Literatura galegoaren harrera milurteko berrian. Euskal kulturarekiko harremana
Artikulu honek euskarazko eta galegozko literaturek 2000 eta 2017 bitartean izan dituzten literatur trukeei buruzko ikuspegi orokorra eskaintzen du. Azpimarragarria da, generoen dibertsifikazioaz gainera, haur eta gazteentzako obren aldeko apustua egiten dutela argitaletxeek, tradizionalek zein berriek, gorantz ari baita genero horren eskaria. Aztertu dugun aldian nabarmendu daitekeen beste berritasunetako bat da eskaintza zabaldu egin dela kultura urrunetako (txinatarra edo korearra lekuko) ekarpenekin, baita gertuagoko beste batzuetakoekin (adibidez, euskal kultura). Galegotik euskararako esportazioari dagokionez (77 izenburu), erdia baino gehiago dira HGLko obrak. Euskaratik galegora itzuli diren azken 44 obrei begiratzen badiegu, ordea, ikusiko dugu oreka dagoela HGLko eta beste irakurle batzuentzako eleberrien inportazioan. Itzulpenari bakarrik erreparatuz gero, eta haur eta gazteentzako literatura salbuetsita, hori baita kulturen eta egileen arteko fluxuak bermatzen dituena, egiaztatu ahal izan dugu euskarazko eta galegozko irakurleek ez dakitela bestearen literaturan gaur egun zer idazten den. Alabaina, euskaratiko itzulpenari dagokionez, zuzeneko itzulpenak egiten hasi dira, Isaac Xubín eta haren moduko bitartekariei esker.
Itzulpena: Bego Montorio
Itzulpengintzaren historia aztertzeko, trukea egiten duten kulturen arteko harremanaren testuingurua eta tradizioa ezagutu behar dira. Gure lanaren funtsa galegozko itzulpengintza denez, eta ekarpen hau testuinguruan jartzeko asmoz, zenbait aipamen egingo ditugu galegozko literatur itzulpengintzaren historia gertuenekoaz (Galanes, 2018), baina gogorarazi nahi dugu Erdi Arotik datorrela Galiziako itzulpen tradizioa eta bereziki garrantzitsua izan zela XX. mendearen hastapenetan (Nós, A Nosa Terra eta bestelako aldizkarietan), bai eta mende horretako azken hamarkadetan ere, galegoa hizkuntza koofiziala bilakatu zelarik, itzulpenak liburu formatuan argitaratzen hasi baitziren.
Galegozko sistema literarioak garapen handia bizi izan zuen 1981etik aurrera, eta, horrekin batera, esponentzialki areagotu zen literatur itzulpena: hezkuntza sistema galegora itzulitako atzerriko irakurgaiez hornitzen zen aldi berean, literatura galegoa beste hizkuntza batzuetan argitaratzen zen. Montero Küpper-en datuen arabera (2015: 20), gaur egun galegoz argitaraturiko liburu guztien % 19 inguru da itzulia; hau da, aldeak alde, Sapiro-k (2009) Frantziako itzulpenerako aipatzen dituen balioen oso antzekoak ditugu. Nazioarteko ikuspegitik, galegoz argitaraturiko liburuen ehunekoa oso txikia da: gaztelaniazkoaren % 1,8 eta % 2,2ren artekoa, Kultura Ministerioak emandako datuen arabera (Montero Küpper, 2013: 44). Zifra horiei erreparatuta, beraz, munduko itzulpen sistemaren periferian kokatzen da sistema galegoa.
Fase komertzialean koka daiteke galegoaren koofizialtasunarekin batera gertatu zen itzulpengintzaren hedapen handi hori; izan ere, liburuaren merkatua zabaltzearen ondorioa da, eskari handiaren eraginez erreferentzia ugari inportatu baitziren, batez ere haur eta gazte literaturarako (HGL). Bitragaren1 ikerlanetan ikus daitekeen moduan, laurogeiko hamarkadan hasi zen galegozko literatur sistemaren fase komertziala, eta, zenbait generotan, orduan eman ziren fase autonomorako lehen pausoak. Fase autonomoan, erreferentzia literarioen inportazioa eta esportazioa parekatu ziren; esate baterako, HGLn: itzulpen fluxuen % 64 HGLkoa da, eta norabide bietako erreferentziak ditu (Galanes, 2016: 174).
Fase komertzial horretan lortu zen, besteak beste, merkatu berriak irekitzea. Hala, zer kulturatatik itzuli den eta galegozko lanak zeinetara eraman diren kontuan hartuz gero, guztira 59 kultura agertuko zaizkigu (eta 43 hizkuntza), eta azpimarratu behar da 1990etik aurrera sortu zirela harreman horietatik 40.
Hurrenkera | 1. | 2. | 3. | 4. | 5. | 6. | 7. | 8. | 9. | 10. |
SH | ES | EN | FR | CAT | DE | IT | POR | EUS | RU | AST |
XH | ES | CAT | EUS | POR | IT | EN | AST | FR | DE | RU |
1. grafikoa: Itzulpenetako sorburu hizkuntzen (SH) eta xede hizkuntzen (XH) taula. Egileek sortua.
Esanguratsua da itzulpen gehien gaztelaniatik eta gaztelaniara egin izana, eta nahikoa orekatuak dira noranzko bietako zifrak (795 itzulpen gaztelaniatik, eta 673 itzulpen gaztelaniara); antzeko oreka dago katalanarekin (366/265), portugesarekin (80/95) edo errusierarekin (25/19), eta, neurri txikiagoan, italierarekin (161/78). Hori horrela gertatzen da gaztelania hizkuntza nagusia delako, bai eta hizkuntza horretako bertsioek bitartekari funtzioa betetzen dutelako beste kultura batzuetara esportatzerakoan. Azken hipotesi hori oraindik egiaztatu ez den arren, nabaria da hala gertatu zela zenbait egile ezagunen kasuan eta Galizian ezezagunak ziren hizkuntzekiko harremanetan –euskararekikoetan, adibidez–, harik eta zuzeneko itzultzaileak prestatu ziren arte: Isaac Xubín, esaterako.
Kultura zentral edo erdiperiferikoekiko harremana, aldiz, desorekatuagoa da, batez ere munduko itzulpen sisteman nagusiak diren hizkuntzekikoa: ingelesa (638 itzulpen ingelesetik vs 103 itzulpen ingelesera), frantsesa (428/43) eta alemana (234/18) lekuko. Azpimarratu behar da, alabaina, galegotik itzulitako obren aldekoa dela zenbait kultura minorizaturekiko balantzea, haien artean euskararekikoa edo bablearekikoa (Luna eta Galanes, 2017).
Garai horretako beste berrikuntzetako bat da dibertsifikatu egin zirela itzulitako literatur generoak, eta nabarmen igo zen haur eta gazteentzako (HGL) erreferentzien kopurua. Aipatu behar da, era berean, euskarrietan ere badagoela aldaketarik, eta album irudidunen formatuak arrakasta handia izan du, halako erreferentzia asko agertzen baitira IBBY zerrendan, bai testuengatik, baita ilustrazioengatik ere.
Horrez gain, 2000. urteaz geroztik, itzulpenetan edo literatur mota jakinetan berezituriko argitaletxeak sortu ziren (Rinoceronte, Urco, Hugin e Munin, Patasdepeixe, Novovilino, Irmás Cartoné, Catro Ventos, etab.); haietako zenbaitek bazkidetza sistema erabiltzen du, eta horrek irakurleak fidelizatzen ditu. Aldi berean, argitaletxe tradizionalek funtsezko aldaketak egin zituzten euren itzulpen katalogoetan, eta apustu berritzaileei ekin zieten; esaterako, Nobel saridunen lanak sistematikoki argitaratzeari. Dibertsifikazio apal horren arrazoia da galegozko literatur sistemak kokapen hobea eskuratu zuela aurreko egoerarekin alderaturik. Alabaina, itzulpen praktika komertzialak eta erakundeetakoak aldatu egin dira azken urte hauetan. Lehendabizikoen kasuan, HGLko argitaletxeen hedapena nabarmendu behar dugu –Kalandraka, Faktoría K de libros, OQO...–; zenbait kasutan, itzulpen eskubideak saltzen dituzte, baita kultura urrunetarako ere (Txina edo Korea lekuko), eta beste lurralde batzuetan diharduten filialak sortu dituzte; esaterako, Mar Maior (Galaxia). Biak ala biak merkataritza estrategia berriak dira Galiziako sektore editorialean. Erakundeei dagokienez, obra galegoak ingelesera itzultzeko gastuak ordaintzera mugatu da itzulpengintzaren aldeko apustua; ingeleserako itzulpen horiek Small Station Press argitaletxearen eskutik egin dira, eta geroago mintzatuko gara horretaz.
Lehenagoko hizkuntzen sailkapen horretan, deigarria gertatzen da zein postu desberdina duen euskarak galegozko itzulpenaren literatur sisteman sorburu hizkuntza denean edo xede hizkuntza denean, itzulpenaren sorburu hizkuntza denean 8. postuan baitago eta xede hizkuntza denean, berriz, hirugarrenean. Itzulitako obren kopuruari begiratzen badiogu, ikusiko dugu 1980. urtetik gaur arterainoko denbora tartean euskal literaturako 76 obra itzuli direla galegora eta 140 obra euskaratu direla galegotik. Grafiko honetan ikus daiteke generoen araberako banaketa:
2. grafikoa: Galegotik euskararako itzulpena (alderantzizkoa) eta euskaratik galegorakoa (zuzenekoa). Egileek sortua.
Erakundeen babesa
Kultura Galegoaren Behatokiak argitara eman duen Informe sobre datos da edición en Galicia 2006-2016 (CCG, 2018) txostenaren arabera, 2006-2016 denbora tartean askoz titulu gutxiago argitaratu ziren, eta murriztu egin ziren bai tiradak, bai argitaletxeak, baita erakundeen laguntzak ere. Oro har, galegoz argitaraturiko liburuen kopurua % 52,4 jaitsi zen. Galizian, ISBNn erregistraturiko liburuen % 50,7 argitaratu zen galegoz, aurreko urtean (% 61,5) baino 10,8 puntu gutxiago.
Beheranzko joera hori 2011. urtetik aurrera nabarmendu da gehien. Igoera txiki bat suma daiteke 2014an, baina, Kultura Ministerioak emandako datuen arabera, beheranzko joerak bere horretan jarraitu zuen 2016an (Montero Küpper, 2017: 105 eta hurrengoak). Egia da Edicións Xerais eta Galaxia argitaletxeek aurrera egin dutela (Galizian dute egoitza biek ere), demokraziaren hastapenetatik gaur egunera arteko gorabehera askotarikoak gaindituta, baina ez da gauza bera gertatu sektore horretako enpresa guztiekin, zenbait argitaletxe, liburu denda eta liburutegi desagertu baitira, baita irakurleen parte bat ere. Egoera horren arrazoien artean aipa daitezke liburuen kontsumo pribatuaren murrizketa eta liburuak eta itzulpena sustatzeko laguntza urriak. Txostenean, argi azaltzen da liburutegien erosketa gastua asko murriztu dela, nahiz eta 2014az geroztik suspertze txiki bat igar daitekeen (CCG, 2018: 17).
Montero Küpperek (2017) galegozko ediziorako laguntzak mantendu eta handitzeko beharra aldarrikatzen du, baita austeritate ekonomikoko garaietan ere. Kultura minorizatuen kasuan –eta hori da euskal kulturaren eta kultura galegoaren egoera Espainiako estatuan–, kultur politikak erabakigarriak dira kultur normalizazioaren prozesurako eta nortasun kulturalari berari eusteko. Badakigu literatur itzulpenek kapital sinbolikoa handitzen eta haren onarpena sustatzen laguntzen dutela. Eta, horregatik, ezinbestekoa da politika publikoen ekarpena, garapen hori gidatzeko eskumenak eta baliabide ekonomikoak ematen dituzten heinean. Izan ere, 1991 eta 2011 bitartean, Espainiako estatuak zenbait diru laguntza aurreikusi zituen hizkuntza koofizialen arteko itzulpenetarako. Laguntza horiek estatuko kulturen arteko trukea sustatzen zuten, baina bertan behera geratu ziren 2012. urtean.2 Nolanahi ere, laguntza horiek ez zuten eragin handirik izan galegoaren eta euskararen arteko trukeetan: XXI. mendean bultzatu ziren 320 proiektuetatik, bederatzi baino ez ziren egin galegora, eta sei euskarara; bada kontuan hartzeko datua. Urte horietan, Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren (MEC) hizkuntza konbinazio horretarako laguntzak Galaxia argitaletxean bildu ziren, eta sei itzulpen argitaratzeko laguntza izan ziren; haietako lau, haur eta gazteentzakoak.
Galiziako Xuntaren ediziorako laguntzek, 2006. urtera arte, galegotiko eta galegorako itzulpena hartzen zituzten kontuan. Data hori funtsezkoa izan zen, Galiziako Administrazioak enfasia jarri baitzuen galegoa eta kultura galegoa babesteko, eta ez bakarrik ediziorako laguntzen bitartez. Galiziako Gobernuak, 2007. urtetik aurrera, galegotiko eta galegorako itzulpenetarako berariazko diru laguntzak ezarri zituen. 2011. urteaz geroztik, 200.000 €-ko hornidura dute diru laguntzok: % 40 galegotik itzultzeko, eta % 60 galegora ekartzeko. Galegorako itzulpenetan, Espainiako estatutik kanpoko testuak izan dira lagundu diren gehienak; 2008an, Espainiako beste kulturetatik egindako ekarpenen halako bi izan ziren nazioarteko itzulpenak, baina hurrengo urteetan murriztuz joan dira estatu barruko itzulpen proiektuak, eta azken urteotan hizkuntza koofizialetako obra batek edo bik jaso dute galegora itzuliak izateko laguntza. Euskaratik hiru lan baino ez dira diru laguntza horiekin finantzatu, hirurak helduen literaturakoak: Kirmen Uriberen bi obra, eta Juanra Madariagaren bat.
Literatur lanak galegotik beste hizkuntza batzuetara eramateko Galizian ematen diren laguntza gehienak Espainiako estatuaren merkatuko itzulpenetarako izan dira, bereziki gaztelaniara itzultzeko. Aipaturiko urte horietan, helduen literaturako obra bakarra euskaratu da diru laguntza horiei esker (Fernando M. Cimadevillaren O mundo secreto de Basilius Hoffman – O ladron de soños, 2014koa), eta haur eta gazteentzeko hiru liburu: Marilar Aleixandreren, Helena Villar Janeiroren eta Francisco Xosé Fernando Navalen testu bana.
Espainiako Ministerioaren eta Galiziako Gobernuaren laguntza horiez gain, euskal erakunde publikoek3 euskal liburuak Euskal Herritik kanpo sustatzeko laguntzak ematen dituzte, urteroko deialdien bitartez. Aipatu behar dugu Galiziako testuingurutik begiratuta ezohikoa gertatzen dela laguntza horiek euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako testuak kontuan hartzea (Montero Küpper, 2016: 68 eta hurrengoak). Dena den, Estatuak eta Galiziako Autonomia Erkidegoak ematen dituzten laguntzekin gertatzen den bezalaxe, lagundutako proiektu asko gaztelaniarako itzulpenak izan dira. Etxepare Institutuaren 2016ko urteko txostenaren arabera (2016: 11), adibidez, euskarazko hamabost lanetatik zazpik gaztelaniara itzultzeko laguntza jaso zuten, eta 2016. urtean ez zen diru laguntza bat bera ere izan galegorako.
Euskal Autonomia Erkidegoan, diruz lagundutako galegozko testuak Eusko Jaurlaritzak argitalpenetarako ematen dituen diru laguntzen bitartez bideratzen dira euskal literatur sisteman. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak Literatura Unibertsala proiektua laguntzen du (EIZIEk 1989an abiatua). Proiektu guztiz erakargarria da, eta dagoeneko (2018ko maiatza) 173 izenburu eman ditu argitara, nahiz eta ez den askorik baliatu klasiko galegoak ezagutarazteko, oso itzulpen gutxi baitaude hizkuntza horretatik.4
Egiaztatu dugunez, euskal kulturaren eta kultura galegoaren arteko itzulpenak sustatzeko diru laguntza publikoek (Estatukoek zein autonomia erkidegoetakoek) ez dute galego-euskara itzulpen askorik ekarri. Aztertu beharko litzateke ea hizkuntza konbinazio horretako itzultzailerik ez egotea izan den horren arrazoi bakarra ala eragina izan ote duten bestelako faktore soziologiko eta are politikoek ere,5 hala nola kultura bi horien mendeko posizioak.
Manterola Agirrezabalagak (2016) euskararen kasurako aipatzen duen moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak liburu itzuliak sustatzeko eta ikusarazteko zenbait estrategia saiatzen ditu (jaialdietan eta jardunaldietan parte hartzea, laguntza poltsak ematea, Interneteko baliabideak erabiltzea, etab.), eta arretaz ikertu behar lirateke, zer eragin izan duten aztertzeko eta bilana egiteko. Beste alde batetik, sariren bat jaso eta sona handia duten egileak itzultzera bideraturik egon ohi dira Kultura Ministerioak itzulpenak argitaratzeko ematen dituen laguntzak; beraz, formula horrek ez du lagundu belaunaldi gazteagoek sortzen dutena ezagutarazten, eta ez da baliagarria gertatu sormen modu berriak ekartzeko, hori izan arren itzulpenaren funtzio nagusietako bat.
Azken urteotako ebazpenak irakurrita, ikus daiteke ingeleserako proiektuei lehentasuna emateko dinamika finkatu dela, baina begi bistakoa da argitaletxe bakar batek bereganatzen duela protagonismo osoa (Small Station Press), eta hortik ondoriozta dezakegu informazioa ez dela heltzen obra galegoak itzultzeko interesa izan dezaketen beste enpresa askotara. Espainiako Gobernuaren eta erkidegoetako administrazioen laguntzen murrizketa esanguratsua azpimarratzeaz gain, Monterok nabarmentzen du 2010. urtetik aurrera diru kopuruak murriztu ez ezik zenbaitetan ez dela erabili iragarritako diru kopuru guztia.
Euskal literatura inportatua
Itzulpen ekoizpenari buruzko datuak kontuan harturik eta haur eta gazteentzako literatura alde batera utzita –normalizatuena baita kulturen arteko joan-etorrian–, galegoz, euskaraz edo katalanez irakurtzen duten gehienek gutxi ezagutzen dute zer egiten den Estatuko beste literatura minorizatuetan. Ohiko albistea behar luke euskarazko egile bat galegora itzulita argitaratzeak, baina salbuespena izan ohi da, oso urria baita estatuko hizkuntzen arteko itzulpen fluxua. Pérez Isasik arrazoi literarioak eta linguistikoak aipatzen ditu, baita politikoak ere, Iberiar penintsulako hizkuntza minorizatuen arteko itzulpenen urritasuna azaltzeko (2014: 120). Galegozko eta euskarazko literaturen arteko lehen itzulpenak testu laburrak izan ziren (poemak edo ipuinak); aldizkarietan argitaratu ziren, eta oso rol garrantzitsua izan zuten literatura galegoa euskaraz –eta alderantziz– zabaltzeko. Aipatzekoa da itzultzaileak idazleak ere bazirela –esaterako, Gabriel Aresti, Iñigo Aranbarri, Itxaro Borda, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia, etab.– eta militantziaz eta musu truk jardun zutela denek:
[...] euskarara ekarri den Rosalía de Castroren poema bakarra 1964an argitaratu zen, Olerti aldizkarian, eta Álvarez Cáccamo, Wenceslao Fernández Flórez eta Manuel María aldizkarietan bakarrik argitaratu ziren euskaraz. Hala ikusi zuten argia Álvarez Cáccamo, Manuel María, Celso Emilio Ferreiro, García Matos, Antón Reixa edo Xosé Sesto Lópezen poemek, baita Cunqueiro, Fernández Flórez, Méndez Ferrín eta Neira Vilasen ipuinek ere.6 (Montorio, 2003:110)
Abiapuntuko data XXI. mendearen hasieran jartzen badugu, orduan indartu baitzen nazioarteko itzulpengintza Galizian (Rozados, 2009), onartu behar dugu nahikoa urria dela, oraindik ere, helduentzako euskal literaturarekin dugun harremana, nahiz eta azken garaiotan badiren zuzenean itzulitako liburu formatuko argitalpenak. Horri dagokionez, Manterolak (2016) adierazten du zubi hizkuntzen erabilerak bidea ematen digula literatura edo subgenero baten estatusa neurtzeko. Eta, ikusiko dugunez, helduentzako itzulpenek jauzi kualitatiboa egin dute gaztelaniatik pasatu gabe itzul dezaketen pertsonak baditugunetik; egoera hori, ordea, ez da behar bezain ohikoa haurrentzako literaturan.
Ikerlan honen xede diren literaturen arteko harreman zehatzak aztertu dituzte Bujánek (2003) eta Regueirak (2009). Bujánek 1893tik mende hasierara arteko tartea ikertu zuen, eta, obrak eta egileak aurkezterakoan, kontuan hartu zituen haien aukeraketan eragina izan zuten zenbait motibazio politiko, ekonomiko eta soziolinguistiko. Helduentzako literaturari dagokionez, Bujánek zioen Galiziako itzulpengintzaren hutsetako bat zela hedadura urriko hizkuntzetatik –asturiera eta euskara, adibidez– harturiko testurik ez egotea, eta, hizkuntza minorizatuez gain, gutxi itzulitako beste hizkuntza batzuk ere aipatzen zituen, hala nola japoniera edo txinera. Regueira (2009), bestalde, bat zetorren Bujánekin, itzulpengintzaren arazo berberak aipatzen baitzituen hizkuntza minorizatuetan mintzo diren bi literatura txiki horien arteko harremanak aztertzerakoan. Egile horren ustetan, kasu bien inguruabarrak berberak izan ez arren, kontuan hartu behar da badutela baldintzapen komun bat, Espainiako estatuaren testuinguru legal eta juridiko beraren barruan baitaude.
Helduentzako narratiba
Generoaren araberako ikerlan zehatzagoetara etorrita, Bernardo Atxarengandik abiatu behar dugu, bera baita onespen handiena duen euskarazko idazlea, zentrala euskal sisteman, eta gaur egun arte galegora gehientsu itzuli den egilea. Manterolaren arabera (2016), Obabakoak lanagatik 1989an eman zioten Literatur Sari Nazionalak ekarri zuen euskal literatura kanpoko merkatuetan ezagutaraztea. Izan ere, Atxagaren ondoren, fenomeno bera gertatu zen Elorriagarekin (2002) eta Uriberekin (2009), bide bera egin baitzuten bai Espainiako baita nazioarteko merkatuetan ere.
Atxaga beti da apustu editorial ona, autoitzulpenaren eraginez bere literatur testuingurua gainditzen duen balio seguru bat, zeharkako modalitate hori dela-eta egilearen beraren bertsioen bitartez heldu baitzaigu galegora haren lana. Aspalditik dator Atxagak Galiziarekin duen lotura, eta, duela lau urte, Galegozko Idazleen Elkarteak (AELG) Idazle Galego Unibertsala izendatzea erabaki zuen; onespen hori eskuratu dute, halaber, Mahmoud Darwish-ek, Pepetelak, Nancy Morejón-ek, Elena Poniatowskak, Juan Gelman-ek, Antonio Gamonedak, José Luis Sampedrok eta Lidia Jorge-k. Ramón Nicolás literatur kritikaria eta irakaslea da Atxagaren obra zabal eta saritua galegora gehien itzuli duena: Soinujolearen semea (2003) O fillo do acordeonista (2004) bilakatu zuen Xerais-en narratibako bilduman. Obabakoak liburuko kontakizunak ia hogei urteko atzerapenaz heldu ziren galegora (Faktoría K de Libros, 2008), eta Zazpi etxe Frantzian / Sete casas en Francia (Faktoría K de Libros, 2009), ordea, aldi berean argitaratu zen euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta galegoz.
Atxagarenaren antzeko kasua da Unai Elorriagarena, haren obrak lorturiko sariak irakurleen eta kritikaren onespena ekarri baitzizkion. Elorriaga ere autoitzulpenaren bitartez heldu da galegora, baina badu berezitasun bat, hizkuntza galegoa ezagutzen baitu. Izan ere, zenbait literatur itzulpen egin ditu galegotik euskarara.7 Elorriagak Galaxia argitaletxearen Literaria bilduman eman ditu argitara bere lan guztiak, Ramón Loureiro idazle eta kazetariaren itzulpenekin. Hala, SPrako tranbia (2001) Un tranvía cara a SP (2003) bilakatu zen. Argitalpen horri buruzko albisteetan, nabarmentzen zen Sari Nazionala eskuratu zuen lana galegoz plazaratu zuela Anaya taldeko argitaletxeak gaztelaniazko bertsioa agertu baino lehen; handik gutxira, Xesús Carballo Soliñorekin elkarlanean argitaratu zituen, lehen esan bezala Elorriagak galegoz duen gaitasunari esker, O pelo de Van’t Hoff (2004) eta Vredaman (2006), eta oihartzun handia izan zuten nobela biek prentsan.
Kirmen Uribe Urbieta da Espainiako Literatur Sari Nazionala eskuratu duen hirugarren euskal idazlea, eta harekin ere baditu harremanak Galiziak.8 Uriberen kasuan, azpimarratu behar dugu Sari Nazionala eskuratu eta handik gutxira argitaratu zela galegoz Bilbao-New York-Bilbao (Xerais, 2010), Isaac Xubín filologo eta poetak euskaratik zuzenean egindako itzulpenari esker. Berritzailetzat jo eta sari ugari lortu ditu eleberri horrek, eta oso harrera ona izan zuen Galiziako kritikaren aldetik; areago, finalista izan zen Lois Tobío itzulpen sarian (2011). Horren aurretik, 2010eko apirilean, «Poetas di(n) versos» zikloan parte hartu zuen Kirmen Uribek, eta Mientras tanto dame la mano poema liburua (Kritikaren Sari Nazionala) eman zuen ezagutzera. A hora de espertarmos xuntos (Xerais, 2017) lana ere Isaac Xubínek eman zuen galegoz, Elkarrekin esnatzeko ordua (2016) jatorrizkotik zuzenean, eta itzulpena finalista izan zen 2018ko Liburu Galegoaren Galan. Honela mintzatu zen Ramón Nicolás (2017) nobela horretaz: «Seguruenik, zorioneko txiripa bat baino ez da izan iazko Espainiako Kritikaren Saria Isaac Xubín itzultzaile bikainak lortzea galegozko atalean eta hark berak ekarri izana galegora euskarazko atalean Espainiako Kritikaren Saria eskuratu zuen nobela hau». Oso berri on bat ere eman dezakegu, kronika hau idazten ari garelarik galegoz, katalanez eta gaztelaniaz argitaratu baitute Mussche. O que move o mundo (Xerais, 2018), Uriberen azken lana.
Urco editora proiektu editorial galego berriak9 A vitoria final komikia argitaratu zuen, 2014an; Iban Zalduaren komiki bat da (Azken garaipena, Julen Ribasen irudiak, 2011), eta Ricardo Pichel Gotérrezena eta Karlos Cid Abasolorena da galegorako itzulpena. Liburu horrek 2012ko Euskadi Literatur Saria irabazi zuen, eta duela gutxi IBBYren Ohorezko Zerrendarako aukeratu dute.
Hugin e Munin argitaletxeak, bestalde, egungo euskal narratibaren esparruan gertatzen denaren beste ale bat ekarri digu XXI bildumaren bitartez. Lehenago argitaratuak zituen obra arrakastatsuekin batera, katalogo fresko eta iradokitzailea osatzen ari dira, eta zerikusia izango du horretan Isaac Xubínen iritziak, bera baita argitaletxeko ohiko itzultzailea. Horren adibidea da Harkaitz Canoren Pasaia blues nobela beltza (Hugin e Mugin, 2013), Xubínek XXI bildumarako euskaratua. Itzultzaile berak galegoratu du A orquestra terrestre (2017), Canok Xerais argitaletxeko Sopa de Libros bilduman kaleratu duen azken lana, Jokin Mitxelenaren irudiekin. 2014an, Camiños de ida e volta/Joan-etorriko bideak izeneko topaketa literarioan parte hartu zuen Xubínek; Deustuko Unibertsitateko Cátedra de Estudos Galegosek, Euskal Gaien Institutuak eta Euskal Irakaslegoak antolatu zuten, eta Joxemari Sestorain ere izan zen.10 Canok aurkezpen bira bat egin zuen Galizian, eta laurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran Euskal Herriko politikan gertatzen zena ulertzeko zenbait gako eskaini zituen. Bada, topaketa horietatik jaio zen Lucas, Unai Elorriagaren SPrako tranbiatik ateratako fikziozko pertsonaia, Juanra Madariagak eSPedición. (E(SP)edizioa. Mendi ororen pisua, 2015) liburuan baliatzen duen solaskide alegiazkoa; galegora ekarritako azken lan horrek barne bidaia bat jasotzen du, eta mendi baten ahalaz mintzo da. Eta, ekarpen berrienen artean, Hugin e Munin argitaletxeak Uxue Alberdi kazetariaren O xogo das cadeiras (Aulki-jokoa. 2009) helduentzako eleberria plazaratu du, hori ere euskararekiko bitartekari Isaac Xubínek (2018) itzulia. Alberdik Agustín Fernández Paz euskaratu du, eta haren beste lan bat ere irakur zitekeen lehenagotik galegoz, haur eta gazteentzako Cando sexades pequenos (Kalandraka, Demador bilduma, 2013) liburua, Manuela Rodríguezek itzulia eta Aitziber Akerretak ilustratua.
Haur eta gazteentzako narratiba
HGLren esparruari dagokionez, Mociñok eta Agrelok (2008) lehen itzulpenak azaldu zirenetik (XX. mendeko hirurogeiko hamarkada) euskal produkzioaren eta ekoizpen galegoaren arteko harremana nolakoa izan den aztertu dute, eta esaten dute bi literatur sistema horiek finkatuta daudela, abiapuntuko ezaugarriak desberdinak izan arren (Mociño eta Agrelo 2008: 88):
Euskal sistemak, oso hasieratik, klasiko handien itzulpenean jarri zuen arreta, eta galegoak, aldiz, auzoko literaturekin lotutako harremanetatik ekarri zituen itzulpenak.
Egile horien iritziz, koedizioak izan ziren bi literatur sistema horien arteko titulu trukea errazteko bitarteko nagusiak. Hala, La Galera eta Galaxia argitaletxeen arteko hitzarmenari esker, Xohana Torres-en Polo mar van as sardiñas (1967) izan zen euskarara heldu zen haurrentzako lehen obra galegoa. Geroago etorri ziren galegozko HGLren corpuseko erreferenteak, hots, egile ospetsuenetakoak, gehienak Galiziako literatur esparruan eta handik kanpo sartituak. Laurogeita hamarreko hamarkadan, itzulpenen fluxua oso handia eta askotarikoa izan zen, besteak beste Editores Asociados11 formulari, estatuko argitaletxe handiak (SM, Edebé edo Anaya, esaterako) merkatu iberikoan sartu izanari eta argitaletxe propioen (Ir Indo) sorrerari esker.
Kopuruak ugaritu baziren ere, kualitatiboki ez zen hainbesteko ugaritasunik sumatu, euskaratiko obretan nagusi izaten jarraitu baitzuten lehen irakurleei zuenduriko liburuek, salbu eta klasiko garaikideak diren neurrian ospea eta onespena duten zenbait idazleren kasuan –Bernardo Atxaga edo Mariasun Landa, esaterako–, egile horiek gazteentzat idatzitako obrak ere hautatu baitziren. (Mociño eta Agrelo 2008: 93)
XXI. mendearen lehen urteetan, euskarazko hogei bat lan itzuli ziren galegora, zenbait bildumatan (¿E que?, Sopa de letras, Costa Oeste, Fóra de xogo, Maremar, Sopa de libros, Árbore, Paseniño, Andavía eta Carteira de valores); gehienak egile ospetsuenak ziren –esaterako, Mariasun Landarenak edo Patxi Zubizarretarenak–, baina bazeuden beste batzuenak ere, hala nola Juan Kruz Igerabiderenak (Munia dorme baixo a mata, Xerais, 2008) edo Anjel Lertxundirenak.
Mariasun Landa da galegora gehien itzuli den haur eta gazte literaturako euskal idazlea, eta ibilbide luzea du Galizian. Galegorako haren lehen itzulpena 1984an argitaratu zen (A tenda da Pepa, Galaxia); garai hartan, eskola galegoek –euskaldunek eta katalanek bezalaxe– txikienentzako istorioak behar zituzten, eta ez zuten produkzio propio nahikorik. Horrela ekin zioten, baita jarraitu ere, Galaxia eta Xerais argitaletxeek Landaren lanak kaleratzeari: A estrela verde (Galaxia, 1985), O avó (Galaxia, 1988), Irma (Galaxia, 1990), Miña man na túa (Xerais, 1996), Cando os gatos se senten tan sós (Anaya, 2000), Elefante corazón de paxaro (Galaxia, 2001). Mariasun Landak Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala eskuratu zuen, 2003an, Krokodiloa ohe azpian (Un crocodilo debaixo da cama, Galaxia, 2004) liburuarekin, eta hura izan zen saria irabazi zuen lehen euskarazko liburua. Azken urteotan, Xeraisek O carpín suicida (Xerais, Sopa de Libros 2004) eta Unha formiga orixinal (Xerais, Paseniño, 2004) argitaratu ditu, eta Galaxiak, bestalde, Chan, a pantasma (Galaxia, Árbore, 2007) plazaratu du. 2011n, Encontros Cidade da Coruña jardunaldietan parte hartu zuen Landak, AELGk eta Real Academia Galegak gonbidaturik, eta, 2016ko urrian, Rosalía de Castro saria eman zion Galiziako PEN zentroak, euskaraz izan duen ibilbide profesionalagatik.
Mende hasieran Galiziara galegoz heldu den beste euskal idazle ospetsu bat Anjel Lertxundi da, ikastoletako irakasle ere izandakoa. Lertxundik fikzioa eta saiakera12 idazten du, helduentzat, baina, galegora, haur eta gazteentzako hiru obra itzuli zaizkio; Eu tghopezo no eghe, Galaxia argitaletxearen E que? haurrentzako bilduman (2000), eta gazteentzako bi lan: Felicidade perfecta (2006), Costa Oeste bilduman, eta Bícame mon amour (2009), Árbore bilduman. Jatorrizkoak argitaratu eta urte batzuk pasatuta (2000 eta 2002) ekarri zituzten galegora Maria do Carme Torres París-ek eta Xesús Carballo Soliñok, gaztelania zubi hizkuntza zutela.
Bernardo Atxagaren haur eta gazteentzako obraren parte bat ere badago galegora itzulita. Haren hasierako lanak heldu ziren Galiziara, normalizazio beharren eta argitaletxeen arteko hitzarmenen arabera. Horren adibide izan daiteke Dúas letters (Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian, 1984) lana, Leandro García Bugarín-ek gaztelania zubi Galaxiarako itzulia; Árbore bilduman argitaratu zen, 1990ean, eta Costa Oeste bilduman berrargitaratu (2005). Xerais argitaletxeko katalogoan, oraindik eskuragarri dago Atxagaren beste testu bat, A xente da miña aldea (Nire jaioterriko jendea, 2005); José Ignacio Chao Castrok itzuli zuen, eta Andavía bilduman argitaratu zen. Ir Indo argitaletxeak ere plazaratu zuen Atxagaren lan bat, Andoriña bilduman (1995): Cando a serpe mira o paxaro (Txoriak sugeari begiratzen dionean, 1984), Xosé Manuel González Barreiroren (Oli) eta Martin Mendizabalen itzulpenarekin. Bestalde, SM argitaletxeak 1998an aukera eman zion Valentín Arias zenari –ibilbide luzeko itzultzailea– Atxagaren bi lan ekartzeko galegora: Memorias dunha vaca (Behi euskaldun baten memoriak, 1991) eta Unha espía chamado Sara (Sara izeneko gizona, 1996).
Galegoz eskuratu daitezkeen obrak dituzten euskal idazle gazteagoei begiratzen badiegu, hauek aipatu behar dira: Iñaki Zubeldia (As historias da avoa Catarina, 2010), Karlos Linazasoro (As botas vermellas, Anaya, 2000), Joanes Urkixo (O guerreiro branco, Galaxia, 2003), Miren Agur Meabe (Eu vivo en dúas casas, Galaxia, 2003) edo Patxi Zubizarreta, denak ere ibilbide luzeko idazleak Euskal Herrian. Zubizarreta da galegozko HGLn presentzia handiena duena; Galaxian argitaratu zuen lehen aldiz (O pastel dos venres, 1998), eta, gerora, beste lan batzuk etorri ziren, betiere txikienentzako generoan: Furia, Arroz e tinta (Baía), Os tres amigos (Tambre-Edelvives), Magalí por fin o sabe (Anaya) eta De fel e mel (Xerais). Obra horien itzulpenetan, gaztelania izan da zubi hizkuntza.
Azpimarratzekoa da argitaletxeek nolako esfortzua egin duten egile gazteen lanak zabaltzeko eta jatorrizkoak argitaratu eta gutxira plazaratzeko itzulpenak. Lehen esan dugun moduan, argitaletxeen arteko koedizio hitzarmenak funtsezkoak izan dira literatura iberikoen arteko harremanei eusteko. Kalandraka eta Pamiela izan ziren elkarlanerako bide berriak zabaltzen lehenak, eta, ildo berean, OQO eta Txalaparta argitaletxeek koedizioari ekin zioten, 2009an. Lau hizkuntza ofizialetako aldibereko argitalpenei esker, Pamielak eta Faktoría K de libros-ek album ilustratuen saria lortutako lanak kaleratu dituzte, koedizioan. Hala, 2007an plazaratu zen lehen lan saritua: Pello Añorgaren eta Jokin Mitxelaren O Gran Guerreiro, Xose Ballesteros Reik itzulita, eta jarraian etorri ziren Joxantonio Ormazabalen Soños de circo (2009), Silvia Pérez Tatoren itzulpenarekin; Mikel Gurrutxagaren O meu amigo Álex (2010), hori ere Ballesterosek itzulita; Iñaki Zubeldiaren As historias da avoa Catarina (2010), Estíbaliz Jalónen irudiekin, eta Leire Salaberria idazle eta ilustratzailearen Cando chove (2011), azken bi horiek Marco García Tolentinok galegoratuta.
Poesia
Poesiaz hitz egiterakoan, aipatu behar da sarritan erabili izan dela antologia formatua itzulpenetan. Galiziara antologia modura milurtekoarekin batera heldu zen lehen obretako bat dugu A ponte das palabras. Poesía vasca 1990-2000 / Hitzezko Zubia. Euskal poesia 1990-2000 (Letras de Cal, 2000); bitarteko urriko argitaletxe alternatibo batek apailatutako lana da, sistemaren bazterretakoa, zeinean apustu egin baitzen poesia garaikidearen alde eta Euskal Herriko gatazka soziopolitikoak azaleratzearen alde. Gaztelania izan zen itzulpenerako zubi hizkuntza, eta Jon Kortazarrek hautatu eta bildu zituen poemak, dagoeneko desagertua den Letras de Cal argitaletxerako (1997 eta 2002 urte bitartean jardun zuen).13 A ponte das palabras euskal poesiaren antologia elebiduna da, eta honako hau dio Regueirak, gaztelaniak duen zubi hizkuntza funtzioaz (Regueira 2009: 3):
Pentsa daiteke egin beharreko sakrifizio txiki bat izan zela halako ezaugarriak dituen liburu bat sistema editorial galegora ekarri ahal izateko. Alde horretatik, esan dezakegu kontu linguistikoari beste zerbait nagusitzen zaiola: beste hizkuntza minorizatu batean idazten duen belaunaldi berri bat itzultzeak duen pisu sozial eta editoriala.
Itzulpena, beste batzuen artean, Marilar Aleixandrek, Eduardo Estévezek eta Rafa Villarrek egin zuten, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntza izan zuen argitalpenak. Liburuak biltzen dituen hogei poetek 1990-2000 bitartean argitaratu zuten lehen liburua edo plaquette-a: Pako Aristi, Aurelia Arkotxa, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Gari Berasaluze, Harkaitz Cano, Isabel Diaz, Igor Estankona, Martin Etxeberria, Mirari Garcia de Cortazar, Karlos Linazasoro, Gerardo Markuleta, Miren Agur Meabe, Juanjo Olasagarre, Xabier Olaso, Jose Luis Padron, Asier Serrano, Castillo Suarez, Kirmen Uribe, Urtzi Urrutikoetxea eta Juan Luis Zabala. Aipatutako denbora tarte horretan lehen lana argitaratu zuten hogeita hemezortzi egileetatik hogei aukeratu zituen Kortazarrek lagin esanguratsu bat osatzeko asmoz, bilduma bereko aurreko argitalpenean –poesia galegoko dEfecto 2000 antologia– egindakoaren antzera. Hogei poetek jatorrizko testuak (haietako batzuk ordura arte argitaratu gabeak) eta bitarteko itzulpenak errebisatu zituzten. Liburuaren amaieran, autore horiek argitaraturiko liburuen zerrenda jasotzen da, baita denbora tarte horretako sormen poetikoaren garapenaren berri ematen duten zenbait taula.
Galeusca jardunaldien emaitza gisa, Antoloxía poética. Poesia antologia. Antología poètica: (1990-2003) sortu zen. Gernikan 2003ko azaroko Galeuscan parte hartu zuten elkarteek (AELG, EIE eta AELC) apailatu zuten antologia, eta Pamielak eman zuen argitara, 2004an.14 Hiru elkarte horien arteko lankidetza oso emankorra izan zen denboraldi batez –hiru hizkuntza komunitateen arteko harremanak areagotu ziren, eta jardunaldiak antolatu zituzten elkarlanean–, baina indarra galtzen joan zen laguntza instituzionalak desagertzen ziren heinean.
Zenbait urte pasatu ziren Galizian euskal poesiaren beste antologia bat argitaratu zen arte: Alén da fronteira. Sete poetas vascos (Faktoría K de Libros, 2012). Euskal poeta garaikideen bilduma bat da, eta Luigi Anselmi, Bernardo Atxaga, Jon Gerediaga, Tere Irastotza, Xabier Lete, Xabier Montoia eta Joseba Sarrionandiaren lanak topa daitezke. Faktoría K argitaletxeko poesia bilduman argitaratu zen antologia elebidun hori, Isaac Xubínek euskaratik zuzenean egindako itzulpen bikainarekin, eta, Jose Angel Irigaraik berariaz prestaturiko hitzaurrean, euskal literatura idatziaren historia labur bat azaltzen da. Liburuak Luis Tobío saria –AGEk (Asociación Galega de Editores) itzulitako liburu onenari ematen dion saria– irabazi zuen, 2012an.
Euskal Herrian sona handia eta literatur tradizio luzea duten poeten antologia horretan biltzen den egileetako bat Joseba Sarrionandia da, galegotik eta beste hizkuntza batzuetatik itzuli ere egin duen idazlea. Eta Faktoría K de Libros argitaletxeko Tambo poesia bilduma horretan bertan eman zen argitara Sarrionandiaren Tempo de exilio (2014); egileak berak prestatu zuen antologia, eta edizio elebidunean kaleratu zen, oraingoan ere Isaac Xubínen lanari esker. Liburu horrek irabazi zuen Etxepare Euskal Institituak antolaturiko Etxepare-Laboral Kutxa lehen Itzulpen Saria (2015). Saria Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunean banatzen da, eta epaimahaiak Xubínek egindako lanaren kalitatea onetsi zuen. Sariak diru kopuru bat ematen du itzultzailearentzat eta beste kopuru bat liburua sustatzeko, eta, hala, errezitaldi bat antolatu zuten Xubínek eta Ruper Ordorika kantariak; esan beharra dago Ordorikak errezitaldi bat egina zuela lehango Sete poetas vascos obraren harira.
Xubínek itzuli zuen, halaber, Obradoiro Internacional de Tradución Poética da illa de San Simón jardunaldietako bigarren edizioaren emaitza –Eno mar cabe quanti quer caber, Pontevedrako Diputazioa, 2014–, eta hitzaurrean azaltzen du nola ekin zion itzultzaile jardunari eta nola hasi zen harremanetan euskararekin eta gaelikoarekin. Duela gutxi argitaratu da Marilar Aleixandrek koordinaturiko Onde os alacráns antologia (Pontevedrako Diputazioa, 2016), Obradoiro Internacional de Tradución Poética-ren hirugarren edizioaren emaitza. Hitzaurrean, irlaren historia azaltzen da, Marilar Aleixandrek berak egindako lan historiografikoari esker, baita poemak itzultzeko zer prozedura erabili diren ere. Alvin Pang, Katerina Rudcenkova, Cosmin Perta, Catharina Gripenberg, Karlis Verdins eta Leire Bilbaoren lanen itzulpenak jasotzen ditu liburuak, galegorako itzultzailea izan zen Marilar Aleixandreren zenbait poemaz gain.15
Urte horretan bertan, Consello da Cultura Galegak antologia elebidun bat eman zuen argitara, non euskarazko zenbait testu agertzen diren galegora itzulita eta testu galego batzuk euskaraturik. Isaac Xubínek itzuli zituen Miren Agur Meabe, Leire Bilbao eta Felipe Juaristiren lanak, eta Iñigo Roquek Anxo Angueira, Gonzalo Hermo, Manuel Rivas eta Dores Tembrásenak. Santiago de Compostelan 2016ko ekainaren 16an egin zen Poetas itinerantes – Poeta ibiltariak errezitaldiaren emaitza da liburua. Etxepare Institituak, Ramon Llull Institutuak eta Consello da Cultura Galegak finantzatzen dute programa hori; 2015eko maiatzean abiatu zen, Bartzelonan, eta poesia katalanaren eta euskal poesiaren artekoa izan zen lehendabiziko topaketa.16
Literatura galego esportatua
Lehen adierazi dugun moduan, laurogeita hamarreko hamarkadak aurrera egin arte ez zen erraza liburu formatuan obra osoak galegora edo galegotik itzulita aurkitzea. Azken horiei dagokienez, EIZIEk sustatzen eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen duten Literatura Unibertsala bilduman ehun obratik gora argitaratu dira, eta haien artean badaude zenbait egile galego klasikoren lanak, hala nola Anxel Foleren Kriseiluaren argipean (Á lus do candil), Josemari Navascuesen itzulpenarekin (Elkar, 2010) eta Alvaro Cunquieroren Han-hemengo jendea (Xente de aquí e de acolá), Mikel Iriarteren itzulpenarekin (Ibaizabal, 1996).
Euskarara azken urteotan esportatu den narratiba galegoari begiratzen badiogu, zenbait obra klasiko azpimarra ditzakegu: Pako Aristik itzulitako Espantallo amigo (Txorimalo kutuna, Elkar, 2007), Xosé Neira Vilasena; Xose Luís Méndez Ferrínen Retorno a Tagen Ata (Tagen atarako itzulera, Labayru Ikastegia, 2000), Andrés Urrutia Badiolak itzulita, edo Ramon Etxezarretak euskaratu zuen Eduardo Blanco Amor-en A esmorga (Parranda, Igela, 2015). Berrienen artean, gogora ekarri behar ditugu Sechu Senderen Made in Galiza, soziolingustikako gaiak umorez jorratzen dituzten kontakizun laburren bilduma, Txerra Rodriguezek itzuli eta Txalapartak (2012) argitaratua, edo Iolanda Zuñigaren Vidas post-it (Post-it bizitzak), Iñigo Roquek 2014an Pasazaiterako itzulia.
Méndez Ferrín eta Neira Vilas 1988az geroztik zeuden euskarara itzulita liburu formatuan (Mugaldeko jendea eta Mutiko baserritar baten oroitzapenak), eta geroago etorri ziren HGLko zenbait egileren lanak, estatuko sarien ospeak eta egileon ibilbide oparoak bultzaturik; haien artean, Agustín Fernández Paz, Marilar Aleixandre, Fina Casalderrey, Xabier P. Docampo edo Xesús Pisón aipa daitezke. Haiekin batera, obra berritzaileen aldeko apustua egin zuten argitaletxeek, eta, hala, literatur sistema galegoan korronte formal eta tematikoak sortu dituzten idazleak euskaratu zituzten –Mª Victoria Moreno, Ramón Carido edo Paco Martín, adibidez–, baita Gloria Sánchez García edo idazle gazteagoak ere (Xosé Antón Ballesteros Rei, María Luisa Núñez Álvarez Patacrúa edo Paula Carballeira Cabana).
Marilar Aleixandre, Fina Casalderrey, Agustín Fernández Paz eta Antonio García Teijeiro Elkar argitaletxeak eman zituen argitara, eta Txalapartak, OQOk eta Kalandrakak (1998) Gloria Sánchez, Xosé Antón Ballesteros eta Marisa Núñez argitaratu zituzten euskaraz. Kalandraka proiektua ezinbestekoa izan da idazle berrienak plazaratzeko –Oli, Miriam Sánchez, Paula Carballeira, Kiko da Silva, Chema Heros edo Charo Pita–, bai eta kalitate eta onespen handiko ilustratzaile galegoen lana zabaltzeko ere.
Kalandrakaz gain, Rinoceronte Editoraren Sushi Books zigiluak apustu egin du Galiziatik Estatuko beste hizkuntzetarako itzulpenen alde, eta zenbait obra berri eman ditu euskaraz: Santiago Freireren Ostiral (2013), Antonio M. Fragaren Xildas (2014), Fernando M. Cimadevillaren O mundo secreto de Basilius Hoffman saileko O ladron de soños (Amets-lapurra, 2015) edo Helena Villar Janeiroren O caderno de Edua (Eduaren koadernoa, 2015),17 guztiak Garbiñe Ugarte Gracianteparalucetak itzuliak.
Ikus dezakegunez, beraz, ezer gutxi esportatzen dugu helduentzat, eta umeentzat sorturiko literatur lanen bitartez eusten diogu euskal kulturarekiko harremanari, euskaratutako egile horien ibilbidea zabalagoa izan edo ez; horren adibide argia ditugu Xosé María Álvarez Cáccamo, Xabier P. Docampo, Xoán Couto Palmeiro edo Xosé Antonio Neira. Kasu askotan, egile bakoitzaren obra bat baino ez da itzuli azken hamarkadetan; agian, krisiaren eraginez, baina baita Galiziako eta Espainiako administrazioen laguntzen murrizketagatik ere, herrialdearen dinamizazio kulturalaren erantzule baitira.
Poesiari dagokioenez, alde nabarmena dago liburu formatuan inportatu eta esportatu denaren artean, euskaraz presentzia txikiagoa baitugu argitalpen elebidun edo eleaniztunak kontuan hartu ezean; esaterako, Manuel Rivasen A desaparición da neve, Alfaguarak 2009an lau hizkuntzatan argitara emana eta Jon Kortazarrek euskaratua (Elurraren urtzea).
Genero lirikoan, aipatzekoak dira Once damas atrevidas (Hamaika andere ausart, Kalandraka, 2002) Oliren haurrentzako lana eta Manuel María Fernández Teixeiro ekintzailearen helduentzako bilduma poetiko bat (Antoloxía homenaxe: 32 poemas galegos coa sua tradución ao éuscaro, 2005); azken egile horri eskaini zioten 2016ko Letra Galegoen eguna, eta harengan jarri zuen arreta Koldo Izagirrek 1985ean, Eusko Jaurlaritzaren eskutik Berengela izeneko otarantza baten ibilketak eta biribilketak. Maiatza zorabiatuaren pastorala euskaratu baitzuen. Antzeko kasua da Lois Pereiroren Poesía última de amor e enfermidade (Akaberako poesia amodioaz eta gaitzaz, Denonartean, 2013) liburuarena, egileak Letra Galegoen saria eskuratu eta bi urtera argitaratu baitzen, Joxemari Sestorainek itzulita; itzultzaile horren galegotiko lehen lana izan zen, eta María Alonso poeta eta itzultzailearen laguntza izan zuen.18
Antzeko proiektua da, halaber, Nimbos/Argi-koroak poema liburua; 2014ko Letra Galegoetan, Díaz Castro omendu zuten, eta haren obraren edizio elebiduna da, Galiziako Xuntak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin argitaratua. Itzulpena Gerardo Markuleta poetarena da, hitzaurrea Xesús Alonso Monterorena eta epilogoa Xosé Estévez historialariarena. Aipatu behar da Xosé María Díaz Castrok harreman estua izan zuela Euskadirekin, han bizi izan baitzen eta han ezagutu baitzuen emazte izango zuena, Teresa Zubizarreta Bengoetxea; euskalduna zuen emaztea, eta euskaldunak seme-alabak. Ezagutu dugun azken poesia bilduma Rosalia de Castroren poesia kaiera da, Koldo Izagirrek Susa argitaletxerako euskaratu duen antologia (Munduko Poesia Kaierak, 2017).
Kultura galegoaren eta euskal kulturaren arteko joan-etorriaz hitz egiterakoan, erreferentziako izena da Isaac Xubín, Dicionario elemental galego-éuscaro/éuscaro-galego hiztegiaren egilea, eta kontrako norabidean itzulpen gehien egin dituztenen artean Jon Kortazar edo Koldo Izagirre aipatu behar ditugu, haiek baitira bi literatur komunitateak elkarrengana hurbiltzeko lan gehien egin dutenak azken urteotan. Jarraian datoz Unai Elorriaga eta Xabier Mendiguren Elizegi (Katiuskas amarelas, Xerais, 2008), baita Manu López Gaseni eta Bego Montorio Uribarren ere, zenbait arrazoirengatik. Izan ere, esan dezakegu sarritan gertatzen dela itzulpen lana egiten dutenek lotura edukitzea sormenaren munduarekin edo testuinguru iberikoan sortutako literatura garaikidearen ikerketarekin.
Hala, Unai Elorriagak Agustín Fernández Pazen eta Marilar Aleixandreren lanak euskaratu ditu, eta, horren eraginez, Elorriagaren lanen galegorako itzulpenak egileak berak eta Xesús Carballo Soliñok sinatuta daude. Beraz, bi itzulpen mota egon izan dira: batetik, proiektu xumeekin lotutakoa, orain arte hain ezagunak ez diren egileen aldeko apustu nabarmena egiten duena, eta, bestetik, egile kanoniko eta saridunen lanen itzulpena. Horrek guztiak agerian uzten ditu zenbait arazo, Regueirak (2009) ondo dioen moduan, hala nola sistema editorial espainolaren mediatizazioa, prozesuan eragiten duen distortsioa eta sortzaileak sistema literario batean zein bestean kokatzeko zailtasuna.
Ondorio gisa
Datuak oro har ikusita eta azken milurtekoan gertatutakoaren balantzea egin ondoren, uste dugu euskararen eta galegoaren arteko harreman interliterarioek HGLren fluxuari esker eta egileen arteko borondatezko harremanei esker irauten dutela. Poesia salbuetsita, badirudi argitaletxe galegoek gogo handiagoa agertu dutela obra berriak (baina akademia literario espainolak jada ospetsu egindakoak) itzulpenaren bidez inportatzeko, eta, hala, zirkuitu komerzialaren aldeko apustua egiten dute; euskal argitaletxeek, berriz, ahalmen txikiagoa azaldu dute fikzio galego garaikidea inportatzerakoan, lehentasuna ematen baitiete sekore editorial alternatibo eta mugatuetan harremana bilatzen duten poetei.
Sistema galegoak kontuan hartzen ditu narratibako euskal obra itzuliak, HGLkoak zein helduentzakoak. Honako hauek dira erreferentzia nagusiak narratiban: Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe Urbieta, Unai Elorriaga, Harkaitz Cano, Juanra Madariaga eta Patxi Zubizarreta. Haur literaturan, Mariasun Landa edo Asun Balzola dira egile nabarmenenak, baita Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Anjel Lertxundi, Joxantonio Ormazabal, Juan Kruz Igerabide Sarasola, Karlos Linazasoro, Pako Sagarzazu edo Patxi Zubizarreta ere, beste izen batzuk ahaztu gabe. Lehenago adierazi dugun moduan, poesiaren alorrean ohikoak dira zenbait egileren lanak biltzen dituzten antologiak, baina badaude Jon Kortazarren, Bernardo Atxagaren eta Joseba Sarrionandia Uribelarrearen obra itzuli bakan batzuk.
Euskal kulturara esportaturiko galegozko literaturari dagokionez, HGLko erreferentziak dira ugarienak, batez ere ipuinen subgenerokoak eta, neurri txikiagoan, nobelak. Bitraga katalogoan agertzen diren erreferentziazko egileak dira, besteak beste, Agustín Fernández Paz (18 obra euskaraturik), Fina Casalderrey (12 obra) edo Xosé Antón Ballesteros Rei (8 obra). Ahots horiekin batera agertzen dira ospe handiko beste zenbait, hala nola Marilar Aleixandre, Xavier P. Docampo, Paco Martín, Carlos Casares, Helena Villar Janeiro, Marcos Calveiro, Séchu Sende, Paula Carballeira, Patacrúa, María Victoria Moreno Márquez (2018ko Letra Galegoen eguneko sariduna) edo Antón García Teixeiro, zeinak sari nazionala lortu baitzuen 2017an. Helduentzako katalogoan, kultura galegoaren klasiko garaikideek ere badute tokia: Alfonso Rodríguez Castelao, Celso Emilio Ferreiro, Manuel María, Rafael Dieste, Uxío Novoneyra, Valentín Paz-Andrade edo Xosé Neira Vilas. Izen horiek, alabaina, zirkutu akademikoaren edo instituzionalaren parte dira.
Bitraga datu-baseak 2000 eta 2017 bitartean galegotik euskarara itzulitako 77 erregistro jasotzen ditu, eta haien artean nabarmenak dira egile finkatuak eta sarituak. Horrekin batera, azpimarratu behar da poesiako eta helduentzako literaturako zenbait titulu esportatu arren obra gehienak HGLkoak direla, bai egile ospetsuenak, baita hain ezagunak ez diren (batez ere gazteak direlako) beste zenbaitenak ere. Denbora tarte horretan euskaratik galegora eramandako 44 izenburuei dagokienez, ibilbide oparo eta sona handieneko egileenak aipatu behar dira, hala nola Bernardo Atxagarenak, nahiz eta egile horren obrarik ezagunenak (Obabakoak) nahikoa denbora behar izan zuen galegora heltzeko (2008).
Isaac Xubín da egungo erreferentea euskaratik galegorako itzulpengintzan eta euskara Galizian zabaltzeko lanetan. Idazlea eta itzultzailea da Xubín, eta hainbat sari jaso ditu; haren lehen eleberriarekin (Non hai outro camiño, Xerais, 2006), narratibako Kritikaren Saria eskuratu zuen, eta, itzultzaile den aldetik, Vigoko Unibertsitateko Itzulpen Saria irabazi zuen ikasle zelarik, 2009an, Pedro Axularren Gero itzulita, eta, geroago, AGEren Lois Tobío saria (2013) eta Etxepare saria (2015ean) jaso ditu. Xubíni eta halako pertsonei esker, euskaratik galegora zuzenean itzultzen da, eta panorama literarioa berrizten ari da, sistema espainolak ezarritako kanona ganditzen baita; horretan saiatu ziren lehenago beste idazle batzuk ere, hala nola Gabriel Aresti, baita, haren ildoari jarraikiz, Jon Kortazar eta Koldo Izagirre ere, literatura galegoa zuzenean eta bitartekotza komertzialik gabe itzultzen hasi zirenean.
Bibliografia
Buján Otero, Patricia (2003): «A tradución literaria ó galego dende outras linguas da Península».
Actas do VII Congreso Int. de Estudos Galegos. Mulleres en Galicia. Galicia e outros pobos
da Península. Helena Gonzálezen eta Mª Xesús Lamaren edizioa. AIEG-
Universitat de Barcelona. 899-910.
Capelán, Brais (2016): «A lírica vasca máis sobranceira traducida ao galego». La Voz de Galicia,
2016-10-25.
Consello da Cultura Galega (2018): Informe sobre Datos da edición en Galicia 2006-2016.
Etxepare Euskal Institutua (s. d.): Memoria 2016. www.etxepare.eus
Galego en Heuskal Herria (2018): Un blogue sobre lingua e cultura galegas no País Vasco.
Fernández Rodriguez, Áurea (2015): «El sector editorial gallego y la traducción literaria».
in Luna Alonso, Ana et al. (eds.) Literaturas extranjeras y desarrollo cultural. Hacia un
cambio de paradigma en la traducción literaria gallega. Berlín: Peter Lang, 63-81.
López Gaseni, Manu (2008): «Literatura traducida», Portal de la literatura vasca.
Kortazar, Jon (ant. eta koor.) (2011 [2000]): A ponte das palabras. Poesía vasca 1990-2000 /
Hitzezko zubia. Euskal poesia 1990-2000. Miro Villar, Marilar Aleixandre eta Eduardo
Estévez-en itzulpena. Santiago de Compostela: A.C. Amaía, Letras de cal bilduma.
Berrargitalpena poesiagalega.org webgunean. Arquivo de poéticas contemporáneas
na cultura.
Galanes Santos, Iolanda (2018): «A proxección exterior da literatura galega e Carlos Casares:
obstáculos e estratexias» (inprentan).
——— (2016): «La traducción literaria gallega contemporánea: intratraducción y extratraducción»,
in Galanes Santos, I. et alii. (ed.) La traducción literaria. Nuevas investigaciones, Granada:
Comares, 153-176.
Luna Alonso, Ana & Galanes Santos, Iolanda (2017): «A tradución entre culturas minorizadas na
cultura galega. Intercambios contemporáneos”, in T. López; L. Malingret eta Torres Feijó,
E.J. (ed.) Estudos literarios e campo cultural galego, Santiago de Compostela: CIPPCE-
Universidade de Santiago Compostela, 181-204.
Luna Alonso, Ana & Fernández Rodríguez, Áurea (2015): «La literatura importada en Galicia
desde 1980», in Luna Alonso, Ana et al (ed.) Literaturas extranjeras y desarrollo cultural:
hacia un cambio de paradigma en la traducción literaria. Berna: Peter Lang, 9-13.
Manterola Agirrezabalaga, Elizabete (2016): «La traducción literaria en el País Vasco». In Galanes
Santos, Iolanda et al (eds.). La traducción literaria. Nuevas investigaciones. Granada:
Editorial Comares, 177-203.
Mociño González, Isabel eta Agrelo Costas, Eulalia (2008): «As traducións entre a literatura infantil
e xuvenil galega e vasca».
Montero Küpper, Silvia (2017): «Sobre as subvencións públicas á tradución editorial galega
(2008-2016)». Madrygal 20.
——— (2016): «Políticas para la traducción de textos literarios», en Galanes Santos, Iolanda et alii
(ed.): Traducciones literarias. Nuevas investigaciones. Granada: Editorial Comares, 53-72.
——— (2013): «Contextualización histórico-cultural y apuntes sobre el sector editorial gallego»,
in Á Fernández Rodríguez et alii: Traducción de una cultura emergente. La literatura
gallega contemporánea en el exterior, Berna: Peter Lang, 61-86.
Montorio, Bego (2003): «Escalas dunha viaxe inacabada (traducir do galego ó éuscaro)».
Viceversa. Revista Galega de Tradución 11, 107-118.
Nicolás, Ramón (2017): «Un merecido premio da crítica española». La Voz de Galicia, Suplemento
Fugas. 2017-09-22.
Pérez Isasi, Santiago (2014): «La literatura vasca en el contexto de los estudios ibéricos:
historiografía y traducción». 1616: Anuario de Literatura Comparada, 4: 107-126.
Regueira, Mario: «O problema vasco. Tradución e recepción da literatura vasca no sistema literario
galego (2000-2009)», A Trabe de Ouro, Publicación galega de pensamento crítico 78. zk.,
II. liburukia, XX. urtea, «Acoutacións», 2009ko apirila-maiatza-ekaina, 81-88.
Rozados, Lara: «A literatura en galego colle músculo internacional», A Nosa Terra, 1. 341 zk.,
«Cultura», «Actualidade dos libros», 2009ko urtarrila 9-14, 24-25.
Sabadell Nieto, Joana (koord.); Paz Gago, José María (ed. lit.); Fraga Rodríguez, Lucía (ed. lit.);
Kortazar Uriarte, Jon (ed. lit.) (2007): Cien años de poesía. 53 poemas en catalán,
gallego y vasco: estructuras poéticas, pautas críticas. Peter Lang.
Sapiro, Gisèle (zuz.) (2008): Translatio : le marché de la traduction en France à l’heure de la
mondialisation. Paris: CNRS.
1. Bitraga (A Bilioteca de Tradución Galega) Vigoko Unibertsitateko ikerketa talde bat da (bitraga.gal); Montero Küpper-ek, Fernández Rodríguez-ek, Galanes Santos-ek eta Luna Alonsok osatzen dute, eta BiFeGa-ko eta culturfileko kide da. BiFeGa taldea (Investigación en Estudos Literarios e Culturais, Tradución e Interpretación) Galiziako Xuntaren Programa de Consolidación e Estruturación de Unidades de Investigación Competitivas-en bitartez finantzatzen da (ED431B 2017176 kodea). Culturfil Santiago de Compostelako Unibertsitateko «Nuevas estrategias de promoción cultural. Las ferias internacionales del libro y la condición de invitado de honor» ikerketa proiektua da, eta FEDER funtsekin finantzatzen du Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasunerako Ministerioak (FFI2017-85760-P kodea).
2. Literatur testuak itzultzeko Espainiako laguntzei dagokienez, ikus Montero Küpper ( 2016: 64 eta hurrengoak )
3. 2000-2011 bitartean, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eman zituen, eta 2012tik aurrera, Etxepare Institutuak, bera arduratzen baita Euskal Herriko hizkuntzak eta kulturak nazioartean sustatzeaz.
5. Ez daukagu daturik errefusatu diren eskariez. Galiziako Administrazioak ez du daturik eskeintzen proiektuak baztertzeko arrazoiez, datu pertsonaltzat jotzen baititu.
6. Sarean daude ikusgai, Susa argitaletxearen Ibiñagabeitia proiektuari esker.
7. Nogueira doktorearen laborategia (Elkar, 2000), Agustín Fernández pazen O laboratorio do doutor Nogueira-ren itzulpena, eta Etorkizunik ez (Elkar, 2001), Marilar Aleixandreren A banda sen futuro-ren itzulpena.
8. Kirmen Uribek itzuli zuen Manuel rivasen Poema gisa tajuturiko ipuinak (Los pliegos del norte, 1998).
9. Itzulpenetan espezializaturiko proiektu editorial berriak dira Rinoceronte Editora, Urco Editora eta Hugin e Munin. Harpidetza sistemaren alde egin dute hirurek, irakurleak fidelizatzeko eta kultur merkatu oso hauskor horretan eutsi ahal izateko.
10. Grabazioa hemen eskura daiteke.
11. Elkarte hori Galaxia, Libros del pexe, Elkar, La Galera, Bromerae eta Tandem argitaletxeek sortu zuten –geroago Xordica elkartu zitzaien–, eta valentzieraz, asturieraz eta aragoieraz argitaratzen duten argitaletxeak ere biltzen ditu.
12. Saiakerak oso-oso gutxi itzultzen dira: Francisco Letamendia Belzunceren Nacionalismos no mundo, (Laiovento, 1997).
13. Poesia bilduma horretarako hamalau liburukiak doan deskarga daitezke Poesiagalega.org webgunetik.
16. Testuak hemen topa daitezke: DOI(2016) eta DOI(2017).
17. Villar Janeiro euskaratuta zegoen jada, 1988an argitaratu baitzuen Elkarrek, Txapula bilduman, Gauez euria egin zueneko eguna (O día que choveu de noite), Joxantonio Ormazabalek itzulita.