Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak euskaraz beraren jaiotzako V. mendeurrenean
Patxi Uribarren Leturiaga

Teresa Cepeda y Ahumada (Santa Teresa Jesusena) jaio zelako bosgarren mendeurrena ospatzen ari denez gero, haren idazlan guztiak euskaratzen ari da Luis Baraiazarra Txertudi itzultzaile karmeldarra, argitaratzeko asmoz. Artikuluak hainbat argibide eskaintzen ditu Avilako Teresaren biografiaren eta idazlan guztien inguruan, bai eta horiek itzultzeaz ere. Karmeldarrek obra osoa argiratzea erabaki dute, euskarari eta euskal kulturari ekarpen handia egingo dielakoan.

  • Asmoak, baliabideak eta urratsak

Aspaldiko lagun dudan Karlos del Olmok, karmeldarrok Avilako Santa Teresa Jesusenaren idazlanak itzultzen ari garela eta, gai horri buruz Senez aldizkarirako lan bat idazteko eskatu zidanean, berehala etorri zitzaidan burura lan hori egiteko pertsonarik egokiena itzultze-lanetan ari den Luis Baraizarra itzultzaile-idazlea zela. Hala, baina, honek ez zuela astirik ikusirik, ezin ezezkorik eman eta nik neuk egitea erabaki nuen. Hemen jasotako irizpideak eta argibideak, alabaina, Luisen idazki ezberdinetatik jasoak izan dira gehienbat.

Aspaldikoak ditugu Karmeldarrok gure bizimoduaren inspirazio-iturri eta eredu behinena izan zen Avilako Santa Teresa Jesusenaren idazlan apartak euskara txukun moderno batean euskaratzeko nahiak.

Luis Baraiazarrak honako hau erantzun zion Jon Kortazar jaunari (Correo, 14.03.15) zergatik erabaki zuen Santa Teresaren idazlan guztiak euskaraz ematea galdetzean:

Nigan luzaro izan den asmoa da; hasieran, ez erabakia hartzera eramango ninduen asmo sendo legez, kontzientzian piztu eta itzali jardun ondoren, gehiago seinalerik eman gabe geratzen zen argitxo bat legez baizik. Barruko eta kanpoko eragingarriak izan ditut lan honi ekiteko. Barruan, egitearen alde agertzen zitzaidan arrazoiren baten ondoan, ia beti handiagoa agertzen zitzaidan kontra. Esaterako, euskaldun guztiok gaztelania dakigunez gero, Santa Teresa bere hizkuntzan, gaztelaniaz, irakurtzea dela normalena, eta euskaraz irakurtzeari zentzu gutxiago aurkitzen nion. Ez, beharbada, horretan sentibera garen euskaltzaleontzat, baina bai gehienentzat. Beraz, Santa Teresa euskaratzeak balio sinbolikoa baino askoz gehiagorik ez zuela zetorkidan burura… Jakina, horrekin batera, lanaren zailtasuna eta neure buruari ezartzen nion zama handia zeuden. Horrek guztiorrek atzeratzen ninduen pixka bat…

Santa Teresaren jaiotzaren 5. mendeurrenaren harian sortu zen gugan haren idazlan guztiak euskaraz jartzeko asmoa. Beraz, Bizitza Liburua helburu zabalago baten barruan kokatu behar da. Dena dela, ia hasieratik pentsatu genuen obra hau, hain enblematikoa izanik, idazlan guztiekin batera ez ezik, berariazko eran ere argitaratzea, hizkuntza originala –gaztelania– eta euskara ezker-eskuin jarririk.

Honelako asmoen aurrez aurre jartzerakoan, hau etorri ohi zaigu gogora: euskaldun guztiok gaztelania dakigunez gero, Santa Teresa bere hizkuntzan, gaztelaniaz, irakurtzea dela normalena. Beraz, haren obrak euskaratzeak balio sinbolikoa baino asko gehiagorik ez zuela… Horrekin batera, era honetako testuak euskaratzearen zailtasuna bistakoa da, gaia bera halakoa delako, hau da, mistikakoa; originaleko hizkuntza, berriz, XVI. mendeko gaztelania, esamoldez josia eta ahozko hizkeratik hurbilekoa. Kontrako arrazoi hauen eta antzekoen beste muturrean, badaude aldeko arrazoiak eta hau batez ere: egoki eta bidezko eta ia beharrezko ikusten dela Santa Teresa euskal literaturan txertatzea eta euskal letretako zaleei haren espirituzko altxor aberatsa euskaraz eskaintzea.

Avilako Teresa Santuaren idazlan guztiak euskaraz eskaintzea, beraz, gure hizkuntzari ekarpen handia egiteko abagunea ere izango dela uste dut. Eta hori, gaur egungo itzultzailerik onenetariko batek egindako lana izango dugulako eta, argitaratu ere, ahalik eta txukunen egitekotan garelako.

Aita Luisek argi ikusirik itzulpen hau izango dugula Santa Teresaren jaiotzaren V. mendeurrena ospatzeko biderik ederrena, honako hau ere erantsi zion Cortazar jaunari:

Argi dugu eremu nahiko mugatua izango duela. Gaztelaniaz ere horrelako obrak ez dira edonoren eskuetarako, irakurle hautatu, espiritual eta ahosabai finekoentzat baizik. Dena dela, Teresaren mendeurrenean sarturik, gauza asko eratzen eta egiten dira han eta hemen: erakusketak, hitzaldiak, ekintza erlijiosoak…, baina unean uneko ospakizun eta egintzen gainetik, balio iraunkorra izango dutenak gurea bezalakoak izango dira. Geure mugak aitortuz eta apaltasunez, baina emakume miresgarri hau euskal letretako plazara agertzea, plaza txikitxoa bada ere, ez dela gutxiestekoa uste dut; alderantziz, ekarpen ederra izango dela.

Hiru izan dira, nire ustez, une honetan lan erraldoi hau ahalbideratu duten ezaugarri nagusiak:

  • Garai egokia: euskararen egoerari dagokionez garairik egokienean datorkigu itzulpen hau. Lexikologia alorrean aurrerapen handiak egin izan dira. Euskarak azken urte hauetan alor ezberdinetan egin du lekua. Euskara batua nahiko garatua izateak Euskal Herri osorako itzulpen bakarra egitea ahalbidetzen du.

  • Une aproposa: lan guztiak sorta bakar batean argitaratzeko unerik aproposena, bestalde, Avilako Santa Teresa Jesusenaren jaiotzako V. mendeurrena dugu. Honelako ahalegin handi bat ezin da edozein unetan burutu. Euskal Herriko Nafarroako San Joakin Probintziako karmeldarrok omenaldi ederra egingo diogu Santa Teresa Jesusenari, beraren jaiotzaren V. mendeurrenean halako argitalpen eder bat eginez.

  • Itzultzaile paregabea: Luis Baraiazarra Txertudi, idazle eta itzultzaile euskaltzaina, pertsonarik egokiena dugu honelako lan erraldoi bat burutzeko. Sakonetik ezagutzen ditu Santa Teresaren lanak eta irakatsiak. Lanerako aparteko gaitasuna agertu izan du beti. Aparteko gaitasuna erakutsi du gai erlijiosoak itzultzen. Bera izan zen Teresa Lisieuxkoaren lanen itzultzaile nagusia eta euskarako koordinatzailea. Berak itzuliak ditugu Vatikano II.eko testuak eta Benedikto Aita Santuaren hainbat entziklika. Euskal idazle ziurra eta jario handikoa da. Lan ederrik ugari argitaratuak ditu euskal letren landa zabalean. Euskaltzaindiko lexikologia lantaldeko kide da. Berau izan da hainbat urtetan Karmel aldizkariaren zuzentzailea. Oso ongi menderatzen du euskara batua. Beraz, pertsona aproposa honelako lan bat burutzeko.

Santa Teresa Jesusena
(1515-1582)

Sarrera gisa ohar gisako aurreko zertzeladak argitu ondoren jo dezagun, baina, iturburura. Hurbil gaitezen Avilako Santa Teresa Jesusenarengana. Egin dezagun gure pertsonaiaren aurkezpena eta kokapen historikoa. Has gaitezen beraren lan oparoen inguruko berriak ematen.

1. Biografia laburra

Luze jardun beharko genuke Santa Teresaren bizitzako gorabehera guztiak biltzeko. Nik hemen laburpen bat baino ez dut jasoko, lan honen helburua, batez ere euskaraz prestatzen ari garen euskarako itzulpenaren inguruan argitasunak ematea baita. Honela laburbiltzen du Karmeldar Teresiarren Ordenako Orduen liturgiak Santa Teresa Jesusena gure Ama, Birjina eta Eliz irakaslearen bizitza:

Avilan jaio zen 1515eko martxoaren 28an. Karmeldar lekaimeen biziera aukeratu zuen beretzat, baita santutasun bidean aurrerapen andiak egin ere. Baina, onbide horretan oraindik gehiago aurreratzeko gosez, karmeldarren ordena berriztatzea erabaki zuen. 1562an eraiki zuen lekaimeen lehenengo komentua. Eta 1568an eman zion hasiera lekaideen berriztatzeari Durueloko komentua eraikiz. Denetara 32 komentu eraiki zituen. Eta azkenik, Alba de Tormes-en hil zen 1582an. Karmeldarren ordena berriztatzeaz gainera, historian zehar sekulako arrakasta izan duten idazkiak idatzi zituen. Hori dela-eta Paulo VI. Aita Santuak 1970eko irailaren 27an Santa Teresa Eliz Irakasle izendatu zuen. (255. or.)

Ageri-agerian ikusten denez, lan izugarria burutu zuen, lekaimeen 32 komentu sortzerainoko lana bere gain hartuz eta lekaide karmeldar oinutsen erreformari hasiera emanez. ‘Kontenplalari’ bat baino gehiago ‘ibiltari’ bat izan zela ematen du, baina bere idazlanek beste zerbait irakasten digute. Burutu zuen erreforma-lan izugarri horri bere idazkiak gehitu beharko dizkiogu.

2. Kokapen historiko-erlijiosoa

Pertsona guztiok geure garaiko eta inguruko bizimoduak baldintzaturik edo markaturik izaten gara. Psikologia-ikerketen arabera, inguratzen gaituen gizarteak eragin zuzena izan ohi du bizi izaten ditugun sentimendu eta erabakietan. Avilako Santa Teresa Jesusenaren bizitza ez zen salbuespena izan. Beraren idazki eta gutunetan armiarma-sare batek inguraturik ageri zaigu, baina, hori bai, emakumeek gizartean hutsaren pareko lekua zuten garaian bere nortasuna eta askatasuna izugarrizko kemenez agertuz.

2.1. Egoera sozio-politikoa

Gure protagonista aldakuntza handiak pairatzen edo gozatzen ari zen gizarteko alaba izan zen. Europan zehar erlijio-giro nahasia, Erdi Aroko ilunaldia igaro ondoren argibide berrietara ateak zabaltzen ari zena, mende luzeetan zehar erantsitako zama astunak bazterrean utzi ezinda edo nabari da. Pil-pil ditugu, besteak beste, Trentoko kontzilioaren berriztatze-asmoak, jesuitek elizari emandako indar berria, Europan zehar protestantismoaren ondorioz izandako zismak, musulmanen aurkako guda etengabeen aztarnak, Amerikako lurralde berrien aurkikuntza… Estatu eta aginte-gune berriak sortzen ari dira Europan, sarritan elkarren arteko guda ankerrak ekarriz. Espainiako lurraldeetan oraindik bizirik dirau juduak kanporatu eta mahometarrak menderatu ondoren sortutako gizarte-giro nahasi mesfidatiak. Europako hainbat herritan, bestalde, protestantismoak sortutako bideei ateak ixteko neurri zorrotzak hartu ziren, fedea egokiro zaintzeko asmoz inkisizioa sortu eta indartuz.

Egoera zabal horrek eragin zuzena izan zuen Santa Teresaren bizitzan. Giro nahasi hori batez ere gutunetan ematen du aditzera. Oztopo handiak gaindu behar izan zituen, Jainkoak eskatuz abian jarri nahi zuen bizimodu berriztatua gauzatu ahal izateko. Hala ere, izan zituen aholkulari eta laguntzaile handiak ere: san Joan Gurutzekoa, san Pedro Alkantarakoa, Frantzisko Ribera jesuita, Diego Yanguas domingotarra, aita Gracián karmeldar oinutsen probintziala eta abar. Erregea bera ere alde izan zuen, egoera larri handietan babesa eskainiz. Beste zenbait pertsonen, batez ere bere neba Rodrigoren laguntza aparta ere izan zuen.

2.2. Familiako bizitzaren eragina

Dudarik gabe, eragin handia izan zuten Teresaren bizitzan familiako kideek, batez ere bere aitak eta neba batzuk. Etxean bertan ikasi zuen irakurtzen eta idazten. Giro oso erlijiosoan bizi ziren. Txikia zela, martiri izateko asmoz ihes egin zuen etxetik Afrikarantz Rodrigo anaiarekin. Etxera itzultzera behartuak izan ondoren, etxeko lorategian txabola antzeko bat egin zuten isilean bizitzeko. Hortik sortu zitzaion, nonbait, beti agertu izan zuen bakardade-egarri aseezina. Hamalau urte zituela ama hil zitzaionean Andre Maria hartu zuen amatzat. Umetatik irakurle handia izan zen. Zaldun-liburuak zituen gogokoak, aita zeharo kezkatzeraino. Horrek, alabaina, irakurtze-zaletasun handia eman zion, eta hori nabarituko da geroago, eskuratzen zituen liburu erlijiosoak irenstera heldu baitzen. Familian hasi eta gaztaroan eragozpenei aurre eginez eginiko ibilbideak, tarteko osasunean izandako bi krisialdi gogorrek, aparteko nortasuna eman zioten Teresari.

Andoni Oleak Teresaren haurtzaroari eta gaztaroari buruzko bi lan eder ditu Karmel aldizkarian (Karmel, 2014-2, 286 zk. eta Karmel, 2014-3, 287. zk.). Bertan argi uzten du familia giroak harengan izan zuen eragina. Teresak Bizitza Liburuaren hasieran familia-giroari buruz jarduten du, eta zein giro ona izan zuen etxean gogora ekartzen digu:

Guraso bertutetsuak eta Jainkoari lotsa ziotenak izatea nahiko izango nuen, ni neu hain kaskarra izan ez banitz. Jaunak egiten zizkidan mesedeekin, ona izateko liburu onak irakurtzen zalea zen nire aita eta halakoak zituen erromantzez bere seme-alabak irakur zitzaten. Honek, nire amak guri errezarazteko eta Andre Mariaren eta santu batzun debozioa gugan ezartzeko zuen arretaz, sei edo zazpi urteko nintzela, nik uste, itzartzera eraman ninduen. Neure gurasoengan bertutearen aldekoa baino besterik ez ikusteak laguntzen zidan horretan. Bertute ugari zituzten.

Nire aita karitate handikoa zen behartsuekin eta errukitsua gaixoekin, are zerbitzariekin ere; hainbesteraino, non ez baitzen inola ere jarriko esklaboak izatera; erruki handia zielako, eta behin beraren anaia baten esklaboa etxean zenean, seme- alabak bezala tratatzen zuen. Libre ez zenez gero, errukiaren errukiz ezin zuela jasan zioen. Oso zen egiazkoa. Inork ez zuen ikusi sekula ez birao egiten ez inorengatik gaizki esaten. Oso-oso zintzoa zen.

Nire amak ere bertute ugari zituen eta gaixotasun handien artean igaro zuen bizitza. Onestasun oso handia. Edertasun handikoa izan arren, sekula ere ez zuen erakutsi horri garrantzirik ematen zionik. Oso baretu-atsegina eta adimen argikoa. Bera bizi zan garaian neke handiak igaro zituzten. Benetan kristauki hil zen.

Hiru ahizpa eta bederatzi neba ginen. Jainkoari eskerrak, guztiak ziren gurasoen antzekoak bertutetsu izatean, ni neu izan ezik, neure aitaren kutuna banintzen ere. Eta Jainkoa iraintzen hasi aurretik, nolabaiteko arrazoirik bazela dirudi; izan ere, pena dut Jaunak eman zizkidan joera onez eta haietaz zein gaizki baliatu naizen gogoratzen dudanean. (Bizitza Liburuaren hasiera)

3. Idazlanak

Avilako Santa Teresak utzi dizkigun harribitxirik ederrenak, eraikitako fundazioez aparte, bere idazki miragarriak dira. Idazlanak aipatzerakoan, jakina, batez ere, bere lan nagusienak datozkigu gogora: Bizitza Liburua, Perfekzio Bidea, Barne Gaztelua, Fundazioak, Gutunak. Idazki horietan utzi zizkigun bere bizitza espiritualen esperientziarik behinenak nahiz garai hartako gaztelania freskoaren adibiderik ederrenak.

3.1. Bizitza Liburua

Luis Baraiazarra euskal itzultzaileak liburuari egindako sarreran honakoak gogoratzen dizkigu:

Berez ez da autobiografia, hitz hau ulertzen dugun eran behintzat, Teresak bere aitor-entzuleentzat idatziriko kontu-emate zabal eta zehatza baizik. Barrukoa da batez ere; gainerako kontakizuna, barruko kontuak ematearen harira datorrela eta haren osagarri dela esan dezakegu. Liburuaren izenburua ez da Teresarena; honek “ene arima”, “liburu handia”… erabiltzen ditu hartaz ari denean; 415. gutunean, 1581eko azaroaren 19an Pedro Castro Nerori idatziriko gutunean, berriz, “Jainkoaren errukiena izenburua jarri nion” dio; “liburu handia”, “liburu txiki” edo “liburutxo” deitzen zionetik bereizteko dela dirudi; Perfekzio Bideari deitzen dio “liburu txikia” edo “liburutxoa”. Beraz, liburuaren izenburua frai Luis Leongok jarria da, 1588an, Teresaren idazlanen lehen edizioa egin zuenean.

Edukiari dagokionez nolabait autobiografiatzat har daiteke, bere bizitza kontatzen baitu, baina barnealdeko ispilura begira idatzia eta fantasia eta asmaketari inolako zirrikiturik uzten ez diena. Ohiko autobiografien airerik handiena lehenbiziko bederatzi kapituluetan du; hauetan ere, argibide autobiografikoek ez dute tarte handirik betetzen. Argibide hauek Jainkoaganako bidean berarengan gertatu ziren aldaketa sakonak garbi adieraztea dute jomuga.

Kontaeran barrena, plano ezberdinak ageri zaizkigu. Bizitzan bidea irekitzeko borroka kontatzen digu lehen kapituluetan (1-9). Etxeko ingurumaritik hasita barne-bizitzako krisialdira eta hura gainditzeko borrokara arte. Eten egiten du bere bizitzaren kontaera 10. kapituluaz gero, doktrinazko tratatu txiki bat tartekatzeko. Autobiografiari ekiten dio berriro 23. kapituluan. Baina une horretan, barruan, sakon-sakonean kokatzen du bere kontaera: ezohiko gertakariz josia agertzen den bizitza mistikoan (23-31).

Gaur eguneko aditu batzuek uste dute, berak noizbehinka bestelako adierazpenak egin arren, Teresak ederresten zuela bere idazteko era eta ez zuela gogoko inork han eskua sartzerik ez aldatzerik. Hau idazkerari dagokionez zen, noski, ez doktrinari dagokionez. Ana Jesusenak dio, hark bere obren kopia batzuk hainbat hitz aldaturik ikustean, protesta egin zuela: “Jainkoak barka biezaie nire aitor-entzuleei, niri idazteko agindu zidatenaren kopiak eginez, hitz batzuk aldatzen baitituzte; izan ere, honako hau eta hau ez dira nireak. Eta gero haiek ezabatu eta lerro artean aldatu zuten hitza idazten zuen bere eskuz”. Teresak, bada, erraz eta dotore idazten zuen. Liburu espiritual haiek irakurtzea, Bernardino Laredoren ‘Subida del Monte Sión’ edo Frantzisko Osunaren ‘Tercer abecedario espiritual’ irakurtzea, lagungarri izan zitzaion arimaren barrunbeak miatzeko eta egoera mistikoak deskribatzeko, pentsamenduaren eta hiztegiaren ñabardurak menderatzea lortzeraino.

Gaitasun edo trebetasun hau, hala ere, ez zen bat-batekoa izan. Hasieran asko kostatzen zitzaion arimako esperientzia haiek ulertzea, are gehiago ongi eta erraz ulertzeko eran adieraztea. (…) Esperientzia haiek, ustez, arimaren barne-muinetan gordetzekoak ziren, eta ez idatziz adieraztekoak. Letretara eta hitz arruntetara ezin ekarrizkoak. Berberak aitortuko zuen geroago horren zergatia. Jainkoaren esperientzia mistikoaren grazia jaso zuen; baina oraindik ez esperientzia hura ulertzeko, are gutxiago adierazteko eta komunikatzeko grazia, gauza hauek adierazten jakitea ere Jainkoaren graziatzat baitu. Honela dio: “Eta nik ez nekien ezertxo ere esaten neure otoitzari buruz; izan ere, nolakoa den ulertzen eta adierazten jakiteko mesedea, orain dela gutxi egin dit Jainkoak”. (Bizitza Liburua, 23, 11)

Bizitza Liburua lehen aldiz 1588an argitaratu zuten Salamancan, Barne Gaztelua eta Perfekzio Bidea liburuekin batera.

3.2. Perfekzio Bidea

Oraingo honetan ere Luis Baraizarra itzultzaileak liburuari egindako sarrerara joko dut, laburtu beharrean zenbait gogoeta kanpo utziz bada ere. Honela diosku:

Perfekzio Bidea, Avilako San Josereneko mojen eskariari men eginez burutu zuen. Hau da, Bizitza Liburua, Jainkoak egiten zizkion mesedeen eta ariman gertatzen zitzaizkion gauza ezohikoen kontu aitor- entzuleei emateko idatzia zenez gero, San Josereneko ahizpek ez zuten hartarako sarbiderik eta Teresa beren amaren lanak irakurtzeko irrika biziz zeuden, ezinbestean. Obra honi autoreak berak eginiko hitzaurrearen aurreko oharrean hitz hauek ageri dira:

(…) Liburu hau, Teresa Jesusenak, gure Jaunaren eta Jainkoaren Ama Birjina aintzatsu eta gure Amaren laguntzaz, Karmengo Amaren hasierako Erregelaren arabera fundatu zituen monasterioetako ahizpa erlijioso bere alabei emandako abisu eta aholkuez, ari da. Batez ere Ávilako San Jose Monasterioko ahizpei zuzendua dago, lehenbiziko fundazioa izan baitzen eta bertan priore izan baitzen idatzi zuenean”.

Liburu hau idaztean, Teresa gogotsuago dago eta bere burua gai ikusten duela dirudi, bere alaba moja karmeldar oinutsei, batez ere Ávilako San Josereneko mojei, otoitzaz eta perfekzio-bideaz irakaspen probetxugarriak emateko. Alde batetik, esperientzia eta jakintza praktiko handia bildu du otoitz bideetan; bestetik, monasterioko bere alabek maite dute eta maitasunak zoztor guztiak kentzen ditu (…). Hona goiko lerroetan idatzi ditudan ideia horiek Teresaren beraren hitzetan: “Haiek didaten maitasun handiak, akastuna eta hala-holako idazkeran adierazia izan arren, oso ongi idatziak dauden eta zer idazten duen dakienaren liburu batzuk baino ere onargarriago egin dezake”.

Teresa bera ere tentsio espiritual handian bizi zen garai horretan. Seigarren egoitzetako zeharkaldian zihoan, barne- bultzada bizi eta maitasun-gainezkaldi artean, beste bizitzara porturatzea ia begi bistan zuela: “Nik uste dut Jaunak hau amaitzea nahiko duela noizbait, orain bezala gauzak aurrera badoaz, bizia amaitzearekin batera, hain oinaze handia nahiko baita horretarako, baina nik ez dut merezi”. (Bizitza Liburua 20,13).

Bi idazketa izango ditu, baina lehenengoak eta zentsoreen esku-sartzeak markatuko dute bigarrena. Berezko jarioan, bihotzetik hara idatziriko orrialdeak dira; barru-barrutik idazten den gutun bat bezala, solasaldi bat bezala, baina era berean garrez beteriko orrialdeak dira.

Luis Baraiazarrak obra honen balio literarioa eta berezitasunak ere nabarmentzen ditu:

Lagunarteko estiloa du; irakurleekin hizketan ari balitz bezala idazten du; idazten duena bizitzarekin lotzeko asmo finkoa erakusten du; ez du idazten kontzeptuetatik, bizi izaniko esperientziatik baizik; Ebanjelioaren mezua du ore arimen janaria moldatzeko, eta Elizaren ona beti ikusmiran, misiolari-espiritua eragile duela.

3.3. Barne Gaztelua (Egoitzak)

Aita Luis Baraiazarrak honako gogoeta hauek eskaintzen dizkigu Karmel aldizkarian (2015-II; 290. zk.):

Barne Gaztelua egilearen goi-mailako irakaspena da. Haren lurreko azken etapako fruitu heldua, haren bizitza espiritualaren bilakaeran behin betiko fasea, aurreko bi obren, Bizitza Liburuaren eta Perfekzio Bidearen, mezua osatzera datorrena. Hemen kontaera autobiografikoa estaliagoa da, anonimoagoa, eta bizitzako azken hamarkada ere hartzen du, baita Bizitza Liburuak hartzen ez dituen grazia mistikoak ere. Era berean, Perfekzio Bidean darabilen irakasbidea gainditua geratzen da hemen, hau da, bizitza espiritualaren hasieran, trebatze aldian, nabari ziren duda-mudak, atzera- aurrera eta ilunaldiak atzean utziak dira, misterioaren barne-barnean murgiltzeko.

Liburu hau inkisizioak Bizitza Liburua bahitu ondoren, A. Graciánek eta Velázquez jaunak behin eta berriro eskatu ondoren idatzi zuen. Honela agertzen du Teresak berak:

Obedientziak agindutako gauzetatik gutxi gertatu zaizkit, otoitzeko gauzez orain idaztea bezain zail; alde batetik, uste dudalako Jaunak ez didala ematen hori egiteko espiritua ezta gogoa ere; bestetik, orain dela hiru hilabeterik hona burua hain burrundara eta ahulezia handiekin dut, non behar- beharrezko gauzetarako ere neke handiz idazten baitut. Hala ere, obedientziaren indarrak ezinezkoak diruditen gauzak erraztu egiten dituela kontuan izanik, borondateak egitera jotzen du oso gogo onez, berezko izaerak hartan neke handia hartzen duela dirudien arren. (Hitzaurrea, 1)

Ez du idatziko bi aholkulari haientzat, ezta aitor-entzuleentzat ere Bizitza Liburua idatzi zuenez, bere monasterioetako moja karmeldar oinutsentzat baizik. Hauek jende xumea ziren, Teresaren lumatik sorturiko guztia esker oneko begiez eta maitasunez hartuko zutenak:

Idazteko agindu zidanak esan zidan, Karmengo gure Amaren monasterioetako moja hauek otoitzeko zalantza batzuk norbaitek argitu beharra dutela, eta uste duela emakumeek hobeki ulertzen dutela beste emakume batzuen hitz egiteko era, eta niri didaten maitasunaz egokiago etorriko zitzaiela nik esan niezaiena; arrazoi honengatik, uste du, nolabaiteko garrantzia izan dezakeela, zerbait esaten asmatzen bada; eta horregatik, idaztean haiekin hitz eginez joango naiz, beste pertsona batzuei egoki etor dakiekeela pentsatzea zentzugabea delako. (Hitzaurrea, 4)

Lan neketsua izan bazuen ere, eta hasieratan gogoz kontrakoa ere bai, amaitutakoan oso pozik geratu zen:

Hemen doan hau idazten hasi nintzenean, hasieran esaten dudan gogo txarrez izan bazen ere, amaitu dudanean egundoko poza eman dit eta ontzat ematen dut horretan izandako nekea, oso txikia izan dela aitortzen badut ere. (…) Uste dut pozgarri gertatuko zaizuela barne-gaztelu honetan atsegin hartzea, nagusien baimenik gabe sartzeko eta edozein ordutan bertan paseatzeko aukera baituzue. (Barne Gazt., Epilogoa).

Era berean, Bizitza Liburua Gaspar Quiroga Inkisidore Nagusiak estimu handitan izanik nekez utziko zuela jakinez gutun batean honako hau diotso Gaspar Salazarri:

Gauza ezaguna da beraren esku dagoela bitxi hura eta biziki goraipatzen duela, eta, beraz, hartaz aspertu arte ez duela emango, berak esan baitzuen berariaz begiratzen zuela. Carrillo jauna hona etorriko balitz, beste bitxi bat ikusiko luke –uste denez– alde handiaz bestea baino hobea; izan ere, ez da ari gauzei buruz, Bera denari buruz baizik1… eta esmalte eta eskulan finagoa du; izan ere, orduan egin zuen zilarginak ez zekiela hainbeste, dio, eta urrea kilate gehiagokoa dela, harribitxiak han bezain agerian ez badauzka ere. Beiragilearen aginduz egin zen, eta, diotenez, itxura onekoa da. (Gut. 219, 8)

3.4. Fundazioak eta Gutunak

Aita Luisek gorago honelako hau gogoratu digu: “Haren dohainak, humanismoa batez ere Fundazioetan eta Gutunetan antzematen dira”. Eta, egia esan, Fundazioen kroniketan eta bere gutun ugarietan ageri zaigu Avilako Santa Teresa Jesusenaren alde gizatiarra. Otoitz girotik at izan zituen bizipenak, harremanak, eztabaidak, kezkak, hartutako erabaki zailak, emandako gomendioak, etxe berriak sortzerakoan erabilitako irizpideak, hiri batzuetan, esaterako Madrilen, fundazioa egiteko biderik ezin lortu izatea, Gaztelako bideetan eta herrietan izandako zenbait pasadizo, etxeak eraikitzeko egin beharreko kudeaketa administratiboak, lana burutzerakoan izan zituen adiskide minen eta etsaien berriak.

Azken batean, bizitzea tokatu zitzaion garaiko alaba zenez, eta ingurumari zehatz batean ibili behar izan zuenez, gorabehera ugari bizi izan zituen. Garaiko batzuk emakume “egonezina” zela esateraino helduko ziren. Bestalde, oso esker onekoa zenez, bazekien bere bihotzeko sentimendurik ederrenak aditzera ematen. Hori guztia, esan bezala, Fundazioetako kronika-mota berezian eta, nola ez, kontserbatzen diren bere laurehundik gorako gutun-sortan ageri zaigu.

Aparteko aipamena merezi dute emakumeek hain leku eskasa zuten gizartean Teresak erakusten duen ausardiak eta trebeziak. Ezker eskua trebetasun handiz erabili zuen arazo artean helburuak lortzeko, bidean aurrean jartzen zitzaizkion oztopo guztiak gainditzeko. Teresaren nortasuna eta gizatasuna batez ere etxe berriak fundatzerakoan eta hona eta hara idatzi zituen gutunetan ageri da.

3.5. Gainerako idazkiak

Santa Teresa Jesusenak baditu idazki txikiagotzat jo izan diren bestelako batzuk ere.

Gorago aipatu ditugunen mailarik ez badute ere, badute garrantzirik bere jardunean. Honako hauek ditugu: Arimako kontakizunak, Jainko maitasunari buruzko gogoetak, Arimaren bihotz-oihuak, Komentuak bisitatzeko era, Abisuak, Pentsamenduak, Apunteak, Oroitidazkiak, Poesiak… Santi Onaindiak Onbidea argitaratzean jartzen duen eranskinean diosku bertsoak nahiz olerkiak egiteko trebetasun handia zuela. Poesiak eta koplak komentu barruko bizitza alaitzeko idatzi zituen.

4. Egin izan diren itzulpenak

Lan hau idazteko liburuak begiratzen hasi ondoren jabetu naiz, Avilako Santa Teresa Jesusenaren idazkiak historian zehar izandako oihartzun zabalaz. Hainbat hizkuntzetara itzuliak izan dira, osorik nahiz banaka. Era guztietakoak izan dira, gainera, egin izan diren argitalpenak.

Julen Urkiza ikertzaileak nire esku jarritako Manuel Diego Sánchez jaunaren Bibliografía sistemática de Santa Teresa de Jesús (Editorial de Espiritualidad, Madril, 2008) liburuan datu harrigarriak aurkitu ditut. Argi eta garbi azaltzen digu Santa Teresaren lanak munduko hizkuntza handi gehienetara (latin, ingeles, frantses, italiera, portuges, alemanera…) itzuliak izan direla. Santa Teresa Jesusenaren lan guztiak biltzen dituzten 21 itzulpen egin dira; banaka argitaratutako itzulpenen artean: Bizitza Liburua 46 aldiz, Perfekzio Bidea 28 aldiz, Barne Gaztelua 34 aldiz, Fundazioak 22 aldiz eta Gutunak 48 aldiz argitaratu dira; horietaz gainera, 90 antologia edota lan-sorta ere egin dira. Bertan Teresaren idazlanen itzulpenei buruzko 35 azterketa-lanen bibliografia ere eskaintzen da.

Hori horrela, Santa Teresa Jesusenaren lanek nazioartean izan duten arrakasta kontuan hartuz, inoiz baino argiago ikusi dut benetan merezi izan duela lan guztiak euskaratzeak.

5. Teresa Avilakoaren lanen itzulpenak euskaraz

Avilako Santa Teresa Jesusenaren lanei buruzko zenbait azterketa eskaintzen zaigu Karmel aldizkarian (2008-3, 263. zk.). Lanen itzulpenei dagokionez, Santi Onaindiarenak dira aipatzekoak:

  1. Onbidea (Perfekzio-bidea). Lino Akesolo Karmengo Argian atalka Donekuntza-bidea argitaratzen hasi zen 1933an. Geroago Aita Santi Onaindiak Aita Linoren lana osatuz Onbidea argitaratu zuen 1963an Bilbon. 273 orrialdeko liburu horretan Onbidea eskaintzeaz gainera, beste zenbait lan labur ere ageri dira, hala nola, Biotz-oiuak-17 lantxo (211-234 or.), Olerkiak-31 olerki (236-259 or.) eta Esanak-69 esakune (261-266 or.). Bizkaieraz idatzita dagoz.

  2. Egoitzak (Barne-gaztelua). Liburuxka hau Aita Santi Onaindiak prestatu zuen Santa Teresaren heriotzaren laugarren mendeurrena ospatzeko asmoz. Egoitzak, 237 orrialdeko liburuxka, 1981ean argitaratu zuen Larrean. Gipuzkeraz idatzita dago.

  3. Santa Teresa. Bizitzea (Bizitza Liburua). Santi Onaindiak Teresa Santaren lanak itzultzen jarraitu zuen eta, horrela, 1989an 379 orrialdeko Santa Teresa. Bizitzea argitaratu zuen Larrean. Bizkaiera onean idatzita dago.

* Itzultze erari dagokionez, gaur egungo ikuspegitik zertxobait aldenduta ageri zaizkigu lan horiek. Garrantzitsuena mezua zabaltzea izanik, itzulpen zehatza eskaini beharrean, zenbait unetan testuaren interpretazioa eskaintzen zaigu, horrela hobeki ulertzeko bideak eskaini nahiez edo. Erabilitako euskarari dagokionez, euskalkia erabiltzeaz gainera, gerra aurreko garbizaletasunaren eragina ere ageri da. Ortografia mailan ere ez du euskara estandarrarena erabiltzen.

6. Santa Teresa Jesusenaren eragin historikoa

6.1. Literatura erlijiosoan puntako idazlea

Aipaturiko Manuel Diego Sánchez jaunaren liburuan bada beste datu interesgarririk. Santa Teresa Jesusenaren idazkiek historian zehar izan dituzten argitalpenen berri ere ematen zaigu. Idazlan guztiak biltzen dituzten 77 argitalpen egin dira. Banakako liburuei dagokienez: Bizitza Liburua 46 aldiz argitaratu da; Perfekzio Bidea 28 aldiz; Barne Gaztelua (Egoitzak) 34 aldiz; Fundazioak 22 aldiz; Gutunak 48 aldiz eta idazlan txikiak 43 aldiz.

Beste datu interesgarri batzuk ere jasotzen dira aipaturiko bibliografia-liburuan: Santa Teresa Jesusenaren 290 Bizitza idatzi direla, haur, gazte nahiz adinekoentzat; zinemara ere hainbat aldiz eraman izan dela Teresaren bizitza; kontaezinak direla Avilako Teresaren lan literarioak jaso eta aztertzen dituzten literatura-liburuak; oso ugariak direla Teresari buruzko aipamenak, hots, hainbat hizkuntzetan eginiko 12.647 aipamen bibliografiko dakartza; 1.715 aipamen direla literatura ikuspegitik eginak; beste 1.454 aipamen mistika teresiarrari buruzkoak; Teresaren eragina jasotzen duten feminismoari buruzko 174 lan ere aipatzen ditu. Ezin ukatu, beraz, literatura erlijiosoan puntako idazlea denik. Espiritualitate alorrean, mistikan zein aszetikan, iturburu agortezina bihurtu da mendez mende.

6.2. Avilako Teresa Jesusena gaztelaniako idazle klasikoa

Santa Teresa Jesusenak batez ere izandako esperientzia mistikoak kanporatzeko edota aszetika-bide egokiak eskaintzeko idatzi zuen. Bere asmo nagusia, beraz, ez zen literarioa. Hala ere, gaztelania garatzen ari zen garai haietan ahozkotik zetorren freskotasuna eransten dio hizkuntzari, batez ere idazteko estilo propioa eskainiz. Emakumea izanik oso interesgarria da egiten duen ekarpena. Nekez uler daitezke bere zenbait gogoeta emakume ikuspuntuz begiratu gabe. Aita Luisek honako hau diosku:

Teresaren Bizitza Liburua, hark bere eskuz idatzia, gaztelaniazko klasiko ederrenetakoa da, horretaz aritzen diren literatura kritikoek aho batez aitortzen dutenez. Estilo bere-berea du, inola ere ezin imitatuzkoa, XVI. mendeko gaztelania, esamoldez aberatsa, ahozkoaren ekarri ugaria erakusten duena; hau da, kulturaz jantziak eta giza mailaz goi samarrekoak zirenen ahozko hizkeraren hots berez-berezkoa dakar letretara.

Aipatutako Manuel Diego Sánchez jaunaren liburuan Santa Teresa Jesusenaren lana aztertzen duten gaztelaniazko literatura alorreko 550 liburu aipatzen dira, beraren idazkiak gaztelaniazko literaturan izan duten oihartzuna eta eragina agerian utziz.

6.3. Eragina beste karmeldar emakume batzuengan

Bada, baina, sarritan idazkiek aditzera ematen duten eraginaz harago heltzen den eragin mota. Areago, oraindik, Avilako Santa Teresa Jesusena bezalako fundatzaileen kasuan. Zuzeneko eragina izan du historian zehar bere espiritu-bizitza bizi izan duten hainbat karmeldar emakumeengan. Halako emakume batzuk, gainera, Ama fundatzailearen haritik jokatuz, beren bizitzako esperientzien berri eman digute idazki ederretan, idazle oparoak izatera helduz. Hori ere kontuan hartzekoa dugu, nolabait komentu barruan bizi ziren emakumeei beren nortasuna azaltzeko eta idazki zoragarrien bidez aditzera emateko bideak ireki zizkielako Ama fundatzailearen portaerak.

Hemen, bi sortatan gogoratu nahi ditut Santa Teresaren Ordenan eta Elizan aparteko lekua izan dutenak:

a) Idazle santu edo dohatsuak:

• Ana de San Bartolome dohatsua (1549-1626). Luzaroan Santa Teresaren idazkari eta gaixozain lanetan jardun izandakoa. Ordena Europan zehar zabaldu zuena. Hainbat idazki utzi zituen, batez ere gutunak (Julen Urkiza; Beata Ana de San Bartolomé. Obras Completas. Ed. Monte Carmelo. Burgos, 2014, 1.710 or.)

• Santa Teresa Lisieuxkoa (1873-1897). Eliza osoan hogeigarren mendean halako eragin izugarria izan zuena. Bere lan guztiak Karmel Sorta bilduman euskaratuta daude (Karmel Sorta-8; Markina-Xemein, 1998; 1.125 or.). Eliz irakasle izendatua dugu.

• Isabel Hirutasunarena dohatsua (1880-1906). Barne-bizitzari buruzko idazki ederrak utzi zizkigun.

• Teresa Benedikta Gurutzekoa (Edith Stein) (1891-1942). Jakinduria handiko filosofoa zela, gau batean, lagun baten etxean, denbora pasa Santa Teresa Jesusen bizitza irakurri eta kristau fedea hartu ondoren, karmeldar egin zen. Judua zelako hil zuten Auschwitz-en naziek. Ez zuen bizitza salbatzeko Holandatik ihes egiteko aukera erabili nahi izan. Bere herritarrekin hil nahi izan zuen.

b) Lekaime karmeldar santu edo dohatsuak:

Maria Jesusena dohatsua (1560-1640); Maria Aingeruarena dohatsua (1661-1717); Maria Gizakundearena dohatsua (1566-1618); Santa Maria Magdalena Pazzi-koa (1566-1607); Santa Teresa Margarita Jesus Bihotz Sakratuarena (Redi) (1747-1770); Santa Joakina Vedruna (1783-1854); Teresa San Agustinena eta bere lagun birjinak eta martiriak (17…-1794); Maria Jesus Gurutzekoa dohatsua (1846-1878); Teresa Maria Manetti dohatsua (1846-1910); Santa Maravillas Jesusena (1891-1974); Santa Teresa Jesusena Andes-ekoa (1900-1920); Maria Sagrario San Luis Gozagarena dohatsua (1881-1936) eta Maria Pilar, Teresa eta Maria Angeles dohatsuak (1877-1936).

7. Euskarako itzulpenean izandako zailtasunak

Honelakoetan egokiena itzultze-lanetan aritu denak eginiko gogoeta jasotzea izan ohi da. Nik ere, hori egin nahi nuke, orrialde hauetara Karmel aldizkarian Andoni Oleak Luis Baraiazarrari eginiko elkarrizketa luzeko atal jakingarrienak nahiz Luisek berak egindako gogoeta batzuk zuoi eskainiz. Lan horietan argi ageri zaigu nolako eragozpenak izan dituen itzulpena egiterakoan. Bizitza Liburuari buruzko testuinguruan idatziak izan ziren arren, orokorrean itzulpen guztiei ezargarriak zaizkiela uste dut (Karmel: 2012-1 eta 2013-1).

Karmel: 2012-1:

A.O. Santa Teresaren autobiografía itzultzean, zeintzuk izan dira zailtasun gogorrenak?

L.B. Santa Teresa, karmeldarrontzat, gutxi-asko ezaguna da, baina gauza bat da oro har ezagutzea eta beste bat haren testuak itzultzea. Itzultzerakoan testu originala zehatz-mehatz ulertu eta interpretatu behar da. Behin hori egindakoan, eduki horri euskarazko janzkia jartzea errazagoa da. Une batzuetan, itsasoan aldeko haizeaz joatea legez da, baina ustekabean haizea aldatu eta zurrunbiloan sarturik ikusten dau batek bere burua. Hori, Santa Teresaren autobiografiaren ia kapitulu guztietan jazotzen da; hasi eta amaitu, buruhauste eta zailtasun barik, nekez egiten da…

Orduan non bilatu argia? Azpiko oharretan interpretatze zuzenerako argibideak gutxitan agertzen dira. Beste era bateko argibideak izan ohi dira gehienetan. Asko lagundu didana VOCABULARIO DE SANTA TERESA Jeannine Poitrey-k idatzia izan da. Dana dala, ia gehien eskertzekoa, gaztelaniaren kidekoa ez dan alemaneko itzulpenetik lorturiko argia izan da; Julen Urkizari kontsultatu eta beste barik lortu ahal izan dodana. Egia da, hor dagoala A. Santi Onaindiaren itzulpena be, baina Santa Teresaren testuan diran ilunguneak argitze bidean gutxi lagundu deust; gehiago, euskarazko adierazpenetan.

Argi esanda, zeintzuk dira Santa Teresaren testuetan aurkitu ditudan zailtasunak? Gaia bera da korapilatsua. Arrazoia bistakoa: haren autobiografia azaleko edozein kontaketaren guztiz kontrakoa da. Barru-barrukoa da. Bere arimaren historia. Jainkoarekin hartu-emon pertsonal eta barru-barrukoan bizi izaniko arimaren historia; aitor-entzuleentzat, honeen eskariz eta aginduz, idatziriko kontu-emote zehatz eta harrigarria. Ume-umetan Jainkoaren maitasuna barruan erne jakonean hasten da; gero, hartu-emon hareetan gaztetxu zala izan zituan gorabeherak azaltzen ditu; bere aitak disimuluz, une haretan eukan arriskutik gordetzearren, mojen barnetegi baten sartu ebanekoa eta, aitak jakin barik, bere neba bat abentura lagun ebala, goizean goiz etxetik ihes egin eta moja sartu zanekoa. Hona artekoa da, kontaketa aldetik, normalena eta euskarara itzultzeko be errazena.

Gero, berak bizi izaniko esperientziatik, otoitzaren eta otoitz graduen irakaspen sakon eta miresgarria emotera jotzen dau; Jainkoak egiten eutsazan grazia mistikoen kontaketak betetzen ditu gainerako orrialderik gehienak; parte onekoak, txarrekoak edota bere begitazioak ete ziran bereizteko kezkak; aitor-entzuleekin, teologo eta gai espiritual eta erlijiosoetan adituak ziranekin izan zituan amai bako hartu-emonak; San Jose monasterioaren fundazioa eta hor izan zituan eragozpen, kontrakotasun eta laguntzak… Grazia mistikoak kontatzean eta bere ariman jazotzen zanaren kontu emotean, askotan, berba edo adierazpen egoki barik ikusten dau bere burua, zer eta zelan esan ez dakiala. Horregaitik, hori guztia adieraztea protagonista berarentzat be gaitza izanik, are gaitzagoa izan behar itzultzailearentzat.

Gaiaren aldetiko zailtasunez gainera, Santa Teresaren estiloa bera be nahiko korapilatsu eta bihurria da: XVI. mendeko gaztelera, esamoldez aberatsa eta, ziur asko, ahozko gazteleraren ekarri ugaria erakusten dauana. Sintagmak eta esaldiak oso luzeak, askotan gure logikaren haria haustekoak eta, oraindino gehiago korapilatzeko, parentesi ugari dabenak. Hainbat kasutan subjektua ezkutuan danean, kontu handiz jardun behar da, oker ez interpretatzeko. Bestalde, Teresak oso bizkor idazten dau; idatzirikoa barriro ikusteko eta orrazteko asti barik izan ohi zan. Hortik, sintaxian koherentziarik eza atal batzuetan, eta lotura eta zertzelada batzuk hain argi ez geratzea beste batzuetan, batez be itzuli behar dauan batentzat.

Azkenik, goiko lerroetan aditzera emonda geratu da pixka bat, baina terminologia be barri-barria da kasu askotan. Esaterako, “oración mental”, “oración de quietud”, “oración de unión”; “visión”, “unión”, “arrobamiento”, “elevamiento”, “vuelo de espíritu”, “arrebatamiento”, “éxtasis”. Berak dino “arrobamiento” dalakotik hasita jarri ditudan hitzak fenomeno beraren izen ezbardinak dirala, hau da, sinonimoak, baina jakina! berak sinonimoak darabiltzan ezkero, itzultzerakoan be sinonimoak bilatu behar: arrobamiento: liluramendua; elevamiento: goraldi; vuelo de espíritu: espirituaren hegaldia; arrebatamiento: gainezkaldia; éxtasis: estasia

A.O. Literatura aldetik, zer azpimarratuko zeunke Santa Teresaren Autobiografian?

L.B. Hainbat gauza egon leitekez azpimarratzekoak, baina nik hiru edo lau atali erreparatu deutset batez be; hona hemen: umetako kontaera politak (Rodrigorekin izaniko gogoeta eta abentura txikiak; eremutarrak zirala eta egiten zituen jolasak…); lau otoitz-graduak azaltzeko darabiltzan baliabideak; bosgarren kapituluan gaixotasun handiak izan eta hiltzat emon ebeneko kontaketa bizia; infernuko ikuskariaren deskripzio bardin bakoa.

Bestalde, Santa Teresak, kontaera berez serioa izan arren, umore eta ironia tantaz gozatzen daki. Bere buruaz barre egiten dau askotan. Behin, jesulagun bat etortzekotan zan bera bisitatzera, kontzientziako gauzak harekin tratatzen zitualako; baina bere burua kaskar ikusten eban Teresak, Jesusen Lagundiko hareek lako pertsona santuen bisitak hartzeko; horregaitik, ez eban nahi ha etorrela mojak jakiterik eta elizainarekin (sakristia-lanak egiten zituanarekin) eta atezainarekin alkar hartu eban, inori esan ez egioen… Hona beraren kontaera euskara itzulita:

“Gogoan dut, idatzi ondoren hainbeste gauza txar ikusi nituenez gero eta onik ia bat ere ez, nahigabe eta neke-min handi- handiak jo ninduela. Baita pena hartzen nuen etxean Jesusen Lagundikoak bezalako jende hain santuarekin harremanetan ikusten nindutelako ere; izan ere, neure kaskarkeriaren beldur nintzen eta halakoa ez izatera behartuago nengoela iruditzen zitzaidan eta neure denbora-pasetatik alde egitera, eta hau egin ezik, txarrago zela; eta honela, elizain eta atezainarekin itundu nintzen inori esan ez ziezaioten. Gutxi balio izan zidan horrek, deitu zidatenean, ate ondoan gertatu baitzen komentu guztian zabaldu zuena”.

Beste behin, eskerrak emoten deutsaz Jainkoari, bera lako lokatz arte baten Berarentzat ortu hain eder eta usaintsua egin daualako. Hona euskarara itzulita:

“Izan bedi bedeinkatua guztiagatik eta nitaz balia bedi, Haren Maiestatea denagatik, nire Jaunak ongi baitaki honetan ez dudala besterik nahi, pixka bat goretsia eta handietsia izan dadila baizik, hondakindegi zikin eta usain txarreko honetan lore hain leunen baratzea egin duela ikustean. Berorren Maiestateak nahi beza ez ditzadala neure erruz berriro atera eta lehengora itzuli”.

Karmel: 2013-1:

Idatzizko gogoetatxo honi ekin nionean, inauteri giroa zen. Santa Teresaren testuek gaztelaniaz erakusten dute beren izaera jatorra, gaztelania du haren obrak berezko jantzia. Beste hizkuntzetara egindako itzulpenak ez ote dira, nolabait, obra originalaren mozorroak? Hona, inauteri giroan, airean uzten dudan galdera. Eta ez nuke nahi inola ere hala izan dadin. Traduttore Traditore italierazko esaerak, itzultzaile txarrak kalifikatzen dituenak, itzulpen-ahalegin honekin zerikusirik ez izatea nahiko nuke. Ez, Santa Teresa euskarara itzultzean, ez nuke nahi euskal jantzi hau haren egiazko nortasuna ezkutatzen duen mozorroa izan dadin, originalaren isla garbia, euskaraz adierazia, izan dadila baizik.

Gure Santaren obra bikainari euskarazko janzki apain eta duina, beraren betekoa, egiten saiatu gara. Helburua lortu dugun ala ez irakurleak esan beharko du, baina lana eta ahalegina hor daude behintzat. Ez da beti erraz gertatzen: itsaso barean leun eta gozo aurrera zoazela, bat-batean haizea harrotu eta dena kizkurtzen eta nahasten denez, hala gertatzen da hemen ere. Egungo argitalpenetan haren testuak ukitu txikiekin eta pixka bat gaurkoturik ageri dira, baina horrek ez du kentzen Teresaren zenbait esaldiren zailtasuna. Nondik datozen zailtasunak? Karmel aldizkari honetan (2012-1) Andoni Oleak niri egin zidan elkarrizketa argitaratu zen.

Dena dela, gure santaren estiloa bizi-bizia da; gogo-gogoan ditu bere irakurleak, oso hurbil sumatzen ditu eta haientzat idazten du maitasunez beterik, batez ere San Josereneko bere alaba karmeldarrentzat idazten duenean. Jeannine Poitrey-k Vocabulario de Santa Teresa liburuaren sarreran dio, gaztetan Teresak zaldun-liburuak irakurtzen zituela, ez haietan atsegin hartzen zuelako soilik, baita idazten eta ideiak komunikatzen ikasteko eta estiloa lantzeko ere. Geroago, bere garaiko liburu espiritualak ere irakurri zituela dio, baina ez estiloa lantzeko, espirituzko irakaspenak jasotzeko baizik. Teresaren garaikoek esaten omen zuten berari entzuten zeudela zirudiela haren libururen bat ozenki irakurtzen zenean. Izan ere, haren ondoan, garai hartako idazle espiritual ikasiak oso astun eta aspergarriak zirela diosku autore honek.

Aurrekoaz gainera, Karmel aldizkariko idazlan horietan Luisek diosku zailtasun bereziak izan dituela termologia erlijioso egokia bilatzeko unean, grazia mistikoetako hainbat termino zehazterakoan, konparazio eta alegoriak egokiro itzulita eskaintzerakoan…

Luze joan dira hortik eta hemendik nire lapikora ekarri ditudan berriak. Zerbait idazteko eskatu eta berriketa amaiezinean murgildu naizela iruditzen zait. Hala ere pozik nauzue, euskarara itzuliko den halako liburu eder baten berriemaile izateagatik. Itzultzaileontzat egintza paregabea izango dela uste dut. Zuek hala hartzea nahi nuke. Eskaintza berezi batzuk egiteko asmoak ere baditugu.

Zenbait pasarte

“Dilectus meus mihi” hitzei buruz

Neure burua emanik,
hain naiz trukatu jadanik,
Maitea baita niretzat,
eta ni Maitearentzat.

Ehiztari atseginak bota
eta geraturik jota
Maitearen besoetan,
nire arima eroria,
bizi berrira piztu naiz,
aldatuz neure zoria,
Maitea baita niretzat,
eta ni Maitearentzat.

Zauritu nau gezi batez,
maite-pozoia izatez,
eta arima bat egina
zen Kreatzailearekin;
ez dut nahi beste maiterik,
Jainkoari naiz emana,
Maitea baita niretzat,
eta ni Maitearentzat.

Ez asaldatu

Ez asaldatu,
ez ikaratu,
dena igarotzen,
Jainkoa ez da aldatzen;
pazientziak
dena du lortzen.
Jainkoa duenak
ez du ezer falta,
Bera aski baita.

BARNE GAZTELUA

Barne Gaztelua deritzon tratatu hau Teresa Jesusenak, Karmengo gure Amareneko mojak, idatzi zuen bere ahizpa eta alaba Karmeldar oinutsentzat.

JHS
[Hitzaurrea]

    1.  Obedientziak agindutako gauzetatik gutxi gertatu zaizkit, otoitzeko gauzez orain idaztea bezain zail; alde batetik, uste dudalako Jaunak ez didala ematen hori egiteko espiritua ezta gogoa ere; bestetik, orain dela hiru hilabeterik hona burua hain burrundara eta ahulezia handiekin dut, non behar-beharrezko gorabeheretarako ere neke handiz idazten baitut. Hala ere, obedientziaren indarrak ezinezkoak diruditen gauzak erraztu egiten dituela kontuan izanik, borondateak egitera jotzen du oso gogo onez, berezko izaerak hartan neke handia hartzen duela dirudien arren; izan ere, Jaunak ez dit eman berezko izaeraren kontrakotasun handirik gabe etengabeko gaixotasun eta era askotako zereginekin borrokatzeko bertuterik. Niri mesede egitearren gauza zailagoak egin dituenak egin beza, haren errukian baitut uste ona.

    2.  Egia da, idazteko agindu didaten beste [lan] batzuetan esan ditudanak baino asko gehiago ez dudala asmatuko esaten; aitzitik, beldur naiz ez ote diren ia guztiak gauza berdinak izango; izan ere, hizketan irakasten dieten txoriek irakatsi dietena edo entzuten dutena baino besterik ez dakitenez, eta hura askotan errepikatzen dutenez, horrelaxe egiten dut nik ere, hitzez hitz. Jaunak ezer berririk esatea nahi badu, Haren Maiestateak emango du edota niri oroimenera ekartzea nahiko du beste batzuetan esan dudana; hauxe ere nahikotzat izango nuke, hain oroimen kaskarra izanik, zoriontsua nintzateke gauza batzuk, ziotenez ongi esanak zirenak, berriro esaten asmatuko banu, galduak balira ere badaezpada. Jaunak hau ere emango ez balit, obedientziagatik nekatuz eta nire buruko mina areagotuz, irabaziaz geratuko nintzateke, esan dezadanetik inork onurarik aterako ez balu ere.

    3.  Eta honela, agindua betetzeari ekin diot gaur, Hirutasun guztiz Santuaren egunean, 1577. urtean, une honetan nagoen Toledoko Karmengo San Jose monasterio honetan; esan dezadan guztian idazteko agindu didaten haien iritziaren mende jartzen naiz, pertsona oso jakintsuak baitira. Erromako Eliza Katoliko santuak sinesten duenaz bat ez datorren gauzaren bat esango banu, nire ezjakintasunagatik litzateke eta ez maleziagatik. Hau gauza ziurtzat izan daiteke, eta beti nago eta egongo naiz eta izan naiz haren mende, Jainkoari eskerrak2. Bedeinkatua eta goretsia izan bedi beti-betiko, amen.

    4.  Idazteko agindu zidanak esan zidan3, Karmengo gure Amaren monasterioetako moja hauek otoitzeko zalantza batzuk norbaitek argitu beharra dutela, eta uste duela emakumeek hobeki ulertzen dutela beste emakume batzuen hitz egiteko era, eta niri didaten maitasunaz egokiago etorriko zitzaiela nik esan niezaiena; arrazoi honengatik, uste du, nolabaiteko garrantzia izan dezakeela, zerbait esaten asmatzen bada; eta horregatik, idaztean haiekin hitz eginez joango naiz, beste pertsona batzuei egoki etor dakiekeela pentsatzea zentzugabea delako. Mesederik nahiko egingo dit gure Jaunak, haietakoren bat horretaz baliatzen bada Bera pixka bat gehiago goresteko: ongi daki Haren Maiestateak nik ez dudala besterik nahi; eta oso argi da, zerbait esaten asmatzen denean, konturatuko direla ez dela nirea, ez baitago horretarako oinarririk, adimen eskasa izatea ez bada nik horrelako gauzetarako dudan moldakaiztasuna bezala, Jaunak bere errukiaz ematen ez badu.

LEHEN EGOITZAK
1. KAPITULUA

Gure arimen edertasun eta
duintasunaz ari da. –Konparazio
bat jartzen du ongi ulertzeko, eta
hau ulertzea eta Jainkoagandik
hartzen ditugun mesedeen berri
jakitea zein irabazi handia den
agertzen du. Gaztelu honetako atea
otoitza dela dio.

    1.  Gaur, Jaunari nire ordez hitz egin zezan eske nengoela, nik zer esan eta agindutakoa betetzen nondik hasi ezin asmatu nuenez gero, nolabaiteko ganoraz hastearren, orain esango dudan hauxe etorri zitzaidan burura: gure arima diamantezko edo kristal garden-gardenezko gaztelu bat balitz bezala irudikatu dezakegula, eta bertan gela asko daudela, zeruan ere egonleku asko dauden bezala. Izan ere, ongi begiratuz gero, ene ahizpak, zintzoaren arima ez da besterik paradisu bat baizik, Jaunak bere atsegin guztiak dituela dioena. Zer deritzazue, bada, izango dela Errege hain ahaltsu, jakintsu, hain garbi eta guztizko ondasunez hain betea denak atsegin hartzeko gela? Nik ez dut ezer aurkitzen arima baten edertasunari eta lekuaren handitasunari berdintzekorik; eta, egiaz, gure adimena, denik eta zorrotzena ere, nekez iritsiko da hori ulertzera, Jainkoa ulertzera iristerik ez duen bezala, Berak esan zuenez gero bere irudi eta antzera egin gaituela4.

Beraz, hau egia bada, eta hala da, ez dugu zertan nekaturik gaztelu honen edertasuna ulertu nahian; izan ere, arimagandik Jainkoagana kreaturagandik Kreatzaileagana dagoen alde berbera dago, arima kreatura baita; hala ere, Jainkoak bere antzeko egin duela esatea nahiko da, guk arimaren duintasun eta edertasuna ezin ulertu dezakegula jakiteko.

    2.  Ez da pena eta lotsari txikia guretzat geure erruz geure burua ez ezagutzea eta nor garen ez jakitea. Ez ote litzateke ezjakintasun handia, ene alabak, norbaiti nor den galdetu, eta ez bera nor den, ez bere aita eta ama nor izan ziren, ezta nongoak ziren ere ez jakitea? Hau zorakeria handia izanik ere, ez dago konparatzerik gugan dagoenarekin, zer garen jakiten saiatzen ez garenean, eta gorputz hauetan gelditzen garenean, eta horrela, abespeluan, entzun egin dugulako eta fedeak dioskulako soilik arima badugula dakigunean. Baina zer ondasun egon daitekeen arima honetan edo nor dagoen arima honetan edota haren balio handiaz, gutxitan egiten dugu gogoeta; eta horrela, haren edertasuna zaintzen kontu handiz saiatzeari gutxi begiratzen zaio: gaztelu honen inguru edo hesiaren arrunkeriara, hau da, gorputz hauetara, zuzendua da gure arreta guztia.

    3.  Gogoan izan dezagun, bada, gaztelu honek –esan dudanez–gela asko dituela, batzuk goian, beste batzuk behean, beste batzuk alboetan; eta erdian eta hauen guztien artean du gela nagusia, Jainkoaren eta arimaren arteko gauza isil-isilekoak gertatzen direnekoa. (Barne Gazteluaren hasiera)

PERFEKZIO BIDEAK
1. KAPITULUA

Zerk eragin zidan monasterio hau
hain urritasun handian egitera.


    1.  Monasterio hau fundatzen hasi zenean (idatzia dudan liburuan5 esanak ditudan arrazoiengatik, Jaunak gauza harrigarri batzuekin aditzera emanik bere atsegin handirako izango zela etxe hau), ez zen nire asmoa hainbesteko laztasunik izatea kanpo aldetik ezta errentarik gabe izatea ere, bestera baizik: ezeren beharrik gabe bizitzeko aukera izatea nahiko nukeen. Azken batean, ahul eta kaskarra bainaiz; baina neure atseginaz gainera asmo on batzuk ere banituen.

    2.  Garai honetan Frantziako gaitzen eta luterotar hauek egin zituzten hondamenen berri izan nuen eta nola zihoan haziz zorigaiztoko sekta hau. Samin handia eman zidan, eta zerbait egin nezakeelakoan edota zerbait banintzelakoan, negar eta negar egiten nuen Jaunarekin eta arren bai arren eskatzen nion senda zezala hainbesteko gaitza. Neure baitan uste nuen, mila bizi emateko prest nengokeela han galtzen ziren hainbeste arimetako bakar bat oneratzearren. Eta neure burua emakume eta kaskar eta Jaunaren zerbitzuan nik nahi nukeen onura lortzeko ezindua ikusirik, hala ere, nire irrika guztia izan zen, eta orain ere hala da, Jaunak hainbeste etsai eta hain adiskide gutxi dituenez gero, hauek onak izan daitezela. Beraz, nik neure esku zen apur hori, hau da, Ebanjelioko aholkuak ahal nuenik eta hobekien jarraitzea erabaki nuen eta hemen dauden gutxi hauek ere gauza bera egin zezaten lehiatzea, Jainkoaren onberatasun handian uste osoa jarririk, beragatik guztia uztea erabakitzen dutenei ez baitie sekula ere huts egiten. Eta haiek nik neure ametsetan irudikatzen nituen bezalakoak izanik, beraien bertuteen artean nire hutsek ez zuketen indarrik izango, eta zerbaitetan kontenta nezakeen nik Jauna, eta guztiok Elizari eusten dihardutenen laguntzaile, predikari eta irakasleen alde otoitzari emanda, ahal dugun heinean neure Jaun honi laguntzeko gai izango ginen. Izan ere, hainbeste on egin diena hain estu hartua dute6, non saltzaile doilor horiek berriro ere gurutzean hil nahi luketela, eta ez diotela burua non etzan ere utzi nahi baitirudi.

    3.  Oi ene Salbatzailea, bai bihotza lehertzen zaidala honaino iristean! Zertan ari dira orain kristauak? Gehien zor dizutenak izan behar ote dute nekarazten zaituztenak? Mesederik handienak egin dizkiezunak, zeure adiskidetzat hautatu dituzunak, Zu beren arteko izan eta sakramentuen bidez komunikatzen zatzaizkienak? Ez al dituzte, bada, nahikotzat beraiengatik jasan dituzun oinazeak?

    4.  Egiaz, ez du ezer egiten, ene Jauna, orain mundutik alde egiten duenak. Bada, zuri hain begirune gutxi badizue, zer itxaro genezake guk? Zuri baino itzal handiagoa zor ote digute, beharbada? Zer hoberik egin ote diegu adiskidetzat har gaitzaten? Zer da hau? Jaunaren ontasungatik hazteri kirasdun hura gabe gaudenok zeri begira gaude, beste haiek honezkero deabruarenak baitira? Zigor ederra lortu dute beren eskuz eta ongi irabazia dute beren atseginekin betiko sua. Konpon daitezela beraiek!, hala ere, hainbeste arima galtzen ikusteak lehertu beharrez jartzen dit bihotza; gaitzetik izan bedi albait gutxiena! baina aurrerantzean beste inor galtzen ez nuke ikusi nahi.

    5.  Kristogan bat garen ene ahizpak! Lagun iezadazue Jaunari hau eskatzen, horretarako bildu baitzaituzte hemen! Hau da zuen bokazioa, hauek izan behar dute zuen ardurak, hauek zuen desirak, hemen zuen negarrak, hauek izan behar dute zuen eskariak; ez, ene ahizpak, munduko arazoetarako; barre egiten dut nik eta atsekabetu ere egiten naiz Jainkoari halako gauzak eskatzeko arrenka datozkigunean, hau da, Haren Maiestateari errentak eta ondasunak eska diezazkiogula; haietako batzuek ondasun guztiak behin eta berriro hankapera ditzatela Jainkoari eskatzea nahiko nuke nik. Haiek asmo onez ari dira eta, azken batean, haien debozioa aintzat hartzearren egiten da, nik halako gauzetan Jaunak sekula ere ez didala entzuten uste badut ere. Sugarretan dago mundua; esan ohi denez, Kristo berriro auziperatu nahi dute, hainbeste gezur ezartzen baitizkiote; haren Eliza lurrera bota nahi dute; eta oraindik horrelako gauzetan eman behar dugu denbora, beharbada, Jainkoak eskaturikoa emango balie, zeruan arima bat gutxiago izateko? Ez, ene ahizpak, ez da hau Jainkoarekin garrantzi gutxiko arazoak tratatzeko garaia.

    6.  Egia da, giza ahuleziari begiratu ezik, gauza guztietan laguntzen zaionean pozten baita (eta ongi da ahal izanez gero laguntzea), poztuko nintzateke ulertuko balitz ez direla hauek hainbesteko arduraz Jainkoari eskatu beharreko gauzak.


1. Ez gauzei buruz, Jainkoari buruz baizik. Barne Gazteluko pertsonaia nagusia Jainkoa da.

2. Ortodoxiaren eta katolikotasunaren aitorpen honen antzekoa dator Perfekzio Bidea liburuaren lehen orrialdean eta baita Fundazioen hitzaurreko 6. zenbakian ere.

3. A. Gracián izan zen ondoren datorren iradokizuna egin ziona.

4. Has 1, 26-27.

5. Aurreko zenbakian aipatu duen Bizitza Liburuaz ari da.

6. Honen ondoren Ebanjelioko zeharkako aipamena dator (Lk 9, 58).