Itzulpengintzaren errepresentazioak euskal literatura garaikidean: eremuaren autonomizazioa, literatur historiografiak eta itzultzaileak fikzioan
Miren Ibarluzea Santisteban (UPV/EHU)

Miren Ibarluzeak 2017an ondu eta defenditu zuen artikulu honi izenburua ematen dion doktorego-tesia, eta haren laburpena dakarkigu orriotara. Zehazki, itzulpenaren soziologiaren tresnak baliatuta, euskal literatura itzuliaren eremu garaikidearen errepresentazioak aztertu ditu, hiru mailatan: gizarte-eremu gisa izandako autonomizazio erlatiboaren prozesuan, literatura-historiografien eraikuntzan eta fikziozko itzultzaileen agerpenean.

Ezer baino lehen, nire doktorego-lanaren ikerketa-esparrura gerturatzeko eta hartan aritzeko grina pertsonala aipatu nahi nuke, ezen, itzulpengintzak nire bizibidea bideratu duen modu berean, itzulpen-ikasketek bideratu dute nire ikerketa-lana. Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi nuen Gasteizko Letren Fakultatean, Euskal Herriko Unibertsitatean (hirugarren promozioa izan zen gurea). Ondoren, han eta hemen itzultzaile eta zuzentzaile aritu nintzen, bai eta itzulpen-ikasgaietako irakasle ere. Bestela esanik, itzulpenaren eskutik bizi izan dut helduaroa, eta, zelanbait, nire ikerketa-esparruak ere itzulpen-ikasketei atxikitakoa behar zuen. Hortaz, ikerketa-ildo horri lotu nintzaion. Hala, nire doktorego-tesia azken urteotako bide akademikoaren eta profesionalaren geografia da: Baionan hasi zen dena, eta Baiona, Bordele, Paris eta Gasteiz lotzen dituen lerroan ondu eta zehaztu da, tokian-tokian topatutako lantegi, lankide, irakasle eta metodologiei esker. Senez aldizkariak eskaintzen didan tarte hau probestu nahi nuke bide horretan topatu eta eragin didaten eragile guztiei eskerrak emateko.

Nire ikerketaren lerro eta ondorio nagusiak baino ez dakartzat laburpen honetara, eta gehiago sakondu gura dutenentzat geratzen dira han-hor-hemen argitaratutako artikuluak zein laster UPV/EHUren ADDI webguneanargitaratuko den doktorego-tesi osoa ere. Hasteko, gidatu nauen teoria soziologikoari buruzkoak ekarriko ditut, eta euskal itzulpengintza garaikidea gizarte-egitura gisa definituko; ondoren, haren garapenaz arituko naiz. Egitura horren eboluzioak literaturaren historiografietan eta fikzio-lanetan utzitako arrastoari jarraituko diot gero.

Tesia egiten hasi nintzenerako, ohartua nintzen euskal itzulpengintza hazten eta zabaltzen ari zela: itzulpen-erakundeak, politikak, produktuak, ekoizleak, bitartekariak, hartzaileak, merkatuak eta abar baziren, eta horiek guztiek egitura gero eta espezifikoago, egonkorrago eta eraginkorrago bat osatzen zuten. Gainera, konturatua nintzen egitura horrek gero eta onarpen handiagoa zuela gizartean. Egitura horri buruzko pertzepzioak eta egitura horren barneko harremanak eta tentsioak ziren nire interesa, eta hedatze-prozesuan zegoen egitura horren ezaugarriak aztertu gura nituen.

Banekien testuinguruak, eragileek eta politikek eragin egiten dutela itzulpen-prozesuan eta produktuetan eta, halaber, itzulpenek eurek ere eragina dutela testuinguruan. Bestalde, funtsezkoa zen niretzat kontuan hartzea euskal itzulpengintzaren historia zuzenki loturik dagoela euskal letren historiarekin eta hizkuntzaren estatusarekin. Izan ere, egiturek elkarri eragiten diote, eta, hortaz, itzulpengintzaren eta bestelako gizarte-eremuen arteko korrelazioa onartuko zuen esparru teoriko-metodologiko bat behar nuen.

Ildo horretan, honelako ideiak konbinatu behar nituen: «testuingurua», «pertzepzioa», «diskurtsoa», «rola», «erresonantzia», «irudia», «eragina», «kontsumitzaileen, ekoizleen eta produktuen sistema», eta abar. Era berean, euskal itzulpengintzaren egitura bera definitu behar nuen (bai eta euskal literatura itzulia egitura horretan kokatu ere). Hala, lehentxeago aipatutako kontzeptu horiek guztiak modu sistematikoan konbinatuko zituen teoria bat behar nuen, euskal literatura itzuliaren berezko ezaugarriak kontuan hartzen zituena.

Tesia hasi nuenean, konturaturik nengoen euskal itzulpengintzaren historiaren labelaren azpian itzulitako lanen zerrendak baino ez genituela (ordura arte euskal itzulpen-ikasketen ildoan egindako lan bakanetan ematen ziren bestelako jakingarriak kenduta). Beraz, ezinbestekoa iritzi nion euskal itzulpengintzaren egituraren garapenaren interpretazio traduktologiko bat egiteari. Izan ere, ezer argi izan banuen hasiera-hasieratik, hauxe izan zen: itzulpen-ikasketek behar zuten abiapuntua. Ildo horretako gogoetak ageri dira lehenbiziko kapituluan.2

Gauzak horrela, tresna metodologiko egoki baten bila abiatu nintzen, eta horren emaitza da tesiaren bigarren kapitulua.Itzulpen Ikasketak diziplinaren historiaren errepaso laburra egiten da kapitulu horren lehenbiziko atalean, eta diziplinaren barneko ikuspuntuak eta ikerlerro nagusiak deskribatzen.4 Soziologiatik itzulpen-ikasketetara ekarritako ildoetan jartzen da fokua jarraian, eta, azkenik, Bourdieuren eremuen teoria jorratzen da zehazki. Bourdieuren hiru kontzeptu nagusien berri ematen da (eremua, habitusa eta kapitala), eta berrikusi egiten da nola gertatzen diren ekoizpen urriko eremuen eta barne-eremuen sorrera edo autonomizazio- prozesuak. Horrez gainera, literaturaren historian itzulpenak izandako funtzioak landu dituzten ikertzaileen esanak gogorarazten dira.5

Hain zuzen ere, nire tesiaren ekarpenetako bat hori berori da; Bourdieuren unibertsoa baliatzea euskal literatura itzuliaren barne-eremua definitzeko eta deskribatzeko. Nik dakidala, tresna berria da euskal itzulpengintzaren historia egin dutenen artean. Zehazki euskal itzulpengintzaren aro garaikideari aplikatu diot, baina seguru nago beste sasoi batzuen azterketarako ere baliagarria dela.

Bourdieuren teoria, itzulpen-ikasketa soziologikoen barruan txertaturik, balio handikoa da gizartearen eta kulturaren arteko interakzioak ikuspuntu deskribatzaile batetik aztertzeko. Gainera, polisistemen teoria baliatzean sortzen diren zenbait arazo gainditzeko baliagarria da. Oro har, polisistemen teoriak ez du sistema finitu bat eskaintzen botere-faktoreen dinamikak deskribatzeko, eta fokua xede-sisteman jartzen du. Polisistemen teoria aplikatzean badago gizarte-faktoreen kontzientzia, baina teoria horrek ez du eskaintzen halakoak deskribatzeko eskemarik.

Gure kasuan, Manterolak (2011)eta beste batzuek ondorioztatu duten moduan, funtsezkoa da kontuan hartzea, esaterako, jatorri-sistematik sustatutako itzulpenak ere badirela. Horri gehituko nioke beharrezkoa dela kanpoko audientziaren eta eraginaren azterketa egitea, adibidez, ezen kanpoko hartzaileen edo eragileen jokamoldeek xede-sistema bera (bir)modelatzen dute. Nire ustez, itzulpena itsasoa bezalakoa da: bi ertzak bustitzen ditu aldi berean; xede- sisteman eragiten du, baina baita jatorri-sisteman ere, eta batetik besterako garraio-lanak egiten ditu.

Hortaz, itzulpen-eremua, hartzaile gisa ez eze, emaile gisa ere aztertu behar da, eta askotariko norabideak hartu behar dira kontuan; alegia, kontuan hartu behar dira euskarara egindako itzulpenak eta euskaratik beste hizkuntza batzuetara egindakoak. Gurean, bestelako konbinazioak ere kontuan hartzekoak dira: tesi-lanean zabalago azaldu dugunez,7 euskal testuen garai jakin bat ezaugarritzen dute itzulpen intralinguistikoek, hots, dialektoen artean euskaratik euskarara egindako itzulpenek.

Bada, Bourdieuren teoriak eskema koherente bat eskaintzen digu konbinazio horiek guztiak kokatzeko. Halaber, hainbat elementu eragile eskaintzen dizkigu, itzulpena gizarte-praktika gisa definitzeko eta aztertzeko. Azken batean, itzulpenak posizio jakin bat du gizartean, balio sozial jakina du, eta funtzio jakin bat betetzen du. Beraz, Bourdieuren eskemari esker, sare bakarrean ordenatu ditzakegu lehenago egindako lanetan testuinguru kontzeptu zabal eta mugagabean sartzen ziren elementuak. Horietako batzuk dira, esaterako, botere-harremanak, ideologia, profesionalak, kritikariak, espontsorrak, zentsoreak, editoreak, erakundeak, akademia, estatusa, interbentzionismoa, kulturartekotasuna, inplikazioak, usteak, jarrerak, merkatua, ekonomia, rola, irudia, eta abar.

Horiek guztiak Bourdieuk proposatutako hiru kontzeptu nagusiko sarean txertatzen dira, hain zuzen ere elkarlotutako eremu, habitus eta kapital kontzeptuek osatzen duten eskeman.Sare horren bidez deskriba daitezke gizarte-egituren banaketa eta errepresentazioak, bai eta azaldu ere nola artikulatzen diren balio objektibo eta sinbolikoak boterea birsortzeko, banatzeko edo egonkortzeko. Hortaz, sare hori egokia izan zait euskal literatura itzuliaren egituraren deskripzioa egiteko.

Bourdieuren arabera, eremu bat praktika eta indarren espazio bat da, non eragileek erronka jakinak dituzten eta bide eta helburu askotarikoen arabera (illusio esaten zaie) jarduten duten. Eragileek dagokien posizioaren arabera jokatzen dute, eta egitura bera mantentzeko edo eraldatzeko ekarpenak egiten dituzte.

Eragileen posizioa habitus jakin batek zehazten du. Habitusa honako hauek osatzen dute: pentsaerak, gustuak, usteak, sineskerak eta sineskeriak, interesak, mundua ulertzeko moduak, iraganeko gertakariak eta errepresentazioak, gaitasunak, hezkuntzak, klase sozialak, eraginek eta abarrek. Beste hitz batzuetan esanik, sistema kognitibo bat da, kanpo-egituren barne- errepresentazio bat. Habitusa, Bourdieuren hitzetan, egitura egituratzailea da, praktikak eta praktiken pertzepzioa antolatzen duena (1984: 170).9

Habitus kontzeptua oso baliagarri izan zaigu, esaterako, euskal idazleen eta itzultzaileen itzulpen-praktikak eta itzulpenari buruzko pertzepzioak aztertzeko. Idazleei dagokienez, 15 idazle garaikide elkarrizketatu ditugu, eta 20 itemeko galdetegi bati erantzun diote.10 Bestalde, itzultzaileen habitusaz aritu garenean, Senez aldizkarian argitaratutako zenbait artikulu izan ditugu oinarri.11

Euskal literatura itzuliaren barne-eremuan askotariko posizioak dituzten eragileak ere badira, eta oso kontuan hartzeko ezaugarria da hori. Zenbait idazle, adibidez, itzultzaileak dira, eta akademiako kideak; bestalde, itzultzaile profesionalak ez eze, badira denbora librean itzultzen duten eragileak ere; edo itzulpena sormenerako darabilten idazleak badira. Hortaz, oso interesgarria deritzot posizio bakoitza zerk ezaugarritzen duen aztertzeari eta ikusteari zer-nolako diskurtsoak sortzen diren posizio horietatik eta zergatik, azken finean, horrek itzulpen-jardunean eragiten duen, itzulpenari buruzko pertzepzioak pertsonengan eta taldearengan eragiten duen modu berean.

Habitusa egituratzeko prozesuaren parte da kapitala. Bada, lau kapital mota deskribatzen ditu Bourdieuk, eremuan dominazioa eta boterea baliatzeko tresna gisa erabiltzen direnak. Kapital soziala lagunek, taldeek, elkarteek eta pertsonen sareek osatzen dute; kapital kulturala pertsonaren jakintzak dira, esperientziak eta harremanak, ibilbide akademikoa, langintza; kapital ekonomikoa propietateekin eta aurrezteko gaitasunarekin loturik dago; kapital sinbolikoa, ostera, norberak zein norbera parte den taldeak lortutako prestigioarekin lotzen da, aitortzarekin. Bourdieurekin bat (1991),12 gurea bezalako ekoizpen urriko eremuetan, kapital sinbolikoak beste eremu batzuetan baino balio handiagoa izan ohi du.

Eremua bera egitura egituratzaile bat da gizartean; beste eremu batzuetan eragiten du, beste eremuek ere eragiten dioten hein berean. Horrexegatik ari naiz eremuen autonomia erlatiboaz, inoiz ez baikaude besteren eraginetik aske.

Eremu jakin baten analisi egokia egiteko, eremuan ekoitzitakoari buruzko datuak aztertzeaz gainera, kontuan hartu behar da eremu horrek albo-eremuekin duen erlazioa. Izan ere, Santanak (2012)13 dioen moduan, literatura-produkzioaren barruan egindako itzulpenen ehunekoak ez dira bere horretan nahikoa erabakitzeko eremu bat periferikoa edo zentrala den. Hain zuzen ere, eremuen arteko harremanek eta prozedurek zehazten dute nolakoak diren egiturak eta egituren mugak. Bestela esanik, ez da hain garrantzitsua eremu bat zehazteko zenbat itzultzen den, ezpada nola, zertarako eta zer-nolako zirkuituetan itzultzen den.

Labur esanik, euskal literatura itzuliaren eremuaren dinamikan parte hartzen duten elementu horien guztien konbinazioak zehaztuko du zein eta nolakoak diren euskal itzulpengintzaren historiako sasoi jakin bateko bereizgarriak. Alegia, itzulpen-aldi bakoitzak bere eragileak, praktikak, rolak, pertzepzioak eta eraginak ditu.

Itzulpengintzaren historia idazteko, hortaz, eremua dinamikoa denez gero, eremuaren garapena hainbat mailatan aztertu behar da (Bourdieu eta Wackquant, 1992: 80):14  a) non dago kokaturik (barne-)eremu hori beste eremu batzuekiko eta boterearen eremuarekiko?, b) nolakoak dira eremuaren egituran parte hartzen duten erakundeak?, eta c) nolako habitusa dute eremuan parte hartzen duten agenteek?

Euskal literatura itzuliari dagokionez, albo-eremuekiko mendekotasunaren arabera definitu eta deskriba daiteke. Bada, horixe da, hain zuzen ere, tesian egin gura izan dudana, alegia, euskal itzulpengintzaren eremua eta euskal literaturaren eremua elkartzen diren bidegurutzea aztertzea.

Euskal literatura itzuliaren eremua (arestian aipatutako arrazoiak direla eta) honelaxe mugatu dugu: autonomia erlatiboko barne-eremu bat da, ekoizpen urrikoa, norabide-anitza eta transnazionala.

Bada, lan honetan eremu horren erakundetze-prozesuari erreparatu diogu, zeina XX. mendearen bukaeran hasi baitzen. 3. kapituluan landu ditut kontuok: «Euskal literatura itzulia autonomizazio erlatiboaren bidean: barne-eremu baten bilakaera eta funtzioak literaturaren espazio garaikidean» izenekoan. Bada, euskal literatura itzuliaren barne-eremuaren gizarte-dimentsioaz ari naiz atal horretan, agente akademiko eta profesional zein legitimazio-agente nagusien egituraren eboluzioa azalduz, zirkulazio-baldintza nabarmenenak deskribatuz, eta itzultzaileen eta idazleen itzulpenari buruzko pertzepzioen inguruan gogoeta eginez. Euskal literatura-itzulpenen funtzioez ere jardun dut.15

Azpimarratu gura izan ditut elkarri lotutako arrazoiak eta indarrak. Alegia, gertakarien arteko loturak azaleratu nahi izan ditut: esate baterako, Martuteneko Itzultzaileen Eskolako agente profesionalek galdu zuten eremurako sarreraren kontrola unibertsitateko ikasketak iritsi zirenean, baina estatus sozial eta profesionala irabazi zuten. Zera esan gura dut adibide horrekin: gertakariak, erakundeen sorrera-desagertzeak ez dira modu isolatuan gertatzen; aitzitik, kapitalen eta indarren birbanaketa gertatzen den continuum batean ulertu beharrekoak dira.

Euskal literatura itzuliaren eremuak betetzen dituen funtzioei gagozkielarik, funtzio ideologikoa duela ezin ukatuzkoa da: itzulpena helburu ideologiko jakinetarako erabili izan da estrategia ezberdinak baliatuta, dela lurraldetasuna frogatzeko edo dela lurraldetasun hori ezabatzeko. Alegia, bi-bietarako baliatu izan da itzulpena euskal eremuan: diferentziak isilarazteko edo euskal eremuaren diferentziak agerrarazteko.16

Euskal literatura itzuliaren helburu nagusietako bat euskal testuen kapitala eta estatusa goratzea izan da, nolabait euskarazko literatura bazela frogatzea, fundazio-testuak sortzea, eta euskal literatura bat badela erakustea. Edonola ere, efektu ideologikoak konplexuak dira, eta Santanari (2012, 2015), Manterolari (2014)17 edo Zubillagari (2014) jarraikiz, espainiar eremuarekiko dependentziak badira gurean. Nago gaztelaniaren bitartekaritzak rol ideologiko zabala duela euskal itzulpengintzaren eremuan. Bada, eremuen arteko mendekotasun hori euskal literatura itzuliaren autonomia erlatiboaren beste adibide bat da.

Ekonomiaren eremuarekin ere harremanetan dago euskal literatura itzuliaren eremua, eta, ildo horretan, nabarmentzekoa da euskal literatura-itzulpena gobernuen babes ekonomikoa tartean delako posible dela hein handi batean.

Gaingiroki, esan daiteke dagokigun eremuan kapital kulturala eta ideologikoa direla kapital sinbolikoak, ekonomikoa baino indartsuagoak biak ere. Ezin ahaztu daiteke, edonola ere, itzulpena izan dela zenbait euskal idazle garaikideren profesionalizaziorako eta autonomiarako atea.18

Euskal literatura itzuliaren funtzio kulturalaz denaz bezainbatean, esan daiteke hizkuntzarekin lotutako faktoreak balioztatu izan direla (esate baterako, euskararen erregistroak aberasteko iturri izan dela aipatu izan dute hainbat eragilek, testu eredugarriak sortzeko balio izan duela). Baina, hori ez eze, itzulpena sormenerako tresna ere bada; kasurako, Aurelia Arkotxa eta beste zenbait idazle.

Nire egitekoa, euskal literatura itzuliak literaturaren eremuaren barruan osatzen duen gizarte-dimentsioaz gain, dimentsio sinbolikoa ere deskribatzea izan denez gero, agerrarazi nahi izan dut zer-nola azaldu den eta zer-nolako tratamendua eskaini zaion euskal literaturaren historietan, eta, halaber, euskal idazle garaikideen diskurtso eta fikzio-lanetan. Horretarako, 11 historiografia aztertu ditugu19 4. kapituluan,20 Casenaveren arabera sailkatu ondoren,21 bai eta 11 literatura-lan22 ere 5. kapituluan,23 Itzulpen Ikasketetako bira fikzionalari buruz ari diren lanei jarraikiz.

Laugarren kapituluan azaldu dudanez, oro har, euskal literaturaren historiografietako eraikuntzan itzulpen-testuak euskal literaturatzat jo izan dira zenbait garaitako testuen urritasuna osatzeko-edo, eta, are gehiago, inoiz zenbait literatura-generotako fundazio-testutzat ere jo izan dira. Literatura garaikideari dagokionez, itzulpenen aipamenak idazleen bio-bibliografiak osatzeko baliatu izan dira, bai eta zenbaitetan idazleen lanak testuinguru batean jartzeko edota literatura-joerak karakterizatzeko.

Bestalde, itzulpena euskal idazle garaikideen gogoeta-iturri izan da, eta eremuaren egitura aldatuz joan den heinean, beren posizio eta diskurtsoak berrantolatu behar izan dituzte. Hori guztiori fikzio-lanetara eraman dute, nire tesiaren 5. kapituluan erakutsi legez, fikzioa errealitatean gertatutako garapenaren ispilu bat baita.

Oro har esanik, euskal idazleek fikziozko itzultzaileak baliatu izan dituzte beren pertsonaiak atzerrian kokatzeko eta pertsonaien karakterizazioa egiteko. Horrez gain, euskal gizarteko hizkuntza-egoera antzeratzeko ere baliatu izan dute (nabarmena da horren adibidea Arrietaren Manu Militari [1987] lanean eta Saizarbitoriaren Martutenen [2012], adibidez). Zenbait idazlek itzulpenaren funtzio metaforikoa erabili dute (Atxagak halaxe egiten du 1996ko «Un traductor en París» ipuinean, edo itzulpenaren funtzio narratologikoa (itzultzaileak dira narratzaile Arrietaren Manu Militarin).24

3. 4. eta 5. kapituluan egindako analisia gurutzaturik (gizarte-esparrua, historiografiak eta fikzioa), euskal literatura itzuliaren historia garaikiderako periodizazio baterako baliagarri izan daitezkeen unean uneko ezaugarriak nabarmendu gura nituzke.

Euskal gizartearen itzulpen-eskariari erantzun beharrez, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan hazi egin zen euskal itzulpenen produkzioa, eta hari lotutako eragileak ere sistematikoki agertzen hasi ziren. Edonola ere, garai hartako itzultzaileak ez ziren profesionalak, eta beste eremu batzuetako eragileak gerturatu ziren itzulpenaren industriara. Eskariak eta jarduna izan ziren eremua egituratzen hasteko baldintzak, bai eta eremu espezifiko bat sortzeko beharra izatea eta eremuan aritzeko prestakuntza beharra sentitzea ere. 1970eko hamarkadan itzultzaileek ikastaro bakanetan parte hartzeko modua izan zuten; 1980ko hamarkadan, ostera, ikastaroak modu egituratuagoan eskaini ziren. Oro har, garai hartako itzulpenek sona txarra dute, eta horrek arrastoa utzi du euskal gizartearen imajinario kolektiboan. Literatur historiografiei dagokienez, ordura arte irizpide linguistikoen arabera egin izan ziren itzulpenei buruzko aipamenak. Bada, 1970eko hamarkadakoetan, eta kontuak, gutxi-asko, lehengoan badirau ere XX. mendea baino lehenagoko testuen balioespenak egiteko,25 badirudi itzulpenaren balio literarioari buruzko gogoeta espezifikoak egiten hasi zirela euskal literaturaren historiografiagileak. Sarasolak (1971), esaterako, itzulpenen balio linguistikoa aipatzen du, eta hainbat generotako sorrera-testutzat jotzen ditu zenbait itzulpen. Edonola ere, historiografietan itzulpenak aipatzea euskararen estatusarekin lotzen du, eta aipatzen du itzulpenek jatorrizko eremuan duten balio literarioa galdu egiten dutela xede-eremuan. Era berean, baina, itzulpena legitimazio-prozeduratzat jotzen du. Paradoxikoa da nire ustez: literatura-testu bat itzultzen balio literarioa duelako, baina prozedurak berak ezabatzen dio gero balio hori testua beste hizkuntza batean jarririk dela.

Mujikak (1979) ere balio linguistikoa ematen die itzulpenei, ez balio literariorik, ordea: gainera, zenbaitetan mespretxuzko oharrak egiten ditu, esaterako, delako autoreak «itzulpenak baino» egin ez zituela dioenean.

Ematen du garai horretan gauzak apur bat aldatzen hasi zirela, itzulitako literatura-lanen balioari buruzko gogoeta hasi zen heinean, baina badirudi iraganeko joerak oso agerikoak zirela oraindik.

Ez da garai horretan fikziozko itzultzailerik ageri. Nolabait esan, itzulpen-eremua bezalaxe, haren irudikapena lausoa da oso.

Esan dezakegu itzultzaile profesionalen talde bat osatzeari buruzko kontzientzia handitu zela 1985-1990 urte-tartean. Ordukoak dira, zehazki, eremua erakundetzeko eta profesionalizatzeko lehenbiziko pausoak: orduan hasi ziren eragileak hizkuntza espezifikoa erabiltzen, eremuari buruzko erreferentzia espezifikoak agertzen, bai eta itzulpen-erakundeak sortzen ere (eskolak, elkarteak, sariak…). Martuteneko Itzultzaileen Eskola 1980an abiatu zen, eta huraxe izan zen erakundetzearen abiarazlea: formaziorako erakunde gisa jaio zen, eta erakunde horretatik etorri zen 1987an EIZIE, bai eta lehenbiziko itzulpen- eta ikerketa-proiektu sistematikoak ere.26

Urte horretan kokatzekoa da Jon Juaristiren historiografia (1987). Bada, aztertutako historiografiei erreparatuta, hantxe ageri dira euskal itzulpengintzaren pertzepzio sistemiko, soziologiko eta konparatiboen joerarako lehenbiziko arrastoak. Esaterako, zenbait itzulpen-prozedura Europako beste herrialde batzuetako literaturetan baliatzen zirenekin jartzen dira harremanetan. Horrez gainera, generoen garapenean itzulpenak izandako garrantzia modu sistematikoagoan agertzen hasten da. Horrez gainera, arazo soziologikoak baliatzen ditu zenbait euskal testuren harrerari buruzko oharrak egiteko.

Garai horretantxe agertu zen fikziozko itzultzailea euskal literaturan: 1985ean izan zen, hain zuzen sasi-itzultzaile gisa, Sarrionandiaren Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan. Arrietaren Manu Militarin, berriz, linbo moduko batean irudikaturik ageri dira itzultzaileak, funtzio askotarikoak betetzen dituzten narratzaileen pare, eta eleberriaren sortze-prozesuaren berri ematen. Ikusten dugunez, oraindik ere lausoa da itzultzailearen irudikatzea; ageri dira, bai, baina ez egiazko edo hezur-haragizko pertsonaiak balira bezala.

1990. urtetik 2000. urtera bitartean, zenbait botere-galtze eta botere-hartze tarteko, lehenago sortutako hainbat proiektu eraldatu ziren, eta unibertsitateak eta administrazioak lagunduriko kultur proiektu bihurtu ziren.

Oro har esanik, zenbait esparrutan itzultzailearen lanaren inguruko onarpen sinbolikoa bazegoen, eta kolektibo moduan antolaturik zeuden itzultzaileak, baina ez zuten inolako ziurtagiri akademiko ofizialik. Itzultzaile gehienen ustez itzulpena unibertsitatean irakatsi beharra zegoen, eta unibertsitateak itzulpen-ikasketetarako aukerak eskaini behar zituen. Bada, hainbat erakunderen arteko negoziazioaren bidez, Martuteneko Itzultzaileen Eskolak eta EIZIEk bideratutako profesionalen kolektiboak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuen euskal itzulpengintza ikasketak abiarazteko arbitrajea. Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziatura sortu arte, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak eskaini zituzten master-mailako ikastaroak.

Garai hartako literatura-historiografiei dagokienez, Orpustanen eta Juaristiren lanetan agertzen hasitako joerak garatu egiten direla dirudi, besteak beste, itzulpenaren kultur funtzioa azpimarratzen hasten baitira historiografiagileak. Horrez gainera, lehenago ere identifikatutako funtzioak ere aipatzen dira (funtzio dialektologikoa, pedagogikoa eta fundaziozkoa). Esate baterako, klasikoak eta literatura unibertsala euskarara itzultzea euskal literatura mundura irekitzearekin lotzen dute, eta euskal literaturako zenbait aro itzulpen mota jakinek ezaugarritzen dituztela argi agertzen dute. Halaber, lan horietan nabarmentzen denez, munduko beste literatura-eremu batzuetan gertatu bezalaxe, luma zorrozteko eta hizkuntza aberasteko tresna da.

Fikziozko itzultzaileei dagokienez, sasi-itzultzaileak agertzen dira Sarrionandiaren fikzioan (1991), baina bestelakoak ere ageri dira; burla-itxurako egoera bat ageri da Alonsoren Katebegi galdua (1995) eleberrian: itzultzailearen profesioari eta itzulezintasunari irri egiteko modua dela esan daiteke, bai eta itzultzailearen irudi bakartia ukatzeko modua ere. Modu metaforikoan ere ageri da fikziozko itzultzailea; «Un traductor en París» ipuinean (Atxaga, 1996) ageri den irudia hauxe da: «galerak onartu egin behar dira». Hortaz, garai horretako itzulpen-eremuarekin lotuta, «galerak onartu egin behar dira itzulpenak bere lekua har dezan espazio publikoan».

Milurteko berriarekin abiarazi zen UPV/EHUn Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziatura,27 eta orduz geroztikoa da unibertsitate-tituludun itzultzaileen aroaren hasiera. Era berean, aro berri horretan hasi zen egonkortzen euskal itzulpen ikasketen edo ikerketaren esparrua ere.

Nolanahi ere den, eta literatura-itzulpenari dagokionez, aipatzekoa da egungo gradu- programak ez duela eskaintzen literatura-itzulpenari soilik lotutako ikasgairik, eta ez dagoela berariazko graduondoko eskaintzarik literatura-itzulpenaren esparruan. Itzulpengintzaren merkatuan ere ez da ziurtagiri jakinik eskatzen literatura-itzulpenean aritzeko, eta, oro har, sormenari loturiko jardueratzat jotzen da. Ikerketaren esparruan, ostera, literatura-itzulpenari loturiko ikerketa-lanen kopurua hazi egin da. Hazi egin dira, halaber, unibertsitatetik kanpoko ekitaldiak, bai eta literatura-itzulpenari prentsan edo Interneten eskainitako espazioak ere.

Zelanbait esateko, barne-eremuko erreferentziak gero eta gehiago dira, gero eta askotarikoagoak. Gainera, itzulpena jorratzen duten argitaletxeetan ere bilduma espezifikoak sortzen hasi dira euskal literatura itzulia argitaratzeko. Ildo berean, itzulpen-sariketak ere modu sistematikoan antolatzen eta erakundetzen hasi zirela esan daiteke, bai eta euskaratik beste hizkuntza batzuetarako itzulpenak egiteko politikak egituratzen ere.

Nabarmendu nahi nuke eremua zenbat eta egituratuago egon itxura batean joera handiagoa dutela euskal historiografiagile garaikideek itzulpen-lanak eta sorkuntza-lanak bereizteko, eta itzultzaileek gero eta gizarte-onarpen handiagoa dutela, baina, era berean, gero eta leku txikiagoa dutela literatura-historiografietan.

Eremuaren indar eta eraginak, edonola ere, ez dira berak esparru geografiko guztietan, eta, oro har, Ipar Euskal Herriko itzultzaileak ez dira kolektibo baten parte sentitzen. Itzulpen- politika jakinik ere ez da aipatutako esparruan.28

Oro har, esan daiteke itzulpenari buruzko diskurtsoak ugaritu egin direla, eta, esaterako, garai horretan argitaratutako euskal literaturaren historiografietan (Urkizu, 2000; López Gaseni, 2002; Aldekoa, 2004; Olaziregi; 2012), honako ezaugarri hauek nabarmendu daitezke:

      a) Historiografiagileen ikuspegi sistemikoek itzulpenei buruzko adierazpide berriak
           agerrarazi dituzte, batez ere genero periferikoez. Euskal itzulpengintza azpisistema
           gisa definitzeko joera nabari da; eta ez hori bakarrik, genero periferiko bat balitz bezala
           aurkezten da: kapitulu bereizia eskaintzen zaio itzulpenari XX. mendetik aurrerako
           literaturaz ari direnean (joera dago garai horretako sormen-lanak eta itzulpenak
           bereiz emateko).

      b) Euskal literaturaren garai bakoitzeko itzulpenak taldekatzeko eta sailkatzeko ahalegina
           egiten da, bai eta garai jakin batzuetako itzulpenaren zentralitatea nabarmentzeko ere.

      c) Itzulpenak zenbait garaitako literatura-joeren edota berrikuntzen adierazletzat jotzen dira.

      d) Itzulpenek autoreengan eta testuetan utzitako arrastoak detektatu direlarik, horren berri
           emateko ahalegin bat nabari da.

      e) Euskaratik beste hizkuntza batzuetara egindako itzulpenak modu sistematikoan txertatu
           dira azken historiografietan, bai eta tokian tokiko harrerari buruzko ohartarazpenak egin ere
           (halaxe gertatzen da, adibidez, Olaziregik zuzendutako historiografian).

Fikziozko eszenetan agertutako paperezko itzultzaileen boom bat gertatu da aro honetan (aztertutako 11 lanetatik 6 argitaratu dira sasoi honetan).29 Errealitatean gertatutakoarekin bat, itzultzaile fikzionalak gero eta profesionalagoak dira; zenbaitetan, Saizarbitoriaren Martutenen (2012) gertatzen den moduan, itzulpena da haien lanbide nagusia. Horrez gainera, geografiari dagokionez ere, gero eta hurbilago kokatzen dituzte idazleek pertsonaia itzultzaileak: adibidez, geografia definitu gabeko batean bizi ziren itzultzaileak Manu Militarin (Arrieta, 1987), arestian aipatu dugunez; bada, Mendigurenen 2008ko ipuinean, Bruselan bizi da euskal itzultzailea, eta, Saizarbitoriaren 2012ko Martutenen, ostera, Donostian. Horrez gainera, bada inflexio- puntu bat, eta Apalategiren «Urrezko Vespa» (2010) ipuinean itzultzailea idazle eta idazlea itzultzaile bihurtzen direnez geroztik, twist egin eta Harkaitz Canoren Twist eleberrian ageri bezala, itzultzailea desleiala da, baina beti idazlea desleial den hein berean; gainera, itzultzaileak literaturaren esparruan duen egitekoa onartzen du (ez idazleak bezala, Saizarbitoriak tesi honetarako eskainitako elkarrizketan jasotako hitzak ekarriz). Izan ere, idazleak handiusteak direla dio. Euskal itzultzaile fikzionala ez da soilik kultur bitartekaria: heroia ere bada (ikusi Uriberen Mussche). Edonola ere, zail zaio literatura-itzulpenetik soilik bizitzea (hala erakusten da, adibidez, Musschen eta Martutenen). Hizkuntza txiki batekin lan egiteak dakartzan buruhausteei ezin ihes egitea sarri agertzen da euskal itzultzaile fikzionalen artean: idazle-itzultzaile dualtasunaren auzia, hizkuntzaren normalizazioaren eta normatibizazioaren inguruko kontuak… ageri dira aztertutako lanetan.

Aurreko horiei guztiei erreparatuta, esan dezakegu euskal literatura itzuliaren eremuaren autonomizazio erlatiboaren prozesua bat datorrela Itzulpen Ikasketetan bizi izandako birekin eta joerekin. Interesgarria deritzot ildo horiek jorratzen jarraitzeari, baina ez soilik euskal itzulpengintzaren ikerketan sakontzeari lotuta, ezpada euskal itzulpen-ikasketen eremua agerrarazteari loturik ere. Nire tesiaren aldarria bikoitza izan da, nolabait: euskal itzulpengintzaren eta euskal itzulpen-ikasketen eremuaren ikusgaitasunaren eta autonomizazioaren aldeko aldarria izan da, uste baitut eremua deskribatzeak eta agerrarazteak eremua bera egituratzen duela. Bestalde, itzulpen-ikasketek eta kultura-ikasketek elkarri eragiten dioten heinean, euskal itzulpenak euskal kulturgintzan izandako eragina agerrarazteko deia ere bada nire tesia. Argi dago, itzulpen-ikasketa soziologikoen ikerketa-programei begiraturik, eragile, harreman eta indar- sare asko eta asko geratzen direla ikertzeko; bada, ikerketa-lerro horiek ikusaraztea izan da hein batean nire helburuetako bat. Orain, bide horietan aurrera egitea baino ez da falta.


1. UPV/EHUren ADDI webgunea.
2. «1. Introductory words: points of departure, direction, and chapter overview» du izena
    kapituluak (tesi-txostena elebiduna da).
3. «2. Ikerketa-eremua eta ikergaiak».
4. «2.1. Itzulpen-ikasketak: ikuspegiak eta teoriak».
5. Hauek dira «2.2. Tresna teoriko-metodologiko egokien bila: itzulpenaren soziologia»
    atalaren azpiatalak: «2.2.1. Bourdieuren soziologia edo eremuen teoria: kontzeptu nagusiak»,
    «2.2.2. Nola sortzen diren (azpi)eremuak edo eremuen autonomizazioa»,
    «2.2.3. Ekoizpen handiko eta urriko kultur eremuak: dinamikak eta ezaugarri nagusiak»,
    «2.2.4. Ekoizpen urriko eremuak aztertzeko metodologiaz»,
    «2.2.5. Soziologia eta itzulpen-ikasketak uztarturik», «2.2.6. Itzulpengintzaren funtzioak
    (literaturaren) historian», «2.2.7. Eremuen teoria euskal literatur itzulpengintza
    aztertzeko erabilgarri».
6. Manterola Agirrezabala, E. (2011): Euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzulia.
    Bernardo Atxagaren lanen itzulpen moten arteko alderaketa,
    UPV/EHU; linean.
7. 4.4.3.3. atalean batez ere.
8. Bourdieuren teoriaren oinarriak labur eta argi azalduta dakartza Vizcarraren 2002ko
    honako artikulu honek: «Premisas y conceptos básicos en la sociología de Pierre Bourdieu»
    in Estudios sobre las Culturas Contemporáneas, VIII, 16, 55-68; linean.
9. Bourdieu, P. (1984): «The Market of Symbolic Goods» in The field of Cultural Production:
    Essays on Art and Literature, Columbia University Press, New York, 112-144; linean.
10. Galdetegi horren erantzunen berri jasotzen da artikulu honetan: Ibarluzea, M. (2015):
     «The Translation Habitus of Contemporary Basque Writers» in Estudios de traducción, 5, 59-75.
11.  Ikusi, adibidez: Zabaleta, J. (1986): «Euskal itzultzailearen egoera eta iritziak» in Senez, 5, 15-60.
12. Bourdieu, P. (1991): «Le Champ littéraire» in Actes de la recherche en sciences sociales, 89, 3-46.
13. Santana, M. (2012): «Los mercados de las literaturas en España: la producción literaria»
     in Revista de Alces XXI, 0, 231-251.
14. Bourdieu, P. & Wacquant, L. (1992): Reponses: pour une sociologie reflexive,
      Editions du Seuil, Paris
15. Hauexek dira azpiatal nagusiak: «3.1. Euskal literatura itzulia barne-eremu bat da: definizioa
      eta abiapuntua»; «3.2. Euskal literatura itzulia literaturaren eta itzulpenaren eremuetan:
      bilakaera eta autonomizazio erlatiboa» («3.2.1. Euskal literatura itzuliaren barne-eremuaren
      egituraketa: ekoizpen- eta zirkulazio-baldintzak»; «3.2.2. Euskal itzultzaileen eta idazleen
      jarrerak»; «3.2.3. Euskal literatura itzuliaren harrera eta irismena»); «3.3. Euskal literatura
      itzuliaren funtzioak euskal literaturan: funtzio ideologikoa, ekonomikoa eta kulturala».
16. Gaiari buruzko zehaztasunak aurki ditzake irakurleak honako artikulu honetan: Ibarluzea,
      M. eta Olaziregi, M. J. (2016): «Autonomización y funciones del subcampo de la traducción
      literaria vasca contemporánea: una aproximación sociológica» in Pasavento, IV-2, 293-313; linean.
17. Lehentxeago eman dugu Santana (2012) lanaren berri. Aipatzen diren gainerakoak hauek dira:
      Santana, Mario (2015): «Translation and Literatures in Spain, 2003-2012»
      in 1611 Revista de Historia de la Traducción, 9, linean. Manterola Agirrezabala, E. (2014):
      La literatura vasca traducida, Peter Lang, Berna. Zubillaga, N. (2014): «Alemanetik euskaratutako
      haur- eta gazte-literatura. Tesiaren ideia nagusiak» in Senez, 45; linean.
18. Ikusi Ibarluzea eta Olaziregi, 2016 (goian aipatua).
19. Aztertutako historiografiak: Aldekoa, I. (2008): Euskal Literaturaren Historia, Erein, Donostia.
     Juaristi, J. (1987): Literatura vasca, Taurus ediciones, Madrid. López Gaseni, J. M. (2002):
     Historia de la literatura vasca, Acento ediciones, Madrid. Mitxelena, L. (2011):
     «Historia de la literatura vasca» in Luis Michelena. Obras completas. XIII. Historia de la literatura
     vasca. Literatura vasca del siglo XX, (Lakarra Andrinua, J.A. & Ruiz Arzallus, I ed.), UPV/EHU & GFA.
     Mujika, L. M. (1979): Historia de la literatura euskerika, Luis Aramburu editor, San Sebastian.
     Olaziregi, M. J. (ed.) (2012): Basque Literary History, Center For Basque Studies - University of
     Nevada, Reno. Orixe (1927): Euskal Literatura’ren atze edo edesti laburra, Utrisque Vasconiae.
     Orpustan, J. B. (1996): Précis de littérature basque, Izpegi. Sarasola, I. (1976): Historia Social de la
     Literatura Vasca (trad. Jesús Antonio Cid), Akal, Barcelona. Urquizu, P. (2000): Historia de la
     literatura vasca, Uned, Madrid. Villasante, L. (1979): Historia de la literatura vasca (2ª edición
     revisada y completada), Editorial Aranzazu, Burgos.
20. «4. Basque translation in the structure of basque literary historiographies».
21. Casenave, J. (2010): «Euskal Literaturaren historia. Eredu berrituaren aurkezpen historiografikoa»
     in Euskera 55, 2, 802-821. Casenave, J. (2012): Euskal literaturaren historiaren historia,
     Utriusque Vasconicae, Donostia.
22. Aztertutako fikzio-lanak: Alonso, J. (1995): Katebegi galdua, Susa. Apalategi, U. (2010):
      Fikzioaren izterrak, Susa. Arrieta, J. A. (1987): Manu Militari, Elkar, Donostia. Atxaga, B. (1997):
      «Un traductor en Paris» in Cuentos apátridas, Ediciones B, Barcelona, 13-80. Cano, H. (2011):
      Twist, Susa. Mendiguren Elizegi, X. (2008): Bizitza homeopatikoak, Susa. Saizarbitoria, R. (2012):
      Martutene, Erein. Sarrionandia, J. (1985): Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak, Pamiela.
      Sarrionandia, J. (1991): Hezurrezko xirulak, Elkar. Uribe, K. (2012): Mussche, Susa. Zaldua, I. (2012):
      Idazten ari dela idazten duen idazlea, edo literatura gaixotasun gisa, Elkar, Donostia.
23. «5. itzulpena euskal literaturako fikziozko testu garaikideetan agerkari».
24. Zehaztapen gehiagorako, Gandara eta Ibarluzea (2018) artikulua ere kontsultatu daiteke.
25. Nabarmentzeko kontua da XX. mendera arteko testu itzuliak aipatzen direnean gaur egungo
      historiografia literarioetan ere aurreko historiografietako aipuak erreproduzitzen direla,
      eta ez dela berrirakurketarik egin testu itzuli horiei buruz.
26. Martuteneko itzultzaileen eskolari buruzkoak aldizkari honetan bertan aurki daitezke: EIZIE,
      Itzultzaile Eskola eta HAEEko Itzultzaile Eskola (1989): «Itzultzaile ikasketen diseinua
      (Euskal Herriko Unibertsitateari proposamendua)» in Senez, 8, 77-100; linean.
      Mendiguren Bereziartu, X. (1984): «1. Itzultzaile Eskola» in Senez, 1, 1984, 19-26; linean.
      Mendiguren Bereziartu, X. (1989): «Euskal Itzultzaileen Ikasketak: Hamarkada baten ikuspegia»
      in Senez, 8, 15-26; linean. Navarro, K. (1984): «2. Itzultzaile Eskola: Orainaldia» in Senez, 1, 1984,
      27-33; linean. Zabaleta, J. (1989): «Itzultzaile ikasketen etorkizunerako argibideak» in Senez, 8,
      61-76; linean. Zabalondo, B. (1988): «Itzultzaile eskolen berri» in Senez, 7; linean.
27. Horri buruzkoak dakartza Bilbao Telletxeak Senezen argitaratutako artikulu honetan:
      Bilbao Telletxea, G. (2006): «Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak Euskal Herriko
      Unibertsitatean» in Senez, 30; linean.
28. kusi aldizkari honetan bertan gaiari buruzko artikulu hau: Alegria, E. (2008): «Itzulpengintza
      Iparraldean» in Senez, 35; linean.
29. Boomak jarraitu egiten duela dirudi: tesia aurkeztuz geroztik argitaratutako Olasagarreren
      Poz aldrebesa laneko edo Lertxundiren Horma liburuetako pertsonaietako batzuk
      itzultzaileak dira. Badirudi, gainera, hemen deskribatutako joerekin bat datozela.