Idazle bat, lau ahots eta itzultzaile bat: Pessoaren heteronimoak itzultzen
Isabel Etxeberria Ramírez

1935eko urtarrilaren 13an, Fernando Pessoak gutun bat idatzi zion Adolfo Casais Monteiro idazle eta literatur kritikariari, non, besteak beste, Alberto Caeiro bere heteronimoa noiz-nola sortu zen deskribatu baitzion. Gutun horretan azaltzen duenez, beste heteronimo batzuk sortzeko bizpahiru saiakera eginak omen zituen lehenagotik, arrakastarik gabe, eta hara non 1914ko martxoaren 8an, inspirazio sukarraldi batek harturik, Alberto Caeiro poeta sortu eta hezurmamitu zitzaion barrenean, eta, haren atzetik, bere beste bi heteronimo garrantzitsuenak: Ricardo Reis eta Álvaro de Campos. Aukera ezin hobea eskaintzen digu Fernando Pessoaren obrak konprobatzeko nola egiten duen itzultzaileak hausnarketa eta analisi lana, nola aztertzen dituen jatorrizko testuen ezaugarriak eta zer erabaki hartzen dituen ezaugarriok bere hizkuntzan emateko. Heteronimoen jolas literarioaren bitartez, hezur-haragizko pertsona berak hainbat alegiazko idazleren lekua hartzen du, eta bakoitzarentzat ahots eta adierazmolde zehatz eta identifikaerraz bat asmatzen du. Eta probaleku ezin hobea dugu Iñigo Roque itzultzaileak Denonartean argitaletxerako prestatu duen antologia, aukera ematen baitigu lehenengoz euskaraz Pessoaren hiru heteronimoren poema mordoxka bat batera aztertu eta erkatu ahal izateko. Izan ere, ezaguna genuen Pessoa euskaraz lehenagotik ere; Joseba Sarrionandiak, Ana Iribarrek, Josetxo Azkonak, Joakin Balentziak, Gerardo Markuletak, Xabier Galarretak eta Luigi Anselmik argitaratuak zituzten han eta hemen, zenbait liburu eta aldizkaritan barreiaturik, Pessoaren poema solte batzuk euskaraz. Baina lehenengoz topatzen dugu Iñigo Roqueren Poemak pluralean liburu honetan heteronimo bakoitzaren ahotsa ezagutzeko behar adina poema, itzultzaile berak euskaraturik: Alberto Caeiroren 14 pieza, Ricardo Reisen 23, Álvaro de Camposen 8 eta Fernando Pessoa ortonimoaren 19.

1935eko urtarrilaren 13an, Fernando Pessoak gutun bat idatzi zion Adolfo Casais Monteiro idazle eta literatur kritikariari, non, besteak beste, Alberto Caeiro bere heteronimoa noiz- nola sortu zen deskribatu baitzion. Gutun horretan azaltzen duenez, beste heteronimo batzuk sortzeko bizpahiru saiakera eginak omen zituen lehenagotik, arrakastarik gabe, eta hara non 1914ko martxoaren 8an, inspirazio sukarraldi batek harturik, Alberto Caeiro poeta sortu eta hezurmamitu zitzaion barrenean, eta, haren atzetik, bere beste bi heteronimo garrantzitsuenak: Ricardo Reis eta Álvaro de Campos. Hauxe da sorrera hori deskribatzen duen pasartea, eta honela ekarri digu euskaratuta Iñigo Roquek bere Poemak pluralean (Denonartean, 2012) antologian, epilogo gisa txertatu dituen bi eranskinetako batean:

1912 aldera, okerrik ezean (okerra ezin oso handia izan, hala ere), otu zitzaidan kutsu paganoko poema batzuk idaztea. Zenbait zirriborro egin nituen bertso irregularretan (ez Álvaro de Camposen estiloan, ezpada estilo erdi erregular batean), eta bertan behera utzi nuen asmoa. Hala eta guztiz ere, ilunpe gaizki harilkatu batean, bertsogile haren erretratu lauso bat geratu zitzaidan zirrimarraturik. (Jaioa zen, nik jakin gabe, Ricardo Reis).

Urte eta erdi edo bi urte geroago, Sá-Carneiroren estiloko sail bat egitea bururatu zitzaidan, poeta bukoliko bat, espezie nahasikoa, sortzea eta hura, ez dut gogoan nola, edozein errealitate motatan aurkeztea. Egun batzuk eman nituen poeta hezurmamitu nahian, baina ez nuen ezer lortu. Amore eman nuen egunean ––1914ko martxoaren 8a izan zen––, komoda altu batera hurreratu nintzen, eta, paper bat harturik, idazten hasi nintzen, zutik, ahal dudan guztietan bezala. Eta hogeita hamar poema baino gehiago idatzi nituen erreskadan, ezin azalduzko halako estasi batek harturik. Garaipenaren eguna izan zen hura, eta ez dut halako besterik izango inoiz. «Artaldeen zaindaria» izenburua jarri nion bildumari. Eta, jarraian, baten bat agertu zen nire barruan, eta berehalakoan Alberto Caeiro izena eman nion. Barka esaldiaren zentzugabekeria: nire maisua agertu zen nire barruan. Horixe izan zen segituan izan nuen sentipena. Hala, bada, hogeita hamarretik gora poema horiek idatzitakoan, beste paper bat hartu nuen, eta erreskadan, orduan ere, «Zeharkako euri»ko sei poemak idatzi nituen, Fernando Pessoaren izenean. Hura izan zen berehala eta erabat... Fernando Pessoa Alberto Caeirotik Fernando Pessoa hutsera igarotzea. Edo, hobeto esanda, hura izan zen Fernando Pessoaren erreakzioa Alberto Caeiroren izatean ez izatearen aurka.

Alberto Caeiro agertu bezain laster, harentzat ikasle batzuk aurkitzen ahalegindu nintzen ––senez eta oharkabean––. Haren paganismo faltsutik ezkutuko Ricardo Reis bat atera nuen, izena aurkitu, eta bere izatera egokitu nuen, ordurako ikus bainezakeen hura. Eta, banpez, Ricardo Reisen kontrako norabidean, beste gizabanako bat agertu zitzaidan oldarrean. Burrustan, idazmakinan, etenik eta zuzenketarik gabe, Álvaro de Camposen «Garaipen-oda» agertu zen: izen horretako oda eta izen horretako gizona.

Pessoa, F. (2012) Poemak pluralean, Iñigo Roque (itz.), Denonartean, Berriozar, 148-150

Batek irudikatu nahi luke Pessoaren itzultzailea ere komoda altu baten aurrean zutik, barrutik isurtzen zaion jario itzuliari eutsi ezinik, Pessoak Alberto Caeiro izendatu zuen poetaren lehen hogeita hamar poema haiek bere hizkuntzan ematen, arrotza zaion bulkada kontrolaezin batek mendean hartuta. Eta imajinatu nahi luke, zehazki, Pessoaren testuak euskaratzen ausartu den itzultzaile bat, Iñigo Roque kasu, etxeko zereginak utzita korridorean barna ordenagailu aurrera joaten arrapaladan, gogoan ernatu zaion hogeita hamar poema horien itzulpena ahaztu aurretik tekleatzera. Baina ez. Ez gaitu erromantizismoak bizi, ezta idealizazioak ere. Itzultzailearen lana noiz edo noizko inspirazio printzek argitua ulertzen badugu ere, batez ere gogoetak, analisiak eta erabaki kontzienteek zuzendu eta gidatutako prozesua dela pentsatzen dugu. Jatorrizko testuaren egileak barne bulkada batek hartaratuta hartu dituen erabaki gutxi-asko inkontzienteak hauteman eta identifikatu egiten ditu itzultzaileak, gure ustez; aztertu egiten ditu, ulertu eta sailkatu, eta erabakiontzako ordain egokiak bilatu, azkenik.

(Jakina, behin itzultzailearen jokamoldeari sukar erromantikoaren mozorroa eranzten hasita, ez legoke gaizki Pessoaren pasarteari fikziotik eta literaturatik zertxobait kentzea ere. Pessoaren heteronimotik heteronimorako igarotzeak gutxi izango zuen estasi bidezko antzaldatzetik eta gehiago gogoeta arrazionaletik. Ez da hau, ordea, Pessoaren heteronimiaren sorrera eta esanahia aztertzeko lekua; itzulpenaz hitz egiteko gaude hemen).

Aukera ezin hobea eskaintzen digu Fernando Pessoaren obrak konprobatzeko nola egiten duen itzultzaileak hausnarketa eta analisi lan hori, nola aztertzen dituen jatorrizko testuen ezaugarriak eta zer erabaki hartzen dituen ezaugarriok bere hizkuntzan emateko. Heteronimoen jolas literarioaren bitartez, hezur-haragizko pertsona berak hainbat alegiazko idazleren lekua hartzen du, eta bakoitzarentzat ahots eta adierazmolde zehatz eta identifikaerraz bat asmatzen du. Eta probaleku ezin hobea dugu Iñigo Roque itzultzaileak Denonartean argitaletxerako prestatu duen antologia, aukera ematen baitigu lehenengoz euskaraz Pessoaren hiru heteronimoren poema mordoxka bat batera aztertu eta erkatu ahal izateko. Izan ere, ezaguna genuen Pessoa euskaraz lehenagotik ere; Joseba Sarrionandiak, Ana Iribarrek, Josetxo Azkonak, Joakin Balentziak, Gerardo Markuletak, Xabier Galarretak eta Luigi Anselmik argitaratuak zituzten han eta hemen, zenbait liburu eta aldizkaritan barreiaturik, Pessoaren poema solte batzuk euskaraz. Baina lehenengoz topatzen dugu Roqueren Poemak pluralean liburu honetan heteronimo bakoitzaren ahotsa ezagutzeko behar adina poema, itzultzaile berak euskaraturik: Alberto Caeiroren 14 pieza, Ricardo Reisen 23, Álvaro de Camposen 8 eta Fernando Pessoa ortonimoaren 19.

Roquek berak hitzaurrean zintzo ohartarazten gaituenez, antologia guztiak dira kamutsak, eta hala ere nabari zaio ikuspegi zabal eta osotu bat eskaintzeko asmoa:

Bilduma guztiak herrenak dira jaiotzetik, areago idazlearen etorria hainbesterainokoa izan denean. Subjektiboak ere badira, hautatzailearen esku baitago zer testu sar. Hala ere, hautua objektibatu nahian, Pessoaren beste antologia batzuei erreparatu diegu, norberaren jaidurak, ahalaz, onbideratze aldera (Brechon, 1994; Campos Pámpano, 2001; Crespo, 2007; Zenith, 1999). Orobat, ahalegindu gara, bateko, lan «amaituak» aukeratzen (ez da erraza jakiten, haatik, zein dauden benetan amaiturik) eta, besteko, poema sailak ahalik eta osatuen ematen, idazlearen obraren ikuspegi organiko bat eskaintze aldera.
(Pessoa 2012, 19)

Nabari zaio, halaber, Roqueri, gogoan izan duela heteronimoen jokoa, eta arreta jarri diola joko horri bere itzulpena pentsatzeko eta gauzatzeko orduan. Hitzaurrean atal bat eskaini dio gaiari: heteronimo bakoitzaren izaeraz, gaiez eta adierazmoldeaz azalpentxo bat ematen du, eta, itzulpenari dagokionez, ezaugarriok zertan eta nola eman dituen euskaraz esplikatzen du labur. Era berean, hautatutako poemen ostean eranskin gisa gehitu dituen bi testuetako batean zer eta Pessoak Adolfo Casais Monteirori idatzitako gutun bat (gorago aipatu duguna) itzuli du, zeina heteronimiari buruz Pessoak eman zituen esplikazioen bilduma nagusitzat jotzen den.

1. Pessoaren heteronimoak

Ikus dezagun, bada, lehenik eta behin, zertan bereizten diren Pessoaren heteronimoak bata bestetik. Itzultzaileak berak honela deskribatzen digu bakoitza, antologiari idatzi dion hitzaurrean:

Alberto Caeiro (1889-1916) «maisu xaloa» da, ardirik gabeko artzain bat. Zentzumenen erabateko bakuntasuna aldarrikatzen du jakintza-iturri bakartzat, zientzia eta parazientzia oro arbuiaturik; tautologiak ditu adierazpide («Gauzak bestelakoak balira, bestelakoak lirateke»). Naturaren eta unearen poeta ere bada, fisikoa, neopaganoa. Aldi berean, haren poesiak geldotasuna nabarmentzen du, estatikotasun estetiko bat, ikusle izan beharra halabeharraren ezinbestearen aurrean, baina fatalismoarekin loriatu gabe.
(Pessoa 2012, 16)
Ricardo Reisek gogoetazko poesia sofistikatu bat egiten du, klasiko latindarren ildokoa. Haren mezua soila da: bizi beharra dago azkena gertu balego bezala. Nihilismo erabateko baten morroi da, estoiko epikureo bat. Formari dagokionez, molde klasikoak estimatzen ditu, eta haren poesia hiperbatonez, zangalatrauz, elipsiz beterik dago: diskurtso etenkatu bat da.
(Pessoa 2012, 16-17)

Álvaro de Campos errepertorio handiko poeta izan zen, panteismotik futurismorainoko eremu mugagabean ibili baitzen, klasizismoa (batez ere grekoa) egundo baztertu gabe. Pessoaren arabera, «inoizko erritmo-sortzaile handienetako bat» da, «Whitmanen gogaide» baina «bortizkeria bizikoa». Campos, Bernardo Soares bezala, gero eta gertuago dago Pessoarengandik, ilunbide horretan. Bilakaera horretan, «Magnificat» baikortasunez betea da salbuespen bakarra.

(Pessoa 2012, 17)

Fernando Pessoa ortonimoa, berriz, anabasa horren biltzaile da, hark beti lanean baitihardu, heteronimoen isilaldietan ere. Hiru multzotan sailkatu ohi da haren poesia: lirikoa, exoterikoa («dena ezkutuan da») eta ingelesa. Hondarrean, esana dugunez, Álvaro de Campos eta Bernardo Soares harengana hurbildu ziren, ia bata bestetik ezin bereizteko eran.

(Pessoa 2012, 18)

Eta Fernando Pessoa bera, Casais Monteirori idatzitako gutunean, honela mintzo da bakoitzaz:

Nola idazten dudan hiru horien izenean?… Caeirorenean, inspirazio huts eta ustekabekoz, jakin edo prestatu gabe zer idatziko nuen. Ricardo Reisenean, gogoeta abstraktu baten ondoren, pentsamenduoi bat-batean oda itxura emanez. Camposenean, bat-batean idazteko bulkada izan eta zertaz idatzi ez dakidanean. (Bernardo Soares, nire erdi heteronimoa, zeinak alderdi askotan Álvaro de Camposen antza baitu, unaturik nagoenean edo logura naizenean agertzen da beti, arrazoimena eta inhibizioa pixka bat moteldurik ditudanean; prosa hori etengabeko joan-etorria da. Erdi heteronimoa da, zeren, nire nortasun bera izan ez arren, ez du beste nortasunik, nire nortasunaren mutilazio soil bat baizik. Neu naiz, arrazoimenean eta afektibitatean izan ezik. Haren prosa, arrazoimenak nireari ematen dion apaltasuna salbu, honen berdina da, eta portugesa guztiz berdina; Caeirok portugesez gaizki idazten bazuen, Camposek aski ondo, batzuetan okerren batzuk egiten zituen arren, eta Reisek nik baino hobeto; hala ere, nire ustez, neurriz gaindiko garbizaletasunez. Niretzat zailena da Reisen prosa ––oraindik argitaragabea–– edo Camposena idaztea. Simulazioa errazagoa da neurtitzez, berezkoagoa baita).

(Pessoa 2012, 152)

Horra hor, beraz, auzia: pertsona bat eta lau ahots; edo, areago, pertsona bat eta lau idazle. Nola adierazi norberaren hizkuntzan ahots horiek? Nola ezaugarritu bakoitza? Jakina, bistan da heteronimo bakoitzaren gaiak, kezkak, ikuspuntuak, jarrerak...... bereizgarri direla. Pessoazale batek erraz egotziko dio, adibidez, Alberto Caeiro poeta filosofoari honako esaldi hau biltzen duen poema: «Naturari buruz diren iritzi guztiek ez dute inoiz belar bat hazaraziko edo lore bat ernaraziko». Edo zalantzarik ez du izango, poema batean idazlea Lidiari edo Kloeri ari bazaio, Ricardo Reis latindar klasikoen zalea dela poeta hori. Edo beste batean trenak eta garabiak eta transatlantikoak ageri badira, Álvaro de Campos futuristak idatzia dela. Baina edukizko gako horiez gain, badira beste hainbat ezaugarri estilistiko eta ia huts-hutsean hizkuntzazko, ahots bakoitza ezaugarritzen dutenak. Erabilera horiek ere ematen diote ahots bakoitzari bere izaera, eta itzultzaileak asmatu behar du hizkuntzazko bereizgarri horiek bere hizkuntzaren izaerara egokitzen eta bere hizkuntzaren ahalmenen eta tasunen arabera birsortzen. Eta egokitzapen eta birsortze horiek sistematikoak izan beharko dira, hau da, behin eta berriro errepikatu beharko dira, ahots bakoitza ezaugarritzeko balioko badute. Horra hor zergatik den garrantzitsua euskarazko antologia honek eskaintzen digun «ikuspegi organikoa»: poema sorta handi samarra izanik, ahots bakoitzaren barne koherentzia epaitzeko aukera ematen digulako.

Ikus dezagun, bada, zein diren Iñigo Roqueren itzulpenean ahots bakoitzari nortasuna eta koherentzia ematen dioten hizkuntzazko ezaugarriak. Hauteman ditugun estrategietako batzuk modu antagonikoan ageri dira erabiliak bi heteronimotan; beste batzuk modu antagonikoan ez, baina bai ezberdin heteronimo batetik bestera; beste batzuk, aldiz, heteronimo bakar baten ezaugarri baino ez dira... Nolanahi ere dela, ahots batetik besterako aldeak nabarmentzeko, heteronimo bakoitza azpiatal batean aztertzea baino egokiagoa iruditu zaigu antzemandako ezaugarriak bata bestearen atzetik aletzea, heteronimo batenak edo bestearenak izan, ezaugarriok ahots bakoitzean zer-nola adierazten diren aztertu eta konparatu ahal izateko.

2. Aditzaren erabilerari dagozkionak

Aditz formen erabilera da, beharbada, Pessoaren heteronimoen arteko alderik nabarmenena euskarazko itzulpen honetan, batez ere Alberto Caeiro eta Ricardo Reis erkatzen baditugu. Labur esanda, Ricardo Reisen poemetan trinkotasunerako eta elipsirako joera gailentzen da; Caeirorenean, aldiz, adizki perifrastikoak behin eta berriro erabiltzea, ahozko hizkeraren xalotasuna imitatu nahian.

2.1. Aditz laguntzaileak

Caeiro zentzumenen poeta da, poeta fisikoa, bakuntasunaren eredu. Haren hizkera laua da, artifiziorik gabea, prosatik oso hurbilekoa. Laua baina ez lehorra: hoskidetasun eta erritmo oso neurtuei esker, musikaltasun handikoa. Eta ahozko kontamoldetik ez oso apartekoa.

Ahozko kontaeraren bakuntasun eta xalotasun horiek aditz laguntzaileen erabileran islaturik ikusten dira oso argi euskarazko itzulpenean. Roquek laguntzailea eransten die aditz nagusi ia guztiei. Portugesezko unitate bakarreko aditz formak aditz nagusi eta laguntzailearen bitartez ematen ditu euskaraz ia salbuespenik gabe, laguntzailearen elipsiaren tentazioari ihes eginez, errepikakorra gertatzeko beldurrik gabe.

Hurrengo adibidean ikusten denez, bost aditz laguntzaile pilatzen dira hiru bertso-lerrotan, portugesezko aditz forma bakoitzeko bat: da, dut, dut, dut, diot.

Alberto Caeiro, «Artaldeen zaindaria», VIII

(Pessoa 2012, 36)
Depois ele adormece e eu deito-o.
Levo-o ao colo para dentro de casa

E deito-o, despindo-o lentamente

E como seguindo um ritual muito limpo/
E todo materno até ele estar nu.
Gero lokartzen da, eta oheratzen dut.

Besotan eramaten dut etxe barrura,

ohean eratzatzen dut, astiro arropa eranzten diot,
/
erritual oso aratz bati jarraikiz bezala,

amatasun handiz hura osorik biluzteraino./

Bigarren, hirugarren eta laugarren aditz formen subjektuak eta objektuak berak izanik ere (nik hura), juntagailua txertatzea eta elipsia erabiltzea bazter utzi du itzultzaileak, eta ekintzen pilaketak sortzen duen efektua errespetatu du horrela.

Beste adibide honetan ere, aditz formen kopurua ia-ia berdina da bi bertsioetan, eta itzultzaileak hurbil-hurbiletik jarraitzen die sintagma mota guztien ordenari eta kopuruari:

Alberto Caeiro, «Artaldeen zaindaria», XXVIII
(Pessoa 2012, 38)

Porque os poetas místicos dizem que as flores sentem/

E dizem que as pedras têm alma

E que os rios têm êxtases ao luar.



Mas flores, se sentissem, não eram flores,/

Eram gente;

E se as pedras tivessem alma, eram cousas vivas, não eram pedras;/

E se os rios tivessem êxtases ao luar,

Os rios seriam homens doentes.

zan ere, poeta mistikoek esaten dute loreek sentitzen dutela,/
eta esaten dute harriek arima dutela/   
eta eta ibaiak estasiatzen direla ilargipean./

Hala ere, loreak, sentituko balute, ez lirateke lore,
/
pertsonak lirateke;

eta harriek arima balute, bizidunak lirateke, ez [Ø] harri;
/
eta ibaiak ilargipean estasiatuko balira,
/
ibaiak gizaki eriak lirateke.

Aditz formen behin eta berriroko errepikatzea, ikusten denez, jatorrizkoari lotzen zaio, baita euskarazko formak portugesezkoak baino luzeagoak eta, nolabait esateko, pisutsuagoak badira ere (eram vs lirateke). Eutsi egiten zaio horrela jatorrizko testuaren tonu xaloari, umeen adierazpidea gogorarazten duen horri.

Guztiz bestelakoa da Ricardo Reisen poemetan ikusten den joera. Reisek klasiko latindarren ildoko poesia idazten du: gaietan hausnarketa metafisikoetara emana, eta formetan armoniaren eta depurazioaren eredu. Gainera, Roquek hitzaurrean gaztigatzen digu: «Ricardo Reisen ahapaldietan, esatera, estu atxiki gatzaizkie neurtitzen arau guztiei, haren lirika estutasun formal horien morroi baita, baina besteetan, ez hainbeste». Hori horrela, Reisen testuetan ohikoak dira aditzen elipsiak: adierazmolde arruntetan espero genitzakeenak, baina baita elipsi behartuagoak eta ezohikoagoak ere.

Ikus ditzagun hiru adibide:

Ricardo Reis, «Lehen liburua», III

(Pessoa 2012, 57)
O mar jaz. Gemem em segredo os ventos
/
Em Éolo cativos,

Apenas com as pontas do tridente

Franze as águas Neptuno.
Itsasoa lo [Ø]; haizeak, auhen isil [Ø],

Eolok gatibaturik;

hiru hortzaz aise nahasten ditu

ur handiak Neptunok.

Lehen lerroan, portugesezko aditz forma soila (jaz) aditzondo+aditzaren bitartez itzultzea erabaki du Roquek, baina aditzaren elipsia eginez: lo [dago/datza]. Lehen lerro horretan aurrerago, jatorrizko gemem aditz forma guztiz desagertu da euskaraz, eta ergatiboaren markak argitzen digu izen-sintagmen arteko harremana: haizeak, auhen isil [egiten du].

Beheko adibide honetan, aldiz, aditz laguntzaileak dira itzultzaileak, trinkotasunaren izenean, ezabatu dituenak; oraingoan, testuinguruak laguntzen du argitzen zer informazio desagertu den aditz laguntzailearekin batera: arrosak dira Ekiarekin sortu eta galdu egiten direnak.

Ricardo Reis, «Lehen liburua», II

(Pessoa 2012, 56)
As Rosas amo dos jardins de Adônis,

Essas volucres amo, Lídia, rosas,

Que em o dia em que nascem,

Em esse dia morrem.

A luz para elas é eterna, porque

Nascem nascido já o sol, e acabam

Antes que Apolo deixe

O seu curso visível.
Adonisen arrosak ditut maite,

bizi xeheko, Lidia, arrosok,

jaiotako egunean

hiltzen diren horiek.

Argia haientzat betiereko da:

Ekiarekin sortu [Ø],
eta galdu [Ø] 
Apolok ageriko

ibilia buka aitzin.

Beste adibide honetan ere laguntzailea da ezabatutakoa:

Ricardo Reis, «Lehen liburua», V

(Pessoa 2012, 58)
Como se cada beijo

Fora de despedida,

Minha Cloe, beijemo-nos, amando.

Talvez que já nos toque

No ombro a mão, que chama

À barca que não vem senão vazia;

E que no mesmo feixe

Ata o que mútuos fomos

E a alheia soma universal da vida.
Gure musu bakoitza

azken balitz bezala,

Kloe enea, eman musu, maitatuz.

Apika laster jarriko [Ø]

sorbaldan esku hori,

hutsik datorren txalupari deika,

azao batean lotzeko

gure arteko hori

eta biziaren batura arrotza.

Oraingoan zailagoa da jakitea zer pertsonak parte hartzen duten ezabatutako aditz forman: apika laster jarriko didate/dizute/digute sorbaldan esku hori? Nolanahi ere, ñabardura txikia da, eta ez du poemaren interpretazioan nahasbiderik sortzen.

2.2. Aditz nagusiak



Reisen poemen estutasun formalak eskatzen duen trinkotasunaren beste zantzu bat aditz nagusien forman aurkitzen dugu. Forma osoaren (partizipioa edo aditz izena) eta aditzoinaren artean hauta daitekeenean, aditzoinaren alde egiten du itzultzaileak, silabatan irabazteko kasurik gehienetan. Hona hemen zenbait adibide:

Ricardo Reis, «Lehen liburua», VII

(Pessoa 2012, 59)
Ponho na altiva mente o fixo esforço

Da altura, e à sorte deixo,

E às suas leis, o verso;

Que, quando é alto e régio o pensamento,/

Súbdita a frase o busca

E o escravo ritmo o serve.
Gogo goran ezartzen dut goranzko

bulka, zoriari utzirik,

haren legeei, bertsoa;

ezen, pentsamena gora delarik,

letra bila doakio,

eta hotsa[k?] zerbitza.
Ricardo Reis, «Lehen liburua», XII

(Pessoa 2012, 62)
A flor que és, não a que dás, eu quero.

Porque me negas o que te não peço?
Lore nahi zaitut, ez zuk ematea.

Zergatik uka eskatu gabea.
Ricardo Reis, «Lehen liburua», XIII

(Pessoa 2012, 62)
Olho os campos, Neera,

Campos, campos, e sofro

Já o frio da sombra

Em que não terei olhos.

A caveira antessinto

Que serei não sentindo,

Ou só quanto o que ignoro

Me incógnito ministre.
Landei beha, Nerea,

landak, landak, jadanik
senti dut itzal hotza,

begi gabearena.

Burezurra senti dut,

ezin sentituzkoa,

ezagun ez dudanak

isilean emana.

Aginterako adizkietan ere, espero izatekoa den bezala, forma soilduaren alde egiten du gehienetan itzultzaileak Ricardo Reisen odetan:

Ricardo Reis, «Lehen liburua», XVII

(Pessoa 2012, 65)
Não queiras, Lídia, edificar no espaço

Que figuras futuro, ou prometer-te

Amanhã. Cumpre-te hoje, não esperando./

Tu mesma és tua vida.
Não te destines, que não és futura.

Quem sabe se, entre a taça que esvazias,/

E ela de novo enchida, não te a sorte

Interpõe o abismo?
Ez desira, Lidia, espazioan eraikitzea

etorkizunik, ez zeure buruari prometa

geroa. Betea izan orain, itxaron gabe.

Zeu zara zure bizia.

Ez paturik bila, ez baitzara etorkizun.

Nork daki, bada, edontzia hustu eta

bete bitartean, zoriak ez zaituen

leizean ezarriko?
Ricardo Reis, «Beste oda batzuk: Handi izateko, izan osoa»

(Pessoa 2012, 71)
Para ser grande, sê inteiro: nada

Teu exagera ou exclui.

Sê todo em cada coisa. Põe quanto és

No mínimo que fazes.

Assim em cada lago a lua toda

Brilha, porque alta vive
Handi izateko, izan osoa: ez

zure ezer putz edo ken.

Izan oso beti. Ager osorik

egite xeheenean ere.

Hala, uretan islatzen da Ilargia,

ortzian bizi baita.

Utz ditzagun une batez Reisen odak, eta ikus dezagun orain, kontrastea agerikoagoa gerta dadin, aginteraren erabilera Alberto Caeiroren poema batean:

Alberto Caeiro, «Artaldeen zaindaria», VIII

(Pessoa 2012, 36)

Quando eu morrer, filhinho,

Seja eu a criança, o mais pequeno.
Pega-me tu ao colo

E leva-me para dentro da tua casa.
Despe o meu ser cansado e humano

E deita-me na tua cama.

E conta-me histórias, caso eu acorde,

Para eu tornar a adormecer.

E dá-me sonhos teus para eu brincar

Até que nasça qualquer dia

Que tu sabes qual é.

Hiltzen naizenean, seme,

ni izan nadila haurra, txikiena.
Har nazazu besotan

eta sar nazazu etxe barrura.
Erantz iezadazu nire izate akitu eta gizatiarra,/

eta utz nazazu zure ohean.

Eta kontazkidazu istorioak, ni, itzarriz gero,/

berriro lokar nadin.

eta emazkidazu zure ametsetatik batzuk, jolasteko/

harik eta zuk dakizun edozein egunetan berriro jaiotzen naizen arte./

Reisen poemen eta Caeiroren poemen egile fisikoa bera da: Fernando Pessoa. Batzuen eta besteen itzultzailea ere bai: Iñigo Roque. Eta Roque itzultzaileak jakin du Pessoak bezala bitan banatzen, ahots bakoitza dagokion tonuz janzteko hizkuntzazko baliabide xume bat erabiliz: aginterarako aditzoinak, pertsonarik adierazi gabe, erabili ditu molde klasiko eta kultuko Reisen odetan (desira, prometa, bila, putz, ken, ager); Caeiroren poemetan, aldiz, forma perifrastikoak zein trinkoak, pertsona-markadunak (har nazazu, sar nazazu, erantz iezadazu, utz nazazu, kontazkidazu, emazkidazu).

2.3. Aditz trinkoak

Ricardo Reisen poemetan trinkotasuna lortzeko beste baliabide ageriko bat aditz trinkoen erabilera da. Nabarmen handiagoa da aditz trinkoen kopurua Reisek sinatutako testuetan, eta ––hori baino inportanteagoa, beharbada–– askotarikoagoak (eta berriro ere, ezohikoagoak) forma motak, beste heteronimoen testuetan baino.

Zenbait adibide zerrendatuko ditugu jarraian. Ikusiko denez, eguneroko erabileran baliatu ohi ez diren formak dira haietariko asko; batzuk, erabilera-eremu oso mugatukoak ere bai. Eta horrelakoek trinkotasunari ez ezik, oden sofistikazio kutsuari ere laguntzen diote. Bestela esanda, latindar klasikoen poesia kultuaren oihartzuna dakarkiete poemei. Guztiz tonuz kanpokoak gertatuko lirateke adizki trinko hauetariko asko beste heteronimoen poemetan. Ez, ordea, Ricardo Reisenetan; haren testuetan erabat koherenteak dira.

Ricardo Reis, «Lehen liburua», II

(Pessoa 2012, 56)
Assim façamos nossa vida um dia,

Inscientes, Lídia, voluntariamente

Que há noite antes e após

O pouco que duramos.
Hala, dagigun bizitza egunbete,

nahita jakin gabetan, Lidia,

gaua dela gure aldi

motxaren atze-aurre.
Ricardo Reis, «Lehen liburua», VIII

(Pessoa 2012, 60)
Quão breve tempo é a mais longa vida/

E a juventude nela! Ah!, Cloe, Cloe,

Se não amo nem bebo,

Nem sem querer não penso,
Pesa-me a lei inimplorável, dói-me

A hora invicta, o tempo que não cessa,/

E aos ouvidos me sobe

Dos juncos o ruído

Na oculta margem onde os lírios frios

Da ínfera leiva crescem, e a corrente

Não sabe onde é o dia, 

Sussurro gemebundo.
Bai laburra bizitzarik luzeena,

eta gaztaroa! Ai, Kloe, Kloe,

maitatu edo edan

edo amestu ezik,

lege gupidagabeak natxika, mingarri

zait ordu ezinbestekoa, denbora badoa,/

eta ene belarrira

ezkutuko ertzaren

zarata dator, eta han lirio hotzak

azpitik hazten dira eta korronteak

ez daki non den eguna,

auhenezko xuxurla.
Ricardo Reis, «Lehen liburua», XII

(Pessoa 2012, 62)
Flor, sê-me flor! Se te colher avaro

A mão da infausta esfinge, tu perere

Sombra errarás absurda,

Buscando o que não deste.
Izan lore! Zeken hartuko bazintu

esfinge dongearen eskuak, itzal antzo

alderrai zenbiltzake,

eman gabearen bila.
Ricardo Reis, «Lehen liburua», XVI

(Pessoa 2012, 65)
Tuas, não minhas, teço estas grinaldas,/

Que em minha fronte renovadas ponho./

Para mim tece as tuas,

Que as minhas eu não vejo.

Se não pesar na vida melhor gozo

Que o vermo-nos, vejamo-nos, e, vendo,/

Surdos conciliemos

O insubsistente surdo.

Coroemo-nos pois uns para os outros,

E brindemos uníssonos à sorte

Que houver, até que chegue

A hora do barqueiro.
Zeure, ez nire, girlandak ehuntzen ari,

nire kopetan berririk jartzeko.

Enetzat zeureak ehundu:

nireak ez dakuskit.

Bizian ez bada atseginagorik

nola elkarri behatzea, beha,

gor elkartu dezagun

gorreria hutsala.

Elkar koroatu dezagun, ba,

eta topa dagigun zoriagatik,

txaluparen ordua

etorri bitartean.
2.4. Aditzen kokapena perpausean

Reisen testuetan aditz formei dagokienez aurkitu ditugun hiru erabilera horiek (aditz formen elipsi zenbaitetan behartuek, eguneroko hizkerakoak ez diren adizki trinkoen presentziak eta aditzoinen ugaritasunak) sofistikazio oihartzuna dakarkiete poemei, esan bezala, eta tonu kultua eransten diete. Sofistikazioaren kontrako efektua topatzen dugu, ordea, Caeiroren poemetan: aditz laguntzaileen ugaritasunagatik eta errepikagatik, gorago aipatu dugun bezala, batetik; baina baita aditz forma horien kokapenagatik ere. Izan ere, sarri samar erabiltzen ditu Caeirok aditz deklaratiboak eta perpaus konpletiboei bide ematen dietenak, eta halakoetan, poemen artifiziorik gabeko tonuarekin bat eginez, aurrean kokatu ohi ditu Roquek adizkiok.

Adibide honetan ikusten denez, mendeko perpausei bide ematen dieten aditzak hasieran kokatzen ditu itzultzaileak:

Alberto Caeiro, «Artaldeen zaindaria», VIII
(Pessoa 2012, 32)
A mim ensinou-me tudo.
Ensinou-me a olhar para as coisas.
Aponta-me todas as coisas que há nas flores./
Mostra-me como as pedras são engraçadas/

Quando a gente as tem na mão

E olha devagar para elas.
Niri dena erakutsi dit.
Erakutsi dit gauzei begiratzen.
Seinalatzen dizkit loreetan diren gauza guztiak./
Erakusten dit zein alaiak diren harriak/

haiek eskuan hartuta

astiro begiratzen diegunean.

Caeiroren ahotsarekin bat datorren hizkera laua lortzen du horrela, eta, gainera, azken perpausean jatorrizkoaren ordena berean eman ahal ditu azken hiru bertso-lerroetako sintagmak: Erakusten dit zein alaiak diren harriak / haiek eskuan hartuta / astiro begiratzen diegunean. (Aurrerago ere hitz egingo dugu, beste atal batean, bertso-lerroen hurrenkeraz eta antolamenduaz).

Antzera jokatzen du beste adibide honetan:

Alberto Caeiro, «Artzain amorosa»

(Pessoa 2012, 41)
(E de novo o ar, que lhe faltara tanto tempo, lhe entrou fresco nos pulmões)/

E sentiu que de novo o ar lhe abria, mas com dor, uma liberdade no peito./
(Eta airea berriro, aspaldian urria, berriturik sartu zitzaion biriketan)/

Eta sentitu zuen aireak berriz, baina minez, zabaltzen ziola askatasun bat bularrean./

Eta berriro ere hemen:

Alberto Caeiro, «Poema batasun gabeak: Zibilizazioaz hitz egiten duzu»

(Pessoa 2012, 44)
Falas de civilização, e de não dever ser,/

Ou de não dever ser assim.
Dizes que todos sofrem, ou a maioria de todos,/

Com as cousas humanas postas desta maneira./
Dizes que se fossem diferentes, sofreriam menos./
Dizes que se fossem como tu queres, seria melhor./
Zibilizazioaz hitz egiten duzu, eta izan behar ez duenaz,/

edo halako izan behar ez duenaz.
Diozu denek sufritzen dutela, edo gehienek,/

giza kontuak dauden-daudenean daudelako./
Diozu bestelakoak balira gutxiago sufrituko luketela./
Diozu zuk nahi bezalakoak balira hobe litzatekeela./

Álvaro de Camposen testuetan, Reisen sofistikaziotik eta Caeiroren xalotasunetik distantziakideak izanik, aditza ez aurreratzearen alde egiten du Roquek:

Álvaro de Campos, «Tabako-denda»

(Pessoa 2012, 109)

Chego à janela e vejo a rua com uma nitidez absoluta./
Vejo as lojas, vejo os passeios, vejo os carros que passam,/
Vejo os entes vivos vestidos que se cruzam,/
Vejo os cães que também existem.

Leihora ondoraturik, argi-argi ikusten dut kalea./

Dendak ikusten ditut, espaloiak ikusten ditut, autoak ikusten ditut igarotzean,/

gurutzatzen diren izaki bizidun jantziak ikusten ditut,/

txakurrak ikusten ditut, halakorik ere bada-eta./

3. Bertso-lerroen eta sintagmen antolaerari dagozkionak

3.1. Zangalatrauak

Bertso-lerroen arteko etenak eta ordena antolatzeko orduan, ezberdin jokatzen dute Alberto Caeirok, Ricardo Reisek eta Álvaro de Camposek. Caeirok eten sintaktiko argiak egiten ditu oro har bertso-lerrotik bertso-lerrora, eta haren poemetan perpaus osoak izaten dira askotan bertso-lerro bakoitza betetzen dutenak. Hona hemen, adibide gisara, pasartetxo bat:

Alberto Caeiro, «Artaldeen zaindaria», VIII

(Pessoa 2012, 32)

Hoje vive na minha aldeia comigo.

É uma criança bonita de riso e natural.

Limpa o nariz ao braço direito,

Chapinha nas poças de água,

Colhe as flores e gosta delas e esquece-as./

Atira pedras aos burros,

Rouba a fruta dos pomares

E foge a chorar e a gritar dos cães.

Orain, herrixkan bizi da nirekin.

Haur ederra da barre egitean, eta naturala.

Eskuin besoarekin garbitzen du sudurra,

potxingoetan txipli-txapla ibiltzen da,

loreak hartzen ditu eta atsegin ditu eta ahazten ditu./

Astoei harrika ibiltzen da,

fruituak osten ditu sagarrondoetatik

eta txakurrak saihesten ditu negarrez eta oihuka./

Camposenetan, perpaus osoek zein askotariko sintagmek bete ohi dituzte bertso-lerroak. Gehienetan bertso-lerro berean hasi eta bukatzen diren unitate sintaktikoak erabiltzen ditu, nahiz eta noiz edo noiz zangalatrau ez oso beharturen bat ere ageri den.

Álvaro de Campos, «Garaipen-oda»

(Pessoa 2012, 90)

Eh-lá grandes desastres de comboios!

Eh-lá desabamentos de galerias de minas!

Eh-lá naufrágios deliciosos dos grandes transatlânticos!/

Eh-lá-hô revoluções aqui, ali, acolá,

Alterações de constituições, guerras, tratados, invasões,/

Ruído, injustiças, violências, e talvez para breve o fim,/

A grande invasão dos bárbaros amarelos pela Europa,/

E outro Sol no novo Horizonte!

Ene, tren-hondamendi handiak!

Ene, meatzeetako galerien erorketak!

Ene, transatlantiko handien hondoratze deliziosak!/

Ene, bada, iraultzak hemen, hor, han,

konstituzioen moldaketak, gerrak, itunak, inbasioak,/

zarata, bidegabekeriak, indarkeriak eta beharbada laster azkenean,/

barbaro azal-horien inbasio handia Europan,

eta beste Eguzki bat Zerumuga berrian!

Ricardo Reisen poemak, ordea, zangalatrauz beterik daude: perpausak eta sintagmak bertso-lerro batean hasi eta hurrengoan amaitzen dira, eta perpausaren edo sintagmaren amaiera ematen duen bertso-lerro horrek hurrengo perpausaren edo sintagmaren lehen partea bildu ohi du askotan. Horra hor, beraz, Ricardo Reisen estilo etenkatuaren arrazoietariko bat.

Bada, bertso-lerro bakoitzaren edukiari dagokionez, Iñigo Roquek jatorrizkoari fidel jokatzen du hiru heteronimoetan: perpausez perpauseko edo sintagmaz sintagmako banaketa Caeiroren eta Camposen poemetan, eta zangalatrauek nabarmen etendako diskurtsoa Reisen odetan.

Caeiroren testuetan zailtasun handirik gabe lortzen du jatorrizko bertso-lerroen eta itzulpenekoen arteko paralelismoa1. Oso gutxitan gertatzen da arazotsua paralelismo hori sortzea, Caeiroren estiloaren xalotasunari eta bakuntasunari esker. Baina portugesaren eta euskararen arteko alde morfosintaktikoek buruhausteren bat sortzen dutenean ere, aise eta irakurlearen begietara oharkabean ebazten ditu Roquek zailtasunok. Noiz edo noiz, perpaus nagusiko aditza aurrera ekarriz, mendeko perpausen mendekoak portugesaren ordena eta antolaera berean ager daitezen, gorago ikusi dugun adibidean bezala:

Alberto Caeiro, «Artaldeen zaindaria», VIII

(Pessoa 2012, 32)

Mostra-me como as pedras são engraçadas

Quando a gente as tem na mão

E olha devagar para elas.

Erakusten dit zein alaiak diren harriak

haiek eskuan hartuta

astiro begiratzen diegunean.

Beste batzuetan, erlatibo perpausei izkintxo egitea baino ez du:

Alberto Caeiro, «Artaldeen zaindaria», VIII

(Pessoa 2012, 31)

Não era mulher: era uma mala
Em que ele tinha vindo do céu.

Ez zen emakumea: maleta bat zen,

zerutik hura ekartzeko erabilia.

Álvaro de Camposen poemetan Caeirorenetan baino sarrixeago egin behar izaten die aurre itzultzaileak zailtasunei jatorrizko eta itzulpeneko bertso-lerroen antolaerak batera biltzeko ahaleginean. Gehienetan, lizentzia txikiren bat hartuta eta sintagmen edo perpausen arteko erlazio morfosintaktikoa zertxobait aldatuta konpondu ohi ditu horrelakoak.

Honako adibide honetan, esate baterako, non Camposek ohikoa ez duen zangalatrau bat erabiltzen duen (conquistas / das ciências), jatorrizkoan ez den balio kontzesibo bat eransten dio lotura morfosintaktikoari, ba- ere menderagailuaren bitartez:

Álvaro de Campos, «Lisbon revisited»

(Pessoa 2012, 101)

Não me apregoem sistemas completos, não me enfileirem conquistas/
Das ciências (das ciências, Deus meu, das ciências!).../-

Das ciências, das artes, da civilização moderna!/

Ez niri saldu sistema biribilik, ez sinetsarazi niri lorpenik,/
zientziarenak badira ere (zientziarenak, Jainkoarren, zientziarenak!)....../

Zientziarenak, artearenak, zibilizazio garaikidearenak!/

«Tabako-denda» poema ezagunean, beste adibide bat aipatzearren, bost bertso-lerrotan zehar luzatzen den egitura morfosintaktiko aldrebes bati irtenbidea ematen dio Roquek, berriro ere, sintagmen arteko erlazioa zertxobait aldatuta:

Álvaro de Campos, «Tabako-denda»

(Pessoa 2012, 104-105)

Estou hoje vencido, como se soubesse a verdade.

Estou hoje lúcido, como se estivesse para morrer,

E não tivesse mais irmandade com as coisas
Senão uma despedida, tornando-se esta casa e este lado da rua/

a fileira de carruagens de um comboio, e uma partida apitada/

De dentro da minha cabeça,

E uma sacudidela dos meus nervos e um ranger de ossos na ida./

Gaur pot eginik nago, egia baneki bezala.

Gaur buruargi nago, hil beharrean banengo bezala/

eta gauzekin betebehar bakarra baneuka bezala:/

adio esatea, zeren, etxe hau eta kalearen alderdi hau/

tren baten bagoi-ilara bihurturik, abiatzeko txistua/

aditzen baita nire buruaren barruan,

eta nire nerbioen ikara eta hezurren karranka joanekoan./

Ricardo Reisen estilo etenkatua euskaraz emateko, zangalatrauak erabili ditu euskaraz ere, espero izatekoa zen bezala, Iñigo Roquek. Ahal izan denean, jatorrizko leku berean, jarraiko adibidean ikusten den bezala. Oda honetan, portugesezko bertso-lerro berdinetan osatu ditu zangalatrauak itzultzaileak: 1.aren eta 2.aren artean, 2.aren eta 3.aren artean, 6.aren eta 7.aren artean, eta 7.aren eta 8.aren artean.

Ricardo Reis, «Lehen liburua», XVII

(Pessoa 2012, 65)

Não queiras, Lídia, edificar no espaço
Que figuras futuro, ou prometer-te
Amanhã. Cumpre-te hoje, não esperando.

Tu mesma és tua vida.

Não te destines, que não és futura.

Quem sabe se, entre a taça que esvazias,
E ela de novo enchida, não te a sorte
Interpõe o abismo?

Ez desira, Lidia, espazioan eraikitzea
etorkizunik, ez zeure buruari prometa

geroa. Betea izan orain, itxaron gabe.

Zeu zara zure bizia.

Ez paturik bila, ez baitzara etorkizun.

Nork daki, bada, edontzia hustu eta
bete bitartean, zoriak ez zaituen

leizean ezarriko
?

Beste batzuetan, zangalatraua leku berean egiteko aukera izan ez duenean, konpentsazio halako bat erabili du Roquek, eta hurbileko bertso-lerroren batean behartu du zangalatraua. Honako adibide honetan, adibidez, 5. eta 6. bertso-lerroen arteko zangalatraua egin ez (porque / nascem)2, eta jatorrizkoan ez den bat sortu du 7. eta 8. bertso-lerroen artean: ageriko / ibilia.

Ricardo Reis, «Lehen liburua», II

(Pessoa 2012, 56)

As Rosas amo dos jardins de Adônis,

Essas volucres amo, Lídia, rosas,

Que em o dia em que nascem,

Em esse dia morrem.

A luz para elas é eterna, porque
Nascem nascido já o sol, e acabam

Antes que Apolo deixe

O seu curso visível.

Adonisen arrosak ditut maite,

bizi xeheko, Lidia, arrosok,

jaiotako egunean

hiltzen diren horiek.

Argia haientzat betiereko da:

Ekiarekin sortu, eta galdu

Apolok ageriko

ibilia buka aitzin.

Eta antzera jokatzen du beste honetan ere. Oraingoan, jatorrizkoan hain markatua ez den zangalatrau bat (dói-me / a hora invicta) zangalatrau oso markatu batez ordezkatzen du euskarazko bertsioan (mingarri / zait):

Ricardo Reis, «Lehen liburua», VIII

(Pessoa 2012, 60)

Quão breve tempo é a mais longa vida

E a juventude nela! Ah!, Cloe, Cloe,

Se não amo nem bebo,

Nem sem querer não penso,

Pesa-me a lei inimplorável, dói-me
A hora invicta, o tempo que não cessa,

E aos ouvidos me sobe

Dos juncos o ruído

Na oculta margem onde os lírios frios

Da ínfera leiva crescem, e a corrente

Não sabe onde é o dia,

Sussurro gemebundo.

Bai laburra bizitzarik luzeena,

eta gaztaroa! Ai, Kloe, Kloe,

maitatu edo edan

edo amestu ezik,

lege gupidagabeak natxika, mingarri
zait ordu ezinbestekoa, denbora badoa,

eta ene belarrira

ezkutuko ertzaren

zarata dator, eta han lirio hotzak

azpitik hazten dira eta korronteak

ez daki non den eguna,

auhenezko xuxurla.

3.2. Hiperbatonak

Zangalatrauekin batera, hiperbatonek ere laguntzen dute Ricardo Reisen poemetan sofistikazio tonua lortzen. Eta are nabarmenagoa da konpentsazioaren beharra hiperbatonen itzulpenean, euskararen eta portugesaren ezaugarri morfosintaktikoen arteko aldea dela eta. Aurretik emana dugun adibide bat berriro gogora ekartzea nahikoa izango da konpentsazio honen efektuaz jabetzeko:

Ricardo Reis, «Lehen liburua», II

(Pessoa 2012, 56)

As Rosas amo dos jardins de Adônis,
Essas volucres amo, Lídia, rosas,

Que em o dia em que nascem,

Em esse dia morrem.

A luz para elas é eterna, porque

Nascem nascido já o sol, e acabam

Antes que Apolo deixe

O seu curso visível.

Adonisen arrosak ditut maite,
bizi xeheko, Lidia, arrosok,

jaiotako egunean

hiltzen diren horiek.

Argia haientzat betiereko da:

Ekiarekin sortu, eta galdu

Apolok ageriko

ibilia buka aitzin.

Kasu honetan, aditz nagusiaren eta aditz laguntzailearen arteko ohiko ordena alderantzikatu du batetik (ditut maite), eta bokatiboa ohikoa ez duen kokagune batean txertatu du bestetik (bizi xeheko, Lidia, arrosak).

4. Ondorio gisa

Artikulu honen hasieran, parodiaren eta desmitifikazioaren arteko nahasketa bat eginez, itzultzailearen lan isil, arrazional eta hausnarketari emana defendatzen genuen. Fernando Pessoa idazle portugaldarraren heteronimoak euskaratzeko, itzultzaileak analisi eta gogoeta lan bat egin behar duela adierazten genuen, eta, analisi horren ondorioz, ahots bakoitzaren ezaugarriak hauteman eta haiek euskaraz egokien emateko modua bilatu behar duela.

Gure azterketa honetan, Iñigo Roqueren itzulpeneko zenbait joera identifikatu, zerrendatu eta nola edo hala multzokatu ditugu («zenbait» diogu; inola ere ez diren guztiak); heteronimo bakoitzean modu sistematiko samarrean errepikatzen diren baliabide edo estrategiak dira, ahots bakoitza ezaugarritzen laguntzen dutenak. Zalantzarik ez dugu sistematikotasun hori ez dela kasualitatearen ondorio, ezpada itzultzailearen esku (eta buru) onaren adierazle. Eta, hala ere, ezin dugu jakin ––barkatuko didazu, irakurle, baina ezin diot eutsi zirkulua ixteko eta neure argudiaketa hankaz gora jartzeko tentazioari–– zenbateraino izan diren estrategia horiek une oro erabaki kontzienteen ondorio eta zenbateraino itzultzaileak senez erabili baina arrazoimenez inoiz formulatu ez dituen intuizioen emaitza.

Jakina, Iñigo Roqueri berari galdetzea badugu, baina itzultzaileen esanez, poeten esanez bezalaxe, gutxi fio. Komoda altuak eta estasiak aipatuko dizkigu, beharbada.


1. Zalantzan jar dezake baten batek zer garrantzi duen edo zer merituren seinale den poesia itzultzean jatorrizko testuaren eta itzulitakoaren bertso-lerroen artean paralelismoa egotea, eta galdetuko du beharbada zergatik ez den alderantzikatu behar bizpahiru bertso-lerroren arteko hurrenkera itzulpenean, xede-hizkuntzaren ezaugarri morfosintaktikoek hala agintzen badute. Eta, bai, jakina, itzultzaileak aukeran du paralelismo horri ez eustea. Baina, bestalde, kontuan hartu behar da, beti-beti ez bada ere, askotan poetak informazioa helarazteko aukeratu duen erritmoa eta ordena garrantzi handikoak izaten direla, efektu estetiko zehatz bat sortzera bideratuak, eta itzultzaileari ahal den neurrian efektu horri eustea dagokiola. Bestela esanda, honako bi hurrenkera hauek, esate baterako, ez dute efektu estetiko bera, gure ustez: como se cada beijo / fora de despedida, / mina Cloé, beijemo-nos, amando, batetik, eta beijemo-nos, amando, mina Cloé / como se cada beijo / fora de despedida, bestetik.

2. Ohar bedi irakurlea, bide batez, itzultzaileak puntuazioa erabili duela adibide honetan Reisen poemetan beharrezkoa den trinkotasuna lortzeko: kausazko menderagailuaren ordez (porque > zeren, bait-), bi puntuak baliatu ditu bi perpausen arteko erlazioa adierazteko (A luz para elas é eterna, porque / Nascem nascido já o sol, e acabam / Antes que Apolo deixe / O seu curso visível > Argia haientzat betiereko da: / Ekiarekin sortu, eta galdu / Apolok ageriko / ibilia buka aitzin). Hain zuzen ere, behin baino sarriagotan erabiltzen du Roquek Reisen oden itzulpenean puntuazioaren estrategia hori. Hona hemen beste adibide bat: Para mim tece as tuas / Que as minhas eu não vejo > Enetzat zeureak ehundu: / nireak ez dakuskit (Ricardo Reis, «Lehen liburua», XVI, 60. or.).