Itzultzaile profesionalentzako azterketa profesionalak
J.C. Sager

Laburpena

Elkargo profesionalek beren izatea eta zeregin publikoa elkartekideen lanaren kalitatea kontrolatu eta ziurtatu ahal izateari zor diote. Ondorioz, beren lanbidearen maila altxatu nahi duten itzultzaile-interpretarien elkarte guztien kide izateko azterketak jarri beharko lirateke.

Elkargo profesional bateko kidetasun osoa eskuratzeko azterketa KOALIFIKATZAILEAK maila bakarra izan beharko luke eta gaitasun profesional osoa aitortu, bizpahiru urtez itzultzaile edo interpretari «hasi-berri» gisa ihardun ondoren.

Azterketak zenbait zati izan ditzake, banaka hartzeko modukoak eta errepikatu errazak.

Itzultzaileentzako azterketak, jakina, ahal bezain praktikoa izan beharko luke: kontrolpeko baldintza jakinetan itzultzea; interpretarientzat, berriz, talde aditu batek interpretazio saio zuzen edo grabatutakoa ebaluatzea izan daiteke.

Azterketa hauek piskanaka ezarri behar dira urte anitzen buruan, lanbide horretako kide gazteenetatik hasita.

Dena dela, elkartekide izateko beste hautabide bat ere zabalik utzi beharra dago, ebaluaketa-erizpide garbiak erabiltzerik dagoen profesionalentzat: adibidez, liburuen itzultzaileak, eta batez ere esperientzia eta lanbide luzea duten itzultzaile nahiz interpretariak.


Azterketak egin beharra

Arrazoi orokorrak

Elkargo profesional ororen erantzukizuna da bere kideak onartzeko erizpideak arautzea. Oro har, eginkizun hori izangaiaren akreditazioa aztertuta, jendea koalifikazio, lan eta esperientziaren arabera onartuz egin ohi da. Jokabide hau egokia izan daiteke lanbide honetan esperientzia frogatua duten kideak onartzeko, baina ezer gutxi lagun dezake itzultzaile nahiz interpretari gazteak hautatzeko.

Azterketa profesionalak lanbide jakin baten aitormenik gorena dira. Zenbait urtetako lanbide iharduera frogatuan oinarritutako sistema aski izan daiteke elkartearen muina osatzeko, baina ez du ez lankide gazterik elkarteratzeko eragiten ez eta koalifikazio osoa eskuratu ahal izateko laguntzarik ere eskaintzen.

Elkargo profesional ororen zereginetarik nagusienetako bat lanbidearen standard batzuk jartzea da. Eginkizun hori askoz ere hobeto beteko du elkarte horrek ordezkatzen duen lanbidearen lan-kalitateaz eritzia osatu nahi duten itzultzaile edo bestelakoek miratzeko moduko azterketak baditu.

Beren azterketa propioak edo, behintzat, kanpoko azterketen emaitzen balidazioak egiten dituzten bestelako elkargo profesionalek ez dute begiramen haundirik izango kide berrien onarpenerako halako sistema zehatzik ez duen elkartearekiko.

Elkarteko bazkideek lankideen artean lan-kalitatearen standard argi eta garbia dagoela jakin nahi izaten dute. Azterketak faboritismo edo nepotismorik ez dela frogatzeko biderik garbiena dira. Elkartekide izateko eskabidea egina dutenek sentitu nahi izango lukete azterketa gainditzeak itzulpentxotan dihardutenetatik bereizten dituela koalitatiboki nahiz publikoki.

Itzultzaile eta interpretariek beren lanbidearen aferetan aitzindari izan behar badute, eta lankideen ordezkari publiko gisa jokatu, hautapen aski zorrotza dutela erakutsi behar dute.

Arrazoi bereziak

Ez dago lehentasunezko bide bakarra itzultzaile edo interpretari izateko; baina ez dago ezta ere elkarteak beretzat hartzeko inolako koalifikazio edo erizpide kanpotarrik.

a) Unibertsitate edo eskola politeknikoetan egun itzulpengintza edo interpretaritzan diren azterketak alde askotan ez dira egokiak:

  • graduatu aurreko ikasturteetan oso maila apaleko azterketak egiten dira eta, berez, ez dira profesionalak;
  • graduatu ondoko kalifikazioak (diploma nahiz masterra izan) ez du aldez aurreko esperientzia praktiko profesionalik eskatzen, ez eta ikastaldiaren zati garrantzizkorik esperientzia praktiko gisa izan denik ziurtatzen ere; ondorioz gerta daiteke azterketaren maila gorputz profesional batentzat egokia ez izatea;
  • halako ikasketetan itzulpengintza nahiz interpretaritzarako trebakuntza orokorra irakatsi ohi da, bietarako batera, ez batean ez bestean standard profesionalik lortu gabe;
  • batetik bestera gora-behera haundiak egon ohi dira ikastaldiok gainditzeko behar den koalifikazio mailan.

(Bestalde, elkarte batek gidatutako azterketa profesionalek etorkizuneko itzultzaile nahiz interpretarien trebakuntzaren eskakizuna zorrozten lagun dezakete, trebakuntzaren urrats bakoitzean behar den kalitate-mailaren neurria eskainiz).

b) Itzultzaile eta interpretari asko lanbide honetara zeharbidetik iritsi izanak erakusten du ez dagoela trebakuntza eredu bakarrik eta unibertsitate nahiz politeknikoak ezin litezkeela mota guztietako itzultzaile edo interpretarien iturri izan. Itzultzaile eta interpretari hauek elkartera jotzen dute azterketa bidez erreferentziazko eredu gisa har litezkeen standard profesionalen bila, beren jomuga finkatu eta aldi berean nork bere lorpenak neurtzeko.

Elkarte batek nolabaiteko azterketa egin beharrak saihestu ezinezko hiru alderdi hauek ditu:

  • hizkuntza askotan ez dago itzultzaile edo interpretarientzako inolako azterkuntza publikorik;
  • interes nabarmena dago elkarte jakin baten xede hizkuntzazko azterketa profesionalen aitorpena eskuratu ahal izateko, eta hori elkarte horrek beste inork ezin lezake egin; adibidez, zer egin dezakete beste herrialdeetan frantseserat itzultzen diharduten itzultzaileek, beren lana Frantzian profesionalki onargarri den mailaren pareko dela frogatu nahi badute?
  • badira zenbait gai edo trebetasun elkarte batek baizik arautu eta prefesionalki kreditatu ezin dituenak.
    Nazioarteko itzulpen merkatuan gero eta itzultzaile gehiago dira edo atzerritarrak edo atzerrian ari direnak. Hauek elkarte batetara jo ohi dute beren trebetasunak abalatzeko. Zaila da halako kideak onartzea kredentzial hutsetan oinarrituta, edota hala egin ondoren itxaropen guztiak betetzea.

Azterketarik ez izateak arazo sakon asko sortzen ditu:

a) Aurkeztutako lanaren balorazioaren araberako onarpenak ez du ziurtasun haundirik eskaintzen elkartekide izateko bide standard gisa:

  • ez dago behin ere ziur jakiterik aurkeztutako lana jatorriz aurkezlearena ote den;
  • ez dago zalantza gabeko ziurtasunik lan hori zein baldintzetan egina ote den;
  • alor jakin batzuetan zail gerta daiteke aurkeztutako lana baloratu ahal izateko aholkulari adituak aurkitzea;
  • bada itzultzailerik arrazoi asko dela medio (isilpekotasuna, egile eskubideak besterekin erdibana izatea, argitalpen baldintzak) bere lan asko aurkeztu ere ezin duenik, nahiz gaitasun haundikoa izan. Itzultzaile hauei ez litzaieke kide izateko aterik itxi behar.

b) Aurkeztutako lanaren sendotasunean oinarriturik eskabide bat ez onartzeko erabakia ia atzeraezinezkoa da. Eskatzaileak berak hautatutako itzulpen lan profesionalen arabera inori ezezkoa eman baldin bazaio, oso zail izango du ostera ere bere lana aurkeztea bigarren aldiz. Esperientzia luzeko pertsona baldin bada, argi dago ezezko hori behin-betikoa dela, baina itzultzaile gazte batek agian bere eskabidea goizegi besterik ez du egin. Baldintza horretan, ezezkoak bere lan «profesionala» maila kaskarrekoa dela adieraziko dio. Azterketa ez gainditzeak, berriz, ez du halako ondoriorik, eta batek lasai asko egin lezake bigarren aldiz ere.

Nolako azterketak

Azterketak elkarte baten kide izatera iristeko bide izango dira. Dena dela, bide honekin batera egon litezke bestelako erizpideak ere kide izatera iristeko.

Azterketok kidetasun osoa eskuratzeko biderik azkarrena izan beharko lukete. Era berean, gaitasun osoko profesionalaren aitormena eskuratu izanak berez duen mesedea irabazi nahi luketen itzultzaile nahiz interpretari gazteentzat moldaerrazak izan behar lukete. Ondorioz, kidetasun osoa lortzeko bestelako bideek azterketaren bide honekin oso loturik egon beharko dute.

Itzultzaileentzako azterketak ahal bezain praktikoa izan beharko luke. Gutxienez bi zati berezi izan beharko lituzke: bata orokorra, irakurgaiaren aldetik, alor zabaleko gaietarako; bestea berezia, gai jakin batzuetatik itzultzaileak bat aukeratu ahal izan dezan. Itzultzaileak nahi hainbat gai berezitara aurkezteko aukera izango luke, bere espezialitate-maila frogatu ahal izan dezan.

Azterketa-mahaiak erabaki beharko luke azterketarako zein gai berezi onartuko duen, bigarren zati berezien kopurua arrazoizko mugetan egon dadin. Hirugarren espezialitate-maila ere sar daiteke aurkeztutako lanen aitormenaren bitartez, baina ez dirudi oso aukera erabilgarria denik.

Mamikuntza

Osaturik dagoen elkarte batean azterketa sistema ezarri nahi bada iraganbideren bat behar da. Aldi horretan malgutasunez jokatu behar da elkarteak bildu nahi dituen adin talde eta esperientzi maila guztiak moldatzeko.

Adin guztietako kideen ordezkaritza orekatua izateko, azterketak adin-taldeka sartu beharko lirateke. Jakina, azterketarik ez izatea adin-talde bat edo besteren kaltetan ez izateko moduan egin behar da. Era berean, jokabide honek esperientzia luzeko itzultzaile arrakastaduna aztertu beharreko zama kentzen dio elkarteari. Nolabaiteko erizpidea ondoko arau gisako honetan eman daiteke:

Azterketak itzultzaile hauentzat izango dira:

a) esperientzia profesional luzea (adibidez, 10 urte) eta lanak aurkeztea,

  • pareko esperientzia interpretarientzat,
  • itzulitako liburu kopuru jakin bat eta kritika onak liburu-itzultzaileentzat.

b) 2-3 urtetako esperientzia eta azterketa.

Hautabide hauetan itzultzaile gazteek azterketa aukeratuko dute beren gaitasun profesionala frogatzeko; itzultzaile zaharragoak, berriz, beren esperientziaren sendotasunaren oinarrituta izan daitezke onartuak. Aurkeztutako lanetan zalantzarik sortzen baldin bada, eskatzaile zaharragoei azterketaren zati bat egitea ere eska dakieke.

Ondorioa

Azterketak lanbidean sartu nahi duenaren oinarrizko gaitasun beharra ezartzen du eta alde askotatik ikusita oinarrizko gaitasun horren neurketa besterik ez da. Hau oso garrantzizkoa da itzultzaile eta interpretarientzat, jende asko bait dago itzuli edo interpretatzeko gauza dela uste duena. Azterketak uste hori ustela dela erakutsiko die, eta horrenbestez amateur eta profesionalaren arteko bereizketa ezartzen du.

Elkarte batentzat garrantzizkoa da bere babarrunak itzultzen edo interpretatzen irabazten dituen benetako profesionala, elkartean egotea komeni den amateur gaitua eta itzultzeko gai dela uste duen ausarta, hirurak, ondo bereiztea. Azterketak laguntza haundia emango luke erreferentzia onak edo, areago, itzulpen onak bereak bailiran pasatzeko gauza den inkonpetentea kanpoan uzteko.

Gotzon Egiak itzulia


Egileari buruz:

J.C. Sager irakaslea Manchester Institute of Science and Technology-ko Unibertsitateko Hizkuntza eta Hizkuntzalaritza Departamentuko buru da. Departamentua makina bidezko itzulpenaren ikerketan nahiz terminologian dago espezializatua, eta graduatutako ikasle asko dauzka itzulpengintzaren zenbait alderditan lanean. Egilea Institute of Translation and Interpretingeko lehendakari izan da 1985etik 1990a bitartean.

Helbidea: c.o. UMIST, P.O. Box 88, Manchester M60 1QD. United Kingdom.

(*) Artikulu hau Babel aldizkarian argitaratu zen (Babel, 1990, 36.1: 58-61, Fédération Internationale des Traducteurs, Amsterdam). Argitaratzailearen baimenaz euskaratu eta argitaratua.