Hitz-jokoak itzulpen literarioan: 'Sherlock Holmesen
 memoriak' liburuko zenbait adibide
Aitor Blanco Leoz

Itzulpen literarioak erronka polit bezain konplexuak planteatzen ditu maiz, eta, horien artetik, hitz-jokoak dira segur aski itzultzaileoi zailtasun gehien eragiten dizkigutenak. Egitura horiek askotarikoak izan daitezke, baita itzulpenetan haiei ematen zaizkien soluzioak ere. Artikulu honetan, 'The Memoirs of Sherlock Holmes' liburua euskaratzean aurkitutako hitz-jokoak nola itzuli diren azaltzen da, inguruko erdaretako itzulpenetan erabili diren estrategiak aldez aurretik aztertuta eta egindako hautuak arrazoituz beti.

Poz handia hartu nuen Xabier Olarrak Igela argitaletxearentzat liburu bat euskaratzeko proposatu zidanean, eta are handiagoa itzulgaia Sir Arthur Conan Doyleren The Memoirs of Sherlock Holmes lan ezaguna zela jakitean. Liburua itzultzea oso prozesu polita izan da, baina erronka ugari planteatu dit, eta horietako batzuk plazaratu nahi izan ditut hemen. Munduko detektiberik ospetsuenaren hamabi istorio horietan aurkitu ditudan zenbait hitz-joko eta horiek euskaratzean egindako hautuak ekarri ditut gaurkoan, itzulpen-prozesuaren nondik norakoak interesgarriak izango direlakoan itzulpengintzaren arloan diharduen jendearentzat.

Gerora idatzitako liburu batek baldintzatutako itzulpena

Azalduko dudan lehenbiziko kasua bitxi samarra da, hitz-jokoa baino gehiago hitzek posible egiten duten jolas moduko bat baita. Gainera, nik itzulitako liburutik kanpo gertatzen da nolabait, baina iruditu zait jarraian jasotako esaldia euskaratzean planteatu zaidan arazoa aipatzeko modukoa dela. Kontua da jatorrizko testua irakurtzen hasita pasarte honek atentzioa eman zidala:

“Is there any point to which you would wish to draw my attention?”
“To the curious incident of the dog in the night-time.”
“The dog did nothing in the night-time.”
“That was the curious incident,” remarked Sherlock Holmes.

Berehala etorri zitzaidan gogora DBHko 3. mailan irakurri behar izan nuen liburu bat: Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia, Mark Haddon idazle ingelesak 2003. urtean argitaratua. Egia da liburu bat itzultzean ezin has gaitezkeela esaldi bakoitza beste nonbait ageri ote den aztertzen, baina, kasualitatez, ezagutzen nuen liburu hori, eta, ikerketa txiki bat eginda, berehala jakin nuen Haddonek hain zuzen ere The Memoirs of Sherlock Holmes liburutik hartu zuela bere eleberririk ospetsuenaren izenburua: The Curious Incident of the Dog in the Night-Time. Gainera, hori gutxi balitz, euskarazko itzulpena Xabier Olarrak berak egina da, eta Igelak argitaratua.

Gauzak horrela, pentsatu nuen ederra litzatekeela Olarraren itzulpenaren izenburuarekiko joko horri eustea euskaraz 1893ko detektibe-nobelaren itzulpenari esker. Inguruko erdaretako bertsioak kontsultatu nituen halakorik gertatzen ote den ikusteko, baina, tamalez, Haddonen liburua gaztelaniara eta frantsesera itzuli zutenek –Doyleren itzulpena aspaldi kaleratua zegoelarik, logikoa denez– ez zioten erreparatu edo ez zioten egoki iritzi ingelesezko erreferentzia-jolas hori errespetatzeko aukerari. Izan ere, gaztelaniaz lortu nituen bi bertsioetan, «Sí, acerca del incidente curioso del perro aquella noche» eta «El curioso incidente del perro aquella noche» dio Holmesek pasarte horretan, eta El curioso incidente del perro a medianoche izenburuarekin itzuli zuten Haddonen eleberria; frantsesez, berriz, «Sur l’incident curieux du chien pendant cette nuit-là» dio detektibeak, eta Le bizarre incident du chien pendant la nuit tituluarekin argitaratu zuten Haddonen liburua.

Hala eta guztiz ere, tematua nengoen Olarraren itzulpenaren izenburua hitzez hitz errespetatzera, baina problema txiki bat zegoen eduki aldetik: ingelesezko incident hitzak, zentzu hertsian, ‘gertakaria’ edo ‘gorabehera’ esan nahi du, eta ez ‘istripua’, nahiz eta egia den Haddonen eleberrian txakurra auto batek harrapatua hiltzen dela eta segur aski horregatik aukeratu zuela hitz hori itzultzaileak, kontuan hartu gabe nondik hartua zen jatorrizko liburuaren izenburua. Euskaraz, beraz, honela eman nuen itzulpena:

—Ba al dago nire atentzioa merezi duen besterik?
—Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia.
—Txakurrari ez zitzaion gauean deus gertatu.
—Horixe da ba bitxia –azpimarratu zuen Sherlock Holmesek.

Argi dago itzulpen fidelagoa izan litekeela «Txakurrari gauean gertatutako gorabehera bitxia» edo antzeko zerbait jarri izan banu, ez baitzitzaion ezer gertatu animaliari, baina uste dut kasu honetan merezi duela edukia apur bat sakrifikatzeak, are gehiago kontuan hartuta incident ‘istripua’ gisara itzultzeak ez duela inolako eraginik istorioan eta hitz horren erabilera ez dela oso deigarria suertatzen pasarte horretan. Izan ere, errespetatu beharrekoak dira jatorrizko lanen idazleen hautuak, eta, ni euskaratzen ari nintzen obraren egilea ez bazen ere, egokia iruditu zait Haddonen hautua euskaraz ere jasotzea eta, bidez batez, omenaldi txiki bat egitea Xabier Olarrari eta Igelari.

Ezkutuko mezu baten itzulpena

Liburuan aurkitutako bigarren hitz-jokoak askoz buruko min gehiago eman zizkidan. Bosgarren istorioan, gizon batek eskutitz bat jaso du, eta, hura irakurritakoan, krisi larri bat sufritu, eta hil egin da. Mezuaren edukia norbait akabatzeko modukoa dela ezin sinetsita, gizonaren semea, eskutitza hartu, eta harri eta zur eginda gelditu da mezu hau irakurtzean:

The supply of game for London is going steadly up. Head-keeper Hudson, we believe, has been now told to receive all orders for fly-paper and for preservation of your hen-pheasants’s life.

Alabaina, Holmesek gerora deskubrituko duenez, ezkutuko ohartarazpen bat dago mezu zentzugabe eta hutsal horren atzean, lehenbizikotik hasi eta hiru hitzetik bat hartuta eratzen dena, head-keeper eta fly-paper hitz elkartuak bina hitz direla ulertuta betiere:

The game is up. Hudson has told all. Fly for your life.

Ingelesezko liburua irakurri nuenean, berehala jakin nuen mezu hori desafio handia izango zela itzulpena egiteko orduan, eta ez nengoen oker. Berriz ere, inguruko erdaretako itzultzaileek kasu horretan zer egin duten kontsultatzea erabaki nuen, eta, oraingoan, muturreko bi hauturekin egin nuen topo.

Gaztelaniazko bi bertsioetara jo nuen berriz, eta, lehenbizikoan, mezuaren hitzez hitzeko itzulpena egitea erabaki dute, jatorrizkoaren edukia erabat errespetatuz eta hitz-jokoari uko eginez:

El suministro de caza para Londres aumenta sin cesar. Al guardabosque en jefe Hudson, según creemos, se le ha pedido ahora que reciba todos los encargos de papel atrapamoscas y que preserve la vida de vuestros faisanes hembra.

Bistan denez, kasu horretan ez du funtzionatzen hiru –edo lau edo bost– hitzetik bat hartzeak, eta, horren ordez, hasierako mezuarekin zerikusirik ez duen ezkutuko esaldi bat ageri da geroago, ingelesetik hitzez hitz itzulia beste behin:

El juego ha terminado. Hudson lo ha contado todo. Huya para salvar su vida*.

Ikusten den bezala, itzultzaileak izartxo bat jarri behar izan du bukaeran jatorrizkoaren hitz-jokoa azaltzeko. Honela dio oin-oharrean:

*Con el objetivo de clarificar el razonamiento de Holmes y de que el cifrado tenga sentido en castellano, se incluye el original inglés y la codificación del mensaje:

The supply of game for London is going steadly up. Head-keeper Hudson, we believe, has been now told to receive all orders for fly-paper and for preservation of your hen-pheasants’s life.

Lo que resultaría:

The game is up Hudson has told all fly for your life.

Es decir:

El juego ha terminado. Hudson lo ha contado todo. Huya para salvar su vida. [N. de la T.]

Itzultzailearen hautua zilegi bada ere, ezin da ukatu oin-ohar hori irakurri beharrak hautsi egiten duela kontaketaren erritmoa, eta agerian jartzen duela teorian ikusezina edo ahalik ikusezinena behar duen itzultzailea. Egia da mezuaren edukiari oso modu fidelean eusten diola, baina, geroago ikusiko dugunez, kasu honetan ez da hain garrantzitsua.

Gaztelaniazko beste itzulpena egin duen itzultzailearen estrategia, aldiz, guztiz bestelakoa izan da. Mezu sekretuaren jolasa errespetatzeari eman dio lehentasuna, nahiz eta jatorrizkoaren edukitik urrundu behar izan duen horretarako:

La negociación de caza con Londres terminó. El guardabosques Hudson ha recibido lo necesario y ha pagado al contado moscas y todo lo que vuela. Es importante para que podamos salvar con cotos la tan codiciada vida de faisanes.

Kasu honetan ere, jatorrizkoan bezala, lehenbizikotik hasi eta hiru hitzetik bat hartu behar da ezkutuko mezua eratzeko:

La caza terminó. Hudson lo ha contado todo. Vuela para salvar la vida.

Hala, kasu honetan, jatorrizkoan gertatzen den jolasari eusteko hautua egin du itzultzaileak, eta, horretarako, ezkutuko esaldia itzuli eta haren inguruan eratu du mezu osoa. Horrek ingelesezko testutik urruntzera eraman du ezinbestean, baina irakurlea ez da traizioaz jabetuko. Aitzitik, itzulpen hau dinamikoagoa da lehenbizikoa baino, eta lortu egiten du Conan Doylek bilatutako efektua, dudarik gabe. Gainera, mezuan betegarri diren hitzei dagokienez, eduki aldetik zaindu beharreko baldintza bakarra ehizari buruzko erreferentzia ugari egitea da, Holmesek dioenez argi baitago hura idatzi duena «kirol horren zale amorratua dela edo hegazti-hazkuntza interesatzen zaiola», baita Hudson izena aipatzea ere, eta bete egiten da hori kasu honetan.

Frantsesezko itzulpenaren kasuan, itzultzailearen hautua gaztelaniazko bigarrenaren berdin-berdina izan da, hitz-jokoa egiteari eman baitio lehentasuna:

Plus de difficultés : rien comme gibier à Londres pour faire la concurrence. Hudson ton représentant a très bien vendu les faisans, la faisane et la mèche de fouet. Ta perdix rouge seule a la chance de pouvoir quitter cette semaine l’élevage d’Anglaterre.

Beste behin, lehenbiziko hitza, laugarrena, zazpigarrena eta abar hartu behar dira ezkutuko esaldia zein den jakiteko:

Plus rien à faire. Hudson a vendu la mèche. Ta seule chance: quitter l’Anglaterre.

Argi dago frantsesezko itzulpenaren emaitza aurrekoaren oso antzekoa dela, nahiz eta edukiaren aldetik apur bat gehiago urrundu jatorrizkotik. Nolanahi ere, eduki hori ingelesez bezala nahiko nahasgarria izan arren, mezuko hizkera oso naturala da, eta esan genezake itzulpen horrek ere ongi funtzionatzen duela.

Bi itzulpen-estrategia horiek ikusita, gaztelaniazko bigarren itzulpenean eta frantsesezkoan erabilitakoaren alde egin nuen, bi aldiz pentsatu gabe. Horretarako, ezkutuko esaldiaren itzulpen literala egin nuen lehenik eta behin, hortik abiatuta mezua eraikitzen ahalegintzeko asmoz, baina euskararen ezaugarri morfosintaktikoak ez dira batere lagungarriak horretarako. Izan ere, kasu-markek asko zailtzen dute lan hori, eta oinarrizko esaldia hamaika aldiz aldatu behar izan nuen mezu osoak zentzua izan zezan. Azkenean, honako hau izan zen emaitza:

Gureak bezalako ehizaldiak egin beharra adierazi du Londresek berriki. Hudsonek, basozainak, beharrezko guztia harrapatutakoan, ongi kontatu behar izango du, hegal eta hanka askoko eskaria egin baitute. Faisaiak bizirik harrapatzearren, sareekin ateratzeko esaiezu ehiztariei.

Eta ezkutuko esaldia, beraz, euskaraz ere lehenbizikotik hasi eta hiru hitzetik bat hartuta, honako hau:

Gureak egin du. Hudsonek guztia kontatu du. Hanka egin bizirik ateratzeko.

Aztertutako azken bi itzulpenetan bezala, oso zaila zen mezuaren edukiari eustea, baina modua aurkitu nuen ehizaren arloko hitzak eta Hudson izena errespetatzeko. Gainerakoan, mezuaren edukiaren zenbait parte asmatu egin behar izan nituen testu osoak zentzua izan zezan, eta ezin konta ahala proba eta aldaketa egin sintaxia naturala izan zedin.

Hautu horri esker, esango nuke emaitza atsegingarria lortzen dela euskal irakurlearentzat, hitz-jokoan parte hartzeko aukera ematen baitio, hura ulertzeko oin-oharrik erabili beharrik gabe gainera. Uste dut kasu honetan ere komenigarria dela jatorrizko testuaren edukia sakrifikatzea idazleak lortu nahi izan zuen efektu bera lortzeko, are gehiago aintzat hartuta mezua osatzeko betegarri gisara erabilitako hitzak horixe direla: betegarriak.

Itzulpen grafikoa

Sherlock Holmesen memoriak liburuan ageri den hirugarren eta azken hitz-jokoa ere nahiko berezia da, testua itzultzean haren ezaugarri grafikoak ere hartu behar baitira kontuan, kaligrafia nagusiki. Kontua da paper zati bat aurkitu dutela hildako baten eskuan, orri handiago batetik urratutako zati bat, honelaxe irudikatua dagoena jatorrizko liburuan:

Blanco_1_irudia.png

Istorioaren amaieran, Holmesek paperaren beste zatia aurkituko du dedukzioaz baliatuta, eta mezu osoa erakutsiko zaio orduan irakurleari, zeinak berehala egiaztatuko baitu detektibea zuzen zegoela ondorioztatutako guztian. Hona hemen mezu osoaren irudia:1

Blanco_2_irudia.png

Holmesek azaltzen duenez, bi pertsonak idatzia da mezua, hitzak txandakatuz. Haren iritziz, argi ikusten da hori «at» eta «to» hitzen «t» tinkoak «quarter» eta «twelve» hitzen «t» ahulekin konparatuz gero, baita «learn» eta «maybe» hitzen letra lodia «what» hitzaren letra meheagoarekin alderatuta ere. Gainera, detektibeak azpimarratzen duenez, pertsonetako batek ez die punturik jartzen «i» letrei, eta haren «t» letrak marra horizontalak galtzen hasiak dira. Bestalde, argi omen dago ahaidetasun-erlazioa dagoela bi eskuen artean, besteak beste «e» grekoak erabiltzen dituztelako eta «p» letrek eta «g» letren buztanek ñabardura hereditarioak dituztelako.

Hori dena jakinda, eta paper zati horren euskarazko baliokidea sortzeari ekin baino lehen, gaztelaniazko eta frantsesezko itzulpenetara jo nuen berriz ere beste itzultzaile batzuek nola jokatu duten kontsultatzera, eta oso hautu desberdinekin egin nuen topo. Gaztelaniazko lehenbiziko itzulpenean, esaterako, ingelesezko mezuaren ilustrazioa erabili dute, eta Holmesek kaligrafiari buruzko azalpena ematean egiten dituen iruzkinak ingelesezko hitzei eta haien ezaugarriei buruzkoak dira.

Gaztelaniazko bigarren itzulpenean, aldiz, itzuli egin dute mezua, baita irudi gisara eman ere, eta hauxe da emaitza:

Blanco_3_irudia.png

Lehen begiratuan ikusten denez, itzulpenarekin lortutako efektua ingelesezkoaren oso antzekoa da, eta itzultzaileak fidelki errespetatu ditu jatorrizko kaligrafiaren ñabardurak eta testuaren antolaera. Nolanahi ere, ezinbestekoa izan da itzulpenean egokitzapen batzuk egitea Holmesen azalpenari dagokionez, gaztelaniaren ezaugarri linguistikoek behartuta. Hala, «t» letra duten hitz gutxiago ditu gaztelaniazko testu zatiak, nahiz eta sei hitz horietako hiruk letra hori edukitzea aski izan bi eskuen arteko desberdintasunez jabetzeko. Horrez gain, gaztelaniaz ere «e» grekoak erabili arren, «q» letraren ñabardura hereditarioak aipatzen dira –eta ez «p» letrarenak–, eta, eskuetako baten «i» letren punturik eza aipatzeaz gainera, azentu-markarik eza nabarmentzen da itzulpenean, gaztelaniaz bata ez erabiltzea bestea ez erabiltzearekin koherentea delakoan.

Frantsesezko liburuaren kasuan, itzultzaileak erdibideko zerbait egin duela ikus dezakegu. Ez da eskuz idatzitako mezuaren ilustraziorik azaltzen, eta, irudi bidez eman beharrean, narrazioan integratuta eman ditu hasierako paper zatian ikusten diren hitzak, komatxo artean, honela:

À lire ces quatre bouts de ligne, on dirait qu’il y a eu rendez-vous : « à onze heures trois quarts… apprendrez… beaucoup… utile. » Holmes s’empara du papier.

Bistakoa da hautu horrek apur bat zailtzen duela istorioaren ulermena. Alde batetik, testuan deskribatzen bada ere, irakurleak ezin du garbi ikusi orri handiago batetik urratutako zati hori nolakoa den, eta, bestetik, kaligrafiari eta ezaugarri grafikoei buruzko azalpen guztiak ez dira inon islatzen, makinaz idatzia baitago bukaeran erakusten den mezu osoa ere:

Si vous voulez vous trouver à onze heures trois quarts à la porte de service, vous apprendrez quelque chose qui vous étonnera beaucoup et qui vous sera utile, à vous ainsi qu’à Annie Morrison. Mais n’en parlez à personne.

Nahiz eta mezu horretan irakurlearentzat ezinezkoa izan detektibeak kaligrafiarekin lotuta ateratako ondorioak egiaztatzea, Holmesek, bere azalpena ematean, pertsonaiek ikusitako eskuizkribuaren idazkera aztertzen du, eta guk itsu-itsuan sinetsi behar dugu hark esandakoa agerikoa dela eskuz idatzitako testuan. Azalpenari dagokionez, aurkitutako lehenbiziko paper zatian hiru hitzek baizik ez dute «t» letra, baina, gaztelaniazko bigarren itzulpenean bezala, bi eskuen adibideak badaudenez, aski omen dira eskuizkribuan bien arteko aldea nabaritzeko. Horrekin batera, begien bistakoa omen da pertsonetako batek ez diela punturik jartzen «i» letrei, haren «t» letrak marra horizontalak galtzen hasiak direla, bi eskuek «e» grekoak erabiltzen dituztela eta bien «p» letrek eta «q» letren buztanek –eta ez «p» letrenek– ñabardura bereziak dituztela.

Gauzak horrela, nahitaezkoa iruditu zitzaidan eskuz idatzitako mezuaren ilustrazioa txertatzea euskarazko itzulpenean. Mezuaren edukiaren aldetik, egia da hein handi batean hitzez hitzeko itzulpena egin nezakeela, gehienbat idazkera eta haren ezaugarriak baitziren ongi landu beharreko ezaugarri nagusiak, istorioaren hasieran aurkitutako paper zatiaren kasuan izan ezik. Puska horretan, garrantzitsua zen «t» letra duten bizpahiru hitz sartzea, eta, «hamabiak laurden gutxitan» hitz segidak «t» bakarra duenez, gutxienez ere «t» letradun beste hitz bat sartu behar nuen goialdeko eskuineko izkina horretan. Hauxe izan zen eskuz sortu nuen zirriborroa, gerora Adur Larrea euskarazko edizioaren ilustratzaileak oinarritzat hartu zuena askoz bertsio txukun eta sinesgarriagoa sortzeko:

Blanco_4_irudia.png

Nahiz eta kaligrafia findu behar den eta idazkera bataren eta bestearen lodierak desberdinegiak diren, gai izan nintzen Sherlock Holmesek zerrendatzen dituen ebidentzia guztiak errespetatzeko. Egokitzapen bakar bat egin behar izan nuen, hots, ñabardura hereditarioak omen dituzten «p» letrak aipatu beharrean «k» letrak aipatu detektibearen azalpenean –letra bat aukeratzearren–, ez baitago «p» letrarik euskarazko testuan eta bi eskuek idatzitako hitzetan ageri baita. Bai gaztelaniazko bigarren itzulpenean, bai frantsesezkoan, antzeko egokitzapena egin dute, «q» letra aipatuz bi kasuetan, eta argi dago zilegi dela halako aldaketa bat egitea itzulpenean, eta, are gehiago, nahitaezkoa dela euskararen kasuan. Gainera, mezu berezi hori itzultzean, ez zait iruditzen hitz-jokoa euskaratzeak edukiaren galerarik eragin duenik batere, eta, hori kontuan hartuta, esango nuke askoz hautu egokiagoa dela mezua ilustrazio gisara itzultzea ingelesez uztea edo makinaz ematea baino. Izan ere, hori da eskuizkribuaren kaligrafiak dituen berezitasun eta ñabardura guztiak irakurleari grafikoki erakusteko modu bakarra.

Ondorioak

Ikusi dugunez, The Memoirs of Sherlock Holmes liburuan azaltzen diren hitz-jokoak itzulpenean nola eman erabakitzea lan delikatua izan da. Inguruko erdaretako itzulpenetan askotariko estrategiak aurkitu ditut horiek itzultzeko moduari dagokionez, eta horiek kontsultatzea lagungarria suertatu zait erabakiak hartzeko orduan. Estrategia guztiak dira zilegi, jakina, baina, irakurlearen tokian jarrita, iruditu zait formaren eta efektuaren alde egitea eta horiei lehentasuna ematea zela halako esaldi eta mezu bereziak euskaratzean emaitzarik hoberena lortzeko modua. Poesia itzuli izan dudanean gertatu zaidan bezala, beti pentsatu dut literaturan komenigarria dela edukia pixka bat sakrifikatzea horrek estetikoki jatorrizkora hurbiltzea eragingo badu, kontuan hartu behar baita formak ere garrantzi handia duela literaturan. Itzulpengintzaren teorian, aspalditik eztabaida handia izan da itzulgarritasunaren inguruan, eta egia da batzuetan ezinezkoa dela jatorrizko testu literarioen ezaugarri estetikoak itzulpenean jasotzea, baina, aztergai izan ditugun hitz-jokoen kasuan behinik behin, iruditu zait euskal irakurlearentzat askoz atsegingarriagoa izango dela hizkuntzaren bidezko trikimailu burutsu eta jostagarri horietaz euskaraz disfrutatzea, jatorrizkoaren ñabarduraren bat galduta ere.


BIBLIOGRAFIA

Conan Doyle, Arthur (1894). The Memoirs of Sherlock Holmes, Londres: George Newnes.

——— (1976). Les mémoires de Sherlock Holmes [itz. Bernard Tourville], Paris: Robert Laffont.

——— (1983). Las memorias de Sherlock Holmes [itz. Amando Lázaro Ros], Bartzelona: Editorial Molino.

——— (1988). Las memorias de Sherlock Holmes [itz. María Engracia Pujals], Madril: Anaya.

——— (2021). Sherlock Holmesen memoriak [itz. Aitor Blanco Leoz], Iruñea: Igela.


1. Ingelesezko testua ulergaitz samarra izan daitekeenez, hona hemen transkripzioa: «If you will only come round at quarter to twelve to the east gate you will learn what will very much surprise you and maybe be of the greatest service to you and also to Annie Morrison. But say nothing to anyone upon the matter».