Itzultzaileak
Victor Hugo

Itzultzaile: Karlos del Olmo

Hilobiak, azkenean, arrazoia beti bere. Berri-berritan, apirilaren 23an, Shakespeareren gainean epairik gorena emateko eta lehenaldiarena kitatzeko aukera izan dugu: Stratfordeko poeta jaio zeneko egun ospetsua genuen, hiru bider mendetsua. Hirurehun urteren buruan, gizadiak zer edo zer esan behar dio aspaldi-aspaldian iraindutako espiritu bati, Shakespeare Frantziako atarian agertuta bezala, Paris zutik jarri da: poeta, artista eta historialariek eskua luzatu diote mamu bati, haren inguruan ikusten baitzuten poetek Hamlet; artistek, Prospero, eta historialariek, Julio Zesar; basati horditua, arlekin barbaroa; Gilles[1] Shakespeare agertu da eta argia besterik ez da ikusi; bi mendeko esker gaiztoa, azkenik, lilura bilakatu da, eta Frantziak "Ondo etorri, jenioa!" esatea izan du. Gloria argitu da gure artera.

Ilunetan, gure hildako itzaltsuen atxikimendu halako bat igarri da; Molière irribarretsu ikusi ei dute, Corneille agur egiten; gorroto zaharretatik, aspaldiko injustizietatik, batere ez, gora-goraka bat bera ere ez, zurrumurru batik ez, berotasun aho batekoa; eta ordu honetan, gauzen muina benetan preziatzen dutenak, despotenganako gorrotoa eta adimendunekiko maitasuna elkartzen dituztenak, justizia egitea adina justizia administratzea gura dutenak, zerura begira dabiltzanak, ideal batek liluraturiko bakartiak, ameslariak, miraz daude, hunkiturik, sarrera itzalgarri horren inguruan sortu den isiltasuna dela bitarte.

Basati mozkorra dugu Shakespeare. Basagizona, bai! Oihan harrotu gabean bizi da, bai, mozkorra, idealaren edalea da. Erraldoia da hostope ikaragarriaren pean. Berak dauka eskuan urrezko kopatzarra, begietatik dariola edaten duen argiaren sugarra. Shakespeare, Eskilo, Job, Isaias-en antzera, pentsamenduaren eta poesiaren jainkoetako bat da, zelan edo hala esatearren, Osotasun misteriotsuarekin bat eginik, Kreazioaren sakontasun bera duten horietako bat; Kreazioak berak legez, sakontasun hori itzultzen eta erakusten dute forma eta irudi ugari direla bide, iluntasunak egozten dituztela lore, adar eta iturri biziak bihurtuta. Shakespearek, Eskiloren antzo, hondogabearen joritasuna du. Hondogabea agortezin da. Zenbat eta sakonago pentsamendua, adierazpena biziago. Koloreak iluntasuna du sorburu. Sinesgaitza da leizeetako bizitasuna; erdiguneko suak sumendia sortzen du, sumendiak laba ekoizten du, laba oxidoaren jatorri da, oxidoak zuztarra du bilatzen, kausitzen eta ernetzen, zuztarrak lorea sortzen du; halako suertez non arrosa sugarretik datorren. Berebat, irudia ideiatik dator. Leizeko lana jenioaren garunean egiten da. Ideia, poetarengan abstrakzioa izanik, lilura eta errealitate da poeman. Zenbaterainoko iluntasuna lur barrenekoa! Zelako maraztasuna azalean! Iluntasun hura barik ez zen horrelako ekinik izango azalean. Irudizko eta itzalezko landaretza horrek sustraiak misterio guztietan dauzka. Loreak sakontasunaren frogarri dira.

Shakespearek, halako mailako poeta guztien antzera, nortasun erabatekoa du. Irudikatzeko era bere-berea du, sortzeko manera bere-berea, ekoizteko modu bere-berea. Irudimena, sormena, ekoizmena, hiru jazoera zentrokide, jenioarengan amalgamatuak. Jenioa da irradiazio horien jatorria. Irudimenak sortu egiten du, sormenak antolatzen, ekoizmenak gauzatzen. Ekoizmena bitarte dela, irudimena materiara sartzen da, mamia ematen dio, ukigarri eta ikusgarri egiten du, piura, soinua eta koloreak eransten dizkio, ahoa fabrikatzen dio berba egiteko, oinak ibiltzeko, eta hegoak haize gora hegan joateko; behin esateko, ideia poetarengandik atekoa bilakatzen du, bateratsu, haren baitan dirauela, haren idiosinkrasiaren bitartez itsatsi-itsatsirik, sorkariak eta sortzaileak lotzen dituen zilborrestea.

Inspirazioaren fenomenoa antzekoa da poeta handi guztientzat, baina garun sistemen askotarikotasunak barietate infinitua eransten dio.

Ideia burmuinetik sortzen da: jatorria; ideia banako egiten da: gestazioa; banakoa gizaki egiten da: erditzea; gizakia ekintza eta grina egiten da: obra.

Ideia banakoarengan, banakoa gizakiarengan, gizakia ekinean, horixe da fenomenoa, bai Shakespearengan, bai Eskilorengan, bai Plautorengan, bai Cervantesengan, eta zehaztapen hau izan dezake laburpen: bizitza dramarengan.

Maisulanean dena jazotzen da gurata. Shakespearek halako gaia desira du eta ez besterik, Shakespearek halako argudioa gura du, Shakespearek halako pertsonaiak nahi ditu, Shakespearek halako pasioak desio ditu, Shakespearek halako filosofia du nahikunde, Shakespearek halako ekintza du gogo, Shakespearek halako estiloa du plazer, Shakespearek halako gizadia garo du. Sortu egiten du, gizadiaren eta berberaren antzekoa. Aurretik, Gizakia da, soslaiz, Shakespeare. Alda ezazue izena, jar ezazue Aristofanes, ipin ezazue Moliere, ezar ezazue Beaumarchais, formulak baliagarri iraungo du.

Horrelako gizakiok originaltasunaren jabe dira, alegia, abiapuntu pertsonala dute dohain handi modura. Horra hor zergatik diren ahalguztidun. Virgiliok Homero du jatorri, begira ezazue zelan doazen endekatuz erreprodukzioak: Racinek Virgilio du jatorri, Voltairek Racine du jatorri, Marie Joseph Chenier-ek Voltaire du abiapuntu, Luce de Lancival-ek Chenier du abiapuntu. Ezer ez da abiatzen Luce de Lancivalengandik. Ilargiz ilargi, desagertzeraino heldu ohi da. Ez da engranaje arriskutsuagorik beheranzko aurreramenduarena baino. Horretara sartzen denak jai dauka. Ez dago horrenbesterainoko zapalkuntzarik sortuko duen xaflagilerik.

Esate batera: ikus ezazue Hector irteeran, Homerorengan; eta begizta ezazue Luce de Lancivalengan, helmugan.

Frantzian eskola klasikoa esan diote beheranzko aurrerapenari. Horra zergatik den halako kolorgea literatura. 1804. urtearen inguruan literaturak eztulka ziharduen. Mende honen hasieran, Waterloon amaitzen zen inperioarekin batera, literatura horrek adierazia zuen esankizun zuen guztia. Bikaintasuna garai hartan erdietsi zuen. Gure gurasoek haren apogeoa, hau da, hiltamua ikusi zuten.

Espiritu originalak, poeta zuzen eta berezkoak, ez daude klorosi horrek jota. Imitazioaren zurbiltasun gaixotasunezkoaren berririk ez dute. Haien zainetatik ez dabil inoren odolik. Odola bere-berea dute. Sormena dute bizimodu. Sortzaile dira, bizirik daudenez gero. Arnasa hartu eta maisulan bat agertzen da.

Estiloa eta beraiek osotoro daude adiskidantza handian. Kritikari benetakoarentzat, kimikari izaten den aldetik, haien guztizkotasuna nabardurarik ñimiñoenean ere kondentsatzen da. Hitz hau Eskilo da, berba hura Juvenal dugu, ele hori Dante. Lady Macbeth osoa da hitz honetan, Shaskespearek hain berea duen berban, alegia, Unsex[2] elean. Ez da ideia bakar bat ere poetarengan, orri batik ere ez zuhaitzean, harengan sustrairik ez duenik. Jatorria ez da ikusten, lurpean da, baina badago egon. Ideiak garunetik irteten du adierazita, hobeto esanda, hitzarekin amalgamaturik, aztergarri, baina zehatza, mendearen eta poetaren nahasketa, erraza itxuraz, konplexua benetan. Ideia bakoitzak, halako jatorri sakon batetik etorririk, berbarekin gauza bakarra eginda, bere mikrokosmosean poetaren sustantzia osoa biltzen du. Tanta bakarra ur guztia da. Halako moldez non estilo ñabardura oro, edozein termino, zeinahi adierazpide, ezein lokuzio, zeingura adiera, garapen guztiak, eraikin denak, esamoldeak oro har eta, are puntuazioa bera ere, metafisikoak diren. Berba, esanda dugu, ideiaren haragia da, eta haragi hori bizia da. Ideiari eleak kentzen badizkiozue, kritika eskola zaharrak muina eta forma bereizten zituen moduan, heriotzari bide emanen diozue. Heriotzan legez, ideia, hau da, arima, desagertzen da. Berbari egiten diozuen gerra ideiaren aurkako guda da. Idazlerik gorenaren bereizgarria idazlan baten estiloa da. Tazitoren moduko idazleek, Shakespeareren antzeko poetek, beren antolamendua, intuizioa, pasioa, esperientzia, sufrimendua, ilusioa, patua, izatea, eta jaiotzetik datorkiena jartzen dituzte liburuetako lerro guztietan, poemetako suspirio denetan, drametako oihu orotan. Estiloan agertzen dira kontzientziaren erabaki behar premiatsuak, eta eginbeharraren parekide den zerbait erabatekoa. Idaztea egitea da: idazleak ekintza gauzatzen du. Ideia adierazia erantzukizun onartua da. Horra hor zergatik idazlea den ogi eta jaki bere estiloarekin. Ez du ezer uzten zoriaren meneko. Erantzukizunak elkartasuna dakar.

Xehetasuna estu-estukoa da osotasunarekiko eta berbera ere osotasun da. Halako berba malkoa da, bestea lorea, hura oinaztargia, bestelakoa simaurra. Eta malkoak erretzen du, eta loreak oldozten, eta oinaztargiak barre egiten, eta simaurrak argitzen. Gorenak eta satsak larrutan egiten dute, horren erakusgarri poema handi bat: Job. Maisulanak eraketa misteriotsu dira, eta infinitua edonondik darie. Harritzen zaituzten esamolde bat, hainbeste giza emozioren artean, hainbeste taupada benetakoren artean, bizi gaituen patetikotasunaren handian, ezezagunaren adierazpen ustekabekoa da. Estiloa aurretiko zer edo zer da. Beti zaio fidel haren espezieari. Idazleren osotasunetik sortzen da, ile sustraietatik bezainbeste haren adimenaren sakonetik. Estiloan beti izaten da jenio osoa: haren izate lurtarra eta izate kosmikoa, gizatasuna eta jainkotasuna, poeta eta profeta. Estiloa arima eta odola da: gizakiaren baitatik dator, organismoak maite egiten duen tokitik, estiloa erraiak dira.

Estiloa noraezekoa da, ezbairik gabe, eta, orobat, ez dago ezer libreagorik. Horra hor haren harrigarria. Oztoporik ez, bortxarik ez, mugarik ez. Nahitaez egin behar irribarre errimaren zailtasunez entzuterakoan: zergatik ez aipatu sintaxiaren oztopoak ere? Sasiko zailtasun horiek mintzairaren forma beharrezkoak dira, nahiz bertsoan, nahiz prosan, beren buruaren jatorri baitira, aurreko konbinazio bagarik. Analogiak dituzte kanpoko munduan: oihartzuna naturaren errima da. Badakigu poetaren batek, nahiz eta bizialdi osoan Richeleten prezepturik irakurri ez, haurtzaroan bertsoak konposatu zituela, hasieran, ezainak, hurrengoak, geroago eta akats gutxiagorekin, azkenik, zuzen-zuzenak idatzi arte, eta urratsez urrats, laguntzarik gabe, topatu dituela lege guztiak: etena, errima femenino alternoa; prosodia amaiturik jaio zaiola senez.

Estiloak kate bat du, idiosinkrasia, arestian aipagai erabili dugun zilborrestea, idazleari lotzen diona. Lokarri horretaz landa, bizi iturburu baita, libro dago. Aske-aske ibiltzen ditu gramatikaren alanbikeak: esentziazko da, hastapena, idazlea bera, erantsia du, eta ez du atomo bat bera ere galtzen iragaz tresnetan, horietatik esaldi eginda irteten baitu prosarako edo bertso bihurturik bertsorako. Erritmo bere-berea du, eta hura onartzen duen erritmo orokorraren beraren barnean inposatzen du. Horra zergatik den, ikuspegi absolutu batetik, estiloa halako malgutasun harrigarriaren jabe, dena har dezakeelako barne, sotiltasun garbienetik guztien gainetiko lizunkeriaraino, Petrarcarengandik Rabelaisenganaino. Batzuetan gizaki berarengan Petrarca eta Rabelais daude, estiloaren eskala Romeorengandik Falstaffenganaino heltzen da, tarte batean unibertsoa sartzen da, gizakiak, aingeruak, maitagarriak; hobia agertzen zaigu mutur batean langile bat duela eta bestean bisitaria, ehorzlea eta mamua; gauak, zinikoa izanik, bere musuaz bestelako zer edo zer erakusten digu, buttock of the night (gauaren ipurdia); sorgina tente jartzen da, Eumenide[3] gizatxartua, ametsaren horma mengelean infernuko ikatzez marrazturiko karikatura; eta mundu horri begira, mundu horrexek maitatua, aurretik gogoetan erabiliari beha, poeta mugagabea ari da begiratzen, entzuten, gaineratzen, negar egiten, iseka, maitatzen, ameslari. Eta, orain, itzul ezazue hori.

Borroka egin ezazue estilo horren kontra, adierazteko; pentsamendu horren aurka, erauzteko; filosofia horren aitzi, konprenitzeko, poesia horren kontran, besarkatzeko; borondate horren aurrezka, men egiteko. Obeditzea, hara hor non dirdiratzen den itzultzailearen boterea. Brumoy, Bitaube, Artaud, Poinsinet de Sivry, Florian, ez dira obediente. Haien irakasleek baino gehiago dakite. Ergel hainbestekook jenioa baino arinagoak dira. Benetako itzultzailea, itzultzaile erabateko eta kalitatezkoa, azkarra bada, jatorrizkoaren jopu jarriko da, baita agintez jarri ere. Nagusigoa agerian jartzen da men egite guztien gainetiko horretan. Itzultzaile bikainak poetari obeditzen dio ispiluak argiari legez, haren dirdira itzulita. Mirail bizia izatea: merezimendu bitxia, Voltairek hala bilatua Plauto aurrean eta Chateaubriandek Miltonen aurkez. Fideltasun handiagoak argitasun handiagoa sortzen du.

Komeni ote da bizi garen hemeretzigarren mendeko ordu honetan Frantzian Shakespeareri halako ispilua eskaintzerik? Itzulpen batean trinkotzerik su handi horretako irradiazio guztia? Argi gar hori gure literaturaren gainean proiektatzerik gure poeta jatorrizkoen ederrarekin batera? Goibelik gabeko hori frantziar argitan sartzerik, izpi hurkoa ez ezik, gaur egingarri ere baita oso? Haizu dute aurreiritziek? Halakoari bide emateko bezain ahul ote dago gure erretorika? Sendotu ote da aspaldiko oftalmia klasikoa? Ondo zabalik ote dira frantziar begiak? Gaina hartu al diete Ducis-i edo Le Tourneuer-i? Halako une bat heltzen da itzulpenerako non, erlijioetarako legez, egia absolutu izan daitekeen. Gustua suspertzen da filosofia bizkortu araura. Heldua ote da Shakespearerentzako aldiunea?

Halaxe iritzi dio egungo itzultzaileak. Asmatu duelakoan gara.

Gibel gogoa gogo, eta neurri batean, itzulpen guztien alde gaude, erlijio guztien alde gauden moduan.

Erlijioek eta itzulpenek, hasi bidez uste genezakeen baino elkarren antzekoagoak izanik, beti egoten dira sailez sail espirituen eboluzioarekin. Biak izan daitezke on edo txar egia osozkoa onartzen den arte, ertian bateko, filosofian besteko. Itzultzaileek, agerrarazle diren aldetik, nahi beste hurbilpen jarriko dizuete eskura. Ez dute infinituaren gainean lan egiten, erlijio sortzailearen antzera, baina obra halakoarenaren baliokide da. Ikusten dutena, estudiatzen dutena, itzultzen dutena, ez da gizadiarengandik kanpokoa, herri jakin batengandik kanpokoa baino; ez da Espiritua, espiritu bat baino; ez da Hitza, hizkuntza bat baizik; ez da zerua, liburua da; ez da unibertsoa eta horren arima, Jainkoa; maisulana eta horren arima da, alegia, poeta.

Zeregin latza. Dezaketena egiten dute. Dena esaten ez badizuete, errudunago zarete zuek haiek baino. Poeta ez du publikoak egiten, baina publikoak itzultzailea egiten du. Itzultzaileek aitaita itzaltsua dute: Moises. Onar dezagun jazoera hori, eztabaidatua, historia osotoro onartzen dugun legez, hura ere eztabaidatzeko modukoa baita ia osagai guztietan. Moises agerrarazlea da bi espezien pean: Horeb-en Jainkoaren itzultzaile da, Biblian, Job-en itzultzaile. Hara, itzultzaile boteretsu hori ez da aske. Moises izan arren, eta Moises delako. Ezin eman diezaioke judutar herriari zeruaren, Jainkoaren, Satanasen adierazpide ausarta, Jobek irudikatu bezala. Moisesek, itzultzaileak, leuntzen, laburtzen eta mozten du, arabiarrak badezake hebraitarra menturatzen ere ausartzen ez dena. Moisesek Job garbitu, aletu du. Itzultzailea, izan ere, inguruaren biktima da. Itzultzaileak lankidetzat du bizi duen garaia. Oso zabal ez diren adimenek sasiko itzulpenak behar dituzte, sasiko erlijioak beharrezko dituzten hein berean. Adimen nagusi eta guztiz garatuek testu osoa behar dute, erlijioan logosa oso-osorik behar duten legez. Isisek ez ditu gonak altxatzen umeak aurrean dituela. Helduak zaretenean, benetan nagusiak izatean, nor diren dakiten herriak izaterakoan den-dena emango dizuete aditzera.

Gerta daiteke indar ikaragarrizko harako nazio hura, gerran, iraultzan, aurreramenduan lotsagabeki bikaina izan arren, literaturan herabe izatea. Horrela jazo bitartean, haren parteetako bat hazi gabe egongo da. Zibilizazioari erramu boneta jartzen zaio adimen literario osoa eskuratuta. Gustua hazten denean, orduantxe bada, izan, herria.

Gustua sabel moduko bat da. Gaixotasun batzuk jaki fin eta goxotzat hartzen ditu. Gauza eztiak izan ditzake gogoko, Juliaren girlanda, Petit Câreme, Bérénice; are zozokeriak ere. On Bernardo, Moncrif, Florian[4]. Noizbait gustuak oka egin zuen Shakespeare zela eta. Literaturarenganako higuin hori eragin zuten Boileau-k, hamazazpigarren mendean; eta hamazortzigarrenean, Voltairek; oso ausarta bera Jesusen gainekoetan, oso diskretua Racinerekiko. Horrelako jan gogorik eza izanda, nahiz eta gustu ona esaten zioten, Frantziak ezin zezakeen izan inongo poetaren itzulpengintza puru, oso eta eskuzabalik, ez Horaziorenik, ezta Virgiliorenik ere. Ondo esana eta estilo gorena deritzon gauza bat zegoen eta horretan jartzen zuten dena beratzen. Beratze hori beharrezkoa zen. Poesia ezin irents zitekeen urak lagunduta ez bazen. Urez, alegia, perifrasiz. Egia da, une hauetan ere, espiritu askorentzat Homero bera oraindik dosifikatu beharra dagoena.

Homerorenetan, Minervak Akile ileetatik hartzen du. Baitaubek honela ematen du:

«Jainkosak heroiaren ile adats horiari oratu zion».

Eta fede onez egiten du. Baitaubek ez daki Homerorengan irarrita, ederra zatarra dela.

Popek ere edertzen du Homero. Hizlaria eredu hartzen du (Iliadako III. kantua), Andre Chenier-ek hain era miresgarrian eta librean itzulia:

«Haren ahotsa ugari jainkozko hitzetan
nola neguan elurra muino gainetan»

Popek ahapaldi atsegin hau erantsiko dio:

«Erotzean urtuz doaz, eta bihotzean barneratuz»

Itzultzaile delikatuak ez dira eroso sentitzen antzinako poesia grekoarekin. Eskilok zorabiatzen ditu. Izan ere, behar besteko itsas zakarra dago horretarako. Itzulpengintzak goragaleak sentitzen ditu etengabe Prometeo edo Orestiada lanetan. Botagura berretzen da Aristofanesen aurrean. Iliadako Harpalion, Merionen geziak zeharkatua, lurrean datza "sugearen antzo" narras; madame Dacier-ek uko egiten dio itzultzeari eta argiro adierazten du ezen horrek gure hizkuntzaren mugak gainditzen dituela. Anakreontek berak higuina sortzen dio. Lehoiaren gainean "ahutzak izugarri zabaltzea" esatea sinesgarri ote? ca´sm' o'do´ntwn. Madame Dacier-ek 'kemena' esanda itzultzen du eta badirudi haren aitzaki irribarrea orripeko oharrean agertzen dela: "Nago —dio— grekoari infidel izana barkatuko didatela". Bestalde, ohar hori errepika hutsa da. Behin eta berriro agertzen da erregimen zaharreko itzulpenetan. Etengabe irakurtzen da alboan: "Testuan dio: eta abar...". Bestela esanda: bide batez aditzera ematen dizuet ezen itzultzen ez duen itzultzaile naizela. Bitaube harantzago doa madame Dacier baino. Madame Dacier azartzen da idazten (Iliada, XIX): "Agamenon jarlekutik elekatzen da zutitu gabe". "Zutitu gabe" lardatsa da; Bitaubek zuzenduko du: "urratsak batzar erdira zuzendu gabe". Madame Dacier ausartuko da honako hau idaztera (Iliada, XIX): «Agamenon jarlekutik mintzatuko da jaiki gabe». «Jaiki gabe» esakunea lardatsa da: Bitaubek aldatuko du: «oinak batzar erdirantz bideratu gabe». Homerok zera dio: «Palas mintzo», Bitaubek honela itzuliko: «Andreak ahots izugarri batez erantzungo dio». Teucroren geziak Clito joko du «atzealdetik». «Atzealdetik» gordina da, Bitaubek honela ordainduko du: «buruan jo du». Plutarkok dioenez, idi kalituaren larrua sendoagoa da berez hildako idiarena baino, horra hor zergatik adieraziko duen Homerok ezen Parisek kaskoa lotzeko erabili zuela uhal «idi kalituaren larruz egina». Xehadura horiek xarmangarri dira. Ez da hala gertatzen Bitauberentzat, honela emango du eta: «uhal sendoz». Iliadako XXI. kantuan, Junok, emeki, ahulezia balaku bihurtuta, Plutarko guztiz harrituta utziko duela, Vulcanori esango dio: «nire herrentxo hori». Bitaubek esango du: «o, ene seme!». Poseidonek Apolori esango: «Laomeodontek zin egin zuen belarriak erauziko zizkigula». Bitaubek honela itzuliko du: «haren ezpatak utziko zigula ahalkeizunezko orbain ezabaezina». Aiantek Hektorri jaurtikitako harria eroriko da, eta Homerorenean lurrera jausiko da eta «zibaren antzera biraka hasiko». Zer egingo du Bitaubek? Honelaxe ordainduko: «arin-arin biratuko da». Homerok Escamandroren iturburu bikoitza, hotza eta beroa, erakutsiko digu, eta setioaren aurretik Troiako emakumeen arropa ikuztegi zenari, tira, bada!, Bitaubek, hitza hartuta, honelaxe esango dio: «nora, bake egun zorionekoetan, dama troiarrak eta haien alabak joaten baitziren, preseekin apain-apain, haien jantzi luxuzkoen garbikundea egitera». Homerok honela dio: «Apolo tontsura gabea». Hala da, Macrobiok itaun egingo du ea zein artaziz moztu litezkeen eguzki errainuak. Guraizeok Bitaubek edukiko ditu. Ezabatzen du tontsuratu gabe. Febo arradatuko du. Itzultzailea barberu da. Itzultzaile zentsore da. Horrela itzulirik, «arrain sakratua» bilakatuko da «jariakinezko inperioko biztanle». Txuxaga «azkon» bihurtuko da, aldaka aldea «jainkoei eskainitako parteak». Beti ere Bitauberen iritziz.

Batzuetan, gustu zaporegabetasunak antzeko ondorioak izaten ditu. Ikus ezazue Racineren Ifigenia, itzulpena da eta. Ifigenia lanaren gaia ezinago txarra da. Aitak alaba hilko du haizea etor dadin. Heladeko jauntxo batek Troiako jauntxo bati gerra egingo dio; piragua sorta kaitxo batera bilduko ditu, Aulidera; itsasaldirako haizerik ez dabil, Eolo idoloak ez du putzik egiten. Idoloari putzarazi behar dio. Jauntxoak aztiari, Calcanteri egingo dio galde. Sorginak erantzungo: idoloak hire alaba jan nahi dik. Horra hor argudioa. Dena egia da berbarik berba: armada grekoaren erdia tatuaturik zegoen. Zer hoberik Homero basati zaharrarekin jarraitu baino (Euripidesek berak erdi kutsatua zuen): gaia eta pertsonaiak bat datoz. Epopeia odol egarri da. Ondo ditu bizi-bizian gauzaturiko lepo mozketak. Poemari harmonia izugarri halako bat dario. Badirudi aspaldiko krimen zentzugabearen eresi sakratua entzuten dela. Sortalde osoak du arrapostua Grezia odolezko horretan. Itzalen hondotik, Abraham, semea sakrifikatzen duen hura, alaba sakrifikatzen duenaren, Agamenonen, oihartzuna da. Idoloak ituna proposatzen du. Dena laburbilduko da neskatxa bati sabela ebaki eta bihotza, gibela eta birikak jainkoei eskaintzera eta erraietan begiratzera. Horren ostean, haizeñoa ibiliko da, Ifigeniak, harriturik eta otzan, onartu egingo du. Emakumeak ez zuen askorik esan gura izaten Kristo aurreko 1200. urtean. Iliadako XXIII. kantuko jokoetan lehenengo saria tripode bat izan zen, bigarrena, emakume bat. Ifigenia, etsimenezko eromen bete-betekoan, ohitura basatiek emakumea hala erabiltzen ohituta, lepoa makurturik, zain dago bi eskuk, haietako bat labana daukala, noiz oratuko dioten, Eskilok dioenez, «ahuntzari legez». Ezer ere ez hori baino bortxa handiagokorik, deus ere ez hori baino, logikaz, beldurgarriagorik, bat ere ez handiagorik izugarritasunean. Bestalde, inongo desitxuratzerik ez da. Argudio ohila, pertsonaia basak. Auzia lehoi artean jazotzen da. Orain, argudio barbaro horrekin, egizue tragedia fin bat. Bestela esanda: ahantz ezazue gustua. Berba eragin iezaiezue arlote greziarrei gorteko berbeta leunean. Jar ezazue poesia dotorea poesia primitiboaren ordez. Homerorenean dioten moduan, «ardo zahagi», «txakur begi», «orein bihotz» esan beharrean, «jaun hori» esan dezatela, izan bedi Akile markesa, esan biezaiote Ifigenia ahuntz zorigaitzeko horri «Andre hori» eta «printzesa gurgarri», disonantzia izutzekoa egingo da, pertsonaien eta ekintzaren arteko aldeak kirioak piztuko ditu, interesa galduko da fedeaz batera, berdin gertatuko balitzateke berorren maiestate Luis XIV.ak Parisko artzapezpikuari eskatuko balio Mademoiselle Bloisekoari zintzurra mozteko zertarako eta aldeko haizez joateko haren gorentasun Tolosako Kontea, Anvilleko duke eta parea, Parisko Parlamentuak Frantziako almirante izendatua; Grezian berealdikoa zena, zentzugabekeria hutsa bilakatuko da Versallesen. Zergatik?, itzultzaileak gustuaren gakoa aldatu duelako. Gustua proportzioa da.

Nork du errua?, Racinek? Ez, izan ere. Racinek, zuzeneko behatzea eta zirkunstantzi poesia salbuespen direla, ondo merezia du XVII. mendean irabazi duen erronka, eta erresuma tragediaz hornitzea kontua denean, ezbairik gabe, Le Nôtre, Mansard eta Lebrun apaintzaile bikainen gisara agertzen da, asmamen txikiagoaren jabe, baina sentimendu apur bat gehiagoren eta antz-antzeko estiloaren jabe. Akatsa garaiarena zen: mende sofistikatu batzuek gauza eta obra handiak gaitzetsi dituzte. Gutxi ulertzen dute bikaintasuna, eta are gutxiago bakuntasuna. Luis XIV.a honela mintzo zen Teniersen gainean: «Eraman itzazue zirriborro txingote horiek!», Homerori gordin zeritzon, eta Feneloni honela esaten zion: «Cambrayko jauna, ezin duzue Homero apailatu Borgoinako dukearentzako egokiago izan dadin?». Fenelonek esatea zuen, Euklidesek Ptolomeori legez —geometria errazago egiteko eskatzen zion eta—: «Ez dago errege-erreginentzako sarrera pribaturik».

Esan berri dugunez, «armada grekoaren erdia tatuaturik zegoen», eta badakigu baiespen hori eztabaidatzekoa dena. Aditu muntadunek hala uste dute. Ez da ahaztu behar ezen Homero bizi izan zela kontakizunaren gai diren gertaeretatik hirurehun urtera. Tatuaia ez du aipatzen, baina, sarri ere sarri, «tokian tokiko ñabardurak» enplegatu zituen. Horrela, zalditeria, Homeroren garaian arrunta izan arren, ez zuten ezagun Akileren sasoian: Homerok ez du Iliadan zalditeriarik aipatzen; soldaduak oinez borrokatzen dira, heroiak, gurdiz.

Iliada legenda da, eta Homero, legendarioa. Guztiarekin ere, guk Homerorengan sinesten dugu, eta Homero bakarrean, gainean. Zein garaitan bizi izan zen? Ez dugu uste, hala esan badute ere, Tikio larruginaren garaikide izango zenik, Aianteren ezkutua dela bide halakoaren gainean berba egiten duen arren. Herodoto, Homerori orpoz orpo jarraikitzen zitzaiola, gu baino jakitunago egongo bide zen. Herodotok dioenez, Homerok, gaztetan, Mentor zaharraren ezagumenak izan zituen, eta hark, gaztaroan Ulises zaharra ezagutu zuen. Mende beteko bizialdia izanik, garai haietan sarritan lekukotzaz egiaztatua, Troia osteko hirurehun urteak beteko ziren, arestian esan dugun legez. Iliadako borrokalarien tatuaiaz den bezainbatean, armada grekoan egiaztatu ahal izan da Peoloponesotik Kapadoziara errari zebilen kaukotar herri nomadarengan; eta Troiar armadakoena, hipemolgotarrengan, eszitiar herri behor esnearen edalerengan. Traziarrak tatuatu egiten dira, baita misiotarrak ere. Basatasuna nonahi agertzen da poema augustu horietan. Itsasontzien aingurak harri hutsak ziren, Sandwich uharteetan duela ehun urte bezala. Zauria osatzeko, habaila lotzen zioten gainean; Agenorrek hala osatu zuen Helenoren zauria, eta halaxe jokatzen dute egun botocudo deritzen brasildarrek. Irudika ezazue honako eraikin hau: hormak izei enborrak, azal zerrendez lotuak; sabaitzat ihi ehundura; inguruan, lur zerrenda estua, zuresi puntazorrotzek babestua; zer da hori? Senegaleko Toucoleur leinuko buruzagi baten etxola. Bai, horrelakoxea da Akileren denda ere. Zuresiak habe batek itxitako atea zeukan, eta habea hiru gizonek batera edo Akilek berak besterik ezin zuten kendu. Jokoetan, heroien borrokak ankerrak ziren, Ulisesek hankalatraba egingo dio Aianteri. Akileri dagokionez, goizero, hamabi egunean, Hektorren gorpua oinetatik tarras eroango du Patrokloren hilobiaren inguruan. Kalimakok dioenez, tesaliarren ekandua da. Akilek Patrokloren hilobiaren gainean gatibu dituen troiarretan ederrenei lepo egingo die, gazteak eta guriak aukeraturik, Karibeko sachem horietako bat balitz legez. Gero, Pirrok Polixenori lepora egingo dio Akileren hilobiaren gainean. Akilek atxilotuak salduko ditu, alegia, Priamoren hainbat seme-alaba, Lemnoseko azokara bidaliko ditu. Akilek gutxi faltako du Hektorri ausiki egiteko; Popek dioenez, gogoz geratuko da. Hekubak ere gustura erantsiko zion hagina. Ikus ezazue XXIV. kantua. Priamori dagokionez, Akile beratuko da, baina beratasun basa izango da, eta sano kezkagarria; bat-batean atxilo direnei garrasi egingo die Hektorren gorpua Priamoren begietatik ostentzeko, agureak lar negar eginez gero, Akilek berak hura akabatu besterik ez luke-eta edukiko. Tarte luzeegia, beraz, Akile horrengandik Versalleseko Akilerengana. Mende Handiaren[5] defendatzaileek, honaino ezkero, ikusaraziko digute Mende Handi hark ere une bihotz gabeak izan dituela. Bihotz gabetasunarena onartzen dut. Baina bitez konforma amore emate horrekin. Azal nadin: bihotz gabea bai, ankerra ez. Basatia anker da, zibilizatua bihotz gabea. Ez da esaten «animalia bihotz gabea». Bihotz gabetasunean arima eta emetasuna ere badira. Ñabardura batek jabearaziko gaitu basatasunaren ankerkeriaz, eta zeinen bihotz gabea den landutakoa. Bihotz gabetasuna basatasun zizelatua da. Finezia. Homerorenean, Biblian legez, «haurrak harriaren kontra egiten dituzte zapal-zapal». Arteen mendean, Luis XIV.arekin, «burruntzian josten dituzte». Aurreramendua deritzote horri. Esan berri dugu bihotz gabetasuna sotila dela. Dotoreziaraino ere hel daiteke. Entzun iezaiozue Madame de Sevigne-ri: «(Les Rochers, 1767.eko urtarrilaren 5ean, igandean)... gure soldaduei doakienez, frantziskotar balira irabazle ginateke, asaltoetan dibertitu egiten dira: lehengo batean seintxo bat erre zuten burruntzian. Baina ez dugu bestelako istiluren albisterik». Seinak burruntzian, istiluak!, zelako kortesia gain-gainekoa! Pedro I.a Errusiakoak honela dio: «gurpilak bete ziren haren semearen lagunen soin adarrez, haren koinatu Laprechin Kondeari berari lepoa mozteko agindu zien, Alexis printzearen osaba izanda ere. Printzearen aitorleari ere moztu zioten zintzurra. Moscovia zibilizatu bada, onartu beharra dago ezen zibilizatze horrek garesti irten diola». Mende Handiaren aldekoak pertseberatzen dute. Larregi handitzen dugu Homeroren eta Racineren bateraezintasuna. Homerotar ekanduen eta Idi Begiaren[6] ohituren arteko aldeak ez dira dioten bezain agerikoak. Analogia bat baino gehiago dago. Horrela, Menesteo eta Ankilaoren harremana, Sarpedon eta Trasimelorena, Polidamante eta Klitorena, Aiante eta Likofron Ziterakoarena, Diomedes eta Estenelorena, Akile eta Patroklorena, ez da desberdintzen erregearen anaia Monsieur eta Lorenako Zaldunaren artean dagoen hartu-emanetik. Azken buruan, gauza bera da. Barkatu, Patroklok ez du Briseida pozoituko.

Osterantzean, erdi-itzultzaileak abiarazle onak dira. Ikusmena apurka-apurka ohiaraziz doaz. Ilunabarreko ñabardura guztiek eguna sortzen dute. Pixkanaka, horra hor itzulpenen legea. Kastadun poetak ezin dira bat-batean sarrarazi haien sorleku ez den nazio baten espiritura. Zuhur da hasieran soslaiz sarraraztea. Publikoak eraldaketa batzuen ondorioz onartu ohi ditu. Baten batek zangarte bakarrean Boileauren gustutik Eskiloren talentura igaro gura badu, molokot egingo du. Basati jokatuko du, errezelik gabeko gelara bet-betan sartzen den eguzkiaren antzera. «Ai, Jauna —idatzi zion Joux markesak bere anaia Breveko zaldunari— zeinen izugarria goizeko eguzki hori!, zelako begirune gutxirekin iratzarri nauen!, ezaina bai ezaina!». Irakurlea, bera ere, begiko ninia bezalakoa da, beharbada, miopea, menturaz, presbiziaduna, samintzen erraza. Argitara ohitzeko, behar-beharrezko dira idazle ezinago bikainak, beti argiak eta zuzenekoak, elkarren atzeko ararteko gero eta gardenagoak izango direnak. Apurka-apurka, urratsez urrats, itzulpenen modelatua jatorrizkoetara egokitzera heltzen da. Hau oso hegoaldekoa da, hura, oso iparrekoa; gure alde epelak, gure sasoi arteko gustu literarioak ez ditu ametitzen, hasi bidez, espiritu osoak, poesia unibertsalaren hazi sortzaile indartsuak. Adibidez: Ezekielek Yahveh-Shamash hiriaren erdian tenplua eraiki zuen; han ez zuen errege-erreginen hilobirik onartu. «Beude hemendik at errege-erreginen hezurdurak!» egin zuen oihu. "Hilotzak" berba mesprezatzailea da. Lehenengo itzultzaileak, Luisen Mende Handikoa eta mundu dotorekoa izanda, «sarraskiak» eman zituen. Bigarren itzultzaileak, Genoakoak, gehiago arriskatu eta «hezurrak» jarri zuen. Hirugarren itzultzaile bat azartu zen «hezurtza» ordaintzen. Laugarren itzultzailea agertzeko bidea prest dago, Ezekielen pentsamendu osoa artikula dezake, errege zendu horiei gizatasuna kendu, hilobitik aterata degradatu eta «Beude hemendik at errege-erreginen hezurdurak!» esan dezake. Eskeletoa gizakiarena da, hezurdura animaliarena. Ezekiel horrek, atzapardun profeta horrek, bere kobazuloan errege-erreginak klaskatzen ditu, eta ahoratu dituenez gero, ederto daki zertaz diharduen.

Kikerok historiaz adierazitakoa itzulpenaz ere esan daiteke: «Quoquo modo scripta placet» [«Nolanahi idatzita ere, atsegina sortzen du»]. Gure eroapenak ez du inolako itzultzailerik baztertzen, ezta, inozo-inozo, ia parodiagileak diren horiek ere. Haiek ere beren burubidea dute. Imintzioak aurpegiera iragartzen du, kusku leun horiek, azkenean, mintzo den aho moduan modelatuko dira. Arlotekeriak bikaintasuna desitxuratzen du haren gainean jarriz gero, jakina, baina iragarri egingo ere du. Errebelazioaren hasiera da. Jakitun zaudete ezen ia gardentasunik gabeko opakotasun horren ostean norbait dagoela. Massieu Pindarorengandik dator; Lefranc de Pompignan Eskilorengandik; Toureil Demostenesengandik; Larcher Herodotorengandik; Longepierre Teokritorengandik; Bergier Hesiodorengandik; Levesque Tuzidizesengandik; Denfontasines Virgiliorengandik; la Bletterie Tazitorengandik; Guerin Tito Liviorengandik, Tarteron Juvenalengandik; Bauzee Salustiorengandik; du Ryer Zizeronengandik; des Coutures Lukreziorengandik; Amelot de la Houssaye Machiavellirengandik; Artaud Danterengandik; Macpherson Ossiannengandik; Dupre de Saint-Maur Miltonengandik; Filleau de Saint-Martin Cervantesengandik; Guedeville Plautorengandik; Lemonnier Terentziorengandik; Poinsinet de Sivry Aristofanesengandik; Grou Platonengandik; Brumoy Sofoklesengandik; Le Tourneur Shakespearengandik; gutxi gorabehera, gizakia bera tximuarengandik datorren legez.

Induljentzia, eskuzabaltasuna eta are adorea ere zor dizkiegu saiakera horiei guztiei; behin eta berriro ahaleginduta, gustua zuzendu daiteke; prestakuntza emaitzarenganako harmailak dira; abortu horiek, azkenean, argia ikustera heltzen dira; halako egun bat heltzen da non erabateko itzultzailea agertzen den.

Aurreko abortu horiei dagokienez, haietan ezerk ez du harrimenik sortzen. Itzulpengintza eginkizun latza da. Itzultzailearen eta itzulitako idazlearen arteko borroka ia beti neurritik kanpokoa da. Gorpuzkera ezberdinen arteko buruz burukoa da. Haietako bat, normalean, talentua baino ez da, bestea, ordea, jenioa izan ohi da. Horixe gertatzen da Delille Virgilioren aurka jarrita. Delille, izen onaren jabea izanik, halere, Virgilioren familiako poeta da. Sasikumeen adarrekoa. Musa erretoriko sasikoak Virgilio baso barru-barruan topatu zuen, eta bortxatu egin zuen, eta harengandik kume guztiak sortu ziren: Estazio, Klaudiano, Pope, Dryden, Gray, Gessner, Saint-Lambert, Roucher, Lemierre, Esmenard, Delille. Racine ere familia horretakoa da, baina adar hobe batetik dator.

Normalean hizkuntzen muina bera agertzen da uzkur, beste batzuetan, azala. Batzuetan Hiztegia kupera jartzen da. Hiztegiak, adibidez, «vafrities ez da latina» diosku. Hara, Valerio Maximok berba horixe zerabilen maltzurkeria adierazteko. Latinezko hiztegi guztietan Induperator eleak «behe latina» adabakia erantsita dakar. Zabal ezazue Lukrezio, idazlea handia handienen artean. Induperator hitza ahapaldi bikainetan aurkituko duzue.

Txirriporroen behe latin hori poeten latin ona da. Hizkuntzaren muinari dagokionez, erresistentzia askoz ere zailagoa izaten da. Espainolezko ser eta estar ezin dira argiro eman. Izanak «berezko izatea» adierazten du, egonak «gertakizuna», bi ekintzak emateko être baino ez dugu. Mucho interjekzioa, askoz ere itzultzen gaitzago da (¿El rey se ha marchado? Mucho[7]. Le roi est parti? Beaucoup). Frantsesezko baron berbak ez du, dagoeneko, espainolezko varón hitza itzultzen, honek jauna eta heroia adierak gorde ditu-eta. Varón hitza, espainolez, hurbilago da vir eletik baron berbatik baino. Persioren Cum bene dicinto bertsoan ozyma hitzak «lotsariak esatea» adierazten ez badu, «tripaki platerkada» esan nahiko du. Eta gero, ikustekoa da adieren ugaria. Adierak nahas-mahas hutsa dira. Itzul ezazue, ahal izanez gero, Virginibus bacchata[8] Lacoenis deritzona. Itzul ezazue Uxorius amnis[9]. Latinez, aitak semearengan abdikatzen du Suetoniok zioenez, Augustus Agrippam abdicavit; surik hartu gura ez duen erramuak suarengandik abdikatzen du; Pliniok dioenez: laurus manifesto abdicat ignes crepitu; beste ibaiadar batetik bereizten den ibaiadarraz harengandik abdikatzen du: Amnem Eurotam brevi spatio portatum abdicat. Beste adierazpide batzuk kuzkurtu antzera daude: luzatuz gero, ahuldu egingo dituzue. Virgiliok honela dio: A vulnere recents ['zauri batetik berritua']. Florok honela: Nuper a selva elephanti[10]. Ken iezaiozue indarra eta dohainaz gabetuko duzue. Behin edo beste, hitz bakarra itzultzeko esaldi oso bat erabili behar izaten da. Jupiterren tenpluan gaua ematea, han etzanda loak bere baiatara orakulu bat bil dezan, horra ideia multzo konplexu bat, Plautok hitz hauetara ekarria: Incubare Juvi. Borroka egin ezazue, orain, trinkotasun horren aurka. Itzul ezazue bere trinkoan Paul Jovek behinola Calcondilas zela-eta esandako aridus atque jejunus ['zimela eta baraua']. Ba ote da gauza erakargarriagorik prosa barau hura baino? Calcondilas idazle zuhurra zen. Gozakaiztasuna tisiraino luzatzen zuen. Estiloa sori edukiaren edukiaz, ideia bera flakatzera heltzen zen. Hori dena dago jejunus berbaren barruan. Itzul ezazue reparabilis absonat echo[11], Persiok aipaturiko Neronen lau ahapaldi bitxi horietan. Itzul itzazue elipsiak, batzuetan elipsi bakunak, Racineren ahapaldi ederraren antzera: je t'amais inconstant, qu'eussé-je fait fidèle? [«aldartekakoa nintzela maite bazintudan, zer ez nukeen egingo fidel izanda?»], bestetan metaforaren elipsi zailak, esaterako Saint-Simonen: on le bombarda mestre de camp ['zelai mariskal gisa jaurtiki zuten'].

Itzultzailearen eta egilearen arteko harremana, esanda dugu, gutxiagotasunekoa da. Gehienetan egia da. Halere, salbuespenik bada. Batzuetan itzultzailea gauza da. Moises Jobekin. Newton Apokalipsiarekin. Moliere lehenengo mailako indarra da Plautorekiko. Chateuabriandek neurria har diezaioke Miltoni. Jean-Jacques Rousseauk, Tazitorekin erratu arren, ez du toki txarrean uzten. Cornielle David baino gutxiago da, baina La Fontainek Esopo gainditzen du. Bestalde, Cornielle, salmoen itzultzailea, Cornielle izaten da are barregarria denean ere. Bestalde, La Fontainek hain kopiatzen dio ondo Esopori, non ezabatu egiten duen. Horixe da legea horrelako kasu berezian: lapurretan egiten baduzue, ez lekukorik utzi. Lapurtutakoa asasinatzeak delitua larritzen du gizartearen legean, baina delitua ezabatzen du justizia literarioan. Amiotek Plutarkori ez dio osten edo bizitza kentzen, itxuraldarazten du, eta sotilaren sotilez, bakun egiten du. Lehenengo mailako gizakiarengandik bigarren mailako gizakiarenganako tartea gaindituta, La Mennais, adimen sendo eta indartsuaren jabe, Danterengana disonantziarik gabe hurbiltzen da. Horaziok, beti bezain zorioneko dela, Jules Janin topatu berri du, Horazio bezain espiritu liluragarriko laguna, Horazio baino bihotz zabalagokoa.

Itzultzaileak zibilizaziogileak dira. Herrien arteko zubi dira. Giza espiritua pertsonatik pertsonara daroate. Gogoeta trukearen otsein dira. Haiei esker nazio baten jenioak beste nazio baten jenioari bisita egingo dio. Buruz buruko ernalgarriak. Pentsamenduak odolak bezain beharrezko du nahasketa.

Itzultzaileon beste eginkizun bat: hizkuntzak elkarren gainean jartzea, eta, noiz edo noiz, ahaleginari esker, hitzen zentzua atzerriko adieretarako prestatuta eta moldatuta, hizkuntzaren malgutasuna areagotzea. Hizkuntz tenkatze horrek, tarratekorik egiten ez badu, hizkuntza garatu eta handitzen du.

Giza espiritua hizkuntza guztiak baino handiagoa da. Hizkuntza denek ez dute neurri berean adierazten. Bakoitzak itsaso horretatik ura bere ahalmenaren arabera ateratzen du. Guztietan dago, gardenago edo uherrago. Dialektoek pegarraz jasotzen dute. Idazle handiek infinitu gehiago eskuratzen dute. Horra hor, batzuetan, ulergaitzaren jatorria; hona hemen, besteetan, itzulgaitzaren sorlekua. Sunt lacrymae rerum tanta da mugagabetasunean. Esakune hori sakontasuna bera da. Une horretan, Virgilio jartzen da Danteren parean edo, beharbada, gainetik.

Esaldi hori, beste ezein baino, ezin erakar daiteke itzulpenera, eta hala da haren bikaintasun zehatza zio dela, antzinako fatalismoaren eta egungo melankoliaren sintesiak eratua baita... eta gertaera izugarri iruditzen zaie arazo zabal horien gainean gogoeta egiten ez dutenei: esaldiak ez du inolako zentzurik frantsesera hitzez hitz itzulita. Inongo emakumek ez du ulertuko «gauzek ere negar egiten dute», baina emakume orok bere kautan Sunt lacrymae rerum daroa.

Auzi filologikoa ez da auzi metafisikoaren desberdina. Itzultzaileek horren gainean argi handia egiten dute. Ez da ikerketa filosofiko harrigarriagorik eta erabilgarriagorik hizkuntzen gainjartze hori baino. Hizkuntzak ez dira doitzen, ez dute eraketa bera. Giza espirituan ez dituzte muga berberak. Espiritu horrek gainez egiten die, haren barnean daude, hainbat norabidetara jotzen duten gailurrekin. Mintzaira bat geratzen den tokian, besteak aurrera egiten du. Batean esaten dena, bestean da falta. Hizkuntza guztietatik haratago, adierazi gabekoa igartzen da, eta adierazi gabekotik harantzago, adierazi ezinezkoa.

Itzultzaileak beti haztatzen ditu adierak eta baliokidetzak. Ez dago balantza orekatuagorik sinonimoak parekatzen dituena baino. Ideiaren eta hitzaren lotura estua agerian giza hizkuntzen konparazioetan jartzen da. Eta hortxe agertzen da, bere umekerian, fondoaren eta formaren arteko bereizketa ospetsua, duela hogeita hamar urte korronte kritiko baten oinarri izan arren, egun ia bertan behera lagata badago ere. Fondoa eta forma hain daude elkartuta non forma aldatuz gero, fondoa lausotuko den. Horren adibidetzat ikusi dugu Sunt lacrymae rerum hura. Pentsamendurik falta dela esango dugu? Inoiz ez zen pentsamendu goragorik izan. Horrelakoetan pentsamendua ez da diluitzen, berezkotasuna galtzen baino, ideia bestelakotuko da estu-estu hitzez hitz itzuliz gero. Itzul ezazue frantsesera elez ele Plenus rimarum sum hac atque illac perfluo[12], ideia bidean itxuraldatuko da; latinez, zuen gustuaren araura, indiskrezio barregarria edo inspirazio lirikoa izango da; frantsesez, ultzerez beteriko legendun baten izerdi herratua. Hizkuntza guztiak halako esangura kopuru baten jabe dira. Hau dauka eta ez bestea. Suposatu sakon hori esakune arin baten pean gordetzen da: halako hizkuntza aberatsa da, bestea urria. Idazleek hitzak sortzen dituzte, herriari lokuzioak darizkio; herria eta poeta lankide dira. Homero eta la Halle metafora norgehiagoka ari dira. Shakespeare John Bull-ekin[13] lehiatzen da ausardian, hutsal edo bikain.

Baina, edozer eginda ere, ezin ora diezaiokete giza espiritu osoari eta guzti-guztia hizkuntzari eman. Osotasuna Hitzarena baino ez da. Horretan giza espiritua eta jainko espiritua antzekoak direla ikusten da. Pentsamendua mugagabea da. Mugagabea adieraztea ezinezkoa da. Horrelako gehiegikeriaren aurrean, hizkuntza guztiak totelka hasten dira. Denek zer edo zer eroaten dute. Bildutako txataltxo horiek guztiek, zati itsatsi horiek denek giza ezagumena eta pentsamendu unibertsala eratzen dituzte. Hizkuntza hilen ostean biziak datoz, lan berean ekin eta ekin, giza espirituari giza hitzean gero eta sarbide handiagoa ematen ahalegintzen. Berbetak norgehiagoka huts dira.

Itzulpengintzaren zailtasun handia horrexek azaltzen du. Hizkuntzen idiotismoak, idazleen idiosinkrasiak. Idazleak itzultzaileari ezin konta ahala oztopo jartzen dizkio. Itzulpen ona, era batera, elkar hartze adeitsua eta borrokarik odoltsuena da.

Nori egin behar diogu aurre? Horaziori? Hezkaitza esamoldearen beraren gatza da: o matre pulchra filia pulchrior [«O, haren ama ederra baino ederrago den alaba eder hori»]. Lukreziori? Espirituaren garaitasun antzemangaitza: nihilo fertus minus ad vada leti [«otoitzek ez dute salbatuko Herio uharrietan topatzetik»]. Katulori? Halako indar bat, bere xarmari lotua: funestet sese suosque [«bere buruari eta hurkoei zoritxarra dakarkie»]. 'Galtzea' motzagoa da, 'zoritxarra ekartzea' egokiagoa. Lukanori? Laburtasun indartsua da: si cives, huc usque licet[14]. Tibulori? Errealitatearen emetasuna da: in uno corpore servato retituisse duos [«baten bizitza salbatuta, biak berreskuratzea». Senekari? Batzuetan haren adieraziak gorentasunerainoko lurruntsu dira: aperto aethere innocus errat. Ez 'zeru zabala' esanak ez eta 'aire zabala' adierazpideak ere ez dute aperto aethere hori egokiro ordaintzen. Pertsiori? Iluntasunaren gardena da: nescio quod certe est, quod me tibi temperat astrum[15]. Juvenali? Gogoeta asegabe handiz beteriko bertsoaren maiestate harrigarria da: Fumosos Equitum cum Dictadore Magistros[16]. Horri gaineratu behar zaio idazle bakoitza bere enigmaren jabe izatea: garairen enigma, idazlearen beraren enigma. Prezio horixe ordaindu behar da idazle bereziarekin gertuko harremana izatearen truke; eta, sarritan, enigmak gordean dirau. Orduan, eta ez da gertaera bakana, itzultzaileak ez du idazlearenganako sarbiderik izaten; ezin du zabaldu, giltza falta du, eta Terentzioren Andriana idazlaneko jopuaren antzera, «Davus sum, non aedipus»[Davo (esklaboa) naiz eta ez Edipo (iragarle)] esan besterik ez du izango.

Gehitu iezazkiezue barne zailtasunei kanpoko eragozpenak; lot iezazkiezue hizkuntz oztopoei, idazlearen oztopoei, itzultzailea inguratzen duten zailtasunak, unean uneko aurreiritziak, nazio ezinikusiak, erretorikek zabaldutako gaixotasunak, eskrupuluak, fidagaiztasuna, lotsa ergelak, probintzianoen gustu on betierekoaren aurkako itxurakeriaren uzkurtasuna. Nola aterako zinatekete garaile, adibidez, Plautoren esaldi hau itzulita: Potavi, atque acubui scortum [«Mozkortu eta emagaldu batekin etzan nintzen»]? Zelan irtengo zenukete irabazle Horazioren Tum quantum displosa potest vesica, pepedi?[17]. Kontuz, batez ere Frantzian. Gu, frantsesak, damatxo nazioa gara. Gure barnetegian zuhur izan beharra dago. Berriki Cambronne kanpora egotzi dute[18].

Eta ohartarazi behar dizuet ez zuela lapurretarik egin.

Gauza serio-serio bat hitzik zakarrenarekin esateko modua topatu zuen. Ahozikinak historia artega jartzen zuenez gero, kale gorrira bota dute. Ondo egina.

Horren ostean, haren esana egokiago bihurtzeko, itzultzailea izendatu diote: Rougemont jauna.

Rougemont jaunak, Zaingoa hil egiten da, baina errenditu ez lanaren egileak, zerbitzu publikoan iraun eta printzeentzako bestelako esaldiak ere sortu zituen, besteak beste, Trokaderokoa: «Konpainia onean hilko nintzen»[19]. On Bitaube de Cambronne jaunak sabel zorro eta asmamen ederrak zituen. Hari esan zion, harriturik, handik zebilen batek: «Ene, Rougemont jauna, zelako totolo dagoen berori! Baina gantza ondo irabazia du!».

Idazle handiek hizkuntza aberasten dute, itzultzaile onek hizkuntzaren pobretzea atzeratzen dute.

Hizkuntzen txirotzea ikertu beharreko gertaera metafisiko deigarria da.

Berbeta bat ez da desagertzen ez bada beste bat sortuta; batzuetan, asko ere sor ditzake. Agonia horrekin haurdunaldia nahasten da. Intsektu batzuentzat, heriotza apustua da. Hizkuntzekin berdin jazotzen da.

Hizkuntzen heriotza hasi ohi da horiei gardentasuna kentzen dien mintzairaren loditze halako batez. Hitzek opakotasuna irabazten dute, eta, ber neurrian, ahoskatzea dorpe bihurtzen da, eta silaben arteko harremanak aldatzen. Loditze horren jatorria denboraren joana da, hizkuntza zaharraren zaharrez zauritzen baitu, eta ez, arinegi dioten moduan, ideia berriak erakartzea. Ideia berriak, gazteak direnez gero, osasuntsuak dira, hizkuntzari indarra ematen diote, eta, zapuztu beharrean, irauten laguntzen diote, are, batzuetan, salbatu ere. Edozertara ere, hizkuntza desagertzea halabeharrezko denean, gizentasuna handitzen da; iluntasunak hizkuntzaren alde batzuk aldatzen ditu, hizkuntzaren logika mudatzen da, analogiak ezabatzen dira, hitzetako etimologiak ez dira gardentzen, ortografia zital batek erro ezeztaezinei eraso egiten die, erabilera txarrek mintzairaren muin aspaldikoaren hondarrei tratu txarra ematen diete. Agonia dator: hasieran bokaleak hilko dira: kontsonanteek iraun egingo dute. Kontsonanteak eleen hezurdura dira. Geroago, etimologia ezagutzen lagunduko dute. Kontsonanteen bitartez hitza ezagutzen da animaliak hezurren bitartez bezala. Hezurdura aski da hitza edo animalia berrosatzeko.

Hizkuntza kondenatua gero eta gutxiago erabiltzeak sortzen du halako sasiko hizkuntza bat, ez oso antolatua, enbrionarioa, hiltzen ari denaren eta jaiotzen ari denaren artean jartzen dena. Sasiko eleketa, liken, bizkarroi, tenia hori, zaharrari itsasten zaio, erroak hartan barneratzen ditu, hala esatearren, azpitik tapizatzen du, herpes eta legen bihurtzen da, hartaz elikatzen da eta ahuldu egiten du. Txikia, formagabea, desitxuratua da; nanoak zer edo zer du munstrotik. Itxuragabekeria hori zurrupatzeak erraldoia unatzen du. Horrela, erromantzeak latina agortzen du. Indar garraiatze horrek, luzaro, hizkuntzarik sendoena ere hiltzen du. Mintzaira bizkarroia ere, aldi baterakoa baino ez denez gero, hiltzen da. Ez du euskarririk gabe bizitzerik lortzen. Mihura ez da artea baino luzaroago bizi izaten. Orobat, latinak azken hatsa ematen duenean, erromantzea ere birrintzen da eta, orduan, tokia izaten da hizkuntza berri oso eta bideragarrietarako, amona hil ospetsuaren ondorengoentzat, eta zoru berean kamusten dira italiera eta espainiera hegoaldean eta frantsesa iparrean. Giza pentsamenduak, organo berrien jabea dela, atzera ere hitz egin dezake.

Eta urritu gabe berba egiten du. Danteren italierak ez dio Tazitoren latinari zorrik uzten.

Aldaketa horiek, hizkuntzatik hizkuntzarakoak, lehenalditik etorkizunerakoak, sentontasunetik egun txintarakoak, neketsuak dira. Itzulpenek bide ematen diete, oso aurretik prestatzen dituzte, leuntzen, errazten. Itzulpen guztietan nahastura dago. Hizkuntza itxuraldaketek, aurretik, nahasketa behar dute. Hizkuntzen ondare komunaren amalgama hori prestakuntza da.

Giza espiritua, berez bakarra, askotarikoa da ustelkeria bitarte. Mugek eta geografi antipatiek zatitu eta finkatzen dute. Gizakiak loturak galdu dituenez gero, giza espirituak batasuna galdu du. Giza espiritu asko dagoela esan liteke. Giza espiritu txinatarra ez da giza espiritu grekoa.

Itzulpenek tarteko trenkada horiek eraisten dituzte, horrelako jokabideak suntsitzen dituzte eta giza espiritu ezberdinen arteko komunikazioa bideratzen du.

Ideien komunikaziorako beharrezko izanda, gainera, erabilgarri dira, lehenik, hizkuntzen iraupenerako eta, gero, eraldaketarako.

Idazle guztiengan den enigmaz berba egin dut. Enigma horrek itzultzailea tentatzen du, eta, deszifratzen ez badu, enigmak itzultzailea hilko du. Eginkizun neketsua da beti, eta itzultzaileari eskatzen dio historiagile izateko filologo bezain bestean; eta filosofoa izateko, gramatikalari adina; sena izateko, adimena beste. Eta zer jazotzen da idazlea poeta denean?, zer gertatzen da poeta profeta denean?

Begira iezaiozue Bibliari. Zenbat autu filosofiko, kronologiko, historiko eta, are erlijioso ere argitu ditzaketen Pentateukoan era askaezinean bilbaturik diren hastapen elohimtarrek eta yahvehtarrek! Hasieran, Jainkoa Ahalguztiduna baino ez da, gero Betiereko bihurtu zen, eta lahar izekian Elohim Yhaveh bihurtu zen (Exodoa, 3 eta 6): «Abraham aurrean Elohim moduan agertu nintzen, hire aurrean Yahveh azaldu nauk!». Biblia erro horren inguruan biratzen da. Itzultzaileak ez dira hortaz behar beste ohartu. Hortik nahasmen asko, auzi ugari, hainbat heretikotasun eta sutzar bat baino gehiago. Homero ez doa Bibliaren orpotik kontrakarrei dagokienez. Homerok itzultzaile geldiezinak baino ez ditu onartzen. Non da haren benetako zentzua? Halere, ez da hura baino idazle argiagorik. Baina entzun iezaiozue Horaziori: grammatici cercant [«gramatikariak eztabaidaka»].

Homero, hasi-hasieran, ahozkotasuna zen. Idatzi beharrean, kantatu egiten zuten. Ehun urte ondo joanda ziren koblakari bati hura idaztea otu zitzaionean. Halere, kondairari sinetsiz gero, Osimandiasek Egipton lehenengo liburutegia eratua zuen, Espirituaren Farmazia zeritzona. Homero aurretik, Linok bere poemak pelasgostar[20] karakterez idatzi zituen, eta, Diodoro Sikulok dioenez, Homeroren maisu batek, Pronapidesek, Linoren alfabetoa zekien. Beste batzuek Pronapidesi Femio deritzote. Alfabeto hura, agidanean, silabikoa zen, beharbada hieroglifikoa. Homeroren lehenengo aleak, Irlandako menditarren eta zelten poemak eta Ossianen epopeia laburrak legez, zatika idatziak dira, koblakari bakoitzak zati bat izkiriaturik, eta idazterakoan erabili zuten idazkera silabiko eta zurruna, letra alfabetoa baino lausoago den hura, adiera bati baino gehiagori eta are kontraesanari ere bide ematen dienez gero. Pisistratok txataltxoak egokitu zituen. Horra hor jatorrizko testuaren gaineko zalantzen jatorria. Hara hor Homeroren hautua egiteko aukera. Pausaniasek bere aldakiak jaso zituen, eta Zinetok ukitu zituen. Pindaro eskoliastak pasarte batzuk ezabatu zituen, baita Eustaziok errektifikatu ere. 1758.ean, Klotz kritikariak zalantza egiten zuen Eustazio eta eskoliastaren artean. Bestalde, Aristarkoren karrakaduren berri eman zuen.

Iliadako IV. kantuko pasarte batek lau irakurkera eskaintzen ditu, eta horrek madame Dacier pozarren jartzen du. Eskoliastak kometa ikusten duen tokian, Clarke-k izar uxoa baino ez du ikusiko. Eskoliastak uzta lapurreta hutsean utzi zituen kurriloen eta pigmeoen arteko istiluak. Akileren orpoa ez da Iliadan agertzen egun ezagutzen dugun moduan. Ba ote zegoen, bederen, Pisistratok moztu eta egokitu aurretik? Hubert Golzius baiezkoan dago; Raimondo Cuniccio, Ragusakoa, Iliada latinera itzuli zuena, ezetzean. Bianchinik sententziatu zuenez, Iliada Talasokraziaren, hau da, nabigatzeko askatasunaren gaineko eztabaida da eta gaitzat du ez Helena, Ponto Euxino eta Egeo arteko nabigazioa baizik. Bianchiniren aburuz, Martitz Armenia da, Minerva Egipto, eta Juno, «beso zuriekikoa», Siria zuria. Camoensen ustez, Martitz Jesukristo da eta Venus Eliza. Horra hor Homero, ortodoxiaren erreaktiboen mendean, Kantarik Ederrenaren moduan. Apolodororen ustetan, gaiaren mamia Homero joniarra izatean datza, Iliadaren interesa laburbil baitaiteke joniarrek karioei nolako gorrotoa zieten erakustera. Iliadako XV. Kantuko ahapaldi batek «hiru gara Saturnoren seme-alabak» dioenez, Platonek Gorgias lanean Homerori leporatu zion halako Hirutasun bat asmatzea, eta Laktantziok, izan ere, ez zuen batere ukatu. Zer erantzun dakieke itaun horiei guztiei? X. mendeko eskuizkribua, Villoisonek Venezian topatua, hirurogei eskoliastek oharrez hornitu zuten arren, ez da ezeren argigarri. Drellincourten Homericus Achilles lanak ez du argi handirik egiten. Glosagileek argimutilak elkarri pasatzen dizkiote; Ernestik, Homeroren iruzkingileak, Hyneri, Virgilioren iruzkingileari. Hesikioren iruzkina ez atzera ez aurrera geratu zen Kaltxasen Fra`sai dela eta, batzuetan, tu die ematen du, bestetan, tecum expenden, eta ez dio bestelakorik. Kritikari batzuek arazoak alboratzen dituzte ezabapen bidez; horrela, Andromakak Astianakte gainean esandako bederatzi ahapaldi liluragarri eta goibelak hainbat ediziotan desagertu dira. Bidaiari ingelesak, Woodek, Aristotelesen, Pausaniasen eta Estrabonen testuak aurrez aurre jarri zituen. Appiano gramatikariak, testu eta zentzu anitzen aurrean zer egin jakin ezik zegoela, zeri oratu jakiteko Homeroren itzalari deitzea erabaki zuen.

Eta orain beste berba bat gehiago.

Itzulpena anexioa da. On da poeta bat eskuratuaz norbera handitzea. Berdin on da filosofo bati atxikitzea. Auzokide onaren aholkua da. Nazioak, are beregainenak ere, filosofi horniaren beharreko egoera intelektual eta moralen aurrean makurtu beharrean egoten dira. Teokrazia zuhur da, eta ezari-ezarian sartzen da. Luterok kristautasunekoa salatu zuen, eta harrapatu egin zuen, eta jende aurrean lotsagarri utzi, baita kanpora egotzi ere. Une hartan, oilategia hankaz gora jarri zuenez gero, Luterori esker, teokrazia Erromatik bidali zuten. Baina teokraziak ederto daki gauzak moldatzen. Luterok Erromatik irtetera behartu zuen, hortaz, berbera sartu zen Luterorengana. Italian galdu zuena Ingalaterran berreskuratu zuen. Papista zen, episkopalista bihurtuko da; apezpikua suntsitu duzuela?, presbiteriar egingo da; abadetza indargabetu duzuela?, fanatismo huts eta garbia bilakatuko da. Kuakeroaren txanoak tiarak adina itzal botatzen du giza garondoan. Itzal ez hain txarra, egia esan, baina arriskutsua, ezbairik gabe. Ingalaterrak, haren izate politiko handi eta maiestatezkoa alde batera utzita, bizitza materiala eta mistikoa bizi ditu batera. Materia subirano da Ingalaterran, eta, onar dezagun, subirano erabilgarri eta izugarria da: banka, burtsa, industria, merkataritza, ekoizpena, zirkulazioa, permuta, aberastasuna, oparotasuna deritzote; Ingalaterran materiak aurreramendua oztopatu eta zirikatzen du; pisu mortua eta iskanbila da, gizakia zamatu eta goratzen du, berunez bete eta hegoz estaltzen; hegoak nagusigo dira eta beruna urre. Negozioak egitea, horra hor gogo ingelesaren borondate irmoa. Time is money. Hortik haren sukarra. Ingalaterrak (ederretsi egiten diogu) merkataritza ontziak bidaltzen ditu ozeanoko ibilgu guztietarantz. London zurrunbilo hutsa da, zirkulazioa ia izua sortzeko modukoa da; jendetza London zubian agertzen da amaierarik bagako kate moduan, eta gizaldra hori guztia arineketan eta elkarren ondo-ondoan doa; ez dago begiluzerik, ikuslea ameslari da, inor ez dabil kaletik noraezean. Nonahi giza abar lanpetu eta presatua, materiala. Tamesis ibaia desagertzen da baporeen ugaritasunak estalia, omnibuseko zaldiek, batez beste, hogeita bat egun jasan ohi dute onik. Izan ere, bitxi gertatzen da esatea, baina egia biribila da, bizitza materiala bizitza fanatikorako prestaketa da. Biblia ondo finkaturik dago salgaien gainean. Azken buruan, jaio eta hiltzen gara, gure gainean iluntasuna, gure buruen gainean infinitua, urdina egunez, izarreztatua gauez; zapalkuntza misteriotsua, noraezekoa da obsesio horri irtenbidea topatzea. Gizakia apurka-apurka kezka horretatik ateratzea, horra erlijioen arrakasta. Espiritua, goikoarenganako arduratik aske, segituan gertuago egongo da kalkuluetarako eta negozioetarako. Edozer tarrapataka eta behin betiko sinesten dugu, eta lasai asko gelditzen. Horra hor fenomeno ingelesa. Teokraziak ez du bestelakorik eskatzen. Trebetasun bat du: gizakia erdi bi egiten daki. Egoismoa, lagunkoi, Jainkoarekin bat hartuta. Teokraziak horrelako trikimainetan dirdira egiten du. Negozioei kanpoko gizakia utzi eta barne gizakiaz jabetzen da. Barnetik zuritzen da hilobia. Erlijioa gizakia zeharkatzen duen infinituaren izerdi sakona da; baina erlijioak kareztadura dira. Aski da dena delako bizio horien gainean fede eskutxo bat jotzea. Katolikoen zein protestanteen artean hala dela igartzen da. Hemen, indar handixeagoa egiten dute Testamentu Berrian, han Zaharrean. Josulagun jokabideak kultu guztietarako balio du. Teokrazia, batez ere Ingalaterran, erregina izatearren, lagun onbera da, sorgortzearekin konformatzen da. Gizakia barnetik kimeraz eta aurreiritziz janzten du. Ezein egiari oztopo egitearren, haren burezurpean ideia aizunen amaraun zabala zabaltzen du. Orain, aske zara. Gestionatu, kontratatu, saldu, erosi, indusi, erein, nabigatu, gastatu, aurreztu, erabili, gozatu, gainerakoak goberna itzazu. Artez ixten zaituzte ingurutxo batean zuek konturatu gabe. Asko sinetsiko duzu, eta gutxi pentsatuko. Gizakiari kanpoko joan-etorria uzten dio, eta espirituan hesia jartzen; Materiazko gizakiak on deritzona egin dezake, kontzientziazko gizakiak oztopoak ditu; halere, kontzientzi askatasuna dago, baina kontzientzi askatasun hori bezatua da ohartzeke ere, eta bere buruaren inguruan dabil jiraka, beti oztopo ikusezin batetik honantzago, ekandu erlijioso jakin batzuk sendotzen dira, ekandu politikoetatik erabat desberdinak. Nazio horretan fede artikulu eta sinesmen jasanezinen metaketa eratzen da, halako jainkojale eskola benetako bat; ezari-ezarian eta atertu gabe aurreiritzi aldra haziz doa: fanatismoak, bere pentsamolde bereziaz, adimenak apurka-apurka trabatzen ditu, testuak agintzen du, letra eztabaidaezinak agintzen eta debekatzen du; arrazoimena, salatua eta susmagarritzat joa, urratsez urrats atzera doa, denok aho batez men egiten dutela, txikiespenezko begiratu unibertsal batek pentsalaria noraezean eta, batzuetan, kikildurik uzten du, beharrezko denean, halako epaitegi bereziak izaten dira, Akademiako auzitegia, ikus Collenso apezpikua, eta horrela ezartzen da herri aske baten baitan liburu baten tirania. Tirania ikaragarria. Puritanismoan zurruntasuna dago. Odolean dogma larregi dituen nazio batek, azkenean, dogma horiek artikulazioetan ere izango ditu, aurreramenduaren abantzamendurako eragozgarri diren gogordurak. Konformista oin zainartuduna da. Bibliak jota egon daiteke, oin zainartua eduki daitekeen moduan. O, herri handi hori, kontua aurreratzea da, ez atzeraka dibagatzea. Teokraziak emaitza hori heltzen du, haren aburuz, maisu lan hutsa: pentsamendua zurruntzea. Askatasun zibilak berak sufritzen du. Ez duzu denda igandean zabalduko. Ez zara domekan museora joango, ez zara ikuskizunetara joango igandean. Idazlea, irakasle eta argi emaile zaren hori, ez duzu irakatsi edo argirik eman behar igandean. Egun horretan egunkaririk ez. Prentsa zentsurak, jainko zuzenbidez sorturik, zurrun jokatzen du zazpi egunetik behin. Guernesey-n emakume errukigarri bat harrapatu dute oinkari bati baso bete garagardo ematen: isuna eta espetxea. Beste igande batean, bizimodu badaezpadako bidaiariak dakartzan baporea heldu da, antigoaleko predikari batek kaiko moilatik anatema bota die denon aurrean, festazaleentzako madarikazioa, ostatu guztiak itxita izango dituzte, atzera ere ontziratu beharko dute jan eta edan ezik. Eta, jakina, absurduan ere logika denez gero, desohorea poesiarentzat eta poetentzat, horrelako txoriak beti kaliotatik irteteko gai izaten direlako. Gorroto gorria arteari. Ikonoklastia. Ingalaterran Biblia diziplina bihurtzen da osotoro. Bibliak eserlekua du Parlamentuan eta Moisesek Cobden kontrolatzen du. Ingalaterran Espainian beste kapera dago toise[21] koadroko. Ingalaterrak iluntze hori jasaten du. Bera eta askatasunaren artean puritanismoa, ganduak eguzkia estaltzen duenean legez. Hara, zaudete erne, zuen artean askatasunak zelai zabalean hazten dira, baina sineskeriak ere bai. Irakak garia mehatxatzen du. Sastraka bizia da, edozeri ateratzen dio onura, gogaikarri eta zitala da, ito eta harramaska egiten du. Ingelesen aurreiritziak, azken buruan, oso garaturik daude, Ingalaterrak jorratzailea behar du. Jorrari ernea, indartsua, nekaezina, gau eta egun zutik eta umore onean dena, belar txarrari, beharrezko izanez gero, gupidarik gabe barre egingo dion jorratzailea, eskuak arantzetarako hatzapar bihurtzeko gauza dena. Ironia asunaren aurka. Frantzia, literario baino poetikoagoak izan diren bi mendetan artearen aldetik jan arinean egon arren, egarri zen, poesiaren egarbera. Shakespeare edan gura hori oparo hiltzen duenetakoa dugu. Ingalaterrak filosofia behar du, eta Frantziak Shakespeareren itzulpen bat eskuratua duenez gero, orain, auzokoari, Frantziari, Voltaire itzultzea komeni zaio.


Oharrak

1. Gilles esaten diote Inauterietako pertsonaia ospetsu bati.

2. Unsex = Baten bati, batez ere emakumeari, haren sexuaren ezaugarriak kentzea.

3. Orfeoren emaztea, ninfa eder bat. Suge batek orpoan zizt eginda hil zen. Orfeo infernuetara joan zen haren bila.

4. Egun ia inork ezagutzen ez dituen obra eta egileak, antologietan ere ia aipatzen ez baitira.

5. Luis XIV.aren garaia.

6. Versalles jauregiko gela bat, itxura horretako leiho batek argiztatua, gortesauak erregearen zain egoteko lekua.

7. Jatorrizkoan, gaztelaniaz.

8. Bacchata berbak, latinez, «zapaldua» edo «Bakoren jaiak» adieraz dezake.

9. «Bere emakumeari gehiegi lerraturiko ibaia».

10. Hugok buruz aipatua, jatorrizkoan elephanti beste toki batean agertzen da.

11. «Oihartzunak berriztagarri erantzuten du»

12. "Zirrikituz beterik nago eta han-hemen iragazkor naiz".

13. Ingalaterrako bitarteko klase gorabideko eta nazionalistaren pertsonifikazioa.

14. «Herritar gisa, honaino heltzea baino ez duzue zilegi».

15. «Egia esan, ez zekinat zein astrok nauen hiri loturik»

16. «Zalditeriako jeneralak, kez beteak, diktadore batekin»

17. Jatorrizkoa eta aipua ez datoz guztiz bat, «puxika lehertzerakoan ateratzen duen hots halako batez uzker egin nuen».

18. Frantsesez « le mot de Cambrone » kaka (« merde! ») esateko eufemismoa da.

19. Waterlooko batailan jeneral batek esandako jatorrizko biraoa esaldi horretaz eman zuen.

20. Pelasgos izeneko herria Atikan bizi izan zen. Hizkuntza indoeuroparra omen zuten, baina ez ei zegoen beste hizkuntza indoeuroparrekin erlazionaturik. Hiri estatuan bizi ziren.

21. Frantziako neurri zaharra: metroa eta 946 milimetro.