Duras itzultzearen arduraz eta abenturaz
Xabier Artola Zubillaga

Marguerite Durasen La douleur frantsesetik euskarara itzultzean izandako esperientzia kontatzen da artikulu honetan. Obra hori Literatura Unibertsala itzulpen lehiaketarako hautatutakoen artean zegoen, 2013 urtean. Artikuluan, nire estreinako literatura itzulpena izan den hau egiteko jarraitu dudan bidea azaltzen dut: zergatik erabaki nuen lehiaketara aurkeztea, obrari eta egileari buruzko nire ezagutza zabaltzeko egindako lana zein izan den, itzulpena egiteko jarraitutako lan metodo eta egutegia, itzulpenean lagungarri erabilitako baliabideen nondik norakoak eta abar. Halaber, lan hau euskaratzean izan ditudan arazo zenbaiten berri eman, eta arazo horiei zer irtenbide bilatu diedan azaltzen dut.

Marguerite Durasen La douleuren frantsesetiko itzulpena1 dela-eta, esan beharra daukat ezer baino lehen esperientzia kontatzera mugatuko naizela artikulu honetan, ezinbestean; izan ere, ez nago ni oso jantzita itzulpen teoriaren aldetik, ez naiz itzultzaile profesionala, eskarmentu handirik ere ez daukat langintza honetan, eta ezin, bada, besterik egin.

Betidanik gustatu izan zait itzulpengintza, edo, hobeto esan, testugintza oro har. Idaztea da benetan gustuko dudana, hitzen bidez eta idatziz adieraztearekin zerikusia duen guztia. Eta irakurtzea, literatura. Autodidakta samarra hizkuntzarekin zerikusia duen guztian, ez dut ahazteko Martuteneko eskolan, oker ez banago larunbat goizetan, egiten ziren ikastaro haietan ––80ko hamarkadaren amaiera aldera–– ikasitako guztia, ikastaro haiek piztu baitzuten nire baitan itzulpengintzarako harra, eta izan banuen jaidura sendotu.

Horra, bada, nire prestakuntza itzulpengintzan. Baina egiten eginez ere ikasten denez, ikasi dut, eta asko, nire lehen literatura itzulpen hau egitean. Aurrez gauza gutxi euskaratu izan ditut beste hizkuntza batetik: informatika libururen bat edo beste, hitzaurreren bat, irakaskuntza testuak, poema solteak... Baina aspaldiko arantza nuen literatura lan oso bat euskaratzearena, eta pausoa eman nahi nuen.

Urtero-urtero ematen nion begiratu bat Literatura Unibertsala lehiaketa deialdiari ––edo Jokin Zaitegiri––, ea neuk egiteko moduko liburu laburren bat-edo aurkitzen ote nuen; eta inoiz baita aurreneko orrialdeak itzultzen hasi ere, eskatutako lagina osatze aldera. Hala ere, orain arte ez nuen laginik bidaltzeko ausardiarik bildu. Egin nahi baina ausartzen ez, horixe komedia: lanaren muntak, zailtasunak, gai izango ote nintzen... atzera eragiten zidaten beti atzenean.

Halako batean, baina, animatu nintzen, eta duela bi urte La douleuren lehen hamar orrialdeak euskaratu eta lagina bidali nuen Literatura Unibertsala lehiaketara, erabaki gabe, artean, ezta zein izenburu emango niokeen liburuari ere. Eta, itxaropen handirik ez nuen arren, irailean mezua jaso nuen, itzulpena esleitu zidatela esanez: hura poza... eta beldurra, hura ardura... eta abentura (zetorkidana!).

Zergatik hautatu nuen hautatu nuena? Durasen lana ezagutzen nuelako, batetik, lehendik zerbait irakurria nion behintzat, eta, ezertan hasi aurretik, La douleur irakurri eta izugarri gustatu zitzaidalako; gerra zuelako gai liburuak, bestetik, eta gerra ––gerrak pertsonongan uzten duen arrastoa, batik bat–– beti interesatu izan zait literaturan; jatorrizkoaren hizkuntzagatik; testuaren luzeragatik beragatik (218.000 karaktere, ez zen behintzat liburukote bat); eta, azkenik, esaldien laburragatik, esaldi korapilatsudun testu bat baino itzulerrazago suertatuko zitzaidalakoan edo.

Eta orain hemen ari naiz, artikulu hau nondik burutuko! Bitartean, La douleur indartsua itzultzearen urtebeteko abentura, eta Durasen ahotsa euskal irakurleari helarazteko ardura eta erantzukizuna.

Duras eta Samina

Martuteneko ikastaro haietako irakasleren bati ikasi nion, idazle baten testu bat itzultzeko, haren obra osoa ezagutu eta irakurri behar dela aurrez, itzultzen hasterako. Ez dakit hori hala izaten den praktikan, itzultzaile profesionalek zer egiten duten ez dakit. Baina aitortu behar dut nik ez dudala egin, eta ez da gogo faltaz izan: Marguerite Durasen obra hain da zabala, ezen ez baita samurra epe labur batean hartaz behar bezala jabetzea. Hala ere, eta lehendik ere banekien arren, inoiz baino argiago ikusi ––eta ikasi–– dut egilearen eta haren obraren gainean asko jakin behar dela, gauzak txukun egingo badira. Eta ez da obra osoa bakarrik, baina baita idazlearen biografia, itzulgai den testuaren berri eman dezaketen lanak, egileari buruzko bibliografia (ugaria, Durasenean), eta, Samina bezalako liburuen kasuan, kontatzen direnak gertatzen diren garai eta egoera historikoari buruzko literatura, zientifikoa zein fikziozkoa. Eta hori dena gabe, noski, ausardia ere egotz lekioke itzultzaileari, eta arrazoiz, gainera; baina hori dena egiteko denbora asko behar da, eta ez neukan, egia esan.

Esana dut gorago ezagutzen nuela Marguerite Durasen obra, irakurria niola zerbait aurretik. Besteak beste, Mikel Garmendiak duela ia hogei urte euskaratutako L'Amant (Maitalea. Ibaizabal, 1996) irakurria nuen bere garaian, eta berrirakurri egin nuen La douleuren itzulpenari ekin nionean; horren ondoren, Durasen beste liburu batzuk ere irakurri ditut, jatorrizko hizkuntzan, itzulpena egiten jardun naizen bitartean, eta harekin amaitu eta gero ere bai. Egilearen ahotsaz, tonuaz, hobeto jabetzeko aukera ematen dizu haren beste obra batzuk irakurtzeak; eta ahots hori ahalik eta egokien transmititzea da itzultzailearen zereginik behinena eta zailena.

Bestalde, Samina ez da edozein testu, hari buruz asko hitz egin eta idatzi da. Saminari buruzko bibliografia akademikoa ––eta bestelakoa–– ugaria da. La douleur, Durasen hitzetan, egunkari bat da, haren etxebizitza izandako Neauphle-le-Château-ko armairu urdinetako bi kaieretan aurkitua, idatzi zuenik ere batere gogoan ez duena, urteetan abandonatua: hala dio egileak liburu osoari izenburua ematen dion lehen narrazioaren hitzaurre moduko batean. Egunkari hori Cahiers de la guerre (gerrako kaierak) izenburupean argitaratu zen gero, Sophie Bogaert eta Olivier Corpet-en eskutik2, eta, liburu honetako narrazio batzuen lehen bertsioak ez ezik, Durasen beste eleberri batzuen ernamuin diren kontakizunak ere ageri dira bertan. Kaiera horiek ere irakurri nituen, noski. Esan dezadan, ezagutzen ez duenarentzat, Samina hainbat narrazioz osatua dagoela, eta Bigarren Mundu Gerran, Paris okupatuan zein liberatu berrian, gertatzen direla narrazio horietan kontatzen direnak.

Eta Durasen munduaz jabetzen joan naiz pixkanaka. Haren biografia nobela bat bezala irakurtzen da, egia esan. Eta egileari ––eta Saminari–– buruzko bibliografia, artikuluak, tesiak eta abar ugariak dira, ehunka daude webean. Horietako askotxo ere irakurri ––edo gainbegiratu behintzat–– egin ditut. Eta bai film batzuk ikusi ere, hala nola Hiroshima mon amour, zeinen gidoia idatzi baitzuen Durasek, edo L'ortie brisée, Saminako izenburu bereko narrazioan oinarritutakoa.

Horrek denak ikuspegi zabalago bat eman dit, inondik ere, itzulgaia nuen obra beste maila batean ulertzeko. Egileak bere literaturan jorratu dituen gaien eta haren idazkeraren nondik norakoen berri jakiteak duen garrantziaz bereziki jabetu naiz nire lehen esperientzia honetan.

Lan egiteko modua

Itzulpena esleitu zidatelako berri izan, eta lana egiteko izango nuen denbora 10 hilabetekoa izango zela jakin orduko, plan bat egin nuen, eta hilabetean zenbat hitz itzuli behar nituen kalkulatu nuen, itzulpenaren lehen bertsioa 8 hilabetean burutzeko: lehiaketara aurkeztutako lagina (4.700 hitz, gutxi gorabehera) alde batera utzita, 5.000-5.500 hitz itzuli behar nituen hilabetean, batez beste. Azken bi hilabeteak testua irakurri, findu eta hobetzeko behar nituen, jatorrizkotik nolabait ––askatu–– eta euskaraz irakurgarria eta egokia izango zen testu bat eratuko banuen.

Saminan sei narrazio daude, zein baino zein laburragoa: liburuari izenburua ematen diona da lehenengoa eta luzeena, eta 19.400 hitz ditu; bigarrenak 11.100, hirugarrenak 6.900... eta azkenak, berriz, 2.300 baino ez. Liburuan, guztira, 47.500 hitz dira, gutxi gorabehera.

Ez dut arazorik izan egindako plana betetzeko, eta hilabeteko aurrerapenaz bukatuta neukan lehen bertsioa. Kontuan izan behar da ez naizela itzultzailea lanbidez, eta, beraz, lan orduetatik kanpoko tarteetan, Gabonetako eta udaberriko oporretan, eta asteburuetan egindako lana dela.

Narrazio bakoitza bukatu ahala, obra ezagutzen ez zuten bizpahiru laguni ematen nion irakurtzeko. Helburua, jakina, akatsak bilatzea, pasarte ulergaitzak atzematea eta, batik bat, testuak irakurtzean ondo korritzen zuenetz egiaztatzea. Gauza bera egin nuen bukaeran beste bospasei lagunekin, testu osoaren lehen bertsioa burututakoan.

Frantsesezko eta testuinguru historikoari buruzko zalantzak argitzeko orduan ere, ondoan izan ditut bizpahiru lagun. Eta Inazio Mujika editorea ere aipatu beharra daukat, oso ohar eta iradokizun egokiak egin baitzizkidan testua argitaratu aurretik. Esker ona adierazi nahi nieke hemendik laguntza musu truk eskaini didaten adiskide horiei guztiei, uste ez duten bezalako garrantzia izan baitu eman didaten feedbackak azken emaitzan.

Beste sekreturik ez dut azaltzeko, horixe izan da nire lan metodoaren funtsa. Eta testua hamaika aldiz irakurri eta hamaika aldiz aldatu; hamaika aldiz irakurri eta hamaika aldiz hobetu ––edo horretan saiatu, behinik behin––; irakurri eta zuzendu, eta zuzendu, eta zuzendu... Ondo asko ikasi dut testu bat ez dela sekula amaitzen erabat, eskerrak epemuga iritsi eta entregatu beharra zegoen!

Makulutzat erabilitakoak

Ordenagailuaz aparte, honako hauek erabili ditut, itzulpenean lagungarri:

  • Gaztelaniazko eta ingelesezko itzulpenak3. Bi itzulpen horiek desberdinak dira: gaztelaniazkoa, estu lotzen zaio jatorrizkoari, hitzez hitz ia; ingelesezkoa, berriz, askoz libreagoa da. Eta ingelesezko itzultzaileak testua ingelesez ematean hartu duen libertate hori lagungarria suertatu zaio euskarazko itzultzaileari, edukiak ematerakoan aukera desberdinak iradoki baitizkio, oso baliagarriak askotan.

  • Hiztegiak. Bakarren batzuk aipatzen hasita, eta Firefox nabigatzailearen Euskalbar gehigarriaren bitartez gehienetan, milaka kontsulta egingo nituen Elhuyar eu-fr eta fr-eu hiztegietan, Zehazkin eta, batez ere, Nola Erranen. Esan gabe doa, sarean diren frantsesezko hainbat hiztegi ere baliatu ditut.

  • Amarauna, jakina: jatorrizko testua ulertzeko zein helburukoa sortzeko, hiztegiak eta itzulpen memoriak kontsultatu ditut, corpusak arakatu ditut, artikulu akademikoak eta kritikak irakurri ditut4... Nolatan moldatzen ote ziren itzultzaileak lehen, Internet gabe?

  • Galderaren bat edo beste ItzuL-en ere bota dut, eta, beti bezala, komunitatearen laguntza paregabea jaso dut.

  • Eta Wordfast, itzulpen softwarea. Literatura itzultzean itzulpen memoria erabiltzea beste mota bateko testuen kasuan bezain baliagarria ez bada ere, itzulpena antolatzeko orduan laguntza handikoa suertatu zait niri. Jatorrizko testua segmentuka aurkeztea5, liburutik pantailara edo leihotik leihora begira ibili behar ez izatea, lagungarriak dira oso, esaldi bat ustekabean itzuli gabe ez dela geratzen bermatzeko besterik ez bada ere (tankera horretako deskuidurik atzeman dut, izan ere, La douleuren espainolezko itzulpenean, esaterako). Baina ez horretarako bakarrik: Durasen estiloa esaldi laburretan oinarritzen da, eta, batzuetan, elkarrizketetan esate baterako, esaldiak errepikatu egiten dira, erabat ez bada ere bai partez, sarri; kasu horietan, itzulpen memoria kudeatzen duen software batez baliatzeak lagundu egiten du itzulpenaren koherentzia gordetzen. Bestalde, lana burututakoan itzulpen memoria ere hor geratzen da, eta azpiproduktu interesgarria suerta daiteke, corpus elebidun bat antolatzeko baino ez bada ere.

Itzulpen arazoak

Durasen estiloa telegrafikoa da, gordina; desegituratua, hala irakur liteke hor eta hemen, haren estiloa aipagai duten testu eta lanetan. Irakurterraztzat ere har liteke, lehen begiratuan. Idazkera sinple eta aske ––anbiguo, maiz–– horrek, baina, oihartzun bat uzten digu irakurritakoan. Duras gai da gogoeta eta sentimendurik sakonenak oso hitz sinpleak erabiliz adierazteko. Eta erritmoa dago, gainera, estilo telegrafiko horri esker lortzen duen erritmoa. Horretan guztian dago, nire ustez, itzulpen arazorik handiena: edukia transmititu estiloari traiziorik egin gabe, mamia bere azalean txukun helarazi irakurlearenganaino. Baina hori guztia literatura itzulpengintzaren beraren arazoa ––eta funtsa–– da, ez naiz ezer berria esaten ari, noski.

Atal honetan itzulpen hau egitean izan ditudan arazo konkretu batzuk aipatu nahi ditut, eta zer irtenbide eman diedan argitu.

  • Izenburua. Aipatua dut lagina lehiaketara bidali nuenean ez neukala argi zein izenburu eman euskaraz liburuari. Errazena Mina zen, seguru asko, baina hor zeuden Oinazea eta Samina ere. Eta ingelesezko bertsioari erreparatuz gero, berriz, Gerra edo Gerrakoak edo halako zerbait ere izan zitekeen izenburua, zergatik ez. Nolako minaz/saminaz/oinazeaz ari zaigu Duras bere liburuan? Ez da min fisikoa, baina min fisikoa ere bada: ez da aise ahaztekoa nola irudikatzen digun Robert L.-ren egoera fisiko errukarria, kontzentrazio esparrutik ekartzen dutenean. Baina, batik bat, barru-barruko minaz ari zaigu idazlea, gerrak haren barruan utzitako samin saminaz, inondik ere. Bistan da, hortaz, egokiena Samina iruditu zitzaidala, eta horrela argitaratu da liburua. Izenburu hori hautatzeko zalantzarik handiena, halere, inpresio oker batek eragiten zidan, alegia, uste bainuen samin, euskal literaturan, maizago erabili izan dela adjektibo gisa izen gisa baino; sarean eskura diren corpusetan egindako kontsultek ez didate, baina, hori baietsi.

  • Elkarrizketetan, solaskideen parte hartzeak identifikatzeko estilo monotono samarra darabil Durasek, eta hori euskaraz emandakoan are monotonoagoa gertatzen zitzaidan niri. Aditz denbora egokia aukeratu ezinik geratzen nintzen askotan, eta, beste batzuetan, senak jatorrizkoan ez zegoen etaren bat edo beste sarrarazten zidan; irakurleak esango du asmatu dudan ala ez.
    Lehen narrazioko elkarrizketetan, batik bat, honelatsuko sekuentziak gertatzen dira maiz jatorrizkoan, solaskideen esku hartzea identifikatzeko:

          –  (fr) Elle dit : / Je recommence : / ...elle crie : / Elle dit :

         Edo honako hau:

          –  (fr) Je demande : / Perrotti regarde D. : / Je demande : / D. prend la parole :
              / C'est Perrotti qui répond. / Le jeune demande : / Moi : / Le jeune : ...

         Sekuentzia horiek elkarrizketa laburrei dagozkie; esan beharra dago, halere, elkarrizketak ez
         dituela beti-beti horrela ematen, batzuetan solaskideen arteko parte hartze bat baino gehiago
         komatxo frantsesen (chevron) artean biltzen baititu, marratxo luzez bereiziz barruan batarenak
         eta bestearenak. Edonola ere, honela eman ditut nik goiko horiek, hurrenez hurren, buelta asko
         eman eta gero:

          –  (eu) Esaten du: / Berriro diot: / ...eta oihuka dio: / Esaten du:

          –  (eu) Galdetzen diot: / Perrottik D.-ri begiratzen dio: / Galdetzen diot: / D.-k hartzen du hitza:
             / Perrottik erantzuten du. / Gazteak galdegin du: / Eta nik: / Eta gazteak:

         Non dago arazoa? Ez zait orain iruditzen, egia esan, hainbesterainoko arazoa dagoenik hor,
         euskaraz luzetxoago geratzen dela ez bada, baina gogoan dut itzultzen ari nintzela buruhauste
         bat baino gehiago eman zidatela horrelako segidek. Bistan denez, aditz denboren aldaketak
         egiteko lizentzia hartu dut zenbaitetan, edo, esan bezala, jatorrizkoan ageri ez den etaren bat
         sartu dut. Irakurle senak agindu du erabaki horietan.

  • Gutxitan, baina testuaren erritmoa motelarazten duen zerbait sartu beharra ere izan dut: ez da berdin irakurtzen, izan ere, elle dit edo emakumeak esaten du (edo dio), baina jakina da euskarara itzultzean horrelakoak suertatu ohi direla zenbaitetan.
    Hikako tratamenduaren erabilera izan da nire beste kezketako bat. Jakina denez, frantsesez tu eta vous erabiltzen dira solaskidearekiko harremanean, eta horrelaxe gertatzen da La douleuren ere: pertsonaia batzuek elkarrekin tuka egiten duten bitartean, beste batzuek vouska dihardute. Bestalde, esan beharra dago Durasek ez duela erabat koherente jokatzen kontu honetan, gertatzen baita inoiz bi pertsonaiaren artean pasarte batean tuka aritzea eta beste pasarte batean vouska.

    Nola eman tratamendu modu horiek euskaraz? Jakin beharra dago nolakoa zen erabilera hogeigarren mendearen erdi aldera, eta Frantziako ipar aldean, Parisen hain zuzen. Esate baterako, Erresistentziako kideen artean, nahiz eta jatorrizkoan vous erabili (Durasek ez du beti berdin jokatzen kasu horretan ere), zilegi al zaio euskal itzultzaileari hikako tratamendua erabiltzea? Gaian zertxobait ikertu eta gero, eta gauzak ez zeudela oso argi ikusita, biderik errazena hartu nuen, kasuren batzuetan salbu: jatorrizkoan vous erabiltzen denean, zu erabili dut itzulpenean, eta tu erabiltzen denean, hi. Oker ez banago, salbuespen bakarra azken ipuinean egin dut, haur batek zaintzen duen andreari jatorrizkoan tuka egiten dion arren, nik zuka eman baitut euskarazkoan. Gerora pentsatu izan dut ez zegokeela gaizki, agian, kasu horretan ere hikako tratamenduaz baliatzea, kontuan izanik egoera, eta jakinda haur horrek ez duela, seguru asko, emakumeaz beste inorekiko harremanik izan ezagueran sartu denetik. Kontuak kontu, halere, zuka geratu da argitaratutako bertsioan.

    Lexikoa dela-eta, ohar bat baino ez. Oker edo zuzen, Nola erranek emandakoaren alde egin dut maiz, forma arautuak zirela egiaztatuta beti: ofizier edo presoner hautatu ditut ofizial eta presoren kaltetan, esaterako, kontatzen direnak non eta noiz gertatuak diren aintzat hartuta.

    Izan ere, zer da batua lexikoaren ikuspegitik? Eztabaida maiztu samarra dugu, badakit. Izara eta mihise maindire bezain batukoak ditugu, zalantzarik ez, baina nago ez ote dugun (hegoaldekook, batik bat) hori teorikoki baino ez onartzen sarri. Hiztegi Batuan bertan, euskalki ikur batzuk eztabaidagarriak iruditu izan zaizkit beti, eta adibide bakar bat baino ez dut aipatuko:

              ezkarda 1 iz.Ipar. 'izpia, puskatu den zerbaiten zatia' 2...

    Gurean erabiltzen dugu hitz hori lehen adiera horretan6, badakigu zer den egurrarekin lanean aritu eta ezkarda haragian sartzea. Orotarikoan ere ez dio iparraldeko izaera esleitzen hitz horri, baina Batuan halaxe ageri da, Ipar. marka eta guzti. Zer dela eta? Hori guztia esateko, alegia, Batuan Ipar. markarekin ageri den hitz dezente erabili dudala, seguru asko, Samina honetan.

  • Oin oharrak. Samina testu autobiografikoa da neurri handi batean, eta lehen lau narrazioetan aipamen historiko franko biltzen ditu: pertsonaia eta gertaera historikoak; Bigarren Mundu Gerraren historian beren garrantzia duten leku izenak; aldizkari, talde politiko eta abarren deiturak; eta abar. Batzuk oso ezagunak gaur egungo irakurle gehienentzat: nork ez du Hitler ezagutzen? Beste batzuk, aldiz, ez hainbeste: ba ote dakite nor izan zen De Gaulle Gasteizko nerabeek? Eta zer jakingo ote du Francoz donapaleutar gazte batek?

  • Nola jokatu behar da literatura itzulpen batean horrelako kontuekin? Testua oin oharrez betetzea da irtenbide bat, eta horixe izan zen, hasiera batean, nire asmoa. Hala ere, zalantza handiak nituen, oin oharren bidez zer azaldu eta zer ez erabakitzerakoan. Argi neukan, hori bai, gaur egungo irakurle euskalduna izan behar nuela kontuan, ipar zein hego aldekoa.

    Itzulpen hau egitean ikasi dudan beste gauza bat izan da auzi honi dagokionez badirela (gutxienez) bi "eskola" edo joera munduan, ez dutela berdin jokatzen hizkuntza desberdinetako itzultzaileek. Batzuek, dena azaltzearen aldeko izaki, Samina bezalako testu bat oin oharrez josiko lukete, irakurleari testuinguru historikoari buruz ahalik eta informazio osatuena eskainiz. Beste batzuek, aldiz, literatura dela argudiatuz, eta irakurleari testuaren haria galaraz diezaiokeen oro saihestearren, irakurlearen esku utziko lukete informazio hori bilatzea hala nahi badu, eta oso-oso ohar gutxi eskainiko liokete.

    Nik ez bezala, editoreak argi zeukan bigarren bidea zela hartu beharrekoa itzulpen honen kasuan, eta horrela egitea gomendatu zidan. Halaxe egin nuen, eta oin oharren kopurua erruz jaitsi zen nire lehen bertsiotik argitaratutakora; hala ere, era horretako argibideak eskaini nahi izan dizkiot irakurleari, eta, hasierako oin ohar haietako askotako informazioa liburuaren amaieran erantsi dudan Pertsona, erakunde, aldizkari, leku izen, sigla eta abarren aurkibide batera aldatu dut (testuan bertan erreferentziarik txertatu gabe). Aurkibide hori liburuaren hitzaurrean aipatzen da, eta irakurleak aukera du, beraz, bertara joz informazio pixka bat eskuratzeko, hala nahi badu.

  • Puntuazioa dela-eta senak aginduta jokatu dut, eta ez dut beldurrik izan euskarazko testuan jatorrizkoan ez zegoen komarik, edo puntu eta komarik sartzeko, kasu gutxi batzuetan izan bada ere. Batzuetan beldur izan naiz hiperzuzentzen ari ote nintzen, egileak komarik jarri ez duen lekuan koma jarriz; baina horrela jokatu dut, testuaren irakurgarritasuna bermatze aldera (nire iritzian, bederen).

  • Elkarrizketak egituratzeko erabiltzen diren era guztietako komatxoen eta marren kasuan, eta jakinda tradizio desberdinak daudela honetan ere, editorearen aholkuari jarraitu nion, eta Literatura Unibertsala bildumako liburuetan ohikoa den eskemaz baliatu nintzen.

  • Izen arrotzen kasuan, deklinabide atzizkia lotzeko marratxoa erabili dut izenaren estreinako aipamenean; handik aurrerako beste aipamenetan, berriz, zuzenean lotu diot atzizkia.

  • Bukatzeko esan, pont des Arts, quai des Arts, boulevard Saint-Germain, rue des Saussaies eta tankerako kale eta bestelako leku izenen kasuan, eskura nituen bi itzulpenetan jotako bidetik jo dudala nik ere, eta Arteen zubia, Arteen kaia, Saint-Germain bulebarra edo Sahastien kalea alde batera utzi eta beren horretan eman ditudala, frantsesez bezalaxe, alegia.

Zenbaki batzuk

Jakingarri gisa, eta bati baino gehiagori bitxikeria irudituko zaion arren, kontu batzuk atera ditut eta beheko taula horretan ipini7. Zenbaki horiek erakusten dutenez, euskarazko testua %3,8 luzeago da jatorrizkoa baino, karaktere kopuruari erreparatuz gero. Hitz kopuruari begiratuta, aldiz, euskarazko testua trinkoagoa da, eta, hitzok batez beste luzexeagoak badira ere, %22,1 hitz gutxiago ditu frantsesezkoak baino; normala, euskara hizkuntza postposizionala izanik.

La douleur Samina
Hitz kopurua 47.578 37.070
Karaktere kopurua (zuriuneak izan ezik) 217.925 226.209
Hitz luzera 4,58 kar./hitz 6,10 kar./hitz

Ez dakit horrelako azterketarik egin den beste testu batzuekin, baina gustura erkatuko nituzke baleude, nire hau frantsesetiko itzulpenen estandarrekiko zertan den ikustearren.

Amaitzeko

Amaitzeko esan lana bezainbeste gozamena ––eta ohorea–– izan dela obra hau euskaratzea, irakurlearen esku dago orain balorazioa. Durasen ahotsa euskal irakurlearengana helarazteko ahaleginean ez naiz xuhur ibili, nire onenak ematen saiatu naiz, eta denbora guztian izan ditut buruan emanak zizkidaten eta hartuak nituen erantzukizun-ardurak. Emaitza duina izango ahal da.


1. Samina. Erein & Igela, 2014.

2. P.O.L. / Imec, 2006. Bada, halere, egunkari horren existentzia bera zalantzan jarri izan duenik, Robert Antelme-ren bigarren emazte Monique Régnier, esaterako.

3.- (es) El dolor. Plaza & Janés Editores, Esplugues de Llobregat, 1985 (Clara Janés-en itzulpena).
- (en) The war: A memoir. The New Press, New York, 1994 (Barbara Bray-ren itzulpena).

4.- Lexikoaren Behatokia.
- Ereduzko Prosa.
- Egungo Testuen Corpusa.
- ItzuL zerrendaren mezu bilduma (Firefox nabigatzailearen Euskalbar pluginaren bidez atzitua).
- Linguee fr-es; Linguee fr-en.

5. La douleuren bertsio elektronikoa eskuratu nuen, PDF formatuan, eta, Word formatura bihurtu nuen erdiautomatikoki. Behin Word formatuan, Wordfast softwarearen laguntzaz erabili nuen, itzulpena egiteko.

6. Donostian jaiotako eta guraso donostiarrak zituen aita zenari ikasia.

7. Kontuok Microsoft Word testu prozesadorearen bitartez egin ditut.