Hanka-sartzeen antologia txiki bat
Hutsak eta irristadak ohikoak dira itzultzailearen jardunean. Artikulu honetan, ibilian-ibilian aurkitutako horrelako batzuk ematen dira, aski xelebreak, irribarre egiteko beste asmorik gabe.
Baliteke inori gustu txarreko iruditzea hona ekartzea norberak irakurri dituen itzulpenetan aurkitu dituen akats nabarmenak. Ez da lerro hauen asmoa inor barregarri uztea, baina. Irakurle ohartuak badaki zenbat sufritzen duen edozein testuk hizkuntza batetik bestera pasatzean. Irakurle ohartuari inoiz esaldi batzuek kirrinka egiten diote belarrian («Hori horrela da? Baliteke? Zer esan nahi du?»), eta horrelakoetan, ez gutxitan, itzultzailearen huts bat egoten da. Ni neu izan ninteke hemen aipatzen diren hutsen, edo antzekoen protagonista, jakina; baina besteei uzten diet nire hanka-sartzeak zerrendatzeko ohorea. Hori bai: akats bat seinalatzen den bakoitzeko, itzulpen bat irakurri dela eta aintzat hartua izan dela seinalatzen da, halaber, eta hobe genuke lerro hauei perspektiba horretatik begiratzea, umore eta apaltasun pixka batez, inor ez delako sekula halakoetatik libre. Itzultzailea ekilibrista bat da, noski, baina batzuetan hartzen dituen ipurdikoak ziklista profesionalek hartzen dituztenen parekoak izan ohi dira.
Ongi ezagutzen dudan testu eta itzulpen batetik hasiko naiz. Saramagoren Historia do cerco de Lisboaz ari naiz. Itzulpena egiteko, jatorrizkoa erabili nuen, noski, baina baita gaztelaniazko itzulpenak ere. Alderaketa horrek hainbat oker jarri zituen agerian: gazteleratu gabeko esaldiak edo paragrafo laburrak, komunztadura-akatsak, ñabardurak eta xehetasunak… Baita, tarteka, oker barregarri samar batzuk ere. Hona adibide pare bat: bat, portugesez tubas retumbantes direnak gaztelaniaz tumbas retumbantes bihurtzen dira; bi, portugesez hauxe dio testuak, protagonista baten gainean: «… reconhecia-lo pela figura e pelo jeito de andar…». Gaztelaniaz: «… lo reconocía por la figura, por el pelo, por la manera de andar…». Pertsonaia hori burusoila izatea baino ez zen falta (ez zen, e?).
Cesare Paveseren Paesi tuoi nobelak hiru itzulpen eduki ditu gaztelaniara. Horietako lehena Argentinan argitaratu zen, 1954an. Italiako herrixka batean gertatzen den tragedia bat da Paesi tuoi. Turingo mekanikari bat da protagonista, hiritik herrira joan dena garia jotzeko makina bat gobernatzera. Hizketan ari dira eta herritarrek herri hartako ohituren berri ematen diote makinistari: ume bat jaiotzen den bakoitzean zuhaitz bat landatzen dutela, esaterako. «E per te, macchinista, cos’hanno piantato?», galdetzen diote Turingo mutilari. Turindarrak erantzun: «Grane —gli faccio— grane e tabacco, questo sí: ma sui marciapiedi di Torino il tabacco non cresce e allora mi tocca comprarlo». Itzultzaile argentinarrak honela ematen du pasartea: «¿Y para ti, maquinista, qué plantaron?». Erantzuna: «Trigo —contesté—, trigo y tabaco, eso sí; pero el tabaco no crece en las aceras de Turín, y no me queda más remedio que comprarlo». Irakurle ohartuak hazka egiten du buruan: beraz, tabakoa ez, baina garia bai, garia hazten da Turingo espaloietan? Edo, beharbada, makinista zeliakoa da eta ez du garia edo garitik eratorritakorik erosten? Italieraz, piantare grane lokuzioak, zentzu metaforikoan, ‘arazoak bilatu’ edo ‘istiluetan sartu’ ere esan nahi du, ordea. Geroago, gaztelaniazko hurrengoan, akatsa konpondu zuten: «Follones —les digo— follones y tabaco, eso sí. Pero como en las aceras de Turín no crece el tabaco…», eta abar. Ber liburuan, ordea, istiluena konpondu zuenak beste oker txiki bat egin zuen. Txiki-txikia —pertsona gramatikalaz tronpatzea baino ez—, baina esanahiaren aldetik potoloa, liburuaren amaieran baitago, eta liburu hartan amaiera aski irekia eta anbiguoa izaki. Historiaren narratzaileak hauxe esaten digu: «Eché a correr hacia las cañas del camino; y un instante después veo que el viejo aparece y corre también, lo más deprisa que puede, por el rastrojal». Hemen irakurle ohartua matxinatzen da, zuzenean: nola eché a correr? Ez dauka zentzurik. Echó a correr izan behar du, bestela ez da posible! Jatorrizkoak afera argitzen du: «Prese la corsa verso le canne della strada; e dopo un attimo vedo il vecchio sbucare e filare anche lui, come può, nella stoppia». Itzultzaile argentinarrak, trigo y tabaco itzuli zuenak, ordea, amaiera hura ongi eman zuen, pertsona gramatikalari dagokionez, bederen: «Talino se lanzó hacia los carrizales…».
Horrelako akats txikiak bereziki gogaikarriak dira, orain arte «irakurle ohartua» deitu duguna zalantzetan murgilduta uzten baitute, une batez. Oso deserosoak dira, irakurtzen ari garen testua ulertzeko garatu ditugun gaitasunak ezbaian jartzen baititu: ongi ari naiz ulertzen irakurri dudana? Zer esanik ez horrelako bat amaieran gertatzen denean. Baina hasieran gertatuz gero ere, ez da askoz hobea, irakurtzen ari garen itzulpenarekiko mesfidantza sortzen baitu. Sciasciaren Todo modo nobelan bezala. Protagonista autoa gidatzen ari da, ezinegona eta kezka lagun dituela, eta baseliza bat gertu dagoela dioen bide seinalea ikusten du: «horren atzetik abiatu ziren, ugazaba batengana bezalaxe, nire ezinegon hura, nire kezka hura». Irakurle ohartuari gogoa pizten zaio ugazaben tiradizoari buruzko txantxak egiten hasteko, noski. Txantxez aparte, zerbaitek karranka egiten du. Ugazaba batengana bezalaxe? Begiratu dezagun jatorrizkoa: «a cui subito abboccò, come ad un amo, quella mia inquietudine, quella mia apprensione». Ez dago gaitzik —ia-ia— hiztegi on batek sendatzen ez duenik. Amo, italieraz, ‘nagusia, ugazaba edo jabea’ ez ezik, ‘amua’ ere bada. Aaaa, bale, ezinegona eta kezka amu batek erakarrita bezala abiatu ziren.
Hauek, eta ondoren ekarriko ditudan beste batzuk, gutxi-asko entelegagarriak zaizkidan latin ustelen arteko tratuetan nik neuk aurkitutakoak dira, batez ere. Ingelesa arrotz zaidanez, ingelesetik gaztelaniara egindako akats loriosak zerrendatzeko aliatu bat bilatu dut: Augusto Monterroso («Sobre la traducción de algunos títulos», La palabra mágica, Muchnik, 1985). Gauza jakingarri asko esaten du itzulpenaz eta itzultzaileaz: «Lehen aldiz zerbait itzultzen saiatu nintzenetik, argi ikusi nuen inork errukia eta barkamena merezi izatekotan, horiek itzultzaileak direla», «itzultzaile txarrenak ere ezin izango du Cervantesen, Danteren edo Montaigneren orri bat erabat hondatu», «testu batek ez baditu zenbait itzulpen-oker jasaten, testu horrek ez du askorik balio», «printzipioz, itzulpen guztiak dira onak»… Gero, ingelesetik gaztelaniara itzulitako zenbait izenbururen antologia txiki bat egiten du: esaterako, Oscar Wilderen The Importance of Being Earnest, gaztelaniaz La importancia de llamarse Ernesto izenburuarekin itzulita, haren ustez La importancia de ser honrado izan beharko litzatekeena (euskaraz Fidel izan beharraz tituluarekin itzulia). Gero beste izenburu famatu batzuk jartzen ditu: Thornton Wilderren The Skin of our Teeth, gaztelaniaz La Piel de nuestros dientes emana, berez ‘txiripaz ihes egitea’ esan nahi omen duena benetan; Henry Jamesen The Turn of the Screw (gaztelaniaz, Otra vuelta de tuerca; euskaraz, Koska bat estuago), Monterrosoren arabera ingelesezko tituluak ‘behartzea, hertsatzea, bortxatzea’ baino esan nahi ez badu ere; eta, nola ez, Faulknerren The Sound and the Fury (gaztelaniaz, El sonido y la furia; euskaraz, Hotsa eta ardaila), Monterrosok dioenez ‘mar-mar-mar’ (hau da, zentzu eta esanahirik gabeko eleketa) baino esan nahi ez omen duena.
Monterrosoren irizpideekin ados egon edo ez, polita dena, eta, beraz, oso gomendagarria, aipatu liburuan datorren artikulua irakurtzea da; beraz, biziki gomendatzen dut.
Amaitzeko, gehien gustatzen zaizkidan bi kasuak. Lehena, Didier Daeninckx egilearen liburu baten itzulpenean dago. Liburua Le géant inachevé nobela da: ikertzailea iritsi da Flandriako marratik gertu dagoen Frantziako herri batera. Emakume bat dago taberna batean, aski edanda. «Elle ne semblait pas très âgée, trente-cinq ans peut-être, et il l’avait déjà remarquée, accoudée à d’autres bars, plus ou moins ivre». Inork ez omen zion kasurik egiten, ordea, nahiz eta emakumea beste bezeroekin hizketan sartzen saiatzen zen. Taberna bat uzten zuenean, ate ondoko azken bezeroarengana itzultzen zen, eta zera esaten: «Wat zegt gy nu?».
Denek beheratzen zituzten begiak, erantzun behar ez izateko; orduan, «elle disparaissait en riant et, dans la rue, se mettait à chanter en flamand». Itzulpena, gaztelaniara, Júcar argitaletxean atera zen. Datua ematen dut inork ez dezan pentsa nik asmatu dudala. Itzulpena: «ella desaparecía riendo, y en la calle…». Ez, pentsatuko duzue, ez da izango, ez da posible. Bai, posible da: «… y en la calle se ponía a cantar flamenco». Zer normalagorik, flandriar batentzat, tabernatik irten eta flamenkoa kantatzen hastea baino, zer esanik ez apur bat mozkortuta egonez gero. Azpimarratzekoa iruditzen zait se ponía hori. Itzuli izan balu comenzaba, adibidez, beti zegoen esatea, aitzakia moduan, hutsa preposizio baten falta baino ez zela (en); baina itzultzailearen burutik ez zela pasa, inondik inora ere, Flandriako hizkuntza ez zen besterik. Se ponía horrek, ordea, enfasi berezia ematen dio esaldiari eta ez du beste interpretazio egiteko zirrikiturik uzten. Paloa jakitea falta: seguiriya? Soleá? Bulería?
Kasualitatez, eta soleáz ari garela, izen bereko nobelan (Soleá, Jean-Claude Izzo; gaztelaniazko edizioa 2005ekoa da, baina jatorrizkoa 1998koa), bada akats guztien ama bataiatzen ausartuko nintzatekeen hanka-sartze antologiko bat. Soleá trilogia baten azken nobela da. Oso gomendagarria iruditzen zait, oraindik ere, batez ere Marseillan mafia nola ibiltzen den (nola ibiltzen zen?) ikusteko, liburua dokumentazio lan sakon batean oinarritzen duelako (tartean NBEko txostenak), besteak beste. Fabio Montale, protagonista, jada ez da flic bat, aurreko nobeletan bezala, Polizia utzi baitu nazkatuta, ustelkeriak eta ultraeskuinak fagozitatu dutelako. Baina poesiazalea izaten segitzen du: «Je repensai à ce poéme de Cesare Pavese: La mort viendra et elle aura tes yeux». Paveseren poema horren hasiera egongo da, nik uste, azken hamarkadetan Europan gehien entzun direnen artean. Nork ez du ezagutzen? Nork ez? Nobela hau gaztelaniara ekarri zuenak, esaterako, hala ematen baitu: «Volví a pensar en aquel poema de Cesare Pavese: Vendrá la muerte y te sacará los ojos».
Puntu honetara iritsirik, irakurle ohartuari Monterrosoren hitzak etortzen zaizkio burura, berriz ere. Bai, itzultzaileari errukia eta barkamena (irri pixka bat egin ondoren bada ere).


