'Corramos libres ahora' poesia-bildumaren itzulpenaz
Ibai Sarasua Garcia

Artikulu honen helburua da Rosamaría Roffiel autore mexikarraren 'Corramos libres ahora' poesia-liburuaren itzulpen-prozesuaren berri ematea. Lehenik, autorearen eta obraren testuingurua azalduko da, itzulgaiaren ezaugarri garrantzitsuenak ezagutzeko. Jarraian, poema horiek itzultzean sortutako arazo nagusien eta horien irtenbideen hausnarketa labur bat egingo da, itzultzailearen eta poesiaren arteko tirabiraren irudi orokor bat erakuste aldera. Azkenik, itzulitakoaren lagin bat aurkeztuko da, aipatutako arazoen eta irtenbideen erakusgarri.

Itzulpen-mota guztien artean, poesia- itzulpenak baditu zenbait bereizgarri, jatorrizko testua ere berezia baita. Hala ere, berezitasunak berezitasun, Itzulpengintza Graduko ikasleak inoiz gutxitan du aukera ikasgelan poema bati heldu eta hura itzultzeko aproba egiteko. Agian horregatik erabaki nuen gradu amaierako lanerako poesia-liburu bat itzuli eta bidean poesia itzultzean sortutako arazoak aztertzeko lana hartzea. Honela definitzen du Gerardo Markuletak poema on bat:

Poema onak trepeta linguistiko, emoziozko eta adimenezkoa izan nahi du aldi berean, erritmo, musikaltasun, komunikazio, umore eta probokazioa ahaztu gabe. Poema on batean, mezua guztia da. (Markuleta, 2013)

Ukaezina da, beraz, konplexutasun izugarrizko testua izan ohi duela itzultzaileak aurrean, eta, Pello Zabaletak dioen moduan, ezinezkoa dela sorburu-hizkuntzaren bideak osoki ekartzea itzultzailearen xede-testura (Zabaleta, 1992).

Konplexutasun hori buruhausteen iturri soiltzat jo beharrean, baina, ulertu nuen aukera ezin hobea zela itzultzailearen prestakuntza praktikorako, buruhaustez betea, sorpresaz eta pozgarriz bezainbeste. «Entendemos la traducción literaria y poética como una labor estética en la cual la empatía es básica para la comprensión del texto original: por parte del traductor poético es necesaria una fuerte identificación con los actos textuales emocionales» dio Gómez Pato itzultzaile galiziarrak (Gómez Pato, 2012). Horra erronka: hizkuntza-gaitasunaz eta itzulpen-gaitasunaz harago, itzultzaileak behar du sentsibilitate literarioa ere.

Horrela, erronka horri helduz, graduan beste behin kasualitatez topatutako autore ezezagun baten poesia-liburuari heldu nion, Rosamaría Roffiel autore mexikarraren Corramos libres ahora bilduma intimistari.

Poesia-itzulpenean aditua ez nintzenez, ezta oso aritua ere, Zabaletak proposatutako bost puntu hauek hartu nituen olerkiak itzultzeko oinarri sendo gisa (Zabaleta, 1992):

  1. Poesiaren poesia-izaera errespetatuz edertasuna lehentasun izatea.
  2. Jatorrizkoaren moldea ahal den neurrian errespetatzea, baina, ezin denean, sorkuntza berriak egitea.
  3. Poesiari bere izaera sarri azalak ematen diola kontuan hartzea.
  4. Itzulezinezko puntuak itzultzeko beste jokoak erabili ahal izatea, oharren bat behar bada ere.
  5. Itzulitako poesia ere poesia izatea.

Edozein itzultzailerentzat ezinbestekoa denez itzulgaia ahalik eta ondoen ezagutzea, ezaugarriak xehe-xehe aztertzea eta itzulpenaren testuingurua eta tasun guztiak ere kontuan izatea, arreta handiz aztertu behar izan nuen itzulgai hura ere. Pentsatzekoa zen haren testuinguruak biltzen dituen zertzeladek isla zutela testuaren edukian eta estiloan ere. Azterketa hori egiteko, Nordek egindako itzulpen-jardunerako testu-analisiaren proposamenari jarraitu nion: itzulgaiaren barne-ezaugarriak soilik ez (lexikoa, egitura gramatikalak, eta abar), kanpo-ezaugarriek ere isla izango zuten itzulgaian (autorearen inguruabarrak, edizioarenak eta abar) (Nord, 1991). Hona, beraz, itzulpenerako informazio ezinbestekoa.

Rosamaría Roffiel, liburuaren autorea, kazetaria da ofizioz, eta urte luzez jardun du egunkari eta aldizkarietan lanean. 1945eko abuztuaren 30ean sortu zen, Veracruzen (Mexiko). Lesbiana da, eta horrek isla handia du bere identitatean eta sorkuntza literarioan. Poesia-liburu honetan ere eragin zuzen-zuzena du haren orientazio sexualak: adibidez, poema gehienen gaia amodio eta harreman lesbikoak dira. Ibilbide emankorra izan du Roffielek kazetaritzan, hainbat egunkari eta komunikabidetan aritu izan baita, Hego Amerikako herrialde batean baino gehiagotan, hogei urte zituenetik (Martínez, 1993). Borroka feministan eta LGTBQ borrokan ere aritu izan da gaztetatik, haren hitzetan «emakumeak, homosexualak eta lesbianak etengabe borrokatu behar baikara geure eskubideen alde, eta inoiz ez baitugu “guardia jaitsi”» (Martínez, 1993).

Sormen-lanei dagokienez, 1986an kaleratu zuen Corramos libres ahora, eta haren lan ezagunena Amora da, Mexikoko lehen eleberri lesbikotzat jotzen dena, hain zuzen ere (Duncan, 2011). Edonola ere, Roffielek ez zuen bere burua ez idazle eta ez poeta gisa ikusten: «Inoiz ez nuen pentsatu sormenezko idazlea izango nintzenik. […] Ez nuen neure burua poetatzat jotzen» (Loisel, 2004).

Autore periferikotzat jo dezakegu hein batean: emakumea da, Hego Amerikakoa eta lesbiana. Halakoa da obra bera ere, bai genero literarioa poesia delako, bai harreman lesbikoak hartzen dituelako ardatz. Harreman horiek autorearen beraren ikuspegitik lantzen dituenez, poesia-liburu intimista bat da itzulgai moduan hautatutakoa: Roffielen beraren bizipenak eta hausnarketak, sentimenduak eta gogoetak dira poema guztiak lotzen dituen haria. Hain zuzen, Roffielek sarri aipatzen ditu aurreko gertakariak, irakurlearentzat ezezagunak direnak, baina iradoki egiten ditu, azaldu baino gehiago, irakurlea nolabait istorio horren jakitun balitz bezala jokatuz. Dena den, olerki-bilduma honek badu beste asmorik ere, intimismo hutsa gainditzen duena. Hain justu, esku artean nuen edizioaren hitzaurreak aurreikusten zuen zein den beste asmo nagusia: «[…] maitasuna ez da soilik belarrira esan behar, autoreak egiten duen moduan; lau haizeetara oihukatu behar da» (Roffiel, 2008). Olerki asko aldarrikatzaileak dira, ezin uka. Gizarteak zokoratutako harreman afektibo-sexualen apologia egiten dute, ikusgai bihurtzen dituzte, halakoak sistematikoki zapaltzen dituen gizarte batean.

Olerkiak pertsonalak direnez, olerki- bilduma osoak badu poema guztiak batzen dituen ardatz nagusi bat, izaera aldarrikatzaile hori indartzen duena: ni poetikoaren harreman afektibo-sexualak. Halakoen aurkikuntza, garapena, oroitzapenak eta harreman horien inguruko hausnarketa dira, besteak beste, poemetan agertzen zaizkigun gai nagusiak. Zalantzarik gabe, isla garbia du horrek Roffielen iruditerian, zenbait elementu liburuan zehar maiz errepikatzen baitira poesia askotan. Esaterako, gehien baliatzen dituen esparru semantikoak dira gorputza (cuerpo, muslos, axilas, ojos, vulva, piernas, espalda, pelo, puños, piel, entrepierna, boca, lengua etaabar) eta sexua eta harreman afektiboak (sexo, orgasmo, caricias, pareja, amar, amada, amantes, besarnos, romance eta abar).

Beste bi elementuri ere arretaz begiratu behar zaie, poesia-itzulpenaz ari garelako: errimari eta metrikari. Kasu honetan, Roffielek ez die egitura fonometriko jakinei jarraitzen bere poesietan, poesia gehienak irregularrak baitira bi alderdi horiei dagokienez. Ezin esan liteke, aitzitik, ez duela inoiz ez bata ez bestea baliatzen nahi duen efektu estetikoa lortzeko, aurrerago ikusiko den moduan.

Autoreak beste elementu batzuk ere baliatzen ditu bere poemen estetika jakina lortzeko. Hainbat poematan, bertso-lerroak eta hitzak ezohiko moduan jartzen ditu paper gainean, estetika bisual jakin bat lortzeko. Puntuazioa ere modu berezian erabiltzen du Roffielek, ez baitie beti jarraitzen ohiko puntuazio- eta ortotipografia-arauei. Batzuetan, erabiltzen du puntuazio-ikurren bat, batez ere komak eta puntuak, baina ez era sistematikoan, maiz aurki baititzakegu poema osoak puntuazio-markarik gabe, enumerazioetako elementuak komaz banatu gabe, eta abar. Pentsatzekoa da, beraz, berariaz hartutako erabakia dela, eta, ondorioz, itzulpenean mantentzekoa.

Roffielek, beraz, baliabide linguistikoak, poetikoak eta literarioak beste baliabide bisual batzuekin batera darabiltza poemaren esperientzia osoa irakurleari iritsarazteko.

Ezaugarri horiek guztiek garrantzia izan zuten itzulpen-prozesuan, etengabe eragiten baitzuten hartu beharreko erabakietan. Dena den, baziren ezaugarri batzuk besteek baino arazo handiagoak sortu zizkidatenak gaztelaniazko poema horiek euskaratzean. Jarraian, horietako gutxi batzuk aukeratu ditut, kasu zehatzetan bilatutako irtenbideak eta konponbideak irudikatzeko.

Poesiaren hartzailearen generoa

Argi uzten du Roffielek, lan osoan zehar eta modu esplizituan, emakumeak direla igorlea eta hartzailea. Hartzailearen generoa esplizitatu egiten du, esaterako, adjektiboen bidez (exhaustas, «Hermana mía») eta poemen eskaintzen bidez (Para Mar, quien escribió la mitad de este, «Cabalgata»). Erabaki hori ez da nahi gabekoa, eta galera handia ekarriko luke itzulpenean informazio esplizitu hori bidean galtzeak, Roffielen nortasunaren eta gogoeta eta bizipen horien guztien funtsezko informazio zati bat galduko litzatekeelako.

Horrelako galerak sortu zitzaizkidan, baina, adjektiboen kasuan, gaztelaniaz markatuta ikusten dugun generoa euskaraz bidean galtzen nuelako. Ondorioz, arestian erabilitako adibideak neutralizatu egiten ziren, zeharo, exhaustas eta exhaustos berdin itzuliko baikenituzke euskaraz. Galera hori konpentsatzeko hartu nuen bideetako bat izan zen noka erabiltzea galera hori sumatu nuen poemetan, behintzat adjektiboek galtzen zuten genero-marka hartuko baitzuketen aditzek.

Noka erabiltzeak, baina, bazekartzan beste zenbait arazo eta buruhauste ere, erabaki beharra baitzegoen zein poematan erabiliko zen eta zeinetan ez. Alegia, irtenbide erraza zen bigarren pertsonari zuzendutako poemetan; ez, ordea, bakarrizketetan edo hartzaile zehatzik gabeko poemetan.

Naturalena lirudike maitaleari edo lagunei hikaz ari zaienak hikaz egitea bere buruari ere. Izan ere, Jabier Alberdik dioen bezala: «Barne bakarrizketan beste inon eta inoiz baino gehiago erabiltzen bide da hiketa, […] emakumezkoen [kasuan], ahizpen artean baino dexente gehiago» (Alberdi, 1994). Horrek ere badakar, ordea, arazoren bat; lan berean, honako hau dio Alberdik:

Bakarrizketa den alegiazko elkarrizketan solaskidearen kontzientzia argirik ez baldin badago, hots, emakumea inori bereziki –ezta bere buruari ere– zuzendu gabe ari baldin bada, orduan toketa nagusitzen da bakarrizketan (Alberdi, 1994).

Itzulgaiaren jatorrizko ezaugarriei erreparatuta, ordea, toketa zeharo baztertuko zela erabaki zen, testuaren emakumezkotasunari indarra kentzen ziola eta.

Aldi berean, ni poetikoaren eta (noka erabiltzea erabaki zenez) hi poetikoaren arteko kontrastea markatzea interesgarri suerta zitekeela erabaki zen, igorleak sarri zuzen-zuzen hitz egiten baitio bigarren pertsonari. Hori dela eta, hi poetikorik agertzen ez den kasuetan eztabada erabiltzeko hautua hartu zen. Horrela, beraz, Mi vulva es una flor («Gioconda») itzultzeko, Ene bulba lore bat da eman nuen, «Gioconda» olerkian ez baitzaio inori ari zuzenean; baina Te descubro y te quiero («De cara al horizonte») honela itzuli nuen: Aurkitzen haut eta maitatzen. Izan ere, zuzenean ari zaio beste norbaiti.

Ez nuen aurkitu, baina, noka era estentsiboan erabiltzen duen obra ugaririk erreferentzia gisa erabiltzeko. Horietako bat izan zen, esaterako, Iokin Otaegik itzulitako Hain gutun luzea, Mariama Bâ idazle afrikarrarena (Bâ, 2015). Sarri agertu da itzulgai honetan horrelakoak erabiltzeko beharra, ordea; kasurako: behar dunanean beste emakume ahots bat («Zerumugari so»).

Badaude, ordea, aipatutako hitanoaren erabileraren salbuespen gutxi batzuk ere: bi poematan, usted tratamendua erabiltzen du Roffielek. Kasu horietan, beste poema guztietan erabiltzen duela kontuan izanik, zu tratamendua onetsi da. Horrek, noski, zu poetiko horren emakumezkotasuna galtzea ekarri zuen, halabeharrez, kasu horretan intimitatearen eta distantziaren arteko kontrastea lehenetsi bainuen.

Errima

Aipatu da dagoeneko Roffielek errima ez darabilela maiz, baina bilduma osoan bada errimadun poemarik ere. Errimak sortu dituen erronkak irudikatzeko, «Hermana mía» olerkia aukeratu dut. Poema horretan, errima asonanteak daude, era irregularrean banatuta: hermanas-abrazan (2-4 bertso- lerroak), vida-poesía-risa-distintas-mismas (5-6-7-10-11), desconcierto-cuerpo-nuevos- miedo-juego-incesto (12-13-15-16-18-19), bañan-ganas-hermanas (20-21-28). Horrenbeste errima egonda, beharrezko iritzi nion errima nolabait mantentzeari, nahiz eta ez izan autoreak darabilen modu berean. Bi elementuen oreka bilatzea izan zen helburua, mezuaren eta errimaren artekoa, hain zuzen ere; alegia, errima mantentzea mezua mantentzen uzten zuen heinean. Horrenbestez, errima eredua aldatu egin nuen, errimatzen zuten bertso-lerro batzuk errimarik gabe utzi behar izan nituelako, eta errimaren bokalak aldatu egin ziren. Honako hau izan zen errimen emaitza: bizia-poesia-irria (5-6-7), egonezina-ezberdinak (8-9), berriak-txikiak (15-16), gozoa-erotikoa-gozatzekoa (16-17-18), gaitizten-diren (19-20). Errima horiek ezartzea ere zaila suertatu zen, euskaraz ezin baita errima azentu tonikoan oinarritu, gaztelaniaz bezala; hori dela eta, bokalen arteko kointzidentzia jo nuen irizpidetzat, musikaltasuna bermatzeko. Errima puruaren bitartez bermatzea ezinezkoa bazen, manten zezala bokalen aliterazioak.

Erritmoa

Esan bezala, errimak eragin handia izan dezake poema batean, musikaltasuna ematen baitio olerkiari, eta eragina du irakurleak poema irakurtzean biziko duen esperientzian bertan. Are gehiago ahoz gora irakurtzen badu poesia. Antzeko zerbait gertatzen da erritmoarekin ere. Hautatutako hitzek eta haien ordenak erritmo jakin bat sortzen dute, batzuetan oso musikal suertatzen dena. Hori da, hain justu, bilduma honetako «Cántico» olerkiarekin gertatzen dena. Autoreak berariaz hautatu ditu hitzak, irakurtzean erritmo oso zehatza izan dezan, eta, beraz, eragin jakin bat izan dezan irakurlearengan. Hain zuzen ere, hitz proparoxitonoak erabiltzen ditu bertso-lerro guztien amaieran, eta, horretaz eta metrikaz baliatuta, oso poema erritmikoa sortzen du.

Aipatutako ezaugarri horiek direla eta, poema hori izan zen bilduma osotik arazotsuena. Errima ere badu, baina nabaria da olerki horren elementu garrantzitsuena, estetikan eragin handiena duena, erritmoa dela, errima baino gehiago. Esaterako, lehen bi bertso-lerroetako azken hitzek errima dute: esdrújulas eta brújula. Baina deigarriagoa da bi horiek izan ezik guztiak direla proparoxitonoak. Horrelako elementuak galtzea balantza batean jarri behar izanez gero, itzultzaile-senak ziostan han-hemengo errima horiek baino askoz garrantzi handiagoa zuela erritmoa mantentzeak.

Jakina da euskararen intonazio-arauak ez direla gaztelaniarenak bezain zurrunak, eta hitz bakarrak hainbat intonazio izan ditzakeela euskalkiaren arabera, edo hitzaren beraren testuinguruaren arabera. Zaildu egin du horrek, zalantzarik gabe, hitzak aukeratzea.

Gaztelaniaz, honako hitz hauek darabiltza autoreak, izenburua barne: cántico, brújula, mítica, tónica, vísceras, células, glándulas, rítmicas, intrépidas, impúdicas, pérfidas, ingrávidas, poéticas, mágicas, lésbicas, lunáticas, Andrómeda, erótica, magnífica, política, mujérica. Eta hona xede-testurako hautatutakoak: kantika, emazteak, xederik, mitorik, ezohikoak, erraiekin, hezurrekin, guruinekin, erritmiko, beldurgabe, haragikoi, azpisuge, etereo, poetiko, magiko, lesbiko, lunatiko, Andromeda, erotiko, berealdiko, poetiko, anderezko. Suma daiteke batzuetan itzultzailearen mesedetan jokatu dutela euskararen azentuazio-arau malguek; esaterako, xederik hitzari lehen silaban ezar dakiokeelako azentua. Dena den, isilean irakurtzean, ilun ezkutuan gera daiteke erritmo markatu hori; ahoz gora irakurtzean, ordea, nabaria da oso. Hori dela eta, behar-beharrezkoa da poesia-itzultzailearentzat bere lana ahots gora irakurtzea, behin eta berriro, era horretan bermatu ahalko baitu, eta ez beste inola, egindako lanak poemaren zertzelada eta ñabardurak behar bezala mantenduko dituela.

Autoreak lau silabako bertso-lerroak darabiltza gehienbat, eta horretarako baliatzen ditu lau silabako hitzak, eta, gutxiago dituztenean, hitz betegarriak: intrépidas, baina las pérfidas. Euskaraz ere estrategia bera erabili da: azpisuge, baina bai magiko.

Metrikari dagokionez, mantendu egin da, bi bertso-lerrotan salbu: lehenengoan, 11ko bakarra izanik, eraldatzeari zilegi iritzi niolako. Zortzigarrenean, poemaren ulermenaren mesedetan gehikuntza egin behar izan nuen: baldin badira erritmiko. Hala, zortzi silaba ditu lau beharrean; zortzi silabako beste bi bertso-lerro zeudenez, baina, zilegi iritzi nion.

Horrela, beraz, erritmoa mantentzeko ahalegina egin nuen, olerki bakoitzak bere ezaugarri nagusia manten dezan saiatu behar baitu itzultzaileak.

Azken hausnarketa

Orain arte agertutakoak ez dira itzulpen- prozesuan topatutako arazoetako batzuk baizik. Poema guztiek dakarte hamaika buruhauste, beste edozein itzulgaik beste, gutxienez, eta atzemango dio irakurleak amaieran atxikitako laginean badagoela itzultzailearen buruan hainbat gatazka eta tirabira sortu dituen zenbait pasarte, aukeraketa txikia izanagatik.

Genero gramatikalean eta testuan emakumeak duen presentziaz, errimaz eta erritmoaz harago, mezua eta estetika bere horretan mantentzen saiatzearen emaitza da irakurleak begi aurrean izango duena. Zabaletaren hitzei jarraituta, lehen lau hatsarreak beteta ere (edertasuna lehentasun izatea, jatorrizko moldeak ahal den neurrian mantentzea, poesiari izaera azalak ematen diola kontuan hartzea eta itzultzeko beste jokoak erabili ahal izatea), irakurleak soilik esango du emaitza ere egiaz poesia ote den.

 Cántico  Kantika

 Me gustan las mujeres esdrújulas
 
sin brújula

 sin mítica

 con tónica

 Las que aman con las vísceras

                                  las células

                                  las glándulas

 Las rítmicas
  
        intrépidas
  
        impúdicas

                                 Las pérfidas

                                 ingrávidas

                                 poéticas

                                 las mágicas

                                 las lésbicas

                                 lunáticas

 Me gustas tú, Andrómeda

                                 erótica

                                 magnífica

                                 política

                                 MUJÉRICA.

 Laket ditut azentudun emazteak
 ez xederik

 ez mitorik

 ezohikoak

 Maite badute erraiekin

                                 hezurrekin

                                 guruinekin

 Baldin badira erritmiko

                            beldurgabe
     
                            haragikoi

                                  azpisuge

                                  etereo

                                  poetiko

                                  bai magiko

                                  bai lesbiko

                                  lunatiko

 Gustuko haut, hi, Andromeda
                                erotiko

                                berealdiko

                                politiko

                                ANDEREZKO

 Hermana mía
 Ene ahizpa

Para Mar

Nunca lo imaginamos nunca

Éramos como hermanas
                que se cuentan
                que se abrazan
                que se comparten la vida
                                                    la poesía

                                                    la risa

Tarde inquieta de domingo

distintos besos
miradas distintas

Éramos otras pero también las mismas

Dos amigas atrapadas por el desconcierto
el deseo corriéndoles el cuerpo

Tarde de azoro
            de sentires nuevos
            de un poco de miedo

Qué dulce pasión

               qué erótico juego
               qué gozoso incesto

Aromas y jugos nos bañan

la tarde se sacia, igual que las ganas

Exhaustas
plenas
quedamos
las dos
               más cerca

               más cómplices

               más hermanas.

Marrentzat

Inoiz ez geninan imajinatu inoiz

Ahizpen gisakoak gintunan
                               elkarri kontatzen
                               elkar besarkatzen
                               elkarri emanaz bizia

                                                            poesia

                                                            irria

Igande arrats egonezina

musu ezberdinak

ezberdinak begiradak

Beste batzuk gintunan baina berberak ere bai

Bi lagun nahasmenak atzemanak

desira gorputzetan barrena

Arratsean lotsa

                sentipen berriak

                beldur txikiak

Hau pasio gozoa
                hau joko erotikoa

                hau intzestu gozoa

Lurrinek eta zukuek blaitzen gaitizten

arratsa ase, nola gogoak asetzen diren

Akituta

beteta

gelditu gintunan

biok

                 gertuago

                 konplizeago
 

                 ahizpago.

 De cara al horizonte Zerumugari so

 Para tí, Terciopela

 Me aproximo a mí misma

 en la calma tierna de tu ser entero

 Y nos recuerdo

 intercambiando un centelleo único

 un tiempo irremediablemente nuestro

 de rosas y de azules sollozos contenidos

 hablándonos con una lengua antigua

 de manos que comparten una misma historia.

 Te descubro y te quiero

 con la plena conciencia
 
de cómo debo colocarte

 en este ser tan mío,

 haciendo a un lado la vehemencia

 adoptando una mesura antaño combatida

 alimentándome de tu ternura tímida
 percibida apenas en el atrevimiento

 de tus dedos en mi cara,

 o en esa mirada que a veces se te escapa

 por entre alguna rendija de tus muros.

 Y sé que contigo una tiene

 que ser suave

 y perseverante

 y ser,
 deveras.

 Y saber cuándo guardar silencio
 para escuchar así tu voz callada

 y hablar en el momento preciso

 en el que,
 encerrada en ti misma,

 necesitas otra voz de mujer

 para reconocerte en ella.

 Y esperarte
 y sentirte salir al encuentro

 de tus propias emociones
 y volverme tu cómplice absoluta

 aunque no sea a mí

 a quien deseas

 Porque

 después de todo

 eso qué importa
 si a tu esencia

 la siento

 cada vez

 más

 cerca.

Hiretzat, Terciopela

Neure buruarengana inguratzen naun

hire izate osoaren lasaitasun xamurrean

Eta gutaz oroitzen naun

dirdira berdingabe bat trukatzen genuela
ezinbestean geure zen garai bat

arrosena eta eutsitako negar-zotin urdinena

elkarrekin solasean hizkuntza zahar batez

historia bera duten eskuenaz.

Aurkitzen haut eta maitatzen

hain enea den izate honetan
nola kokatu behar haudan

kontzientzia osoz,

suhartasuna bazter utziz

aspaldi oldartu nintzaion izaria hartuz

elikatuz hire xamurtasun lotsatiaz

hire hatzek ene bisaian duten

atrebentzian ozta-ozta sumatutakoaz,

edo so horretan, lantzean ihes dagienean

hire murruen arrakalaren batetik.

Eta bazakinat hirekin

behar dela leun izan

eta temati

eta behar dela izan,

egiaz.

Eta jakin noiz isilik egon

entzuteko hire ahots isila

eta hitz egin noiz

eta,

herorrengan giltzapean,

behar dunanean beste emakume ahots bat

bertan herori ezagutzeko.

Eta hire zain egon

eta hi sentitu irteten

hire emozioen bidera

eta heure konplize absolutu bihurtu

nahiz ez izan ni

desiratzen dunana

Ze

azken batean

zer axola zion

hire esentzia

sentitzen badinat

geroz eta
are eta

gertuago.

 Cabalgata
  Zamalkatzea


 Para Mar,

 quien escribió

 la mitad de este poema

 Nuestras pieles montadas en una,

 g  a  l  o  p  a  n  d  o

 Podríamos trotar al infinito

                  y perder miedos como locas

                                  ¡tantos!

 Marrentzat,

 poema honen

 erdia idatzi baitzuen

 Gure azalak elkar zamalkatzen, azal bakar,

 l  a  u  h  a  z  k  a

 Infinituraino trostan ibil gintezkenan


                  zoroak nola beldurrak galdu

                                  hainbeste beldur!


Erreferentzia bibliografikoak

Alberdi, Jabier (1994). «Hitanoa non eta nork erabiltzen duen», Euskera 39 (2), 983.-993. or.
Bâ, Mariama (2015). Hain gutun luzea (itzul. Iokin Otaegi), Donostia: Edo.
Duncan, Cynthia (2011). «Eroticism and Sexual Transgression in Dos mujeres and Amora:
            Shaping the Voice of Lesbian Fiction in Mexico», Confluencia 26 (2), 72.-84. or.
Gómez Pato, Raúl (2012). «Apuntes para una didáctica de la traducción de poesía»,
            Education in the Knowledge Society 13 (1), 236.-265. or.
Loisel, Clary (2004). «Interview with Rosamaría Roffiel (July, 2006)», Women and
            Language 27 (1), 74.-78. or.
Markuleta, Gerardo (2013). «Oharren batzuk poesiaren ontzialdaketaz»,
            Senez 44, 107.-121. or.
Martínez, Elena María (1993). «Entrevista con Rosamaría Roffiel», Confluencia 8 (2), 179.-180. or.
Nord, Christiane (1991). Text Analysis in Translation: Theory, Methodology, and Didactic
            Application of a Model for Translation-Oriented text Analysis, Amsterdam: Rodopi.
Roffiel, Rosamaría (2008). Corramos libres ahora, Mexiko Hiria: LeSVOZ.
Zabaleta, Pello (1992). «Poesia itzuli», Senez 13.