Katalanera itzulitako literaturaren osasuna: diagnosi bat
Artikulu honek katalanera itzulitako literaturaren diagnosi bat egiten du. Katalanez hitz egiten duten herrialdeen egoera soziolinguistikoa testuinguruan jarri ondoren, gaur egunean katalanera itzulitako literaturak zer egoera bizi duen, zer arazo dituen, zer aukeragune izan ditzakeen, eta oro har literatura itzuliak sistema literario katalanaren baitan zer harrera duen aztertzen du, betiere gai horiek ikertu dituzten txosten eta adituen testuen laguntzarekin. Bukatzeko, labur bada ere, katalanera itzulitako euskal literaturaren berri ematen da.
Atarikoa
Hizkuntza eta kultura gaiei dagokienez (azken garaiotan politika ere sartu beharko genuke zaku berean), euskaldunok sarri xamar begiratu izan ditugu katalanak, sarri xamar hartu izan ditugu ispilu, eredu, besterik ez bada hizketagai; katalanak, eskuarki Kataluniakoak, nahasmendu handiegia baitugu oraindik Herrialde Katalanekin, hain dute egoera ezberdina Valentzian, Balear Uharteetan, Andorran, Ipar Katalunian, Aragoiko Zerrendan, Sardiniako L’Alguer hirian. Sarri xamar, gainera, hartu izan ditugu testuingurua erabat ahaztuta. Esan nahi baita, Kataluniaren kasuan, gauza batzuk konpartitu arren (Espainiako estatua, kasurako), abiapuntuak oso desberdinak direla. Hasteko, hiztun kopurua. Muga administratiboak eta dialektalak bazter utzita, 10 milioi lagunetik gora dira Herrialde Katalanetan katalana hitz egiteko gauza, Kataluniako Gobernuaren 2016ko hizkuntza politikari buruzko txostenaren arabera. Geografia murriztuz, berriz, Kataluniako populazio helduaren % 80,4k daki katalanez hitz egiten, % 94,3 da katalana ulertzeko gai, eta % 82,4k irakur dezake.
Katalanera itzulitako literatura da artikulu honek landuko duen gaia; katalanera itzulitako literaturaren osasuna saiatuko gara argitzen, galdera jakin batzuetatik abiatuta: Zein da diagnosi orokorra? Zein dira traba, eragozpen, oztopoak? Eta aukeraguneak? Zer-nolako harrera du katalanera itzulitako literaturak irakurle komunitatean? Eta zer- nolako irudia itzultzen digu euskaldunoi itzulpengintza katalanaren ispiluak? Gaia aletzen hasi aurretik, ordea, pare bat ohar, analisia zaildu digutenak.
Batetik, ez da erraza gaiaren inguruan azken urteotan egindako ikerketa orokorrik aurkitzea. Ez da erraza edo, zuzenean, ezinezkoa da. Ez baitago halakorik: azken ikerketa orokorrak 2007aren bueltakoak dira. Ez da zaila kasu honetan motiboa jakitea: 2007an, hain zuzen, kultura katalana izan zen Frankfurteko Liburu Azoka prestigiotsuko gonbidatua (kultura katalana izan zen gonbidatua, eta ez, adibidez, Katalunia, nahiz erabaki horrek ez zuen ekidin polemika aski handia, kultura katalana zer den eta zer ez den deliberatzen saiatu zena, emaitza argirik gabe beste behin; gogoratu, adibidez, Sergi Pàmies idazle nabarmengarriak ez zuela Azokan parte hartu nahi izan, eta Quim Monzó idazle nabarmengarriak, aldiz, sarrera hitzaldia egin zuela). Orduko Ramon Llull Institutuko zuzendari Josep Bargallóren hitzak dira, Institutuak nazioarteko itzulpengintzaren egoeraz publikatu zuen txostenaren karietara idatzitakoak: «Itzulpen politikak gaur egungo nazioarteko testuinguruan aztertzeko beharrak eraman gaitu ikerketa hau egitera, kointzidituz kultura katalana Frankfurteko Liburu Azokako aurtengo ohorezko gonbidatua dela» (Bargalló, 2007). Loraldia ezagutu zuten, beraz, orain hamarkada bat, kultura katalanari buruzko ikerketek, katalanera itzulitako literaturari buruzkoek, Frankfurteko gertakizun garrantzitsuaren inguruan, eta krisi (ekonomiko eta, Kataluniaren kasuan, halaber politikoaren) aurretik. Geroztik, ez da hainbeste ez dela ikerketarik egin, baina egin direnak partzialak izan dira; esate baterako, Charles Dickens idazleak kultura katalanean izan duen eragina aztertu dutenak.
Bestetik, katalanera itzulitako literaturak sistema literario katalanaren baitan duen oihartzuna, garrantzia, lekua bera da zailtasun. Alegia, katalanetik beste hizkuntza batzuetara itzultzen den literaturaren aldean, katalanera itzultzen den munduko literatura maila apalago batean dagoela. Kasu konkretu bat: badago katalogo bat, hain zuzen Ramon Llull Institutuak kudeatua, TRAC izenekoa, katalanetik beste hizkuntzetara itzulitako obrak jasotzen dituena; baina ez da existitzen kontrako bidea xehetasunez jasotzen duen proiekturik (Euskal Herrian gertatzen denaz bestera, non euskaratik itzulitakoaren katalogatze lan bat egin den, EHUko irakasle Eli Manterolaren eskutik, Euskal Literatura Itzuliaren katalogoarekin, baina era berean euskarara itzulitakoaren katalogatze lan bat ere egin den, Armiarma atariko Euskarari ekarriak izeneko webgunean, ahaztu gabe, noski, EIZIEk sortutako Nor da Nor datu-basea, informazio ugari ematen baitu euskaratik katalanera eta katalanetik euskarara itzulitako lanen inguruan). Ari dira sartzen beste kulturetako obra literarioak katalanera? Zer hizkuntzatatik datoz? Zer motatako literatura inportatzen da? Zein dira katalanez arrakasta gehien duten nazioarteko idazleak? Instituzioek ez dute egina literatura unibertsalaren inportazioaren estatistika. Datu falta horrek interes eza adieraz dezake, baina identitate propioari eragingo liokeen galderak ekiditeko saiakera bat ere izan daiteke (kultura propioaren irekidura graduari buruzkoa, adibidez).
Artikulu hau osatzeko erabili dugun bibliografia, beraz, Ramon Llull Institutuak kaleratutako bi txosten izan dira: La literatura catalana i la traducció en un món globalitzat, Carme Arenas eta Simona Skrabec ikertzaileek egina 2006an, eta Ser traduït o no ser. Informe PEN / IRL sobre la situació internacional de la traducció literària, Esther Allen editore izan zuena, 2007koa. Halaber, Montserrat Bacardí eta Pilar Godayol editore izan zituen Una impossibilitat possible. Trenta anys de traducció als Països Catalans (1975-2005) artikulu bilduma ere, 2010ean argitaratutakoa, oso lagungarria izan da, bere osotasunean jasotzen baitu katalanerako itzulpenaren fenomenoa. Ezin eskertu gabe utzi Simona Skrabecek berak eta Maria Dasca unibertsitate irakasleak eskainitako laguntza partikularra.
Normaltasun egoera bat
Dena delakoarekin, katalanera itzulitako literaturaren osasunaz ari garela, diagnosiak oso izan daitezke askotarikoak. Bacardí eta Godayolen Una impossibilitat possible liburuaren hitzaurrean, hain zuzen, mutur batetik besterako iritziak daudela irakur daiteke: «Hasi nola-halako normalizazio linguistiko eta literario baten etapa bizi dugula pentsatzen duten horiengandik» (kontuan izanik itzultzaile profesionalak, itzulitako obra kanoniko eta subalterno kopuru aipagarria, itzulpengintzako eta interpretazioko sei fakultate, elkarteak, laguntza instituzionalak eta sariketa eta argitalpen espezializatuak), eta «etorkizun gazi-gozo bat iragartzen duten horiengana» iritsi arte (hainbat motiborengatik, globalizazio linguistikoaren presioarengatik edo itzulpenen edizioetan inbertitzen diren baliabide eskas eta ez aski ondo planifikatuengatik), «zeinak azpimarratzen duten oraindik izenak eta izenburuak atxikitzea falta dela, katalanez literatura unibertsalaren biblioteka probetxugarri eta noble bat eraikitzeko». Nondik begiratzen zaion izango da kontua, hartara, eta zerekin konparatzen den. Euskaldun gisa egin daiteke ariketa. Datu hotzagoak beti dira lagungarri halakoetan.
Aipa daiteke, oro har, literatura katalana diktaduraren iluntasunetik ateratzen hasi zenean, XX. mendearen bigarren erdialdea aurrera zihoan neurrian, hazi egin zela, aurrera-atzerako pausoekin, publikatutako itzulpenen kopurua: «Tradizio mitiko baten oinordeko dira, eta hizkuntzarenak berarenak diren jatorri oso urruneko iragana dute» (Bacardí & Godayol, 2010). 1975etik aurrera, Franco diktadorearen heriotzaz geroztik, katalanez publikatutako tituluen kopurua progresiboki hazi zen, baita hizkuntza horretan obrak merkaturatu zituzten argitaletxe kopurua ere. Trantsizio demokratikoak normaltasun egoera bat berrezarri zuen, gradualki, ez zailtasunik gabe, eta esan dezakegu gaur egunean hizkuntza katalanak espazio propio bat egonkortu duela, ez bakarrik katalanez hitz egiten duten herrialdeetan, Espainiako merkatu editorialean ere bai. Tradizionalki, Kataluniak itzultzaile literario oso onak izan ditu, gainera, jatorrian gehienak idazle edota unibertsitate irakasleak. 1980-1990 urteetatik, itzulpengintzako ikasketa unibertsitarioen agerpenarekin, formazio teorikoa duten lizentziatu asko gehitu dira itzulpenaren mundura, are gehiago aberastuz itzultzaile jantzien zerrenda. Itzulpena profesionalizatzen joan da, eta horrek itzulpen langintzaren normalizazio bat ekarri du, nahiz eta oraindik ez den existitzen adibidez itzultzaileen elkargo ofizialik, eta existitzen diren elkarte gutxiak oraindik ez dauden erabat egonkortuta. Jabego intelektualaren legearen agerpenarekin, 1987an, itzultzaileen eskubideak finkatuta geratu ziren, eta, ordutik, itzultzaileekin adostutako kontratuak errespetatu ohi dituzte, zorroztasun handiagoarekin edo txikiagoarekin, argitaletxeek.
Hain justu, Una impossibilitat possible liburuak hartzen duen tartea da, 1975-2005 urteen artekoa, katalanez inoizko ekoizpen bibliografiko handiena izan duen etapa, zifra absolutuetan. Horren ondorioz, eta proportzio logikoan, itzulpenen ekoizpenak ere goia jo du mota eta tamaina guztietako argitaletxeetan, neurri oso aldakorretan bada ere. Egia da xx. mendeko 60ko hamarkadara arte itzulpenik ez zela ia argitaratu. Baina, katalanez argitaratzeko murrizketak desagertzen joan ziren neurrian, eta argitaletxeek zentsurari iskintxo egiteko bidea aurkitu ahala, momentuko literaturak itzultzen hasi ziren, galdutako denbora berreskuratze aldera. Itzulpenen boom bat gertatu zen etapa horretan: 1965ean, katalanez argitaratu ziren liburu guztien artean (430) % 55 izan ziren itzulpenak. 70etan, aldiz, atzerriko literaturaren inportazioa drastikoki geldiarazi zen. 1970etik 1975era, konkretuki, itzulpenen jaitsiera handi bat gertatu zen. 1975etik aurrera hasi zen benetan normaltasuneranzko bidea, 80ko hamarkadako itzulpenen ekoizpen eskergarria ondoriotzat izango zuena. 1980tik aurrerako urteek energia berriztatuak ekarri zituzten atzerriko literatura handia katalanera inportatzeari dagokionez. Prosaren kasua argigarria da: demokraziarekin, prosazko obra itzulien benetako leherketa bat gauzatu zen. Narratibak azpiegitura kultural aski garatu bat behar du, akaso beste genero batzuen aldean handiagoa. 1975 eta 2006 urteen artean, 3.282 prosazko lan itzuli ziren ingelesetik katalanera, 1.110 frantsesetik, eta 706 alemanetik. Demokraziaren lehen garaietan, urtero batez beste 10 obra itzultzen ziren ingelesetik; XXI. mendearen hasieran, aldiz, zifra urtero 200 obrakoa izatera iristen zen. Konparazioekin jarraitu nahi izatera: 1975-2006 tarte horretan berean 18 nobela itzuli ziren euskaratik katalanera. Ez urtero, baizik eta hamaika urteko tarte horretan guztian.
Arazoak
Datu hotzak ere interpretatu behar dira, ordea, eta bada katalanera itzulitako literaturaren egoerari traba, eragozpen, oztoporik ikusten dionik, bai eta aukeragunerik ere. Hasteko, esan beharra dago Espainiako estatuko industria editoriala, katalanezkoa nahiz gaztelaniazkoa, tradizionalki Katalunian kontzentratu izan dela, bereziki Bartzelonan. Bartzelona da gune editorial garrantzitsuena, ez bakarrik katalanezko argitalpenei dagokienez, baita orokorrean gaztelaniazko letrei dagokienez ere. Zentzu horretan, kultura katalanak dependentzia handia du gaztelaniazko liburuarena. Katalanez dakien populazioa erabat (eta gutxienez) elebiduna den neurrian, atzerriko autore bat katalanera itzultzeko beharra erabat izan daiteke hutsala, edozein liburu irits baitaiteke publiko katalanarengana gaztelaniazko itzulpen baten bidez. Ikuspuntu pragmatiko batetik, beraz, katalanera egindako itzulpenak ez lirateke gehienetan beharrezkoak.
Simona Skrabec ikertzailearen arabera, «metropolitik urrun dagoen espazio batean bizi gara, non ez dagoen agente literariorik edota egitura akademiko zurrunik. Interes pertsonala existitzen da, beste ezeren gainetik. Baina ezaugarri positiboa dela iruditzen zait, aukera aske eta hausnarturako eskubidea dakarrelako» (Skrabec, 2009). Hori horrela izanik ere, Katalunian ez da erraza autore ezezagunak sartzea. Argitaletxe industria indartsu eta merkatuari begirako baten ondorioz, Katalunian oso zaila da literatura txiki bateko autore ezezagun bat publikatzea: «Kataluniak errefusatu egiten du ezagutzen ez duena. Alemanak, adibidez, klasiko handiak ekarri dizkio katalanari, edo autore nazioartean ezagun eta aintzatetsiak bakarrik». Artikulu berean irakur daitekeenaren arabera, katalanerako itzulpen sistema baldintzatzen duten praktika txarrak hauek lirateke: ustez jaramon egiteko bezain duinak ez diren obrei jaramon egiteko beldurra, norberaren bereizmen gaitasunaren gaineko konfiantzarik eza, mundu handiaren ereduei egiten zaien jarraipen itsua. Egoera zuzentzeko zer egin beharko litzatekeen ere azaltzen zaigu, ordea: soilik mugarriak lortzen jarraitzeko tema baztertzea, anbizio intelektual bat sortzea, izpiritu kritikoa bultzatzea; horiek omen etorkizunerako ikasgaiak. Orduan, Katalunia herrialde hartzaile bat izan ahalko da, ez bakarrik zifren eta izen handien erakustaldi arranditsu bat egiteko, baizik eta obra literarioak nondik iristen diren –obra horien testuingurua, alegia– ulertzeko, eta benetan ezezaguna denaren eta ulertzeko denbora eta dedikazioa eskatzen duen horren plazera aurkitzeko.
Mundu naturaleko figura bat maileguan hartzen du Skrabecek katalanera itzulitakoaren osasuna azaltzeko: «Habitat baten aberastasuna ez da neurtzen espezie nagusiaren banako kopuruagatik, baizik eta han bizi diren espezieen kopuruagatik». Zabalkunde gutxien duten literaturak lirateke, zentzu horretan, habitat literario katalanaren osasuna zehaztasun handienarekin erakusten ahal digutenak: «Norberaren herrialdetik kanpora itzultzaile kualifikatu bat aurkitzeko aukerari dagokionez, ez da gauza bera gaur egunean portugesez edo greziera modernoz idaztea, edo estonieraz edo eslovenieraz».
Francesc Parcerisas unibertsitate irakasle eta itzultzailearen hitzetan, itzulpenen kasuan ere ezinezkoa da hizkuntzaren egoerari erreferentzia ez egitea: eremu demografikoki txikia izateak, estatu propiorik gabekoa, eta beste sistema literario eta kultural indartsuago baten –gaztelaniaren sistemaren– bizikide izateak esplikatzen ditu itzulpengintzak Katalunian bizi izan dituen gorabeherak. Bi ohar oinarrizko egiten ditu: batetik, eta nahiz eta paradoxikoa iruditu, «sistema katalanaren beraren zati nabarmengarri batek elikatua da maiz gaztelaniaren pisu ekonomiko eta politikoa, zeinak, era berean, sistema katalana elikatzen duen» (Parcerisas, 2009). Kataluniak badu nolabaiteko pisu ekonomiko eta politiko bat, onura izugarriak lortzen baititu kanpoko merkatu bati esker: katalanezko edizioaren indar nabarmena ezin da ulertu Katalunian egoitza duen gaztelaniazko ediziogintza boteretsurik gabe (horren menpekoa da sarri askotan ediziogintza katalana bera).
Bestetik, nabarmendu behar da katalanaren eta gaztelaniaren arteko lotura linguistikoa begien bistakoa dela. Eta «horri eskerrak lortu den arren hala nahi zuten immigranteen integrazio erraz eta azkarra», era berean, ahalbidetu izan du, puntu bateraino, bi sistemen arteko elkarbizitza sobera egotea: «Edonork hitz egin edo irakur dezake bi hizkuntzetako edozeinetan, eta nahasketa horrek mesede egiten dio, zalantzarik gabe, sistema indartsuena duen hizkuntzari». Parcerisasen ustean, hori ez da halakorik gertatzen Espainiako estatuko beste bikote linguistikoetan, hau da, kidetasun linguistiko erabat diferentea dutenen artean (euskara eta gaztelania, adibidez). Egia da, ez da kasu bera, baina euskara eta gaztelania bikoteak, gehituko genuke, ez dio bakarrik mesede egiten sistema indartsuena duen hizkuntzari; bestea erabat sobera uzten du, eta gaur egunean euskarak duen marjinalitate egoera are handiagotzen da.
Parcerisasekin jarraituz, 1980ko hamarkadaren bukaeran aldaketak gertatu ziren katalanerako itzulpenen sisteman. Trantsizioa izan zen, eta militantzia politikoaren eta ezinegon intelektualaren irizpideak abandonatu ziren, merkataritza onuren irizpideen alde egiteko. Orokorki, jada ezin da hitz egin kultura katalanera «formakuntza oso bat gauzatzeko gako diren garai guztietako autoreak gehituko dituen hats luzeko lan batez», ezpada «moden jarraipenaz, mundu mailako best-sellerrak eta bogan diren eta leku guztietan onura editorialak uzten dituen korronte batez». Itzulpengintzak gaur egunean dituen arazoak bi mutur hauen artean ibiliko lirateke: batetik, merkatu globalean nagusitzen diren produktuen arrakasta, zeinak itzulpen asko dituzten, irismen urriko hizkuntzetara ere bai, eta horixe litzateke gaur egungo salerosian aritzearen ezaugarrietako bat; eta, bestetik, produktu literario xumeen biziraupenerako borroka, ezagutuak izan nahi baitute, baina ez dute urtuta bukatu nahi itzulpenaren bidez jasotzen dituen sistema literarioaren magman. Orain, inoiz baino gehiago, «itzulpengintza merkatuaren presioaren menpe dago Katalunian; eta presio horrek ezaugarritzat dauka, noski, merkatuak inposatzen duen osagai ideologikoa: beste guztiaren gainetik irabazi ekonomikoa ziurtatzea”.
Parcerisas unibertsitate irakasle eta itzultzailearen lanarekin bukatzeko, haren ustean itzulpena neurgailu bikaina da sistema literario baten osasuna zein den ezagutzeko. Modu horretan, momentu jakin batean egindako itzulpenen ikerketa orokor batek asko esango liguke moda literarioen pisuaz, generoen populartasunaz, merkatuaren eskakizun komertzialez, promozioaren eta publizitatearen eraginaz, eta abarrez.
Aukerak
Manuel Llanas filologoak, ildo beretik, bi ondorio planteatzen ditu. Lehena da talde handiek pilatzen dutela Katalunian ekoizpen itzulia, nahiz eta editorial txiki eta independente batzuek lortzen duten, ez bakarrik burua ateratzea, baita atzerriko autore arrakastatsuak eskaintzea ere, hau da, hasiera batean talde handiek gutxietsi edo aintzat hartu ez dituzten autoreak.
Hain zuzen, azken urteotan bada fenomeno bat artikulu hau osatzeko kontsultatu dugun bibliografiak jasotzen ez duena, denboran gertukoagoa baita, eta da argitaletxe txiki (langile gutxiko) independente ugariren sorrera (Euskal Herrian oraindik gertatu ez den fenomenoa, ez behintzat neurri berean). Krisiaren (krisi ekonomikoaren eta, Kataluniaren kasuan, halaber politikoaren) erdian sortuak, tokia bilatu dute pixkanaka Kataluniako liburuaren merkatuan, erreferentzialtasun ez-erdeinagarri bat lortzeraino, eta auskalo etorkizun hurbilean argitaletxe handiekin pastiza lehiatzera iritsiko diren. Oso aktiboak dira sare sozialetan, eta erakundetzea ere egin dute: Llegir en català du izena Kataluniako, Valentziako eta Balear Uharteetako argitaletxe independenteak hartzen dituen elkarteak, zeinak biltzen dituen, momentu honetan, zazpi argitaldari. Tartean, eta itzulpengintzari dagokionez, ekarpen nabarmengarriak egin dituzten Edicions del Periscopi edo Raig Verd Editorial izenekoak, katalanera itzulitako literaturaren merkatua disputatzera etorri direnak, proposamenen kalitateari dagokionez behintzat, adibidez, Grup 62 talde arranditsuaren barruan dauden zigiluei (Edicions 62, Editorial Empúries, Proa eta abar). Argitaletxe emergente horien bizikide dira oraindik independente mantentzea lortu duten argitaletxe historiko prestigiotsu askoak, katalanerako itzulpenak maila handiz argitaratzen urteak daramatzatenak; Quaderns Crema, Edicions de 1984 edota La Campana, kasurako. Esanguratsua da, halaber, Anagrama argitaldaria, hain zentrala gaztelaniazko liburuen eremuan, berriz hasi izana katalanez argitaratzen, testu originalak nahiz itzulpenak (esanguratsua den bezala, prentsa idatzian, El Periódico de Catalunya egunkariak 1997tik egiten zuen bezala, La Vanguardia egunkariak katalanezko edizioa ere ateratzea 2011tik, eta ez kontu ideologiko bategatik, hau da, katalana salbatzeko borondate edo antzerako arrazoiengatik, ikuspegi komertzial batetik baizik; baina, tira, beste egur bateko ezpala da hori).
Llanasen bigarren ondorioa da izena duten idazleen lanak eta nazioarteko best- sellerrak publikatzen direla katalanez, hau da, merkatu konplexurik gabe lehia daitezkeenak gaztelaniazko edizioarekin. Baina hizkuntza guztietara iristen dira itzulpen batez ere literarioak, eta, katalanaren kasuan, proportziorik eza oraindik ere nabarmenagoa da, neurri batean egiturazko desorekengatik. Eta, itzulpen literarioen erabateko nagusitasunaren barruan, ikusten da narratibaren nagusigo ageriko bat dagoela, poesiak eta teatroak atzetik jarraitzen diotela, eta, distantzia askoz handiagora, gai orokorreko saiakerak. Genero literarioen analisi horrekin jarraituz, esan beharra dago atzerriko narratibaren presentzia, are poesiarena, nahiko ona dela; baina ezin daiteke gauza bera esan saiakera, pentsamendu, filosofia liburuez: irakurle katalanek gaztelaniaz irakurtzen jarraitzen dute liburu mota hori, ez baita katalanezko bertsio askorik egiten.
Harrera zertan den
Kultura propioa aberasteko beste kulturen ondare literarioa garrantzitsua delako kontzientzia oso presente dago Katalunian, itzultzaile eta espezialisten artean, baina baita eguneroko prentsan ere, non ugariak izaten diren nazioarteko agertokitik gehitzen diren atzerriko titulu berrien gaineko artikuluak. Presentzia hori gehiago botatzen da faltan txosten ofizialetan. Itzulpen jardun horrek hizkuntza askotarako horizonteak zabaldu dituen arren, sarri hizkuntza zubirik behar ez duten itzultzaileekin oraindik bada hizkuntza eta kultura absentziarik katalanerako itzulpenean. Itzulpen literarioa oso ondo baloratuta dago letren munduan, mundu guztia baita kontziente atzerriko autoreek oinarrizko materiala eskaintzen dutela hizkuntza katalanaren eboluziorako. Berriki itzuli eta gehitu diren autore-obren gaineko artikuluak maiz agertzen dira, eta azken urteotan itzulpenari eskainitako artikulu gehienetan –adibidez, aldizkari espezializatuetan argitaratutakoak– hitz egiten da katalanera ekarri den ondare literario unibertsalaz eta ondare horren aspektu askotariko eta interesgarriei buruz. Itzulpena bultzada gisa hartzen da sentsibilitate berriak sortzeko eta hizkuntza propioaren sorkuntza eremuetan espazio berriak irekitzeko. Itzultzailearen lanak, aldiz, ezin esan zorte bera duenik askotan. Sormen lan eta prestigiozkoa dela ulertzen bada ere, argitaletxe gehienen jardunak ez du beti laguntzen. Lan baldintzak –epe labur eta zuzenketa prozesu sarri eskasak– eta ordainsariak lan mekaniko eta ohiko batenak izango lirateke. Instituzioek ere modu are irmoago batean bultzatu eta lagundu beharko lukete katalanera ekarriak izan ez diren literatura unibertsalaren obra ezinbestekoen katalanerako itzulpena.
Kataluniako gobernuaren politikak hizkuntza katalanaren presentzia indartzeko konpromisoa aspaldi hartu zuen, katalanezko liburuen edizioa, banaketa eta zabalkundea bultzatuz (Hizkuntza Normalizaziorako Legea, luze gabe, 1986koa da). Arautze horrekin ados, Kultura Sailak zenbait laguntza ekonomiko ezarri zituen katalanezko argitalpenentzat, edizioaren sektoreko ordezkariekin elkarrizketa eta elkarlan giro batean. 2004an, laguntza ekonomiko horiek 1.500 titulu inguru babestu zituzten; esan nahi baita, gutxi gorabehera katalanez argitaratu ziren titulu guztien % 20. Laguntza horretaz aparte, Kultura Sailak interes kultural berezia duten katalanezko argitalpenak sostengatzeko diru-laguntzak ere ematen ditu, eta erakundeak ekonomikoki laguntzen ditu liburuarekin harremana duten ekintzak egiteko, liburu azokak antolatzeko edo eremu horretan nazioarteko azoketan parte hartzeko. 1987an sortu zen halaber Institució de les Lletres Catalanes, Kultura Sailaren babespeko erakunde autonomo gisa; erakunde horren gobernu organoak sektore editorialeko ordezkariek osatzen dituzte, administraziokoekin batera. Instituzioak helburu bezala ditu katalanezko obren eta autoreen promozioa; helburu horrekin antolatzen ditu kanpainak eta erakusketak, eta hainbat diru-laguntza ezarri ditu sortzaile literario, gidoilari eta ikertzaileentzat. 1993tik, katalanera itzultzeko deialdi bat bultzatzen du, itzultzaileentzat nahiz argitaletxeentzat. Orobat, 2002an sortu zen Ramon Llull Institutua, zeinak literatura katalana nazioartean bultzatzeko ardura hartu zuen. Urtero ematen ditu atzerriko argitaletxeentzako diru-laguntzak, obra katalanak beste hizkuntza batzuetara itzultzeko eta promozioarekin eta zabalkundearekin harremana duten iniziatibentzat, katalanaren eremutik kanpoko eremu geografikorako, hala nola nazioarteko liburu azoka garrantzitsuenetan parte hartzeko, atzerrira bidaiatzeko laguntza idazle katalanentzat (jaialdi, sinposio, egonaldietarako), beste herrialdeetan ekintza literarioak antolatzeko, obra eta idazle katalanen ingelesezko publikazioak bultzatzeko, etab. Horiek horrela izanik ere, ez dezagun ahaztu benetan oinarrizko ideia zein den: katalanetik eta katalanera egindako itzulpen literarioek ez diotela erantzuten inolako politika sistematikori.
Katalanera itzulitako literaturak, era berean, badu mundu akademikoan oihartzunik, eta ez nolanahikoa. TRILCAT existitzen da, adibidez, itzulpengintzaren, harreraren eta literatura katalanaren arteko harremanak ikertzen dituen unibertsitate taldea, gaur egunean Pompeu Fabra Unibertsitateko, Kataluniako Unibertsitate Irekiko, Jaume I.a Unibertsitateko eta Ramon Llull Unibertsitateko ikertzaileek osatzen dutena. Ikertzaile bakoitzak aurrera eraman ditzakeen ikerketa proiektuez gain, sinposio bat antolatzen dute bi urtean behin gutxi gorabehera, itzulpenak eta harrerak literatura katalanean duten eragina aztertzen duena (azkenak, 2016koak, itzulpena, argitaletxeen mundua eta literatura katalana zituen ardatz, 1975-2000 garaia hartuta). Anuari Trilcat urtekarian argitaratzen dituzte sinposio horretako artikuluak, baita antolatzen duten beste sinposio batekoak ere (literatura konparatu katalan eta espainolari buruzkoak), Punctum argitaletxearen eskutik. Ez da unibertsitate giroko ikerketa talde bakarra; Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan ere, Grup d’Estudi de la Traducció Catalana Contemporània (GETCC) izenekoa dago, izaera ofiziala 2009an lortu zuena, eta besteak beste 1975etik honako itzulpenen ondarea ikertu eta zabaltzeaz arduratzen dena. Quaderns de traducció de la UAB izeneko artikulu bildumak argitaratzen ditu, Punctum argitaletxearekin horiek ere, Versions deituriko bilduman (webgunean diotenez, «frankismo garaian egin ziren eta argitaragabe geratu ziren testu ezinbestekoen itzulpenak berreskuratu dira»).
Katalanera itzulitako euskal literatura
Esan dugu katalanak sarri samar ispilutzat hartu izan ditugula, eta ikus dezagun, laburki bada ere –ez baita artikulu honen gai zentrala–, katalanera itzulitako euskal literatura zertan den. Lehen aipatu bezala, badugu tresna ezin hobe bat analisia errazten diguna. Elizabete Manterola doktorearen ikerketa eta bilduma lanari esker, 2012ko maiatzetik euskal literatura itzuliaren katalogo bat daukagu, Euskal Literatura Itzuliaren katalogoa (ELI) izenekoa, zeina Euskal Herriko Unibertsitatearen webgunean dagoen kontsultagai. Datuak begiratuta, beraz, ez da zaila euskaratik beste hizkuntza batzuetara itzuli diren liburuen zerrenda eskuratzea. Hauxe litzateke gehien itzuli diren lehen hamar hizkuntzen kasua: gaztelaniara, 844 liburu itzuli dira; katalanera, 179 (191, valentziera gisa zenbatuta dauden 12 liburuak gehitzen baditugu); ingelesera, 126; frantsesera, 107; galegora, 76; italierara, 44; alemanera, 39; eslovenierara, 21; errusierara, 20; eta, hamargarren lekuan, nederlandera aurkituko dugu, 11 libururekin. Hizkuntza zerrenda ia berbera eskaintzen digu Nor da Nor datu-baseak, nahiz itzulpen zifrak pixka bat desberdinak izan: gaztelaniara, 591 liburu itzuli dira; katalanera, 142 (valentzierako sarrera ezberdindurik ez dago; zorionez, esango genuke); ingelesera, 124; frantsesera, 72; galegora ere 72; italierara, 43; alemanera, 31; eslovenierara, 26; errusierara, 18; eta, hamargarren lekuan, kasu honetan, asturiera aurkituko dugu, 12 libururekin.
Datu horiek uzten diguten lehen irakurketa da euskal literaturaren esportazioan eragin handia duela gaztelaniak. Euskaratik gaztelaniarako itzulpen horietako asko, gainera, Euskal Herriko argitaletxeek publikatzen dituzte, Euskal Herrian bertan kontsumitzeko. Gaztelaniaren nagusitasun horrek bigarren plano batera kondena ditzake edo, are, ez-beharrezko egin ditzake Espainiako estatuko gainerako hizkuntzetara egin litezkeen itzulpenak, gaztelaniaz mundu guztiak irakur ditzakeelako aitzakian. Horiek horrela, euskaratik gaztelaniara egindako itzulpenak kasu berezi gisa aztertu beharko lirateke. Bigarren ondorioa litzateke, gaztelaniaren kasu hain berezia albo batera utzita, katalana dela, eta diferentzia nabarmenarekin, euskaratik gehien itzultzen den bigarren hizkuntza, are Euskal Herriko hirugarren hizkuntza ofiziala –frantsesa– eta gaur egun mundu mailako lingua franca den ingelesa atzean utzita. Horrek erakusten digu euskararen eta katalanaren arteko harremanak estuak direla, bai behintzat beste hizkuntza batzuen artekoak baino gehiago.
Katalanera itzulitako euskarazko haur eta gazte literaturak dinamika propio eta berezitu bati jarraitzen dio, eta, ondorioz, beste ikerketa lan bat mereziko luke. Presentzia askoz ere normalizatuagoa edo ordezkagarriagoa du euskaraz idatzi den literatura mota horrek katalanez, eta erraz asko irits daiteke irakurle katalana lehen lerroko euskal idazleak irakurtzera, hala nola Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Patxi Zubizarreta, Juan Kruz Igerabide, Xabier Mendiguren Elizegi, etab. Haur eta gazte literaturako argitalpenak eta berrargitalpenak alde batera utzita, ordea, katalanera itzulitako helduentzako euskal literaturaren katalogoak 50 titulu ditu gaurko egunean.
Corpus horretan, sei dira besteen gainetik nabarmentzen diren idazleak, liburu bat baino gehiago baitute katalanera itzulia. Koska bat aurrerago, nabarmen gailentzen da Bernardo Atxaga, 12 liburu itzuli baititu. Distantzia handira ditu, 4 titulurekin, Kirmen Uribe, zeinaren obra nagusi guztia katalanez dagoen, eta nahiko aldi berean argitaratua, gainera (orain artean Atxagak soilik lortzen zuen hori), eta Joseba Sarrionandia, 1986ko lehen itzulpen baten ondoren panoramatik erabat desagertu zena, nahiz eta 2012an berriz ere indartsu bueltatu, orduz geroztik hiru liburu itzuli baitizkiote, hirurak ere aski elkarren jarraian. Atzetik etorriko litzateke Miren Agur Meabe, 3 libururekin, eta, gero, Unai Elorriaga eta Koldo Izagirre, bina libururekin. Euskal idazle batzuen kasuan, katalanez azpi-errepresentazio bat dagoela begien bistakoa da; oraintxe aipatutako Koldo Izagirrek, adibidez, berriki arte obra bakarra zuen. Eta, azkenik, justifikatzen zailak diren absentziak daude; Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Itxaro Borda, Harkaitz Cano eta Eider Rodriguez idazleak, kasurako, oraindik argitaragabeak baitira katalanez.
Ibon Uribarri EHUko irakasleak «Literatura vasca traducida al gallego» artikuluan dioena bat dator katalanera itzulitako euskal literaturarekin gertatzen denarekin: «2000. urtetik aurrera sendotze fase bat hasten da: gehiago itzultzen da hizkuntza gehiagotara, eta erakunde publikoak, ordura arte soilik euskararako itzulpenak sustatzen zutenak, hasten dira orduan euskarazko literatur lanak beste hizkuntza batzuetara itzulpenak sustatzen» (Uribarri, 2010). Zifrak begiratuta, 15 dira 2000. urtea baino lehen euskaratik katalanera itzulitako liburuak (lehena 1961ekoa izanik, Jose Antonio Loidiren Amabost egun Urgain’en, eta bigarrena, jada, 1982koa, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox). 2000. urtetik hona, bada, 35 titulu argitaratu dira dagoeneko. Dena den, Uribarrik galizierara itzulitako euskal literaturaz dioenak berdin balio du katalanera itzulitakoaz: ezin daiteke esan euskal literaturak erabateko isla duenik katalanez, autore eta obra garrantzitsuen absentzia oso handia baita. Euskal literaturaren itzulpenarentzat garrantzitsua izan da azkenaldian euskarazko originalak katalanez argitaratzera ausartu diren argitaletxeak agertu izana: Godall argitaletxea, adibidez, zeinak Iban Zalduaren ipuin liburu bat atera duen, eta Uxue Apaolazaren beste bat aterako duen aurki, edota, batez ere, Pol·len argitaletxea, Joseba Sarrionandiaren berreskurapenean garrantzi handia izateaz aparte (bi liburu argitaratu dizkio honezkero, eta hirugarren bat argitaratuko diote laster), Miren Agur Meaberen, Mari Luz Estebanen edota Asisko Urmenetaren katalanezko bertsioak publikatu dituelako.
Katalanez erregulartasun eta garantia minimo batzuekin argitaratzen duten euskal idazle bakarrak Bernardo Atxaga eta Kirmen Uribe dira. Bi idazle horien azken eleberriak, gainera, aldi berean argitaratu dira gaztelaniaz eta katalanez. Elizabete Manterola EHUko irakasleak azpimarratzen du bi hizkuntza horietan aldi berean argitaratzearen munta: «Ze garrantzia duen Katalunian euskaratik katalanera itzuli diren lanak gaztelaniazko itzulpenekin batera argitaratzeak; Atxagaren kasuan, bost aldiz liburu gehiago sal daitezke bi itzulpenak aldi berean argitaratzen badira» (Manterola, 2010). Ez dezagun ahaztu, halaber, jatorrian gaztelaniaz publikatu diren testu gero eta gehiagoren katalanezko bertsioak publikatzen direla eta horrek, hizkuntza katalanari prestigio handiagoa emateaz gain, ia esklusiboki katalanez irakurtzen duen publiko baten berri ematen digula.
Honaino katalanera itzulitako literaturaren osasuna argitzeko saiakera. Gero, etxe guztietan bezala, mutur batetik besterako iritziak.
Erreferentziak
Allen, Esther (arg.) (2007). Ser traduït o no ser. Informe PEN / IRL sobre la situació internacional
de la traducció literària. Bartzelona: Institut Ramon Llull.
Arena, Carme & SKRABEC, Simona (2006). La literatura catalana i la traducció en un món
globalitzat. Bartzelona: Institut Ramon Llull.
Bacardí, Montserrat & Godavol, Pilar (2010). «D’orígens (o no)». Montserrat Bacardí & Pilar Godavol
(arg.), Una impossibilitat possible. Trenta anys de traducció als Països Catalans (1975-2009).
Vilanova i la Geltrú: El cep i la nansa, 9.-18. or.
Bargalló, Josep (2007). «Participar en el debat sobre la traducció». Esther Allen (arg.), Ser traduït
o no ser. Informe PEN / IRL sobre la situació internacional de la traducció literària.
Bartzelona: Institut Ramon Llull.
Llanas, Manuel (2010). «Traducció i edició». Montserrat Bacardí & Pilar Godavol (arg.),
Una impossibilitat possible. Trenta anys de traducció als Països Catalans (1975-2009).
Vilanova i la Geltrú: El cep i la nansa, 65.-78. or.
Manterola, Elizabete (2010). «Literatura vasca traducida al catalán». Enric Gallén, Francisco Lafarga
& Luis Pegenaute (arg.), Traducción y autotraducción en las literaturas ibéricas. Berna:
Peter Lang, 159.-173. or.
Parcerisas, Francesc (2010). «Traducció i ideologia. Algunes notes». Montserrat Bacardí
& Pilar Godavol (arg.), Una impossibilitat possible. Trenta anys de traducció als
Països Catalans (1975-2009). Vilanova i la Geltrú: El cep i la nansa, 19.-36 .or.
Skrabec, Simona (2010). «Els herois de paper. Perspectiva històrica: narrativa».
Montserrat Bacardí & Pilar Godavol (arg.), Una impossibilitat possible. Trenta anys de
traducció als Països Catalans (1975-2009). Vilanova i la Geltrú: El cep i la nansa, 79.-106. or.
Uribarri, Ibon (2010). «Literatura vasca traducida al gallego». Enric Gallén, Francisco Lafarga
& Luis Pegenaute (arg.), Traducción y autotraducción en las literaturas ibéricas.
Berna: Peter Lang, 251.-262. or.