Ale honetan
Itzulpengintzaren eta sorkuntzaren bidegurutzean kokatzea izan zen orri hauetara bildu ditugun hitzaldien asmoa. Maizegi ibili baitira bereizita bide horiek, zein beretik, lan tresnak —hizkuntzak, alegia— hartaraxe derrigortutako harremanari iheska, batak bestearekin zerikusirik ez zutelakoan. Udako saio haien ondorioz badakigu, gutxienez, gertuago dagoela literatur itzultzailea sormen lanetik "mimesis" hutsetik baino.
Nolakoa da, baina, harreman horren izakera? Hortarakoxe bildu ziren literatur itzultzaile eta sortzaileak, kezka eta iritzi horien inguruan sakontzeko gogoz. Konklusio bat dago garbi: itzultzailea nahiz sortzailea, biak dira idazle. Sortzailearen esparrutik askatasunaren aldeko aldarriak baldin badira nagusi, itzultzailearenetik ofizioaren ezagutza umilagoa jarri ohi da agerian. Jakina, ofizioaren aldeko apustuak badauka, gurean, sortzaile ahobero baina ofiziogabearen aurrean, funtsezkoa abantailarik. Ofizioa esaten dudanean, idazlearen tresna nagusi den hizkuntzaren oparotasun eta egokitasuna aipatu behar, derrigorrez. Itzultzailearen ofizioak baditu alderdi gehiago. Baina, hala eta guztiz ere, baliabide horiek guztiak, nahiz eta funtsezko tresna izan itzultzailearen iaiotze sasoian, gutxi dira literatur unibertso berri batera jauzi egin eta bertako ondarea gurera bihurtzeko garaian.
Jauzi edo murgiltze horren ondorioz, tankera hartu berri duen emaitzak gainean du sormenaren igurtzia. Zergatik, bestela, hitz egin bertsioaz edo honako edo harako edizioaz? Honek guztiak bultzatuta bildu dira idazleok itzulpenaren eta sorkuntzaren bidegurutzean. Batak, gogor eutsi nahi lioke jatorrizko testuari; bigarrenarentzat, berriz, gaur egungo irakurleak ulertzeko moduko traza behar luke izan itzulpen lanak. Ezinezkoa zaio lehenengoari jatorrizko testuaren xarma orri itzulietan barreiatzea; testu ororen funtsa beti itzul daitekeela erantzuten dio bigarrenak. Sokaren bi muturrak, itzulpenaren tentsio betikoa. Bidean, idazlana eta sorkuntza berria.