Andoni Sarriegiren eskariari erantzunez
Anjel Lobera

Kaixo lagun:

"Aparteko zailtasunak" izenpean, SENEZ aldizkariaren 1989. urteko 1-2 ale bikoitzean argitaratu huen artikulua irakurri bezain laster, hiri erantzuteko gogo bizia biztu zitzaidaan, nik neuk ere nahi baino sarriago horrelako "bitxi bereziak" topatu ditiat eta.

Aztertu beharreko testuaren hitzaurrean, lortutako itzulpenarekin ia inoiz ere ez haizela gustora gelditzen aitortu huen. Neuk ere aitortu behar gauza bera.

Ondoren, nik uste, gaur egun Administrazioan lan egiten dugun itzultzaileon egoera orokorra azaleratu huen, itzulpena "presa eta baldintza jakin batzuetan egin behar izan" huela esaneran. Zoritxarrez, inoiz gutxitan azpimarratzen dik arazo hau, jakina izan arren ardura gabe konpondu nahi ez edo ezin dena. Geure burua zuritzen dihardugula egotziko ziguk batek baino gehiagok eta arrazoia dutela aitortu beharra diaukat, bai eta, ostera, gaur egun burutzen dugun "txurrogintza" hau inork kontrolatu nahi ez duela ere (honetarako dirua jarri beharra bait diagok).

1990eko uztail beroerre honetan irakurri diat hire artikulua eta hizkuntz arazo hauei, administrazioetako itzultzaileoi sortzen zaizkigunei, alegia, guk geuk erantzun behar diegula inoiz baino argiago ikusi diat.

Hitzaspertu hau jaurti ondoren, bertan botako diadan azterketa hik nahi bezain zehatza izango delakoan, itzulpen horren azterketari helduko zioat:

A) Testuaren kokapen eta argitarakera:

Heure artikuluan aipatu izan ez bahuen ere, niretzat, erabat garrantzitsua da testu hori bere inguruan kokatzea, jende guztiak jakin dezan non duen sustraia eta nor duen hartzaile. Oker ez banago, neuk ere aktak itzuli behar izan ditudalako eta hik Beasaingo Udaletxean lan egiten duala badakidalako, testu hau Beasaingo Udalaren aktaren batetik atera duk. Kokapen hau funtsezkoa duk, testuaren hedapena finkatzeko. Alde batetik, testu teknikoa da, baina, bestetik, jendeari heltzen zaiona ere bada. Beraz hartzailegoa zinegotziek ezezik, beasaindarrek ere osatzen diate. Aipamen hau hik aipatu "...Herritarren ulermen-ahalmena" eta honi lotuta dagoen testuaren erabilgarritasuna kontutan hartu nahi ditudalako egin diat. Alderdi honen gainean, beranduago etorriko nauk.

Bestetik, argitarakerak ere badik bere garrantzia, ez baita berdin testu biak elkarren ondoan argitaratzea edo bata bestearen atzetik agertzea. Jakina, testu biak elkarren ondoan agertzen direnean, itxurak nolabait gorde beharra diagok, testu batak bestearekiko hankamotz eman ez dezan. Kontuz! Ondo uler iezadak! Ez diat itxurak berebiziko garrantzirik duenik adierazi nahi, bai, ostera, honelakoetan, eskarmentuak hala irakatsita, kontuz ibili beharra dagoela. Testuak, berriz, bata bestearen atzetik agertuz gero, nire ustez, askatasun handiagoa diaukagu euskal testua borobiltzeko.

B) Hiztegi arazoak:

Alderdi honetatik, besteak beste eta eritziak eritzi, badiaudek termino batzu aztertu beharrekoak: acordar (eta familia honetako acuerdo), adoptar, interponer (eta familia berekoa den interposición) eta razón social.

a) Acuerdo eta acordar. Nire ustez, ez duk hitz familia hau zuzen itzuli: "se acuerda"-ren ordain gisa, "akordatzen da" jarri duk, "contra el acuerdo adoptado por el Consejo de Diputados"-en ordain gisa, "Diputatu-Kontseiluak... onartutako akordioaren aurka" eta "contra el acuerdo adoptado por el expresado Consejo de Diputados"-en ordain gisa, "aipatu Diputatu-Kontseiluak... onartutako akordioaren aurka".

Diccionario de la lengua españolaren hogeigarren argitaraldiko 1. liburukian, 21. orrialdean, acordar hitzaren esanahi ezberdinak agertzen dira. Berauen artean, bi azpimarratuko ditiat, izan ere, guri dagozkigunak:

  1. tr. determinar o resolver de común acuerdo, o por mayoría de votos. 4. conciliar, componer.

Hauexek dituk guri agertzen zaizkigun esanahiak neurri handi batetan eta, nire ustez, euskaraz acordar eta acuerdo hitzek bina ordain behar diate. Honelaxe uste dik UZEIk ere, Zuzenbidea/2 hiztegian, 422. orrialdean, honela bait diakarrek:

acordar (adostasunera iritsi): akordatu;

acordar (xedatu): erabaki;

Bestalde, 423. orrialdean, substantiboari dagokionez, honako hau irakurtzen diagu:

acuerdo (adostasuna): akordio, acuerdo (xedapena): erabaki.

Hemen aztertzen dihardudan testuan, DRAEk aipatzen duen lehen esanahia eta, hortaz, xedapenaren kutsua ezin argiagoa duk nire ustez. Beraz, akordatu-ren ordez, erabaki eta akordioa-ren ordez, erabakia jarri beharra diagok.

b) Adoptar. Lehen jarri ditudan adibideetan ikus daitekeenez, hik onartu erabiltzen duk haren ordain gisa. Bazirudik hobeto legokeela UZEIk lehen ere aipatu dudan hiztegian, 425. orrialdean, proposatzen duen hartu hori (neurriak, erabakiak, etab.). Isladatik badatorkigu ere, aprobar-en ordain gisa onartu aditza erabiltzeak azaltzen didan arazo nagusia azalduko diat: Aurten ARCEPAFE-EFAPEBAA (Euskadiko Foru Administrazioko Pertsonalaren Enplegu Baldintzak Arautzen dituen Akordioa) Bizkaiko Foru Aldundiak aplikatu nahi izan zuenean, honako erabaki hau hartu zian: "Aprobar la aceptación del ARCEPAFE para...". Honexegatik, beharbada, behin eta berriro aipatutako hiztegi horretan, UZEIk aceptar-en ordain gisa, onartu proposatzen dik eta aprobar-en ordain gisa, onetsi eta baietsi.

c) Interponer eta interposición. Hitz hauek sorterazten didaten arazoa bestelakoa duk. Ez diat uste inolako arazorik dugunik hik erabiltzen duan ordaina ulertzeko. Nire kezka, esan bezala, bestelakoa duk, honako hau, alegia: kalkoa erabili beharra ote diagok? Zuzenbidea/2 hiztegian honelaxe proposatzen bide diate, beste bide baten ondoan:

interponer: tarteratu, tartejarri;

eta interposición: tartejartze.

agertzen zaizkiguk eta. Nik neuk ere urte askotan erabiltzen izan ditiat biak. Hala ere, ez ote duk nahikoa jarri eta jartze ordainak edo berauen baliokideak erabiltzea? Galdera hiri ezezik, honako hau irakurtzen duten guztiei egozten zieat.

Ondoren, aurrekoari lotuta, Administrazioan esapide arrunt-arrunta dena ekarriko diat gogora: "Interponer recurso de reposición ante el Diputado de Cultura" ospetsua. Honen ordain gisa, sarritan "Kulturako Diputatuaren aurrean birjarpen errekurtsoa tartejartzea" ematen dik. Ez diat gomutan non topatu dudan bitxi berezi hau baina ez diat uste, zoritxarrez, gaitza denik berau topatzen edozein aldizkari ofizialetan. Erdal esapide egin honen euskal ordaina ote duk hori? Ez diat uste, euskaraz "...ren aurrean" erabiltzea egokia denik, oso irudi fisikoa ematen bait dik; datiboa erabiltzeari egokiago zeritzoat, hala nola, "Kulturako Foru Diputatuari". Bestalde, tartejartzea zerbait(en) tartean jartzea denez gero, gorago aipatutako "euskal ordain" horretan dagoen elipsia interpretatuz, ez ote genikek "Kulturako Diputatuaren aurrean birjarpen errekurtsoa tartean jartzea" irakurri beharko? Ondorio gisa, honako hau atera diaitekek: ez diagok itzulpen txarragorik hitzez-hitzezkoa baino.

Arazo honen gainean, azkenik, beste arazo bat ere aipatu beharra diagok: erabilera maiztasunarena, gure esparrutik kanpo inoiz gutxitan erabilia izateaz gainera, oso eragin urria izan bait dik.

d) Razón social. Hik, ordain gisa, izen sozialdun enpresa darabilk eta ez diat oker dagoenik uste. Hala ere, ez ote duk berdina eta, joskeraren aldetik, malguagoa sozietate ordaina? "razón social Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles S.A. (CAF)" irakurri beharrean, "sociedad Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles S.A. (CAF)" irakurtzen bada, berdin diola ematen dik. Beraz, nik sozietate ordaina aukeratuko nikek.

C) Euskal ordainaren joskera

Atal honetan, berriz, arazorik latzena euskal ordainaren joskeran datzala azaleratu nahi diat; gomutagarri gisa, nik aktetan egindako saio eta itzulpenak aldean ditudala, hik ematen diguan itzulpen horren antzekoak edo berdinak direla aitortu beharra diat, hots, joskeraren aldetik ere, hitzez-hitzezko itzulpena agertzen zaidak. Eta hemen diagok koska: euskal ordaina erdal testuaren argitan zelan edo halan uler diaitekek. Erdal testuaren argitan, alajaina! Euskaldunak ezin bait diezakek euskal ordaina bakarrik irakurriz gauza handirik uler. Gero eta behin, euskal ordainari begiratuta, nork onartzen dik zer eta nork jartzen dik errekurtsoa? Ez diagok argi. Gaiztoena, nik uste, euskal itzulpena hitzez-hitzezkoa izanagatik, euskaraz erdarazko testuan agertzen den mezua ematen ez dela duk.

Beraz, teknolektoa den ginoan, euskaraz eman behar ditugun testuentzat joskeraren aldetiko autonomia eskatzen diat, euskara hutsez irakurriko badiagu. Mugak, joskerari dagozkionez, mezua zuzen emate horretan diautzak. Honelako "bitxi bereziak" euskaraz eman behar ditugunean, itzultzailea izan beharrean, "idazle" izan behar diagu, gure lana alferrikakoa izan ez dadin.

Zeintzu dituk, beraz, nire ustez, hik emandako testuan zuzendu behar diren akatsak? Hona hemen, bada:

1) Erdal testuaren egitura orokorrari larregi lotu hatzaio. SENEZ aldizkariaren 1989ko 1-2 ale bikoitzeko 188. orrialdean, erdal testuak 24 lerro ditik punturik agertu gabe, bai eta euskal ordainak 23 ere, puntuak agertzen ez direlarik.

2) Erdal testuko esaldien arteko loturei dagokienez, berdin. Honen ondorioz, erdal testuan orpoz orpo agertzen diren segmentuak euskaraz barreiaturik gelditzen dituk, hala nola, "...el acuerdo adoptado por el Consejo de Diputados..." erdal testuko 4 eta 5. lerroetan agertzen diren bitartean, euskaraz "...Diputatu-Kontseiluak... onartutako akordioaren..." irakurtzeko 5. lerrotik 16.eraino joan behar gaituk.

3) Aipamenek euren esangura galtzen diate, ez dakigularik nor den errekurtsogilea, zer den errekurtsogaia, etab. Honela, "Udal honek" (2. lerroan), "Diputatu-Kontseiluak" (5.ean), "Udal honek" (7.ean) "aipatu Diputatu-Kontseiluak" (18 eta 19.ean).

4) Mezua barreiatu eta galdu egiten duk. Azken-azkenean agertzen duk errekurtsoa jartzen dela. Bestetik, hainbeste errekurtso eta erabaki bitarteko izan eta testuan agertzen diren lokarriak direla bide, nahasketa galanta dela aitortu beharra diagok.

Akats horiek konpondu nahian, bada, hona hemen, nire proposamena:

Hasieran, testua hiru zatitan banatuko diat, lehen zatia, "interponer"-etik "7 de diciembre de 1988"-raino, bigarrena, "resolutorio"-tik "17 de diciembre de 1985"-raino eta hirugarrena, "sobre"-tik amaieraraino.

Bestalde, zati bakoitzean beste banaketa bat egin beharra diagok testua oso-osorik xehekatzeko; lehenengoan zati bi diaudek:

1) "Interponer recurso contencioso-administrativo".

2) "...contra el acuerdo adoptado por el Consejo de Diputados de la Diputación Foral de Guipúzcoa en sesión celebrada el día 7 de diciembre de 1988...".

Bigarrenean, berriz, beste zati bi antzematen ditiat:

1) "...resolutorio del recurso de reposición interpuesto por este Ayuntamiento mediante escrito de 6 de mayo de 1986".

2) "...contra el acuerdo adoptado por el expresado Consejo de Diputados en sesión celebrada el día 17 de diciembre de 1985...".

Azken zatian, berriz, arazoa korapilotsuagoa duk, erdaraz erabiltzen den joskera bihurria dela bide. Hala ere, nik honako segmentu hauek bereiziko ditiat:

1) "...sobre el derecho a participar y a la asignación de cuotas y recargos a este Ayuntamiento y a los de Lazkao y Ordizia en las cuotas tributarias...".

2) "...que por el concepto de Impuesto de la Licencia Fiscal de Actividades Comerciales e Industriales abone la razón social «Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles S.A. (CAF)»".

Ageri denez, azken zati honetan badiaudek bestelako zailtasunak eta horiexek izango dituk geroago sakonago aztertu nahi ditudanak. Dena dela, horri ekin aurretik, badiagu lokarrien arazoa, berauek eragozten bait diate neurri handi batetan testu osoa. Lokarri horiek, "resolutorio de" eta "sobre", hurrenez hurren, 7 eta 14. lerroetan diaudek. Beraiei esker lortu diate bitxi berezi bezain luze hau.

Ondoren, zati bakoitzaren euskal ordaina ematen ahaleginduko nauk, loturak eta berauei dagozkien deklinabideko kasu markak gerorako utziaz. Honela, bada, lehen zatian:

1) "Administraziozko liskarrauzi-errekurtsoa jarri..."

2) "...Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak 1988ko abenduaren 7an egindako bilkuran hartutako erabakiaren aurka..."

Bigarren zatian:

1) "...Udal honek 1986ko maiatzaren 6ko idazki baten bidez jarritako birjarpenezko errekurtsoa ebatzi zuena", (beltzezko hau behin behinekoz geldi bedi).

2) "Diputatuen Kontseilu horrek 1985eko abenduaren 17an egindako bilkuran hartutako erabakiaren aurka..."

Azken zatian, berriz, lana neketsuagoa duk, batez ere lehen segmentuari dagokionez. Lehen lana, nire ustez, erdal zati hori berridaztea litzatekek. Nik honako hau proposatzen diat:

1) "...sobre el derecho que este Ayuntamiento y los de Lazkao y Ordizia tienen a participar y a que se les asignen las cuotas y recargos en las cuotas tributarias...". Honela, nire ustez, euskarari begira, malgutasun handiagoa lortua diagu. Euskal ordaina honako hau litzatekek: "...Udal honek eta Lazkao eta Ordiziakoak zerga kuotetan parte hartu eta berauetako kuota eta errekarguak esleitzeko duten eskubideari buruz..."

2) "...«Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles S.A. (CAF)» sozietateak Merkatal eta Industri Ihardueren Lizentzia Fiskalaren Zergarengatik ordaintzen dituen..."

Laburbilduz, hiru zati nagusi horiek euskal testua bestela albinotzen errazten ziguate. Eta hauxe duk nik nahi dudana, euskal ordaina erdararen parekoa izan dadin, parekoa, jakina, ulertze eta erabilerari gagozkielarik. Aurrera baino lehen, gauza bat argi eta garbi utzi nahi diat. Lehen aipatu diadan joskeraren aldetiko autonomiari terminologiarekiko begirune osoa eransten zioat.

Amaitzeko, gaitzerdi!, hona dioak nire proposamena. Hitzak hitz, joskerari begira eginda diagok.

... ondorengoa erabaki da:

Lehena.- Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 1985eko abenduaren 17an egindako bilkuran erabaki bat hartu zuen, «Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles S.A. (CAF)» sozietateak Merkatal eta Industri Ihardueren Lizentzia Fiskalaren Zergarengatik ordaintzen dituen zerga kuotetan Beasain, Lazkao eta Ordiziako Udalek parte hartu eta beraietako kuota eta errekarguak esleitzeko duten eskubideari buruz. Erabaki horren aurka, Udal honek 1986ko maiatzaren 6ko idazki baten bidez birjarpenezko errekurtsoa jarri zuen eta Diputatuen Kontseilu horrek 1988ko abenduaren 7an egindako bilkuran errekurtso hori ebazteko erabakia hartu zuen. Beraz, azken erabaki honen aurka administraziozko liskarrauzi-errekurtsoa jarriko da.

Badiakiat erdal testuaren egitura alde batera utzi dudala. Badiakiat, beharbada, kondaira kutsua izan dezakeela. Dena dela, testua logikoa dela uste diat eta hasieran hartutako erabakitik azkenean jarri den errekurtsoraino doan haria barrenloturazkoa duk.

Nik ekarritakoa gure eremu latz honen osagai askotarikoa izango delakoan eta laster elkar ikusiko dugulakoan, agur beroa.

Bilbon, 1990eko abuztuaren 29an.