Shakespeare bertsolari: literatura itzulpena bertsotan. Itzulpen-saio bateko gogoetak*
Miren Ibarluzea Santisteban

Shakespeareren 'Uda gau bateko ametsa' euskara itzuli du Juan Gartziak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua proiektuaren baitan, eta itzulpena gizarteratzeko "Itzultzailearen sukaldea" izeneko saioak egin ziren EIZIE elkarteak antolatuta. Saio horietako bat, "Shakespeare bertsolari" izenekoa, hartu dugu abiapuntutzat bertsolaritzaren eta itzulpengintzaren uztarketari buruzko artikulu hau idazteko. Honako gaiok ditugu hizpide: bertsolaritzaren eta itzulpengintzaren disziplinartekotasuna, bi diziplinen arteko analogía, itzulpengintzaren eta bertsolaritzaren arteko fusioa, Donostian egindako saioaren kronika, mintegi hartarako egindako itzulpen-ariketak, bertsotan egindao itzulpen ariketen analisia eta konparazioa, eta, bertso-moldeak euskal itzulpengintzan baliatzeari buruzko gogoeta.

2016an Shakespeareren Uda gau bateko ametsa antzeztuko da Cristina Enea Parkean, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. DSS2016EU erakundeak Juan Garziari enkargatu zion euskarazko itzulpena2. Bada, itzulpen-prozesua bera gizarteratzeko asmoz, Itzultzailearen sukaldea izeneko hiru saio antolatu zituzten EIZIEk eta Donostia 2016k, 2014ko udazkenean. Lehenbiziko saioa UPV/EHUren Gasteizko Letren Fakultatean egin zen, Itzultzailearen Egunean. Juan Garzia, Larraitz Ariznabarreta eta Maialen Berasategi aritu ziren bertan, Idoia Nobleren gidaritzapean. Labur-labur esateko, itzulgaia bera izan zuten hizpide, eta testua itzultzeari ekin aurreko lanez zein obraren testuinguruaz eta ezaugarriez aritu ziren3. "Shakespeare bertsolari" izan zen bigarren saioa, eta Donostiako Lugaritz Kultura Etxean egin zen. Bertsolaritza eta itzulpengintza uztartzeko bildu ginen bertan Juan Garzia, Jon Martin eta hirurok, aurreko akuilari beraren gidaritzapean. Bertsotik bertsiora, hirugarren saioan Shakespeareren lanaren euskarazko hiru itzulpenak izan zituzten hizpide Elizabete Manterolak, Karlos del Olmok eta Juan Garziak; izan ere, Juan Garzia baino lehenago euskaraturik zuten Bingen Ametzagak eta Bedita Larrakoetxeak, zeinek bere bidetik, A Midsummer Night's Dream komedia4.

Shakespeare bertsolari izeneko saio horretan parte hartu nuenez gero, harako, bertan eta handik aurrera egindako gogoetak dakartzat orrialdeotara. Kontuan har beza irakurleak, baina, ez duela hemen informazio gehigarri askorik topatuko, eta esandako guztiak EIZIEren webgunean jasota daudela: saioaren bideoa ikusgai dago, saioaz idatzitako post eta berriekin batera5. Beraz, har bedi hemen dakardan hau han-hor-hemen esandakoen laburpen osatu modura, baten bati Internetek kale egiten dionerako.

"Shakespeare bertsolari" saiora etorrita, aitor dezadan bitan pentsatu gabe onartu nuela saioan parte hartzeko gonbita: batetik, nirekin gogoratu izanaren atseginez eta, bestetik, gaiaren interesak bultzatuta: aukera ederra zen niretzat bertsoa eta itzulpena uztartzea, biak ala biak zein bere bidetik landu izan ditudalako gaur arteko bidean. Bada, bat-batean bertsotan ibilitakoa, saioen kritikak idatzitakoa, eta, gaur egun, besteak beste itzulpenaren ikasketa teorikoetan murgilduta dabilen hau, bertsoaren eta itzulpenaren uztarduraren adibide izan daiteke. Bertsoa eta itzulpena pertsona bakarraren gogoan eta bizimoduan uztar daitezke, elkarrekin nahastu gabe edo bestela ere: badira itzultzaile eta bertsolari direnak, baita bertsoak itzultzen eta interpretatzen ibiltzen direnak ere6.

Baina, bertsoaren eta itzulpenaren lotura pertsonalez haragokoak landu beharrak norberaren eta besteren biografiak azaltzea baino kontu interesgarriagoak dakartza: zergatik eta nola lotu itzulpengintza eta bertsolaritza? Horra hor itauna. Itzultzailearen sukaldean sartzeko, eta itzulpena eta bertsoa lotzeko, dakardan harira itzulpen-ikasketen eta bertsolaritzaren diziplinartekotasuna.

Itzulpen-jarduna askotarikoa da, eta jardun mota bakoitzak bere alorra duela esan daiteke: literatura-itzulpena, testu teknikoaren edo zientifikoaren itzulpena, teknologiek lagundutako itzulpena, interpretazioa, lokalizazioa... Alor bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta dagozkion tresna zehatzen bidez lantzen da. Itzulpenaren deskripzio teorikoa egiteko ere ikuspegi- aniztasuna nagusitu da traduktologiaren esparruan: diziplina askotara jo izan dute ikertzaileek itzulpena zer den, nola gertatzen den... aurreikusteko, azaltzeko, deskribatzeko... Horrexek ere motibatu du, ezbairik gabe, itzulpen-ikasketen izaera multidiziplinarra. Hain zuzen ere, itzulpena gizarte-, kultura- edo komunikazio-testuinguru jakin batekin lotzeak berez dakar beste diziplina batzuetako kontzeptuekin lan egin beharra: hizkuntzalaritza, diskurtsoaren analisia, pragmatika, soziolinguistika, literaturaren teoria, antropologia, soziologia, kultura- ikasketak, semiotika, historia, filosofia, psikologia kognitiboa... Bada, testu itzuliak egiten duen legetxe, itzulpen-ikasketen esparruak ere mugak zeharkatzen ditu, auzo-diziplinetako dinamikak, metodologiak, kontzeptuak baliatzen ditu, itzulpenaren praktikan, teorian eta analisian sakontzeko.

Itzulpena bera hizkuntzen eta kulturen arteko zubia dela zabal dabil, eta, nolabait, itzulpen- ikasketetan ere zubiak asko dira, diziplina batetik bestera igarotzekoak. Bada, diziplinen arteko zubi, salto zein sartu-irten modura defini daiteke joan zen udazkeneko gure saio hura ere. Oso kontuan hartzekoa da jardunen arteko analogiak egiteak jardunen arteko ezberdintasunak eta loturak azaleratzeaz gainera, dagokigun arloari hobeto begiratzen laguntzen digula.

Esate baterako, ezagun dira musika-interpreteen zein antzezleen eta itzultzaileen arteko konparazioak, eta honelako galderak egin izan dira jardunok konparatzean: zenbateko askatasuna eta subjektibitatea du itzultzaileak musika-interpretearen edo antzezlearen aldean? Hiru jardunak alderatzen hasita, askotariko gogoetak egin daitezke: musikariak edo antzezleak zuzeneko kontzertuan izaten dituen arriskurik ez omen du itzultzaileak (bestelakoa da interpretearen lana). Bat-batekotasunak bereizi egiten ditu, kasu horretan, itzulpena eta beste bi jardunak. Beste alde batetik, ikusgaitasunaren auzia ere hortxe dago: itzultzailea ikusezina izan ohi da normalean, eszenaren bigarren planoan geratzen da, eta, anartean, musikaria eta antzezlea eszenan ikusten ditugu, "lehen planoko artistak" dira, erdigunean kokatzen ditugu. Jardunean presentzia fisikoak izan dezakeen garrantziaz ohar gaitezke, beraz, gisa horretako konparazioen bidez. Darabiltzagun jardunok alderatzen jarraituta, esan dezagun itzultzen dugun testua, berez-berez, ez dela beste hizkuntza batera eramateko sortzen (salbuespenak salbuespen), jatorrizko testuak berez eusten diola bere buruari; partiturak eta antzezlanak, ostera, jokatzeko sortutakoak dira, eta, hein batean behintzat, autonomiarik gabekoak. Gaiarekin lotutako beste ideia bat ere plazaratu daiteke jardunen arteko aldeari erreparatu gura izanez gero: asko eta asko dira halako musikarik jotzen duelako (noren lanak jotzen dituen kontuan hartu gabe askotan) kontzertura abiatzen diren zaleak, edo halako aktoreak parte hartzen duela-eta teatrora doazenak (teatro-lana zein den ––eta itzulpena ote den–– gutxienekoa izanda). Gertatzen ote da halakorik itzulpenaren esparruan? Itzulpena urliarena delako irakurtzen dugu? Gai al gara bere "markak" ezagutzeko? Itzultzailea hor dago desagertzen dakielako ala arrastoren bat uzten du? Ezen, antzerkian eta musikan, bertsio bat ikusten edo entzuten dugunean, aktorearen beraren edo musikariaren beraren inpronta bereizteko gai dira asko eta asko: gai aktoreen keinuak ezagutzeko, gai abeslariren ahotsa bereizteko. Zein ote da, ordea, itzultzaile bakoitzaren marka? Kamaleonikoa ote da itzultzailea? Zenbateraino eta zer uzten du beretik? Autore ezberdinak itzultzen dituenean, marka bera uzten al du?

Gisa bereko galderak egin daitezke itzultzailearen eta bertsolariaren jardunaz. Horien harira, jardunaren bat-batekotasunari eta ikusgaitasunari dagokionez, esan daiteke bertsolaria gertuago dagoela musikariarenetik eta antzezlearenetik, itzultzailearenetik baino. Bestelakoa da, baina, bertso-jartzailearen irudia: bertso-jartzailea bai, itzultzailearenetik gertuago dagoela esan dezakegu. Olerki-itzultzailea, beraz, bertso-jartzailearen parean jar daiteke zentzu batean.

Idaztea edo hitz egitea bera buruan ditugun pentsamenduak "itzultzea" dela esaten dute zenbaitek; eta, bide beretik, "bertsotan egitea" buruan darabiltzagun ideiak "itzultzea" dela esan genezake. Neurria, errima eta doinua errespetatuta jarduten du bertsolariak ideietatik bertsorako salto horretan; idazlearen hitza eta hizkuntzen eta kulturen arteko aldeak errespetatuta ibili behar izaten du itzultzaileak. Berdinak ote dira, baina, bertsolariak eta itzultzaileak lanerako aktibatzen dituen mekanismoak? Eta, galderak egiten jarraituta... Zer har dezake batak bestearenetik?

Bertsotan dabiltzanen zein bertsolaritzaren ikerketan eta esperientzia berrien bila dabiltzanen artean ere ohikoa da diziplinartekotasuna. Zenbat bider ez ote dugu entzun (onerako zein txarrerako) bertsolariak denetarako balio duela: egunkarian iritzi-artikuluak idazteko, aurkezpenak egiteko, liburuak idazteko, telebistako zein antzerkigintzako gidoilari ibiltzeko, publizitate-testuen sorkuntzan aritzeko… Arte ezberdinak uztartzeko saio asko egin izan dira bertsoaren inguruan: batu dira bertsoa eta dantza, bertsoa eta antzerkia, bertsoa eta musika, bertsoa eta literatura… Diziplinen arteko elkargune horiek jorratu zituen Iñigo Astiz kazetariak 2011ko azaroan Berria egunkarian argitaratutako artikulu batean7: bertsoa zinemara eramateko saioaz aritu zen, esaterako, Altunaren Bertsolari filma hizpidera ekarrita; halaber, bertsoaren eta musikaren arteko uztardura hizpide zituen, bertsolariek musika-taldeen emanaldietan egindako laguntzez edo kanturako idatzitako letrez ari zelarik.

Urteak daramatzate bertsolariek bertsolaritzaren ertzak noraino eman dezakeen probatzen, eta urrats bat gehiago da Altunaren lana. Bertso-hopa, bertso-jazza, bertso-antzerkia... Ia genero guztiak ukitu ditu jadanik, baina bakarra da funtsa, Maialen Lujanbio bertsolariak dioenez. «Beste alorretako sortzaileekin lan eginda, ispilu baten aurrean jartzen da bertsolaria, eta horrek behartzen du bere lengoaia berraztertzera». Ertzera ere jotzen duela bertsolariak, bere burua ikusteko.

Analogiak, honetan ere, norberaren jarduna aztertzeko balio duela gogorarazten du, hortaz, Maialen Lujanbio bertsolariak. Bestelako uztardurak ere aipatzen dira Astizen artikuluan: bertsolaritzarena eta antzerkiarena, kasu. Ander Lipusek bertsolaritzaren bat-batekotasuna eta antzerkigintzako inprobisazioa batzen ditu bere emanaldi batzuetan. "Jolasa da giltza" Lipusen hitzetan, "esperimentazioa eta esentzia"; "Fusio bat gertatzen den aldiro, garrantzitsua da elkartzen diren medioek ez galtzea beren oinarrizko esentzia. Bertsolariek beren funtsa ez galtzea, eta antzerkitik datorrenak ere ez". Beraz, loturak lotura, oso garrantzitsua da oinarrizkoa bistatik ez galtzea.

Eta itzulpenaren eta bertsolaritzaren fusioan, ez dezagun ahaztu zein izan zen udazkenean bildu gintuen saioaren funtsa: Shakespeareren itzulpena eta bertsolaritza elkartzea, eta bien arteko lotura azalaraztea. Shakespeareren testuak eta bertsolaritza urrun (oso urrun) daudela pentsa badaiteke ere, tartea ez da hainbestekoa, parekotasunak topatzen jarrita: Shakespeareren sonetoak bertso-paperak legetxe zabaltzen ziren ingurukoen artean, esaterako. Beste alde batetik, egile ingelesera iristeko bidea akademia baino ez dela dirudien honetan, ahaztu egin bide dugu Shakespeareren testuak taularatzekoak zirela, herri xeheari zuzentzen zitzaizkiola eta dibertimentuzkoak zirela (bertsoak bezala). Funtziotik harago, elementu formaletan ere gertukoak izan daitezke, zenbait alderditan, Shakespeareren kulturaren eta euskal kulturaren iruditegiak: Uda gau bateko ametsa komedian izaki miragarriak agertzen zaizkigu basoan, naturarekin lotura bizian, eta balada zaharretan entzundako ohiko maitasun-istorioak ere identifika ditzake hartzaile euskaldunak Shakespearerenean ageri den maitasun-triangeluan. Erreferentziak ez zaizkio ezezagun, beraz, euskaldunari Shakespeareren obra horretan. Hargatik, antzerki-lan hau Shakespeareren mundurako sarbide aparta izan daiteke euskal irakurlearentzat. Kontu honen inguruan kantatutako bertsoa da jarraian datorrena, lerrook irakurtzen jarraitzeko akuilu modura hemen txertatutakoa: Shakespeare entzun ta alde / egin dute batzuk / irakurri ta irriz / lehertu bestetzuk! / Irakurriz amestu / behar zenuke zuk. / Nik beste gozatzea / opetsi nahi dizut!

Shakespeareren lanean murgiltzeko gonbita da, beraz, aurreko bertsoa. Bada, murgiltzearen murgiltzeaz antzerki-idazle ingelesaren obren eta bertsolarien bertso-saioen arteko lotura gehiago ere topa daitezke: esaterako, ohikoa da Shakespearerenean "teatroa teatroaren barruan" topatzea; alegia, kontatzen den istorioaren baitan, pertsonaiek teatro-lan bat muntatzea. Horixe gertatzen da dagokigun komedia honetan ere, eta, hala, antzerkia dugu antzerkiaren baitan, istorioak matriuskak bezala gordetzen dira, bata bestearen barruan. Bertso-saioetan ere gertatzen da matriuska-efektu hori: bertsolariak bere ahotik kantatzen (omen) du, batzuetan, eszenaren gainean; adibidez, hasierako agurretan. Alabaina, saioko gidariak gai jakin bat ematen dionean, performance-saioaren barruan beste maila bat sortu eta fikzioko pertsonaien larrutik kantatzen du bertsolariak; eta, kasu batzuetan (bukaerako gai-libreko errepasoaldiak ditut gogoan) bi mailak nahasi ere egiten dira.

Badirudi, beraz, elkarrengandik hain urruti ere ez daudela bertsolaritza eta Shakespeareren antzerkia. Arestian aipatu dugunez, biak ala biak lotzeaz gainera, biak ala biak elkarrengandik uste baino gertuago daudela erakustea izan zen udazkeneko saioaren beste asmoetako bat, eta, analogiekin jarraituta, "Itzultzailearen sukaldea II" izeneko saio hura ere bertso-saio baten egiturarekin prestatu genuen, Shakespeareren komedia bat ikustera joatea eta bertso-saio batera joatea antzekoak direla pentsatuta eta pentsarazita8.

Ezin zitekeen bestela izan: bertsolarien agurrekin ekin genion saioari. Jon Martin eta ni neu hasi ginen kantari: Iratxo miragarriz / betetako mundu / ingelesa behar zela / hemen euskaldundu, / Juan Garziak sukalde / horretan jardun du / eta guk pintxe-lanak / egingo ditugu (Miren Ibarluzea).

Jon Martinek ere bota zuen bere agurra, eta, jarraian, itzultzailea bera bertsolari bihurtuta, Juan Garziak soneto bat kantatu zuen9, hasierako agur modura, "Joana Bixenta Olabe" doinuan10. Hasiera-hasieratik argi geratu zen, beraz, itzultzaileak bertsolaritzatik edan dezakeela eta hala egiten duela, zer eta beste hizkuntza bateko testu errimatuak eta neurtuak euskaraz eman behar dituenean.

Juan Garziaren agur horixe izan zen bertsolarioi eskatutako lehenengo ariketarako lotura. Ezen bertsolariak etxeko lanak eginda bertaratu ginen: itzulpen-ariketak eginda. Saioa baino lehenago egindako bilera batean erabaki genuen bai saioaren egitura, bai saioan mintzagai izango ziren gaietarako laginak etxetik prestatuta eramatea. Juan Garziak testua ondo ezagutzen zuenez gero, hainbat txatal eman zizkigun. Saiora bertaratu zitekeen orok legetxe, webgunean izan genituen eskuragarri testu-txatalak eta langintzarako erabil zitezkeen beste hainbat tresna: ingelesezko bertsio erraztuak eta prosazkoak, beste itzulpen batzuk, eta abar11.

Hona hemen saioan aurkeztutako lehenengo itzulpen-ariketa, Jon Martin bertsolariari egokitutakoa:

THESEUS
Thanks, good Egeo: what's

the news with thee?

EGEUS
Full of vexation come I, with complaint

Against my child, my daughter Hermia.

Stand forth, Demetrius. My noble lord,

This man hath my consent to marry her.

Stand forth, Lysander: and my gracious duke,

This man hath bewitch'd the bosom of my child;

Thou, thou, Lysander, thou hast given her rhymes,

And interchanged love-tokens with my child:

Thou hast by moonlight at her window sung,

With feigning voice verses of feigning love,

And stolen the impression of her fantasy

With bracelets of thy hair, rings, gawds, conceits,

Knacks, trifles, nosegays, sweetmeats, messengers

Of strong prevailment in unharden'd youth:

With cunning hast thou filch'd my daughter's heart,

Turn'd her obedience, which is due to me,

To stubborn harshness: and, my gracious duke,

Be it so she; will not here before your grace

Consent to marry with Demetrius,

I beg the ancient privilege of Athens,

As she is mine, I may dispose of her:

Which shall be either to this gentleman

Or to her death, according to our law

Immediately provided in that case.12

Obraren abiapuntua da aurreko pasartea: dukearenera doa noble bat, eskari batekin. Alabak ez du aita nobleak hautatu dion gizona maite, eta eskarmentua eman diezaion eskatzen dio nobleak dukeari. Dukeak Atenasko legeak gogorarazten dizkio noblearen alabari.

Hona hemen Jon Martinen bertsioa13, ingelesezko bertsioaren neurriari eusten diona (hain zuzen ere, Garziak erronka jota egin zuen horrela, saioa prestatzeko bileran hala egingo ote zuen galdegin baitzion). Bertsolariak, erronkazale, esan eta egin:

TESEUS
Milesker zuri, Egeus, zerk zakartza?

EGEUS
Atsekabeturik nator kexaka
Nire alaba Hermia dela-ta.
Zutitu zaitez, Demetrio arin.
Gizon honek du baimena, Lord, jakin
ezkontzeko nire alabarekin.
Zutitu, Lisander. Gizon hauxe da
nire alabatxoa sorgintzera
iritsi dena bertsoak jarriz
edo ta gutunak idatziz.
Zu, ilargi beteko arratsetan
leiho ondoan kantu gozoetan
jardun zara gezurrezko hitzekin
ta bere_ilusioaz beste egin.
Heldu gabeko bihotz batentzako
hain indartsuak diren mezu asko
bidali dituzu: eskuturreko
eraztun, lore, nahiz jateko...
Zure bihurtuz nire alabaren
bihotza maltzur jokatu zenuen.
Hori dela-ta, bere obedientzia
bihurtu da_egoskorkeri etsia.
Beraz, ene Lord, Atenasko lege
zaharrak jarraitzea dut nire xede.
Nirea dudan alabak onartu
beza Demetriorekin ezkontza
edo onartu beza heriotza.

Jon Martin

Ingelesezkoaren hamaika silabako lerroei eusten die Martinek. Baina, hamaika silabako egiturak arrotz zaizkio bertsolariari, eta arrotz zaio, halaber, errimarik eza ere. Ingelesezkoaren aldean, errimaduna da Martinen euskal bertsioa. Olerki neurtu eta errimatuak itzultzeko hiru molde aipatzen ditu Payák "Bat-bateko itzulpengintza: gakoak eta azterbideak" artikuluan14: a) bertsio librea, "formaren zorroztasunak bultzatutako gehiketa eta kenketak dituena. Irizpide nagusia forma da, edukia ahalik eta gutxien sakrifikatuta"; b) tartekoa, "hitz eta hitz-kateen oinarrizko esanahia" duena; eta c) azalpen itxurakoa "hizkuntzak paradigmatikoki eta sintagmatikoki ahalbidetzen duen zorroztasun handienarekin jatorrizkoaren esanahi kontestuala eskaintzen duen itzulpena". Bada, esan dezakegu Martinen bertsioa a) ereduari lerratzen zaiola kasu honetan, eta gehitze bat ere badu: errima.

Uda gau bateko ametsa da errimarik gehien duen Shakespeareren lana, eta horretan bai, baliatu du Garziak errima itzulpenean, baina ez ariketa honi dagokion pasartean. Izan ere, egile ingelesak jolas moduko bat egiten du errimarekin Uda gau bateko ametsa komedian: oro har, erregeek, jauntxoek eta goi-mailako pertsonaiek errimarik gabe hitz egiten dute; izaki miragarriak, ostera, kantariak eta errimazaleak dira; bestalde, pertsonaien arteko harmonian ere errima-jolasa egoten da: pasarte batean, esaterako, errimatzen ari diren pertsonaiak haserretu eta, bat-batean, errimatzeari uzten diote. Horregatik da garrantzitsua Juan Garziaren ustez komedia honetan errimari eustea (edo ez eustea), eta bere bertsioan, beraz, dukearen eta noblearen arteko elkarrizketa errimarik gabe dator, obra osoaren ikuspegia eta koherentzia zainduta:

TESEO
Eskerrik asko, Egeo. Zer berrirekin zatoz?

EGEO
Arrenkuraz eta kexuz beterik natorkizu,
neure haur, neure alaba Hermia salatzera.
––Zatoz hona, Demetrio. ––Ene jaun noble hori,
gizon hau dut baimendua harekin ezkontzeko.
––Zatoz zu orain, Lisandro. ––Bada, ene jaun ona,
gizon honek dit sorgindu alabaren bihotza.
––Zuk diozu, bai, Lisandro, eskaini mila neurtitz,
eta harekin trukatu hainbat maite-opari.
Leihopetik diozu zuk ilargitan kantatu
ahots faltsuz bertso berri maitasun faltsuzkorik,
haren irudimenaren sentipena zeuretu
zeure ilezko besokoz, eraztun, apaingarriz,
kutixiz, pitxiz, buketez, goxokiz, hala baita
noski erraz menderatzen gazte zaildu gabea.
Maltzurkeriaz duzu zuk liluratu gaixoa,
eta hark niri zor didan esanekotasuna
seta gaitz bihurrarazi. ––Bada, ene jaun ona,
bego horretan harena: baldin ez badu hemen
zure aurrean onartzen senartzat Demetrio,
Atenasko antzinako legea dut eskatzen;
enea denez alaba, eskupean dut hura:
edo jaun zaldun honentzat izango da, edota
bertan hil bedi herioz, legearekin ados
horixe baitagokio honelako auzian.

Juan Garzia

Aurreko pasarte horren harira, Shakespeareren bertso-lerroen neurria mantentzeko zailtasuna aipatu zuen Juan Garziak. Shakespeareren sonetoak itzuli zituenean, esaterako, mantendu egin zuen neurria Garziak15, baina, honako honetan, taularatzeko antzerkia izanik, eta jendartera erraz iristea helburu, euskal neurrietara lerratzea erabaki zuen, zer eta euskal erritmoak erabiltzeak (entzuleari ezagun zaizkion erritmoak erabiltzeak) harrera erraztu zezakeelakoan. Bestalde, ingelesa oso hizkuntza monosilabikoa da, eta testua euskarara ekartzean komenigarria da, halaber, bidea izatea espantsio apur bat gehiagorako. Espantsio hori lortzeko hainbat estrategia erabil ditzake itzultzaileak: Garziarena da bat, lerro bakoitzari silaba gehiago ematea; zabaletara egindako espantsioa da, nolabait. Payák, ostera, luzetarako espantsioa darabil Calderón de la Barcaren Bizia amets itzultzeko: lantzean lerroak gehitzen ditu, esan gabe geratutakoak konpentsatzeko16.

Juan Garziaren hitzetan, gezurra badirudi ere, errazago zaio itzultzaileari gisa honetako pasarteak bertsotan ematea. Zergatik? Txantiloi bat darabilelako. Bertsolariari ere, zail zaio doinu gabe bertsoak sortzea, adibidez. Bada, esan dezakegu harrerarako ez eze (entzuleak errazago jasotzen ditu ezagun zaizkion neurriko egiturak), sorkuntzarako ere erabilgarri izan dakiokeela bertso-moldea testugileari.

Esan dugu Jon Martinen bertsioa errimaturik zetorrela, eta horrek galarazi egiten duela idazlearen errima-jokoa. Alabaina, testua irakurtzeko, esateko edo kantatzeko den, hautu bat edo beste egin liteke, eta, testua kantatzeko dela erabakiz gero (alegia, oso-osorik bertso- moldeetan emango dela erabakiz gero), topa daitezke bestelako estrategiak pertsonaia motaren eta harmonia mailaren araberako errima-jolas hori konpentsatzeko: doinu-jolasa. Hala, pasarte biziagoetarako (izaki miragarriek hitz egiten dutenerako), adibidez, doinu biziagoak proposa daitezke, eta, ostera, balada erakoak, jauntxoak mintzatzen direnerako. Hain zuzen ere, doinu- dantza hori izan nuen nik neuk gogoan, niri esleitutako bi pasarteen sorkuntza-prozesuan.

Aipatutako bi pasarteetan lehena Demetrio basoan esnatzen denekoa da. Lotan zegoela, iratxoak lore bitxi batekin igurtzi dizkio begiak, eta, ondorioz, esnatu eta lehenbizi ikusten duen pertsonarekin maitemintzen da:

DEMETRIUS [Awaking]
O Helena, goddess, nymph, perfect, divine!
To what, my love, shall I compare thine eyne?
Crystal is muddy. O, how ripe in show
Thy lips, those kissing cherries, tempting grow!
That pure congealed white, high Taurus snow,
Fann'd with the eastern wind, turns to a crow
When thou hold'st up thy hand: O, let me kiss
This princess of pure white, this seal of bliss!

Zortzi lerrotan dator ingelesezko testua, eta lerroek binaka errimatzen dute. 1A, 2A, 3B, ... jarraituta. 3., 4., 5., eta 6. lerroetako errima errepikatu egiten da. Euskal neurrietara ekartzeko, kopla nagusia hartu nuen nik oinarri: kopla nagusiaren puntu bat (bi lerro) = Shakespeareren bertsolerro bat. Beheko bertsioan, koplari dagozkion bi puntuak lerro bakarrean emanda datoz (normalean bi lerrotan transkribatzen badira ere), ingelesezko testuaren formari eta lerro kopuruari eusteko. Doinuari dagokionez, lehenago aipatutako doinu-joko hori egiteko eta nobleen seme-alabak direnez berbetan ari direnak, "Isabelatxu" doinua17 hartu nuen buruan, txatalari erromantze-ukitua eman nahirik edo:

DEMETRIO
Ai! Oi! Elene, jainkosa, ninfa, ederra, jainkotiarra!
Maite, parerik gabekoa da zure begien dir-darra!
Hoien aldean, kristala lauso! Zer esan zure ezpainez?
Gerezi gorri balira legez musu-tentaldien grinez!
Taurus gaineko izotz zuriak, urtu denak eki-haizez,
bele dirudi, maitea, zure esku zurien kontrastez.
Printzesa zuri aratz purua, musua dakart zuretzat.
Musu ematen utzi zadaizazu, zorionaren ituntzat.

Miren Ibarluzea

Bertsolariak kantuan hartu ohi dituen lizentziak hartu nituen neuk ere itzulpen-ariketa honetan. Aipa ditzadan pare bat: neurria errespetatu beharrez, esaterako, "horien" behar lukeen lekuan "hoien" jarri nuen, ahozko forma gordeta (3. lerroaren hasieran). "Dirdira" barik, "dir-darra" asmatu nuen, errimari men egiteko (2. lerroa). Juan Garziaren hitzekin kontsolatu behar: "Bertsioa bertsotan eginez gero errazago barkatzen dira xehetasunak alde batera uztea". Eta Garziaren hitzak berriz ere ekarrita: "bertsio horrek ere ondo funtzionatzen du, baina nirearen aldean, zertxobait libreagoa da". Izan ere, neurria hautatzean bat egin genuen arren, bestelakoa da Garziarena, gertuago dago jatorrizkotik:

DEMETRIO
Oi zu, Helena, jainkosa, ninfa, perfekziozko serafin!
Zer nuke, maite, konparagarri zure begi laztanokin?
Kristal finena uherregi da. Oi, nolako tentagarri
diren ezpainok, musu-gerezi, sasoi jorira etorri!
Zuri mamitu hain garbi hori, Tauro goiaren elurra,
ekialdeko haizeoz aratz, bele da bihurtzen, horra,
zuk altxatzean zeure eskua. Oi, musukatzen uztazu
zuri garbiko printzesa hori, pozen giltza hor baituzu!

Juan Garzia

Bi bertsioon artean bada bestelako alderik: erregistroan dago koxka. "Euskaldunagoak Mirenenak, greziarragoak nireak" esan zuen Garziak. Ezen, Garziaren bertsioan erregistroa jasoagoa da. Zalantzarik gabea da Garziaren hautua: hala dagokie pertsonaien mailari, eta obraren ezaugarri den pertsonaien eta planoen arteko ezberdintasuna bereizteko eta funtsezkoa da erretorika-aldea zaintzea.

Bi bertsioak alderatuta, beste puntu bati erreparatzea ere interesgarria da: nire bertsioan bertso-puntuak independenteak dira, nolabait; bertsotan (ahozkoetan behintzat) hala egiten da orokorrean: puntu bakoitzak esaldi bat biltzen du, ideia bat. Garziaren bertsioan, ostera, esaldien mugak lerroen mugetatik harago doaz. Kantatzeko, esateko edo irakurtzeko diren, hor egon litezke baten edo bestearen alde egiteko hautuaren arrazoiak.

Itzultzeko esleitutako bigarren pasartea ere basoan gertatzen da, baina honetan izaki miragarriek egiten dute topo. Maitagarriak Robin Goodfellow izeneko iratxoa ikusten du (Puck ere esaten diote; "Mattin Onpuxka" esaten dio Garziak bere bertsioan), eta galdezka hasten zaio:

FAIRY
Either I mistake your shape and making quite,
Or else you are that shrewd and knavish sprite
Call'd Robin Goodfellow: are not you he
That frights the maidens of the villagery;
Skim milk eta sometimes labour in the quern
And bootless make the breathless housewife churn;
And sometime make the drink to bear no barm;
Mislead night-wanderers, laughing at their harm?
Those that Hobgoblin call you and sweet Mattin,
You do their work eta they shall have good luck:

Are not you he?

Nik neuk "Axuri beltza" doinua18 hautatu nuen bigarren atal horretarako, dantzari lotuagoa, iratxoen arteko topaketa jostariagoa irudikatzeko edo. "Axuri beltza" doinuak, aurreko "Isabelatxu" doinuaren aldean, erritmo biziagoa du, eta bat egiten du iratxoen izaerarekin:

MAITAGARRIA
Oker al nabil? Zu al zaitugu, izenez Goodfellow Robin?
Iratxo maltzur geldiezina: bihurri eta kaskarin.
Zu al zaitugu neskak beldurtzen nahas-mahas dabilena
Esne_eltzetako esne-gain ona hutsera_ekartzen duena.
Zu al zabiltza gari-errotak estutzen eta eteten,
Edo_etxandreen esne-gurina altxatzea galarazten?
Garagardoan bitsa txikitzen? Bidaiariak tronpatzen?
Eta gauetan noraezean dabiltzanez barrez lehertzen?
Aldiz "Iratxo on" "Puck atsegin", deitzen baldin badizute,
lanean gogoz lagundu eta denentzat nahi beste suerte.

Zu ote zara?

Miren Ibarluzea

Hemen ere bertsolariek kantatzean darabiltzaten litzentziak nabarmenak dira; esaterako, sinalefak. Batzuetan bokalak lotu egiten dira silaba bakarrean ("_" ikurrarekin markatu ditut testuan), baina bestetzuetan ez, neurriak zer eskatu ("Iratxo on": bi "o" horiek ez dute bat egiten, bi silabatan irakurri beharrekoak dira, neurrira egokitzeko).

Hauxe da, ostera, Juan Garziaren bertsioa (neurriari dagokionez, hemen ere bat datoz bionak: kopla nagusietara ekarri genituen Shakespearerenak):

MAITAGARRIA
Edo itxuraz naiz ni tronpatu eta nahasi erabat,
edo zu zara iratxo maltzur eta gaizto hori zeinak
Mattin Onpuska baitu izena; ez al zara menturaz zu
herrietako neskei diena eragiten hainbat izu,
esnea gainez gabetzen eta eiherak urritsu uzten,
eta apetaz etxeko andre estua larriagotzen,
baita inoizka aparrik gabe motel uzten edaria,
gau-bidaztiak galbideratzen, haien kaltez zuk irria?
Galtxagorri zein Iratxo maite deritzutenei diezu
zuk zeuk egiten behar den lana, eta haiek bai zortetsu:
Ez ote zara diodan hori?

Juan Garzia

Bigarren pasarte honetan ere Garziaren bertsioa erregistro jasoagokoa da. Esan dezakegu idatzizkotik gertuago dagoela berea, nirearen aldean. Antzezleek zein hobeto esan edo kantatu? Antzerkiaren eszenaratzea eta muntaia nolakoa izango den? Hortxe egon daiteke bata edo bestea hobesteko oinarria. Edonola ere, "itzultzailearen" ikuspegitik, Garziarena gertuago lerratzen zaio jatorrizkoari, eta Payák aipatzen zuen a) ereduko itzulpena eta b) eta c) motatakoak uztartu egiten direla esan dezakegu.

"Zenbat buru, hainbat aburu" dio esaera zaharrak, eta guk "zenbat buru, hainbat itzulpen" diogu. Jatorrizko testu beretik nork bere bertsioa dakar, unean uneko hautuen, norberaren estiloaren, sasoiko joeren, testuaren funtzioen eta abarren arabera. Testua norentzat den, zein antzezlek erabiliko duen, nori zuzentzen zaion... egokitu egin daiteke testua; hortaz, ezin esan bertsio bat bestea baino hobea denik, bertsioak testuinguruan jartzea da gakoa. Garziarenak baino lehenagoko bertsioak prosan emandakoak ziren (gorazarre egitekoa da, alabaina, bai Ametzagak, bai Larrakoetxeak egindako lana, sasoiko baliabideak zein ziren irudikatuta ezinezko egiten baitzaio gaur eguneko itzultzaileari halako testu bat lortu ahal izatea). Testuingurua eta funtzioa zehaztea garrantzitsua dela aipatu dugu, ordea, eta komeni da ez ahaztea irakurtzeko bertsio gisa eman zutela Garziak baino lehenagokoek antzerki-lan hau. Kantatzeko bertsioak dira, ostera, bai Garziaren bertsioa, bai saio honetarako bertsolariek egindako ariketen emaitzak. Ariketa hauetan bertsolariok itzultzaileak baino traizio handiagoa egin diogu jatorrizko testuari: formari eutsi diogu, bai, baina Garziarena sorburu-testutik gertuago dago. Horra hor bere maisutasuna agerian. Bertsolarion "akatson" iturri izandako beste kontu bat ere aipatu nahi nuke ondorio gisa: obrari bere osotasunean begiratzearen garrantzia (horri lotutakoak ziren, adibidez, erregistro- zein errima-jokoak). Eta horra hor, berriz ere, itzultzaile arituaren esperientziaren eta jakituariaren balioa.

Argi geratu da, nolanahi ere den, bertsoa eta itzulpena uztargarri direla, eta bertso-moldeak itzulpenetarako balia daitezkeela. Izan ere, neurri-doinuak baliagarri zaizkio bai sortzaileari, bai hartzaileari. Tradiziotik edatea berebizikoa da itzulpen-jardunean, eta Juan Garziak halaxe egiten du, Mikel Laboa Katedraren gidaritzapeko Shakespeareren Sonetoak itzulpen-lanaren karatulan adierazten denez:

Shakespeare euskaraz biziberritzea Oihenart biziberritzea ere bada, edo Etxeberri biak, edo Lauaxeta, Lizardi zein Lazarraga, eta are Leizarraga, Aresti nahiz Atsular. Juan Garziak horienean jo du atea kox-kox, baina ez gutxiago Bernat Etxepareren erritmo-errimetan edo ahozko tradizioko ereduetan, bertsolaritza zaharrean edo orainagoko idazle nahiz itzultzaileen ekarrietan. Soneto hauek irakurri- entzun ahala, gure kultura literarioaren soinutxo hori atzematen da, kultura unibertsalarekin parez pare mintzatzen jarria19.

"Shakespeare bertsolari" izeneko itzulpen-saioari edo bertso-saioari buruzko gogoeta-bilduma honekin amaitzeko, Shakespeareren Uda gau bateko ametsa komediaren bukaerara jo nahi dut, beste behin ere Shakespeareren komedia honen eta bertso-saioen arteko konparazio batekin. Uda gau bateko ametsa testuaren amaieran Puck iratxoa zuzenean zuzentzen zaio publikoari, bertsolariak azken agurrean egin ohi duen bezalaxe, fikzio-mailak nahastuta, matriuskaren atalen arteko mugak gaindituta. Eta "bertso" horrexekin eman zion agurra Juan Garziak Donostiako saioari:

MATTIN
Itzalok gaur inor badugu mindu,
egin kontu hala zama arindu-
kuluxkatxo bat egin duzuela
ikuskariok antzezten zirela.
Eta egitasmo erkin, maskal hau
––amets huts bat fruitu, garauak garau––,
jaun-andreok, ez gogorki astindu;
onbera izan, ondu gaitezen gu.
Sinetsi, iratxo zintzo naizenez:
zorte badugu "ezen meritu ez"
suge-txistuei egiteko itzur,
gerora gara hobetuko ziur.
Bestela, iratxo gezurti jo ni.
Gau on bada, honatu den orori.
Txaloz luzatu eskuok, lagunak:
ematen daki Marttinen ordainak.

Juan Garzia


* Ezer baino lehen, bihoakie nire eskerrik beroena orrialdeok argitaratu aurretik irakurri, komentatu eta zuzendu dituzten Juan Garziari, Xabier Payári eta Eneko Zuloagari.


2. Juan Garziaren bertsioa Interneten baino ez dago eskuragarri oraindik, PDF formatuan: https://eizie.eus/eu/argitalpenak/ugba2014/ugbaosoa.pdf

3. Lehenbiziko saioaren materiala EIZIEren webgunean ikus daiteke: http://www.eizie.eus/uda_ametsa/sukaldea1

4. Hirugarren saioari buruzko materiala EIZIEren webgunean bildu dute: https://eizie.eus/eu/jarduerak/uda_ametsa/ugbaeus

5. Bigarren saioa EIZIEren webgunean dago ikusgai: https://eizie.eus/eu/jarduerak/uda_ametsa/ugbaeus

6. Bertsolari eta itzultzaileen artean, esaterako, gogoan ditut Payá eta Tapia. Mahainguru baten bueltan bilduta esandakoak jasota daude aldizkari honetan bertan, "Bertsolariak ere itzultzaile" izeneko artikuluan: http://www.eizie.eus/Argitalpenak/Senez/20080201/bertsolariak.

Bestalde, bertsoak interpretatzeaz ere aritu izan da Payá; ikus "Bat-bateko itzulpengintza: gakoak eta azterbideak" artikulua: http://www.eizie.eus/Argitalpenak/Senez/20061220/paya.

Halaber, gai bera du hizpide Maria Colerak Elearazi blogari emandako elkarrizketa batean: http://elearazi.eizie.eus/2014/03/17/itzultzaileak-mintzo-maria-colera-intxausti-2/

7. Iñigo Astiz kazetariaren artikulua Berria egunkarian: http://www.berria.eus/paperekoa/1623/030/001/2011-11-03/bertsolaritzaren_ertza.htm

8. Hemen, ordenari jarraituko badiot ere, ez dut saioa osorik transkribatuko eta komentatuko. Albo batera utzi dut bat-bateko saiotxoa, adibidez, itzulpen-jardunarekin horrenbesteko loturarik ez zuelakoan. Izan ere, bat-batean egindako ariketa hura trantsizio modura ekarri genuen: batetik, ikusleek komediaren tramari segida eman ziezaieten (obra irakurri ez zuenik egongo zela pentsatuta) eta hurrengo ariketei paso emateko. Bestalde, Jon Martinen itzulpen-ariketa guztiak ere ez ditut hona ekarri, gogoeta-bilduma honetan neure sortze-prozesua izan baitut ardatz batez ere. Azpimarratu gura dut bertsioen arteko aldeak komentatzean bertsoari dagozkion aspektu formalak hartu ditudala ardaztzat: neurria, errima, doinua eta horiei lotutako ahozko lizentziak. Irakurleak, beraz, ez du hemen bertsioen hizkuntzaren azterketarik topatuko.

9. Berrogei negu setio lubakiz / zure kopet zelai fina harturik / gazte gala hori polit estalkiz / gabe da bidean tarraturik. / Inork galdeturik eder nora den / non den loria egunon altxorra / zuri begi sakon ondoratuen / lotsak janen dizu ospe alferra. / Bai harroago eder horren finaz / esangai bazina ene haurrak nau / ederki kitatzen adin galduaz / hala ondorez zuhaur eder arau / berriz zintezke zahartu ostean / odol bero hartan zeure ostean. (Juan Garzia).

10. Doinuari buruzkoak: a) http://bdb.bertsozale.eus/es/web/doinutegia/view/2159-nagusi-jauna-hauxe-da-lana-i-joana-bixenta-olabe-i-hurra-papito-i; b) http://bdb.bertsozale.eus/es/web/doinutegia/view/2160-nagusi-jauna-hauxe-da-lana-ii-joana-bixenta-olabe-ii-hurra-papito-ii; c) http://bdb.bertsozale.eus/es/web/doinutegia/view/2161-nagusi-jauna-hauxe-da-lana-iii-joana-bixenta-olabe-iii

11. Hemen dago materiala, inork bere aldetik ariketa egin gura izanez gero: http://www.eizie.eus/uda_ametsa/sukaldea2/SukaldeBertso_materiala.pdf

12. Iturria: http://shakespeare.mit.edu/midsummer/full.html. Lan honetako ingesezko txatal guztiak bertatik atera ditugu.

13. Gogora dezadan Juan Garziaren bertsiorik gabe lan egin genuela bertsolariok, jatorrizko testu ingelesa, bertsio erraztuak eta euskarazko bertsioen artean Ametzagarena begiratuta.

14. Senez 30 (2006): http://www.eizie.eus/Argitalpenak/Senez/20061220/paya

15. Lehenago ere ekarri izan dizkigu Garziak sonetoen itzulpenari buruzko gogoetak aldizkari honetan bertan: http://www.eizie.eus/Argitalpenak/Senez/19950901/garzia

16. 2012ko "Itzulpena amets: Calderón de la Barcaren La vida es sueño euskaratzeko ikerketa teoriko-praktikoa" artikuluan azaltzen du bere estrategia (in Fernando Garcia Murga eta Nerea Madariaga Pisano (arg.): Hitzen artean. Axun Aierbe gogoan, UEU & EHU).

17. Doinuari buruzkoak: http://bdb.bertsozale.eus/es/web/doinutegia/view/2524-isabelatxu-isabelatxu

18. Doinuari buruzkoak: http://bdb.bertsozale.com/es/web/doinutegia/view/axuri-beltxa-ona-duk-baina-sila-dantza

19. Iturria: http://www.aztarna.com/Shakespeare/ZeruHorrenInfernuak.htm