lotsa-lotsa eginda, itxaro dut): mere words (sound & fury). Alegia, «ele hutsak», batzuek «bala-bala berba egitea» dioguna, hau da, azken buruan, ergelaren esana.
Eta, segur aski eta tristeki, literatura gehienaren errana.