Euskal itzulpenaren garapena
Artikulu honetan euskararako itzulpengintzak mendeetan zehar ibili duen bidea aztertzen da, egondako joerak aipatuz, eta mundu osoko itzulpenaren historiaren testuinguru zabalagoarekin lotuz. Itzulpenak gaur egun Euskal Herrian duen garrantzia eta euskararen beraren bizitzan duen pisua ere erakusten dira, eta etorkizunari buruzko ideia batzuk eskaintzen.
«Literatur sorkuntza eta Itzulpena» izenburupean antolatu ditugun jardunaldi hauen helburua, oker ez banago, idazle-sortzaile eta itzultzaileen arteko harremanak argitu eta sakontzea da alde batetik; eta euskal itzulpengintza, orain arte eman dituen urratsak ikertuz, zer unetan aurkitzen den ulertzea, bestetik, nola bere buruarekiko hala euskal literatur prosarekiko.
Honelako zeregin bat behar bezala burutzeak testuinguru zabalago batean euskal itzulpengintza kokatu eta bere baitako prozesuak argitzea esan nahi du; bai baterako eta bai besterako, oraindik nazioarte mailan ezezik, gure artean egiten ari garen ikerketak haur-oihaletan daudela esan beharra daukagu; horregatik, gaur hemen jakite baino borondate on gehiagoz eskainiko ditudan gogoetek etorkizunean askozaz ezaguera zehatz eta ugariagoarekin burutuko den sakontze-lan baten hasikin xume izan nahiko lukete.
Historiari gainetik begira
1571n Leizarragak Jesus Christ gure Iaunaren Testamentu Berria plazaratu zuenetik hasi eta gaur egunera arte, argia ikusten duten ia 1.000 tituluren %40a itzulia den une honetara arte bide luzea egin du euskal itzulpengintzak. Zalantzarik ez dago, mendez mendeko azterketa bat egitean, une hobeak eta eskasagoak izan dituela itzulpengintzak, baina irizpide eta balioespen desberdinak gorabehera, berorren eragin eta presentzia nabaria dira ezaugarri gailen eta ukaezinak.
I. Sarasolak bildutako datuei bagagozkie[1], gure mende honen hasierara bitarteko euskarazko obren erdia itzulpen esplizituak ziren; eta bereziki azpimarratzen dut esplizitu hitz hau, zeren beste obra asko, jatorrizkotzat emanak, itzulpenak baitira, aldez edo moldez, nahiz eta inplizituen multzoan sartzekoak izan. Gerra aurrean, 1934-35 urtea hartzen badugu %57, 9 ematen digu itzulpenak. Hogeitamar urte geroago, 36.eko gerratearen ondoriozko ezinalditik euskal liburugintza bere burua altxatzen hasten denean, 1962-63ko datuei begiratu bat ematean ohartzen gara argitalpenak 42 direla eta horietatik 26 bakarrik urte berean sortutakoak, 19 soilik jatorriz euskaldunak izaki: hemen ere liburu itzuliak erdia baino gehiago dira. Hurrengo hamarkadan, 1972-73 erreferentziatzat harturik jatorrizko liburugintzak gorakada nabaria egiten du eta euskararen historia guztian baino euskal liburu gehiago sortzen dira garai horretan: 101 titulutatik 96 urteko produkzio dira eta 78 euskaraz sortuak.
Urte horretatik hasi eta hamar urte geroago, Eusko Jaurlaritza finkatzen den arte, portzentaiatan itzulpenak behera egiten du, baina ia 300 obra itzultzen dira, guztizkoaren %30 izateraino. Halere, esan beharra dago itzulpenaren eragina izugarri zabaldu eta sendotzen dela komunikabide sortuberriei eta pixkanaka finkatuz doan administrazio elebidunari esker. Beraz, itzulpenaren intzidentzia obra argitaratuen estatistiketara ez dela mugatzen kontutan harturik, joan den hamarkadako azken urteetako datuak bakarrik ematearren, 1986an %22,0 izatetik pixkanaka goraka doa, 1990 %36,5 eta 1991n %42,0 izateraino; gainera, esan behar da, haur eta gazte-literaturaren arloan %62,2 dela itzulpena, euskal jatorriko liburua (%37,4) izaki. J.M. Torrealdairen hitzak aipatuko ditut hemen: «Ez dakigu itzulpen/kreazio proportzio hau zuzena denentz, idealki beharko liratekeenak diren ala ez, alegia. Baina itzulpena kreazioaren gainetik egotea, ezinbestekotzat jotzen dugu, kontutan izanik gure sormen-ahalmena eta ahantzi gabe liburu-mota hauxe dela liburugintza osoaren hirutik bat»[2].
90. urteen hamarkadan aurrera goazen heinean, ez dirudi joera honek gelditu edo behera egiteko asmorik duenik eta berriz ere itzulpenak bere presentzia finkatzeari ekin dio, behialako garaietan bezala ia produkzioaren erdia izatera hurbilduz; halere, aipatu ditugun arrazoiengatik, gizarte-mailan duen eragina liburu-kopuruetatik susma daitekeena baino askoz sakonagoa izan da, komunikabideei esker batipat.
Orain arte euskal itzulpengintzaren alderdi kuantitatiboaz mintzatu gara, beharrezkoa baitzen zenbaitek ahaztuxe edo lausotuak eduki litzakeen zifra horiek gogora ekartzea, haren alderdi kualitatiboagoez mintzatzen hasi aurretik.
Zer eta nola euskaratu den
Ljudskanov traduktologo bulgariarraren eskutik, euskal itzulpengintza ere, beste herrialdeetako itzulpen asko bezala, Jainkoaren hitza galdu edo bestelakotzeko beldurraren menpean eta hitzez hitzeko joera batean sortu zela aitortu behar dugu. Itzulpen mota horrek jatorrizko hizkuntz osagai formal guztiak emateko ahaleginak egiten zituen eta kezka hori sarreran ezezik, itzulpena burutzeko eran ere nabari da Leizarragaren itzulpenean.
Joera horrek, oro har, ez zuen izan hain jarraitzaile esturik ondorengo itzultzaile katolikoen artean, zeren Trentoko Kontzilioaren ostean eta Kontra-erreformaren gidaritzapean sortu ziren euskal itzulpenetan katekesi, aszetika eta erlijio-dibulgazioko lanak euskaratu beharrean aurkitu baitziren itzultzaileak, ez hainbeste Jainkoaren hitza bere hartan emateko premiarekin, eta horregatik testuen alderdi pragmatikoa irabazian atera zen; ondorengo itzulpen gehienei, sorburu-hizkuntza eta xede-hizkuntzaren arteko oreka handiagoa nabari bazaie ere, ez dira erabat aldentzen joera formalistatik eta belaunaldi batekoek beste batekoekiko beren diferentziak beldurrik gabe adierazten zituzten Haranederrek S. Pouvreauren zenbait itzulpenekin egin zuenez. Gehienera ere esan dezakegu, XX. mendearen lehen herenean finkatu zen «zentzuzko» itzulpenerako bidea ezarri zela aurreko mendeetako erlijio-testuen itzulpenarekin, Larramendi, Mogel, Duvoisin, Arrue eta abar bezalakoen eraginez. XIX. mendearen azken aldera, Azkuek Hiztegiaren sarreran aipatzen dituen zenbait katixima izan daitezke joera horren salbuespen[3].
Zizeron lehen formulatzaile izan zuen eta kristauen artean San Jeronimo edo Lutero, arabiarren artean Maimonides eta Aro Modernoan Tytler edo Dolet bezalako itzultzaileen eraginez pixkanaka finkatuz joan zen «zentzuzko itzulpen» deritzan iharduera hori literatura laikoan gero eta barrenago sartu eta hitzez hitzeko itzulpenaren akatsak gainditu beharraren ondorioz sortu zen. Itzulpen mota horrek jatorrizkoaren zentzu orokorra xede-hizkuntzaren nortasuna errespetatuz eman nahi du, eta aurrerapen nabaria da hitzez hitzekoarekin alderatuz gero; alabaina testuaren forma behar adina kontutan ez hartzean, jatorrizko testuaren ezaugarri historiko, sozial, nazional eta indibidualak galtzera ekartzen zituen neurri handi batean.
Euskara eta euskal literaturari dagokienez, «zentzuzko itzulpenaren» aroa Orixerekin hasten da 20. urteen hamarkadaren azken aldera Iruñeko Udalak Sanferminak zirela-eta, 1928an antolatutako literatur sariketan, eta euskarazko sailean, Cervantesen Don Quijote de la Mancha-tik IX. atala euskaratzea proposatu eta saria jaso zuten bost itzulpenen artean lehentasuna Orixerenari ematean[4]. Irabazleak berak aro berri baten hasieran zegoelako poza adierazten du. Lizardik, bere aldetik, ez du poz txikiagoa azaltzen: Orixeren itzulpena irakurri eta ereduetan eredugarrientzat jotzen du itzulpenak izan ohi dituen arroztasun edo gordin-antxik nabari ez diolako. Areago oraindik: zenbaitetan jatorrizkoa gainditzen duelakoan ere badago. Puntu horretan, «zentzuzko» itzulpen-joeratik irten eta Ljudskanovek «traduction libre» deitzen duenaren alorrean ere sartzen gara, nahiz eta Mouninek «les belles infidèles» deitu duena bezalako arorik gure artean aurkitzen ez den. «Trátase de un trabajo de positivo mérito, más atento a interpretar el genio de la lengua que a copiar en detalle el modelo. (...) Espontáneo, sobrio, fluido, expresivo, quizás a las veces lo supera suprimiendo hartas redundancias y alguna oscuridad»[5].
Aurrerago, «Traducciones-Diccionarios» artikuluan[6] Lizardik itzulpena euskara modernotu eta aberasteko tresna egokitzat jotzen du eta Orixek «Orientaciones literarias» izenburupean egunkari berean (Euzkadi, 16-XII-1928) literaturak ageri duen egoeraren, «gramatikismoaren» kritika bat eginez, itzulpenaren premia azpimarratzen du: «Hay que asimilar lo bueno de fuera. No se puede alimentar uno, por decirlo así, del mismo organismo, con perjuicio de él. Consiguientemente, se ha hablado de las traducciones». Orduan ere, azken urteotako beste zenbaitek bezala, itzulpenaren ideia ez zuten oso begi onez ikusten eta Orixe, Lizardi bezala, itzulpen-beharrizanaren alde agertzen da, Zizeronek grekotik latinera bezala, berak ere erdaratik euskarara itzuli nahi duela aitortuz.
1929an, Orixek El Lazarillo de Tormes (Tormes'ko itsu-mutilla) euskaratzen du eta itzulpenari burutzeko erari zegokionez garaiko iritziak laburbilduz Lizardik hiru hitzetan adierazten ditu euskaratze-lanaren ezaugarriak: zehaztasuna, banatasuna eta inpresioa substantiboetan (concisión, división e impresión). Inpresio hitzaz Lizardik eskuarki «itzulpen libre» esamoldeaz adierazi dena izendatu nahi zuen, berak ageriki aitortzen duenez, eta horrela ulertzen da jatorrizkoaren VII. kapitulua osoki berak asmatutako beste batez ordeztea ere, bere kontzientzia moralak halakorik euskaratzea onartzen ez ziolako. Kasu horretan, «ohitura onen» izenean Orixek egindakoa, beste itzultzaile batzuek «gustu ona» edo hizkuntz fineziaren izenean ere egin izan zuten aurreko mendeetan, esamolde arrunt edo zakartzat jotakoak leunduz.
1930ean Lauaxeta adiskideak Mistralen Mireio luzatu zion euskara zezala eskatuz, eta obra hori ere kritikarien laudorio ugarirekin eta jadanik ezaguna dugun itzulpen zentzuzko eta librearen teknika nahasiak erabiliz itzultzen du, horrela ondorengo urteetan gatzatuko zuen Euskaldunak poema burutzeko lehen pausuak eman eta eskema finkatuz.
Urtebete geroago Aita Olabide jesuitak grekozko jatorrizkotik egindako Itun Berria-ren itzulpena argitaratzen du (Verdes Achirica, Bilbo, 1931), batzuen aldeko, besteen kontrako iritzien eta askoren isiltasunaren erdian; nahiz eta Orixek itzultzeko bere erarekin alderatuta, askoz hitzez hitzekoagoa den gasteiztarraren testuaz bikain itzulita dagoela dioen eta ezagutzen dituen itzulpenetatik besterik ez duela hain lotu, zehatz eta indar handikorik ezagutzen, «gramatikismoaren» ikuspegitik kritikatzen dutenengandik babestuz.
P. Iztuetak Orixe eta Bere Garaia V-n (662 or.) laburbiltzen duenez, gerraurreko epealdi honek «euskal literatura gorenaren zatirik funtsezkoenetako bat osatzen du», zeren itzulpenak beharrezkotzat jotzen baitziren «euskara aberasteko, beste hizkuntzen kualitateak ezagutzeko, lumak trebatzeko, etab.»[7].
Gerra-ondoan, 1950ean Urte Guziko Meza-Bezperak obrarekin hasi eta Agustin Gurenaren Aitorkizunak (1956) eta Itun Berria (1967) obrekin jarraituz Orixek bere itzulpengintzaren gailurra ematen du, eta aitortu ere halaxe aitortzen du, Hiponakoaren Confessiones obra euskaratzean. Halere, 1949an itzulitako Gizonaren Eskubidegaien Aitorkizuna izango da 1976an J. Azurmendik Orixeren ikuspegi linguistiko eta traduktologikoaren kritika egiteko eredutzat erabiliko duen testua. Nola esplika daiteke gailurrean egotetik hain urte gutxiren buruan Orixe eta bere itzulpengintza kritikatuak eta auzitan jarriak izatera pasatzea? Orixe 1961eko abuztuaren 9an hil zen eta handik lau urtera agertu zen Orixe Omenaldi (1965) liburuan A. Ibinagabeitiak «Orixe Euskeratzalle» artikulu luzean, noiz edo behin erreparo txikiren bat iradokitzera ausartzen bada ere, orokorrean bere garaikideek Mireio, Urte Guziko Meza-Bezperak eta Agustin Gurenaren Aitorkizunak obren euskaratzaileari zioten miresmenaren lekuko eta aldarrikari gisa ageri zaigu, eta Mitxelenaren hitzak erabiliz, Orixe itzulketarako eredutzat proposatzen du[8].
Hamar urteko epean giroa eta iritziak nola aldatzen diren ikusteko P. Iztuetak «Jesuiten Eskolaren bukaera eta Orixeren beherakada»[9] izenburupean aipatzen dituenak, laburki bederen, kontutan hartu beharrean gaude. Hirurogeigarren urteen hamarkadan hasi eta hurrengoan sendotuz joan zen belaunaldi, gizarte, ideologia eta sentsibilitate oso bat garatzen da Euskal Herrian, gerra inguruan Orixeren mundua taiutu zuten balioak neurri handi batean gainditu eta haiei zegozkien eskemak hautsiko zituena: euskal fededunismoa, klasizismo greko-latinoa, neologismo etimologikoetarako joera. Zaharrago eta gazteagoen arteko tirabira horretan K. Mitxelenaren bitartekaritzak izan zuen eraginik, hizkuntzaren etorkizunari zegokionean batipat, E. Olabide, G. Barandiaran eta beste zenbaiten lanak orekatuki kritikatu eta Txillardegi bezalako balio berriei ateak irekitzean. Tartean sortu ziren gatazken artean, Orixek eta Intxaustik Jakin aldizkarian9 metafisikaz izan zuten eztabaida dago. Baina Orixeren egiazko destronuratzea 1959-1960an hasten dela aitortzen digu P. Iztuetak Mitxelena, Txillardegi, Intxausti bezalako zenbait izenekin; horregatik Orixe Omenaldi (1965) liburuak orexarra berpizteko egiten dituen ahaleginak, idazle-sektore baten oihartzuna jasotzea besterik ez du egiten. Eta horrela, J. Azurmendik Zer dugu Orixen kontra (1976) argitaratzean, belaunaldi gazteak bere iritzi eta sentsibilitatea isladaturik ikusten ditu bertan ideologia, linguistika eta traduktologiari dagokionez ordura arteko eredu ukiezina izan zenaren kritika zorrotza bezain orekatuan.
Orixerekin euskararen baitan, Zizeron erromatarrarekin hasi eta Frantziako «les belles infidèles» aroarekin gorena jotzen duen joera bat, itzulpen «zentzuzko/librea» dei genezakeena muturreraino iritsi eta ixten da, ahalbide eta esperimentu gisa, parez pare eta hizkuntz purismo beraren lurretik ernea zen Olabide eta aranatiarren hitzez hitzeko joerek ere, zerbait lehenago, zakukoak atera eta zeukaten guztia eman zuten bezalaxe.
Euskal Herria eta euskal kulturaren premia berriek (ez dezagun ahaztu ikastolak sendotu eta garatuz zihoazela, eta «Lur», «Gero-Etor» bezalako lehen entseiu-bildumak plazaratzen ari zirela) «euskaldunberri» deituak ugaldu ahala etno-exozentrismoarekiko joera orekatuagoa, europartasun modernoan kokatu beharra, testu erlijioso eta literarioez gainera gero eta testu pragmatiko/faktual gehiago zehaztasunez itzuli beharra (ikasliburugintza eta kazetaritza lehen pausuak ematen ari ziren) eta abar dira itzulpen-joera berri baten, Ljudskanovek «adéquate» deitzen duenaren eragile[10]. Joera hori 70. urteen hamarkadan hasten da intuizioz eta prosagintza berriarekiko konplizitatean garatzen da X. Kintana, J.R. Etxebarria, X. Mendiguren eta abar bezalako itzultzaileen eraginpean eta 80. urteen hamarkadan aurkitzen du bere formulazio teorikoa Martuteneko Itzultzaile-Eskolaren markoan, harrez gero euskararen baitan errotu den joera ia bakarra izaki.
XVIII. mendearen lehen hamarkadetan garatzen hasten den joera berri honek fideltasun handiagorako isuria ageri du; forma eta edukia ahalik eta batasun estuenean ematea helburu duelarik, berorri esker teoria eta praktika ados jarri dira lehen aldiz itzulpenak, jatorrizkoarekin alderatuta, informazio aldaezin edo iraunkorra eman behar duelakoan. Itzulpen «egoki» dei dezakegun horretarako lehen pausuak itzulpen literarioei begira eman zituzten Leconte de Lislek Frantzian eta Schlegel eta Schleiermacherrek Alemanian.
Antzinatean testu zientifiko gutxi itzultzen zen eta ez zezaketen eragin handirik izan testu erlijioso-literarioen baitan; baina XVIII. mendeaz geroztik, eta batez ere XIX.ean, testu zientifikoak itzuli beharra ezinbesteko bihurtu zen Mendebaldeko gizartean. Ondorioz, itzulpen literarioa eta «teknikoa» orekatzen hasten dira. Praxis horretatik sortutako gogoetak itzulpena jatorrizkoaren birsorketa zehatz gisa ikustera eramaten du eta ondorioz itzulgarritasunaren auzia planteatzera: itzulpen absolutua, itzulpen-argazkia ezinezkoa da, baina itzulpen funtzionalak gero eta hurbiltasun handiagoko prozesu gisa bere burua ikustea ahalbidetzen du. Honen ondorioz itzulpen literarioa bera ere beste modu batera ikustera jo da eta alderdi semantiko, estilistiko eta pragmatikoen sintesi orekatu gisa hartzen da gaur egun testu literarioaren itzulpena, batak bestea irentsi edo lausotu gabe.
Aipatu dugun itzulpen-joera hori, ordura arte, «les belles infidèles» itzulpen librearen erresuma izan zen Frantzian eta Diderot eta D'Alembert bezalako idazleen eskutik jaio zen, jatorrizko testuan arrotza denera moldatu edo egokitzeko zaletasunak bultzaturik. Colardeau[11] garaikideak itzultzearen meritua, ahal izanez gero, jatorrizkoa hobetu, edertu, norberetu, kutsu nazionalez hornitu eta landare arrotza nolabait etxekotzean jartzen zuen unean, bi entziklopedista horiek nahiago izan zuten Jaufré Rubel trobadorearen esamoldea berentzat hartu eta itzulpena «urrunekoaren ostatu» (auberge du lointain) bihurtu.
Alemanian joera horren erroak Goethe berarengan aurkitzen ditugu hiru itzulpen-mota aipatu, eta lehen biak eskolastikoa eta parodikoa alde batera utzirik, hirugarrena, integrala, jatorrizkoa eta itzulpena bat egiten dituena nagusitzat jotzean[12]. Baina Schleiermacher da joera horren teorilaririk nabariena eta jadanik klasikoa den eran argudiatzen du, esanez, adiskidea ezezagun batekin toparazteko bi modu desberdin daudela: ezezaguna adiskidearengana ekartzea edo adiskidea ezezagunarengana eramatea, hau da, itzulpengintzari dagokionez, jatorrizkoaren autorea irakurlearenganatzea edo irakurlea jatorrizkoaren autorearenganatzea[13]. Pentsalari alemaniarraren ustez, itzulpenak bitarikoak dira kautoak edo ez-kautoak, autoreak idatzi duena itzultzaileak bere ama-hizkuntzan idatzi izan balu bezala itzultzen duenean benetakotasuna galarazten diola aitortzen du. Schleiermacherrek nolabait erakusten du bere garaiko Alemanian oraindik artean hizkuntza nazionalak ez zeukala bere buruaren baieztapena egina, zeren bere ustez, beste hizkuntzak diferentzian onartzeko ez baitzen gai, eta bere burua garatu ez duen ama-hizkuntzak «partzial» izaten jarraitzen duela aitortzen du, «osagarritzat» frantsesa edo latina erabiltzen jarraitzen duena (gure kasuan jar bitez: gaztelania, frantsesa eta ingelesa). Horrela alemaniar kultur elebitasun horrek trabatu egingo du ama-hizkuntzaren eta itzulpenen loratzea atzerriarekiko, arrotza denarekiko irekitasunik ez, baizik menpetasuna erakusten duelako.
Itzulpen kautoak baditu arriskuak, baina horiei aurre egiteak esan nahi du kulturak baduela konfidantza bere buruan. «Hori arte eta neurriarekin burutzea, nork bere buru eta hizkuntzari kalterik egin gabe, hori da agian gure itzultzaileak gainditu beharreko zailtasunik handiena»[14], zeren arrotza den hori ama-hizkuntzan aurkezteak arriskuan jartzen baitu hizkuntzaren etxeko ongizatea (das heimische Wohlbefinden der Sprache), Herderrek «birjintasuna» deitzen zuen hura bera.
Hizkuntzaren garbitasunaren alde kexuka ari direnei, pentsalari alemaniarrak ama-hizkuntza mito bat dela esaten die, ez dagoela horrelako garapen isolaturik eta hizkuntzen artean askatasunezko harremanekin ordeztu beharreko menpetasunak daudela. Zehatzago esateko, birjintasuna gorde nahi duen alemaniera jadanik frantsesak kutsatu eta menperaturiko alemaniera dela, eta hain zuzen ere, itzulpenak egin diren tokian menperakuntza gutxiago dagoela.
Halere, supituki eta era zakarrean egoera batetik bestera igarotzearen arriskuez jabeturik dago Schleiermacher, eta horregatik aipatzen du hizkuntza batekoa edo bestekoa izatea aukeratu beharra, «atsedenik gabe bitarte higuingarri batean flotatu nahi ez bada».
Ingalaterran, F.W. Newman, Carlyle eta W. Morris, Iliada eta Eneida-ren ingeleseratzailea aipatu behar dira joera honetako itzultzaile gailenen artean.
Errusian Tretjakovski, Karamasin, Gogol, Belinskij, Dobroljubov, Txernisevskij, Turgenev eta abar izan dira joera berekoak baina Puxkinenganaino atzeratu behar da erroak aurkitzeko. S. Gontxarenko, poeta eta traduktologo errusiarrak dioenez, azken herrialde horretan ere, «dena besarkatzeko moduko itzulpen teoria bat sortzeko gure garai honi dagokionez, iraganeko lan trinkoenek ere zituzten kontraesan guztiez gabetua, denbora luzea eta ahalegin sortzaile ugari behar izan da. Arazoak konpontzeko orduak sobietarren aroan soilik jo du, duen garrantziarengatik gobernua bera itzulpen literarioaz arduratu denean»[15].
Praxia eta teoriaren oreka bila
Euskal Itzulpenaren behar bezalako historia bat ontzeko oraindik materialak garraiatzen bakarrik hasi bagara ere, nik uste huts egiteko beldur handirik gabe esan litekeela jadanik joan den 80. urteen hamarkadan euskal itzulpengintzak bi eguneratze-ahalegin egin zituela: alde batetik, esan dugunez ordurako aurreko hamarkadatik hasita zegoen eta Europako zenbait herrialdetan XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendean zehar burutu zuten itzulpen «egoki» edo «integralarekiko» topaketarena eta, bestetik, Bigarren Mundu-Gerratearen ondoren, europar herrialde horietan berorietan egin zen praxia eta teoriaren uztartzearena, itzulpena eta interpretaritza gizartearen eskarira zuzenduz.
Lehen eguneratzea, Duvoisinena bezalako zenbait hurbilpen gorabehera, ia bi mende beranduago burutu badugu ere, bigarrenean bizkorrago ibili gara kontutan baldin badugu 1947an egin zuela E.A. Nidak abiaburu linguistikoen ikuspuntutik itzulpena tratatzeko bere ahalegina[16], Casagrande-Voegelin hizkuntzalari bikoteak 1954ean proposatu zituztela itzulpen-korrespondentziak askozaz sistematikokiago aztertzeko metodo garrantzizkoak eta azkenik, jadanik klasiko bihurtu diren Fedorov[17] eta Vinay-Darbelneten[18] lanek 50. urteen hamarkadan ikusi zutela argia.
Euskal Herriari dagokionez, 1976an antolatu zen itzulpenari buruzko lehen ikastaldia Arrasateko Lanbide Eskolan, CIM-AHIZKE hizkuntz irakaskuntzarako zentruaren babespean, eta Martuteneko Itzultzaile-Eskolak bere ateak 1980an ireki arteko epean, beste lau antolatu ziren UEUren barruan, Ustaritz, Iruñea, Santutxu eta Arantzazun, azken hori Eliza Ebanjelikoaren ekimenez Biblia euskaratzeko taldearen prestakuntzarako Tubingako Unibertsitateko Hans Peter Rüger Doktorearen zuzendaritzapean. Laugarren ikastaldia berriz ere Iruñean eta UEUren egitarauaren barruan antolatu zen, UZEI eta ateak irekitzeko zorian zegoen Itzultzaile-Eskolarekiko harremanetan; jardunaldi praktiko haietan testuak itzuli, konparatu eta kritikatzeaz gainera, itzulpen-munduari eta euskal itzultzaileen antolaketa profesionalari buruzko informazio orokorra eskaini zen.
Euskaltzaindiak, Joan San Martin bere jagon-sailburuaren bitartez, 1979. urtearen azken aldera Xabier Mendigureni eskatu zion Itzultzaile-Eskola bat sortzeko aurretxosten bat presta zezala eta hark hurrengo urteko maiatzaren 28an ezarri zuen euskaltzainen eskuetan «Itzulpenaren Mundua eta Euskal Itzultzaileen Oinarrizko Prestakuntzarako Eskola»[19] dossier-aurreproiektua. Handik gutxira Euskaltzaindiak Eskola sortzea erabaki zuen eta finantzabidea segurtatu ondoren, 1980an ireki zituen bere ateak Itzultzaile-Eskolak Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak Arbideko Dorreetan utzitako geletan. 30 pertsonaz osaturiko lehen ikasle taldeak bi urteko ikasketak burutu zituen eta honako gaiak izan zituen ikasprograman: euskara eta euskal literatura, gaztelania eta erdal literatura, linguistika orokorra eta estilistika, itzulpen teoria eta praktika, euskal itzulpenaren historia eta testuen konparaketarako metodologia.
Itzultzaile-Eskolak hurrengo bi promozioei hiruna urteko ikastaldiak eman zizkien eta sorreratik hamar urtera bitartean zenbait estuasun eta eragozpen bizi izan ondoren, bere ateak ixtean, ikasturte eta ikastaldien bitartez bostehunen bat ikasleri itzulpenerako prestakuntza-motaren bat emana zien. Eskolaren jardunez, zenbait ikasliburu eta SENEZ aldizkaria sortuta zeuzkan itzulpenaren teoria eta praktika jendartean barreiatzeko, eta EIZIE, Euskal Herriko Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartea, eraiki eta lehen antolaketazko urratsak ere ematen hasita zegoen. Bestalde, zeharka bederen Eusko Jaurlaritzak Gasteizen IVAP-HAEEren eskutik, administrazio-itzulpenerako sortutako eskolaren baitan ere izan zuen eraginik eta 90. urteen hamarkadarekin batera, Deustuko Unibertsitatean lehenik eta Euskal Herrikoan ondoren, itzulpen-masterrak bideratzekoan ere eragin nabaria izan zuen. Une honetan ere, Gasteizko campusa itzulpen eta interpretaritzako lizentziatura prestatzen ari delarik, EIZIEk etorkizuneko karrera horretan eskuhartze eraginkorra du behialako Martuteneko Eskolako kide izan ziren irakasle eta ikasleen bitartez.
Baina 80. urteen hamarkadan itzulpengintzari dagokionean emandako pausuak aipatzean, Itzultzaile-Eskola erreferentzia nagusi eta ezinbestekoa bada ere, Autonomi Estatutuaren ondorioz komunikabideek, irakaskuntzak eta administrazioak sortutako dinamikak itzulpen-eskari eskergak eragin zituzten eta beti ez da lortu erantzuteko behar adinako oinegiturarik, eta areago, ez dugu uste Administrazioa eta Unibertsitatearen aldetik behar adinako eta bezalako jaramonik egin izan zaionik gai horri. Horregatik, pixkanaka erakundeek eta gizarteak, oro har, beka, sari eta «Literatura Unibertsala» edo «Pentsamenduaren Klasikoak»[20] bezalako proiektuen bitartez itzulpenari abegi egin badiote eta aldizkari eta komunikabideetan itzulpenari buruzko artikulu eta albiste gehiago agertu badira ere, eta interpretaritza batzuetan tresna baliagarri gisa eta beste batzuetan era enblematiko hutsean gero eta gehiago erabili izan bada ere, itzultzaile eta interpretari berriak prestatu eta zaharrak birgaitzeari dagokionean uzkur agertu dira hezkuntza-arduradunak, hutsune horren ondorioak nabarmen daudelarik. Gehiago, esan liteke, itzulpengintzak ezinbestekoak duen lexikologia eta gramatikazko oinegitura bera ere ez dela behar adina bultzatu eta euskara batzeari dagokionez pausu nabarmenak eman badira ere azken hogeita bost urteotan, oraindik gramatika eta hiztegi arauemaile osaturik gabe aurkitzen dira itzultzaile eta idazleak euskara beraren baitan, eta are gabeago erdal hizkuntzetarako zubi diren hiztegi eta gramatika elebidunen alorrean. Bestalde, filologiatik linguistika eta soziolinguistikarako pausu nabariak eman badira ere, oraindik diskurtsoaren analisia, pragmatika, testologia eta literatur estilistikari berari ere dagokionez informazio urri samarrarekin gabiltza gure artean eta gabezia horiek nabarmendu egiten dira itzultzaileon praxian.
Itzulpena eta euskararen arteko harremanak
Orain arte aipatutako gehiena zifra eta gertakari handien inguruan ibili da: historia, kopuruak, joera nagusiak eta itzulpengintzarekin zuzenean eta estuki loturiko gertakari eta urrats nagusien berri eman dugu, nolabaiteko balioespenak eginez. Hori beharrezkoa zen nondik gatozen eta non aurkitzen garen jakiteko, baina gure jardunaldiei dagokienez, hori guztia bezain garrantzizkoa eta seguraski munta handiagokoa ere bada, azken urteotako itzulpengintzak, euskararen baitan, prosagintzan izan duen eragina azaletik bederen aztertzea. Zuhaitzak hurbilegi dauzkagu oihanaz ongi hitz egiteko eta esatera noanak behin-behineko zuin-balioa besterik ez luke izan nahi; baliteke arestiko urak baretu eta jalkinak patxadatzean gauzek itxura zertxobait bestelakotzea, halere azterketa moduren bat egitera ausartu beharra dagoelakoan nago.
Orixe buru zuen gerra-aurreko eta osteko belaunaldiaren euskararen eredua, hain zuzen J. Azurmendik eta P. Iztuetak jadanik aipaturiko beren liburuetan gatazka-giroan deskribatu eta aztertzen dutena, 50. urteen hamarkadaren azkenetatik hasi eta auzitan jarria zegoen Krutwig, Aresti, Txillardegi, Mirande, Kintana eta abar bezalako «euskaldun berri» andana luze baten eraginpean eta Euzko Gogoa, Egan, Jakin, Anaitasuna, Zeruko Argia eta beste zenbait aldizkariren inguruan errelebua prestatzen hasita zegoen, Mitxelenaren begirada eragile-moderatzailearen pean. 70. urteen hamarkadaren hasieran beren tituluak ugaltzen hasiak ziren Lur, Kriselu, Etor/Gero bezalako editorialak gai berriei buruzko itzulpen eta saiaketak argitaratzeari ekin zioten. Titulu batzuk zuzenean itzuliak ziren, moldaketaren batzuk gorabehera, eta jatorrizkotzat ematen ziren saiakera asko eta asko ere material itzuliz moldatuak ziren. Batez ere gaztelania, frantses, ingeles eta alemanez idatzitako testu filosofiko, soziologiko eta teknikoak euskaratzeak ardatz sintagmatikoan ordura arte ez bezalako baliabideak erabiltzera bultzatzen zuen: perpaus luzeagoak, subordinazio ugariagoa, erlatibo atze-ezarria etab.; zenbait idazlek proposatzen zuten Leizarraga eta Axularren ereduak ordura arte zorrotz ezarrita zegoen S. Altuberen eredu sintaktikoa gainditzeko bideak urratzen zituen purismoaren hesi estuak gaindituz, nahiz eta lehen urteetan esperimentazioak pixkanaka eta dosifikaturik egin. Zentzu horretan, I. Sarasolak egindako Voltairen Kandido (1972, Donostia) obraren itzulpena, adibidez, gogoangarria da, besteak beste, bere ekarpen sintaktiko ausartarengatik. Oraindik alde nabariak bazeuden ere idazle eta argitaletxeen artean, Lur, Kriselu eta zenbait «euskaldun berrik» urratutako bidea pixkanaka usariozko moldeak hausten hasi zen. Bestalde, euskal prentsak ere hizkuntza periodistiko eta informatiboari zegokionez tradiziorik ez izatean, esposizio eta deskribapenerako balioko zuen hizkuntza funtzional eta standard bat lantzen hasi behar izan zuen. Horrek ere joskeran eta hiztegian bide berriak urratzera bultzatzen zuen.
Ardatz paradigmatikoari dagokionez, gauza bera esan behar da, zeren aranatiarren purismo lexikala Neurriztia-n (1972, Gasteiz) osoki edo Larrakoetxearenak bezalako itzulpenetan tarteka agertzen bazen ere, azken urteetan Orixeren gidaritzapean nagusitu zen hizperrigintza «jatorragoak» agintzen zuen bere ondorio murriztaile guztiekin, eta inor gutxi ausartzen zen bide hartatik aldentzera, nahiz eta bertan sarritan aski deseroso sentitu. Horrela ulertu behar da J. Intxausti, Mitxelena, Orixe eta Txilardegiren artean batipat sortu zen idatzizko gatazka, ondorioz tradizioaren haustura ekarri zuena[21], eta J. Azurmendiren oihua: «Euskarazko idazkintza guzia literatura ederragandiko dependentzia oso bat sofritzen dago», eta akiakularik gabe urratu behar izan ziren Orixeren ereduak zituen hesiak irakaskuntzako ikasliburuak, saiakerak eta kazetaritzako testuak euskaratzean, maileguak eta kalkoak erruz onartuz, eta ondare greko-latinoa inolako zalantzarik gabe gureganatuz.
Oro har, esan daiteke itzulpegintzak sintaxia malgutu, luzera handiagoko egiturak antolatu, hipotaxia edo subordinazioa, lehen parataxia edo koordinazioa nagusi ziren tokian berrezarri eta, ondorioz, prosagintzan orekatukiago erabiltzen lagundu duela, juntagailuen erabilera ere ugalduz. Hiztegiari bagagozkio berriz, hitz batean, ugaritu, zehaztu eta inguruko erdal hiztegiarekiko homologatu egin du, zentzu bietako itzulpena erraztu eta erosotuz. Ildo honetatik UZEI, Elhuyar, ikasliburugintzak azken bi hamarkadetan burutu duten lanak, eta, bestetik, berriki literatura unibertsala eta pentsamenduaren obra klasikoak euskaratzeak, euskal lexikoan hogeita bost urteotan burutu den oinarrizko finkatze-lanari amaiera emango diote, hasi berria den entziklopediagintzarekin batera. Beste era batera esateko, itzulpengintzak nabarmen aldatu du usariozko euskal lexikoak ageri zuen paisaia kantitatez eta kalitatez: kopurua nabarmen ugalduz eta inguruko erdaretako altxor arruntean eta mintzaira kultuan ohizkoak diren hitzak mailegu eta kalko erara euskararen baitan txertatuz, ondorioz, euskal hizperrigintzaren hedabideak errotu eta finkatuz.
Baina itzulpenaren ekarpen hori ez da sintaxi edo lexiko soilera mugatzen, prosa-mota berri batera materialak garraiatu ere egin ditu, bai literatura eta bai prosa zientifiko-teknikoa euskaratzean, itzulika, esamolde eta klitxe berriak ezezik erritmo berri bat sortaraziz. Egia da, zenbaiti gordinegi zaizkiola eta batek baino gehiagok Orixek meza-liburuaren atarikoan aipatzen zituen eta euskarak behar omen dituen «operazioak» astiroago egitea opa izango zukeen, baina ez dago aukeratzerik: errealitateak bere indarraz ezartzen dizkigu eginbeharrak eta ordutegiak. Harako Prokrustes lapur mitologikoaren harrapakinek bezala moderniaren eskakizun-ohera moldatu beharrez, batzuetan badaezpadako aberastasunak uztera eta bestetan, bortxaz tiraka geure lohadarrak oinazetan luzatzera derrigorturik aurkitu izan gara, hitzak behar adina umotu eta gozatzeko behar besteko astirik gabe. Zenbaitek sedukzioaren lilurapean aldaketak egin nahiko zituzkeenean, bortxazko egintza zakarrez ernaldutako askazi borta onartzera beharturik aurkitu bide da. Erronka handiei, gehiegi prestatu gabe eta epe laburrean erantzun eta aurre egin beharrean izan gara eta ez da harritzekoa Herkulesen lanen parekotzat jo zitezkeen horiek burutzean intziriak entzutea, ontzia ontziolatik bidaiarako itsasoratzean txirriken kirrinkak eta zurajearen grakadak entzuten direnez.
Azkenik eta laburpen gisara, J.M. Zabaletak[22] Martuteneko Itzultzaile Eskolaren 10 urteak betetzean egindako gogoeten ildotik, euskal itzultzailea oraindik «normaldu» gabeko hizkuntza batekin ari dela lanean gogora ekarri beharra dago, eta neurri handi batean berari dagokiola egiteko hori burutzea, ez zientzia eta administrazioan bakarrik, baita komunikabideetan ere. Egiteko horretan terminologoek eskuratzen dioten laguntza eskertzekoa eta ezinbestekoa bada ere, azken erabakia berak hartu behar izaten du mezu bakoitzaren helburu komunikatiboaren arabera.
Bestalde, euskal itzultzailea etengabe hizkuntz interferentziak sortarazten dituen populazio elebidun baten artean bizi da eta horrela, itzulpena sarritan interferentzia eta kutsadura izaten da, nahiz eta paradoxaz itzulpenari, oraindik erabat galdu ez duen zeregin enblematiko horren izenean, purista eta aldi berean komunikakorra, garbia eta ulergarria izatea eskatzen zaion. Gainera euskal itzultzaileak gaztelaniatik itzultzen du nagusiki, ia bigarren ama-hizkuntza duen batetik, eta hori zenbait teorikok aditzera eman duenez, ez da izaten oso mesedegarri itzulpenerako, zeren hizkuntza eta kulturazko hurbiltasun eta ezaguera-maila nabari horrek itzulpen-prozesua behar adina aztertu gabe jardutera bultzatzen baitu sarritan.
Azkenik —last but not least—, esan dezagun euskararen itzulpen-merkatua oraindik urrun samar aurkitzen dela merkatu «normaletik», edo inguruko hizkuntza garatuenetik: horietan itzulpen komertzial-industrial-zientifiko-teknikoak ia %80a hartzen du; itzulpen juridikoa %10 ingurukoa da eta prentsa, audiobisual, literatura, irakaskuntza eta abar batean harturik beste %10a osatzen da[23]. Gure artean itzulpen komertzial eta tekniko-zientifikoa hutsaren hurrengoa da eta administrazio- eta komunikabide-itzulpenak hipertrofia nabaria du beste sailekiko, nahiz eta urtez urteko liburugintzaren berri-ematean haur eta gazteen literatura (%62,2) eta irakaskuntzako liburua (%33,5) izan helduen literatura baino zerbait aurrerago (%37,4) kopuru hazienak ematen dituztenak[24].
Euskal Itzulpegintzaren etorkizunari begira
Etorkizuneko euskal itzulpengintza bi zutabe sendoren gainean landatu behar da: prestakuntza akademiko egokiaren eta lanbide-estatus ongi finkatuaren gainean. Baterako zein besterako, bai gaurko errealitatearen ezaguera eta bai etorkizun hurbil eta ertainaren prognosia, beharrezko zaizkigu. Bestela esateko, gure merkatuaren bilakaeraren berri jakitea beharrezko dugu Europako ekonomi esparruaren barruan, iparraldea eta hegoaldea gero eta plan bateratuagoetara ekarriz eta euskara beste hizkuntzekiko kontzertuan sartuz. Halaber, jakin beharra daukagu euskara benetako lokarritzat eta zer neurritan erabiliko dugun iparraldea eta hegoaldearen arteko harremanetan ere.
Itzulpen-ikasketei dagokienez ez da derrigorrezkoa Unibertsitatean kokatzea ongi funtzionatzeko —Brussela eta Monseko Eskolen kasuak hor daude lekuko gisa—, baina gure egoeran nekez aurki liteke kokagune egokiagorik ikasketa horiek behar duten trataerarako; halere, tentazio «filologizista» eta «linguistizista» guztietatik ihes egin, disziplinartekotasun orekatua lortu eta dinamismo etengabean aldatuz doan merkatuarekiko loturari eusten bazaio bakarrik izango dute itzulpen-ikasketek behar duten maila eta malgutasuna. Dagoeneko Gasteizko campusean egina dute lau urteko karreraren diseinua eta berori abiarazteko finantzabide eta irakaslego egokia lortzen bada, epe laburrean itzulpen eta interpretaritza-karrera amets izatetik egia izatera pasatuko da.
Lanbide-estatusari dagokionez, Estatu espainoleko APETI, EIZIE, ATG eta AICE elkarteen artean burutu eta jadanik zirriborroa prentsari aurkeztu ere egin zaio Madrilen; etorkizun hurbilean Parlamentuan aurkeztu beharko da itzultzaile eta interpretari-lanbideak betebeharrak ezezik eskubideak ere izan ditzan eta bere jardun-esparrua ongi zedarritu eta babesturik eduki dezan. Erreferentzia eta marko juridiko horiek gabe, gure lanbideak nekez izan lezake batasunik jadanik lanean ari direnen eta aurrerantzean titulu akademikoekin Unibertsitatetik aterako direnen artean, ezta intrusismoari kontra egiteko tresnarik ere.
Baina «itzulpenaren kultura» deitzera ausartzen naizenak hori baino hedabide sakon eta zabalagoak behar ditu gure gizarteko premiei aurre egiteko. Hiruzpalau hizkuntzarekiko harremanean bizi behar duen gurea bezalako gizarteak sinetsirik egon behar du, «bertan goxoka» ari diren badaezpadako lamien kontra, Schopenhauerrek duela mende bat esaten zuenez, «poliglotismoa, dituen berehalako abantailez gain, gogamena lantzeko bitartekoa dela gure pertzepzioak zuzenduz eta hobetuz sortzen diren kontzeptuen aniztasun eta errefinamenduarengatik. Aldi berean, poliglotismoak gehitu egiten duela pentsamenduaren malgutasuna zeren, hizkuntza asko ikastean, kontzeptua gero eta gehiago banatzen baita hitzetik»[25]. Hori dena hizkuntz anomia batean erori gabe, eta horretarako hizkuntz ikaskuntzazko planak ongi diseinatu, koordinatu eta bitartekoz hornitu beharko ditugu eta horretan «kultura traduktologikoak» zer esan handia du hasi Eskolaurretik, OHO, BBB eta UBIn zehar Unibertsitateraino. Gure gizarteak itzulpengintzak eta interpretaritzak eskaintzen dizkioten ahaltasun bikainez jabetu beharra dauka bere nortasuna zehaztu eta sendotzeko, nola hartzeko hala emateko, eta horretan gure idazle eta sortzaileek ere itzulpenaren erronka unibertsaltasun-faktore batek bere sormenari ezartzen dion desafio bezala ikusi beharra dauka. Izan ere, norbaitek ongi esan duenez obra ez da osatzen itzuli arte.
Eta orain arteko gogoeta aski luzeari amaiera emateko bi maisuren hitzak: «Arrotza dena beste hizkuntzetatik geurera aldatzeak bestela hautemango ez genituzkeen emozio eta kontzeptuak arakatu eta formulatzeko aukera ematen digu; eta itzulpengintzak etengabe hedatzen ditu gure hizkuntzaren muga linguistikoak. Itzulpenak hizkuntza hartzaileko hizperrigintza sustatu eta bertako egitura gramatikal eta semantikoei eragin egiten die. Zentzu horretan, itzulpenak hizkuntzaren indar biziberritzaile gisa dihardu. Hitz batean esateko, itzulpenari hizkuntza eta kontzeptuzko aberaste bezala begiratu behar zaio»[26].
Mario Wandruszkak, bere aldetik, «Interlinguistik» hitza proposatzen du hizkuntzaniztasunaren linguistikarako, eta zera dio: «Itzulpena gaur egun linguistikaren objektu bihurtu da eta ez dago linguistikarik itzulpenik gabe.» Giza hizkuntza ikertzeak hizkuntza batzuk beste batzuekin konparatzea esan nahi du, baina itzulpenaren bitartez konparagarri bihurtutakoa bakarrik konpara dezakegu. Itzulpena da linguistika ororen oinarria. Baina ez da onartu izan bere oinarrizko problematzat. Hizkuntzalari askok gutxietsirik, jarduera «azientifikotzat», artisautzat, artetzat jotzen dute»[27].
Azkenik, Goethe, Schillerren iritzian «gizonik komunikakorrena zenaren eta «Weltliteratur» (mundu-literatura) kontzeptua sortu zuenaren gogoeta pare bat: «Mundu-literaturaren sorrera mundu-merkatuaren sorrerarekin batera gertatzen da: ondasun izpiritualen trukea da, herrien arteko ideia-trukea, mundu-merkatu literarioa, non nazioek beren altxor izpiritualak trukatzen dituzten». Eta hitzez hitz zioen: «Literatura nazionalak ez du jadanik gehiegi esan nahi, mundu-literaturaren orduak jo du, eta bakoitzak aro horren etorrera agurotzen ahalegindu behar du» (Eckermannekiko elkarrizketa, 1827ko urtarrilak 31). Itzulpena nazio-literaturaren partetzat jotzen zuen Goethek literatura garaikide guztien bizikidetza edo elkarbizitza aktibo bezala ulertzen zuen mundu-literatura: «Mundu-literatura garaikideak, zeinahi nazionalitatetakoak direla ere, elkarrekin topo egin, kidetu eta batera diharduteneko gune izpirituala da»[28]. Orain bi mendeko Alemanian Goethe honela mintzo bazen, zenbat arrazoi gehiago ez ote dugu guk hitz horiek berak errepikatzeko planeta osoa herrixka bihurtu eta 2000. urtearen atarian gaudenok. Euskal itzulpengintzak mundu-merkatu eta mundu-literatur horretan bere txokoa bilatzen lagundu behar dio Euskal Herriari, bai berak daukana inori emateko, eta bai besteek eskainia hartzeko. Tratu ezin ederrago horretan zubigile izatea dagokigu itzultzaileoi. Gure belaunaldi honi egokitu zaio euskal itzulpengintza, eta euskal kultura bera ere bai neurri handi batean, «tributik» «polisera» eraman eta moldatzea eta inguruneko hizkuntza garatuekin berdinez berdineko elkarrizketan hastea, tradizioa eta modernitatea, etnozentrismoa eta exozentrismoaren arteko tirandurak zenbaitetan geure identitatea zalantzan jartzerainokoak badira ere.
Oharrak
1. SARASOLA, Ibon, I. (1975): Euskal Literatura Numerotan, Kriselu, Donostia.
2. TORREALDAI, J. M. (1992): «1991eko Euskal Liburugintza» in JAKIN, nº 73, azaroa-abendua, Donostia, 91-101 or.
3. AZKUE, R. M. (1905): Diccionario Vasco-Español-Francés, Bilbao, 122 or.
4. RIEV, Nº XX. (1929), 6-9 or. Lizardik honela itzuli zuen izenburua: «Euskaldun zutiñak eta mantxar (Mancha'tar) bulardetsuak alkarrekin egindako burruka arrigarria amaitu eta azkentzea». (LIZARDI, Xabier, Kazetari-Lanak, op. cit. 241 or.)
5. EUZKADI, 20-VII-1928, 120-121 or.
6. EUZKADI, 7-VIII-1928, 125 or.
7. IZTUETA, P. (1991): Orixe eta Bere Garaia-V, Etor, Donostia, 662 or.
8. IBINAGABEITIA, A. (1965): «Orixe Euskeratzalle» in Orixe Omenaldi, Donostia, 87 or eta hh.
9. IZTUETA, P. op. cit., 991-1020 or.
10. LJUDSKANOV, A. (1969): Traduction humaine et traduction mécanique (1er fascicule), Centre de Linguistique Quantitative de la Faculté des Sciences de l'Université de Paris, Dunod.
11. In VAN DER MEERSCHEN, «Traduction française, problèmes de fidélité et de qualité», Lectures 4-5, Dedalo libri, 68 or.
12. Aip. in STÖRIG, H. J. (1969): Das Problem des Übersetzens, Wissenschaftliche Buchgesellschaft, Darmstadt, 34 or.
13. In STÖRIG, op. cit., 47 or.
14. «...dieses Kunst und Mass zu thun, ohne eigenen Nachtheil der Sprache, dies ist vielleicht die grösste Schwierigkeit die unser Uebersezers zu überwinden hat». Aip. in STÖRIG, op. cit., 55 or.
15. GONCARENKO, S. F. (1978): Ispanskaja poezija v russkich perevodach, Moskva, 953 or.
16. NIDA, E. A. (1947): Bible Translating, New York.
17. FEDOROV, A. V. (1953): Vvedenie v teoriju perevoda, Moskva.
18. VINAY, J-P/DARBELNET, J. (1958): Stylistique comparée du français et de l'anglais. Méthode de traduction. Didier, Paris.
19. MENDIGUREN, X. (1981): «Itzulpenaren mundua eta Euskal Itzultzailearen Oinarrizko Prestakuntzarako Eskola-Dossier-Aurreprojektua» in EUSKERA, XXVI (2. aldia), Bilbo.
20. «Literatura Unibertsala» EIZIEk Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin sinaturiko hitzarmenez eta urtero hornitzen den aurrekontu batez ehun izenburu osatu arte mundu-literaturako obra-sail bat euskaratzeko proiektua da. «Pentsamenduaren Klasikoak» BBV, BBK, Gipuzkoa Kutxa, Vital Kutxa eta Euskal Herriko eta Deustuko Unibertsitateek sorturiko lukro-asmorik gabeko sozietate anonimoa da garai guztietako 100 pentsamendu-obra nagusienak jatorrizko hizkuntzetatik 10 bat urteko epean euskaratzeko.
21. Hausturaren nondik-norakoa jarraitzeko ikus: TORREALDAY, J. M. (1977): Euskal Idazleak Gaur, Donostia, 390 or.
22. ZABALETA, J. M. (1989): «Euskal itzulpenaren berezitasunak (Zenbait gogoeta)» in SENEZ , 5º urtea, Nº 1-2, Donostia.
23. MENDIGUREN, X. (1988): «Etorkizuneko itzulpen-lizentziatura: zenbait ohar kritiko» in SENEZ, Nº 1-2, Donostia, 199-200 or.
24. TORREALDAI, op. cit., 97-98 or.
25. Atal hori § 309 bezala agertzen da «Ueber Sprache und Worte» (Hizkuntza eta hitzez) XXV kapituluan, Parerga und Paralipomena obran. SCHOPENHAUER, A. (1891): Sämmtliche Werke, herausgegeben von Julius Frauenstädt, 2. Aufl., Bd. 6, Leipzig (Brockhaus) 1891, 601-607 or.
26. SCHULTE, R./BIGUENET, J. eds. (1992): Theories of Translation. An Anthology of Essays from Dryden to Derrida, The University of Chicago Press, Chicago, 9 or.
27. WANDRUSZKA, M. (1971): Interlinguistik: Umrisse einer neuen Sprachwissenschaft, R. Piper & Co., München. (Hortensia Viñes itzul. eta mold. (1980): Interlingüística. Esbozo para una nueva ciencia del lenguaje, Gredos, Madrid)
28. STRICH, F. (1946): Goethe und Weltliteratur, Fracke Verlag, Berne, 17-56 or.