Pizti jendea: katuak, itzultzaileak eta idazleak
Itziar Otegi

Artikulu honek Idazlea itzultzailearen lantegian izeneko mintegiaren 2012ko edizioaren nondik norako nagusiak biltzen ditu. Mintegian, Eider Rodriguez idazlearen Katu jendea ipuina hiru hizkuntzatara itzuli zen (frantsesa, alemana, nederlandera), eta, ohiko itzulbide zuzenaz gainera, beste bi itzulbide ere izan ziren: zeharbidezko itzulpena –autoreak gaztelaniara egindako itzulpenetik abiaturikoa– eta bi itzultzailek tandem gisa egindakoa. Hiru egunez, idazleak eta hainbat itzultzailek eztabaidagai izan zituzten testuaren berezitasunak eta itzulpen-zailtasunak, autoitzulpenaren eta berridazketaren muga lausoak, eta landuriko hiru itzulbideen bereizgarri eta zailtasun nagusiak.

(Idazlea itzultzailearen lantegian 2012)

Bi katu: Lili eta Aitatxi. Bi katu-jabe: Agnès eta Yves. Bost itzultzaile: Joana Pochelu, Henrike Olasolo, Peter Smaardijk, Gabriele Schwab eta André Gabastou. Idazle bat: Eider Rodriguez. Alegiazko zein hezur-haragizko «piztia» horiek guztiak, eta beste batzuk gehiago, bildu ginen Paueko Unibertsitateko areto dotore batean, 2012ko urriaren 16tik 18ra bitartean. Gure artean eserita izan genituen, orobat, Amy Winehouse, Borges eta Bernardo Atxaga (metaforikoki, uler bedi). Hizpide, Eider Rodriguez-en ipuin bat, Katu jendea, eta ipuin honen gaztelaniazko biki ez-siamesa: Gatos. Katuok bazituzten ordurako, garatze-bidean oso aurreratuak, beste senide batzuk ere: Chats (A. Gabastouk gaztelaniatik frantsesera itzulia), Tant de chats (J. Pocheluk euskaratik frantsesera itzulia), Katmensen (H. Olasolok eta P. Smaardijk-ek, euskaratik nederlanderara itzulia) eta Katzenmenschen (G. Schwab-ek euskaratik alemanera itzulia). Paperezko edo sareko egunaren argira jaio aurretik, beste aldaketa batzuk jasan behar zituzten artean ere senideok, beren gurasoen baitan: dela ilajea findu eta dotoretu, dela kolorea pixka bat aldatu, dela han-hemenka formaren liraintasunari oztopo egiten zion gorabeheraren bat leundu. Katu- izangaiok osatzen, fintzen eta edertzen jardun genuen, beraz, hiru egunez, eta hona hemen bilduta han esan zirenetatik batzuk. Ohar bat, irakurle: artikulu honetan hiru hizkuntza aurkituko dituzu, euskara, gaztelania eta frantsesa, Pauen izan genuen hizkuntza-anabasaren isla. Saio itxietan, euskaraz egin genuen mintegia, eta André Gabastouk interprete bat izan zuen ondoan xuxurlaka. Saio irekietan, ahalik eta entzule gehienengana heltzeko modua ematen zigun hizkuntz erregimena hautatu genuen, eta saio batzuk gaztelaniaz eta frantsesez egin genituen. Kontakizun honetan jaso diren aipuak saio zehatz horretan erabilitako hizkuntzan jaso dira.

Katu jendea

Eider Rodriguezen hirugarren ipuin-bilduma da Katu jendea, eta, baita ere, bilduma horri izena ematen dion ipuina. Ipar Euskal Herrian nonbait kokatua, ondoz ondoko etxeetan bizi diren gizon baten eta emakume baten arteko istorioa kontatzen du. Bakarrik bizi dira biak ere, eta katu banaren jabe dira: Yvesena arra (Aitatxi), eta Agnèsena emea (Lili). Agnèsek badu gizonaren bizitzaren berri, arretaz erreparatzen baitie haren joan-etorriei. Inoiz ez dute elkarrizketa luzerik izan, harik eta, egun batean, beren katuak elkarri segika hasten diren arte. Katuak elkarrengandik aparte mantentzen saiatzen dira, baina, azkenean, etsi egiten dute jabeek. Aitatxik Lili estaltzen du, eta, handik gutxira, Liliren sabela puzten hasten da. Ernaldia eten ala ez zalantzan ibili ondoren, «aurrera egitea» erabakitzen du Agnèsek, eta, garaia heltzean, lau katakumez erdituko da Lili. Jaio eta gutxira, katakumeak amari erauzi eta arrotzei emango dizkiete opari. Halako batean, Lili desagertu egiten da, eta, aurkitzen dutenerako, ustel-usaina darion orban likits bihurturik dago, Yvesen etxeko sotoan.

Ipuinean, naturaren legeei jarraituz bizi dira animaliak. Pertsonen artean, ordea, bestela dira gauzak: Agnès eta Yves bakarrik bizi dira, seme-alaba ordurako nagusiak urrun dituztela; nabarmenak dira beren bakardadea eta elkarrenganako desira. Elkar barrandatzen dute, elkar tentatzen, baina, naturarenak ez diren beste lege batzuk tarteko, atzera egiten dute aurreratze bakoitzaren ostean. Katuen artean ez bezala, desiraren gauzatzerik ez Yvesen eta Agnèsen artean. Beste heriotza mota bat da, Lilirena baino «txikiagoa», ipuin honen argitan katuenaren aldean bizitza bera ere «txikiagoa» duten pertsonok jasaten dutena.

Amy Winehouse-ren ama

Mintegia prestatzen ari ginela, Eider Rodriguezi eskatu genion bere literatura ulertzeko gako batzuk eman zitzala, mintegiaren hasierako saioan. Helburua, bera «itzulgai» izango zuten itzultzaileek beraren obraren nondik norako nagusien berri izatea. Handik egun batzuetara, erantzun zigun «Amy Winehouse-ren ama» izango zuela izenburua hitzaldiak, eta abezedario bat izango zela. Jakin-minak jota geratu ginen, noski: zer erlazio izan dezakete, bada, Amy Winehouse-ren amak eta Eider Rodriguezek? Hona hemen erantzuna:

A: Amy Winehouse-ren ama

    Amy Winehousek bere buruaz beste egin zuen egunean, goizean, amarekin egon zen. Heriotza ondoren Amyren amari egindako elkarrizketan galdetu zioten ea ez ote zuen ezer arrarorik sumatu  alabarengan. Amak esan zuen bikain ikusi zuela, inoiz baino hobeto.

    Ba nik Amyk bere alabarekiko zuen bisio falta bera daukat nire lanarekiko. Beraz, hanka sartu baino lehen, nahiago izan dut lanaren periferian dauden elementu batzuk aipatu. Atik Zra.

B: Berba; C: Castellano; D: Desioa eta dirua; E: Ezkutaketa; F: Feminismoak; G: Gatazka; H: Haragia; I: Isatsa; J: Jatorria… Horrelaxe, letraz letra joanez, azaldu zizkigun Eiderrek bere kezkak, bere ikuskera, bere literaturarako bazka, bere idazteko modua. Gogoangarria, Eiderrek bere abezedarioa irakurri zigun saioa. Mintegiari gisa horretan eman geniolarik hasiera, ez dugu esango handik aurrerakoak gainbehera bat izan zirenik, baina larri ibili ginen mailari eusteko. Mintegiaren antolatzaileetakoa izan den Bénédicte de Buron Brun irakasleak hauxe esan zuen, Paueko Gazteluan egin genuen itxiera-saioan, Eiderren abezedarioari buruz:

(…) une écrivaine que je remercie infiniment par son abécédaire, dans lequel, outre que sa finesse de plume, il y a tout ce que l'on doit savoir sur la langue: une langue mène à la réflexion, une langue mène à la communication, et une langue mène, peut-être également, au silence.

Itzultzeko modu desberdinei buruz

Mintegiaren bigarren eguna hasteko, aurkezpentxo bat egin genuen zuzeneko itzulpenaz besteko itzulpen-moduei buruz. Horretarako, batez ere honako hiru iturri hauek baliatu genituen: Karlos Zabalak Eibarren emandako hitzaldia, Literatura Unibertsalari buruz UEUk eta EIZIEk antolaturiko ikastaroan; Elizabete Manterolak berriki argitaratutako tesia (Euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzulia. Bernardo Atxagaren lanen itzulpen moten arteko alderaketa), eta Monika Etxeberriak Senez aldizkarian argitaraturiko artikulu bat ("Itzulpen baten penak eta nekeak", Senez 30, 2006).

A hizkuntzan idatziriko lan bat B hizkuntzara isurtzeko, aurretik A hizkuntzatik C hizkuntza batera egindako itzulpen bat sorburu gisa erabiltzean datza zeharbidezko itzulpena. C hizkuntza horri zubi-hizkuntza deritzo. Karlos Zabalak Eibarren esan zuenez, zeharbidezko itzulpena hizkuntza guztietan eta garai guztietan egin izan da, eta garrantzi handia izan du kultura askoren zabalkuntzan.

Adibideen soka amaiezina litzateke. 1001 gau liburua Antoine Gallandek frantsesera egindako itzulpenetik zabaldu zen mendebaldeko literatura guztietara. XIX. mendeko idazle errusiarrak, Tolstoi, Dostoievski, Pushkin, Turgenev, Txekhov, frantsesaren bidez iritsi ziren gaztelaniara, portugesera eta beste hainbat hizkuntzatara. Mendebaldeko literatura japonieraren bidez, koreerara. Albania, Hungaria, Polonia eta Errusiako liburu asko frantsesezko bertsioetatik itzuli dira ingelesera. Murakami alemanera, ingelesetik. Sandor Marai ingelesera, alemanetik. Sven Hassel idazle daniarra 20 bat hizkuntzatan irakur daiteke, eta bertsio gehienak ingelesetik eginak daude. Atxagaren liburuak gaztelaniatik itzultzen dira beste hizkuntzetara. Orhan Pamukenak, ingelesetik.

Zeharbidezko itzulpena, oro har, ez da begi onez ikusten. Itzulpenaren teorian ez du leku handirik izan, orain artekoan behintzat, eta aditu gehienek praktika baztergarritzat daukate. Horren adierazgarritzat jo genezake zeharbidez egindako itzulpenak kanpo uzten dituztela Europako itzulpen-sariketa gehienetatik, oinarrietan berariaz adierazten baitute zuzenean jatorrizkotik egindako itzulpenak soilik aurkez daitezkeela.

Eibarko hitzaldian, Ivo Andritxen Zubi bat Drinaren gainean nola itzuli zuen kontatu zuen Karlos Zabalak. Antza, hasieran bizpahiru zubi-hizkuntzatako itzulpenak baliatzen hasi, eta, jatorrizkoa behar bezala atzematera heltzen ez zelako, edo bertsioen artean kontraesanak eta ebatzi ezinezko aldeak aurkitzen zituelako, zenbait bertsio auzitan jarri eta baztertu egin zituen, eta beste batzuk bilatu. Azkenean, lau bertsio hautatu zituen (gaztelania, frantsesa, ingelesa eta italiera), lau horiei gehitu zien jatorrizkoa «Google itzuli»tik igarota atera zitzaiona, eta, azkenik, jatorrizkoari traza hartzen ere saiatu zen, serbierazko hiztegiak-eta baliatuz. «Erotzekoa izan zen bertsio-saltsa horretan igeri egitea», esan zuen Karlosek, hitzaldiaren amaieran.

Monika Etxebarriak, bere artikuluan, bi aholku ematen ditu zeharbidezko itzulpen bat erotu gabe egiteko:

  • Jatorrizko hizkuntza ongi dakien norbaitekin jartzea harremanetan, batek baino gehiagok «informatzailea» deitu duen figura.
  • Bi hizkuntzak batera ez erabiltzea itzultzeko orduan, baizik eta bat hartu (aldez aurretik, lagin batzuen bitartez, bi bertsioetatik onena edo itzultzailearentzat erosoena zein den erabaki ondoren), eta lehenbiziko bertsioa egin, eta ondoren bigarrenaz baliatzea, horrela bi bertsioak bat ote datozen ziurtatzen baita (…).

Lankidetzan egindako itzulpenaz dihardugularik, bi itzultzaileren artean egindakoa izaten dugu hizpide gehienetan: bietako batek ama-hizkuntza izango du sorburu-hizkuntza, baina xede-hizkuntzaren ezagutza nahikorik ez, eta, beste itzultzaileak, berriz, alderantziz. Bataren hizkuntz ezagutzak, beraz, bestearena osatzen du. Bi itzultzaileon arteko lana hainbat modutan antola daiteke: batek itzuli eta besteak zuzendu; batek obra erdia itzuli eta bestearen erdia zuzendu, edo den-dena bien artean itzuli, hasieratik bukaerara eta lana banatu gabe.

Elizabete Manterolak beste modu batzuk ere azaltzen ditu bere tesian, hala nola autorearen beraren eta itzultzaile baten arteko lankidetza, adibidez autoreak berak xede-hizkuntzaren behar besteko ezagutzarik ez duenean. Jatorrizko konpilatua deritzona ere aipatzen du: jatorrizkoarekin batera itzulpen bat ere baliatzean datza itzulpen modu hori.

Azkenik, autoitzulpenaz ere jardun genuen pixka bat, bai eta zehazki autoitzulpen ez diren baina izendatzen eta sailkatzen errazak ez diren beste itzulpen-idazketa modu berezi batzuez ere. Horietako bat, Nancy Houston idazle kanadarraren kasua: Nancy Houston Calgaryn jaio zen, Kanadan, eta ingelesa du ama-hizkuntza. Frantsesa, eskolan eta unibertsitatean ikasi zuen. Ingelesez hasi zen idazten, baina halako batean, argitaratzeko zailtasunak zituela-eta, bere lan bat frantsesera itzultzea erabaki zuen, eta konturatu zen, batetik, itzulpenak hobetu egiten zuela testua, eta, bestetik, frantsesez beste modu batean idazten zuela, ama-hizkuntza ez zuen batean idazteak distantzia bat ematen ziola, bere literatur ahotsa aurkitzeko lagungarria zitzaiona. Denborarekin, antza, idazteko modu bitxi bat garatu du: frantsesez idazten du aurrena, eta gero ingelesera –ama-hizkuntzara– itzultzen du. Autoitzulpenaz dihardugularik, askotan eztabaidatzen da emaitza gisa sortzen den testua itzulpena ala bertsio ote den. Ildo horretatik, bitxikeria bat: 1993an Kanadako Governor General's Award saria eman zioten Nancy Houstoni Cantique des Plaines obragatik. Batzuk aurka agertu ziren, eta argudiatu zuten ezen, itzulpen bat zenez, obra hori ezin zela saritu. Houstonek, ordea, itzulpen bat ez baizik eta egokitzapen bat zela frogatu omen zuen, eta sariari eutsi.

Eli Manterolaren tesian, bestalde, Bernardo Atxagak eta Asun Garikanok denborarekin garatu duten lan-prozedura kontatzen da, non Atxagak idatzi ahala itzultzen baitu Garikanok, eta idazketatik itzulpenera eta atzera berriz idazketara daroan gurpil bat sortzen baita. Langintza horretan, esan daiteke ia-ia ezabatu egiten dela idazketaren eta itzulpenaren arteko muga. Prozedura horri jarraituz idatzi/itzuli omen dituzte azken obrak, eta, batez ere, Zazpi etxe Frantzian.

Mintegian partaide izan genituen itzultzaileen lan-prozedurari dagokionez, Henrike Olasolok eta Peter Smaardijk-ek azaldu ziguten hainbat metodologia probatu ondoren azkenean «elkarrizketa bidezko itzulpena» izenda dezakegun lan-modua hautatu dutela. Alegia, egunero hainbat orduz elkartu, bakoitza bere ordenagailuarekin aurrez aurre jarri, eta esaldiz esaldi bien artean itzuli testua, arazo edo zailtasun bakoitza eztabaida bidez ebatziz. Emaitza hobea ekartzen omen du modu horrek, lana banatu eta egindakoa gero adosteak baino, itzulpen osoari eragingo dioten hautu orokor garrantzitsuenak (tonua, hizkuntz erregistroa, aditz-denbora…), hasieratik adosten eta finkatzen dituztelako. Olasolok, ikasketaz eta lanbidez arkitektoa izaki, irakasle baten aipu bat erabili zuen, metafora gisa: «umeak ttikiak baina osatuak jaiotzen dira». Itzulpengintzan arkitekturan bezala, Olasolok eta Smaardijk-ek ikasi dutenez, hobe sorkariaren nondik norako nagusiak hasieratik ondo finkatzea, eta geroko fintze-lana besterik ez uztea.

André Gabastouren ustez, itzulpena zuzena edo zeharbidezkoa izatearen kezka berri-berria da. Lehen, ez zen horrelakorik pentsatu ere egiten, eta, are gehiago, itzultzaileak berdin egin zezakeen itzulgai zuen obra moztu, azken 50 orriak kenduta, edo pertsonaiaren bat ezabatu, besterik gabe desatsegina zitzaiolako. Gisa horretako itzulpenen adibide batzuk jarri zituen. Positibismoaren etorrerarekin, hizkuntza objektu zientifiko gisa hartu zenean hasi omen ziren itzulpen zehatz eta xeheak agertzen, batzuk muturreraino, oin-oharrez josiak eta irakurtezinak, estetikaren kaltetan. Hizkuntzalaritzak eta filologiak mahairatua omen da fideltasunaren eta zehaztasunaren auzia. Jakobsonen iritziz, itzulpen baten eta jatorrizkoaren artean baliokidetasuna izan behar dela jotzea okerra da. Hizkuntzalaritzak agerian utzi du hizkuntzak ez direla baliokideak. Halaxe dio Umberto Ecok ere bere azken obran: Ia gauza bera esatea. B hizkuntza batera egindako itzulpen bat ez da, Ecoren ustez, A hizkuntzan idatzitako testuaren baliokidea, haren metafora baizik. Itzulpenak baloratzeko irizpideak, beraz, aldatu egin behar dira.

Atxaga, justement à ce propos, il disait que c'est complètement stupide de dire que la traduction est inférieure à l'original, qu'un texte perd par rapport à l'original. Une traduction, il disait, tantôt elle perd, tantôt elle gagne, tantôt elle reperd, tantôt elle regagne, et tout le reste est de la métaphysique. Et je crois qu'il avait raison. Moi je crois que ce qui compte c'est que le texte original existe en soi, et que le texte traduit existe en soi. Le texte traduit ne doit jamais apparaître comme traduit. Dès le moment où il apparaît comme traduit, il y a un échec de la traduction, à mon avis. Il doit avoir exactement la même cohérence que le texte original (les personnages, le langage, le décor… tout).

Autotraizioaz

Bezperan, hauxe esan zigun Eiderrek bere abezedarioan:

C: Castellano

Nire erdia gutxienez Castillatik dator, ezagutzen ez dudan eta ondorioz maite ez dudan lekuren batetik. Beste erdia, Euskal Herritik, ezagutu arren maite dudan herri batetik. Nire bi erdiak bake xamarrean elkar bizi dira. Baina itzulpenean, nire euskal hitzak, nire errelatoak kastillanora itzultzen ari naizenean nire bi erdiek oso bat osatzen dute, konbibentzia zibilizatua bakanal bilakatuz. Ezin azalduzko sentimendua da, nire burua itzultzen dudanean soilik sentitzen dudan sentimendua, eta horregatik bakarrik izen berezi eta propio bat mereziko lukeen sentimendua.

Mintegiaren bigarren egunean, sentimendu berezi horren berri eman zigun Eiderrek. Hasteko, bere biografia linguistikoa azaldu zigun: aitaren aldeko aitona-amonak euskal hiztunak, amaren aldekoak Burgostik etorriak. Aitak ez zuen euskaraz ikasi. Alabak, ordea, ikastolan eskolatu zituzten aita-amek. «Nire gurasoena galeraren belaunaldia izan zen; nirea eta nire ahizparena, berriz, berreskuratzearena». Umore-tonuan, kontatu zigun zeinen nekagarria den zenbait lekutan euskaraz bizitzen saiatzea. «Oso itsusia izango al litzateke euskal hiztunek hiruki beltz bat izatea besoan josita? Hainbatez errazagoak lirateke gauzak…». Hurrena, autoitzulpenak zer sentipen sortzen dizkion azaldu zigun:

Decía pues que tengo dos lenguas, dos lenguas que conviven como pueden en mi interior, dos lenguas que se pelean en el exterior. Desde esta realidad miro al mundo. Lo hago como podría hacerlo desde cualquier otro lugar, solo que a veces la sensación es un poco distinta que si escribiese desde el castellano, pues el euskera es una lengua moribunda. Es cuestión de décadas, un siglo quizás, que esta lengua quede arrasada para siempre, en gran medida, por mi otra lengua, el castellano. Es una sensación cuando menos inquietante llevar a ambas dentro de mí, dos lenguas que habitualmente no se dirigen la palabra la una a la otra, las dos mías, llegadas a mí por diferentes caminos, y diferentes razones. La autotraducción me ha servido para que ambas lenguas se unan, se froten y se revuelquen, en un pasto creado por mí, en mi lengua literaria, el euskera. Me entusiasma la experiencia, porque se da una especie de reconciliación sentimental, un encuentro inolvidable entre las dos enemigas íntimas. La una deja de espiar a la otra, y la otra deja de ningunear a la una. Dicen que la traducción tiene que guardar la voz del original, pero yo no sé cuál de las dos es el original; dicen que se tienen que parecer, que no se puede traicionar a la original. En este caso, yo me tengo que parecer a mí misma, lo cual no siempre es fácil, ya que... qué duro es ser siempre una misma.

Mintegirako prestatzen ari zela, ipuinak berriz irakurri, eta sentipen desatsegin bat sortu omen zitzaion, frustraziotik eta lotsatik pixka bat bazuena. Izan ere, gaztelaniazkoa hobea iruditu omen zitzaion euskarazkoa baino. Alegia, hobeto idatzia, erritmo aldetik hobeto eramana, irakurtzeko atseginagoa. Henrike Olasolorekin hitz eginez, ordea, lasaitu egin zen. Henrikek azaldu omen zion arkitekto batek maketa bat egiten duenean, nahiz hasiera batean ederra eta guztiz amaitua iruditu, azpikoz gora edo ispiluaren aurrean jarri behar izaten dela, eta akatsak eta hutsegiteak erruz aurkitzen direla. Hauxe, Eiderrek ateratako ondorioa:

Quizás autotraducirse sea eso: ponerse frente al espejo y verse todas las impurezas que una tiene. Pero mayor traición sería no poder aceptarlas.

Bestalde, Borgesen aipu ezagun hura ere mahairatu genuen mintegian, eta behin eta berriz erabili:

Quizá el oficio del traductor es más sutil, más civilizado que el del escritor: es obvio que el traductor viene después del escritor. La traducción es una etapa más avanzada.

Nahiz eta, aintzat hartuta Borges paradoxa zalea zela oso, aipu hori bera ere tentuz hartu beharrekoa izan.

Katu jendeatik Gatosera

Katu jendea Ipar Euskal Herrian dago kokatuta, izendatzen ez den arren Hendaia izan litekeen leku batean. Izan ere, hainbat kultura eta hizkuntza anitzen arteko bidegurutzean dagoen mugaldeko errealitate bat erakusten du. Errealitate soziolinguistiko hori zenbait elementuren bitartez erakusten edo iradokitzen da (ezen ez deskribatzen). Hona hemen elementu horietako batzuk:

  • Pertsonaien izenak: Agnès Duhalde, Yves Dubois, Mitxelena andrea, Caroline, Bretal andrea…
  • Katuen izenak: Lili (Fleur), Aitatxi, Fifi edo Pioupiou…
  • Onomastikaren heterogeneotasuna: Pausu, Toulouse, Alicante, Madril…
  • Erosketak Champion supermerkatuan egiten dituzte; Yvesek Sud-Ouest egunkaria irakurtzen du; Agnès-ek La Redoute katalogoa begiratzen; Ricoré kafea hartzen dute…
  • Agnèsi, ANPEko neskak laguntzen dio erretreta hartzeko paperak egiten (Agence Nationale pour l'Emploi, egun desagertua).
  • Agnèsen alaba Alicanten bizi da.
  • Yvesen etxea, lehen, Madrilgo bikote edadetu batena zen.
  • Katakumeak eskaintzeko iragarkia frantsesez dago idatzita euskarazko jatorrizkoan.
  • Lesakako bikote batek eramaten du azken katakumea.

Bestalde, lexikoa eta sintaxia ere balitzen ditu Eiderrek, hizkuntzen errealitate hori islatzeko. Izan ere, lexikoan berdin aurkitzen dira Ipar. marka daroaten hitzak zein Heg. markakoak: lanturu, arraiatu, bordela, selauna, mediak, disparoa, erretreta, barrandatu

Ipuin honetan, Eli Manterolak bere tesian aipatzen duen heteroglosiaren adibide bikain bat dago. Eiderren buruan pertsonaiak frantses-hiztunak dira, eta frantsesez mintzatzen dira beren artean, baina ipuina bera euskaraz idatzita dago, noski. Ez da gauza berria: literaturan oso ohikoa da. Idazleak paktu bat proposatzen dio irakurleari, egoeraren artifizialtasunari ez ikusiarena egin eta istorioa sinesgarritzat jo dezan. Eiderrek aipatutako adibide bera hartuta: Primo Leviren Si esto es un hombre gaztelaniaz irakurriz gero, ofizial naziak zein judutar presoak Salamancakoa izan zitekeen gaztelaniaz mintzatzen dira.

Agnèsen abizenak –Duhalde– eta katuari jarri dion izenak –Lili– iradokitzen du euskaraz badakiela, edo bazekiela.

––Zaude lasai, badakigu nolakoak diren animaliak ––esan zuen Agnesek katu zuria lurretik jasoz––. Ez da hala, Lili?
––Liliane? Izen xelebrea katu batentzat.c
––Ez, Lili. Fleur. Lilik euskaraz fleur esan nahi du.
––Ezagutzen dut, ez pentsa. Nire etxean egiten du lo batzuetan, balkoian dudan aulkian.

Yvesen kasuan, euskara lehenago galdua dela iradokitzen zaigu. Gaztelaniaz badago gehikuntza bat egoera hori azaltzen duena:

––¿Y cómo se llama el suyo?
––Aitatxi.
––El suyo también es bonito…
Agnès le acarició el pecho y su manita casi desapareció en el denso pelaje.
––No, Aitatxi bonito no es. Es grande, eso sí. Ahora pesa nueve kilos. Se lo regalaron a mi ex mujer siendo cachorro, con nombre incluido, Fifi o Pioupiou o algo así, pero a medida que crecía fue pareciéndose cada vez más a mi abuelo y decidimos rebautizarlo. Era militar. Mi aitatxi, me refiero. Él también sabía hablar en vasco, como usted.
––No, yo ya…
––Y este canalla es igualito a él. Le voy a enseñar su foto y ya me dirá.

Arestian aipaturiko iragarkiak joan-etorri zinez interesgarriak egin ditu mintegian, Daniel Ferrer-en L'écriture et l'accident lanaren gisako batean biltzeko modukoak. Honela agertzen da iragarkia, euskarazko jatorrizkoan:

Quatre adorables petits chattons à donner:
Deux blancs avec poil mi-long et deux gris tigrés.
Ils sont nés le 17 septembre. Je les garde donc au moin
jusqu'au 14 novembre, afin que le sevrage
se fasse en douceur.
Pour en réserver un, me contacter par téléphone
(0559202133).

Hendaiako Casino supermerkatutik hartu omen zuen Eiderrek iragarkia, eta zegoen bezalaxe kopiatu. Alta, bi akats ditu iragarki honek: chattons (chatons) eta au moin (au moins). Gatosen, iragarkia bera ere gaztelaniaz jartzea erabaki zuen Eiderrek. Hona hemen zergatia:

Me gustaría hacer unos pequeños apuntes sobre la autotraducción de Gatos. Comienzo por la versión original. A la hora de escribirlo, tenía claro que mis personajes referenciales de carne y hueso hablaban en francés, aunque, al ficcionarlos, tenían que hablar en euskera, claro está. En los diálogos en euskera intenté subrayar la idea de que esos personajes en la vida real hablarían en francés, de ser reales, y que, culturalmente, eran franceses. De hecho, Agnès sabe euskera, un hecho que, sin mencionarlo directamente, se da a entender en la versión original. Yves nunca llegó a conocer el euskera. Sin embargo, su manera de relacionarse, de dirigirse el uno al otro, su identidad, quería que fuesen francesas, hecho éste que se hace patente en la manera en que se saludan y se despiden, e incluso en la manera en que indagan uno en la vida del otro, en el tipo de vida que llevan, lo que beben, la prensa que leen, etc. En los diálogos busqué cierta artificialidad que recordase a una traducción del francés. Así, desestimé un euskera castizo –por llamarlo de alguna manera–, y opté por otro menos natural. Tuve también la tentación de introducir ciertas frases en francés para enfatizar aún más las peculiaridades de la geografía en que se movían los personajes, aunque finalmente opté por introducir el anuncio de los gatos en francés –otro artificio más–, para recordar la situación sociolingüística de Hendaya, que era un tema que estaba un poco en las profundidades del cuento, y que salía a relucir de vez en cuando. Sin embargo, en la traducción al castellano esta tensión entre las lenguas y esta búsqueda de sensación de traducción se desvanece, como es lógico. ¿Por qué? Porque el relato Gatos es una traducción al castellano de una versión en euskera que en mi cabeza estaba siendo traducida del francés. Pensé que los lectores no vasco hablantes y de fuera del País Vasco desconocen la realidad del País Vasco del Norte, y opté por traducir sin hacer hincapié en la artificialidad de los diálogos. (…) Es por eso que en la traducción al castellano opté por poner el anuncio de los gatos en castellano. Sin embargo, no quise renunciar a mostrar la complicada situación sociolingüística de Hendaya, por lo que opté por introducir una frase que no existe en la versión original, en la que Yves dice que su abuelo, al igual que Agnès, también hablaba euskera en su infancia.

Bestalde, hona hemen nola ikusi zuen Gabastouk pertsonaia nagusien arteko elkarrizketen auzia:

J'ai eu l'impression de ne pas traduire ce texte, mais, au contraire, d'en inventer l'original, puisque les personnages sont Français, ils parlent français, et donc j'ai essayé de recréer le texte français antérieur à sa traduction en euskara. C'est un peu prétentieux mais c'est comme ça que je l'ai ressenti. Il fallait trouver un langage commun entre les personnages, qui soit un langage assez simple, ce sont des petits bourgeois, c'est simple, ils n'ont pas un vocabulaire très compliqué, mais en même temps, il y a comme une fatigue, quelque chose qu'on trouve souvent chez les petits bourgeois. (…) C'est là-dessus que portait le travail.

Honela agertzen da iragarkia Gatos ipuinean:

Se regalan cuatro adorables gatitos:
Dos blancos de pelo corto y otros dos grises atigrados.
Nacieron el 17 de septiembre. Para no perjudicar el destete los guardaré hasta al menos el 14 de noviembre.
Si desean reservar alguno, pueden contactarme en este número de teléfono: 0559202133

Bitxia da ikustea nola jokatu zuten itzultzaileek iragarki honi zegokionez, mintegira ekarri zituzten itzulpenetan.

  • Joana Pocheluk zuzendu egin zituen akatsak, eta oin-ohar bat erantsi: En français dans le texte :

Quatre adorables petits chatons à donner :
Deux blancs à poils mi-longs et deux gris tigrés.
Ils sont nés le 17 septembre. Je les garde donc au moins
jusqu'au 14 novembre, afin que le sevrage
se fasse en douceur.
Pour en réserver un, me contacter par téléphone
(0559202133).

Henrike Olasolok eta Peter Smaardijk-ek frantsesez jarri zuten, bere horretan, eta iragarkiaren nederlanderarako itzulpena oin-ohar modura jarri zuten:

Quatre adorables petits chattons à donner:
Deux blancs avec poil mi-long et deux gris tigrés.
Ils sont nés le 17 septembre. Je les garde donc au moins jusqu'au 14 novembre, afin que le sevrage se fasse en douceur.
Pour en réserver un, me contacter par téléphone
(0559202133) [*]

[*] Vier schattige kleine katjes te vergeven: Twee witte halflangharige en twee grijze getijgerde. Ze zijn 17 september geboren. Ik houd ze dus tenminste tot 14 november bij me, zodat ze nog rustig gespeend kunnen worden. Wilt u er een reserveren, bel me dan (0559202133)

  • Gabriele Schwabek zuzenean alemanera itzuli zuen, oin-oharrik gabe:

Vier niedliche, kleine Kätzchen zu verschenken:
Zwei weiße mit mittellangem Fell und zwei grau getigerte.
Sie sind am 17. September zur Welt gekommen. Damit das Abstillen möglichst sanft verläuft, möchte
ich sie frühestens ab dem 14. November abgeben.
Wenn Sie ein Kätzchen reservieren möchten, rufen Sie mich bitte an
(0559202133)

  • André Gabastouk, sorburu-testuan iragarkia espainolez agertzen baita, frantsesera itzuli zuen, jatorrizkoan frantsesez ageri zela jakin gabe:

Offre de quatre adorables chatons :
Deux blancs aux poils ras et deux gris tigrés.
Nés le 17 septembre. Pour éviter que le sevrage se passe mal, je les garderai au moins jusqu'au 14 novembre.
Si vous voulez en retenir un, vous pouvez me contacter au numéro suivant :
05 59 20 21 33

Mintegiko eztabaiden ondoren, idazlearekin hala adostuta bi akats horiek zuzentzea erabaki zuten itzultzaileek. Horrez gain, batzuek aldatu egin zituzten beren hautuak: Joanak oin-oharra kentzea erabaki zuen, eta Andrék, berriz, jatorrizko iragarkira jotzea, akatsak zuzenduta. Halaz guztiz, azken emaitzei erreparatuz gero, bi frantses bertsioak ez dira berdin-berdinak. Borgesen Pierre Menard, autor del Quijote datorkio bati gogora…

Desberdinak dira, bai, baina zertan?

Lehen esan bezala, Katu jendea eta Gatos ez dira senide bikiak. Zail da esaten zertan aldatzen duten testua batetik bestera dauden aldeek. Gustu- eta iritzi-kontuak sartzen dira tartean, eta norberak hizkuntzaz duen sentipena eta erabilera, garbi asko hiztun batetik bestera aldatzen dena. Mintegan bertan ere, argi ikusi zen hori. Zer konnotazio du gizen hitzak? Eta potxolak? Ez ginen ados jartzen. Autoreari berari, hasieran, ez zitzaion iruditzen maitearen grinak edertuta poetikoagoa zenik, eta embellecida por el deseo del macho gordinagoa.

Guztiarekin ere, irudipena dugu gaztelaniazko bertsioa zertxobait estilizatuagoa dela, besterik ez bada euskarazkoan Eiderrek hain berezkoa duen estilo sotil eta neurtuari han-hemenka kalte egiten dioten zenbait esapide zertxobait hanpatuak leunduta ageri direlako gaztelaniazkoan. Bestalde, denbora-etenak ere aldatu egiten dira euskarazkotik gaztelaniazkora, eta, autorearen esanetan, gaztelaniaz hobeto daude, istorioaren jarioaren mesedetan. Alde horiengatik, edo auskalo zergatik, gaztelaniazkoa zertxobait estilizatuagoa iruditu zitzaigun, gustuak gustu. Hona aldeen adibide batzuk, adierazgarri izango direlakoan:

Egunetik egunera eroriago eta zulatuago dagoen hesi berde trakets batek bereizten ditu Agnes eta Yvesen lursailak.
Los terrenos de Agnès y de Yves están separados por una enclenque verja verde.
Orain, Yves lanera joaten denean, Agnesek haren katuari janari heze poltsatxoa eskaintzen dio, eta "ilajearen distirari erreparatzea besterik ez dago katu zoriontsua dela jakiteko", pentsatzen du,
Ahora, cuando Yves se va a trabajar, Agnès le ofrece a su gato una bolsita de comida húmeda, y piensa que no hay más que fijarse en el brillo de su pelo para darse cuenta de que es un gato feliz,
Duhalde andrearen katua hankazabalik zegoen lurraren kontra ahuspez, burua zerurantz biraturik, errailetik irtendako trenaren karranka baino bortitzagoak ziren marruak jaurtikiz.
el gato rayado del señor Dubois se había apoderado de Lili: la tenía apretada contra el suelo, con las patas traseras desplegadas, y la cabeza girada hacia el cielo lanzando violentos maullidos.
Ohetik altxatu zenean, Yvesek negu gorritik esna-tutako hartza zirudien, motrizitatea baldartuta.
Al levantarse del suelo, Yves parecía un oso despertándose tras un crudo invierno.

Bitxikeria batzuk ere aurkitu genituen alderaketa egiterakoan. Adibidez: Aitatxik zazpi kilo egiten ditu euskaraz, eta bederatzi gaztelaniaz; erretreta hartzeko, euskaraz hiru egun behar ditu Agnèsek (astelehenetik asteazkenera), eta espainolez bi bakarrik (lunes (…) al día siguiente); euskaraz, Agnèsek neguko pijama janzten du gauean, eta, gaztelaniaz, neguko kamisoia. Katuen arteko estalketa goizeko hiruretan gertatzen da euskaraz, eta goizeko bostetan gaztelaniaz. Zalantzazko teoriak botatzera ausartzeko elementurik gabe, zera adierazten dute alde hauek, gure iritziz: bere obra itzultzera jartzen denean, askatasunez jokatzen duela autoreak, itzultzaileak ez bezala, ezein itzultzailek ez bailuke halako aldaketarik egingo.

Le non-dit eta azken esaldia

Katu jendean, agerikoak bezainbeste indar dauka ezkutukoak. Izozmendiaren zati hondoratu eta ezkutuan geratzen da, besteak beste, zer arrazoirengatik itotzen duten Yvesek eta Agnèsek elkarrenganako desira, zein lege edo gizabidezko konbentzioren izenean.

Esan gabekoaren pisu izugarri horren ikuspegian kokatzen da, beharbada, azken esaldiaren polemika. Polemika diogu, ez baitzegoen adostasunik azken esaldi hori mantentzearen edo ezabatzearen komenientziaz. Honela amaitzen da Katu jendea:

(…) baina asteak eman zituzten usain hura ahaztu ezinik. Desioaren usaina zen, hiltzen uzten denean.

Gatos, ordea, honela amaitzen da, Eiderrek azken esaldi hori kentzea erabaki baitzuen:

(…) pero pasaron semanas sin poderse quitar de encima aquel olor.

Batzuen ustez, esaldi horrek sekulako pisua dauka, eta galdu egiten du ipuinak, kenduz gero. Ikuspegi horretakoak ziren mintegi paraleloan parte hartu zuten ikasleetako asko. Beste batzuen ustez, berriz, esaldi horrek esplikatu egiten du ipuina, eta, beraz, mugatu. Mugatze horrek galera dakarkio testuari, eta, bestetik, kolokan jartzen du ipuin osoan zehar esan gabekoak hartu duen pisu handi hori.

Buruhauste batzuen ondoren, itzulpenetan azken esaldi hori ez jartzea erabaki zuen autoreak. Honela amaitzen dira mintegitik ateratako lau bertsioak:

(…) mais il leur a fallu des semaines pour oublier cette odeur. (J. Pochelu)

(…) doch es vergingen Wochen, ohne dass sie jenen Geruch vergessen konnten. (G. Schwab)

(…) mais ils ont mis des semaines à se débarrasser de l'odeur qu'ils avaient sur eux. (A. Gabastou)

(…) maar het kostte weken om de gedachte aan de geur kwijt te raken. (H. Olasolo; P. Smaardijk)

Izenburuaren oihartzunak

Jende hitzaren adiera nagusia hau da: gizaki kopuru zehaztu eta mugatu gabea, multzotzat hartua. Beste adiera eta erabilera batzuk ere baditu, ordea: gizaki edo pertsona, banako gisa. Pertsona-, animalia- eta gauza-izenen ondoan, konposatu gisa. Ikus Orotariko Euskal Hiztegian agertzen diren zenbait adibide:

(Sing.). Ser humano. "Ez da jendea holakorik egiten duena, abere basa da"-
Persona (como sust. contable). Jente baten ohoriaren kontre. Nork daki beste zenbat mil jenderekin.
(Como segundo miembro de comp.). "Euskaldun jendea etorri zen".
(Como segundo miembro de comp., ref. a animales). "Txerri jendea (G-azp-goi, AN-gip), ganau jendea (G-azp-goi, AN-gip), bei jendea (G-azp)"
(Como segundo miembro de comp., ref. a cosas). "Zurigente, ropa blanca"

Izenburuan bertan biltzen da, handik bertatik iragartzen zaigu, ipuinaren edukiaren zati handi bat: katuak eta pertsonak, pertsonak eta katuak, multzo gisa. Baina, baita ere, katuen (animalien) eta pertsonen arteko alderantzikatze bat, animaliak gizatiarturik eta pertsonak gizagabeturik agertuko balira bezala. Hala ageri zaizkigu, argi eta garbi, ipuinaren zenbait pasartetan, batez ere Lili/Agnès binomio kontrajarrian. Alegia, animaliak bizi egiten dira (larrua jo, umeak izan, tristuraz hil). Pertsonak, berriz, sentimenduei bizkar emanik bizi dira, beren gizatasunetik alienaturik bezala.

Gaztelaniaz, Gatos du izena ipuinak, oihartzun asko bidean galduta. Frantsesez, euskaratik itzulitako bertsioan Tant de chats da izenburua, multzoaren ideia behintzat gordeta. Gaztelaniazkotik itzulitakoan, Chats. Alemanak eta nederlanderak erraz eskaintzen omen dute aipatu oihartzunak gordetzeko bidea: katmensen, katzenmenschen, katuak eta gizakiak barne hartzen dituen hitz konposatu bat eraikita.

Ispilu-jokoak

Ipuinean, katuen arteko istorioa kontatzeko sedukzio, sexu, ernaldi eta erditzearekin lotutako eremu semantiko «esplizitu» bat erabiltzen du autoreak. Hona hemen zenbait adibide:

Dubois jaunaren katu arraiatuak Lili hartua zuen mendean. Duhalde andrearen katua hankazabalik zegoen lurraren kontra ahuspez, burua zerurantz biraturik,

Lili kristalaren kontra burukadak ematen hasi zen, bafadaka, begiak kizkurtuta, uzkia leihoaren kontra estututa, auzo osoan entzun zitezkeen uluak eginez.

(…) ate parera ailegatu bezain pronto, Aitatxik gainka egin zion.

Tarteka, Lili ahozgora etzan eta hankak luzatzen zituen, zine izarren antzera. Aitatxi, hurbildu egiten zitzaion, atzaparkada jostaria egiten zion, usnatu egiten zuen, deiadarka.

Lili ondoan esertzen zitzaion, isatsarekin koreografia bihurriak eginez, baina arrak ez zuen burua plateretik jasotzen, eta berdindu ostean alde egiten zuen, etorri baino polikiago.

Hasieran, gauza heze eta bigun bat iraitzi zuen Lilik. Gero, haginkada leunez, katakumeari lotzen zion zilborrestea apurtu zuen. Jaioberriak sator itxura zeukan begiak itxita eta geruza lirdinga batez estalita zegoen. Lilik miazkatzen zuen bitartean, bigarrena etorri zen, zuri kolorekoa.

Pertsonen artean, ordea, eremu semantikoa bestelakoa da, oso sotila, han-hemenka zeharkako iradokizun erdi estaliak baino ez baititugu aurkitzen.

(…) Mahai gainean, labeko erretiluan, bizkotxo birjin bat, moldetik atera gabea. (…) Agnesek edalontzia luzatu zuen, gizonari begira. Eta honek hondoa ukitu arte sartu zuen bizkotxoa bizpahiru bider, papurrak utziz esne-azalean.

[Katu-familiaren argazki bat ateratzeko prestatzen ari direlarik].

––Non egingo dugu? ––galdetu zuen Yvesek.

––Ez dakit… Nire logelan, adibidez. Hori iruditzen zait lekurik naturalena, ezta? Yvesek betaurrekoak jantzi zituen eta luze aritu zen kameraren botoiei begira.

Ipuinaren une batean, ispilu-joko sotil bat ezartzen da katuen eta jabeen artean, bai Yves eta Aitatxiren artean, bai, bereziki, Lili eta Agnèsen artean. Ispilu-joko horren une gorena Lili erditzear dagoenean gertatzen da, Agnèsek, Yvesen bila joan aurretik, angorazko soineko bat janzten duenean. Beste zenbaitetan, animaliei dagokien lexikotik pixka bat urrundu eta gizakiei dagozkien zenbait hitz erabiltzen ditu Eiderrek, une zehatzetan.

Gisa horretako xehetasun sotiletan datza ipuinaren esanahi-geruza oso bat. Itzulpen- zailtasun nagusietako bat xehetasun horiei guztiei erreparatzea zen, eta behar bezalako anbiguotasunarekin ematea. Luze jardun genuen mintegian xehetasun horien guztien gainean. André Gabastouren hitzetan:

Les problèmes de traduction qui se posent relèvent de l'interprétation du texte. Les humains (les maîtres) ont des animaux (des chats, Lili et Aitatxi) dans lesquels ils projettent leurs désirs, mais à un point près, les chats ont une vie sexuelle alors qu'Agnès et Yves ne sortent pas du territoire de la frustration. L'humanisation des animaux (anthropomorphisme) incite l'auteur à utiliser un vocabulaire ambigu : « esterilizarla », « vaciarla cuesta cien cinquenta euros », « piense que ya se habrá dado algún gustito », « el parto duró dos horas », etc. La perception des divers événements de la nouvelle pouvant varier selon les membres de l'atelier de traduction, il était évident qu'elle entraînerait des discussions vives et intéressantes.

Lantegiaren baitan, bi mikrolantegi

Ez zegoen aurrez hala pentsatuta, baina mintegiaren saio itxiek aurrera egin ahala, gero eta nabarmenagoa izan zen taldea bitan banatzen joan zela, bai arazoak aurkitzerakoan, bai arazo horiei emandako soluzio eta irtenbideetan. Hala, ia-ia bi mikrolantegi izan genituen, germaniar hizkuntzak biltzen zituena bata (alemana eta nederlandera) eta hizkuntza erromantzeak biltzen zituena bestea (espainola eta frantsesa). Honela adierazi zuten Schwab, Olasolo eta Smaardijk-ek, elkarlanean atera eta idatzitako ondorioetan:

Ondorio nagusitzat bi hartuko genituzke:

- Alemana eta nederlandera gertu dauden bi hizkuntza dira eta, espero bezala, hainbat kasutan gure estrategiak eta konponbideak berdinak izan dira.

- Ez genuen espero, baina esango genuke guk ez ditugula aurkitu frantseserako eta gaztelaniarako itzulpenetan izan diren hainbat arazo. Hipotesi gisa, ausartuko ginateke esatera nederlanderan zein alemanean badaudela zenbait baliabide euskarazko testu honen itzulpena errazten dutenak. Besteak beste, eremu semantikoa (hitz batzuen aukeraketa), estiloa (zehar estiloaren erabilera) eta hitz elkartuak erabiltzeko joera (adibidez, Katu jendea hitz bakar batekin itzul daiteke gure bi hizkuntzetara).

Bitxikeria moduan, Gabriele Schwabek adierazi zigun arazo handiak izan zituela berak besteoi oharkabean igaro zitzaigun esaldi batekin. Lili erditzear dagoelarik, Yvesen bila joaten da Agnès, eta, gero, biak itzultzen dira Agnèsen gelara. Nola itzuliko da, ordea, joan ez dena? Alemanak ez omen du onartzen halako inkoherentziarik…

Katua lasaitzea lortu zuenean, Agnesek angorazko soinekoa jantzi eta aurpegia hautseztatu zuen. Koko koloniaz busti zituen belarri atzeak eta eskumuturrak, eta Yvesen etxera joan zen.

––Oraintxe nator, potxola. Eutsi, oraintxe nator.

Sudurrak gorriturik eta ileak euriak bustirik itzuli ziren biak, Yves, furgonetaren giltza oraindik eskuan zuela.

Beste mikrolantegia Joana Pochelu eta André Gabastouren artean sortu zen. Bata, literatur itzulpengintzara hurbildu berria; bestea, eskarmentu handikoa. Halaz guztiz, bien artean elkarrizketa guztiz naturala ezarri zen, eta, inolako aurreiritzirik gabe, bata bestearekin komentatzen zituzten beren interpretazioak, arazoak eta ordainak, eta bestearena hobea irizten zioten kasuetan norberarena aldatu egiten zuten, batak zein besteak. Elkarrizketa zinez aberasgarria ezarri zen bi itzultzaileon artean. Honela adierazi zuen Joanak:

Oso interesgarri eta aberasgarri izan da bi itzulpen izatea frantsesera; bat itzulpen zuzena eta bestea zeharkakoa. Zeharkakoa, idazlearen itzulpenetik beretik egin da, eta testu desberdina atera da Eiderrek askatasun osoa hartu duelako itzulpena egiteko orduan: ez da itzulpen literala, baina berridazketa. Beraz frantsesezko itzulpenak desberdinak atera dira, bat bestea baino gordinagoa da, besteak beste. Aterabide desberdinak aurkitu ditugu baita, eta interesgarri izan da konparatzea.

Hastapenetik, nire itzulpena aldatuz joan da: hitz zenbait gaizki interpretatu nituelako, edo Eiderrek ezarri duen anbiguotasuna ez nuelako beti ikusi ("non egingo dugu?"); hitz zenbait aldatu ditut, erregistro gordinago batean sartzeko. Azken esaldia kendu dut, horretaz hitz egin dugulako; Eiderrek gehiegizkoa ikusten duelako eta espainolezkoan kendu duelako ere (beste itzulpen batean sekula ez nuen eginen, baina idazlearekin hitz egin eta).

Gabastouk, berriz, hauxe adierazi zuen mintegian izandako esperientziaz:

Tout travail de traduction collectif fait apparaître en creux la solitude du traducteur qui s'enferme dans un tête-à-tête avec le texte. C'est pourquoi il est toujours avide de discussions, d'échanges, de confrontations parce que la traduction n'est pas une science exacte, elle n'est jamais définitive (Borges), elle est toujours perfectible. Elle n'est jamais définitive parce qu'elle est toujours une interprétation des textes (Heidegger) qui varie selon la culture et la sensibilité du traducteur.

Comme j'avais traduit le texte de l'espagnol vers le français (traduction indirecte), la confrontation des différentes traductions a fait apparaître un certain nombre de différences entre le texte en euskara et le texte en espagnol dues pour l'essentiel à l'auteure elle-même. Ce qui fait qu'à la clôture de l'atelier, nous avions plusieurs textes autonomes, des métaphores (Umberto Eco) d'un même texte-source introuvable parce qu'inexistant, parce qu'il relève de la métaphysique. On peut en conclure que tout processus de traduction se déroule sur des sables mouvants.

Frantseseko bi itzulpenak, beraz, mintegiaren hasieran bata bestetik urrunago zeuden, eta bukaeran, berriz, hurbilago. Guztiz logikoa, noski, autorearekin hainbeste solas eta galde- erantzun izan ostean, itzultzaileek –guztiek– beren itzulpenak aldatu baitzituzten, autorearen intentziotik hurbilago egon zitezen.

Azkenburua

Eiderrek mintegia nola bizi izan duen adierazten duten hitz batzuekin amaitu nahi genuke kontakizun hau. Paueko Gazteluan esan zuenez, mintegian bizi izandako esperientziak izango du eragina bere idazteko eta itzultzeko eran, oraindik zehaztugabeko moduan.

Mintegian hiru egun itzultzailez inguratuta igaro ostean, zer esango dizuet: pose guztiak galdu ditut. Idazlearen sedukzio-jolasak ez du zentzurik haiekin. Arraroa izan da: operazio-gela batean bezala sentitu naiz. Batak besteari bisturia eta guraizea pasatzen zion, non moztu eta non erantsi deliberatzen zuten, eta ni anestesiatu gabe nengoen. Haiek egiaren bila abiatu dira; herenegun esaten genuen bezala, psikoanalistari ere kontatzen ez diogun egia literario horren bila. Irakurle arruntak ez bezala, itzultzaileak ez baitu idazleak xarmatutako sugea izan nahi. Nik dakidala, sekula egin didaten irakurketa sakonena egin didate Paueko mintegi honetan, eta, sakon hitzarekin, zera esan nahi dut: nik testua idatzi nuenean nengoen toki sakonetik bertatik irakurri eta itzuli nautela haiek, nire amarru, intentzio, kontraesan eta abar guztiei mozorroa kenduz. Oraindik ez dakit nola egin duten, ez didate kontatu. (…)

Itzulgai izandako idazle batek esanak izaki, ezin dugu imajinatu hitzok baino sari hoberik itzultzaile batentzat.