Ikusizko itzulpena euskara > gaztelania norabidean hiru arlotan: konferentzietan, erakundeetan eta justizian
Claudia María Torralba Rubinos

Artikulu honek euskara > gaztelania norabideko ikusizko itzulpena izango du aztergai. Dena den, ez da exhaustiboa; etorkizunean ikerketa sakonagoak egiteko lehen pausoa baino ez da. Adituek diotenaren arabera, ikusizko itzulpena askoz gutxiago egiten da beste hizkuntza-konbinaketa batzuetan. Hala ere, euskal interpretazioan presente dagoen jarduera bat den aldetik, euskara > gaztelania norabideko ikusizko itzulpena deskribatzea da gure helburu nagusia, hamalau interpreteri egindako elkarrizketen bitartez. Horrez gain, interpreteen pertzepzioetan oinarrituz, euskal interpreteen formakuntzan ikusizko itzulpena espezifikoki landu beharreko zerbait den ala ez zehazten saiatuko gara, eta baita ikusizko itzulpenaren presentzia azalduko lukeen hipotesi bat plazaratzen ere.

Sarrera

Interpretazio-zerbitzuak gero eta ezinbestekoagoak dira egungo munduan, globalizazioak eta nazioarteko harremanek berekin ekarri baitute hizkuntza ezberdinetako hiztunek elkar ulertu beharra. Komunikazio-behar horiek asetzea da, hain zuzen, interpreteen lanaren helburua. Interpreteak zubi-lana egiten du, ez bakarrik hizkuntza ezberdinak darabiltzaten hizlarien artean, baita kultura eta are mundua ulertzeko modu ezberdinen artean ere. Horregatik, oso lanbide berezi eta espezifikoa da interpreteena. Hizkuntzak jakiteaz gain, interpretazioko teknikak ere menderatu behar dituzte, eta hala ere ez da nahikoa: ezinbestekoa da ahalik eta gai gehienen inguruko jakintzak izatea, kultura ezberdinak eta haien berezitasunak ezagutzea eta etengabeko eguneratze-prozesu batean murgildurik egotea.

Dena den, ez dugu munduaren beste puntara joan beharrik interpretazio-zerbitzuak aztertzeko, etxean ere baditugulako. Auzmendik eta Tapiak (1990) duela 28 urte adierazi zuten interpreteen lanbidea nahiko ezezaguna zela euskal herritar arruntarentzat. Ia hiru hamarkada geroago, errealitateak erakusten du oraindik ere interpreteen lana ez dagoela beharko lukeen bezain integratua gizartean. Integrazio eta ikusgaitasun falta hori izan daiteke euskal interpreteek oraindik ere izaten dituzten arazo askoren kausa.

Lan honen gaia ikusizko itzulpena da; zehazki, euskaratik gaztelaniarako ikusizko itzulpena. Izan ere, gure errealitateari oso loturik dagoen interpretazio-modalitate bat da, testuinguru jakin batzuetako interpreteek sarritan egin behar izaten dutena. Zenbait adituk diotenaren arabera, badirudi ikusizko itzulpena beste hizkuntza-konbinaketa batzuetan ez dela hain arrunta (Arroyo eta Sevilla, 1993; Trovato, 2012) eta, beraz, pentsa liteke gure egoera soziolinguistikoak baduela eraginik horretan. Horrenbestez, ikusizko itzulpenak euskal interprete batzuen eguneroko lanean duen presentzia azalduko lukeen hipotesi bat planteatzen saiatuko gara.

Honako hau izango da gure lanaren egitura: hasteko, ikusizko itzulpenaren definizio bateratu bat ematen saiatuko gara, adituak ados jartzen ez badira ere. Ondoren, ikusizko itzulpenaren bi funtzioak aztertuko ditugu, laburki: alde batetik, funtzio komunikatiboa, eta, bestetik, funtzio instrumental edo pedagogikoa.

Behin marko teoriko orokorra ezarrita, euskararen eta gaztelaniaren arteko ikusizko itzulpena lantzeari ekingo diogu, horretarako hizkuntza-konbinaketa horrek dituen ezaugarri propioak deskribatuz. Jarraian, aurretik aipatutako bi funtzioak gurera ekarri, eta euskal interpreteen errealitatearen azterketa orokor bat egingo dugu; zehazki, hiru arlotan: konferentzietan, erakundeetan eta justizian. Hamalau interpreteri egindako elkarrizketak baliatuko ditugu horretarako. Azkenik, gure ikerketa-lanetik ateratako ondorioak aurkeztuko ditugu.

Azterketa horren bitartez euskal interpretazioak egun bizi duen errealitatearen zenbait zertzelada ematea da gure helburua. Hala ere, argi utzi beharrekoa da lan hau ez dela inolaz ere exhaustiboa eta ikerketa sakonagoa beharko litzatekeela egungo errealitatearen irudi fidel eta oso bat erakusteko.

Aipatutako deskribapen huts horrez gain, ikusizko itzulpenaren teknika irakasteak euskal interpreteen formakuntzan duen garrantzia zehazten ere saiatuko gara. Modu horretan lortuko dugu ikusizko itzulpenak dituen bi funtzioak –funtzio komunikatiboa eta instrumentala– uztartzea. Horrenbestez, honako eginkizun hauek aurreikusten ditugu: egun lanean dauden interpreteek euskaratik gaztelaniara egin beharreko ikusizko itzulpenaren errealitatearen deskribapena, ikusizko itzulpena gure interpreteen formakuntzan espezifikoki landu beharrekoa den ala ez zehaztea, eta ikusizko itzulpenaren presentzia azalduko lukeen hipotesi bat formulatzea, betiere interpreteen erantzunetan oinarrituz.

Marko teorikoa: testuingurua

Aditu batzuek salatu dute ikusizko itzulpena beste arlo batzuk baino gutxiago ikertu dela (Trovato, 2012). Tamalez, ikusizko itzulpenarekin harreman zuzena duten erreferentzia gehienak beste hizkuntza-konbinazio batzuei buruzkoak dira, nabarmenki Europako hizkuntza hegemonikoei buruzkoak. Horrexegatik, interesgarria litzateke etorkizunean euskara-gaztelania konbinazioko ikusizko itzulpenari buruzko bibliografia xeheago bat sortzen hastea; izan ere, gure hizkuntza-konbinazioa oso ezberdina da, eta ezin zaizkio beste hizkuntza-konbinazio batzuetan baliagarriak diren metodologia eta teknikak aplikatu. Are gehiago, ikusizko itzulpenak euskal interpretazioan duen presentziak justifikatuko luke bibliografia sakonago baten beharra, ulergarria baita maiztasun gutxirekin egiten den interpretazio-modalitate bati buruz gutxi ikertu izana. Beharbada, lan hau izan daiteke bibliografia hori sortzen hasteko lehen pauso bat.

Zer da ikusizko itzulpena?

Maila teorikoan ikusizko itzulpena landu eta aztertu bada ere, badirudi hartzaile gehienek ez dakitela ikusizko itzulpena zer den. Horren inguruan, honako hau uste dute Arroyok eta Sevillak: «Existitzen diren itzulpengintza eta interpretazio mota guztien artetik, ikusizko itzulpena (traduction à vue, translation on seight [sic]) izan daiteke, beharbada, publikoarentzat ezezagunena»1 (Arroyo & Sevilla, 1993: 253).

Publikoa alde batera utzita, adituen artean ere gauzak ez daude hain argi. Hainbat arrazoi direla medio, ikusizko itzulpenak ez du, oraingoz behintzat, aditu guztien iritziak bateratuko dituen definizio bat. Adostasun falta horren kausak asko dira. Hasteko, ikusizko itzulpena bera zer den ere eztabaida-iturri da. Aditu batzuek interpretazioaren menpeko azpi-diziplinatzat dute (Arroyo & Sevilla, 1993), beste batzuek teknikatzat (Auzmendi, 1994) edo itzulpen motatzat (Hurtado Albir, 2011), eta badago betetzen duen funtzioaren arabera interpretazio- modalitate independente zein itzulpen- edo pedagogia-estrategia izan daitekeela uste duenik ere (Jiménez Ivars & Hurtado Albir, 2003). Gu azken horiekin gatoz bat, eta hori izango da, beraz, gure lana garatzeko premisa: ikusizko itzulpena interpretazio-modalitate independente zein itzulpen- nahiz pedagogia-estrategia izan daiteke duen funtzioaren arabera.

Heterogeneotasun horren aurrean badago, dena den, adostasun-puntu bat: denek uste dute itzulpenaren eta interpretazioaren erdibideko jarduera bat dela ikusizko itzulpena, eta horrexegatik hain zuzen eskatzen dituela praktika gurutzatuak. Hortaz, asko sinplifikatuz eta bai Jiménez Ivarsek eta Hurtado Albirrek (2003), bai Curves-ek, Klein-ek, Rivak eta Wuilmart-ek (1986) emandako definizioei jarraikiz, esan genezake ikusizko itzulpena jatorrizko hizkuntzan idatzitako testu bat xede-hizkuntzan ahoz birformulatzea dela.

Logikoa denez, interpreteak ezinbestean jaso behar du hizlariak irakurriko duen testu idatzi hori, eta ez azken momentuan, baizik eta aldez aurretik eta prestatzeko denbora nahikoarekin, kalitatezko itzulpen bat espero bada behintzat. Are garrantzitsuagoa da prestakuntza hori sintaxi-molde ezberdinak dituzten hizkuntzen kasuan, eta hori da hain zuzen euskara-gaztelania hizkuntza-konbinazioarekin gertatzen dena.

Aurretiaz jasota, testua idatziz itzultzeko aukera izaten dute askotan interpreteek, eta horrela berma daiteke itzulpenaren kalitatea, bai forma aldetik, bai eduki aldetik. Logikoa dirudien arren, errealitateak erakusten du interpretazioaren jaiotzatik beti errespetatu ez den baldintzetako bat izan dela hori. Interpretazioa Nurenberg-eko epaiketetan jaio zela esaten da sarritan, eta, Baigorrik (2000) jasotakoari jarraikiz, jada orduan, ofizioaren hastapenetan, interpreteek aurre egin behar izan zioten ikusizko itzulpenari:

Dena den, interpreteak gehien beldurtzen zituena hizlariak paper bat atera eta irakurtzen hastea zen, interpreteari kopiarik eman gabe. Orokorrean interpreteek jasotzen zuten irakurritako interbentzioaren kopia bat, baina ez zen beti horrela izaten (Gaskin [Uiberall], 1990:46). Kasu horietan hizlariak ez du pentsatu behar zer esango duen, eta horregatik hitz egiten du askoz azkarrago, eta interpreteak hizlariari jarraitzeko zailtasun handiak ditu. Hala eta guztiz ere, argumentua delikatua zenetan, bereziki garrantzitsua zen interpreteek dokumentuaren beraren itzulpena edukitzea, baldin eta existitzen bazen. (Baigorri, 2000: 298)2

Hala ere, ez dugu 1945eko Alemaniara joan beharrik arazo hori aurkitzeko. Tapiak eta Auzmendik 1990eko beren artikuluan salatu zuten euskal interpreteek (jasotzekotan) azken orduan jasotzen zituztela testuak, zailtasun handiak izaten zituztela mezua idatzitik ahozkora pasatzeko eta, ondorioz, mezua gaizki eman edo gal zitekeela. Geroxeago ikusiko dugu zein den egungo egoera.

Ikusizko itzulpenaren funtzioak

Hurtado Albirrek ikusizko itzulpenak bi funtzio izan ditzakeela proposatu zuen 1995ean, «Modalidades y tipos de traducción» artikuluan. Artikulu horretan planteatu zuen lehenengoz bere hipotesia, eta, gerora, 2003an, ikusizko itzulpenari buruzko artikulu xeheago bat argitaratu zuen, Jiménez Ivarsekin batera: «Variedades de traducción a la vista. Definición y clasificación». Azken hori izan da guk gure lana egiteko baliatu duguna.

Asko laburtuz, Jiménez Ivarsek eta Hurtado Albirrek (2003) planteatzen dute ikusizko itzulpenak bi funtzio dituela: funtzio komunikatiboa eta funtzio instrumentala.

Funtzio komunikatiboa duenean, ikusizko itzulpena interpretazio-modalitatetzat hartzen dute; izan ere, zuzenean itzultzen da entzuleentzat. Bi aditu horien arabera, ikusizko itzulpenaren hainbat azpimota egongo lirateke kasu horretan, honako faktore hauen arabera: testuaren prestaketa-maila, hartzaileak testuaren edukia ezagutzeko duen interesa, aldibereko diskurtso baten existentzia eta testu idatziaren ezaugarriak. Zoritxarrez, lan honetan ez dugu astirik izango azpimota horietan sakontzeko, baina interesgarria litzateke etorkizunean ikusizko itzulpen motak eta azpimotak bilduko lituzkeen beste lan bat egitea.

Funtzio instrumentala duenean, berriz, helburu konkretu bat lortzeko bitartekari gisa erabiltzen da ikusizko itzulpena, aipatutako adituen arabera. Helburu hori produktu bat lortzea (idatzizko itzulpena) edo zerbitzu pedagogiko bat ematea izan daiteke. Aipatutako lehen kasuan, transferentzia-prozesuan erabilitako itzulpen-estrategia bat izango litzateke ikusizko itzulpena, hau da, behin betiko bertsioa lortzeko mekanismo bat. Garrantzitsua da azpimarratzea ikusizko itzulpena ez litzatekeela itzulpen-modalitate bat izango, itzulpen-estrategia bat baizik (Jiménez Ivars & Hurtado Albir, 2003). Bigarren kasuan, berriz, irakasleek erabilitako pedagogia-estrategia bat izango litzateke, itzulpengintza- edo hizkuntza-didaktikaren markoetan aplikatutakoa.

Teoria interesgarria iruditu zaigu Jiménez Ivarsek eta Hurtado Albirrek proposatzen dutena, eta horregatik saiatu gara gure lanean bi funtzio horientzako espazioa uzten. Aitortu behar dugu elkarrizketatuei egindako galdera gehienek funtzio komunikatiboarekin dutela zerikusia, hau da, aldibereko interpretazioak egiten ari direnean itzuli behar izaten dituzten testu idatziekin. Logikoa da; izan ere, lan-munduko errealitatearen deskribapena egitea da lan honen helburua, eta ez ikusizko itzulpenak pedagogian izan ditzakeen aplikazioak aztertzea. Hala ere, funtzio instrumental edo pedagogikoa ez dugu alde batera utzi nahi izan, eta horregatik planteatu diegu interpreteei beren formakuntzari eta etorkizuneko interpreteen formakuntzari buruzko galdera bat; izan ere, Auzmendirekin (1994) bat gatoz ikusizko itzulpena itzulpen- estrategia gisa erabiltzeari buruzko hitz hauetan:

[…] itzultzaile asko baliatzen dira metodo edo teknika honetaz beraien itzulpen lanak egiteko. […] itzulpenaren irakaskuntzan ez d[a] inondik erabat alde batera uzteko metodoa, testuen ezaugarrien eta horien itzulpenaren erabileraren arabera uste baino askoz baliagarriagoa gerta daitekeelako. (Auzmendi, 1994: 116)

Ikusizko itzulpena euskara-gaztelania hizkuntza-konbinazioan: berezitasunak

Euskara eta gaztelania milaka urtez egon dira kontaktuan, eta, ondorioz, hizkuntza batetik bestera egindako transferentzia-adibideak oso ugariak dira, bereziki maila lexikoan. Maila sintaktikoan ere egon dira interferentzia batzuk, baina, hizkuntzalaritza-kontu sakonegietan sartu gabe eta asko sinplifikatuz, esan genezake euskarak eta gaztelaniak hitz-hurrenkera ezberdinak baliatzen dituztela modu naturalean. Azkoagak eta Ordiziak (2016) ondorioztatu zuten euskaraz SOV hurrenkera har daitekeela kanonikotzat, eta gaztelaniaz, aldiz, SVO hurrenkera gailentzen dela (Contreras, 1998; Fernández Soriano, 1993; Zubizarreta, 1999). Hitz-hurrenkera ezberdinak asko zailtzen du interpretearen lana; izan ere, euskaraz, joera dago aditza bukaerarako uzteko, eta gaztelaniaz askoz lehenago ematen da. Beste era batera esanda, euskarazko esaldia bukatu arte interpreteak ez du jakingo zein izango den gaztelaniaz eman beharreko aditza, eta, beraz, denbora luzeagoan zain egoteaz gain, aurretik esandako elementu guztiak gogoratu beharko ditu gaztelaniazko aditzaren atzetik esateko informazio berria entzuten duen bitartean.

Euskararen berezko SOV egitura hori, ahozko jardunean erabiltzeaz gain, idatzizkoan ere erabiltzen da. Aditza aurreratzeko gomendioa ematen den arren, egunerokotasunean ikusten da oraindik ere joera dagoela atzerakarga izugarria duten esaldiak sortzeko. Izan ere, badirudi aditza aurreratzeak eta esaldi motzagoak egiteak sinpletu egiten duela diskurtsoa, sinple hitza bere konnotazio negatibo guztiekin ulertuta. Arazoa da askotan esaldi eder eta landu horiek osatzeko saiakeran mezua galtzen dela.

Horrenbestez, logikoa da pentsatzea, aipatutako hitz-hurrenkera ezberdina dela medio, euskaratik gaztelaniara egindako ikusizko itzulpenak teknika berezi eta konkretu baten beharra duela.

Egungo euskal errealitatearen deskribapena

Honako atal hau osatzeko, egun aktibo dauden hamalau interpreteri egindako elkarrizketez baliatu gara. Zehazki, konferentzietako lau interprete, erakundeetako sei eta justiziako lau elkarrizketatu ditugu. Azken finean, nork ezagutuko ditu lanbidearen gorabeherak lanean dabiltzanek baino hobeto? Elkarrizketa horietan, bederatzi galdera zehatz egin dizkiegu. Azpimarratzekoa da interprete guztiek laguntzeko erakutsi duten prestasuna, gustura erantzun baitiete bederatzi galdera horiei eta hitz egin ahala sortu diren beste askori ere. Hona hemen gure ikerlanerako prestatutako galderak:

1. Egin behar izaten duzu idatzitako testu baten aldibereko itzulpenik?
2. Egoera aldatu al da aldibereko interpretazioan lanean hasi zinenetik hona?
3. Aldez aurretik jasotzen dituzu testuak normalean? Zenbat denbora lehenago?
4. Izaten duzu testuak prestatzeko aukerarik edo denborarik? Zenbat denbora?
    Erantzuna baiezkoa bada, zer teknika erabiltzen duzu?
5. Teknika hori modu autodidaktan garatutakoa da ala jaso duzu ikusizko itzulpenean
    formakuntza espezifikoren bat? Ezagutzen al duzu interpretazio mota berezi
    horri buruzko bibliografiarik? Zein?
6. Esango zenuke beharrezkoa dela protokolo bat ezartzea?
7. Esango zenuke beharrezkoa dela unibertsitatean etorkizuneko euskal interpreteei
    ikusizko itzulpenean formakuntza espezifikoa ematea?
8. Zergatik uste duzu euskarazko hitzaldi inprobisatuak eman beharrean testuak
    irakurtzeko joera gero eta nabarmenagoa dela?
9. Posible zenuke testu idatziak irakurtzen dituzten hizlarien tipologiarik edo nolabaiteko
    azalpenik ematea? (Politikarien kasuan, adibidez, hasi berriak / esperientziadunak; hitzaldien
    kasuan, akademikoak, erakundeetako ordezkariak…)

Konferentzietako, erakundeetako eta justiziako interpreteak elkarrizketatuz, euskal interpretazioaren merkatu-perspektiba zabalago bat aztertu nahi izan dugu. Tamalez, azterketa partziala izan dela aitortu beharrean gaude beste behin ere, denboraren eta lanaren mugak direla medio ezin izan baitiegu merkatu guztiei erreparatu.

Elkarrizketatuen izen-abizenak hemen agertuko ez diren arren, uste dugu argigarria eta ondorioak ateratzeko erabakigarria izan daitekeela interprete horiek zehazki non lan egiten duten jakitea, eta, beraz, hona hemen interprete kopuruaren eta beren lantokien arteko erlazioa:

 Konferentzietako interpreteak (4)  Erakundeetako interpreteak (6)  Justiziako interpreteak (4)
 Lantoki finkorik ez (4)  Eusko Legebiltzarra (1)  Bilboko Justizia Jauregia (3)
 —  Nafarroako Parlamentua (3)  Gasteizko Justizia Jauregia (1)
 —  Gipuzkoako Batzar Nagusiak (1)  —
 —  Madrilgo Senatua (1)  —

                             1. taula: Interprete kopuruaren eta beren lantokien arteko erlazioa

Ondorioak

Behin ikusizko itzulpena zer den azalduta, funtzio komunikatibo eta instrumentala definituta, gure hizkuntza-konbinazioaren berezitasunak aztertuta eta elkarrizketatuen profila eta galderak aurkeztuta, ondorioetara pasatzeko momentua iritsi da. Berriro ere, argi utzi nahiko genuke ondorio hauek lagin txiki batekin egindako ikerketa-lan baten emaitza direla, eta, beraz, ikerketa sakonagoa eta lagin handiagoa beharko liratekeela behin betiko ondorio sendoak aurkezteko.

Lehenik eta behin galderen erantzunetatik ateratako ondorioak aurkeztea erabaki dugu, galderen ordena berean, eta jarraian helduko diegu galderetatik haratago ondorioztatukoei. Honako hauek dira galdetegiaren erantzunetatik ateratako konklusioak:

1. Ikusizko itzulpena sarritan erabiltzen da konferentzia-arloan eta arlo instituzionalean (egindako interpretazioen % 50ean baino gehiagotan, batez beste), Nafarroako Parlamentuan izan ezik, non oso gutxitan egin behar izaten duten, testuak aurretiaz lortu eta itzulpen osoak egiten baitituzte. Arlo judizialean, ostera, ez dute ia inoiz ikusizko itzulpenik egiten, epaiketen nolakotasunak ez baitu horretarako tokirik uzten.

2. Egoera ez da aldatu duela urte batzuetatik hona. Ikusizko itzulpen asko egiten zuten konferentzietako eta erakundeetako interpreteek oraindik ere egiten dituzte, eta arlo judizialean ez dute inoiz ikusizko itzulpena egiteko behar handirik izan.

3. Begi-bistako arrazoiengatik arlo judiziala albo batera utzita, arlo instituzionalean ez dituzte beti testuak aurretiaz jasotzen, eta, jasota ere, testuak interpreteei azken hamar minutuetan emateko joera dago. Nafarroako Parlamentua da berriro ere salbuespen. Gainera, interpreteek ibili behar izaten dute testu-eskean, eta oraindik didaktika-lan handia egin behar izaten dute. Konferentzietako interpreteak hobeto daude zentzu horretan. Salbuespenak salbuespen, normalean aurreko egunean edo pare bat egun lehenago jasotzen dituzte testuak, eta, askotan, enpresa-bitartekariak lortzen du materiala. Dena den, hizlarien atzetik ibiltzea presente dago interprete guztien egunerokotasunean.

4. Materialak aurretiaz jasota ere, konferentzietako interpreteek ikusizko itzulpenerako prestatzen dituzte normalean testuak, osorik itzuli gabe. Erakundeetako interpreteen kasuan, berriz, denbora nahikoz jasotzen dituztenean testuak, osorik itzultzen dituzte. Denborarik ez badute, interprete bakoitzak ikusizko itzulpena prestatzeko bere teknika propioa garatu du. Bi arloetakoek markatzen dituzte aditzak, korapilatsuak izan daitezkeen terminoak eta sintaxi konplikatua gaztelaniaz ondo emateko beharrezkoak diren ordena-aldaketak, gehienetan gezien bidez. Segmentazioari dagokionez, askotan edukiaren arabera banatzen dute testua, zentzudun unitateka egin beharrean. Konferentzietako bi interpretek ikusizko itzulpeneko teknika landu zuten graduan, eta zentzudun unitatekako segmentazio sistematikoa egiten dute, gero atzekoz aurrera irakurtzeko. Esandako guztia gorabehera, ezin dugu aipatu gabe utzi interprete batzuek nahiago izaten dutela testuari uko egin eta ahozko jardunetik zuzenean itzuli, horrek dakartzan arrisku guztiekin. Era berean, ezinbestekoa da azpimarratzea interprete adina teknika baliagarri egon daitezkeela. Horregatik, hain zuzen, ez da arraroa interprete bat baino gehiago dagoenean testua banatu eta bakoitzak zati bat prestatzea.

5. Konferentzietako bi interpreteen kasuan izan ezik, testuak prestatzeko gainontzeko teknika horiek modu autodidaktan garatutakoak dira, beharrak eta esperientziak bultzatuta, apurka-apurka diseinatu eta findutakoak. Elkarrizketatu gehienek ez dute ikusizko itzulpenean formakuntza konkreturik jaso, eta, ikastaroren batean aipatu bazitzaien ere, ez dute espezifikoki gehiago landu. Konferentzia-arloko interprete gazteenek, formakuntza espezifikoa jaso dutenek, hain zuzen, hiru erreferentzia bibliografiko eman dituzte ikusizko itzulpenaren inguruan: Interpretation techniques (James Nolan), Conference interpreting (Andrew Gillies) eta Interpreter behaviour (Ildikó Horvárth). Besteek ez dute ikusizko itzulpenari buruzko bibliografiarik ezagutzen, baina batek baino gehiagok erakutsi du horren inguruan miatzen hasteko interesa.

6. Interprete guztiek adierazi dute protokolo bat ezartzeko beharra. Dena den, protokolo horrek arlo bakoitzeko ezaugarri eta beharretara moldatu beharko luke. Konferentzien kasuan, antolatzaile eta enpresa bitartekariei zuzendu beharko litzaieke, hizlariei baino gehiago. Arlo instituzionalean, justu kontrakoa gertatzen da: hizlariek jaso behar lukete protokolo horren berri, eta testuak aurretiaz jarri interpreteen eskuetan. Azkenik, epaitegietako protokoloak zerikusi handiagoa izan beharko luke interpreteen lan-baldintzak errespetaraztearekin ikusizko itzulpenarekin baino, oso gutxitan egin behar izaten baitute interpretazio-modalitate hori.

7. Interprete guztiek uste dute (justiziakoak barne) ikusizko itzulpena interpreteen formakuntzan erakutsi beharreko jarduera bat dela; alde batetik, gure errealitatean oso presente dagoen zerbait delako eta, bestetik, interprete profesional osoagoak lortzeko bidea delako. Hala ere, guztiek azpimarratu nahi izan dute oratoria landu beharra oso argi ikusten dutela beren eguneroko lanean, orokorrean gure hezkuntza-sistemak ez baikaitu jendaurrean hitz egiteko egoki prestatzen.

8. Euskara-gaztelania konbinazioko ikusizko itzulpenaren oinarrian, euskarazko testu idatzi bat dago. Aurretiaz idatzitako diskurtsoak irakurtzeko joeraren kausa gisa hainbat arrazoi posible aipatu dituzte elkarrizketatuek: hitzak neurtu beharra, hizkuntza-gaitasuna, ziurgabetasuna, denbora, diskurtso konplexu eta osoak eman nahia eta diskurtso perfektuaren ideia faltsua.

9. Elkarrizketatuek orokorrean ezin dute ezarri testuak irakurtzen dituen hizlariaren tipologiarik; izan ere, gehiago lotzen dute faktore pertsonalekin taldekatu daitezkeen faktore komunekin baino. Hala ere, konferentzia arlokoek hiru hizlari mota identifikatu dituzte: jendaurrean hitz egitera ohituta ez daudenak, politikariak eta unibertsitate-irakasleak. Zehaztu behar da diskurtso konplexu eta osoak eman nahi dituzten hizlariek (unibertsitate-irakasleek eta adituek) normalean hobeto irakurtzen dituztela testuak abiadurari, ahotsaren modulazioari eta enfasiari dagokienez, eta, beraz, interpreteen lana askoz errazagoa dela kasu horietan. Dena den, ezinbestekoa da hezkuntza-sisteman jendaurrean hitz egiteko gaitasuna lantzen hastea; izan ere, badirudi egoera ez dela askorik aldatu 1990etik 2017ra bitartean.

Galdera bakoitzetik ateratako ondorioak ikusi eta gero, goazen berriro hasierako bi galderetara:

a) Eskuartean ditugun datuak erabilita, ba al dago ikusizko itzulpenaren presentzia
    esplikatuko lukeen hipotesi bat formulatzerik?

    Elkarrizketatuek hainbat faktore aipatu dituzte ikusizko itzulpenaren erabilera ohi
    baino handiagoaren kausa gisa, eta ez dirudi hizlari mota jakin batzuek bakarrik egiten
    dutenik. Argi dago, beraz, ikerketa sakonago bat beharko litzatekeela hipotesi bat formulatzeko.
    Momentuz, esan dezakegu ez dirudiela kausa bakarra dagoenik fenomeno horren atzean.

b) Beharrezkoa al da euskara-gaztelania norabideko ikusizko itzulpena espezifikoki
    lantzea interpreteen formakuntzan?

    Konferentzietako, erakundeetako eta justiziako interpreteen pertzepzioak oinarri,
    beharrezkoa deritzogu ikusizko itzulpena egiteko oinarrizko teknika Itzulpengintza eta
    Interpretazioko Graduan lantzeari, lan-munduan sarritan egin beharreko jarduera baita.
    Horrez gain, euskara > gaztelania hizkuntza-norabideko ikusizko itzulpenari buruzko
    bibliografia zehatza garatzea ere beharrezkoa da, etorkizuneko euskal interpreteei
    praktikaz gain marko teoriko sendo bat eskaintzeko.

Behin galdera-ondorio guztiak banan-banan aztertuta, hona hemen gure azterketatik ateratako azken hiru ondorio orokorrak:

a) Euskal gizartean, interpretazioaren kultura falta da oraindik ere, nahiz eta gurea gizarte
    elebiduna izan. Ulergarriagoa litzateke gizarte elebakarretan, baina hori da gure errealitatea:
    interpretazioaren kultura ez dago behar beste zabalduta, eta hizlari gehienek ez dakite
    oso ondo zer den, ezta publiko orokorrak ere. Beste gizarte elebidun batzuen ereduei jarrai
    geniezaieke interpretazioaren kultura hedatzeko.

b) Ezjakintasun hori izan liteke interpreteen lan-baldintzak ez errespetatzearen kausetako bat,
    eta, beraz, interpreteen lan-egoera hobetzeko, ezinbestekoa da beren lanbidea ezagutzera
    ematea. Ez hori bakarrik: beren lanaren kalitatea ahalik eta gehien bermatzeko
    modu bat ere bada.

c) Gustatu edo ez gustatu, gure gizartea elebiduna eta heterogeneoa da, eta euskararen eta
    gaztelaniaren erabilera arlo publiko zein pribatuetan uztartzeko modu naturala aurkitu
    beharko dugu. Horregatik, egungo eta etorkizuneko interpreteen lanak zeresan handia
    izango du euskararen erabateko normalizazioan. Atera ditzagun, hortaz, interpreteak ilunpetatik.


ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

Arroyo, A. & Sevilla, J. (1993). «La traducción a la vista (francés-español)». In Sendebar, 4, 253.-261.
Auzmendi, L. & Tapia, K. (1990). «Euskal interpretaritzaren errealitate mingotsa». In Senez, 9, 25.-33.
Auzmendi, L. (1994). «Interpretaritzaren didaktika». In Senez, 15, 111.-121.
Baigorri, J. (2000). La interpretación de conferencias: el nacimiento de una profesión. De París a
            Nuremberg. Granada: Comares.
Contreras, H. (1998). El orden de palabras en español. Madril: Cátedra.
Curvers, P., Klein, J., Rivas, N. & Wuilmart, C. (1986). «La traduction à vue comme exercice
            préparatoire et complémentaire à l’interprétation de conférence». In Cuadernos de
            Traducción e Interpretación, 7, 97.-116.
Fernández Soriano, O. (1993). «Sobre el orden de las palabras en español». In Dicenda.
            Cuadernos de filología hispánica, 11, 113.-152.
Hurtado, A. (1995). «Modalidades y tipos de traducción». In Vasos comunicantes, 4, 19-27.
Jiménez, A. & Hurtado, A. (2003). «Variedades de traducción a la vista. Definición y
            clasificación». In Trans. Revista de Traducción, 7, 47.-58.
Trovato, G. (2012). «La traducción a la vista como ejercicio propedéutico a la interpretación
            bilateral: un estudio comparativo entre español e italiano». In Tonos Digital, 23, 2016ko
            azaroaren 9an hartua honako webgune honetatik
Zubizarreta, M. L. (1999). «Las funciones informativas: tema y foco». In Bosque, I. & Demonte,
            V. (ed.), Gramática descriptiva de la lengua española. Madrid: Real Academia Española
            eta Espasa Calpe, 3, 4215.-4244.


1. «De todos los tipos de traducciones e interpretaciones existentes, quizá la traducción a la vista (traduction à vue, translation on seight [sic])sea la menos conocida por el gran público».

2. «La situación más temida por los intérpretes, no obstante, era aquella en que el orador sacaba un papel y se ponía a leerlo sin haber entregado un ejemplar del mismo al intérprete. En general, los intérpretes recibían una copia de la intervención leída, pero no siempre era así (Gaskin [Uiberall], 1990:46). En esos casos el orador no tiene que pensar lo que va a decir, por lo que habla a un ritmo mucho más rápido y el intérprete tiene enormes dificultades para seguirlo. De todos modos, en ocasiones en el que el argumento era delicado, resultaba especialmente importante que los intérpretes tuvieran incluso la traducción del documento, si existía».