Interpretaritzaren didaktika
Lurdes Auzmendi

Interpretaritzaren didaktikaz hitzegiterakoan, bi interpretaritza mota nagusiak bereiztu behar dira: esanostekoa eta aldiberekoa. Ahozko berbaldia hizlariak amaitu ondoren itzultzeko, memoriaz gain notak hartzen eta ondoren nota horiek behar bezala irakurtzen eta mezua berregiten ere ikasi behar da. Horretarako teknika zehatzak daude. Aldibereko interpretaritzan beste dohai batzuk gehiago ere garatu behar dira, eta bi kasuetan jatorrizko hizkuntza nahiz xede hizkuntza oso ongi menperatu behar dira, itzulpenean ez bezala, hemen bapatekotasunak baldintzatzen duelako jarduera. Azkenik, testu idatziak bapatean itzultzeko garatu behar diren teknika eta trebeziei buruz hitzegiten da lantxo honetan.

Sarrera

Interpretaritzaren irakaskuntza eta itzulpenarena lotuta egon dira eta daude gaur oraindik ere leku gehienetan. Europako itzultzaile eskolarik ospetsuenetan (Ginebra, Brusela, Paris) itzulpen ikasketak burutu behar dira interpretaritzari dagozkionak egin aurretik. Badirudi bi ikasketa motak bereizteko joera gero eta handiagoa dela, baina halere, itzulpen eta interpretaritza ikasketetan beti egongo dira ikasgai amankomunak, bi jardueren helburua berdina delako: jatorrizko mezua beste hizkuntza batera isurtzea. Aldea iraulketa horretarako bitartekoan datza, alegia, itzulpena idatziz egiten bada, interpretaritza ahoz egiten da, eta berezitasun horixe da interpretaritza lana bereziki baldintzatzen duena.

1. Zer eta nola irakatsi: esanostekoa aldiberekoaren bidean.

Itzulpen ikasketak interpretaritzakoen aurretik egiten direla aintzat harturik, hizkuntzen ezagutza, itzulpenaren teoria eta praktika ongi menderatzea bezalako pausuak emanak ditu interpretari-gaiak prestaketa berezituari ekin aurretik.

Bi interpretaritza mota nagusi bereizten dira: esanostekoa (hizlariak hitzegin ondoren ematen da itzulpena) eta aldiberekoa (hizlariak hitzegin ahala egiten da itzulpena), baina biak irakasten dira, hau da, ikasleak bi interpretaritza motak menderatu behar ditu, nahiz eta gero, agian, bata nahiz bestea bakarrik egin. Beraz, lehenik esanostekorako nahiz aldiberekorako oinarrizko prestaketa ematen da, ondoren esanostekoa lantzen eta azkenik, aldiberekoa. Lehenengo bien praktikak ikasgelan egiten dira, hirugarrenarenak kabinetan.

Ezer baino lehen garbi utzi behar da beste jarduera batzuetarako ez bezala, interpretaritzarako prestaketan ariketak behin eta berriz errepikatzen direla. Hasiera-hasieratik, pausu bakoitza behin eta berriz ematen da maila berri batera pasatu aurretik aurrekoa guztiz menderatzera iritsi arte.

Interpretaritzaren teoria asko garatu gabe dagoenez, ez dira ordu asko behar egin diren lanen eta ikerketen berri emateko. Dena den, gutxi badago ere beharrezkoa da jarduera honen oinarri teorikoak azaltzea, bestela nekez ulertuko baita ondoren burutu behar den prestaketa praktiko guztia.

Horrela, eta hasteko, idatzizko testuekin lan asko egiten da diskurtsuaren ahozko berezitasunetan sartu aurretik. Testu labur eta ulerterrazekin hasi eta testuaren azterketa izaten da lehen pausua: testuaren muina, gainontzeko elementuak, horien mailaketa garrantziaren eta pisuaren arabera, eta abar. Hori bera testu zail, ilun eta sakonagoekin egin ondoren beste era bateko ariketetara pasatzen da: testua berridatzi, elementuen ordena aldatu baina zentzua bere hartan utziaz, testuak esaldika zatituta ikasleei banatu eta zati horiek ordena logikoan jarri, eta abar. Era horretako ariketa asko egiten dira, lehenik hizkuntza berean eta ondoren hizkuntza aldatuz, ahozko mintzaldietara pasatu aurretik. Ariketa guzti horien helburua hau da: interpretariak testuak ongi ulertu behar ditu, mezua laburtzen jakin behar du, agian askotan jatorrizkoan azalduko ez diren hitzen bidez testua berregiten jakin behar du, hizkuntz-jarioa ugaltzen joaten da, eta abar.

Ahozko diskurtsuekin ere idatzizkoekin egiten direnen antzeko ariketak erabiltzen dira hasieran, baina baita oroimena lantzekoak ere, ez noski diskurtsua memorizatzekoak, askok hala uste badute ere, oroimen ona edukitzea ez baita interpretaritzarako ezinbesteko baldintza, berez lagungarria bada ere.

1.1. Esanostekoa

Ondoren esanosteko interpretaritzarako praktikak datoz, eta hemen bereziki notaketa lantzen da. Itzulpenean ez bezala, interpretaritzan ez dira hitzak itzultzen, zentzua baizik, eta neurri horretan sinonimia oso garrantzitsua da. Bestalde, laburtzen eta lastoa eta garia bereizten ere jakin behar da, hitzezko diskurtsuak beti baitira errepikakorragoak idatzizkoak baino, eta sintesiaren garrantzia hortik dator.

Esanosteko interpretaritza, lehenago genioen bezala, hizlariak hitzegin ondoren diskurtsua itzultzean datza. Hizlariak 5-7 minutuko mintzaldia egiten duen bitartean interpretariak notatu egiten du mezua, baina nota horiek ez daukate takigrafiakoekin zerikusirik, askotan hitz batek esaldi oso bat laburbildu dezakeelako. Laburdurak, zeinuak, sinboloak, notak goitik behera mailakatuta jasotzeko modua, eta abar dira notaketan lantzen direnak. Lehenagotik nola edo hala notak hartzen aritutako jendeari oso zaila gertatzen zaio teknika berrira ohitzea, eta askotan lehenagotik dauzkaten ohiturak eta interpretaritza teknikak gomendatzen dituenak bilduz egokitzen dute interpretariek beraien estiloa. Esanosteko notaketa nekagarria gertatzen zaie askotan ikasleei, baita esanosteko interpretaritza egiten dutenei ere, baina behin notaketaren oinarrizko printzipioak menderatzera iristen direnean orduan konturatzen dira bitarteko horren balioaz.

Eta notak hartzen ikastearekin batera mezua ongi berregiten ikasi behar da, eta horrek hizlari dohai handiagoak eskatzen dizkio esanosteko interpretariari aldiberekoari baino. Izan ere, mota honetako interpretaritza jendaurrean egiten da, eta horrek baldintzatzen du jarduera, baina interpretariak oroimenean eta jasotako notetan oinarriturik berregin behar du mintzaldia bere modura. Gainontzean, garbi ahoskatzea eta hitzegitea, esaldiak amaitzea, hizkuntzaren erregistroa zuzen erabiltzea, eta abar dira lantzen diren beste hainbat aspektu.

Orain arte esan dugu, interpretaritza ahozko diskurtsuaren arabera egiten den itzulpena dela, baina hori ez da egia osoa, izan ere askotan testu idatziak izaten direlako ahoz botatzen direnak, eta gauzak orduan ez dira modu berean planteatzen. Kasu horietarako trebetasun bereziak garatu behar dira, eta horiek «ikusizko itzulpena» deitzen denaren bidez lantzen dira. Itzulpen/interpretaritza mota hori, ordea, beste kapitulu batean aztertuko dugu.

1.2. Aldiberekoa

Eta ikasketa prozesu osoaren amaieran aldibereko interpretaritza daukagu.

Interpretaritza mota hau da ikasleentzako erakargarriena, bai hasieran behintzat. Ikaslea kabinan dago aurikular eta mikrofono batekin. Aurikularretatik jasotzen du mezua hizkuntza batean eta mikrofonotik beste hizkuntzan berreginda botatzen du. Hori litzateke labur esanda teknikaren funtsa, baina horretara iristerako oinarrizko ariketa asko egiten dira.

Hasteko, entzuten den mezua hizkuntza berean eta hizlariak esan ahala errepikatzea da. Jatorrizko mezua garbia eta mantso adierazia izango da hasieran, poliki-poliki diskurtsuak abiada handiagoa hartuko du eta gainera ez da askotan hain ongi ahoskatua izango edo beste zarata mota batzuk izango ditu.

Ondoren, aldibereko interpretaritzaren funtzionamendu psiko-fisiologikoaz jabetzeko ariketak datoz. Alegia, interpretariak jatorrizko mezua entzuten du, entzuten duen neurrian deskodifikatu eta beste hizkuntza batean berreginda isuri behar du. Neuro-psikiatrak hainbeste harritzen dituen jarduera hori erabat automatikoa bada ere, interpretariak jakin behar du nola funtzionatzen duen, eta horretarako era honetako ariketak egiten dira: jatorrizko mezua entzuten duen bitartean, ikasleak zenbakiak botako ditu atzekoz aurrera erritmo jarraituan edo ipuin bat kontatuko du. Amaitzean, mezua laburtzeko gai izan behar du.

Oinarrizko ariketa horien ondoren lan errealera gerturatzeko prestaketa dator. Ikasleak kabinan landuko dituen hitzaldi-saioak zailtasunaren arabera (abiada, ahoskera, lexikoaren zailtasuna, zenbakiak, izen propioak, eta abar) mailakatzen dira, eta hortik aurrera orduak eta orduak sartu behar ditu ikasleak kabinan egiten duen lana «perfektoa» izatera iritsi arte.

Irakaslearen zeregina une horretatik aurrera ikasleen lana kontrolatzera eta aztertzera mugatuko da. Irakasleak, eta ikasleak ere bai bere aldetik egin dezakeen neurrian, maila hauek aztertu eta kontrolatu behar ditu egiten duen lanean:

1.- Hizlariarekiko fideltasuna.

2.- Edukiaren identitatea:

a) zentzu aldaketak
b) informazioa jatea edo ez ematea
c) ñabardurak galtzea
d) informazio elementuen egiazko garrantzia
e) iturria faltsifikatzea edo ezkutatzea
f) denbora eta moduari buruzko zehaztasunen arazoa
g) zentzu okerrak eta kontraesanak
h) interpretariak bere kabuz gehitzen duena
i) hari logikoa nahastea
j) lokailuak isiltzea edo aldatzea
k) planaren organizazio/desorganizazioa

3.- Estiloaren egokitasuna:

a) hizkuntza mailaren erregistroa
b) tonuaren distortsioa
c) komunztaduraren arazoa
d) entzuleekiko errespetoa

4.- Aurkezteko modua:

a) komunikatzeko zailtasunak
b) segurtasun falta
c) hizkuntza mailako akatsak
d) eraginkortasun falta
e) zentzurik ezak
f) formaren edertasuna
g) formulazio mailako baldarkeriak

Horiek eta beste maila asko dira aldibereko eta esanosteko interpretaritzaren praktiketan behin eta berriz kontrolatu behar direnak lan ona egitera iristeko.

2. Ikusizko itzulpena (traduction à vue, translation on sight, traducción a la vista)

Interpretaritzaren didaktikan amaieran joaten ez bada ere, amaierarako utzi dut teknika honen berri ematea, izan ere dituen berezitasunengatik praktika gurutzatuak eskatzen dituelako. Eta teknikaren berezitasunetara pasatu aurretik ohar bat: itzultzaile asko baliatzen dira metodo edo teknika honetaz beraien itzulpen lanak egiteko. Alegia, itzuli beharreko testua hartzen dute, eta testua erraza denean edo nahiko pareko bi hizkuntzekin lana egiten duenean, grabagailu bat hartu eta hitzez itzuli eta grabatzen du testua. Ondoren, berak edo beste pertsona batek makinara pasatu eta azken orraztuak eman ondoren testu itzuli bezala aurkezten du. Euskal itzultzaileren batzuek ere erabili izan dugu noizbait sistema hori, eta esan behar da itzulpenaren irakaskuntzan ere ez dela inondik erabat alde batera uzteko metodoa, testuen ezaugarrien eta horien itzulpenaren erabileraren arabera uste baino askoz baliagarriagoa gerta daitekeelako.

Lehenago nioen bezala, esanosteko interpretaritza egin nahiz aldiberekoa egin, hizlariek askotan testuak irakurtzen dituzte mezuak hitzez eta buruz eman ordez. Kasu horietan guztiz beharrezkoa da interpretariak testua aldez aurretik izatea irakurri eta prestatzeko, izan ere erregistro aldaketa eskatzen duen hizkuntz iraulketa mota bakarra baita (itzulpena: testu idatzitik testu idatzira; interpretaritza: ahozko mezua ahozko mezura; ikusizko itzulpena: testu idatzitik ahozko mezura).

Eta nola egiten da prestaketa hori? Interpretariak kontzentrazio ahalik eta handiena lortu behar du lan horretarako, eta egiten diren prestaketa ariketek ondorengo helburu nagusiak dauzkate:

    • Jatorrizko hizkuntzan dagoen mezua ahoz eta bizkor beste hizkuntza batera itzultzeko gaitasuna garatzen hasi.
    • Testu idatziak bizkor eta osotasunean ulertzeko gaitasuna hobetu.
    • Laburtzeko gaitasuna garatu.
    • Jatorrizko testuan dauden ideia, arrazonamendu eta testuak lortu nahi duen helburuaren haria jarraitzeko gai izan.
    • Lastoa eta garia bereizten ikasi.
    • Ahozko komunikaziorako gaitasuna garatu.
    • Ahozko espresioa garatu, entonazioan, erritmoan eta ahoskeran arreta jarriz.
    • Sinonimoak erabiltzeko gaitasuna garatu.
    • Jarduera hori interpretaritzaren berezko ezaugarriekin uztartzen ikasi.

    Horrela esanda gauza asko direla pentsa daiteke, eta halaxe da. Praktikak, kasu honetan ere, mailakatuta burutuko dira. Hasieran testu errazak eta aurrez prestatu gabeak itzuli beharko dira ikusiz. Ondoren, testuak zailtzen joango dira eta aldez aurretik prestatzen irakatsiko zaie ikasleei. Euskaratik itzuli behar den kasurako, adibidez, esaldiaren barruan sujetua, aditza eta objetua non dauden ongi markatu beharko dira, menpeko esaldien hasiera eta amaierak bezala. Hiztegian begiratu beharreko hitzak itzulita jarriko dira jatorrizkoaren parean, eta abar.

    Eta noski, interpretariak hizlariak irakurtzeko erabiliko duen abiada berean itzuli beharko du gero testua. Horrela, hasieran testu idatziekin bakarrik praktikatuko bada ere, gerora testua eta horren irakurketa lotuta joango dira denboran batera joan daitezen. Interpretaritza mota honetan, egon daiteke xede hizkuntza besteetan baino askoz gehiago bortxatzeko arriskua, alegia, hitzez hitzezko itzulpena egiteko tentazioa handia izan daiteke, eta horrexegatik eskatzen du prestaketa hain sakon eta handia.

    Amaitzeko, ikusizko itzulpenerako esan diren hainbat gauza arrazoitzeko adibide bat. Jo dezagun interpretariak idatziz dagoen testu zati hau bat-batean eta hizlariak irakurri ahala itzuli behar duela:

    Auzmendi_irudia.jpg

    Hori litzateke testu hau ikusizko itzulpena egiteko prestazeko moduetako bat. Azken finean, interpretariak bere beharretara egokitu beharko du teknika, baina funtsezko pausu batzuk beti eman beharko dira.

    Eta lantxo hau amaitzeko, eta gure artean maila honetan dagoen eskasia ikusita, bai interpretaritza lanetan dihardutenentzat eta baita esanosteko nahiz aldibereko interpretaritzaren berri izan nahi dutenentzat oinarri oinarrizko bibliografia labur bat eskaini nahi dut.

    Bibliografia orokorra

    COLLECTIVE. L'enseignement de l'interprétation et de la traduction. Editions de l'Université d'Otawa, 1981.

    CURVERS, Ph. eta beste batzuk. «Contribution a une pédagogie de l'interprétation». Cuadernos de traducción e interpretación, 8/9, Universidad Autónoma de Barcelona, 1986.

    DELISLE, J. «L'enseignement de l'interprétation et de la traduction: de la théorie à la pédagogie». Presses de l'Université d'Otawa.

    GARCIA-LANDA, M. «Práctica y teoría de la interpretación». Cuadernos de traducción e interpretación. nº 4. EUTI, Universidad Autónoma de Barcelona, 1984.

    HERBERT, J. Manuel de l'interpréte. Georgetown/Ginebra, 1965.

    VAN HOOF, H. Théorie et Practique de l'interprétation. Hueber, Munich, 1962.

    Esanosteko interpretaritza

    BOWEN, D. & BOWEN, M. Steps to Consecutive Interpretation. Pen and Booth, Washington, 1980.

    ILG, G. «L'interprétation consécutive. La practique». Parallèles. nº 5. Universidad de Ginebra. 1982.

    ROZAN, J.F. La prise de notes en interprétation consécutive. Georgetown/Ginebra, 1983.

    SELESKOVITCH, D. Langue, langages et mémoire. Etude de prise de notes en interprétation consécutive. Minard, Paris, 1975.

    Aldibereko interpretaritza

    BERTONE, L. En torno de Babel. Estrategias de la traducción simultánea. Libreria Hachette S.A. Buenos Aires, 1992.

    LEDERER, M. La traduction simultanée. Expérience et théorie. Lettres Modernes, Minard. paris. 1981.

    SELESKOVITCH, D. L'interprète dans les conférences internationales. Minard, Paris, 1968.

    Ikusizko itzulpena

    CURVERS, Ph. eta beste batzuk. «La traduction à vue comme exercice préparatoire et complémentaire à l'intérpretation de conférence». Cuadernos de traducción e interpretación, nº 7, Universidad Autónoma de Barcelona, 1986.

    ARROYO, A. & SEVILLA, J. «La traducción a la vista (Francés-Español)». Sendebar nº 4, Granada, 1993.