'Denboraren gurpila' telesailaren azpitituluen euskarazko itzulpenaren nondik norakoak
'Denboraren gurpila' telesailaren azpitituluen euskarazko itzulpena aztertzen du artikulu honek. Hasteko, streaming plataformetarako azpitituluak itzultzeko prozesua laburbiltzen du, Prime plataforma ardatz hartuta. Ondoren, azpitituluen itzultzaileek aurkitu ohi dituzten zailtasunak azaldu eta horiek konpontzeko estrategiak aztertzen ditu, adibideak aurkeztuz. Horrez gain, ikus-entzunezkoen itzultzaileen lan baldintzen inguruko gogoeta txikia egiten du.
Sarrera
Hasteko, neure burua aurkeztu eta artikulu hau idaztera eraman nauen egoera azaldu nahiko nuke. Leire Chertudi Ozamiz dut izena, eta Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi nuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Gradua bukatu ostean, hainbat lanetan aritu nintzen, baina, streaming plataformak edukiak Espainiako estatuko hiru hizkuntza koofizialetan argitaratzen hasi zirenean, Ikus‑entzunezko Komunikazioari buruzko 13/2022 Lege Orokorrari esker, azpitituluak itzultzen eta zuzentzen hasi nintzen. 2022an bertan, euskaraz azpititulatutako lehen telesail eta filmetako batzuk itzuli nituen Prime plataformarentzat, hasiberria nintzela, oraindik estilo gida eta corpus aldetik gabezia handia zegoela eta hainbat zalantzari aurre egiteko erreferentzia faltarekin. Testuinguru horretan egokitu zitzaidan, urte amaieran, 2021eko Denboraren gurpila (The Wheel of Time) telesailaren lehenengo denboraldiaren azpitituluen itzulpena. Bigarren denboraldia hilabete gutxira heltzear zegoen, eta, maiz gertatu ohi den bezala, lehenengoa euskaratu nahi zuten bigarren itzulpen horri ekin aurretik. Bigarren denboraldia estreinatu eta urtebete geroago, ATRAEk (Ikus‑entzunezko Itzulpenaren eta Egokitzapenaren Elkartea) kategoria berri bat sortu zuen urtero ospatzen dituen itzulpen sarietan: euskarazko azpitituluetarako itzulpen onenaren saria. Ilargi Garcia Barrenari eta bioi egokitu zitzaigun sari hori jasotzeko ohorea, zuzentzaile lanagatik eta itzultzaile lanagatik, hurrenez hurren, eta, horren harira, lan horren inguruko artikulu bat idaztea proposatu ziguten EIZIEko kideek. Harrezkero, Denboraren gurpilaren hirugarren denboraldia ere itzultzeko aukera izan dut, eta nire asmoa zera da, hiru denboraldi horietan zehar egin dudan itzulpenari buruzko gogoeta egitea, lanaren nondik norakoak aztertuz eta aurkitu ditudan itzulpen zailtasunak eta horiek konpontzeko erabili ditudan estrategiak laburbilduz.
Prozesua
Streaming plataformek euskarazko itzultzaile eta zuzentzaile autonomoen talde txiki bat izan ohi dute, eta, enkargu berri bat heltzean, posta elektroniko bidez jartzen dira gurekin harremanetan, lana eskaini eta gurekin entrega epeak adosteko. Kasu batzuetan, denboraldi berri bat iristen denean, lana itzultzaile eta zuzentzaile berari eskaintzen saiatzen dira; Primen, zorionez, gehienetan gertatzen da hori. Horrek asko errazten du gure lana, eta itzulpenaren estiloa eta koherentzia mantentzea ahalbidetzen du. Primen, bi zuzenketa fase egoten dira: lehenik, zuzentzaileak lana berrikusi eta egoki deritzen aldaketak egiten ditu, eta akatsak sailkatu eta, nahi izatekotan, horien zergatia laburki azaltzen du; ondoren, itzultzaileak aldaketak ikusi eta onartu edo ezeztatzeko aukera dauka; eta, azkenik, bigarren zuzentzaileak (ikuskatzaile deritzonak), berriro aztertzen du itzulpena, inongo akatsik ez dagoela ziurtatu eta glosarioa egiaztatzeko. Tamalez, ez da beti komunikazio zuzenik egoten itzultzaileon eta zuzentzaileon artean; gehienetan ez dakigu zuzentzaileak nor diren ere. Ondorioz, ez dugu zalantzak partekatzeko edo gure erabakiak arrazoitzeko aukerarik izaten; hau da, ez gara elkarlanean aritzen. Gainera, askotan, zuzentzaileak batera jasotzen ditu atal guztiak, itzultzaileak itzuli ahala banan‑banan jaso ordez; beraz, itzultzaileak ez du aukerarik izaten zuzentzailearen oharrak hurrengo ataletan aintzat hartzeko. Prozesu hori guztia nahiko korapilatsua izan daitekeen arren, eskertzekoa da Prime plataformak bi zuzenketa fase eskaintzea; izan ere, beste plataforma batzuetan ez da zuzenketa faserik egoten. Hori esanda, aukera hau baliatu nahiko nuke zuzentzaileen lana ezinbestekoa dela azpimarratzeko eta zera nabarmentzeko, zenbaitetan, itzultzaileok kritika zorrotzak jasan behar izaten ditugula gure lan baldintzen ondorioa diren akatsengatik.
Zailtasunak
Itzulpen prozesuan zehar aurkitutako zailtasunei dagokienez, aipatu beharra dago badaudela azpitituluen itzultzaileontzat orokorrak diren zailtasunak. Erronkarik handienetako bat irakurketa abiadura izan ohi da; Antonio Roales Ruizen hitzetan (2017): «Irakurketa abiadura azpititulu batek duen testu kantitatearen eta azpititulu horrek ikusgai irauten duen denboraren arteko zatidura da». Hizlariak azkarregi hitz egiten duenean, testua moldatu behar da, karaktere kopuru eta denbora tarte zehatz batera egokitzeko. Parametro horiek estilo gidek zehaztu ohi dituzte, baina, orokorrean, azpititulu baten luzera segundo baten eta, asko jota, zazpiren artekoa izan behar da, eta segundoko 17 karaktere ingurukoa. Pantailako eszena hizlariak hizketan amaitu bezain laster bukatzen ez bada, azpititulua apur bat luzatzeko aukera egon daiteke, baina Primen ezin dugu moldaketarik egin; beraz, ingelesezko txantiloia erabili behar dugu, horrek dakartzan mugekin. Ondorioz, esaldiak laburtu, bateratu edo ezinbestekoa ez den informazioa kendu behar izaten dugu. Horra ikusleek hainbatetan planteatzen duten «Zergatik ez datoz azpitituluak hizlariak dioenarekin bat?» galderaren erantzuna. Gainera, azpitituluak zatitzeko ahalmenik ez dugunez, batzuetan idiomatikoak ez diren egiturak erabili behar izaten ditugu itzulpena bi lerrotara egokitzeko unitate sintaktikorik zatitu gabe.
Bestalde, etenaldiei ere erreparatu behar diegu, nola edo hala jatorrizko hizkuntzaren egitura mantenduz informaziorik ez aurreratzeko. Ahotsaz gain, irudiak ere muga dezake idatz dezakeguna; adibidez, pertsonaiaren batek keinu zehatz bat egiten duenean edo kamerak objektu zehatz bat erakusten duenean.
Horrez gain, maiz ez dugu telesailak osorik ikusteko aukerarik izaten itzulpenarekin hasi aurretik, eta horrek akatsak eragin ditzake. Esaterako, batzuetan, termino edo ideia zehatz bat aipatzen da inongo testuingururik gabe, eta ez da hurrengo atalera arte azaltzen. Egia da ohikoa dela jatorrizko txantiloiaren egileak itzultzailearentzako oharrak uztea konplexuak edo dialektalak diren terminoak, esaerak edo hitz‑jokoak azaltzeko, baina ez da derrigorrezkoa, eta, zalantzarik badugu, ez dugu halakoak norekin argitu. Gauzak are gehiago korapilatzen dira proiektua high security title delako bat denean; batzuetan, irudia zentsuratu eta hizketan ari den pertsonaiaren ahoa soilik uzten dute agerian, inork irudirik kopiatzen edo zabaltzen ez duela ziurtatzeko. Horrelako egoeretan, irudimenaz baliatuz edo orokortuz moldatu behar izaten gara.
Gogoan izan beharreko beste arazo bat jatorrizko hizkuntza bakoitzaren berezitasunak dira. Garrantzitsua da itzulpen literalak eta kalko okerrak ekiditea, eta, horretarako, oso ondo menderatu beharra dago jatorrizko hizkuntza. Egia esan, hain da handia ingelesaren nagusitasuna gure eguneroko hizkeran, non askotan ez garen ohartzen barneratu ditugun maileguez.
Azkenik, erreferentzia falta eta ikus-entzunezkoen corpus gabezia nabarmendu nahiko nuke, Ane Garmendia itzultzaileak 2024ko Senezeko «Ikus‑entzunezkoen itzultzaileen abenturak eta desbenturak» artikuluan aipatu zuen bezala: «Euskaraz eduki dugun hutsune horrek asko zaildu digu itzultzaileoi erabakiak hartzea, ez daukagulako oinarririk».
Estrategiak
Itzultzaileon zailtasunak askotarikoak izan arren, ugariak dira orobat halakoei konponbidea emateko erabil ditzakegun estrategiak. Denboraren gurpila telesailaren itzulpenean baliatu ditudanak laburbiltzeko, goian aipatutako arazo motak multzokatu eta adibideen bidez aztertuko ditut.
Irakurketa abiadura
Azpitituluak itzultzerakoan, denborarekin norgehiagoka ibiltzen gara; ondorioz, beti lehenetsiko ditugu laburragoak diren formak: eskerrik asko‑ren ordez mila esker, ez horregatik‑en ordez ez da ezer, mesedez‑en ordez, arren, eta abar. Hala ere, horrekin ez da beti nahikoa izango; beraz, hona hemen beste aukera batzuk.
Izen propioak ez aipatzea oso ohikoa da azpitituluetan. Estilo gida askok aipatzen duten estrategia da, eta karaktere kopurua murrizteko era erraza da halakoak ez aipatzea, ezinbestekoa ez denean:
|
You saw what Moiraine did to the ferryman. |
Ikusi duzue txalupariari gertatutakoa. |
Hitz betegarriak kentzea ere oso konponbide erraza da. Izan ere, ingelesez bereziki, sarri aurkitzen ditugu hey, come on, listen edo I think betegarri edo esamoldeak, eta ez da beti beharrezkoa itzultzea, nahiz eta toki nahikoa izan:
|
Hey, come on. Who even knows what the truth is? |
Batek daki zer den egia. |
Beste aukera bat orokortzea da, datu zehatz bat eman edo jatorrizko testua hitzez hitz itzuli beharrean:
|
Tonight’s the last fun I’ll have for months, if not years. |
Ezingo dut beste parrandarik bota denbora luzez. |
Kasu batzuetan, aitzitik, hain denbora gutxi irauten du azpitituluak pantailan, ezen nahitaez galdu behar izaten baitugu informazio apur bat:
|
I paid the dock master for her fastest ship. |
Ontzirik azkarrena hartu dut. |
|
We didn’t defeat the Dark One, we set his strongest lieutenant free. |
Iluna garaitu beharrean, bere buruzagietako bat askatu genuen. |
Gehienetan, esaldia nolabait moldatu behar izaten dugu, laburtzeko. Adibidez:
Ordena aldatuz:
|
There are rumors of four Ta’veren there, all the right age. |
Adin egokiko lau Ta’veren omen daude hor. |
Baiezkoa ezezko eginez:
|
Since I was a child, I’ve worried about filling your shoes. |
Txikitatik kezkatu nau zure mailan ez egoteak. |
Esanahiari buelta emanez:
|
Uno won’t be happy. |
Uno haserretuko da. |
|
Figured you for a better rider. Figured you for a better horse thief. |
Zaldizko kaskarra zara. Eta zu zaldi lapur traketsa. |
Edo baieztapena galdera bihurtuz:
|
And here’s me thinking this was the spot you’d always dreamed of. |
Ez al da hau zure ametsetako herria? |
Ingelesetik euskarara itzultzerakoan gutxitan gertatzen bada ere, batzuetan kontrako arazoa ere izan dezakegu, hau da, itzulpena laburregia izatea eta denbora gehiegi ematea pantailan. Horrelakoetan, bi aukera daude: hitz betegarriak erabiltzea ikusleari esaldia laburregia suerta ez dakion, edo dagoen bezala uztea, testuinguru horretan aproposena dela baderitzogu, honako adibide honetan bezala:
|
She came here with a head full of steam. |
Sutan dago. |
Lerro zatiketa
Normalean, txantiloiko denborak moldatzeko ahalmena izaten du itzultzaileak, hartara azpitituluak hizkuntza bakoitzaren berezitasunen arabera egokitzeko, baina lan honetan ez nuen horretarako aukerarik izan; beraz, hona hemen arazo horren adibide bat.
Kasu honetan, itzulpena naturalagoa izango zatekeen esaldiaren ordena aldatuz (Amak gogotik utzi zion ihes egiten Dorre honek kaiolatzea eta menderatzea zin egin duen gizonari), baina, azpitituluen iraupena aldatu ezin nuenez, esaldiaren lehenengo zatia ez zen bigarren azpitituluan sartu:
|
The man this Tower is duty‑bound to cage and control, |
Dorre honek kaiolatzea eta menderatzea zin egin duen gizonari |
|
Mother willingly let him escape. |
Amak gogotik utzi zion ihes egiten. |
Etenaldiak
Etenaldiak, ordea, saihetsezinak dira: azpitituluak ahotsarekin bat etorri behar du, eta funtsezkoa da informaziorik ez aurreratzea. Erronka horri aurre egiteko modu bat hitz betegarriak erabiltzea da:
|
I just… |
Zera… |
|
I came out here to be alone. |
Kanpora etorri naiz bakarrik egoteko. |
Batzuetan, zera eta halako hitz betegarriak ezinbestekoak dira euskaraz egitura gramatikal zuzena sortzeko etenaldi hori errespetatuz:
|
I mean, I always knew we women couldn’t see men’s weaves, |
Badakit emakumeok ezin ditugula baina sentsazioa, zera da… |
|
but the experience itself, it’s… |
Kanpora etorri naiz bakarrik egoteko. |
|
It’s like holding a cat in the bath. |
Katu bat bainuontzian sartzea bezalakoa. |
Hurrengo adibidean ere, euskararen sintaxia da etenaldia errespetatzeko arazoa. Hizlariak etenaldi bat egiten du ez duelako aurrean duen pertsonaren izena gogoratzen, baina, euskaraz izena jauna‑ren aurretik doanez, egokiagoa iruditu zitzaidan hitz betegarria erabiltzea:
|
Lord... |
Eta... |
|
Forgive me. Lord Gaebril. |
Barkatu. Gaebril jauna. |
Esaldiaren erdian daudenean ere zaila izan daiteke etenaldiak itzultzea, baina jatorrizkoaren esanahitik apur bat urrunduz konpon daiteke:
|
This brew you’ve made could use a hint more of… what do you call it? |
Edari honi ondo etorriko litzaioke zapore… nola da? |
|
Yes, a kick. |
A, bai, gordinagoa. |
Testuinguru falta
Aipatu bezala, testuinguru falta arazo handia izan daiteke itzultzaileontzat, eta koherentzia gabezia edo akatsak izan ditzake ondorio. Alde batetik, gehienetan ez dugu telesail bat osorik ikusteko aukerarik izaten lanari ekin aurretik, baina, bestetik, ez dugu nahi adina dokumentatzeko denborarik izaten. Denboraren gurpila telesaila, esaterako, liburu bilduma batean oinarrituta dago; hortaz, gomendagarria izango zatekeen itzultzaileak liburuak ezagutzea edo, are hobeto, baten bat irakurtzea, baina gure egunerokoan ez dago horretarako tarterik. Itzultzaileon ardura da dokumentatzea, jakina, eta saiatzen gara gaia ikertzen eta horren inguruan ahalik eta informazio gehien biltzen, baina oso epe zorrotzak izaten ditugu.
Denboraren gurpila fantasiazko telesaila da; beraz, asmatutako hitz asko agertzen dira bertan. Lehenengo denboraldia itzuli nuenean, stedding hitza behin aipatzen zen, inongo oharrik gabe. Ingelesezko hiztegiek ez dute aldaera hori biltzen, eta Oxford English hiztegiak honako hau dio: «stedding, variant of steading». Steading hitza baserri itzul daiteke, baina ez dirudi egileak zehazki esanahi horrekin erabili zuenik: liburuetan, Ogier herriko bizitoki ezkutu eta baketsua da stedding bat. Azkenean, behin bakarrik aipatzen zenez eta berebiziko garrantzirik ez zuenez, asmatutako hitz bat balitz bezala ulertu eta itzuli ordez, ingelesez utzi nuen. Hurrengo denboraldietan, ordea, hitza gehiagotan errepikatu zen, eta, tramarako garrantzitsuagoa zenez, esanahia azaltzeko oharren bat gehitu zuten txantiloian. Ondorioz, itzultzea erabaki eta bakarleku hitza aukeratu nuen, lehenengo denboraldian egindako itzulpenarekin koherentea ez izan arren.
Baliokidetasuna
Itzultzaileon lana da jatorrizko testutik zenbat alden gaitezkeen erabakitzea. Itzulpena ezin da beti literala izan; ondorioz, esaldia moldatu behar dugu, forma baliokideak bilatuz jatorrizkoaren esanahia mantentzeko.
Honako bi kasu hauetan, esaterako, euskaraz naturalagoak diren forma baliokideak erabili ditut ingelesetik itzultzerakoan oso ohikoak diren bi kalko oker saihesteko:
|
Is she going to be all right? |
Osatuko da? |
Izan ere, kalko okerra litzateke Ondo egongo da?, nahiz itzulpen literala hori izan.
|
—How are we gonna get there? —They say all roads lead there. |
—Nola joango gara? —Bide guztiak hara iristen omen dira. |
|
That’s not how roads work. |
Hori ezinezkoa da. |
Kasu horretan, kalko okerra litzateke Errepideek ez dute horrela funtzionatzen.
Hala ere, noizean behin, esamoldeek ez dute baliokiderik gure hizkuntzan, edo ez datoz eszenaren erregistroarekin bat. Horrelako kasuetan erabiltzen den estrategia deskribapena da, hau da, testuaren esanahia azaltzea:
|
Isn’t she a bit young for you? Thought Moiraine was more your speed. |
Ez al da gazteegia zuretzat? Moiraineren adinekoak gogoko dituzu. |
|
How did you get to him? A plan after your own heart. |
Nola harrapatu zenuten? Zuk egingo zenukeen bezala. |
Bestalde, idiomatikoak ez diren egiturak saihesteko, euskararen joera sintaktikoei erreparatu behar diegu. Jarraian zerrendatutako adibideetan, bigarren esaldia nolabait moldatu dut hori lortu eta hitzez hitzeko itzulpenetik aldentzeko:
|
No one keeps records of anything. Births, deaths. |
Ez dago inolako erregistrorik. Ez jaiotzena, ez heriotzena. |
|
You’re not the type of woman that hears “no” often. |
Agerikoa da ez zaudela ‘ez’ entzutera ohituta. |
|
I am not. |
Hala da. |
|
You have to channel eventually, Rand. You have to. |
Noizbait bideratu behar duzu, Rand. Derrigorrez. |
Ondorioak
Itzulpen on bat egiteak lan samurra eman dezake jatorrizko eta helburuko hizkuntzak ongi jakinez gero, baina begi hutsez hauteman ez daitezkeen zailtasun ugari dakartza. Azpitituluen itzulpenaz ari garenean, arau eta estilo jarraibide orokorrek eta kasuan kasukoek mugatzen dute itzultzaileon ahalmena; horrek berariazko estrategiak baliatzera behartzen gaitu. Erronka horri aurre egiteko eta ikuslearengana heltzen den amaierako produktuaren kalitatea primerakoa izateko, ezinbestekoa da itzulpenaren atzean pertsona bakarra ez egotea, eta zuzentzailearen rola behar‑beharrezkoa da. Arlo guztietan bezala, itzulpengintzan ere oso lagungarria da eskarmentua, eta, esan ohi den bezala, «itzulpen bat ez da inoiz amaitzen, utzi egiten da». Ondorioz, Denboraren gurpilaren lehenengo denboraldia egun itzuliko banu, emaitza guztiz bestelakoa izango litzateke agian. Horrez gain, azpitituluak euskarara itzultzea desafio berezia da, erreferentzia eta corpus gabeziagatik. Hala eta guztiz ere, azken urteotan asko egin du gora euskarara itzulitako ikus‑entzunezkoen kopuruak, eta, pixkanaka, hutsune hori betetzen lagundu beharko luke horrek. Hortaz, gure lan baldintzek hobera egiten badute eta prestakuntza espezializatua euskaraz jasotzeko aukera gehiago eskaintzen badira, euskaraz kalitatezko ikus-entzunezkoen itzulpenak sortu eta edukiak kontsumitzeko inoiz baino aukera handiagoa izango dugu.
Bibliografia
Garmendia Alberdi, Ane (2024). Ikus‑entzunezkoen itzultzaileen abenturak eta desbenturak. Senez 55, (217.‑226. or.).
Oxford (d.g.). Stedding. Oxford English Dictionary. 2026ko martxoaren 27an kontsultatua.
Roales Ruiz, Antonio (2017). Técnicas para la Traducción Audiovisual: subtitulación. Guillermo Escolar Editor.


