Euskarazko Bikoizketa-Topaketa
Artikulua PDFn
Iñaki Zubizarreta, Xubi, gipuzkoarra da, Azpeitian jaioa.
Frailetzan 11 urte egin zituen: bost urtez Humanitateak ikasi zituen; hiru urtez Filosofia eta bi urtean Teologia ere bai. Gero, utzi bizimodu hori eta Donostiako Herri Irratian sartu zen 1970ean. Kulturako saioen ardura izan zuen irratian eta euskarazko saioak prestatzen zituen: prestatu, idatzi, lokutatu... dena, bere esku.
Irratian lanean ari zela, Lingüistika Erromanikoa ikasi zuen (1970-1975), Donostian. 1983an, irratia utzi zuen eta FIBIZEn ikastaroak eman zituen. (FIBIZE, goizeko aurkezpenean esan dugunez, Irrati-Telebista Eskola hartako zerbitzu bat izan zen, Euskal Telebistarako lehenengo bikoizketak egin zituena). Iñaki Zubizarretak berak FIBIZE horretan ikastaroak eman zituen: jendeari mikrofono aurrean hitz egiten eta irakurtzen erakusten ibili zen.
Segidan, ikus-entzunezkoetako Eresoinka enpresa sortu berrian hasi zen lanean, Donostian; gero, enpresa horrek Irusoin izena hartu zuen —Andoainen izan zuen egoitza lehendabizi eta ondoren Donostian—, eta orain Mixer enpresan da, Irusoinek eta Edertrakek euskarazko bikoizketarako bat egin dute eta. Eresoinkan, Irusoinen eta Mixerren, hiru enpresetan, hizkuntzaren ardura izan du beti Xubik.
EIZIEko kide ere bada sorreratik beretik, eta bi urtez lehendakari ere izana da.
Lehendabizi esan nahi dizuet oso gustura nagoela zuen artean.
Izango duzue, noski, Beatriz eta Josuren liburu honen berri [Barambones, J. eta Zabalondo, B. (2006): Ikus-entzunezko itzulpena. UEU, Bilbo]. Bertan zehatz-mehatz azaldu dute zer den itzultzea eta egokitzea, eta ez dugu hemen xehetasunetan sartu beharrik. Nahikoa izango dugu ezaugarri nagusiak nabarmendu eta argitzea. Ez ahal ditugu bederen ilunduko!
Audiodeskripzioa
Gure gaiari zuzenean heldu baino lehen, hemen oraindik oraintsu hasiak diren bi komunikazio modu berri aipatu nahi nituzke, liburuan ez datoz-eta: audiodeskripzioa itsuentzat eta azpidatziak gorrentzat moldatuak, ezagunago zaizkigun bikoizketari eta azpidatzi normalari gehitzekoak.
Ez da oraindik gure artean plazaratu, baina Mixerren itzulia dugu Aupa Etxebeste filmaren gidoi audiodeskribatzailea itsuentzat, gaztelaniatik euskarara, gaztelaniaz gu baino lehen hasiak dira-ta horretan ere. Gaztelaniazkoa ikusiko dugu, zuek jabetzeko gutxi gorabehera zer den audiodeskripzioa.
[Segidan, The Silence of the Lambs (El silencio de los corderos) filmaren "La fuga" sekuentzia proiektatu da. Audioa: gaztelaniazko audiodeskripzioa]. Hona transkripzioa:
"Sobre la mesa de Lecter una pequeña grabadora con una cadena en el asa suelta. Al lado hay un dibujo de la joven policía, con un cordero en el brazo. Al fondo, tras el biombo, con camiseta y pantalón blanco, está Lecter de pie. Dos policías se acercan. Uno de ellos lleva una bandeja con comida.
—Cuando usted quiera, doctor.
—Un momento, por favor.
Lecter, tras el biombo, escucha la música con los ojos cerrados. El policía pone la bandeja en el suelo, mientras el otro abre la red.
—El hijo de puta ha pedido otra comida. Chuletas de cordero muy crudas.
—¿Qué querrá para desayunar? —¿Algo como la porquería del zoológico? [RIEN]
Uno de los policías le pasa al otro la defensa. Lecter, todavía con los ojos cerrados, saca por entre sus labios el clip del lapicero. Abre los ojos y lo coge con la mano.
El policía le da al otro un spray de defensa química. Lecter sale de detrás el biombo mirándolos y se acerca.
—Buenas noches, caballeros.
—Bien, doctor. Al suelo, vamos.
—Como siempre.
Lecter oculta entre los dedos de su mano izquierda el clip. La cierra, y de espaldas a los barrotes se sienta en el suelo con las manos atrás.
—Cuando usted quiera, sargento Pembry.
Éste saca las esposas del cinturón, se agacha y se las pone en las muñecas del homicida, que ha sacado las manos por entre los barrotes. Una vez puestas, se asegura de que están bien sujetas, tirando de la cadena que las une.
—Ya está.
Casi sin emitir sonido, el asesino tararea la música.
Lecter con el clip abre las esposas.
El policía con la bandeja entra.
—Gracias. Cuidado con los dibujos, por favor. Gracias.
El policía mira donde ponerla. Al final la pone en el suelo, junto a Lecter. Se lavanta y enrolla los dibujos que hay encima de la mesa.
El otro policía saca la llave de la cerradura. Cuado éste va a coger la bandeja, Lecter le pone una esposa en una mano y la otra la cierra en uno de los barrotes.
Lecter le da una patada a la puerta, golpeando al otro policía. Después se levanta y con la cabeza cogida del policía le da un bocado en la cara. El sargento mira impotente cogido con las esposas en los barrotes. Lecter con la boca llena de sangre, golpea la cabeza contra los barrotes. Luego coge el spray del policía y le pulveriza en los ojos. Éste cae al suelo frotándose los ojos. Un trozo de carne le falta en su mejilla.
El sargento mientras trata de abrir las esposas, mira despavorido lo que está sucediendo. Lecter lentamente blande la defensa del policía y lo golpea varias veces.
En el suelo, junto al brazo del policía caído está la bandeja. Junto a ella hay unas llaves, un encendedor, una navaja y la defensa del policía. Cerca de la cabeza hay charco de sangre.
Lecter, con la mano manchada de sangre, sigue el sonido de la música. Con los ojos cerrados mueve su cabeza rítmicamente".
Esan dizuedan bezala, guk egin dugu Aupa Etxebeste filmaren audiodeskripzioa. Oraindik argitaratu gabe dago. Horregatik ezin izan dut ekarri hona, zuei erakusteko.
Esan egingo dizuet hitzez nola den. Ohar hauxe egiten digu kontalariak hasieran, DVD horretan:
"Aupa Etxebeste filmaren DVDaren menuan zaude. Aldagailuaren Gora ta Behera geziekin menu honen aukeretara sar zaitezke: audiodeskripzioa eta ohiko menua.
Audiodeskripzioa aukera hautatu duzu. Sartu nahi baduzu, OK sakatu."
Eta halaxe sakatuta, audiodeskripzio honetako zati bat irakurriko dizuet neuk, tamalez ez daukagu-ta eskura oraindik DVDa.
"Aupa Etxebeste!
Musika banda bat proba saioak egiten lokal batean. Zuzendariaren atzean erraldoiak eta buruhandiak.
Tabernan Patrizio hizketan, Luis eta Julianekin, eta bezeroak ere adi. Zezenaren gainetik ezten haga altxatzeko plantak egiten. Mugikorra atera du. Badoa. Luis eta Julian barran. Luis eta Julian tabernariari begira.
Emakumeen ile apaindegi batean. Maria Luisa sartu da.
Musikariak badoaz lokaletik, musika tresnak soinean gurutzatuta.
Iñaki eskaileran gora doa plazarako bidean. Goian hiru lagun dauzka zain, eta haiekin doa oinez. Kanpandorrera doaz."
Jabetuko zineten honezkero komunikazio modu berri honek euskarari ekar diezaiokeen onuraz, aurrera egiten badu eta zabaltzen bada, noski.
Azpidatziak, gorrentzat moldatuak
Aupa Etxebesteren azpidatzi hauek ez dira euskaratu, izan ere gorrek ez dakite euskaraz irakurtzen, ez dute-ta oraindik ez irakaslerik ez ikasbiderik. Horregatik gaztelaniaz utzi behar izan ditugu.
Azpidatzion ezaugarrietako bat da efektuak adierazi beharra. Horrela dira Aupa Etxebesteko batzuk:
"Agua sobre parabrisas. Música. Murmullos. Campanada. Pitido. Apertura de puerta. Cierre de puerta. Ventilador de secado. Picaporte ventana. Maullido..."
Beste ezaugarrietako bat kolorea erabiltzea da: pertsonaia bakoitza kolore bati lotuta, entzumen urriko ikuslea aise ohartuko da nori dagokion elkarrizketa-lerro bakoitza.
Azpidatzia eta bikoizketa
Liburuan aipatzen da labur eta aurreko saioan ere zerbait aipatu da azpidatziari eta bikoizketari buruz. Alde honetatik, baten batek idazten du biek dutela bere bidea eta abar. Aldeko eta kontrako, arrazoi asko atera daitezke.
Hizkuntzaren ikuspegitik ez dago, nire ustez, inolako zalantzarik. Bata ala bestea hautatzekotan, bikoizketaren alde egin beharra dago apustua, izan ere hizkuntzaren diakronian, eta sinkronian ere bai, ahozkoa da aurrena, funtsezkoa. Idatzia gero dator, gerokoa da. Idatziak ahozkoan du oinarria, lehen eta orain. Beti.
Frantzian eta Espainian ondotxo dakite hori: ezinbesteko dute ingelesetik babesteko. Guk, hemen, arrazoi doblea dugu: ingelesetik eta gaztelaniatik edo frantsesetik babesteko, alegia.
Hizkuntzan, garrantzizkoena hitza da: belarria eta mihia. Azpidatziak ez du hori lantzen. Azpidatzia idatzi hutsa da. Hizkuntzari zeinek zerbitzatzen dion hobeto, ez dago zalantzarik, nire ustez, zeinek laguntzen dion lantzen.
Eta honenbestez, gure gaiari helduko diogu.
Itzulpen-egokitzapena
Euskara lantzeko bide oparoa da, artisau lana, nolabait. Eta langaia hizkuntza bera da. Artisau lana bakarrik ez, sortze lana ere bada.
Hiru arlotan egiten dugu lan, batez ere, gaur egun: Film, dokumental eta marrazki bizietan. Garai bateko telesailak, bai gazteentzakoak bai helduentzakoak, atzenduak ditu erabat ETBk. Adibide batzuk ikusiko ditugu:
[Lagun Kutun Berria filmeko sekuentzia bat]
[Gizaki ipotxak: Floresko hobbitak dokumentalaren zati bat]
[Anne Etxe Berdekoa marrazki bizien zati bat]
Filmak bere gidoia izaten du: aurrez sortu eta landutako ahozkotasuna da ikus-entzunezko testuetan ageri dena. Ahozkoan du oinarria testuak. Eta hizketan komunikazioa berehalakoa da, gertaeraren harian doana. Elkarrizketa biziak dira filmen ezaugarri.
Beste estilo bat dute dokumentalek: kontakizuna da funtsean: edukia leial azaldu, euskaraz kontatuta. Dokumental mota asko daude edukien arabera: herrien kultura-ohiturak, zientzia, animalien jokabideak...
Marrazki bizietan ere, filmetan bezalaxe, elkarrizketa da nagusi. Haurren hizkera zuzena, baina ez pobrea: ez dira tontoak, aise hartzen dute dena, eta ikasten.
Artisau lana dela esan dugu, eta hauxe irakurri dugu Beatriz eta Josuren liburuan: "Esaldi bat idatzi, probatu egokia den, eta ez bada, beste bat idatzi eta berriz probatu, harik eta esaldi egokiarekin asmatu arte". Lehen bertsioa, jatorrizkoari leiala. Bigarrena, begiak itxita. Nola esan euskaraz hori? Ez du zertan denboran izan aurren/bigarren, euskaraz berehala etor dakioke lan horretan trebatuari.
Neu ere ibilia naiz itzultzen, eta anekdota txiki bat kontatuko dizuet. Pio Barojaren Mari Beltza ari nintzen itzultzen -argitaratu gabea da; etxerako- eta zati honekin bueltaka ari nintzen orain dela urte batzuk:
"¿Por qué lloran los hombres cuando nacen? ¿Será que la nada, de donde llegan, es más dulce que la vida que se les presenta?"
Ezereza, nondik datorren eta antzeko esapideen inguruan bueltaka ibili eta gero, halako batean jatorrizko hitza bururatu zitzaidan, hain ezaguna. Honelaxe itzuli nuen pasarte hori:
"Zergatik egiten dute negar gizakiek jaiotzean? Jatorrizko ezereza gozoago ote da, ba, aurrean duten bizitza baino?"
Batzuei gustatuko zaie, beste batzuei ez. Niri horrela gustatu zitzaidan.
Gure itzultzaile-egokitzaileei horixe gomendatzen diet nik: emateko bigarren edo hirugarren buelta; alegia, nola esango nuke nik -edo esaten dut- euskaraz ari naizenean, horixe bera, egoera horretan. Hona adibide batzuk, esan nahi dudana argiagotzeko.
Aspaldi honetan sarri azaltzen da O, ez! esapidea. Euskaraz ari garenean ez ote dugu ia beti Ez, ba! esaten. Lehen behintzat bai, eta orain ere, nik uste. Eta kontrakoa: Bai, ba! Honek badu, halere, beste erabilera bat. Itzultzaile gehienek, bati zerbait bururatu zaiola adierazteko, Badakit itzultzen dute (¡Ya sé!); eta batzuek Hori da! (¡Eso es!) Eta gutxik itzultzen dute: Bai, ba! Eta nire ustez Bai, ba! erabiltzen dugu gehienetan eguneroko hizketan. ("Bai, ba! Amari esango diot eta berak konponduko du arazoa".)
Hizkuntza guztiek dituzte makulu gisa formula labur eta adierazkorrak: gaztelaniaz A propósito/Por cierto... adibidez. Horren ordainetan esapide luze-baldarrak ikusten edo entzuten ditugu sarri euskaraz —ez dut esan nahi oker daudela—: Horretaz ari garela, Kontu horri dagokionez, zeuk hori aipatu duzula. Baina hori adierazteko baditugu guk ere geure formulak: Izan ere, horiek horrela. Izan erek badu, jakina, beste erabilera ezagun bat, kausazkoa: "Izan ere berak ez zekien ezer. Horregatik esan zion hori". Baina eguneroko hizketan, A propósitoren ordain ere bada. Adibidez: "Izan ere, non bizi da hire lagun hori?"
Badira, halaber, Y que lo digas, eta horrelakoak: Hori esan! Bai, gizona!.
Gauza horiek, egunero esaten ditugun makulu horiek ondo eman behar ditugu euskaraz. Eguneroko gauzak ondo esaten ikasi behar dugu lehendabizi. Egunero gauza horiek esaten dira eta. Horregatik dator bigarren bueltaren kontu hori; garrantzitsuak direlako eguneroko hauek. Pentsatu behar dugu: "Nik nola esango nuke kontu hori?".
Analogia eta sinonimoetan adituak ditugu egokitzaileak, arituak direnez, baita onomatopeia eta interjekzioetan ere halabeharrez: oro har, hizkuntzaren baliabide guztiak erabili beharrean aurkitzen dira. Eta horretan lagun dute zuzentzailea.
Zuzentzailearen ekarpena
Okerren bat ikusita, zuzentzeaz gainera, badu beste ekarpenik zuzentzaileak. Hurrengo baterako egokia izango litzateke horretaz jardutea, egokitzaileek jakin dezaten zer den zuzen eta zer oker gure iritziz.
Hona zuzentzailearen ekarpenak:
a) Zuzentzaileak egokitzaileen loreak bildu behar ditu. Loreak esan nahi dut, asmatu dutenean gauzak ondo esaten-eta; orduan zuzentzaileak adi egon behar du eta egin behar duena da egokitzaileen loreak bildu eta zuzentzerakoan bataren eta bestearen lanetan banatu, ikusle-entzuleei eskaintzeko eta helarazteko.
b) Gero, estilo berdintsua eman behar dio euskarari telesailetan, ez baititu egokitzaile berak egiten atal guztiak. Hori izango litzateke ideala, baina presak eta azkar egin beharrak ekartzen du telesail luzeak banatu beharra itzultzaile-egokitzaile askoren artean.
c) Gainera, gaitasuna badu, zuzentzaileak ahalegina egin behar du estiloa zaintzen eta edertzen. Adibide batzuk jarriko ditut:
-Gorilarenean lanean etengabe arituko nintzateke > Gorilarenean lan-da-lan jardun beharko nuke. [Gorila pertsonaia da]
-Ibilbidearen arabera izaten dira ibiltariak > Ibilbidea nolako, ibiltaria halako. [X. Usabiagari entzuna albistegian]
-Hau da nahi nuena > Hauxe nahi nuen.
-Zeu zara dantzaldira joan behar duena > Zeuk joan behar duzu dantzaldira.
-Ez nuen inor hitz egiteko > Ez nuen norekin hitz egin.
-Unetxo bat duzu? > Baduzu unetxo bat?
-Edateko orduan > Edaterakoan.
-Nola utzi zaituen! (¡Cómo te ha dejado!) > Txukun(agatik) utzi zaitu!
-Ez dut harekin bukatu > Ez dut harekikoa egin
Kontua sarri ez da zuzen dagoen ala ez; kontua da zer den errazen, egokien eta ederren, ezta? Zer den adierazkorren, alegia, eta zerk duen erritmo egokiena.
d) Zuzentzaileak adi egon behar du egoera zehatz adierazteko, irudiaren arabera:
Hemen / hor / han.
Ondo bereizi behar da zer den bakoitza. Askotan gertatzen da "han" esaten dugu "hor" partez. Hauek txorakeriak dirudite, baina niretzat garrantzitsuenak dira: eguneroko gauzak esan behar ditugu ondo. Hasteko.
-Oraintxe / oraintsu / lehentxo
("Haren ahotsa entzun dut lehentxo", hurrengo agerraldian bada, beste leku batean)-Banator / banoa.
[Ingelesezko coming; baina mugimenduari begiratu behar zaio: zu hor zaudelarik eta martxan noala, banator esango dut; beste dena banoa da].-Alboan / aldamenean / ondoan.
e) Hitz eta adierazpide aukera zabalaz baliatu eta nolabaiteko oreka bilatu:
-Aurki / laster.
-Azkar / bizkor / laster.
-Korrika/lasterka.
-Jarraitu/segitu.
-Orduan/hortaz/beraz.
-Jarri/ipini.
-Dut / daukat (posesiboago).
-Egon / aritu (lanean aritu).
-Egon / ibili (haizea, olatuak... ibili).
-Hurbildu / hurreratu.
-Sentitzen dut / barkatu.
-Urte askotako / pozten naiz / pozgarri da.
-Ezin duzu egin / ez daukazu egiterik.
-Oso gaizki pasatu / gorriak ikusi.
-Berriz / berriro / berriz ere.
-Beste behin (una vez más, zehatz) / berriro (otra vez).
-Ugari / asko (ugari dugu/asko dugu, ditugu)
-Lehenengoa / bigarrena: aurrena / bigarrena.
-Nahikoa dela uste dut / nahikoa da, nik uste.
-Eta baita... ere / Baita... ere/Eta... ere bai. Baitira/dira ta.
-Nora joango ziren? / Nora joan ote dira?
-Ezer gertatzen ez bada / Ezeren okerrik ez bada.
-Baxuago hitz egin / Isilago hitz egin.
-Falta zitzaidana / Ez nuen besterik behar
-Sasoi bakoitzeko / Sasoian sasoiko
-Kilometro koadro bakoitzeko / Kilometro koadroko
f) Hizkuntza bakoitzaren baliabideak:
Euskaraz errepikatzea, adibidez, oso baliabide aberatsa da, gaurko "super, mega, gigante" eta horrelakoen ordain.
-Gozo-gozoa. Handi-handia. Txora-txora eginda naukazu, poz-pozik (oso pozik) Bete-betean. Mendi-mendian.
-Gauaren erdian/gau betean/gau-gauean.
-Ordu-orduan.
-Baso-basoan (basoaren erdian, basoaren bihotzean)
g) Hitzen ordena: Atzera kargak moteldu egiten du esateko erritmoa. Gure lanean, zuzenean esatea hobe.
-Beharbada arraro zegoen zinemara etorri nahi ez zuelako > Beharbada ez zuen zinemara etorri nahi; horregatik zebilen arraro. (Hizketa zuzenagoan)
-Primeran! Maisua gure etxean hartzeko irrika biziaz nago > Primeran, irrikaz nago maisua etxean hartzeko! (Aurrez luze aritu dira bisitaz eta)
Pertsonaien ezaugarriak[1]
Marrazki biziak, dramatikoak, dokumentalak edo iragarkiak izan, jatorrizkoa da beti eredu bikoizterakoan.
1.- Marrazki biziak:
Marrazkiak bikoizterakoan libreago joka daiteke nolabait: tonua, modulazioa, estiloa aldatzeko aukera handiagoa dago. Gehienetan bizi-bizia izaten da erritmoa, baina noizean behin izaten da bestelakoak lantzeko aukera ere (Heidi, Kirikou film luzeak...) eta atsegina da benetan holakoak lantzea.
Batzuetan irudian pertsona direnak bikoiztu behar ditugu, baina beste batzuetan animaliei (oilarrari, untxiari...) edo gauzei jarri behar diegu ahotsa. Pentsa zer-nolako aukera ahots jokoak egiteko.
Bikoizleak.- Berez, ahots mota guztiek dute bere lekua marrazkietan, nahiz azken urteotan batzuek aukera handiagoa izan beste batzuek baino; bikoiztu behar ditugun marrazkiak haurrentzat direlako gehienbat. Ahots helduko pertsonaia gutxiago azaltzen da: ahots gazteak edo haurrenak dira nagusi. Marrazkiena lantzea onuragarri izaten da oso bikoizle hasiberrientzat; ahotsa behartzeko gaitasuna lantzen baita, eta aukera ederra ematen baitie lotsa alde batera utzi eta eman dezaketen joko guztia azaltzeko.
2.- Dramatikoak
Irudi errealek betiere gehiago mugatzen dute bikoizketa: ez dago marrazkietan besteko askatasunik. Marrazkietan bezalaxe esaldi bakoitzaren intentzioa ondo ezagutu behar, baina jatorrizkoari zor zaion leialtasun osoz egiten ahalegindu behar zuhur eta zorrotz, eta horretantxe dago irudi errealak bikoiztearen zailtasuna eta erronka.
Bikoizleak.- Irudiak agintzen du: ahots helduak, grabeak, zartatuak, garbiak, gozoak, gazteak, leunak... denetik behar da, baina, jakina, gaur egun egiten den zineman bezalaxe, protagonismoa gazteek dute, eta ondorioz galai gazteen ahotsentzat aukera zabalagoa dago helduenentzat baino.
3.- Dokumentalak
Ez badirudi ere, lanik zailenetakoa da dokumentalak bikoiztearena: erritmoa, doinuak, intonazioa... nabarmen geratzen dira akatsen bat dagoenean. Bikoizleak ondo baino hobeto ulertu behar du zer ari den esaten, bestela berehala antzematen zaio eta.
Ahotsak.- Kontalariaren ahotsak egokia izan behar du, nekatzen edo aspertzen ez duena. Gaiak zeresan handia izaten du ahotsa gazteago edo helduago denean. Gehienetan gizonezkoak izaten dira. Oso gutxitan emakumeak, eta ia beti gaiak bereziki hala eskatzen duelako. Gaiak baino gehiago, produktuak berak.
4.- Spotak
Presaka samar ibili behar izaten dugu bikoizten, eta segundo gutxitan esan beharrekoak direnez, bizkor eta garbi esaten duten bikoizleek egiten dituzte gehienbat (Ordainketa merkea ere ez da batere lagungarri).
Erregistroak
Nolabait sailkatzearren honela egiten dugu (Bartzelonako eta Madrileko zenbait etxetan bezala):
a) 15 urte artekoak. Haurrena emakumeek bikoizten dute. Eduki dugu mutiko bikoizle bat ere, oso iaioa, baina ez da bide erraza: legeak arau zorrotzak ditu oso. Dena den, ez dugu erabat baztertzen haurrekin lan egitea. Ez dute emakume guztiek haurrena egiteko gaitasuna. Ahots erregistroaz gain, oso kontuan hartu behar da hitz egiteko era: ahalik eta naturalena izan behar du, haurren hitz egiteko erari ahal den gehiena hurbiltzen dena. Nerabe direnean, ahots aldaketa nabarmentzen denean alegia, dauzkagun ahots gazteenekin egiten dugu lan. Zalantzarik gabe, hauxe da adinik zailena ahotsekin asmatzeko.
b) 15 urtetik 25 urtera artekoak. Neska eta mutil, bakoitza berean noski. Erregistro gazteak behar izaten dira. Gaztea izateaz gain, pertsonaiaren itxurak ere garbi mugatzen du.
c) Eta ondoren, nola gizon hala emakume: 25 urtetik 35 urtera artekoak. 35 urtetik 50 urte artekoak. 50 urtetik 60 urte artekoak. Eta 60 urtetik aurrerakoak.
Iragarkiak euskaraz
Hona hiru adibide:
La familia Danone | Danone familia |
---|---|
Danone presenta: "El viaje al país de la alimentación." —¿Preparamos la cena? [TIMBRE] ¿Quién será? —¡Quiero patatas fritas! —¡Chuches! —Hoy también toca verdura. —¡Buaj! El abuelo dice que comer verde es de caracoles. —Mamá dice que hay que comer de todo. Pero podríamos hacer el tren y averiguar por quéeeee. CANCIÓN: "Si quieres crecer y estar fuerte de verdad, hay que comer de todo. De todo hay que probar. La pasta y el pescado también molan cantidad. Con la fruta, la verdura, los yogures... fliparás". —¡Mirad quién ha venido! —¡Abuelo! —Dani dice que es un caracol. —¿Por qué? —Es que me gusta todo y también comer verde. —¿Y de postre? —Un yogur Danone. —Si de todo un poco vas a comer, fliparán al verte crecer. —Ssshhh. —Danone. Apuesta por una vida sana. |
Danoneren eskutik: "Bidaia elikaduraren herrialdera". —Prestatuko dugu afaria? [TXIRRINA] Nor ote da? —Patata frijituak nahi ditut! —Goxokiak! —Gaur ere barazkiak. —Bajj! Aitonak dio berdea jatea barraskiloena dela. —Amak dio denetik jan behar dela. Baina trena eginda jakingo dugu zergatik!! —Baaaiiii!!! ABESTIA: "Hazi nahi baduzu ta benetan sendotu, denetik jan behar duzu, denetik probatu. Pasta ta arraina ere, ezin hola alboratu. Frutarekin, barazkiekin, jogurtekin... gozatu!" —Begira nor etorri den! —Aitona! —Danik dio barraskiloa dela. —Zergatik? —Denetik jatea gustatzen zait-eta. Baita berdea ere. —Eta postrea? —Jogurta. —Denetik jan pixka bat. Hazi eta denak pozik erabat. —Xxxx! —Danone. Egizu bizitza sanoaren alde. |
Don Limpio | Don Limpio |
---|---|
—El vinagre es bueno. —Sí, pero contra la suciedad ¡no es tan fácil! —Para limpiar en profundidad está Don Limpio Ph neutro. Su fórmula especial cuida todas las superficies delicadas, las limpia en profundidad y hace que brillen mimándolas. —¡Y qué buen aroma! —Don Limpio Ph neutro. —CANCIÓN: ¡Su magia, su poder! |
—Ozpina ona da. —Bai, baina zikinari aurka egitea, ¡ez da erraza! —Sakon garbitzeko, Don Limpio Ph neutroa. Formula berezia du, gainazal leun guztiak zaindu, sakon garbitu eta mimatuz distiratsu uzteko. —Eta a ze aroma! —Don Limpio Ph neutroa. —ABESTIA: ¡Su magia, su poder! |
Knorr, Caldo de la Abuela | Knorr, Amonaren salda |
---|---|
—¡Mmm! ¡Está riquísimo! —Es como el caldo de mi abuela. —¿Me estás tomado el pelo? Si es como el caldo de mi abuela. —¿Estás segura? Si es como el de la mía. —¡Sí hombre! ¡Si es el caldo de mi abuela! —¿Estás segura? ... —Pollo y verduras cocidos a fuego lento. Todo el sabor y menos grasa. Caldo de la Abuela. Knorr. |
—Mmm! Gozo-gozo dago! —Nire amonaren salda bezalakoa da. —Harpa jo nahi didazu? Nire amonarena bezalakoa da. —Ziur zaude? Nirearena bezalakoa da-ta! —Bai, gizona! Nire amonaren salda da. —Ezetz, benetan! Nire amonaren salda... —Oilasko ta barazkiak su txikitan egosiak. Zapore osoa ta koipea urri. Amonaren salda. Knorr. |
Iurretatik dator jatorrizkoa. Testuaren transkripzioa egiten dugu, itzulpena eta egokitzapena: artisau lana hemen ere, eta sortze lana. Labur eta bizkor adierazi beharra gehienetan. Eta azkenik grabazioa eta postprodukzioa.
Lehen adibidean, ikusi duzue, kantua ere badator: musikari batek bihurtzen du kantu egokitzailearen testua.
Zailtasunak eta konponbideak. Baliabideak:
Irudiarekiko lotura duenean hitzak itzultzea adabakiz janztea da. Adibide bat ematearren: Bonito del Norte-Zubizarreta. Euskaraz sortu beharko litzateke hitz-irudi jokoa, hori da konponbide txukun bakarra, baina adabakiz jantzia joaten da, goitik hala erabakita. Adibide horretan, hegaluze esan behar duzu, baina hitz horrek ez du zerikusirik Zubizarretarekin, hankaluzea dela-edo bakarrik. Baina arrainarekin-eta ezer ez.
Tartean irudirik ez denean, euskarazko hitz jokoak ordaindu behar du jatorrizko hitz jokoa.
Esate baterako:
Sandra parlante no para de hablarte... Sandra parlante, guapa y elegante.
Sandra hitz-jario, hitza etengabe dario... Sandra hitz-jario, edertasuna dario.
Batzuetan, nahiz irudia tartean ez izan, zail da jatorrizkoaren ordaina aurkitzen, batez ere hitz joko horretan produktuaren izenarekin osatu bada errima:
Viakal, super eficaz contra la cal.
Guk kare esaten dugu, eta Viakalekin, ezin. Beste bide batzuetatik jo behar sarri, errima alde batera utzita nahitaez.
Izenburuak jatorrizkoan
Ahal dela izenburuak ere euskaraz esan nahi genituzke, baina maiz ezin halakorik egin, izan ere iragartzen den produktua (Filma, liburua, jokoa, DVDa...) euskaratu gabe dago, eta ezin dugu eroslea engainatu:
Doce en casa. Muy pronto a la venta en vídeo y DVD.
Doce en casa. Aurki salgai bideoan eta DVDn.
Luze-laburra
Topikoa da, nik uste, euskaraz beste hizkuntzetan baino luzeago ateratzen dela esaldia. Batzuetan aditz laguntzaileak sortzen ditu arazoak, baina ez da hain zail ere konpontzen, izan ere hizkuntza bakoitzak bere baliabideak ditu; elipsiak eta beste.
Con Ligeresa me quiero, me cuido y me encanta.
Hau oso-osorik esan behar bagenu, aditz laguntzaile eta guzti, oso luze joko luke, eta bide honetatik jo genuen:
Ligeresarekin neure burua maite, zaindu ta poz-pozik!
Nominalizazioak
Gaztelaniaz ere gehiegi egiten dira, eta izen metatze bitxiak suertatzen dira:
Pantene | Pantene |
---|---|
¿Rizos fuera de control? Nunca más. Acondicionador rizos perfectos de Pantene Pro-V. Su fórmula específica con provitamina ayuda a fortalecer tu pelo para tener unos rizos hasta un 70% más definidos y a prueba de encrespado. Acondicionador rizos perfectos Pantene Pro-V. Pasión por un pelo sano. |
Kizkurrak kontrolik gabe? Gehiago ez! Pantene Pro-Vren Kizkur Perfektuak Egokitzailea. Bere probitaminadun formula bereziak ilea sendotzen laguntzen dizu, kizkurrak ehuneko 70 zehaztuago edukitzeko, eta ilea ez harrotzeko. Kizkur Perfektuak Egokitzailea. Pantene Pro-V. Ile osasuntsurako grina. |
Hor ehuneko 70 itzuli dugu, baina sarri bestelakoak erabiltzen ditugu. Adibidez, 100%: guztiz, erabat. Eta ehunekoen arabera, beste era hauek baliatu: lautik/hirutik bat.
Ahal dela izen metatzeak saihestu: a prueba de encrespado > ilea ez harrotzeko.
Gaztelaniaz maiz entzuten dira tu pelo eta holakoak. Eta horietan zure hilea/haren ilea esan beharrean, euskaraz badugu beste baliabide bat: dizu esatea. Hala: ayuda a fortalecer tu pelo > ilea sendotzen laguntzen dizu.
Hona spoten hasieran agertzen diren formulak itzultzeko baliabideak:
-Llega: Hona (hemen)
-Playmobil presenta: Playmobilen eskutik..
-Descubre: Aurkitu (hala denean). Bestela: Ikusi... Horra...
-Por fin llega: Hemen da (ba)... Azkenean...
-Vuelve: Berriro.
Bikoizketaren garrantzia euskara biziberritzeko
Sarri idatzi dut, eta hitz egin, han eta hemen gai honi buruz hogei urte hauetan, Kultura Sailekoentzat ere bai eurek eskatuta, eta hauxe izan da nire aldarrikapena: euskara biziberritzeko, euskararen erabilera sustatzeko, komunikabideak dira autobidea. Komunikabideak oro har: prentsa, irrati, zine, telebista, Internet... Komunikabideek dute lehentasuna zeregin horretan.
Eta komunikabideetan badu bere lekua itzulpenak, leku garrantzitsua eduki ere, batez ere ikus-entzunezkoetan. Eta bikoizketaren inguruan bildu da itzultzaile gehien. Hasierako urteetan (1983-1993), 1.500 ordu inguru bikoiztu zen urteko ETB 1erako. 1994tik atzera, murrizten joan da ordu kopurua urtetik urtera: 500 ordu eskasera urteko. Garai batean 150 filmetik gora bikoiztu zen urtean; gaur egun ez da 25era iritsiko. Eta zinema aretoetarako edo DVD-bideoetarako bikoizten dena ez da 40 ordura iritsiko urtean. Honek guztiak eragin zuzena izan du itzultzaileengan: ehundik gora izatetik hogei pasatxora murriztu da kopurua. Itzultzaile asko eta onak aritu dira lanean, idazle eta literatura-itzultzaile famatuak ere bai. Beharrik, zorionez, oraindik ere dihardutenak ondo moldatzen dira, baina arrisku latza dago joan daitezen, ez zaie-ta behar bezala ordaintzen lana.
Aho betean erabiltzen da gaur egun kalitate hitza, baina ez da kalitaterako biderik zabaltzen: beste sailetako itzultzaileen aldean soldata urria dute egokitzaileek. Zein da garrantzitsuago, zein eraginkorrago, diputazio-udaletxeetako apaletan gordeko den itzulpena ala milaka laguni iritsiko zaiena egunero-egunero? Bostehun irakurlerentzako liburua (barkatu idazleek) ala milaka laguni egunero iritsiko zaien testu bikoiztua?
Hezkuntzan eginiko aurrerabidea kontuan harturik, kezkatzekoa da ikus-entzunezkoaren martxa motela. Astean 200 bat film ikusteko aukera dugu telebistetan (ETB 2k asko laguntzen du kopuru horretan); euskaraz bat (edo batere ez ere bai azkenaldian). Zinema aretoetan are murritzago da proportzioa: batere ez urteko aste gehienetan. Badugu zinemaldi bat ere, famatua mundu zabalean: euskaraz zer?
Autobus eta tren linea berriak huts samarrik ibiltzen dira jendeak ohitura hartu arte: zinema aretoetan ez dago halako pazientziarik. Gaur 10 joaten badira, ordea, pazientzia pixka bat hartuta, datorren urtean 100 joango dira, hurrengoan 1000, astero aukera emanda. ETB 1en, astean bi edo hiru film emanda, igoko da pixkanaka kopurua: aurten 10.000, datorrenean 12.000 eta aurrera.
Noizko utzi behar dute agintariek euskararentzako leku zabalagoa eta duinagoa eskatzea, Euskal Herrian diharduten ikus-entzunezko etxe guztiei, beren telebista kateetan, zinema aretoetan, DVD-bideo ekoizpenetan.
Eta beren esku duten ETB nola daramate? Egokia ote da film bakarra ematea (edo batere ez) eta gazte eta helduentzako telesail bakar bat ere ez ematea? Oso ondo dago haurrena zaintzea, baina gauzatxo bat ahaztu bide zaie: haurrak hazi egiten dira, bizitzaren legez. Belaunaldi arteko etenaldi larria dago. Hamabi-hamahiru bat urte bete arte ETB 1 pizten dutenek, marrazki biziak ikusteko, gero ere jarraituko lukete pizten, beren gogoko telesailak eta filmak ikusteko, nik uste. Garai batean eman zituzten arrakasta handiko telesailak, baina bospasei aldiz errepikatu eta akabo; bidea moztu zuten, berriak eta egokiak eman ordez. Filmekin gauza bera egin zuten: bazen plan bat orain hamabi urte (1994), astean hiru edo lau film ondo hautatuak emateko, baina plana abiarazi baino lehen alde batera utzi eta agur Ben-Hur!
Tamalez, eskasa da gaur egun gure artean itzulpengintza ikus-entzunezkoetan; hutsaren hurrengoa, egia esan. Hor dauzkagu ehunka profesional ongi trebatuak (egokitzaileak eta haien lanei ahotsa jartzen dietenak) etxean mutu, euskara biziberritzeko antzu. Noiz jabetu behar dugu bikoizketaren garrantziaz, euskarak Lizardiren Amets-Bideetan barna aurrera egin dezan, mundura zabaldurik, gure kultura aberasten? Atzen baina ez hutsen, (Last but not least: "Azken baina ez hutsen", irakurria diot K. Mitxelenari) datorren urtean beteko dira 25 urte itzultzaile-egokitzaileak lanean hasi zirela gure artean. Ez ote da garaia Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Sariak eurentzat ere zabal daitezen? Hogeita bost urtean isilean jardunda gero, ez ote da ordua gure gizarteak esker ona azal diezaien?
Gure esker ona hemen itzultzaile-egokitzaileei: Lehengoei: Maria Jose Kerejeta, Lurdes Oñederra, Asun Garikano (B. Atxaga, Dylan Thomasen poemak), Xabier Mendiguren, Pello Zabaleta, Nerea Lete, Joserramon Zubimendi, Joan Mari Irigoien, Jesus Mari Lasa, Josean Insausti, Irene Aldasoro, Txomin Arratibel, Nieves Odriozola, Koro Zumalabe, Amaia Olkotz, Juan Mari Mendizabal... eta horrela 100dik goraino, gure etxean bakarrik.
Eta gure esker hona, batez ere, lehengo-oraingoei: Gema Lizarralde, Antton Garikano, Idoia Gillenea, Beatriz Zabalondo, Txiliku, Aitor Lete, Jon Aizpuru, Txaro Idiakez, Maite Eizmendi...
Gure esker ona baita ere ETBeko kalitate kontrolekoei: Gabino Murua, Lurdes Otaegi, Xabier Kalzakorta, Igone Etxebarria, Manu Arrasate, Imanol Unzurrunzaga, lehengoak; eta oraingoei: Asier Larrinaga, Ana Zulueta, Iratxe Goikoetxea, Saroi Jauregi, Igone Menika...
Asko zor diegu. Asko ikasi dugu. Eragin handia izan dute 24 urteotan haurrengan, gazteengan, oro har, hiztun guztiengan... Eskerrik asko!
Galdera-erantzunen tarte honetan, Eguzkiri eskatu nahiko nioke itzultzaile-egokitzaileen izenak gehitzeko...
Entzulea (Jesus Eguzkitza).- Izen asko eman dituzu dagoeneko. Gaur, puntan dabiltzanak gehienbat horiek dira. Beharbada, bi izen gehituko nituzke: bata, Jesus Ozerinjauregi, zaharra dugulako, eta oraintxe hasten ari dena, Leire Lekuona. Zaharrena eta gazteena aipatzearren, eta hemengo gazteak animatzearren.
Iñaki Zubizarreta.- Izenak emateak badu bere arriskua, alegia, batzuk ahazteko. Baina ez esatea, niretzat, okerrago da oraindik. Beren etxeetan lanean ari direnak azaldu egin behar dute eta merezi dute.
Entzulea (Aitor Zuberogoitia).- Lehenengo eta behin, zorionak Iñakiri. Uste dut hitzaldia argigarria izan dela. Jardunaldiaren hasieran aipatu da, eta horrela da, euskarazko bikoizketa ETBrako egiten da gehienbat. ETB da ia bezero bakarra. Aurreko hitzaldian aipatu da baita ere lurreko telebista datorrela eta horrekin aukeratzea izango dugula produktu askotan zer hizkuntzatan ikusi nahi dugun edo entzun nahi dugun produktu hori. Adibidez, burura datorkit LaSexta kateak futbol partida zer hizkuntzatan ikusi nahi duzun aukera ematen du. Horrek ekarri lezake aldaketarik? Hau da, zuentzat esparru berri bat zabal dezake? Esan nahi dut: ETB bezero bakar edo ia bakar izatetik, beste kate batzuetara zabaldu daiteke aukera? Zelan ikusten duzu?
I. Z.- Nik, lehen ere esan dut, Kultura Sailak hartu behar du esku. Lehendabizi jabetu egin behar du egoera honetaz. Egoera honetaz jabetzen bada eta euskara biziberritzeko hau dela bide nagusia jabetzen bada, orduan hasi beharko du mugitzen kontu horietan guztietan: joan behar du Tele 5era, eta Espainiako Telebistatik hasi beharko du. Katalunian Espainiako Irrati Nazionala katalanez daukate orain dela urte mordotik. Eta hori Kongresuan eskatu egin behar da. Eta Televisión Españolak ere eman behar du dagokiona. Zenbat tokatzen zaigu guri? Ehuneko hamar? Ba, ehuneko hamar? Ehuneko bost? Ehuneko bost. Baina batere ez hainbeste urtean?!
Hori politikariei zuzenean tokatzen zaiena da. Hau da, politikariak jabetzen badia benetan honetaz eta ez badira konformatzen "Agur" eta txapela janztearekin, orduan egingo dute zerbait. Ez badira jabetzen, hemendik hamar urtera ere toki berean izango gara. Hamar urterako zen Euskara Biziberritzeko Plana. Nik mila aldiz esan diet: "Oso ondo lantokietan, leku guztietan. Baina jabetu zaitezte non dagoen auzia!". Gazte jendeak eta langile jendeak zertaz hitz egingo du, komunikabideetan bost ordu ari bada beste gauzak ikusten beste hizkuntzetan? Lantokiko gauzetaz ez da hitz egiten. "Biribirkina" edo dena delako torlojua, behin esango duzu; gehiago ez.
Niretzat jabetze kontu bat da. Benetan jabetzeko kontua. Hau esaten duzun toki guztietan denek esaten dizute: "Bai, bai, arrazoi duk". Baina niri tonto aurpegia geratzen zait 20 urteotan. "Arrazoi duk". Baina... Ni ez naiz nor gehiago eskatzeko, baina bai! Uste dut denok eskatu behar dugula.
Eta gero bikoizketari botatzen zaionean errua... Bai, guk ere asko hobetu behar dugu. Baina hobetzea etorriko da asko egitetik. Orain, duela 15 urte baino askoz egoera pobreagoan gaude bikoizketan. Askoz ere. Ez dut esan nahi orain okerrago bikoizten dela. Egoera: lan-kopurua. Eragina. Askoz ere apalago gaude.
Entzulea (Kaiet Estrada).- La Sexta aipatu dutenez, nik ere badut kate hori etxean, Euskaltelek emanda, alegia euskal enpresa batek, zuntz optikoaren bidez. La Sextaren partiduek bi audio kate kentzen dizkidate eta gazteleraz edo katalanez aukeratzeko modua besterik ez dut. Kexatu naiz, eta orain bai orain ez... Teknologikoki aukera badago, ahal da, baina enpresak arduratu behar dira, eta Euskaltel bezalako enpresa bat arduratzen ez bada, beldurtzekoa da.
Egokitzapenari buruz, ez duzu komentatu, baina niretzat garrantzi handia dauka kontestuak. Euskarak baditu baliabide batzuk, beste hizkuntza batzuek ez dituztenak. Esate baterako, hikakoa noiz hautatu behar dudan ezin dut jakin testuari begiratuta bakarrik. Egoerak asko laguntzen dit. Gauza bera gertatzen zait "hermano" itzuli behar dudanean. "Hermano" bi eratara itzul daiteke, eta hor kontestuak garrantzi handia dauka, neska batena edo mutil batena den.
I. Z.- Bai, lehendabiziko puntuan, esan duzuna: aurrerapen tekniko guztiak dauzkagu, eta pena da garrantzitsuena, erabakiak hartu behar dituzte horiek erabiltzeko. Eta erabaki horiek hartu behar dituztenak... Hitanoari dagokionez, gutxi sartzen da. Ni aldekoa naiz, baina kontuan hartu behar ditugu zazpi probintziak. Gure inguruan, Azpeitia aldean-eta, den-dena hitanoa da, eta oso aise onartzen da. Noiz edo noiz Asierrek esana dit askotan filmetan-eta hitanoz jartzen ditugula pertsonaia gaiztoak, eta ez dauka zerikusirik hitanoak horrekin. Amona batek bilobari, gaixo dagoela ere, hitanoz oso goxo esango dio, beti hitanoz hitz egin badio. Ez dauka zerikusirik. Orain: hor gertatzen dena da, marrazki bizietan protagonistak jartzen baditugu hitanoan, hitanoaren proportzioa %80 bat irtengo dela. Eta zazpi probintziei begira, arriskutsua da. Orduan, nire ustez, ez da baztertu behar; ahal dela erabili egin behar da, baina behar bezala, jakina. Horretan onenak, beti egin dutenak dira. Haiei adi egotea. Bestela, Donostia aldean eta, oso gauza kuriosoak entzuten dira hitanoan. Salto handiak egoten dira: hitanoan hasi, bestera saltatu... Baina hitanoan hasiz gero, hitanoa da diskurtso osoa.
Entzulea (Jesus Eguzkitza).- Iñakik esandako gauza bat azpimarratzeko hartu dut hitza. Spotak aipatzen ibili zarenean, hitz jokoak, esamoldeak, zentzu biko zerak... horrek euskarara ekartzea sarritan oso zaila izaten da eta behin baino sarriago bete-betean jo dugula horretan, eta beste askotan huts ikaragarriak egin ditugula.
Aspektu bat geratu zaigu, eta uste dut oso garrantzitsua dela bikoizketan eta, hain zuzen ere, gidoiak euskarara ekartzerakoan, zuhaitzaren gerri izan ohi diren esaera eta esamoldeak, zeren askotan argumentua oso laua izaten da, oso deskriptiboa. Baina non edo non, noiz edo noiz egoten dira halako esakera modu batzuk. Eta nik diskurtso honi sexu pixka bat sartzearren, neuri gertatutako zerbait kontatuko dut, adierazgarri edo argigarri moduan. Cuarta planta pelikula euskaraz jartzen nenbilen, eta une batean, filmeko protagonistak arduratuta zebiltzan zer gertatzen ote den ebaketa gelara eroan eta handik itzartukeran. Euren burua babesteko, mutikoek asmatzen dute halako formula bat. Eta da: "Esakerek bi zati izan ohi dituzte, hasierakoa eta amaierakoa. Eta ondo-ondo ikasi buruz, eta gogor sartu buruan, eta sinisten baduzu, ba, lehenengo partea etorriko zaizu eta gero bigarrena. Bigarren partea gogora ekartzea lortzen baduzu, seinale itzarririk zaudela, hau da, bizirik zaudela [operatu ostean]".
Horretan ari zirela, adibide pilo bat jartzen dute, eta haietako bat, pelikularen gerri zeneko bat ze: "Tiran más dos tetas que dos carretas". Zein da arazoa? Hor ez daukazula ihesbiderik. Batetik, sinkronian, eta bestetik, esanahian ere hurreratu egin behar duzu. Zer gertatzen da gaztelaniaz hain ezaguna den esamolde bat euskarara ekarri behar duzunean eta parekorik ez daukazunean? Ba, oihartzunik barik geratzen dela sarritan. Baina hurreratu, bai hurreratu behar duzu, halabeharrez eta derrigorrez. Orduan, mutikotxoa esnatzen hasten da, enfermera dauka ohe ondoan eta... "handiagoa titiak, handiago titiak" esaten hasten da. Eta erizaina, harrituta. "Baina zer gertatzen zaio mutiko honi?". Eta guztiz esnatzen da, eta orduan lehenengo partea ere gogoratzen du. Eta da: "Indar handia idiak, handiagoa titiak". Soluzio posible bat da, ezta?
Entzulea (Pello Añorga).- Argota nola tratatu? Euskaraz oso gutxi egin baita. Hor badira pelikula batzuk non argota den pelikula horietan nabarmen. Nola itzuli hori?
I. Z.- Egokitzaileek egon behar dute adi, euskaraz egiten den lekuetan adi; haiek asmatu behar dute.
Entzulea (Pello Añorga).- Zein da zure esperientzia arlo horretan? Dena egiteko dago edo nola dago?
I. Z.- Nik obsesio bezala ez nuke hartuko. Hor badira argoteko kontuekin egindako liburu batzuk; ari dira saiatzen eta saiatzen, eta saiatzen diren aldetik, oso ondo daude. Baina errepaso bat eman, eta ez duzu bakar bat ere ikusten Euskal Telebistan zazpi probintzietarako esateko modukorik. Eta oso esaldi luzeak dira, grazia egingo dutenak toki jakin batzuetan... Hemen kontua da adi egon behar dela argota egiten den lekuetan eta handik jaso. Egokitzaile batek edo zuzentzaile batek ez dauka argota asmatzerik. Hori ezin liteke. Argota da dagoena. Hor ibili behar biltzen: Azpeitiko tabernetan eta... Azpeitian esaten dut, bertakoa naizelako ere bai. Baina esan nahi dut, giro horietan benetan euskaraz egiten den lekuetan. Beste leku askotan ez da euskaraz egiten giro horietan. Orduan, han egon beharko duzu adi, eta jaso ahal dena. Asmatu ez dago egiterik. Argota da, hizkuntza guztiak bezala, ohitura bat: norbaitek esaten duena, zuk biltzen duzu. Dena dela, ez nuke obsesio handirik egingo.
Entzulea (Beatriz Zabalondo).- Nik hor aukera ikusten dut herrietan jaso eta, telebistak bozgorailu lana egiten duela baliatuz, oso egoera eta kontestu garbiak direnetan herrietako argot edo esaldi zera horiek sartzen joateko. Oso garbi egon behar du kontestu horrek, zuk lehen esan duzun moduan, zazpi probintzietara erraz zabaltzeko modukoa izateko. Bestela, txokokeria batean geratzeko arriskua dago beti. Demagun: "Hori hegabera bat da", edo tankera horretako esaldiren bat. Bat-batean ikus-entzule guztiek ulertuko badute, testuinguruak oso zehatz eta argia izan behar du.
I. Z.- Obsesioarena nioenean, honexegatik zen: Madrilen egongo dira hamar bat argot. Baina Espainiako telebistetan ez dira jasotzen. Esan nahi dut: komunikabide bakoitzak ere bere zerak ditu. Orduan, argota noraino sar daiteke komunikabide batean? Aztertu egin behar da ondo. Nik Espainiako bikoizketetan ez dut entzuten gauza arrarorik, eta Madrilgo auzo bakoitzean egongo dira argotak... Ez dut esaten ez denik ezer egin behar. Adi egon eta, lehen esan duguna, loreak bildu eta gero banatu. Beste formularik?
Entzulea (Beatriz Zabalondo).- Gainera, ezin da ahaztu: ahozko jarduera bat da, baina aurretik idatzi egin da hori, eta guk euskaraz jartzen dugu baina idatzita dagoen zerbait. Ez da bizi-bizi kaleko ahozko hizkera. Kalekoaren ahalik eta antzekoena, bai, baina testura pasata, eta neutroagoa beti. Beti idatzizkotik pasatakoa da.
Entzulea (Kaiet Estrada).- Lehen esan duzu bikoizketa orduak murrizten ari direla eta nik bi arazo ikusten ditut: bat, zuk esan duzuna, nola mantendu industria bat lanik ez badago, eta bestea da hain gutxi bikoizteak dakarren ondorioa: ETBn duela lau urtetik hona programazioa guztiz behera doa eta errepikapenetera jo du. Oso denbora gutxian askotan ematen da gauza bera. Gaur bertan Tintinen abenturak ematen ari dira. Duela sei urte erosi zuten, hiru paseak eman zituzten, eta orain berriro beste hiru pase emango dituzte. Beste marrazki sail bat ere ari dira errepikatzen: Lucky Luke. Azkenean ikusten dudana da ETBk umeei zuzendutako programazioa duela bereziki, baina hainbeste errepikapenekin umeak aldentzen ari dira ETBtik. Ikusiko banu errepikatzen ari direla hogei urtean errepikatu ez diren serieak, agian ez nituzke hain gaizki ikusiko, baina sei urteren buruan, sei pase egitea batez beste...
Entzulea (Jesus Eguzkitza).- Ofizioaren kalterako bada ere, eta beharbada harrigarria izango da, baina esan behar dut errepikapen horiek egiteak dakarren ostikada emisioari begira ez dela onargarria, baina entzulegoa ez da murrizten. Kasu batzuetan, lehenengo paseak baino ikusle gehiago izan ditu bigarren paseak. Hemengo gazteek ezagutuko dute Dragoi bola. Ba, pentsa zenbat aldiz eman duten, eta berriro ematen dabiltza eta ikusle-kopuru dezentea dauka gaur.
I. Z.- Bueno, umeak jaiotzen dira, ezta? Hori normala da. Eta alde horretatik, erantzunda dago: merezi du, publiko berria ekartzen duen heinean.
1. Artikulu honetan, Pertsonaien ezaugarriak eta Erregistroak atalak Karmele Huegun lankideak egindako txostena baliatuta atondu ditut. Hari eskerrak eman beharrean nago eskainitako laguntzagatik.