Pertsona gorrendako euskarazko azpitituluak
Pertsona gorrendako azpitituluak (PGAak) eskura izatea ohikoa da herrialde batzuetan, eta ikus-entzunezkoen arlo akademikoan ohiko aztergai izan dira. Hala ere, gutxi hitz egin da pertsona gorrendako euskarazko azpitituluen inguruan, eta hutsune hori bete nahian idatzi zuen autoreak Master Amaierako Lana, 2018an. Lan horretan, pertsona gorrendako euskarazko azpitituluen presentzia eta jendearen ezagutza, erabilera eta iritzia aztertu zituen. Artikulu honetan, lan hartan lortutako zenbait datu plazaratzeaz gain, irisgarritasunari eta euskarari bultzada emateko baliabide gisa aurkezten dira pertsona gorrendako azpitituluak.
Sarrera
2017-2018 ikasturtean, Ikus-entzunezko Itzulpengintza Masterra egin nuen, Erresuma Batuan. Aukeran genituen ikasgaien artean bazegoen «Ikus-entzunezko irisgarritasuna» izeneko bat, eta hala ohartu nintzen ez nekiela zein zen alor horren egoera Euskal Herrian, edo, hobeki esanda, euskaraz. EHUko Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduan, gutxi aipatu genuen irisgarritasuna, eta egoera aztertzeko interesa piztu zitzaidan. Izan ere, Erresuma Batuan, ohikoa da jaialdietako pantailetan zeinu hizkuntzako interprete bat agertzea, edo audio deskribapena duten zinema saioak ematea, antzokietan goitituluak bistaratzea, eta abar. Azpitituluen erabilerari dagokionez, niri ere baliagarriak suertatzen zitzaizkidan, biztanle ez-natibo gisa. Hala, Master Amaierako Lana pertsona gorrendako euskarazko azpitituluen inguruan idaztea erabaki nuen.
Artikulu honen helburua ez da lan horren azalpen soila egitea; laneko zenbait datu, emaitza eta ondorio azalduko ditut, baina gerora egindako gogoetak gehituta. Urtebete baino gehiago igarota, egokia iruditu zait ideiei bigarren buelta bat ematea eta perspektibaz ikusita egindako hausnarketa sakonagoa partekatzea.
Lehenengo atalean, pertsona gorrendako azpitituluak (PGAak) zer diren azalduko dut. Jarraian, haien inguruan egin diren ikerketa batzuen berri emango dut. Hirugarrenean, Euskal Herrian gai horren inguruan egin diren aipamenak eta ikus- entzunezko itzulpengintzari buruz esan diren zenbait ideia berrikusiko ditut; ez dago PGAen inguruko gauza handirik, eta hori zen MALarekin bete nahi izan nuen hutsunea. Ondorengo bi atalak egindako azterketari eskaini dizkiot: batetik, hasierako helburuak —pertsona gorrendako azpitituluen presentzia eta jendearen ezagutza, erabilera eta iritzia aztertzea— eta helburu horiek betetzeko erabilitako metodologia, labur-labur; bestetik, lortutako datuak. Bukatzeko, lanetik ateratako ondorioak zein egungo egoerari buruzko gogoetak azalduko ditut.
Zer dira PGAak?
Pertsona gorrendako azpitituluak (PGA) ikus-entzunezko irisgarritasun mota bat dira, entzumen desgaitasuna duten pertsonek ikus-entzunezkoen elementu akustikoak atzitu ahal izatea helburu dutenak. Askotan azpititulu intralinguistiko gisa definitu izan diren arren, hori ez da beti horrela, eta azpititulu intralinguistikoak ere ez daude beti entzumen desgaitasuna duten pertsonei bideratuta (Neves, 2005).
Ohiko azpitituluen konbentzioei jarraitzeaz gain (irudiekiko sinkronizazioa mantentzea eta irakurtzeko denbora nahikoa ematea), PGAek pertsonaiak identifikatu (ikusleek jakin dezaten noren hitzak agertzen diren pantailan) eta pertsonaien tonua adierazi behar dute (informazio paralinguistikoa), baita musika, soinu efektuak eta testuaren parte diren garrantzizko isiluneak ere. Dena den, ez dago argi definitutako konbentziorik, eta aurretik aipatutako elementu horiek ez dira beti modu berean bistaratzen, aldeak baitaude herrialde edo enpresa batetik bestera.
PGAak egiteko, badaude zenbait teknika: gaur egun, berresana da zuzeneko azpitituluak egiteko gehien erabiltzen dena, nahiz eta oraindik ere estenografia eta teklatu bidezko beste metodo batzuk ere erabiltzen diren herrialde eta testuinguru batzuetan (Romero-Fresco, 2011); zuzenekoak ez diren azpitituluen kasuan, azpititulatzeko softwareak dira ohikoenak testua idatzi eta denbora-kodeak sartzeko.
PGAen ikerketa
Lorenzok eta Pereirak (2012) PGAak aztertzeko sei ikerketa lerro proposatzen dituzte: 1) arauak eta praktikarako aholkuak; 2) PGAen garapen teknologikoa; 3) audientzia motaren araberako kartografia (profil moten preferentziak edo lehentasunak); 4) hizkuntzaren normalizazioa komunitate elebidunetan (halakoetan, gor komunitateak azpitituluak baztertu ditzake, hizkuntza nazionala ikastea erronka nahikoa baita eta nahiago izaten baitute azpitituluak hizkuntza horretan egotea); 5) PGAak eta zeinu hizkuntza batzea; 6) PGAak egiten irakastea.
Joselia Nevesen doktorego tesia (2005) PGAen inguruko bete-beteko lana da, aipatutako sei bide horietako gehienak aztertu baitzituen. Nevesek Portugalgo PGAen egoera aztertu zuen: ikusleen harreran ardaztu zuen bere lana batez ere, eta kantitatea eta kalitatea aztertu zituen, hobetzeko hutsuneen bila. Portugalen, ikus-entzunezko itzulpen mota nagusia azpititulazioa izan arren, pertsona gorren irisgarritasuna ez zegoen bermatuta: ez ziren haien beharrak kontuan hartzen (adibidez, ez zen soinu etiketarik erabiltzen). PGAei lotutako taldeekin egin zuen lan (gorren komunitatea, telebista kateak eta azpititulatzaile profesionalak), guztien artean Portugalgo PGAak hobetzeko asmoz.
Atal honen hasieran aipatutako ikerketa lerroei zazpigarren bat gehitu dakieke: PGAak hizkuntzak ikasteko tresna gisa. Lan askok aztertzen dute azpitituluen erabilera didaktikoa, baina Vanderplankena (2016) da pertsona gorrendako azpitituluak hizkuntzak ikasteko tresna gisa baliatzeari buruzko azterketa nagusia. PGAek egoera kontrolatuetan (ikasgelan, adibidez) duten eragina da ia ikerketa osoaren ardatza, baina liburuko atal bat EURECAP (European Research on Captioning) proiektuari eskaini zion. Proiektu horren helburu nagusia PGAen banakako kontsumo portaerak eta estrategiak aztertzea zen: 30 partaide ingururi hainbat DVD eman zizkieten, hainbat hizkuntzatan eta PGAekin, nahi adina eta nahi bezala ikus zitzaten. Horretaz gain, partaideek zenbait ohar idatzi behar zituzten: azpitituluen kalitatea; nola erabili zituzten azpitituluak (filma gelditzen ote zuten, hiztegi berria nonbait idazten ote zuten…); egunek aurrera egin ahala filmak ikusteko era aldatzen ote zuten; azpitituluak izatea baliagarria suertatzen ote zitzaien; eta ea zerk zehazten zuen film bat azpitituluekin edo gabe ikusteko konfiantza. Lortutako emaitzek adierazi zuten PGAek konfiantza handitzen dutela film bat atzerriko hizkuntza batean ikusteko orduan, ez ulertzeak eragiten duen urduritasuna ekiditen baitute. Hizkera eta doinu bereziak errazago ulertzen laguntzen dute, eta, PGAak zenbat eta gehiago erabili, orduan eta modu malguagoan balia daitezke nahi den helbururako (ulermena hobetzeko, hitz berriak ikasteko… edo filmaz gozatzeko). Hortaz, PGAak eskura jarriz gero eta jendeak erabiltzeko ohitura hartuz gero, nahi den erara erabil litezke.
Ikus-entzunezko irisgarritasunaren inguruan pil-pilean dabilen gaia Accessible Filmmaking edo zinemagintza irisgarria delakoa da. Pablo Romero-Frescok eta kideek aldarrikatzen dute itzulpengintza eta irisgarritasuna zinemagintzaren prozesuaren hasieratik hartu behar direla kontuan, zinemagileen eta itzulpengintza/irisgarritasuneko profesionalen arteko elkarlana bultzatuz. Proposatzen duten ereduak bikoizketa, azpititulazioa, PGAak eta audio deskribapena hartzen ditu kontuan. Zinemagintza irisgarri egiteko aukeren artean, sormenezko azpitituluak azaltzen dituzte: tamaina, kokapen, kolore eta abarrekin esperimentatzea elkarrizketei eta soinuei «kolorea» emateko. Kasu horretan, ikusle guztiek irabazten dute; erakargarriak izan daitezke audientzia askotarikoarentzat, eta ez dago oso argi azpititulu orokorrak diren ala pertsona gorrendako diren, edo non dagoen bien arteko muga (Romero-Fresco eta Fryer, 2018).
Hutsunea: PGAak eta ikus-entzunezko itzulpengintza Euskal Herrian
Euskal Herrian nagusi den ikus-entzunezko itzulpengintza modua bikoizketa da; hori izan da gehien jorratu dena, bai praktikan, bai ikerketan. Dena den, badaude PGAei egindako aipamen batzuk.
Senezen 34. zenbakian, euskal bikoizketaren inguruko jardunaldian azaldu eta eztabaidatutakoak biltzen dira. Jesus Eguzkitzaren (2007) ekarpenaren galdera-tartean, ETB pertsona gorrendako euskarazko azpitituluak egiteko asmotan zebilela argitzen da, eta gaztelaniaz jada egiten ari zirela. Iñaki Zubizarretak (2007) ere egiten die erreferentzia, Aupa Etxebeste! filmean irisgarritasunari begira egin ziren urratsak azaltzean. Azaldu zuenez, audiodeskribapena euskaraz eta gaztelaniaz egin zen, baina gorrentzat moldatutako azpitituluak ez ziren euskaratu: «[I]zan ere gorrek ez dakite euskaraz irakurtzen, ez dute-ta oraindik ez irakaslerik ez ikasbiderik». Hurrengo atalean ikusiko dugunez, egoera aldatu da.
Zabalondo eta Barambonesen Ikus-entzunezko itzulpena (2006) dugu ikus- entzunezko itzulpengintzako lanik osoena euskaraz. PGAen inguruan, pare bat aipamen baino ez dira ageri:
Bada azpidatziak eskatzen dituen publiko bat ere: pertsona gorrak. Aurrerapen nabarmena da horientzat azpidatzien bidez eta denbora errealean jarraitu ahal izatea film bat edo beste edozein ikuskizun. (138. or.)
Hizkuntza barneko azpidatziak (azpidazketa intralinguistikoa): ez da hizkuntza- aldaketarik ematen. Esate baterako, gorrentzako azpidatziak edo hizkuntza bereko hizkeren artekoa (TV5 nazioarteko kate frantsesak frantseseko azpidatzietan eman ohi ditu filmak, Kanadako, Suitzako, nahiz Frantziako edo beste edozein frantses hiztunentzat). (139. or.)
Nahiz eta zehazki PGAen inguruan ez aritu, Igone Etxebarriak 1994an jada azpitituluen erabilerari buruzko ideia interesgarri asko plazaratu zituen Transvases culturales: literatura, cine, traducción jardunaldian, eta merezi du aipatzea, argi ikusten baita egungo egoerarekin dagoen kontrastea. ETB1etik gaztelaniazko azpitituluak kentzeari lotuta, esan zuen interesgarria izango litzatekeela ikusleek entzuten zuten gauza bera irakurtzea, alfabetatzeari eta euskalduntzeari begira, baita ikuspegi didaktikotik ere. Hamar urtean egoera soziolinguistikoan lortutako aurrerapenak azpimarratu zituen, eta zehaztu zuen hurrengo hamar edo hogei urteetan are gehiago igoko zela euskaraz ikasten dutenen kopurua, eta telebistak eragina izango zuela ikusleen behar linguistikoetan. Izan ere, komunikabideak, ikus-entzunezkoak bereziki, geroz eta indartsuagoak ziren, eta euskararen presentzia ezinbestekotzat jo zuen Etxebarriak, hizkuntza indartsu mantendu nahi bazen. 25 urte pasatu dira, eta zoritxarrez ez dugu bide horretatik jarraitu: ez telebistan, ezta telebistari aurrea hartzen ari zaizkion webguneetan eta sareko plataformetan ere. Bikoizketak berak, gurean atzerriko produktuak emititzeko nagusi izan arren, gainbeherako joera hartu zuen duela urte batzuk, eta, Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak (Bieuse) argitara ematen duenez, krisia nabaria da.
Azken urteotan, azpitituluen hutsunea betetzeko ekimenak sortu dira, hala nola Azpitituluak.eus, EuskoManga, Open Data Euskadi eta Filmazpit. Jada eginda dauden edo beste euskarri batzuetarako egiten diren azpitituluak biltzen dituzte webgune horiek. Azpititulu berriak ere sortzen dituzte batzuek, dirulaguntzei eta boluntarioen lanari esker.
IDENTITRA proiektuan, eremu eleaniztunetan ikus-entzunezkoen itzulpena eta irisgarritasuna aztertzeko asmoarekin, Euskal Herriko ikus-entzunezko irisgarritasunaren kartografia osatzen hasi ziren. Hauek dira lan horren barruan zituzten egitekoak: kulturaren irisgarritasunaren mapa (telebista, antzokiak, museoak, zinema…), erabiltzaileen lehentasunak ezagutzeko galdeketa, kalitatearen neurketa, eta kalitatea eta kantitatea hobetzeko plan baten diseinua (Pérez, 2017).
Azken urteetako aurrerapen teknologikoei dagokienez, ikus-entzunezkoak kontsumitzeko aukera zabala eskaini arren, ez dira hizkuntza ez-hegemonikoen presentzia bermatzeko erabiltzen (Deogracias, 2017). Ikus-entzunezko itzulpengintzari esker, hizkuntza bat ez jakitea ez da oztopo hizkuntza horretan grabatutako produktuak kontsumitzeko, eta baliabide horiek hizkuntza ez-hegemonikoen mesedetan erabiltzea bultzatzen du Marijo Deograciasek, hizkuntza ez-hegemonikoen irisgarritasuna bermatzearekin batera haien presentzia eta ikusgaitasuna babesten baita. Euskararen kasuan hizkuntza irisgarritasuna bermatzeko egin diren urratsak aztertzen ari da bere tesian, eta praktikan gauzatzeko esperimentu pare bat ere egin ditu, Whatscine aplikazioa baliatuta.
Gaiari lot dakiokeen azken berrikuntza urte hasieran izan genuen, Elhuyarrek bere hizketa ezagutzailea aurkeztu zuenean: Aditu. Momentuz, euskara eta gaztelania ezagutzen ditu, baina hizkuntza gehiago hautematea da hurrengo urratsa. Aurrerapauso garrantzitsua da, horri esker zuzeneko euskarazko azpitituluak egin baitaitezke, baita beste hizkuntzetatik azpitituluak itzuli ere, berresan interlinguistikoaren bidez (hau da, erdaraz entzuten dena euskarara interpretatzea hizketa ezagutzaileak idatzira pasa dezan).
PGAen erabiltzaileak: pertsona gorrendako al dira bakarrik?
Entzumenaren galera edo entzumen desgaitasuna zaila da definitzen eta mugatzen, hainbat ezaugarriren arabera sailkatu baitaiteke: entzumen gaitasuna, galera noiz eta zergatik hasten den eta zer atal dagoen kaltetuta (Báez Montero eta Fernández Soneira, 2010). Medikuntza-ezaugarriez gain, pertsona gor baten komunitate linguistikoa eta haren heziketa faktore garrantzitsuak dira pertsona horren garapen kognitibo eta komunikatiborako. Azken finean, pertsona baten irakurtzeko, entzuteko (entzumen hondarrari edo entzumen-protesi bati esker) eta hizkuntza ulertzeko gaitasunak baldintzatzen du zer azpititulu mota izango diren onenak berarentzat, eta ez zerk eragin zion entzumena galtzea edo noiz galdu zuen.
Faktore mota askotatik profil askotarikoak sortzen dira, eta behar asko. Dena den, bada nagusitu den sailkapen bat: gorrak (zeinu hizkuntza da beren lehen hizkuntza) eta entzumen galera dutenak (beren lehen hizkuntza ahozkoa da). Matamala eta Oreroren (2010) esanetan, onena litzateke talde bakoitzak azpititulu mota bat eskuragarri izatea: alde batetik, zeinu hizkuntzaren ezaugarriak dituzten azpititulu moldatuak; eta, bestetik, irakurtze-abiadura azkarragoa dutenak, ahozko hizkuntzatik hurbilagokoak. Praktikan, ordea, merkatuak ez du halako irtenbiderik errazten, eta bi taldeentzako baliagarri diren azpitituluak egin ohi dira.
Desgaitasunari buruzko azken inkestaren arabera, Nafarroako populazioaren % 34,89k entzumen desgaitasuna du, eta, EAEn, % 29,97k (INE, 2008). Iparraldeko egoerari dagokionez, 1999koak dira datu berrienak —hala zen 2018ko udan, gutxienez—, eta datuak ez dira soilik Iparraldekoak, ezta zehatzak ere, estatu osoko datuak kontuan hartuta lortutako estimazio bat baizik (Vie Quotidienne et Audition, datarik ez).
Tradizioz, ahozko hizkuntza ikastea inposatu zaie pertsona gorrei, baina ahozko hizkuntza bakarra. Hegoaldeko probintzietan behintzat, pertsona gorrak gaztelaniazko ereduan eskolaratzen zituzten, jendeak argudiatzen baitzuen ezin zutela euskara ikasi zailegia zelako, praktikoa ez zelako, eta, beraz, hobe zela erabiliko zuten ahozko hizkuntza behar den bezala ikastea (Kaperotxipi, 2001). Martha Kaperotxipik, zentzugabekeria hori salatu, eta pertsona gorrendako euskara ikastaro bat antolatu zuen, Zarautzen. Emaitza «oso positiboa eta aberasgarria» izan zen, eta ikastaroari jarraipena emateko elkarteen konpromisoa beharrezkoa zela adierazi zuen arren, badirudi ez zela antzekorik egin aurrerantzean.
Izen hori eman zaien arren, PGAak ez dira pertsona gorrentzako tresna esklusiboa. Ikerketen atalean aipatu bezala, PGAak erabiltzeko ohitura hartuz gero helburu jakin batzuk lortzeko, bakoitzak bere kasa erabil ditzake azpititulu horiek (Vanderplank, 2016). Zinemagintza irisgarriak eskaintzen dituen aukerekin, gainera (letren itxurarekin jolastea), azpititulu «arrunt»en eta PGAen arteko muga lausotzen da. Beraz, ez dira pertsona gorrendako bakarrik; dena den, hala izendatu nituen MALean, eta, beraz, termino hori erabili dut hemen ere, baina argi dago ez dela kontzeptu itxia, PGAek modu, forma eta erabilera asko dituzte eta.
MALaren hasierako helburuak eta metodologia bikoitza
Eskoletan, askotan aipatzen genuen kalitatea; hala, hainbat iturritako azpitituluak alderatu genituen (telebista kateak, DVDak…), eta kalitatea neurtzeko eta kalitate oneko azpitituluak sortzeko zer alderdi zaindu behar genituen ikasi genuen. PGAen ikerketan, ohiko gaia da kalitatea, eta askok diote ez dela bidezkoa edo zentzuzkoa kantitate handia ematea kalitatea bermatu gabe (Matamala & Orero, 2010). Hori logikoa den arren, ezinezkoa da kalitatea bermatzea kantitaterik gabe. Horregatik, Erresuma Batuko irisgarritasunaren egoerak eta Euskal Herriaz nekien gutxiak motibatuta, norabide bikoitzeko ikerketari ekin nion: Zer daukagu? Zer lortu dugu? Zer puntutan gaude? Zer hutsune bete behar genituzke etorkizunean? Gainera, susmoa nuen eskaintza areagotzeak onura ekarriko ziola mundu guztiari, ez euskaldun gorrei bakarrik, eta beste helburu batzuk lortzen ere lagun zezakeela. Beraz, presentzia soilari erreparatzeaz gain, etorkizunera begira egoera pixka bat aztertzearren, jendearen ezagutzari, erabilerari eta iritziari buruzko informazioa bildu nahi izan nuen. Hasierako jakin-min hori asetzeko, lau galdera hartu nituen abiapuntutzat, lanarekin erantzuten saiatzeko asmoz:
1. Zenbateko presentzia dute pertsona gorrendako euskarazko azpitituluek?
2. Jendeak ezagutzen al ditu?
3. Jendeak erabiltzen al ditu euskara ikasteko?
4. Jendea azpititulu horien alde edo kontra al dago?
Bi bloke nagusi biltzen zituen lanak, beraz: alde batetik, pertsona gorrendako euskarazko azpitituluen presentzia zenbait esparrutan; bestetik, jendearen ezagutza, erabilera eta iritzia azpititulu mota horien inguruan. Lehenengo galderari erantzuteko, azpitituluen presentziari buruzko datuak biltzen saiatu nintzen: telebistan, antzoki eta operetan, museoetan eta Interneten[1]. Gaiaren inguruan datu gutxi argitaratu diren arren, hainbat profesionalekin harremanetan jartzea lortu nuen, eta haiek izan ziren informazioa biltzeko iturri onena. Artikulu honetan, PGAak zer esparrutan aurkitu nituen baino ez dut aipatuko, nahiz eta aztertutako eremua zabalagoa izan zen. Ohartzen naiz zenbait esparru airean edo guztiz aztertu gabe geratu zirela, baina iruditzen zait balio duela pertsona gorrendako euskarazko azpitituluen presentziaren lehenengo hurbilpen gisa.
Beste hiru galderen erantzunak lortzeko, online galdeketa[2] bat prestatu nuen. Edozein euskara maila zutenei zegoen bideratuta; beraz, euskaraz gain, aukera eman nuen gaztelaniazko edo frantsesezko itzulpena ondoan izateko. Atal hauek osatu zuten galdeketa: norberaren datuak (haien artean, entzumen-protesien erabilera, lehen hizkuntzak eta euskara maila); PGAei buruzko azalpena, PGAak ezagutzen ez zituztenentzat; erabilera; eta, azkenik, iritzia. Bukaeran, nahi zuenak aukera zuen oharren bat uzteko. Jakin-mina neukan ea niri bururatutako galderez gain beste daturen bat ere jasoko ote nuen; jendeak esateko zeukana jakin nahi nuen; PGAekiko zer jarrera zuen ezagutu nahi nuen.
Lortutako datuak
Presentzia
Esparruaren arabera, alde handiak daude lortutako datuetan.
Museoak eta interpretazio zentroak beren webguneetan azaltzen zen informazioaren bidez aztertu nituen. Aztertutako 193etatik 3k adierazten zuten argi ikus- entzunezko materiala azpititulatua zutela eta zerbitzua euskaraz ematen zutela: Bertizko Jaurerria Natur Parkea, Burgiko lanbideen bide-xenda eta Iruñeko harresiak. Aipagarria da ikus-entzunezkoen irisgarritasuna bermatzeko modu asko erabiltzen direla museoetan eta interpretazio zentroetan: QR panelak zeinu hizkuntzako bideoak atzitzeko, bisita gidatuak zeinu hizkuntzan, eta abar. Hizkuntzaren aldetik, nabarmena da euskararen egoera «prekarioa», webgune asko ez baitaude euskaraz. Nola eskatu, orduan, PGAen gisako zerbitzu zehatz bat hizkuntza horretan?
Giza Eskubideen Zinemaldian, film bat behintzat pertsona gorrendako euskarazko azpitituluekin ematen da 2015. urtetik. Orain arte, sei film izan dira guztira: Hippocrate (2015), Fatima (2016 eta 2017), Slava (2017 eta 2018), L’atelier (2018), Food Coop (2018) eta Grâce à Dieu (2019) (azken hori MALa idatzi eta gerora gehitu da zerrendara). 2018ko udan, bost horiek ziren film jaialdietan pertsona gorrendako euskarazko azpitituluekin emandako film bakarrak. Filmen azpitituluak sarean ere eskura daitezke: Filmazpiten zein Azpitituluak euskaraz plataformetan.
Opera eta antzokiei dagokienez, euskarazko goitituluak egin egiten dira: ABAO- OLBEn, jatorrizko hizkuntzan antzezten dira operak, eta euskaraz zein gaztelaniaz eskaintzen dituzte goitituluak; Baluarten eta Gayarren, atzerriko hizkuntza batean dauden obretan ematen dira goitituluak; eta, Arriaga antzokian, zarzueletako abestiak (gaztelaniaz abesten direnak) itzultzen dira euskarara. Dena den, hizkuntza oztoporik ez egoteko ematen da zerbitzua, ez irisgarritasuna bermatzeko.
Euskaraz emititzen duten telebista kate guztien artean, ETBk eskaintzen ditu PGAak, eta horregatik izan zen aztertutako bakarra.
ETB 1996. urtean hasi zen zerbitzu hori gaztelaniaz ematen: Teleberri eta Eguraldia azpititulatzen ziren, aurretik prestatutako materialarekin; beraz, saioa emititu bitartean, prest zeuzkaten azpitituluak bistaratzeko —azken orduko albisterik egonez gero, ohar bat agertzen zen, albisteak azpititulurik ez zuela adieraziz. 2009ra arte ez zen euskarazko azpititulurik eskaini, orduan hasi baitzen Gaur egun azpititulatzen.
2010ean, Ikus-entzunezko Komunikazioaren Legea onartu zuen Espainiako Gobernuak, non azaltzen baitzen estaldura autonomikoko telebista kateen emisioen % 75ek PGAak izan behar zituela; telebista publikoen kasuan, % 90ek (7/2010 Legea).
Horretaz gain, gorren komunitateak presio handia egin zuen beren eskubideak aldarrikatzeko, eta Arartekoak ere esku hartu zuen. Handik aurrera hasi zen ETB filmak, telesailak eta beste hainbat saio azpititulatzen. ETBren PGAen une gorena 2011 eta 2013 artean izan zen; horren ondoren, ordea, ETBk bere produktuak azpititulatzeari utzi zion, zailtasun ekonomikoen ondorioz.
Gaur egun, 2018ko udan bildutako datuen arabera, garai batean egindako pertsona gorrendako euskarazko azpitituluak erabiltzen dira errepikatutako saioak emititzen direnean, ETB 3ko marrazki bizidunetan batez ere. 2017an, Go!azenen laugarren denboraldia azpititulu mota horiekin eman zen ETB 1en, eta, gerora, ETB 3n.
2017an eta 2018ko ekainera bitartean, hauek izan ziren ETBren lau kateetan emititutako PGAen ehunekoak hilabeteko:
Batez beste: ETB1 (% 0,77); ETB2 (% 20,36); ETB3 (% 18,2); ETB4 (% 18,36). EiTB sortu zenean proiektuari esleitu zitzaizkion hiru helburu nagusiak gogoratzen baditugu (Larrinaga, 2007), argi dago lehenengoa ez duela betetzen, pertsona gorrei ez baitie bermatzen edukiak eskuratzeko ahalmena. Are gehiago, beste bi helburuen harira, azpititulu mota horiek hezkuntzarako materiala eta euskal kultura zein hizkuntza sustatzeko tresna izan daitezke.
Pertsona gorrendako euskarazko azpititulu gutxi eskaintzen da. Telebista, interpretazio zentroak, antzokiak eta jaialdiak aktiboenak diren arren, lan handia egin daiteke oraindik. Orain arte egindako gehiena euskara ikusarazteko eta indartzeko egin da, irisgarritasuna maila baxuagoan utzita; ez da harritzekoa euskararen egoera kontuan hartzen badugu, hizkuntza bera ez baitago beti bermatuta.
Ezagutza, erabilera eta iritzia
Ezinezkoa da galdeketan lortutako emaitzetatik Euskal Herriko joera orokorra ondorioztatzea, galdeketa erantzun zuten 736 pertsonak errealitatearen ehuneko txiki-txiki bat besterik ez baitira. Adinaren aldetik, partaidetza zabala izan zen, gazteenak 12 urte eta zaharrenak 82 baitzituzten, eta partaideen batez besteko adina 49 urtekoa izan zen; beraz, adinaren arabera, ikuspuntu ezberdinak lortu nituen. Eskualdeka, ordea, alde nabariak izan ziren: % 80 Gipuzkoan eta Nafarroan bizi ziren (kopuru berdintsuekin). Iparraldeko partaideak lortzea zaila izan zen, hango zenbait elkarterekin harremanetan jarri arren ez bainuen partaidetza handirik lortu. Hortaz, ezin dira lurraldeetako iritziak elkarren artean alderatu, partaide kopurua oso ezberdina izan zelako. Hala eta guztiz ere, ideia interesgarriak eta nolabaiteko lehenengo irudi bat lortu nituen jendearen ezagutzaren, erabileraren eta iritzien inguruan.
Ezagutzari dagokionez, ia partaideen % 65ek bazekiten zer ziren PGAak, eta % 8k baino gutxiagok adierazi zuten ez zekitela; gainerakoak, berriz, ez zeuden guztiz ziur bazekiten ala ez.
Partaide gehienek (% 86,4) ez zuten PGArik erabiltzen edo ez zuten inoiz erabili. Hainbat arrazoi egon daitezke horretarako: eskaintza falta, ikusgarritasun eza, programazioa (ezohiko orduetan emititzea) edo, besterik gabe, PGArik behar ez izatea.
Pertsona gorren erantzunak ere bildu nahi nituen, baina, partaide gorrak zein ziren jakiteko, ez nuen asmatu inkesta modu egokian formulatzen. Kokleako inplantearen eta audifonoen erabilerari buruz galdetu arren (inplantea: partaide bat; audifonoa: 16 partaide), ezinezkoa da informazio horrekin datu argiak ateratzea: badaude inolako protesirik erabiltzen ez duten pertsona gorrak; adin kontuengatik, gaixotasun batengatik edo istripu batengatik audifonoa erabiltzen dutenak, eta abar. Hori argitzeko, lehen hizkuntzaren inguruan ere galdetu nuen, zeinu hizkuntza lehen hizkuntza zuten guztiak gorrak zirela ondoriozta nezakeela pentsatuz; akatsa, noski, ez bainituen CODAk (Children of Deaf Adults) kontuan hartu. CODA guraso gorrak dituzten haur entzuleak dira, zeinu hizkuntza lehen hizkuntza dutenak (edo lehen hizkuntzetako bat, behintzat, gurasoekin komunikatzeko erabiltzen dutelako) eta, entzuleak direnez, ahozko hizkuntza arazorik gabe erabiltzen dutenak. Horrek argitu lezake zeinu hizkuntza lehen hizkuntza bakar gisa markatu zuten zazpi pertsonetako batzuek euskaraz entzumenaren ulermen maila ona edukitzea, zazpietako inork entzumen-protesirik erabili ez arren.
Zeinu hizkuntza lehen hizkuntza zuten pertsonen erantzunak lortzea ere zaila izan zen (Espainiakoa: 17; Frantziakoa: 0). Arrazoi posible bat pertsona gorren elkarte batzuek eman zidaten: haur gor gehienak eredu erdaldunetan eskolaratzen dituzte. Eunate Nafarroako pertsona gorren familien elkartean esan zidatenez, elkarteko kide euskaldun gehienak haurrak dira, gazteegiak azpitituluak erabiltzeko. Dena den, oraindik ere gor euskaldunen kopuruak baxua dirudien arren, imajina dezakegu goraka doala, haur gorrek dagoeneko ikasten baitute euskara eta haurrak hazi egiten baitira.
Hizkuntza gaitasunaren atalean, 51 pertsonak adierazi zuten euskarazko ulermen maila baxua zutela. Horietako 3k besterik ez zituzten erabiltzen pertsona gorrendako euskarazko azpitituluak, eta 6k noizbait erabili izan zituzten; 9tik 5ek hizkuntza lantzeko erabili izan zituzten noizbait. Euskarazkorik erabiltzen ez zuten 42 horietatik 12k beren lehen hizkuntza ez zen beste hizkuntza batean erabiltzen zituzten; horietako 3k ez zekiten euskara ikasteko balio dezaketen ala ez, baina beste 9ek onartu zuten balio dezaketela. Dena den, kopuruak urriegiak dira ondorioztatzeko jendeak orokorrean PGAak beste hizkuntza batzuk lantzeko erabiltzen dituela, baina ez euskaraz.
Beste hizkuntza batzuetako PGAei dagokienez, hizkuntza hauek erabiltzen zituzten partaideek (254 pertsona):
Euskarazko PGAak erabiltzen dituztela edo inoiz erabili izan dituztela erantzun zutenek beste atal bati ere erantzun behar izan zioten, erabilera zehatzaren inguruan (100 partaide). Ez zen guztiz argi gelditu atal hori euskarazko azpitituluei besterik ez zegokiela, eta, beraz, beste hizkuntza batzuei zegozkien datuak ere jaso nituen, guztiak nahasita. Hona hemen atal horretan lortutako erantzunak:
Galdeketaren azken atalean, partaideen iritziari dagokionez, antzeko iritziak jaso nituen.
Partaide gehienek (% 63,6) PGArik erabiltzen ez duten arren, % 85,2k euskarazko azpititulu gehiago nahi lituzkete, eta % 89,5ek uste dute euskara ikasten lagundu dezaketela. Gainera, galdeketaren bukaeran, aukera eman zitzaien nahi izanez gero oharren bat uzteko, eta askotariko gaiak atera ziren, besteak beste: eskubideen aldarrikapena eta irisgarritasunaren kontzientziazioa, hizkuntzaren ikusgaitasuna; teknologiak ematen dituen abantailak nahikoa ez aprobetxatzea; kalitatea; azpitituluak vs bikoizketa; atzerriko hizkuntzaren eta euskararen arteko lotura egitea gaztelania edo frantsesa tartean sartu gabe.
Nahiz eta jende gutxik erabili, oro har, azpititulu mota hauen aldeko jarrera nabaritu zen; azken finean, pertsona batzuentzat ezinbestekoak dira, baina guztiontzat dira baliagarriak. Gauza bera gertatzen da euskara erabiltzen dutenen eta euskararen erabilera sustatzeari buruz aldeko jarrera dutenen artean; azken inkesta soziolinguistikoan argitaratu zenaren arabera, euskararen eremu osoan % 69k beti gaztelaniaz egin arren, % 55,8 agertu zen euskara sustatzearen alde (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskararen Erakunde Publikoa, 2016).
Ondorioak: etorkizunerantz
Pertsona gorrendako euskarazko azpitituluen presentzia txikia da orokorrean. Telebistak eta goitituluak eskaintzen dituzten antzokiek erabiltzen dituzte gehien, baina ETB urrun dago legeak zehaztutako ehunekotik, eta badirudi ia ez dela azpititulu berririk sortzen. Gehienbat telebista aztertu den arren —baita nire lanean ere—, ez da PGAen euskarri bakarra, eta beste esparru batzuetan ere garatu daitezke; batez ere telebistaz gain ikus-entzunezkoak ikusteko modu gehiago ditugula kontuan hartuta. Esparru batean baino gehiagotan erabiltzeak PGAen presentzia eta erabilera normalizatzeko balio dezake.
Badirudi erabilera ere baxua dela, baina erabiltzen dituztenek hainbat euskarri eta hizkuntzatan erabiltzen dituzte, hainbat arrazoirengatik, entzumen maila eta hizkuntza ezagutzaren maila gorabehera. Hainbat arrazoi egon daitezke PGAak gutxi erabiltzeko; horietako bat ohitura falta izan liteke, Euskal Herrian bikoizketa izan baita nagusi atzerriko ikus-entzunezkoak gurera ekartzeko orduan. Horrek azpitituluen kontrako jarrera eragin dezakeela pentsa lezake batek, baina, inkestaren arabera behintzat, aldeko iritziak gailentzen dira, eta hasiera batean kontra zirudien jendeak onartzen du beharrezkoak direla. Orain arte egindako ikerketek erakusten dute PGAak hartzaile nagusientzat onuragarri izateaz gain beste hainbatentzat ere baliagarri direla, eta, galdeketaren erantzunei erreparatuta, badira horretaz ohartu direnak eta euskara lantzeko erabili izan dituztenak.
Euskarazko ikus-entzunezkoetan egindako esfortzu gehiena hizkuntzaren ikusgaitasunaren mesedetan izan da, ez horrenbeste irisgarritasuna bermatzeko helburuekin. Ulergarria da, urte askoz zapalduta egon den hizkuntza dugulako gurea, eta haren estatusak kezka handia ekarri digu hiztun eta erabiltzaileoi. Lan handia dugu egiteko alderdi horretan, baina zergatik baztertu baliabideak? Izan ere, irisgarritasuna lantzeak onura ekar diezaioke euskarari: ikusgaitasuna handitzen, erabilera zabaltzen eta hiztun kopurua igotzen lagundu dezake. Dagoeneko ikerketak martxan egotea seinale ona da, baina ezin dugu ahaztu praktikara eraman behar direla.
Interesgarria litzateke pertsona gor euskaldunen iritziak eta lehentasunak jakitea, haiei balio dien zerbitzu bat eskaini ahal izateko. Poliki-poliki egoera hobetzeko urratsak egin daitezke, ez ikerketa akademikoan soilik, beharrezkoa baita praktikara eramatea benetan balio izan dezan, eta garrantzitsua da jendearen erantzuna kontuan hartzea, akatsak eta hutsuneak konpontzeko eta kalitatezko zerbitzua emateko. Gainera, irisgarritasunari lotutako beste arlo batzuk ere aztertu behar lirateke, ez PGAak bakarrik.
Akaso, gehiegizko motibazioa izan nuen lana egiterakoan: eremu zabala hartu nahi izan nuen, eta hankamotz geratu zitzaidan hainbat alderditan. Dena den, lehenengo hurbilpen gisa ulertzen dut egindakoa; badakit ez dela egia biribila, hasierako datu batzuen bilketa baizik, beste lan batzuetarako abiapuntu izan daitekeena. Lortutako datu gehienak beste batzuen ekarpenei eta laguntzari esker lortu nituen (profesionalak eta galdeketako partaideak), eta batera lan egitearen garrantzia nabarmendu nahi nuke, hori gabe ez baikoaz inora.
Baten batek galdetuko du: zergatik aztertu hori? Esparru ñimiñoa da. Total, euskaraz, zertarako? Badaude gauza garrantzitsuagoak, baina! Zergatik ez? Zergatik izan txiki? Aurrera egiteko beste modu bat iruditzen zait niri, zabaltzeko, atzean ez geratzeko. Gaur egun gizartean gehien erabiltzen diren hainbat gauza (plataforma digitalak, sareko bideoak…) euskaraz ez badaude, gainerako hizkuntzetan erabiltzen ohituko gara, eta jan egingo gaituzte. Eskura ditugun baliabideak aprobetxatu behar ditugu.
Erreferentzia bibliografikoak
7/2010 Legea, General de la Comunicación Audiovisual (martxoaren 31ko 7/2010), Madril: BOE (Kontsulta: 2020-03-25).
Báez Montero, Inmaculada eta Ana Fernández Soneira (2010). «Spanish deaf people as recipients of closed captioning», in Matamala, Ana eta Pilar Orero (arg.) Listening to subtitles: subtitles for the deaf and hard of hearing, Berna: Peter Lang, 25.-44. or.
Barambones, Josu eta Beatriz Zabalondo (2006). Ikus-entzunezko itzulpena, Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea.
Deogracias, Marijo (2017). «Hizkuntza irisgarritasuna: telebistaren digitalizazioa hizkuntza gutxituen mesede», Ikergazte II. Nazioarteko ikerketa euskaraz. Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea., Iñaki Alegria Loinaz, Ainhoa Latatu Nuñez, Miren Josu Omaetxebarria Ibarra, Patxi Salaberri Zaratiegi (arg.), Eibar: Udako Euskal Unibertsitatea, 125.-130. or.
Eguzkitza, Jesus (2007). «Bikoizketa. Hizketaren lantegia», Senez 34.
Etxebarria, Igone (1994). «Doblaje y subtitulación en Euskal Telebista», in Eguíluz, Federico et al. (arg.), Transvases culturales: literatura, cine, traducción, Gasteiz: Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea UPV-EHU, 191.-197. or.
Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskararen Erakunde Publikoa (2016). VI. Inkesta soziolinguistikoa. Euskararen eremu osoa.
INE (2008). Encuesta de Discapacidad, Autonomía personal y situaciones de Dependencia. (Kontsulta: 2020-03-25).
Kaperotxipi, Martha (2001). «Euskara eta euskaraz ikasi nahi duten gorrentzat aukera paregabea», Euskonews & Media. (Kontsulta: 2020-03-26).
Larrinaga, Asier (2008). «Euskarazko bikoizketaren historia», Senez 34.
Lorenzo, Lourdes eta Ana María Pereira (2012). «Subtitulado para sordos, un reto y una necesidad: pasado, presente y futuro del SPS en España», in Martínez Sierra, Juan José (arg.) Reflexiones sobre la traducción audiovisual. Tres espectros, tres momentos, Valentzia: Universitat de València, 109.-124. or.
Matamala, Ana & Pilar Orero (2010). Listening to subtitles: subtitles for the deaf and hard of hearing, Berna: Peter Lang.
Neves, Joselia (2005). Audiovisual Translation: Subtitling for the Deaf and Hard-of-Hearing, Doktorego tesia, Roehampton University.
Pérez, María (2017). IDENTITRA proiektuaren aurkezpena Simposio sobre trasvases culturales: Accesibilidad y traducción en entornos multilingües jardunaldietan (EHU), «La investigación en accesibilidad en los estudios de Traducción e Interpretación» saioan (01:05:40 — 01:12:22) (Kontsulta: 2020-04-01).
Romero-Fresco, Pablo (2011). Subtitling Through Speech Recognition: Respeaking, Manchester: St. Jerome.
Romero-Fresco, Pablo eta Louise Fryer (2018). Accessible Filmmaking Guide, London: Archer’s Mark. Pablo Romero-Frescok idatzitako Accessible Filmmaking (Routledge) liburuaren bertsio laburtua.
Vanderplank, Robert (2016). Captioned Media in Foreign Language Learning and Teaching. Subtitles for the Deaf and Hard-of-Hearing as Tools for Language Learning, Basingstoke: Palgrave Macmillan.
Vie Quotidienne et Audition (datarik ez). Combien de malentendant(e)s (Kontsulta: 2020-03-25).
Zubizarreta, Iñaki (2007). «Euskarazko Bikoizketa-Topaketa», Senez 34.
Oharrak
1. Zinema eta DVDak aztertzeko asmoa ere banuen, baina, datuak lortzeko zailtasunen ondorioz, ikerketatik kanpo utzi behar izan nituen.
2. Ezinezkoa zen galdeketa artikuluan txertatzea, baina berriro ere aktibatu dut, norbaitek ikusi nahi balu: hemen.