Katalanaren zinpeko interpretariak
Artikulua PDFn
Zinpeko interpretariek ez dute beren lanbidearen historiarik. Legeetan ageri den lehenengo aipamena 1843koa dugu. Urte hartako erret-agindu baten arabera itzulpena, izaera ofizialez, Madrileko Hizkuntzen arteko Interpretaritzarako Idazkaritzan egin zitekeen, eta baita estatu osoan ere, zinpeko interpretariek eginez gero.
Jakin badakigu mende honetako hogeigarren urteetan katalanaren zinpeko interpretariak bazirela. Guregana iritsi den lehenengo errolda hogeitamargarren urteetakoa dugu. Garai horretan Espainian ziren 76 interpretarietatik 8 katalanetik itzultzeko gaituta zeuden. Gerrate zibilak hutsaren hurrengo bilakatu zuen katalanaren zinpeko interpretarien errolda. Gerratearen ondoren, berriz, hizkuntzak zapaltzera bideratutako politikaren gorabeherak jasan zituen. Horrela, nahiz eta formalki ez ziren azterketak debekatu, garai hartako arauek gobernadoreak interpretariaren beharrari buruzko informea ematea eskatzen zuten. Gobernadoreek uko egiten zioten behar hori aitortzeari, beharra begibistakoa izan arren; izan ere, kontutan hartzekoa da diktadurak berak ere ez zuela deuseztatu kataluniarren zuzenbide zibila, zein guztiz egoera aktiboan mantendu bait zen, testamentuei eta ezkontzei zegozkienetan; berariazko kontratu figurak zituen, eta agiri ugari sortzen zen, beraz, katalanez.
Berrogeitamargarren urteetan berriro onartu ziren izangaiak, baina gobernadoreek kontsentitu egingo zuten ihesbide bat erabiliz: azterketarako eskabidea zein hizkuntzatarako zen adierazi gabe egiten zen, Ministeritzarekiko harreman zuzenean zehazten zelarik hori, gerorago.
Gaurregun 178 dira Bartzelonako Gobernu Zibilean inskribatuta dauden katalanaren zinpeko interpretariak; horiei, Kataluniako gainerako alderdietan eta Balentzian eta Balearretan dihardutenak gehitu behar zaizkie. Azken bi komunitate hauei dagokienez, aipagarri da Hizkuntzen arteko Interpretaritzarako Bulegoa, zeinen menpe bait daude interpretariak, aldendu egin dela gobernu zentralak defendatzen zuen eritzitik, hau da, balentziera eta Balearretako katalana hizkuntza desberdintzat jotzetik. Azterketa bakarra dago katalanerako, eta bertan Kataluniako bi dialektoetako testoak ager daitezke (ekialdeko zein mendebaldeko dialektokoak).
1984ean Kataluniako parlamentuak aho batez onartu zuen legez besteko proposamen bat; katalanaren zinpeko interpretaritzaren eta itzulpengintzaren alorreko eskuduntza efektiboa izan zedin estatuko gobernuari beharrezko ziren zerbitzuak Generalitatearen esku utz zitzan erreklamatzeari ekin ziezaion eskatu zitzaion Kataluniako gobernuari —bi urte lehenago zuen egina hori Eusko Jaurlaritzak—. Zinpeko itzultzailearen figura arautu nahi zuen Euskararen Erabilpena Normaltzeko Oinarrizko Legearen 12. artikulua Konstituzioaren kontrakotzat deklaratu zuen Epaitegi Konstituzionalaren sententziak galerazi egin zuen zinpeko interpretarien menpekotasuna aldatzea, aurrerantzean ere gobernu zentraleko Hizkuntzen arteko Interpretaritzarako Bulegoari atxikirik egon beharko dutelarik.
Gaur egun zinpeko interpretariak burutzen duen lanari gagozkiolarik, esan beharra dago bere figura ezezaguna izateaz gain ez dagoela dituen konpetentziak argi eta garbi zehazten dituen araurik. Zinpeko interpretarien itzulpenek izaera ofiziala izango dutela dio legeak; ez du adierazten, ordea, noiz dagoen itzulpen ofizialen beharra.
Bere eguneroko lanean, arlo askotatik irits dakizkioke zinpeko interpretariari eskariak; arlo hauek bereiz ditzakegu:
- Agiri judizialen itzulpena, eta bereziki prozedura zibiletatik, penaletatik, eklesiastikoetatik, polizialetatik eta abarretatik sortzen diren agirien itzulpena; esate baterako, erreguzko komisioak, ezkontza-baliogabetze, dibortzio edo banaketa sententzien ejekuzioak, adinez nagusi ez direnak seme-alabatzat hartzeak eta bestelako ebazpenak.
- Jatorri ofiziala duten agiriak, baina izaera administratiboa dutenak nolabait: egoera zibilari buruzko ziurtagiriak, ikasketei buruzko ziurtagiriak, medikuen ziurtagiriak, albaitarienak eta abar.
- Notarietan burutzen diren itzulpen eta interpretaritza lanak, hala nola ondasun higikor eta higiezinen salerosketarako eskriturak, elkarteak sortzeko agiriak, ahalmenak ematea edo indarrik gabe uztea, aktak eta abar.
Merkataritzaren arloan, berriz, mota askotako agiriak iristen dira itzultzailearen eskuratara, hala nola telexak, merkataritzako eskutitzak, kontratuak, aseguru polizak, konpainien estatutuak, patente eta marken espedienteak, kontu-ikuskaritzak, zinpeko aitorpenak, balantzeak, lizentziei buruzko akordioak, mailegu kontratuak eta abar.
Hala ere, zeregin guzti hauetan beste profesional batzuen konpetentzia kezkagarriari aurre egin beharrean aurkitzen gara. Horrela, justizia ministeritzak, zinpeko interpretari gutxi zeudela eta ordain handiegiak jasotzen zituztela arrazoitzat jarriz, beste figura bat sortu zuen, perito judiziala, zeinek zinpeko interpretariaren eginkizunak betetzen bait ditu auzitegietan, berariazko inolako titulaziorik ez zaiolarik eskatzen horretarako. Bestalde, autonomi elkarteek sortutako itzulpen zerbitzu ofizialak gehitu behar zaizkio horri, interpretarien eginkizun berberak burutzen bait dituzte horiek ere. Zerrenda luzatuz doa, itzultzeko gaitasuna duten notarioak edo kontsuletxeetako funtzionariak (Frantziako Rosellón-eko edo Italiako Alguer-eko katalanezko testuak) gehitzen badizkiogu; azkenaldi honetan, gainera, beste estatu batzuetako (Frantzia) zinpeko interpretariei gure artean iharduten utzi izan zaie. Hain delarik nahasia egoera, ez da harritzekoa katalanaren zinpeko interpretarien nahirik handiena beren lan esparrua mugatuko duen konpetentziei buruzko legeria lortzea izatea.
Imanol Zurutuzak itzulia